Paperezkoak - Azken Alea
Begitandu Erreportajeak eta alkarrizketak
2017/11/30

EUSKEREAREN NAZINOARTEKO EGUNA Euskal Herrian eta Eskolherrian... euskeraz!

Abenduaren 3an Euskerearen Nazinoarteko Eguna da eta urtero lez, Arratiak jaigiroan ospatu eta aldarrikatuko dau euskerearen erabilerea. Arratia mailan ikas komunidadeak sendo landu dau eguna. Arratiako markea izan gura dauan Markak izeneko bideoa aurkeztuko da egunotan. Jendartearen euskereagazko konpromisoa bultzatzeko ekitaldiak egingo dira herrietan eta aisialdiari lotutako jarduera moltsoa antolatu ditue udalak eta alkarteak.


Arratia mailan, Normalkuntza Proiektuak, beste gauza batzuen artean, agenda bat ateraten dau urtean-urtean. Aurtengoak "Zantzoka zein marmarka, hamar marka" titulupean, euskerearen hautua egin daben hamar arratiar izan ditu berbagai, eta eurak agertzen diran bideo bat be egin dau, Markak izenekoa. Bideoa Diman aurkeztuko da abenduaren 2an, Igorren 3an, eta beste herrietan be aurkeztuteko asmoa dago baina egunak zehaztu barik egozan BEGITU hau zarratuterakoan. Bideoa, "promozinorako izango da eta Arratia mailan erabiliko da eskoletan, kultur etxeetan..." dino Ibon Iza Markak filmaren zuzendariak.

Ekitaldiak Diman eta Igorren
Hiru egunetako aldarrikapen jai egitaraua prestatu dabe Diman, baina ekitaldi nagusia zapatuan izango da Euskerearen Egunaren bezperan. Umeen koreografia bategaz hasiko da ekitaldia eta alkatearen agurraren ostean, Eskolherrian Euskaraz izeneko Hizkuntza Proiektua garatzeko gida praktikoa aurkeztuko dabe. Ibon Izak jardungo dau aurkezle lanetan eta Bihotz Gorospek "Eskolherrian euskaraz" abestia kantauko dau. Amaituteko, Alkarregaz alkarteak antolatutako kopaua dastatu ahal izango da. Markak dokumentalaren aurkezpena be egingo dabe ekitaldian.
Igorren "Urten armariotik, baietz 23 egun euskeraz" ekimenaren amaiera ekitaldia antolatu dabe. Lasarte Aretoan izango da, Euskerearen Egunean bertan, eguerdiko 12:00etan, eta Oihan Vegak jardungo dau aurkezle lanetan. Ekitaldian, bideoak, musikea eta sorpresa asko egongo dirala azaldu deutso begituri Irati Barrenetxea Igorreko Euskera Teknikariak.
"Urten armariotik" kanpaineagaz, hizkuntza ohituretan eragin gura izan da. Euskerearen armariotik urtetea, euskera gehiago erabiltea da, eta horretarako hizkuntza ohitura barriak eskuratu behar dira. Horixe izan da, Ahobizi, Belarriprest eta Barrebiziren eginkizuna, egunerokotasunean euskeraz egitera bultzatzea. Erronkeari erantzun deutsien igorreztarrak euskerearen alde egin dabe 23 egunez, zemendiaren 10etik abenduaren 3ra arte. Gauza bat ohitura bihurtzeko 21 egun behar ei dira eta ohitura hori ez eukien batzuk euskeraz egiteko ohiturea hartu izana ospatuko dabe Igorren.

Euskera Plana Lemoan eta 400 km. egiteko erronkea Zeberion
Lemoako Udalaren Euskera Zerbitzuak, abenduaren 2rako "Adiuntza Eguna" izenagaz, 2018-2021 Euskera Planaren helburu eta egitekoak diseinetako topaketea antolatu dau. "Garrantzi berezia emon deutsagu lemoaztar guztion parte hartzeari. Izan be, funtsezkoa ikusten dogu herritar guztien eretxiak, kezkak, nahiak eta proposamenak ezetutea, hori guztia oso baliagarria izango dalakoan Euskera Plan barria prestatzeko" dinoe Euskera Zerbitzutik. Hamasei urtetik gorako edonok parte hartu leike topaketan. Abenduaren 2an, 10:30etik 13:00etara izango da jubiladuen etxeko goiko aretoan.
Zeberion barriz, herriko alkarteak enbidoa bota deutsee herritarrai: lau orduko denpora mugan eta ibilbide bateri jarraituz, euskerearen alde, 400 km. egitea hain zuzen be. Euskerearen Egunean bertan, abenduaren 3an, goizeko 11:00etatik 15:00ak arte izango da erronka. Ibilbidea plazan hasi eta amaituko da. Ibiltari bakotxari, hiru kilometrotako bueltea egiten dauan bakotxean, puxika bat entregauko jako eta plazan lotuko da. 15:00etan, erronkea lortu dan konprobau, manifestua irakurri eta globoak soltauko dira.

Kultura eta aisialdia euskeraz
Euskerearen inguruko ospakizunak, barikuan hasiko dira herri askotan eta zapatu eta domekan be aisialdiari lotutako ekintzak egingo dira. Abenduaren 1ean, barikuan, 20:30ean, Putinen guardasola ikuskizuna ekarriko dau Kultur Gunera Arantzazuk, eta domekan, umeen jolasak egongo dira frontoian 11:00etatik 14:00etara. Arrastian, 17:00etan, murala margoztuko dabe plazan eta 18:00etan txokolatea egongo da Herriko Tabernan.
Billaroztarrak herri irakurketea egingo dabe Euskerearen Egunean, eta bitartean tailerrak egongo dira plazan. Hau, 11:30etik 13:30era izango da. Ostean bertsolarien txandea izango da eta "Euskal Herrian euskaraz" kantuaren koreografia grabauko dabe. Herri irakurketearen aurretik, 11:00etan, kalejirea egongo da txistulariakaz. Aurreko barikuan, abenduaren 1ean, Ana Apika ipuin kontalariak ipuin sorta bat kontauko dau arrastiko 18:00etan eta gero Guraso alkarteak txokolatea bananduko dau plazan.
Artean, Euskerearen Egunean poteo-kalejirea egongo da albokariakaz.
Gaztetxoenak disfrutetako hainbat ekintza prestatu dauz Bediak. Nahiz eta abenduaren 1ean ludotekan euskerearen inguruko tailerrak egon, 4an izango da ospakizun nagusia. Izan be, astelehen horretan, Euskerearen aldeko Leloen Lehiaketako eta Gabon Txartelen Lehiaketako sari banaketea egongo da liburutegian eta bertan, Goazen!eko kide bi egongo dira autografoak sinatzen eta hurreratutakoakaz erretratuak ateraten Photocall-ean. Eta hilaren 15era arte, lehiaketan parte hartu daben marrazkien erakusketea egongo da liburutegian.
Diman, euskerearen aldeko ekintzak abenduaren 1ean hasiko dira. 17:45ean, Gotzon Aurrekoetxea EHUko Filologian doktoreak, hitanoaren gaineko berbaldia emongo dau Abaro aretoan. Ordubete geroago, zunba saioa egongo da frontoi txikian eta 20:00etan, kantu-triki poteoa, Zamakola korua, Kantu bat gara eta Jon Loiolaren laguntzeagaz. Andraize alkarteak egindako taloak be dastatu ahal izango dira.
Zapatu osoa be hartuko dau euskerearen jaiak Diman. 10:30ean, Dimesten hormairudia ipiniko dabe eskolan eta eguerdiko 12:00etan hasiko da ekitaldi nagusia eta ostean trikitilariak, bertso-eskupelota partidua eta Jantzari finak jantza taldearen emonaldiak ikusi eta Guraso alkarteak erretako gaztaina-gorringoak dastatu ahal izango dira.
Domekan barriz, jantzak eta herri kirolak hartuko dabe Dimako frontoia. 11:00etan, umeentzako herri kirolak; eguerdian, mezua eta Gaztebarri jantza taldearen emonaldia eta ostean, 12:30ean, Euskal Herriko Lasto Botatze Txapelketea jokatuko da. Jaiari amaierea trikitilariak emongo deutsie 14:00etan.
Lemoan zapatuan, hainbat ekintza egingo dira goizean zehar eskolan: abestiak megafoniatik, Harrotxuren bisitaldia, unidade didaktikoaren lanketea, jolasak patioan, euskereagazko konpromisoa sinatzeko murala, euskal jantzak, sari banaketea eta kantuak. Eta zazpiretatik aurrera, kale ikuskizuna egongo da, Atxetatik abiatuta.
Euskerearen Eguneko aurreko astean, Zeanuriko denda, taberna eta herriko beste leku batzuetan, esaera zaharrak ipiniko ditue jenteak erabili dagiezan. Euskerearen Eguna ospatuteko, barikuan, hilak 1, arrastiko seiretatik aurrera, talo tailerra, talo jana eta euskerazko kantu poteoa egongo da herritik zehar.
Zeberion, 400 km. egiteko erronkaz gainera, umeentzako jolasak, jantzak, trikitilariak eta abar egongo dira Kaltzada Erreala "kaltzada koloretsu, abeslari eta euskaldun" bihurtuteko.

2017/11/14

MIKEL OTXOTORENA FERNANDEZ

Mikel Otxotorena Fernandez hernaniarra da. Soziologia ikasketak egin ostean Nazinoarteko Lankidetzan eta Bardintasunaren inguruko masterrak egin ebazan. Harrezkeroztik bere ibilbide profesionala eta militantea arlo bi horreetatik joan da.
Hamabost bat urte dira buru-belarri sartu zala bardintasun gaietan eta, batez be, gizonak eta bardintasuna eta maskulinidadeen gaiak landuten dauz.
Zemendiaren 8an, Igorren, kirolaren munduan gizon eta andren arteko bardintasuna landuteko tailerra emon eban Otxotorenak.


Kirola eta bardintasunaren gaineko tailerra emongo dozu gaur hemen Arratian.
Bai. Gizonduzetik eskatu eusten. Maiatzean be saiatu ginan baina ez zan talderik atera. Ardatza bardintasuna eta kirol mundua izango da, gizonon ikuspegitik. Maskulinidadearen gaia landuko dogu, kirola ardatz hartuta.
Kirola eta bardintasuna ondo ulertuteko, ezinbestekoa iruditzen jata jorratzea zelan ikasten dogun gizon edo andra izaten. Zelan barneratzen doguzan rolak eta estereotipoak eta zelan sartzean doguzan geure egunerokotasunean. Holan hobeto ulertuko doguz gero kirol munduan emoten diran desbardintasunak.


Arratiarrak oso kirol zaleak dira baina oso jente gitxi apuntau da tailer honetara. Lemoako kiroldegiko eta aisialdi talde bateko ordezkariak eta norbanako batzuk. Ez mendi talderik, ez futbol talderik, ez pelota eskolarik, ez txirrindularitza talderik, ez herri kiroletako talderik...
Zoritxarrez ohikoa da hori. Gai honek ez ditu jentetzak mobiduten. Normalean lehendik sensibilizazino apur bat daukienak hurreratzen dira. Gatxena izaten da populazinoaren gehiengora ailegetea. Hor esfortzu bat egiten jarraitu beharko dogu, bardintasunaren mezuagaz, normalean gai honeetatik iges egiten dauan jentearengana heltzeako.


Generoa oso presente dago kirol munduan eta gizon eta andra kirolarien arteko desbardintasuna itzela da. Eskolaz kanpoko jardueretan be, emoten dau kulturea, musikea eta jantzak nesken kontuak dirala, kirola barriz mutilena; batez be futbola eta pelotea.
Nik uste dot apurka-apurka aldaketak gertatzen dabizala, baina aldaketak astiro doaz eta kirol munduan oindino astiroago. Argazki bat aterako bageunke ikusiko geunke bardintasunari jagokonean balantza guztiz desorekatuta dagoala kirol munduan. Eta argi ikusten da mutilak kirol batzuk egitera joten dabela orokorrean eta neskak beste kirol batzuetara. Oindino hor gagoz. Emoten dau 2017. urtean egoteak suposatuko leukela aurrerapausu dezente emon izana, eta ikusten dogu gai batzuetan aurrerapausuak sano urriak izan dirala.
Dana dala, pausu txikiak emoten dira eskoletan eta esfortzua egiten dabe kirol batzuetara neskak konbidatuteko eta alderantziz. Normalean, erantzun positiboagoa izaten da nesken aldetik: neskak parte hartzean dabe oin arte kirol maskulinizatuetan, baina kontrakoa bidea ez da emoten. Hau da, mutilai gehiago kostetan jakie kirol feminizatuetan parte hartzea.
Lan esparrura joten badogu beste horrenbeste gertatzen da. Atzenean kiroletan gertatzen dana da gizartean gertatzen danaren islada. Kirola ez da mundu aparte bat eta kirolean gertatzen dana kulturan gertatzen da, politikan gertatzen da, lan esparruan gertatzen da... Kirola beste esparru bat da non agerian geratzen dan bardintasun eza.


Baina kirol munduan, gizartean zorionez permitidu ez diran gauzak permitiduten dira. Esate baterako, jokalariak kontratau esan beharrean erosi esaten dabe eta beste gauza asko, bardintasunaren arloan, beste inon onartzen ez diranak.
Bai. Bardintasun ikuspegitik egiten badogu analisia, muturreko desorekan dago kirola, balantza sano desorekatuta dago.
Burura jatorta, esaterako, Kontxako Bandera Saria bardina izango dala datorren urtean gizonezko eta andrazkoentzat. Eta holango neurriak oso errezak dira hartzean, udalak ezarri daikiez-eta.


Eta hori egiten dabenean konturatuten gara ordura arte sariak ez dirala bardinak izan! Futbol profesionaleko lehenengo mailan, bardin kobrauko balebe gizonezkoak eta andrazkoak jarraituko leukie jokalariak gaur egun diran heroi edo eredu izaten? Hain fama handia eukiten?
Zoritxarrez ezetz uste dot. Ikusi dogu gure gizartean beste gai batzukaz zer gertatu dan-eta. Adibide bi ipiniko dodaz.
Bata da sukaldaritza mundua. Hori andrak eukien lan esparru bat izan da, arlo pribaduan egin izan dana eta bat-batean publikora atera danean, andrak desagertu egin dira, balorea hartu dau sukaldaritzeak eta oin galdetuko bageunskio nonori Michelin izarrak jasotako zenbat andra ezetuten dauzan, ba baten batek akaso bat esango leuke; gizonezkoetara joko bagendu barriz, zerrenda luzeagoa aterako litzateke.
Horixe bera gertatu da jostunakaz. Andren lan esparrua izan da baina arlo pribaduan. Barriz be kalera atera da eta balorea hartu dau gizonezkoak egiten dabelako. Eta famea gizonezkoak daukie.
Ba zoritxarrez pentsetan dot kirolean horrelako zerbaist gertatzeko aukerak dagozala. Egia da eta esperantza apur bat emoten deusta, pausu txikiak emoten gabizala eta akaso pausu horreek hori ekiditeko balio ahal izango dabela. Garrantzitsua da emoten diran pausuak klabe horretan pentsatzea, bardintasun klabean. Futbol munduan, esate baterako, zelan landu andrak izan daikien famea, gizonenaren antzekoa edo bardina izateko? Beste aukera bat da gizonen fama gitxitzea, danak aukera bardinak izateko.


Gizonak egongo lirateke pribilegio horreek galtzeako prest? Erresistentziak egongo dira.
Beinke! Inori ez jako gustetan bere pribilejioak galtzea, baina nik uste dot justizia kontu bat dala. Gizonok erronka handia daukagu hor, zeintzuk diran gure pribilejioak ikusi, lanketa bat egin, eta gero ebatzi zer egin pribilejio horreekaz.
Danimarkan futbol selekzinoko gizonezkoak, beren soldatak jeitsi ditue andrazkoen soldatakaz parekatzeko. Badirudi jokalarien aldetik ateratako iniziatibea izan dala. Ondo etorria, baina kontuz! Hor erakunde bat dago, Danimarkako selekzinoa hain zuzen be, ebatzi hori hartu ez dauana.


Zemendian gagozanez, zein da zure ustez gizonen papela indarkeria sexistearen kontrako burrukan? Gizartean andrazkoen arazo eta erantzukizuna balitz legez dago planteauta.
Jose Saramago idazlea zanak inoan indarkeriaren asuntoa gizonok daukagun arazo bat dala, andrak sufriduten dabena. Orain dala 12-13 bat urte egindako alkarrizketa baten esan eban. Alkarrizketa ha kablea izan zan, berba gitxitan gauza asko esan ebazalako.
Nik uste dot hasi behar dogula hausten idea faltsu hori non badirudian indarkeria andren asunto bat dala eta andrak konpondu behar dabela. Indarkeria martxan ipinten dabenak gizonak dira eta hortik heldu behar deutsagu. Ezpabere, beti ondorioen inguruan egingo dogu lanketea. Beharrezkoa da hori be. Kontuz! Indarkeria jasaten daben personen ondoan egon behar da, zeozelango jasotze bat emoten. Baina ez bagoaz zuztarrera... Gizonen jokaeretara ez bagoaz, orduan ondorioetan lanean ibiliko gara indarkeriaren zuztarrak ikutu barik.
Gizonen posizionamentua oso firmea izan behar da indarkeria sexistearen kontra. Uste dot Euskal Herri mailan aldaketea emoten hasi dala, apurka-apurka. Lehengo urtean adibidez sanferminetan izandako bortxaketearen ondorioz udaletxeko plazea goraino beteta ikustea, txupinazo egunean legez, eta gizonen presentzia nabaria izateak, ba horrek, niri esperantzea emoten deusta. Oin dala 15 urte, ez zan holango posizionamentu sozialik egoten bortxaketen aurrean.
Gizartean badoa sensibilizazinoa sartzean edo garatzen. Hortik jo behar dogu baina gizonok ardurak hartu behar doguz. Justizia kontu bat dalako.
Epe luzerako lana da, konstantzia, konzienziazinoa, sensibilizazinoa eta konpromisoa behar dira indarkeria mota hau desagertu daiten.

2017/11/14

ZEMENDIAK 25 "Feminizidioen kontra, autodefentsa feminista" leloagaz andrakanako indarkeriaren kontra agertuko da Arratia

 

Zemendiaren 25ean, Andrakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Eguna da eta Arratiako andra taldeak, talde feministak, Arratiako Udalen Mankomunitateak (AUM) eta udalak, hainbat ekintza antolatu ditue, gizartea indarkeria honen kontra sensibilizau eta mobilizetako.

 

Izan be, bardintasun ezaren adierazpen larriena da andren kontrako indarkeria eta munduan sarrien egiten dan Giza Eskubideen urraketea. Zemendiaren 25eko manifestazinoa, Igorreko Kultur Etxetik abiatuko da 12:00etan, "Feminizidioen kontra, autodefensa feminista" lelopean.
Manifestazinoaren ostean poteoa egongo da. Partaideak bozinak eroango dabez eta hamar minuturo, hau da munduan indarkeria sexisteak andra bat hilten dauan sarritasunagaz, jo egingo dabez, jentea konsziente izan daiten zenbatero hilten daben andra bat eta feminizidioaren tamainaz. Bezperan, konzentrazinoa egongo da Artean arrastiko bostetan Herriko plazan.
Hilketak indarkeria prozesu baten muturrean dagoz; mespretxu eta egunerokotasunean errespetu faltakaz hasten dan prozesuaren muturrean hain zuzen be, eta zuztarretara joteko, Arratian, mikromatxismoakaz lotutako ekintza bigaz zabalduko dabe aurtengo zemendiaren 25aren inguruko kanpaina bateratua.
Zeanuriko Mazala andra taldeak adimen emozionala landuteko hiru berbaldi antolatu dauz urri eta zemendian zehar. Hirugarrena, zemendiaren 15ean izango da, arrastiko seiretan udaletxe azpiko gelan. Bagabiltzako Nagore Badiolak "isileko tratu txar" moduan definiduten diran mikromatxismoak deuseztatzeko, adimen emozionalak egin daikien ekarpena azalduko dau. Mikromatxismoak identifiketako ikastaroa be egongo da Jabekuntza Eskolearen barruan Diman, hilaren 16, 23 eta 30ean, 18:30ean Abaro Aretoan.
Zeanuriko Udalak, andra eta gizonen bardintasunerako erronkak landuteko tailerra antolatu dau hilaren 27an, 18:30ean, Zeanuriko udaletxeko pleno aretoan.

Gazteen inplikazinoa
Arratiako 12 eta 26 urte bitarteko gazteak aukerea izan dabe hilaren 13ra arte matxismoaren kontrako bildurrik bako jarkerea erakusten dabezan ikusentzunezko lanak aurkeztuteko Beldur Barik Lehiaketan. Arratia mailako sari banaketea 24an izango da Igorreko Kultur Etxean arrastiko sei t'erdietan. Aurten be, Beatriz Egizabalek ipiniko detuso umorea ekitaldiari eta Arratian egindako ikusentzunezko onenak ikusteko aukerea egongo da.
AUMtik, hurrengo eguneko manifestazinoan parte hartzera bultzatu gura dabez gazteak. Izan be, indarkeria sexisteagaz amaituteko jendarte osoaren inplikazinoa behar da; "gazte, heldu eta edadekoak; andra eta gizonak" dino Xabier Pastor AUMko Berdintasun Teknikariak. Aurreko astean, hilaren 20tik 24ra, arrastiko bostetatik zortziretara, txapa feministak egiten ikasteko tailerra egongo da Bediako liburutegian.

Zinea, literaturea eta zunbatoia
Tailerrez gainera, arte eta kirol ekintzak be antolatu ditue Arratian indarkeriaren kontrako sensibilizazinorako. Holan, zemendiaren 17an, Dimako Andraizea alkarteak, Elena Fernandezen Gerezi mingotsak liburuaren aurkezpena antolatu dau, eta ondoren liburuaren inguruko barriketaldia egongo da egileagaz.
Hilaren 25ean, 10:30ean, zunbatoi feministea antolatu dabe Arantzazuko plazan. Zunba feministarako erabiliko dan musikea Beldur Barik-ek egindako zerrendakoa da, Spotify-en egon zana. Arrastiko 18:00etan, Lemoako Gaztelekutik abiatuta herria morez apainduko dabe. Aurretik Udalak etxe guztietara puntu moreak bialduko dauz, lehioetan ipinteko eta Lemoa indarkeria sexistearen aurka dagoan herria dala adierazoteko.
Dokumental bi ikusteko aukerea be egongo da egunotan. Zemendiaren 25ean bertan, Emakundek aurkeztutako Volar Bertha Gaztelumendik zuzendutako filma Igorreko Lasarte Aretoan, 19:30ean egongo da ikusgai. Film honek, indarkeria sufridu daben 9 andraren testigantzak jasoten dauz. Ekimena "andrak eurak euren testigantzak publiko egiteko sentidutako preminatik sortu da eta genero indarkeriaren kontrako lan ausarta eta konprometidua" dala dinoe Emakundetik.
Bigarren dokumentala abenduaren 5ean proiektauko da, Areatzako udaletxeko areto nagusian arrastiko zazpiretan. El nunca me pegó filma proiektauko dabe eta ostean, Irantzu Varelak zuzendutako eztabaidea egongo da.
Hainbat herrik, Arratia mailako kanpaineaz gainera, gaiari lotutako beste ekimen batzuk be antolatu ditue, Arantzazun, berbarako, hilaren 23an, Errezeta doktorea ipuin kontalaria egongo da arrastiko 17:30ean plazan.

Zeberion Alcasserreko hilketak eta sexu-bildurra landuko dabe
Zeberion, zemendiaren 24an, 18:30ean, udaletxeko 2. solairuan Nerea Barjola, EHUko doktoreak Alcasserreko hilketen gaineko berbaldia emongo dau. "Arrisku sexualaren gaineko narrazinoak. Alcasserreko kasuaren azterketa feminista eta bildur-sexualaren eraikuntza" izenpean, ikuspegi politiko-feministatik aztertuko dau krimena.
"Alcasserreko krimenen gainean sortutako narratibeak zeharkatu ezinezko eremuai buruzkoa da, arrisku sexualaren gaineko kontakizun bat, beste andrazkoai abisua emotekoa. Ikuspegi feministatik narratiba honeek berrikusteak indarkeria sexuala termino politikoetan ipinten dau eta bildurraren mugetatik kanpo, hauste, burruka eta erresistentzia feministearen mugak erakutsiz". Eta ondoren, 20:30ean, Volar filmaren emonaldia egongo da.
Hurrengo egunean, zeberioztarrai Igorre eta Bilboko manifestazinoetara joateko deialdia egin deutsee Zeberioko Udaleko Bardintasun Zerbitzutik.

Feminizidioa
Feminizidio berbeak gorroto krimen bat adierazoten dau; hau da, andra bat hiltea andrazkoa dalako, eta genero indarkeria, indarkeria sexuala eta inpunidade handiko andrazkoen hilketak eta muturreko indarkeria jasoten dauz.
Feminicidio.net plataformearen arabera, aurten, zemendiaren 1era arte, estadu espainiarrean 88 feminizidio eta hilketa eragin ditue. Datu ofizialez gainera (43 kasu), ez ofizialak, familiako batek egindakoak, hildako umeak, datu nahikorik bakoak, eta beste andrazko hilketa batzuk be jasoten dira zenbaketa honetan.

2017/10/31

ADIKZINOEN DIAGNOSTIKOA ETA PLANA Apenas aldaketarik ez, atzen urteotako gazteen konsumoetan

Urrietan onartu eban Arratiako Udalen Mankomunitateak (AUM) Adikzioen Prebentzioen Plan Mankomunatua 2017-2020. Ortzadar Fundazinoak diseinau eta gauzatu dau plana. Diagnostikoa batez be gazte eta nerabeengan zentrau da eta horretarako Mankomunidadean dagozan 9 ikastetxeetan hainbat substantzietako konsumoak aztertzeko galdera sortak egin ditue.

 

Gai honetan zeresana daukien beste eragileakaz, osasun arloko beharginak, teknikariak eta alkarteetako kideakaz be, alkarrizketak, inkesta telefonikoak eta batzarrak egin ditue, eretxiak jasoteko. Horreetan 81 personak hartu dabe parte. Datuak barriz, eskola diagnostikoan bakarrik jaso dira.

Arratia
2016ko datuen arabera, Arratian 13.883 biztanle dagoz.
Eskola diagnostikoa Arratiako 9 ikastetxeetan egin dabe, 621 nerabe eta gazteen erantzunakaz. Horreetatik %54,2 gizonezkoak dira eta %41,2 andrazkoak. Ikastetxeetan, 11 urtetik gorakoai egin jakie galdeketea, eta erantzun daben %86a, 12 eta 17 urte bitartekoak izan dira.
Tabako, alkohol, kannabis eta beste substantzia ilegalen Arratiako konsumoa, EAEkoa baina apur bat handiagoa dala dino Jurdana Apraiz AUMko Adikzioen Prebentzio Komunitarioko Teknikariak. Eta EAE dago "gehien konsumiduten dan autonomien artean". Beraz, inguruko lurraldeetan baino gehiago konsumiduten da Arratian.
Orain dala 5 edo 10 urtekoaren aldean, kannabis eta anfetaminetakoa salbu, beste konsumoak behera egin dabe, baina oso gitxi, "ia bardin jarraituten dabe" dino teknikariak.
Kannabis konsumoari jagokonean, galdetutakoen %35,5ak onartuten dau konsumidu izan dauala, 1996 eta 2011 urteetan antzera. 2006an gorakada bat egon zan baina atzen 10 urteotan kannabis konsumoak behera egin dau. Aurten Arratian lortutako datuak EAEn 2012an lortutakoak baino altuagoak dira.
Substantzia ilegalai jagokienean, kannabisaz gainera, LSD, anfetaminak, extasia, kokaina, heroina eta inhalanteen konsumoak aztertu ditue. Orain dala 20, 10 eta 5 urte lortutako datuakaz alderatzean ikusten da orokorrean beherakada egon dala, kannabisa eta anfetaminen kasuan izan ezik.

Konsumoak bizilekuaren arabera
Artean izan ezik, herri guztietako gazteen erdiak baino gehiagok inoz ez dau tabakorik konsumidu eta edade honeetan, 12 eta 17 urte bitartean, eguneroko konsumoari jagokonean, kopururik txikiena Bedian emoten da (%3,4) eta handiena Areatzan (%20,8).
Alkoholaren kasuan barriz, herri guztietan ikasleen erdiak baino gehiagok konsumidu dau alkohola inoz. Abstinentzia mailarik handiena Arantzazun (%42,9) eta eta Lemoan (%39,4) emoten da eta txikiena Diman (%26,5). Baina egunero konsumiduten dabenak Areatzan (%1,9) eta Igorren (%1,8) bizi dira.
Kannabisa dala eta, abstinentzia mailarik handienak Bedian (%78,3), Lemoa (%73,4), Igorre (%71,3) eta Arantzazun (%70) emoten dira. Egunero konsumiduten dabenak barriz, Areatzan (%17) eta Zeanurin (%13,2) bizi dira.
Substantzia ilegalai jagokienean, gehien konsumiduten diranak anfetaminak %6,4 eta kokaina %5,8 dira. Areatzan konsumiduten da anfetamina eta kokaina gehien eta Dima dago bigarren lekuan.

Sexu-genero sistemea eta droga konsumoa
Argi ikusten da ikerketa honetan, substantzien konsumoa estu lotuta dagoala gizonezkoen genero rolari. Izan be, tabako eta alkoholaren nozbehinkako konsumoan alde handirik egon ez arren, alkoholaren eguneroko konsumoak eta droga ilegalen sarritasun handiko konsumoak gizonezkoak egiten dabez batez be.
Tabakoari jagokonean, Arratian neska erretzaile kopurua mutil erretzaile kopurua baino apur bat handiagoa da, baina egunero andrazkoen %13k erreten dabe eta gizonezkoen %18k. Alkohola egunero (%1) konsumiduten dabela erantzun daben gazte guztiak mutilak dira: neskak (%0), mutilak (%2).
Konsumo intensiboak mutilen genero rolari lotuta dagoala ondino gehiago ikusten da substantzia ilegaletan. Holan, kannabisa konsumidu daben andren kopurua txikiagoa da eta desbardintasuna nabarmena da zenbat eta konsumoa sarriago izan. Azken hilean kannabisa konsumidu dabenak (%68,8) eta egunero (%81) konsumidu dabenak gizonezkoak dira. Bere bizitzan inoz substantzia ilegal bat konsumidu daben gehienak gizonezkoak dira eta desbardintasun handienak anfetaminak eta kokainaren kasuan emoten dira. Substantzia horreek nesken %2k eta mutilen %9k konsumidu dabez eta.
Baina edade gazteetan andrazkoa izatea babes faktore bada substantzien konsumorako, ikerketak daturik bildu ez arren, osasun eragileakaz izandako alkarrizketetan, edadeko andrazkoen artean eta ezkutuan, alkohol eta psikofarmako konsumo handiak egon daitekezala susmatuten da; 60 urtetik gorako andrazko batzuen artean arduratzeko moduko alkohol konsumoak, hain zuzen be. Gizonen kasuan, alkohola sozializetako modu bat da eta errezago detektetan da.

 

Jurdana Apraiz AUMko Adikzinoen Prebentzio Komunitarioko Teknikari barria da. Urri lehenengoaren 1ean hasi zan Arratian beharrean, Alaia Ozerinjauregiri erreleboa hartuta. Hasteagaz batera onartu eban Mankomunidadeak Adikzioen Prebentzioen Plan Mankomunatua.

Gazteen artean konsumoak behera egin dabe orokorrean kannabis eta anfetaminak izan ezik, baina ez asko eta gazteen konsumoa lotuta dago familien konsumoagaz. Gurean Islandian egin daben antzeko programarik ezarri leiteke? Ala erresistantziak egongo litzatekez. Izan be gure egunerokotasunean oso sartuta dagoz drogak.
Tabakoagaz be holango erresistentziak egon ziran eta lortu da, gitxienez, konzientzia bat izatea. Nik uste dot lortu behar dana eta Islandian lortu dabena dala konzientzia hartzea.

Hori baino gehiago, arazo bat kopondutea lortu dabe.
Dirutza handia ipini da. Baina azkenean nik uste dot lortu dana da konzientzia sortzea eta hemen hori falta da; alkoholak eta kannabisak sortu ahal dauzan eraginen konzientzia berbarako. Islandiako programak lortu dau aldaketea gurasoengan. Eta instituzinoak, kultura eta kirola sustatu dabe gazteai aisialdian beste aukera batzuk emoteko. Egia da hor lan handia egin dala eta dirua be egon dala, baina hor egon dana batez be, konzientzia aldaketea da.

Konsumorik handienak Areatzan, Diman eta Zeanurin egiten dira; txikienak barriz, Lemoan, Igorren eta Bedian. Emoten dau herri txikia izatea arrisku faktorea dala eta Bilbotik hurrago egotea babes faktorea. Zergaitik?
Ez dakigu oso ondo zer gertatzen dan hor. Nahikoa kuriosoa da. Nik esango neuke herri giroan, betiko ohiturakaz jarraituten dogula. Lemoan berbarako, Bilbo gertuago daukie eta beste ikuspuntu bat dago. Etorkin piloa dago eta horrek batzuetan jeitsi egiten dau alkohol konsumoa.
Kutsatu egiten gara herrian daukagun ereduagaz. Herri txikietan ohiturak mantenidu egiten dira, onak eta txarrak. Euskerea manteniduten dan legez... (euskera, nekazal mundua, artisautza...) ohitura txarrak be mantenidu egiten dira. Igoal momentu baten permitidu egin dan gauza bat, zenbait konsumo esaterako, mantenidu egiten dira ez dagozalako hainbeste aldaketa. Lemoak aldaketa handiak izan dauz eta Igorreko jenteak joan-etorri asko egiten ditu Bilbora.

Herri desbardinetan gauza desbardinak atera dira. Ekintza desbardinak planteauko dozuez?
Egingo da baina zaila da. Oso zaila da zazpi edo zortzi herrigaz behar egitea. Premina handia dagoala ikusten badogu egingo da, baina esfortzu bat egiten danean danentzat izaten da.

Islandian egin dan moduan hemen be drogakaz amaituteko, gizarte osoaren ohiturak aldatu beharko litzatekez. Noraino heldu gura da plan honegaz?
Gehienbat osasun arloan eragitea gura dogu. Edo gitxienez konzientzia apur bat sortzea, sensibilidadea. Ez dogu lortuko jarkera aldaketa handirik, baina gitxienez gauzak egiten gabizala erakutsi.
Sensibilizazino batzuk kannabisaren inguruan izango dira. Zabalegi jokatzen dogu eta horrek konsumoan eragiten dau. Jenteari erakutsi gura deutsagu daukagun permisibidadea arrisku faktorea dala.

2017/10/31

IRATI BERNAOLA SAGARDUI "Ezin da errepublikeagaitik bakarrik burrukatu, helburua herrialde duina eregitea da"

Irati Bernaola, erizaina, bertsolari eta BEGITUko kolaboratzaile igorreztarra Bartzelonan bizi da, eta "prozesua" eta errepublikearen proklamazinoa bertan bizi izan dauz. Erizaintza komunitarioko espezialidadea egiten joan zan 2016ko maiatzean beharrean, eta Comité de Defensa del Referendum taldeko partaidea da.
Han gertatukoaren lekukotasuna emon deutso Bernaolak BEGITUri emailez egindako alkarrizketa honetan.


Barru-barrutik bizi izan dozu Katalunian gertatutakoa.
Urtebetean emon dan aldaketa sozial eta politikoa oso handia izan da. Nik prozesu soziala bizi izan dot hasikeratik batez be. Heldu nintzanean prozesua instituzino mailan emoten zan, eta guk jarraitzen genduan, baina beti garrantzia auzo mobimentuan eta herri poderearen artikulazinoan manteniduz, eduki sozial barik independentziak ez daukalako legitimidaderik.
Erreferendumaren eguna jakin baino lehen, gure auzoan mobimentu sozialetatik Acció per la Autodeterminació lan taldea sortu genduan. Talde horren helburua erreferendumera begirako bitarteko edukia landutea zan. Taldea, ezker independentistako militanteez harago osotuten hasi zan astiro-astiro, eta hilabeteak pasau ahala sensibilidade desbardineko jentea hurreratzen hasi zan. Mobilizazino giroa handitu ahala, 10 personako asanbladatik 200 personako asanblada bihurtutera heldu zan azken asteetan. Hazkundea mundiala izan zan; parte hartze eta erreferenduma babestuteko gogo handia egoan. Kataluniako auzo eta herri guztietan bardina pasau zala ikusita, erreferenduma babestuteko talde guztiai izen bardina ipintea ebatzi zan, eta Acció per la Autodeterminació deitutetik, Comité de Defensa del Referéndum (CDR) deitutera pasau zan.
Estadu espainiarraren eraso errepresiboen aurrean, baiezko botoaren kanpainearen defensatik, eskubide zibilen eta herrien duintasunaren defensara pasau zan mobilizazinoen fokoa. Prozesu honetan "baiezkoa bozkatu"tik "bozkatu"ra pasau zan jendartearen diskursoaren zati handi bat.


Azaldu zer dan CDR eta egin dozuen lana.
Comité de Defensa del Referèndumek (CDR), autodeterminazinoaren aldeko apustuagaz, urri bigarrenaren 1eko erreferenduma antolatuteko eta babesa emoteko asmoagaz sortu zan. Besteak beste, eskolen okupazinoa eta defensea, Katalunia gelditu arazo eban greba orokorra eta mobilizazino masiboak antolatu dauz.
Guraso alkarteak hartu eben papela erreferendumeko astegoienean. Eskoletako egitaraua antolatu eta eskolak zabalik egotea bermatu eben, oso inportantea izan zan euren beharra.
Baina CDRak ez ziran erreferenduma eta gero desagertu. Emoitzak defendidu eta apliketako burruka hartu eben oinarri, eta Kataluniako errepublika deklaretako bidea hartu, eta 155. artikuloaren aurrean antolatu eta erantzuna emoteko momentua heldu zan.
CDRak izan dira lokomotorak, herri mobimentua eta herri poderea irudikatu da bertan, eta eurak izan behar dira prozesu independentistearen eta konstituzinogilearen oinarri.


Zelan dagoz gauzak 155. artikuluaren aplikazinoaren ostean?
Prozesua gai zentrala da beti, egunero dago kalean beste gertaera guztien gainetik. Jenteak horren inguruan egiten dau berba. Egunero emoten dira aldaketa politiko txikiak eta ezin dogu ezer antolatu hemetik aste betera.
Orokorrean batasun sozialaren sensazinoa bizi dogu nahiz eta tensino egoerak be bizi.
Halanda be, urri bigarrenaren 1a baino lehenagoko jazarpen politikoagaz hasi eta 155. artikuloaren aplikazinoagaz jentea ez da atzera bota, baina igarten da nekea eta desgastea. Ordu asko pasau doguz kanpoan, kanpoan egin behar izan dogu lo eskolak defendiduteko, eta asteak pasau ahala gorputzean igarten da.
Ekonomia aldetik, giroa lasaia da baina bildur eta duda asko sortu dira honen inguruan (enpresen helbide sozialen aldaketea, Europar Batasunaren babesik eza, ibex 35aren gorabeherak...). Dana dala, irakurketa ekonomikoa diferentea da zein ikuspuntu politiko eta ekonomikotik begiratuten dozunaren arabera.


Zelan ikusten dozu Kataluniaren hurreko etorkizuna?
Urri bigarrenaren 27ko 14:20ean nabil alkarrizketa hau amaituten, etxeko salan, telebistaren aurrean. Plenoa ospatuten dabil ointxe bertan eta gaur ebatziko da Kataluniaren etorkizuna.
Halanda be, ezin dogu ahaztu ezin dala errepublikeagaitik bakarrik burrukatu, independentziagaz ez da helburua irabazten. Helburua herrialde duin bat eregitea da; herrialde katalanak bere osotasunean aintzat hartuko dauana, etxebizitza eskubidea bermatuta eukiko doguna, sistema ekonomikoa langile klasearen mesedetara egongo dana eta ez elite ekonomikoen mesedetara, kalidadezko hezkuntza eta osasungintza publikoa eukiko dauana, andrak aske biziko garena jendarte feminista baten, eta beste hainbeste eskubide eukiko doguzanak. Prozesu konstituzinogilean behar handia dago ondino egiteko.


Euskal Herrian be antzekoa egin daitekela uste dozu? Zergaitik?
Nire ustez ezin dogu Kataluniako prozesua Euskal Herrira eroan eta modu bardinean aplikau. Euskal Herriak eta Kataluniak antzekotasunak badaukiez, baina historia eta testuinguru politiko, sozial eta ekonomikoa eta gatazka politikoak oso diferenteak dira. Beste formula bat asmatu behar dogu.
Nire ustez, Euskal Herriak momentu politiko hau aprobetxau behar dau independentziara bidean aurrerapausuak egiteko, Estadu espainolaren eta bere erregimenaren gainbehera eta status quoaren apurketa aprobetxau behar dogu, baina horretarako indar politiko guztien aldeko borondate politikoa egon behar da.
Ez dakit prozesu instituzionalaren formula zein izan behar dan, baina oso argi daukat herri mobimentua artikuletako orduan Katalunia eredu euki beharko gendula.
Herria izan da protagonista eta horrek erreferendumaren emoitzai emoten deutsie legitimidadea.


Zelan ikusten dozu Euskal Herrian Gure Esku Dago egiten dabilen ibilbidea? Zure ustez zer da, independentismoaren diagnosia, testimonio hutsa ala independentziarako bide eraginkorra?
Gure Esku Dagok, erabakitzeko eskubidea defendiduteaz gain, mobilizazinorako ahalmena euki behar dau. Herrietako taldeak hazi eta dinamizetan segidu behar dau, independentziarako bide eraginkorra herriak eregi behar daualako. Mobimentu sozialak hartu behar dabe protagonismoa eta Gure Esku Dago izan behar da horretarako tresna.


Zelan hartu zaitue Bartzelonan? Euskaldunakaz ala katalanakaz daukazu hartu-emon gehien?
Danetik. Prozesuagaz batera euskaldun piloa etorri da honantza baina orokorrean katalanakaz egiten dot bizimodua eta eurakaz integrauta nago. Eta egunerokotasuna katalanez bizitea be lortu dot!
Esan dodan moduan, alkarrizketea plenoa ospatzen dabilen bitartean idazten nabil. Laster ebatziko da Kataluniaren etorkizuna. Hementxe ixten dot, atea zabalik, banoa mobilizazinoetara!

2017/10/16

JENTILAK DIMAN Baltzola inguruko paraje zoragarriak izan ziran ipuin mitologikoen eszenaleku

Urri bigarrenaren 14an, antolatzaileen datuen arabera 400 bat lagunek egin eben Txumuluxueta Elkarteak eta Dimako Udalak antolatuko Jentilak Diman jaialdiko ibilbide mitologikoa. Ipuin mitologikoak kontau ahala, dimoztarrak antzeztu egin ebezan personajeok Baltzolako erreka bazterretan, Jentilzubi inguruan eta Baltzolako kobetan.
Txikerrenak, disfruteteaz gainera, bildurra be pasau eben. Izan be ibilbidean, laminak, Sugoi, Basandere, Olentzaro, Behigorri eta Gizotso agertu ziran, jentilez gainera.

2017/10/14

ELENA OCASAR "Hamabost urte daroadaz zeanuriztarren gorputzak jagoten"

Elena Ocasar, Zeanuriko bizilaguna, gimnasia-begiralea da. Urteetan gimnasia disziplina askotako ikastaroak emon izan ditu, gehienbat Zeanurin bertan. Elena atletismoan trebatu zan Gasteizen, Martin Fiz eta Blanca Lacambra izen handien ondoan.


Alvaro Rabelli


Gimnasia-begiralea, kirolaria... Zelan definiduko zeunke zeure burua?
Atleta, batez be atleta izan naz. Sei urte neukazanetik atletismoan jardun dot, konbinaketa probetan. Sasoi baten Gasteizen, nire urian, sano ezagunak izan diran kirolari batzukaz batera ibili izan naz, Martin Fiz, Blanca Lacambra... Baina, bai, esan leiteke Zeanurin gimnasia-begiralea nazala. Hamabost urte daroadaz zeanuriztarren gorputzak jagoten.


Beraz, Gasteiztik Zeanurira?
Bai, hara, jaiotzez Hernanikoa naz, baina, bai, hona Gasteiztik etorri nintzan. Badira, esan lez, hamabost urte etorri nintzala. Eta hasikeratik ikusi neban nik ondo egiten nekian zeozer eskeini neikela. Nik upealako garrantzia emoten deutsat lanketa fisikoari, beraz, etorri nintzanean halango ikastaroak egiteko proiektua landu eta Udalari aurkeztu neutsan. Sasoi haretan ez egoan ezer. Horrelaxe hasi ginan. Gainera, herrian integretako modua izan zan niretzat, uritik herri txiki batera etorri, herri euskaldun batera... Etxetik urteteko atxakia be bazan.


Eta denpora horretan?
Denpora horretan disziplina ugari landu izan dogu. Barriro dinot, nik lanketa fisikoari beti garrantzia emon izan deutsat, eta gero, gustuko izan dodana edo neuk egiten ikasi dodana emoten ahalegindu izan naz. Ez naz zentrau honelango edo halango disziplinan modu zehatzetan, handik eta hemendik gauza batzuk hartu eta emon baino. Hasi ginanean, Zeanuriko Kultura Etxean emoten genduzan ikastaroak, aerobica, etabar. Gaur gimnasia-lekua dogu, orain dala bost urtetik.


Beti Zeanurin?
Urte betez Areatzan be emon neban. Hamabost urte honeetan geldialdia be egin dot, urte betekoa. Egia esan, nire bizitzako etapa hau zarratu gura dot. Orain, bakarrik eguazten goizeko ikastaroa emoten dot, eta jenteak, urteetan dabilan jenteak, jarraituteko eskatu deustalako. Neure buruaz arduratu gura dot eta bestelango gauzak egin, besteak beste, euskera gehiago ikasi, presa barik.


Spinnig-a, pilatesa, gap-a... izen nahikotxo gimnasia ikastaroen artean, ezta?
Bai, baina gehienak merkadura begira dagoz, funtsean danak bardinak dira, oinarria lanketa fisikoa da, eta horretan, esaterako, arnasea hartzean jakitea ezinbestekoa. Horixe ikasi behar dogu. Gainera, hemen, herri txikietan ez dago halango eskaerarik, bai, jenteak ezetuten dauz, batzuetan nik baino hobeto, baina, gehienbat, uri handietan egiten diran ikastaroak dira. Giharrak zaildu gura dabezan gazteak urietako gimnasia-lekuetara joten dabe. Hemen ez, gurea askoz naturalagoa da.
Beste kontu bat da Yoga edo oraingo Txikun disziplinakaz gertatzen dana, ze, euren atzean filosofia dago, bizi ikuskera jakin bat. Niri hori guztia sano interesetan jat, baina, askotan ikusten dot hori gura dauan jentea azalean baino ez dala gelditzen, ez dau disziplinea osotasunean ulertzen.


Ze jente mota dator zure ikastaroetara?
Batetik, gaurko gizarte estresatu honetan gertatzen dan lez, adrenalina gehiago bota gura dabenak, edota kontrara, relaxa behar daben nahikotxo. Baina, bestetik, gehien-gehienak edadekoak izaten dira, gorputzaren ajeak arindu gura dabezanak, edota lesinoak euki dabezan beste batzuk. Nik ez deutset ezer konponduko, hobeto sentiduten lagundu beharbada bai. Gainera, aurretiaz esan dodan moduan, nik danetarik apur bat emoten dot, gauza barriak ikasi eta hareexek emon, apaltasun osoz, neuri balio deusten gauzak, eta ahalik eta ondoen emon. Beste barik.


Eta Zeanurin jarduera fisikoa egiteko beharrizan handia ikusten dozu?
Zeanurin ikusten dodana da sano herri kirolzalea dala. Hemengo jenteak ohitura handia dauka mendian ibilteko, edota bestelango kirolak praktiketako. Joko Alai eta Suzien Mendi Klubak antolatutako ekintzetan parte hartzean dau jente askok. Horregaitik, ez dot ikusten gizarte sedentarioa danik. Beraz, ikastaroetara etortea, beharrizan jakin batzuk gorabehera, askorentzat etxean sartuta ez egoteko modua da, hartu-emonai eusteko modua. Izan be, Zeanuri txikia da, eta hemen, goizez berbarako, ez dago ia inor.

2017/10/2

PELI PEREZ DE ANUZITA

Peli Perez De Anuzitak 21 urte ditu. Orain dala hiru urte hasi zan Basque Culinary Centerren sukaldaritza ikasten. Bertan sartzeako, 200 galderaz osotutako proba psikologiko bat eta ondoren talde dinamika bat egin behar izan ebazan. Dinamika horretan plastilina zati bat emon eta bere osotasunean definiduten eutsan platera egin ostean, taldeka, norberak egindako produktuakaz plateraren konposizinoa egin behar izan eban. Aurkezten diran 400 personatik 100 izaten dira aukeratuak Basque Culinary Centerren ikasketak egiteko.

 

Rakel Aldekoa Diez

 

Zergaitik aukeratu zenduzan ikasketa horreek?
Inoz ez dot jakin zer gura dodan izan nagusitan. Normalean jenteak argi eukiten dau zer gura dauan izan baina nik ez. Osabeak beti animau izan nau sukaldera. Bazkarietan-eta, nik beti lagundu izan deutsat eta 12 urtegaz apuntau ninduan lau eguneko sukaldaritzako ikastaro baten Portugaleten. Institutuan ikusi nebanean Mondragon Unibertsitatean dagozala sukaldaritzako ikasketak, eta ez zala bakarrik sutean ibiltea, sukaldaritzearen inguruko ikuspuntua zabalduten deutsula, ba pentsau neban hori zala nire aukerarik onena unibersidadean ikasteko, eta bertara joan nintzan.


Lanbide Heziketako ikasketak, ikaslea lanerako prestetako helburua daukie, baina unibersidadeko ikasketen helburua orokorragoa da, jakintzak emon, pentsatzen irakatsi, etika bat garatu... Uste dozu sukaldaritza ikasketak unibersidadeko gradu bat izan behar dirala?
Bai, bat oso praktikoa da eta zuzenduta dago amaitukeran segiduan behar egiten hastera. Gureak beste ikuspuntu bat dauka. Lehenengo mailatik hasten zara nahiko sukaldatuten, gero bigarren mailan gitxiago, hirugarren mailan gitxiago eta laugarren mailan ezer be ez. Sukaldaritzea, gastronomia eta abar beste begi batzukaz ikustera dago zuzenduta.
Dana dabil aldatuten eta oin sukaldaritzeak daukan izenagaz danak dabiz "super" profesional bihurtuten eta ikuspuntua pilo bat zabalduten. Beraz, egin gura dozunaren arabera, gradua zein Lanbide Heziketa aukeratu zeinke.


Pozik zagoz ikasketakaz? Zer ikasten dozue?
Bai sano pozik. Atzenean ez da unibersidade normal baten moduan, klaseak dagoz baina aparte kozinau egin behar da. Batzuetan dago gertakari bat aste betera eta joan behar zara unibersidadera aurretik elaboretako eta gauzak preparetako. Oso dinamiko egiten da. Badaukaguz pilo bat klase so cooking diranak. Irakasleak suakaldatuten dauz platerak teknikea eta tendentzia barriak erakusteko.
Alde teorikotik danerik ikasten dogu: Fisika, Kimika, Estadistika, Marketing-a... Gestinoa be pilo bat landuten da, azken baten inportanteena dalako. Basque Culinary Centerrek izena dauka eta oso-oso ondo saltzean da. Gu sartu garenetik produktu bat gara. Unibersidadeak lagundu gura deusku marka bat sortzean. Hori asko landuten da. Baita marketing personala eta jatetxearen marketing-a be.


Leku askotako sukaldaritzea eta sukaldaritzearen historia be ikasiko dozue. Zelan dago tratauta generoa sukaldaritzaren historian?
Normalean etxean sukaldatu dauana etxeko andrea izan da eta inoz ez jako emon meritua. Egia da sukaldaritzea oin postu gorenean dagoala, baita andra izenik ez dala entzuten edo andren aitamenik ez dala egiten be. Mundu guztiak daki nor dan Ferran Adriá, berbarako, baina inok ez daki andra sukaldari on baten izena. Lanketa handia falta da hor, eta historiagaz be bardin gertatzen da, betidanik chef-ak, Michael Park-eta, gizonezkoak dira eta andrak baztertuta dagoz.


Zeintzuk dira zure plater faboritoak? Jateko zein egiteko.
Ni oso jatuna naz, pilo bat jaten dot. Gehien gustetan jatan platera baba gorriak dira. Baina gehien gustetan jatana egitea, eta gainera nire bigarren plater faboritoa patata tortillea da. Astelehenero egiten dogu etxean eta emozionantea da momentua.


Beste gauza bat, azalpen bat behar dauana, sukaldaritza barria deitzean dana da. Lan asko dauka plater bakotxak baina koilarakada bat baino ez da egoten plater handi baten eta prezio garestian.
Bai danak kejetan dira sukaldaritza modernoan platerak oso handiak diralako eta janari oso gitxi dagoalako. Baina holango jatetxeetan normalean, 10 plater izaten dira. Horregaitik ezin da kantidade handirik ipini. Egiten dana da konprimidu, hau da, platera eta saboreak ipini ahalik eta bokadurik ekilibraduenean.
Oin jatetxe guztiak lan itzela daukie eta gestinoan asko hobetuten dabiz. Platerak oso kontzeptualak dira, behar handia daukie... Platera egin baino lehenago, plateraren historia pentsau eta gero hori garatu behar da. Horregaitik batzuetan ez dau persona batek egiten, talde oso batek baino. Orduan bai, diru asko eskatzen da, lan handia dagoalako atzean. Hata guzti be, egia da garestiak dirala.


Nongo eta zein estilotako jatekoan zagoz espezializauta? Non gurako zeunke lan egin?
Ez nago ezertan espezializauta, hiru urte daroadaz ikasten eta ez daukat hainbeste praktika. Oindino ez dot euki astirik sukaldaritza diferenteak ikusteko eta esateko "bale hau da gehien gustetan jatana".
Ez deusta ardura non egin lan. Jatetxearen izen eta estatusak, egia esan, ez deusta askorik ardura. Danok egon gara jatetxe onetan, eta nik suertea euki dot praktiketan, baina badago jentea hiru izarretako jatetxeetan egon dana eta ez dana pozik egon. Izan be, langileak super esplotauta dagoz, tratu txarrak egoten dira... Nik gura dot gustura nagoan eta biziteko lain emoten deustan jatetxe baten egon.
Hamar urte barru ez dakit non egongo nazan gustauko jatan mundutik ibiltea leku diferenteak bisitetan, gastronomia diferenteak ikusten.


Telebista pizten dan bakotxean, kirola ez badago, sukaldari (gizon) bat dago edozein motatako programa bat egiten. Lehen mutiko guztiak "futbolari" izan gura eben, etorkizunekoak sukaldari?
Bai, dana da sukaldaritzea. Sukaldaritzako programa pilo bat dagoz, eta umeak sukaldari? Batek daki. Jenteak gero eta begi hobeakaz ikusten dau sukaldaritzea eta sukaldariak. Dana dala, uste dot lar agertzen dirala sukaldariak eta igon dan moduan bajatuko dala. Espero dot hobera egitea. Orain arte ez da egon kontrolik, ez ordutegietan, ez soldatetan. Gazteak oin futbolista izan beharrean sukaldaritza aukeratuten badabe nik uste dot honek onera egingo dauala, gero eta preparazino hobea egongo dalako eta gauzak gehiago kontrolauko diralako. 

2017/10/2

ARGAZKI LEHIAKETEA Terezin konzentrazino-eremuko erizaindegiko argazkia izan da irabazlea

Garagarrilean, Igorreko Gazteria Zerbitzutik, 8 gazte eta begirale bi Txekiara joan ziran Terezineko konzentrazino eremua ikusten. Teknika aldetik bikaina izateaz gainera, bere isilean, garrasi egiten daualako jaso dau saria.

2017/9/14

DANI ALVAREZ "Urte pare baten Dimetal Fest benetan handia izan daiten aukerak badagoz"

Urri lehenengoaren 16an Dani Alvarez EITBko kazetaria Diman egongo da Dimetal Fest jaialdiko mahai-inguruan moderatzaile. Heavy metal musikan kazetari adituak, jaialdia sortu zanetik ez dau hutsik egin, eta urtero etorri da Dimara jaialdia finkatzen lagunduten.
Dani Alvarezek 2000 urtetik egiten dau behar EITBn. Batez be Radio Euskadin. Boulevard irratsaioko zuendaria da eta ETBn be, programa batzuk egin dauz. Ezagunena, Paco Etxeberriagaz batera, El lector de huesos, hainbat sari jaso dituana.


Dimetal jaialdiko mahai-inguruak moderetan egon zara jaialdia sortu zanetik. Zergaitik esan zenduan baietz hasikeratik? Zer dala-eta sinistu zenduan Dimako metal jaialdian?
Batez be interesau jatan herri txiki baten eta herri ekimenez, hau da, zale eta jarraitzaileen ekimenez egiten dalako. Europako esperientzia batzuk ezetuten dodaz eta danak arrakastatsuak izan dira. Nik gurako neuke Dimetal Fest egonkortzea eta Dima ezaguna izatea bere heavy metal jaialdiagaitik.
Badakit antolatzaileak Wacken (Alemania) daukiela erreferente moduan. Askotan egon naz Wacken-en eta harritzekoa da: 4.000 biztanleko herria da eta jaialdian 80.000 lagun batzean dira. Antolakuntza oso ona da. Herriak eta jaialdiak bat egiten dabe: herria jaialdia da. Jenteak beso zabalik hartzean dau jaialdia, sano espiritu garbiagaz, prezioak igon barik... Eta hara joaten garan bisitariok ingurumena errespetetan dogu. Badakigu han urteko 350 egunetan behiak egoten dirana, eta saiatzen gara lekua ez hondatzen, ez zikintzen, hondakinik ez ixten. Uste dot oso interesgarria dala eta jaialdia plataforma bat izan daitekela Dima ezagun egiteko.
Hurrago be badago beste adibide bat, Viveiro-ko (Lugo) Resurrection Fest, hain zuzen. Jaialdia ez da Viveiron egiten. Viveiro da hur dagoan herri handia, baina Celeiro izeneko herrixkan egiten da. Hondartza dauka, itsas portua eta 10 urtetan Europa mailako gertakari bihurtu da. Jentea konturatu da, hara joan eta kontzertuak entzuteaz gainera beste gauza batzuk be egin leikiezala, hondartzara edo mendira joan... musikeaz gozatuteaz gainera, turismoa egin daitekela. Hori dala eta, jente askok, horreen artean euskaldun batzuk, astebete hartzean dabe hara oporretan joateko.
Hasikeratik interesau jatan Dimako jaialdia. Arratiak asko dauka eskeintzeko Bizkaian nahiko ezezaguna izan arren. Eta asko gustau jatan joan nintzan lehenengo aldian, alkatea be jaialdiko kamiseteagaz ikusi nebalako. Aurten be, Diman egongo naz eta gurako neuke Dimako jaialdia sendotzen joatea.


Ze leku dauka Dimetal Fest-ek metal jaialdietan?
Apurka-apurka badoa ezaguna izaten. Egon ala ez, izena ezaguna egiten jakie metalzaleai. Gainera izen soinuduna eta buruan errez geratuten dana dauka. Egia da, urtean behin baino ez danez, jaialdi amateur izatetik erreferentziazko jaialdi izaterako saltua egitea gatxa dala. Baina Bizkaian ez dago askoz gehiagorik, Bermeon udagoienean egiten dan Halloween Metal Fest kenduta.
Bidea zabalik dago, eta aukerak be badagoz urte pare baten, Dimetal Fest benetan handia izan daiten.


Aurtengo karteletik zer nabarmenduko zeunke?
Aurten amaierara arte geratuko naz momentu honetako Su ta Gar ikusi gura dodalako. Antzokietatik egin daben atzenengo jiran ikusi dodaz. Jirea sano desbardina izan da, familia osorako, eta orain barriro ikusiko doguz basatiago, kementsuago. Nik uste dot taldea heldutasun momentu sano interesgarrian dagoala. Betiko Su ta Gar da, baina gauzak gustu handiz egiten dabez.
Beste talde bat be badago nik asko estimetan dodana. Taldekideak ezetuten dodaz. Oso langileak dira eta inoz ez dabe etsi: Ost taldea.


Su ta Garrek heavy metala Arriaga antzokira be eroan dau, beste publiko batera helduz. Zer deritxazu honeri?
Niri oso garrantzitsua iruditzen jata, ze heavy metalak 45 urte bete ditu eta belaunaldi aldaketea egon behar da. Lehen heaviak, punkiak langoak ziran, tribu urbano bat. Baina gaur egun heavy metala egiten daben gazteak, euren esperientziaren ekarpenagaz, estiloa aldatuten hasi dira. Ez da Su ta Gar -edo nazinoarteko mailan Iron Maiden edo Judas Priest- klasikoen estiloa. Estiloa eta estetikea aldatuz doa. Orain heavy metala egiteko ez dago zertan ule luzea, narruzko txamarra eta erropa baltza jantzi. Gazteak praka eta ule laburrakaz be joten dabe heavy metala.
Alde batetik, honek ekarri dau metal klasikoak beherantza egitea, baina aldaketea beharrezkoa da, estiloa barriztu egin behar da. Hori ez da gertatu punk musikeagaz eta geratzen diran punkiak atzenak dira. Metala ostera bai, barriztatu egin da.
Berrogei urtetik gora daukagunoi, kosta egiten jaku hau onartutea, antxinako mobimentua apur bat faltan botaten dogu. Orain heavya ez da tribu bat, musika estilo bat baino: talde barriak dagoz eta publiko barrira heltzean da. Su ta Garrekoak urrinetik ikusi eben hori. Publikoa zahartzen doala eta ez dala hainbeste jente barri metalera hurreratzen ikusi eben. Eta euren atzenengo jirea oso interesgarria izan zan alde horretatik: heavy musikako kontzertu batera familian joan eitekealako. Hori gauza barria da, desbardina. Eta horreri esker, heavy metalaren publiko ez hegemonikoagaz konektau dabe.
Heavy metala lehen oso estilo maskulinoa zan, eta orain gero eta neska talde gehiago dagoz eta publikoaren artean be andra proporzino handiagoa dago. Jente gaztea behar dogu. Horregaitik, Su ta Garren antzokietako jirea, sano inteligentea iruditu jata.


Heavy metala Euskal Herrian osasuntsu dagoala esango zeunke?
Bai. Ez da mobimentu hegemonikoa, baina ez dot uste hegemonikoa izateko bokazinorik daukanik. Jente gaztearen joerak beste batzuk dira. Pop-ak, musika komertzialak, gehiengoaren musikea izaten jarraituten dau. Eta badagoz ondo funtzionetan daben beste jenero batzuk: reggeton-a, esate baterako. Baita heavy metalari jente gaztea kentzean deutsan musika estilo bat be: hip hop-a, hain zuzen. Hip hop-a komertziala da, baina apurtzailea eta antisistema be izan daiteke.
1980ko hamarkadan heavya urten zanean, oso lotuta egoan jente beharginagaz, jente umila baina konforme ez egoanagaz. Heavya ez da inoz izan jenero politizaua, baina baeukan insatisfazino adar bat eta konsebadorismoaren kontrako burrukea. Ule luzedun mutilai arraro begiratzen eutseen auzunean, espiritu apurtzailea eukan heavyak. Heavy itxurakoak ikusita, atsoak kalea kurutzatzen eben.
Gaur egun heavyak ez dabe inor bildurtzen. Eta ez dago estetika bat eroan beharrik. Heavy musikea egiten daben talde piloa dago eta, San Mames beteteko beste ez bagara be, ezin daiteke esan, hau amaitzen doala, punk-agaz gertatu dan lez.


Heavy barriztu horrek eta klasikoak ze desbardintasun daukie?
Orain musikea azkarragoa da, eta ahotsak eztarrikoak, latzagoak dira. Melodiari ez jako lehengo garrantzia emoten. Lehen abeslari onak bilatzen ziran, gazteen taldeetan barriz abotsak gogorrak, eztarrikoak. Hori da lehen eta orain arteko heavyen burrukea. Barriztapena hortik doa.
Jente asko harrituta geratzen da neska taldeak ikusten dituanean. Igaz In Mute taldeak jo eban Diman. Kantaria neska bat da eta entzutean eta ikusi ezean, "a zelako piztia" pentsetan dozu. Eta neska bat da. Estereotipoak apurtzen doaz. Nik uste dot hori ona dala.


Zeintzuk dira Euskal Herriko talderik aitagarrienak? Mundu mailan ezagunenak?
Inportanteena, nahiz eta hemen gero eta gitxiago egon, Baionako Gojira taldea da. Mundu mailako arrakasta izan dau. Jente gitxik daki euskaldunak dirana. Uste dot orain New York-en bizi dirala.
Su ta Gar jakina, eta Anestesia, talde historiko bi dira. Gernikako gazte batzuk be aitatuko neukez, Late to Scream, proiekzino handiko taldea da-eta.
Gero, Los Angeles del Infierno taldearen kasua historikoa da. Legazpikoak dira. Metalaren gainbehera hasi zanean Los Angeles-era joan ziran eta gaur egun jainkoak langoak dira Amerika Latinoan. Ia inoz ez datoz hona, eta mundu mailako fenomenoa izan arren, ia inor ez da eurekaz akordetan. Euskal Herrian heavy metal tradizino ona daukagu.


Radio Euskadiko Boulevard saioko zuzendaria zara. Kazetaritza be heavy metala bezain bizigarria izan daitekela pentsetan dot. Ona bada behintzat. Zer da beharrezkoa kazetaritza ona egiteko?
Denporea behar da gauzai modu ez sutsuan begiratzeko, baina aldi berean gauzak ondo egin gurak emoten dauan suagaz. Eta baliabideak be behar dira. Denporea eta baliabideak.
Jente konprometidua behar da, informazino ona bilatu eta datu egokiak emoten dauana. Egia da kazetaritza heavy metala bezain bizigarria izan daitekela.
Horreek dira osagarrietako batzuk. Lanbide honetan engantxauta egon behar da etenbarik, ezpabere ezin da kazetaritza ona egin.
Baliabideak dinodanean esan gura dot alkarrizketak aurrez aurre egin behar dirala eta kazetaria albistea gertatzen dan lekuan egon behar dala. Nik hori oso argi daukat. Nire saio edo medioko bat ez badago hor kontetako zer gertatzen dan, txarto egiten gabiltz. Gakoa da bertan egotea eta protagonistakaz berba egitea. Ezpabere, esan deutsuena kontauko dozu. Eta horrek ez dau balio.


Egin dozuzan programen artean, zeintzuk dira eragin handiena izan dabenak?
Urteak bete ahala, perspektibea aldatuten noa. Nire ibilbide profesionala ezetuten dabenak pentsauko dabe Ganbara programearen sasoia izan zala oso inportantea maila handiko informazino politikoa emoten gendualako, Boulevard-en be informazino politikoaren maila handia da, baina niri galdetuten badeustazu esango deutsut inportanteenak izan dirala politikak garrantzia gitxiago euken programak. Jenteak arduratzen nau gero eta gehiago. Jentea eta jentearen historiak arduratzen nabe. Zer gertatzen jakon jenteari, zerk ardura deutsan, ea umeak pozik dagozan eskolan eta holango gauzak.
Obamak hauteskundeak irabazi ebazanean han egon nintzan, Estadu Batuetan, hautestunde hareek kontetan. Eta itzela izan zan! Baina ez dakit. Gaur egon naz trenak harrapatuta alabea galdu eban aita bategaz, eta gure munduaren alde humanoa atera gura dot. Hori da aspaldi honetan izan gura dodan begiradea.


Zelan dago mundua, Dani? Zelan ikusten dozu?
Nik uste dot mundua inoz baino hobeto dagoala. Mundu mailako arazo asko daukaguz: bardin da Bizkaian zein Afrikako iparraldean. Aldaketa klimatikoa, berbarako, hondamendia da danontzat. Desbardintasun ekonomikoa be mundu mailako arazo nabarmena da, baina herrialde askotan lehen miseria gorrian bizi zan jentea aurrera ateraten doa. Lehen ez zan ikusten herrialde arabeetako jentea edo Asiakoa Bilbon eta Europako beste uriburuetan turismoa egiten. Miseria gorrian bizi diran personak gitxitzen doaz. Eta zientziak be aurrera egiten dau modu harrigarrian. Porzierto kazetariok arreta gitxi emoten deutsagu zientziari.
Pentsetan dot munduan mandatari kuadrilla arriskutsu bat daukagula, baina, halanda guzti be, mundua gero eta egonkorragoa dala. Baikorra naz.


El lector de huesos-en esaten dozun moduan, hilketak be errealidadearen parte dira eta horreei erreparatzen deutsezue zientzia forensea azaltzen dauan programa horretan. Denporaldi bi egin dozuez, 13 saio eta programeak sari bi jaso ditu: FesTVal-en bat eta Pello Sarasola saria. Zelan aukeratu dozuez kasuak?
Paco Etxeberriak ikertutako kasuetan bera gidari izatea izan zan idea. Gero, beragaz hasi ginanean berbetan, zientzia forensearen beste alderdi batzuk landuten hasi ginan eta ikusi genduan alderdi horreek lantzeak beste kasu batzuetako ateak zabalduten euskuzala. Kasu batzuetan Paco Etxeberriaren parte hartzea ez zan zuzena, baina zientzia forensearen ekarpena interesgarria izan eitekean jentearentzat. Horregaitik, holango kasuak be erakustea ebatzi genduan.
EHUk, Ertzaintzak, kriminologoak eta beste kolaboratzaileak be asko erreztu deuskue lana. Dana dala, kasuak aukeratzea ez da erreza izan, gura gendualako kasuak barritzaileak izatea, historia ezagunak izatea eta zerbaist irakastea.


Asko gustau jata egin dozuen biktimen tratamentu humanoa. Beti haren lekuan jarrita, ikuslea be bere lekuan jartzea lortu dozue. Programak eurak askotan, Egia, Justizia eta Erreparazino modu bat izan dira nire ustez. Eta hareetako kasu asko hilketa matxistak izan dira. Beste hilketetan legez, honeetan be hilketearen errua hiltzailearena dala agertzen da, eta biktimak errepestuz eta solidaridadez tratetan dira. Gainera, justizia bila dabizanak gizon bi izateak beste gizonak inpliketan lagundu ahal dauala uste dot.
Jente gitxi konturatu da horretaz, indarkeria matxista kasuak zirala hilketa horreek. Jenteak ez deutso horreri erreparau, apropos aukeratuta egozan arren: indarkeria matxisteak eragindako hilketak atera gura genduzan. Egin beharra egoan, oso arazo larria dalako. Argi geunkan, Jose Breton-en kasuari indarkeria matxistearen enfokea emon behar jakola, baina jenteak ez dau hori holan ikusi. Edo ez dau komentau behintzat.
Ea gizonak inplikauko diran indarkeria matxisteagaz amaituten, da gehien kezkatzen nauan arazoetako bat. Mutiko baten aita naz eta eskolan eta etxean gaia asko landu arren, badagoz gauzak, ba-tzuetan nik neuk be ez dodazanak identifiketan, mutilai macho alfa kargea sartzean deutseenak. Eta hau familia bakotxara eroanda, bakotxa bere konplejidadeagaz, heredautako estereotipoakaz... Gizonok matxismoa erabilten dogula da arazoa.
Horregaitik pentsau genduan, ereduak aldatu behar doguzala eta hilketa matxistak zientziaren ikuspuntutik landutea ondo egongo zala. Beti be, ez dala hilketa bat gehiago, hilketa matxistea dala mezuagaz.

2017/9/14

MIKEL ETXEBARRIA "Ardiak eskiletan ibiltea benetako bizioa da niretzat"

Mikel Etxebarria dimoztarra da eta inguruko eskiladorea edo ardi-moztaile profesional bakarretako bat. Lantzean behin Jon anaiari lagunduten deutso Zeanuriko Ipiñaburuko gaztaitegi eta ardi-esplotazinoan. Baina, hogeta hamahiru urteko gazte honek ardi-lanea moztea dauka benetako ogibidea, munduan zehar afizino handiz egiten dauan langintzea. Espainiako eta Euskal Herriko txapelduna be bada ardiak eskiletako lehiaketetan.


Moztailea zara, nozdik?
Hogeta bat urte neukanetik. Gipuzkoako moztaile baten eskutik hasi nintzan ikasten. Oñatiko Arantzazuko artzain-eskolan kursoa emon eustan eta harrezkero beharrean nabil. Eskiladore edo moztaile profesionala naz.


Ez zarie asko, ezta?
Ez, ez gara asko. Hemen Euskadin dozena bat eskas gara, danak Bizkaikoak. Nafarroan beste hainbeste izango dira, baina gehiagorik ez. Gure inguruan gero eta behar gitxiago dago. Gero eta ardi gitxiago dago pastoreak jubiletan diralako, eta gazteak ez dabe ogibide horretan jarraitu gura. Gogorra da. Gainera, hemen artaldeak beti txikiak izan dira. Horregaitik kanpora be urteten dogu. Ni Euskal Herrian, Espainian, Frantzian, Hego Amerikan, Australian eta Zelanda Barrian ibilten naz. Orain banabil Arabako mutil gazte bategaz, ea animetan dodan moztailea izatera.


Zertan da moztailearen beharra? Denporaldiari oso lotua dago?
Bai, baina esan geinke gaur egun denporaldia luzatu dala. Orain urtean birritan egiten da. Lehenengoa ardiak kumeak egin baino lehen, martia eta aprileko hilabeteetan, ardien erditzea lagundutearren. Ostean, maiatzetik garagarrilera denporaldi betean egoten gara. Orduantxe egiten dau bero eta ardiai lanea moztu behar jakie. Hori, jakina, gure Ipar hemisferioan, ze, hegoan beste denporaldi bat dago beste hilabete batzuetan. Gaur egun, gehien bat, ardi-lanearen mozketea garbitasunagaitik egiten da, batez be gaztaia egiteko diran esplotazinoetan.


Ze teknika erabilten dozu ardi-lanea mozteko?
Australiakoa, edo hobeto esanda Zelanda Barrikoa deitutakoa. Artaziz moztea iraganeko kontua da. Teknika hori erabilten dogu ardiaren ule kapea pieza bakar baten aterateko, gero, transformazinorako errezagoa da eta kalidade handiago dauka. Hori, batez be merino errazako ardiakaz egiten da. Horregaitik gure inguruko latxa ardiak ez dau balio lanea emoteko, ez dau kapea egiten, ulea baino ez, eta izenak adierazoten dauan lez, latza da, azkurea eragiten dau. Gaur egun ez dauka aprobetxamenturik, moztu eta bota egiten da.


Herri kirola be bada.
Bai, ni Espainiako selekzinoko kidea naz. Horretaz gain Espainiako igazko eta aurtengo txapelduna naz. Euskal Herrikoa be bai. Espainiako txapelketak Extremaduran, Burgosen eta Zaragozan egiten dira; Euskal Herrikoa Uharte Arakilen. Munduko txapelketari jagokonez, bi urtean behin egiten da. Aurten Frantzian izan da eta hurrengoa Zelanda Barrian, 2019an. Atera kontuak, hemen herri kirola da, baina Zelanda Barrian Joko Olinpikoaren parekoa da. Herri haretan rugbiak ia besteko garrantzia dauka ardi-lanearen mozketeak. Euskal Herriko selekzinoa sortzeako ahaleginak egin doguz, baina momentuz ez da posible izan; halanda be, hoba balego.


Australia eta Zelanda Barria, ardien paradisua akaso?
Bai, dudarik ez. Askotan joaten naz bertara, ikaragarria da. Ni ikasten joaten naz, beti dago zeozer ikasteko. Han eten barik dagoz teknikak barritzen. Guk, ostera, artzaintza mundua galduta daukagu, aspaldian galdu egin genduan. Gainera, hauxe da ogibide honek emoten deustan gauzarik onenetakoa, munduan zehar bidaiatu ahal dot. Holan, bertatik bertara ezetu neikez jentea eta hango ohiturak, etxe barruraino sartzean naz, turista arrunt batek sekula egingo ez leuken moduan.


Zelangoa da moztaile baten lan eguna?
Lan egun normal baten ehun eta berrogeta hamarretik berrehunera ardi eskiletan dodaz. Beharra gogorra da, sano fisikoa, arnes gainean makurtuta, lepoa eta hankak nekatzen jakuz. Baina zein ogibidetan ez? Hemen behintzat burua argi dozu, gainera gure artean, kuadrillan dihardugunean, olgetan ibilten gara, alkarreri erronkea eginez, ardi-lana gehien nok moztuko. Behar honetan inportanteena konfiantzea da, zuri mozteko deitzean deutsue ezetuten zaituelako. Zugan konfiantzea daukie badakielako zelan mozten dozun. Egon behar dozu beti prest deitzean deutsuenean, sarritan beharra aurreratu ala atzeratu egiten da denporearen arabera, ze, bakarrik lanea moztu leiteke beroa egiten ez dauanean. Euritan inoz be ez. Eta, tira, soldatea aterateko defendiduten gara.


Nahitaez artzaintza mundukoa izan behar dozu eskiladore jarduteko?
Ez, ezelan be ez. Moztaileak ez dau zertan, esaterako, pastorea izan. Ez dozu zertan aldez aurretik mundu horretakoa izan. Izan be, Espainia aldean berbarako, orain badira uri-urikoak diran moztaileak, artzaintzeagaz bape be hartuemonik euki izan ez dabenak. Edonor hasi leiteke ogibide honetan.


Eta etorkizunean?
Oraingoz ondo ikusten dot neure burua, gogotsu. Eskiletan ibiltea sano gustetan jata, niretzat bizioa da. Baina, halanda be, badakit gogorra dana, lan fisiko handia egin behar da. Beharbada, berrogeta hamar urtegaz nekatuta egongo naz. Nok daki.

2017/8/31

IBONE BARRENETXEA ARRIZABALAGA "Euskal Herriko Susan Scott izan gura dot"

Ibone Barrenetxea Diman bizi da eta txikitatik argazkilari izateko sena euki dau. Horregaitik, ikasketak horretara bideratu ebazan. Fotografia artistikoa ikasi eban Bilbon. Ondoren, urte bi pasau ebazan Bartzelonako akademia baten. Behin Bartzelonatik bueltauta mundu hori alde batera itxi eta gero, orain dala hiru urte jaiobarrien argazkilaritzaren mundua ezetu, eta maitemindu zan guztiz. Ordutik, horreri ahalegin osoa eskeintzen deutso.


Zergaitik argazkilaritza? Zelan ebatzi zenduan hortik bizimodua ateratea?
Betidanik gustau jata. Txikitatik esaten neban argazkilaria izan gura nebala. Ikasketak egin nebazan, argazkilaritzak arlo diferente asko daukalako. Hemen, Euskal Herrian ez neban ikusten bodetatik aparte etorkizun handirik, baina bueno gero jaiobarriena ezetu eta ikusi neban nire izakereagaz eta nire behar egiteko moduagaz bat etorri ahal zala. Argazkilaritza mota lasaiagoa da, neuk antolatuten dot dana eta.


Orain, mundu guztiak etenbarik erretratuak ateratzen dituanean, argazkilari profesionala espezializau egin behar da eta argazki artistikoak edo lortzeako gatxak diranak edo balio erantsi bat daukienak egin behar ditu. Zuk jaiobarriak, umeak, haurdunaldia eta jaunartzetan espezializau zara. Zergaitik?
Jaiobarrien argazkiak ikusi nebazanean guztiz maitemindu nintzan. Eta gero ikusi neban benetan pentsau baino gatxagoa dala horreek argazkiak egitea. Behar handia dago argazki horreen atzean. Lehenengo gauzea, umea postura baten ipinteko ordu erdi egon neiteke, dana perfekto geratu arte. Hiru lau orduko saioak izaten dira normalean. Jenteak saioetan ikusten dau argazkien ostean dagoan lana.
Haurdun dagozanakaz arazoa izaten da batzuetan, haurdun dagoan horrek bere burua lodi ikusten dauala, asko loditu dirala eta euren burua identifiketea kostetan jakie. Baina gustetan jakiez argazkiak.

 

Pentsetan dot, interneteri esker zure lana ez dala mugatuko Arratiara, Bizkaia eta haragoko lanak be egingo dozuzala. Eskaria nahikoa da argazkigintzako esparru honetatik bizimodua aterateko?
Hasten zarenean lan nahikoa eukiko ez ete dozun bildur zara. Ahoz aho zabalduten joan da nire lana eta apurka-apurka eta Arratian oin hasi da jentea jakiten hemen nagoala, baina egia esan, etorten jataz Arratiatik kanpokoak be, Zornotzatik eta, berbarako. Gainera, jaiobarrietan espezializauta egoteko suertea daukat ez dagoalako hainbeste jente horretan. Orduan lana badago. Espezialidadeagaz gura dot esan nire lanak sakonduten dauala ume jaiobarriengan. Gainera, nire lana naturagaz lotuta dago eta ez dagoanez jente askorik horretan espezializauta, suertea daukat.


Zure jaiobarrien argazkiak Anne Geddes-enak ekarten dabez gogora. Eragina izan dau bere lanak zurean? Zein beste argazkilariren lanak dira zuretzat inspirazino iturri?
Anne Geddes betidanik ezetuten dot, puzzleetan eta hainbeste argazki dagoz bereak... Bera aurrendaria da honetan baina ez da nire inspirazinoa. Bea Pastor, argazkilariaren argazki bat ikusi neban eta pilo bat gustau jatan bere lana. Gero hasi nintzan Ameriketako argazkiak ikusten eta ikusi nebazan Susan Scott-enak. Gainera natureagaz egiten dau behar eta orduan esan neban "nik gura dot Euskal Herriko Susan Scott izan". Eta nire lana berean inspiretan da askotan.


Aire librean egiten dozuz argazkiak, paraje natural ederretan. Non dagoz paraje horreek? Zeintzuk dira zure leku faboritoak?
Nik beti esaten deutsat jenteari Dima dala nire estudioa. Jaiobarrien argazkiak nire ahiztearen etxean egiten dodaz eta, bueno, gero errekan. Aroztegietan be egiten dodaz argazki asko. Inoz hondartzara be joan naz, baina niri berdea gehiago gustetan jata. Beraz, Dima da nire leku faboritoa.


Eszenifikazino bat be badira. Zein ezetu behar da horretarako umea ala gurasoak? Zelan lortzean dozu ezagupen hori: alkarrizketatu egiten dozuz, ala intuizinoaz baliatzen zara? Atrezzoa zeuk ipinten dozu?
Nire beharrean zati garrantzitsu bat pazientzia da. Inoz pasau jata, gurasoak urrindutea, umeak nigaz olgetan ixtea eta umea pozik geratutea. Orduan aprobetxetan dot argazkirik onenak egiteko.
Atrezzoa jaiobarriena neuk ipinten dot. Ume handitxoakaz ez dot atrezzorik erabilten, natura eta umea protagonistak izatea gustetan jata eta. Gomendatuten dot erropa diferentea ekartea, erropa argia, koloreduna...


Animaliak be agertzen dira zure argazkietan.
Bai, animaliak garrantzitsuak dira nire argazkietan. Asko gustetan jata animaliak agertutea. Jenteak galdetuten deustanean "eroan ahal dot txakurra?" Ni zoratu egiten naz. Animaliak sano-sano maite dodaz.

2017/8/31

ARRATIA ETA EROTISMOA Euskal literatura erotikoak habia egin dau Arratian

Dimako Kalenturak eta Basauriko Euskarabila alkartearen ipuin erotikoen lehiaketak gurean itxitako lorratza sakona da.


Kasualidadea izan ala ez, begi kolpe baten konturatzen gara asko izan dirala ipuin erotikoen lehiaketatik pasa izan diran arratiarrak edota orain diran Arratiako bizilagunak. Holan, Igor Estankona, Julen Gabiria, Alvaro Rabelli, Rafa Ugalde, Janire Lopez, Zefe Ziarrusta, Maite Arrizabalaga lan erotikoen egileak doguz. Horreetako batzuk aspaldi pasa ziran Basauriko Euskarabila alkarteak 1996. urtetik 2012ra arte antolatutako Ipuin Erotikoen Lehiaketatik. Urte horreetan, hain zuzen be, Igor Estakona, Julen Gabiria, Alvaro Rabelli, Rafa Ugalde eta Janire Lopezen ipuinak sariak jaso ebezan aitatutako lehiaketan. Gaur Txalaparta argitaletxeak eginiko hainbat bildumatan topau geinkez euren ipuinak, Bero hezeak (2001), Basa gurina (2006) eta Esku hori!! (2012) bildumetan alegia. Rafa Ugalderen Relax (2007) bilduma be ezin dogu aiztu. Beste batzuk, Zefe Ziarrusta eta Maite Arrizabalagaren lanak, ondino argitaratu bakoak, azken urteotan Diman antolatutako Dimako Kalenturak Lehiaketeari jagokoz. Nabarmentzekoa da Rafa Ugalde dimoztarrak ipuin lehiaketa bien artean egindako zubilana. Ipuin erotikoak idazle honeetako batzuen ibilbidean anekdotikoak izan daitekezan arren, batzuentzat lehenengo lanak izan dira, horreekaz urten dabe euskal literaturearen plazara. Eta ez honeek bakarrik, ugari dira gaur ezagunak diran euskal idazle gazteak horreetatik pasa izan diranak, lehiaketok euki daben arrakasta eta eraginaren seinale. Esan geinke euskal literatura erotikoa bertara etorri dala gure artean sustraitzeko asmoz.


"Paolok telefono kabina batera sartu du Giuseppe, Londoneko kabina gorri horietako batera eta, atea itxi bezain laster, alkondara hautsi dio mihia iltze baten gisa sartuz ahoan". (Igor Estankona, Eros eta triangelu kontzentrikoak).


"Markelek pitto-mutturra sentitu zuen galtzen barrena puzten. Lehenengoan zirrara arin batek egin zion ihes potroetan zehar, barrabilen atzetik hasita aurrerantz, txindurriak bailiran". (Julen Gabiria, Estrategia militarra).


"Hogeita bi urte nituen ezkondu nintzenean, orain daukadanaren erdia ere ez. Eta lehenengo gau hartan ordura arte bekatu zena sakramentu bihurtu zen Juan gainera etorri zitzaidanean". (Rafa Ugalde, Berriro deituko dizut).


Literatura erotikoa, jendartearen isla
E. L. James idazlearen Fifty Shades of Grey (2011) trilogia ospetsua irakurten dauan irakurleak pentsau leike gaurko literatura erotikoa liburu horretara baino ez dala mugatzen. Egia esan, belaunaldi bakotxak bere sexualidadearen isla deskubriduteko joerea eukiten dau. Izan be, literatura erotikoak helburu estetikoa eukiteaz gain -literatura guztiak daukan lez- sexu irakaspena be emon gura izan dau. Jendartearen sexu portaera eta fantasien erakuslea da. Areago, jendarteak sexuagaz zer hartu-emon daukan behin eta barriro erakusten deusku. Horretan, ekarri daigun gogora literatura erotikoak euki izan dauan erantzuna, zentsurarena esaterako. Genero hau zerbaistek ezaugarriztatzen badau, gure jendartean jaso izan dauan zentsurea da. Gurean, nagusi, kristau moralkeriak eragindako zentsura, historian mota honetako liburuak salatu, zigortu eta debekatu izan dituana. Horregaitik, literatura erotikoak be, sasoiak sasoi, kritika eta probokazinorako bidea hartu izan dau, jendartearen hipokresiaren kontrako kritikea. Eta ez gitxitan erreibindikazino kutsua emon barik. Beraz, ondino badira goian aitatutako liburuko pirueta sexualakaz harritzen diranak, zerbaist barria balitz lez.
Baina, barritik ez dauka ezer, arean be ez. Literatura erotikoa literatura bera bezain zaharra da. Beti euki izan dogu sensualidadea, amodioa eta barruko sentimentu guztiak islatzeko beharrizana. Gaurko Fifty Shades of Grey liburuko irakurleak bai harrituko lirateke Bibliako Kanturik ederrena, Aristofanes-en Lisitrata, Ovidioren Amodio kantak, Boccaccioren Decameron, Sadeko Markesaren Filosofia apaingelan, Leopold Von Sacher-Masoch-en Venus im Pelz, D.H. Lawrencen Lady Chatterlay´s lover eta Dominique Aury-ren Histoire d´0 liburuak irakurriko balebez. Kamasutra eta Mila eta gau bat gehiago aiztu barik.


"Ziztada mingarri bat nabaritu dut bat-batean belarri bien ondoan, matrailezur bien elkargunean eta kraska leun bat igarri dut hezurretan. Zakila ahotik atera eta mingainaz baliatu naiz, hezurrei atseden emateko". (Janire Lopez, Arkadiako metamorfosiak).

 
"Orrialdeen gainean makurtu nintzen, Hectorri ipurdia modurik onenean eskaintzeko egokieran. Bitartean, zintzilik gelditu zitzaidan zakilak egunkariko nekrologikoak zituen jomuga". (Alvaro Rabelli, Borreroaren gutiziak).


Euskal literatura erotikoa
Euskal literatureari be, bere txikitasunean, ez jakoz falta genero honetako adibideak. Sano ezagunak doguz Bernat Etxepareren Linguae vasconum primitiae (1545) euskerazko lehenengo liburuan agertutako olerki erotikoak. Edota, jada XX. mendean Jon Miranderen lanak. Baina benetako eztanda azken hamarkadetan gertatu da. Aitor Aranak 1994an argitaratu eban Ipuin lizunak lanari beste askok jarraitu izan deutsie, batez be Txalaparta argitaletxearen bildumakoak. Horrek, generoaren garapena ez eze, irakurle eta idazle barriak be ekarri dauz gure literaturara, Orgasmus (2011) bilduman batzean diran modukoak. Generoaren bilakaerea be agerikoa da. Gaur erotismoaren agerpen hutsetik harago, nagusi da sexu-generoaren gaineko ikuspuntua emotea. Eta literatura erotikoaren mugak gaindituz erotismoa bera bestelango lanetara be zabaldu da, nabarmen-nabarmen idazle andrazkoen literaturan ikusi daikegun lez.


"Atzamarren taktua eten eta han jausi jatan lurrera zigarro mutxikina, nire planeta aurrean nuenaren ikusmiran urtu zan, gorputzean eztanda egin eustan emozioak, liluraren zurrunbiloan ez ezik, bapateko galerna, enbataren menpe utzi ninduen". (Zefe Ziarrusta, Haizearen orrazia).


"Ebaren arnasa bizkortzen hasi zen bat-batean. Begiak itxi eta birikak airez bete zituen, apurka-apurka lasaitzen saiatzeko; ezin ordea". (Maite Arrizabalaga, Ebaren alukeriak).


Eta etorkizunean?
Emoten dau genero honek Arratian egin dauala habia, natural-natural egin be, eta modu batean edo bestean segida eukiko dauala. Esan lez, azpiegitura euki badogu (egileak, epai-mahaikideak, lehiaketak, irakurleak...) euskal literatura erotikoa zabaltzen segiduteko. Literatureari eta euskereari berari hemetik bertatik Euskal Herri osora egindako ekarpena da. Beraz, oraingoz ezer aurreratzeko lar goiz izan arren, baleiteke datozan hilabeteetan horren inguruko egitasmo barrien albiste emotea.

2017/8/1

VIA CAMPESINA Via Campesinaren ordezkaritza batek Arratia bisitau dau

Garagarrilaren 24an, mundu zabaleko Via Campesinaren berrogei ordezkari inguruk, Arratia bisitau eben Igitiek konbidauta, bertako baserri eta egitasmo adierazgarri batzuk ezetuteko. Holan, Maskilu konserberea, Arteako Herriko Benta eta Etxebarrie baserrian abiatu dabezan elikadura burujabetza eta agroekologiagaz konprometidutako proiektuen barri jakin eben Europa, Asia eta Ameriketako Via Campesinako nekazariak. Eta produktuok dastatzeko aukerea be izan eben Igorreko Kiñu Gaztetxean.

 

Izan be, Via Campesinaren VII. Nazinoarteko Konferentzia Derion izan zan, EHNE Bizkaiak antolatuta, garagarrilaren 19tik 24ra. Mundu mailako nekazal mobimetu hau Mons-en (Belgika) sortu zan 1993an eta lau kontinenteetako 200 miloe laborari baino gehiago ordezkatzen ditu, nekazaritza iraunkorraren eta elikadura eredu jasangarri eta arduratsu baten defensan. Lau urterik behin mundu mailako bilerea egiten dabe eta aurten, Derion izan da. Han, 70 herrialdetako 450 nekazari alkarteko kideak -tartean, Igitie, Arratiako Baserritar Agroekologiko alkartekoak- politika publikoen eta merkaduen arteko hartu-emonak aztertu ebezan beste gai batzuen artean, eta Bizkaiko eta Nafarroako ustiapenak bisitau. Bizkaiko ustiapenen artean, Arratiakoak egon ziran.

Maskilu, politika publikoen beharra
Hamarrak jota heldu zan Via Campesinako kideen autobusa Zeberiora. Maskilu konserberearen kudeaketeaz arduratzen diran Mar Garrote eta Nadia Ayuso zain egozan ekimen honen nondik norakoak azaldu eta itaunak erantzuteko. Konserberea orain dala urte 2 sortu zan. Orduan Arratia-Nerbioiko hamabost produktore ekologiko inguruk Zeberioko Udalaren laguntzeagaz, fruta eta barazki konserbak egiteko Maskilu ipini eben martxan. Ordurako urtebete eroien alkarlanean baserritarrak eta Udalak.
"Udalaren partaidetzea funtsezkoa izan zan" azaldu eutsen Ayusok Via Campesinakoai; izan be, proiektua Zeberioko Udalak bultzatutako Nekazalgunea programearen barruan egoan. Programa honegaz, besteak beste, Udalak lurrak eta konserberea egiteko eraikina baldintza ekonomiko egokietan ipini ebazan baserritar gazte talde baten eskura. Lur Funtsa be sortu eban, eta lur jabe eta lurrak landu gura ebenen artean bitartekari lanak egin ebezan, baserritarrentzako hamar urterako alokairu merkeak lortuz. Udalak diru partida bat be ipini eban Maskilun sukaldea egiteko, Europako diruagaz. Barruko obrak bazkideak egin ebezan, osasun araudiari jarraituz, eta makineria erosteko dirua crowdfunding kanpaina baten bitartez lortu eben.
Mar Garroteren ustez, Maskiluren berezitasuna, talde baten konserberea izatea da. Gainera ez da bere horretan agortzen dan proiektua, beste proiektu batzuentzako erremintea baino. Momentu honetan, ortu ertainak landuten dabezan 11 ekoizle dira Maskiluko bazkide. Ekoizle bakotxak eroaten dau bere produktua, berak egiten ditu bere konserbak, eta banaketaz arduratzen da. Taldekoak errezetak konpartiduten dabez. Bazkide ez diran baserritarrai be, konserbak egiteko zerbitzua eskeintzen deutsee Maskilukoak diru baten truke.
Proiektua aurrera ateratea ez da gauza erreza. Legeak eta araudia fabrika handientzako perspektiba industrial batetik eginda dagoz eta kantidade txikiak egiteko makineria topatzea gatxa izan da. Europako etiketatze araudi barriak be gastuak ekarri dauz. Izan be, nutrizino taulak ipintea derrigorrezkoa da. Horrek laborategi gastuak dakarz eta ekoizle txiki batek ezin ditu pagau. Gainera, "hemen ez daukagu errezeta bakarra. Konserbak, daukagunaz egiten doguz, eta gertatu daiteke behin pistoak kalabazina eta berenjenea eukitea eta beste baten berenjenarik ez eukitea ez dagoalako. Eta hori aldatutea garestia da" dino Garrotek. Horreri danari aurre egiteko taldea izatearen garrantzia azpimarratu eban Maskilukoak.
Konserberearen osasun-erregistroari esker, merkadu zabalago batera heldu daitekez baserritar agroekologikoen produktuak. Dana dala, fabrika handientzako ez dirala konpetentzia esan eban Garrotek, prozesu osoa artisaua dalako. Eusko Jaurlaritzan, ekoizpen artisau eta ez industrialarentzako lege bat dago eztabaidan, araudiak holango proiektuak ito ez dagian.
Maskilu ezinezkoa litzatekela Udalaren laguntasun barik eta lehenengo sektoreko proiektuak aurrera aterateko politika publikoen garrantzia azpimarratu eban Nadia Ayusok.

Arteako Herriko Benta, elikadura burujabetza eta mugaz gaindiko alkartasuna
Zeberiotik Arteara 8 kilometro eskas dagoz. Belgika, Korea, Peru, Bolivia eta beste herrialde askotako nekazariak Arratiakoakaz batera, autobusean sartu eta herri bien arteko bidea egin eben, taberna, jatetxe, denda eta ostatua dan Arteako Herriko Bentaren lana eta filosofiaren barri jakiteko.
Trikitixa soinuakaz egin eutseen harrerea Herriko Bentan Via Campesinakoai eta hamaiketakoa eskeini gero, giro alai eta solidarioan.
Arteako Herriko Benta Udalarena da. Orain dala urtebete inguru Malu Egiluzen proiektuak irabazi eban ostatua ustiatzeko Lehiaketa Publikoa. Malu Egiluz EHNEko ejekutibako kidea da eta Via Campesinako VII. Konferentzian, andren asanbladan egon zan. Arteako Herriko Bentan, Arratiako baserritar agroekologikoen produktuak erabili eta saldu egiten ditu eta errefujiaduen alde be egiten dau behar. "Hau udal espazioa da, lan bat egiteko erreminta dana. Benetako elikadura burujabetza erabilten dogu geure plateretan. Baserritarrak gure ortuariak landuten dabez, hona datozenak jan dagiezan gure jatekoak". Baina Europako mugak zarratu egin ditue, euren herrialdeetatik igesi doan jenteari hona etortea gatxago eginez. Ha-ta guzti be errefujiaduak "hemen daukie euren etxea" esan eban Egiluzek, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformeari emon eutsan berbea.
Mugaz Zabalduz karabaneagaz Melillatik etorri barri zan Mikel Zuluagak hartu eban berbea orduan.
Zuluagak inok ez dauala aukeratzen non jaio eta danok euki behar doguzala bizi baldintza eta eskubide bardinak ekarri eban gogora. "Etxe honetan mugarik egon ez daiten saiatzen gara" esan eban. Europarron konsumo mailak Europatik kanpo gerrak eta pobrezia sortzean ditu, eta jente askok bere herrialdea itxi behar izaten dau bizimodu duin baten bila joateko. Elikadura burujabetzak migrazinoak gitxitu daikezala be esan eban, "jenteak ezin badau lurra landu, migrazinoak jarraituko dabe". Mundu hobe bat egiteko, europarrak bizi-maila jeitsi, eta migrazino politikak salatuten animau ebazan.
Egiluzek, Herriko Bentan dana konpartiduteko dala eta nekazarien laguntzeagaz kapitalismotik kanpo dagozan bizimoduak egiten ikasiko dogula esan eban. Igor Etxanizek Arteako alkateak Udala sano pozik dagoala Herriko Bentako proiektuagaz adierazo eban. "Apustu gogorra izan da, baina badirudi apurka-apurka aurrera doala, elikadura burujabetzaren alde eta errefujiaduen alde".

Etxebarrie baserria, salmenta zuzena
Euripean egin eben nekazariak hurrengo bisitea, Aner Mimenza eta Borja Fernandez de Pinedoren ustiapena, hain zuzen be. Etxebarrie baserrian, konsumo taldeentzako ortuariak, ogia eta eztia egiten dabe eta talde erdiak erlezain erropakaz erlauntzetara jo eban bitartean, beste erdia negutegietara abiatu zan.
Hektarea bi daukiez bazkideak eta kooperatiba moduan funtzionetan dabe. Mimenzak eta Fernando de Pinedok beste proiektu batzuetan be hartzean dabe parte: Maskilun, berbarako, eta ardi esneagaz produktuak egiten dauan beste proietu baten be bai.
Gazteai ustiapenaren lehenengo urtetan, oindino gitxi produziduten dauanean bizi ahal izateko eta inbersinoak egiteko Europak diru laguntzak emoten dauzala azaldu eban Mimenzak. Holan egin dabez negutegiak. Baina diru laguntzak jasoteko, norberak ipini behar dau dirua aldez aurretik, askotan "joko finantziarioren baten" sartuz.
Sasoian sasoiko barazkiak landatuten dabez Etxebarrien, eta denpora guztian zerbaist landatuta eukiten dabe. "Landare gehienak bertokoak dira. Sail horretan 14 bariedade tomate dagoz. Ondoan 6 bariedade pipar, berenjenak, meloia...". Labrantzak txandakatzen ditue lurra agortu ez daiten: frutua, ostoa eta zuztarra. Tomatea edo piparra frutuak dira, azea edo espinakea ostoa eta patatea zuztarra. Hiru landare mota horreek nezesidade desbardinak daukiez eta lurraren elementu desbardinak hartzean dabez. Horregaitik, aldatzean, atsedenaldia emoten jako lurrari agortu ez daiten. Lurra ontzeko, behi simaurra, konposta, mikroorganismoak eta zizareak erabilten dabez eta izurriteen kontrako kontrola eskuz egiten dabe.
Eskolea be bada Etxebarrie baserria. Agroekologiaren gaineko dobaneko ikastaroak emoten ditue bertan. Eskola ez ofizialak dira, EHNE sindikatuaren eskolak, "campesino a campesino" metodologia erabilten dabenak.
Banaketeari jagokonean, salmenta zuzenaren aldeko apustua egin dabe. 25 bat familientzako otzarak prestatuten dabez astero ortuari, propoleo eta gaztaiagaz. Arratian eskeintza baino eskaera handiago dagoala dino baserritarrak. Hau da, jenteak bertoko produktua gura dau eta Arratiako baserritar agroekologiakoak ez dabe nahikoa ekoizten eskaerea beteteko. Horregaitik, lehenengo sektorea bultzatzeko politika publikoak egin behar dira, gazteak ikusi dagiezan, lanpostuak dagozala eta proiektuak aurrera atera daitekezala.

Kiñu Gaztetxea eta Igitie
Igorren bazkaldu eben Via Campesinakoak Kiñu Gaztetxean. Ortuan ikusitako sasoiko barazkiak, dastatu ebezan Konferentzian izandakoak. Bazkalostean, Igitie Arratiako Baserritar Agroekologikoen alkartearen aurkezpena egin eben eta kantuan eta jantzan amaitu eben bisitea nekazariak.

2017/8/1

BATIRTZE MENDIA ETA IKER IBARRONDO Mendia eta Ibarrondo Zeanurin ospatuko dan Euskadiko Trikitilari Gazteen Txapelketako finalean

 

Batirtze Mendiak eta Iker Ibarrondok 18 eta 16 urteko zeanuriztarrak herriko jaietan jokatuko dan Euskadiko Trikitilari Gazteen Txapelketako finalean parte hartuko dabe abuztuaren 15ean arrastiko 18:00etan. Lehenengo aldia da zeanuriztar bik txapelketan parte hartzean dabena. Jenteak emondako animoakaitik ebatzi eben parte hartzea. Horregaitik, garrantzitsua iruditzen jakie herritarrak gustura geratutea.


Rakel Aldekoa Diez

 

Noz hasi zinien instrumentuok joten? Zergaitik aukeratu zenduezan trikia eta panderoa? Beste instrumenturik joten dozue edo jo dozue?
Iker Ibarrondo: Ni 8 urtegaz hasi nintzan trikitixea joten. Hasikera baten, pianoa gura neban jo asko gustetan jatalako baina amak esan eustan trikitixea politagoa dala eta hortik hasi nintzan trikitixea joten. Hasikeran apur bat desilusionauta egon nintzan trikitixeagaz baina oin ez neuke aldatuko ezergaitik be. Aurreko urtean hasi nintzan panderoa be joten ikasten.
Batirtze Mendia: 8 urtegaz hasi nintzan trikitixea ikasten eta handik bi urtera panderoa. Urte bitan klase bietara joan nintzan eta lau urteren ostean trikitixea itxi neban eta panderoagaz bakarrik segidu. Momentu baten klase bietara joaten nintzan baina gehiago gustetan jatan panderoa trikitixea baino, gehiago ensaietan neban, garrantzia gehiago emoten neutsan... Batzuetan perkusinoa joten dot, esaterako, "txirlak", kajea...


Zelan animau zinien parte hartzean? Noz hasi zinien txapelketa honetarako bereziki prestatzen?
B. M.: Oin dala urtebetetik edo holan hasi ginan fuerteago joten; konjuntoko talde bat egin genduan, gehiago ensaietan genduan eta mailak gora egin eban. Orduan gu biok hasi ginan bikote moduan joten, lehenengo auzoan eta gero kanpoan, ezkontzetan... Baina konjuntoan be joten genduan eta dogu. Horregaitik, kanpoan joten hasi ginan eta Zeanuriko jenteak be ikusten eban mailak gora egin dauala eta herrikoak, udaletxekoak, irakasleak, gurasoak animau ginduzan parte hartuten txapelketan. Jentea preparetan ibili da baina inor ez da heldu inoz txapelketan parte hartutera.
I. I.: Gure maila nahikoa altxau dogu baina batez be jenteak animau gaitualako parte hartuko dogu txapelketan.


Non ensaietan dozue?
B. M.: Nire etxeko terrazan ensaietan dogu. Barruan oihartzuna dago eta ez da hain ondo entzuten.
I. I.: Auzokoak pozik egoten dira kanpoan ensaietan dogulako.


37. edizinoa dan arren, eta beti Zeanurin egin dan arren, zuok zarie herriko lehenengoak bertan parte hartzean. Presinoa handitu egiten dau hori jakiteak?
B. M.: Nik pentsetan dot trankil gagozala. Badakigu maila handiko jentea dagoala eta ez dogu pentsetan irabaziko dogunik. Gura doguna da herritarrak ez dezepzionau; hau da, herriaren aurrean ondo geratu, jentea pozik geratutea.
I. I.: Oindio presinorik ez dogu igarten baia hurbilduten danean...


Zelango trikitixea daukazue? Eta panderoa? Ze marka gustetan jatzue?
I. I.: Zero Sette markako trikitixea daukat. Alokairuan daukat, ze hasi nintzanean ez nenkian zenbat denpora egongo nintzan trikitixea joten eta bakotxak 2.000 euro balio dauala jakinda alokatu egin neban. Oin, 9 urte ibili eta gero, enkargau egin dot trikitixa bat Zero Sette markakoa. Marka hau da gehien erabilten dana, merkeagoa da eta kalidade ona dauka.
B. M.: Nire panderoaren egilea Agirre da. Gustetan jatan zaratea eta narrua dauka. Ikutukeran be suabea da eta soinu polita dauka nire ustez.


Zer joko dozue? Kanten letrea zuona da?
I. I.: Jotea, porrusaldea, fandagoa eta arin-arina joko doguz. Sartuteko biribilketea joko dogu baina ez dau kontetan puntuetako. Jotea eta porrusaldea kantetan doguz, koplak daukaguz.
B. M.: Letrak nire ahizteak sortu dauz, Ainhoak. Guk esan geuntsan gitxi gorabehera zer gura genduan eta berak idatzi ditu.


Urteokaz indarra galdu dau txapelketeak.
B. M.: Nik pentsetan dot ikustea aspergarria izan daitekela ez bajatzu benetan gustetan edo ez badozu aituten benetan.


Jenteak herrietako jaietan eta auzoetako jaietan joteko deitzean zaitue?
B. M.: Zeanurin hori konjuntoa daukagu ezta, orduan segun ze lekutara gehienetan konjuntoagaz joaten gara. Bestela nik ezin badot ba beste bat doa. Diman eta Lemoan be deitu deuskue joteko. Kanpoan jo izan dogunean beti kobrau izan dogu. Gure herrian oin arte ez, baina Udalagaz hitzarmen bat egiteko asmotan gabiz, baina oindino ez dogu egin.
I. I.: Ezkontzetara, beste herri eta auzoetan joteko be sarritan deitzean deuskue.


Zeintzuk dira zuon erreferenteak musika munduan? Noraino heltzeako asmoa daukazue?
I. I.: Gatxa da esatea. Adibidez, Kepa Junkerak egiten dauz kanta batzuk oso onak, baina ez diranak hain famosoak be, Julen Alonsok adibidez, sano ondo joten dau. Erreferente bat holan ez daukat. Igual hartuten dot kanta bat eta esaten dot "jo ze ondo joten dauan honek" eta igual idolo moduan hartzean dot.
B. M.: Nik pentsetan dot panderoari garrantzi gitxiago emoten jakola eta nik ez daukat erreferenterik baina ideak hartzeako eta, txapelketetako bideoak ikusten dodaz.

2017/7/1

OPORRAK Udako oporrak: familiagaz astebete Balear irletan

Almudena Jordanek bidaia agentzian egiten dau behar. Hamabi urte daroaz arratiarrai biajeak antolatuten eta ondo ezetuten ditu biajeai lotutako euren gustu, joera edo-eta fobiak. Garagarrilean, batez be familia edo bikotekideagaz egiteko, astebeteko biajeak antolatuteko eskatzen deutsie arratiarrak. Gazteak luzetxoagoak. Kuadrilla eta lagun taldeak beste urte sasoietan joaten dira. Aukeratutako lekua be, desbardina izaten da udako oporretan, zein urtean zehar.
Interneten boom-a pasauta, gero eta gazte gehiagok joten dabela beregana hegaldia kontratetako dino Jordanek. Gehien saltzean dituan biajeak Balear irletara eta Europako uriburu eta herrietara izaten dira. Asian, barriz, Thailandia eta India dira desiratuenak. Jihadismoari lotutako atentaduak hasi ziranetik, Afrikarako biajerik ez dauala apenas saltzean dino.


Zuregana joten dabenak, zein biaje tipo eskatzen dabe batez be?
Danerik dago, baina normalean "oporretakoa" deitzean doguna izaten da. Oporretakoa deitzean deutsagu hontzartzan hotel on bat eskeintzen dauanari. Hau da, hotelean animazinoa eta entreteniduteko zeozer, edo antolatutako zirkuitua eskeintzen dauanari.
Gehien eskatzen dana irlak dira. Atzenengo urte bi honeetan asko igon da helmuga turistiko hori. Kanariak eta, azkenaldi honetan, Balearrak be gora egin dabe.
Opor kulturalen helmuga barriz, Europa izaten da. Italia, batez be. Batzuek, zirkuitu bat egin gura izaten dabe, edo euren kontura ibili. Horreek eroaten dabe hegaldia, hotela, eta batzuek igoal, kotxea. Baina gero eta gehiago jenteak gidaliburu bat hartu eta bere kabuz joaten da. Batez be Europatik ibilteko.
Zenbat denporatako biajeak izaten dira?
Udan batez be gazteak eta familiak etorten dira biajeren bat egiteko. Gazteak igoal denpora gehiagorako doaz, 10 egun, 15 egun... Helduak astebeterako joaten dira.
Gero urrietan jubiladuak ibilten dira. Imsersoagaz edo kuadrillan. Eta zirkuitua hartzean dabe orokorrean. Udan lehen familiak bakarrik eukiten nebazan eta orain, gero eta gehiago gazteak hasi dira agentzietara joten.
Urtean zehar andra kuadrillak ibilten dira. Gizonak futbolaren arabera mobiduten dira gehiago. Athletic-ek jokatzen badau ba, ez dakit Dublinen, hara joaten dira gizonak. Lau bat kuadrilla andra daukadaz urtero-urtero etorten diranak biajeren bat egiteko, ia beti Europara. Igorreko kuadrilla bat, Areatzako bi eta Arteako beste bat.
Aste Santuan, Europara. Asko Praga, Viena eta Budapest-era joaten dira. Edo Parisera... beti Europatik. Aste Santua ez da izaten hondartzara joatekoa. Prezioa be kontuan hartzean da; irletara asko igon da prezioa. Hori dala-eta, jentea hasi da Europara joaten.
Gero be Aste Santua segun noz izaten dan, aldatu egiten da aukeratutako lekua. Martian jausten bada, esate baterako, jente gehiago joaten da Europa aldera, aprilaren erditik edo igoal gehiago Balearretara, Mallorcara batez be, ze fetxa horreetan denporeagaz ez dira arriskatzen hainbeste.
Europatik kanpo nora joten dabe arratiarrak?
Asko, Asiara. Jenteari asko gustetan jako Asia. Pasa dan urtean hasi ziran Peru aldera edo joaten, baina "izarra" Asia da. Thailandia eta India, batez be. Thailandiara jente gehiago joaten da. Orain dala zazpi urte edo, Viet Nam ipini zan modan. Eta Japonia. Baina ez dakit zer pasau dan, bat-batean eskatzeari itxi deutsie. Thailandia da izarra; orain dala 13 urte edo hasi zan eta urtero-urtero saltzean da. Horra jente gaztea joaten da batez be.
Eta Afrikara?
Ez hainbeste. Lanbide honetan hasi nintzanean, orain dala 12 urte bai, baina jihadismoari lotutako atentaduak hasi ziranetik... ezer be ez. Lehen jente asko joaten zan Egiptora, Tunez-era, Senegal-era... Prezioagaitik be bai, ze Tunezek beti euki dauz prezio onak, baina orain ezer be ez.
Atlantikoa zeharkatzen dabenak be egongo dira.
Bai. Igaz Perura joan zan hainbat jente. Aurten ez hainbeste. Hara joaten diranak hegaldia eta lehenengo gauberako hotela hartzean dabe bakarrik. Gero han, euren kabuz mobiduten dira.
Estadu Batuetara neguan joatea gustetan jakie arratiarrai. Aurten abuztuan badoaz batzuk. New York-era Gabonetan joaten dira. Edo ezteietako biajean. Ezteietako biajean, New York eta maiar erribera dira gehien aukeratzen dituenak.
Jenteak zer gurago dau garagarrila ala abuztua?
Nik beti saltzean dot gehiago garagarrilean. Beti. Gero abuztuan ez dago inor kaleetan, baina nik gehien-gehien saltzean dodana garagarrila da. Abuztuan jentea gehiago mobiduten da peninsulatik. Garagarrila da jenteak gurago dauana biajetako.
Hamabi urte honeetan gorabehera handiak egongo ziran lan honetan, ezta? Alde batetik, oporretan kanpora joatea ea obligazino soziala bihurtu da; bestetik, Internetek eta krisiak be eragina izango eben...
Bai. Viajes Ecuadorregaz hasi nintzanean, lehenengo urtea oso ona izan zan, eta hurrengo urtean hasi zan krisia. Internet-en eragina be igartzen da. Baina jenteak gero eta arazo gehiago izaten dauz interneten eta agentzietara bueltau da. Nik igaz aldatu neban enpresea eta interneteko enpresakaz egiten dot behar. Lehen 10 maiorista inguru neukazan eta hortik ezin nintzan urten; eta orain 100.000 daukadaz.
Krisiak luze jo dau, sei edo zazpi urtetan sano mobimentu gitxi egon da eta orain dala urte bi zarratutekotan egon nintzan. Baina orain gero eta jente gehiago daukat eta gazteak be etorten dira.
Aurten nobedaderik edo destino barririk badago?
Aurten, Gasteizko aireportutik Sardiniara hegaldi zuzena ipini dabe. Eta bete egin da segiduan. Orain eskatzen badozu, ez dago lekurik. Sardinia oso polita da, Menorcaren antzekoa eta jenteari asko gustetan jako.
Beste nobedade bat da Madriletik Los Cayos-erako (Cuba) zuzeneko hegaldia. Orain arte beti euki dogu La Habana eta Varadero, baina aurten Los Cayos-era ipini dabe. Karibe tipikoa da, harea zuria, itsasoa turkesa... Arratiatik be badoaz batzuk.

2017/7/1

ISMAEL PEREIRA "Nire helburua El Conquisen ikurriņea altxatzea zan, anaiagaitik"

Ismael Pereira Zornotzan jaio zan. Antzerki ikasketak amaitu eta gero Bizkaiko Antzerki Ikastegian hasi zan irakasle lanetan. Zunba irakaslea be bada, eta Arratiako jai eta ospakizunetako disko-festetan, arratiarrai gorputza mobidu arazo eta arpegietan barre bat ipinten deutse. Lagun baten aholkuari jarraituz apuntau zan El Conquistador del fin del mundo programan eta 38 egun egin ebazan bertan.
Eskean Kristöko txapela soinean, barretxo bat beti arpegian, igorreztarrak Karibeaz gainera, publikoa be konkistau dau. Telesaioak aldaketak ekarri ditu bere bizitzan. Arlo profesionalean, lan gehiago eta famea ekarri deutsaz. Arlo personalari jagokonean, orain urte batzuk zendutako anaiagaitik El Conquiseko ikurriñea altxau gura eban Ismaelek. Hori lortu ez arren, anaiari hainbeste gustetan jakon programan parte hartzeak on egin deutsala familia osoari uste dau.

 

Arratian aspalditik zinan ezaguna (Zugan ni, Zu bai Zu, zunba...) baina El Conquis-egaz mugak gainditu dozuz eta orain Euskal Herri osoan zara ezaguna. Publikoaren faboritoa be izan zara. Pozik ez? Saio honek aldaketak ekarri ditu zure bizitzan?
Bai aldaketa handiak ekarri ditu. Apuntau nintzan eta barruan nagoala esan eustenean ikusi neban zer dan. Etxean amak eta anaiak asko ikusten eben programea. Nik inoz ez neban ikusten enbidia handia emoten deustelako holango konkursoak. Banekian zetaz doan programea baina gainetik. Anaia hil zanetik El Conquis ez zan ikusten etxean, eta bat-batean lagun batek deitu eustan esanez Bilbon castinga egoala eta apuntau egin nintzan. Nire helburua zan ikurriñea neuk altxetea anaiaren omenez, baina ez neban lortu.
Jenteak esaten eustan "nora zoaz Ismael, indar nahikoa eukiko dozu probak egiteko?" Orain behin urtenda konturatu naz %90 burua dala, eta beste %10 fisikoa. Psikologikoki egurra emoten dabe etenbarik programan. Han bakarrik zagoz, nominetan zaituenean, autoestimua zelan daukazun oso garrantzitsua da; jenteak zelan egiten deutsun berba kamara aurrean edo atzean, eta abar. Horregaitik jente askok ixten dau programea. Erresistentzia eukitea be oso garrantzitsua da, ezin dozulako dana emon lehenengo minutuan eta hortxe geratu. Konstantea izan behar zara. Probak ordubete edo ordu bi inguru irauten dabe. Nik neuk ez neban objektu personalik eroan nire ustez kalte egiten dabelako. Bueno bai, Eskean Kristöko txapela eroan neban.


Saioaren ze balantze egiten dozu? Ze izan zan onena eta ze txarrena?
Ikuspuntu personaletik, esperientzia moduan, oso ona izan da. Askoz gehiago baloretan dira gauzak bueltan. Han nengoala neure buruari zera esaten neutsan: "ez daukagu edateko urik, lurrean egiten dogu lo... baina hau amaitutakoan etxera joan eta horreek gauza guztiak izango doguz. Baina badago jentea beti holan bizi dana". Programan zoriontsuak ginan hamaka bategaz. Hona etorri eta konturatzen zara dana konsumoa dala eta horrek hasarratzen nau.
Txarrena, parte hartzaileak ez dituela asko zaintzen programan. Egurra emoten deuskue modu fisikoan zein psikologikoan, horrek emoten daualako jokoa. Tratu txar legala dago. Ez daukie neurririk. Ipini arazo zeinkiez 8 metroko altura baten arnes barik, ez jakie ardura zer pasetan jatzun... Gaubetan bakarrik egoten gara, ez dago segurtasunik.


Jentea telesaio horretan parte hartzera animauko zeunke ala lar gogorra da? Ze jente?
Nik norbere buruaren publizidadea egin gura dauan jentea animauko neuke Conquisen parte hartzean. Hau da, musika taldeak, aktoreak, eta abar. Azken baten, eragin handia dauka saioak. Familia eta hurrekoai ez apuntetako esaten deutset matxake handia dalako.


Dana dala, balantze ona egiten dozu.
Anaia hil zanean Igorretik barre bategaz joaten nintzan eta horregaitik oso aurreretxi txarrak egon dira. Nik barrutik eroaten dodaz gauzak, ez jata gustetan jenteak esatea "zelango penea Ismaeleri anaia hil jako". Gainera, zalaparta handia egon zan momentu batetik aurrera ez nintzalako eleizara joaten nire anaiagaitik. Azkenean hori niretzat Cabarceno modukoa da. Bertara zoaz herriko kontakatiluak zu bertan ikusteko. Nire anaiagaitik ikurriñea altxau gura neban, berari asko gustau izan jakolako Conquis ikustea. Berak hainbeste bider esan eustan: "Ismael egunen baten bertan ikusiko zaitut". Orokorrean, familiari oso ondo etorri jako nik bertan parte hartzea, nire alde guztiak ikusi ditualako. Batez be, alde sentibera. Neska-lagunari bakarrik erakusten deutsadan aldea.


Eskean Kristöko txapela gastau egin dozu, denpora guztian eroan dozu aldean. Imaginetan dogu beste txapel bat oparitu deutsuela eta sarrerak doban eukiko dozuzala bizitza guztirako euren kontzertuetan, ezta?
Eskean Kristöko txapela eroatea nire gauzea izan zan, eurak ez eben ezer jakin. Eskean Kristö Arratian daukagun talde bat da eta batzuetan uste dogu Arratiakoa dana Arratian geratu behar dala. Eta sano gauza onak daukaguz ez doguzanak baloretan. Nire ustez, posibilidade handiko taldea da eta horregaitik ebatzi neban txapela eroatea, jente gehiagori ezetuten emoteko. Euren abestiak kantetan egon nintzan baina ez eben emitidu. Nire ustez, danok lagundu behar deutsagu alkarreri. Eurak be niri lagundu deuste ze euren bideoklip bateko aktorea izan naz. Alkarreri lagundutea oso inportantea dala irudituten jata.


Zek emoten deutsu bildur handiago, hango urakanak ala ointxe jatortzunak?
Momentuan, hango urakanak emon eustan bildur handiagoa, baina egia da orain urakan handi bat jatortala. Zinera joakeran edo jatetxe batera... jenteak ez dauka filtrorik. Egun baten, Bilbora joan nintzan kotxez eta auto-ilarak egoazan. Bat-batean batek leihoa jeisteko eskatu eustan eta ea ondoan ezarri eitekean galdetu eustan, nigaz berba egiteko. El Conquisek eragin handia dauka eta orain arte ez nekian hainbestekoa izango zanik. Gainera, publikoaren faboritoa izanda, neurtu egin behar dozu eta barretxo bat bota beti.


Zer moduz joan dira jaiak? Pregoia zeuk egin zenduan.
Igorreko jaiai jagokienean, lehenengo asteburuan nahiko motel ikusi nebazan, ez zan egon jente askorik, nahiz eta kontzertu itzelak egon. Tremenda Jauria, esaterako. Bigarren asteburua, barriz, oso potentea izan zan eta azkenean edaria amaitu zan txosnetan. Aurten oso ondo egon dan beste gauza bat izan da kultura aldetik antzerki asko egon dala. Nire ikuspuntutik, aurten esfortzu eta lan handia egin dau Jai Batzordeak jaiak hobetuteko.
Pregoiari jagokonez, nire ustez, txarto ulertutako pregoia izan zan. Jaiak hasi aurretik arazo politiko bat egon zan, euskereagaz; hau da, jaietako programa osoa euskeraz ipinteagaz. Orduan nire lehenengoko esaldia hauxe izan zan: "Arrastion Igorre eta Arratia edo zelan esan beharko neuke ondo ulertzeko? Buenas tardes Yurre y Valle de Arratia". Honegaz esan gura dot batzuetan ez dala beharrezkoa gauzak erderaz ipintea. Nok ez dau ulertzen jaietako programa bat euskeraz?
Beste alde batetik, esaten dabe dana euskeraz dala. Nahiz eta logikoa danez, gehiena euskeraz izan, gauza batzuk erderaz egon dira: an- tzerkiak, kontzertuak... Jenteak uste dau Jai Batzordea zeozer politikoa dala eta ez da holan: independientea da, edonor joan daiteke bertara eta bere eretxia emon. Nik horreek kejak entzunda esaten dot zergaitik ez da jentea Jai Batzordera etorten eretxia emoten? Gainera, Jai Batzordean gero eta gitxiago gara.
Pregoian aitatutako beste gauza bat izan zan sexua euki behar dala, ligau behar dala, beti jakinda zelan, ez edozein modutan. Hau da, "ligoteo sanoa" aldarrikatu neban.


Ikasturtea amaituta, zunba eta antzerki irakasle lanetan oporrak hartuko dozuz ezta? Ikasturtean Karibean egonda, orain udan etxean egoteko gogoa daukazu? Zeintzuk dira zure planak?
Hilabete bateko oporraldia daukat baina oporrak azkenean ez dira oporrak, orain Conquisegaz ateratako disko-festa guztiak aprobetxau behar dodazalako. Pilo bat urten jataz. Zunba eta irakasle izatetik jai hartuko dot baina disko-festakaz segiduko dot. Beraz, oporrik ez daukat. Dana dala, publikoaren faboritoa izateagaitik lortutako diruagaz Karibera bueltauko naz. Bederatzi egun joateko asmoa daukat, Gabon Zaharretan telefono barik, Iraiagaz (neska-laguna), eta Maddi eta Izeta Conquisekoakaz batera.


Eta hurrengo proiektuak? ETBn beste programa baten zabiz parte hartzean ezta?
Bai beste programa baten nabil parte hartzean. Hemendik aurrera hainbat telebista programatan ikusiko nauzue. Eta ez bakarrik telebistan, irratian be egongo naz. Asko gustau jakie nire perfila eta aprobetxau gura dabe. Reality biren barruan egongo naz eta beste baten ez naz hain barruan egongo.
Conquisen euskeraz berba egitean ebagiten euskuen. Han, dana hasi baino lehen, aireportuan esaterako, jentea ezetutean, hartu-emonak euskeraz izaten ziran; baina gero duelu baten, esaterako, gaztelaniaz egin behar genduan berba, eta arraroa zan. Arazoa da badagozala hainbat langile euskeraz ez dakienak eta orduan gaztelaniaz berba egitera behartzen ginduezan denpora guztian.

2017/6/15

BIZI PROIEKTUA Igorre lagunkoi bat egiteko, 60 urtetik gorakoen proposamenak aurkeztuko ditue Kultur Etxean

Igorre, hirugarren adinekoakaz herri lagunkoiak egiteko prozesuan, diagnostikoa eginda daukan 5.000 biztanle baino gitxiagoko Bizkaiko lehenengo herria izan daiteke. Izan be, Udalaren ekimenez, Bizi izeneko prozesu parte hartzailean, 60 urtetik gorako igorreztarrek, Maraka taldearen laguntzeagaz, edadekoen bizimodua hobea izan daiten, diagnostikoa egin eta hainbat proposamen batu ditue Udalari aurkeztutako dokumentu baten. Hirugarren adinekoen ikuspegitik egindako diagnostiko hori jentaurrean aurkeztuko da bagilaren 21ean, 18:00etan, Pleno Aretoan.

 

Zortzi saio izan dira eta bertan 42 personak hartu dabe parte: 60 eta 70 urte bitarteko 14 andra eta 11 gizonek; eta 70 urtetik gorako 11 andra eta 6 gizonek. Saioez gainera, Marakakoak 11 alkarrizketa egin deutseez hirugarren adinagaz loturea daukien eragileai edo, saioetara joan ezin baina parte hartu gura eben edadeko personai. Jagoleakaz be egin dabe saio bat eta 80 urtetik gorako personakaz beste bat. Saio honetara, 22 persona hurreratu ziran 90 eta 91 urte bitartekoak, 17 andra eta 5 gizon.

Zortzi gairen azterketea
Herri bat adinekoakaz lagunkoia izan daiten erispideak Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ezarri ditu, eta zortzi arlo hartzean dauz kontuan: garraioa, etxebizitzea, partaidetzea eta ehun soziala, errespetua eta inklusinoa, herri partaidetzea eta enplegua, komunikazinoa eta informazinoa, osasun eta gizarte zerbitzuak eta kanpoko guneak eta eraikuntzak. Igorren 2016an hasi ziran horreetako lau arlo landuten: kanpoko guneak eta eraikuntzak, osasun eta gizarte zerbitzuak, errespetua eta inklusinoa eta garraioa. Eta 2017an, beste laurak aztertu ditue.

Kale eta espazio publikoaren azterketea
Igorreko kale eta espazio lagunkoiak eta ez lagunkoiak identifiketako, maiatzean kalera urten ziran Bizi proiektuko partaideak. "Hiru talde sortu ziran, distantzia eta zailtasun edo kapazidade desbardinen arabera, eta bakotxari emon jakon esplorazino kit bat. Baita, argibideak, zer egin behar eben, eta dinamikearen helburua" azaldu deutso begituri Eider Aldape Marakakoak. Dinamikearen helburua Igorreko gune lagunkoi eta ez lagunkoiak identifiketea, eta zergaitia aztertutea zan. Ordubete t'erdi ibili ziran partaideak Igorretik zehar lekuok identifiketan eta emoitzak, Udalean aurkeztuko dan dokumentu baten jaso ebezan.
Bizi batzordeak Udalari entregauko deutsan diagnostikoan zeintzuk beharrizanek daukien lehentasuna be azalduten da. "Asmoa da, Udalak diagnostiko hori aztertutea eta, oporren bueltan, deialdia egitea plan bat gauzatzen hasteko" azaldu deutso BEGITUri Itsaso Bengoetxea zinegotziak. Beti be kontuan eukita, zeintzuk egin daitekezan, -aurrekontua dagoalako eta Udalaren eskumenen barne dagozalako- eta zeintzuk ez.

2017/6/14

BIZI PLAZA PROIEKTUA Oinezkoentzako plaza seguru eta irisgarria gura dabe dimoztarrak

Kotxeak plaza izaerea galdu arazo eutsien Dimako plazeari. Izan be, batez be aparkalekua da gaur egun eta autoen zirkulazinoa be bertatik pasetan da. Plaza izakerea berreskuratu guran, herriko plaza berrantolatzeko prozesu parte hartzailea abiatu eban Udalak, Xoko Espazioren eskutik.


Bizi Plaza izenpean, urtailaren 29tik zezeilaren 23ra, edade desbardinetako herritarrakaz egin ebezan lan saioak Xoko Espazioko teknikariak, diagnostikoa lehenenengo, eta gero, diseinu barrirako proposamenak egiteko. Lan saioetako partaideak, herriko plazeak ibilbide seguru eta irisgarriak eukitea gura dabe, eta autoak bakarrik Taberna Barri eta udaletxearen artetik eleizarako tartean eta norabide bakarrean ibiltea. Diseinu honek, dana dala, zati bitan bananduko dau plazea eta Landaburu kaleko zirkulazinoa be berrantolatu beharko da.
Dimako plazea diseinetako prozesu parte hartzailea eta orain arte ateratako ondorioak azaldu ebezan jentaurrean prozesua dinamizetan dauan Saioa Zuazubiskar arkitektuak maiatzean. Parte hartzaile kopurua eta egindako proposamenetan lortutako adostasun maila azpimarratu ebazan. Baita Biko Komunikazinoaren eta Udal taldeak egindako komunikazino lana be. Izan be, hareri esker "herri guztiak" izan ebala prozesuaren barri esan eban. Prozesuan, 69 nagusik, 52 umek eta horreen 5 irakaslek hartu dabe parte.

Oinezkoentzako diseinua
Plazea oinezkotzearen aldekoak izan ziran proposamen guztiak; hau da, plaza izaerea berreskuratu eta herrian oinezkoen espazio erreferentea bilakatzea gura dabe dimoztarrak. Lan saioetan, beharrezkoak diran edo ez diran elementuen inguruan hausnartu eta etorkizuneko diseinua pentsetako hiru zonaldetan antolatu zan espazioa: alde batetik udaletxeak eta Aramotz taberneak osotuten daben isla; bestetik, Landaburuko harmailen azpikaldea, eta azkenik Taberna Barri eta Baltzolaren terrazetatik Frontoi Txikira arteko espazioa.
Autoen zirkulazinoaren gainean, adostasuna egon zan: autoak izango daben zirkulazino bakarra Taberna Barri eta udaletxearen artetik eleizarako tartean izango da. Noranzkoa ebatzi barik geratu zan. Dana dala, ebatzi honek eragin zuzena dauka Landaburu kaleko bizilagunen auto bidezko irisgarritasunean, Frontoi Txikiko aldapako zirkulazinoa debekatzeak Landaburu kaleko zirkulazinoa berrantolatzea dakar eta.
Etorkizuneko diseinuaren inguruan be, ia erabateko adostasuna egon zan parte hartze prozesuan. Dimoztarrak argi daukie zelango plazea gura daben, eta oinezkoen ibilbide seguru eta irisgarriak izango dira diseinu barriaren ardatza. Dana dala, antolaketeari jagokonez, autoen zirkulazinoak bi zonalde nagusitan bananduko dau plazea.
Bestalde, plaza atondu eta erabilera egokia emotea ahalbidetzen dauan diseinua lortzea lehenesten dabe dimoztarrak. Ez da plaza ikusgarri bat proposatuten; altzari egokiak daukana, elementu naturalez jantzia dagoana eta erabilera desbardinetarako moldagarria dana baino. Era berean iraganeko zezen plazeari keinu bat egin gura deutsie, eta lehengo izakerea berreskuratzeko gai izan.

Plazearen erabiltzaile eta erabilerak
Ume eta nagusiak plazako zona desbardinak eta modu desbardinetan erabilten dabe. Ume txikiak frontoi inguruan ibilten dira; 7 eta 12 urte bitarteko umeak, barriz, Landaburuko gunea daukie gustukoen, apur bat isolatuta dagoalako, bertan kotxerik ez dagoalako eta ikuspegi ona daukalako. Goiko aldean eta harmailetan ibilten dira normalean adin honetakoak. Baita udaletxeko arkupean wifi-a dago-eta.
Gazteak ez dira plazako ohiko erabiltzaileak, kotxea daukienak aparketako erabilten dabe batez be. Gurasoak barriz, seme-alaben aisialdian edo euren alkargune moduan erabilten dabe ingurua. Plazako tabernetan, udaletxean edo liburutegian egoten dira. Frontoi inguruan egotekotan, jarlekuetan, balkoian edo inguruko tabernetan egoten dira.
Nagusiak, plazan, tabernetan ibilten dira eta Landaburun, jarlekuetan zein paseoan bertan dagoalako "eguzkia, kerizpea eta lasaitasuna".

2017/6/1

JUREK ZIEMKIEWICZ ETA AITOR ARBULU Hamaika ikusteko (eta grabetako) jaioak

Jurek Ziemkiewicz-ek eta Aitor Arbuluk aprilaren 21ean Kanadako Mendi Harritsuetan grabautako bideoa birala egin da. Edurjausi umela, motela eta handia jasoten dau bideoak, bere bidetik doan edur erreka ikusgarria. Oporretan joan ziran Ziemkiewicz, Arbulu eta Ane Hernani mendi eskia egiten eta edurjausia gertatu zanean bertan egoteko suertea izan eben.
Ziemkiewicz zeanuriztarra Diman bizi da eta Arbulu Elorriokoa Artean. Biak Heziketa Fisikoko irakasleak dira.


Oporretan joan zinien Kanadako Mendi Harritsuetara. Kontau apur bat opor horreek.
Jurek Ziemkiewicz: 2013an Kanadan egon nintzan eta han ezetu neban Igor Bernas durangoztarra. Mendiko eskiko gida moduan beharrean, hamar urtez bizi izan da han. 2016ko udagoienean hemendik ibili zan eta esan euskun aurtengoa azken urtea izango dala Kanadan, barriro Euskal Herrira etorriko zala. Kanadara joan eta baliabideak aprobetxetako esan euskun: bere etxea, bera han egotea...
Aitor Arbulu: Hamar urtetan gauza asko pilatzen dira eta idea zan lagunari lagundutea gauzak ekarten eta han egoteko aprobetxau.
J.Z.: Udabarrian Aitor, Ane eta hirurok joan ginan mendiko eskia egiten eta Igorreri gauzak ekarten lagunduten. Igorrek 150 kilo inguru ekarri dauz eta gutako bakotxak hartu behar izan dogu maleta estra bat.


Han Igor Bernas gida zala, eskietan ibili zarie, orduan?
J.Z.: Bai. Igorrek helioeski eta mendiko gida lanetan egiten dau behar. Hara gora jentea helikopteroan joaten da, lodge batzuetan lo egin eta aste osoan zehar eskietan ibili. Lodgetan sukaldaria dago eta bezeroak mendiko gidagaz ibilten dira, mendian galduta, aste osoan eskietan.
A.A.: Domekatik domekara izaten da. Domeketan joaten da helikopteroa. Eta guk aprobetxau genduan helikopteroaren biajea, hara joateko.
J.Z.: Egon ginan Mendi Harritsuetan eskia egiten beragaz eta astebete pasau genduan holako lodge baten. Bueltan geure kabuz bajatu ginan, oinez.


Eta orduan ikusi zenduen edur-jausia, ezta? Zelan izan zan?
A.A.: Bai, barikuan izan zan, aprilaren 21ean. Nik hurrengo egunean, zapatuan, hartu behar neban abioia, eta horretarako Vancouverrera joan behar nintzan, gaueko hamabietan autobusa hartuta.
J.Z.: Ebatzi genduan oinezko bidetik bajatutea, helikoptero barik. Horretarako egin behar genduzan 35 km. eskietan eta oinez, lagun batek itxitako todoterrenora heldu arte. Edur gitxi egoan eta eskiak, motxilak eta ibilten ordu asko izan ziran. Ibilgailuan gauzak kargau eta beste hirurogeta piku kilometro egin genduzan mendiko bideetatik.


Mendian eski egonaldia amaitu eta lodgetik bajatukeran ikusi zenduen edur-jausia.
J.Z.: Bai, aurreko astean mendiko eskia egiten ibili ginan. Hemen be bai ibilten gara, baina hango baldintzak eta hango terrenoa, eskala handian da. Eta Igor han bertan egotea segurtasun handia zan. Edurra dagoanean beti dago edur-jausi arriskua. Han handiagoak dira, terrenoa handiagoa dalako, baina ipinten genduzan neurriak ezer ez gertatzeko.
Azken egunean beherantza gatozala, edur-jauste famoso hori gertatu zan, baina ez zan izan ezustekoa. Avalanch path deitzean diran bide batzuk kurutzatu behar genduzan. Jakinaren gainean gengozan eta adi joan ginan. Justu azkena kurutzatu genduanean, ordubiak edo ziran. Egurrezko kartel bat egoan eta zera ipinten eban: Expect the unexpected (espero egizu ezustekoa). Hareri argazkia atera eta 1.500 m. gorago edur plaka bat apurtu zala entzun genduan.
Hasikeran bildurtu egin ginan eta galapan hasi, baina segiduan konturatu ginan bere bidetik etorrela. Entzun gendunetik agertu arte, minutu bi pasau ziran. Edur errekea 10 minutu egon zan gure aurretik pasetan parau barik. Horretan lan egiten dauan lagun batek, irudiak ikusita eta neurketak eginda, esan euskun 1etik 5erako eskalan, 4,5ekoa dala edur-jausi hori. Eta beheko partean edurra egon izan balitz, 5ekoa izango zala. Izugarria!
A.A.: Egia da ez dozula espero holango ezer ikustea, baina konsziente ginan eta hartuten genduzan neurriak. Holango lekuetatik azkar pasetan saiatzen ginan, adi egoten zaratai, ez pasetan danok batera, zerbaist gertatu ezkero aukerea izateko lagunari lagunduteko... baina benetan gertatu arte, ez dozu espero. Ikusgarria benetan!


Aitor, azkenean hartu zenduan abioi ha?
A.A.: Bai. Jurek eta Ane geratu ziran beste astebete-edo Kanadan, eta ni bueltau nintzan. Edurra gustetan jakon batentzat paraisoa da ha. Pribilejauak izan gara.


Bideoa birala egin da.
J.Z.: Lagun kuadrileari bialdu neutsan bideoa whatsappetik. Hurrengo egunean, Jon Artano EITBko kazetaria kontaktuan ipini zan nigaz, esanez EITBra bialdu behar ebala. Eta albistegietan agertu zan. Aitor abioian egoan, gu kontaktua galduta...
A.A.: Amak telebistan ikusi eban nik bialdu baino lehenago eta ni han nengoala jakinda.
J.Z.: Gau horretan ETBn agertu zan. ETBtik segiduan Euskadi Irratitik deitu eusten. Gu Kanadako Mendebaldeko kostan gengozan. Gero, holango bideo biralak zabaltzen dabezan konpainia batetik deitu eusten Los Angeles-etik.
Los Angeles-ekoakaz ez dogu traturik egin, baina New York-eko beste kopainia bategaz bai; Storyful-egaz. Yahoo, National Geographic, ABC News... eta holango konpainia handiakaz egiten dabe behar. Bideoa saltzean deutsee eta portzentaje bat eurentzako da eta beste bat guretzako.
Datorren urtean Kanadan ikusten bagaituzu, horrek esan gura dau bideoa ondo saldu dala. Ezpabere, Gorbeian egongo gara eskietan.


Edur-jauste horreek ohikoak dira. Ez egoan holango bideorik?
J.Z.: Mundu honetako jentea ipini da geugaz harremanetan, esanez bideoa dokumentu zientifiko moduan oso inportantea dala, gitxitan grabau dirala tamaina horretako eduroldeak, naturalak eta momentuan bertan egonda. Eta justu personen bizipenak entzuten dira. Holango oso gitxi ei dagoz.
Edur umeleko erreka bat da. Urtesasoi honetan urtero gertatzen dira holangoak. Edur piloa dago mendian, tenperaturak epeldu egiten dira, edurrak pisua hartzean dau... Edur-jauste mota hau umela eta motela da. Laba erreka baten antzekoa.
A.A.: Bideoan emoten dau arriskua handiagoa dala. Ez zan istripurik gertatu eta guk suertea euki genduan ha bertatik bertara ikusi gendualako.


Orain ze plan daukazue?
A.A.: Orain Gorbeia Suzien-en antolakuntzan murgilduta gagoz eta aurrera begira badaukaguz gauzak, baina ezin dira kontau, ez dagozalako guztiz lotuta.

2017/6/1

KONPOSTAJE PROIEKTUA Baserritarrak ekoizle handien hondakin organikoak atez ate jasoteko proiektu pilotoa abiatu dabe Arratian

 

IK4 Azterlanek eta Igorreko Artadi mintegiko Geert Roels-ek supermerkadu, eskola eta abarreko hondakinak jaso eta konpostatzeko proiektu pilotoa ipini dabe martxan. Proiektuak Eusko Jaurlaritzak kudeatuten dauzan Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren diru laguntzea dauka. IK4 Azterlanek proiektuaren bideragarritasuna aztertzen dau, Arratiako Udalen Mankomunidadea materialak ipini eta begirale dago ea etorkizunean proiektua zabaldu daiteken jakiteko. Errota Arratiako Garapenerako alkarteak be laguntza emon deutso Igorreko baserritarrari, organikoak bereizi eta proiektu honetan parte hartzeako prest dagozan enpresak topatzeko.

 

Austriar ereduari jarraituz, hondakin organiko asko sortzean diran lekuetan, hodakinok batu eta konpostau egiten dabez baserritarrak euren ortuetan ongarri moduan erabilteko. Bizkaian, Berrizen eta Larrabetzun izan ziran hau praktikan ipinten lehenengoak, eta orain Igorrekoa eta Iurretako beste nekazari bat hasi dira inguruko organikoak batu eta konpostatzen. Urtebetez holan egin ostean, esperientzia balorau eta Bizkaiko leku eta baserritar gehiagotara zabaldu daiteken ikusiko da. Bideragarria bada, udalai eskatuko deutsee Arratiako baserritarren hondakin organikoen kudeaketaren proiektuan parte hartzeako, proiektuari jarraipena emon ahal izateko.
Baserritarrak, hondakinak kudeatzeagaitik diru bat jasoten dabe.

Bosgarren edukiontzia eta atez ateko sistemearen erdibidekoa
Zaborra kudeatzerakoan, hondakin organikoai jagokienean, Bizkaiak, batez be, bosgarren kontenedorearen aldeko apustua egin dau. IK4 Azterlaneko Ander Areitiok azaldutakoaren arabera, atez atekoan gehiago birziklatzen da baina denpora asko behar izaten da kantidade txikia batzeako eta ekonomikoki ez da errentagarria. Hori dala eta, proiektu piloto honek erdibideko zerbaist palanteau gura dau: orokorrean bosgarren kontenedoreagaz funtzionau, baina organiko sortzaile handiai atez ateko zerbitzua eskeini.
Europak eskatzen dauan birziklatze-tasara ailegetako urrun dagoala Bizkaia esan eban Unai Rementeriak Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak maiatzaren 15ean, 2030rako %65ra ailegau behar dala eta %44 birziklatzen dala Bizkaian.
Proiektu honek organikoak gehiago birziklatzeko balio ahal badau be, hori ez dala proiektuaren helburua dino Aitor Uriguen AUMko Ingurumen Teknikariak "Martxan dagoan proiektuaren garrantzia ez dago kudeatuko dan kantidadean, bideragarritasunean baino. Ingurumen, ekonomia eta normatibeari jagokon bideragarritasunean, hain zuzen".
Organikoak jasoteko bosgarren kontenedoreaz gainera, Arratian lur sailtxo bat daukien etxe askotan, etxeko organikoak konpostau egiten dabez. Baita eskolak eta Institutuak be. Arratian, edukiontzi marroia, etxeko konpostajea eta eskoletan eta Institutuan egiten danagaz, materia organikoaren %12 inguru kudeatzen da AUMen arabera. "Zabor guztitik, hondar organikoak %40-42 inguru suposatzen dau. %40-42 honen %12a ondo kudeatzen da. Beraz, organikoaren %12 ondo kudeatzen bada, organikoaren %88a errefusara doala esan gura dau" dino AUMko teknikariak.
Errefusa hori txikitzeko baliagarria izan daitekela proiektu hau be uste dabe proiektua abiatu dabenak. Eta sortzaile handiak, -supermerkaduak, jatetxeak, enpresetako jantokiak, eskoletako jantokiak...- zerbitzu berezia behar dabela organikoak kudeatzeko uste dabe. IK4 Azterlaneko Ander Areitiok aztertuko dau ea ekonomikoki bideragarria dan. "Gure lana izango da diru kontuak kalkuletea, ikustea zenbat kostau ahal dan eta gero hori zabaltzea. Urte amaieran egongo da komunikazino kanpaina bat, printzipioz, udaletxe eta mankomunidadeari zuzenduta". Proiektu pilotoa urte amaierara arte izango da. "Emoitzak jakin baino lehen, ezin dogu asmatu zenbat ekoizle handi egongo diran prest parte hartzeako, zenbat nekazari, zein izango dan kostua tona bakotxako, bete behar diran normatibak... Hau dana jakitea da proiektuaren helburua" azaldu dau Uriguenek.
Organikoen birziklatze maila sano txikia da Bizkaia osoan. Izan be, sortu barri dan Bizkaiko Zero Zabor plataformeak Berriari emondako datuen arabera, igaz 6.613 tona hondakin organiko batu ziran Bizkaian konposta egiteko, Gipuzkoan, barriz, 42.604 tona, nahiz eta Bizkaiak baino 425.000 biztanle gitxiago euki.

Artadirako ongarria
Geert Roels-ek hektarea erdiko esplotazinoa dauka Igorren, Artadi mintegian. Bertan, zugatz gazteak eta zugaztxoak hazten ditu. Haziak ahalik eta hurren jasoten dituala dino, mintegian bertan tratau eta gero ereiteko. Kimikarik ez dauanez erabilten, konpost asko behar dau, astean tona erdi bat inguru.
Maiatzaren 3an, Roels Arratiako hiru lekutan hasi zan organikoak batzean: Areatzako Balnearioa Hotelean, Arratianon eta Batz-en. Momentuz 300 bat litro jasoten ditu, baina Errotaren laguntzeagaz beste puntu batzuetan jasoteko akordioak egiten dabil eta Ormazabal-en be hasi da jasoten.
Enpresak, ostatuak edo organiko sortzaile handiak, baldintza batzuk bete behar ditue parte hartu ahal izateko. Alde batetik, hondakin organiko bolumen handia sortu behar dabe, hau da, sukaldea edo jantoki handi bat eukitea ezinbestekoa da. Beste alde batetik, hondakin ontzia non euki be izan behar dabe. Osasun araudia dala eta, sukaldean ezin da euki. Kanpoan landatxo bat eukitea da aproposena. Azkenik, hondakinak ondo batu behar dira, beste ezerregaz nahastu barik.
Roels-ek, astean hirutan, batzean ditu organikoak aitatutako lekuetan. Hondakinak jasoteko erabilitako ontziak eroan, eta garbiak ixten ditu jatetxe eta enpresetan.
Gero etxera eroan eta konpostagailuan sartzean ditu hondakinok. Konpostagailu handia dauka, 2,20 m x 2,20 m.koa. "Handia aukeratu dot bertan sartu ahal izateko. Lan egiteko modu hau Larrabetzun ikusi dot. Holan gitxiagotan mobidu behar da konposta eta hobeto haizetuten da". Konposta egiteko organikoagaz nahastuteko behar dan parte lehorra eta ontziak Mankomunidadeak ipini ditu.

2017/5/15

GURE ESKU DAGO Ilusinoa eta %55,16ko partaidetzea Zeanuriko Gure Esku Dagoren galdeketan

Diman jasotako lekukoa Areatzari pasau eutsan Zeanurik maiatzaren 7an, independentziaren herri galdeketea egin ostean. Lehen olatu handian egon zan Zeanuri. Parte hartzea %55,16koa izan zan.

1.057 lagunek emon eikien botoa eta 583 boto jaso ziran, 577 baliodun eta 6 baliobako. "Euskal Herri independiente bateko herritarra izan gure dozu" itaunari, baietz erantzun eutsien 532 herritarrek, ezetz 15ek eta 30ek boto zuria emon eben.
Goiz hasi zan eguna talde sustatzaile eta boluntarioentzat, 07:30ean, hain zuzen. Aretoa apaintzeko eta atzeneko ikutuak emoteko geratu ziran. Jai itxurea aurreko egunetatik hartuta eukan herriak. Mahaiak, aulkiak, hautestontzia, botoak, informatikoak ordenagailuagaz... dana prest egon zan jentea botoa emoten hasi orduko.
Egunean zehar, alkate eta zinegotziak, merkatariak, unibersitarioak, jubiladuak... jentea hurreratuten joan zan bere botoagaz eretxia emoten. "Inork ez eban huts egin gura eta horren adibide izan leiteke, azkolari bat bere tresnagaz bozkagunean agertu izana, edo lehenengo aldiz bozkatzen eben gazte batzuek la ola egin euskuela" dinoe antolatzaileak.
Ekitaldi nagusian, Areatzak lekukoa hartu eban. Hautestontziaz gainera ilusinoa be pasau eutseela lekukoagaz batera dinoe Zeanurikoak. Ekitaldiaren aurretik, Arratiako talde bat kolorez beteta eta jantzan, plazan sartu zan. Eskilaretan talde sustatzaileko guztiak egozan, askotan lan isila egindakoak; baita Dimako ordezkariak be, igaz herri galdeketea egin ebenak.
Bozketea jai giro ederrean gauzatu zan eta era guztietako ekimenak ez ziran faltau: umeentzako tailerrak, bertsolariak, bazkari herrikoia, herri kirolak, Gontzal Mendibilen bazkalosteko kantuak, pelota partidua, txokolatadea, txosnea... Guztia, boluntarioen lanari esker.

Lehenengo olatu handia
Maiatzaren 7an, Gure Esku Dago Erabakitze Eskubidearen aldeko herri ekimenak, egin ebazan herri galdeketetan 247.812 persona egon ziran deituta, eta 63.237k emon eben botoa; hau da, %25,52k. Porzentaje desbardinetan eta modu diferenteetan planteauta, herritarrak ea Euskal Herria estadu independientea izatea gura eben itaunari erantzun eutsien 52 herritan: Deba, Eibar, Elgoibar, Itziar, Mutriku, Soraluze, Abadiño, Durango, Elorrio, Zaldibar, Zornotza, Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa, Ziortza-Bolibar, Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Jatabe, Meñaka, Mungia, Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz, Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia, Lasarte-Oria, Legutio, Orozko, Urkabustaiz, Usurbil, Zubieta eta Zeanurin, hain zuzen be.

2017/5/2

AGUSTIN ELEXPE Agustin Elexpek erretiroa hartu dau 39 urtean Igorren agoazil izan eta gero

Txakolindegiaren ondoan egoan eta bota zan etxean jaio zan Agustin Elexpe. Zulaibar amaitu eta gero Aralucen hasi zan beharrean trokelerian, Zornotzan be torneru ibili zan. Gero, "petroleru" beharretan ibili zan Elexpe, perforazinoak egiten enpresa baten, Espainia guztian zuloak eginda dago petroleoa topetako. 1978an sartu zan agoazil Igorren, Jose Maria Otxoa alkate zala, aitak semea herrian egotea gura eban eta semeak jakin barik aitak emon eban bere izena udaletxean. Hasi zanean Isidro Bustinza eta bera ziran agoazil Igorren, eta udaletxean bertan bizi izan ziran. 2017ko aprilaren 21erarte egon da agoazil lanetan.
Ointxe dala dozena bat urte ingurutik hona be bi izan dira Igorren beharrean ibili diran agoazilak.


Urte honeetan guztietan beharra bardin antzekoa izan da ala agoazilaren eginkizunak aldatu egin dira? Zeintzuk?
Hemen urtetan ebana egin behar izan da. Aldaketak noski egon dirala sartu nintzanetik hona. Egin beharreko betekizunak handituz joan dira. Ni beti izan naz persona bat, gauza bat egiteko esan eta segiduan egin dodana, ze ostean esaten dozu, bihar egingo dot... eta onena momentuan egitea da. Eginkizunak aldatu dira bai, baina horreek be hainbat arinen eginda hobeto.


Beharra aldatu dala dinozu, eta gizartea? Zelangoak ziran orduko igorreztarrak? Eta oraingoak, zelan definiduko zeunkez?
Herria asko aldatu da, mobimentua asko be handiagoa da orain. Gaurko egunean Industrialdea, Kultur Etxea, kiroldegia... danetarik dago Igorren, ez dauka zerikusirik lehenagoko Igorregaz, zerbitzuen eskeintzea asko be handiagoa da. Zenbat eta gehiago euki, orduan eta gehiago exijiduten da. Exijente bihurtu gara.


Anekdota piloa eukiko dozuz. Kontau bat edo beste.
El Lutek baino anekdota gehiago daukadaz. Milaka. Asko kontau ezin diranak. Olabarrin terreno batzukaz, ikurriñeagaz, kotxea (Udaleko Panda) ostu eustenekoa...


Korrikan lekukoa eroan zenduan Igorreko Udalaren izenean.
Hasi nintzan ondo eta amaitu txarto (barreka). Orain dala urte batzuk Jose Ramon Bustinzagaz joan nintzan Lemoaraino, biok orduan be gazte. Aurten lekukoa eroanda emozionau egin naz, euskalduna bazara barruraino heltzean jatzu hori.
Orain dala bost bat urte be pregoia bota neban, eta hori be itzela izan zan, sano urduri egon nintzan, norberaren herria eszenaleku gainetik aurrez aurre ikuste hori... asko heldu jatan. Sentimentu oso politak dira. Horreek biak inoz ez jataz aiztuko.
Ziklo-krosa be inportantea izan da herrian. Eskatu deustena egin dot beti.


Eta jubilau ostean zer? Zeintzuk dira zure planak?
Lehenengo gauzea burua asentetea da, sonanbulo baten moduan nago, ia egoera barrira egiten nazan! Gogoa daukagu biajeren bat edo zeozer egiteko. Ni bizi nazan lekuak be lagunduten deusta; San Kristobalen, etxean, beti dago zeozer egiteko eta.


Ezetu dozuzan alkateen gauza on bat?
Jose Maria Otxoa egon zan alkatetzan ni heldu nintzanean baina ez neban asko ezetu, ezin dot ezer esan.
Jose Ramon Bustinzari meritu handia emoten deutsat, udaletxera heldu zanean ez egoan txakur handi bat be, baina handik hortik hemendik... ez zan udaletxean asko egoten, beti ibilten zan leku batetik bestera parau barik.
Jose Miguel Iza behargin handia zan. Atea joten "numero uno", mundiala. Zita barik joaten zan ha lekuetara, atea jo eta aurrera.
Joseba Ipiñazar "Ipi" persona ona. Alkate ona eta persona ona.
Galder Olibares, neuretzako Galder "pasada" bat zan. Herritarra edozein lekutan: udaletxe barruan zein kanpoan. Persona oso zabala eta argia. Eta gauzak arpegira esaten ebazan.
Beinat Anzolak ez dauka zerikusirik Galderregaz, teknikoagoa da, baina hau be ona.
Alkate txarrik ez da egon. Bategaz edo besteagaz behar egitea diferentea zan baina danakaz ondo moldatu naz, ez daukat inoren kejarik.

2017/5/1

HIZKUNTZA PROIEKTUA Dimako eragileak Hizkuntza Proiektua partekatu dabe

Ikasle Euskaldun Eleaniztuak Proiektuak herriko Keixako Hegoak, Dantza taldea, Pelota Eskola, Dimnasioa, Abizarie, Dimesten, Igitie, Haur Eskola, Eskalada taldea, Gaztelekua, Jubiladuak, Jai Batzordea, Liburutegia, Kantu bat gara taldea, Guraso Elkartea eta Udalaren ekarpenak jaso dauz, martiaren 9, 16 eta 23an egindako lan saioetan. Bertan egindako hausnarketen kontakizuna emon dau jakitera Dima-Ugarana Herri Ikastetxeak.

 

Jentarte globalizauan bizi eta aldi berean euskerea indartuteko erronkeari erantzuteko sortu zan proiektua. "Euskal Hezkuntzako partaideok, eta jentartea orohar, erronka handi baten aurrean aurkitzen gara. Mundu globalizau eta komunikazino-teknologien garai honetan, euskal umeak eta gazteak abiada bizian aldatuten dabizen biziteko era eta beharrai erantzuteko zurrunbiloan bete-betean murgilduta gagoz. Ondorioz, argi esan daikegu norbanako modura zein jentartean garatzeko bitartekoak eta prestakuntza bera be, bere zentzu osoan, zinez konplejua bilakatu jakula. Beraz, konplejutasun horreri zelan erantzun dogu gakoa, erronkea" dinoe Dima-Ugarana Ikastetxekoak.
Egoera horrek zuzen-zuzenean eragiten dau hizkuntzen eremuan, eta norbanako eleaniztun eta jentarte kulturanitz horretan, "euskaldunoi bertoko hizkuntza eta kultura dogun heinean, geure ekarpena egitea jagoku jentarte hori aberasteko eta aldi berean bizi-irauteko, euskaldunok euskaldun modura biziraungo badogu behintzat".
Euskerea ardatz, hizkuntzetan konpetentzia komunikatiboa lortu eta garatzeko, hizkuntzaren ezagutza eta erabilerea funtsezkoa da, umeen garapenean zein geure kulturatik mundura salto egin eta eleaniztasunean, kultur aniztasunean, euskaldun eleaniztun hezi, hazi eta garatuteko.
Gure testuinguruan nagusitzen dan hizkuntza gaztelania dala jakinda, ikastetxean indartu behar dan hizkuntza euskerea izango da. Hizkuntza proiektu batek, proiektu eleaniztun batek, hizkuntza guztiak hartu behar ditu kontuan. Zentzu horretan, ezinbestekoa da plangintza integral bat jorratutea, "non hizkuntzen egoera eta estatusak, hizkuntzen glotodidaktika, hizkuntzen soziolinguistika, psikolinguistika eta hizkuntzen soziopolitika kontuan hartu beharreko ardatzak izango diran. Beti be hizkuntzen arteko plangintza inklusibo baten norabidean eta euskerea egoera minorizaduan eta oindino arriskuan dagoan hizkuntza bat dala jabetuta".
Gaiagazko ardureak, ikastetxean konpromiso eta hausnarketa prozesu bat zabaldutera eroan eban; gure errealidade sozio-linguistikoaren inguruko datu bilketa eta diagnosi bat egitera. Hortik atera ziran ondorio, helburu eta lehentasun batzuk finkatuteko beharrak.

Norabidea, iparraren garrantzia
Helburuan adostasuna dago. Proiektukideak ikaslea gaitu gura dabe testuinguru desbardinetan hizkuntzagaz modu eraginkorrean komunikau daiten, egoera desbardinetara egokitu eta gaitasunez jardun dagian.
Bideak askotarikoak dira, baina Diman, alkarlanean, talde lanean, barrikuntza metodologiko eta didaktikoak bereganatuz, partaidetzan oinarritu dira ume bakotxaren garapena lortzeako. Horretarako, euskerearenganako hurbiltasun afektiboa behar dala dinoe, atxikimentua eta identifikazinoa; "eta umeak persona eta espazio jakinakaz egiten dauan hizkuntza identifikazinoa kontuan hartuz, komunidadea inplikau behar da". Lan hori guztia ahalik eta ondoen egin ahal izateko hainbat arlotan eragin beharra ikusi eben: taldeen antolaketan, motibazinoan, metodologian, irakasleen prestakuntza teknikoan, helduen hizkuntza erabileran eta aisialdian edo-eta umeen bizi eremuetan batez be. Horretarako hezkuntza komunidadearen esku-hartzea bilatu eta indartu ez ezik, lankidetzan jardutea ezinbestekoa iruditu jakien; hizkuntza jarkeretan eragiteko, edo hizkuntzen ikas-irakaskuntza aktiboari, komunikatiboari eusteko eta prestakuntza jasoteko edo euskerearen erabilerean aurrera egiteko helburuakaz.
Testuinguru honetan sortu zan bere egunean Kontseiluaren eskariz, Hezkuntza eragileak adostutako proposamena Sortzen-en eskutik: Ikasle Euskaldun Eleaniztunak Hizkuntza Proiektua, hain zuzen be.
Euskeratik eta euskal kulturatik abiatuta, hizkuntza estruktura sendoa euskeran eukitearen garrantzia eta eleaniztun izatearen abantaila, curriculuma euskeraz garatzen dau Dima-Ugarana Ikastetxeak eta, hizkuntzaren ezagutza eta erabilerea funtsezkotzat joten da umeen garapenean. Izan be, ondoizateak eta integrazino sozialak hizkuntza eta kultura behar ditu. "Danok emon behar dogu eredu, hezkuntza komunidade osoak bat eginda jarkerak hobetu eta erabilerea areagotzeko". Eta hizkuntzen egoerea kontuan hartuta hizkuntza jarkeretan eragiteko, danak norabide baten egin behar dabe lan, "komunidadeko sektore edo eragile bakotxak, bere zeregin eta erantzunkizunetatik".
Hizkuntzen egoerak ez diranez bardinak, hizkuntza plangintzak jarkeretan be eragin beharko dau; eta jarkeretan eragitea, ezin da eskolatik bakarrik egin. Komunidade osoak konpromisoa hartu behar dau helburua lortzeako; hau da, ikasleak ahalik eta gaitasun komunikatibo egoki eta aberatsenak garatu dagiazan. Eta horretarako ezinbestekoa da norabide bakarreko alkarlana.

Hiru zutabe: Ikastetxea, Gurasoak eta Udala
Orduan, hezkuntza komunidade osoari aukera aurkeztu eta aurrera egiteko ebatzia hartu eben. Behin Ikastetxea, Gurasoak eta Udalak osotutako hiru zutabeen arteko adostasuna erdietsi ostean proiektuan murgiltzeko prozesua adosteari ekin eutsien Ikastetxe, Sortzenek eta Elhuyar Aholkularitza taldeak.
Lana bideratzeko egitura eta funtzionamentua zehaztuta, besteak beste, Jarraipen Batzordea eta Herriko Hizkuntza Batzordea sortu ziran. Jarraipen Batzordearen lana zan, prozesu osoari jarraipena egitea, fase bakotxean ekarpenak egitea, sensibilizazino saioak zein diagnostikorakoak antolatzea, Proiektuaren diseinu eta logotipoa egitea, komunikazino planaz arduratzea, eta, beharrezkoa izan ezkero, beste edozein neurri edo proposamen bideratu edo hartutea. Herriko Hizkuntza Batzordearen arduran gelditzen zan prozesu osoa herrian gauzatzeko plangintzea, ebatziak adostea eta bitarteko eta neurriak bideratzea.
Proiektua aurkezteaz gain, motibazino eta sensibilizazino saioak egin ziran ikasle, guraso, irakasle eta herriko eragileakaz. Gero, eskolan zein herrian eginda egozan diagnosi ikerketak, gehi Klusterrak egindakoak kontuan hartuta, diagnostikoa osotuteko galdetegi bat prestatu eta herrian zabaldu zan herritarren eretxiak jasoteko. Lan haretatik ondorio, helburu eta lehentasunak finkatu ebezan ondoren.
Jarraian, beste fase bat hasi zan. Alde batetik, Hizkuntza Proiektua izango danaren diseinuan Marko Teorikoa definidu eta zehazten joan; eta bestetik, lehentasun ildoetan herrian, ikastetxean pauso praktikoak planifikau eta egiten hasi.

Informazinoaren garaian, informazinoa zelan tratau
Horretarako hausnarketa, talde lana eta metodologia behar dirala eta interakzinoetan dagoala gakoa dinoe. Euskal Hezkuntza Sistema osoaren xedea euskal herritarrak jentartean partaidetza aktiboa izateko eta bizitzan modu eraginkorrean moldatzeko gai izan daitezan trebatzea dala kontuan hartuta, eta gaur egun giza interakzinoen kontestu global baten bizi garala jabetuta, begibistakoa da guztiz aldatu dirala ekoizpen moduak, konsumitzekoak, komunikau, egin, sentidu edo pentsetako erak. Ondorioz, egoera horrek, ezinbestean, ikasketa prozesuetan be beste egiteko era bat eragin behar dau lagunduteko egoera ezegonkor horretan biziten, aniztasun eta konplejutasun horretan ikastera ikasten, eta ikasketak autoerreguletan, besteak beste. Egungo eskolearen zeregina da, "ezagutza bitalak eta berauek zelan aplikau izan behar dau, eta desbardintasunen aurrean funtzino konpensatorioan aportatzea". Baita hizkuntzen inguruko ardura eta erronketan be.

Helburu eta lehentasunak
Honeek guztiak, euskal hiztun eleaniztunak helburu, eta egungo errealidadeen ezaugarri eta erreferentziak kontuan hartuz, helburu eta lehentasunak markatzera eroan ebazan. Lehentasunok, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegi inklusiboaren bidean hizkuntza eskakizunai erantzutea; hizkuntzen irakaskuntzarako metodologiak eguneratzea, baita gelaz kanpokoak zein asialdikoak; euskerea eskola komunidadean txertatzea eta aldaketa beharrari eta eskaera barriai erantzuteko trebatzea umeak; euskerea komunidade identidadearen euskarri eta kohesino tresna bilakatutea; euskeran eta euskal kulturan ardaztuta, kultur aniztasunari eta hizkuntz aniztasunari erantzutea; Hezkuntza komunidade osoaren partaidetza aktiboa sustatzea eta hezkuntza barritzaile, etenbarik ikasten ikasteko, aldaketarako, barrikuntzarako eta etenbako hobekuntzarako hezkuntza-sare konpartidu modura jardungo dauan ikastetxea sustatzea.
Honeek guztiak, prozesuari aurre egiteko lehentasunezko zeregin eta erronka barriak garatzera eroan zituan partaideak. Alde batetik, ikastetxearen markoan, irakaslegoaren prestakuntza eta formazinoan trebakuntza ildoak jorratzera; bigarrenik, umeen inplikazinoan, umeen ikuspegiari bide emotea kudeaketa, planifikazino eta erabakitze prozesuetan, eurak be eragile aktibo bilakatuteko; hirugarrenik, helduen hizkuntza jarkeren inguruan gogoeta prozesu bat herritarren artean zabaltzera; eta laugarrenik, eta azkenik, udal administrazino eta zerbitzuen hizkuntz jarduerearen gaineko erronkak ezartzera.
Irakaslegoaren prestakuntzari jagokonez, hizkuntzen didaktikarako oinarriak finkatu ebezan: testu generokako irakaskuntzea, hizkuntza eta edukiak buztartzeko beharra eta alkarrekintzearen garrantzia ikasleen jakintzak "aldamiatzeko" garaian, beti egoera errealak planteatuz. Ondorio nagusia, irakasleen alkarrekintza moduetan formazioan sakondu behar zala izan zan. Formazinoaren ikuspegitik, erispide eta estrategiakaz hornidutea da xedea.
Momentu honetan hizkuntza proiektuaren txostena bera azken ebatziak eragileakaz zehaztu eta txostena idaztean ipini da fokoa.

Irakaskuntzako metodologia aldatu beharra
Partaideen eretxiz, "eskolak asko mugatu dira idaztera eta idaztera, irakurri eta idaztera, eta ikusten ari gara ikasleak ez dirala gai ezer azaltzeko, argudiatzeko. Argi dago ahozkotasunak bere lekua izan behar dauala, pentsamentuak eregi behar dira. Irakaskuntzan metodologia aldatu egin da edo aldatu egin behar da. Komunikazinoa izan behar da erronkea, ikasleen beharrizanak antzeman eta diseinau erantzunak emoteko. Hitzegiteko guneak sortu behar dira".
Umeen inplikazino eta ahalduntzea sustatzeko, eskolan praktika egokiak bideratzen hasi ziran, umeak eurak hainbat jarduera eta ekimenen kudeaketa eta planifikazinoa eginaz. Herri mailan, Herri Hezitzailearen prozesuan murgiltzea ebatzi zan. Lerro honetako ildo nagusiak aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzea dira. Lan horretarako oinarriak be finkatu dira: euskerea eta euskal kulturea, haurtzaroaren kulturea, ume eta gaztetxoen aisia, balio hezitzaileak, eta partaidetzea, hain zuzen be.
Prozesu honek Dimesten (Dima amesten) mobimentua sortu arazo dau herrian eta 2.017 urterako "Gure lurra" gaiaren inguruan, urte osorako jarduera eta programazinoa martxan da. Begirale eta langileen taldeari laguntzeko talde motor bat be sortu da. Helduen erabilerea dala-eta, 2.016an, hizkuntzen inguruan hainbat tailer eta gogoeta saio egin ziran Topagunekoen aholkularitzapean. Diman euskerearen gainean dinamika barri bat martxan ipini gura da, eta horretarako, herritarren partaidetzea bilatu da, eretxiak jaso eta iparra marketako. Gogoetaz gain, sensibilizazino tailerrak eta transmisinoa lantzeako ekintzak egin dira. Ondorio nagusia, euskaltzaleen konpaktazinoaz gain, herri mailan jarduera batzuk burutzea, eta Abizarie euskera alkartea sortzea izan dira.
Udala eta administrazino munduari jagokonez, Dimako Udala UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide egin da, udal administrazinoan be "Euskaraz bizi gura dogu" ildoan daukan eragin eta garrantziaz jabetuta.
Ikasle Euskaldun Eleaniztuak Hizkuntza Proiektua, dokumentu dinamiko eta etenbako hobekuntzarako tresna gisa ulertuta, emoitzak emoten hasi da, batez be irakaslegoaren prestakuntza ildoan eta "komunidadearen partaidetzan helburu komunen mesedetan, hau da, gaiari erantzuteko adostasun eta akordioetara heltzeako ahalegin eta borondate partekatuetan. Izan be, talde lana eta metodologia mailako emoitzak ez ezik, komunidadearen kohesino eta beraren parte hartze aktiboa ditu zutabe eta erronka" dinoe ikastetxetik.

Herriko alkarteak martiko saioetan
Umeengan hizkuntza estruktura sendoak eregiteko, eleaniztasunera euskeratik saltoa emoteko, jarkeretan eragiteko eta ongizate eta kohesinorako hizkuntza tresna eraginkor, baikor eta afektiboa izateko danen eredua beharrezkoa da.
Holan, egindako bidea biribiltzeko, 2.017ko martiaren 9, 16 eta 23an egindako saioetan txostenaren ebatzi nagusiak jarri ziran mahai gainean, aurrera begirako norabidea, kriterioak eta erabagiak zehaztuteko asmoz. Bertan, Keixako Hegoak, Dantza taldeak, Pelota Eskoleak, Dimnasioak, Abizariek, Dimesten-ek, Igitiek, Haur Eskoleak, Eskalada taldeak, Gaztelekuak, Jubiladuak, Jai Batzordeak, Liburutegiak, Kantu bat gara taldeak, Guraso Elkarteak eta Udalak hartu eben parte.
Lehenengo saioan, Hizkuntza proiektuaren, prozesuaren, ibilbideren laburpena eta eskola-bizitzako hizkuntza zehaztu ziran. Partaideen arabera, "lehen umeai hizkuntza zuzen bat heldu arazotea zan kontua baina orain euskeraz egitea nahikotzat joten dogu. Gaur egun errealidadea beste bat da. Hizkuntza erabilteko espazioak sortzean dago gakoa".
Bigarren lan saioak, zerbitzuak, eremu pedagogikoa eta jarkerak izan ebezan aztergai.
Zerbitzuetan, langile euskaldunen premina azpimarratu zan eta eremu pedagogikoan, metodologietan eraginkortasuna eta lotura afektiboa indartu beharra, besteak beste. Jarkeren esparruan, euskalkiaren garrantzia.
Atzenengo saioan, herriko eragileak euren aportazino eta konstatazinoak mahaigaineratu ebezan. Guztiak sensibilizazinoa ezinbestekoa ikusten eben, beharrizanak konpartiduteko, marko kontzeptualak norabide bateratuan buztartzeko, preminazko beharrizanak identifiketako, lotura afektiboak sortu eta pausu praktikoak emoteko. Euskerearen erabileran eragitea azpimarratu zan eta hiztun bat galdu ezkero galera handia dala esan eben; hizkuntzak ez dirala bakarrik komuniketako, transmisinoa behar dala. Bizi ardatza izan behar dauala euskereak, belaunaldien arteko hartu-emona sendotu behar dala eta euskerea eta euskal kulturea bultzatzea dala erronkea, ondorioztatu ebezan beste gauza batzuen artean.
Alkarte guztiena entzun ostean, konzientziazinoan eta erabileran dagoala gakoa ikusi zan. Aurrera begira, kultura zelan sustatu eta curriculum-ean kulturearen erabilereari pisua emoteko beste lan saio monografiko bat egiteko aukerea mahai-gaineratu zan.

2017/4/17

20. KORRIKA Bat eta Zuk bakarrik ez, jentetzeak hartu dau parte 20. Korrikan

Goizaldeko ordu txikietan pasau zan Korrika Arratiatik, baina horregaitik ez ziran arratiarrak etxean geratu eta parte hartu eben lekukoa eroanez, zein atzetik. Gainera, jenteak erakutsi eban sasoian dala, edo "euskereak emoten deutsela indarra" partaide batek esan eban moduan; ze batzuetan abiadura handian joan zan, Igorren berbarako, eta beste batzuetan, Barazarreko igoeran legez, ibilbide gogorra eukalako. Herrietan jentetzea bildu zan, eta umeak be lo egin baino euskerearen alde galapan egitea gurago izan eben.

2017/4/17

TXOMIN GOYOAGA Euskalzaletasunaren historia bat

Txomin Goyoaga zeberioztarraren Euskerean bidetik izeneko erakusketea egongo da Igorreko Kultur Etxean aprilaren 19tik maiatzaren 5era arte. Bertan, orioz pintautako bertsolari, kantari euskaltzale eta Arratiako musikariren 71 erretratu ikusi daitekez.
1831n jaiotako Indalecio Bizkarrondo "Bilintx" da denporan lehenengoa eta Jone Uria (1990) bilduma honetan agertzen dan gazteena. Ez dagoz euskerearen bidean nor izan diran guztiak (ezinezkoa da hori), baina dagozan guztiak badira nor euskerearen munduan.

 

Erakusketan gehienak bertsolarien erretratuak dira (41). Zergaitik?
Zeberion jaio nintzan 1939an eta Zeberioko Ermitabarri eskolan hasi nintzan, 6 urte neukazanean 10 urte arteraino. Eta 10 urtegaz Arteako eskolara joan ginan anaia eta biok. Han, behin, ez dakit nok organizauta, bertsolari gipuzkoar bi etorri ziran: Uztapide eta Basarri. Bertso zoragarriak izan ziran eta gu eskolaumeok, danok oso pozik egon ginan.
Gero handik lasterrean be, Zeberioganeko ermitan hasi ziran bertsolari bi. Bata Zeberiokoa zan, "Farola" esaten eutsiena, eta bestea bilbotarra baina Zeberion taberna eukana, Sanchez. Hasi ziran bertsotan eta ni aho zabalik egoten nintzan eurai entzuten.
Holan barruko harra biztu egin jatan.
Hemeretzi urtegaz injenierutza ikasketak hasi nebazan. Txikitatik gustetan jatan dibujoa eta polito egiten neban. Ikasketak amaituta, beharrean hasi nintzanean 25 urtegaz fabrika baten, astegoinetan trastoak hartuta pintetan joaten nintzan Zeberioko Undurragara eta beste auzuneetara, ni Ugartekoa naz. Hor inguruko paisaje guztiak pintetan nebazan. Arratiakoak be bai, Zeanuritik hasi eta Igorreraraino leku askotan. Pintetako leku oso politak dagoz.


Paisajeak pintetan hasi zinan beraz.
Bai. Abstraktua be egin neban. Ezkondu eta gero, Europako museoak ikusten joaten nintzan Aste Santuetan. Aste Santu baten, Pariseko museo guztiak, beste baten Londresekoak eta holan. Pentsetan neban andreak ezin izango eustala inoz lagundu hiru ume geunkazalako. Gero umeak hasi ziranean be andreagaz joanda nago barriro Parisera, Londresera, Amsterdamera... museoak ikusten. Bolada bat be euki neban inpresionisten liburuak irakurten nebazana. Liburu asko. Bilboko museoetara be sarri joaten nintzan.
Pinturea asko gustetan jatan. Hogei urte neukazanean, ikasi bitartean, Arratia futbol ekipoan egon nintzan. Danok jokatuten genduan futbolean orduan. Afizino itzela egoan Arratian. Eta Fasio eta etorten ziran animetan. Fasio eta Leon ibilten ziran futbol sasoi guztian joten, eta niri buruan sartu jatan egunen baten pintau egin behar nebazala.


Dana dala, Xalbador izan zan pintau zenduan lehenengoa, ezta?
Bai. Ni paisajeak pintetan ibilten nintzan. 1976an Xalbador hil egin zan, bere omenaldian bihotzeko atake batek emonda. Urepelen zan omenaldia eta jente asko joan zan hara. Omenaldia eta gero bazkaria. Euskal Herriko bertsolari guztiak edo gehienak han ziran, bazkaltzen. Eta Xabaldor ez zan ondo sentidu eta ixil-ixilean mahaitik altxau eta andrearengana joan zan, etxera. Ordubete beranduago hilda egoan etxean. Jentea festejetan, kantuan eta bertsotan, inok ez eban jakin. Hurrengo egunean egunkarietan irakurri genduan zer pasau jakon. Hain gizon majoa izan zan bera, noblea, artzaina eta labradorea eta oso argia. Jenteak asko gura eutsan. Orduan nik gordeta neukazan Euskal Herriko aldizkariak eta topau neban Xalbadorren pare bat argazki. Hareek modelo hartuta koadro handi bat egin neban. Eta hortxe hasi nintzan bertsolariak pintetan.
Pintau eta pintau. 30 edo 40 bat bertsolari segiduan pintau nebazan. Gero hasi nintzan paisajeakaz barriro. Kamara txikitxo bat daukat, eta hantxe daukat estudioa eta danak euki nebazan apilauta eta ordenean. Eta seme batek esan eustan: "aita, honeek koadroak zeuretzako pintetan dozuz, ezta?". Eta nik: "bai". Eta semeak: "hori ondo dago baina zergaitik ez dozu ahalegin bat egiten jenteak ikusi dagiazan?". Euskerearen alde izango zala, eta Zornotzan egin genduan igazko bagilean. Jenteari gustau egin jakon. Gero, Amurrion be euki dot eta orain, 19an Igorren eskegiko dodaz koadrook. Arrastian izango da inaugurazinoa. Aprilaren 19tik maiatzaren 5era arte izango da; "Euskerean bidetik. Euskal Herriko olerkariak, abeslariak eta bertsolariak gogoratuz" izenpean. Igorretik Galdakaora joango da eta Galdakaon bagilaren 6tik 23ra egongo da gitxi gorabehera.


Esan olerkari, abeslari eta bertsolari horreetako izen batzuk.
Hemen 41 bertsolari dagoz, 3 olerkari, 10 euskalzale, 11 abeslari eta neure denporako gogorapenakaz lotutako beste 6 erretratu: Maurizia Aldeiturriaga, Leon Bilbao, Joaquin Goti, Bonifazio Arandia "Fasio", Silvestre Elezkano "Txilibrin" eta Luziano Artetxerenak. Luziano Artetxek 94 urte daukaz eta oraindino animetan da Gorbeiara joaten. Horrek ez dau esan gura horreek dirala arratiar edo zeberioztar bakarrak. Arratiar eta zeberioztar gehiago be badagoz: Maite Idirin Zeberiokoa, berbarako.
Euskalzaleai jagokonean, Jose Migel Barandiaran, Luis Villasante, Resurrección Maria de Azkue, Ander Manterola Zeanurikoa, Koldo Mitxelena, Andres Urrutia, Torrealdai... Gehiago daukadaz etxean baina danak ezin dira ekarri.
Gero abeslarien artean, betikoak dagoz: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Erramun Martikorena, Xabier Lete, Lurdes Iriondo...


Neska gitxi dagoz.
Badagoz batzuk. Maialen Lujanbio bertsolari oso ona, eta Uxue Alberdi be bai; Lurdes Iriondo eta Maite Idirin kantariak; Maurizia Aldeiturriaga... eta beste batzuk.


Euskerearen historiaren zati bat erakusten dozu zeure koadroetan.
Bai. Txikitan, bildurra egoan euskerea dala-eta. Politika kontuetan be bai. Gurasoak ez eben gura ezta berba egitea be. Inguruetan bildurra somatzen zan. Jente asko lotsatu egiten zan euskera egiteaz. Hogetabi urte neukazanean Bilbon antzerkia euskeraz egiten eban talde bat egon zan. Herri askotara joaten ginan, baina leku batzuetan, baimena eukinda be galarazo egiten euskuen.
Nire semeak ez dabe holangorik bizi izan, ze ikastolan ibili ziran eta ikastolan dana normalizau egin zan. Beste belaunaldi bat izan da, eurak trankilago hasi dira eta guk, bildurra euki genduanok orain gabiz ateraten gauza guztiak.


Jarraituko dozu bertsolari eta euskalzaleak pintetan ala erakusketeagaz amaitutzat emoten dozu?
Bai, jarraituko dot, baina paisajeak be pintetan dodaz eta familiakoak be bai. Egunean zortzi ordu egoten naz estudioan. Zapatu eta domeketan be bai.

2017/3/31

XX. KORRIKA Arratia Korrikari etxoten

Aprilaren 6 eta 7 arteko gauerdian sartuko da Korrika Arratian, eta goizaldeko lau t'erdiak aldean amaituko dau bere ibilbidea gure eskualdean. Lau ordu horreetan, 51 kilometro egin eta 8 herritatik pasauko da. Lekukoa 64 aldiz aldatuko da eskuz, Arratiako alkarte eta talde askok eta enpresa batzuk be erosi ditue kilometroak eta. Korrika amaierara Iruñeara joateko autobusa ipiniko dau aprilaren 9an Arratiako AEK-k. Bediatik urtengo da 09:00etan eta izena Igorreko Kubulu Euskaltegian emon behar da aldez aurretik.
Ondoko koadroan, kilometro bakotxean zein taldek eroango dauan lekukoa ikusi daiteke.


Aprilaren 6 eta eta 7 arteko gauerdian sartuko da Korrika Arratian, eta goizeko laurak aldean amaituko dau bere ibilbidea gure eskualdean. Umeentzat eta hurrengo egunean behar egin behar daben askorentzat desorduak dira horreek. Baina Korrika euskaltzale guztien jaia da, baita umeena be, eta zelan edo halan danak hartu daikie parte.
Horregaitik Korrika Txikiak antolatu dira egun argitan aprilaren 6rako eta tailerrak eta beste ekitaldi asko umeentzat batez be. Herri batzuetan, gauberako be antolatu ditue ekintzak, Korrikari jai giroan etxoteko.

Korrikaren zain
Bedian, arrastiko 18:30ean antolatu dabe Korrika Txiki. Aurretik, 17:00etatik 18:30era tailerrak egongo dira. Korrika Txikiren ostean, 19:00etan, jolasak eta 19:30ean, talo jana. Bediatik sartuko da Korrika Arratiara 00:36an.
Lemoan, Zirko jaia ospatuko dabe eskolako patioan 17:00etatik aurrera. Korrika 0:49an pasauko dala herritik aurreikusten dau AEK-k.
Igorren, 18:00etan hasiko dira herria Korrikarako girotzen. Ordu horretan, Rugby taberna aurrean, Korrika argazkiak, kantuak eta pintxoak egongo dira, eta 21:00etan, erromeria egongo da Batek daki taldeagaz Kultur Etxe aurreko plazan. Korrika 01:22an pasauko da Igorretik.
Arantzazuko Kultur Batzordeak, peto tailerra antolatu dau 17:30ean. Ondoren, 18:00etan, umeak Korrika Txiki egingo dabe eta indarrak barriztatzeko txokolatea hartuko dabe 18:30ean. Herritik pasetan danean Korrikan parte hartu edo ikusi gura dabenentzat, Korrikari etxoteko beste txokolatada bat egongo da 00:30ean. Aurreikusitako ordutegia beteten bada Arantzazutik 01:52an pasauko da Korrika.
Artean, eguerdiko 12:00etan izango da Korrika Txiki. Bertan parte hartuko dabe Arteako eskolaume eta irakasleak eta gura daben herritar guztiak. Izan be, danak ezingo dira goizaldeko 02:03an kalean egon, eta Korrika Txikik Korrikan parte hartzeako aukerea emongo deutse gauean euskerearen alde galapan egin ezin dabenai.
Areatzan 18:00etan hasiko dira ospakizunak. Izan be, Zaztaparrak taldeak umeentzako jolasak antolatu ditu plazan ordu horretan. 19:30ean Korrika herrikoian eskoleak, herriko alkarteak eta eragileak hartuko dabe parte. Ondoren, 20:30ean, Kantu jirea egingo dabe billaroztarrak eta 22:00etan, jatekoa egongo da plazara hurreratzen diran guztien-tzat. Ostean, erromeria Gaztetxean. Korrika 02:19ak aldera pasauko da eta ostean, txokolatea egongo da Gaztetxean, gauean Korrikan parte hartzean edo txalotzen egon diran guztientzat.
Zeanurin be arrastian hasiko dira eguna girotzeko ekintzak. Holan, umeentzako tailerrak egongo dira 18:30ean, eta 20:30etik aurrera, jaia. Korrikari etxoteko ekintzak be antolatu ditue zeanuriztarrak. 20:30ean, gura daben guztientzat, ume, gazte, zein helduentzat, Rally-poteoa egongo da Txoko Sagarnatik hasita. 22:00etan barriz, afaria, eta afalostean, Korrika argazki eta Korrika bideoen emonaldia egongo da. Korrika argazkien albuma, martiaren 27tik 31ra ludotekan egin eta guraso alkartera bialdutako argazkiakaz osotu dabe. Bideoak euskal kantu bategaz grabau eta gurasoelkartea@zeanurikoeskola.com helbidera bialdu daitekez aprilaren 3ra arte. Emonaldiaren ondoren, kantaldia egongo da Oier Aslagaz. Korrika 02:32an sartuko da herrian eta 02:00etan abiatuko dira zeanuriztarrak herriko kilometroetara Katalin eta Leire trikitilariak lagunduta. Afarirako izena jubiladuen tabernan emon behar da aprilaren 3a baino lehen.
Ubiden, Korrika Txiki eta Korrikaren inguruko jaia aprilaren 1ean egingo dabe. Zapatu horretan, ubideztarrak bazkaria egingo dabe Jubiladuen Etxean eta 18:30ean, Korrika Txiki eta herriko produktuak dituan otzara baten zozketea egingo da. Aprilaren 7ko goizaldeko 03:55ean sartuko da Korrika Ubiden. Korrika pasau ostean txokolatadea egongo da korrikalari zein ordu txiki horreetan Korrikari harrerea egin deutsien guztientzat.
Dimatik ez da pasauko Korrika baina aprilaren 6an Korrika Txiki antolatu dabe eskolakoak. Holan, 11:00etan ikasle eta irakasleak eskolatik urten eta herritik ibilbidea egingo dabe. 11:30ean frontoian batuko dira ekitalditxo bat egiteko, eta ekitaldiaren ostean, LH5, eta LH6koak galapan jarraitu eta Igorrerantza abiatuko dira. 12:30ean, Igorreko eskolatik LH5 eta LH6ko ikasleak Dimarantza urtengo dira eta Dimako ikasleakaz bat egingo dabe. Danak batera Igorreko Kultur Etxera joango dira eta bazkaldu ostean ekitalditxo bat egingo dabe.
Herritik pasau ez arren, Dimak parte hartuko dau Korrikan. Dimako Udalak eta Dimako zenbait alkartek kilometroak erosi ditue-eta. 1.944 kilometrotik 1.951 kilometrora, Dimako Eskolea, Guraso Elkartea, Olazabal, Artaun, Indusi, Andraizeak, Txumuluxueta Pelota Eskoleak, Dimetaleroak, Keixa Parapente Taldea, Jentilzubi, EH Bildu Dima, Luis Prieto Lagun Taldea, Dimako Bertso Eskolea, Gazteberri Dantza Taldea, Abizarie eta Dimako Udalak eroango dabe 20. Korrikaren lekukoa.

2017/3/31

ANE UNDURRAGA "Galeria kontzeptu barria da AUA"

Ane Undurraga Arriagak Bilboko Gorte kaleko 2 zenbakian arte galeria bat zabaldu dau. Undurraga, kazetaria eta antropologoa da eta Euskadi Irratian esatari lanetan egin dau behar, baita ETBko Burubero saioko erredakzinoan be. Antropologiaren aldetik, pare bat liburu itzuli ditu gazteleratik euskerara; bata, Islandiko balezaleen gainekoa, eta bestea, Gernikako bonbardaketeari buruzkoa.
Orain dala hiru urte Igorren Ines Medinaren ikastaroetan parte hartu eban. Artearen onurak lehenengo personan bizi ondoren, arteari dediketea ebatzi dau eta martiaren 18an, AUA arte galeria inaugurau eban Bilbon.
 

 

Ziortza-Bolibarren jaio zinan, baina lotura handia daukazu Arratiagaz.
Bai. Markinan bizi naz, Bolibarren hain zuzen be, momentu honetan, baina nire familia aitaren partetik, Igorre, Areatza eta Zeanurin bizi da. Ez da kasualidadea, edo seinale bat da akaso, baina Arratian 1920an jaiotako aitita be pintorea zan. Eta ni orain dala hiru urte, Igorreko Kultur Etxean hasi nintzan artea deskubriduten Ines Medinagaz.
Komunikazino munduan ibili naz beharrean, kazetaria eta antropologoa naz eta, baina arteari zuzenean lotu natxako Igorren, Ines Medinaren gidaritzapeko ikastaroetan.


AUA izena dauka galeriak. Nondik jatorko izena? Zelan definiduko zeunke?
AUA, Ane Undurraga Arriagaren inizialak dira. Galeria bat da, baina galeria kontzeptu barria. Ez da jentearengandik urruti dagoan galeria klasikoa. Artea ez da zerbaist arraro lez hartzean hemen, personeari oso lotuta dagoan printzipio moduan baino. Ni neu be artetik oso urrun egon naz, nahiz eta txikitatik beti arteari lotuta egon. Familia be arte mundutik dator, baina zatiketa bat euki dot artea eta nire artean. Baina ikusita arteak personeari egiten deutsazan onurak, oinarrizkoa dala bizitzan, eta filosofia horretatik abiatuta AUA sortu dot. Hemen, artea personeari lotutako osagarri esentzial bat da eta ezinbestekoa, derrigorrezkoa, eta ez da persona eta kolektibo espezifiko batentzat, persona eta kolektibo guztiai dago zabalik; batez be balore barriak bultzatzen dabezanai.


Martiaren 18an inaugurau zenduan ezta?
Bai, ekitaldi bategaz inaugurau genduan. Galeria transbersala izaneran, eskultura, arte plastikoak eta musika aurkeztu nebazan ekitaldian, zeharkakoa eta multidisziplinarra dala erakusteko. Musika lanetan, Pablo Fernandez Arrieta egon zan, Madrilen jaiotako musikari markinarra eta Zeanuriko Musika Eskolan klaseak emoten dituana.


Zer dago ikusgai AUAn?
Orain dagoana Aste Santura arte izango dogu. Hiru zutabe dagoz. Alde batetik, nire pintura lanak. Obra plastiko hau izan da proiektuaren hasikerea. Azken urteotan deskubridu dodana erakusten dau, batez be Kultur Etxean Ines Medinaren ikastaroetan hasi nintzanetik. Hiru urtetako lan metafisikoa eta espiritualidade sortzaileari lotutakoa ikusten da. Espresionismo abstraktua landuten dot, beti be, barruko espiritualidadea, baina ez beti erlijinoari lotutako espiritualidadea adieratzoteko. Danok barruan daukagun txoko sortzailea. Ikerketa horretatik abiatutako 8 artelan dagoz ikusgai. Hori da zutabe bat.
Bigarrena, eskultura afrikarrak dira. Afrika asko gustetan jata eta atzen 10 urteotan biajeak egin dodaz Afrikara kazetari lanetan. Bertan eskultore familia bat ezetu dot eta proiektu honeri batu jakoz. Amadou Sy eta Samba Sy dira eskultoreak, anaia bi. Hamabost eskultura. Sambak andra biluzien gorputzak landuten ditu batez be, eta Amadouk Afrikako etniai lotutako maskarak, elementuak, natura... Tekaz, ebanoz eta sanba izeneko egur bategaz egindakoak. Teka eta ebanoa Senegaldik datozan egur bi dira, ebanoa galzorian dago, baina hemen ikusi ahal da ebanozko pieza pare bat. Sanba egurra Boli Kostatik dator. Familia honek landuten dauan egurra baso jasangarrietatik dator, eta ziurtagiri guztiak ditu. Kalidadezko lanak dira.
Hirugarren zutabea, oparituteko gauzak dira. Bilduma "Txakur ametsetak" deitzen da. Txakur ametsetak, Bizkaiko espresino bat, eta beti ilusionauta eta ametsetan bizi dan personeari esaten jako. "Orain be txakur ametsetan zabilz?" Orduan txakur ameslari baten istorioan oinarrituta egin dot bildumea. Txakur horrek mezuak igortzen ditu gizartera, mezu positiboak beti, persona desbardinai zuendutakoak. Irudiak eta testuak lotuten dodaz proiektu honetan. Katiluak, boltsak, kojinak, erregaluak dira, prezio bajuagoa daukie eta popularragoak dira. Horreek be neuk sortutakoak.


Zer adierazoten dabe zure koadroak? Zer gura dozu komunikau?
Batez be nire barruko esentziaz egiten dot berba. Expresionismo abstraktua da. Lehenengo fasean, sentimentuak adierazoten dodaz, eta gero ikuspegi mentalago eta metafisikoago bategaz hasten naz koadroagaz dialogetan. Hau da, barne adierazpen batetik abiatutako sormena kontzeptu bihurtzen da.

 

Zeintzuk dira artearen onurak?
Niri benetan onura izugarriak ekarri deustaz arteak. Berbaz adierazoten neban guztia, orain margoz adierazoten ikasi dot. Askotan berbaz, motz gelditzen nintzan eta orain ni persona osoa izanda, pintzelagaz eta nire koadroakaz berba egiten hasi naz. Zentzu horretan lasaitasuna sentidu dot, askoz libreago, solteago, pozago nago; neure buruagaz konektau dot. Eta lanpostu estatiko eta finko bat itxi dot, nik honetan sinisten dodala ikusita denpora baterako behintzat. Ibuprofenoa itxi dot, gorputzeko morapilo barik sentiduten naz. Orduan liberazino bat bezala, emozinoak espresatzen ikasi dot. Nik uste dot oso kultura mentaletik gatozala eta emozinoak aparte itxi dirala. Emozinoak adierazoten ikasi dot arteagaz, blokeoak kentzean, neure burua errespetetan, ez engainetan... Prozesu gogorra da, baina ikusita jenteak zelan hartu dauan proiektua, eta emoitza ikusita, jarraituteko indar handia daukat.


Bilboko auzorik bohemioenean... Leku ona da holango galeria bat ipinteko? Ze auzoaren historiak be bere pisua izango dau.
Auzo bohemioa da bai. Parisko Montmartre izan zana, da hau Bilbon momentu honetan eta holantxe izango da aurrera begira. Uste dot Bilboko etorkizuna auzune honetatik doala: apustu barriak, ekintzailetza, diseinatzaileak, arkitektuak, artistak, galeriak... Ate bakotxean gazte bat dago bere proiektuagaz... Danetarik dago, azken urteotan asko aldatu da hemengo errealidadea. Oso auzune bizia da, aspektu guztietan, onean zein txarrean, baina uste dot benetako artea estilo honetako auzoetan jaioten dala, apustu barriak eginaz. Sano auzo dibersoa da. Eta dibersidade horren barruan, negozio bakotxak, proiektu ekintzaile bakotxak badauka zeresana. Nik egia esan, auzo honetako proiektuan sinisten dot, Bilboko Udalak laguntzak emoten dauz eta Bilboko Udalaren apustua be bada auzo hau bizibarritzea.

2017/3/14

PELOTEA Eskola Kirola programea dala-eta, aldaketak Arratia-Nerbioi Txapelketan

Aldaketa sakonak egon dira pelota eskoletan atzen urteotan, kirol honen irakaskuntzea, araudiari eta gizarteari egokitzeko. Alde batetik, eskupelotea beste Eskola Kirolen antzera, Bizkaia mailan antolatzen hasi da eta ez eskualdeka. Eta bestetik, neskentzako palearen eskeintzeari esker, asko igo da nesken presentzia Zeanuriko eta Areatzako eskola eta frontoietan.


Igaz arte, eskualdeka antolatuten zan eskolaumeen eskupelotea, Arratia-Nerbioi zonaldeko pelota eskolen artean antolatuta, udal batzuen laguntzeagaz. Arratia-Nerbioi finaletan, Arratia eta Nerbioi eskualdeetako pelota eskolak hartzean eben parte; tartean, Arratiako bostak; hau da, Areatza, Dima, Igorre, Lemoa eta Zeanuriko pelota eskolak. Partiduen egutegia eta finaletako jaia klubak antolatuten eben. Finalak jokatuteaz gain, 500 ume eta gazte pelotari inguruk desfilea egin eta pelotan jokatu edo euren eskolakoak animetera batzean ziran finaletan. Azkenean, sari banaketea egiten zan eta edade guztietako irabazleai txapela jantzi eta garaikurrak emoten jakiezan.
Baina antolakuntza hori salbuespen bat zan Eskola Kirolen artean, eskupelotea holan antolatutako Eskola Kirol bakarra zan. Aurten, Eskola Kiroletako araudiari jarraituz, 9 urtetik gorakoak Bizkaia mailan jokatu dabe. "Orain arte lau zona egoten ziran, baina orain batu egin dira. Bilbotik, Federazinotik, antolatuten dira partidu guztiak. Klubak apuntau egiten ditu pelotariak, maila desbardinak emoten deuskuez aukeran, hiru-lau maila eta gero ateraten dabe egutegia. Zeanuriko bateri tokau ahal jako Zornotzara edo Bermeora joatea" dino Luis Angel Erkiaga Zeanuriko Joko Alai Pelota Eskolako presidenteak. Antolakuntza modu honek gurasoen inplikazino handiagoa dakar, partiduak jokatuteko urrunago joan behar izaten dalako; beste Eskola Kirola programako kiroletan lez.

Lehiaketak 11 urtetik gorakoentzat
Bizkaiko Foru Aldundiaren Eskola Kirola programea 9 eta 13 urte bitarteko umeentzat da; hau da, Benjamin, Kimu eta Haur mailakoentzat. "Bizkaiko neska-mutilak, urtero, kirola egiteko aukera ugari euki dagien egiten dogu lan, kirola eginez gozatzea eta euren eguneroko bizitzan kirola egiteko ohitura hartzea da gura doguna. Kirolak balioak transmitiduteko balio behar dau, gizarte osasuntsu bat lortzeako bide izan behar dau" dinoe Foru Aldunditik.
Dana dala, Eskola Kirola programan sartu aurretik, pelotan hasten dira ume asko. Arratiako pelota eskoletan 5, 6, 7 eta 8 urteko umeak be badagoz. Eta edade horretako umeen partiduen egutegiak, aurreko urteetan legez, Arratia-Nerbioiko pelota eskolak antolatu dabez aurten be, eta horretan jarraituteko asmoa agertu dabe antolatzaileak.
Bizkaiko Foru Aldunditik gogora arazoten dabe legez ezin dala jokatu finalik 11 urte izan arte. Lehiaketea Kimuen kategoriaren bigarren urtean hasten da, 2005.urtean eta 2006an jaiotakoetatik aurrera, arinago ez. "Horrexegaitik antolatuten dauz Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuak adin horretatik aurrerako Bizkaiko finalak, kirol-modalidade guztietan. Baina pelotearen kasuan, kirol honeri trataera berezia emoten jako, eta Aldundiko Kirol Zerbitzuaren adostasunagaz eta Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzaren bitartez, tokiko eta eskualdeko lehiaketea eta txapelketak antolatzen dira Kimuen lehenengo urteko pelotarientzat eta pelotari benjaminentzat, eta horreetan posible da fase finalak egitea. Hori bai, beti be, Eskola Kirola programearen osagarri modura". Holan, hamaika urtera arte jolasari emoten jako lehentasuna, eta ez emoitzeari, eta konpetibidadea beranduago landuten da.
Kimuen lehenengo urtean eta Benjaminetan ez da fase finalik egiten Eskola Programaren barruan. Horregaitik, Bizkaia mailan jokatu eben Benjaminak be final barik geratu ziran. Dimakoak finalerdiak irabazi ostean, Leioako pelota eskolearen kontra finala jokatzeko egozanean, Foru Aldundiaren aginduz, jokatu barik geratu ziran. "Azkeneko momentuan" Federazinoak jakinarazo eutsen Foru Aldundiak ez ebala ixten finalak jokatuten edade horretako umeai. "Bizkaia mailan finalaurdenak eta finalerdiak jokatu ostean, ez zan oso atsegina izan umeai eta gurasoai hori azaldutea" dino Mauri Zapiko Dimako Txumuluxueta eskolako presidenteak.
Eskola Kirola programaren osagarri moduan jokatu ziran txikitxoen finalak Arrigorriagan zezeilaren 11n. BEGITUren iturrien arabera, ehun bat ume batu ziran han, partiduak jokatu eta eskualdeko pelota eskolen topaketea egiteko. Lemoako eskoleak irabazi eban Hasibarrien mailako partidua.

Haur mailan Zeanuri Bizkaiko txapeldun
Haur mailan, Zeanuriko Anton Erkiaga eta Maren Emaldi izan ziran Bizkaiko txapeldunak. Honeek 14 urte egingo dabez aurten eta Euskadiko Txapelketea jokatuko dabe Bizkaia ordezkatzen.
Federauak, hau da Kadete, Gazte eta Nagusiak be Bizkaiko Txapelketea jokatuten dabe, eta Kadete mailako Bizkaiko Txapela beste zeanuriztar batek jantzi eban, Orozkoko eskoleagaz jokatu eban Lander Erkiagak.
Nagusi mailako finalak Gabonak aldera jokatu ziran. Lemoako klubeko Oier Etxebarria igorreztarra finalera heldu ez zan arren, sano ondo dabil jokatzen. Zezeilan, Euskal Herriko Kluben arteko txapelketan, 3. geratu zan.

Neskentzako palea
Arratiako pelota eskoletan egon dan beste aldaketa garrantzitsua, Areatzan eta Zeanurin neskentzako palak sortu dauan interesa izan da. Eskola Kirola programaren barruan dago, neskentzako palea eta Bizkaian zehar izaten dira partiduak. Neskak frontoira erakarteko sartu eban Foru Aldundiak palea Eskola Kirola programan.
Arratiako pelota eskoletan neskentzako palea sartzean hasi ziran orain dala lau urte eta emoitza desbardinak izan dau eskeintzak eskolen arabera. Holan, Areatzan eta Zeanurin arrakasta handia izan dauan bitartean, Diman, Igorren eta Lemoan ez da holan izan.
Areatzan, 29 edo 30 neska dagozala azaldu deutso BEGITUri Mikel Beldarrain entrenatzaileak. Txikerrenak, 6-7 urtekoak tenis pelota txikiakaz jokatuten dabe eta ondino ez dabe partidurik jokatuten. Kimu mailan hasten dira gomazko peloteagaz. Bizkaiko finalak maiatza aldean izaten dira. Areatzak Benjamin-Kimu zein Haur-Kadete kategorietan jokalariak daukaz eta Beldarrainek uste dau Areatzakoak badaukiezala aukerak finaletara ailegetako.
Zeanuriko Joko Alain orain dala lau urte hasi ziran neskentzako palea eskeintzen. Lehenengo urtean 15ek emon eben izena eta orain 26 palari daukiez. Foru Aldundiak martxan ipinitako "lehenengo urtean ez genduan ekiporik atera, baina pentsau genduan interesantea izango litzatekela ateratea". Orduan eskupelotan egozan nesken gurasoakaz egin eben berba, eta palan segiduteko prest agertu ziran ume eta gurasoak. Holan, 15 jokalari bildu ebezan lehenengo urte haretan.
Federauetan, Naia Berrio zeanuriztarra Bizkaiko Bigarren Mailako Txapelketako finalera heldu da. Finala galdu dau eta txapeldunorde geratu. Orain Euskadiko Txapelketan dago parte hartzean. Baina maila horretako bakarra zanez, Zaldibarko bategaz hasi zan jokatzen eta Zaldibarko eskolearen izenean dabil jokatuten.
Haur mailan, Itxaso Larrinaga eta Maialen Landajo Bizkaiko finalerako klasifikau dira.
Diman, Igorren eta Lemoan, talderik ez dagoan arren, pelota eskoletako arduradunak taldeak sortzeako beharrean dabizala azaldu deutsie BEGITUri. Etorkizunean neska gehiago egoteko frontoian.

2017/3/13

LURDES ORTEGA "Korrika Kulturala da jenteak ikusteko Korrikak eskatu bai, baina emon be emon egiten dauala"

Lurdes Ortega Lahera, AEK-ko irakaslea eta 20. Korrikaren Arratiako arduraduna da. Bilboztarra jaiotzaz, Bedian bizi da atzenengo 20 urteetan eta Arratiako AEK-n egiten dau behar 1998tik. Korrika abiatu daiten aste batzuk baino falta ez diranean, Arratiako arduradunak tartetxo bat egin deutso BEGITUri antolakuntza lanak zelan doazen azalduteko.
Korrika martiaren 30ean abiatuko da Otxandiotik eta Otxandio Arratiako AEK-ren eremuaren barruan dago. Arratiatik aprilaren 7ko goizaldean pasauko da.

 

AEK Arratiak ze eremu hartzean dau? Zein herritako ikasleak daukazuez?
Arratiako 9 herriak eta Otxandio hartzean doguz. Hau da, Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide, Zeanuri eta Otxandioko ikasleak daukaguz. Horixe da gure eremua eskolak emoteko zein Korrika antolatuteko.


Euskaltegia Igorren bakarrik daukazue? Beste guztiak dira gela desplazauak?
Bai. Momentuz egoitza Igorren dago. Lemoan, Areatzan eta Otxandion gela desplazauak daukaguz. Bedian be eskolak emoten doguz. Hau da, klaseak Bedian, Otxandion, Lemoan, Igorren eta Areatzan, bost herritan emoten doguz. Baina inoz Ubiden eta Diman be... ia-ia herri guztietan emon doguz.


Zenbat ikasle daukazuez?
Momentu honetan 200 bat ikasle.


20. Korrikaren Arratiako arduraduna zara. Zer suposatzen dau horrek?
Koordinazino lanak egitea eta antolakuntza lanak. Alde batetik, koordinazinoa Bizkaia eta Euskal Herriko Korrikagaz eta gero Arratiako Korrika antolatzea. Korrika Kulturala, Korrika Txikiak, Korrikalagun, kilometroen salmentea, lasterketa bera antolatzea, ibilbidea markatzea... Bueno ibilbidea Euskal Herritik emonda etorten da baina guk lekuko aldaketak non egingo diran zehaztu behar doguz, banandu nork non egingo dauan eta abar.
Antolaketa lanak aurrera doaz. Ia-ia azken txanpan gagoz eta apur bat estresauta gagoz, ansiedade puntu bategaz, baina hori Korrika guztietan gertatzen jaku.


Zelan doa kilometro salmentea?
Ondo. Jente askok erantzun dau baietz esaten eta aste honetan aurreko Korrikako erosleakaz kontaktuan parauko gara zehaztuteko ea gura daben ala ez eta jente barriarengana be joko dogu.
Hemen 50 km. daukaguz saltzeako eta momentu honetan (martiak 6) 33 erosle daukaguz baieztatuta. Batzuek kilometro erdia, beste batzuek kilometro osoa erosiko dabe baina ondino badagoz erosteko. Eta gura dauanari egingo jako lekua beti. Ez dago arazorik, kilometroa gura daben guztiai egingo jakie lekua.


Korrika egunean zer egongo da? Zoritxarrez gaubez pasauko da Arratiatik.
Bai. Alde batetik, goizean Korrika Txikiak egongo dira, aprilaren 6an, ze gurean 7an sartuko da Korrika goizaldean. Bediatik sartuko da, Usansoloko mugatik 00:36 aldera. Gero. Lemoa, Igorre, Arantzazu, Artea, Areatza eta Zeanuritik pasau eta Ubidetik urtengo da 03:55 aldera.
Aprilaren 6an, goizean Korrika Txikiak egongo dira eta gero arrastiz badakigu, adibidez, Areatzan egingo dala Korrikari etxoteko arrastipasa bat. Igorren be egongo da, plazaren inguruan, zeozer jateko, musikea eta erromeria, Gaztetxeak antolatuta. Eta beste herrietan oraindino ez dakigu gauza handirik, ez dago zehaztuta, baina giro ona ez da faltauko.


Orain dala urte bi, aurreko Korrikan, furgonetan egon ziran Arratiako AEK-ko bi. Aurten be bai?
Aurten Arratiako hiru lankide egongo dira. Hirurak gainera ekipo berean. Lehenengoko egunean bertan urtengo dira Otxandiotik. Joseba Irazabal, Gorka Barrenetxea eta Igor Elordui dira. Gurean dabilz irakasle eta Korrikagaz batera Otxandiotik abiatuko dira.


Korrika Kulturaleko ikuskizunetako dirua Korrikarako da? Hau da, AEKrako?
Ez, ez, ez. Korrika Kulturalaren asmoa ez da dirua ateratea. Korrikan egiten doguzan hainbat eta hainbat gauza egiten doguz dirua lortzeako, baina Korrika Kulturala ez da horretarako. Euskerazko aisialdia sustatzeko eta jenteak ikusteko Korrikak eskatu bai, baina emon be emon egiten dauala.


Ez da askorik falta 20. Korrika Otxandiotik abiatzeko. Prestatuta daukazue hangoa?
Otxandioko programea ia-ia prest dago, dana bidean. Egun osoan zehar egongo dira gauzak, goizean hasita. Goizean Korrika Txiki egongo da eta gero egun osoan zehar kale animazinoa eta arrasti partean Korrika joan ostean, txokolatea, erromeria eta beste gauza batzuk. Eta gurako neuke animau jentea Otxandiora etorten eta gero Korrikan parte hartzean. Inork lagundu gura badeusku, laguntasuna behar izango dogu bezperako antolakuntza lanetan eta hurrengo egunekoetan.

2017/3/1

IRATXE GOIKOETXEA. ERROTAKO KOORDINATZAILEA "Arratiakoa sano gizarte heldua da"

Arratiaren garapenerako Errota proiektua alkarte bihurtu zan 2016ko urte amaieran. 2017a hasteagaz batera Iratxe Goikoetxea Aldekoa koordinatzaile beharretan hasi zan bertan. Goikoetxea Artean bizi da. Geologia Madrilgo UCMen bukatu ondoren Bartzelonako UPCan masterra egin eta 16 urtez ingeniaritza enpresa baten egin dau behar ingurumeneko departamentuan, jasangarritasunari buruzko proiektuak garatzen, baita Arrasateko Unibertsitatean irakasle be. Errotariok Arratiako Garapen Sozioekonomikorako Elkartea koordinetako lan eskeintza ikusi ebanean ez eban dudarik egin; Arratian eta Arratiarako behar egitea, aukera eta erronka polita iruditu jakon eta.


Errota proiektuko lehen batzarrak 2015ean egin ziran. Taldea sortu, oinarriak landu eta diagnostiko bat egin zan Azaro Fundazinoaren laguntzeagaz. Zeintzuk izan dira diagnostiko horren emoitzak?
Diagnostikoan lau ildo edo arlo nagusi bereiztu dira: arlo pribadua, arlo publikoa, hezkuntza eta gizartea. Dana sartzean da diagnostikoan; jasangarritasuna, lana, etxebizitza, gizartea, hezkuntza, enpresa, Lehen Sektorea, Hirugarren Sektorea, zerbitzuak, baliabideak, komunikabideak, lurraldea, gizartea... Lantalde desbardinak egon ziran eta aberatsena da lantaldeetan, ikuspegi desbardineko jentea egon zala. Hortik Ekintza Plana atera zan. Han, Errotak ze erronka ikusten dituan beharrezkoenak landu eta 2030erako ikuspegia definidu zan. Hau da, 2030erako Arratia ideala definidu eta hori lortzeako erronka konkretuak zehaztu ziran.


Zeintzuk dira erronka horreek?
Sektore bakotxerako erronka batzuk definidu ziran. Baina erronka honeek ez dira norabide bakarrekoak, zeharka landu beharrekoak baino. Hau da, Hezkuntza komunidadeak, enpresa komunidadeagaz hartu-emonak izan behar ditu derrigorrez. Arratian industriak nahiko pisu handia dauka eta bertako langileak arduratuta dagoz hemendik eta urte batzuetara jente asko jubilauko dalako. Lanpostu horreek beteteko beste langile batzuk hartuko dira, eta zer hobeto bertako langileak izatea baino? Horregaitik, ikasleai jakinarazo behar jakie ze beharrizan egongo dan bertako enpresetan, euren hezkuntza bide horretatik edo bide horretara zuzendu dagien. Hor dago Zulaibar, Lanbide Heziketako ikastetxea. Zulaibarrek hartu-emon handia dauka enpresakaz, baina zenbat eta handiagoa izan, orduan eta onura gehiago izango dabez bai enpresek eta bai ikastetxeak be.
Institutuak be, jakin behar dau inguruko enpresen beharrizanen barri. Goi mailako ikasketak dituen personak be behar izango dira eta: ekonomilariak, ingeniariak, soziologoak... Hezkuntza eta enpresen artean zubia egin behar da. Errotak zubi horreek eregiten lagundu gura dau.
Ekintzailetza, kultura eta gizartean barneratzea be bada beste erronka bat. Ikasle askok enpresa baten gura dabe lan egin. Eta zergaitik ez sortu lana? Horretarako baliabideak dagoz, laguntzak. Gure gazteai jakinarazo behar jakie aukera hori be badagoala, beste bide bat badagoala, norberaren enpresea sortzea, alegia.
Gero ildo guztietan edo zeharka doana da eskualdearen nortasuna edo identidadeari garrantzia emotea. Geure euskereari, geure inguruari... komunidade bateko partaide izatearen sentimentua. Nik uste dot horrek aberastu egiten gaituala, bai persona moduan baita gizarte moduan be.


Zenbat jente dago inplikauta honetan?
Ehun personatik gora dagoz inplikauta prozesuan, lehenengo urte bietan zehar egin diran batzar, diagnostiko eta foroetan. Eta hor be badagoz inguruko enpresak, zortzi udal eta hezkuntza mailako eragileak be.


Zelan ikusten dozu Arratiaren garapen maila? Arratiako gizartea, ze gizarte klase da, zelan definiduko zenuke?
Arratiakoa sano gizarte heldua da, ohartu dalako hemendik eta urte batzuetara datorren egoereari erantzun bat emoteko lanean hasi behar dala. Zer egin badagola, baina baita be baliabide asko helburuak lortzeako. Jenteak gogoa dauka eta gainera balio handiko jentea da.
Esango neuke gizarte heldua dala eta gainera etorkizuneko erronkai aurre egiteko prestatua, eta prestatuago egoteko gogoz dagoala. Hau da, etorkizun handiko gizartea da. Argi dauka zer lortu gura dauan, non dagoan eta nora joan gura dauan. Eta horregaitik uste dot badagozala bidea egiteko gogoa eta baliabideak.


Fundazino izateko beharrean zabilze. Zergaitik?
Errota proiektuagaz egokien datorren estrukturea dala ikusten da, irabazi asmo bakoa eta onura publikoko egiturea daukalako, Errota Fundazinoan danon parte hartzea bermatuta egongo da.
Hori lortzeako, gobernantza eredu bat definidu behar dogu baita finantziazinoa be, Errota Proiektua aurrera eroateak gastu batzuk daukaz eta.
Errotak 2017rako dituan erronkak hezkuntza mahaia, industria mahaia eta finanziazinoa finkatutea izango dira. Hau da, Errota Fundazinoaren gobernantza eredu hori definidu, nortzuk izango diran babesle estrategikoak, babesleak, laguntzaileak, lagunak...
Eta Errotak proiektu batzuk egiteko asmoa be badauka. Holan, enpresa batek edo udalen batek, Mankomunidadeak edo inguruko eragileren batek eskatu ezkero, proiektu konkretuak garatuko doguz.
Komunikazinoaren aldetik, sarean gagoz. Facebook, Twitter eta webgunea daukaguz eta egiten doguzan ekintzak gizarteari heldu arazoko deutsaguz.

2017/3/1

EDORTA ALONSO ETA INMA SAGARNA

Zeanurin kulturea bultzatuteko asmoz, Eguzkiola Kultura Alkartea sortu da. Izena, "Basakeriak suntsitu gura izan eban kobazuloaren izena da Eguzkiola. Herri ekimen eta bultzadearen ondorioz, ondino bizirik dirauana". Inma Sagarna eta Edorta Alonso azkeneko urteetan hainbat taldetan ibilitakoak, Eguzkiola proiektuan sartu dira, ilusino handiz, beste kide batzuekaz batera proiektua aurrera aterateko.


Eguzkiola alkarte kulturalaren partaide zarie. Zelan ikusten dozue Zeanuriko bizitza kulturala?
Zeanurin ekintza kulturalak egiten dira. Ezin esan geinke ekintzarik egiten ez danik, baina guk beste era bateko kultura sustatu gura dogu. Konsumo kultura batetik harago begira gabiz gurean. Entretenimenturako kultura garrantzitsua da, eta oso ondo dago, baina guk jentearengan hausnarketea be sortu gura dogu gure ekintzakaz.
Ondo pasau, ikasi eta lan egin.
Gure ustez, kulturearen bitartez, herriak, ingurua eta gizartea (jentartea) eraldatzen dira.
Kultureak, aldaketa personala eta giza-baloreetan eragina dauka, eta guk bide horretan behar egin gura dogu.


Zergatik sortu da Eguzkiola? Zeanurin baegoan beste alkarte bat, Ipizki, urte askoan lan egin dauana. Ze antzekotasun eta desbardintasun daukazue beste alkarteakaz?
Zeanurin baegoan, lehengo urterarte Ipizki alkarte kulturala, baina lan esparruak oso desbardinak dira. Gorbeialdeko garapena eta patrimonioaren zaintza zan Ipizkiren lan ildo nagusia, eta zentzu horretan hutsune bat gelditu dala esan geinke.
Eguzkiola beste era bateko herrigintza baten sinisten dogulako sortu da. Guk auzolanean eta autogestinoan sinisten dogu. Eta herritar guztien bardintasunean, bai maila lokalean, -gure funzionamentua asanblearioa eta transbertsala izango da- bai maila globalean, herritar, kultura eta hizkuntza guztien bardintasunean sinisten dogu, klaseen gainetik.
Beste alkarteakaz hartu-emonak naturaltasunez ikusten doguz. Alkarlaguntzarako prest gagoz eta ekimen bateratu batzuk aurrera eroateko zabalik.


Noz sortu zan Eguzkiola eta zenbat partaide ditu? Zein alorretan egingo dau behar?
Eguzkiola aspaldian eratzen hasi zan proiektu bat da. Kide batek esaten dauan moduan "su gainean apurka-apurka egosten" joan dan lapikoa da. Aurrezdik saiakera batzuk egon diran arren, igazko urterarte ez deutsagu forma errealik emon. Zeanuriko plazan daukagu kokagunea. Guztira 20 bazkide inguru gara, baina proiektuagaz interesa erakutsi daben personak gero eta gehiago dira. Eguzkiolara hurreratuteko eta bazkide izateko konbitea zabalik dauka norabide berean lan egin gura daben guztiak.
Gure lan esparruak oso zabalak dira. Alkartearen printzipio diran lan ildoetatik aparte, (natura, genero bardintasuna, euskerea, herri eta klase bardintasuna) egonezina sortuten deuskuen beste edozein alor be tratauko dogu.
Baina gure filosofian, argi daukagu, ondo pasetea be oso inportantea da, eta lantresna, auzolana.


Ze motatako kultura ekintzak bultzatu gura dozuez? Plan edo proiekturik badaukazue?
Berziklapen eta berrerabilpenaren gaia lantzeako, eta gure inguruagazko hartu-emonak egunerokotasunean, euskal mitologiaren bueltan, esaterako, ekintzaren bat burutu dogu, Arte eszenikoak, persona eta herriagazko alkartasuna...
Momentu honetan gure alkargunea izango dan lokala konponduten gabiltz auzolanean. Haziak ereiten gabiz gero uzta batu ahal izateko.
Lokalak be proiektuaren parte inportantea izan gura dau; hau da, herriari eta herritarrai espazio zabala, umeak, gazteak, helduak zein nagusiak askatasunean erabilteko.


Alkarteak jente desbardinaren topagunea izan gura dau, ezta?
Eguzkiola zabalik dago jakinmin antzekoak dituan eta bide horretan lan egin gura dauan edozeinentzat. Eta gure babesa eta laguntza izango dabe holango proiektuak.
Aurreko aste baten atez ateko buzoneo bat egin genduan Zeanuritik gure proiektuaren nondik norakoak azalduteko baina konbitea zabalik dago herriko mugetatik kanpora be.
Bazkidetza eredu bat proposatu dogu gure autofinantziazinoa aurrera eroan ahal izateko, baina ez da bazkide izan beharrik gurera hurbilduteko.


Programazioa egiteko orduan beste herriak kontuan izango dozuez edo era independiente baten lan egingo dozue?
Eguzkiolak ez dau irla bat izan gura. Guretzako oso garrantzitsua da gure ekimenak mundura zabaltzea eta guk be beste herrietako ekimenez gozatu eta ikastea. Alde horretatik ahaleginak egingo doguz beste herrietako ekimen garrantzitsuak errespetetan. Eta alkarlanean aurrera eroan daitekezan ekintzak aurrera eroaten.


Zelan planteetan dozuez harremanak udalagaz, herriko beste alkarteakaz eta beste herriekaz?
Era naturalean beti be. Gu alkarlanerako prest gagoz gure askatasuna eta filosofia errespetetan dan heinean. Edozein herritako edozein erakunde eta alkartegaz. Lehen esandako moduan bardintasunean sinesten dogu, hau da transbersalidadean, eta ez dogu podere harremanik gura. Argi daukaguna da, ez dogula sortu gura erakunde eta beste alkarteakazko ezelango menpekotasunik. Askatasunez lan egitea da Eguzkiola proiektuaren ardatza.


Izenak kobazulo bateri egiten deutso erreferentzia. Non dago kobazulo hori?
Barazar eta Ubide artean dago, Zeanuriko lurretan. 34 Ha.ko kantera bat egitea proiektau zan bertan eta kobazulo hori galtzeako zorian egon zan. Makroproiektu honek zeresana emon eban herrian. Herritar batzuk horren kontra altxatu ginan. Zorionez gaur egun kanterearen proiektu hori geldirik dago eta kobazuloa bizirik.
Kobazuloak injustizien kontra egindako lan eta burrukea irudikatzen dauz neurri baten. Irudimena eta lana dira gure armak.


Hasi zarie beharrean? Zeintzuk dira egingo dozuezan lehen ekintzak?
Beharrean bagabiz. Beharra ez da falta. Momentuz alkartea sortu, funtzionamentua zehaztu eta batez be gure kobazuloa (lokala) egokituteko lanetan gabiz burubelarri. Udabarri aldera webgunea sortu eta aurkezpen formal bat egitea espero dogu eta lehen ekintzak azaltzea. Mahainguruak, tailerrak eta musikea ez dira faltauko. Herritarren proposamenak be aintzat hartuko doguz, guretzako hori aberastasuna da eta. Bazkide izateko edo proiektuaz gehiago jakiteko eguzkiola@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke.

2017/2/14

LOREA BILBAO IBARRA "Nik Oban lehen beste euskera egiten dot, etorritakoak be euskeraz egiten dabelako"

Lorea Bilbao Ibarra Euskera eta Kultura Diputadua Bilbon jaio zan eta Oban (Dima) bizi da. Obakoa, Magisteritza ikasketak amaitu ondoren Euskal Filologian lehenengo eta Antropologian gero lizentziau zan. Bizkaiko Foru Aldundian, euskera, kirola eta kultura arloak ditu bere ardurapean. Aurretiaz, Eusko Jaurlaritzako euskerea sustatzeko zuzendari eta kultura aholkulari be izan da. Baita, EABko (Euskararen Aholku Batzordea) kidea eta EAJren ejekutibako Euskara, Hezkuntza, Kultura eta Kirola alorreko burukide arduraduna be.
Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibersidade eskolako irakaslea da, momentu honetan eszedentzian.

 

Ondino normalizazinoa lortu ez bada be, euskerea osasun onean dagoala esan daiteke. Euskaldunen kopuru eta portzentajea astiro baina eten barik gorantza doa. Oker ez banago herena baino gehiago da euskalduna egun %33,9, Arratiako herri askotan %70 baino gehiago; erabilereak be gora egin dau inguru erdaldunetan eta euskaldunetan beherantza egin arren (Igorren salbu) hasi dira horreri buelta emoteko beharrean. Ze balorazino egiten dozu? Eboluzino honek euskerearen politiken aldaketarik ekarriko dau?
Ezagutza ezinbestekoa da gero erabili ahal izateko, zenbat eta jente gehiagok jakin euskerea, orduan eta aukera gehiago erabilteko. Normala da erabilerea ezagutzaren azpitik geratzea beti euskerearen kasuan zein beste edozein hizkuntzaren kasuan. Normala be bada, populazinoaren mobimentuak dirala eta, oso gune euskaldunak izan diranetan erabileran behera egitea, edota oso gune erdaldunak izan diranak erabileran gora egitea. Kontua da, lehen euskeraz jarduten izan dogunok gaur egun ze hizkuntza hautu egiten dogun, egoera bardintsuetan gagozanean. Hau da, nik Oban lehen beste euskera egiten dot bertara etorritakoak be euskeraz egiten dabelako. Faktore erabakigarriak bi dira: bat, gero eta jente gehiago egotea euskeraz egiteko gai dana, eta bigarrena, euskeraz egiteko gai garanok euskeraz egiteko hautua egitea. Dakigunok ahal dogun guztietan euskeraz egitea da klabea. Eta Arratia moduko ingurune berezko euskaldunetan erabilerea manteniduteko edota erabilereak gora egin daian merkatariakaz, tabernariakaz eta gainontzeko zerbitzu emoileakaz euskeraz egin dagien jarreretan eragin eta ekintzak bideratu.
Euskerearen politikak egunean eguneko egoerara egokitu behar dira baina argi dagoana da martxan dagozanak frutu onak emon dabezala eta emoten jarraituten dabela. Euskal hiztunen kopurua gorantza doa batetik bideratu diran neurriai esker eta erakunde eta eragile guztien artean egin dan lanari esker, eta batez be, herritarren inplikazinoari esker. Nire eretxian, klabe nagusia, herritarren gogoa izan da, eta da. Nahiko leukie beste herrialde batzutan Euskadin dagoan hizkuntzeagazko loturea izatea! Egia da horregaz batera, herri aginteen aldetik euskerearen sustapenerako neurri egokiak bultzatu dirala eta lege babesa be badaukagula baina herritarren borondate barik hori guztiori alferrekoa izango zan. Hori egon ez danean be, danok dakigu garai baten pasautakoak, herritarrak eutsi egin deutsie. Euskerearen bilakaerearen prozesua eredugarri da hemendik kanpo, eta nazinoartean be ikertu eta ezetu gura dan kasua da.
Zeintzuk dira euskerea sustatzeko foru politiken ardatzak? Kargua hartu zenduanean, ze behar eginda egoan? Eta zein izan da eta da, euskereari jagokonean, zure lanaren jardunik inportanteena edo eragin handiena daukana?
Oraintxe argitaratu barri dago, seigarren Inkesta Soziolinguistikoa, eta hor argi agertzen da herritarrak ondo baloretan dabela, batez be Bizkaian, Jaurlaritzatik egin dan Hizkuntza Politikea eta uste dot arrakasta nagusienetariko bat izan dala, batez be azken legealdian, Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak beste herri aginteakaz batera izandako koordinazinoa eta alkarlana. Markautako bide horreri eutsi gurako neuskio.
Neurri konkretuetara joanda eta Bizkaiko Foru Aldundiari jagokonez, gure legealdiko helburuak hiru dira. Lehenengoa, euskerearen ezagutza prozesua erreztea herritarrai, behintzat karga ekonomikoa arinduz. Horretarako ipini dogu martxan Euskara Eskura Txartela. Beste helburu bat da gizarte eragileakaz batera euskerearen erabilerea sustazeko neurriak proposatutea: Aurten kirol arloan, lan munduan, teknologia barrietan eta geure administrazinoan bertan eragin gura dogu. Eta hirugarren helburua txantxangorriaren hedapenagaz jarraitzea litzateke eta herritar guztiak konbidau euskerea erabiltera edo euskerara hurbiltzera edo euskerazko produktuak konsumidutera edo euskera ikastera. Azken baten, danok gero eta gehiago euskeraz bizitera.
Euskerearen aldetik konsenso soziala dago. Horrek esan gura dau Euskera Planak eta abar, gero eta errezago beteten dirala?
Bai, inozko adostasunik zabalena dago, horren lekuko dira 2016ko Euskerearen Nazinoarteko Egunean, bai euskerearen adierazpenak izandako sinadura kopurua eta askotarikotasuna: Eusko Jaurlaritza, hiru Foru Aldundiak, EUDEL, UEMA, Lanbide Heziketakoak, unibersidadeak, Topagunea, Laneki, Labayru, Kontseilua, osasun arlokoak, Diasporako eragileak, enpresak, kirol talde, federazino eta klubak, norbanakoak, alderdi politikoak, sindikatuak, epaileak, hedabideak... Gizarte arlo guztietako ordezkariak ikusi genduzan ekitaldi nagusian be.
Nor ez da ba egon hor? Ideologia, pentsakera, eginkizun diferentetakoak izanda be danok bat eginda agertu ginan. Holango giro bat sortu danean erronka handia da giro horreri eustea eta hori sendotzea, edozein hizkuntza politikako neurri apliketan bada be errezago izango dalako holango giro baten hedatzea eta euskereak aurrera egitea, eta euskereak aurrera egiten dauan neurrian egingo dau aurrera herri honetako bizikidetzak be.
Zelan ikusten dozuz euskerearen aldetik Arratia, Ubide eta Zeberio? Herrien artean desbardintasunak egon arren, eremu euskalduna da. Zer ikusten dozu garrantzitsu euskerearen presentzia handitzeko? Herri hizkerea eta batua hartzean dauan euskera inklusibo bat sustatzeko nondik jo beharko litzateke?
Gune hau beti izan da euskalduna, Bizkaian eta EAEn euskaldunenetarikoena, eta horreri eustea jagoku. Garrantzitsua da bertako giro euskalduna sendotzea herrietako espazio publiko guztietan euskerea presente eginaz, bardin da taberna edo anbulatorioa, elizea zein gimnasioa edo dendea, gabizan lekuan gabizala euskerea geugaz eroanez. Eta horretan danok inplikau behar gara herrietara datozan biztanle barriai zein bisitariai be euskerara hurreratu daitezan konbitea eginaz, eta erreztasunak emonaz.
Herri hizkerea beharrezkoa da eta herri hizkerea konpleju barik erabiltea be bai, bakotxak dakiana erabiltea beti izango da abantaila, ez erabiltea da arazo bakarra eta handiena, baina hori ezin da izan atxakia erregistro formalai uko egiteko. Euskereak aurrera egingo badau beste hizkuntza guztiak moduan jokatu behar dogu. Euskereak behar dauz hurbilekoa eta informala alde batetik, eta formala, jantzia, bestetik; eta ez dira kontrajarri behar. Bakotxak bere lekua dauka eta biak doguz beharrezkoak.
Nik bizkaieraz egiten dot berba, baina Batzar Nagusietan atrilera urtetan dodanean edo Diman lagunakaz ezin dot bardin egin. Eta erabilera diferente horreexek dira gainera hizkuntzea, euskerea, aberastuten dabenak. Hizkuntza bat da euskerea. Gaztelereaz esate baterako, Madrilen eta Cadizen diferente egiten dabe berba, edo pentsetan dogu ba Madrilekoak Jerezekoai errez aituten deutseela? Eta zer esanik bez, Jerezeko batek idatzi eta berba ez dau bardin egiten, eta segun eta nogaz eta non dabilen berba be ez dau bardin egiten.
Euskerearen kasuan gainera normalizazino bidean gagozan moduan normatibizazinoa bera be ez dago amaituta. Horregaitino da inportantea bai herrikoa baita estandarra be, biak baloretea, biak bultzatzea, biak erabiltea. Eta herri hizkeratik hartzean diran esamolde eta abarrekaz aberastu beharko da beste hizkuntzetan egiten dan moduan eredu formalena, baina eredu formalena dan hori be gero eta erabiliagoa bada orduan eta biziagoa izango da. Eta argi euki behar dogu danok, euskera txar bakarra egiten ez dana dala, argi euki behar dogun moduan, euskereak etorkizun oparoa izan daian belaunaldi gazteenak erreztasunez eta gogoz erabili behar dabela euskerea, konpleju barik eta gura daben ereduaren aldeko aukeraketea eginda.
Gazteen garrantzia azpimarratu gurako neuke. Belaunaldi barriari euskeraz eta euskerazko produktu erakargarriak trasmitidu behar jakoz. Gazteengan euskerea erabilteko gogoa sustatu behar da. Izan be, euskereak aurrera egingo badau, belaunaldi gazteak euskerea erabiltea eta euskeraz edota euskeraz be bizitea erabagiten dabelako izango da.
Kulturaren aldetik, gauzak korapilotsuagoak izango diralakoan nago. Teknologia barrien erabilera masiboak, liburutegi, museo eta abarrek kulturan daukien lekua aldatu dau? Kulturaren beraren definizinoa be aldatzen doa? Eraginik badauka Foru Aldundiaren kultura politiketan?
Nire eretxian gizartearen aurrerapenen eta ohituren aurka joatea alperrekoa da. Teknologiak dirala etorkizuna? Ba teknologiak baliatu beharko doguz bultzatu gura doguna bultzatzeko; teknologia barrien onurak aprobetxauz egin beharko dogu kulturea sendotzeko apustua: ondarea babestu, ezagutarazo eta baloretako esate baterako; edota liburuak, gure idazleak eta egiten dabezan lanak herritarren eskura jartzeko; edota egiten diran arte lan guztiak nazinoartean be zabalduteko.
Digitalizazinoak esaterako, gure ondarea babesteko sekulako aukerak emoten deuskuz. Ikusi baino ez dago adibide moduan, kobazuloak "bisitetako" aukerea eskeini deuskula eta bertako margolanak eta grabaduak herritar guztien eskura jartzeko. Hori barik gitxi batzuen esku egongo lizateke ondare hori. Horretan lanean jarraituko dogu. Gauza bera gertatzen da artxiboetako eta liburuetako ondareakaz esate baterako, zaindu egin behar dira, baina zaintze horrek ezin dau ekarri herritarrak horretaz ez gozatzea. Digitalizazinoa eta teknologia barriak orokorrean lagungarri doguz ondarearen zabaltze horretan.
Zeintzuk dira indarrean dagozan kultura politiken ardatzak, lan-ildoak edo proiektu edo programa interesgarrienak?
Kultura jarduera gizarte baten bizi indar kolektiboaren neurria da. Mundua ulertzeko eta munduan kokatzeko modua, garana ulertzeko baliagarria dan balore eta idea partekatuen multzoa, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dana eta denporan zehar eta beste kultura eta gizarte batzukaz daukaguzan harremanean, etenik barik egokitzen doana. Herri baten identidade kolektiboa garatzeko ezinbesteko osagaia da, babestu eta sendotu beharrekoa.
Gure gizarteak sortzean dauana da euskal kultura, kultur adierazpenai zein sorkuntzarako hizkuntzai jagokienez. Hori holan izanda be, zer esanik ez, euskeraz sortutako kultura bultzatzean ahalegin berezia jarriko dogula, merkadu zabalean hedatzerakoan daukazan zailtasunai eraginkortasunez aurre egiteko. Gure helburua, euskal kulturea trasmitidutea da, garatutea eta sustatutea euskal lurralde guztien arteko loturak indartuz, eta nazinoartean kulturen plazan be geureari lekua eginda. Eskeintza kultural zabala dogu eta horreri eutsi behar deutsagu.
Bost lerro estrategiko daukaguz. Gure ondare historiko eta kulturala zaindu eta balorau; Bizkaiko gizartearen kultur sorkuntza, eta dinamismoa babestu eta sustatu, horretarako herritarrak kultura sortu, zabaldu eta normaltasunez jasotzera bultzatuz; geure kultur adierazpenetan, sorkuntzan eta baloreetan oinarrituz kulturartekotasunari ateak zabaldu, kultura desbardinen arteko zubiak eta alkartrukerako bideak eregiz. Kulturak izan daiken arlo ekonomikoa eta gizarte balioa bultzatu, eta nazinoartean plaza erakargarri moduan kokatu behar dogu gure kulturea, nazinoartean geure kultura ezagutarazoteko ekimenak bideratuz, gure sortzaileak eta euren lanak kanpoan ezagunak izan daitezan, eta bertora gertakari kulturalak erakarriz, inbersinoak erakarriz... Eta azkenik, erakusketa eta interakzino lekuen ezarpen eta kudeaketa efizientea sendotu, hau da, balioa emon eta errendimenturik onena atera daukaguzan kultura azpiegiturai, gure garapen kulturalaren elementuak diralako.
Kulturaren aldetik zelan ikusten dozu Arratia? Ekipamentu zein ekimenen aldetik, zer falta da? Erakunde eta gizartearen arteko alkarlana ona dala esango zeunke? Kolaborazino horren adibide batzuk.
Tokiko hedabideen zeregin nagusia sortu diran herrietako informazinoa modu errezean eta erakargarrian zabaltzea da. Ulertzen dot mota guztietako informazinoa dala zabaldu behar dana baina nik gurako neuke kultureak, euskereak eta bertoko kirolak aparteko lekua izatea. Azken baten horreexek dira gure nortasunagaz lotuen dagozanak eta horreexek dira gure jokabideak eta egiteko moduak definiduko dabezanak.
Ezinbestekoa da bai ekipamentuai jagokienez baita egitasmoen inguruan alkarlana sendotzea, bai ekipamentuak baita egitasmoak koordinetea eta konpartidutea, eta danok "geure" sentidutea.
Badago egitasmo bat oso polita eta bultzatu beharrekoa, eta harro egoteko modukoa: Harriti herri kirol taldea. Hor dabiz euren egitasmoa sendotu guran, exibizinoak lortu guran, bota daiegun esku bat danon artean. Neska taldea da, herri kirolak egiten dabez, euskeraz egiten dabe... inportantea da Arratia eta inguruetan eurei deitzea, bertan baloretea euren ahalegina eta bertotik Bizkaira eta gainontzeko herrialdeetara be saltua emon dagien.
Harriti aitatu dot, nire eretxian proiektu berezia dalako, baina geure kirolak, bertokoak aitatu gurako neukez eta horreen barruan, zelan ez, herri kirolak. Geuk bultzatzen ez badoguz beste inork ez dauz bultzatuko. Onak gara gainera Bizkaiko inguru honetan herri kiroletan, pelotan, arraunlariren bat be badogu... hortxe dogu erronketariko bat, ondo asmatu behar dogu behar daben babesa eta behar dabezan plazak, erakustaldietarako zein konpetizinoetarako eskeintzen. Eta horreek bai dirala gure izakereaz, gure kultureaz, gure identidadeagaz lotura zuzena daukienak. Eta zorionez sekulako erreferenteak doguz bertan.
Eta Alex Txikonen lana goraipatu gura dot, eskertu eta zoriondu. Ondo egina! Horra hor beste erreferente bat, gaztea, euskalduna, eleanitza, ekintzailea eta bere lana ondo egiten dakiana. Arratiako nortasuna munduaren gailurrera eroan deusku.

2017/2/14

OIER MENA PAGAZAURTUNDUA Gorbeiako kurutzea mendi tontorretik maketara

Oier Mena igorreztarrak Delineazino eta Metal ikasketak egin ebazan Zulaibarren eta Ormazabalen egiten dau behar diseinu programakaz. Orain dala bost urte, Gorbeiako kurutzeak egiten hasi zan, hiru modelo desbardinetako enkarguak. Kurutzea beti sinbolo gisa ikusita diseinetea ebatzi eban. Jenteak emon eutsan harrera ona ikusita egun hobby-a baino zerbait gehiago bilakatu da.

 

Rakel Aldekoa Diez

 

Zelan eta zergaitik hasi zinan Gorbeiako kurutze txikiak egiten?
Nire denpora librean etxean gustuko gauzak marraztuten nebazan. Neure burua trebatuteko gustuko nituan diseinuak, asko ekoiztu barik. Etxean beti egin izan dot gauza piloa, marrazkiak... diseinua beti gustau izan jatalako. Arratiako jente askoren moduan, askotan joaten naz Gorbeiara eta behin kurutzeari begira geratu nintzan eta neure buruari esan neutsan hori egitea ezin zala gatxa izan. Holan diseinu bat lortu neban polita eta gustukoa.


Noz hasi zinan kurutzeak saltzean?
Lehenengoa niretzako egin neban, beste bat familia arteko bateri oparitu neutsan eta bestea lagun min bateri. Jenteari gustau jakon eta ahoz ahokoak ondino funtzionetan dauala emoten dau, ze jentea deitzean eta eskatuten hasi jatan. Sorpresa handia izan zan niretzako ze ez neukan preziorik ipinita, hobby bat zan. Eta hortik aurrera, kurutzearen fabrikazinoak gastua eukanez, prezio bila hasi nintzan.


Zer dala eta Gorbeiako kurutzea?
Guretzako beti izan da eta da sinbolo bat Arratia mailan. Urtean pilo bat bider igoten gara eta beti izan da atenzinoa deitu deustana eta erronka moduan ikusi neban. Errez egin ahalko nebala pentsau neban, eta horregaitik Gorbeiako kurutzea.


Zelan saltzean dozuz?
Feria batzuetara joan izan naz, baina ez dot nire burua feriatan ikusten, feriatan egoten dan jenteak ofizio hori daukalako da eta nire kasuan afizinoa dalako. Jenteak, egiten nebazan gauzen argazkiak bidaltzeko eskatzen eustan eta webgune bat egin neban jenteak ikusi ahal izateko zer egiten dodan. Arratiaz gainera, Murgia eta Gasteiz ingurutik be izan dodaz deiak.


Zenbat modelo eta ze materialegaz egiten dozuz kurutzeak?
Hiru modelo daukadaz. Bata da 250mmkoa, bestea metro erdikoa eta bestea metro bat baino apurtxo bat gehiagokoa. Dana txapan egiten dot, txapea laserrean ebagi eta gero formea nik emoten deutsat eskuz.


Inguruetako lehiaketetako garaikurrak be egiten dozuz. Ze lehiaketetarako egin dozuz? Zelangoak izan dira garaikur horreek?
Gorbeiako maketeak beste dimensino bat hartu eban Gorbeia Suzien lasterketarako garaikurrak diseinau nebazanean. Lehenengo aldia zan aurkezten nebana garaikur moduan maketa personalizaua. Garrantzi handiena Gorbeia Suzien lasterketeari emoten deutsat horrek ateak zabaldu eustazalako.
Harrezkeroztik, beste alkarte batzukaz be hartu-emona euki dot. Oroigarri eta garaikur modura hareen ideak kontuan hartuz, eskaeretara egokituten saiatu naz. Esaterako, Ganzabaleko lasterketarako, Sorgiñen lasterketarako... Orain Kolaziño Mendi Lasterketarako eskatu deuste, Lemoako Bizkaiko Koralen Egunerako be egin nebazan...


Enkargua egiten deutsuenean baldintza asko ipinten deutsuez? Ala libre ixten zaitue gura dozuna egiteko?
Libre ixten nabe baina beti noa apur bat enfokauta jenteak gura dauanera. Diseinua ez da aldatzen baina oinarria aldatu daiteke. Esate baterako, ahal deuste eskatu eguzki lore bat ipintea behean, Athletic-eko eskudoa, eta abar.
Askotan hunkigarria izaten da Gorbeiak eta Gorbeiako kurutzeak daukan esangurea ezetutea. Jenteak bere esperientziak kontetan deustaz; hau da, kurutzeak eurentzat daukan loturea, esangurea... euren esperientziak, oroitzapenak, sentimentuak... hau da, kurutzea sinbolo bat da.


Urtero zenbat saltzean dozuz?
Ez daroat horren kontua hain zehatz. 2016an adibidez, inguruko alkarte batzuk deitu eusten.


Gorbeiako kurutze bakotxak zenbat denpora daroatsu egiten?
Diseinua eginda dagoanez, kurutze batek lau ordu ahal deustaz eroan eta beste ordu bete pintetan emoten dot. Gero, jenteak oinarria aldatu gura badau, diseinu barria egiten zortzi bat ordu egin neikez.


Pentsau dozu inoz beharra ixtea eta horretara dediketea?
Beharra itxi... ez. Nik momentuz egiten dodana gustura egiten dot, ez dot inoz helburu zehatzetan pentsau. Hasikeran esan dodan moduan nire denpora librean bururatzen jatazan gauzak egiten segiduko dot.

2017/1/31

MIKEL ZULUAGA "OEEk jakin izan dau porrota garaipen bihurtzen"

Mikel Zuluaga zeanuriztarra desobedientzia zibilaren aktibistea da. Desobedientzia zibila, muga eta hesien kontrako burrukan egiteko erremintatzat dauka Zuluagak. Begoña Huartegaz batera Euskal Herrira legez kanpo 8 errefujiadu ekarten saiatzeagaitik atxilotu eban Greziako poliziak 2016ko abenduan, baina ez da lehenengo aldia praktikan jarten dauala desobedientzia zibila. Izan be, Gazako blokeoa desobeditzeko ekintzetan hartu dau parte zeanuriztarrak.
Ongi Etorri Errefuxiatuak giza mobimentuetako eredu bihurtu dala dino. Bertan, oso ideologia desbardinetako jenteak alkarregaz egiten dau behar oso modu bateratuan. Euren ekintza ondo transmitiduten jakin dauala dino, txarto urtendako ekintza bat, garaipen bihurtuz.


Desobedientzia zibila defendiduten dozu eta ibilbide bat daukazu horretan.
Desobedientzia zibila giza mobimentu eta mobimentu politikoen erreminta bat da. Bake erremintea. Jentea sensibilizau eta hausnartu arazoteko helburua dauka. Kasu honetan jentea konturatu daitela errefujiaduakaz gertatuten dagoan kruelkeria, eta lege bat desobeditzean beste bat beteten dala. Gobernuak desobeditu behar dira, Giza Eskubideak beteteko.
Ekintzaren ostean errefujiaduak ekarri doguzala publiko esateko asmoa geunkan. Zigor bat egongo dana badakigu, baina zigor hori be publiko egingo dogu. Zigorrak erakusten daualako zigorra ipinten dabenak zelangoak diran. Eta horrek gaiaren inguruko konzientzia soziala sortuten lagunduten dau.
Orain dala urte batzuk be atxilotu ginduezan, Joxemi Zumalabe Fundazinoan, desobedientzia zibilaren marko teorikoa prestatzen gengozanean. Oraindino praktikara pasau barik. Ponentzia bat prestatu genduan, kasualidadez orduan be Begoña Huartek eta biok, "Piztu Euskal Herria" izenekoa. Atxilotu ginduezan ETAk idatzitako ponentzia bat zala esanez, baina desobedientzia zibila, mundu guztiak dakian moduan, biolentziagaz bateraezina da. Absurdoa izan zan.
Gandhik erabili eban burruka antikolonialistan, Martin Luther King-ek erraza segregazionismoaren kontrakoan, andrak sufragismoan. Adibide eta modu asko dagoz. Esklabuak askatzeko ezkutuko trena, berbarako. Ez zan tren bat izan, trenak, barkuak eta edozein garraio igesean joaiazan esklabuak ezkutuan eroateko sare bat baino. Bigarren Mundu Gerrako mugalariak beste adibide bat dira. Frankismoan be mugalariak egon ziran Portugalgo Salazarren diktaduratik portugaldarrai iges egiten lagunduten. Beste adibide batzuk, Rosa Parks edo Pepe Beunza, lehenengo insumisoa dira.
Eta orain be erabilten da. Gazako blokeoa apurtuteko saiatu gara desobedientzia zibila erabilten. Sei bider saiatu gara baina ez dogu lortu oraindino.
Guk uste dogu desobedientzia zibila leku eta momentu historiko bakotxera egokitu behar dala eraginkorra izan daiten. Zentzu zabalean hartzean dogu eta uste dogu ohituretara be zabaldu behar dala. Horrek esan gura dau gure egunerokotasunean ohitura batzuk desobeditu behar doguzala, jokaera positiboak izateko. Esate baterako, konsumo arduratsua, argindar larregi ez erabili, eta abar. Etsaia ez dago kanpoan bakarrik.
"Basakeria honen aurrean derrigorrezkoa da desobeditzea" dinozu. Errefujiadu eremuen imajinak ikusi doguz baina deskribidu basakeria hori, errefujiaduen egoera lazgarria.
Inor ez da jaio gura izan dauan lekuan. Baina konzientzia oneko personak argi euki behar dogu, danok euki behar doguzala eskubide eta bizi baldintza bardinak. Eta marra batek, muga deitzean dan marra soil batek milaka personaren heriotzea eragiten dau. Marrak, itsasarte batek, hesiak, harresiak, alanbre-hesiak eta alanbre-hesia konzertinaduna bada, mutilau egiten dau jentea. Ikaragarria da.
Etxe gainean bonba bat jausi ezkero, auzokoaren etxera joaten da jentea. Auzokoaren etxean be bonba bat jausten danean, urira eta uria bonbardatuten dabenean, handik alde egiten dau. Hori mundu guztiak ulertuten dau. Edo bortxaketea onartzen dauan kultura baten bizi dan andra bat, normala da lekuz aldatzea. Edonork egingo leuke gauza bera.
Mugak zarratu eta horren kudeaketa txarra egiten dabe. Jentea hartzean baino gehiago gastetan dabe "segurtasunean". Horregaitik dinogu Arratiak eta Euskal Herri osoak harrera herria izan behar dauala. Normaltasun osoz. Euren lekuetan muturreko egoerak bizi dabez eta iges egin ezkero errefujiadu eremuetan sartzean doguz. Basakeria da eta basakeria hori gelditu egin behar da. Errefujiadu guneetan ez deutsee ezer egiten ixten, ez behar egiten, ezta eskolak antolatuten be. Alperkeriaz, hotzez eta gosez noz hilgo zain dagoz. Ezin da onartu.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforman jente ugaria batzean da, sano ideologia desbardinetakoa, eleiza eta mobimentu feministea, berbarako; EAJ-PNVkoa eta Podemosekoa... Danok egin dozue bat desobedientzia zibilaren preminea dala-eta? Plataformearen babes osoa euki dozue.
Ekintza hau ez dau Plataformeak egin, ezin gendualako zabaldu. Baina Bizkaiko OEE osotuten daben tailer guztietan, desobedientzia zibila preminazkoa zala esan eben. Eta gero ikaragarri ondo erantzun dabe. Jakin izan dabe porrota garaipen bihurtzen, txarto urtendako ekintza bateri bueltea emoten eta desobedientzia zibila ondo transmitiduten. Baita giza zoru bat sortzean.
Giza zorua funtsezkoa da. Herri guztietan lotan dagoan errazismoa dago eta giza zorua egon ezkero eta eremu diskursibo, geografiko eta komunikatiboa ondo hartuta badagoz, errazismoa esnatzea gatxagoa da. Aktibistak bakarrik ez, kaleak be defendidu behar dau justizia. Guk egindako ekintza dala-eta, hau basakeria bat dala, errefujiaduak ezin dirala holan bizi eta desobedientzia zibila horretarako erreminta bat dalako ideak zabaldu ditu OEEk. Danok bat egin dogu.
Ondo komuniketan jakin dau, eta jentearen sinpatia lortu dau. Europako leku askotatik dabilz deika, OEEn zelan egiten dogun behar jakiteko eta desobedientzia zibilaren gainean galdetuten.
OEE Plataformea eredu bihurtu da orduan. Zein herrialdetatik deitzean deutsue OEEren funtzionamentuaren barri jakiteko?
Italiatik, Greziatik be bai... Giza mobimentuak deitzean deuskue hainbat topaketatako. Zenbatu be ez dodaz egin.
OEE tribu askok osotuten dabe eta gizarte osoa zeharkatzen dau. Maitasunen katea eta alkarrenganako konfiantzea landuten dira bertan. Desbardinak garala jakinda, konfiantzea daukagu alkarrengan. Danon etsaiaren kontra eta errefujiaduen aldeko burrukan gagozalako. Hori da gure oinarria.
Idea guztienganako errespetua eta danontzako lekua dago. Giza mobimentuak askotan oso ideologizauta dagoz eta mugatu egiten dira. Giza mobimentuetarako espazio barri bat zabaltzen gabiz. Jentea harritu egiten da eleizea eta anarkistak alkarregaz beharrean dagozalako eta Europan hau ikertuten dabilz. Eskemak apurtuten dauz OEEk. Sano interesantea da.
Europako egoera politikoa dala eta (Merkel-eri presinoa, Europako Legebiltzarreko presidentetzea alderdi konserbadorearen eskuetan...) ez dirudi egon daitekezan aldaketak errefujiaduen alde izango diranik. Espainian geldi eta isilik dagoz, Eusko Jaurlaritza... zelan ikusten dozu panoramea? Jentarte zibilaren esku baino ez da egongo basakeria honegaz amaitutea?
Mundu mailako politikan hiru mundu eta hiru jarkera dagoz. Herrialde garatuetan neofazismoa deitu geinkean ideologia indartzen doa. Europako ultraeskuinaren gorakadea eta Trump-ek isladatzen dabe hori. Euren ustez munduan jente klase bi dagoz: beharrezkoak eta beharrezkoak ez diranak. Munduan gehiegizko populazinoa dagoanez, gertatzen dana ez jakie inporta eta armak saltzean deutseez gobernu eta oposizinoai. Gerrak ez jakiez ardura. Beharrezkoak diranen mundua zarratu egiten dabe, harresiak ipiniz, segurtasunaren izenean. Hor gitxi batzuk sartu daitekez, lan esku merkea behar danean, eta behar ez diranean kanporatu egiten ditue. Bide horretatik gurean, latinoamerikako andra asko dagoz zaintza lanak egiten, hemengook kubriduten ez dogun beharra egiten.
Bigarrena, liberal eta askotan sozialdemokraten mundu eta jarkerea da. Sano teoria solidarioa daukie, baina praktika hutsa. Beti dagoz pelotea beste baten teilatura botaten.
Baina erakundeetan, jente arduratsua be badago; benetan saiatzen dana urtenbideak topatzen eta errefujiaduai urtenbideak emoten. Batez be, maila lokalean, udaletxeetan eta.
Eta zelan ikusten dozu jentearen inplikazino maila? Mobilizazinoak karidadean geratzeko arriskua dagoala uste dozu ala konpromisoa harago doa?
Pentsetan dot asistenzialismoak zergaitiak ikusi behar dituala, ezpabere hutsean geratuko da. Zergaitiak salatu ezean, gobernuak ezarritako egoera hau manteniduten lagunduko dogu. Gobernuak gizarte zibilak bere gain hartzea errefujiaduen superbibentzia gura dabe. Gauza biak dira beharrezkoak, errefujiaduak bizirik urten behar dira horretatik, baina zergaitiak be salatu egin behar dira.
Errefujiadu eremuetan poliziak eta militarrak kontroletan dabe dana. Errefujiaduak, heltzean jakien erropea be ezin dabe aukeratu. Politika horreek ezarri dituen agintariak ez dabe gura umeak ingelesa edo grekera edo gaztelania ikastea. Denpora guztian ezer egin barik egotea gura dabe, atzera egin edo etsi egin dagien. Familia asko aurrera egin ezinda geratu dira. Asmoa zein dan argi ikusten da kanpalekuetan: lehenengo kanpin dendak ziran, orain kontainerrak ipini ditue, horreek kaleetan ipinten hasi dira... urteak eta urteak egon daitezan hor.
Europako jente solidarioa errefujiaduak ekarten hasi da. Errefujiaduak liberetako ezkutuko tren bat behar izango da?
Europan jente asko dago errefujiaduak eremuetatik ateraten, ateraten dabizala esan barik: familiartekoak eta abar. Gure moduan prozesauta dagoan jente asko dago. Gure berezitasuna izan da guk publiko esan dogula legetik kanpo jarduten dogula. Baina Grezian errefujiaduen aldeko mobimentu handia dago. Eurei Europako hesia izatea tokau jakie, poderea hesiak Europatik kanpo ipinten saiatu dan arren.
Itunen bidez Europatik kanpo hesiak jarri ezkero, Europako herritarrak horren konsziente ez izatea be lortzean da.
Bai. Horregaitik Grezian dago hainbeste jente errefujiaduen alde beharrean. Adibide bat da City Plaza Hotela. Errefujiaduentzako egokitu dabe. Lehen turistak egiten eben lo bertan eta orain errefujiaduak bizi dira han. Eskolak be badagoz. Desobedientzia desbardina da, baina azken finean, desobedientzia praktika bat da. Alemanian eta herrialde nordikoetan jentea hartzeako kulturea dago. Gurean oraintsu hasi gara ikasten baina uste dot OEE sano ondo dabilala.
Gizakiaren historiaren zati handi bat gerra, jazarpen eta indarkeriaren bitartez egin da. Baina kontrakoa be beti izan da eta historia jente eta herrien alkartasun, maitasun eta gozotasunari esker eregi da. Hori holan izan ez balitz, honezkero ez zan gizakirik bizirik egongo.

2017/1/16

AITZOL ATUTXA "Aitaren sasoian azkora zaletasun handiagoa egoan Arratian"

2016an Urrezko Aizkolarien liga izan ezik, dana irabazi eban Aitzol Atutxak. Euskal Herriko hirugarren txapela jarraian eta Bizkaiko hamargarrena lortu ebazan. Dana irabazi ostean, presinoa eroaten jakin behar dala eta motibazinoa mantenidutea gatx egiten dala dino txapeldunak. Arratian azkora zaletasuna beherantza doala uste dau Aitzol Atutxak.

 

Hainbeste txapel artean, zein da zuretzat inportanteena?
Txapelik inportanteena Euskal Herrikoa da. Euskal Herriko Txapelketea dana da guretzat: gure munduko txapelketa, gure Europako txapelketa... gure Tour-a, gure mundiala... Euskal Herriko Txapelketea lorpen handiena da eta horregaitik jomuga edo helburu moduan jarten dogu. Hiru urtez jarraian lortu dot eta sano pozik nago.
2016an irabazi ez dodana izan da Urrezko Aizkolarien Liga, bigarren postuan geratu nintzan, baina gainontzeko guztiak irabazi dodaz. Eta azpimarratzekoa da Bizkaiko Txapelketa 10 urtez jarraian irabazi dodala. 28 urtegaz 10 txapel jarraian eukitea, asko da.


Dana irabazita, zer geratzen jatzu 2017rako?
Bardina gertatu jatan 2015a amaituterakoan. Orduan be danak irabazi nebazan Urrezko Aizkora izan ezik, hori 2016an lortu dot eta 2016rako helburua apustu bat egitea zan. Jose Mari Olasagastigaz, baina zoritxarrez istripu bat euki eban eta ezin izan dogu apustua aurrera eroan. Bertan behera geratu da, eskua ez jakolako ondo ipini. Nik uste dot helburu hori 2017ra pasau beharko dala.
Beste norbaiten kontra izan beharko da, ez dakit. Gauza horreek askotan neska-laguna edo mutil-laguna bilatzea langoa izaten da, ez da heltzean zuk pentsautakoan, datorrenean baino. Apustuak bardin. Askotan egiteko gogoa euki arren, baldintzak ez dira beteten. Baina baleiteke 2017an apusturen bat sortzea.
Txapelketai jagokienez, txapela lortzea beti da zaila, baina goian mantentzea oraindino zailagoa. Hainbeste garaipen errepikatzea zaila da, motibazinoaren aldetik zailtasun handiak dagoz... gero gainontzean ez gara profesionalak, ez gara horretara dediketan eta horrek zailtasunak areagotzen ditu.


Ze garrantzia dauka azkorak zure bizitzan?
Azkorea esku artean egunero hartu ez arren, buruan daukat beti. Azkolaritzan txiki-txikitatik hasi nintzan, nire bizitza azkoraren inguruan izan da beti eta gaur egun be holan da. Udan zehar, astegoienetan, astean zehar, txapelketak, erakustaldiak, entrenamentuak... Astean hiru bat aldiz hartzean dot azkorea eta hartzean ez dodanean gimnasioan edo menditik egiten dot entrenamentua.


Zenbat urtegaz hasi zinan azkoran? Zelan?
Aita azkolaria zan eta "zer ikusi hura ikasi". Arreba bat daukat zaharragoa, harek ez eban azkorea hartu. Bospasei urtegaz hasi nintzan azkorea hartuten eta aitak horretarako neure neurriko bat egin eustan. Plazara zazpi-zortzi urtegaz atera nintzan lehenengo aldiz, eta jolasean.
Niretzako jolas bat zan.


Txikitan Bilbon bizi izan zinan.
Bai. Bilbon jaio eta Bilbon bizi izan nintzan 22 urte izan arte. Asteburuetan Dimara etorten ginan. Ikasketak be Bilbon egin nebazan. Enpresa Zientzietako lizentziaturea daukat eta ikasketak bukatuta etorri nintzan Dimarantza.
Jente asko harritzen zan, Bilbon bizi eta azkoran ibilteaz. Ez da ohikoa bilbotar bat, Enpresa Zientzietan lizentziatua eta azkolaria izatea. Baina azkolari guztiak ez dira baserrian bizi. Egoten dira lekuak entrenamentuetarako, aterperen bat edo. Nik be ez dot etxean entrenetan. Lemoan entrenetan dot lagun batzukaz. Kirol hau oso gogorra da bakarrik ibilteko. Ezinezkoa. Behar dozuz pare bat lagun egurragaz lagunduten.


Zer erakutsi edo zer emon deutsu kirol honek?
Txapelez gain... txapelak eta garaipenak eta lagunak be bai. Hori da positiboena, lagunak egiten dirala. Eta gero, uste dot bizitzeko gaitasuna be emon deustala, beste egoera batzuen aurrean nora jo jakiteko balio izan deusta. Kendu be bai. Batez be umetan eta gaztetan, baina bueno. Lotsa puntu bat kentzean be lagundu deusta. Azkoreak danetik emon deusta.


Gurako zeunkez zure semeak azkolariak izatea?
Seme bi daukadaz. Ez da gura dodan gauza bat. Ilusino bardina egingo leuskit musikariak balira. Eurak zerbaist egitea eta dibertitzea gura dot. Niri azkolaritzak emon deustazan gauza guztiak eta poztasunak, beste zerbaistek emoten badeutsez, ni pozik. Ez da zertan azkorea izan.


Lehen esan dozun moduan, azkoratik ez zara bizi. Txakolina egiten dozue Axpe Goikoa enpresa familiarrean, ezta? Zenbateko produkzinoa daukazue?
Printzipioz proiektua zati bitan bananduta dago. Lau hektarea dagoz bost urtekoak edo eta beste zazpi urte bikoak. Hau da, momentuz zati bat bakarrik dago produzitzen, bestea etorkizunerako dago. Gure txakolina, hemen inguruan, Estadu mailan eta kanpoan be saltzean da. Batez be, Ameriketara eta Japoniara saltzean dogu.
Txakolinaren merkadua nahiko asetuta dago Euskal Herrian, horregaitik kanpora saldu behar da. Momentuz 30.000 botila inguru produziduten doguz eta erdi eta erdi. Erdia hemen geratzen da eta beste erdia kanpora saltzean dogu.
Estadu Batuetan eta Japonian, ezagunagoa da Gipuzkoako txakolina, azkarrago ibili dira zentzu horretan gipuzkoarrak. Nahiz eta biak txakolin izena izan, produktu desbardinak dira. Gipuzkoakoak karbonikoa dauka eta Bizkaikoak ez. Dana dala, nik uste dot ardo zuri on bat dala Bizkaiko txakolina eta situazino ona daukala munduan.


Mahastietako beharra egiteko beharginak daukazuez?
Lan asko azpikontratau egiten doguz. Beste mahasti batzuekaz konpartiduten doguz kontratuak. Sasoi batzuetan lan asko egoten da eta beste batzuetan ezer ez. Mahatsa bildu behar danean, egun baten edo bitan bildu behar da, eta horretarako 20 persona inguru behar dira. Upeltegiagaz hartu-emona daukagu eta bere bitartez kontratetan dogu lan gehiena.


Non ekoizten da zuen mahastietako txakolina?
Larrabetzun. Iturrialde bodegan.


Zelan hasi zinan negozio honetan?
Jatetxea martxan dago orain dala 15 urte eta aitari bururatu jakon jatetxearen azpian dagozan landetan mahastiak landatzea, produktua dibersifikatzearren. Gure negozioa mendian da, mendian egiten dogu lan, mendiak salerosten eta basoak ustiatzen.
Hasi eta segiduan, leku harek etorkizuna eukala ikusi eban aitak. Mahastientzako ez dira onak leku guztiak. Gurea, Bizkaiko mahastirik altuenetakoa izango da, eguzkia dauka eta baldintza onak ditu. Kalidadea eta produktibidadea ikusi eta gero, handitzera animau ginan.
Aurten, bigarren fasea hasiko da. Urte honetan bertan gertatu daiteke uztaren bat jasotea, txikia baldin bada be, gero handitzen joateko. Espero daigun izurriterik ez egotea eta igazko besteko uzta behintzat eukitea aurten be.


Horrek ekarriko dau merkadu barriak zabaldu beharra, ezta?
Merkaduak zabaltzen gabilz, apurka-apurka. Nik uste kanpokoa haziko dala gehienbat.


Hainbeste gauza eta dana ondo eginda, geratzen jatzu denporarik plazer hutsezko gauzarik egiteko?
Nik azkolaritza hobby moduan hartzean dot. Txikitan hasi nintzan, jolas moduan. Gero nerabezaroan hobby bat izan zan eta orain ez dakit zer dan. Ez dakit afizinoa, lana, betebeharra edo zer dan. Bakarkako kiroletan, buruak karga handia izaten dau. Gorputzak be bai, jakina. Azkenean hainbeste bider txapelduna izanda, emoten dau leku guztietan irabazi egin behar dozula eta hori eroaten jakin behar da.
Azkolaritzaz aparte, familiagaz egotea eta jatea gustetan jata.


Zelan ikusten dozu azkoraren etorkizuna Arratian?
Etorkizunean ez dakit azkolaririk izango dan Arratian. Ez dago azkora eskolarik. Sakanan bai, azkolari Eskola bat dago. Han biltzean dira umeak azkoran ikasteko eta mankomunidadearen bitartez egiten dabe. Polita izango litzateke Arratian be azkolari eskolea eukitea. Zunba ikastaroak egiten diran moduan, zergaitik ez herri kirola?
Arratian badago herri kirola egiten dauan taldetxo bat eta hori mantenidu edo indartu egin beharko litzateke.
Nik uste dot herri kirol zaletasuna galtzean dagoala Arratian. Azkolaritzan behintzat bai. Gure aitaren sasoian, zaletasun handiagoa egoan. Akaso, Arratiako azkolari gehiago ebiltzalako. Horren adibide garbia da gaur egungo Euskal Herriko txapelduna arratiarra izanda, Arratian saio bakarra egin dodala aurten. Horrek tristetzen nau. Egin dodan saio bakarra izan da kanporaketa bat eta abenduan izan zan, urtea amaitzear egoanean.
Nik 2017ari eskatuko neuskio Arratian bertan saio gehiago egitea. Euskal Herriko Txapelketea Bilbon irabazi neban, baina arratiar pilo bat egon zan ikusten. Orain andrazkoen Urrezko Kopa be badago... Herri kirol eskolatxo bat egingo balitz, Sakanan dagoan moduan, Mankomunidadearen bitartez, ni laguntzeko prest egongo nintzateke.

 

2017/1/16

GERRA ZIBILA Gorbeiako gudariak

Arratia be sartzean zan Arabako frontea deitutakoan, gerra hasikeratik gudari abertzale gitxi egon baziran be, salbuespena Gorbeia aldean daukagu; izan be, bertan Euzko Mendigoxale Batzako "Lenago il" eta "Zergaitik ez" batailoiak luzaroan burrukatu ziran.

 

Alvaro Rabelli

 

Gauza jakina da errepublika sasoiko indar abertzaleak (EAJ, ANV, STV, EMB) ez ebezala euren milizianoak -geroko gudariak- gerrara bialdu ha biztu bezain laster. Neutraltasuna aldarrikatu eben. Ezkerreko taldeetako milizianoak izan ziran hilabeteetan errepublikearen alde armaz burrukatu ziran bakarrak. Gerra hasikeran, esaterako, EAJ-ko milizianoak jagole lanak egin ebezan konbentuetan, elizetan, eta buruzagi eskuindarren etxeetan. Baina, gauzak berehala hasi ziran aldatzen; alde batetik, ezkerreko taldeen (sozialistak, komunistak, anarkistak, ezkerreko errepublikarrak) balizko iraultzeari bildur jakolako; eta bestetik, Francoren armadea, batez be Gipuzkoan, aurrerapen handiak egiten egoalako. Holan, EAJ-k bere milizianoak Loiolako konbentuan batu ebazan. Euzko Gudarostearen ernamuina zan. 1936ko urri lehenaren amaiera aldera lehenengo konpainia abertzaleak fronterantza urten eben. Holan egiten hasi ziran ANV eta STV taldeak be.
Bitxiagoa izan zan EMB-ren jokabidea. Bere buruzagi asko, tartean Eli Gallastegi "Gudari", gerran parte hartzearen kontra azaldu ziran, ha kontua espainarrena baino ez zalakoan, eta ez euskal independentistai egokian zer edo zer. Hala eta guztiz be, bere jarraitzaileak, buzuzagiai jaramon egin barik, hasikerako euskal milizietan izena emoten hasi ziran. Mikel Alberdi mendigoxale gipuzkoarra, seguru asko, izan zan lehenengo hildakoa miliziano abertzaleen artean. Bidanian jausi zan 1936ko abuztuaren 16an.

Jagi-jagi
Euzko Mendigoxale Batza (EMB) EAJ-tik bereizitako erakundea izan zan errepublika sasoian. Ez zan ailegau alderdi politikoa izatera, baino askok dinoe gerreagaitik ez balitz, ha erakundea alderdi bihurtuko zala. Bere jatorria Aberri taldean aurkitu behar dogu. 1930ean Aberrik Comunion Nacionalistagaz bat egin eban EAJ alderdia birsortzeko. Aberritik, hain zuzen, etorri ziran EMB-ko buruzagi ezagunenak, Eli Gallastegi "Gudari", Trifon Etxebarria "Etarte" eta Angel Agirretxe. 1932tik aurrera EAJ-ren joera estatutista ikusita EMB sortu zan abertzale independentistak bere inguruan batzeako. Jagi-jagi, Yagi-Yagi sasoiko ortografian, euren prensa organo ofiziala izan zan Angel Agirretxeren zuzendaritzapean, aldizkari independentista inondik be. 1934tik aurrera EAJ-gazko hartu-emonak nabarmen gaiztotu ziran eta alderdi sozialistako kideakaz be liskar handiak euki ebezan EMB-ko kideak.
Gerrea biztu zanean, buruzagiak interbentzionista eta ez-interbentzionisten artean banandu ziran. Atzenean, gerreak hilabeteak eroazanean, Durangon eginiko batzarrean lehenengoak nagusitu ziran eta gerran parte hartzea erabagi eben.

"Lenago il" eta "Zergaitik ez"
Gerran parte hartzearen ondorio zuzena mendigoxaleen lehenengo konpainiak eratzea izan zan. Holan, 1936ko urri lehenaren 30erako badogu mendigoxaleen lehen konpainia, Mikel Alberdi deitutakoa. Ha izan zan "Lenago il" batailoiaren hasikerea. Abendurako mendigoxaleak baegozan Areatzako koartelean, Gorbeiako sektorean. Urrean mendizaleak izatean, egoki ikusi ebezan frontearen defensarako hain garrantzitsua zan Gorbeia jagoteko. "Lenago il" batailoiak izena hartu eban Sabino Aranak Larrinagako espetxean idatzitako olerki batetik. Bere komandantea Mikel Ayerdi zan eta gudari gehienak Gipuzkoa, Abadiño eta ezkerraldeko herrietakoak ziran. Euzko Gudaroste barruan Euzkadiko 33. batailoia izan zan. Unerik gorenean 643 gizon izatea lortu eban, lau konpainia fusilero eta konpainia bat ametralladora. "Zergaitik ez" batailoia, Euzkadiko 68.a, Santurtzin kokatu zan, Bilboko Kastrexana auzoko bateria antiareoaren ardurea eukan eta erreserba batailoarena egin eban. Bere komandantea Eugenio Orbegozo izan zan, eta guztien nagusi Angel Agirretxe ginekologoa eta EMB-ko buruzagi politikoa. Tirabira ugari egon ei ziran bigarren batailoi hori eratzeko, handik bere izena.

Gerrea Gorbeiako tontorrean
1937ko martiaren 31n, Bizkaiko frontearen kontrako erasoaldia hasi zanean, "Lenago il" batailoia Gorbeiatik Aramaiora zabaltzen zan. Egun haretako gaubean errekete indar txiki baten erasoak ustekabean hartu eban Gorbeiako kurutzean egoan Uria tenientearen konpainia. Kurutzea itxi eta Berretin alderantza atzera egin behar izan eben. Ha-ta guzti be, gudariak lortu eben arerioa tontorrean bertan geldiarazotea, errekete nafarren aurrerapen handiagoa ebitauz. Hurrengo eguneko gaubean gudariak kontraerasoa prestatu eben kurutzea berreskuratzearren, baina ez eben ezer lortu, eta baja ugari euki ebezan. Aprilaren bian, goizean, Padura batailoiaren laguntzea jaso eben mendigoxaleak eta, atzenean, Gorbeiako tontorra eurenganatu eben.
Ekintza horren ostean batailoiak bertan iraun eban baja askorik barik. Aprilaren 20an, Bizkaiko frontearen kontrako erasoaldia indartu zanean, batailoiak Gorbeiako leku lasai baten irauan, burrukaldi gogorrenetatik urrun. Aprilaren 26an, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, EAJ-ko beste batailoi batzukaz batera, 16. brigadea, IV. dibisinoa izatera pasau zan.
Maiatzaren 6aren eta bagilaren 10aren artean Gorbeian jarraitu eban 14. brigadea osotuz, harik eta Enkarterrietarantza atzera egiteko agindua jaso arte. Bagilaren 23an bat egin eben batailoi biak, "Lenago il" eta "Zergaitik ez" batailoiak, holan berrosotu zan baja asko euki ebalako. Gauzak holan, geroko berrantolaketearen ondorioz, batailoi barriak 154. brigadea, 54 dibisino zenbakia hartu eban. Bilbo frankisten esku jausi ostean, batailoia Kantabriara pasau zan, Colindresen akoartelau zan eta abuztuaren 13an, El Gordon-eko posizinoetan bonbardatu eben. Gorabehera gehiago barik iraun eban Kantabriako frontea jausi arte, orduan, amore emonda franskisten esku gelditu zan.

 

2017/1/2

MIKEL ZULOAGA ETA BEGOŅA HUARTEREN ATXILOKETAK Barriro saiatzeko prest

Aske baina kargupean itxi ebazan epaileak Mikel Zuloaga zeanuriztarra eta Begoña Huarte nafar ekintzailea abenduaren 30ean. Karguak "legez kanpoko inmigrazinoa sustatzea" eta "ardurabakokeria larria" izan ziran. Bakotxari 2.000 euroko bermea ipini eutsan eta 12 egun ditue pagetako. BEGITU zarratuterakoan, Atenasen egozan Zuloaga eta Huarte.

 

Atxiloketa baten kronikea
Abenduaren 27 eta 28 arteko gaubean, Greziako poliziak Igumenitsako portuan atxilotu ebazan Zuloaga eta Huarte, 8 errefujiadu Euskal Herrira modu ilegalean ekartera joiazanean. Grezian, 62.700 errefujiadu dagoz "harrapatuta", Europak Balkanetako bidea zarratu ebanetik. Zuloaga eta Huartegaz etortekoak ziran zortzi honeek egoera horretan egozan.
Atxiloketea eta ostean gertatutakoaren lekuko izan da Hibai Arbide kazetaria eta hainbat hedabide eta Twitterren bidez emon dau jakitera han gertatutakoa. Mikel Zuloaga eta Begoña Huarte, eta autokarabanan ezkututa egoazan Siria, Afganistan eta Iraneko 8 errefujiaduak, Italiara joateko ferry-a hartzear egozanean atxilotu ebezan. Euren asmoa zan, Igumenitsan ferry-a hartu Brindisira arte, eta handik Bilbora errepidetik etortea. Atxiloketea gertatu zan momentuan, Arbide portu ondoko taberna baten egoan. Ferry-a urteteko ordua baino ordu erdi lehenago kazetariak autokarabanea kaleko jantzitako poliziaz inguratuta egoala ikusi eban. Errefujiaduakaz, polizia sekretua, eta kamuflaje uniforme eta metrailetadun polizia bik Zuloaga eta Huarteri guardia egiten. Danak atxilotu ebezan.
Hurrengo egunean aske geratu ziran errefujiaduak, ez ordea Mikel eta Begoña. Atxilotze zentroan geratu ziran biak, trankil eta irribarrea galdu barik. "Argi itxi, ez garala heroiak, persona normalak garala injustizia nabarmen baten aurrean ahal dabena egiten dabenak" esan eutsan Zuloagak Arbideri komisaldegian.

Desobedientzia zibila
Gobernuak ez dabezala beteten hartutako konpromisoak, eta erakundeak errefujiaduen aldeko adierazpenak egin arren ez dirala ezertan gauzatzen ikusita, ekintzaile batzuek, Zuloaga eta Huarte tartean, ekintzetara pasetea ebatzi eben. Espainiak Europako Batzordean 2017ko urri lehenengorako16.000 errefujiadu hartuteko konpromisoa hartu eban eta 2016ko abenduan 898 baino ez ebazan hartu. Horregaitik, desobedientzia zibila zilegia bakarrik ez, guztiz beharrezkotzat jo eta legez kanpo, errefujiadu eremuetatik atera eta mugak zeharkatzen lagunduten hasi dira, Giza Eskubideak bermatzeko Europan hainbat ekintzaile. Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformakoak tartean.
Legez kanpoko ekintzen erantzuleak, ekintza egiten dabenak eurak izan arren, kasu honetan Mikel Zuloaga eta Begoña Huarte, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformea gehitu egin jakie antolakuntza mailan. Izan be, berrogeta hamar persona baino gehiagok lagundu dabe ekintza hau aurrera eroaten, dirua eta azpiegiturea ipiniz. Talde lana izan da ekimen hau.
Greziara urten aurretik Mikel Zuloagak eta Begoña Huartek euren errazoiak azaltzen ebazan bideo bat grabau eben. Honeek dira euren berbak:
"Adierazi nahi dugu persona errefuxiatuak ilegalki ekarri ditugula. Historiako sarraski handienekin konpara litekeen basakeria honekin bat ez egiteak ekarri ahal dizkigun ondorioak gure gain hartzen ditugula.
Guk giza eskubideei zor diegu obedientzia; horien urraketei desobedientzia. Mugak milaka pertsonentzako atxiloketa, deshumanizazio eta heriotza-eremu bihurtu dituztenei desobedientzia. Europako gobernuei deso- bedientzia.
Herri mugimenduetan ari diren hainbat lagunek finantziatutako eta irabazi asmorik gabeko ekintza da hau. Ez du giza elkartasuna eta salaketa politikoa beste helbururik.
Gobernuek izua legeztatzen duten artean eta giza eskubideak zein haien kupo ziztrina ere betetzen ez dituzten artean, herri mugimenduek, herritarrek, bihotz oneko pertsonek desobeditzeko eskubidea dugu. Pertsona errefuxiatuak ekartzen jarraitzeko eskubidea dugu. Euskal Herria harrera-lurralde bihurtzeko eskubidea dugu".

Mobilizazinoak
Arratian, Iruñean, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Estaduko hainbat uritan eta Grezian bertan hainbat mobilizazino egin dira ekintzaileak aske ixteko eskatzeko eta euren ekintzeagaz bat egiteko, "Alkartasuna ez da delitua" eta "Neuk be egingo neuke" lelopean.
Atxiloketa gaueko hurrengo goizean, OEEk gertatutakoaren barri emoteko prensaurrekoa eta alkarretaratzea deitu ebazan Bilbon. Egun haretan bertan, Lemoan 18:30ean konzentrazinoa egon zan eta 19:30ean Zeanurin.
Hurrengo goizean, abenduak 29, Arratia eta Zeberioko EH Bilduko zinegotzi eta alkateak eta Arteako Aldatuz plataformako zinegotzi batek agerpena egin eben Zuloaga eta Huarte askatzeko eta errefujiaduai mugak zabalduteko eskatzeko. "Mikel Zuloaga eta Begoña Huarte atoan askatutea eskatuten dogu, persona errefujiduakazko alkartasuna eta Europaren politikak salatuteko ekimena egin eta atxilotuak izan diralako. Arratiako alkateok, gatazka politiko-militar eta sozioekonomikoak eragindako mobimentu migratorio behartuak kaltetuten dabezan miloeka personagazko alkartasuna eta giza eskubideen urraketea salatuten dogu" esan eben. Greziako enbajadeagaz hartu-emonetan ipiniko zirala Begoña eta Mikelen askatasuna eskatuteko eta Arratia harrera herria izateko prestutasuna be adierazo eben.
Zeanuriko Udalak Eusko Jaurlaritzaren komunikaduagaz bat egin eta adierazo eban ulertzen zituala erakunde eta herritar askok, Europar Batasuna errefujiaduakaz jarraituten dauan politikakaz ados ez egoteko eta haserre egoteko dituen errazoiak, baina ez datozala bat kasu honetan salaketa hori egiteko aukeratu dan metodoagaz.
Egun haretan, Zeberion EH Bilduk proposatu eban OEE zapia eskegitea udaletxean eta alkateak ezetza emon ebala azaldu eutsan begituri Kepa Perez Urraza zinegotziak.
Iluntzean konzentrazinoak egon ziran Zeanurin eta Iruñean. Zeanurin 300 persona inguru batu ziran. Ordurako, egotziko eutsien delituak zeintzuk izango ziran jakinaren gainean, baikor egozan batutakoak eta, batez be, Europaren politikak salatu eta errefujiaduai alkartasuna adierazo eutseen konzentrazinootan. Konpromiso bi hartu ebazan OEEk: mugak zabaltzea legaltasun barrian edo desobedientziaren bidetik eta gure herria persona guztientzako harrera herria izan daiten lanean jarraitutea, hain zuzen be.
Konpromiso horreek berretsi ebazan plataformeak hurrengo eguneko uriburuetako konzentrazinoetan.

Epaile aurreko deklarazinoa
Abenduaren 30ean deklarau eben epailearen aurrean. Horren barri be, bertan egoan Hibai Arbidek emon eban zuzenean. Lekuko bateri deitu eutsan epaileak lehenengo, autokarabanan ezkutatuta egoan Afganistango Rahin-eri. Ondoren Mikel Zuloagaren txandea izan zan eta gero Bego Huartek deklarau eban.
Epaileak 2.000 euroko berme bana ipini eutsen Zuloaga eta Huarteri. Hamabi egun daukie bermea pagetako, eta libre geratu ziran baina karguakaz. Epaileak mantenidu ebazan "legez kanpoko inmigrazinoa sustatzea" eta "ardurabakokeria larria" egitea, errefujiaduak eroateko autokarabanak ez ebazalako beteten "beharrezko segurtasun neurriak".
Deklarau bitartean, epaitegian konzentrazinoa egin eben 50 lagunek alkartasuna erakusteko. Grezia eta Espainiatik be alkarte askok sinatutako hainbat komunikadu egin ebezan, Zuloaga eta Huarteri alkartasuna adierazo eta errefujiakazko Europako politikak salatuteko.
Libre geratu ziranean, eta Atenasera abiatu aurretik, Errefujiaduentzako Internamentu Zentrutik pasau ziran Zuloaga eta Huarte, eta Atenasen be, eurekaz etortekoak ziran Rahin eta Behrouz pakistaniarrakaz batera, errefujiaduak okupauta daukien City Plaza Hotela bisitau eben.
Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia dirua batzean dabil lehenbailehen etxera etorri daitezan Zuloaga eta Huarte. Han geratuko dira errefujiaduak, baina Europako errefujiaduakazko politikak aldatu ezean, giza mobimentuak desobeditu egingo dabez lege honeek, Giza Eskubideak obeditu ahal izateko. Zuloagak Arbideri emondako alkarrizketan dinoana lez, "ez da lehenengo aldia egiten dana" eta "jarraitu behar da barriro saiatzen, oraingoan ez jaku ondo urten, baina holan ikasten da. Bueltauko gara".

2016/12/13

BASKER. Arratiarren musikeagaz kantetan eta jantzan

Argibel Euba ikerlari galdakaoztarrak zemendiaren 30ean aurkeztutako lan-altxorra da, Basker izenburupeko liburu eta DVD formatuan argitaratua, orain hona dakarguna. 1963ko neguan Daniel Grenholm (1921-1995) eta Lennart Olson (1925-2010) erreportari suediarrak Euskal Herria bisitau eben, eta euskal kultura eta folklorearen gaineko laburmetraje bi filmau ebezan.

 

Angel Larrea Beobide

 

Dokumental etnografiko horreek suediar telebisino publikoan emon ziran urte bereko udan. Hona hemen film bien izenburuak: lehena, Basker da (Euskaldunak, suedieraz), 24 minutu eta 25 segundoko denporakoa; eta, bigarrena, Bonde i Baskerland da (Baserritarra euskaldunen herrian), 17 minutu eta 15 segundokoa. Basker euskal folklorearen arloetan (herri-kirolak, musikea, jantza) oinarrituten da; Bonde i Baskerland filmak, barriz, baserritarren bizitzan, eta mundu horregaz erlazionautako lan eta arlo kulturalak erakusten deuskuz. Erreportariak erabili ebezan grabetako kamarea eta magnetofoia kalidade handiko tresnak zirana lez, irudien eta soinuen maila altua da.
Baina aitatutako lanak egin aurretik, Daniel Grenholm kazetaria Euskal Herrian egon zan bederatzi urte lehenago. Nondik? Badakigu 1954an Arratiatik ibili zana, eta Zeanuri bisitau ebana urte horren hasikeran. Bizkaitik, Gipuzkoatik eta beste lurralde batzuetatik, ez zan ibiliko? Behar bada, baina ez daukagu daturik. Ikerlanak Suediako artxiboetara eroan gaitu, eta hauxe topau dogu: orduko suediar irrati bateko astekariak edo argitalpenak inoan moduan, Zeanuriko "Pablo artzaina" izeneko bategaz egon zan hartu-emonetan Grenholm. Honek etnografiazko audio-grabazinoak egin ebazan eta argazkiak be atera eutsazan gizon hareri albokea joten. Biaje haretan egindako grabazinoak baliatuz, albokearen gaineko irrati-saioa egin eban esandako suediar komunikabide horretan. Itxura guztien arabera, Paulino Sagarna Letona (1874-1956) da "Pablo artzaina", Zeanuriko Arrikibar auzokoa. Beraz, 80 urte ebazan Grenholm-ek bisitau ebanean. Kazetariak haren semearen bitartez ezetu eban Paulino. Seme bitartekaria, seguru, Pablo Sagarna Etxeandia (1902-1968) ospetsua izan zan, "Astronomo" eta "Pastor de Gorbea" gatxizenez ezaguna. 1954ko biajean egindako kontaktuak eta esperientziak baliogarriak izango ziran, hurrengo hamarkadako proiektua, 1963an Lennart Olsonegaz batera egin ebana aurrera atera ahal izateko.
Goazen, ba, Bonde i Baskerland filman agertuten diran arratiarren eszenakaz: Leon Bilbao (1916-1990) arteaztarraren eszenetan Euskal Herriko tresna musikal eta herrikoi bat aurkeztuten deuskue: albokea. Pasarte laburra baina sano esanguratsua da, "Leon Bilbaoren Jota" izenagaz ezetuten dogun pieza musikala dokumentetan daualako, eta albokea joteko modua hainbat plano zehatzetatik erakusten daualako. Leon Bilbaoren gainean ezetuten dogun argitaratutako lehen testigantza musikala da film hau.
Eta zer esan Benantzio Bernaola (1903-1978) eta Maurizia Aldeiturriagaren (1904-1988) irudien gainean? Ehundaka emonaldi eta erromeria emonak ebezan 1960ko hamarkadaren hasikerarako. Osasun arazoak zirala-eta, Benantziok, "Karakol" gatxizenaz ezaguna, itxi behar izan eutsan publikoaren aurrean urteteari. Mauriziak, baina, joten eta kantetan segidu eban beste urte askoan. Bonde i Baskerland lanean ikusten diran erromeriaren eszena laburrak, beste edozein erregistro baino hainbat urte lehenago eginak, Maurizia joten eta kantetan entzuteko eta ikusteko aukerea emoten dabe, eta sekulako balio dokumental eta historikoa emoten deutso horrek. Filmaren emonaldiaren amaierea, gainera, musikarien etxean bertan ospatuteak, balio handiagoa emoten deutse irudi horreei: protagonistak trikitilari bikote dira, Maurizia eta Benantzio andra-gizonak, Elexabeiti auzoko euren baserriko suetean. Benantzio soinu edo akordeoi txikiagaz eta Mauriziak, fanderoagaz, kopla bi kantetan dauz gaztelaniaz. Orduan, ohikoa zan holan kantetea. Lehenengo koplea, berak asmatu ei eban eta senarraren omenez sortutako koplea zan. Bigarrena, herrikoia zan; tartean, jantzariak animetako, sarritan erabilten eban "aire!" zantzoa. Kantua da, zalantza barik, dokumentaletako elementu zentrala.
Protagonismo gitxiago badau be, jantzeak presentzia esanguratsua dauka lan honetan: Elexabeitiko eszenan, modu informalean jantzan egindako jotak eta fandangoak ikusi eta konparazinoak egiteko aukerea emoten dabe. Hantxe, jantzan dabizenak Artea herriko Karmen eta Dolores Ateaga, Kattalin Urigoitia eta Pantxike Aldekoa dira. Mauriziaren bigarren koplea amaituten doan neurrian, Arratiako baserritar zahar biren (Meltxor Artetxe eta Luzia Olibares, Luziano Artetxeren gurasoak) lehen plano ederrak erakusten deuskuez azken irudiak. Eurekaz ixten da bigarren eta azken dokumental hau.
Artean segiduko dogu, Elexabeitiko Luziano Artetxek abestuten dauan "Goazen mendirik mendi" kantuaren bersino bategaz:

"Goazen mendirik mendi,
euzkotar guztiok!
Goazen aldatza gora,
mendigozaleok!
Ai, ze osasun zale,
bizitza indartzera!
Tontorrera igonda
ia bestiekin.
Zantzo eta irrintzi,
ujuju indartsu egin!"

Segiduan, kazetari suediarrak euren aparatuakaz jaso eta filmen edizinoetara heldu ez ziran elementu konkretuak zehaztuko doguz; Arratiako kasuan, hau da topau ahal izan doguna:
-Filmazino-saio luzea egin zan Elexabeitiko Bernaola Aldeiturriaga sendiaren baserrian, hurrean. Bertan, familiarteko erromeria txikiaz eta Luziano Artetxeren kantuaz gainera, Frantzisko Bernaola (Maurizia eta Benantzioren semea) akordeoia joten, umeak kantetan, kortea eta baserriko behar batzuk be filmau ebezan atzerritar erreportariak.
-1963. urtean, Grenholm erreportariak, Donostiako El Diario Vasco egunkariari eskeinitako alkarrizketan, filmen azken edizinoetan agertuten ez diran Galdakao eta Zeanuriko herrietara albokea filmetako egin gura eben bisitea aitatuten dau.
Film dokumentalen fokua edo atenzinoa argi dago non zehaztu zan: landa-eremuan, hau da, baserri inguruko arlo folklorikoetan. Beraz, mekanizau bako baserrietako beharren dokumentazinoak, guztiz zehatza izan ez arren, protagonismo handia hartzean dau Bonde i Baskerland izenburuko filman. Arratiarren irudiak film honetan agertuten dira bakarrik.
Antzeko fenomenoa emoten da egileak plano kulturalari zein musikalari dokumentalean emoten deutsien protagonismoa, argi dago: herrigune txikietako mundu tradizional eta euskaldun petoari. Azken finean, kultura moderno industriala ez da erakusten, baina ostondu be ez da egiten. Egileak ez dabelako interesik arlo horretan. Behar bada, horixe da, hain zuzen be, emon gura deuskuen mezua: elementu moderno, uritar eta industrialak izan arren Euskal Herrian, baserriko tradizino eta bizimoduak manteniduten dirala; baita be, filman agertuten diran ezaugarri kultural horreek guztiak Europaren eta XX. mendearen parte dirala.
Kazetari suediarrak ez dabe gura emon euskaldunen irudi osoa, sakona eta behin betikoa. Hori egitea ezinezkoa dala ondo jakinik, euskal kulturaren aurkezpen bat egiten dabe, zehatz-mehatz topau dabezan herri tradizinoak: beharren, jokoen eta, batez be, jantzen eta musika arloetan. Folklorearen "aktoreak" eta baserritarrak dira film bietako partaide nagusiak. Esate baterako, Maurizia eta Benantzio agertuten diran filmazinoan, eurek biak bat egiten dabe rol edo perfiletan: alde batetik, baserritarren rola eta, bestetik, herri-musikarien perfila.
1960ko hamarkadaren hasikeran suediar kulturearen ikuspegitik filmau ziran Basker eta Bonde i Baskerland dokumentalak. Ordurik hona, 50 urte baino gehiago pasau dira. Gizartea asko aldatu da. Orduan, Suediaren eta Euskal Herriaren arteko kontrastea handia zan. Eta hori kontutan hartu behar dogu film horreek egiteko errazoien artean. Europako herrialde aurreratuenetariko bat izan zan Suedia Bigarren Mundu Gerrea amaitu eta osteko urteetan. Ideologia sozialdemokrata eukien gobernu suediarrak, hezkuntzaren, kulturaren eta herrialdearen modernizazinoaren aldeko apustu garbia egin eben, eta neurri baten zuztar eta tradizino kultural askogaz egondako hartu-emona galdu zan horren ondorioz. Munduko beste kultura asko ezetuteko interesa eukan bertako gizarte suediarrak. Interes handiko ikusleentzat kalidadezko materialak eta lanak eskeini egiten eutseezan. Horren aurrean, gerraosteko espainiar gizartearen egoera bestelakoa zan: atzeratuagoa (bizi-maila askoz bajuagoa) eta, gainera, erregimen diktatorial baten pean, 1936ko gerreak itxitako zauriak oindino zabalik ebazan herrialdea. Baina, aldi berean, manteniduten ebazan bizirik tradizino eta bizimodu herritarrak, Grenholm bezalako kazetari eta etnografo atzerritar batentzat, sano exotiko ziranak. 1960ko hamarkadan, Espainia frankista, ateak zabalduten hasi zan kanpoztarrai, industria turistikoaren eskutik. Eskeintza hori Europa iparraldeko bezeroai, suediarrai besteak beste, emon jakien. Lehenengo esperientzia, 1962ko urtean, Andaluzian izan zan, hango kulturearen gaineko dokumentala egin ebenean, Grenholm eta Olson jaunak konturatu ziran alde nabarmena egoala Iberiar Peninsulako hegoaldearen eta iparraldearen artean. Erreferentzia eta esperientzia honeetatik hasi ziran biak euskal kultura aztertuten. Aurrera segidu aurretik, gogoratu lehen komentau doguna: Grenholmen bisitea Euskal Herrira, 1954. urtean, orduko biaje haretan euskal kulturearen gainean lortutako ezagutza oso sakona izan ez arren. Halanda be, egileai aholkuak emon eutseezan gidari euskaldunak be kontutan hartu behar dira, persona horreen jarkereak eragin nabarmena hartu ebalako filmetan proiektetan dan euskaldun eta euskal kultura folklorikoaren gaineko irudian.
Diskurtso euskaltzalearen eretxi batzuk jaso ebezan suediar biak, eta eurenak eginez, errez topau geinkez film bietan euskal etniaren singulartasuna eta euskal kultura diferentea eta antxina-antxinakoa dala esanez, inguruko herriakazko dituen desbardintasunak azpimarratuz. Sintomatikoa da erreferentzia historiko zehatzen faltea; esan leiteke Euskal Herriaren Historia bera be filmetatik kanpo geldituten dala. Narrazinoa entzun ezkero, euskal kultura tradizional, egonkor eta atenporal baten irudi etnografikoa ikusten dogu. Izan be, gauza bera esan leiteke irudien gainean: baserriko munduan zentrauta dagoala. Edozein kasutan, Grenholm gidoialariaren lana handia da, dokumentaletan lortu eban ikuspuntu orekatua, berezia eta apartekoagaitik, eta Olson argazkilariaren kasuan, dokumentazino grafikoaren edertasun formala be handia dalako.
Aurkeztutako film biak ez dira gaur arte sekula ikusi Euskal Herrian. Horrexegaitik, ez eben bertan ezelango eraginik euki, baina suediarren aste batzuetako egonaldiak arrastoa itxi eban euskaldunen artean; euskal panorama kulturalean zeharkako eragin esanguratsua. Azken batean, erreportariak interes bizia erakutsi eben bertako askok aintzakotzat hartu ez eta beste askok ezetu be egiten ez ebezan tradizinoak filmetan etorri ziralako, eta euren lana betez, jakin barik, baina euskal mobimentu kulturalaren aldeko partedun eta eragile aktibo bihurtu ziran.
Suediarrak ez dira izan atzerritik etorritako kronikari bakarrak. Euskal Herrian filmau eben zuzendari guztien artean, batez be deigarria da Orson Welles (1915-1985) zinemagile estadubatuarrak beteten dauan lekua, 1955ean film bi labur zuzendu ebazalako zuri-baltzean: The Land of the Basques eta Basque Pelota. Baina Wells-en filmak eta suediarrenak sano desbardinak dira: Wells-enak dokumentu interesgarriak dira, jakina, Iparraldeko euskaldunen bizimoduaren gaineko ikuspegia agertuten daualako, baina era subjektibotik ikusita eta tratauta; suediarrenak, barriz, objetiboagoak dira, jarrera zintzoagoa eta informatiboagoa erakusten dabelako Hegoaldeko euskaldunen gainean, geure izaeraz eta geure iraganaz.
Asko ikasiko dogu lan horreetatik, hasikera baten pentsau geinkena baino askoz gehiago; esate baterako, gure kultura ikusteko eta sentiduteko daben moduaren inguruan, baina, gauza guztien gainetik, geure buruaz ikasiko dogu XXI. mendearen hasikerako ikus-entzuleok. Hor dagoalako, hain zuzen be, dokumentu bi horreen balio nagusietako bat.

2016/11/30

EUSKEREAREN NAZINOARTEKO EGUNA Gero eta euskaldunago izan gura dau Arratiak

Euskerearen Nazinoarteko Egunean, euskerearen erabilerea bultzatzeko eta hizkuntz ohituretan eragiteko hainbat ekitaldi antolatu ditue gure eskualdean. Izan be, Arratian euskera jakite maila, txarra ez bada be, erabilerea bultzatu eta euskeraz bizi gura dabe arratiar askok, euren herria euskerearen arnasgunea izan daiten. Dima Udalerri Euskaldunen Mankomunidadean (Uema) sartu zan maiatzean, Artea eta Areatza be Ueman dagoz. Arantzazun, Zeanurin eta Zeberion be herritarren % 70tik gora da euskalduna. Erabilerea bultzatzeko Berbalagunak egiten daben beharra errekonoziduko jakie Igorren.

 

Euskerearen arnasgune deitzean jakie udalerri euskaldunai, euskereak arnasa hartzean daualako herri horreetan. Izan be, bertako herritarrak, neurri handi baten, euskeraz bizi dira. Udalerri euskalduntzat joten dira bertako herritarren % 70 baino gehiagok euskera dakienean. Eustat-en 2011ko datuen arabera, Arantzazu, Artea, Dima, Zeanuri eta Zeberioko herritar euskaldunak % 70ko langa hori gainditzen dabe. Euskerearen indizea aplikau ezkero, (euskaldunen % + ia euskaldunen % / 2) Arratiako ia herri guztiak udalerri euskaldunen artean egongo litzatekez.
Uema 1991n sortu zan udalerri euskaldunak euskera hutsean funtzionetako helburuagaz. Ueman sartzeako herritarren % 70 euskalduna izateaz gainera, udalak euskeraz funtzionetako eta Uemako beste udalakaz batera "hizkuntza politika aurrerakoiak" egiteko borondatea izan behar da. Diman, herritar ia guztiak, % 82,49 dira euskaldunak.
Baina euskerearen ezagutze maila handia izan eta gora egin arren, Euskal Herriko beste leku gehienetan gertatzen dan legez, erabilereak beherantza egin dau Diman be. "Ezagutza aurrera doa baina ezagutzak ez dau ziurtatzen erabilerea. Hori esparru askotan ikusten dogu. Horregaitik ebatzi genduan nortasun eta herri izakera antzekoa daukien herriakaz hartu-emonak sendotuteko Ueman sartzea egokiena zala" dino Ibon Iza Dimako euskera zinegotziak. Euskerearen Egunean, pasa dan maiatzean Dima Ueman sartu zala ospatuko dabe. Ospakizunera Arratiako beste herrietako ordezkari politikoak konbidau ditue.
Jaiari UDIME Eguna deitu deutsie, Udalerri Dimeslari Irudimentsu Maite Euskalduna, alegia. Euskera zinegotziaren arabera, jaia, euskerea balioan ipinteko izango da eta herritarrak izango dira protagonista, "eurak diralako protagonista euskerearen sustapenean". Seiretan hasiko da ospakizuna, Zamakola jubiladuen abesbatzaren emonaldiagaz. Ondoren umeen txandea izango da eta eurak antzeztutako obra eta koreografia eskeiniko dabe. 18:30ean, ekitaldia politikoa. Ekitaldian udal ordezkariak Dima zergaitik sartu dan Ueman azalduko dabe, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunidadearen ordezkariren bat egongo da informazinoa emoten. Ondoren, abesbatzak kantauko dau barriro, 19:00etan zunba saioa, 20:00etan herri kirolak eta 22:00etan, erromeria Ezten Giro taldeagaz. Izan be, eguna euskeraz gozatuteko izango da batez be.
Udalerri euskaldunak euskerearen arnasgunetzat daukiez Uemakoak eta arnasguneen inguruan, umeakaz eta gurasoakaz landuteko tailerra prestatu dabe. Dimako eskolan teknikari bi egon ziran hori tailerrori emoten. Teknikari bat gurasoakaz egon zan gela baten arnasguneen kontzeptua eta Diman euskerearen bilakaerea azalduten; eta beste bat, aldi berean, umeakaz euskerea non eta noz erabilten daben aztertzen. Azkenik, umeak eta gurasoak alkartu eta danon artean hausnartu eben egiten daben euskerearen erabilerearen inguruan.
Igorren be, arnasguneen inguruko tailerra emongo dabe, abenduaren 14an, 19:00etan Kultur Etxean.

Artea eta Areatza Ueman
Artea be Ueman dago. Iker Atutxa Arteako euskera zinegotziaren arabera, "Arteako euskera jakintza maila % 80 baino altuagoa da. Erabilera maila be oso altua, baina ez daukat daturik".
Artean Berbalagun proiektua martxan ipinten dabilz udaletik. Hurrengo urterako ipini gura dabe martxan. "Horretarako AEK eta Areatzako Udalagaz gabiz beharrean" dino Atutxak.
Euskera jakintza maila altua izan arren, maila hori hobetuteko egiten dau behar Udalak eta euskera ikasteko eta tituluak lortzeako diru laguntzak emoten ditu Euskera Zerbitzuak. Areatzak herritarrai Ueman sartu danaren barri emongo deutse. Hori 18:15ean izango da eskolako aterpean, abenduaren 2an, Euskerearen Eguneko jaiaren barruan. Aurrezdik, 16:45ean meriendea eta tailerrak eta 18:00etan bertsoak egongo dira. Ondoren, familian eta euskeraz zunba egiteko aukerea egongo da.


Berbalagunai omenaldia Igorren
Igorren "Euskaraz bizi nahi dut" film laburren bildumeagaz hasi ziran euskerearen eguneko ekitaldiak. Zemendiaren 30ean, euskeraz eta euskerearen aldeko10 film labur eskeini ebezan Kultur Etxean. Filmon aukeraketea Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak egin dau eta euren film laburren lehiaketetakoak ziran.
Abenduaren 2an Bi arreba ikuskizuna egongo da Lasarte Aretoan eta hurrengo egunean, Euskerearen Egunean, 11:00etan kalejirea Eingo taldeagaz; 11:30etik 12:30era umeentzako jolasak Kultur Etxean eta 12:30ean Berbalagunai omenaldia eta hurreratzen diran guztientzako kopautxoa. "Aurten leku berezia emon gura jakie Berbalagunai Euskerearen Egunaren ospakizunean, euskerea indartuteko eta euskeraz biziteko egiten daben, edo egin daben, esfortzuagaitik. Horregaitik, urteetan zehar ibili izan diran Berbalagunak konbidauko doguz. Ekitaldi sinplea izango da, oroigarria emon eta gero kopautxoa danok batera. Herri guztia dago konbidauta. Kultur Etxean izango da" azaldu deutso BEGITUri Irati Barrenetxea Igorreko Euskera Teknikariak. 18:00etan, Dimako Udime jaialdira joateko deia egin dabe Igorretik.
Arantzazun, Bedian, Zeanurin eta Zeberion, batez be umeai zuzendutako ekintzak prestatu dabez. Arantzazun, Kontakatillu txotxongilo ikuskizuna egongo da abenduaren 2an, 18:30ean, frontoian. Bedian, tailerrak ludotekan, hilaren 2an, 17:00etan, eta Zeanurin, Iñaki Lasa kontu kontalariak helduentzako ipuinak kontauko ditu 19:30ean Txoko Sagarnan. Esti eta Olatzen kontzertua be egongo da 21:00etan Jubiladuen tabernan.
Zeanuri be herri euskalduna da, "euskera asko egiten da. Eguneroko hartu-emonetan euskerea erabilten da hizkuntza nagusi lez" dino Eneritz Iza zinegotziak.
Zeberion, ume eta nagusientzako ekintzak prestatu dabez. Ospakizunak bizikleta martxeagaz hasiko dira. Partaideak 11:00etan urtengo dira plazatik. Gero, 12:00etan, umeentzako jolasak plazan, 13:00etan taloak aterpean, eta jaiari amaiera sinbolikoa emoteko 14:00etan, barruan mezuak dituen puxikak botako ditue airera. Herriko trikitilari gazteak animauko dabe giroa.

Kolorea, kantuak, jantza eta festa Lemoan
Lemoan egun bitan ospatuko dabe Euskerearen Eguna, hilaren 2an eta 5ean. Egunaren bezperea barikua dala aprobetxau gura izan dau Udaleko Euskera Zerbitzuak jentearengana hurreratzeko. "Lemoan beti egin izan dogu formatu txikiko gauzatxoren bat herriko alkarteakaz, beti eurak guregana hurreratuta. Aurten, geu urtetea kalera ebatzi dogu, eta kalean dagoan jentea geureganatu" azaldu deutso BEGITUri Miren Madariaga Lemoako Euskera Teknikariak.
Barikuetan, poteoa egoten danez, horretara gehitu dira udalekoak. Burrunba Elektrotxarangeagaz ordu bi inguru ibiliko dira, jai giroan eta euskeraz. Ondoren, herriko gazteak "Harro bizi euskeraz Lemoan" kantuaren koreografia egingo dabe. "Mozorroak, jai giroa, festa, kolorea, musikea... eta hori dana euskeraz. Euskeraz egitea posible dala erakutsiz" dino Madariagak. Horregaitik jaiari "Euskeraz jantzatu, abestu, musika jo, gozatu, bizi gura dot" izena ipini deutsie. Giro polita eta alaia sortzea da helburua, bizipen positiboz betetakoa.
Kalejira musikatu eta koloretsua aprobetxauko dabe jenteari Berbalagun egitasmoan parte hartzeako konbitea egiteko. Photocall-a be ipiniko dabe, kuadrilan, banaka, binaka eta abar "euskeraz gurago" dabela adierazoteko eta erretratuak aterateko.
Lemoa asko aldatu da 2011n datuak publikau ziranetik. "Datuak ez dira errealak, joan-etorri asko egon diralako harrezkeroztik. Familia ereduak be aldatu egin dira. Uste dogu erabilereak behera egin dauala" dino teknikariak.
Horregaitik, jente gehiagok egin dagian euskeraz, jai giroan eta ondo pasetan, euskereak lemoaztarrak seduzidutea gura dabe Miren Madariaga eta Gorka Barrenetxea Lemoako euskera teknikariak.
Abenduaren 5ean, beste jai bat egongo da ikastetxeak antolatuta. Ume eta gaztetxoai zuzenduko dira oraingoan, eurak be kantuz eta jantzan ospatu dagien Euskerearen Eguna.

"Zer egin dezaket nik euskerearen alde?"
Aurten lehenengoz Euskerearen Egunean EAEko instituzinoak eta euskalgintzak adierazpen eta ekitaldi bateratuak egingo dabez. Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazinoak, uriburuetako udalak, Eudel eta Uemak bultzatu dabe adierazpen bateratua.
Testuak 500 atxekimentu baino gehiago jaso ditu. Tartean, AEK, Topagunea eta Bertsozale Elkartearenak. Baita Legebiltzarrean dagozan alderdi politikoena be. Alkarteak, sindikatuak eta kirolariak be, besteak beste, sinatu dabe testua.

2016/11/30

IRANTZU LEKUE "Artibismoa landuten dot, parte hartzea eta hezkuntza sustatuz eta bidebakokeriak salatzen dituen artelanak garatuz"

 

Irantzu Lekue artisteak, bere andra ikuspuntutik, arte kontzeptuala eta artibismoa lantzean ditu.
Ubiden bizi eta sortzean dau, Madriletik aitaren etxera etorri zalako lasaitasun bila. Arte konprometidua egiten dau, injustiziak salatuten dabezan muralak, instalazinoak eta eskulturak, hain zuzen be.
Hainbat proiektutan murgilduta dago, baina ez dau baztertzen bere lana Arratian erakustea.

 

Ez zara ubideztarra. Nozdik eta zergaitik bizi zara Ubiden?
Gasteizen jaio nintzan baina aitita Ubidekoa zan, baita aita be. Orain dala urte bi, Madrilen nengoanean, zarata, abiadura eta uri handien zoramenari aurre egiteko Ubidera etorri gura nebala pentsau neban. Pentsau eta egin. Ubidera bueltau nintzan, lasaitasun bila. Hasikeran tailer moduan erabili neban etxea. Gaur egun ordea, bertan biziteko edota lasaitzeko momentuak bilatzeko. Margolaritzea landuten dot Ubiden bereziki baina etxean isolatzea gustetan jata herriko isiltasunak sortuten lagunduten deustalako.
Hasikeran aho bete hortz geratzen nintzan etxe ondoko kaminotik pasetan zan kotxe batek edo kaleko txakur batek esnatzen ninduala ohartzean. Ubideko lasaitasuna maite dot. Madrilen milaka kotxe pasetan ziran etxe aurretik egunero eta orain barriz, kotxe edo txakur batek esnatzen nau. Aldaketa ederra! Ubide da egun nire sormen zentroa. Lasaitu eta sortu egiten dodan tokia.


Inguruak, Ubidek berak, aportetan deutsu ezer?
Bai, zelan ez! Lasaitasuna, hausnartzeko momentuak, natureagazko hartu-emonak. Lan handia daukat azken hilabeteotan, eta horregaitik akaso, Ubidera ailegau, beheko sua biztu eta lasaitzeak emoten deustana ezin da ezegaz pagau!


Arte konprometidua egiten dozu, zein helburugaz? Uste dozu arteak injustiziak burrukatzeko balio dauala?
Eragin soziala gauzatzeko, errealidadearen inguruan hausnartu eta nire ekarpena egiteko, jentartea hobetuteko eta bidebakokeriak salatuteko garatzen dodaz artelanak. Diziplina ugaritako fusinoa landuten dot, teknikea gaiari lotuz eta ikusleak parte hartzaile bihurtuz mezua zabaldu eta indartzeko.
Adibidez, Gasteizen Martxoak 3 Memorialaren barruan, eskultura bategaz islatu neban 1976. urtean andrak egin ebezan greba eta manifestazinoak. #6000zpt ekimenean, Marotoren errazismoaren kontra eta alkarbizitzaren aldeko 7000 zapatakaz osotutako instalazino artistikoa egin neban. Zapata bakotxak kolore bat, neurri bat, izakera eta kultura desbardinak azaltzen ditualako erabili nebazan, zapatak personen metafora lez.


Hainbat sari jaso dozuz, tartean, Welcome Donostia Saria, Siriako errefujiaduen gaineko obra bategaitik. Azaldu apur bat obra hau eta saria bera.
Welcome Donostia Sariak, Siriako errefujiaduen egoerearen gainean berba egiten eben lanak aurkezteko deialdia luzatu eban uda aurretik. Lehiaketa horretara "Desengaño" eskulturea aurkeztu neban. Bost atez osotutako eskulturea zan, Siriako errefujiaduak Europara ailegetako zeharkatu behar dituen oztopoak isladatuz.
Eskulturea alde bietatik ikusi daiteke eta ikuslearen parte hartzea bilatzen dau. Ate bakotxean heziak, Siriako urien suntsitzeak edo Siriatik Europara bidean errefujiaduak jasan dabezan eskubideen bortxaketen irudi gardenkiak gainezarriz.
Alde batetik begiratu ezkero, errefujiaduen egoerea Europatik ikustarazo daiteke, irudiak distorsionauz gure begiratzeko era eroso eta pasiboaren menpe egokitutako begiradea irudikatuz. Bestetik, Siriako errefujiaduen ikuspuntua isladatzen da. Sufrimentua, bide luzea, zailtasunak, bizipen gogorrak... Europara ailegetako nahia, eta seguru asko ailegauko ez dana.
Lehenengo hautaketan, 25 obra aukeratu ziran, nirea barne eta erakusketa bat egin zan Hernaniko Orona Ideo eraikin barri eta originalean. Azkenean "Desengaño" eskultureak epaimahaiaren lehenengo saria jaso eban.


Uste dozu artisteak eginkizun etikoa daukala tokau jakon sasoi eta gizarteagaz? Gauzak aldatuten lagundu ahal dauala arteak?
Bai. Eginkizun etikoa daukagu bai sasoi eta bai gizarteagaz. Arteak jentartearen inguru guztietan lagundu daike, barrikuntzea sustatzen daualako, ikuspuntu barriak zabaltzen ditualako. Eta ez badau sustatuten, sustatu behar dau. Sorkuntzak gauzak barritzeko, hausnartzeko, salatzeko gaitasuna dauka eta artistok lan egin behar dogu gure ingurua hobetzen, ondo ez dagozan gauzak zalantzan ipinten eta hausnarketak garatzen.
Arteak gauzak aldatzeko elementua izan behar dau. Pentsakerak zabalduteko balio dau, baina aldaketa sustatzeko, pentsau eta ulertzeko borondatea funtsezkoa da.


Ze mota edota estilotakoa da zure lan plastikoa?
Artibismoa landuten dot, parte hartzea eta hezkuntza sustatuz eta bidebakokeriak salatzen dituen artelanak garatuz. Arteak buruak zabaltzeko gaitasuna daukanez, interbentzino publikoen bitartez, hausnartzeko lanak interesatzen jataz.
Arte arloaren teknikak fusionetan dodaz. Instalazino artistikoak, eskulturak, bideoartea, margoak garatzen dodaz gaiari lotuz barritzeko erak bultzatu guran, abangoardistak arteak barriztatu ebezan teknika barriak erabilita. Gaur egun, teknologia barrien jentartean, arteak barriztatzeko gaitasuna landu behar dau, abangoardietan legez, gauzak aldatu gura badoguz. Era berean, muralismoan murgilduta nabil. Frontoietan, etxeetan, baserrietan, udaletxeetan, harrasketan... Azken urte honetan Tolosan, Iurretan, Maeztun edo Egilatzen egin dodaz muralak. Artea kaleratzeko era perfektua da.


Zeintzuk dira momentu honetan esku artean daukazuzan proiektuak?
Muralez gainera, Donostia 2016 eta Wroclaw 2016 kultur uriburuak alkartzen ebazan Abelbideak proiektuan sartuta egon naz, beste proiektu batzuk garatu bitartean.
Atzo (zemendiak 22) jakin nebanez, Eusko Jaurlaritzak nire "AusARTu! Emakumeak gatazkan" proiektua aukeratu dau Ikertu deialdiaren barruan, 2017an zehar aurrera eroateko eta abenduan zehar proiektu sano handia gauzatu behar dot DSS2016 Kultur Hiriburuari itxierea emoteko.
Era berean, alkarbizitzaren aldeko hiru instalazino artistiko garatuko dodaz kursoan zehar Gasteizen. Lehenengoa, urri bigarrenean gauzatu genduan kultur aniztasunari buruzko "Nahasiz hazi" performance-agaz. Datorren urtean, aniztasun funtzionala eta alkarbizitza defendiduko daben parte hartzeako instalazinoak garatuko dodaz.
Bestetik, erakusketa areto eta diseinuak eta proiektuak sor- tzeako tailerra erreformetan nabil. Urtailerako martxan ipintea gustauko litxakit. Abenduaren 4an, Durangoko Azokan berbaldia daukat Gogoetaren Plazan eta kulturaren inguruan pentsetan eta hausnartzen nago.
Bilbon eta Madrilen be, beste proiektu batzuetan murgilduta nago. Topera egia esan.


Arratiako beste artistakaz hartu-emonik badaukazu?
Arratiako artista askorik ez dot ezetuten. Urte hasikeran, Murgiako Udalak sustatutako Emakume sortzaileen berbaldi baten, Euskal zeramika museoaren arduraduna, Blanka Gomez de Segura ezagutzeko aukerea izan neban. Gogo itzela daukat Arratian zeozer egiteko nire zuztarrak be hemengoak diralako eta, azken batez, hau dalako nire inspirazino gunea. Ez dakit mural bat izan daiteken, erakusketa bat... baina zeozer egiteko gogoz nago, bai horixe. Oraintxe bertan ezin dot, agenda leporaino dodalako baina, udabarritik aurrera izan daiteke. Arratia, Durangaldean egin dogun lez, artez blaitu daikegulako.

2016/11/14

GURE ESKU DAGO Jaume Lopez: "Erabakitze eskubideak politikan paradigma aldaketea dakar"

"Erabakitze eskubideak politikan paradigma aldaketea dakar"

 

"Herri galdeketa, erabakitze eskubidea gauzatzea" titulupean, hiru hizlariak ados egon ziran, erabakitze eskubidea gauzatzea demokrazian sakontzea dala eta kalidadezko demokrazia baten, herritarrak euren etorkizuna aukeratzeko eskubidea daukiela. Eta hau, hasi baino ez dan prozesu bat dala, paradigma aldaketea dakarrena.
Iñaki Antiguedadek, EHUko Hidrogeologia katedradun eta ezker abertzalean ibilbide politiko handidunak, beste hizlari biak aurkeztu eta moderatzaile lanak egin ebazan. Bere ustez, "subirautzarik ez daukan gizarte bat, subiraua dan beste baten menpe egongo da beti" eta horregaitik erabakitzeko eskubidea gauzatu behar da. Gizarte zibiletik sor-tzean da subirautza, eta hortik eratorritakoa gizarte politikoak kudeatzen dau. "Eztabaidea ez da ezagutzen ez dogun independentziaren gainekoa, ezagutzen dogun eta gura ez dogun dependentziaren gainekoa baino".
Katalunian ez bezala, Euskal Herrian erabakitze eskubidearen gaineko pentsamentu intelektuala botaten dauala faltan esan eban Antiguedadek.

Mundu globalizauan, erantzun lokala bide bakarra
Juan Jose Ibarretxe, 1999 eta 2009 bitartean Euskal Gobernuko Lehendakaria izan zana, gizarte zibilean dabil orain "gauza asko egiten". Ibarretxe, Agirre Lehendakaria Center-eko (ALC) zuzendaria da. Zentro hau, gizarte zientzien esparruan kokatzen da, EHUri lotuta dago eta beste herrialde batzuetako unibersidadeakaz garatutako kolaborazino proiektua da.
Perspektibea ez galtzeako, munduari begiratu behar jakola esan eban Ibarretxek. Munduari begiratu, Euskadi ikusteko. Izan be, gizarte globalizau honetan, erantzun lokala da bide bakarra.
Identidadea eta kultura ezinbestekoak joten ditu Ibarretxek giza garapen iraunkorra lortzeako. I + G + B (ikerketa, garapena eta barrikuntza) polinomioari, norberaren kulturea, K gehitu behar jako funtzionauko badau, I + G + B + K. Baina datu kezkagarri bat be emon eban: Stanford unibersidadearen arabera, gaur egun 5.000 hizkuntza inguru dagoz munduan, atzenengo 50 urteetan 1.000 hizkuntza galdu dira, eta XXI. mendearen amaieran, 500 inguru geratuko dira.
Hori bai, gero eta herrialde gehiago dagoz munduan. Horreetako asko, txikiak bezain indartsuak. Holan, Nazino Batuen Erakundean 1945ean sortu zanean, 45 herrialde egozan; gaur egun ea 200. Europari jagokonean be, 1914an 20 estadu ziran, 1949an 26 eta 2014an 47. 2030ean, Eskozia, Flandes, Katalunia eta Euskal Herria be NBEn egongo diran esperantzea agertu eban Ibarretxek.
La Hayako Auzitegi Gorenaren Kosovoren gaineko 2010eko Ebatzia be aitatu eban Lehendakariak. Horren arabera, "modu demokratikoan adierazotako herriaren borandateak ez dau Nazinoarteko Zuzenbidea urratzen".

Paradigma politikoaren aldaketea
Pompeu Fabra Unibersidadeko Zientzia Politika irakaslea da Jaume Lopez eta Kataluniako prozesu politikoa eta honek ekarritako paradigma politikoaren aldaketea azaldu eban Diman.
Kataluniako esperientziak printzipio demokratikoaren garrantzia erakusten dauala esan eban. Erabakitze eskubidea aldarrikapen demokratikoa da; izan be, "geure etorkizun politikoa erabaki gura dogu". Lopezen arabera, demokraziak ez dauka mugarik, ez dago erabaki ezin dan gauzarik eta Katalunian estatutu markoa ebatzi gura dabe.
"2005ean erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformea sortu zan. 2006an, diputaduen % 80k estatutua onartu eben baina ez zala kontuan izango ikusi genduan, aldatu egingo ebela. Orduan kalera urten ginan lehenengoz, erabakitze eskubidea daukan nazino bat garala aldarrikatuz. Ez genduan espero hainbeste jente urtetea. Hor hasi zan dana: printzipio demokratikoa eta herritarren ahalduntzea aldarrikatzean" esan eban Lopezek.
Estatutuaren sententzia ospetsuaren ostean, erakundeak eta herritarrak kalera urten ziran, "nazino bat gara eta erabaki gura dogu" lemapean. Hortik aurrera herritarren ahalduntze zeharkako mobimentu bat hasi zan".
Gero 5 konsulta bolada etorri ziran, bertan 800.000 persona inguruk hartu eben parte. Herritarren artetik sortutako plataformea erakundeetara heldu zan eta erabakitze eskubidea Legebiltzarrean defendidu. Orain, Subirautza eta Erabakitze Eskubidearen gaineko Adierazpena daukie.
Egindako bidea behetik gorakoa dala esan eban Lopezek, eta iraultza demokratikoa eta herritarren ahalduntzea ekarri dauala. Katalunian erabakitze eskubidea ulertzeko modu barria sortu da. "Demokrazia garapen prozesu bat da eta herritarren eskubideak zabaltzen joan dira" eta marko politikoa be, erabaki demokratikoaren ondorioa izan behar da. "Gaur egun ezin dogu demokratikotzat hartu estadu bat, estadu horretako zati batek ezin badau erabaki estadu horren gainean". Eta "estadu bat ezin bada sortu herritarren borondateagaitik, esaten dabizena da estaduak bakarrik sortu daitekezala indarkeriaren bitartez".
Lopezen arabera, XXI. mendean, autodeterminazino printzipioak komunidade batek bere etorkizuna ebatzi ahal dauala esan gura dau, estadu bat sortzea barne. Bere ustez, erabakitze eskubidea gero eta gitxiago egongo da lotuta printzipio nazional bateri. Hau da, estadu bat sortu ahal izango dabe herri edo nazino ez diran komunidadeak. "Komunidade politiko batek erabakitzeko eskubidea dauka eta estadu independiente bat sortu leike. Gero eta gehiago ulertuko da estaduen mapea herritarren borondate politikoen frutu dala" esan eban.

Zemendiaren 27an herri galdeketea
Hilaren 27an izango da herri galdeketea. Egun horretan dimoztarrak itaun honeri erantzungo deutsie: "Euskal Estatu burujabe bateko herritar izan gura dozu?" Erantzuteko hiru aukera dagoz: Bai, Ez edo zuriz itxi. Hamasei urtetik gorakoak emon ahal dabe botoa. Hautetsontzia eleizarako bidean dagoan Alkarregaz GEDko lokalean egongo da. Botoa aldez aurretik be emon daiteke, hilaren 17an eta 24an, GEDko lokalean.

2016/11/1

JUANTI MENIKA "Arratian galduta egoazan erromeriak, biztu gura doguz barriro"

Arantzazuko Juanti Menika 14 urtegaz hasi zan jantzan. Handik gitxira itxi, eta 19 urtegaz ekin eutsan barriro. Sano ezaguna da Arratiako jantza munduan Menika. Orain dala 42 urte sortutako Arantzarte Dantza Taldeko sortzaileetako bat da eta bertan jarraituten dau, taldeko presidente eta jantza zuzendari lanetan.
Jantzari beterano honek, erromeriak berbiztea helburu daukan Arratia Dantzan proiektuan be parte hartzean dau, Arratiako beste jantzazale askogaz batera.

 

Juanti Menika. Juanti izena nondik jatortzu?
Nire izena Juan Antonio da eta Usansoloko Labeaga auzunean ospitalea dagoan baserri batekoa naz. Ospitaleko sarrerea egiteko baserria bota eben 13 urte neukazanean. Orduan han igeltseroak egoazan obrak egiten eta bat hasi zan esaten: zuri deitu behar deutsut... Juanti. Eta ordurik hona, mundu guztiak Juanti deitzean deusta. Arratian Juan Antonio esaten badozu, inok ez dau jakingo neu nazana.


Non eta zergaitik hasi zinan jantzan?
Hamalau urtegaz Galdakaoko Andra Mari jantza taldean hasi nintzan. Gero itxi egin neban. Eta gero, ostera be, hasi nintzan jantzan hemeretzi urtegaz, eta harrezkeroztik ez naz gelditu.
Orduan jantza asko egiten zan baina oso talde gitxi egoazan inguruetan eta Bizkaian be gehiegi be ez. Gipuzkoara asko joaten ginan. Jantza asko egiten genduan, zapatu-domeka baten igoal hiru bider. Orain 50 urte jentea oso gitxi mobiduten zan, eta gu ibilten ginan herririk herri. Atzerrira be joaten ginan: Inglaterrara, Belgikara... 1970ean Olaeta balletagaz Estadu Batuetara joan nintzan eta hiru hilabete egon nintzan han.
Olaeta balleta Bilboko Ertzilla kaleko akademia bat zan. Neskak joaten ziran balleta egiten, baina sano mutil gitxi. Eta Olaetakoak ibilten ziran herriko jantza taldeetan mutil bila. Komeniduten jakien baten bat ikusitakoan, hile batzuetan ensaiau eta Estadu Batuetan egiten ebezan jirak. Euskal jantzetan oinarritutako balleta zan. Guk Euskal jantzak ballet estilo apur bat emonda egiten genduazan.
1974ko aprilean Arantzazura ezkondu nintzan.


Igorreko Arantzarte jantza taldea Arantzazun sortu zan?
Bai, Arantzazun. Juan Jose sakramentinoa hemeko eta Arteako parrokoa zan. Arantzazun Gabonetako Auto Sakramental bat egin eben, euskeraz idatzita dagoan lehenengo antzezlana. Juan Josek baekian jantzaria nintzala eta esan eustan ea nik obrarako jantza pausu batzuk egiteko prest nengoan.
Hortik lasterrera, Arantzarteko lehenengo batzarra egin zan eta hasi ginan ensaioak egiten. Arteako ikastetxe baten hasi ginan ensaietan. Francoren denporea zan, Franco 1975ean hil zan eta hori 1974an izan zan eta hasi eta hile batzuk beranduago fraileak esan euskuen euskal jantzak egitearren subentzinoak galtzeako beldurra eukela. Eta orduan, Areatzako sakramentinoetan hasi ginan ensaietan, baina han be lekua ez zan ona. Gero Zeanuriko Zulaibar eskola profesionalera joan ginan eta hango sarreran egiten genduan. Ha be ez zan lekurik egokiena. Gero Zeanuriko eskolako lokal baten, Dimako eskolapean be bai, eta azkenean, hasi eta lauzpabost urtetara, Igorreko Institutuko gimnasiora joan ginan. Eta hor emon genduzan urte piloa, Igorreko Kultur Etxera pasau arte.


Erromeriak errekuperetako helburuagaz, Arratia Dantzan proiektua abiatu dozue Arratiako hainbat herritako jantzazaleok alkarlanean.
Bai, martxan da. Proiektuko lehenengoko erromeria, Areatzako Euskal Jaian egin genduan. Areatzako kuadrila bat dago holango gauzetan parte hartzean dauana. Arratian edo beste nonbait erromeria badago, joan eta jantzan egiten dabe. Aurten Igorreko jaietan, Arantzartekoak aktuazinoa egin beharrean erromeria bat egitea pentsau genduan eta whatsappa bialdu geuntsen Areatzakoai. Erromeria egin genduan eta etorri egin ziran.
Arantzazuko jaietan be etorri ziran eta, Areatzako jaietan joateko esan euskuen. Joan ginan eta han hasi ginan berbaz, hori serioago egin behar genduala esanez.
Hurrengoko egunean, non etorten jakun ba whatsappa, Arrikibar Zeanuriko jantza taldekoa, esanez gauza bera egitea pentsau ebela Arratia mailan. Eurekaz egon ginan berbaz eta batzarra egin genduan. Usansolo be sartu da proiektuan.Lehenengo lau erromeriak zehaztu doguz. Hurrengoa zemendiaren 19an izango da Usansolon.


Eta beste herrietakoak?
Igorren egiteko fetxarik ez dago oraindino, ezta Arantzazun be. Zeanurin aprilean egiten dabe urtero holango zeozer eta fetxa hori aprobetxauko dogu. Diman, maiatzean, Dantzari Txiki eguna egiten dabe. Ikasturte honetan, erromeria be egongo da egun horretan.
Fetxak ipinteko batzuetan, kanpotik zer datorren begiratu behar da. Ikasturte honetan Korrika datorrena lez, akaso ondo etorriko jaku Korrikaren inguruko ekitaldietan sartzea erromeriaren bat, Arratia guztia etorri daiten jantzan egiten. Edo akaso hobeto da beste fetxa batzuetan antolatutea... Hori ondino pentsau barik dago.
Erromeriako jantzak ikasteko Arantzartek ikastaro bat dauka. Ikastaro horretan 35etik 40ra lagun egoten dira. Egueztenetan izaten da 19:30etik aurrera.


Zenbat jantzazale batzean zarie?
Areatzako Euskal jaian egon ginan jantza taldeko jente piloa, ikastaroetakoak, Zeanuriko batzuk... Jente piloa be etorri zan Bilbo ingurutik. Eta gero Areatzakoak...
Atzenean ez dakiguna da noraino helduko garan. Baina hasi egin gara erromerietan jantzan egiteko batzean eta hemendik urte batzuetara akaso, galduta egozan erromeriak egingo dira barriro. Guk hori biztu gura dogu, asmoa zabaldu daitela eta gero eta jente gehiagok parte hartu daiala.


Zeintzuk dira Arantzarte jantza taldearen proiektuak?
Gabonetan ekitaldi bat egingo dogu, Austriako jantza jaialdi baten be parte hartu gura dogu... baina ez dakigu ahal izango dogun. Jaialdia garagarril amaieran edo abuztuan izaten da, eta eskari asko hartuten dabez.
Urtean zehar urteten dauana be, egingo dogu. Urri bigarrenaren 22an, berbarako, Beasainen egon ginan jantzan.

2016/11/1

FELIX PADIN Miliziano anarkista bat Arratiako lurretan

Felix Padin bilbotarra, Euskadiko CNT sindikatuko buruzagi historikoa zana, Gerra Zibilaren lekuko zuzena izan zan gure lurretan. Bera dogu Arratian errepublikearen alde burrukatu zan ia lehenengo eta azkenetako gudaria. 2014an hil zan arte, hamar urtez, ordu luzeak konpartidu genduzan alkarregaz gerrearen gomutak akordura ekarten bere Mirandako etxean.

 

Alvaro Rabelli

 

Felix Padin, 1916ean Bilboko San Frantzisko auzoan jaioa, igeltseroa ogibidez, Euzko Gudarosteko "Isaac Puentes" batailoiko sarjentua eta geroko "Durruti" batailoiko tenientea, baina, batez be, CNT-ko kidea izan zan. Bizitza oso bat eskeini eutsan anarkosindikalismoari eta luzaroan Gerra Zibilaren gertaera askoren lekuko zuzena izan zan. Hil aurretik Servini epaile argentinarraren aurrean deklarau eban frankismoaren krimenak dirala-eta. Gaztetatik CNT eta (JJLL) Gazte Libertarioen erakundeetako kidea, anarkismoaren idealen arragoan zaildu zan. Errepublika sasoian sindikatu anarkistearen prensa eta propaganda arduraduna izan zan Bilbon bertan. 1934an lehenengo bider atxilotu eben, eta ostean bere beste lau lagunegaz batera armak lapurtzeaz arduratzen zan "ekintza talde" bat osotu eban: "Gu ez ginan indarkeriazaleak, baina bagenkian jakin errepublikea armaz defendidu beharko genduana, berau, burgesa izan arren, miseria gorrian bizi ziran langileentzako itxaropen bakarra zalako".


Gerrearen hasikerea
Felixen memoriak ez eban huts egiten, gerrearen hasikerako gertaerak zehetasun handiz gordetan ebazan. 1936ko garagarrilaren 18a egun ederra eta eguzkitsua zan Bilbon. Zapatua izan arren, lan eguna zan; bazan denpora gitxi berrogeta bost orduko lan astea, Ingalaterran lez, ezarrita egoala. Goizetik hasiak ziran Afrikako armadearen mobimentuen inguruko zurrumurruak zabaltzen. Zurrumurruok ozenago egin ziran Felixek egun horretako beharra amaitu ebanerako, eguerdi aldean, Pagasarrirako kaminoan. Etxera joan, erropaz aldatu eta Bilboko Zabala kalean egoan CNT sindikatuaren egoitzara atoan jo eban. Bertan jentea urduri antzean ebilen, batetik bestera, eukiezan albistak nahasiak ziran-eta. Baina, arrastirako egoerearen larritasunaz ohartuta mobilizetan hasi ziran. Egun horretan bertan greba orokorrerako deialdia egin eben sindikatu eta alderdi ezkertiar guztiak eta lehenengo begiradak Bilboko Garellano erregimentuarengan hasiak ziran mesfidantzaz pausatzen. Felix eta bere lau burkide ez ziran geldirik lotu. Sindikatuan armak batzeako agindua emon eben. Felixek-eta kamioneta zahar bat bahitu eta etxean gordeta eukazan armak eta dinamita guztia batu ebezan. Enparaukoak Bilbon zehar urten eben armen bila, armerietan, lantegietan, meategietan, baita museoetan be ibili ziran horretan.
Biharamunean, 19an, greba orokor eguna izan zan, baina Afrikatik etozan albistak arduratuta, Novoak, orduko Gobernadore Zibilak, Bizkaiko Defentsa Batzarra osotzea ebatzi eban. Sindikatuak armatzea ebatzi zan. Felixek-eta, ikusita jente armatuak Garellano erregimentuaren koartela inguratuta eukala, gero jakin eben Vidal teniente-koronelak errepublikearen alde egin ebala, arma gehiagoren bila urten eben. Intera horretatik aurrera jazoerak azkartu ziran. Bilboko Concepcion konbentuan tiroketea jazo zan, ze, faxistak konbentuetan armak ostenduten ei ebezan. Felixek lehenengo miliziano abertzaleak ikusi ebazan, mojak jagoten. Atzenean, sugarrak konbentua suntsitu eben. Felixek beti ukatuko eban anarkistak izan zirala konbentuari su emon eutsienak: "Bertan jente asko egoan, sindikatu guztietako jentea".
Felixen taldeak beste burrukaldi bat euki eban Abusun, Malaespera meategian, hango jagoleari pistolea kendu gura izan eutsienean. Ha jagole ha larriki zaurituta itxi eben eta Galdakaoko Explosivos lantegira jo eben dinamita bila. Bertan Guardia Zibilari be aurre egin behar izan eutsien. Gobernadore Zibilak emondako aginduaz dinamitea lortu ahal izan eben eta, holan, Bilbora itzuli ziran. Baina ez luzerako, ze, ordurako Gasteiztik abiatuta Bilborantza ei etozan falangista eta karlisten zutabeen inguruko barriak bolo-bolo ebilzan. Urkiola, Barazar eta Altubeko ganak matxinatuen esku jausteko arriskua egoan. Holan, atzera be kamioneta zaharra hartuta, boskotea Ugao aldera abiatu zan. Bertan, miaketa egin eben Gasteizko kaminoan, baina ez eben inor topau. Ostean Igorrerantza etorri ziran, Dimatik Urkiolara jo eben eta Otxandioko udaletxearen aurrean UGT-ko eta alderdi komunistako miliziano gitxi batzuk topau ebezan, gehienak Arrasatetik etorriak. Miaketea jarraitu eben, oraingoan Barazarretik Ubiderako tartean, Arratiako lurretan. Bertan be ez eben inor topau. Historia liburuetan beti jaso izan da inguru honetako lehenengo burrukaldiak garagarrilaren 19an bertan hasi zirala, Felixek, ordea, ez eban inoz hori uste izan. Egun horreetan Gasteizerainoko bidea zabalik egoan. 19ko iluntzean, kamioneta zaharrari saka eginez, Otxandiora itzuli ziran bertan gaba egiten. Biharamunean, bertan egozan miliziano gitxiai agindu eutseen laguntza gehiagogaz itzuliko zirala. Bilbora etorrita, garagarrilaren 20ko iluntzerako CNT-ko berrogei lagunek, hareetako asko neska gazte libertarioak, La Union konpainiako autobus baten urten eben Elcano kaleko geltokitik. "Liberteo Lucarini" taldea zan, geroko "Isaac Puentes" batailoiaren ernamuina. Errepublikearen alde burruka egiten joiazan gazteok Otxandiora heldu ziran, dana zan orduan inprobisazinoa, txarto armatuak, banderarik be ez eukien, bakarrik bandera baltz gisa neska baten titizorroa lau haizeetara.
Taldekoak, Otxandioko Vicinay etxean ostatua hartuta, goizean, 21ean, Garellano erregimentuaren militarren etorrerea ikusi eben. Azkenez, Gasteizera joateko unea zan! Militarrakaz batera zutabean urten eben Legutiano aldera. Legutianon sartu ziran lasai asko, matxino faxisten errasto barik. Orduantxe jazo zan Felixen ustetan hemen errepublikeari egin jakon traizinorik handiena. Felixek ikusi eban zelan erregimentuko ofizial askok auto partikularretan alde egin eben Gasteizerantza, arerioaren aldera pasetan egozan. Ondo planifikauta egoan. Orduan, zutabeak Otxandiora itzultzeko agindua jaso eban. Ez zan Gasteizera joan, bertan gauzak artean aiko-maiko egozanean, Legutiano faxisten esku itxi zan eta beharrizan gorrian egoanean, miliziano abertzaleak ez ziran agertu, mojak jagoten egozalako. 21ean bertan lehen hildakoa gertatu zan milizianoen artean, Felixen koinatu bat, "Bilba" izengoitiz, Arriaga antzokiko zapata-garbitzailea, bere armaz hil ei zan, istripuz.
Garagarrilaren 22an Francoren aldeko gerra-hegazkinak Otxandioko plazea bonbardatu eben, Felixek bizi izan eban benetako lehenengo gerra ekintzea. Egun horretan be falangistak eta karlistak Krutzeta, Arlaban eta Barazarrera hurreratu ziran Legutianotik. Lehenego tiro hotsak ziran Bizkaiko frontean. Bonbardaketearen ostean gizon askok ikaraz alde egin eben frontetik, bakarrik neskak eutsi eutsien burrukatzeko gogoari. Felixek beti goraipatu eban neska libertario horreen jarkerea, ez ziran izan inondik be geroko literatureak jaso ebazan modukoak, ez ziran soldaduen atzean ioiazan emagalduak, benetako burrukalariak baino, emakumeen askatasunez ondo kontzientziatuak. Holan, CNT-ko taldetxo hau Otxandio, Dima, Zeanuri eta Ubideko lurretan ibili zan hurrengo bost hilabeteetan, gero eta efektibo gitxiagogaz.
Hasikerako taldetik geratzen zana Bilbora itzuli zan zemendiaren akabuan. Arrigorriagan armak eta neguko erropea jaso ebezan eta, atzera be, fronterantza, orain "Isaac Puentes" batailoiaren izenpean, Agirre Lehendakariaren Euzko Gudarostearen barruan. Legutianoko batailearen bezperea izan zan.
Abenduan jazo ziran burrukaldirik gogorrenak Albertia mendian, baina gudarien erasoa ezerezean gelditu zan, eta barriro be, atzerantza. Felixen batailoia sakabanatuta gelditu zan, Motxotegi menditik Otxandioraino. Hurrengo hilabeteetan frontea ez zan oso aktiboa izan. Han hemenkako eskaramuzak eta milizianoen arteko hartu-emon eskasak bizi behar izan ebazan: "Alkohol eta disziplina arazo ikaragarriak egozan, inguruko jente euskaldun, baserritar eta fededunakaz hartu-emonak ez ziran hobeak, desorganizazinoa eta bortxakeria zan nagusi. Gudarien irudi epikoa ez da benetakoa".

Frontea jausi zanekoa
1937ko martia aldean Felixek Bilbora itzultzeko agindua jaso eban. CNT-ko "Durruti" batailoia osotu barria zan. Felix batailoi honen tenientea izan zan, eta frontera itzulita Altungana mendian kokatu zan, Dima eta Zeanuri artean. Euren eskoialdean, Barazar aldean, "Isaac Puentes" batailoiari gelditzen jakozan azken efek- tiboak, eta Motxotegitik Elosura "Ochandiano" batailoi komunista zabaltzen zan. Maiatzaren 31n hasi zan Mola jeneralaren erasoaldia Bizkaiko frontearen kontra. Frontea atoan desegin zan, Saibiko kontraeraso ezaguna alde batera itxita. Ha, Felixen esanetan, "desbandada" hutsa izan zan Bilboko "Burdinazko Gerrikorantza". Bagileko lehenengo egun horreetan Felixek Barazar aldera egin eban, "Isaac Puentes" batailoiko beste hamahiru gizonakaz lotu zan erretiradea zarratzen. Aurretiaz, "Ochandiano"ko komunistak Zeanurirako bidea hartua eben. Zeanurin izua zabaldua zan komunisten desbandadea ikusita, goseak jota eta amorrotuta etozan tropa horreek danatariko triskantzak egin ei ebezan zeanuriztarren artean, arpilaketak, bortxaketak... Felix Zeanuriko herrira heldu zanerako, berau hutsik egoan, atzean, batez be, andrak lotu ziran edadekoak eta gaixoak jagoten, iges egiterik ez eukienak. Horreen gainean jauzi ziran Gasteizko kamino nagusitik etozan falangistak, karlistak, mairuak eta italiarrak. Bortxaketa gehiago andren kontra. Areatza pasata Artearaino erretiradea, ahal dan neurrian, ordenaua izan zan. Baina, bertara ailegauta Francoren gerra-hegazkinak kaminoa bonbardatu eben eta Felixeri ezinezkoa izan jakon Lemoatxako posizinora heltzea. Bagilaren 17ra arte, Artea eta Zeberioko basoetan ostondu zan, baserrietatik iges eginda joian jenteagaz bat eginda. Atzenean, karlistak Arrigorriagan atxilotu eben. Ordutik aurrera beste odisea bat hasi zan Felix Padinentzat Mirandako konzentrazino-zelaian eta zigor batailoietan harik eta 40ko hamarkadan libre gelditu arte.

2016/10/15

JOSE SAGARNA URIARTE 80 urte fusilau ebela Jose Sagarna Uriarte abadea

Datorren eguenean, 2016ko urri bigarrenak 20, laurogei urte beteko dira Markina-Xemeingo Amalloa auzoko abade gaztea, Zeanuriko seme Jose Sagarna Uriarte erail ebenetik. Inkisizinoaren sasoian legez, jente askok aprobetxau eban 1936ko gerra egoerea mendeku personalak hartzeako. Datu guztien arabera hauxe izan zan be Jose Sagarnaren kasua: jauntxo auzotar batek jarritako salaketa faltsu bategaitik fusilau eben militar frankistak. Domekan, hilak 23, gogoratuko dabe Zeanurin, bera bateatu eta abadetu zan parrokian, meza bategaz.

 

Jose Mari Kortazar

 

Koadro profetikoa
Zeanuriko sakristinian dagoan koadro baten, Pedro Atutxak holan azaltzen dau kasua labur-labur: "Jose Sagarna Uriarte, Zeanuriko "sastrena" deritxon etxean otsailaren 4ean, 1910ean jaioa. Felix eta Enkarnaren semea. Urribigarrena edo urriaren 20ean. 1936.ean fusilatua izan zan "Larruskain" Markinako auzunean abade egoala. Frankotarrek hil eben. Eleiztar baten eritziz onegia zalako eta abade hil zan". Koadro hori profetikoa izan da benetan. Sasoi ilun eta baltz haretan, herri adiskidetu eta baketu baten aldeko oihu bihurtu da horman eskegitako koadro ha. Bertan dira Zeanuriko zortzi eleiz-gizon, gerran eraildakoak: zazpi erreplubikazaleak hilda eta bat, Jose Sagarna Uriarte, frankistak. Bertan dira Zeanuriko parrokoa izanik herriko plazan bertan hil eben Benito Atutxa Agirrelezeaga, 1937.eko aprilaren 7an, eta Bizente Ocerinjauregui Uria, egun berean, praile frantziskotarra, Zeanuriko bazterren baten milizianoak hil eben frailea zala-eta. Bere gorpua oindino ez da aurkitu eta une egokia litzateke hau, baten batek ezer baleki hau argituteko.
Hamar seme-alabetatik bera eta beste anai bat sartu ziran abade. 1911ko zemendiaren 15ean jaio zan (datu hau oker dakar Don Pedro Atutxaren koadroak) eta hurrengo egunean bateatu eben. Bere ikasketak bete eta gero 1935eko bagilaren 28an abadetu eben, eta egun horretan bertan jaso eban Amalloako San Inazio eleizako eta bere 249 biztanleen ardura pastorala. Meza barria be ez zan izan edozelangokoa. Egunean bertan sei zeanuriztar abadetu ziran-eta. Holan kontetan dau egun ha Jon Urutxurtu historialariak: "Andra Mari eleizea gainezka egon ei zan, 2.500 lagun inguruk beteta, eta ospakizunean gotzain bik hartu eben parte: Mateo Mujikak, Gasteizeko gotzainak eta Eugenio Artaraz igorreztarrak, Bach Nihineko (Indotxina) gotzainak. Eleizkizuna amaitu ondoren, eleizearen aurrean herriko jantzari gazteak jantzatu eben eta "Basarri" eta Uriarteren bertsoak entzuteko aukerea izan zan".

Abade urteak eta heriotzea
Don Josek ia urtebete egin eban Amalloa auzoan abade. Goizero mezea ospatu eta arrastian katekesia emon, hori izaten zan bere bizimodua; hortik aparte idatzi eta irakurten pasetan ei eban eguna, auzotarren esanetan. Danon lagun modura gogoratzen dabe, mutil apala eta ona. Gainera, askotan joaten zan baserrietara gaixoak eta zaharrak bisitetan. Amalloaztar guztiak asko maitatu izan eben Sagarna, herriko jauntxo batek izan ezik.
1936.eko bagilean Berritura abade joateko agindua jaso eban. Berehala hasi eben gerra golpistak. Iges egiteko ahalegina be egin eban, baina atzenean bertan geratzeko konbenzidu eben, berak ezer txarrik ez ebala egin-eta. Hobeto egongo zalakoan, baketan, Amalloara itzuli zan. Aukera txarra eta okerra. Bertan atxilo hartu eben, eleizan errezatzen egoala, atea zarratu eta leihopean soldadu bi itxita. Handik baserri batera preso, eta ezelango epaiketa barik, astelehen goizaldean, hilak 20, fusilatzera atera eben. Jose Sagarna golpisten kapeilauagaz konfesau zan, eta gauza personal batzuk familiari eroatea eskatu eutsan. Gainera, Larruskaingo eleizara begira hiltzea eskatu eban. Horregaitik, Amulategi ondoko zelai batera jaitsi eben atzera; orduan pinurik ez egoan eta eleizea ikusten zan bertatik. Salaketea herriko jauntxoak jarri ei eban militarren aurrean. 24 urte zituan hil ebenean. Gorpua burdi baten kargau eta Larruskaingo kanposantuan lurperatu eben.

Herri jakituria
Amalloako Amulategi baserrikoak fusilamentua ikusi eben. Tokian bertan estaka bat ipini eben, lekua gogoratzeko. Urtetan. Geroztik, herriak agoz esaterik ez eukana, legenda eta ohituraz azaltzen eban. Hil eben lekutik hamabost metrora sagar arbola batek, pentsau barik be, ekaitz gogorrak bota, eta hurrengo egunean zutik eta bizirik iraun.
Amalloako Amulategi baserri ondoan sagarrondo handi bat egoan. 1.958 urteko bagilako ostegun batez, ekaitz batek arbola zaharra bota egin eban, baina sustrairen bat lur barruan, eta bizirik gelditu zan zugatza. Zemendiaren 13an baina, eguen gau batez, zohia bere lekuan sartu eta biharamonean barriro tente aurkitu eben sagarrondoa. Inork ezin azaldu zelan gertatu zan. D. Jose Sagarna hil eben lekutik 15 metro eskasera egoan sagar arbola hori.
Barri harrigarria laster zabaldu zan eskualdean eta hurrengo zapatuan hainbat jente, Ondarroatik eta batez be, hurreratu zan leku haretara notizia egiaztatzera. Hainbeste zurrumurru be zabaldu zan. D. Joseren odola jausi zan lurrean ez zala gehiago bedarrik hazi... sagarrondoak sagarrak emoten zituala sasoitik kanpo (zemendian)... D. Joseren gorpua usteldu barik egoala... Kontua da, D. Joseren gomuta biztu egin zala eta zugatzarena abertzaleen aldeko ezaugarri miragarritzat hartu ebala jenteak.
Jentea erromes joian arbola gurtzera eta Don Joseren heriotzea gogoratzera. Markinatik guardia zibilak hori debekatzera joiazan, isunak jartzen, eta abar. Aginteak isildu gura ebana, herriak memorian gorde!

Zeanuriko kanposantuan atseden
Fidel Sagarna, Don Joseren anaia abadea, 1952garren urtean Amalloara joan zan haren gorpuzkinak Zeanurira eroateko asmotan. Auzotarrak hainbeste maite ebela ikusita baina, bertan hobe egozala pentsau eban.
2015eko abenduaren 29an hartu eben lur Zeanuriko kanposantuan bere gorpuzkinak orain arte egozan kanposantutik ekarrita. Familia arteko ekitaldi apala bezain sentibera izan zan. Aspaldiko asmoa atzo gauzatu zan. Familiakoen artean hartu dau betiko atsedena Jose Sagarna Uriarte abadearen gorpuak. Lur emon aurretik, otoitzaldi bat zuzendu eban Ander Manterola Zeanuriko seme eta abadeak.
Holan esan eban: "Bere etxean dago Jose Sagarna abadea. Zeanuriko parrokian bateatua, dotrina hartua, abadetua... Zeanuriko kanposantua izango dau etxea. Baina batez be Jainko Aitaren etxea, bateo ezkeroztik bere semea izan zana".
Jose Sagarna ez zan izan gerran hil eben euskal eleiz-gizon bakarra. Bera eta beste asko gogoratuak izan ziran Biturieko Katedralean egin jakien hileta kolektiboan. Consejos de guerra contra el Clero vasco. La Iglesia vasca vencida Anxo Ferreiroren lana argigarria dogu honetan, oraintsu agertua. Aurretiaz lan handia egin eban Euzko apaiz taldeak, diktadurearen urte tristeetan datu zehatz asko batu eta argitara emonaz.

Frankismoko biktimen kereilea
Maria Servini epaile argentinarrak eskatuta hartu eutsan deklarazinoa, urri lehenengoan, Jose Sagarna Uriarte apaizaren loba dan Jose Sagarna Ocerin-Jauregiri Gernika-Lumoko epaitegian. Frankismoaren krimenen aurkako Argentinako kereila zuzentzen dauan Maria Servini epaileak maiatzean egin eutsan Gernikako epaitegiari deklarazino hori hartzeako eskaerea. Holan, Sagarna Ocerin-Jauregik bere osabearen hilketea salatu eban, epailearen aurrean.

Domekan Mezea
Sagarnaren Familiak eskatuta, datorren domekan, urri bigarrenaren 23an, Zeanuriko parrokian mezatan Don Jose gogoratuko da eta bere alde otoitz egingo da. Gogoan izango dira, aldi berean, gerrako biktima guztiak. Loba batek esaten dauanez "hau ez dogu gorrotoz eta bengantzaz egin gura, duintasunez agurtzeko osabea eta bakebidean aurrera egin daigun herri osoak".

2016/10/15

AINARA MURGIA ETA IKER URTIAGA Musikaren museoa antzezlan barria aukeztu dabe urri bigarrenaren 14an Antxo eta Pantxa Arratiako pailazoak

 

Orain dala urte bete hasi ziran Iker Urtiaga eta Ainara Murgia kale antzerkia egiten. Ordutik leku askotan eskeini ditue antzezpenak eta umeakaz daukien alkarreragin berezia ikusita, bigarren antzezlan honegaz hasi dira urri bigarrenaren 14an Barakaldon.

 

Rakel Diez Aldekoa

 

Aurkeztu zeuen buruak eta Antxo eta Pantxa personajeak.
Iker Urtiaga: Nire personajea Antxo da, eta Antxo izena dauka askotan okertzen nazalako eta antxoa esakera horretatik Antxo izena hartu neban. Ikusleai aditzera emon gura deutseguna da okertzen nazala baina konturatu eta konpontzen ahalegintzen nazala. Lehenengo obran dj-a izan nintzan.
Ainara Murgia: Pantxa naz eta Pantxa personajearen izena dator lasaia dalako ez daukalako denporarik alde batetik bestera joateko, ez daukalako erlojurik eta beti leku guztietara berandu doalako... Horrez gainera, jantzari fina naz.


Sortu barriak dira personajeok ezta? Noz sortu ziran, zelan eta zergaitik.
I. U.: Sasoi honetan urte bete izango da taldea sortu zanetik.
A. M.: Guk alkarregaz lan egiten genduan beste gauza baten eta beti gengozan komentetan pailazo talde bat sortutea ea posible ete zan... Aukerea sortu jakun auzoko jai batzuetan eta Ikerrek deitu ninduan. Animau egin ginan eta hortik urten zan. Beraz, hori dala-eta, antzezlana prestatzen hasi ginan.
I. U.: Berez, egun baterako prestatu genduan. Gu, izatez biok ezkerraldekoak gara, ni Barakaldokoa, eta Ainara Sestaokoa. Barakaldoko auzo batetik deitu euskuen mesede bat egiteko.
A. M.: Auzoko jai horretarako egin genduan antzezpena, baina gure antzezpenaren aurkezpen ofiziala Diman izan zan.


Beste pailazoen aldean, zer daukazue diferente?
I. U.: Ez dakit beste pailazoen aldean zer daukagun diferente, hori gure ikusleak esan beharko dabe. Guk daukaguna ilusinoa da.


Zer topau daiteke zuon ikuskizunetan?
I. U.: Danetarik. Gehienbat, animazinoak dira eta gure helburua umeen parte hartzea da. Gure helburu orokorra, jantza egitera heltzea da, beti. Baina tartean, magia apur bat egoten da, bromaren bat, eta abar. Umeak protagonista izan daitezen ahalegintzen gara.
A. M.: Gehienbat umeen parte hartzea izaten da, nagusiak parte hartze gitxiago izaten dabelako.


Ze lotura daukie Antxo eta Pantxak Arratia, Ubide eta Zeberiogaz?
I. U.: Lotura handiena Arratiagaz da. Orain dala urte bi pasatxo Dimara etorri nintzan biziten. Gainera, Igorreko jaietan be egin genduan antzezpena. Normalean, gure antzezpenak jai eta eskoletan egiten doguz. Hendaian be izan ginan Euskal Eskola publikoaren jaian eta Hendaia izan da orain arte antzeztu dogun lekurik handiena.


Azaldu orain arte egindako ibilbidea. Egon da saioren bat zuentzat espeziala izan dana? Anekdotarik?
A. M.: Niretzako bereziena izan zan nire eskolara bueltau ginanean antzezlana egiten. Gainera, ez egozan gurasoak eta umeak oso gustura egozala nabaritzen zan.
I. U.: Gainera, irakasleak be parte hartu eben. Oso desbardina da kalean egitea gurasoak dagozanean edo eskola orduetan. Niretzako bereziena nire auzoan egin genduana izan zan, kaotikoa izan zalako, "bildur eszeniko" hori gainditu gendualako. Normalean, emoten dau leku handietan egiten diran antzezpenak bereziagoak izango dirala baina gero esperientziak ez deusku hori esaten. Inoz, arazo teknologikoak izan doguz; esaterako, mikrofonoak txarto erantzutea. Banan-banan egin behar da berba holako kasuetan.
A. M.: Batzuetan, teknologia izaten da... Gure anekdota gehienak teknologiagaz daukie zerikusia. Ordenagailu bat apurtu jakun ikuskizun baten esaterako, eta horrek azken baten inprobisazinora eroaten zaitu. Normalean, zorionez, ondo urtetan jaku.


Zeintzuk dira hurrengo zitak eta proiektuak?
A. M.: Oraintsu urte bete egin dogu eta antzezlan barri bat prestatu dogu. Barriro be deitu euskuen lehenengo antzezlana egin genduan lekutik eta han egin dogu aurkezpena.
I. U.: Obra Musikaren museoa deitzean da. Musikearen historiaren ingurukoa da. Antzezpenak ordu bete irauten dau. Lehenengo obra, Eutsi jantzari buruzkoa zan eta oraingoa Musikaren museoa musikearen ingurukoa.
A. M.: Oso emozionauta gagoz. Gainera, prestaketa oso polita izan da.
I. U.: Dana dala, hau biontzat hobby bat da. Ateraten dana aterako da, ez daukagu helburu handirik. Deitzen deuskuenean, ahal badogu, joango gara. Aurten, 12 aktuazino izan doguz. Guk ez dakigu asko ala gitxi ete diran. Oso pozik gagoz eta hori da garrantzitsuena. Badago, esaldi bat antzezpen bakotxaren amaieran esaten doguna eta guri asko gustetan jakuna. Gora bihotzak! Beraz, gora bihotzak!

2016/9/30

ARGAZKI LEHIAKETEA Larogeta bost argazki oporrak kontetako

Kalidade handiko eta istorio ugari kontetan dabezan erretratuak jaso doguz aurten. Lehenengo saria Aitor Arnaizek Katalunian aterako argazki batentzat izan da, teknikoki sano ondo eginda egoteaz gainera, adoleszentziaren erretratu esanguratsua dalako. Bigarren saria, Iñaki Lejarretak Itxinan ateratako argazki ederrarentzat izan da. Arantza Iruretagoienak Arratian ateratako "Ura" izeneko argazkia eta Olatz Landajok Zarautzen ateratakoa be ez dogu gura izan aitamen barik itxi. Hona dakarguz argazki batzuk. Danak ikusi gura izan ezkero, www.begitu.org webgunera jo.

2016/9/30

NURIA KORTA ALDAPE "Eskola agendea tresna bat da euskerea transmitiduteko, irakasteko eta gozatzeko"

Nuria Korta Aldape Igorrekoa, Zeberioko eskolako Normalkuntza Teknikaria da. 2011tik Arratia eta Zeberioko eskoletako teknikariak, eskualde osoan erabilteko eskolako agendea ateraten dabe. Aurten, andra eta gizonen arteko bardintasunari bultzadea emoteko, Arratia eta Euskal Herriko andren errealidadea, estereotipotik kanpo, hartu gura izan dabe agendearen gai moduan.
Horretarako, teknikariaren jakintzaz gainera, maistrearen sensibilidadea eta konpromisoa be ipini dauz Nuria Kortak. Izan be, aurten hamalaugarren ikasturtea izango dau Zeberion maistra lanetan.
 

 

Hau ez da Arratia mailan atera dozuen lehenengo eskola agendea, ezta?
Ez. Lehenengokoz 2011-2012 ikasturtean atera genduan. Lehenengo ha Umeen zentzune CDtik ateratako kantakaz egin genduan. Gero beste agenda bat be egon da jolasen gainekoa; aurreko ikasturtekoak kantagintzea eta literaturea euki ebazan gaitzat, eta oraingoa andren gainekoa da.

 

Zein da agenderen helburua?
Agendaren helburua euskerea transmitidutea da. Euskeraz eta euskereagaz gozatzea eta jolastea. Euskaldunak ez diranak be euskerara hurreratzea eta jakin dagiela ze polita dan euskeraz bizitea. Agendea tresna bat da euskerea transmitiduteko, irakasteko eta ezagutzeko. Helburua ez da bakarrik maisu-maistrak esatea "biharko debereak honeexek dira", edo hau pasau da, edo dana dalakoa. Helburua da komunidade oso batek parte hartzea eta erabiltea eta gozatzea agenda horregaz. Familiak agendea zabaldu dagiala ikusteko zer dagoan.
Euskerea da ardatza, helburu nagusia, baina zeharka beste gai batzuk be landuten doguz. Oraingoan gura izan dogu andrak baloretea eta andrak arlo desbardinetan egindako lana erakustea. Gura izan dogu, andren gaineko estereotipoak baztertuta, benetako andren presentzia indartu eta ikustarazotea.


Zer topau daikie umeak eta gurasoak agenda horretan?
Hile bakotxean agertzen da lanbide bat eta andra batzuk. Adibidez: andrak eta industria Arratian; andrak eta baserria; andrak eta musikea; literaturea; andrak eta eskubideak... andrak eta kirola, Zientzia eta Teknologia...
Hartu doguzan espazioak Arratia eta Euskal Herri mailakoak dira batez be. Andrak eta musikan Maurizia agertzen jaku eta bestea ez noa esaten ze bestea nor dan asmatu behar dabe ikasleak errastu batzuen laguntzeagaz. Andrak eta literaturan, Eider Rodriguez, Yolanda Arrieta eta Nagore Amondarain daukaguz. Ahalegindu gara Arratiako baten bat ateratzen.
Bardintasunaren bide horretan pausu bat emon gura izan dogu aurten, umeai eta hezkuntza komunidadeari konturatu arazoteko androk zer garan, zer izan garan eta zer dagoan egiteko. Eta arlo desbardinak jorratu gura izan doguz.


Nortzuk eta zelan egin dozue agendea?
Arratia eta Zeberioko eskoletako Normalkuntza Teknikariak, hilean behin batzean gara Gorbeialde izeneko taldean, Igorreko Kultur Etxean. Komentetan da zer egiten dogun eskola bakotxean, zelan bultzatu ahal dogun euskerearen erabilerea, eskoletan, gurasoakaz, eta herrian, komunidade osoan. Eta agenda bateratua egiten dogu. Agendea, bardina da danontzat, eskolak eta Institutua sartzean dira, Lemoako DBH be bai. Antzekotasun handiak daukaguz eskualdeko eskola guztietan eta lan bateratu honegaz eskualde kutsua emon gura izan deutsagu agendeari. Eskualde kutsua, alkarlana bultzatzeko.
Bileretan ebazten dogu ze eduki landuko doguzan agendan. Orain arteko agendetan esakuneak eta webgune interesgarriak be sartu izan dira. Maketazino lana Marakak egin dau.


Eskolan maisu-maistrakaz eta etxean gurasoakaz erabilteko da agendea orduan.
Bai. Sano interaktiboa da. Adibidez, Andrak eta industria Arratian atalean, sarrera bat dago, kontetan da historia edo egoerea eta, kasu honetan, hiru personaje dagoz. Personaje biren izenak agertzen dira, baina hirugarrena personaje ezkutua da. Agendan zehar eta hilean zehar errastu batzuk dagoz personaje ezkutu hori topetako. Webgune bat dago eta hilaren amaieran personaje horren barri emongo da bertan. Jokoak, galderak edo asmakizunak dagoz personaje horrengana heldu ahal izateko.
Klaustroetan azaltzen da agendearen erabilerea eta gero tutore bakotxak agenda erabili eta etekina ateraten deutso gelan. Eta asmoa da familiak be etekina ateratea. Danon arteko lan bat izatea.
Udalak diruz lagunduten dabe eta azken urte bietan Mankomunidadeak be lagundu dau. Baina eskolatik bideratzen da. Batzuetan gurasoak dirua ipini behar izaten dabe, beste batzuetan gitxiago... dagoan diruaren arabera.


Badago beste proiektu edo ekimenik eskola guztiak alkarlanean egiteko?
Eskualde mailan, Korrikan eskolak zeozer alkarregaz egin gura dogu. Beste idea batzuk be badagoz: Euskerearen Dekalogoa, eta abar.
Ez neuke alkarrizketa hau amaitu gura Imanol Urbieta gogora ekarri barik. Bera izan da hainbat belaunaldiri musikea emon deutsana eta berak erakutsi deusku ahozko transmisioan musikeak daukan garrantzia. Beragaz hazi izan garanok transmizino lana egin behar dogu ondorengoakaz. Eskerrik asko Imanol.

2016/9/14

BEINKE! Merkatarien euskera taldea

BEINKE! merkatarien euskera taldea 2003an sortu zan, eta ordutik martxan dago Igorren merkataritza, ostalaritza eta zerbitzugintza arloan euskerearen erabilerea bultzatzeko.

 

Gogora ekarri behar dogu 2001ean kale erabilerearen lehenengo neurketea egin zala Igorren, eta emoitzak sortu eben kezkak eragin ebala gaur egunera arte Igorren egon dan parte-hartze prozesurik jentetsuena: Igorreko Euskera Plana diseinetako prozesua. Merkatariak be Euskera Planaren diseinuan parte hartu eben.
Hori holan, 14 merkatari/ ostalarik osotutako taldea sortu zan eta 4 urterako plana 2003-2006 diseinau eben. Hamabostean behin ibili ziran batzarrak egiten eta helburu zehatzak zehaztu ziran: zerbitzua euskeraz emotea, euskaldunakaz euskeraz egitea; denda, taberna edo zerbitzu barruan euskeraz lan egitea; kanpo-komunikazinoa eta publizidadea euskalduntzea; sektoreko langileak euskeraz trebatzea; hornitzaileakaz apurka euskeraz egitea, eta instituzinoakaz euskerea bakarrik erabilteko elkarlana sustatzea.
Hasikerako urte horreetan be, gaur egun erreferentzia bihurtu dan "Nik saldu zuk erosi biok euskeraz" kanpainea martxan ipini zan erabilerea bultzatzeko.
2006an bigarren kale erabilerearen neurketea egin eta plana beste bi urtez luzatzea ebatzi zan, 2006tik 2008ra. Urte horreetan sensibilizazino kanpainak egin ziran eta merkatariai lagunduteko zerbitzuen katalogoa sortu eta horren barri emon zan: itzulpen laburrak, fakturak, bisita txartelak, menuak, errotuloak eta kartelak.
Planaren balorazinoa egin zan eta ondorioztatu zan ekintza eta kanpaina zehatzez aparte, beharrezkoa zala euskereagazko konpromiso trinkoagoa. Idea horretatik 2010ean TELP tailerra "Taller D'Espai Lingüístic Personal" antolatu zan merkatarientzat. Norberaren hizkuntza jarrerak eta portaerak aztertzeko, egoera gatazkatsuetan zelan jokatu ikasteko eta azken baten euskaldun aktiboagoak izateko.
Horren atzetik etorri zan hizkuntza ohituretan eragiteko "Probatu euskeraz" kanpainea. Kanpaineak hiru astez iraun eban eta 60 establezimentuk parte hartu eben. Hizkuntza ohiturak aldatzeko baldintza egokiak ipini gura izan ziran merkatari–bezero arteko hizkuntza ohituretan eragiteko eta ezagutzatik erabilerara pasetako dagoan jauzi horretan igorreztarrak euskeraz probatzera animetako.
Horregaz batera, ezagutza eta erabilera neurtzeko diagnostikoa barriro be egin zan eta konpromisoaren ideatik abiatuta, 2012an merkataritzan euskerearen erabilerea eta presentzia bultzatzeko hitzarmena sinatu zan herriko komertzioakaz eta tabernakaz.
Hitzarmenaren ostean sortu ziran merkatariai begirako euskera ikastaroak eta 2013tik 2015era talde bi ibili dira euskera ikasten herriko euskaltegian. 2016an taldeetako bat sortzeako ikasle nahikorik ez egoala eta, talde barik gelditu ziran ikasleak Berbalagunen ibili dira, Beinkekoen laguntzeagaz.
Horren ostean be antolatu dira sensibilizazinoa lantzeako merkatariai begirako saioak Beinkekoak sortu eta bideratutakoak.
Igorreko establezimentu guztietan euskerearen erabilerea eta presentzia bultzatzeko talde eragilea da, aktiboa eta konprometidua, herriko euskalgintzaren parte-hartzaile eta bultzatzaile.
Euskera Planak bere sorreratik martxan ipini dauzan kanpainakaz bat egin izan dau Beinkek eta oingoan, hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko kanpainan be parte hartu dabe.
Urte honeetan guztietan, asko eta asko izan dira merkataritzan euskerearen erabilerea eta presentzia bultzatzeko Beinkek bideratu dauazan kanpainak. Lerro honeetan ez dira danak jaso, baina bai esanguratsuenak.
Talde aktiboa izan da eta izaten jarraitu gura dabe, horregaitik merkatari euskaldun gehiago erakarri gurako leukie taldera. Izan be, argi daukie "danon indarra beharrezkoa dala normalizazinoan aurrera egiteko eta ekinez egiten dala ezina". Beinken parte-hartzeako nahikoa da Beinkekide bateri esatea edota udaleko Euskera Zerbitzura deitzea.

2016/9/13

GORKA BARRENETXEA LARRINAGA "Barnetegi ibiltariak mintzapraktikarako aukera ederra dira"

Igorreko Gorka Barrenetxeak 5 urte daroaz AEK-ko bizikletazko Barnetegi Ibiltariko arduradun bezala. 15 egunean zehar euskeraz bizi, gozatu, bidaiatu, lagunak egin eta Euskal Herria eta bertako ohiturak ezetuteko aukerea emoten dau barnetegi honek.

 

Miren Madariaga

 

Zer da Bizikletazko Barnetegi Ibiltaria?
Barnetegi honetan bizikletan igon eta pedalai ekinez Euskal Herriko leku polit ugari bisitetan doguz mendia eta kostaldea buztartuz. Aurten besteak beste: Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Bizkaiko zubia, Olite gaztelua, Matxitxako lurmuturra, San Juan Gaztelugatxekoa, Arabako lautada, Urbasa, Andia, Ultzamako herri ederrak, Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, Anboto mendi misteriotsua, Erronkari harana, Bizkaiko Butroi gaztelua, Abodi mendilerroa, Otsagi, Irati, Aralar, Omako baso margotua, Baztan... Hau da, danetarik daukagunez, danetarik dastatu dogu.
Era berean, euskereagaz lotutako hainbat ekintzaz gozatu ahal izan dogu: tokian tokiko hiztunakaz harremanetan ipini; jarduera kulturaletan parte hartu (diaporamak ikusi, ipuin kontalariak, erakustaldiak, bertso-afaria, bisita gidatuak); euskerearen erabilerea sustatzeko tailerra; musika emonaldia/kontzertu akustikoa eta txalaparta tailerra eta txirringa konponketa tailerra. Eta, jakina, euskera irakasleak dagoz laguntzeko eta zalantzak argitzeko.
Bizikletaz ibiliz eta euskerea lagun, gustuko opor ederrak pasetako aukerea emoten dauan barnetegia da. 15 egunez Euskal Herriko txoko, paisaje, leku bitxi, ohitura, euskalkiak zein hiztunak hobeto ezetuteko aukerea emoten dau.
Udan euskerea bere osotasun osoan (euskalkiak, euskara ikasleak, euskaldun osoak...) praktiketako modurik politena da. Azken finean, gure egunerokotasuneko gizartearen lagin adierazgarria da Barnetegi Ibiltaria.

 
Prestaketa fisiko handia eskatzen dau barnetegi ibiltarira joateak?
Bizikletea garraiobide izanda, ibilbideak luzea dirudien arren, ez da aparteko prestaketa fisikorik behar. Ikasleak bizikletara eta erritmora egokitzeko aukerea daukie, modu progresiboan egokitzen dira gainera, lehendabiziko egunetan gorputza eta hankak zaildu egiten dira, eta hortik aurrerako pedalkadak inolako zailtasun barik emoten dira. Hori holan, ez da izugarrizko sasoirik behar barnetegi ibiltarietarako (oinezkoa zein bizikletazkoa). Azken finean egun guztia izaten dau erritmo gozoan eta bakotxaren abiadurara egokituta taldeak eguneroko helmugara heltzeako.
Barnetegiaren logistika osoa bideratzeko furgonetearen lagun-tzea daukagu, bertan motxilak, lo zakuak, kanpin dendak, janaria, mahaiak eta aulkiak... beraz, bizikletan ez da pisu handirik eroan beharrik. Hiru irakasle/antolatzaileren lagun- tzeagaz egiten dau aurrera Ibiltariak: bata taldearen aurretik, beste bat atzetik taldea zarratuz, eta hirugarrena furgonetan laguntza emonez. Furgonetan doanak hainbat egitekogaz batera bazkaltzeko leku aproposa aukeratu eta kanpamentua antolatzeaz arduratuko da. "Lesionaturik" baldin badago be furgonetan joango da, noski.

 
Zelan antolatzen dira etapak eta egunak?
Euskeraz egitearen abentura honek mintzamena lantzeako formatua dauka, mintzapraktikarako prestatutako ekimena. Kirola eta euskerea, edo, euskerea eta oporrak buztartuz, euskeraz biziteko nahia praktikara eroateko aukera argia da. Holan, ez da gitxieneko euskera mailarik eskatzen, 15 egunez euskeraz biziteko nahia izatea baino ez da behar. Euskeraz egitea edo behintzat euskeraz egiten saiatzea behin eta barriro. Guztiz ondo berba egin ez arren, gauzea egitea eta egitea da, euskerea ahoan jantzatzea ikasteko biderik eraginkorrena da eta. Erabilerearen garrantzia hori egunerokotasunean ikusarazo, eta barneratu egiten dabe ibiltariak.
Abenturatik be asko badaukala ezin da ukatu; izan be, frontoi baten, herriko aterpetxean edo ostatu batek itxi deuskun ganbaran lo egitea gertatu daiteke eta, norbere oroimen-kutxarako baino ez diran istorioak. Eta horreri guztiari Euskal Herriko eguraldi aldakorra gehitu behar jako.
15 egunean zehar herriz herri eta mendiz mendi 1.000 kilometro inguru egiten dira, batez beste eguneko 65 bat kilometro. Behar beste geldiune egiten doguz interesgarri deritxagun lekuak ikusi ahal izateko.

 
Zein da bizikletazko barnetegira doazen parte hartzaileen profila?
Ataundik, Deustutik, Gasteizetik, ikasleak, erretiratuak, irakasleak, kirolariak, mintzatzera datozanak, oporrak pasetan datozanak, Euskal Herria ezagutzera datozanak, lagunak egitera datozanak... Danetarik topatuko dozu barnetegi ibiltarietan!


Euskeraz oporrak egiteko aukera hau oso garestia da?
Ezetz esango neuke. 35 euro inguru da egun bakotxa eta prezio horretan trasteak eroateko laguntza-furgonetea, hiru arduradun, lo egiteko ostatuak, jatorduak, aseguruak eta ekintza gehigarriak (museoetara bisitak, musika kontzertuak, tailerrak) barne dagoz.


Anekdota asko izango dozuez horrenbeste egun alkarregaz pasau eta gero. Kontau egiguzu konfesau daitekean bat.
Kontatzekoak asko dagoz, bertaratzea eta bertatik bertara ezagutzea da aukerarik aberatsena. Dana dala, zeozer aitatzeagaitik, barnetegi ibiltariak euskahaldun kimu barriak emon ditu. Hau da, hainbat ustekabe eta karanbola emon ondoren Barnetegian ezetutako bi ibiltarik umetxoa izan dabe, eta bigarrena bidean. Adi, ez da bikote bakarra eta. Beraz, badirudi Barnetegietan ligau be egiten dala, kar, kar.

2016/9/1

BIZKAIKO ARTZAI TXAKUR TXAPELKETEA Bizkaiko erraza libreko Artzai Txakurren txapela Diman geratu da

Abuztuaren 28an jokatu zan Diman, erraza libreko Bizkaiko Artzai Txakur Txapelketea eta Beñat Saratxok, Dimako Amantegi auzunekoak, lortu eban txapela Rita txakurragaz. Txapelketea Euskadiko erraza libreko txapelketarako klasifiketako baliagarria izan da. Irabazleaz gainera, Abadiñoko Jose Antonio Agirrek, Sofi txakurragaz, eta Zornotzako Iñaxio Irakulisek, Bat txakurragaz, osotuko dabe Bizkaiko ordezkaritzea Euskadiko Txapelketan.

 

Bizkaikoa, zaharren egoitzaren ondoko landetan jokatu zan eta bertan bost partaide lehiatu ziran. Aitatutako Dima, Abadiño eta Zornotzakoagaz batera, Galdakaoko partaide bi be egon ziran: Juan Ramon Azkargorta Luki txakurragaz eta Bittor Bengoetxea Bat txakurragaz.
Proba bi egin ebezan txakurrak. Lehenengoan, banderakaz egindako bide batetik joan behar zan txakurra, "ahal dala, bide barrutik". Gero, lehenengo atearen atzetik, eskortaren atzetik eta bigarren atearen atzetik pasau behar zan. Handik pasakeran, epaileak txistua jo eta txakurra geldirik geratu behar zan, "seko". Ondoren, ardiak zirkulu batera eroan "astiro, mantso eta zoratu barik" eta gero epaileak esaten eben atetik sartu. Bigarren proban, txakurrak ardiak eskortan sartu behar izan ebezan.
Lehenengo probea egiteko 7 minutu egozan, eta bigarrena egiteko 6 minutu. Probea amaitu ezean, ateen aurretik pasau ezkero, ardiai haginka egin edo gelditu behar zanean txakurra ez bazan geldituten, puntuak galtzean ebazan.
Zumaiako Eli Alonso eta Mikel Garaia eta Matxinbentako (Gipuzkoa) Pello Segurola izan ziran epaileak.

Euskadiko Txapelketea
Erraza libreko txapelketak Atxarpe alkarteak antolatuten dauz eta parte hartzeako alkarteko bazkide izan behar da. Euskadiko Txapelketan 8 edo 9 txakurrek hartuko dabe parte, Bizkaiko hiruk, Giupuzkoako bostek eta, akaso, igazko txapeldunak. "Gipuzkoan bazkide gehiago dagoz. Bizkaian, hemen gabizen bostak bakarrik gagoz. Euskadikora, orain arte bi klasifikau izan dira Bizkaiatik, baina leku bat irabazi dogu, Gipuzkoak partaide bi galdu dauz-eta" azaldu deutso BEGITUri Beñat Saratxok.
Euskadiko Txapelketea Elgoibarko San Migel auzunean izango da urri bigarrenaren 2an.

Border Collie erraza
Erraza libreko txapelketea izan arren, parte hartu eben bost txakurrak Border Collie errazakoak ziran. "Batez be, Border Collie errazako txakurrak erabilten dira artzai txakur moduan. Guretzako ibilteko beste modu bat da. Euskal artzain txakurra oso ona da, baina beste modu baten ibilten da. Artzai txakur mota diferenteak dira" dino Saratxok.
Dimakoa ABCT (Asociación de Border Collie de Trabajo) alkarteko partaidea be bada. Holan, estadu maila, Europa maila eta mundu mailako txapelketetan hartu leike parte. "Estaduan bospasei txapelketa egoten dira eta handik Europara sailkatu zeinke eta gero munduko txapelketara. Finlandian izan da Europako Txapelketea eta Holandan izango da mundukoa".

2016/9/1

GUILLERMINA GARCIA "Magikoa izan da, harritu egin nau hemengo eko-feminismoaren indarrak"

Maputxe odola dauka Argentinako Pinamar urian jaio zan Guillermina Garciak. Maistra ikasketez, behin etxeko erosotasuna itxi eta Ameriketan zehar ibilteari ekin eutsan. Urratsak Mexikoko Karibe aldera eroan eben, eta bertan, bost urtez, maia herriaren kulturea eta sendagaiak ikasi ebazan. Orain Arabako Valluerca (Gaubea) herrian bizi da eta Euskal Herriko Hazien Sarea erakunderako behar egiten dau.
Ointsu Zeanurin izan da Ipiñaburuko Gabriel Vazquezek atondutako senda-bedar ikastaro baten.

 

Alvaro Rabelli

 

Zergaitik bat egin zenduan maia herriaren kultureagaz?
Gaztetatik amets egiten neban Mexikora joateagaz. Buenos Airesen antropologia ikasten hasi nintzan baina gurasoak ez eben gura ni hain urrun joaterik. Sasoi haretan maien egutegia ikasi neban, eta jakin neban egunen baten Mexikora joango nintzana. Paraguaitik pasau ondoren, 2007an parte hartu neban Amerika osoa zeharkatu eban "Ostadarraren karabana" deitutako proiektuan, bakearen aldeko mobimentua izan zan. Karabanea Brasilen amaitu zan eta bertan ekopedagogia irakasten lotu nintzan. 2010ean, atzenean, karabanearen koordinatzailea izan zan Alberto Ruz Buenfil-ek deitu euskun Mexikora maien txamanen batzarrean parte hartzeako. Holan ailegau nintzan. 2015ean Europarako erromesaldia hasi neban.


Zer da maia herriak irakatsi eutsuna?
Bost urte emon nebazan Tulum-en, Cancun ondoan. Javier Hiros Lopez antropologoaren eskutik maien sendatzaile edadekoak ezetu ahal izan nebazan. Holan, maien herria deskubridu neban, haren burruka luzearen historia, haren ohiturak, musikea, hizkuntzea, eta batez be, haren sendagai naturalak ikasi nebazan. Maien mundu espiritualean murgildu nintzan. Lagundu egin geuntsen lehenengo ekoaldeak eregiten. Zoritxarrez, azken boladan, inguru horretan be narkotrafikoaren presinoa handitu da.


Ze alde topau dozu Ameriketako eta Europako senda-bedar munduan?
Hasteko geografiak eta klimak bereizten dabez landarak. Mexikon eta Brasilen landara tropikalakaz lan egin dot, ostera, Argentinako Patagoniakoak Europakoen antzekoak dira. Halanda be, alderik nabarmena da Ameriketan senda-bedarren mundua bizi-bizia dala, eguneroko gauza, ez dagoalako beste aukerarik. Hemen jente guztiak dauka ospitalea eskura. Ameriketan be sano kontu espirituala da, senda-bedarrak gorputzaz gain, espiritua be osatzen dabe. Hemen, baserritarren jakintzea euskereari lotua dago, bedarren izenak dakiez, eta izenakaz batera zelan erabili. Benetako altxorra da.


Biak osagarriak izan leitekez?
Jakina! Kontzientzia bien buztardurea da, Ameriketan pentsamentu praktikoa dogu, Europan planifikazinoa. Ameriketako leku askotan ez dabe zertan gaurko munduari lotuta egon, dana eskura daukielako, etxebizitza egiteko, elikatzeko, sendagaiak aurkitzeko. Maiak horixe irakatsi eusten, dana Ama-Lurrak, Pachamamak emoten deuskula. Europan lurrak ereiteko, senda-bedarrak batuteko, uztak jasoteko jai eta egutegi biodinamikoak atontzen dira. Holan izan da milaka urtez. Euskaldunok ondino gordetan dozue antxinako Europako espiritu hori, lurragazko loturea. Hori ezin da galdu!


Zeanuriko ikastaroan danok izan zarie andrak, eta gizonak?
Mexikon, Brasilen, Argentinan, Andeetan txaman gizonezko asko ezetuteko aukerea euki dot. Beste kultura batzuetan, ostera, andrak baino ez dira, maputxeen "machi-ak" lez. Hemen be, antxinean, andrazkoen esku, sorginen esku, egoan senda-bedarren jakintzea, eta uste dot Euskal Herriko andrak petrikilo rol hori berreskuratzen hasi dirala, atzera be hasi dira hurbileko sendatzaileak izaten, behin Inkisizinoak eta eleizeak kendu eutseen kulturearen jagoleak izaten. Harritu egin nintzan Zeanuriko ikastaroan hamahiru andra magikogaz topetean, hemengo eko-feminismoak indar handia daukala konturatu naz. Prozesu historikoa bizi dogu, atzera be androk arbasoen jakinduria jaso eta herriari, tribuari, emoten deutsagu.


Zer emon ahal deusku senda-bedarren munduak?
Garrantzitsuena bizitzeaz gozatzea da, gure barneagaz eta gure etxea dan Lurragaz bat egitea. Lurrak sendagaiak eta elikagaiak emoten deuskuz. Senda-bedarren bidez lurragaz bat egiten dogunean, konturatzen gara geure etxea, Lur planeta, jagon behar dogula etxebizitzak osasuntsuagoak izan daitezan, medikuntza humanizatuagoa izan eta danon esku egon daiten, eta janaria benetako elikadurea izan daiten.


Zer irakatsi gura zeunke hemen?
Azken hogei urteotan ikasitako guztia konpartidu gura neuke. Nire ametsa eko-eskola bat zabaltzea da, bizitza osasuntsua bultzatzeko, lurragaz bat eginda norberaren garapen orekatua eroaten laguntzeko, arkitektura osasuntsua zabaltzeko, lekuan lekuko ekonomia eta nekazaritza ekologikoa sustatzeko.

 

2016/8/1

MIKEL ZULUAGA Euren herrialdeetan sufridutakoarenetik, iges egin ezinik dagoz errefujiaduak

Mikel Zuluaga, Jabi Sagarna, Edorta Alonso, Arantza Iruretagoiena eta Eunate Alonso, Olatz Alonso eta Urko Alonso umeak garagarrilaren 15etik 25era Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformeak antolatutako Greziarako karabanan hartu eben parte. begitu Mikel Zuluagagaz egon da. Grezian sano egoera latza bizi dabe errefujiaduak. Jenteak "zergaitik niri" preguntetan eutsela eta hori gogorra izan dala eurentzat dino. Karabanan joandakoak Europako gobernuak modu ilegalean jokatu eta Giza Eskubideen urraketa larriak egiten dabizala salatu dabe.

 

Zein da egin dozuen ibilbidea?
Hemendik Iruñeara, han alkateagaz egon eta konzentrazinoa egin genduan. Handik Bartzelonara. Bartzelonatik Milanera, eta gero ferrya hartu eta Tesalonikara. Han lau egun egin doguz. Kiroldegietan, leku okupatu eta leku alternatiboetan egin dogu lo. Jentea zelan mobiduten dan be ikasi egin dogu.
Estadu osoko autobusak osotu dabe karabanea. Euskal Herritik autobus bi izan dira. Bata Bizkaikoa, eta bestean Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako jentea egon da. Bizkaiko autobusean bizi izan doguna egundokoa izan da. Ni mobimentu askotan egon naz baina hemen sortu izan doguna ez da ohikoa. Konfiantza eta maitasunezko katea sortu dogu.


Zein kanpamentutan egon zinien?
Tesalonikako Aristoteles unibersidadean egon gara, Noborders (muga barik) kanpamentuan. Tesalonikaren erdian dago. Atxiloketa Zentroak eta Errefujiadu Guneak bisitau doguz. Atxiloketa Zentroan dagozanak Turkiara bialduko dabez. Leku guztietan hotel okupatuak dagoz. Atenasko City Plaza hotela, esate baterako, hotel okupatua da eta 400 persona inguru dagoz han biziten.


Atxiloketa Zentroetan delituren bat egin dauan jentea dago?   
Hiru espazio mota dagoz. Batzuk leku itxiak dira kartzelen modukoak. Gero Atxiloketa Zentroak dagoz eta handik jenteak ezin da sartu eta urten; azkenik, Errefujiadu Guneak dagoz. Hortik jentea normalidade osoz sartu eta urten daiteke. Danetan prekariedade handia dago.
Bisita egitean shock modukoa sentidu genduan, behin eta barriro errepikatzen zan itaun bat entzuten gendualako: "zergaitik ni? Zergaitik tokau jata niri?". Inork ezin dau aukeratu non jaio, guztiz aleatorioa da. Loteria bat da Somalian zein Euskal Herrian jaio, baina eskubideak danontzat izan behar dira. Gobernuak legearen kontra jokatuten dabiz, ze Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibersala sinatuta daukie danak, eta horreen arabera, persona guztiak gura daben lekuan ibili edota biziteko eskubidea daukie.
Hori dala-eta, jenteak egiten dauan itaunak ez dauka erantzunik. Bardin-bardin geuri tokau ahal jakun. Oso mingarria da ikustea euren herrialdeetan muturreko egoera latza sufridu ondoren, ezin dabela handik iges egin. Errefujiadu Guneetan ghettoak egiten dabez, gerrea apaldu edo egoerea hobetu ahala euren herrialdeetara bueltetako, sano baldintza txarretan dagoz eta.
Errefujiadu zein migratzaileentzat egoerea ikaragarri txarra da. Migratzaileak, azken finean, errefujiadu ekonomikoak dira.


Karabanak eragin politikoa izango dau? Balioko dau errefujiaduakanako politikak aldatuteko?
Errefujiaduakazko alkartasun mobimentua puzzle bat modukoa da. Batzuek lan boluntarioa egiten dabe, beste batzuek aktibismoa... Gu Greziara aktibismoa egin eta gertatzen dana salatutera joan ginan.
Gure artean kohesino handia sortu da. Sano jente desbardina egon gara karabanan. Eta bitxia da ze normalean pentsetan da antzeko jenteak lortzean dauala kohesinoa. Gure kasuan, oso desbardinak izanda be, loturea sortu da. Ezbeharrak batu egiten dau jentea eta desbardintasun ideologiko edo beste motatakoak ez dira kontuan hartzean. Katekesiko jentea egon da, anarkistak, EAJ-PNVtik hur dagoana... Errefujiaduen ezbeharrak batu egin gaitu. Eta hori oso inportantea da, gizarte mobimentuak zeharkakotasun horretan egin behar dau lan eta.
Karabanan egon garan guztiok talde trinkoa sortu dogu eta bakotxak bere herrian edo bere mobimentuan transmitiduko dau ikusitakoa: tragedia itzelezkoa dala.


Libre segiduan itxi arren, karabanan joandako batzuk atxilotu be egin ebazan Greziako poliziak, ezta?
Idomenin ekintza bat egitera joan ginan eta 5 persona atxilotuak izan ginan. Ez zan prensan agertu ordu erdi baino ez zalako izan. Ekintza baketsua zan, Ongi Etorri Errefuxiatuak egiten dituan guztiak legez. Bere burua progresistatzat daukan gobernu batek holan jokatzea mingarria da. Greziako gobernua lotuta dago Europa eta bere ideologiaren artean. Oso gatxa da eurentzat, Europak presinoa egiten deutso eta Greziak ez daki zer egin.


Europak presinoa egiten dau akordio batzuk beteteko, baina ez danak. 25.000 errefujiadu hartzeako akordioa ez dabe bete herrialde gehienak eta hori betetea ez dau exijiduten Europak.
Lotsagarria da. Errefujiadu Guneetan konturatzen zara Europaren hipokresiaz. Danak botaten dabe pelotea bestearen teilatura. Gizarte mobimentuak urtenbide bila Eusko Jaurlaritzara jo ezkero, Espainaiko gobernura joteko esaten dabe eta Espainiako Gobernuak Europara jo behar dala. Egoerea ez dabe konponduten apropos. Jentearen bizitzagaz jolasean dabiz, eta horixe da guk salatu gura doguna; horretarako joan ginan Greziara.
Orain Atxiloketa Zentroetatik Turkiara eroan gura dabe jentea. Ikaragarria da.

2016/8/1

GOTZONE AMURIZA Europako herrialde bik hartutako konpromisoak betetea nahiko litzateke Grezian dagozan errefujiaduak hartzeako

 

Greziako Chios irlara milaka errefujiadu heldu dira Siriako gerratik igesean. Gotzone Amuriza Igorreko erizaina bertan egon zan bagilaren 17tik garagarrilaren 23ra arte, errefujiaduai osasun arreta emoten. Chios Turkiatik 18 km.ra dago eta irlatik ikusi egiten da Turkia.

 

Zein erakundegaz joan zinan hara eta zein izan zan zure lana?
Zarautzeko Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) GKEgaz joan nintzan. Jakin neban mediku eta erizanak behar ebezala eta ni erizaina nazana lez, aprobetxau neban nire jakituria han lagunduteko. Chiosen hiru errefujiadu eremu dagoz eta hareetan atenzino medikua emoten dau SMHk.


Zenbat jente dago kanpo horreetan?
Irlan 2.800 errefujiadu inguru ei dagoz. Eremu bat ofiziala da eta beste biak, printzipioz behin-behinekoak baziran be, ofizial bihurtu dira. Chiosera irakiarrak, afganoak eta siriarrak heltzean dira. Gehien-gehien siriarrak.
Gure moduko jentea da, langilea izan dana. Nik ikusita daukadaz epaileak, anestesistak, irakasleak, ekonomistak, dendariak... Azken finean biaje horretan dagoan jentea da dirua euki dauan jentea, eta biajea egiteko nahikotxo ordaindu dabe.


Zein egoeratan dagoz Chiosen?
Errefujiaduak iges egiten dabe euren herrialdeetatik, Turkiatik pasetan dira eta gero Europarako bidea hartzean dabe. Irla hau Turkiatik oso hur dago eta asko dira hara joaten diranak. Heltzean diranean, erregistrau eta irlan egoteko hile biko permisoa daukie. Ezin dira peninsulara joan, Atenasera berbarako. Gero leku bat emoten deutsee errefujiadu gunean. Badago jentea, oso-oso gitxi, dirua daukana eta hotelen baten geratzen dana, baina ez da ohikoa.
Hiru errefujiadu gune dagoz: Vial, Depethe eta Souda. ACNURek kudeatzen ditu. Biziteko, kanpadendak edo kontenedoreak dagoz. Denda edo kontenedore baten familia bat, bi edo hiru egon ahal dira. Beraz, kondizinoak nahiko eskasak dira. Han, etxoten egoten dira, papelen zain, "gelditutako kanporatze prozesuan". Hau da, asiloa eskatzen dabena lez, ezin dabez kanporatu, baina gelditutako kanporatzea da. Asiloa lortzeako galdeketearen zain dagoz. Atenasen egiten deutsee galdeketea, eta hori pasetan badabe asiloa emoten deutsee Grezian eta orduan badaukie bidea Europatik ibilteko.
Baina hiru persona dagoz galdeketak egiten eta alkarrizketa bakotxa sei ordukoa da. Eta 2.800 persona dagoz. Heltzean diranean oso pozik datoz Europara heldu diralako, eta hor frenau egin behar dozuz eta esan: hemekoa denpora baterako izango da. Permisoak emon orduko... Eta emoten badeutseez, ze emoten ez badeutseez barriro euren herrialdeetara bialtzen dabez.


Errefujiadu eremuak herritik hur dagoz?
Souda eta Depethe Chioseko uriburuan bertan dagoz, baina Vial 15 km.ra dago. Bertatik mobiduteko arazoak eukiten dabez. Taxiak, personako 15 euro kobretan deutsee 15 km. egiteko. Batzuk aprobetxetan dabe egoerea dirua egiteko. ACNURek autobus bat ipini dau doban herrira edo uriburura joateko.
Guk ospitalean konsultea eukan jentea eroaten genduan anbulantzian, ez bakarrik larrialdiak, osasun arreta bermatuteko be bai. Eremuan egoan zerbitzu medikua oso oinarrizkoa zan eta gehitxoago behar bazan guri deitzean euskuen jentea ospitalera eroateko. Umezurtz etxean egozan umeai laguntzea be zan gure zereginetako beste bat.
Oinarrian jente osasuntsua zan baina danak daukie zauriren bat edo beste.


Zenbat denpora daroe etxetik kanpo?
Gehienak urte eta piku. Guri ume bat etorri jakun, txalupa batetik urtenda sabelean bonba batek egindako zauriagaz. Umeak zortzi urte inguru izango ebazan eta etorri zan gernu-zunda eta guzti. Egoera normalean hori gogorra bada, holango egoera baten ondino gogorragoa.
Jentea saiatzen da dana garbi eukiten, baina azkenean hiru familia kontenedore baten eta beroa dala eta... Askotan joaten nintzan kanpadenda batera eta ekzemaren bat tratetako eta siku euki behar dauala esan gaisoari. Baina ikusten neban 30 gradutan dagozala, izerditan eta ezinezkoa zala.
Greziako zerbitzuak oso mugatuta dagoz. Greziako egoera ekonomikoa txarra da eta gainera ia 3.000 persona gehiago jatorkoz, gehienak osasun arazoakaz. Gainezka eginda dagoz.


Egoera honen aurrean zein da egiten dozun balorazino politikoa?
Nik pentsetan dot Europak ez daukala egoera hori konpontzeko ezelango asmorik. Han oso militarizauta dago dana. Horretarako badago dirua, baina gero kondizino hobeak emoteko edo jente gehiago ipinteko asilo permisoak emoten ez.
Europako herrialdeak esan eben bakotxak 25.000 errefujiadu hartuko ebazala. Grezia guztian 50.000 errefujiadu inguru dagoz. Herrialde bigaz nahikoa litzateke danak hartzeako, eta ez da egin.
Eurak oso pozik etorten dira euren herrialdeetatik bizirik urten diralako eta Europara heldu diralako, baina denporea pasau ahala ikusten dabe zeintzuk diran bizi baldintzak. Gehienak familiakoren bat daukie Europako herrialderen baten eta hara joan gura dabe. Jente langilea da eta gura dabe lan egin eta bizimodu duina izan. Baina Europak ez dauka ezelango borondaterik hori aurrera eroateko, ezpabere soluzionauta egongo litzateke.
Batzuek etsi egiten dabe azkenean. Aukerea dago 400 euro gehi jatorrizko herrira biajea hartzeako. Guk ezetu dogu hori egin dauan jentea, Siria, Irak edo Afganistanera bueltau dana.

2016/8/1

UCKAIA Sorpresaz beteriko lehenengo maketea aterako dau Uckaia taldeak

Barrikuntzaz beterik dator Uckaia taldea: kamisetak, maketea, eta abar. 2014. urtean hasi eta ordutik arrakastea besterik ez dabe lortu arratiarrak. Oraingoz, kontzertu bi finkatuta daukiez udan: abuztuaren 13an Zeanuriko jaietan eta 25ean Areatzako jaietan. Gogotsu ibili eta lan handia egin eta gero maketea grabauko dabe Hamarrecords estudioan.
Aitor Ipiñak (bajua eta abeslaria), Ager Barraganek (bateria), Lander Txabarrik (gitarrea eta koruak) eta Lander Elorriagak (gitarrea) osotuten dabe taldea.

Rakel Aldekoa Diez

 

Zelan pentsau zenduen taldea sortzea?
Aitor Ipiña: Historia guztia 2014. urtean hasi zan, Agerrek eta nik, batek bajua eta besteak bateria joten genduan eta astegoinetan alkartzen ginan "txapuzak" egiten, jo gura gendualako. Irakasleak beti esaten euskuen Institutuko Aste Kulturalean joteko. Guk beti ezetz esaten genduan baina urte baten baietz esan genduan. Lau abesti sortu genduzan ensaiatzen dogun gelan eta horreek jo genduzan Aste Kulturalean. Lander Txabarrik be gugaz jo eban eta bere lehen aldia izan zan gugaz batera joten. Guztioi gustau jakun esperientzia eta, beraz, abesti barriak egiten hasi ginan kontzertu gehiago joten, eta abar. Gure lehenengo kontzertua talde gisa, Areatzako Gaztetxean jo genduan. Izen desbardinak euki doguz, baita abeslari desbardinak be, baina gaur egun Uckaia Ager Barraganek, Lander Txabarrik, Lander Elorriagak eta nik osotuten dogu.


Zergaitik Uckaia izena?
Ager Barragan: Egun baten klasean marrazkiak egiten nebazan bitartean burura etorri jatan Uckaia izena. Ez dakit zer esan gura dauan baina izen polita zala pentsau genduan.
A. I.: Agerrek esandakoa baino lehen, Filosofia liburu baten "ekaia" izena ikusi genduan baina izen hori existitzen dan musika talde baten izena zala konturatu ginan. Beraz, WhatsAppeko taldetik "ekaia" izena bidali eban batek. Beste batek, "e" beharrean "u" jarteko esan eban eta ukaia geratu zan; baina izen "pro"agoa izateko "ck" ipintea ebatzi genduan. Atzenean, Uckaia.


Zein izan da gehien gustau jatzuen kontzertua orain arte?
A.I.: Nik konztertu bi daukadaz asko gustau jatazanak. Lehenengoa Areatzan jo genduana gaztetxean, hirukote lez, Agerrek Landerrek eta nik. Etxean barbakoa bat egin genduan, Erregenetako eguna izan zan, afaldu genduan beste taldeakaz batera eta kontzertua oso ondo urten jakun. Bigarrena, aurten Igorreko jaietan eskeini doguna oso "guapoa" izan da. Gainera, gure gustuko talde baten talde konbidaua izan ginan Sarkor taldearenak, Euskal Herri mailan oso ezaguna da Sarkor. Horrez gainera, guk euren abesti bat joten doguna lez, esan geuntsan abeslariari ea gugaz abesteko prest egoan eta poz eta jatortasun handiz baietz esan euskun; emon euskuen harrerea bikaina izan zan.
A.B.: Nik be bi daukadaz. Bata, gure lehenengo kontzertua, lehenengoa beti gogoan eukiko dodalako. Nire lehenengo aldia eszenaleku gainean izan zan eta igarten da. Jentea ikustea zure abestiak kantetan ikaragarrizko sensazinoa da. Bestea, Igorreko jaietakoa.
Lander Txabarri: Niri gehien gustau jatan kontzertua Igorreko jaietakoa izan da. Jente asko hurreratu zan kontzertua izan zalako. Lagunak eta abar behean ikustea zuri begira, entzuten, oso sensazino polita da.
Lander Elorriaga: Nik bakarrik kontzertu baten jo dot, azkenengo hilabetean sartu nazalako taldean; eta Igorrekoa izan da. Bakarra baina oso ondo egon zan. Esperientzia polita iruditu jatan.


Maketea aterako dozue. Zelango esperientzia da?
A.I.: Abesti dezente atera doguzanez, baita kamisetak be, udalak emondako diruagaz pentsau genduan maketea prestatutea, gure ilusinoa dalako. Abuztuaren 1ean Galdakaoko Hamarrecords estudiora joango gara. Bertan, ez dakigu zenbat denpora egongo garan. Jakin badakigu, sorpresaren bat egongo dana CDan. Hasikeran, hainbat abesti egin genduzan CD luzea egiteko esperantzeagaz baina azkenean sei abesti onenak, potenteenak, gure estiloan ondoen enkajetan dabenak aukeratu doguz. Orain preparetan gabiz topera, sekulako gogoagaz.
A.B.: Oraindino titulua ez daukagu finkatuta. Gura doguna egin da ohikoa ez dan zerbaist. Hainbat sorpresa egongo dira. Gainera, lehenengo aldia izango da estudio batera sartzean garana.


Zein motatako musikea egiten dozue?
L.T.: Gauza melodikoak eta metala konbinetan doguz. Beraz, egiten dogun musikea hardcore melodikoa da. Oso argi ez euki arren...
A.I.: Bakotxak ezaugarri bat dauka. Holan, bakotxaren ezaugarri berezia hartu, besteakaz konbinau eta gure estilo propioa sortu dogu.

2016/6/29

DURUNDI BARRI JANTZA TALDEA. 50 URTE Durundi Barri, mende erdia jantzan

1966ko San Inazio egunean Lemoan, herriko talde batek zortzikoa dantzatu eban. Haxe izan zan, Durundi Barri Dantza Taldearen lehenengo erakustaldia. 50 urte eta ehundaka emonaldi beranduago, taldeak bizirik dirau eta Lemoak bere lana errekonozidu gura deutso. Hori dala-eta, Durundi Barri Dantza Taldeak emongo deutse hasikerea Lemoako jaiai txupina botaz, eta San Inazio egunean, Joseba Etxebarria taldearen sortzaileetakoari omenaldia egingo deutso Lemoak.

 

Durundi Barriren 50. urteurren jaia urri bigarrenaren 1ean izango da. "Urteurrena San Inazio egunean da, baina egun horretan gauza asko dagozanez ospakizuna atzeratu egingo dogu lasaiago egoteko. Urri bigarrenaren 1ean belaunaldi guztietako jenteak egingo dau jantzan. Ensaioak egiten gabiz daborduko. Jantzan egin, bazkaria eta jantzaldia egongo dira egun horretan" dinoe antolakuntzakoak. Bazkaria herri guztiari zabalik egongo da eta ez da beharrezkoa Durundi Barrikoa izatea bertan parte hartzeako. Aurreko astean, jantza jantzien, antxinako argazkien eta musika tresnen erakusketak egingo ditue.
Jantza taldean gaur egun 25 ume eta gazte dagoz eta helduentzako ikastaroak be antolatuten ditue. Batez be Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako euskal jantza tradizionalak osotuten dabe errepertorioa eta Bizkaiko Dantzari Egunean eta, besteak beste, Basauri, Usansolo eta Arrigorriagako alardeetan hartzean dau parte Durundi Barrik. Janire Undurraga eta Maite Azkuenaga dira umeai jantzan erakusten deutseenak eta jente gitxi egon arren, aurrera egiteko asmoagaz jarraituten dabe.

Lehenengo pausuak
Arrasaten ikasle zala, euki eban Joseba Etxebarriak Lemoan jantza talde bat sortzeako idea. "Honen aurretik Arrasaten sortu genduan beste talde bat. Han, ezetu neban Kike, nire laguna, eta Kike eta biok arduratu ginan hango taldea aterateaz. Arrasatekoari Lore Gazteak izena ipini geuntsan. Jantzan hasi ginanean, Lemoara etorri nintzan eta taldea sortu neban. Lemoako taldeari izena ipini behar jakon eta ze izen ipini eta Durundi Barri ipini geuntsan, trumoi barria, soinu barria. Horregaitik daukaz lainoa eta tximista logoan".
Joseba Etxebarriak hainbat lagunegaz batera ipini eban martxan taldea eta bertan egon zan ezkondu eta Venezuelara joan arte. Hasikera hareetan, Francoren sasoian, jentearen laguntzeari esker konponduten ziran problema guztiak. Eta ez ziran gitxi.
1966ko saninazioetan lehenengoz jantza egin ebenean, 8-10 bat mutil eta beste horrenbeste neska ziran Durundi Barrin. Txistularia Moises Azkuenaga zan Joseba Etxebarriaren laguna, baina ez zanez Lemoakoa eta konpromiso asko eukazanez, ezin zan beti etorri. Arrasate eta Zumaiako txistulariai be deitzean eutsen Etxebarriak jaialdietara etorteko baina ez zan konponbidea. "Eta orduan zer egin neban? Ba neuk ikasi. Txistua jo eta jo ibili nintzan Lemoa aspertu arte, eta neu izan nintzan taldeko txistularia. Hori 18 urtegaz edo izan zan" dino Etxebarriak.
Entseguak Fletxa tailer zaharrean egiten ebezan. Gero Koralaren lokalera pasau ziran. Banderea Joseba Etxebarriaren izeko Lorek bordau eban. Alfaron monja egoan izeko Lore, eta ordainetan han jantzan egitea eskatu eban. "Autobusean joan ginan hara eta eroan nebazan 8 mutil eta 10 neska eta ni txistulari, iada txistua joten ikasita nengoan eta. Zahagi jantza egin behar zan. Eta ez nintzan konturatu, 8 jantzari eta zahagia eroaten ebana behar zirala. Eta nik txistua jo eta jantzan ezin neban egin. Orduan zer egin? Ba, han eleizearen aurrean egozan eskaileretan ipini nebazan neskak musikea kantetan, eta nik jantzan egin neban" ekarri dau gogora Etxebarriak.
Korpino guztiak Mila Aranak, Etxebarriaren koinateak, egin ebazala dino. Aitak makilak eta ezpatak egin ebazan, amak josi egiten eban. Umeen gurasoak ez ebela inoz kejarik izan erropak egin behar ziralako eta amak eta amamak egiten ebezan jostun lanak. Erropak egiteko fieltroak eta dindirriak Bilbon erosten ebezan Durundi Barrikoak. Horreek pagetako dirua Santa Ageda egunean kantetan edo antzerkia egiten lortzean eben.
Banderak zirala eta, arazotxo bat be euki eben behin. "Hor arazoa, Llona Lemoako alkateagaz izan genduan. Alkateak esan eustan gure banderearen puntan Espainiako banderearen lazoak ipini behar genduzala. 1967 urtea-edo izango zan. Nik ezetz esan neutsan, hori ezetz. Eta berak esaten eustan Euskadiko banderea geroiala. Eta nik: Non? Eta berak: dindirrietan. Nik: ez, guk dindirrietan gorria, berdea eta zidar kolorea daroaguz. Diskusino izugarria izan genduan eta azkenean esan neutsan, orduan ez bata eta ez bestea. Eta dindirri barik egin genduan jantzan".
Joseba Etxebarria 22 urtegaz ezkondu eta Venezuelara joan zan 5 urterako. Hemen Jose Mari Barragan eta beste batzuk geratu ziran taldearen arduradun legez.

1980-90 hamarkadetako loraldia
Durundi Barri taldetik jente asko pasau da. Akaso, urte gehien egin dauana Jose Mari Oyarzabal da; izan be 48 edo 49 urte egin dauz taldean. Umetan sartu zan taldean, hamar urte inguruko mutikoa zan orduan eta 1974-75 inguruan hasi zan ardurak hartzean.
Oyarzabalen ustez, taldeak nahiko eboluzino polita izan dau. 1980ko hamarkadan erakustaldiak Europan zehar egiten ibili ziran "1985ean Bulgariara joan ginan. Taldeak kalidade handia eukan. Ensaio asko egiten genduzan, astean bitan edo hirutan gitxienez". Lehenengo urtekerea Zeanurikoakaz Makeara izan zala dino Oyarzabalek, eta orduan hasi zirala Iparraldera eta hainbat lekutara joaten.
Bulgariarako biajeak ilusino handia sortu eban taldean. Hango jantzak ikasi eta hemengoak irakatsi ebezan. Handik hiru urtera, Austriara joan ziran. 1980ko hamarkadan, hiru nazinoarteko jaialdi be antolatu ebezan Durundi Barri taldekoak. Jugoslavia, Israel, Senegal eta mundu guztiko jantzariak etorri ziran orduan Lemoara. Atzerrira joateko dirua batzeako txosna bat ipini eben jaietan. "Behar asko egin genduan eta herria gugaz egon zan, ze gure txosnea beti beteta egoten zan".
Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko presidente be bada Jose Mari Oyarzabal Durundi Barriko presidentea. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean dagozan jantza taldeak urtero antolatuten dabe Bizkaiko Dantzari Eguna eta 1995ean Lemoako taldeak antolatu eban. Orduan 72 jantza talde batu ziran. "Sano ondo urten zan eta gure sekretua herriko alkarte guztiakaz kontetea izan zan". Arratiako jantza taldeak be egon ziran han eta Arratiako taldeakaz hartu-emonak beti onak izan dirala dino Oyarzabalek. Baita Arratia-Nerbioi eskualdeko taldeakaz be.
Durundi Barri jantza taldea aurrera aterateko familia osoak inplikau izan dira eta Oyarzabalen familia ez da salbuespena izan. Lehenengotik gurasoak, ezkondutakoan "andrea beti egon da nigaz. Gero semea jantzari izan da eta gaiteru...".
Holan, eta jente askoren lanari esker, Durundi Barrik, jantza tradizionala egiten jarraituten dau. Beti iturrietara joz. Jantzaren jatorrizko herriko jantza taldeagaz kontaktuan ipinten dira eurengandik ikasteko. Holan Larrain jantza ikasi ebenean berbarako, Lizarrako taldeagaz egon ziran eurekaz ensaietan, eurek egiten daben moduan egiteko eta holan manteniduteko.
Bizitzan momentu hobeak eta txarragoak dagoz eta oraingo momentua ez ei da onena, jente gitxi dagoalako taldean, baina Oyarzabalek ilusinoz beteta jarraituten dauala dino. Denporak eta ohiturak aldatu egiten dira eta gauzak asko aldatu dira mende erdian, baina gazte talde batek saninazioetan zortziko bat dantzatu eban, eta 50 urte beranduago, bizirik jarraituten dau Durundi Barri jantza taldeak.

2016/6/29

CRISTINA VIDAL "Masa-turismoaren kontrakoa da etxe trukea"

Etxeko erosotasun guztiakaz biajatzea gustatzen jakie batzuei. Munduko beste puntan etxea eukitea. Diru asko gastau barik hori egin ahal izateko etxeak trukatzen ditue. Cristina Vidal Areatzakoa Bilbon bizi da eta orain dala lau urte sistema hori erabilten animau zan. Bikotea eta ume bi dira eta etxe "sano handia" daukie Bilboko Zabalburun.
Etxe trukearen munduak jentea eta lekuak ezetuteko mila aukera emon deutsala dino Areatzakoak.


Munduko beste puntan bakarrik ez, hurrago be euki leiteke etxea, etxea trukatzeko sistema honegaz, ezta?
Bai. Guk etxeak hondartza ondoan eta eski-estazinoetan hartu doguz, Gabonak Madril eta Bartzelonan pasau doguz... Orain dala lau bat urte hasi ginan honetan eta 10 trukaketa inguru egin doguz eta inoz ez dogu esperientzia txarrik izan. Ondino ez dogu salto handia egin.


Eta zuenera urruneko jentea etorri da?
Aurtengo udan, gure etxean Irlandako jubiladu bikote bat egongo da hamar egunez.


Noz eta zelan egiten dozuez etxe trukaketak?
Etxe trukeak egiteko, horretarako dagoan webgune baten emon behar da izena. Trukea egin aurretik, etxe haretan egon diranak egiten dabezan balorazinoak irakurri daitekez eta hori lagungarria izaten da etxe hori edo beste bat aukeratzeko ebatzia hartzeako orduan.
Oporraldian egiten dira trukeok: udan, aste santuan, Gabonetan... Eta normalean umeak dituen familiak erabilten dabe biajetako modu hau.


Zergaitik?
Askoz ekipaje gitxiago eroan behar dalako. Ez dago zertan bizikletarik edo jostailurik eroan, esate baterako. Gainera, balio hezitzailea dauka etxe trukeak. Umeak gauzak zaintzen ikasten dabe, ze eurek badakie ez dagozala euren etxean eta hango gauzak zaindu behar dabezala. Gauzak konpartiduten be ikasten dabe: euren bizikletak eta jostailuak, euren gauzarik preziaduenak beste ba- tzuei ixten ikasten dabe. Gainera jente zoragarri asko ezetuten da eta eurakaz kontaktua manteniduten dogu askotan.


Esperientzia txarrik izan dozue?
Orain arte ez. Orain arte, bentajea baino ez dogu topau. Eta sano jente detailezaleakaz egin dogu topo. Etxean sartu eta otzara bat topau afarirako produktuakaz, edo jai egun baten ailegau eta hozkailua beteta...
Guk etxean inguruetako mapa bat ixten dogu eta guri gehien gustetan jakuzan lekuen informazinoa: zer bisitau, non jan, umeakaz nora joan eta abar, gurera datorrena bere etxean sentidu daiten.


Asko zarie holan ibilten zarienok?
Bai. Igaz gurean egon zan Gironako familia bat Asturias, Kantabria eta Euskal Herria bisitetan egoana. Hiru egun geratu ziran eta joan aurretik WhatsApp talde bat eukiela komentau euskuen. Etxe trukeak egiten ebezan lagun talde batek hasi eban WhatsApp taldea eta gaur egun 200 familia dira. Taldeak 6 kudeatzaile ditu eta oso ondo funtzionetan dau. Zati bitan dago, ze WhatsAppeko taldeen topea 100 lagun dira. Bertara zeure etxea eskeini edo trukea eskatzeko bakarrik idatzi daiteke goizeko 10:00etatik 22:00etara arte. Familia guztiak errespetu handiz jokatzen dabe.
Masa-turismoaren kontrakoa da hau. Lekua, hango biztanlea bazina lez ezetuteko aukerea daukazu, anfitrioi baten etxean lo egin eta gura izan ezkero, bere aholkuak jarraitu. Etxe trukaketea filosofia bat da esperientzia jatorragoa izateko bidaiarien arteko hartu-emonetan oinarritzen dana.

2016/6/15

HARRITI GIZA PROBA TALDEA Harriti, Arratiako neskak osotutako giza proba taldea

Harriti taldea ondoko kirolariak osotuten dabe: Esti Olibares Azurmendik, Janire Campo Aranburuk, Ariane Landa Manzarragak, Nagore Dominguez Martinez de Mendibilek, Laura del Olmo Urkiagak, Laura Ortizek, Emma Aguilar Jauregik, Ane Itxaso Elexpuru Uriartek, Beatriz Manchado Tamayok, Eider Gorostiaga Ajuriagoikoak eta Arantza Aldekoa Zelaiak. Honeek giza probak egiten ditue, 500 kiloko harriak eroan behar ditue 15-20 minutuko denpora tartean. Ahalik eta untze gehien egitea da helburua. Hau da, lehenengo marra eta azkena markatuta dagoz eta azkenengo marraraino heldu behar dira ahalik eta gehienetan.
Arkaitz Arana zeanuriztarra da euren entrenatzailea.

Rakel Aldekoa Diez

 

Noz sortu zan Harriti eta zergaitik?
Arkaitz Arana: Orain dala urte bi sortu zan, martiaren inguruan. Gure Esku Dagoko ekimenaren barruan egon zan eta bertan, gogoa euki genduan Zeanuri eta Gipuzkoako beste herri baten andra proben norgehiagokea egiteko, beraz, Irati Astondoa eta biok alkartu ginan eta talde bi sortu ziran bat hemen eta bestea han. Holan hasi zan dana. Gero, sanisidroak etorri ziran eta hemengo taldeak aurrera jarraitzea pentsau eban, eta gaur arte holan gabilz.


Zelan entrenetan dozue eta non?
Esti Olibares: Zeanurin entrenetan dogu astean baten edo birritan.


Orain arte egindako erakustaldi eta norgehiagoketan, zeintzuk gogoratzen dozuez modu berezian?
Ariane Landa: Euki genduan lehenengo txapelketea Villabonan izan zan. Pentsau genduan azkenak geratuko ginala baina azkenean, lau taldetatik hirugarren egin genduan eta pozik amaitu genduan eta horrek motibau egin ginduzan. Beste behin ostera, sano txapelketa formala geunkan eta pentsau genduan bazkaldu barik joatea, pisu gitxiago emoteko... Hara heldutakoan beste ekipokoak kaltzetinak kentzean, kamisetea kentzean eta abar hasi ziran. Orduan geuk be kendu genduzan erropak, baina hata guzti be, pisutik pasau ginan, jan barik egon arren.


Zer espero dozue kirol honetatik? Hau da, hamar urte barru, esaterako.
Arkaitz Arana: Ona izango litzateke neska talde gehiago egotea eta ofizialtasuna izatea txapelketa moduan Euskadi mailan. Eta ondo egongo litzateke, hamar urte baino arinago, txapela Arratiara ekartea.


Kirolak berak badauka etorkizunik? Zergaitik?
Laura del Olmo: Kirol hau lehenagotik dator eta ikusteko polita da. Gainera, oso ondo pasetan dogu. Momentuz, Euskal Herritik hasiko gara jirea egiten, txapela irabaziko dogu eta gero Europatik mobiduten hasiko gara.


Zenbat talde dagoz Euskal Herrian? Federauta zagoze?
Janire Campo: Oraintxe bertan hiru talde dagoz: Emarri, Mendaro eta Harriti. Federazinoan ez dago ekiporik federatuta. Gerora begira, federauko bagina, txapelketea egin ahalko geunke.
Ez dago maila desbardinik. Ekipoko jentearen artean berba egiten dogu eta akordio batera heltzean gara: ez-dakit-ze-egunetan lehiaketea egingo dogu edo erakustaldia egingo dogu ez-dakit-zein-ekipok. Holan antolatuten gara.


Zeintzuk dira zuen hurrengo zitak?
Ane Itxaso Elexpuru: Momentuz zita bi daukaguz: bata, bagilaren 25ean, Lukianon. Gaubeko erakustaldi bat izango da, eta  xelebrea izango dala iruditzen jata. Bestea, garagarrilaren 23an, Astigarragan, Andra proben Topagunean. Baina badaukaguz pendiente beste zita batzuk, ondino seguruak ez diran arren.
Udagoienean, ate irekien egun bat egiteko asmoa daukagu, gura daben Arratiako neska guztiak probau dagien kirol hau. Ea ekipoa handituten dogun!

2016/6/13

ARRATIA ERREKEA Laminarik ez Arratia errekan

Gure haranari izena eta izana emon arren, eta eguneroko paisajeko elementu nagusietako bat bada be, Arratia errekea sarritan gure artetik ikustezin pasetan da.

 

Alvaro Rabelli

 

Bertoko kondaira batek dino bagileko San Joan eguneko goizean bendeikatutako zekor gazte bigaz errekatik goldea pasau ei ebela bertan bizi ziran lamina guztiak desagertuarazoteko. Harrezkero, izena -eta izana- emoten deuskuen uretan ez dago laminarik. Egia dan ala ez dan, sartu gaiezala kalabazan. Kontua da bai Arratia errekeak, bai bere urak loditzen dabezan dozenaka errekatxok eraso bat baino gehiago jasan izan eta jasaten segiduten dabela uragaz, errekakaz daukagun hartuemon eskasa eta kontzientziazino txarra dala eta, ondino lar eskasa egiten dan kontzientziazino beharrerako. Gure ingurumeneko ardatz nagusia izan beharko leukenak gitxitan jasoten dau atentzinorik, eta lortzean dauanean, eztabaidarako izaten da, Areatzan eginiko beharrakaz suertau zan moduan.
Arratia errekea, eta bere adartxoak, eskualde honen zanak dira, mendirik altuenetatik bizia zabaltzen daben zan modukoak. Arratia errekeak Zeanuriko Arrabapen, hau da, Aldamin, Arraba eta Itxina azpian sortzean diran iturrietan dauka jatorria. Gorbeia iparraldeko urak drainatzen ditu. Iturri horreetatik datozan Arbineta, Atxondo, Legorrandi, Ugunaga eta Sagarragabieta izeneko errekatxoak bat egiten dabe Zeanuriko Lanbreabe auzoan eta iparralderantza abiatzen da Arratia izenagaz. Hogeita bost kilometro beteten ditu Lemoan Ibaizabal errekeagaz bat egiteraino. Zeanuri, Areatza eta Arteako bestelako errekatxoetatik urak jaso eta gero, Igorren Dimatik datorren Indusi errekearen urak hartzean ditu. Indusi da erreka honen adar nagusia. Arratia errekeak eskualdeko ibar nagusia eratzen dau, eta badauka beste berezitasun bat, euki be; Arabako urak, Zadorraren sistemakoak be jasoten ditu Zeanuriko Barazarreko zentralean, Undurragako urtegian Arratia errekearenakaz batzean diranak.
Eta urak ura dauka ilusino, dino beste esaera zahar batek. Arratia errekeak be itsaso izateagaz amesten dau, eta harainoko bidean, bihurgunez bihurgune, sigi-saga, uraren polpol lasaigarriari gerizpe egiten deutsie ingurumenerako hain beharrezkoak diran ibaiertzeko zugatzak. Urkiak (Betula celtiberica), haltzak (Alnus glutinosa), saratsak (Salix), zumarrak (Populus nigra), lexarrak (Fraxinus), hurrondoak (Corylus avellana), ereinotzak (Laurus), intsusak (Sambucus) eta beste landara askok ertzetako baso atlantiarra osotuten dabe. Zugatzok ezinbestekoak dira errekearen egoera ekologikoari eusteko, izan be, ura fresko gordetan dabe arrainak bizi daitezan, uroldeen kalteak gitxituten dabez, ertzetako lurren higadurea eta munurrutuak ebitetan dabez, eta hamaika arrain, narrasti, hegazti, anfibio eta bisoi europarra lako ugaztunen berezko habitat-a da.

Urak dakarrena, urak daroa
Eta gure errekea oroimena be bada, memoria, gure lurrarena, historiarena, gizartearena. Preguntau, eta berak esango deutsu hango harri baten gainean baegoala lamina bat, goizero ule urrekarak orrazten zituana; eta bidea ahiztu jakon harrizko zubi zahar baten izena be emongo deutsu; eta hango baserriarena; eta horko errotearena; eta hemengo burdinolarena; eta beharbada bainuetxe eta fabrika askoren izenak be emongo deutsuz. Eta seguru, atzera be preguntau ezkero, Arratiako tranbiaren azken unidadearen sekretua be kontauko deutsu.

Noiztik hona ez doguz umeak errekan bainetan ikusi?
Baina, Arratia errekearen arazoak larriak dira, bai eta Lemoa eta Bediatik igarotzen dan Ibaizabalenak be, Bizkaiko erreka guztienak lakoxeak. Mendeetan bere urak eta inguruko lurrak aprobetxau izan doguz soloak zabaltzeko, herriak eregiteko, errota, burdinola eta hidroelektrikai indarra emoteko. Lekua kendu izan deutsagu fabrikak altzetako, kamino azpian ostendu izan dogu, ubide motz bihurtu dogu eta estolda hutsa izan da ur zikinetarako.
Arratia errekearen arazoak jaio bezain pronto hasten dira, bere iturri inguruko basoetan hain zuzen be. Konifera basoak ia suntsitu dau jatorrizko basoa, eta basoko lanak eurak iturri horreek askotan kaltetzen dabez. Gainera, Arratiaren urak eta bere adar batzuenak atoan topo egiten dabe hidroelektriken urtegiakaz (Iondogorta, Barazar, Undurraga...), arrain eta animalia askorentzat gaindiezinak dira zementozko hormatzarrakaz, eta etenbako arriskua beherago dagozan herrientzat. Urtegiok errekearen emari naturala be aldatzen dabe, ur horreetan bizia gatx eginaz. Eurak dira zebra muskuilu inbaditzailea (Dreissena polymorpha) hedatzearen errudunak. Herrietara hurreratu ahala gauzak ez dira hobetzen, urteetako industrializazinoak eta garapen urbanoak leku askotan ertzetako desforestazinoa ekarri dau, errekearen berezko ubidea zementozko horma estuen artean doa leku baten baino gehiagotan, errekea bera ikustezin bihurtuz eta uriola arriskua handituz. Industrialdeak pasata, zugatzen adarretatik zintzilik dagozan plastiko puska tristeak errekearen benetako egoeraz berba egiten deuskue. Eta amaitzeko, Lemoan, bokalea, presa baten hustubide hutsa baino ez dana, Ibaizabalgazko hartuemon naturalak ezinezko egiten dituana. Duintasun gitxi parke natural baten jaiotzen ei dan erreka batentzat, esango geunke.

Gure erreketan egindako lehengoratze lanak estetikatik asko daukie
Zerbaist egin da, ura garbitzeko saneamentu sarea zabaldu da eta Areatzan, esaterako, URA erakunde publikoak errekearen egoera hobetzearren egindako interbentzinoa handia izan da, 1’7 miloeko kostuagaz. Horreri ez jako polemikarik falta izan, izan be, askok interbentzino estetikoa baino ez dala izan argudiatu dabe. Baina argi dagoana da oraingoz ez daukagula plan osorik Arratia errekarako, bere balio ekologiko, kultural eta ekonomikoa jagoteko.

2016/5/31

EVA PEREZ-PONS ANDRADE "Barren politikoa daukiezan liburuak dodaz gustuko"

Eva Perez-Ponsek sari bi jaso dauz V. Lemoako Narrazino Lehiaketan: bigarren saria eta Lemoako egile baten lanik onenari saria. Arraibi auzokoa da eta hemeretzi urte ditu. Arraibikoak, industria elektronika eta automatikako ingenieritzako ikaslea da EHUn, Klitto! blog feministan kolaborazinoak egiten ditu eta argazkigintzea da bere zaletasunetako bat. Literatura eta Lemoa berbagai hartuta, "Katarsia zu" narrazinoaren egileak bere eretxiak eta kezkak konpartidu dauz begitugaz.

 

Zelangoa da Eva Perez-Pons Andrade?
Ikaragarri lotsatia naz, ez naz bape berbatia, baina aktiboa eta baikorra, bai. Txantxak egitea, lasaitasuna, irakurtea, lagunakaz ibiltea eta parrandan urtetea... asko gustetan jata.

 
Lemoako aurtengo Narrazino Lehiaketan sari bi jaso dozuz "Katarsia zu" lanagaitik. Zelan jaso zenduan barria?
Ba, ez dot aurretik literatura saririk jaso eta egia esan sorpresa bikotxa izan da espero ez nebalako. Gainera Estik (Esti Carracedo, Lemoako Kultura Teknikaria) irabazi nebala abisetako mezua bialdu eustanean unibersidadeko lan bat egiten nenbilen, nahiko estresauta eta eguna poztu eustan.


Zergaitik aurkeztu zinan lehiaketa honetara? Lehenengo aldia izan da ala aurreko edizinoetan be hartu dozu parte?
Igaz izan neban lehenengo aldiz lehiaketearen barri ata aurkeztu nintzan. Irakurtea sano gogoko dot eta gura neban probau ea irakurlearen lekuaz gainera idazlearen lekua hartzeako ausardia edo gaitasuna neukan. Igazko narrazinoa egitea asko kostau jatan nire burutik papelera istorio bat botaten neban lehen aldia zalako, aurten askoz be eroangarriago egin jata.


Narrazinoa lehendik eginda zeunkan ala lehiaketarako beren-beregi sortutakoa da?
Udan narrazino txiki bat hasi neban baina erdizka itxi neban. Lehiaketara aurkeztu dodana narrazino horren jarraipena izan daitekean zati bat da, idea eta testuaren erritmoa buruan neukazan baina egituratu barik eta aurkezteko epea urten zanean berehala idatzi neban. Azkenean, landu dodazan gaiak erabat errealak dira eta literaturaz baliatu naz gizarteari kritika bat egiteko.


Ze leku dauka literatureak zeure bizitzan? Ze literatura mota gustetan jatzu? Zeintzuk dira gehien gustetan jatzuzan egileak?
Denpora asko emoten dot irakurten batez be teoria feministea, Federici, Wittig eta Butler bereziki gogoko dodaz, gai diferenteak landuten dabezalako eta hausnartu arazoten deustelako. Eta hori da liburu on batek egin behar dauana. Teoriaz gainera, barren politikoa daukiezan liburuak gustuko dodaz, Danele Sarriugarteren Erraiak edo Joan Mari Irigoienen Ipuin batean bezala adibidez, asko gustau jatazan irakurri nebazanean. Virginia Woolfen Orlando eta Uxue Apaolazaren Bueltak daukadaz pendiente uda honetarako.


Zelan sortu jatzun literaturaren "harra"? Irakasle batek biztu eban zaletasun hori? Etxeko giroak? Bakarrik egindako aurkikuntza bat izan da?
Beti izan dot gustuko irakurtea, baina 15 edo 16 urtegaz dana zalantzan ipinten hasi nintzan eta jakinminak literaturara eroan ninduan. Zeozelan, normatibidadetik iges egiteko euskarri izan dodaz liburuak, bestelako gizarte eredu bat eregitea posible dogula sinisteko tresna izan dira.
Hezkuntzatik literatura sustatzeko dauan metodologia guztiz txarra dala uste dot. Alde batetik, ikasten diran egile gehienak gizonezkoak diralako eta horrek asko baldintzatzen dau etorkizunerako norbanakoaren hautua, baina bueno, hori literaturan, politikan, filosofian, zientzian eta bizitzako arlo guztietan gertatzen da, eta ez da izango andrarik egon ez dalako. Eta bestetik, liburuak norberak aukeratu behar dauzala uste dot, irakasleak aukeratzen dauan liburu guztiz aspergarria irakurtera behartuta sentiduten bazara, literatureagazko daukazun interesa pixkanaka txikitzen joango da. Nik adibidez ez neukazan bape gogoko misterio liburuak eta agintzen euskuezan gehienak holakoak ziran.


Argazkigintzea be gustuko dozu, ezta? Zeintzuk dira hartzean dozuzan gaiak?
Bai, argazkiak momentuak eta sentimentuak heldu arazoten deuskuez eta sano gustuko dodaz begiradan, gorputzan eta naturan zentretan diran horreek. Naturak ixten deuskuzan gauza txikiak harrapetan saiatzen naz benetan daukien garrantzia erakusteko.


Klitto! Euskerazko blog feministan be kolaborazinoak egiten dozuz. Zelan ikusten dozu Lemoako egoerea feminismoaren aldetik?
Klitto!n kolaborazinoak egiteko aukerea emon eusten eta oso gustura hartu neban. Gizarte heteropatriarkal baten bizi garan neurrian, zapalkuntzak egunero pairatzen doguz leku guztietan, bai kalean, bai militantzian, bai etxean eta behin betaurreko moreak jartzen dozuzanean, egoera horreek detektau eta konpontzen saiatzea besterik ez jatzu geratzen. Eta honek bizitza zeharo aldatzen deutsu. Lemoan ez dago talde feministarik eta herriarentzat taldea oso onuragarria izango litzateke beharrezkoa dan ikuspuntu feminista hori garatu, sustatu eta indarkeria egoerak ekiditeko, eta behar danean erantzun feminista kolektiboa emoteko indar gehiago eukiteko. Gainera, andra desbardinen arteko loturak indartzeko eta talde kontzientzia hartzeako aukera parebakoa izango litzateke. Oin Arratiako Jabekuntza Eskolea martxan dala, akaso talderen bat sortuko da!


Gazte izateko herri ona da Lemoa? Zeintzuk dira daukazuezan aukerak? Zer egiten dozue zapatu-domeketan Lemoako gazteok?
Egia esan, ez naz Lemoatik asko ibilten Zornotzan ikasi nebalako eta kuadrilea hangoa dalako, baina txitean-pitean ahizteagaz edo pare bat lagunegaz Lemoatik ibiltea gustuko dot, lasai-lasai kafe edo kainaren bat hartu, buelta bat emon... Gainera udaletik berbaldi sano interesgarriak antolatuten dabez, baten bat aitatzearren, bereziki gustau jatazan urrietan etxebizitzaren inguruan antolatu ebezan jardunaldiak. Eta Lemoako jaiak dagozan jairik onenak dirala uste dot!


Zeintzuk dira zure proiektuak?
Ikasketak amaitu ostean denporalditxo batez Bartzelonara joan gurako neuke, gune autogestionatuen burujabetza energetikoan jardun, eta jakintza eta zaintza modu kolektiboan partekatzeko.

2016/5/31

LEMOATXEKO BATAILEA 1937

Maiatzaren 21ean denporeak atzera egin eban Lemoan, 2016tik 1937ra gerra denporara, hain zuzen be. Memoria berreskuratzeko sortutako Estaduko hamaika alkartek informazinoa emon eta antzezpena egin eben goizean Arlonagusia plazan antolatutako museo bizian, eta arrastian Lemoatxeko batailearen errekreazinoan. Giro guztiz ludikoan, 1937ko bagilaren 2an eta 3an Lemoatxen bizi izandakoa irudikatu ahal izan eben bertaratutakoak. Ikusi eta ikasitakoa ez ahaztuteko.
Errekreazinoa amaituta, Aranzadik Lemoatxen topautako hiru gudariren hazurrak ikusteko aukerea egon zan, ha dana benetan gertatu zala gogora ekarriz.

2016/5/16

ERREFUJIADUAK Arratia errefujiaduentzat "babes herria" izatea gura dau errefujiaduen aldeko Arratiako plataformeak

Gerra eta miseriatik alde egiten dabizanakaz Europar Batasunaren jokaerea ikusita, Europako beste leku askotan legez, Arratian be jentea antolatu egin da gobernuai mugak zabaltzeko eta etorkin, errefujiadu eta gerra egoera sufriduten daben munduko biztanle guztien eskubideak bermatzeko salbuespen barik exijiduteko. Hori dala eta, Arratiako Ongi etorri errefuxiatuak herritarren plataformeak, Arratia mailan zein herrietan, hainbat ekimen antolatu ditu, errefujiaduentzako Arratia babes herria izan daiten.

 

Herritarrak inpliketako helburuagaz, plataformakoak martxea antolatu dabe hilaren 28rako. Hiru adar izango diru martxeak; Zeanuri, Lemoa eta Dimatik abiatuta, Igorren amaituko da. Zeanuritik 10:00etan urtengo dira, Lemoatik eta Dimatik, barriz, 12:00etan Igorrera 13:00etan ailegetako. Zaratatsua eta teatralizaua izango da martxea eta partaideak, errefujiaduen moduan, ume eta maletakaz egingo dabe bidea. Igorrera heldutakoan, danak batuta, aldarrikapenak modu teatralizauan egingo dabez oihu eta koruaren erantzunakaz. Maiatzaren 28ko martxara deitzeako, plataformakoak bideo bat grabetan dagoz, gero sare sozialetan ipiniko dana.
Baina injustizia honegaz amaituteko, jentea sensibilizateaz gainera neurri zehatzak be hartu behar dirala eretxita, udalerri bakotxean dagozan baliabideen inbentarioa be eskatuko deutsee arratiarrak udal ordezkariai, baita erantzun eraginkorra emoteko konpromisoa be. Horixe da udaletan aurkeztuko daben mozinoan eskatzen dan gauzetako bat. Izan be, errefujiaduak ondo hartzeako ezinbestekoa da jakitea zeintzuk diran Arratiak dituan baliabideak.

Europak hartutako jarkerea legez kanpokoa
Pobreziatik eta gerratik igesean doazen personen aurrean Europar Batasunak emondako erantzuna, bidebakoa eta insolidarioa izateaz gainera, legez kanpokoa be badala ekarri dau gogora Arratiako Ongi etorri errefuxiatuak herritar plataformeak udaletan aurkeztu dauan mozinoak. Hor azaldutakoaren arabera, hiru konpromisotan egin dau huts Europak: alkartasunaren konpromisoan, erantzukizunaren konpromisoan eta legezkotasunaren konpromisoan.
Alkartasunaren konpromisoak esan gura dau, gerratik igesean larrialdi, preminazkotasun eta sufrimentuzko muturreko egoeran dagozanai laguntza emotea, berehala eta ezelango atzerapenik barik. Eta ateak zarratu ditu Europak laguntasunik ez emoteko.
Erantzukizunaren konpromisoa be ez dau bete EBk, Europakoa izateak persona guztien giza eskubideak eta duintasuna babesteko erantzukizuna gure gain hartzea dakar eta. Atzenik, legezkotasunaren konpromisoa be urratu dau Europar Batasunak. Izan be, Europak derrigorrez bete behar ditu Nazinoarteko Zuzenbidea, 1951. urteko Genevako Konbentzinoa, Giza Eskubideen Adierazpenaren 14. artikulua, eta Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 18. artikulua.
Arratian aurkeztuko daben mozinoak, Europar Batasunak eta Turkiak egindako akordioa arbuiatzen ditu eta personak eta giza eskubideak lehenesten dauan asilo eta migrazino politika barri bat eskatzen dau. Mozinoa onartuten daben udalak, EAEko erakundeakaz lankidetzan, persona errefujiadu, migratzaile eta asilo eskatzaileai harrera egiteko konpromisoa hartuko dabe, eta horretarako "udal gisa, eskuragarri daukaguzan baliabideen inbentarioa egiteko konpromisoa hartzean dogu (epe laburrera), besteak beste, etxebizitza baliabideak, baliabide ekonomikoak eta bestelakoak, azaldutako krisialdi humanitarioari erantzun eraginkorra emoteko". Gainera, gertaera xenofoboak arbuiatzea, sensibilizazino ekintzetan parte hartutea eta harrera herrien sareagaz bat eginda Arratia Babes Herria izentatzea eskatzen dabe.

Herriz herriko ekimenak
Arratia mailan edo herri guztietan egingo diran ekimenaz gainera, herri bakotxean beste ekitaldi batzuk antolatu ditue. Holan, Area- tzan, Karpoko jaietan, maiatzaren 7 eta 8an, informazinoa emon eta materiala saldu eben. "Errefuxiatuen txokoa" ipini eben zapatuan, eta mahaitxoa domekako ganadu azokan. Igorren, hilaren 20an, 18:00etatik aurrera Rugbyko tabernaren ondoan jaima bat ipini eta batzarra egingo dabe bertan 19:00etan. Hilaren 28an martxearen osteko ekitaldia be Igorren izango da.
Lemoan be, hainbat ekitaldi egin dabez. Maiatzaren 10ean, eskolako ikasleak, azokea, pintxoak, bildutako materialen salmentea, Harrotxugaz photocall-a eta jolasak antolatu ebezan errefujiaduen- tzako dirua lortzeako. Guztira 1.287 euro jaso ebezan eta dirua Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat da. Kopuru horren barruan, aurreko astegoienean, eleizaren inguruko jenteak eskulanen salmenteagaz jasotako diru bat be baegoan. Berbaldia be antolatu eben Karabie Gaztetxean. Izan be, maiatzaren 13an, Komite Internazionalistetako Mertxe Gomezek "Inperialismoa, errefujiaduak sortzeako makinea" izeneko berbaldia emon eban.
Zeanurin, Ongi etorri errefuxiatuak plataformakoak, San Isidro Eguna aprobetxau eben jentea sensibilizetako, postu bi ipini ebezan eta postuetako baten informazinoa emon eta materiala saldu eben.
Ipinitako beste postuan jenteak etxean egindako pintxoak saldu ebezan. "Helburua jentea mobilizetea zan" dinoe Zeanurikoak. Holan lortutako dirua Intxaurrondoko Gastronomi Elkartearen Zaporeak solidario proiekturako da. Alkarte honek Greziako Chios-en behar egiten daben GKEakaz egiten dau behar.

2016/5/16

THE JELOSKORS The Jeloskors taldeak udako lehenengo kontzertua eskeiniko dau bagilaren 17an, Igorren

Maketea grabau barri dabe Bilboko Haceria Aretoan Arratiako The Jeloskors taldekoak. Orain arte denpora bat geldirik egon arren uda heltzeako gogo handiagaz dagoz, hala nola, kontzertu barriak eskeintzeko eta eszenatokiaren bestaldean dagozan entzuleai euren lana ezetutera emoteko. Momentuz, kontzertu bat besterik ez dabe agendan baina ziur dagoz denporearen joanean gehiago eskeiniko deutseezela.

 

Rakel Aldekoa Diez

 

Zer dala-eta pentsau zenduen taldea sortzea?
Oier Barrenetxea: Juerga baten kontzertu bat ikusten gengozan bitartean, hasi ginan berotuten, gustetan jakula musikea eta abar, eta gustauko jakula jotea holango jairen baten. Holan hasi zan dana.
Iñaki Lejarreta: Hasikera baten nik gitarrea joten neban. Gero, Oier be hasi zan gitarrearen harragaz eta horregaitik, gitarra bat erosi eban 30 euro pagauta. Beraz gu biok hasi ginan Oier Katxoren garajean eta gero Mikel Zarrabe be animau zan joten eta atzenean hasi ginan talde moduan ensaietan. Gero, Oier bajua joten hasi zan eta gaur arte. Gaur egun, Iñaki Lejarretak eta Mikel Zarrabek joten dabe gitarrea, Oier Barrenetxeak bajua jo eta abestu egiten dau eta Oier Katxok bateria joten dau. Gero Igorren dagozan lokaletan hasi ginan ensaiatzen. Hasikera baten, beste abeslari bategaz baina gero itxi behar izan eban eta Oier jarri zan abesten.


Nondik dator taldearen izena?
Mikel Zarrabe: Izen barik hasi ginan ensaiatzen, baina denporea aurrera joan ahala zerrenda luze bat egin genduan eta hortik atera zan gaur egun daukagun izena. Oier Barrenetxeak bota eban.
O.B.: Hasikeran, brometan izan zan, baina gero gustetan hasi jakun.
I.L.: Aurrerago Celoso esan genduan baina ez euskun hainbeste konbenziduten. Izenak ingelesezko zeozer eroan behar ebala pentsetan gendualako. Beraz, atzenean The Jeloskors izena hartu genduan.
Oier Katxo: Izena aukeratzea sano gatxa da.


Non gustauko litxakizue jotea?
O.B.: Niri asko erakarten nau Mondragonek. Arkada Social taldekoak bertakoak dira eta gehienbat guri gustetan jakun estiloa be bertakoa dalako.
I.L.: Niri lekua ez jata ardura, edozein lekutan joko neuke gustura. Bizkaian, Gipuzkoan...
O.K.: Lekua baino nire ustez garrantzitsuagoa da jentea begira eukitea, presente. Kontzertuetara joatea. Izan be, Bilbon jo genduan kontzertu bat baina ez jakun ia inor etorri. Giroa sortzea beharrezkoa dala iruditzen jata.
M.Z.: Atzen baten, guk gura doguna jotea da. Ez daukagu ezelango pegarik deitzean deuskuen lekutik deitzean deuskuela. Hara joan eta joteko prest egongo gara beti.


Zein motatako musikea egiten dozue?
M.Z.: Egiten dogun musikea punk-rock barruan dago baina gure kasuan, bateriak indar handiagoa dauka.
O.K.: Influentzia asko daukaguz; esate baterako, Arkada Social, Los de Marras, Kruders holango roiloa gustetan jaku batez be; baina gure bereizgarrietako bat da, hardcore estiloa emoten deutsegula abestiai bateriaren bidez. Estilo indartsua da gurea.
I.L.: Oier Katxori asko gustetan jako heavy metala. Baterian toke desbardin bat daukagu ohiko punk musikatik bereizten gaituana.


Dagoeneko maketea aurkeztu dozue. Zelan joan da dana?
O.B.: Oso esperientzia aberasgarria izan zan. Asko disfrutau eta ikasi genduan, dana barria zan eta. Maketearen aurkezpena Igorreko Herriko Tabernan izan zan eta bertan jaso genduan harrerea apartekoa izan zan.
I.L.: Urri lehenengoan amaitu genduan dana, Bilbon. Iñigo Olabarrik nahasketak egin ebazan eta gero maketearen kopiak egin genduzan. Gainera, Iñigo Olabarrik egin dauan beharra aitatzekoa da. Lasaitasun handia transmitidu deusku momentu guztietan. Emoitzea asko hobetu da berari esker. Maketea amaitu eta egun berean diskoaren aurkezpena izan zan, zemendian. Nire ustez, orain arte egin dogun kontzerturik onena izan zan. Gainera, jente piloa hurreratu zan.
O.B.: Gainera, beti jakin izan dau zer gura dogun eta zelan. Guretzat oso garrantzitsua izan da.
M.Z.: Horrez gain, idea piloa eskeini deusku, hemen hau sartu ahal dozue, beste hau hemen...


Zertan oinarritzen zarie letrak idazterako orduan?
O.B.: Letrak nik egiten dodaz. Batzuetan, kalean esaten ez dozuzan gauzak, adibidez, kanten bitartez esan ahal dodaz. Historiak buruan eukiten dodaz. Apuntetan dodaz parte batzuk eta amaieran, formea emoten ahaleginduten naz abestiai. Batzuetan, ez dau zeozer adierazoten, ez da mensaje zuzena, batzuetan historia bat kontatzeagaz nahikoa izaten da.


Zenbat kontzertu espero dozuez?
M.Z.: Azkenaldian, apur bat geldituta egon gara ikasketai, lanari eta abarreri denpora gehiago eskeini deutsagulako. Udan espero dogu kontzertu batzuk izatea. Adibidez udako lehenengo kon- tzertua Igorreko jaietan izango da, bagilaren 17an, hain zuzen be, Habeas Corpus taldeagaz batera.
O.B.: Gogo handia daukagu denporatxo bat daroagulako jo barik eta uda hau heltzeako gogoz egon gara kontzertuak joteko eta batez be disfrutetako.
I.L.: Facebookean ere gure orrialdea daukagu, maketa osoa be Youtuben entzungai dago, beraz, animetan zaituet entzun daizuen. Gure telefonoa be bertan dago eta nonok deitu gura badau...


Zer transmitiduten deutsue The Jeloskorsen joteak?
M.Z.: Guretzat garrantzitsuena ondo pasetea da. Hau guztiau hobbie bat dalako.
I.L.: Eskape modura be erabili geinke errutinatik urteteko, deskonektetako. Atzenean, errutina, ikasketa, eta abarretatik deskonek- tetako. Apur bat ensaiau, tragu batzuk hartu lagunakaz, buruak be eskertzen dau.
O.B.: Pentsetan doguna adierazotea, kontakizunak kontetea, sentimentuak, eta abar. La ostia da rock izar baten moduan sentitzea ordu bete inguruan. 


2016/5/2

ZEINKE TALDEA Zortzi abestik osotzen dabe Zeinke taldearen Sormena, kemena azken diskoa

Jokin Uriarte (gitarrea, abotsa), Pablo Ruiz (bajua, koroak) eta Mikel Muesas (bateria) Zeinke taldeko kideak gogotsu dagoz zuzenekoetan egurra emoteko. Euren ibilbideko lehenengo estudioko diskoa kaleratu dabe eta hustu diranaren sensazinoa daukiela dinoe arratiarrak. Maiatzaren 21ean egingo dabe diskoaren aurkezpena Karabie Gaztetxean (Lemoan). Ordutik aurrera beste hainbat kontzertu eskeiniko dabez: maiatzaren 7an Usasolon, bagilearen 25ean Bedian eta garagarrilaren 24an, Zornotzan, berbarako.

 

Rakel Aldekoa Diez

 

Zein izan da zuon ibilbidea?
Jokin Uriarte: Zeinke 2014 urteko urte hasikeran hasi zan. Izan be, Bidean Galduta izeneko proiektu zaharra 2013ko udabarrian amaitu zan eta bertan bat egin genduan Mikelek (bateria) eta biok. Udabarri eta uda luze baten ostean Bidean Galduta jada itxita geunkan. Nik abesti batzuk neukazanez, barriro be geratzea ebatzi genduan. Zornotzan hasi ginan ensaioak egiten eta gero Pablo Ruizeri deitu geuntsan. Beraz, 2014ko martian hiru hilabete ensaiatzen egon eta gero gure lehenengo kontzertua emon genduan Zornotzan.
 

Zelan ikusten dozue musikearen egoerea Arratian?
Mikel Muesas: Arratian beste leku batzuetan baino hobeto ikusten dot. Izan be,  talde asko dagoz eta asko mobiduten dira. Zornotza edo Durangaldean esate baterako, ez da gauza bera gertatzen.
Pablo Ruiz: Arratian azkenaldian, oso igoera handia ikusi da. Talde asko sortu dira: Larregi, Materia Gris, Nik Khaos, eta abar. Gaur egun, panorama musikalean mobimentu handia dago beste leku batzuekaz alderatuta. Gainera, andrak be animau dira. Beraz, Arratian topera gagoz.
J.U.: Nire ustez, eszena garrantzitsua sortu da eta gainera harrigarriena da estilo guztietako musikea daukagula: Materia Gris (reggae), Nik Khaos (metal), rock and rolleroak, punk rock taldeak, eta abar.


Lokalak lortzeako erreztasunak dagoz, ezta?
J.U.: Gure kasuan pribilegiauak sentiduten gara. Orain, diskoa Bilboko lokal batzuetan grabetan gagozala, teknikariak esan deusku, Bilbon 200 euro ordaintzen dituala talde bakotxak hilero lokala eukitearren. Gure kasuan, Igorren lokal bi daukaguz, gainera debalde. Hasikeran, fiantza bat jarri behar da, 100 eurokoa eta horren harira, giltzea emoten deutsue. Egunen baten taldea itxi gura badozu Igorreko Kultur Etxera joan behar dozu eta dana ondo badago 100 euroak bueltetan deutsuez. 24 ordu zabalik daukaguz lokalak, hiru talde gagoz lokalean baina ez dogu ordutegi arazorik eukiten.
P.R.: Zornotzan ensaiatzen hasi ginan, baina han beste roilo bat da. Lokalen kalidadea, sonoridadea, eta abar, ez zan hain ona. Arratian suertea daukagu oso eskura dagozalako lokalak eta kalidadezkoak diralako. Horretan ezin gara kejau. Gaur egun, erreztasunak behar dira ensaietako.
M.M.: Zornotzan ordu bat egoteagaitik euro bi ordaindu behar ziran. Gainera, ordua eskatu behar zan eta hiru lokal bakarrik egozan. Lokalen bat okupauta egon ezkero ezin zan ensaiorik egin.


Non gustauko litxakizue kontzerturen bat jotea?
P.R.: Batzuetan, espero ez dozun lekuren baten sortu ahal da gehien gura dozun kontzertua. Beste batzuetan, barriz, gertatzen da leku batera zoazela eta ordutegia txarra dalako, edo beste hainbat errazoi desbardinengaitik jentea beste roilo baten dagoala eta gura dozun anbiente hori ez dala sortzean. Edo joan zaitekez ez dakit nongo lokal galdu batera eta kriston konztertua jo. Nik gurari berezirik ez daukat. Garrantzitsuena kontzertuetan anbiente sanoa sortutea da.
J.U.: Nik momentu honetan maiatzaren 7an Usansolon joteko gogoa daukat. Hurbilen daukagun kontzertua da. Hilabete batzuk daroaguz kalean jo barik eta gogotsu gagoz. Hortik aurrera etorten dan guztia ondo etorria izango da.
M.M.: Nik Zornotzako jaietan joteko gogoa daukat. Zornotzako Gazte Egunean jo genduan kontzertua baina Zornotzako jaietan jotea falta jaku. Jada, Bedian eta Lemoan jo dogulako.


Zein izan da konzterturik hunkigarriena?
P.R.: Niretzat Bilboko jaietan jotea suerte handia izan zan. Bilbon gainera, eszena eta anbiente handia dago. Oso gustora ibili ginan oholtza gainean. Igorreko Herriko Tabernan jo genduanean akustikoan izan zan baina jentea oso hurbil egoan eserita, gugaz batera abesten, eta hori oso hunkigarria izan zan.
J.U.: Ados. Bilboko Aste Nagusia badakigu danok zelangoa dan baina nik espero dot onena etorteko egotea. Orain esperantza handiko aro barri bat zabaltzen dogu eta.
M.M.: Nik be Bilbo esango dot ze oholtzatik jeitsi ginanean lagunak esan euskuen "kriston konztertua jo dozue" eta niretzat hori lagunak esatea oso hunkigarria da, kontuan hartuta, nire lagunak oso musikazaleak ez dirala.


Zer espero dozue disko barri honetaz?
J.U.: Zortzi abesti dira, denpora asko emon dogu abestiai bueltak emoten. Gure kasuan gogo berezia sentidu dogu zerbaist barria aterateko baina ez edozein modutan. Horrezaz gainera, uste dot oso ondo aukeratu dogula nogaz grabau. Bilbon gabiz grabetan Urtzi Izagaz, Enkoreko gitarristeagaz. Governors eta Hesianegaz be ibilitakoa da Iza. Eta uste dot gure proiektuagaz sano inplikauta egon dala; eta hori eskertzekoa da. Irrikitan gagoz diskoa kaleratzeko eta jenteak entzuteko. Maiatzaren 14an gitxi gorabehera prest egongo da diskoa. 
P.R.: Maitasun berezia hartu deutsagu diskoari. Hirurok asko zaindu doguz abestiak. Danok gagoz amaitzeko eta emoitza ikusteko gogoagaz. Udeari begira hainbat kontzertu doguz. Behin diskoa aterata zuzenekoak eskeintzeko irrikitan nago, zuzenekoak gehiago transmitiduten dabe eta.

2016/5/1

ARRATIA INSTITUTUA Galizako regueifa eta euskal bertsoak batzean dabezan ikuskizunak ikusgai maiatzean

Arratia Institutuan, Regueibertso izenagaz, trukea antolatu dabe Institutuko bertsolaritza ikasleen eta Galiziako regueifa, bapateko koplak, berreskuratu gura dabezan ikasleen artean. Ekimena, Galizan sortu zan eta Igorreko Udala, Arratiako Bertso Eskolea, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Zenbat Gara alkartea, Areatzako Udala, Dimako Udala, Zeanuriko Udala eta Dimako Olar Lur Herri Kirol Taldearen babesa dauka.
Ez da egunotan Arratia Institutuak egin dauan eskola truke bakarra. Izan be, frantseseko ikasleak Bretainiako Guingampeko gaztelania ikasleakaz egin dabe trukea aprilean. Aprilaren 17tik 23ra egon ziran bretoiak Arratian, eta 24tik 30era, Guingampen arratiarrak.

 

Bertsolari Elkarteagaz antolatutako programan parte hartzean daben DBH1 eta DBH2ko ikasleak, Galizako regueifa koplen tradizinoa berreskuratu gura daben ikasleakaz eskola trukea egingo dabe maiatzaren 2tik 5era eta 13tik 16ra.
Galiziarren ekimenez sortu da truke hau. "Manuel Maseda, Galiziako ikastetxe bateko zuzendaria, Arratiako ezagun batzuen bitartez, harremanetan ipini zan gugaz, bera, hango regueifa, gure bertsoaren antzekoa, bultzatzailea dalako. Bera eta Sechu Sende irakasle eta idazlea, regueifa berreskuratu guran dabiz eta", azaldu deutso BEGITUri Hektor Rodriguez Arratia Institutuko zuzendariak.
Maseda eta Sende hainbat proiektu dabilz aurrera eroaten euren institutuetako ikasleakaz ahozkotasuna berreskuratuteko, eta prozesu horretan, pentsau eben ondo egongo litzatekela Euskal Herrira etortea bertsolaritza ezetuten. Hori dala eta, Arratia Institutuagaz ipini ziran kontaktuan eta Institutuan, proiektua begi onez ikusi eben. "Gainera guk bertsolaritza ikasleak daukaguz, Bertsozale Elkarteagaz batera eroaten dan programa berezi bategaz eta Bertsozale Elkartea bera be inplikau da honetan" dino zuzendariak. Bertsozale Elkarteagaz antolatutako programan parte hartzean dabenak, euskera ikasgaian, astean ordu batez bertsolaritzea landuten dabe Bertsozale Elkarteko Iñaki Iturriotz irakasleagaz.

Regueibertso jalgi hadi plazara
"Hizkuntzak egiten gaitu. No caminho da lingua" lemapean, ekimenak galiziera eta euskerea indartzeko balio izango dau, regueifa eta bertsolaritzearen arteko antzekotasunak eta berezitasunak antzemateko, herri bietako ikasleen arteko hartu-emonak sortzeako eta alkar ezagutza sustatzeko, beste gauza batzuen artean. Izan be, ekimen honen helburu nagusia, "hizkuntza gitxitu bitan bizi diran ikasleen arteko bizipenak hurretik" ezetutea da, eta "galegoak bertsolaritzeak hizkuntzeari emoten deutsan hauspoari buruzko informazinoa, bertatik bertara jasotea". Beste helburu batzuk, ahozkotasuna oinarri daukien ekintzak egitea, ikasleak kulturartekotasuna eta aniztasuna moduko baloreak barneratzea, hizkuntzen garrantziari erreparau eta erabilera bultzatzea eta ikasleen alkarbizitza gaitasuna garatzea dira. Horretarako, Euskal Herritik Galizara joan eta Galizatik Euskal Herrira etorriko dira institutuetako ikasleak.
Arratiarrak Galizara joango dira lehenengotik. Maiatzaren 2tik 5era egongo dira Santiago de Compostelako aterpetxe baten. Hara heldutakoan ondo etorria egingo deutsee eta hurrengo egunean, A Coruñan dagoan Baioko Institutura joango dira ahozkotasuna lantzeako ekintzak egiteko. Pontevedrako Vila Cruzeseko Institutua bisitetako txandea izango da gero, eta azken egunean hiru institutuen arteko alkarbizitza jaia egingo dabe.
Galiziarrak, hilaren 13tik 16ra egongo dira gurean eta ahozkotasuna landuteaz aparte, eskualdea eta Bilbo bisitetako aukerea izango dabe.
Baina antolatzaileak, ekimena publiko orokorrari zabaldu gura izan deutsie eta eskualdeko herrietako kaleetan, eta Igorreko Kultur Etxean, ekintzak antolatu dabez, gura dauanak regueifa ezetuteko aukerea izan dagian.

Egitaraua
Maiatzak 14, zapatua
12:00etan, herri kirolak Diman
19:00etan, Igorreko Lasarte Aretoan ekitaldia. Arratiako Bertso Eskola, Galiza eta Arratiako Institutuko ikasleak.

Maiatzak 15, domekea
11:00etan, berbaldia Areatzan Iñaki Esparzaren eskutik "Galiza eta Euskal Herria, olerki eta bertsoen mundua".
19:00etan, regueibertsotan, ikuskizun herrikoia Zeanuriko plazan.

Maiatzak 16, astelehena
09:00etan, bisita gidatua Igorretik Angel Larrearen eskutik. Ostean, Igorreko Udaletxean harrerea eta ondo etorria Institutuan. Bilbotik bisita gidatua Zenbat Gara alkarteagaz.

Bretainiagaz eskola trukea
Egunotan, ikasleen arteko beste truke bat be antolatu dau Arratia Institutuak. Trukearen helburuak dira, frantsesa ikasten daben ikasleak frantsesa bera praktikan ipintea, euren ohiturak in situ ikusi eta ikastea eta beste herrialde bateko gazteakaz hartu-emonak izatea. Frantsesa ikasten daben DBH 4.eko 14 ikasleak hartu dabe parte.
Guingampeko gazteak, arratiarrak eskolan egon bitartean, batez be ingurua ezetuteko txangoak egin dabez. Irakasle baten laguntzeagaz, Bizkaibusa hartuta Gernika eta Mundaka bisitau eben, baita, Dima, Areatza eta Durango be. Hurrengo egun baten, itsasadarreko ezkerraldetik ibili ziran bretoiak, Portugalete eta Gallarta ezetuten eta, azkenik, Bilbo bisitau eben: Zazpi Kaleak eta Guggenheim ingurua. Hemengo ikasleen etxeetan egon dira eta Bretainiara bueltau aurretiko azken eguna hemengo familiakaz pasau eben.
Domekan, danak, bretoiak eta arratiarrak Guingamperantza abiatu ziran. Holan, aprilaren 25etik 29rako astean, Bretainia ezetuteko txangoak egin ditue arratiarrak hango kideak Institutuan egon diran bitartean. Guingampeko errekan kanoetan ibili dira, Brehat irla bisitau dabe, Mont Saint Micheleko abadia, Saint Malo eta Guingampeko herria bera... Bretoi jantza eta kantu ikastaroak egin dabez, baita krepeak egiten ikasi be.
Alkarregaz eta etxekoakaz komuniketako gaztelania, frantsesa eta beharrezkoa izan ezkero ingelesa erabili dabe gazteak.

2016/4/16

SAHARA Lemoatik Saharara

Saharako errefujiaduen bizi-baldintza gogorrak eta honen aldaketearen inguruan esperantza gitxi islatzen dabezan arpegiak hunkituta itxi gaitue; 9 egun nahikoak izan dira herrialde honen sufrimentua sentiduteko.

 

Mariam Abdi, Begoña Barroeta, Ane Goienetxe eta Rut Rodriguez

 

Aspaldian buruan bueltaka ibilitako biajea egin dogu, Saharako errefujiaduen kanpalekuetako errealidadea gure azalean bizi eta sentiduteko. Kuriosidade hau apurka-apurka hazten joan zan, eta urteak aurrera egin ahala, behin eta barriro gure barne proiektu honetaz berba egin ostean, data zehaztu eta plana martxan jarri genduan. Helburu nagusia errefujiaduen momentuko egoerea ezetutea eta ahal dan neurrian gure laguntza osoa eskeintzea izan zan hasikeratik. Zelan edo halan bete dogulakoan gagoz.
Bertara joateko autobus eta hegazkin bileteak erosteaz gain, bisa eta errefujiaduen kanpalekuetarako sarbide-eskaera berezia eskatu eta bete behar izan genduzan. Laguntza-materiala eroatea beharrezko ikusten genduan hasikeratik (eskola materiala, medikamentuak, elikagaiak, higienerako produktuak...) eta horregaitik herritar zein ezagunen artean mezua zabaldu genduan. Jasotako laguntzea ikaragarria izan zan, ez genduan holangorik espero. Material bilketea egiteko kaja bi jarri genduzan (Lemoako eskolan eta Karabie Gaztetxean); horrez gain, Lemoako gazte talde batek be, euren kabuz dirua eta materiala bilduten lan handia egin eban. Aitatutekoa da norbanako asko be hurbildu jakuzala euren borondatea emonaz. Ekimen honetan partaide izan zarien guztioi gure esker ona heldu arazo gura deutsuegu, baita Saharako eskola, ospitale eta familietako kideen agotik; laguntza txikia iruditu arren, bertan bizi daben egoera latzean balio handikoa dalako.
Hara joandako lagun-taldeko kideetako bat Saharako kanpalekuetan jaiotakoa izanik, bere familiagaz igaro genduzan egunak, hango bizilagunen egunerokotasuna bertatik bertara ezetuz. Martiaren 25eko goizaldean Lemoatik urten, eta egun osoko biajea egin eta gero, hurrengo eguneko goizaldean Argeliako lurraldean dagozan Saharako errefujiaduen kanpalekuetara heldu ginan. Lehenengo momentutik nabaritu genduan familiaren harrera beroa eta prestutasuna.
Maletetan eroandako laguntza guztia antolatu ostean, gune desbardinak bisitau genduzan bertara eroandakoa banatuz: Haur Hezkuntzako zentrua, Lehen Hezkuntzako eskolea, ospitalea, farmazia, familiak...
Haur hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako eskolak egun desbardinetan bisitau genduzan, adin tarte bakotxarentzat egokitutako materiala eroanez. Aurretiaz hango irakaslegoagaz berba eginda, ekintza ugari planteau genduzan: murala, karetak, arpegiak margoztu, globoen apainketea, kanikak, pulserak, kanta-herrikoiak abestu, jolas kooperatiboak, eta abar. Giroa alaituteko gozokiak banandu genduzan eta umeak abesten eta jantzan ibili ziran, pozik. Eskolako zuzendariak euren hezkuntza sistemea zelangoa dan azaldu euskun, eta guk daukagunagaz alderatuz nahiko antzekoa dala ondorioztatu genduan (irakasgaiak, ordutegia, ebaluazino-sistemea...). Desbardintasunen bat aitatutekotan, klase bakotxeko ikasle kopurua izango litzateke, izan be, adin-tarte guztietan 35 ikasle inguru dagoz irakasle bakar bategaz.
Bailarako ospitalera be hurbildu ginan, bertako farmazian hemendik eroandako medikamentuak ixteko. Esan beharrekoa da ospitale honetan Mundu bat alkarteak laguntzen dauala baliabide personal eta materialakaz, Bizkaiko Foru Aldundiak finantziauta. Hezkuntzan legez, ospitaleko zerbitzuak debaldekoak dira: medikuen arretea eta botikak. Errefujiaduen kanpalekuetako ospitalera botikak kanpoko laguntzen bitartez soilik sartuten dira (GKEk edota alkarteak eroandakoa edo norbanakoen laguntzak). Nahiz eta hemetik zein kanpotik jasoten daben laguntzea nahiko handia izan, bertakoen beharrizanak asetuteko ez dirala nahikoak azpimarratu gura dogu, batez be tresneria eta langileai jagokienean.
Lanbideai jagokienez persona gitxik daukie bertan lan egiteko aukerea. Kanpamentuetako langileak gehienbat irakasleak, medikuak, erizainak, poliziak eta denda txikiko dendariak dira. Kontutan hartutekoa da han ez dagozala hemen daukaguzan moduko lan baldintzarik ez antzeko ezer. Hango beharrizanak etxeko gauzak eta umeak zaintzea dira. Horregaitik, gazte askok errealidadea aldatu guran, formakuntza ahalik eta handiena izateko hainbat kurso edo ikasketa lantzean dabez eta honeek egiteko Aljeriara joan behar izaten dira.
Herri bat ondo ezetuteko bere kulturea ezetu behar da. Jakin behar da zelan elikatuten diran, etxeak zelan eraikiten diran, familia zelan egituratuten dan, zein erritu dagozan, janzkerea zelangoa dan, musika herrikoia, jaialdiak zelangoak diran... Guk, zorionez, hau danau ezetu eta biziteko aukerea izan genduan astean zehar. Jatekoaren aldetik, adibidez, kus-kus izeneko plater famadua prestatu euskuen, okela eta barazkiakaz lagundutako arroz plater gozoa. Honegaz nahikoa ez, eta gameluaren okelea be pare bat bider jan genduan (hango ezkontzetan ohiturea da animalia honen okelea jatea).  Ezin da aitatu barik itxi tearen errituala. Familia guztia batera egoteko eta berba egiteko momentua izaten da, batek hartzean dau tea prestatzearen ardurea. Normalean egunean zehar baten baino gehiagotan egiten dabe, goiz partean bat eta arrastian beste bat.
Saharako herritarren kulturea gehiago ezetuteko, euren jaialdi garrantzitsuenetako baten izan ginan, ezkontza baten, konbidau moduan. Han ikusi genduan eurentzako be musikeak garrantzia handia daukala, gorputza mobiduteko eta giroa alaituteko modurik egokiena dalako.

Gerora begira...
Gure kabuz burutu dogun ekimen hau ez dogu bertan behera itxi hona etorteagaz batera. Esperientzia honek aurrera jarraitutea gura dogu, han ikusi eta ikasitakoa kontuan hartuta nondik norakoak gure artean adostu. Badaukagu zeregina, baina batez be, euregandik gehiago ikastea toketan da, bai persona moduan, baita herri moduan. Sahara herria burrukearen, erresistentziaren eta duintasunaren lezino bat da. Ikusi dogu hondar gainean ezin dala lurrik landu, ezin dala landatu, baina hainbat balore finkatu daitekez, hango sirokorik bortitzenak be eraitsi ezingo leukezanak. Jaima barruan dana desbardina da, ez dago gauza materialik; bizitasuna, maitasuna eta bakea dira sentiduten diranak. Hainbeste kendu eutsien aspaldi, bildurra be galdu ebela. Baina inoz ez dabe galduko euren lurretara bueltetako gogoa eta itxaropena.
Saharako biaje honetako argazki gehiago www.begitu.org webgunean topau zeinkiez.

2016/4/14

AINARA BEOBIDE ETA AINHOA ARANBURUZABALA

Orain dala zazpi bat urte, Ubideko Ainara Beobide eta Ainhoa Aranburuzabala artisau jaboi eta kremak hasi ziran egiten alkarregaz, arrastietan, Lavandula sortuz. Azokatan saltzean hasi eta uste baino eskari handiagoa izan eben jaboiok. Orain, jaboi eta krema artisauak egin eta dendetara saldu gura dabez eta Areatzan topau dabe tailerra ipinteko egokia izan daiteken lokala. Udagoienean, bertan produziduten hastea espero dabe.

 

Ainara, lorezaintza ikasketak eginda, naturopatia eta dermokosmetikako ikastaroak... betidanik euki dozu argi lanbide hau hartuko zenduala?
Ainara Beobide: Nik danetik egin dot. Haur Hezkuntzako ikasketak be badaukadaz eta danean egin dot behar. Arkauten be egon nintzan ahuntz gaztaia egiten. Orain langabezian nago Lavandulako proiektua aurrera aterateko. Horren aldeko apustua egin dogu Ainhoak eta biok.


Ainhoa, zuk eskarmentua daukazu enpresari moduan, ezta?
Ainhoa Aranburuzabala: Nik enpresa familiar bat neukan, gurasoena. Oilaskoak saltzean genduzan, handizkako salmentan: okelategieetara eta dendetara, hain zuzen. Aita jubilau zan eta ebatzi neban neuk hartzea, baina ez jatan gustetan. Han zortzi ordu egiten nebazan, eta lau-bost ordu Lavandularako. Larregi zan. Orduan igaz Ainarari esan neutsan, berrogei urte bete behar nebazala eta bizimodua aldatu behar nebala. Eta ni prest nengoala lana ixteko eta Lavandulan zortzi orduko lana egiteko. Urrietan itxi neban enpresea eta ordutik langabezian nago. Ikastaro gehiago egin eta proiektu hau martxan ipinteari ekin deutsagu.


Zelan hasi zinien alkarregaz beharrean?
A.A.: Ni izatez txantxikuarra naz, oinatiarra, baina orain dala hamabost urte Ubidera etorri nintzan eta Ainara ezetu neban. Antxinatik, amamaren ukenduak eta kremak berreskuratu guran nenbilen.
Ubiden arrastiak oso luzeak ziran, bakarrik nengoan eta hor ibilten nintzan jaboiak eta egiten. Ainara ezetu nebanean, honek dana handi egiten dauanez, material piloa erosi ebala esan eustan eta alkartuten hasi ginan jaboiak egiten arrasti pasa. Egia da ikastaroak be egin doguzala gehiago jakiteko, baina inongoko asmo barik hasi ginan.
Lehenengo Ubideko Biran udaletxetik esan euskuen, ea postutxo bat ipiniko genduan, Ubideko gaztaiagaz postu bat ipini behar ebela eta beste zozer be ipintea gura ebela. Ipini genduan eta oso ondo urten zan. Orduan esan genduan, hurrengokoa Oñatin. Eta han be, ikaragarrizko jente piloa, lau metroko mahaia... eta itzel urten zan. Horrek animau ginduzan feria gehiagotan gure produktuak saltzean ipiniten. Eta ikasi eta egin. Ikasi eta egin...


Eta orain lokala hartuko dozue Areatzan jaboiak eta kremak egiteko.
A.B.: Printzipioz bai. Ubiden hartu gura genduan baina arau subsidiarioak ez dabe permitiduten. Orduan Ubidetik kanpo urten behar genduan, eta gure filosofiari jarraituz, baserri giroko leku baten geratu gura genduan, gure lanak natureagaz loturea daukalako. Otxandion, Zeanurin eta Areatzan begiratu ostean, Areatzan topau dogu.
A.A.: Gure asmoa ez da denda bat ipintea, kosmetika naturala fabrikatzea baino. Gure bezeroak bedardendak, kosmetika dendak, estetikako zentroak, eta abar izango dira. Denda fisiko txiki bat ipinteko asmoa be badaukagu eta atzekaldean, kristalera bat, Lavandula zelan egiten dan erakusteko.


Asmoa bada dendetara saltzea produzinoa handia izango da.
A.A.: Ez. Eskatu dogun makinaria artisautzako makinaria da. Hau da, etxean daukagun batidorea kilo bat egiteko bada, guk eskatu doguna hamar kilorako da. Industrialak ehun kilotik gora egiteko dira. Baina ahalik eta gehien saltzean saiatuko gara. Ez dago kontraesanik produktu artesanala eta ona izan, eta ahalik eta gehien saltzean. Ez daukagu honegaz aberasteko asmorik, baina bai gure soldata aterateko eta ahal badogu bertan lana emon, ba pozik.
Igual, gero saltzean dogu piloa eta makinaria handiagoa erosi behar dogu! Baina gure asmoa da inguruko dendetan eta interneten saltzea.


Noz hasiko zarie?
A.A.: Ez dakigu, udagoien honetan edo. Aste honetan (aprileko lehenengo astean) berbatu dogu lokala, baina okupauta dago, maiatzean librauko da. Gero, arkitektoa sartu beharko da, proiektua egin... eta abuztua tartean dago. Hasi orduko udagoiena izango da.


Ze ezaugarri ditue zuen jaboi eta kremak?
A.B.: Jaboi desbardinak daukaguz. Basea beti da bardina: orioa. Batzuek oliba orioa daukie, beste batzuek almendra orioa.
A.A.: Jaboi bat egiteko ura orioa eta sosa behar da. Azalaren araberako jaboia egiteko orioa aukeratzen dogu; tartan, jojoba, almendra, urra edo larrosa mosketa orioa. Bakotxak bere propiedade eta ezaugarriak emon dagiazan formulazino bat egiten da. Esate baterako, hidratantea izatea gura badogu mantekak sartzean doguz. Amaituteko, orio esentziak botaten dira ezaugarri eta propiedade horreek indartzeko.
A.B.: Arpegirako kremak be badaukaguz eta segun ze azal mota daukazun, sikua, koipetsua edo mistoa krema desbardinak dagoz. Gorputzerako kremak be bai, eta horreek be hiru motatakoak dira. Ezkontzetarako detaileak be egiten doguz.
A.A.: Eta tailerrak emoten doguz.


Usaina emoteko lorak erosi egiten dozuez?
A.A.: Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan alta emonda gagoz. Ainarak lur sail bat dauka eta esplotazino hori erabiltea gura dogu sendabedarrak, eta sukaldaritzako eta bedar aromatikoak ekoizteko. Hazia oraintsu sartu dogu eta denporea beharko da, baina gure estraktuak egiteko landare horreek erabiltea da asmoa.

2016/4/3

MALU EGILUZ APOITA "Herrietan lehenagoko erara dendatxoak, artisauak... bageunkaz beste kontu baten egongo ginan"

Hamar urte dira Zeanuriko Sagarnak barriro be ateak zabaldu ebazala. Sasoian sasoikoa jan behar ei dan lez urteurrena hartu dogu Malu Egiluzegaz berba egiteko atxakia. Dendea baino gehiago dala kontau deusku Zeanurikoak, bizi proiektu bat. Baserritarra da Malu, eta elikadura burujabetzarako trenean agroekologiaren bagoian doa, herri zein mundu osora helduteko gogoz.

 

Aprilaren 13an hamar urte beteko dira Sagarna zabaldu zala. Ze balantze egingo zeunke?
Askotan gelditan naz sensazinoagaz hau denda bat dala baina denda honen ostean proiektu bat dago eta proiektua da baserri mundua eta gure herri ruralak apurka-apurka berbiztutea. Mundu mailako proiektua herri txikiak inongo estruktura barik ixtea da eta dana uri inguruetara eroatea. Munduko alimentazinoaren erabateko jaun eta jaubeak, errez harrapetan gaitue. Askotan pentsetan dogu espazio handietan danetarik daukagula, merkeagoa dala... eta askotan ez gara konturatuten horren atzean gu euren gatibu bihurtuten garala. Gure lurren aberastasuna ahaztuten dogu. Ekarten dabezan produktu gehienak, errekorridu laburrena egiten dabenak 5000 kilometro egiten dabez. Pentsetan dogu urtean zehar danetarik euki geinkela eta guk aukeratuten dogula jan gura doguna baina benetan hori baino, tranpea da. Eurek gura dabena, gura daben sasoian eta gura daben lekukoa da atzenean guk jaten doguna. Horrek estruktura galdu arazoten dau. Gure lurra bertan behera ixten dogu, gure aberastasuna, gure jakintzea... galera askoz handiago da, baina pentsaurik errezagoa dala denpora faltagaitik edo merkeago dalakotan errez eroaten gaitue euren espazioetara.
Ez da erreza horretaz konziente izatea; izan be, denporearen jaube be eurak egiten dira eta saltzean deuskue denpora gitxiago behar dogula eta presaka bizi garan mundu honetan errezagoa dala holango espazio handiago batera joan eta bat-batean danetarik topetea. Horren atzean zer dagoan konturatutea ez da erreza.


Zabaldu zenduaneko helburuak eta oraingoak, bardinak dira?
Guztiz ez, baina neurri handi baten bai. Aukera emon deusta konzienteago izaten munduan zehar zer pasetan dan eta zelango interesak dagozan alimentazinoan. Horrek aberastasun handia emon deusta persona lez. Hasikeran nire baserria neuk bakarrik aurrera atera behar nebala pentsau neban, eta gaur egun gura dodana da gure herrietan eta munduan baserritar askok egindako jana jaten barriro hastea. Hurbiltasun horrek askoz elikagai hobeak eta askoz osasuntsuagoak emongo deuskuzala esan gura dau. Herrialde batzutan posible da hori daborduko, eta horrek gure ardurea guztiz aldatuten dau, bai planeteaganako eta lurraganako eta harremanetarako eta denporarako.
 

Zein da zure dinamikea?
Ohiturak aldatu egin dira. Gure kasuan okelea bakarrik salduta ezin zala bizi ikusi neban, orduan proiektua pentsau neban baina ez nik bakarrik egiteko, beste batzukaz egiteko baino. Ogia egin... asko dibersifikau dot eta hori salmentara ekarri. Holango espazio baten behar egiteak ez deutsu dana egiteko denpora nahikoa ixten; horregaitik, beste produktu batzuk egiten ebezan bailarako jentea ezetuten hasi nintzan. Alkarlan horrek askoz dibersidade handiagoa emoten deusku eta osotu dogun estruktura edo sare horrek gure elikagaiak barriro be berreskuratuteko eta beste batzukaz konpartiduteko aukerea ekarri dau.
 

Filosofia "Baserriai eta herriari bizia emoteko bertako produktuak" esaldian batu dozu.
Ez da lokal honen filosofia bakarrik. Filosofia hori herri guztiai trasladau gura deutset, herri guztiak estrukturak euki dagiazan. Langabezia handia daukagu, herrietan lehenagoko erara dendatxoak, artisauak eta abar bageunkaz beste kontu baten egongo ginan.


Zer emon deutso Sagarnak honeetan hamar urteetan Zeanuriri?
Sagarnan alkartruke bat sortuten da, momentu gozoak emoten deutsuz, momentu gaziagoak... Askotan, kanpotik ikusita negozio moduan ikusten da hau, baina beste espazio bat da, ez hain hotza. Superfizie handi batera zoazenean ez daukazu jesarteko momentu bat, hemen harreman kontaktuak egiten dira, erosten dabilen aurrekoagaz berba apurtxo bat egiten da... Sagarnan barriro denporea eukitea sortzean da.


Zek bultzatu eutsun mundu honetan sartutera?
Momentu baten konturatu nintzan lepoa emon deutsagula baserri munduari. Txikia nintzala gurasoak zein inguru dana baserritarrak izanda, eta munduan beste esperientzia batzuk ezetuta, ikusi neban ezin zala bertan behera itxi. Baserrira bueltau nintzanean, pentsau neban baserri mundu hori berbiztutea, nire baserriari barriro be bizia emotea.
Laster konturatu nintzan egiten zan erara ezin zala baserria mantenidu, intermediarioakaz ez egoala hortik biziteko posibilidaderik. Hemen herrian harategia itxi zan eta zeozertxo zuzenean eginda beharbada posible zala pentsau neban. Era berean konturatu nintzan herrietako estrukturak aldatuta egozala eta ezin zala harategiagaz bakarrik bizi; orduan, dibersifikau egin beharko zala pentsau neban eta lehenagoko dendetan danetarik saltzean zala. Eta lokal hau topau neban. Hemen aurrezdik Sagarna egoten zan eta zelan bertako janariak ospe handia eukien barriro bide hori berreskuratutea pentsau neban.


Jakintza aldetik ez zara zerotik hasi.
Gurasoak ekien guztia ez dot sekula jakingo. Zapalkuntza handia egon da. Baserritarra izatea atzerakoia izatea zan. Gure ume denporan sentiduten neban askoz be estimauagoa eta aberatsagoa zala medikua edo beste edozein profesino, baserritarra izatea baino. Baserritarra analfabetoa, gitxi ekiana zan. Hor galdu egiten zan autoestimua. Nik baserritarrak miresten dodaz, mundu osokoak, ze jakituria daukien, bizia aurrera zelan atera leikien, zelan defendiduten daben lurra eta ura, eta zelan herritar guztiontzako eskura ipinteko prest dagozan.


Zergaitik bide hau?
Hori zan bidea. Beti atenzinoa gehien deituten eustena baserri munduko jentea izan da. Batez be leku askotan ondino indigenak dagoz eta euren biziak ume sasoira eroaten ninduan, beti hurbiltzen nintzan eurakana, edo haziak eukazan landaratxo bat ikusten baneban hazi hareek hartuten nebazan barriro ereiteko. Konekzino hori neukan, berezkoa, naturala. Umezaroko amets moduan daukadaz auzoko amamakaz arrastia pasetan zelan egoten ginan lurra landuten. Barriro hori behar neban. Ni giro horretan hazi nintzan eta zorionez gero munduak erakutsi eustan munduan hori behar dogula, barriro gure elikagaiak geuk egin. Subiranotasun hori gure esku egon behar da, industria handien esku badago ez daukagu etorkizun onik.


Jentea konziente da?
Esperientzia asko dagoz. Gauza askok erakusten eta emoten deuskue aukerea barriro konturatuteko zer pasetan dan. Neoliberalismoak esaten deusku gosea kenduteko munduan janari gehiago behar dala, baina janari gehiago ekoizten danean, jente gehiago hilten da gosez. FAOk berak dino baserritar txiki askok kendu leikiela gosea munduan eta ez era industrialean egiten dan erara.
Nahiz eta danetarik euki ez dogu lortu gizartea zoriontsuagoa izaterik, ez dogu hobera egin. Gu horretaz zenbat eta kontzienteago izan gizarte hobe bat egiten saiatuko gara, ez gara goitik esaten deuskuena izango. Ni baserrira bueltau naz eta horrek ez dau esan gura ehun urte atzera egin gura dodanik. Gura dodana da baserria eta biziteko era saretzen joatea, bai andra moduan eta bai baserritar moduan.


Zelan ikusten dozu baserritarren egoerea?
Etorkizun handia ikusten dot. Jente asko sensibilizetan dabil, batez be urietan. Igual herrietan bertan dagoan gauza bat danez ez deutsagu hainbesteko garrantzia emoten. Baserritarren munduan garrantzitsuena elikagaiak egitea da. Gainera, geografia ikusten dozunean konturatuten zara baserritarrak landuten dabezan inguruak askoz be zainduago dagozala. Bertan behera daukaguz lurrak, jentea behar barik... desoreka soziala, ingurumenarena... danena. Gauza asko dagoz ondino egiteko. Herri bat eregiteko era bat da. Gure Esku Dagogaz herri libre bat izateko elikagaiak behar doguzala landuten dogu, eta gaur egun ehuneko bata be ez dogu bertakoa ez jaten, ez produziduten.


Makina bat bider entzun da "Baserritik ezin leike bizi".
Bai, hori holan bizi da sektorean. Administrazinoak proiektu moduan gauza handiak behar dirala dino eta ikusi da hori ez dala bidea, proiektu handiak gastu handiak eragiten dituelako eta askotan aurre egin ezinik baserri asko bertan behera itxi behar izan dira. Indibidualismoak eroan gaitu bakotxak bere traktore handia eukiten, inbernadero handiak ipinten, gastu handiak... Horrek ez deutso askotan baserriari behar dauan duintasuna eta orekea emon.
 

Munduan zehar ibili zara.
EHNE sindikatuan nago eta honen bitartez hartutako bidea ez era indibidualean bakarrik, era sozialago baten landuteko aukerea euki dot. Gure apustua sindikatutik elikadura burujabetza eukitea da, gure herrian eta munduan. Sindikatua dala eta, Via Campesinan hartuten dogu parte. Via Campesina baserritar txikien mobimentu bat da, mundu mailakoa. Holan ba, herrialde batzuk ezetuteko aukerea euki dot Via Campesinak daukan proiektu politiko horretan elikadura burujabetza agroekologikoaren bidez. Indonesiara, Brasilera edo Kubara adibidez. Ikusi dot taldeak zelan landuten daben prozesu hori, baserritarren mobimentua. Herrialde batzutan proposamen politiko hori onartu egiten dabe gobernuak daborduko. Familiak eurak elikatzeko bidea izatea, sistema publikoan sartzea eta barriro be garrantzia emotea jaten dogunari, ekoiztu eta segiduan jateko posibilidade hori, osasuntsuagoak izatea... Ez da lehenengoa prozesua hasi dauana baina Kubak urte gitxitan hamaika miloentzako bertan produzidutea lortu dau.

 


2016/3/13

DIMA. MEMORIA HISTORIKOA Memoria historikoa errekuperetako beharrean hasi dira dimoztarrak

Txumuluxueta Kultur eta Kirol Elkartean kulturea zelan landu eztabadaitzen egozala, Gerra Zibilaren gaia agertu zan. "Diman zer gertatu zan?" izan zan itauna eta itaun horreri erantzuteko testigantza zuzenak jasoten eta orduko aktak irakurten hasi ziran. Martiaren 4an, Manu Aurrekoetxeak "Gerra zibila Diman: ezagutu daigun" berbaldian, orduko gertaera eta dimoztarrai gertatutakoaren barri emon eban. Sei urtegaz gerratik igesi joan zan Sabino Izaren testigantza zuzena eta Mariano Bilbao orduko alkate errepresaliduaren bertsoak entzuteko aukerea be egon zan berbaldian.

 

Dana dala, Dimako memoria historikoa jasoteko proiektu hau hasi baino ez da egin. Izan be, bizpahiru urtetako proiektua da. Txumuluxueta alkarteak ipini dau martxan Dimako beste alkarte eta herritarren laguntasunagaz. Hiru helburu daukiez: historia ezagutzea, herri moduan aurrera egiteko; Gerra Zibilean, heriotza, kartzela eta abar sufridu ebenak gogora ekartea, eta holangorik barriro ez gertatzea. Nazinoarteko Zuzenbidearen arabera, egiaren ezagutzea, erreparazino morala eta justizia egitea biktima guztien eskubideak dira. "Gaurko hau, egiaren ezagutzarako izango da" esan eban Manu Aurrekoetxeak.
Ekimen hau, ekimen zabala da eta Dimako Udala, herriko alkarteakaz eta herritarren laguntzeagaz aterako da aurrera. Errepresaliaduen gaineko saio monografikoa eta Dimako frontearen ibilbidea egiteko asmoa dago, besteak beste. Ibilbidea, Altun, Zumeltza, Saibegain eta Aramotzetik pasauko da, lekuak, trintxerak eta gordelekuak ezetuten emoteko. Jasotako datu eta dokumentazinoagaz erakusketea egin eta argitalpen bat kaleratuko dabe. Antolatzaileak, gerraren kausaz hildako edo-eta errepresaliaduen izen edo datuak dakienai, eurekaz kontaktuan jartzea eskatzen deutsee, biktima guztien memoria jaso ahal izateko.

Dima 1931-1937
1931n, Dima zan Arratian zinegotzi gehien eukan herria. Barruti bi egozan orduan, Dima Escuelas eta Dima Ugarana, 6 eta 5 zinegotzigaz hurrengoz hurrengo. Partidu politiko bi egozan: tradizionalistak eta nazionalistak, hain zuzen. 1931 eta 33ko hauteskundeetan, Dima Escuelas barrutiko zinegotziak, Vicente Elorza, Tomas Ibarrondo, Ezequiel Soloeta, Jose Iza, Candido Zalbidegoitia eta Vicente Vizcarguenaga izan ziran; Dima Ugaranakoak, barriz, Antonio Gordejuela, Mariano Bilbao, Nemesio Arriortua, Pedro Iturrate eta Martin Bernaola. Gerra sasoian Mariano Bilbao izan zan alkate.
1936ko garagarrilaren 12an, Tomas Ibarrondo alkateak kargua itxi eban eta Mariano Bilbaok hartu eban hori karguori. Bilbaoren agindupean, Dimako Udalak hainbat ebatzi hartu ebazan gerrarako prestatzeko. Neurri horreek jenteari lagundutea eukien helburu eta horreen artean egozan, gerrarako ezohiko aurrekontua egitea, janariak bermatzeko arduradunak izentatzea eta ganadu eta ortuariak herritik kanpo saltzeako debekua, beste neurri batzuen artean.
1937ko martiaren 29an, frankistak Urkiola, Zumeltza eta Barazar mendateak hartzea agindu eben. Bizkaia babesten eban kuartel nagusia Igorren egoan eta hiru frente izan ebazan. Dima sano kaltetua izan zan eta 1937ko maiatzaren 23an jausi zan frankisten eskuetan.
Gerreak ondorio larriak izan ebazan: hainbat dimoztarren heriotzea, atxiloketa eta erbesteratzea ekarri eban. Kalte ekonomiko handiak eragin ebazan, ideologia desbardinen artekoen salaketak, umeak ikasturte bat galdu eben eta andrazkoen kontrako erasoak gehitu egin ziran gerra denporan eta gerraostean.

 
Gerraostea 1937-39
Bagilean udal gestora bat sortu zan eta 1937ko urri bigarrenaren 2an, udal barria osotu zan. Vicente Vizcarguenaga izentau eben alkate eta Tomas Ibarrondo alkateorde. Hartutako lehenengo ebatzien artean, Nafarroako Brigadai omenaldia edo kale izen batzuk aldatzea egon ziran, tartean, Dima hartutako eguneko kalea, maiatzak 23, hain zuzen be. 1939ko aprilaren 1ean amaitu zan Espainian Gerra Zibila.

2016/3/13

JON GOMEZ GARAI "Urtailean jaio zan BEGITUren egitura antzekoa daukan Binke! hilabetekari herrikoia"

Berak be onartzen dau geldirik egotea ez jakola gustetan: aurkezle, musikari, kantari, hizlari, ezkontza edo ekitaldien antolatzaile... ibilten da Jon Gomez Garai galdakaoztarra. ETBn ibili da azken urteotan, zuzeneko saio bereziak aurkezteaz aparte, IBIL2D saioan eta oraintsu aurkeztu eta zuzendu dauan SexSua saioan ikusi dogu. Azken hau euskeraz sekula egin dan hezkuntza sexualaren inguruko telebista-saioa izan da. Guk barriz, Igorreko Lasarte Aretoan sare sozialen garrantzia eta arriskuen inguruan berbaldia emon aurretik alkarrizketatu dogu; besteak beste, urte barriagaz batera Galdakaon eta Usansolon sortu dan lehenengo euskerazko aldizkariaren inguruan berba egiteko. Binke! hilabetekariaren koordinatzailea da Gomez Garai.


Urteagaz batera sortu dozue Galdakao eta Usansoloko lehenengo hilabetekari euskalduna. Bazan ordua, ezta?
Binke! Urteak egin doguz geure herrian kejaka, euskerazko komunikabide propiorik ez gendualako. Baina igaz lagun talde anitza alkartu eta kejeteagaz ezer egiten ez genduala ebatzi genduan. Esan eta egin. Urtailean jaio zan BEGITUren egitura antzekoa daukan Binke hilabetekari herrikoia.


Zelan hartu dau jenteak? Pozik zagoz egin jakon harrereagaz?
Oso pozik! Proiektuak erakunde, komertzio eta enpresen laguntzea daukan arren, herritik jaiotakoa da. Alegia, herriak berak lau haizetara eskatu izan dauan beharrizana izan dalako. Eta ikusten gabiz, kalean zein erredakzinora heltzean diran mezuakaz, herritarrak pozarren hartu dabela proiektua. Euren eskura jarri gura dogu Binke!, baina herritarrak be izan behar dira ekonomikoki proiektu euskaltzalea hauspotuko dabenak, horregaitik "binkekideak" egiten gabiz.


Berbaldiak be emoten dozuz eta Igorreko Lasarte aretoan egongo zara gazteai sare sozialen garrantzia eta arriskuen gainean berba egiten. Sare sozialetan ez dagoana, ez da? Badago bizitzarik sare sozialetatik kanpo?
Hortxe dago kontua. Sare sozialetatik kanpo badagoala mundua. Edozein persona helduk zorotzat hartuko deuste baieztapen hau entzutean, baina gaurko gaztetxoak internet eta teknologia barrien garaian jaio dira. Uste dabe dana horren inguruan mobiduten dala eta helburua ahalik eta "atsegin" gehien jasotean dagoala Facebook edo Instagram-en, esaterako. Eta heldu da momentua non ez dogun bizitza erreala eta birtuala bereizten. Horrek badaukaz bere arriskuak. Urrinera joan barik, hortxe dagoz cyberbulling, sextorsion eta antzeko kasuak. Horrek saihestu eta geure pantaileari begira gagozala mundu eder bat eskapetan jakunaz ohartarazotea da berbaldien asmoa.

 

Musikaren munduan be sartuta zagoz. Oxabi erromeria taldeko abeslaria zara eta kale animazinoa be egiten dozu. Erromeria berbiztu egin da ala inoz ez da gaixorik egon? Musika tradizionala ondo buztartzen da mundu teknologiko honegaz? Ze etorkizun ikusten deutsazu?
Hamar urte daroaguz Oxabi erromeria taldeagaz eta inoz baino indartsuago gagoz errepertorio, azpiegitura eta eszenaratze aldetik. Urteko kontzertu kopuruak be urtetik urtera gora egiten deusku nabarmen eta beraz, guretzako sekula ez da erromeria gaixorik egon. Baina egia da azken urteotan erromeriaren modak talde gehiago sortzea ekarri dauala. Ez dakit, akaso edozein plazatan saltzeako errezagoa dalako erromeria talde bat beste edozein estiloko taldea baino. Hori bai, etsai nagusi bi ikusten deutsadaz erromeria eta geure musikeari: gero eta erromeria talde gehiago bai baina kalidadez oso eskasak diranak dagozala eta jaietako antolatzaileak gurago dabela, diru kontuakaitik pentsau gura dot, DJ bat kontratau zuzeneko musikea baino. Geuk musika tradizionala egungo musikeagaz eta teknologiagaz buztartzen dogu, baina DJen teknologiaren kontra ezin dogu ezer egin.


Pentsetan dot zaletasunagaitik hasiko zinala honetan...
Duda barik. Musika eta komunikazino munduan diruagaitik bazabiz, berandu baino lehen igarriko jatzu eta fustrau egingo zara. Batez be asko diruagaitik sartzean diralako mundu honetan eta denporeagaz ikusten dabelako ez dirala aberats egingo. Gainera, egiten dozunari pasinorik ipinten ez badeutsazu, jai daukagu! Binke!, Oxabi eta aurkezpen edo berbaldiez aparte Andra Mari jantza taldean musikari nabil txikitatik eta berton hasi jatan, batez be, geure kulturea eta musikagaitik zaletasuna.

2016/2/28

MARTIAK 8 Badator Andren Jabekuntza Eskolea

Arratiako Udalen Mankomunidadeko Bardintasun Zerbitzua, andra alkarteak eta talde feministak beharrean dagoz Andrentzako Jabekuntza Eskolea sortzeako. Hori dala eta, "Badator Jabekuntza Eskola" lemapean ospatuko dabe arratiarrak martiaren 8a, Andren Nazinoarteko Eguna. Arratian eta Zeberion aldarrikapena eta jaia batzean dabezan egitarau oparoak prestatu dabez eta ez dira faltauko konzentrazinoak, mendi martxea, berbaldiak, zinea, kontzertuak eta abar.


Andrak badaukie zer ospatu Arratian, Andrentzako Jabekuntza Eskolak bardintasunerako tresna eraginkorrak dirala frogatuta dago eta. "Eskolen helburua andren antolaketea eta mobilizazino soziala bultzatzea da, historikoki andrak baztertuta egon diran politika publikoetan eragina izan dagien, eta andrak eurak izan daitezan andren eta gizonen arteko benetako bardintasun eraginkorra erreibindiketan dabenak euren bizitzako arlo guztietan" abiatu dabela eskolea dino Miren Urresti AUMko Bardintasun Zerbitzuko Teknikariak.
Jabekuntza Eskolea gauzatzeko urtailan hasi ziran beharrean eta 2016-2017 ikasturtean hasiko dau bere ibilbidea. Ikasturtean zehar identidade eta subjektibotasun femeninoaren gaia, feminismoa, beste kultura batzuetako andrakazko alkartasuna, kulturaren definizino barria eta abar, landu gura dabez. "Gaiak askotarikoak dira eta zabaltzen joan daitekez. Arratiako andra eta sektore feminista desbardinetako interesak jasotzen dabez. Adibide batzuk honeexek dira: Egungo feminismoaren eztabaida teorikoa, indarkeria matxistea, autodefensa tailerrak, feminismoaren historia Euskal Herrian, lan merkadua, zaintza lanak, kultura eta jatorri desbardinetako andren solidaridadea, identidadea, gorputza, emozinoak, amodioa, sexualidadeak, hizkuntza ez sexistea, asertibidadea, komunikazionaren trebetasunak eta negoziazinoa, jentaurrean berba egiteko teknikak, teknologia barrien erabilerea, eta abar" dino Urrestik.
Eskolan parte hartu gura dauan Udal, Mankomunidade eta alkarte bakotxak ekintza bat aportauko deutso eskoleari, danon artean ikasturteko egitaraua antolatuteko. AUMko Bardintasun Zerbitzuak ekintzak antolatzeko batzarrak antolatuko dauz eta koordinazino lana bateratuko dau. Batzarretan udalak eta alkarteak egongo dira, lan-ildoak, gaiak eta ordutegiak zehazteko.
Eskoleak, gainontzeko Jabekuntza Eskolakaz sare lana bultzatuko dau, Bardintasun Zerbitzuko Teknikariaren arabera, "esperientziak,  gogoeta eta jakintza alkarregaz trukatzeko, eta baliabideen erabileran eraginkortasun eta probetxu  handiagoa aterateko".

Jabekuntza Eskolak
Jabekuntza edo jabetze eskolak udaletako bardintasun arloetan antolatutako proiektuak dira. Hasierako eskolak mobimentu feministeari lotutako bardintasun teknikariak bultzatu ebezan. 2003an Basaurin jarri zan abian lehenengo eskolea. Urtebetera, Ermua eta Getxo udalerriak atxikitu ziran ekimenera eta koordinauta abiatu ziran. Urtebete geroago, Ondarroa be sarean sartu zan.
Hiru urteko ibilbidea egin ondoren, proiektua erreferente bihurtu zan Euskal Autonomia Erkidegoan. Eta horren adibide da 2007 urtean Gipuzkoan sortutako sarea: Arrasate, Azpeitia, Eibar, Hernani eta Urola Garaia. Bizkaiko eta Gipuzkoako Jabekuntza eskolen sareez gain, beste ahalduntze eskola batzuk be sortu dira: Bizkaian, Elorrio eta Abadiñon, Gipuzkoan Zarautz, Tolosa, Errenteria, Pasaia eta Zumaian eta Araban, Gasteizen.

Martiaren 8aren inguruko ekintzak
Urtero lez, Arratiako andra alkarte, talde feminista, udal eta Mankomunidadeak alkarlanean, herri bakotxeko ekintza bat jasoten dauan kartel bateratua prestatu dabe eta herri bakotxean be, beste ekintza batzuk antolatu dabez aldarrikapena eta jaia batuz.
Andren Nazinoarteko Eguneko Arratia mailako alkarretaratzea, 19:00etan izango da, Igorreko Kultur Etxe parean.
Arratiako Andren VI. Mendi Martxea Arantzazuk antolatu dau aurten eta gitxi gorabehera ordu biko ibilbidea izango dau. Plazatik urten eta Arantzazugoiti, Arandui, San Migel Txiki, industrialdea eta Txorietxetik pasau ostean, plazara ailegauko da martxea. Han ondoetorria egingo jakie ibiltariai eta kopautxoa eskeiniko jakie Montero tabernan.
Zinea, kontzertuak eta liburu aurkezpenak be egongo dira. Aurrera begira baina andren eskubideak lortzeako egindako ibilbidea gogoan izango dabe arratiarrak. Izan be, badira gizaldi bi, andrak antolatuten hasi zirala euren eskubideak aldarrikatzeko. Holan, Gure genealogia feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat liburuaren aurkezpena, Gure andrak memorian argazki erakusketea eta Sufragistas pelikulea ikusteko aukerea egongo da egunotan.
Baina aurten, etorkizunera begira planteauta dago martiaren 8a, "Feministok prest" lemapean. Eta Arratian be gure gizarteko erronkai aurre egiteko prest dagozala adierazoko dabe bertoko andra alkarteak, talde feministak eta erakundeak eta horretarako tresnak emoten garrantzia handia izango dau Arratiako Andrentzako Jabekuntza Eskoleak.
Zeberioko andrak berbaldiak, zinea, andrentzako autodefensa ikastaroa eta andren afaria antolatu dabez Andren Nazinoarteko Egunaren inguruan.
Gainera, beste ekintza batzuen artean, gure eremuko liburutegietan andrak idatzitako liburuen erakusketatxoak egongo dira eta adierazpen instituzionalak be egingo dira andra eta gizonen arteko bardintasunaren aldeko konzientzia biztuteko.

Martiak 3, eguena
19:00etan, Gure genealogia feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat liburuaren aurkezpena Emagin taldearen eskutik. Zeanuriko Kultur Etxean.

Martiak 4, barikua
19:00etan, Gure andrak memorian argazki erakusketearen inaugurazinoa Zeanuriko Kultur Etxean. Erakusketea hilaren 12ra arte. Erakusketea zapatu eta domeketan zabalik goiz eta arrastiz eta astebarruan 17:00etatik 19:00etara.
19:30ean, Munduko Emakumeak alkartekoen berbaldia. Zeberioko Plazako Ermitan.
22:30ean, Izare, poesia akustikoa. Eta 23:30ean Vinagre de moderna taldearen kontzertua Lemoako Karabie Gaztetxean.

Martiak 5, zapatua
11:00etatik 12:30era, andrentzako autodefensa tailerra Lemoako Kiroldegian.
20:00etan, Macho Maris taldeak Ezin gizonago diren Markus eta Juanmanoloren showa. Igorreko Lasarte Aretoan.

Martiak 6, domekea
10:00etan, Arratiako Andren VI. Mendi Ibilaldida. Arantzazuko plazan. Amaieran ondoetorria plazan eta kopautxoa Montero jatetxean.
11:30etik 13:30era, Andrentzako Autodefensa ikastaroa. Zeberioko eskola zaharrean
19:30ean, zinea El futuro es mujer. Zeberioko Plazako Ermitan.

Martiak 7, astelehena
12:00etan, ipuin kontalariak Zeanuriko eskolan.
18:00etan, Yolanda Arrietaren berbaldia "Argiaren alaba: txango bat denboran". Lemoako Udal liburutegian.

Martiak 8, martitzena
12:00etan, ipuin kontalariak Zeanuriko eskolan.
12:00etan, konzentrazinoa Arantzazun
17:00etan, Dima eta bardintasuna argazki proiekzinoa Dimako Liburutegian; 17:00etan, Zeanuriko plazako zugatzak apaindu andren nazinoarteko egunagaz lotutako esaldi, olerki, berba eta abarrekaz.
18:00etan konzentrazinoa Arteako plazan. 19:00etan, Emakumeen Nazinoarteko Eguneko Arratia mailako konzentrazioa Igorren.
21:00etan, andren afaria Zeberioko Batzokian.

Martiak 10, eguena
17:00etan, Bilboko museo etnografikora bisitea. Arantzazutik.
19:00etan, film laburrak eta solasaldia. Cordelias (zuz.: Gracia Querejeta) eta Y otro año perdices (zu.: Marta Díaz de Lope). Areatzako Udaletxean.
Austarrik antolatuta, "Indarkeria matxista lantzen" berbaldia, Zeberioko Plazako Ermitan.

Martiak 11, barikua
18:30ean, zineforuma Bediako ludotekan.
19:30ean, Gure etxe bakarra antzerkia Dimako Gaztetxean.

Martiak 12, zapatua
19:30ean, Egun on, Printzesa! Film laburraren emonaldia Zeberion.

Martiak 13, domekea
17:00etan, Areatzako Emakumeen Foroak egindako Areatzako andren memoria jasoten dauan dokumentala ikusi eta ostean, bertan agertzen diran batzukaz solasaldia Arteako Kultur Etxean.

2016/2/27

JOSU FEIJOO "Gaixotasuna ez da atxakia"

Josu Feijoo astronauta da. Munduan 557 astronauta dagoz eta bera da horeetako bat. Diabetikoa be bada, munduko astronauta diabetiko bakarra. Ezinezkoak dirudien gauza asko egin ditu Josu Feijoo Gasteizkoak. Poloetan egon da eta kontinente bakotxeko mendirik altuenak zapaldu ditu. Orain espaziorako biaje baterako prestatzen dabil. Han, diabetesa sendatu ahal izango dauan botika bat probauko dau.
Arteako eskolan egon zan Feijoo, umeai bere astronauta bizitza eta lanbidearen barri emoten eta unibersoaren gainean berba egiten.

 

Sasoi baten ume guztiak gura eben astronauta izan, munduan sano gitxik bete dabe amets hori. Edonork ezin dau. Ze ezaugarri izan behar ditu persona batek astronauta izateko?
Astronauta izateko 110dik gorako adimen-kozientea behar da, jente arruntaren bataz bestekoa 74-76 ingurukoa izaten da. Eta enpatia gitxi euki behar dau astronauteak, buru hotza eta oso-oso orekatuta. Astronauten beharraren % 99 jentearen onurarako da. Triste edo pozik egoteak ezin dau eraginik euki lan horretan. Ezin da akats bat egin bikotekideak itxi zaitualako berbarako. Failure is not an option. Porrota ez da aukerea.
Ingeniaritza pare bat ikasi behar dira eta nota onak atera, bikain atera behar da. Alemaniako ESAn, Europako Espazio Agentzian sartzea da hurrengo pausua.
Astronauta ikasketak 5 miloe euro inguru balio dabe.


Normalean ia ezinezkoa bada, diabetesak ez eban lagunduko.
Ez, gehiago demostrau behar da, baina gaixotasuna ez da atxakia. Ez dago atxakiarik. Oso proba gogorrak egin behar dira astronauta izateko; horreetako bat, zentrifugatzailean sartzea deitzean jakona da. Jente gehienak konortea galtzean dau bertan eta konortea galtzean dabenak ezin dira astronauta izan. Astronautak 2 edo 3 bider egin behar izaten dabe proba hori, baina nik 15 bider egin behar izan dot diabetikoa nazalako.
Egunean lau bider sartu behar izaten dot insulinea.


Zelangoak dira entrenamentuak NASAn eta Yuri Gagarin zentruan?
Entrenamentuen % 90 teoria da: Matematikak eta Fisika. Flotagarritasunarena oso froga dibertigarria da. Beste proba bat ur azpian, 14 metrora egiten da. Lan bat egin behar da, eta horretarako ordu bi emoten dabez. Nik 29 minututan egin eban.
Aprilaren 7tik 10era, Yuri Gagarin Cosmonaut Training Centre-n egongo naz entrenetan biaje baterako.


Espaziorako biaje batera joateko prestatzen zabilz aspaldi, telemedikuntzako software barria probetako ezta?
Bai. Biajearen helburu nagusia, umeen diabetesa sendatzea da. Espazioan botika bat probauko dot Lurrean debekatuta dagoana zelula-amak erabilten ditualako. Zazpi personatik bat diabetikoa da. Beste helburu bat da gizartea konbenzidutea diabetikoa ez dala baztertu behar.
2009an egin behar zan biajea baina atzeratu egin da. Espaziontzi pribadu baten izango da, USS Unity Virgin Galactic espaziontzian. Igaz, urri bigarrenaren 30ean, komandanteak txarto konfigurau eban eta lehertu egin zan ontzia eta barriro be atzeratu behar izan dogu hori biajea. Komandantea hil egin zan. Biajean aberats bi, komandante bi eta ingeniari pare bat izango gara.


Espazioan egonda zagoz eta Gasteizko teleskopio handiena daukazu. Zelangoa da unibersoa?
Unibersoaren % 5 inguru ikusi dogu, 400.000 miloe galaxia. Galaxia bakotxean 250.000 miloe eguzki dagoz. Gure galaxia unibersoaren bazter baten dago.
Unibersoa marroi kolorekoa da eta meloi formea dauka. Gehien dagoan gasa nitrogenoa da eta tenperaturea -273ºC edo 0 absolutua.
Big Bang-a orain dala 14.000 miloe urte gertatu zan, baina unibersoaren tamaina 94.000 miloe argi-urte da eta zabaltzen doa abiadura handiz. Big-Bang-aren ostean hainbeste partikula egozan, ze tenperatureak gora egin eta eztandak gertatu ziran. Parte bi ditu, materia eta antimateria eta gu materiaren partean bizi gara.


Zer esango zeunskio astronauta izan gura dauan ume bateri?
Gauzak lortzeako onenakaz inguratu behar dala. Gehiago dakianari egin behar jakola kasu beti eta lan protokolo bat jarraitu. Gainera, helburu bat lortzeako oso argi euki behar dala helburua, zalantzak daukiezanak ez dabela arrakastarik izaten. Bere buruarengan  konfindantza izateko be esango neuskio.

2016/2/15

ARATUSTEAK Inauterietan kolore ugari kale bazter guztietan

Inauteri edo Aratusteetan umore ona eta sormen handia erakutsi dabe aurten be arratiarrak. Mozorro koloretsuak jantzita eta jaigiroan murgilduta, Arratian eta Arratiatik kanpo ospatu dabez negu amaierako jairik lotsabakoenak. Horren lekuko, argazki asko jaso doguz BEGITUn. Hareetako batzuk dakarguz orrialdeotara, umore on eta sormen galant hori irakurleakaz konpartiduteko.

2016/2/15

SAIOA LARREA ELORZA "Zeramikazko mural kolektiboa egin gura dot"

Hamar atzamar, esku bi. Irudimena, gogoa eta ekina. Bidelagun dauka buztina Saioa Larreak. Areatzakoak behe tenperaturarako egokia dan buztina erabilten dau zeramikea egiteko; buztin oso plastikoa da, uzkurtasun maila txikiduna, burdin asko daukalako ‘buztin gorria’ esaten jakona. Danetarik egiten dau, eskatu be halan egiten deutsie eta. Artea eta erabilgarritasuna parean, aurrera doa berak aukeratu eta bizi dauan bidean.

 

Irati Urien

 

Artisautza eta artegintza da buztinagaz behar egitea. Zer izan zan zuretzat lehenengo, artea edo lanbidea?
Lanbidea baino lehenago artea bera. Zeramikeagaz hasi orduko Arte Ederretatik pasauta nago. Debako ‘Artes y oficios’ eskolan be egon nintzan gero, eta han, Arte Ederretan moduan, gauza gehiago probau nebazan, narrua esaterako. Lehenengo, apurtxo bat mundu desbardinak probetea izan zan, eta gero ebatzi neban zeramikea izatea nire ofizioa.


Zergaitik zeramikea?
Orduak eta orduak pasetan nebazan buztinagaz gauzak egiten eta gustura sentiduten nintzan. Taberna baten nengoan beharrean orduxean eta lan haretan ezin nintzala nire bizitza osoan egon ikusten neban, ez zala niretzako. Orduan esan neban, orain da momentua.


Posible da honetatik bizitea? Badago beste inor Arratian?
Bai, bueno, ez honetatik bakarrik. Nire bikotekideak be behar egiten dau eta eskerrak horreri bestela niri neuri ez deusta emoten honegaz bakarrik. Badakit Zeanuriko Bego Rojo zeramika munduan ibilten dala eta alkarte baten sartuta dagoala, ez dakit ze puntutaraino bizi dan honetatik. Gero eskulan taldeak be egoten dira, Lemoan labe bat dago eta han egosi ahal dabe.


Non egiten dozu behar?
Igorren daukat tailerra orain dala lau-bost urtetik. Nik tailerra deitzean deutsat jenteak "dendea" deitu arren; izan be, nire produktuak daukadaz bertan eta gura dauana etorri leiteke, enkarguak egin... baina ez dauka denden ordutegia.


Beste askok lez denpora barrietara egokituteko modernizau egin behar izan dozu ofizioa?
Egiten dodan "pieza bakarra" deritxana, nire paranoia edo barruko gauzak aterateko da, eta horreek igual nik bakarrik aituten dodaz. Baina jenteak antxinako erako gauzak eskatuten dauz, txokolatera joko bat... apur bat rustikoa dana. Gaur egungo gauzak be bai: serigrafiadun baldosak, muralak... Ez dot moldaketarik egin behar izan. Igual material bat besteagaz konbinau dot, baina ez dot ezer barria asmatu.


Lanbide honek ze leku dauka gizartean, lekurik badauka sikieran.
Eskolaz kanpoko ekintzak emoten dozuzanean ingelesari, solfeoari... sekulako garrantzia emoten jako eta zeramikeagaz pasetan da ixten deutsuela ez dakit ze txoko, "konpondu zaitez horreekaz mahaiakaz" esanda. Antza lohitu edo egiten dozunez... Badaroadaz urte batzuk horretan daborduko eta nahiz eta kontua hobetuten doan tokau izan jataz leku batzuk... Seguruenik ingelesa emoten daben gelea eskolako gela bat izango da, mahaiakaz eta abar; baina zeramikea, hartu asto batzuk, ohol zati bat eta hor daukazu. Zentzu horretan holan da.
Gero, konpetentzia handia dago merkatal zentro handiakaz. Hor zeramikea oso merke salduten da eta zuk eskuz egiten dozuna, zure orduak, zure denporea, zure sormena, hori dana ez da baloretan. Orduan gatx dago baina hemen gagoz, eta tiritu behar.


Non erosi leitekez zure piezak?
Konbidatuten nabenean azoketara joaten naz. Nire piezak nire tailerrean bertan be salduten dodaz baita beste denda batzuetan be: Areatzako Gauzak dendan, Igorreko Zazpi Haizetaran, zein Puntuz Puntu Bilboko dendan. Momentuz leku horreetan, bestela nire telefonoa daukan edozeinek deitu eta listo.


Ze piezak dauka eskaerarik handiena?
Badago bat egia esan harritu nauana, ez neban espero gaur egun itsulapikoak hainbeste salduko ziranik. Oso koloretsuak dira, piezea ez da karuegia... Gainera personalizau daiteke, izena ipini zeinkio edo jenteak biaje bat egin gura dauanean, biajerako lekua ipinten dau ‘Roma’ adibidez. Sasoiak dagoz, gabonak, maiteminduen eguna... holako fetxatan hainbeste enkargu eukiten dodaz. Arrakadak, lepokoak, berakatzak gordetekoak... be ondo salduten dira, gauza txiki zein erabilgarriak. Baina itsulapikoana izan da klabea.


Eta zuk, zure ze pieza maite dozu gehien?
Sasoiak daukadaz. Batzuetan orduak eta orduak pasetan dodaz tornoan, jarten nazanetik jagiten nazanera arte lau ordu pasau leitekez konturatu barik, eta segidu egingo neuke. Beste batzuetan eskuz hasten naz buztin zati handi bategaz zati hori landuten zein zati txikiakaz olgetan be bai. Animoz zelan zagozan be eragingo dau seguruenik, baina ez daukat holan ezer berezirik.


Erakusketarik egin dozu edo egiteko asmorik? Ze proiektu daukazu buruan?
Bere denporan egin neban bat Debako arte eskolan nenbilanean. Erakusketa kolektibo bat egin genduan, gai bat proposatu euskuen eta bakotxak hiru pieza egin genduzan. Ez dot erakusketa gehiago egin baina gustauko litxakit, eta nire proiektuetako bat izango litzateke kanporako obra bat egitea; ez dakit egongo dan baina adibidez Arratian ez dot ikusi eskulturarik edo kanpoan dagoan zeramikako piezarik, horregaitik zeramikazko mural bat egin gurako neuke baina kolektiboa, gai bat aukeratu eta danon artean kalean egoteko obra bat egin. Landu egin behar dot idea hori.


Ikastaroak emoten dozuz.
Bai, eskolaz kanpoko ekintzak emoten deutsedaz 6-12 urte bitarteko umeai. Gustura nabil eurekaz, batzuk plastikoa dan material bategaz esperimentetan dabe lehenengoz eta harrigaria izaten da. Umeak sormen handia daukie eta sorpresa asko egoten dira, gustetan jata. Gainera batzuk txikiak diranean kuriosidadeagaitik edo, probau egiten dabe buztina eta musturrak zein sudur ondoa lohi-lohi eukiten dabez gero, kuriosoa izaten da. Horretatik aparte, jaiak diranean umeen eguna egoten da. Egiten dot buztingintza ikastaroren bat be, adibidez Areatzako parketxean emonda daukat. Holan puntualak diran tailertxoak, ordu bi-laukoak emoten dodaz. Eta ludoteketara be joan naz, tornoa eroaten dozu eta jenteak gozatu egiten dau.
Nagusiai be emoten deutset nire tailerrean. Zazpi personako taldetxo bat daukat, ia urtero etorten diranak, lagunak egin gara. Talde majoa daukat eta eurekaz be ondo nabil. Oso desbardina da umeai emotea edo nagusiai emotea, baina bietan gustura nago.


Zein da nagusien perfila?
Andrak dira, ez daukat gizonezkorik. Lehenengo urtean bi euki nebazan baina gero ez dabe segidu. Adinari jagokonean danerik daukat, baten bat gaztea da eta beste batzuk ez hainbeste. Teknika desbardinak ikasten etorten dira, ez bereziki ogibide moduan. Tailer hau Igorreko Kultur Etxean hasi nintzan emoten eta gero nire tailerrean. Pasau jata inoz ikastaroren bat egin dodanean, joan eta hamarretik bederatzi neskak izatea. Eta badagoz zeramistak diran gizonak baina...


Umeak "debekatuta" daukie lohitutea, hori posible izateko askatasuna emoten deutse buztinak. Onuragarria izango da, ezta?
Nik uste dot baietz. Sormen handikoak dira umeak, orduan oso librea da eurentzako. Burrusa zein kamiseta zahar bat ekarten dabe eta amaieran edo egun batzuk pasetan diranean, txikiak esaten deuste, "andereño lohi-lohi daukat" eta erantzuten deutset beharra egin dabenaren seinale dala. Bueno ba hor joaten dira sano harro, zenbat eta lohiago burrusa orduan eta pozago. Eskuakaz be bardin pasetan da.


Nondik ekarri edo erosten dozu buztina?
Orain erosi egiten dot. Probedore bat baino gehiago dagoz, Gasteizen, Gatikan, Usurbilen... niri Gatikatik ekarten deuste. Eskaera bakotxean berrehun kilo edo gehiago eskatuten dodaz.
Aitak ezetuten dauz basoak eta lurrak, inoz beragaz joan eta hemen bertan hartu dot. Batez be pistak eta zabalduten diranean buztina nahinon agertuten da, batzuetan nahiko plastikoa eta ona gainera. Baina klaro, garbitu egin behar dozu, landu egin behar dozu eta horrek beharra dauka. Halanda be, mendira banoa boltsa bete hartuten dot, apurtxo bat kapritxoz zelangoa dan probetako bakarrik. Gaur egun erosi egiten dot, prest dago erabilteko, paketea zabaldutea baino ez da egin behar. 

2016/1/30

ALEX CARRASCOSA "Artegintzak errealidadearen ikuspegi sistemikoa eskeintzen dau"

Alex Carrascosaren lana prozesuak erreztea da. Dinamikak edo metodologiak diseinetan ditu jenteak parte hartu dagian eraldatze prozesuetan. Bere ibilbide profesionala arte plastikoetan hasi eban eta artea eztabaida prozesuetan funtsezkoa dala eretxita, prozesuak lagunduteko metodologia bat sortu eban. Gernika Gogoratuz-en egiten dau behar eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzarako "Itsasoratze artibista", nazinoarteko konbidau eta tokiko eragile sozial eta kulturalen arteko topaketak be prestatzen dabil.
Arteako Kulturea dinamizetako parte hartze prozesua berak gidatuko dau, arteaztarrak kultura kudeatzeko beste modu bat asmatuteko.

 

Zeintzuk dira momentu honetan esku artean daukazuzan proiektuak?
Donostia 2016rako proiektuak nire denporearen zati handi bat okupetan dau, baina gero neure kabuz be, holango parte hartze prozesuak gidatu eta erreztu egiten dodaz eta hainbat teknikari eta gizarte mailako politikari eta herriko jenteagaz nago beharrean, diseinu fasean edo interbenzino fasean.
Nik emoten dodan formakuntza U Lab edo U laborategia deitzean da, Massachussets-eko Institutuak asmatutako teknologia soziala da.  Batez be eztabaida prozesuetan konzientzia sortzeako. Prozesuetan beti egoten gara bakotxa bere ikuspegitik gauzeari begiratuten eta kostetan jaku amankomuneko ikuspegira ailegatzea. Gure erresistentziengaitik edo nahiengaitik ez deutsagu guztiona danari behar besteko kasu egiten. Holango teknikak laguntzen deuskue hori asmatzen, hori hobeto ikusten eta gure gogoa banakotasunera barik amankomuneko proposamen edo asmo edo gogora bideratzera.
Beste teknika batzuk be badira, azpiko gatazkak azaleratzen dabezanak. Horretan formakuntza sakona nago egiten eta neure formakuntza eskeintzen dot.

 
Zu artegintzatik zatoz, ezta?
Bai, eta artegintzan ibilia naz urteetan eta urteetan. Gertatzen dana da oso aspalditik Latinoamerikan asko ibili nazala, hogei bider edo joan naz hara, batez be gatazken eraldaketa edo memoria historikoa edo prozesu transizionalak aztertuteko. Batez be Guatemalan, Bolivian edo Kolonbian egon naz egia, berreraikuntza eta erresilientzia prozesuak bideratzeko. Giza Eskubideak izan dira nire arlo nagusia. Gero, ikasi eta beste metodologia batzuekaz, arteagaz buztartu egin dot.
Artegintzak sano presentzia handia dauka alkarrizketa eta gatazka prozesuetan. Azken finean artegintzak ikuspegi sistemikoa eskeintzen dau, dana osotasun baten ulertzeko. 


Hori da zuk sortutako Dia-Tekhne metodologia?
Bai, hori da. Dia-Tekhne artearen bitartez alkarrizketa da. Artea arteko, artekari moduan eta artegintzan.


Ze arte klase? Arte plastikoa bakarrik ala beste arte batzuk be bai?
Ni margolaritzatik nator, baina baita beste kanal batzuk edo ildo batzuk landuten dodaz. Gero eta gehiago, gainera. Baita gorputza be. Antzerkia. Antzerkia edo dramaren poderea, edo gorputzaren erabilpena, nahiko fuertea da.
Euskal Herrian ez daukagu kultura handirik gure ohiko prozesuetan gorputza erabilteko. Eta oso beharrezkoa da nire ustez. Gorputza garalako. Arte bisualak be asko erabilten dodaz, ikuskatze tresna moduan, gure errealidadea hobeto ulertzeko eta prozesu sortzaileak sortzeako.
Edozein prozesutan beti dagoz fase batzuk. Lehenengoa konzientzia hartzea da eta errealidadea osotasun baten ulertzeko, oso inportantea da artegintza. Beste fase bat, alkarrizketan oinarritzen da, edo entzute aktiboan. Gero, asmatu gura dogun errealidade barriaren modelaketea egin behar da, eta modelaketa hori, arteagaz ez bada, ezin da egin.
Hau da, artegintza oso inportantea da ohiko prozesuetan, hasikeran, identifiketako zein dan gure errealidadea eta gure errealidadearen mapeo bat egiteko, eta azkeneko fasean, gura dogun errealidadearen prototipo edo maketa bat egiteko. Hortan, arte bisualak funtsezkoak dira, ezinbestekoak.


Artean, Kultur Etxea berrantolatu gura dabe besteak beste, ezta?
Artean Kultur Etxea erreklamu edo atxakia bihurtu da proiektu hau gauzatzeko. Edozein prozesutan beti dago atxakiaren bat, beti dago motiboren bat proiektua hasteko. Artean, Kultur Etxearen beste kudeaketa mota izango litzateke. Astran sorkuntza fabrikan egin dan moduan. Astra Gernikan izan zan armagintzarako fabrika bat eta hori sormen kulturalerako fabrika sozial bihurtu zan okupazinoaren ostean.
Prozesu askotan, atxakia bat egon arren, bistaratu egiten dira benetan dagozan azpiko gatazkak edo azpiko benetako beharrak. Artea lango herri baten, eta gure gizartean orokorrean, polarizazinoa gainditu behar dogu. Harremanetan egotearen beste kultura bat dago hor azpian, lekua eskatzen. Arteaztar guztien artean, kalidadezko beste harreman mota bat eregi daigun aukerea dago prozesu honen bitartez. Kultur Etxea izango da gure abiapuntua. Ez dakigu zer gertatuko dan, ez dakigu jenteak azkenean ze prototipo edo ze asmo gauzatuko dauan.


Proiektuak lau fase daukaz. Zer egingo dozue bakotxean?
Proiektua lau fasetan banatuta dago: Gogoa, Abian, Bidean eta Artean izenekoak. Lehenengo fasean, benetako gogoa sortu behar dogu. Ikusi egin behar doguz gure erresistentziak, zeintzuk diran gainditu behar doguzan oztopoak, eta zelango estrategiak bideratu behar doguzan amankomuneko gogo horretara ailegatzeko. Perspektiba guztiz inklusiboa izango da: ezelango gogorik ezin da baztertuta geratu. Hor danok batera aurrerantza zelan egin, eta polarizazino eta erresistentziak zelan gainditu asmatuko dogu.
Abian fasean parte hartzaile guztiai emongo jakiez erremintak edo tresnak euren burua kudeatzeko. Hau da, talde eragile edo motorrak eratuteko. Horretarako neuk eskeiniko dot formakuntza berezia eta oso sinplea, jenteak talde dinamikak modu autonomoan aurrera eroan eta dinamizetako. Fase horren amaieran, kultur sistema baten prototipoagaz amaituko dogu. Dana dala, lehenago, gaien edo kezken arabera, talde batzuk eratuko dira eta talde bakotxak bere prototipoa egingo dau.
Bidean fasean taldeak alkarbanatuko dabez prototipoak eta egingo da proba bat; gero prototipoak aurkeztuko jakiez beste arteaztarrai, ikusteko zelango erantzun edo feedbacka daukien herritarren aldetik. Beste helburu bat be badauka fase honek eta da kanpoan egon diran beste persona batzuk erakartea, danon artean osotuten joateko egin gura dan hori guztia. Bidean fasean be, feedbacka jasota, amankomunean ipiniko dira prototipo guztiak euren erantzunakaz, eta proposamen bateratua egingo da.
Artean fasean, proposamen bateratua egingo da, diseinu bat kultur ekipamentuari begira, Kultur Etxeari begira baina baita kultur kaleari eta kultur plazari. Hau da, Kultur Etxearen ekipamentu fisikoa diseinauko da; baita ekintza kultural anitzagoak (kultur kalea), eta bailara osoari hedatuko diranak (kultur plaza).
Azkenengo fasean, alkarrizketea egongo da parte hartzaile eta teknikarien artean, teknikariak, ekipamentuetara begira, teknikoki zeintzuk izan behar diran inplementazinoak jasoteko.
Laburbilduz, prozesu honetan gogo kolektiboa landu egingo dogu; jenteari tresnak eta erremintak emongo deutsaguz; jenteak bere kultur errealidadearen prototipoa egingo dau, ez bakarrik Kultur Etxeari mugatuta, ikuspegi zabalago batez baino; hori alkarbanatuko da zuzenean parte hartzean ez daben herritarrakaz, eta osotasun horregaz ikusiko da zelan aplikau hori dagoan ekipamentu fisikora teknikariaren laguntzeagaz.

2016/1/28

LANDARE INBADITZAILEAK Panpa bedarra Arratian zehar zabaltzen doa

Arratian, gero eta zabalduago dago Cortaderia Selloana edo panpa bedarra. Hegoamerikako jatorrizko landare hau espezie inbaditzaile arriskutsu moduan katalogauta dago. Espezie inbaditzaileak oso errez ugaltzen dira eta biodibersidadea arriskuan ipini eta hondamendi biologikoa dakarre erreportajearen egilearen arabera.


Belen Lopez Astondoa


Landare inbaditzaileak urteetan zehar nekazaritzarako edo apainketarako sartutako landare exotikoak dira. Esan behar da landare exotiko guztiak ez dirala inbaditzaileak. EAEn 457 espezie aloktono (kanpoko espezie) dagoz katalogauta. Horeetatik 81 inbaditzailetzat joten dira, tartean 21 dagoz, oso agresiboak, espazio naturalak inbadiduten dabezalako. Errez ugaltzen dira, neurri barik zabaldu, bertako espezieak baztertzen dabez lehian, ez daukiez harrapari edo etsairik eta kentzeako gatxak dira.
Flora zein faunako inbasino biologikoak, biodibersidadea galtzearen errazoietako bat da, azkarren hazten doana gainera. Munduko zonalde guztiak ditu mehatxupean, baina batez be Europako zonalde heze eta epelak. Gainera Europako zona horreetan, sartzean dira espezie exotiko gehien.
Inbasino honeek ez dabe alarma sozialik sortzean, eta holan hondamendi biologikoa aurrera doa eten barik eta ia igarri barik. Emoten dau adituak bakarrik kezkatzen dirala horretaz, baina danok sufriduko doguz ondorioak. Izan be, sufriduten doguz daborduko, ze dirutzak gastetan dira izurrite honeen kontrako burrukan eta ez da apenas igarten. Diru hori guztia ez da nahikoa.

Panpa bedarra
Hemen Arratian, landare inbaditzaileak aspaldi ikusi daitekez, baina atzen urteotan asko zabaldu dira, eta modu esponentzialean hazten dirana lez, gero eta gehiago zabalduko dira. Argi dago leku batzuetan jaun eta jaube dirala honezkero. Landare inbaditzaileen artean Cortaderia Selloana edo panpa bedarra dogu deigarrienetakoa.
Landare apaingarri honek Hegoameriketan dauka jatorria eta eskualdean zabalduenetakoa da. Landarearen gangar bakotxak milaka hazi egiten ditu eta haizeak, urak eta ibilgailuak urrunera garraiatzen ditue haziok. Panpa bedarra, espezie inbaditzaile arriskutsuenetako katalogoan dago. Horrek esan gura dau landare hau saldu edo erostea, eukitea edo garraiatzea galazota dagoala, eta lur jaubeak euren lurrak landare honetaz libre manteniduteko obligazinoa daukiela.

Zelan kendu panpa bedarra
Herritarrok zer egin daikegu? Lehenengoa da informazinoa jasotea eta arazoaren barri emoten lagundutea. Eta panpa bedarra kentzea ez da hain gatxa, jarraibide honeek segidu ezkero.
1-. Eskularruak erabili, hostoak ebagi egiten dabe eta.
2-. Lurra bustita badago, landare gazteak eskuz kendu daitekez. Ezpabere, lurra ureztatu daiteke landarea errezago kentzeako.
3-. Landare ertainak kentzeako atxurra erabili.
4-. Gangarrak moztu agertu bezain laster eta boltsa baten gorde haziak ez zabaltzeko. Ez astindu landarea.
5-. Atxur bategaz eta pazientziaz, zuztar-lurra atera lurretik. Kontuz ibili zuztar zatitxorik ez ixteko lurrean. Landareak pisu eta tamaina handikoak badira, zuztarrak gora itxi daiteke zuztar-lurra, zuztarrok sikatu daitezan.
6-. Lur sail baten jaubea bazara, eta landereak lar handiak badira kentzeako, deitu udaletxera.

Beste landare inbaditzaile batzuk
- Buddleja davidii, txilipotoi bedarra. Nahiko zabalduta dago Arratia osoan, Gorbeia Parke Naturalaren inguruan.
- Baccharis hanmilifolia. Oso agresiboa Urdaibain. Han ingurunea berreskuratzeko lan asko egin dira.
- Arundo donax, kainabera arrunta.
- Faloppia japonica sano agresiboa erreka bazterretan. Moltso bat Bedian dago. Kontuz!
- Robinia speudo acacia, sasi-arkazia deitzean doguna.
- Acacia dealbata, mimosa deitzean doguna.
- Eucaliptus, plantazinoetarako hain modan dagoana. Inbaditzailea izateaz gainera oso agresiboa da lurragaz. Lurra pobretu eta mendia lohituten dau, sute arriskua handituz.
Erredakzinoan itzulia

2016/1/18

EUSKEREA Euskaldunak Kantabriaren seme-alabak

Euskalduntze berantiarraren hipotesiaren arabera Euskal Herriko sartaldeko herrialdeak (Bizkaia, Araba, Gipuzkoa) VI. mendera arte ez ziran euskaldundu. Hipotesiak gure bazterreko hautsak harrotu eta oihartzun handia euki dau komunikabideetan.

 

"Vasconiako historia bat" EITB-n emondako dokumentalak aspaldion polemika handi samarra eragin dau gure artean. Izan be, bertan nahiko zorrotz baieztatu zan Euskal Herriko sartaldea ez zala gitxienez VI. gizaldira arte euskaldundu. Beti hipotesi horren arabera, Iparraldetik frankoak eragindako presinoa dala medio, euskaldunak ziran akitaniarrak eta baskoiak sortaldetik sartalderantza oldeetan mobidu ei ziran gure bazterretan bestelako hizkuntzak eta jatorriak eukazan herriak euskaldunduz, edota sartaldegora bultzatuz. Hipotesi hau funtsetako Burdin Aroko zein erromatar sasoiko mendeetako epigrafia, onomastika, toponimia eta aztarna arkeologiko barriak berrinterpretau dira, eta emoitza lez, euskaldun herrien aztarnak barik herri zeltiarren eta ondorengo erromatarrenak baino ez dira ageri.
Bada, baieztapen hori, hain zorrotz botateagaitik edo, ez zan inguru euskalzaleetan oharkabean pasau, areago, polemikea eragin eban. BEGITUko orrialdeetan bertan Gontzal Mendibilek preguntau eban ea euskal hizkuntzalari guztiak bat etozan baieztapen horregaz, bitartean, El Pais ("Euskaldunizar a la fuerza", 2015eko urri lehenengoaren 24a) moduko hedabideetan, gaurko euskalduntzearen kontra joteko okasinoa ez zan galdu. Horregaitik, bertatik preguntea zabaldu zan Arratiako hizkuntzalarien artean ea Arratian nahiko aztarna ba ete egoan K. o. VI. mendearen aurretik beste egoera linguistiko eta kultural baten pentsau ahal izateko. Kontua hizkuntzalaritza-fikzino hutsa dala uste dabenakaz batera, zuhurtzia baino ez dogu jaso, zuhurtzia bakarrik hipotesi kontuetan mobiduten garalako.
Izan be, euskal hizkuntzalaritzarako ez da hipotesi barria, daborduko XIX. mendeko euskalari batzuek idea hori defendiduten eben, orduantxe euskaldunok Kantabriaren seme-alabak ginan. Esan leiteke euskerearen historia eta jatorria azalduteko hiru dirala gaur egun daukaguzan hipotesi nagusiak. Lehenengoak Euskal Herriko sartaldeko herri zaharrak (autrigoiak, karistiarrak, bardularriak eta beroniarrak) herri euskaldunak dirala dinosku. Horregaz, ñabardurak ñabardura, Koldo Mitxelena, Caro Baroja eta Enrike Knör modukoak bat etozan. Bigarrena, Joaquin Gorrotxategi moduko hizkuntzalariak defendiduten dabena, euskalduntze berantiarrarena hain zuzen. Eta hirugarren bat (Iñaki Camino) lehenengo hipotesia guztiz ezeztau barik VI. gizaldi horretan Euskal Herrian izan ziran jazoera historikoak euskerearen historiarako berebizikoak izan zirala dinoana. Gainera, hiru hipotesiok ez dabe zalantzan ipinten gaur Euskal Herria dan eremu zaharrean bestelako hizkuntzak (zeltiera, iberiera, latina...) berba egiten ziranik gure historiaren tarte horretan.

Holan berba egin deusku Goi Erdi Aroko onomastika eta toponimiari buruzko zirriborro baten lanean dabilen Angel Larrea irakasleak:
"Arratian ez dagoz aztarna asko; ez egoera baten ezta beste egoera etniko eta linguistikoan pentsetako be. Bakarrenetariko bat Lemoako Elorriaga auzoko hilarriak. Hori, nire ustez, ez da nahikoa teoria edo hipotesi bat adierazoteko. Arratia mailan esan gura dot. Zergaitik? Oso gitxi landu dalako eta landu barik dagoalako era serioan eta sistematikoan. Gai sano konplejua da: linguistika, historia, toponimia, genetika, arkeologia, antropologia... diziplinak hartuta, egunen baten egin beharko da, ekipo eta talde interdiziplinarrean, ikerlan hori".
Antzeko zuhurtziaz be egin deusku berba Alvaro Rabelli irakasleak. Zeanurikoak behin baino gehiagotan emon behar izan dau "Euskerearen historia" ikasgaia Eusko Ikaskuntzaren programetan:
"Hizkuntza baten historia alor eta ikuspegi askotatik jorratu daiteke, besteak beste dana dalako hizkuntza horrek ze garapen euki dauan beste hizkuntza batzuen hartu-emonetan, hizkuntza guztiak denporan jazotako bilakaerearen emoitzea dira eta. Euskerea be ez da salbuespena, lehenengo okerra pentsetea da orain dala bi mila urteko euskera hori artez-artezean, ezelango aldaketa barik, ailegau jakula gaur arte. Oraingo euskerea, beraz, hizkuntza zeltiarrakaz, latinagaz, arabiereagaz, erromantze latindarrakaz, eta are ingelesagaz be eukitako hartu-emon luzeen frutua da. Danak lorratz handiagoa edo txikiagoa itxi dabe euskeran, eta ixten segiduko dabe, aurrerantzean beste batzuek beharbada, euskereak iraungo badau. Egoera horretatik, gainera, beste ondorio bat atera geinke; hau da, Euskal Herria deritxagun hori ez da historian sekula eremu homogeneoa hizkuntza eta kulturen aldetik izan, guztiz kontrakoa, gaur be ez dan moduan. Alde horretatik be, batzuek esatea gogoko daben lez, euskera Europako hizkuntzarik zaharrena dala esaterik ez dago, ez dago inongo hizkuntzaz hori esaterik. Berbarako, gaur-gaurkoz behintzat, latinak, hizkuntza indoeuroparra danak, euskereak baino lekukotasun zaharragoak daukaz. Lekukotasunak dira hizkuntza baten antxinitatea frogatzeko modu bakarra, enparaukoak hipotesiak eta, kasurik txarrenean, fikzinoak dira. Beste kontu bat da euskerearen jatorriari eta antxinateari emondako larregizko garrantzia. Ez da barria, aspaldiko kontua da, gure txikitasunaren adierazgarria baino ez da izan. Hasikeran euskereari prestigioa emoteko baliatu zan, gaur, tamalez, ikuspegi demagogikoak baino ez dauz ekarri, kolore eta alde guztietakoak ekarri be. Hemen sano errez pasetan gara kobazuloetako jente ha euskalduna zala esatetik euskerea inoiz ez dala gure hizkuntzea izan esatera. Bada, tira, nire ustez ikuspegi biak okerrak dira, eta kaltegarriak. Edozelan be, euskalduntze berantiarraren gaineko hipotesiagaz ez nator guztiz bat, gauza asko azaldu eta kontrastau barik ixten dauz eta. Hipotesia da, ondo funtsatua egon leiteke, baina oraingoz hipotesia baino ez da, bestelakoen artean kontuan hartu behar doguna. Gainera, zer ardura deusku Arratia VI. mendean euskaldundu bazan? Neuri benetan ardura deustana da ea orain euskalduna dan ala ez".

2016/1/1

FREDI PAIA "Espezializazinoarena sano sasoi laburra izan da gizakiaren historian"

Bibolina joten edo bertsotan, aspaldion askotan ikusi dogu Fredi Paia Arratiako herrietatik. Izan be, algortarrak beti euki dau Arratiagazko loturea: Arantzazun ikasi eban bizkai euskerea eta kuadrilako batzuk be Arratian bizi dira. Atzen hamar urteotan, Arratiako kulturgintzan aldaketa handia egon dala dino eta kulturgintza potentea daukien lekuetan ekonomia hazi egiten dala demostrau dauala zientziak.

 

Fredi Paiarik ezagunena bertsolaria da, baina beste gauza asko egiten dozuz. Bertsolaritzatik haragoko aurkezpentxo bat egin mesedez.
Enpresa Zuzendaritza eta Administrazinoan lizentziatura daukat eta pianoa eta bibolina joten be ikasi neban. Beharrari jagokonean, zazpi urtez beharra aldatzen dot. Ez dakit zergaitik baina halan suertatzen da. Zazpi urtez bertsolaritza irakasle izan nintzan eta gero, beste zazpi urtez, etnografian ibili nintzan Labayrun.
Unibersidadean nabil orain doktoretzako master bat egiten. Gaia, ekonomia kreatiboa da. Arazo bat daukat izenagaz, ze euskeraz ekonomia sortzailea deitzean deutsie baina niri iruditzen jata berbea irudimena dala. Niretzako sortzaile oso berba gogorra da. Sortzaile creador da eta agian creador beste gauza bat da.
Kultur ekonomia eta ekonomia kreatiboaren inguruan, Richard Florida Torontoko unibersidadekoak oso ikerketa politak egin dauz ekonomia eta kultur aniztasuna zelan dagozan lotuta aztertzen. Eta dino kulturgintza potentea daukien lekuak dirala ekonomikoki asko hazten diranak, eta ez alderantziz. Beti pentsau izan da, dirua dagoan lekuan hazten dala kulturea, eta honek desmostrau dau ezetz,  kontrakoa dala kontua. Hau da, kulturgintza indartsua dagoan lekuetan batzean dala jente formadua eta kreatiboa, eta hori oso lotuta dagoala puntako teknologia daukien enpresakaz.
Momentu honetan bizimodua bertsoetatik eta musikatik ateraten dot. Prensan be idazten dot eta antzerki obra bat egiten nago. Sorkuntzatik bizi naz. Etnografiako zazpi urtetako ziklo horren ostetik, sorkuntzara dediketan naz.


Gibelurdinek taldean joten dozu, ezta?
Bai. Gibelurdinek musika kultur proiektu bat da, 2010ean martxan ipini genduana Euskal Herriko musikea bultzatzeko: kale-animazinoa, kontzertu didaktikoak, musika tresnen erakustaldiak eskoletan... Folk musika egiten dogu eta 2012an disko bat be grabau genduan. Sua izeneko pelikularako musikea egitea agindu euskuen eta orduan, diskoa be grabau genduan.
Euskal Herritik ibili gara, Eskoziatik euki genduan jira bat orain dala pare bat urte, eta uda honetan Txilera goaz.


Zuk zer joten dozu?
Bibolina eta txirula. Euskal txirula. Txistua hiru zuloko txirula da, baina hau zaharragoa da, txistuaren aurrekoa. Instrumentu honen garapena da txistua.


Aspaldion sano ikuskizun desbardinak egin dozuz Arratian.
Ni beti ibili naz asko Arratian. Kontzertu batzuk egin doguz, bat Artean. Gero bertsotan be ibili naz; Arratian beti egon da zirkuitu bat bertso-saioena eta.
Arratiagaz aspaldiko lotura daukat: bizkaierea Arratian hasi nintzan ikasten; Arantzazun, hain zuzen. Kuadrilako batzuk be Arratian bizi dira.


Publiko ona dago hemen?
Bai. Edade desbardinetako publikoa dago eta jenteak harrera ona egiten dau orokorrean. Atzen hamar urteotan belaunaldi aldaketea gertatu da eta esango neuke, horrek Arratiako kulturgintzeari onerako eragin deutsala. Orain bertso-saioak lehen ikusten ez genduzan lekuetan ikusten doguz eta bertsolaritzeak jente gaztea erakarten dau. Nekazal azokak be jakin dira kultureagaz buztartzen. Lehen baino aktiboagoa da Arratia.


Zeanuriko bertso-saioan be egongo zara.
Bai. Orain dala urte bi be egon ginan han Arkaitz (Estiballes) eta biok. Gauza bat dala edo bestea dala, Arratiako herri gehienetan ibilten gara. Orain dala gitxi Diman, Dimetal jaialdian egon nintzan bertsotan. Hori oso aurrerakoia da. Lehenengo aldia da nire bizitzan heavy metal-en mundutik eskatzen deustena bertso-saio bat egiteko, bertso-bazkari bat. Beti izan gara mundu urrunak, bertsolaritzea eta heavy metala.
Esperientzia ona izan zan. Jenteak oso ondo hartu eban. Baegoan bertsolaritzea zer zan be ez ekian jentea eta harritu egin zan. Peluka batzuk jantzi genduzan, estetikoki apur bat hurbilago sentiduteko.

 

Arratiako herrietatik segiduz, Areatzako Errefrau Lehiaketan be egon zinan.
Bai aurten eta igaz be bai. Aurten  jaizubian egin zan eta jente gitxitxoago egon da, baina hori be oso ondo egoten da. Ez da edozein publikotarako baina polita da edozelan be.
Bertsolaritza zabaltzen dabil. Sopelan holango Errefrau Lehiaketea atzenengo 25 urteotan egin izan da. Dana dala, errefrauak edo atsotitzak, heavy metala baino hurbilago dagoz bertsolaritzatik, ze azken finean agozko literatura genero bi dira. Ikuskizun oso desbardinak izan arren, esan leike badagoala jente bat segiduten dituala saioak herririk herri.


Bertsolaritzea, musikea, antzerkia, etnografia... Errenazimentuko gizona zara?
Berbizkunde sasoi batera goaz barriro. Uste dot amaitu dala ultra espezializazinoaren garaia. Espezializazinoak sekulako arazoak sortzean dauz aldaketa ekonomikoak egoten diranean, jenteak ikasteko gaitasuna galtzean daualako, eta batez be moldatzeko gaitasuna. Esate baterako, persona bat baldin badago bizitza osoan torlojuak ipinten, eta horixe bada bere behar bakarra, torlojuak beste leku baten egiten diranean persona hori umezurtz geratuko da, gaitasun barik, ze ez dago ohituta ikasketa prozesu baten barruan gauza desbardinak ikasten eta gauza desbardinetan lan egiten. Gaur egun beharrean malgutasun handia eskatzen deuskue. Espezializazinoa be bai baina prozesu baten barruan, gauzak arin aldatzen dira eta.
Espezializazinoaren sasoia oso sasoi laburra izan da gizakiaren historian. Aurretik be ekonomia preindustrialean baserri baten, hainbat behar desbardin egin behar izaten ziran. Ehun eta piku urtez baino ez gara bizi izan espezializazinoaren kontu honetan. Paradigma konkretu horren barruan bizi danak asko sufriduten dau aldaketa ekonomiko bortitz honegaz, zeren egun batetik bestera geratzen da zaharkituta, makinen moduan. Horregaitik dinot berbizkunde batera goazela barriro.


2016ra begira, proiektu barririk badaukazu?
Jaialdi bat egingo deutsagu The Pogues taldeko Shane MacGowaneri. Unai Elorriagagaz batera, ikuskizun literario-musikala izango da. Bilbon aurkeztuko dogu aprilaren 22an, Kafe Antzokian.

2015/12/11

ARRATIAKO HISTORIA Ondarearen bidezko Arratiako historia bat

Diman, Axlor legorrean hain zuzen, aurkitutako Neanderthal baten hazurrak dira orain arte doguzan aztarnarik zaharrenak; Historiaurreko Paleolito Erdian, Kultura Musterienseko ehiztari edo kazari trebeak izan ei ziran Neanderthalak, gorputza edo fisikoa indartsua eta egokia ebelako ehizan egiteko.

 

Angel Larrea Beobide


Historiaurrean be (Goi Paleolitoa) kokatu egiten dira Lemoako Arlanpe koba, Dimako Baltzolako kobak eta Jentilzubi: interes handiko espazio naturalak; izan be, aurkitu eta aztertu diran aztarna arkeologikoakaitik eta bertako faunagaitik. Gorbeialdean, bestalde, artzaintzaren sorrerea izan zan Neolito garaian; ordukoak eta osteko Brontze Arokoak dira, besteak beste, topau diran hildakoen errautsak lurperatuteko erabilten ziran trikuharriak, menhirrak, e.a. Historiaurrearen azken aldikoak (Burdin Aroa) eta Erromatar Inperioaren azken mendeetakoak doguz, hurrenez hurren, Ilunbeko hatxan (Dima) eta Elorriaga auzoan (Lemoa) aurkitu diran aztarnak; Lemoako hilarrietan (II-IV. mendeak) izen indigenak eta latindarrak agertu dira, eta sinboloen artean, izar irudiak be indigenak dira.
Goi Erdi Arokoak dira, ordea, VIII.-XI. mendeetakoak zehatz-mehatz esanda, Arratiako bizileku honeek: Santa Lutzia (Igorre), Zeanuri eta Zeberioko auzo batzuk, Elexabeiti (Artea) eta Lamindao (Dima). "In dei nomine ego / Mominu/s in pace Xristi ic / dor/mit" (latinez idatzita, hauxe dino: Jainkoaren izenean, ni Mominus, hemen egiten dau lo [betirako], Kristoren bakean), Artean aurkitutako hilarri honen inskripzinoa, antza, X. mende hasikerakoa da eta elementu geometrikoakaz dekorauta dago: koroia biribilak, triangeluak...
Erromaniko estiloa oso urri konserbetan da: Igorreko Santa Lutzia eta San Kristobal ermitearen sarreran, esate baterako. Estilo gotikoa eta, batez be, gotiko berantiarraren presentzia ugariagoa da: Igorreko eleizearen sarreran; eta auzoetako ermitetan be (Dimako Bikarregin eta Indusin, edo Altzustako San Migel, Zeanurin) arku gotikoak ikusten dira sarreretan. Ondare artistiko ederra da Zeanuriko Andra Mari eleizearen erretaula nagusiaren bildumea, Ama Birjinaren irudi eta guzti (gotiko berantiarrak, 1520ko hamarkadan eginak). Errenazentista estiloa 1530 urtetik aurrera zabaldu zan Bizkaian: Areatzako San Bartolome eleizearen sarrera nagusia (portadea) da orduko artelanik onena Arratian (1580 urte ingurukoa).

Uribilduen sorrerea
Arkitektura zibilaren kasuan, zera esan behar da: Behe Erdi Aroan, XIV. gizaldian hain zuzen be, sortu ziran Bizkaian azken uribilduak. Arratian, Areatza da kasu bakarra (1338 urtean). Kale orijinal bietan (Goikokalen eta Bekokalen) uriko etxe batzuen egiturak mantenidu dira: Bekokaleko, 1500 urte inguruko, etxe arkuduna hartu dogu hareen lekukotzat. XVI. mendean be eregi zan Areatzako beste elementu interesgarri hau: "Etxe mudejar" deitutakoa. Beste aldetik, torretxeen arkitektura militarra dago. Torretxe hareek, funtzino militarra galdurik, etxebizitza bihurtu ziran (jauregiak, batzuetan; baserriak, bestetan) Erdi Aroaren amaieran, hau da, Gotiko estiloa indarrean egoan atzen hamarkadetan eta Errenazimentuaren garaian. Torretxe izandako hainbat eraikin doguz gure inguruan ikusgai; euren artean, Akeuri eta Altzibar (Zeanurin), Ugunaga (Areatzan), Ziarrusta eta Biteriñoko Etxeandi (Diman), Areiltza (Zeberion), Ugarte eta Gaztelu (Artean)... Arkitektura militarraz berba egin ezkero, ezin dira itxi aitatu barik leinu nagusiak: Abendaño eta Zumeltzu (Igorren), Elexabeitia (Artean), Urizar (Diman)... XVI. mendean zehar, bandoen gerrak amaiturik, jauntxoen torretxeak jauregi bihurtu eta, era berean, beste leinu batzuek be jauregiak eregi ebezan: Igorreko Urkizu auzoan, Abendaño jauntxo handien "Palazio" deitutako etxea; Zeanurin, Otzerin familiaren jauregia; Diman, Ibarra sendiaren etxea; Zeberion, Aldekoa eta abar.

Lehenengo baserriak, jauregiak eta ermitak
Ondare edo arkitektura etnografikoaren arloan sartuta, arkitektura herrikoia aitatu behar da eta, gure kasuan, paisajea moldatu dauan eraikina: baserria. Baserri zahar gitxi dagoz bizirik Arratia inguruan: beste batzuen artean, Zeanurin (Gallarte auzoan) eta Bedian (Artabene izenekoa). XV. mendearen amaieran hasi eta XVI. mendean zehar jarraitu eben orduko artisauak eta arotzak baserri sendoak haretxen egurrakaz altxetan. Baserrien ezaugarri arkitektoniko orijinalak, honeexek dira: teilatua ur bietara, fatxadearen beheko aldean ataria zabalik, ondoan, suetea erdiko sutondoaz, salearen inguruan kuartuak edo logelak, fatxadearen goikaldea oholezkoa, eta etxearen atzekaldean kortea tolare eta guzti, sagardaoa egiteko. Herrietako habitat tradizionala etxebizitza sakabanatuan oinarritu izan da, auzune eta auzoetan hain zuzen be, mendien maldetako zelaiguneak, paraje eguzkitsuak eta haizeetatik leku babestuak aprobetxauz. Haretxezko "baserri posteduna" izango da, hurrengo urteetan (XVI.-XVII. mendeak), jarraituko dauana eraikuntza herrikoiaren protagonista nagusia izaten.
Heraldikan, Yurrebaso abizeneko sendiaren armarria dogu eredu: errenazentista estilokoa (klasizista) Iurrebaso Bekoa baserriaren fatxadakoa (Igorre). Armarriak, beheko aldean daroan inskripzinoan, 1611koa dala dinosku. Heraldika esparruko beste adibide bat, kasu honetan XVIII. mendekoa, Bidekolea Jauregian (Bedia) dogu: fatxada nagusia janzten dauan Gortazar sendi poderetsuaren armarri barrokoa.
Etxe kultuaren elementu bi hartuko doguz: bata, Areatzako Plazan dagoan Gortazar Jauregia; Beheko solairua (sarrerako puntu erdiko arkua eta armarria) XVII. mendean eregi zan; goikaldea, ordea, fatxadako pintura ederrak, barroko estiloaren barruan "rokoko"ak, XVIII. mendekoak dira; eta bestea, Zeanuriko Uribe auzoko Axpe Jauregia, XVII. mendean egindako palazioa da: klasizista, eraikinaren ezkerraldea; eta XVIII. gizaldikoa eta barrokoa, eskoiko aldea. Etxegintza herrikoaren kasuan, ataribako baserria dogu, XVII. mendearen amaieran eta hurrengoaren  hasikeran eregi zana, batez be Lemoan eta Bedian; Zornotza aldean be sortu zan baserri eredu hau. Gainera, XVIII. mendearen lehen hamarkadetan egin zan Zulaibar Beaskoa baserri armarriduna (Zeanuri), geroago ikusiko dogun "arratiar" baserriaren eredu aurrendaritzat hartzean da. Arkitektura erlijiosoan sartuta, Antonio Deunen ermitea (Elexalde auzoa, Igorre) estilo errenazentistan (klasizista) hasi eta barrokoan amaitutako eraikina dogu. Antzeko ezaugarriak ditu Dimako "Piedadea"k. Tenplu hau estilo klasizista eta barrokoaren adierazle nagusia da Arratian. XVIII. mendean egin zan ondare erlijiosoagaz jarraituz, hona hemen adibide eder batzuk: Lemoako eta Zeanuriko Andra Mari eta Zeberioko Santo Tomas eleizetako kanpantorre barrokoak. Lamindaoko Madalena eleizearen (Dima) eta Areatzako Komentuaren fatxada barrokoak antzekoak eta garai berekoak dira; Monja Klaratarren Komentuko kapilea barrokoa da eta erretaula nagusia Barroko estiloaren azken momentukoa.
XVIII. mendearen amaieran hasita eta hurrengo gizaldian zehar hainbat errota ipini ziran martxan, Zamakola errotea lez (Indusi auzoan, Dima). Zamakolan be, Etxenagusia baserria Zamakolatarren jaiotetxea izan zan eta, Simon Bernardo Zamakolaren denporan, Dima herriaren udaletxea be izan zan. Garai bereko arkitektura zibil barrokoaren ezaugarri onak dira: alde batetik, Zeberioko Udalak,  beheko solairuan eta sarrera moduan, arku "karpanel" bi ditu; bestetik, Areatzako "Rotaetxe Etxeak", uriko etxe barrokoak, errentadoreentzat eginak; eta jauregi bi honeek: Arteako Ugarte Jauregia (lehenago, Torretxea), XVIII. mendean birreregia, Ziarrusta sendiaren armarria be badau; eta Zeanuriko Zubiate Jauregia, estilo barroko "rokoko"an egina, fatxada nagusian Rotaetxe sendiaren armarria dauka.

"Arratiar" baserria XVIII. mendean hasitako eredua
Eredu honen etxe ugari konserbetan dira Arratian eta inguruan. XVIII. mendean hasi ziran eta XIX. mendean jarraitu eben egiten, kantaletan harri landua erabili eben eta etxe-barruan egurra, bigak eta oholak josteko. Ezaugarri arkitektonikoak: etxeak oinarri kubikoa dauka eta teilatua lau uretara; beheko solairu osoan kortea ganaduarentzat; lehenengo pisuan suetea eta saleagaz batera logelak, berotan egoteko (beheko animalien beroa aprobetxauz); fatxadan ataria egon beharrean, goiko pisura igoteko, eskilarak (harrizkoak zein oholakaz eginak); eta etxearen goikoaldean kamarea, bedar sikua eta sagarrak sikatuten eukiteko.
Urigintzearen arloan, Plazak agertu ziran XVIII. eta XIX. mendeetan: Zeanuriko Plazea eta Zeberioko Zubialde, adibidez. Populazinoa era konzentraduan edo bilduan jarri zan etxeetan biziten, zabalduten hasiak ziran bide barrien ondoan.

Dimako kanposantu neoklasikoa
Arkitekturan, Barrokotik Neoklasizismo estilora doan pausua ikusteko Ubideko San Juan Bataiatzailea eta Dimako San Pedro eleizetara, XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendean eginiko tenpluetara, jo beharko dogu; esate baterako, Dimakoaren kasuan: Barrokoan hasi zan eleizea eta Neoklasizismoan amaitu zan sakristinia). Arkitektura zibil barrokotik Neoklasikoa ikusteko, eraikin bi honeek nabarmen: Del Barrio Jauregia (Biteri auzoan, Artea) eta Iurre Goikoa Jauregia, Alcalá-Galiano familiarena. Honek armarri koloreztatua dauka fatxadan.
Dimako kanposantua da arkitektura neoklasikoaren elementu parebakoa Arratian (Euskadiko Monumentu Nazionalen artean dago); gainera, bertako batek, Kristobal Bernaola, arkitekto dimoztarrak diseinau eban 1840. urtean. Aitatu beharreko beste elementu batzuk dira: Arantzazuko San Pedro eleizea, Umaran arkitektoak egina 1820ko urtean; eta Ubideko Udala, Herriko Plazan dagoana. Urigintzearen esparruan badogu adierazle on bat Areatzako Plazan: "Askako Iturria", Martin Saracibar, Gasteizko artista neoklasikoak egina 1845. urtean; baita be, Areatzako udaletxea (antxinako Eskolak), Pedro Luis Bengoetxea, Zeanuriko arkitektoak diseinauta 1862an. Baserrien kasuan, barriz, azken eredu arkitektonikoa emon zan XIX. mendean (azken baserriak 1910eko hamarkadan egin ziran). Bizimodu biko etxe hau  errentadoreak bizi ahal izateko egiten zan, zeinda Arespetzueta baserria moduan (Bildosola auzoan, Artea).
Neoklasizismoan hasi baina Arkitektura Garaikidean, hau da, XX. mendean egin zanaren barruan, honako elementu honeek sartzean doguz: Dimako udaletxea, 1900 urtean Kasto Zabala arkitektoak egin eban estilo postneoklasikoan; Gorbeiako lehen kurutzea, burrinazkoa, 1901eko urtean jarri zan, baina jausi egin zan oso altua zalako (33 metrotakoa; gaurkoak 17 metro ditu); Ubideko Madalena, Aretxaga-Letona familiaren hilobi-ermitea, 1906an egin zan estilo eklek- tikoan; Arteako Jesusen Bihotza eleizea, XX. mende hasikerako estilo neogotikoan eraikia; amaituteko, Ubideko Aretxaga Txaleta, Acebal arkitektoak eginikoa 1916 urtean, eta Zubizarreta Etxea (Elexalde auzoan, Igorre), biak altzatuak XX. mendearen lehen hamarkadetan modan egoan estilo eklektikoan.
Ondorio modura, zera esan geinke Arratia inguruko Ondareaz: 1) Arkitektura zibila eta erlijiosoa oparoak dira Arratian, batez be  Barroko estiloan; eta 2) Baserriak badauka interes etnografikoaz gain, balio edo garrantzia arkitektoniko, estetiko eta antropologiko-historikoa.Beraz, guztion babesa behar dau.

2015/11/30

ARANTZA ARTETXE FERRERO "Bizikletea orain dala hiru urte erosi neban"

Beharretik etxera heldu, zapatilak jantzi eta oinez zein bizikletan joaten da Arantza Artetxe. Aurten hasi da mendi duatloiak egiten eta denporaldia amaitutear dagoan honetan esperientziaren balantze ona egin dau. Kirola egiteak erlajau egiten ei dau dimoztarra. Halanda be emozinoa gustetan jakola aitortu deutso BEGITUri, zenbat eta lupetz gehiago, hobeto. Urri bigarrenean hasi zan Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua, eta hamairu probaren ostean Zeanurin amaituko da abenduaren 12an.

 

Irati Urien


Non izan zan zure lehenengo duatloia eta zelako esperientzia izan zan?
Igartzan izan zan, Beasainen. Oso gogor egin jatan, asko sufridu neban baina gauzatxo hori gelditu jatan... "hobeto egin ahal dot eta hobeto egin gura dot". Helburua hurrengoan atzenengo ez gelditutea izan zan. Bigarrenera joan nintzan orduan, Ibarran izan zan. Hortik aurrera bederatzi egin nebazan jarraian eta hamargarrenean parau egin nintzan minakaitik. Aurtengo zirkuituan hamalau proba dagoz.


Zelan hasi zinan mundu honetan?
Bikotearen erruagaitik (dino umorez). Atzen urteotan mountain bike egiten ibili naz eta aurten hauxe egiten animau naz. Zeozer barria probetearren. Urri lehenengoa heldu zan eta bikoteak probetako komentau eustan. Probau neban eta bat, bi, hiru, lau... bederatzira arte. Modalidade hau ez da bape ezaguna ondino. Aurtengoa hirugarren edo laugarren urtea izango da zirkuitu bat dagoana. Lehen hamar proba inguru baziran aurten hamalau dira.


Zer da lasterketan egin beharrekoa?
Galapan hasten gara, 5-7 kilometro; gero, bizikletea hartu eta 12-17 kilometro eta amaituteko, barriro be 2-4 kilometro galapan. Urtekeran hasten gara eta arineketako zirkuitua egiten dogu, boxes-etara bueltetan garanean galapan egiteko zapatilak itxi, bizikletakoak hartu, kaskoa jantzi eta behin bizikletea hartuta martxan; zirkuitua egin eta barriro be barrura, bizikletea eta kaskoa itxi, oinetakoak aldatu eta ekin helmugara ailegau arte. Arineketan eta bizikletan, aldaketa hori, gogorra izaten da hanketarako. Gainera mendian eta mendiko bizikleteagaz gatxago.


Arratiarrak badabiz mendi duatloietan?
Badagoz batzuk. Aingeru Artetxe, Joseba Gortazar, Josu Amuriza, Mikel eta Esti Garcia, Borja Aldekoa... Nesketan orain Miren Ozerinjauregi eta ni. Orokorrean alde handia dago neska eta mutilen parte hartze kopuruaren artean. Adibidez gizonezkoak ehun badira andrazkoak zazpi. Atzenaldian igarten da apur bat gehiago garala baina hasikeran hiru-lau ginan. Kilometroak eta gogortasuna bardinak dira neska zein mutilentzat. Bakotxak berea egin behar dau eta hori ondo dago. Nik ez dot gura neskea izatearren errezago ipintea. Atzenean bakotxak daki zer egin leiken eta noraino heldu leiteken, non sartuteko gai dan. Niretzako hori inportantea da. Aldatz baten bizikleta gainean ezin badozu, bizikletatik bajatu baina aurrera. Ezin dana da neskentzako aldatz txikia eta mutilentzako handia ipini, danontzat bardin. Sailkapenetan aparte goaz.


Zure lehenengo denporaldia eta emoitza onak...
Danak kasualidadeak dira (dino barreka). Egia da bigarren eta hirugarren postuak egin dodazala baina gehienetan andrazko gitxi egon garalako be izan da, holan errezagoa da postu ona ateratea. Baina oso pozik nago. Zallako mendi duatloian adibidez 7-8 neska egon ginan eta bigarren egin neban. Egun batzutan hobeto zagoz, beste batzutan okerrago. Baina atzenean nik beti esaten dodana, etxean geldituten danak gitxiago egiten dau. Ni ez nabil honetan, afizionaua naz, bizikletea orain dala hiru urte erosi neban. Miren Ozerinjauregik adibidez urte asko daroaz, trail be egiten dau... preparazino fisiko oso ona dauka, orduan holako jenteak beti egingo dau ondo. Beste alde batetik, herrikoia dala esaten da baina herrikoi-herrikoia ez da, jente asko ez dalako bildurragaitik joaten. Btt martxa baten joan geintekez 400 eta ni gelditu neiteke, ehungarren baina duatloi baten ehun doaz eta ehun horreek onak dira. Ez da oso kirol ezaguna baina jente profesionala joaten da. Falta jakona hori da, jentea animetea eta benetan herrikoia izatea. Danok daukagu azkenak izateko bildurra. Baina distantzia egingarria da danontzat, atzenean nork ez dauz egiten bost kilometro arineketan?  Bizkorrago edo astiroago baina danok egiten doguz.


Esan leiteke kirol ezezaguna dala ondino?
Orain modan dagoz triatloiak eta trail-ak. Mendi duatloiak ez dagoz oso sartuta. Konpetizino honetan doan lehenengoa Julen Larruzea da, Espainiako txapelduna eta Europako azpi txapelduna. Ez da berataz berba egiten. Bonbo gitxi emoten jako honeri baina denporeagaz seguru zabalduko dala. Adibidez igaz Arratia aldean ez zan bat be egin. Aurten Usansolo, Zeberio eta Zeanurin. Polita da holango gauzak hona be heldutea.


Honetan segiduteko asmoa daukazu?
Ez. Belaunak ez daukadaz ondo. Proba moduan hasi zan eta ea ondo amaituten dogun. Etapa bat izango da. Datorren urtean ez dakit, seguruenik bizikletako beste erronka bat hartuko dot. Izan leitekez martxak, izan leiteke Bizkaia Kopa Trail... beste probaren bat begiratuko dot baina konpetizino barik, gura dodalako eta gogoa daukadalako. Baina konpetidu ez, ez nazalako konpetitibea. Hobbie bat da eta ez dot hori galdu gura. Herri desbardinak ezetuten dozuz, jenteagaz bazkalduten dozu, ibilbidea alkarregaz ikusi, zerbeza bat hartu... Politena dagoan giroa da, niretzat garrantzitsuena. Giroa ez balitz ona, konpetitiboa balitz, ez nintzan engantxauko; eta niri, horrexek engantxau nau, sortuten dan giroak.

2015/11/28

ABENDUAK 3. EUSKEREAREN NAZINOARTEKO EGUNA Euskeraz egiteko konpromisoa hartuko dabe arratiarrak

Abenduaren 3a Euskerearen Nazinoarteko Eguna da. Euskereak oraindino ez dau normalizazinoa lortu, eta, beste datu kezkagarriren artean, herri euskaldunenetan erabilerea gitxitu egin dala erakutsi eban Soziolinguistika Klusterraren atzen neurketeak.

 

Horregaitik, euskerea normalizetako beharrezkoak dira konzienziazino egunak.
Arratian antolatutako ekintzak euskerea sustatzeko alde bitatik eragin gura dabe. Alde batetik, txikirrenak olgeteagaz eta ondo paseteagaz lotu dagiela euskerea; eta bestetik, helduak hizkuntz ohiturak aldatu eta euskeraz egiteko konpromisoa hartu dagiela. Hori dala eta, Igorren hitzarmen bat sinatuko dabe alkarteak Udalagaz, eta Artean, modu informalago baten, hormairudi baten idatziko dabe herritarrak euren euskereagazko konpromisoa.
Umeak euskerea gustuko egoera eta bizipenakaz lotu dagien, ekitaldi ugari antolatu dira Arratian eta Zeberion.

Arantzazu
Ospakizunak, arrastiko bostetan hasiko dira frontoian. Arantzazun be umeak euskeraz egitera animau gura dabez herrian eta eurei zuzendutako ekintza bategaz hasiko dira. Holan, Euskal Herriko mapea egin eta bertan euskalkiak margoztuko dabez Eleiz Portaleko Gazte Asanbladakoak umeakaz batera.
Gitxi gorabehera ordu erdi beranduago, 17:30ak aldera, sari banaketea egongo da. Udalak lehiaketea antolatu eban euskerearen aldeko lema bat egiteko eta orduan emongo da jakitera zein izan dan irabazlea. Ondoren, bertaratutako guztiak euskerearen aldeko bertso eta kantu ezagunak kantauko dabez eta amaituteko, seirak aldera, txokolatea egongo da.

Areatza
Areatzan zemendiaren 30ean hasi ziran Euskerearen Eguna ospatuten eta abenduaren 6ra arte, aste osoan euskerearen aldeko ekitaldiak egongo dira. Gurasoentzako motibazino eta konzientziazino saioakaz hasi ziran Areatzan. Paula Kasaresek berbaldi bi emon ebazan umeen hizkuntza portaeran gurasoen eraginaren gainean; bata euskeraz eta bestea gaztelaniaz. Hurrengo egunean, Iban Gortazarrek euskereak Areatzan bizi izan dauan eboluzinoaren gainean egingo dan barriketaldia bideratuko dau 19:00etan, hainbat billaroztarrek kontauko dabez euren bizipenak kafea eta pastak hartuz. Abenduaren 2an, Toni La Salek Ipuin Lapurra umeentzako txotxongilo ikuskizuna eskeiniko dau udaletxeko Areto Nagusian 17:30ean.
Euskerearen Egunean ekitaldia egongo da plazan. 17:00etan hasiko da eskolako LH 6. maila eta Institutuko DBHko ikasleen bertsoakaz. Gero pankarta bat egin, eta Pirritx eta Porrotxen "Eskuetan" koreografia jantzatuko dabe gura daben guztiak. Amaitzeko Guraso Elkarteak txokolatea prestatuko dau.
Hurrengo egunean, Taberna Ibiltaria Areatzako Kantuzaleak eta herritarrakaz batera, kalez kale ibiliko dira kantuan, arrastiko zazpiretatik aurrera Motxonetik hasita. Ondoren kontzertua egongo da Gaztetxean.
Zapatuan, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paiagaz, Errefrau Poteoaren hirugarren edizinoa jokatuko da. 19:00etan hasiko da Gaztetxean eta Hagina, The Quiet Corner, Gau Argi eta Motxo tabernetatik pasau ostean, finala Gaztetxean izango da. Errefrau gehien asmatzen dabezanentzat sari bi dagoz: Hotel Balneario Areatzan zirkuitu termala eta bazkaria, eta bigarren sari moduan, 50 euroko otzarea.
Zineak zarratuko dau Areatzako Euskerearen Egunaren inguruko astea abenduaren 6an. Umeentzako pelikula bat, Unibertsolariak munduaren ertzaren bila, arrastiko 16:30ean eta 18:30ean nagusientzat beste bat botako dabe udaletxeko Areto Nagusian. Loreak film arrakastatsua izango da bigarren hau.

Artea
Artean, hormairudi bat ipiniko dabe plazan eta bertan herriko alkarteak eta norbanakoak euren euskereagazko konpromisoa idatziko dabe. Ondoren, egunari jai-giroa emoteko karaoke herrikoia eta txokolatea danontzat. Umeak olgetan egin dagien, ludotekea kalera aterako da.
Udalak jentea animau gura dau "euskeraz bizi gura dot" kamisetea janztera.

Dima
Diman kantuz ospatuko dabe Euskerearen Eguna. Arratiako 401 kantu zahar batzeako desafioa bota eban Udalak eta Euskerearen Eguna baino lehenago bialdu behar ziran kantuok. Abenduaren 3an, kantu honeek kantetako, kantu ibilbidea egingo dabe seiretan Landaburutik hasita. Zazpiretan frontoi txikan ekitaldi nagusia egongo da.

Igorre
Igorren hitzarmena sinatuko dabe herriko kultur eta kirol alkarte guztiak, alkerteetan euskerearen presentzia eta erabilerea sustatzeko. Sinatze ekitaldia Kultur Etxeko Lasarte Aretoan izango da. Sinatu aurretik, iluntzeko 20:00etan, musika zuzenean, Euskerea eta gu igorreztarrak egindako esketxak eta 2011-2015 Alkarteak Bidelagun bideoa ikusteko aukerea egongo da bertan. Hitzarmena sinatu ondoren, kopautxoa egongo da. Haurtzandegi zerbitzua be egongo da.
Ernaik eta Axularrek be ekintzak antolatu ditue gazteen artean euskerearen erabilerea bultzatzeko. Holan, 19:00etan "Arratiako gazte euskaldunen euskereagazko jarkerak" izeneko proiektua aurkeztuko dau Andoni Ariznabarretak Axular Herriko Tabernan. Gaueko 21:00etan Herri oihua taldearen kontzertua egongo da.

Lemoa
Lemoan, Ganzabal Mendi Taldeak mendi lasterketen gaineko mahai-ingurua antolatu dau 19:30ean, Maite Maiora eta Aritz Egeagaz eta ondoren argazki erakusketea. Gero, Izan zaitez Berbalagun Lemoako bideoaren aurkezpena egingo da Jubiladuen Etxeko goiko aretoan. Berbalagun egitasmoan, hamasei lemoaztar batzean dira astero aisialdian euskeraz berba egiteko eta holan euren hizkuntz ohiturak aldatuteko. Egitasmo honetan jente gehiagok parte hartzera animau gura dau bideoak. Ondoren, gaueko 21:00etan, Mikel Inunziaga "Inun" musikariak kontzertua eskeiniko dau Jubiladuen Tabernan. "Euskeraz egiteak saria dauka" merkataritza kanpainako zozketea be egingo dabe kontzertuan.

Zeberio
Zeberion zemendiaren 29an ospatu eben Euskerearen Eguna. Umeak izan ziran protagonista eta antxinako jokoak ezetuteko aukerea izan eben.

2015/11/16

ZEMENDIAK 25 Konzientziazino eta protesta ekitaldiak zemendiaren 25aren inguruan

Andren indarkeria barik biziteko eskubidearen gainean jentartea sensibilizetako eta berau aldarrikatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditue Arratiako talde feministak, andra taldeak eta erakundeak alkarlanean zemendiaren 25aren inguruan. Zemendiaren 25a andren kontrako indarkeriagaz amaitzeko Nazinoarteko Eguna da.

 

Urtero legez, Arratiarako kartel bateratua prestatu dabe Arantzazun, Areatzan, Artean, Bedian, Diman, Igorren, Lemoan eta Zeanurin egingo diran ekitaldiak batuz. Sensibilizazino eta konzientzazinoa daukie helburu ekitaldi horreetako askok (antzerkiak, pelikulak eta abar); baina aurten inoz baino protesta ekitaldi gehiago dagoz. Holan, zemendiaren 25ean, indarkeria matxistearen kontra agertzeko konzentrazinoak egongo dira Arantzazun 12:00etan, Artean 17:00etan eta Arratia osokoa Igorren 19:00etan. Dimakoak plazan batuko dira seiretan Igorreko konzentrazinora oinez eta indarkeria barik biziteko eskubidea aldarrikatuz joateko; hau da, Martxa More Txikia eginaz. Eta Lemoan, puntu morea egingo dabe futbol zelaian.
Martxa Moreak Igorretik Bediarako bidea egingo dau aurten zemendiaren 22an.

Beste kultura bat posible dalako
Andren kontrako indarkeria ez da bakarrik hil egiten dauan muturreko indarkeria. Horren aurretik, eta horretara eroaten dauan kultura oso bat dago. Baina kulturak, gure bizimoduan ostonduta dagoan indarkeria sotila ikusgarri egiteko eta salatzeko be balio dau, jentartearen sensibilizazinoa lortuz. Hori dala eta, hainbat pelikula, antzerki eta beste ekintza ludiko asko prestatu dabez Arratian.
Lehenengo ekitaldia hilaren 18an izango da arrastiko seiretan Arantzazuko erabilera anitzeko gelan. Han Rol jokoak izenpeko kontakizuna egingo dau Ipuin kontalari batek. Egun bi beranduago, hilaren 20an, Areatzan, Brigit Vanderbeke-ren Muskuiluak afaltzeko nobelearen gaineko tailerra egongo da arrastiko seiretan Emakumeen Gelan. Nobela labur honetan, Vanderbekek kritika zorrotza egiten deutso patriarkaduari. Hurrengo egunean, sei t’erdietan Areatzako andren memoria jaso eta euren bizipenak kontetan dauan dokumentalaren bigarren proiekzinoa egingo dabe. Izan be, dokumentala aurkeztu eta lehenengo proiekzinoa egin ebenean, jentea kabidu ezinik egon zan eta kanpoan geratu ziran asko. Hori dala-eta, barriro be proiektauko dau dokumentala Areatzako Emakumeen Foroak.
Lemoan, herriko taldeak eta banakakoak genero indarkeria txarresten dauan puntu morea osotuko dabe futbol zelaian. Zemendiaren 21ean izango da, eguerdiko 13:00etan. Holan herritarrak, indarkeria matxistearen kontrako euren konpromisoa agertu ahal izango dabe.
Hurrengo egunean, zemendiaran 22an, domekaz, Martxa Morea izango da. Igorretik Bediara joango da aurten. Igorreko Kultur Etxeko Parketik abiatuko dira partaideak eguerdiko hamabietan eta Bediako plazara 13:30 inguruan helduko dira. Han ondo etorria egingo jakie ibiltariai trikitilari, bertso eta kantuakaz. Ondoren, indarkeria matxistearen kontrako esaldiak ipiniko ditue kioskoan eta indarrak berreskuratzeko jana eta edana egongo da.
Egun berean Artean, ekintza ludikoa prestatu dabe arrastirako. Las mujeres de verdad tienen curvas pelikulea ikusteko aukerea egongo da han, eta gero kafea eta pastak janez komentauko da pelikulea. Hitzordua Arteako ludotekan, arrastiko bostetan da.

Zemendiak 25
Zemendiaren 25ean, Andren kontrako indarkeriagaz amaituteko Nazinoarteko Egunean, aldarrikapen ekintzak izango dira nagusi. Egun horretarako hiru konzentrazino dagoz egitarauan. Eta hirurak ordu desbardinetan dira, konzentrazinook bateragarriak izan daitezan. Arantzazun izango da lehenengoa, 12:00etan; Arteakoa arrastiko 17:00etan izango da eta konzentrazinoan globo moreak bananduko dira. Atzenik, arrastiko 19:00etan, Igorreko Kultur Etxe parean izango da eta bertan Arratia osoko jentea batuko da.
Beldur Barik Arratia Lehiaketako sari banaketea hilaren 27an egingo da Zeanuriko Kultur Etxean, arrastiko 17:30ean. Arratia mailan, bardintasunaren alde gaztetxoak egindako ikus-entzunezkorik onenak sarituko dira.
Egun berean, arrastiko zortziretan, Igorreko Lasarte Aretoan, Txalo Produkzioak-en Datorren urtean hobeto antzezlana antzeztuko da.

Ekintza gehiago herrietan
Kartel honetatik aparte, beste ekintza gehiago be egingo dira Arratiako herrietan. Izan be, erasoen kontrako eta bardintasunaren aldeko burrukea ez da egun batekoa eta beharrean dihardue gure eskualdeko herrietan.
Arantzazun berbarako, "Arantzazu morea berdintasunean" lelopean zazpi ekitaldi batu ditue, batzuk kartel bateratuan agertzen diranak eta beste batzuk ez, baina zemendiaren 25eko ingurukoak; baita data horretatik kanpokoak be. Holan, zemendiaren 21ean, plazan batuko dira 12:30ean globo moreak banandu eta Martxa Morerako banderolak egiteko eta hilaren 28an, Ez gara Palestinaz ari antzezlana egongo da Arantzazuko Kultur Gunean. Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Egunean be andren Giza Eskubideetan arreta ipinita, konzentrazinoa egingo dabe plazan 12:00etan. Autodefensa ikastaroa be programau dabe abendurako.
Zeberion hiruhile osoan, zinean andren egoerearen gaineko filmak eskeintzen dabiz eta hausnarketa feminista egiten. Zeberion hilean behin pelikula bat proiektetan dabe Plazako ermitan. Aurtengo ikasturtean, andrak protagista diran pelikulak eskeintzen dabiz udagoien osoan. Hilaren 29an, Antonia (Marleen Gorris, 1995) pelikula holandarra ikusteko aukerea egongo da.

2015/11/15

AMAIA SAGREDO GOROSPE "Gaur egungo errealidadeari kritika egiten deutsagu laster argitaratuko dan Eztanda diskoan"

 

Amaia Sagredo Gorospe Dimako Nik Khaos rock taldeko abotsa da. Irakasle eta logopeda moduan ateraten dau bizimodua, eta Siberia FM irratian be egiten dau lan "Airean" musika programan. Bere zaletasunen artean, boxeoa praktiketea dago.

 

Noz hasi zinan musika munduan? Zein izan da zure ibilbidea?
Oso txikitatik hasi nintzan. Zazpi urtegaz erregalau eusten lehenengo gitarrea eta ordutik hona, beti ibili naz musikea egiten. Hemeretzi-hogei urte neukazanean Lorebeltz taldean sartu nintzan. Talde honek rock alternatiboa egiten eban metal pintzelada batzukaz. Bi edo hiru urte egon nintzan han.
Gero, Nik Khaos-eko taldekideak ezetu nebazan, eurak taldean urtebete eroienean. Egun baten topo egin genduan Igorren eta hasi ziran esaten neskaren abotsa sartutea gura ebela. Azkenean, ensaio batera joateko probetako esan eusten eta holantxe egin neban. Probau genduan eta ordutik hona eurekaz nago.
Taldean gizonezko abotsa be badaukagu Iñigo Mintegirena. Gugaz batera, Hodei Gonzalezek eta Migel Monroyk gitarrea joten dabe, Ugaitz Lekuek bateria eta Patxi Izak bajua.

 
Zeintzuk dira jo dozuezan kontzerturik inportanteenak, sariak, diskoak eta abar?
Lorebeltzen nengoanean, Euskadi Gazteako Maketa Lehiaketako publikoaren saria irabazi genduan eta kontzertu polit batzuk jo genduzan; SAgaz (Soziedad Alkoholika) esate baterako. Disko bat be atera genduan. Gero Nik Khaos-egaz be hainbat kontzertu potente jo doguz. Adibidez, orain dala gitxi Bedian Kaotiko taldeagaz jo genduan. Bigarren diskoa aterako dogu laster, Durangoko Azokarako kalean egongo da.
Mikel Kazalis Anestesiako gitarristeagaz grabau dogu diskoa, berak produzidu deusku eta sano pozik gagoz, emoitzea ona dala uste dogulako. Hamahiru abesti dagoz diskoan, gaur egungo errealidadea eta politika sistemen inguruan sano modu kritikoan berba egiten dabenak. Diskoa Eztanda deitzean da. Kantsauta gagoz mila gauzagaz, hasarre eta azkenean, amorru horrek "eztanda" egiten dau.
Disko honetako "Udazkena" abestia andrai zuzendutakoa da. Batez be bikotekide matxista, tratu txarrak emoten dauana edota gizarte matxista batetik ateraten dabizen andra horreentzat guztientzat da.

 
Zelan definiduko zeunke Nik Khaos-ek egiten dauan musikea? "New metal" edo "metal alternatiboa"?
Nire ez jata gustetan musikea definidutea, ze musikea inoz ez da zurruna, beti dago malgutasun apur bat. Dana dala, esango neuke lehenengo diskoa, Argiak lekurik ez duenean izenekoa, nahiko "metaleroa" dala.
Ordutik jente barria sartu da taldean eta aldaketak egon dira. Orain estilo asko nahastuten doguz. Esango neuke rock metala egiten dogula baina lehen baino rockeroagoa. Estilo nahasketa handia dago. Beste batzuen artean, Kauta, Dut, Kuraia eta Anestesia taldeen eragina daukagu.


Nik Khaosek aitatu dozuzan talde horreek ditu erreferente, zeuk be bai? Zeintzuk dira zure erreferenteak, gehien gustetan jatzuzan talde edo abeslariak?
Lehen aitatutakoez gainera, niretzat Latzen oso inportantea da; beti entzun izan dot eta jarraituten dot entzuten, ez naz kantsetan.
Eta badagoz asko gustetan jatazan rockera batzuk be. Courtney Love esate baterako, edo Rose Mazzola "Casper" The Distillers taldeko abeslaria. Taldea beti gustau jata asko eta jarraitu egiten dot. Abeslaria niretzat erreferente bat da. Euskal Herri mailan, Zea Mays-eko Aioraren abotsak zoratu egiten nau, asko gustetan jata, eta On taldeko abeslaria be asko gustetan jata. Indarra dauka, ganorea eta ikusten jako taldea aurrera botateko adore handia daukala.


Eszenarioan zelan sentiduten zara?
Urten aurretik beti egoten naz oso urduri eta dana arin pasau daitela eta lehenbailehen bajatu gura izaten dot. Baina gero, eszenalekuan nagoanean, piloa disfrutetan dot eta ez dot gura izaten amaitutea. Adrenalinea topera igoten jata.


Zuen publikoa zelangoa da? Edade guztietakoa ala gehienak adin tarte batekoak dira?
Adin desbardinetako publikoa daukagu. Kontzertuetan oso jente gaztea egoten da, baina baita nagusia, erdikoa... Adin guztietakoak.


Zelan ikusten dozu rockaren egoerea Arratian?
Arratian talde asko dagoz eta influentzia desbardinak daukiez. Estilo asko nahastuten dira. Hor daukaguz Eskean Kristö, MG, Harrobi, Bidean Galduta...


Rock gogorraren munduan neska gitxi dagoz.
Bai. Edozein kontzertutan, joten daben ia danak mutilak izaten dira. Nik gurako neuke nesken presentzia handiagoa izatea, uste dodalako andrak indar eta potentzial handia daukagula rock gogorrean. Nire ustez rock munduan presentzia gitxi daukagu androk, gizonak indar eta presentzia handia daukielako, eta ez deuskuelako ixten guk gurako geunken moduan ateratea. Hori dala eta, sano neska gitxi sartuten gara rock taldeetan. Matxismo apur bat badago musika munduan eta nik sentidu egin dot. Ez da argi ikusten dan gauza bat, baina egon badago. Nik uste dot hori izan daitekela errazoi bat, neskai atzera egitea eragiten deutsena. Baina egin behar doguna da ausartu, sartu musika mota honetan eta erakutsi daukagun indarra.
Banda baten gizonak jotea normalizauta dago. Andrazkoak egotea banda baten... Nik uste gizon batzuk bildurtu egiten dirala androk hartzean gabizen indarra ikusita.


Boxeau be egiten dozu. Indarra eta adrenalinea sentiduteko?
Isa Rodriguez boxeatzailea oso lagun ona dot eta berak animau ninduan orain dala urte pare bat boxeoan egiteko. Hori dala eta, bere taldean hasi nintzan ikasten. Baina gero itxi behar izan neu- tsan, lana, ikasketak... ez nintzalako danera heltzean. Orain dala gitxi bueltau naz, eta barriro hasi naz boxeoan. Kirol moduan praktiketan dot eta asko gustetan jata. Hor be, rock gogorrean legez, neska gitxi gizonez betetako mundu baten.

2015/11/3

MEMORIA HISTORIKOA XX. mendea Igorren, protagonisten bizipenak erakusketa baten

Zemendiaren 6tik 26ra, Igorreko Kultur Etxean, Igorreko XX. mendeko memoria jasoten dauan erakusketea egongo da. Udala 2010ean Igorreko historia igorreztarren agoetatik jasoten hasi zan memoriaren banku bat egiteko. Mende hasikerea, gerra denporea, gerraostea eta industralizazinoaren gaineko hogeta hamabi testigantza jaso eta ikus-entzunezko baten eta orden kronologikoan ordenau dabez kontaketok. Holan, Igorreko historia XX. mendean kontetan dauan narrazinoa sortu da.

 

Kontakizun hori jasoten dauan bideoa ikusgai egongo da erakusketan. Ondoan, denpora lerro baten, gertaera historikoak kokatuko dira eta horreen gaineko testigantzaren bat dagoanean, bideoaren ze minututan dagoan agertuko da, bertara zuzenean jo ahal izateko. Memoriaren bankuak batu dituan argazkiak be egongo dira erakusketan. Hamaika panel izango dira eta bakotxean sei edo zazpi argazki dagoz.

Memoriaren bankua
2010ean, Igorreko Udala memoria berreskuratzeko beharrean hasi zan. Soraya Lizundia orduko kultura zinegotzia, Angel Larrea historialariagaz ipini zan kontaktuan proiektua aurrera atera ahal izateko. Helburua, herriko historia igorreztarren agotik ezetutea eta bizi izandako oroitzapenak batzea zan; gerra denporea, gerraostea eta industrializazinoa aztertuz.
Hori dala eta, memoriaren bankuan lan egiteko bekea eta lantaldea sortu ziran. Angel Larrea zan taldeko koordinatzailea eta Aritz Arrizabalaga, Ainara Pujana eta Ibai Pujana taldekideak. "Lehenengotik erroldea ikusi eta erroldan garai haretan bizi eta ondino bizirik egozan igorreztarren zerrendea egin eben, gero industrializazino sasoian etorritakoen lagina eta ondoren alkarrizketak egin eutseezan banan-banan" azaldu deutso BEGITUri Itsaso Bengoetxea kultura zinegotziak.
Alkarrizketai ekin aurretik, taldekideak ikerketa bat egin eben historiako tarte horretako ezagu- tzak handituteko, alkarrizketatuai zer galdetu jakin eta zer eta noz pasau zan, gero kontakizuna jagokon momentu historikoan kokatuteko. Horregaz guztiagaz batera dokumentu grafikoak batu ebezan. Familia batek antxinako argazkiak euki ezkero, batu egiten ziran bankuan. Azkenik, alkarrizketak historikoki ordenau, grabau eta editau egin ebezan. "Alkarrizketa horreek lau zatitan banandu leitekez. Lehenengo zatian mende hasikerea zelan bizi izan zan Igorren kontetan da; gero, gerra denporea; gerraostea eta industrializazinoa. Industrializazinoan zeintzuk ziran sortu ziran enpresak, Undurragako presea, jentea etorri zana beharrera kanpotik hona eta abar" kontetan dala dino Bengoetxeak. Eta material horregaz lau orduko ikus-entzunezkoa egin dabe.
Memoriaren bankua martxan ipini zan sasoi berean, beste ikerketa bat be ipini eban martxan Udalak Timoteo Atutxak kartzelatik idatzitako gutunen inguruan. Oiane Valerok eta Txema Uriartek egin eben ikerketa ha. Ikerketatik liburu bat sortu zan, igaz aurkeztu zana.

Bertoko gertaera ezezagunak
Zemendiaren 6an inaugurauko da erakusketea arrastiko zazpiretan Kultur Etxean. Inaugurazino ekitaldian, egileakaz batera, euren historia kontau dabenak egongo dira.
Memoriaren bankuaren funzinoa informazinoa ez galdutea da, errekopilazino lan hori dinamikoa izatea eta eskura eukitea, eta baita, informazino iturri bat izatea ikerketetarako-eta.
Askotan herritarrak ez dakie herrian bertan gertatutakoa; batez be gazteenak. Nagusiak euren memorian gordeta eukiezan gauza asko atera dira argitara holan. Askorentzat sorpresea izan da  jakitea Otxandiogaz batera Igorre be bonbardeau ebela edo birritan bonbardeau ebela edo-eta Igorren be biktimak egon zirala, berbarako.
Erakusketan, memoriaren bankuan egindako errekopilazino lanaren emoitzak ikusteko aukerea dago. Baina lana ez da amaitu. Izan be, bankua elikatzen jarraitu gura dau Udalak. "Ez da puntu finala, ikerketa bat izan da, bankua ipini da martxan eta asmoa da horregaz jarraitutea. Eta historia horretan falta dira XX. mendeko azken 20 urteak" dino zinegotziak.

2015/11/2

GRACIA CHACON "Naturaren erritmoan biziten saiatzen gara"

Gracia Chaconek 27 urte baino gehiago daroaz kultura zeltikoa eta druidismoa ikasi eta ikertzen. Mogor eskola druidiko tradizionaleko artxidruida da. Asturiar jatorrikoa, 2006tik Zeanurin bizi da. Ikastaroak emoten ditu kultura zeltikoa zabalduteko eta druidak formetan ditu bere Undurragako eskolan. Izan be, artxidruiden eginkizunetariko bat da hau.
Mogor berbeak labirinto esan gura dau. Gracia Chaconeri inpresino handia egin eutsan Galizan ikusi eban Mogor labirintoa eta izen hori ipini eutsan bere eskoleari. Mogor Kretako labirintoa da, sinbologia handikoa.

 

Zelan izentau zinduezan artxidruida?
Urte asko druidismoa landuten pasau ostean, orden druidikoak baloretan dabe ea artxidruida izan zeintekezan ala ez. Nire kasuan, nire irakasle eta aholkularia ingelesa da eta Ingalaterrako Ordenetan aurkeztu eban azterketea egiteko eskaerea. Onartu egin eben eta 2010ean nire taldeagaz joan nintzan mundu pagano osoko 150 personaren aurrean azterketea egiten. Azterketea gainditu neban eta harrezkeroztik artxidruida naz eta druidak formetako gaitasuna daukat.

 
Mundu paganoa esan dozu. Zer da hori?
Gehienen erlijinotik kanpo dagoana: xamanismoa eta sorgintza, esate baterako. Persona jakintsuak dagoz paganismoan. Baina gehienen erlijinoetakoak be konbidauta egon ziran egun haretan.


Druidismoa erlijinoa da?
Bai. Baina niretzat erlijinoa baino gehiago filosofia bat da. Guk Natura goratuten dogu, baina ez jainkotu. Guretzat biziteko filosofia bat da, baina erlijinotzat joten da druidak zelten abadeak ziralako.


Zer heldu jaku zelten kulturatik?
Zelten mundua sakon ezetuten dogula esatea guzurra litzateke. Kultura agozkoa zan eta dakiguna antropologia eta arkeologiaren bidez heldu jaku. Zientzia honeek zelten erritu eta erritualen gainean argia emon dabe eta euren sinesmen erlijiosoak ezetuten doguz gaur. Dana dala, judaismo edo liburu idatziak laga dabezan erlijinoen aldean gitxi ezetuten da druidismoa.


Ze erritu edo erritual egiten eben druidak?
Druidak unibersoa behatuta egutegiak egiten ebezan eta noz erein edo noz jaso uzta esaten eutsen jenteari. Paleolitikoan, hogei mila urte lehenago egiten ziran urtesasoi eta uzten gurpilaren erritu eta erritualak errepikatzen ebezan. Hau da, druidismoak 20.000 urte lehenago gizakien buruan eta oroitzapenetan egozan errituak errepikatzen ebazan.


Eta gaur egun ze funzino dauka?
Lurra landu eta bere erritmoak errespetetan dauan edozein baserritarrek egiten dauana egiten dau druidak: lurra goratu. Gizarte honetan Naturaren erritmoen kontra joaten gara askotan eta gu Naturaren erritmoakaz biziten saiatzen gara; hau da, erritmo horreetatik kanpo ahalik eta gitxien egiten. Adibidez, Naturak neguan atsedena hartzean dau eta gizarte honetan behar gehiena neguan egiten dogu.
Druidismoak harmonia handia emon deusta niri, gizakia behatzeko gaitasuna eta, kontrakoa emon arren, horrek neure konfiantzea personengan handitu egin dau.
Ingalaterran onuradun ikasketatzat joten da druidismoa.


Ikastaro mota bi emoten dozuz. Hastapenak, Naturagaz kontaktua eta konzienzia izateko eta druida izateko ikasketak. Azaldu apur bat.
Mundu zeltaren gaineko ezagupenak izateko hastapeneko ikastaroak daukaguz. Maila bi dagoz hor. Lehenengo maila, oinarrizkoa, Naturagaz kontaktua eta horren konzientzia izateko da. Bigarrena, sakonagoa, norberagaz behar egiteko da. Baten, Naturagaz lan egiten da, bestean norberaren naturagaz. Naturaren lau elementuak gugan be badagoz eta. Talde txikiak izaten dira, nire ustez edozein esperientziatan inportanteena gizatasuna da eta.
Druida izateko formakuntzea be emoten dot. Hemen hiru maila dagoz: bardoak (koplariak), vateak (poetak) eta druidak. Maila bakotxean 3 urte egiten dira, druida izateko gitxienez 9 urte egin behari dira ikasten.
Hogeta hamar ikasle inguru dagoz eskolan.


Bederatzi urte horreetan zer ikasten da? Ze ikasgai landuten dozuez?
Materia "erreala" komilla artean, eta mundu espiritualean horreri jagokona: hau da, Fisika eta Metafisika, Psikologia eta Parapsikologia... Nigaz fisikariak, ingeniariak, medikuak, abogaduak eta abar kolaboretan dabe irakasle moduan. Aspaldi honetan, Fisika Kuantikoa izena ipinten hasi da gai druidiko askori.


Esate baterako?
Esate baterako guk mobimentu energetiko lez ikasi dogun wyrd sarea, Fisika Kuantikoko mintzen teoria dala pentsau leiteke. Dana konektauta dagoala dino.


Druidismoa erlijinoa bada, beste erlijinoakaz bateraezina izango da; filosofia izan ezkero, bateragarria. Natura goratzea eta bere erritmoetara egokitzeak ez dau emoten beste erlijinorik ezin dala izan. Druidismoa erlijino katolikoagaz bateragarria da?
Bizitza hobetuteko ikasten da zelten jakinduria. Gauza asko dagoz erlijino katolikoak erakusten dauanaren kontra doazanak, baina bakotxak gura dauana pentsau daike.
Panteoi zeltikoa politeista izan arren, gu monoteistak gara. Zerbaisten sinesten dogu. Zerbaist hori ez da ez ona, ez txarra; ez maskulinoa ez femeninoa; ez harmonia ezta kaosa. Argia eta itzala. Eta hor egiten dogu gure bizimodua.


Hierarkia bat badago (druidak, artxidruidak...) Dogmarik?
Ez dago dogmarik, denporeagaz aldatzen ez dan gauza bat dalako dogma. Katma, barriz, prozesua ulertuta aldatu daitekenena da. Adibidez, dakidanean zelan gertatzen dan eklipse bat, ez dot esango, jainkoak hasarratu egin dirala.


Hori zientzia da, mitotik zientziara pasetea.
Zientzia be mito bat da. Beti gagoz posibilidadeen munduan, katman. Lehen atomoa zan partikularik txikiena, orain ez. Zientzia eta espiritualtasuna ez dagoz guk uste bezain urrin. Demokrazia be beste mito bat da eta bihar euria egingo dauala ustea, ustea baino ez.


Giza Eskubideak be mito moduan ulertuten dozuez?
Giza Eskubideak, genero bardintasuna... horreek lehentasuna daukie. Guk sano argi daukagu hori. Hemen horregaz ados ez dagoanik ezin da sartu, gizakiaren naturaren parte diralako. Gure bizitzaren eta gure sinesmenaren parte. Hemen egoteko eskubidea bere eta besteen askatasuna errespetetan dauan edonork dauka. Arau bakarra daukagu eta zera dino: "egin gura dozuna, inori, ezeri eta zeure buruari kalte egin barik".


Legearen aldetik, Mogor zer da? Erlijino bat ala kultura zelta ikasteko eskolea?
Parte biak ditu eta hori tramitetan gagoz abogadu bategaz. Alde batetik gitxienen erlijinoa da, baina beste alde batetik, eskolea da, kultura zelta zabaltzeko kultur alkartea.


Nobela bat be idatzi dozu.
Bai. El enigma de la gruta sagrada titulupean. Aurkezpena Elkar-en egingo da Bilbon, abenduaren 3an. Dana dala, lehendik 240 aleko edizino bat eginda neukan ikasleentzat.

2015/10/30

DIMETAL FEST Herri txikian, rock gogorra

Herrialde nordikoetan sano gustukoa dabe musika heavy-a eta herri txiki askotan jaialdiak antolatuten dabez. Hango moduan, Dimako lau lagunek, heavy metal jaialdia eratu dabe zemendiaren 14rako. Nik Khaos, Unholy Covers, Childrain, The Wizards, Celtibeerian eta Sepultado taldeak eskeiniko dabez euren kontzertuak gaubean. Egunean zehar, barriz, rock gogorragaz lotutako berbaldiak, herri bazkariak eta bertso saioak girotuko dabe heavy metalari eskeinitako eguna.

 

Itsaso Petralanda, Ruben Socorro, Zaloa Eraña eta Juan Mari Aurtenetxe "Txirpu" dira Dimetaleroak; hau da, metal estiloko musikea gustau eta jaialdia antolatu daben dimoztarrak. "Niri gehien gustetan jatan jaialdia Wacken-en (Alemania) egiten da. Herria sustatzeko ekitaldi xume moduan sortu zan eta mundu mailan erreferente bihurtu da" dino Itsaso Petralandak. Abiapuntu eta helburu bardinakaz, maiatzean batzean hasi ziran jaialdia prestatzeko.
Euskal Herrian punk musikea rock gogorra baino ezagunagoa da, eta Dima ez da salbuespena. Izan be, Nekazalpunk jaialdia be egiten da bertan. Herrian musika heavyari lekutxo bat egiteko eta jentearen artean zabaltzeko helburuagaz, jaialdia prestatzeari ekin eutsien eta hilaren 14an izango da lehenengo edizinoa. Izan be, urtero egiteko asmoa daukie antolatzaileak. Diru gitxi baina jente askoren laguntzeagaz ipini dabe martxan jaialdia. "Adiskidetasuna eta alkartasuna izan dira gakoa" dinoe. Dirua aterateko, errifak eta kamisetak ipini ditue salgai tabernetan.

Euskal trooper
Dimetal Fest-eko kartelean, Iron Maiden taldearen The Trooper (soldadua) diskoaren azaleko irudia agertzen da. Irudia mundu guztiak heavy musikeagaz lotzean dau atoan eta horregaitik aukeratu dabe hau Dimako jaialdirako. Eta "apur bat euskalduntzeko" txapela eta ikurriña ipini deutsie soldadu heavyari.
Eguna mahai-inguru bategaz hasiko da. Desagertutako Idi Bihotz taldeko Gorka Bizarrek, Dani Alvarez EITBko kazetariak eta Jevo Jevardo Reno Renardo taldeko abeslariak, heavy musikea zelan sortu zan kontau eta musika honegaz lotutako tabuen gainean eztabaidatuko dabe.
Kontzertuak zortziretatik aurrera izango dira frontoi txikian eta gaztetxean. Sei taldek joko dabe eta danak rock gogorra jo arren, estilo desbardinak ditue. Rock gogorrena Gasteizko Childrain taldeak egiten dau; Ciudad Real-eko Celtibeerian taldeak, barriz, folk metala. Celtibeerian-ekoak bibolina eta gaitea joten dabe, rock gogorra folkagaz nahastuz. The Wizards Bilboko taldeak heavy klasikoa egiten dau, 70. hamarkadako estilokoa; Nik Khaos Dimakoak, barriz, new metal edo "metal alternatiboa" estilokoa. Bermeoko Unholy Covers-ek eta Mirandako Sepultadok bersinoak egiten dabez. Unholy Covers-ek heavy metal klasikoko bersinoak eta Sepultadok, Sepultura trash metal taldeari tributoa egiten deutso.
Herriko ostalaritza eta herriko jentea erakarteko helburuagaz, poteoak eta herri bazkaria egongo dira eta bazkalostean, Arkaitz Estiballesek eta Fredi Paiak ber- tso-saioa egingo dabe. Gaia librea izan arren, bertsolarientzako rock musikea inspirazino iturri izango da, duda barik.

Heldu eta gazteen musikea
Punk musikea 80ko hamarkadan jaio zan eta sano zabalduta dago egun; heavy metala, barriz, zaharragoa izan arren, 60ko hamarkadaren amaieran sortu zan-eta, Euskal Herrian ez da izan gehiengoaren aukerea Ruben Socorroren arabera. "Gipuzkoan apur bat hobeto egon da heavy-a. Han sortu ziran lehenengo euskal heavy taldeak", dino. Lehenengo hareen artean, Su ta Gar aitatu behar da, Euskal Herriko mugak gainditu eta ondino bizirik dagoan heavy taldea da eta.
Dana dala, zailtasunak izan arren, heavy-a ez da inoz hil Dimetaleroen ustez. Akaso, urte batzuetan isilago egon da, 2.000ko lehenengo hamarkadan, hain zuzen; baina 2011n eta 2012an indarra hartzean hasi zan barriro.

2015/10/15

KORDELERIA Lemoako kordel fabrikea

Sisala zuntz naturala da eta oso gogorra, "ia alambrea bezain gogorra" gure iturriren batek esan eban legez. Hogeigarren mende hasikeran material hau modan jarri zan kordelak egiteko. Lemoan be, Zubiate auzoan, Cordelería Mecanizada enpresea sortu zan. Foru Aldundiaren Artxiboan dagoan lehen aitamena 1.920koa da. Lantegiak 80. hamarkadara arte kordelak ekoizten ebazan. Hasikeran Sasieta eta Aldekoaren aginpean eta gero Sasieta eta Zabaletarenean. Sisala eta kalamua erabili ebezan kordelak egiteko eta enpresearen produktua itsasketearen eskaereari begira bideratu eben. Produktuen artean baegozan: txikoteak, estatxak, kalabroteak, istinkatzeko iztupak, sareetarako hariak, ur handitako arrantza egiteko hari indartuak eta abar: "Kordel batzuek berrogeta hamar zentrimetroko lodiera baino gehiago izan eben", esan eban 79 urteko gure barriemoileak, besoakaz zirkulu handi bat osatzen: "Eta beste batzuek berrehun metroko luzeerea eukien".


Mauro Saravia (Hego Izarra Elkartea) eta Jürgen Lange *


Kordel lantegiko hiru solairuetan gizonak eta andrak egiten eben behar, guztira hirurogei persona baino gehiagok. Gehienak lan egiteko gogoa eta gaitasun berezia eukien baina lanbide heziketa formalik ez. Seguru asko, hau izan zan errazoi garrantzitsuena, Cementos Lemonan legez, kordel lantegian be inguruko beste lantegietan baino zerbaist gitxiago ordaintzeko. Langile honeen artean Arratiako baserritar asko egozan. Esan daiteke, kordel lantegian, Arratiako jente arruntak lan egiten ebala eta horrexegaitik, uste dogu Lemoako kordel lantegia gure patrimonio historikoaren parte bat dala.
Orain dala hirurogei urteko historiaren, politikaren eta kultura ren testuinguruan, Arratiako andra gehienen destinoa etxekoandrea izatea zan. Hau da, ez eben hezkuntza profesional berezirik jaso, garaiz ezkonduko ziralakoan egozan; eta ezkondu bezain laster, lantegia itxi egiten eben, etxekoandre izateko. "Andra batek hogeta lau edo hogeta bost urte bete arte beharrean jarraituten baeban kordel fabrikan, neska zahartzat hartzean zan". Ondorioz, gizonakaz gertatzen ez zan legez, lantegian kontratauta egozan andra gehienak hamazortzi eta hogeta bi urte artekoak ziran. Horreezaz gainera, alargunak be baegozan.
Artikulu honen bidez, antxinako langile kuadrila tipiko baten sartu gara: Eurekaz lanera joan eta fabrikan sartuko gara, lanaldi eta atsedenaldian bat egingo dogu zelan bizi eta zer pentsetan eben jakiteko. Gure lagunak Bediako Ereño auzoan, Mandoiaren azpian, jaio eta gaztaroa bizi izan eben. Baserrikoak ziran, eta laster bizimodu horren beharretan trebatu behar izaten ziran. Lana ondo ezaguna zan baserrietan baina dirua ez hainbeste, eta horregaitik eskolea itxi eta gero, lantegira joaten ziran: "Hamalau urtegaz, eskolea itxi eta gero, lantegian pintxe moduan lan egitea eskatu neban, baina ez ninduen hartu legearen kontrakoa zalako. Hamazortzi urte bete ondoren barriro aurkeztu nintzan eta orduan bai kontratau ninduen eta Gizarte Segurantzan alta emon".

Belen, Miren, Antonia eta Urbana
Gure langile kuadrilea urte askoan lau baserriko andraz osotuta egon zan: Belen, Miren, Antonia eta Urbana ziran andra honeek. Lauretatik bik gaur egun 79 eta 82 urte ditue, bat Lemoara ezkondu zan eta bestea Zeberiora. Alkarregaz joaten ziran kordel lantegira. Ereñotik Zubiatera 6 km.ko distantzia dago, hamar minutuko bidea eta gasolina gastua euro bat eta hamar zentimokoa da; nire mapa digitalaren arabera. Baina, jakina, orain dala hirurogei urte eszenario honek beste itxura bat eukan. "Ordubete baino gehiago behar genduan baserritik lantegira heltzeako. Zazpi t’erdietan lanean sartzeako etxetik seiretan edo urten behar genduan".
Ez eukien kotxerik eta ez eben bizikletarik erabilten lanera heltzeako, eguneroko bide hau, oinez, astean zehar sei aldiz egiten eben: "Goizeko seiretan altxau eta erropea jantzi: artilezko mediak, bakeruen moduko telako gonak, alkondarea, jertsea, bufandea eta batea. Gero abarkak ipini eta listo. Hotz egiten baeban, orduan jertse bi be janzten nebazan. Euria zanean gabardinak erabilten genduzan, etxean ahaztuten ez bagenduan. Urbana goizero etorten zan nire bila, eta beti presaz ibilten nintzan; horregaitik behin baino gehiagotan ahaztu egiten neban gabardinea etxean".
Aspaldian jubilauta dagoan arren ondo gogoratzen dau gure langile ohiak lantegirako bidearen eragozpenik handiena. "Ereñotik jaisten ginan eta gero errekeari jarraitzen geuntsan. Neguan, sekulako hotza egiten eban, izan be erreka ertza ia urte osoan gerizpetan dago. Neguko hotz handiak belaunetan min egiten eustan. Androk gonak eroaten genduzan eta hotzak ez tragetako nebeari frakak eskatu neutsazan eta lagunak aitari. Orduan frakak jantzita joaten ginan beharrera eta lantegira heldu arte ez genduzan kentzean".
Lantegia erreka ondoan egoan eta barruan be hotza sentiduten zan langileak mobimentuan egon arren. Orduan, solairuan sua biztuten zan. "Makinan parau barik mobimentuan egoten ginan, goiz osoan, makinea atsedenaldira arte ez zalako geldituten. Jan barik ezin neutsan eutsi eta horregaitik, beti izaten neban txokolate zatiren bat boltsikoan".
Normalean, makina baten sei edo zazpi personek, taldean, egiten eben lan. Lantalde bakotxean jente desbardinak lan egin behar eban alkarregaz, eta borondate ona falta izan ez arren, ez zan erreza izaten. Lantegian arratiarrez gainera, Basauriko biztanleak be ogibidea topau eben, eta orduan hizkuntza oztopo bihurtzen zan sarritan. "Nire lagunak ez bezala, nik ez nekien erderarik lantegian sartu baino lehen, eta Dos Caminosekoak euskeraz bape ez. Hata guzti be, ederto moldatu ginan".

Mekanizautako kordelgintza
Sisala agabe (Agave sisalana) arbolaren hostotik lortzean da, Madagaskar eta Hego Ameriketan ugari ikusten da arbola hori. Hostoen azala kendu ondoren zuntza agertzen da. Uretan metro bateko luzeerako zuntz luzeenak garbitu, gero lehortu, orraztu, batu eta fardoak egin behar dira esportau baino lehenago. Kanpotik ekarritako lehengai hori nahiko garestia zan, baina aproposa kordelak egiteko. "Sisala fardoetan heltzean jakun lantegira. Lehenengo eta behin, gizon batek fardoak lotzean ebazan, metalezko zintak ebagiten ebazan. Gero fibra multzo bakotxa be alde bakotxean alanbre bategaz egoan lotuta. Gure lana zera zan: fibrak soltau, tira batzuk atera, batu eta modu ordenauan makinearen toberan sartu. Makinearen beste aldean sisalezko zintea ateraten zan. Zinta hau kaja baten biltzean zan, eta kaja hori gero hurrengo makinara eroaten zan".
Lemoako kordel fabrikan erabilten ebezan makinak batzuk, tartean "La Manual" eritxana, Katalunian egindakoak ziran eta beste asko Ingalaterran. Izan be, produkzinoaren lehengo pausua egiten eban makinearen izena "Break" zan (inglesez, "apurtu" adierazoteko). Break makineak sisal zuntza gero eta bigunagoa bihurtzen eban. Lau makinatik pasau ondoren sisal haria osotzen zan, eta gero hiru, lau edo hari gehiago beste makina baten bidez batzean ziran soka bat egiteko. Prozesu hau errepikatuz, sokea txikote bihurtzen zan. "Egoten zan breakea. Breakerako sisala fardoetan ekarten eusten. Han zabaltzen zan solairu gainean, gero makinatik pasetan zan eta handik beste breakera, handik metxerera eta gero, beste makina batera".
Produkzinoko pausu guztietan makinen indarrez baliatzen ziran, "Cordelería Mecanizada" zan-eta; baina orain dala hirurogei urteko lantegiko makinak, gaur egunekoak baino askoz arriskutsuagoak ziran eta langileen babesa be gaur egunekoa baino eskasagoa zan. "Lantegian hasi eta gitxira hatzamar osoa galdu neban, hamazortzi urte neukazanean. Kordelak harrapatu ninduan eta ezin izan neban hatzamarra atera. Senarrak be kordel fabrikan egiten eban lan eta hatzamar baten puntea galdu eban. Uste dot fabrika honetan langile askok ez ebezala hamar hatzamarrak gorde".
Kordel lantegiak hiru solairu ebazan. Beheko plantan sisalazko kordel lodi eta luzeak egiten ziran. Urte osorako sisal nahikorik ez egoanez, egoana amaitu eta gero bigarren solairuan kalamuaz baliatzen ziran. Kalamua beste klase bateko materiala da, "estropajuaren modukoa", eta produktu diferenteak egiten ebezan: kordel finagoak eta hariak. Kalamua be amaituten bazan, orduan, salbuespen moduan, koko zuntza erabilten eben kordelak egiteko.
Sisala egoan bitartean hauxe erabilten eben eta gero kalamua, bakotxa bere solairuan. "Makinak zarata asko ateraten eben, baina zaratea baino nabarmenagoa bigarren plantan egoan hautsa zan. Kalamuak sisalak baino hauts gehiago egiten dau. Kalamuagaz lan egiten genduanean errotariak emoten genduan, dana kalamuaren hautsez estalita egoan eta gu be bai".
Lan-jarduna hamar ordukoa zan eta ordu eta erdiko atsedena egoan, gaueko zazpiretan amaitzen zan. "Atsenaldirako kanpaia joten ebenean, bakotxak bere makinea parau eta gelatxo batera joaten ginan etxetik ekarritako ogitartekoa jatera. Etxean arto eta garizko ogiak egiten genduzan, eta txorizo edo solomo bokadiloa eroaten neban lantegira. Inoiz patata tortillea be bai. Etxeko frutak eroaten genduzan, eta kafesnea. Beti botila bat kafesne eroaten genduan lanera. Ze goxoa zan!".

Beharra kantetan
Bazkaiteko kuartuan erderea zan nagusi. Bazkaiteko ordubeteko atsedenaldia egoan, eta kanpaiak marketan eban barriro lanerako itzulerea. Lana arrastiko zazpiretan amaitzen zan. "Askotan kanpaia ez genduan entzuten, beti kantetan ibilten ginalako, eta inoz jantzan be bai. Dana dala, nagusiak beti gustura egoten ziran geugaz, lan asko eta kezka barik egiten gendualako. Familia bat izango bagina legez".
Eguneko lantegiko beharra amaitutakoan, gure lau neskak etxerako bidea hartzean eben. Neguan, bide hau ilundutakoan egin behar izaten eben, eta orduan, kristalezko farolak eta kandelak erabilten ebezan. Lauren artean farola bakarragaz konpontzen ziran. Ereñorako bidea aldapaz gora doa eta horregaitik ordubete baino apurtxo bat gehiago behar izaten eben. "Etxerako bidean soberan gelditutako janariak bananduten genduzan gure artean, eta etxean amak afalteko taloa egiten eban".
Lanean zein etxerako bidean langileak beti kuadrilan ibilten ziran. Ez da harritzekoa, gaur egun be orduko lan-harremana familiakoa izan balitz legez gogoratzea. "Patroia Bilbokoa eta erdalduna zan, eta "Buenos dias" baino askoz gehiagorik ez eban esaten. Enkargaua, Zipriano Aldekoa, euskalduna zan eta beragaz harreman estuagoa eukien. "Ortua eukan eta behin pikoak ekarri euskuzan".

Andrak soldatea txikiagoa
Langileen artean be desbardintasunak egozan. "Gizonak beti andrak baino zerbaist gehiago irabazten eben". Hata guzti be, dirua ez zan gaur egun bezain garrantzitsua eta gure neskak ezin eben euren soldatea gura eben moduan gastau. Lantegian irabazten eben dirua baserrian erabilten eben, behiren bat erosteko edo. "Nire hasikerako soldatea hamabost ogerlekokoa zan, baina handik eta gitxira hilean ehun pezeta ordaintzen hasi ziran. Irabazitako guztia Galdakaoko Caja de Ahorrosera eroaten genduan, aitak eta biok. Bankuko kontua aitaren izenean egoan-eta. Ezkondu eta gero senarraren izenean ipini genduan, androi ez euskuen baimenik emoten libretea norberaren izenean eukiteko".

* Esker bereziak emon gura deutsaguz Iñaki eta Ismaeleri artikulua erreztearren.

2015/10/15

IURDANA ACASUSO ATUTXA "Banden Lehia tranpolin bat izatea gurako neuke"

Iurdana Acasuso Banden Lehia antolatuten dauan Azkue Fundazioko zuzendaria da.
Bilbon jaiotakoa izan arren, ama dimoztarraren alabea da eta lotura handia dauka Dimagaz. Izan be, zinegotzia da Diman. Batz-en egin eban behar hamar urtez eta Igorren bizi da. 
Soziologian lizentziau ondoren, Iurdana Acasusok Humanitateak eta Enpresa ikasi eban Mondragon Unibertsitatean eta urte bi pasatxo daroaz Bilboko San Inazio auzunean dagoan Euskararen Etxean beharrean, berau kudeatzen eta Azkue Fundazioa zuzentzen.

 

Azkue Fundazioa zer da eta zein da zure beharra bertan?
Azkue Fundazioa orain dala bost urte sortu eben, garai haretan Bizkaian egoitza edo aktibidadea eukien bost erakundek: Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Euskaltzaindiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak. Bost erakunde honeek ebatzi eben euskerea Informazino eta Komunikazino Teknologien esparruan sendotuteko fundazino bat sortzea. TIK, internet, sarea, edo uniberso informe eta aldakor horretan, hain zuzen be.
Orduan Aldundiak opatu eban lantoki moduan Euskararen Etxea. Eraikina Aldundiarena da. Euskararen Etxea martxan dago 2004tik. Euskerearen interpretazino zentro edo museo txiki bat dago han. Azkue Fundazioari esan eutsien bertan bulegoak ipinteko eta bide batez, eraikina kudeatzeko. Beraz, gure aktibidade nagusia da euskerea teknologia barrietan sustatzea, baina eraikin hau be kudeatzen dogu. Horrek suposatzen dau museo edo interpretazino zentroa  kudeatzea eta programak egitea, erakusketea eguneratzea eta mantentzea, bisitak sustatzea... Urtero 5.000 ikasle etorten dira ikastetxeetatik.
Bizkaiko Ikastolen Elkarteak, Topaguneak, Mendebalde Kultur Elkarteak eta euskereagaz loturea daukien beste alkarte batzuek be bulegoak daukiez Euskararen Etxean. Orain dala urte t’erdi edo, eraikinean obrak egin genduzan eta kaleari espazio bat irabazi, erabilera anitzeko espazio bat sortzeako. Hor, erakusketak, ikastaroak, hitzaldiak, ikuskizun txikiak, prensaurrekoak eta abar egiten dira. Auzoari bizitasuna emoten deutso espazio horrek. Gure asmoa euskerea San Inaziora be zabaltzea da. Askotan, Bilbon joerea dago dana erdialdean egiteko eta gure eginkizunen barruan hori be hartu egin dogu.

 
Banden Lehia da Azkue Fundazioak antolatuten dauan ekintzetako bat, ezagunena, akaso.
Eta Arratiak aspaldi honetan presentzia nabarmena dauka. Banden Lehia sano proiektu polita da eta gainera teknologia barriak oso era naturalean txertatzeko aukerea emoten dau. Banden Lehiaren hasikerako idea eta proiektua Aldundiarena zan. Orain dala 7 urte, Euskararen Eguna ospatzeko Bilboko Plaza Barrian antolatu ziran kontzertu batzuk eta idea horretatik abiatuta sortu zan Banden Lehia. Gaur egun euskeraz musika egiten daben banda amateur edo ez profesionalen lehiaketea da.
Lehiaketa honen zati handi bat, teknologia barrien bidez garatuten da. Euskerea dago, musikea dago eta teknologia barriak be badagoz. Aukerea emoten deusku lehiaketa parte hartzailea antolatuteko, eta lehiaketeak sarea erabiltera behartzen dau; holan euskerea sarean sustatzen da, gure helburu nagusia. Twiterrera joten dogunean, edo Facebookera edo email bat idazten dogunean, edo bloga edo webgunea planteetan dogunean, naturaltasunez euskeraz egin daigula da gure helburua.
Aurtengo nobedade nabarmena da Twitterrek izango dauala presentzia espeziala lehiaketan. Gero, parte hartzaileen artean BBK Liverako bono bat zozketatuko dogu.
Egia esan oso proiektu polita bilakatu da Banden Lehia. Sariak sano interesgarriak eta erakargarriak dira bandentzako: BBK Live-n eta Bartzelonako EH Sona jaialdietan jotea eta disko bat grabetea, hain zuzen be.


Ze bilakaera izan dau Banden Lehiak? zein da egiten dozun balorazinoa?
Sarien kalidadearen bilakaereak, banden kalidadearen bilakaerea eragin dau. Aurkezten diran banden kantidadea jeitsi egin da eta kalidadea hobetu.
Hasikeran saria musika materialetan gastetako dirua zan. Orduan errezagoa zan banda batek izena emotea nahiz eta oso trebatua ez izan, edo ondino ibilbide laburra eukinda. Gaur egun, sariak desiragarriak baina exigenteak diranez, izena emoten daben bandak ibilbide bat daukie, talde egonkorrak dira... Epaimahaiko profesionalak be esaten dabe orain beste kalidade bat ikusten dala. Holan, irabazleak aukera gehiago ditu musikearen merkaduan bizirauteko. Adibidez, Eskean Kristök, 2013ko Banden Lehiaketako irabazleak, diskoa atera eban eta uda honetan jiran ibili da hainbat kontzertu emoten, eta badirudi izena eta belozidade bat hartu dauzala.
Nik gurako neuke Banden Lehia tranpolin bat izatea eta hain zaila dan mundu horretan lagungarri izatea.


Teknologia barrietan badago genero bretxarik?
Egia esan ez. Urtero urteten dira estadu mailako datuak, teknologia barrien egoerea eta abar. Euskal Herrian ez dago genero arrakalik teknologia barrien erabilpenari jagokonean. Edadean dago bretxa digitala.
Belaunaldi gazteentzat, guk natibo digitalak esaten deutsegu, inguruneko zerbait da. Gazteentzat oso ohikoa da Smartphone bat izatea, tablet bat izatea...
Baina musika garaikidea edo rock taldeetan, gehienak gizonezkoak dira. Noizbehinka abeslaria neskea izaten da, baina gitxitan. Instrumentistak ondino gitxiagotan.
Banden Lehiara apuntatzen diran bandak rock-a edo metala edo hard rock-a joten dabe batez be. Aurten  pop banda batzuk be apuntau dira, baina badirudi euskaldunak musika gogorra nahiago dogula.


Arratiarren parte hartzea handia da Banden Lehian, Azkue Fundazioak antolatuten dituan beste gauzetan be bai?
Ahoz ahozkoa oso inportantea da. Arratiako talde bat apuntetan bada, horrek oihartzun bat sortzean dau bere inguruan eta hurrengo urtean beste bat apuntetea dakar askotan. Holan, Banden Lehian, ez dakigu zergaitik ohikoa be bada Bermeoko jentea apuntatzea. 
Aurten esfortzu berezia egin dogu Bizkaitik kanpo be publizidadea egiteko. Guk badakigu Bizkaian errotutako erakunde batzuk sortu ebena baina Azkue Fundazioaren lana sarean da eta sareak mugarik ez dauka. Munduko edozein euskaldun animetan dogu gure ekintzetan parte hartzera.


Zeintzuk dira ekintza horreek, esate baterako?
Badaukagu beste lehiaketa bat martxan, sormenaren ingurukoa, % 100 sarean egiten dana eta hor euki doguz diasporako euskaldunak. Irudimena Sariak deitzean da eta sano lehiaketa polita da. Aurten bosgarren edizinoa da. Lehiaketa hau Iparraldeko EKE, Euskal Kultur Erakundeagaz batera egiten dogu. Soinu mapan dagozan soinu batzuk proposatzen doguz. Soinu bat aukeratu behar da eta soinu horretatik irudimena erabiliz irudi bat, testu bat edo beste soinu barri bat egin behar da. Dana egiten da internet bitartez eta parte hartzaile asko Hego Euskal Herrikoak dira, beste batzuk Ipar Euskal Herrikoak eta aurreko urtean, Argentinako diasporatik be lan batzuk aurkeztu ziran. Teknologiak aukerea emoten deusku, Euskal Herritik kanpo dagozan euskaldunak parte hartu dagien.
Beste lehiaketa bat be badaukagu martxan, Instagram plataformatik. Esaera zaharrak irudiz adierazo behar dira.
Azkue Fundazioan gura doguna da edozein euskaldunek bere buruari galdetzen deutsanean "ba ete da... ordenagailuan edo tabletean edo telefonoan erabilteko hiztegi edo itzultzaile edo jolas bat, aplikazino bat edo dana dalakoa?" Azkue Fundazioaren webgunera jotea, hor dagoz-eta euskeraz dagozan baliabideak.


Urtero 5.000 ikasle inguru pasetan dirala Euskararen Etxetik dinozu.
Ikastetxeai interpretazino zentroa edo museoa ikustea eskeintzen deutsegu baina bide batez ume eta gaztetxoentzat teknologia barrien inguruko tailerrak. Landuten doguzan gaiak: teknologia barrietan euskerea erabiltea, pribadutasuna sare sozialetan zelan zaindu, Smartphone-ak era egokian zelan erabili, sexting-a, hau da, argazki pikanteak partekatzeko daukien arriskua, eta abar dira. Ikastetxeak benetan eskertzen dabe holango gaiak tratetea eta ume eta gaztetxoentzat arinagoa izan daiten, komiki ereduan planteetan doguz. Komiki bat pentsau eta sortu behar dabe. Eta ikastetxeen arteko lehiaketa moduan planteetan dogu, parte hartzea sustatzeko.

2015/10/1

ARGAZKI LEHIAKETEA "Strasbourg" argazkiak irabazi dau Oporretako Argazki Lehiaketea

Miren Begoña Idigoras Mugerzak Estrasburgon ateratako argazkiak irabazi dau aurtengo begituren Oporretako Argazki Lehiaketako lehenengo saria. Irabazleak astegoieneko egonaldia  landetxe baten izango dau saritzat. Bigarrena, Aitor Arnaizen "Gaztetatik ikasteko grina" izenekoa izan da eta honek be saria izango dau.
Oraingoan 28 argazkilarik hartu dabe parte eta 57 argazki bialdu dabez guztira. Hareetako batzuk dakarkuz hona, finalistak. Parte hartu daben guztiak gure webgunean dagoz ikusgai.

2015/9/29

ZIGOR ITURBE "Arkitekturea esperientzia bat da, biziteko gauza bat"

Zigor Iturbe igorreztarra arkitektoa, ikerlaria eta musikaria da. Aspaldi bizi da Bilbon baina arratiartzat dauka bere burua eta ez dau Arratiagaz kontaktua galdu. Soinu paisajeak ikertzen ditu, zelanbaist arkitekturea eta musikea buztartuz. Aneika Ara musika taldean gitarrea eta abotsa da.

 

Soinu paisajeak ikertzen dozuz, ezta? Azaldu zer dan soinu paisajea.
Ikertzen nabilana da soinuak edo soinu paisajeak ze harreman daukan espazio arkitektonikoa definiduteko orduan. Kontzeptu bat dago "giroa" deitzean dana, "ambientea" gazteleraz. Espazio bat definiduterakoan soinuak gordeta daukan informazinoa baztertuta geldituten da normalean. Adibidez, Bilboko Arenalean bazagoz eta umeak olgetan badagoz eta espazio horren argazki bat ateraten badozu, argazki horretan ez da islatzen benetako gertakizuna: trafikoaren zaratea itzela dala.
Nik ez dodaz baztertuten beste zentzumenak, baina kontuan izan behar da belarriagaz, informazino asko dago hor gordeta-eta. Bizirik irauteko soinua ikusmena baino askoz garrantzitsuagoa da, ikerketa askok frogatu daben moduan. Eta lehenago, Euskal Herrian hizlari kultura geunkan. Hortik doa apur bat ikerketea.
Soinua eta arkitekturea lotzean dabezan esparru asko dagoz: akustika arkitektonikoa alde batetik, sano gai teknikoa; bestetik, soinu paisajeen idea humanistikoagoa, anbientearen definizino horretan soinuzko gertakizunak zer esanahi daukan, arkitektureari zer emon edo kentzean deutsan...
Arkitekturea esperientzia bat da, ez da plano batzuk egitea edo argazki bat ikustea, biziteko gauza bat da. Eta soinuak informazinoa dauka eta espazioa definiduten dau; beraz kontuan hartu beharrekoa da.
Gainera arkitekturearen kasuan espazio bat formalki definiduten dozunean akustikeagaz harreman zuzena dauka, forma batek akustika bat emongo dau eta akustika bat bilatuten forma bat emongo jako espazioari. Zoritxarrez hemen ez jako arretarik ipinten. Munduko Osasun Erakundeak estimatzen dau Europan 200.000 persona inguru hilten dirala urtean zarateari esposizino luzeak ondorioztatutako gaisotasunak jota. Denpora luzez zaratea entzuten egon ezkero, hipertensinoa edo bihotzekoak emoteko arriskua dago. Datu horreek larriak dira.

 
Orduan, ohitura osasungarrien artean, kirola egitea dagoan moduan, egunero denporatxo baten leku isil baten, isilik egotea egongo litzateke?
Bai. Kasu horretan eraikuntzen kode barriak, gero eta gehiago eskatzen dau akustikoki isolatuta egotea, bai barrutik kanpora, bai kanpotik barrura, zaratea ez sartzeako.
Keja pilo bat dago Bilboko Udalean zaratea dala eta.


Zeintzuk dira Arratian daukaguzan soinu paisajeak?
Ez dakit Arratian zein puntutaraino dagoan ikertuta, ez dira beharrezkoak eta. Zaraten Mapa Estrategikoa derrigorrezkoa da, baina zaratea bakarrik ikertzen dau eta soinu paisajea eremu zabalagoa da. Igorreko kasuan, bariantea egin zanean, zaratearen azterketea egin zan eta hor mapa bat dago.


Orain Igorren ez dago zarata handirik, ezta?
Orain ez, baina nik gogoratzen dot umetan-eta zaratatsua zala. Gu zentroan bizi ginan eta kamioi piloa pasetan zan. Beste leku batera eroan dabez kamioiak eta beharbada bertako biztanleak kejak izango ditue. Ez dakit. Baina orokorrean Arratian leku zaratatsuak salbuespenak dira eta kamino nazionalaren ondoan dagoz.
Dana dala, 2003ko zaratearen legeak, kanpo ixten ditu obrak eta jai edo festiboak.
Hori izan leiteke Arratiak daukan gauzarik bitxiena, soinu paisaje nahiko atseginak dituala. Nik uste dot jentea holango herrietara etorten danean bizitera horren bila etorten dala, lasaitasunaren bila.


Arratiako arkitekturea zelangoa da? Badago arkitektura moderno esanguratsurik?
Ez. Baina ez da Arratiako arazo bat, arkitektoaren ikuspegitik arazoa be ez da. Arbasoakanako lotura handia daukagu. Historikoki herri legez daukagun konfliktoa be herri askotan gertatzen da. Baserriagazko daukagu lotura handia, baserriak identidadea  sortzean daualako. Arkitektureak holan funtzionatzen dau, norbanakoaren identidadearen erreflejo bat da.


Arratian badaukagu konflikto hori isladatzen dauan eraikinik? Hau da, eraikin modernorik baserriko iruditeriagaz?
Bai. Badagoz etxe blokeak baserrietako bigak lakoxeak margotuta daukienak baserriko iruditeria egiteko. Ez da ezer barria, Greziako Partenoian eta antzerako eragiketak ikusi daitekez, antxinagoko arkitekturea isladatzen da.
Nik uste dot hemen azkenenengo 20 urteetan asko eregi baina arkitektura gitxi egin dala. Jente askok ez dauka argi arkitekturea eta arkitektoaren betebeharra zein dan.


Eta zein da betebehar hori?
Arkitekturea gai tekniko bezain humanista da. Edozein espazioren atzetik arkitektura eta arkitekto bat dago. Askotan gauzak txarto egiten dira, baina beste askotan oso ondo.


Euskaldunok etxeagaz lotura identitario handia daukagu, baina hau be ez da euskaldunen kontu bat, ezta? Unibersala da?
Bai. Logikoa da unibersala izatea. Janzten zaranean irudi bat sortzean dozun legez, etxeak be zureganako irudi bat emoten dau. Nik uste dot kanpora begira egitea gauzak, irudi bat emoten dogulako eta horren konsziente garalako, gizakiaren unibersaltasun bat dala. Eta hori etxean be islatzen da.
Bezero bat datorrenean gauza bat eskatzen, analisi psikologikoa egiten deutsagu. Lehenengotik ulertu behar da bezero horrek zer gura dauan, ze jentea etorten da amaierako irudi bategaz eta askotan beste baten etxea gustau jakolako. Eta 50 urte eta bikokideagaz bakarrik bizi danak, 30 urte eta ume bigaz bizi dan beste batenaren moduko etxea gura dau. Ba hor daukagu konflikto bat.
Arkitektoaren lana, laguntzaile lana da. Jaso behar dau bezeroak benetan zer behar dauan eta zer gura dauan, berak uste dauanagaz bitarteko bat bideratzeko.


Baserria ez da norberarena, norbera da baserrikoa. Hori holan da euskaldunontzat?
Hori be kontu unibersala da, Europako hainbat herrialdetan emoten da. Nik uste dot linaje kontu bat dala. Zu zara ez-dakit-nongo etxekoa edo... Baina kontraesan bat dago hor, ze etxe bat egin gura dogunean baserriaren irudikoa gura dogu, baina kotxea azken markakoa, edo telebistea, plasma; ez daukagu ezelango dudarik. Hor salto kualitatiboa dago. Zergaitik egiten dogu baserri itxurako gauza bat, eta metro 1 x metro 1eko lehioa, berbarako, ahal danean 3m. x 3m.ko lehio bat ipini eta argia aprobetxau?


Plaza edo espazio publiko perfektua zein izango litzateke?
Herriak erabilten dauana. Erabilten ez dan espazio batek ez dauka zentzurik arkitekturan.


Soinuari eta musikeari bueltauz, Aneika Ara taldean joten dozu, ze musika egiten dozue?
Rock musika egiten dogu, ez naz oso etiketa zalea. Hirukotea gara: ni gitarrea eta abotsa; Argibel Euba galdakaoztarrak bateria joten dau eta Alex Lopez amurrioztarrak, bajua. 2009 inguruan hasi ginan baina taldeak forma hartu eban 2011n, eta 2013an lehen diskoa plazaratu genduan Gaztelupeko Hotsak zigiluagaz. Azkenengo kontzertu esanguratsuenak Donostian eta Bilbon izan dira. Donostian, 2016 Kulturaren Hiria esparruaren barruan, eta Bilbon, Ibilaldian jo genduan maiatzean. Tartean, tabernetan eta abar egin doguz kontzertuak.


Zelan dago panoramea? Internetegaz ia ez da diskorik saltzean, taldeak kontzertuetatik bizi behar dira?
Diskoak ez dira saltzean. Diskoa aurkezpen bat izaten da. Panoramea oso gatxa da. Jente on asko dago eta ekitea da bidea. Hortik bizitea bada planteamentua oso gogorra da, hortara egon behar dozu % 100ean eta. Eta atzetik dagoan bulego lana ia-ia sormen lana baino handiagoa da.

2015/9/15

NANCY STEKLA ETA KATHRIN THEIS Laster arte Nancy, ondo etorri Kathrin

Tamara Berganza eta Unai Idoiaga bikoteak automobilen industrian egiten dau lan. Beharrak holan erakutsita konziente dira gaur egun hizkuntzak daukien garrantziaz. Hogeta bi urte egin arte sei bider au-pair joandakoa da Tamara eta aukera ona zala ikusita, eurekaz biziteko au-pair moduan gaztetxo bat ekarri eben orduan. Lehenengo Kathrin etorri zan, Kelly gero, Nancy aurrerago eta Lara orain. Beharragaitik biajetako flexibilidadea dauka bikoteak eta seme-alabak aleman ikasten dabe bitartean.
Au-pair bigaz egon da BEGITU, Kathrin Theis eta Nancy Stekla-gaz. Kathrinek hogeta hiru urte daukaz eta Trier-ekoa da, Nancy ostera Emsdetten-ekoa da eta hemeretzi urte daukaz. Lehenagotik alkar ezetu ez eta esperientzia honek batu dauz alemaniar biak Areatzan, etorkizun baten biziteko deskartetan ez daben herrian.

 

Zer da au-pair izatea?
Kathrin: Familia batera zoaz eta haur zein umeak jagoten dozuz. Baina langile bat baino gehiago familiaren parte zara. Webgune bat dago non bai familiak eta bai au-pair-ak profil bat daukien. Familiakaz kontaktuan ipinten zara orduan, lehenengo adibidez emailez idazten dozu eta gero Skype bidez hobeto ezetu dagizuzan. Familia gustetan bajatzu eta familiari zu gustetan bazatxakoz, baietz esaten dozu.
 

Zergaitik Areatzara?
Kathrin: Espainia guztiko hainbat familiagaz egin neban berba Madril, Valentzia, Bartzelona... Gero Areatzako Tamaragaz berba egin eta maitemindu egin nintzan beragaz. Skype bidez bost minutu berba egin eta banekian etxe horretara joan gura nebana. Berez uriburu handi batera joan gura neban baina atzenean inportanteena familia atsegina dala iruditutea da.
Nancy: Nik be beste familia batzukaz egin neban berba eta uriburu handi batera joan gura neban. Ia beste au-pair batzuk egozan galdetuten neban beti, lagunak egiteko gogoagaz. Atzenean Tamaragaz berba egin eta maitemindu egin ninduan ni be, oso maitagarria da.

 
Zelan hartu zaitue? Badakigu lagunak egin dozuezana.
Kathrin: Ni oso ondo. Lehen ez nekian gazteleraz ezer, "hola" eta "adios" ez bazan. Gogoan daukat lehenengo egunean herrira joan nintzala Tamaragaz, eta baten bateri "adios" esan neutsala. Tamarak orduan, "parkatu Kathrin, hemen adios ez, agur esaten da". Gaztelaniaz nekian ehuneko berrogeita hamarra ezin neban erabili (umorez). Baina ondo. Hilabete bat barru gitxi gorabehera Ane, nire laguna, eta beste batzuk tinbrea jo eben esanez baekiela euren adineko neska bat etorri dala Alemaniatik eta ia hondartzara joaten animetan nintzan. Tamarak baietz esan eutsen baina ez nebala gaztelerea bape be aituten. Eurek bardin dauala, eskuakaz eta komunikauko ginala. Ordutik ona beti alkarregaz.
Nancy: Ni ondino Kelly hemen egoanean etorri nintzan, eta adin bardinekoak ginanez beragaz joan nintzan lagunakana, orain kuadrila dodanera.


Errez egin dozuez lagunak. Zelangoak dira Areatzakoak?
Kathrin: Oso atseginak, oso zabalak. Alemanian baten batengandik zeozer gura badozu zu joan behar zara berarengana baina hemen zugana datoz, eta interesauta gainera. Nondik zatozen, zer egiten zabizen... Itzelezko pazientzia euki dabe nigaz, batez be gaztelaniagaz.


Eta euskerea? Ze kontakto euki dozue beragaz?
Kathrin: Hemen, batez be Tamararen etxean, dana azaldu deuskue. Berarentzat be oso garrantzitsua zan errespetua euki genduan, nora etorri garan jakin. Beti esaten dot hasikeran euskeraz berba egiten nebana umeen euskerea zala, "bota ez", "ze gozo", "txapelduna!"... eta holangoak. Denporeagaz egunero erabilten diran berbak ikasi nebazan, "zelan", "ondo", "agur", "eskerrik asko", "parkatu"... Niretzat be oso inportantea da, euskeraz esaten dakidan dana esan egiten dot nahiz eta igual apur bat txarto agoskatu. Orain behin betiko hemen geldituko nazanez euskerazko klaseetara apuntauko naz ondo ikasteko.


Nancy, zelan esplikauko zenduke Alemanian non egon zaran?
Nancy: Nik hau Euskal Herria dala esaten dot. Ezin neike esan urte bete Espainian egon nazela, "Zelan Espainiatik?" galdetuten deuste, eta nik Espainiatik ezetz baina oso ondo nabilela erantzuten deutset.


Zein da hemeko irudia Alemanian?
Kathrin: Ezagututen daben gauza bakarra sarritan ETA da. Esaten dot ba ni herri baten egon naz, Espainia eta Frantzia artean. Hor, bitarte horretan ezer ez dagoan lez... Apur bat gatxa da azalduteko, niretzat be gehiago dalako sentimentu kontu bat.


Kathrin zu hainbat bider egon zara.
Kathrin: 2011n etorri nintzan lehenengoz. Hasikeran urte bete gelditu gura neban eta atzenean bi izan ziran. Gabonetan, aste santuan, udan,  jaietan... bisitan be ahal dodan guztietan etorten naz.


Hemetik aurrera ze asmo daukazue?
Kathrin: Ni hemen geldituko naz. Betirako ez dakit baina bertan gelditutea sano gustauko litxakit. Momentuz Areatzako beste familia bategaz bizi naz, eta posible bada Gasteizen Filologia ikasten hasiko naz Alemanierazko klaseak emon ahal izateko.
Nancy: Ez dot sekula esaten Alemanian geldituko nazanik, igual egun baten ni be hona etorriko nazalako biziten. Asko gustetan jata. Momentuz aste honetan Alemaniara bueltetan naz. Ia urte erdi hau zelan doan eta gero ia hemen edo Alemanian ikasten hasten nazen. Inoz ezin leike jakin, baina seguru bueltauko nazala.

2015/9/14

GORBEIALDE LANDA GARAPENERAKO PROGRAMEA Kalidadeko produktuak eta garapen jasangarria dira Landa Garapenerako Progamaren helburu batzuk

 

Gorbeialde Landa Garapenerako alkarteak, eskualdeko Landa Garapenerako Programea (LGP) 2015-2020 jasoten dauan dokumentua egin dau. Aurreko LGPa 2007 urtekoa zan eta harrezkeroztik gauza asko aldatu dira gure eskualdean. Izan be, eredu ekonomikoak 2007an "krisi" bat ekarri eban oraindino guztiz ez dana gainditu eta hainbat aldaketa eragin ebazanak. Hori dala eta, eskualdeko hasikerako diagnostikoa egin dabe; gero 2015-2020 aldian garatuko dan estrategia definidu dabe zeintzuk diran urte bakotxean bultzatu behar diran jarduerak zehazteko. Dokumentua egiten, lantalde teknikoak, Gorbeialde Landa Garapeneko alkarteko zuzendaritza batzordeak eta eskualdeko hogeta hamaika eragilek hartu dabe parte.

 

Programa honeek Arratia-Nerbioi eskualdea –edo Arratia eta Nerbioi eskualdeak– daukie lan eremutzat; hau da, hamabost udal: Arakaldo, Arantzazu, Areatza, Arrankudiaga, Artea, Bedia, Igorre, Lemoa, Orozko, Otxandio, Ubide, Urduña, Zeanuri eta Zeberio. Eskualdeko populazinoaren oso portzentaje txikiak egiten dau behar lehenengo sektorean, baina balio estrategikoa dauka. Bizkaian portzentaje honek 2006tik 2011ra behera egin eban bitartean % 0,94tik % 0,86ra pasatuz; Gorbeialdean, hazi egin zan, % 1,93tik, % 2,2ra pasatuz.
Hirugarren sektorea be indartu egin zan urte horreetan, Bizkaian legez. Arratia-Nerbioi eskualdean, beharrean egozanen % 56,67tik, % 63,70 izatera pasau ziran hirugarren sektorean behar egiten ebenak; Bizkaian barriz, % 68,80tik % 74,68 izatera pasau ziran.
Jakina dan moduan, krisiak eraikuntza eta bigarren sektorean euki eban eraginik handiena eta datu honeetan be ikusi daiteke: 2006tik 2011ra bigarren sektoreak bost puntu galdu ebazan, eta eraikuntzak bat.
LGP barria egiteko prozesua abian ipinteko etxebizitza hutsen okupazinoa be aintzat hartu eben Gorbeialdekoak. "Jakin gura genduan ea etxebizitza gehiago egin behar diran ala ez eta konklusinoa izan da ezetz, ez dirala behar. Hutsik dagozan baserri asko bai, konpondu behar dirala eta horretarako diru laguntzak behar dirala be ikusi dogu" azaldu deutso begituri  Bingen Larizgoitia Gorbeialde Landa Garapen Elkarteko arduradunak.
LGParen helburuak funtzino ekonomikoa bakarrik ez, ingurumen, eta gizarte eta kultura funzinoak be baditu, euren ustez, lurraldearen garapena orekatua izan daiten, beharrezkoa dalako landako eta uriko bilakaerea aldi berean gertatzea.
Etxe hutsen datuak onak izan ez arren, orokorrean Bizkaikoa (% 21,47) baino hobea zan eta ordurako, Artean eta Igorren etxe huts gitxiago egozan urte batzuk lehenago baino. Gaur egun etxe hutsak gitxiago dirala dino Larizgoitiak.

LGP 2015-2020
Diagnostiko horretatik abiatuta, lantalde teknikoak, Gorbeialdeko zuzendaritza batzordea eta eskualdeko eragileakaz plan barria diseineteari ekin eutsan. Garagarrilaren 21ean Programearen esparru estrategikoa egiaztatzeko eta balioztatzeko atzenengo tailerra egin zan.
Holan, danon artean, eskualdeak garapen orekatua eta jasangarria behar dauala adostu eben; baita kalidadeko produktuak ekoiztu behar dirala eta bertako herritarrai bizi kalidadea bermatzeko oinarrizko zerbitzuak izan behar dituala Arratia-Nerbioi eskualdeak. Gizon eta andren arteko aukera eta baliabideen bardintasuna be estrategikotzat jo eben LGPa diseinetan parte hartu dabenak.
Programeak lau ardatz daukaz, bakotxa bere helburuakaz, eta helburu guztiak neurgarriak dira. "Ez dogu sartu gura izan, neur-tzeko indikadorerik ez daukan helbururik" dino Larizgoitiak.
Honeek dira ardatzok: Lehen sektore bizia eta barritzailea; eskualde dinamiko eta integratzailea; sektore turistiko lehiakorra, jasangarria eta kalidadekoa eta bizi kalidadea bermatzeko oinarrizko zerbitzuak. Lehen ardatzeko helburuetako bat, nekazal ustiapenen kopurua eta errentagarritasuna handitzea da; hori errez neurtu daiteke ustiapenen zenbakia erabiliz. Bigarren ardatzaren helburu bat jarduera ekonomikoen garapena bultzatzea eta enpresa eta jarduera profesional barriak bertan paretea da. Helburua bete dan jakiteko, langabezia tasak behera egin behar dau eta datu horrek neurtu ahal dau zenbateraino bete dan helburu hori.
Bost urte honeetako LGPa jasoten dauan dokumentua Gorbeialderen webgunean egongo da laster, baina "ez da dokumentu itxi bat, dokumentu bizia baino, eta barrizten joango da". Barrizten dan neurrian, webgunean be aldatzen joango dirala dokumentu hori dino Larizgoitiak.

Gorbeialdek egoitza barria
Gorbeialde Landa Garapenerako alkartearen egoitza lekuz aldatu da. Areatzan segiduten dabe baina orain Askatasun kalean, 34 A portalearen ondoan dagoz.

2015/8/31

ARRATIAKO BASOA Arratiako basoko erraldoi arrotzak

Horreetako batzuek gure artean mende bat baino gehiago eroan arren, ondino mesfidantzaz begiratuten deutsegu gure basora etorri diran zugatz exotiko arrotzai.

 

Mundu sinbolikoko basoa
Basoak oroimena gordetan ei dabe, eta, beraz, Arratiako historia gure basoak be idatzi leikie. Eurak izan dira lekuko nagusiak gizakiak inguruari eragindako eraldaketa bortitzaz, eta batzuetan zentzubakoaz. Eurek ikusi dabe jatorrizko basoa ustiatzen, ia erabat desagertzeraino galtzean, eta espezie etorri barriai lekua egiten.
Bada, gure gogoaren mundu sinbolikoan baso zaharreko haretx eta pago ederrak ondino dirauen bitartean, gure basorik handienak aspaldi birlandatu ziran zugatz arrotzakaz agertzen dira gaur, konifera exotikoakaz gehien-gehienetan. Eta askooi ez jakuz gustetan, motzak deritxegu, ez ei dira ekologikoak, geure jatorrizko baso ederra gurago geunke, jakina. Baina zugatzak personak lakoxeak dira, etorkinak izan arren, atzenean gitxi asko bertakotzen dira, kasu honetan arratiartu egiten dira. Eta guretzat aberastasuna dira. Sano geureganatuta daukagu basoaren funtzino ekologikoa eta ludikoa gure betiko zugatzakaz bete behar dala, eta, ostera, ustiapen industriala espezie arrotz jakin batzukaz egiten dala. Akats handia izan daiteke ikuspuntu hori, alde bietatik gainera, batzuek zein besteak funtzino berberak bete leikiezalako. Konponbidea badakigu zein dan, kudeaketa on baten oreka, batzuen eta besteen artekoa, funtzinoen artekoa be bai; Arratian, argi eta garbi, espezie arrotzen aldeko desoreka dana, gaur gaurkoz behinik behin.

Zugatza ikusten ixten ez deuskun basoa
Arratiako baso barriaren lehenengo pausua Bedian hasi zan, 1897an. Orduan egin zan radiata (Pinus insignis) pinuaren landaketa handia Mario Adan de Yarza agronomoaren eskutik. Kaliforniakoa (Monterrey) zan pinu hori sasoi haretako mendi soilduak birlandatzen eta industria barriari (zelulosa eta enbalaketak) hazkunde arineko egur merkea eskeitzen etorran. Harrezkero radiata pinuaren landaketak dira gurean gehien zabaldu diranak, batez be 50eko hamarkadatik hona. Bigarren pausua Bizkaiko Diputazinoak emon eban Barazarreko mendietan (Zubizabal, Lapurriketa, Saldropo...) 20ko hamarkadan, herrialdeko basoak birlandatzeko ardurea hartu ebanean. Bertan, espezie batzuetako zugatzak barrutietan landatu ziran euren garapena eta balizko aterramentua ikusteko. Landaketa esperimental horrexeek dira, hain zuzen, Zeanuriko Zubizabal baso ibilbidean gaur egun ikusi daitekezanak. 1956ko edurteak, baina, Bizkaia eta Gipuzkoako radiata pinuaren landaketak asko kaltetu ei ebazan, eta orduantxe agerian gelditu zan mendi garaietarako beste espezie batzuk egokiagoak izango zirala. Beraz, ordura arte esperimentalak baino ez ziran espeziak mendi gune altuetan ugaritzen hasi ziran. Horregaitik, Arratian bertan bada alde nabarmena, 500-400 metrotik beheragoko mendietan radiata pinua da nagusi-nagusi, eukaliptu zuri (globulus) apur bategaz; ostera, maila horretatik gora espezie diferente eta ugariago ikusten dira, hein handi baten aitatu dogun esperimentazinoari esker. Holan, gune garai horreetan Japoniako alertzea (Larix kaempheri), Douglas izeia (Pseudotsuga menziessi), izei gorria (Picea abies), pinu larizioa (Pinus nigra), estrobo pinua (Pinus strobus), Lawson altzifrea (Chamaecyparis Lawsoniana) eta haretx amerikarra (Quercus rubra) ikusi daikeguz.
Batez be Gorbeia inguruko lur garaietan aurkitzen diran zugatz horreek guztiak badaukiez euren berezitasunak. Sarritan osotzen dabezan baso sail monotonotik harago, zugatzoi ez jakie edertasunik falta. Kontuan hartu behar dogu gehien-gehienak sano preziaduak dirala herrialde askotako loragintzan. Berezienen artean alertzea aitatu geinke. Gurean dogun espeziea ez da Europakoa, Japoniakoa baino, eta konifera dan arren, hosto galkorrak daukaz. Udagoienean bere hostajeak urre zaharraren kolorea hartzean dau eta oso baso interesgarriak osotzen dauz. Arratiatik kanpo, Gipuzkoako Aiako Harrietan baino ez da aurkitzen. Zabaldu ez dan espeziea da estrobo pinuarena, Zubizabalen sailtxo bat baino ez dago. Konifera hau Kanada eta Estadu Batuetako ipar-ekialdekoa da, bertan Easter White Pine hartzean dau izena. Iroques nazino natiboaren zugatz sakratua da, "Tree of Great Peace" deritxoe. Herri horren banderan ikusi geinke, baita Michigan, Maine eta Ontarioko estaduetakoa armarrietan be. Amerikar natiboak jatekoa eta botika ugari lortzean eben zugatz honetatik. Amerikarra be bada Douglas izeia, Ipar-mendebaldeko kostaldekoa, gure erraldoirik handiena. Sekoia gorriaren ondoan munduko zugatzik altuena. Izeia deitu arren, tsuga generokoa da. Gurean, zugatz tantai horreetatik zintzilikatu dira Zeanuriko kanpineko txabolak. Benetako izeia ez dan beste bat izei gorria da, picea generokoa da eta. Ipar eta sortaldeko Europan dauka jatorria, hau be erraldoia, egur ona dauka musika tresnak egiteko. Ipar Europan Gabonetako zugatza da. Asko zabaldu dana Lawson altzifrea da, Ipar Amerikako Oregon estadukoa da, ez da benetako altzifrea, horregaitik batzuetan "altzifre faltsua" esaten jako. Gurean baso trinko ilunak osotzen dauz, oso bereizgarria bere itxura konikoagaitik eta darion citronella usain gozoari esker. Bere egurra guztiz preziadua da etxeak, itsasontziak eta hegazkinak egiteko. Larizioa edo pinu baltza, barriz, Korsika irlako mendietatik jatorku. Pinu baltzetako jatorrizko basoak badoguz Nafarroan, baina ez dira larizio azpigenerokoak. Aspaldion konifera hau radiata pinuaren alternatibea bihurtu da, batez be pobreagoak eta idorragoak diran zoruetan. Eta hostozabalekoa dan bakarra haretx amerikarra da. Gurean ez dau baso handirik osotzen, han hemenka ikusten da. Hazkunde motelagokoa da, bere zura gogorra eta astuna da eta udagoienean hostaje gorri ikusgarriaz janzten da.

2015/8/31

IKER MINTEGI Urtean 30.000 turista inguru etorten dira Areatzara

Arratian turismoak gora egin dau nabarmen atzen urteotan. Udan batez be begibistakoa da. Areatzako Hotel Bainuetxean urtean 30.000 lagun inguruk hartzean dabe ostatu. Iker Mintegi bilbotarra da bertako zuzendaria. Valentzian, Galizan eta Bilbon behar egin ostean, etorri zan Mintegi Areatzara, orain dala sei urte, bainuetxeak ateak zabaldu ebazanean. Bertan lan egin eta bizi da harrezkeroztik.

 

Pasa dan mendearen hasikeran, Areatzako bainuetxera Bilboko aberatsak etorten ziran udan. Uste askoan zarratuta, orain dala sei urte zabaldu ebazan ateak barriro bainuetxeak. Uraz aparte, lehengo haretatik gordetzen dau ezer oraingo Hotel Bainuetxeak?
Instalazino guztiak barriak dira. 1.950eko hamarkadan zarratu eben, bainuetxeen gainbeheraren sasoian, eta ez da ezer mantenidu. Bainuontzi gehienak errekan amaitu eben eta baten bat errekuperau dogu. Tratamentu motak eta jentearen hona etorteko errazoiak  mantenidu dira; baita sufredun urak be eta honeen onurak osasunerako.
Sufredun urak azalerako onak dira. Lehengo bainuetxearen sasoitik dagoz segurtatuta onurok psoriasi, narritadurak, eta abar osatuteko. Ur hau, basa eta krema batzukaz emonda ona da azalerako. Arnasbideetarako be bai, inhalazinoak egin edo basak paparrean emonda. Herrian batzuk edan be egiten dabe ur hau, baina guk ez dogu hori gomendatzen.

 
Zenbat turista egoten dira Areatzako Hotel Bainuetxean?
Hotelera urtean 30.000 turista etorten dira. 65 logela daukaguz. Urteko bataz besteko okupazinoa % 65-68 artekoa da. Asko da Areatza moduko leku baten dagoan hotel batentzat.

 
Ze hartu-emon mota dauka Hotel Bainuetxeak Areatzako beste ostatu eta tabernakaz?
Hotel bat ipintea ona da herriarentzat. Izan be, eguneroko jardunerako gauza asko behar izaten dira: prensa, jatekoa, edariak, informazinoa... danetik! Herriari bizitasuna emoten deutso eta jenteak hori eskertu egiten dau.
Hemendik 30.000 turista pasetan dira eta herria lehen ez eukan eskari horretara egokitzen doa. Lehen ostalaritza, kaleko bezeroarentzako zan; orain, barriz, kaleko zein kanpoko bezeroari egokitutako ostalaritza da. Areatzako ostatuak lehen landuten ez ebezan eremuak landuten hasi dira.
Udalagaz be hartu-emon handia daukagu. Beragaz egiten dogu urtero Musikasua ikuskizuna eta  lankidetza handia dago geure artean. Bai guk euren beharra daukagunean (aretoak alokatzeko, karpak  behar doguzanean...), eta baita be eurak daukienean gure premina; hau da, azoketan herriko produktuak promozionetako gure beharginak, instalazinoak edo produktuak behar dabezanean.


Areatzako uragaz egindako produktu kosmetiko batzuk atera dozuez, Areatzako bertako kosmetikea, beraz.
Bai. Bainuetxe guztiak erabilten dabez produktu estetikoak eta horreetako batzuk sendagarriak dira. Merkaduan danetik dago. Guk gura izan dogu bainuetxeko uragaz onura minero-medizinaldun produktuak egitea. Horregaitik, Errioxan dagoan Duaner laborategiagaz ipini ginan kontaktuan eta etxean asko erabilten diran 9 produktu egin doguz, ur sufredun 500 bat litro Errioxara bialduta.
Produktuok, besteak beste, body milk, eskuetarako kremea, txanpua, bainurako gatzak eta gel hotza dira. Azpimarratu gura dot danak dirala gomendagarriak osasuna hobetuteko. Holan, gel hotza ona da gorputzaren tenperaturea jeisteko eta giharretako minak kentzeako; gorputzeko kremea sano ona da azalarentzat sufredun uragaz eginda dagoalako; baita txanpua, eskuetarako kremea eta abar. Produktuok salgai dagoz Areatzako hainbat dendatan. Bertako produktuak egin gura izan doguz eta orain komerzializetan gagoz.


Areatzan tabernari alkarte bat be badago. Zergaitik sortu zan eta zer egiten dozue?
Alkartea sortu da bezero kopuru eta mota barriari zerbitzua egokitzeko. Neu naz Areatzako Tabernari Elkarteko presidentea. Hotela herritik aparte dago, psikologikoki behintzat, eta ni saiatzen naz azaltzen kanpoko bezero batek zer eskatzen dauan. Hemen ohituta gagoz agoz agokoagaz funtzionetan, baina hori ez da ailegetan hona datozen 30.000 personakana. Beste gauza batzuk egin behar dira eurak erakarteko.
Tabernari alkarteak urtebete t’erdi daroa funtzionetan. Jaietako atzen egunerako Pintxo Lehiaketea antolatu dogu eta txarangea be ipini dogu jentea kalean egon daiten bultzatzeko, herriko jaiak izan daitezan, jentea hotelera be etorri daiten jan eta edatera, eta jaietan parte hartzeako alkarte moduan.


Arratian turismoa bultzatzeko Gorbeialdek be egin ditu hainbat ekimen.
Gu be Gorbeialde Turismo Saileko partaide gara. Batzarretan eta ebatzietan parte hartzean dogu. Gorbeia Central Park proiektuaren hasikeratik gagoz bertan. Gorbeialde landa eta baserri inguruko alkarte bat izatetik, turismoa be kontuan izatera pasau zan eta nire ustez horretan Hotel Bainuetxeak euki eban bere eragintxoa.
Zer gertatzen jaku? Egokitzapena beti errealidadearen atzetik doala. Turista aurretik doa beti, eta ostalariok egokitu behar gara. Egunero-egunero egin beharreko lana da hori. 30.000 persona dira eta euren ondasun guztia ez da geratu behar Bilbon, Donostian edo Gaztelugatxen, Arratian be geratu behar da. Eta eurak ezetu behar dabe hain ezezaguna dan bailara hau. Nik uste dot, Arratia leku turistiko garrantzitsua izan daitekela.
Gorbeialdek sano behar inportantea egin dau Arratia mailako produktu bat ezarriz. Produktua dinodanean esan gura dot bezeroak hona etorteko garatu dabezan ekimen guztiak: Gorbeialde Central Park, gastronomia ekimenak, Basquetour-en egindako formazino eta hobetze planak... Hori dana lehenengo pausu bat izan da, baina bigarrena falta jaku, bezeroarengana ailegetea. Gorbeialderen hurrengo pausua hori guztia bezeroari heldu arazotea izan behar da. Ez dau ezertarako balio produktu bat sortzea ez bada komerzializetan. Produktua saldu egin behar da. Batzuetan arazoak izaten doguz Parke Naturala dalako, baina sano jarduera originalak dira Gorbeia Central Park-ekoak eta sariak be jaso dabez. Orain beste pausu bat emon behar da bezeroak horreen barri jakiteko.


Areatzara datozan turisten plana zein izaten da? Zer ikusten dabe?
Turista mota asko daukaguz. Batzuei ez jakie inporta hau bainuetxea dan ala ez. Bikotekideagaz edo kuadrilan etorten dira, zirkuitu termala egiten dabe, herritik buelta bat emon, bazkaldu, mendira joan... gau bat emon eta alde egiten dabe.
Daukagun turista porzentaje handi bat edadekoak dira. Adineko talde turistikoakaz eta Inserso termalagaz egiten dogu behar. Mota honetako turistak termak erabili eta ingurua ezetutea gura izaten dabe. Bainuetxeak eta ur mota desbardinen ezaugarrien jakitun dira, baita zeintzuk diran euren preminak eta tratamentu bila etorten dira osatzeko.
Beste turista mota bat mendizalea da. Gorbeia ondoan gagoz eta horregaitik aukeratuten dabe bainuetxea.
Baina ia danak etorten dira gagozan lekuan gagozalako. Euskal Herria bisitetako leku estrategikoan gagoz. Eta gero eta jente gehiago etorten da udan beroagaitik igesi.


2015/7/31

INES ARENAS, PEDRO MARI LEGARRETA "ALBARO" ETA GARAZI SANTOS "Mundu guztiarentzat topagunea izan da Igorreko Axular Herriko Taberna"

 

Espainiako Auzitegi Gorenak hainbat Herriko Taberna zarratuteko epaia berretsi dau. Herriko Taberna horreen artean, Igorreko Axular eta Dimako Jentilzubi dagoz. Pedro Mari Legarreta "Albaro" Axular Kultur Elkarteko lehendakariarengana eta Ines Arenas eta Garazi Santos bertoko langileakana jo dau BEGITUk oraingo egoereak zelan eragiten deutsen jakiteko.

 

Auzitegi Gorenaren epaia dala eta, zarratu egin dira Herriko Tabernak? Herriko Tabernen kontrako neurriak hartzean hasita dagoz? Zein egoeratan dagoz orain?
Ez momentuz ez da Herriko Tabernarik zarratu. Eta ez dira oraingoz behintzat neurri berezirik hartzean hasi. Momentuz egoerea, itxarotekoa da. Alde batetik, ez dakigu sententziaren ejekuzinoa zelan egingo daben; bestetik, helegitea jarriko da Auzitegi Konstituzionalaren aurrean eta lehenengo neurri lez eskatuko da zarratzeak bertan behera ixtea sententzia difinitiboa-definitiboa izan arte. Baina ez dakigu zelan jokatuko daben.

 
Axular Herriko Tabernako beharginak zarie ezta? Ines beteranoa eta Garazi hasibarria. Zuen lanbidea da Axularreko tabernari izatea?
Bai, guk Igorreko Herrikoan egiten dogu lana, Inesek astegunetan egiten dau eta Garazik, beste lagun batzuekaz batera, asteburuetan egiten dau.


Zelan eragiten deutsue zuoi bertako beharginoi?
Guretzat egoerea oso desegokia da. Ez dakigu zer gertatuko dan gure lanpostuakaz. Eta holako baldintzatan lan egitea gogorra egiten da.


Jentearen erantzuna egon da herriko tabernak defendiduteko eta Arratian be mobilizazinoak egin dira.
Bai, eta eskerrak emoten deutseguz mobilizazinoetan parte hartu daben guztiai eta euren ardura eta ezinegona adierazo deuskuen guztiai. Epaiak urten eban egun berean konzentrazino jentetsua egin zan Igorren eta beste egun baten Igorre eta Dimako Herrikoak lotuteko martxea egin zan. Horretarako aurretik dimoztarrakaz jarri ginan kontaktuan eta nahiko polito urten zan. Aurrerantza be Arratia mailan eta LIBRE ekimenaren barruan gauza gehiago egin beharko da seguru asko.


Kontaktuan zagoze Dimako Herriko Tabernakoakaz? Euren egoerea antzekoa da? Desbardintasunik badago azaldu zeintzuk diran desbardintasunok.
Bai kontaktoa badago egoera bardinari aurre egitea dalako kontua. Baina egoerak diferenteak dira Dimako kasuan lokala ez da Jentilzubi alkartearena eta lokal hori persona batek kudeatzen dau modu autonomoan.


Kalte ekonomiko handia be ekarriko deutse Herriko Taberna eta Axular eta Jentilzubi alkarteai. Zenbateko kalteaz gabiz berba egiten?
Guk geure kasuari buruz egingo dogu berba. Berba bitan esanda, epaia lapurreta bat da. Gure gurasoak eta aitita-amamak gerra ostean ezetu ebenagaz lotzean da. Francoren garaian EAJren Batzokiak eta PSOEren "Herriko Etxeak" lapurtu ebazanekoak.
Kaltea argia da, jente askoren diruz eta lanez erosi eta txukundutako 200 metro koadro inguruko lokala lapurtu gura deuskue. Argi dago kaltea ikaragarria dala.


Zein izan da alkarte honeen eginbeharra? Ze ekintza kultural antolatu izan dabez alkarteok?
Gure kasuan, Arratiako Ezker Abertzalearentzat bere lan politikoa aurrera eroaten lagunduteko gunea da hasteko, baina era berean mundu guztiarentzat topagune izan da eta izateko gogoa dauka.
Danetiko batzar, kantaldi, berbaldi, zinema emonaldi, eta abar egin dira eta egiten jarraitzeko borondatea daukagu. Axular Herriko Taberna mundu guztiarentzat dago zabalik.


Noiz sortu zan Igorreko Herriko Taberna eta Axular alkartea?
Aurretik beste lokal baten ibili baginan be oraingo Herriko Taberna 1986an zabaldu zan. Axular Elkartea sortu genduan, berrogei arratiar inguruk, orduko 50.000 pezeta ipinita eta gainera kreditu bat eskatuta.


EH Bilduk eta EAJ-PNVk bat egin dabe hau txarresten, ezta?
Uste dogu kasu honek argi erakusten dauala Estaduak argi daukala gure herriaren askatasun bidean oztopoak non ipini. Hau Euskal herritarron kontrako beste eraso bat da. Danoi afektetan deusku. Akusatua izan barik zure propiedadeko lokal bat lapurtzen badeutsue, zer da hurrengoa?
Aprobetxau gura dogu, eskerrak emoteko gure alde agertu diran guztiai: mobilizazinoetan parte hartu, pertsonalki esan, laguntza eskaintzeagatik... edo Igorreko Udalari ago batez EH Bildu eta EAJren botoakaz egoera gaitzetsi eta babesa emoteagaitik. Inplikazino bide hau jorratzen jarraituko dogu. Gure lemak argi dagoz: "Herrikoak libre eta zabalik!" eta "Euskal Herria libre!". Argi euki behar dogu bidea luzea bada be azkenengo berbea geure garaipena izango dala, Euskal Herri osoaren garaipena.

2015/7/31

UNDURRAGAKO BY-PASSA Ura desbideratzeko tunela Undurragako presan

Helburu bi daukaz Zeanuriko Undurragako presan egiten dabizen tunelak. Alde batetik, uraldi handia gertatu ezkero, ura aterateko kapazidadea handitutea; bestetik, urtegia zarratu behar izan ezkero, Bilborako hornikuntzea bermatutea. Beharrok Ferrovial Agroman SAk egiten dauz Ur Partzuergoaren zuzendaritzapean, eta 9,5 miloe euroko aurrekontua daukie. Diru honen % 65 tunelaren kostua da. 2017ko martia aldera lanak amaituta egongo dirala aurreikusten dau Ur Partzuergoak, eta orduan urtegiko hegalean oinezkoai bide bat zabaltzeko negoziazinoetan dagoz Partzuergoa eta Zeanuriko Udala.

 

Urtegiko ezkerraldean dago tunela. 1.300 m. inguru izango ditu eta urtegiaren atzekaldea (hegoaldean), eta urtegiko beste muturreko behekaldea (iparrean) konektauko ditu. Tunela 4m x 4mkoa da eta modu austriarra erabiliz, hau da, leherketak eginez, egingo dabe. Atzekaldean, ura hartzeako eraikuntzea eta ura desbideratzeko presatxoa egongo dira; aurrekaldean barriz, presearen behekaldean, deskarga eraikuntzea.
"Undurragako urtegiaren uraldi handiko kota 213,75ekoa da eta kota horregaz 205 m3/s aterateko gaitasuna dauka urtegiak. Obra honegaz, kota horretarako, ura aterateko kapazidade handiagoa izango dau, 70 m3/s.ko gehiago" azaldu deutso begituri Ur Partzuergoko Undurragako By-passaren obrearen arduraduna dan Cristina Gortazarrek.
Lanak 2014ko urrietan hasi ziran eta tunela egiten 2015eko martian. Alde bietatik ekingo deutsie tunelari: 700 metro presearen behekaldetik hasita, eta beste 700 metro atzekaldetik hasita. "Tunela txikia da eta lekurik ez dagoanez kamioi bi batera ibilteko, deseskonbro lanak asko luzatu daitekez. Mutur bietatik ekitean dirua eta denporea aurrezten da".
Tunela amaitutakoan beste laupabost hilabete behar izango dira urtegiaren atzekaldeko ura hartzeako eraikuntzea eta presatxoa, eta presearen behekaldeko deskargako eraikuntzea egiteko.

Uraldi handiak eta Bilborako hornikuntzea
Ura hartzeako eraikuntzan, uraldi handietako urak eta hornikuntzarakoak bereiztu eta hodi bitatik egingo dabe euren bidea tunelean zehar. "Imajinau euria hasten dala eta urtegian ura asko igoten dala. Orduan 212,5 kotara ailegetan danean, preseak daukazan ura aterateko organo guztiak ura ateraten dabe, eta by-pass tunelera be bideratuko dabe ura. Ura tunelean sartzeako hiru konporta dagoz. Hiru zulo dira paretean eta urak 212,5etik gora egiten dauanean, hortik aterako da" azaldu dau Gortazarrek.
Uraldi handiak dagozanean uriolak ebiteteaz gainera, tunelak konektauko dau Arratia errekea Benta Altara ura eroateko presa ostean dagoan hoditeriagaz. Holan, urtegia zarratu egin behar izan ezkero, garbiketa, mantenimentu edo istripuren baten ondorioz, berbarako, Bilborako ur hornikuntza bermatuta egongo litzateke. Horretarako, desbideratzeko presatxoa dago. Hau hormigoizko egitura bat da, non ate batzuk urari sartzean itxi ez, eta ur emari guztia tunelera bideratzen dauan. "Hornikuntzarako uraren atalasea 208,50ean dago. Holan ez da egon behar uraldi handi baten zain ur hornikuntzea bermatzeko. Esandako moduan, hau martxan ipiniko da urari urtegirako pasoa zarratutakoan ohiz kanpoko errazoi batengaitik. 5 m3/segunduko desbideratu leitekez holan, hemendik Bilborako hornikuntzarako bialdu behar dana, hain zuzen be".

Geologiaren baldintzapean
Hasikera baten urtegiaren beste aldean egitea pentsau ebela, baina estratifikazinoak traba lar ipinten ebazala dino Eneko Goikoetxea SGS Aholkularitza enpresako geologoak eta horregaitik ekin eutsien beharrai ezker aldetik.
Undurragako urtegiko lurra, granu fineko arroka sedimentarioak osotuten dabe, lutitak eta hareharriak, hain zuzen be. Lutitak ikatzaren antzekoak dira eta uragaz errez desegiten dira lokatz handiak sortuz. Tunela egiteko ura erabili behar da eta ur hori errekara bueltau baino lehen, dekantzino-tangetatik pasau behar da lokatza kentzeako, eta kloroa bota behar jako PHa 5,5 eta 9,5 artean egon daiten.

Zebra-muskuilua eta bisoia
Erreka inguruko lanak dira honeek eta zebra-muskuilua ez zabaltzeko eta bisoi europearraren habitata ahalbideratzeko kontu handiz ibili behar da. Izan be, BFAko Ingurumen Sailak ez dau obrak egiteko baimenik emoten, neurri batzuk ipini ezean. 
Zebra-muskuilua (Dreissena polymorpha) Europa ekialdeko muskuilua da eta espezie inbaditzailetzat joten da. BFAk neurriak hartu ditu inbasinoa geratu arazo asmoz.
Arratia errekan zebra-muskuiluaren koloniak ikusi daitekez, baina zebra-muskuilua ur masa naturaletatik kentzea ezinezkoa da behin finkatu danean. BFAk hartutako neurriak, beraz, bere hedapena eta kalteak murriztera bideratuten dira. Horregaitik, larba mikroskopikoak beste inon sartzea ebitetako, obra honetan erabilten dabezan kamioi eta makinaria guztia desinfektetan dabe.
Eta zebra-muskuiluaren kasuan ugaritzea bada oztopatu behar dana, bisoi europarraren kasuan (Mustela lutreola) kontrakoa: Europan desagertzeko arriskurik handienetakoa dau animalia honek eta bere habitata manteniduteko dira BFAk hartzean dituan neurriak.
Arratia errekan, Lemoa inguruan, bisoi bat ikusi ebala dino Eneko Goikoetxea SGSko geologoak, baina ezin izan eban ikusi bisoi europearra ala honen arerio dan bisoi amerikarra ete zan.

Oinezkoentzako ibilbidea
Ur Partzuergoa eta Zeanuriko Udala negoziazinoetan dagoz urtegiko hegalean oinezkoentzat bide bat zabalduteko. Partzuergokoak mantenimenturako dagoan bidexkea zabaltzea proposatzen dabe. Bide hori igaz egin eben Ortuzarreko depositutik Beretxikortara hoditeria sartzeako eta sano bide polita dala dino Gortazarrek. Akordio batera heldu ezkero, "bidexka hori oinezkoai zabaltzeko eta, bidexkeagaz lotuteko, kaminotik presa bururainoko bidea be egiteko asmoa daukagu" dino Cristina Gortazarrek.


2015/6/30

SABIN BIKANDI BELANDIA "Jantzearen irakaskuntzearen normalkuntzea da iparra eta noranzkoa"

"Tradegin, tradizinozko jantza garaikidea egin" EHUko uda ikastaroa izan da Areatzan bagilaren 26, 27 eta 28ko astegoienean. Ikastaroa Aiko taldeak emon dau, EHUgaz hitzarmena dauka eta. Izan be, jantza tradizionalaren irakaskuntzearen normalizazinorako beharrean dabiz Aiko taldean. Aiko Taldeko eta Bilboko Txistularien Bandako Sabin Bikandi bertan egon da. Aspaldi ez dala Espainiako Arte Eszenikoen Max saria jasoten ikusi genduan.

 

Espainiako Arte Eszenikoen Max saria jaso dozu aurten Kukairen Gelajauziak ikuskizunerako egindako konposizinoagaitik. Azaldu apur bat ze konposizino klase dan, zelan sortu zan... Eta zer dan Gelajauziak.
Gelajauziak Kukaik Cesc Gelabert Kataluniako koreografoagaz batera martxan ipini eban proiektua da. Lehenengotik pieza bat egin genduan jauzien inguruan. Proiektuaren hasikeran, Patxi Laborda eta biok egon ginan eskola batzuk emoten bai jantzariai eta bai koreografoari, Kukaikoakaz eta Cesc beragaz beharrean. Eta gero proposatu eusten pieza baterako musikea egitea. Eta holan hasi nintzan jauzien inguruan hainbat musika egiten.
Gero beste atal bat egin zan, beste pieza bat egin genduan joten inguruan. Prozesu antzekoa izan zan. Patxi eta biok joan ginan Aikotik Kukaikoakaz eta Cesc-egaz eskola batzuk emoten eta gero musikea egin genduan. Enkarguzko obra bat da eta Cesc-en aginduetara egon gara. Guk bertako jantzak eta kontuak jakinda egin genduan beharra. Neurrira egindako traje bat dala esan geinke.
Pozik nago egindako beharragaz, asko ikasi neban Cesc-egaz estudioan. Hasikeran apur bat bildurtuta nengoan ez nekialako maisu handi bategaz estudioan sormen lana zelan joango zan, baina oso persona zabala eta atsegina da eta hainbat gauza interesgarri ikasi dodaz beragaz.


Txistua eta tanbolina, euskal musikea eta jantza tradizionala, ohiko eremutik kanpo urten dala eta errekonozimentua jasoten hasi dala emoten dau. Izan be, unibersidadeak, EHUk udako ikastaroen artean Aikok emon dauan jantza ikastaroa dago, ezta?
Galdera honetan gauza batzuk nahastu egiten dira. Batetik ohiko eremutik kanpo... Tendentzia daukagu beti eremuak, etiketak eta holan gauzak finkatu moduan ikusten. Txistua eta tanbolina beti egon dira bizirik eta joten dogunok persona desbardinak gara eta arlo desbardinetan egiten dogu behar. Musika tresnak landutean gorabeherak egoten dira historian zehar. Sasoi baten txistulari ospetsuak Europako gorteetan behar egiten eben. Musikari profesional inportanteenak txistulariak eta tanbolinteroak ziran sasoi haretan; tanbolinak jantzan egiteko emoten eban erritmoagaitik, eta, orduko idazleak aitatzen eben. Musika tresna merkea zan eta gizon batek -eta dinot gizon batek orduan andra txistularirik ez egoalako- gizon batek joten eban melodia eta tanbolina. Horregaitik izan eban arrakastea.
Txistuak eremu asko izan ditu beti. Errekonozimentua, ez dakit. Max saria txistuari errekonozimentua ete dan, ala Kukai eta Cesc-egaz batera egin dogun lan horreri, sormen lanari eta musikeari errekonozimentua.
Gero aitatzen dozu EHUn Aikok emongo dauan jantza ikastaroa. Hori beste eremu bateko lana da, Aikok egiten dauan lana da eta hor esango neuke irakaskuntza transmisinoa normaldu guran gabizala. Guk sarritan erabilten dogun adibidea jenteak ulertu dagian euskerearena da. Orain dala 50 edo 60 urte, eskolak emoten ebanak borondatez emoten eban, sarritan inongo formazino barik, euskalzaletasunagaitik. Geure ama be holan ibili zan eta geure ama ia analfabetoa da. Gero 1970 hamarkadan, Franco hil eta institutuetan euskera irakasleak behar ziranean, beste era bateko ikasketak euki eta euskeraz alfabetatuta egozanak euskera irakasle bilakatu ziran. Hor nire arrebea dago, soziologoa da baina euskerazko katedraduna be bai. Eta gero beste fase baten, Gotzon Garatek Deustuko unibersidadean lortu eban Euskal Filologia martxan jartzea. Bide horretan gero hainbat gauza joan dira egiten: euskaltegiak sortu, euskerea irakasteko erakunde bereziak, Euskaltzaindia indartu eta abar. Holan, nahiz eta hobetu leikean, gaur egun, euskerearen eremuan behintzat, danok argi daukagu euskerea irakasteko, irakasle izan behar dala eta horretarako formazino eta titulazino minimo bat behar dala eta edozein kasutan be profesionalen beharra dala eta horregaitik ordaindu egiten dogu. Irakasleai ordaintzen jakie ingelesa, alemana edo matematikak irakasteko ordaintzen dan bezala.
Jantzearen munduan, barriz, hori egiteko dago. Sarri askotan ondino askok irakasten dabe gure ama ibilten zan planean: formazino barik eta erabat bolondres. Hori guretzat erronka bat da, inportantea, eta hor kokatu geinke unibersidadeagaz daukagun akordioa eta iparra, norantza goazen. Urtebete daroagu hitzarmena sinatu genduala eta hainbat gauza egin doguz: jantzari ibiltaria, Bilboko Bizkaia aretoan eskolak emoten hasi gara helduentzat, hainbat ikastaro monografiko egin doguz, umeai jantzak zelan irakatsi, kantu ikastaroren bat be egin dogu eta orain ikasturtea amaitukeran Areatzan egin dogun jantza ikastaroa.


Komentau zeunstan behin, korru jantzak tribuaren jantzak dirala. Beraz, identidade relazionala. Ze papel jokatzen dau holango identidadeak gizarte moderno eta zientifikoan? Ze papel jokatzen dabe korru jantzak gaur egungo jaietan?
Korru jantzak edo, bueno, talde jantza erritualak ondino manteniduten dira. Jantzari jantza da guk hurbilen daukagun adibidea. Honek ondino zuzter apurtxo bat manteniduten dau. Baina orokorrean, jantza erritualak aldatu edo egokitu egin dira sasoi barrietara.
Korru jantzak, berbarako, beren zentzuna aldatu dabe. Jantza jauziak, modan ipini dira. Hasikeran hori talde bat zan jantzan egiten ebana eta gaur egun jenteak horren zentzuna erabat aldatu dau eta ez da talde bat jantzan, baizik eta banakoak jantzan. Norbanakoak, indibiduoak. Alkarren ondoan ipinten dira baina ez dagoz alkarregaz jantzan. Bikote jantzan, barriz, harreman personala dago derrigorrez, baina jauzi jantzak apurtxo bat zeure airera ibilteko dira. Gure gizartearen izakera be isladatzen da egokitze horretan, nahiko indibidualista dalako gure gizartea. Talde jantza zana banakakoen jantza bihurtu da. Alde batetik hori pena bat da, baina bestetik gaur egun dagoana islatzen dau. Hori jauzien kasuan, beste jantza erritual batzuetan, zuztarra mantentzen da.


Eta beste jantzak -aurreskua, arin-arinak, fandangoak...- ze papel jokatzen dabe gure gaurko gizartean? Funtzinoa aldatu dabe ala mantenidu egiten da?
Orokorrean jantzen funtzinoa aldatu egin da. Hasteko erromeri jantzen funtzinoa. Guretzat, Arratia inguruan, jantzea eta jantzan egitea batez be erromerian jantzan egitea izan da: pasodoblea, balsa, jotea, porrua edo dana dalakoa. Horren funtzinoa kortejoa zan, bikote harremanak hastea. Adin batekoak behintzat, matrimonio edo bikote gehienak, harremana hasteko erromerian egiten eben. Lehenengo errekaduak erromerian egiten ziran: jantzan eskatu, etxera lagunduteko permisoa eskatu eta holan izaten zan. Gurasoak, izeko-osabak eta aitita eta amamak danak holan hasi ziran. Gaur egun kortejo zentzu hori aldatu egin da, baina bardin jarraitzen dau hor, funtzino hori beti dago. Edozein kasutan egokitu egin da eta gehiago da harremanetarako erraminta bat zentzu zabalean, lagunartekoa sarritan, antzekoak alkartzeko modu bat izaten da. Jente euskalduna eta euskaltzalea edo jantzazaleak alkartzeko modua, hain zuzen. Harremanetarako bidea dala argi daukagu guk eta holan erabilten saiatzen gara. Sarritan berbokaz esaten ez doguzan gauza asko komunikatzen dira jantzan. Beraz, guretzat, oinarrizko funtzinoak, harremanak, hor jarraitzen dau.

 

Eta txistuak eta tanbolinak ze papel jokatuten dabe?
Lehen esan deutsudan moduan, gorabeherak izan ditue historian zehar. Francoren sasoian txistulari edo jantzari izatea, euskal mobimentuaren parte izatea zan. Euskalduna izateko derrigorrezkoa zan edo txistulari edo jantzari izatea. Gero gauzak normaltzen joan dira eta gaur egun talde folklorikoak euren bideak topatzen dabez. Gu beste saiakera bat egiten gabiz jantzea herrikoitzeko edo bergizarteratzeko.
Txistuagaz antzekoa gertatzen da. Hainbat txistulari gagoz eta txistua landuteko mota desbardinak daukaguz. Batzuk ahalegintzen dira Ganbarako musikea edo musika klasikoa egiten, eta beste batzuk hemen gabiz zuztarretara bueltau guran jantzarako joten, eta jantzarako joten irakasten eta hori guztia.

2015/6/30

MEATEGIAK Ubideko urregorriaren bila

Ez zan Kaliforniako basamortu idorra arratiarrak urre bila erakarri ebazan bakarra, ezta Alaskako zelai hotzak be. Ubiden bertan XVII. mendean "urrearen sukarraldia" bizi izan eben antza. Udabarriko kalentureak geu be eroan gaitu Ubideko "San Jose" meategi zaharreraino.


Alvaro Rabelli

 

Jakina dogu Ubide Zubizabal eta Undebe erreken alboan eregi ziran burdinolen kerizpean sortu zana. Burdinola horreek (Zuazola, Aurtenola, Sartenera, Ubidea...) mailu hotsez bete eben ingurua, eta etxe ondoak eskorioaz, oindino ikusi daiteken moduan. Erdi Arotik XX. mendeko lehenengo urteetara doan tartean Ubide berebiziko lekua izan zan burdinaren langintzarako. Ura baeukan, mailu eta hauspo hidraulikoak mobidu arazoteko, baita egurra be, labak eta arragoak behar eben ikatza egiteko, Gorbeialdeko pagadi sarrietatik ekarria. Eta burdina be baeukan, gitxi baina, inguruko meategiak ez ziralako inoz aberatsak izan. Halanda be, egon baegozan holango burdin-hobiak, txikerrak, gure mendietan han-hemen sakabanatuak. Gurean hain ezagunak izan ziran olagizon eta ikazkinai beste ogibide bat gehitu beharko geunskie, meatzariena, Arratian burdinaren langintzak euki dauan garrantzia aintzat hartuko badogu. Ubideko burdinolak akordu hutsa diran horretan ubideztarrak burdina ateraten eben meategi horreetariko baten bila jo dogu, baita topau be.


San Jose meategia
Udabarriko egun baten, alozoko denporea lagun, San Jose izeneko meategia topeteari ekin deutsagu. Horretarako Emilio Luengas euki dogu gidari. Izan be, Emilio, Urduñakoa dan arren, meategi horren jaubeen ondorengoa da, Zeanuri eta Ubideko Ibergutxi leinukoa hain zuzen. Jose Benito Ibergutxi, Emilioren birraitita, izan ei zan meategia ustiatu eban atzenengo jaubea, XIX. gizaldiko azken urteetan. Edozelan be, Ibergutxitarrak, burdinola eta errota batzuen jaubeak be baziranak, modu batean edo bestean, San Jose meategiari lotuak agertzen dira XV. mendetik, batzuetan Ubideko konbentuaren onuradun lez, Eleiz Barrutiko artxiboko dokumentazinoak erakusten dauan moduan.
San Jose meategia Uratza deritxan parajean dago, Ubideko erdigunetik ez oso urrin, N-240 kaminoaren ganean, Solozarretako gaintxuko altzoan, pagadi eder baten erdian. Bertako toponimiak berak, Zeanuri, Dima, Otxandio, Ubide eta Legutiano batzean diran lurretan, ederto baten erakusten deusku meagintzak antxinean inguru honetan euki eban garrantzia. Minazuloeta, Minako txarkoa, Minazaharra, Minagain leku-izenak dira horren esenplu. Bada, Uratza errekeari jarraituz izen bereko iturburura ailegauta, non eta erreka ondoko urbegi batetik oindino sulfuro-urak urteten dauan, atoan topo egingo dozue San Jose burdina-meategi zaharragaz. Ez da erreza, halanda be, lehenengo begi kolpean ikustea, inguruari ondo erreparau behar jako, landaretzak dan-dana ostenduten daualako. Hurreratu ahala lur azpitik ateratako hondakin metak ikusiko dozuez lehenengoz, eta ondoan mendiaren altzoan bertan egindako zuloak. Horreek zulook lurpeko galeria zaharren agoak dira, gaur egun erdi estalita dagozanak. Indusketaren bat egin beharko litzateke jakiteko zelan dagozan horreek galeriaorreek barrutik, seguru asko sano sakonak ez izan arren. Bazterrean mea garbitzeko po- tzua, galeriak aireztatzeko tximinia modukoa dirudiana eta eskoria pilak be ikusi leitekez. Bertan eskoria arrastoak egoteak mea egosteko labaren bat egongo zala adierazoten deusku. Horrezaz gain, harrietan, azal-azalean, ondino ikusten da atera barik lotu dan mea, gure inguruko beste meategi zahar batzuetan nekez jasoten dana.
San Jose meategiaren azken ustiapena XX. mendeko lehenengo urteetan izan bide zan. Hain zuzen be, Munduko Lehen Gerrak burdinaren eskaera ikaragarri handitu eban eta horrek oso aberatsak ez ziran meategi txikiak be ustiatzea ekarri eban. Horregaitik, behin gerrea amaituta, meategiok atoan galdu eben urte gitxitan euki eben errentagarritasuna eta bertan behera gelditu ziran, betiko gelditu be, eta horregaz batera gure arbasoak jardun eben ogibide berezi hau be bai. Handik gitxira Ubideko burdingintzak onenak emon ebazan, trenbideetarako untzeak egiten ebazan burdinola zarratu zan, azkena. Hortxe, beraz, amaitu zan Ubide herriaren historiaren pasarte garrantzitsu bat.

Urregorriaren sukarraldia
1640. urteaz gero, Felipe IV.aren erregealdian, Gaztelako erresuma egundoko krisialdi ekonomikoan murgildu zan, Europako gerrateak eragindako gastuai gehitu jakiezan Ameriketatik ekarritako aberastasunak sortutako inflazinoa eta erresumako ogasun sistemea orekatzeko porrota. Gauzak holan, erregearen menpeko lurralde guztietan, Bizkaian be bai, zerga handiak ezarri ziran. Horreek zergok nahikoak izan ez ziranean, erregeak baimena emon eban lurralde guztietako ondasunak ustiatzeko, eta batez be, monarkia espainiarrak behar eban urrea topetako. Horrela, ehunka monumentu megalitiko suntsitu ziran, horreetan urrezko altxorrak gordetan ziralakotan, eta San Jose moduko meategiak urre bila etozan meatzariak ezetu ebezan. Ubiden be, eleizgizon, bilau, ume zein olagizon, danak abiatu ziran inguruko mendietara meategi zaharretan aztarrika egiten, gosetik librauko ebazan zorioneko urrearen bila. Ubideko "Far West" sasoia izan zan. Handik urte batzuetara Legutianoko Minagaineko kobreak beste sukarraldi bat piztu eban Ubiden. Dozenaka zulo egin ziran Motxotegi inguruan kobre-hobi aberatsak topetako esperantzaz. Ez zan kobre gehiagorik azaldu, aurrekoan urrerik agertu ez zan lez. Bakarrik burdina, berau be gorria, ubideztarren benetako altxorra.  

 

2015/6/14

MAITE URRUTIA "Bakotxa loratzen dan lekuan bizi behar da"

Artean harrapatu dogu Maite Urrutia aktorea. Madrilen bizi izan da atzenengo 7 urteotan, eta Los Angeles-era joan baino lehen, gidatzeko karneta Arratian ateratea ebatzi dau. Dana dala, Estadu Batuetara joan aurretik, Madrilera bueltauko da Sandra Suarez-en zuzendaritzapean film laburren trilogia baten bigarren pelikulea filmetako.
Bilbon jaio eta 12 urte izan arte Santurtzin bizi izan zan Maite Urrutia. Hamabi urtegaz Arteara etorri zan biziten eta unibersidadera joan arte, hemen bizi izan zan. Arteaztarra da beraz Maite, ze Max Aub-ek esan ei eban legez, "personea batxillerra egin dauan lekukoa da".

 

Gaztetxotan Arratian Maite Requejo zinan, ezta? Zein da zure izena Maite Requejo ala Maite Urrutia? Maite Urrutia izen artistikoa dozu?
Nire izen artistikoa nire izena da. Requejo aitaren abizena da eta Urrutia da amaren parteko amamaren abizena. Amamagaz zeozer berezia daukat eta bere abizena eroan gura neban. Berari lotutako oroitzapen politak daukadaz, abegitsuak. Dana dala, orain dala urte asko aldatu neban izena, aktore lana serio hartu aurretik.
Artean 12 urtetik 18 urte izan arte bizi izan nintzan eta gero Gasteizera joan nintzan Ingeles Filologia ikasten. Beti nabil leku batetik bestera. Atzenengo zazpi urteotan Madrilen bizi izan naz eta orain Madril ixteko sasoia heldu jata.


Zelan Madrilen?
Aktore lanetako teknikea hobetuteko joan nintzan. Gasteizen hasi nintzan antzerkia egiten baina zeozer falta nebala nabaritu neban. Zazpi urtez egon naz han, bost urte ikasten. Egiten dodan beharrean konfidantzea eukiteko behar nebazan ikasketa horreek.


Orain Los Angeles-era zoaz, ezta? Zer egiteko asmoagaz?
Txikitatik beti izan dot kanpora joateko gogoa eta ingelesa beti egon da nire bizitzan. Madrilen ikasketak amaitu nebazanean esan neban, "Madril ez da nire lekua". New York edo Los Angeles-era joatea pentsetan egon nintzan eta Los Angelesera joateko aukerea sortu jatan pasa dan neguan. Han film independiente baten parte hartze txiki bat egin neban. Oraingo udan joango naz baina ez daukat ezer lotuta. Gauzak pausuz pausu egingo dodaz. Han nagoanean zer egin neinken ikusiko dot.
Arratiara etorri naz gidatzeko karneta ateraten. Beti gerorako itxi dot karneta aterateareana. Dirua euki dodanean, biajeren bat, ikasketak edo kursoren bat egin dot. Ez neban gidatzeko preminarik sentiduten. Baina orain, Estadu Batuetara banoa kotxea beharko dot.


Gatxa da aktore batentzat bizimodua Euskal Herrian ateratea? Euskal Herria txiki geratzen jako aktoreari?
Aukerak badagoz bizimodua Euskal Herrian aterateko, baina, nire esperientziatik, bakotxak bere lekua topau behar dau. Badaukadaz lagunak Madrilen horretatik bizi diranak, baina Madril ez da nire lekua eta kanpora noa.
Euskal Herrian badagoz interpretazinotik bizi diran aktoreak. Antzerkia, telebista... beharra egon badago. Akaso beste leku batzuetan baino gitxiago, lekua txikiagoa dalako, baina hemen be atera leitekez bizimodua eta karrera profesional bat.
Hori bai, bakotxa loratzen dan lekuan bizi behar da.

 

Hamasei pelikulatan egin dozuz aktore lanak eta hamabi antzezlanetan. Film labur baten zuzendaria be bazara. Ze motatako lanak egiten dozuz, zeintzuk gustetan jatzuz gehien...
Zuzendari eta idazle lanak be egin dodaz, bai. Lanik ez dagoanean, asmatu behar da. Horregaitik antzezlan txiki bat idatzi eta filmau egin neban.
Gustetan jatazan gauzak nahiko independienteak dira. Gizakiari buruz zeozer ulertzeko lagunduten daben istorioak gustetan jataz. Persona normalai buruzko istorioak.
Gero beti emoten deusten papelak dira edo femme fatale edo justu kontrakoa, andra lotsatia, ez dana ausartzen aurrera egiteko pausuak emoten...


Hau da, andren estereotipoak.
Bai.  Niri askotan naizena baino gazteagoen papelak emoten deustez. Hori ez dago txarto, androk karrera askoz motzagoa daukagulako interpretazinoan. Hori gertatzen da gidoigile eta zuzendari gehienak gizonak diralako. Badagoz andrazko gidoigile eta zuzendariak, baina ondino gizonen mundua da hau.


Zein izan da egin dozuzan artean gehien hunkitu zaituan personajea?
Agian antzerkikoak. Antzerkian gehiago sakondu daiteke, ez bakarrik personajeakaz, baita lantaldeagaz be. Pelikulak egitean askotan ez da ensaiorik egoten, etxean egiten da ensaioa; baina antzerkian lantalde osoa egoten da eta sakonagoa izan daiteke.
Antzerkian eta nire bizitzan, eraginik handiena izan dauan egilea Chejov da. Hiru ahizpa antzezlanak, berbarako. Lan horretako personaje bi egin dodaz, ahizta bi, Irina txikiena eta Masha erdikoa. Antzezlan hori Errusiako denpora konkretu baten dago girotuta, iraultza baino justu arinago. Personen ametsak ez dirala beti beteten eta horregaz zelan bizi da antzezlanaren gaia. Bizitza ez da izaten espero genduana, bizitza mobidu egiten da.
Aktoreontzat sano ondo dagoz Chejov-en lanak. Behar sentsorial handia izaten dabe.


Egin dozuzan filmen artean zein da zure faboritoa?
Film laburrak izan dira gehienak. Film luzeai jagokienean, parte hartu dot Tinieblas Gonzalezen film baten, baina gero ez zan atera; eta Estadu Batuetan egindako beste baten: False Colors (zuz.: William Norton).
Gauza desbardinakaitik baina pelikula bakotxak dauka zeozer eta ezin dot bat aukeratu. Akaso, Otra vez te quiero (zuz.: Denis Vingolea). Film labur hau oso esperimentala zan, baina lan horretatik beste hiru lan atera ziran: Anticafeterias (zuz.: Jose Ilarraz), Familia (zuz.: Jose Ilarraz) eta La noche constante (zuz.: Sandra Suarez). La noche constante bideoklipa da. Lantalde horregaz oso pozik nago eta orain, Los Angelesera joan aurretik, Madrilen egingo dogu film labur trilogia bat Sandra Suarez zuzendariagaz.
Lan guztiakaz ikasten da zerbaist. Egindako personajeen artean, Las chicas (zuz.: Ivan Cerdan) filmeko personajea aukeratuko neuke akaso. Egiteko gatxa izan zan. Neska bat dago nerabezarotik ateraten eta galduta sentiduten da. Bere antxinako irakasle bategaz bizi da baina beste gizon batzukaz joaten da. Min egiten deutso besteari eta bere buruari. Holango personaje dekadenteak gustetan jataz.
Orain dala asko ez dot antzerkirik egin eta antzerkia egitea be gustauko litxakit. Baina ingelesez antzerkia egitea gatxagoa ikusten dot. Pelikulea ingelesez egitea errezagoa da. Los Angelesen egin neban pelikulea False Colors gatxa izan zan alde horretatik. Horixe da nire azkenengo lana eta ondino ez da atera. Atera dan azkenekoa La noche constante bideoklipa da.


Una muerte anunciada (zuz.: Yingxi Ma) filmaren zuzendaria txinatarra da. Ondo moldatu zinan? ondo ulertuten zenduen alkar?
Hori be gatxa izan zan, baina azkenean lana atera zan. Egia da txinatarrai buruz esaten dana: lan pilo bat egin genduan! Ensaio pilo bat eta filmetako orduan be, ordu piloa!


Nondik nora jo gura dozu alde profesionaletik? Zeintzuk dira zure helburuak?
Nire helburua da aktore lanetatik ateratea bizimodua, eta pelikulak egitea. Bizi ez dakit non biziko nazan. Gitxi barru Los Angeles-era noa, baina hemetik urte batzuetara ez dakit non egongo nazan. Izan be, bizitza aldaketa konstantea da.

2015/6/13

GURE ESKU DAGO Dima protagonista izango da San Mameseko ekitaldian

Gure Esku Dago erabakitze eskubidearen aldeko ekimeneko Dimako taldeak, dei berezi bat egin eutsen dimoztarrai bagilaren 6an. Herriko plazan hautestontzi erraldoia egoan eta bozka sinbolikoa egin eben bertaratutakoak, San Mamesen bagilaren 21ean egingo dan antzera.

 

Gure Esku Dago (GED) herri ekimena ez zan jaio erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, hau gauzatzeko baino eta erronkea orain da zelan eta noz gauzatu  eskubide hori. GEDkoen arabera, prozesu horretako protagonistea jentea da. "Guk eraikitzen dogu gure erabakitzeko eskubidea, geurea da, eta guk eroango dogu aurrera" esan eban Ainhoa Latatu GEDko Dimako taldekoak.
San Mameseko ekitaldian, Dimak protagonismo berezia hartuko dauala be iragarri eben GEDkoak.


Dimako ekitaldia
Dimoztarrak erantzun eutsien deialdiari koral koloreko kamisetak jantzita. Herriko plazan, Xabier Etxebarriak bertso batzuk bota ebazan eta komunikadua irakurteari ekin eutsien. Gero, bukatu barik egoan hautestontzia amaitu eben herritar bik, oihal bi josiz eta ondoren, gutunazal bat sartu eben hautestontzian, bozka sinbolikoa eginaz.
Hautestontzia egiteko, 30 tela josi dabez Diman, "ia 600 lagunen desioakaz". Eta hau danau "alkarlanean eta sensibilidade desbardinak batuz".
Holan, Diman, maila txikian, bagilaren 21ean San Mamesen egingo dana irudikatu eben. San Mameseko ekitaldirako sarrerak eta kamisetak be egon ziran salgai.

Urte t’erdiko beharra
2014ko martian hasi ziran Arratiako herrietan "kolore desbardinetako" jentea batzean, GED ekimenean, eta erantzun handia izan daben ekitaldiak egin dabez harrezkeroztik. Ekitaldirik jentetsuena 2014ko bagilan egindako giza-katea izan zan. Arratiari jagokon kilometroa Arakilen egoan eta Zeberiori, Legazpin egokitu jakon giza-kateako kilometroa. Bertara joateko 23 autobus urten ziran Arratiarik eta Ubide eta Zeberiotik bana.
Aurten, bagilaren 21ean San Mamesen egingo dan hautestontzi erraldoirako, oihalak josi egin dira Arratiako herri gehienetan. Joste eguna aprilaren 24an izan zan Lemoa, Areatza eta Zeanurin; Diman maiatzaren 9an, eta Igorren maiatzaren 26an.

Beharra ez da amaitu
Gure Esku Dago ekimenak, erabakitze eskubidea gauzatzeko asmo sendoa dauka eta uriburuetan egingo diran bozka sinbolikoakaz ez da beharra amaituko. Hori dala eta, urrietan deituko dabez barriro herritarrak danon artean ekimenari segida emoteko.

2015/6/1

ATHLETIC-BARTZELONA. ESPAINIAKO KOPAKO FINALA 2015 Arratiarrak Bartzelonan

Bartzelonan izandako marea zuri-gorriaren zati bat Arratiakoa zan. Arratian dagozan Athleticeko lagunarteko bietako partaideak zein beste Athletic zale asko joan ziran Bartzelonara Errege Kopako finala ikustera. Igorreko Beñat Etxebarria Lagun Arteak autobus bi ipini ebazan, Areatzako Peña Athletic Gorbeiako Gurutzea-koak, barriz, bakotxa bere kabuz joan zan baina alkartu ziran bertan bazkaltzeko. Hona, irakurleak bialdutako egun horreetako argazki batzuk dakarguz. Gure webgunean gehiago dagoz.

2015/6/1

ELSA GARCIA LIZUNDIA "Jazz-ak arrakasta izaten dau eremu euskaldunetan"

Elsa Garcia Lizundia saxofoijolea Zeberion bizi da orain dala 16 urtetik hona. Musika ikasketa klasikoak izan arren, jazz-ak erakarrita Iñaki Salvador, Victor de Diego eta Andrzej Olejniczak irakasleakaz harmonia eta inprobisazinoa landu eta jazz-aren bidetik abiatu zan aspaldi. Gaur egun, hainbat jazz taldetan joten dau; tartean, Areatzako The Quiet Corner-en egondako Organizing taldean. Bilboko Haceria Jazz Club-eko programazino eta zuzendaritza artitiskoaren ardurea dauka.

 

Zer da Haceria Jazz Club?
Lau musikariren artean aurrera daroagun proiektua da. Idea orain dala hamar urte sortu zan. Orduan jazz-aren historiaren gaineko kontzertu didaktikoak egiten genduazan eta bururatu jakun barikuro kontzertu desbardin bat egitea artista konbidau bategaz batera. Gero jam session-a planteau zan. Nik horren koordinazinoa daroat eta kontzertu horreek Bilboko Zorrozaurren dagoan Haceria Jazz Club-en izaten dira.
Jenteak jazz-a entzun behar dau, sentidu ahal izateko. Zuzenean entzun behar da. Horregaitik errez entzuten dan errepertorioa eskeintzen dogu Hacerian.


Nortzuk zagoze proiektu honetan?
Lau musikariren lanari esker dago martxan proiektua. Holakoetan izaten dan moduan, lagunak gara laurok. Nik neuk, Gorka Iraundegik, Fabian Akarregik, Raul Sainz de Rozasek eta Aritza Castrok osotuten dogu laukotea. Haceria Jazz Clubeko oinarrizko laukotea gara eta esan deutsudan moduan, artista konbidau bategaz joten dogu barikuetan.
Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzai esker atera ahal izan dogu aurrera, baina murrizketak izan doguz eta egoerea gatxa da. Baina burugogorrak gara eta aurrera doa.


Beste talde askoren artean, Girls in Band taldean be joten dozu.
Bai. Girls in Band andrazkoak osotutako laukotea da. Taldekideak aldatu egiten dira, disponibilidadearen arabera, baina askotan, Queralt Camps (kontrabajua), Elisabeth Raspall (pianoa), Lucia Martinez (bateria) eta ni neu (saxoa) batzean gara izen horren pean.
Dokumental bat dago Girls in Band izenekoa; antxinako andrazkoen musika banden barri emoten da bertan. 1930 eta 1940 hamarkadetan andrazkoak osotutako ehundaka banda egozan. Gizonezkoen bandetan ezin eben jo eta euren bandak sortu ebezan. Sano talentu handiko andrak ziran, baina sasoi haretako kronistak inoz ez eutseen euren maila aitortu. Kritiko batek esan eban "Jainkoak bakarrik egin ahal dau zugatza eta gizonak bakarrik jo daikie ondo jazz-a".
1920ko hamarkadea andren liberazinoaren sasoia izan zan. Musikeari jagokonean, andrak lehendik be joten eben pianoa edo bibolina baina ez haizezko tresnarik. Orduan hasi ziran. Oinarrizko laukoteak eta big band-ak sortu ziran. Kalidade handiko musikea egiten eben eta gainera sano dibertigarriak ziran. Hareen omenez sortu da talde hau.
Andrazkoen egoerea zeozertxo hobetu dan arren, andrazko gitxik joten dabe jazz-a eta ez da ohikoa andrazko jazz talde bat ikustea.


Ez bakarrik jazz-ean, musikan orokorrean gitxi dira neskez osotutako bandak...
Ni musika munduan hasi nintzan modu autodidaktan gitarrea joten eta hasikera hareetan neska talde bat sortu genduan Ariadne izenekoa. Pop musikea egiten genduan. Sei neska ginan eta Don Domingo izeneko RNEko lehiaketa baten hartu genduan parte. Finalaren ateetan geratu ginan, Duncan Dhu taldearen aurretik. Lehiaketea Semen Up taldeak irabazi eban. Baina produktoreak ezin ginduzan leku askotara eroan adin txikikoak ginalako.


Ezaguna egin zinan Dinamita pa los pollos taldean, ezta?
Bi urte egon nintzan talde horregaz eta taldearen atzen disko biak grabau nebazan. Koroak egiten nebazan talde honetan. Niretzat sorpresa bat izan zan. La ley izeneko taldean nengoan orduan. Tekladua eta saxofoia jo eta koruak egiten nebazan La ley-n. Dinamita pa los pollos taldekoak  korista bila egozan eta ez oso konbenziduta baina probara aurkeztu nintzan. Hartu ninduen eta esandako moduan urte bi egon nintzan talde haretan.


Zure ibilbide luze honetan, badago kontzerturen bat aitatu gura dozuna, zeuretzat berezia izan dana?
2014an Hacerian Juan Claudio Cifuenteseri egindako omenaldia. Cifuentesek lan handia egin eban jazz-a zabaltzen irratian eta telebistan, batez be 1980ko hamarkadan. Neure ekimenez, Girls in Band-ek eskeini eutsan kontzertu bat. Orain dala hile batzuk hil da Cifuentes.


Amaitzeko, emon eidazu sorpresa bat esanez badagoala konexino bat New Orleans eta Zeberioren artean eta Zeberio eta Arratiako musikea, euskal folk-a baino gehiago jazz-a dala.
Kar, kar, kar. Eremu euskaldunetan folk-a entzuten da gehiago, baina egia da Zeberion jo izan dodanean, jentea poz-pozik egon dala. Gauza bera gertatu zan The Quiet Corner-en: Organizing taldeak jo eban eta jenteari asko gustau jakon. Jazz-ak arrakastea izaten dau eremu euskaldunetan.
Dana dala, gatxa da jazz-agaz bizimodua ateratea, musikari profesionalak Euskal Herrian eta estadu osoan oso lan baldintza eskasak daukiez-eta. Europako beste herrialde askotan askoz hobeak dira (langabezi saria eta abar) eta asko dira Londonera, Berlinera edo beste uri batera joaten diranak.


2015/5/16

MASKILU. Olatz Etxebarria eta Jon Uriarte "Orain barazkiak eta mermeladak, gero kremak eta umeentzako poteak"

Maskilu alkarteko partaide dira Olatz Etxebarria eta Jon Uriarte. Crowdfunding bidez konserbak egiteko makinea erosteko dirua lortzean badabe, bagilean konserbera barri batek zabalduko deutsez ateak inguruko baserritarrai.

 

Etxebarria eta Uriarte proiektuagaz guztiz ilusionauta dagoz epe luzerako planak egiten. Olatz Etxebarriak Zeberioko Santa Kurtze auzoan dauka baserria. Esnetik-erako egiten dau behar, gaztaiak egiten, baina fruta-arbolak daukaz eta mermeladea egin gura dau. Jon Uriarte igorreztarrak, barriz, batez be barazkiak ekoizten dauz.


Zeintzuk hartzean dozue parte Maskilu alkartean eta zer ekoizten dau bakotxak?
Jon Uriarte: Hamabost produktore ekologiko gara, gehienak barazkiak ekoizten doguz.
Olatz Etxebarria: Nik gaztaiak egiten dodaz Esnetik-en, eta ortua eta fruta-arbolak be badaukadaz. Mermeladea egin gura dot.
J.U.: Barazkiak eta mermeladak sartu gura doguz poteetan, Galdakao inguruko batzuek, barriz, zizak eta onddoak.


Proiektu hau gauzatzeko urtebete baino gehiago behar izan da. Kontau apur bat zein izan dan prozesua.
O.E.: Lehenengotik Zeberioko Udala ipini zan kontaktuan gugaz esanez lehenengo sektorea bultzatzeko zerbaist egin gura ebala. Esan euskuen lokal hau libre egoala eta ea zeozer egin gura genduan.


Idea zelan sortu zan?
J.U.: Idea hor egon da. Guk produktuak Jaki On-era eroaten doguz poteetan sartzeako, eta gura genduan konserbera bat eukitea Arratiatik hurbil. Jaki On Leintz Gatzagan dago. Orduan, hamabost produktore juntau ginan eta koserberea egiteko beharrean hasi ginan: diru apur bat ipini genduan eta orain gabiz diru bila autoklabea ipinteko. Autoklabea da presino lapiko handi bat poteak eta esterilizetako.


Maskilu alkartea baegoan ordurako?
O.E.: Ez, ez. Baina produktoreak ezagunak ginan. Hasi ginan berba egiten eta...
J.U.: Udalak lur batzuk banandu dauz herrian produktu ekologikoak ekoizteko eta holan hasi ziran elikadura burujabetzaren aldeko Basortuko nekazari agroekologikoak eta beste batzuk. Gero udalak beste gazte batzuei be itxi deutsez beste lur batzuk negutegia ipinteko. Eta beste gazte bateri beste lur bat itxi deutso.


Lur horreek udalaren Lur Funtsakoak dira ezta? Alokairuan hartuta hamar urterako alokairu txiki bat ordainduta. Beraz, Udalak Lur Funtsa eta konserba fabrika honetarako lokalagaz lagundu dau.
O.E.: Bai. Lehenengo sektorea bultzatzeko planaren barruan dago, lurrak ziran parte bat eta beste parte bat proiektu bat egitea zan. Konserba fabrikea izan eitekean edo beste zeozer. Baina guk konserberea egin dogu.


Maskilukoak bakarrik erabiliko dabe hau?
J.U.: Ez. Zabalik gagoz edozein baserritarreri. Sagar pilo bat edo edozein produktu euki eta poteetan sartu gura badau...
O.E.: Herrikoak edo Arratiakoak edo... bardin da.


Beraz, momentu puntual baten edo jarraian erabili leiteke, ezta?
J.U.: Idea da jarraian erabiltea. Ahal bada onena izango litzateke beti zabalik eta funtzionetan egotea.
O.E.: Uste dogu udan egongo dala behar gehiena.
J.U.: Udan eta udagoienean: mermeladak egiteko sasoian. Jente asko dago mermeladak egiteko. Neguan eta orain ez dago ezer poteetan sartzeako. Sei hilabetez bai egongo dala topera.


Zelan doa crowdfunding-a?
J.U.: Oso ondo. Bastante diru dago baina ondino behar dogu bastante gehiago. Gitxieneko diru bat ez badogu lortzean 40 egunetan, 4.700 euro inguru, dirua atzera itzultzen jakie dirua ipini dabenari. Baina nik uste dot gitxienekoa lortuko dogula. Bagilearen 14an amaitzen da. Ordurako jaso behar doguz 4.700 euro gitxienez eta gehienez 8.150. Autoklabeak 8.150 euro inguru balio dauz. Kofinantzietan lagunduteko aportazino txikiena 10 eurokoa da eta handiena 350 eurokoa.
O.E.: Hasikera baten pentsau genduan makinea Txinatik ekartea merkeagoa zalako, baina gero esan genduan ezetz.
J.U.: Arazoren bat euki edo apurtu ezkero, nor etorriko da Txinatik hori konpontzen? Orduan Kataluniako enpresa batetik ekarriko dogu.


Dana dala, gastu asko, ezta? Errentagarri aterako da?
J.U. eta O.E: Apustua hori da.
J.U.: Baina pentsetan dogu jentea kanpotik badator, bai ahal izango dala mantenidu. Urtearen arabera izango da, baina pentsetan dogu baietz.
Eta gero umeen jatekoagaz poteak egiteko proiektua daukagu. Daukagun produktua atera gura dogu eta daukagun produktuagaz hori egiten da. Egin beharko dogu berba ea horreek produktuak aterateko kooperatiba bat egingo dogun ala zelan ekingo deutsagun. Dana dala, hasikera baten bakotxak bere produktua ipiniko dau.
O. E.: Orain hasi gura dogu gauzarik errezenak egiten: tomatea, lekak... eta gero apurka-apurka hasiko gara sukaldatzen. Kremak egiten, berbarako.


Bakotxak sukaldatuko dauz bere produktuak?
J.U.: Hemen behargin bat edo bi egongo dira, baina bai, idea da bakotxak bere produktuak sukaldatzea. Behargin horreek egongo litzatekez Maskilurentzat beharrean soldatapean. Hasikera baten bat hasiko da. Baina momentuz autoklabea erosi behar da eta konserberea zabaldu.


Zelan ikusten dozue etorkizuna?
J.U.: Uste dot gero eta hobeto joango dala, jenteak gero eta gehiago baloretan daualako bertako produktua. Bertako eta sasoiko produktua, baina batez be bertakoa. Dendetan be, gero eta gehiago marketan dabez zein produktu diran bertakoak. Pentsetan dogu lehen sektoreak hobera egingo dauala.

2015/5/2

IRENE BILBAO BENGOA "Euskerea aberastasun bat da, eta gehien gustetan jakuzan gauzak euskeraz egin ezkero ondino be atraktiboagoak dira"

 

Igorreko Euskera Plana, Berbalagun, zein Batzeko Euskera Plana, urteetan ibili da Irene Bilbao euskerearen bultzatzaile aktibo eta nekaezin lez. Orain hiruretako baten be ibili ez arren, agoan eta bihotzean ez dau euskerarik falta. Gure hizkuntzea abiapuntu, Arratiako egoereari errepaso bat emon deutsagu, Korrikaraino helduz. Izan be, Ainhoa Mendia banatzaileagaz batera berak eroan eban Zertuko lekukoa presidenteorde izanik.

 

Irati Urien


Agirikoa da euskereagazko daukazun inplikazinoa.
Bai. Azken baten etxean danok euskeraz egin dogu betidanik. Pentsetan dot sentimentu bat dala, baita gogoa be.


Eta jentea, inpliketan da? Zelan ikusten dozu egoerea Arratian?
Batzuetan optimistagoa naz eta nahiko ondo dagoala pentsetan dot. Umeak euskeraz ikusten dodaz, nagusiak be bai... alde makalena gurasoak gurasoen artean egiten dabena da igual, baina hor be aldiak dirala pentsetan dot. Bestalde batzuetan institutuko ikasleak erderaz entzuten dodaz, eta eskolakoak be bai. Nik beti esan deutset nireai erderea be ikasi eta praktikau egin behar dala, baina behintzat ohiturea beti euskerea izan daitela gero.
Igorren eta Arratian antzera esango neuke. Adibidez kanpoko paisajea gero eta euskaldunago ikusten da, eta sikeran ikusten dozunean erderaz bakarrik dagoala txokau egiten dau. Hori esanguratsua da, ezta? Baina ondino badago nondik ibili.


Formula magikorik?
Ez dakit. Nik uste dot euskerea era atraktibo baten agertu behar dala, ez dala gauza pobrea izan behar. Ikusi daigun aberastasun bat dala, eta gehien gustetan jakuzan gauzak euskeraz egin ezkero ondino be atraktiboagoak dirala, glamour apur bat. Hori zelan egiten dan... erreza izango balitz oraingoz eginda legoke.


Arratian Batz izan zan Euskera Planean aurrendari, Udala bera baino lehenago.
Bai, hamabost urte inguru izango dira. Sortu zanean egon nintzan. Lehenengotan lehenengo beharra hizkuntza paisajea aldatutea izan zan, behintzat kanpotik ikustea. Orain uste dot horretan asko aldatu dala. Gauza gehienak euskeraz dagoz, edo euskeraz egoteko aukerea dago. Kanpora begira be enpresa euskaldun bat gara, kanpora idazten diran gauza guztiak nahiz eta beste hizkuntzetan egon euskeraz be badagoz. Adibidez Txinarako gutun baten txineragaz batera euskeraz be idazten dogu mezua, nahiz eta seguruenik eurek ulertu ez, enpresa euskalduna bagara gurea be agertu daitela. Gure artean identifikauta gagoz nortzuk gura dogun euskaraz egitea. Erramintak dagoz horretarako, klaseak emoten dira eta jentea inplikauta dago. Momentu honetan baleiteke krisia dala eta diru gitxiago erabiltea horretarako eta hori ikusi egiten da baina halanda be jentea konzienziauta dago. Atzenean jente barria datorrenean hori erakusten jako, apur bat bide bat da sartu eta beste persona batzuk ezetuteko. Ni hasi nintzanean askoz gitxiago izaten ginan, gogoan daukat enpresa batzukaz topaketak eta jaialdiak egiten genduzala, gauza atraktiboa eta polita izaten zan.


Berbalagunen ibilitakoa be bazara, ezta?
Bai. Niretzako oso aberasgarria izan da. Euskaldun zahar moduan egon naz bertan beste persona batzukaz, euskaldun zaharrrak izan zein euskaldun barriak izan, apur bat euskeraz berba egiteko ohiturea galduta eduki dabenakaz. Astean baten alkartu eta berba egiten genduan, konpromiso bakarra presentzia zan. Esan behar dot, nire Berbalagunetik pasau diran danakaz euskeraz egiten dogula gaur egun. Kalean ikusi eta euskeraz egiten dogu berba. Asko lagundu nau eurak soltetan baina nik euskera gitxiago egiten dabenakaz bildur barik berba egiten be bai. Atzenean ikusi ezkero persona bateri kosta egiten jakola igual errezago pasetan zara erderara, eta ez dago zertan. Orain horreekaz persona guztiakaz euskeraz egiten dot. Esango neuke urrinetik ikusten nabenean erderaz badabiz euskerara kanbietan dabela berbea, apurtxu bat polizia beharra egiten dot eta ez  gurata, baina sensazino hori daukat. Dana dala orain horreekaz personakaz euskeraz egiten dot ezelango problema barik, eta beste batzukana hurratuteko be erreztasuna emoten deuste.


Zerturen proiektu nagusia BEGITU da, Arratian euskerazko hedabide bakarra papelezko edizinoan. Eskualdeko euskerearentzat mesede?
Niretzako BEGITU betidanik izan da oso gauza polita. Beti gogoagaz hartuten dot etxera helduten jatanean, eta lehenengo-lehenengo barri danak ikusten dodaz. Hurrekoa da. Orduan irakurten dozun guztia ezetu egiten dozu edo oso hur geldituten jatzu. Eta hori guztia euskeraz egoteak, euskeran gehiago inplikau arazotea egiten dau. Atraktiboa dala uste dot, umeak zeozer ezetuten zein irakurten dabe; eta gainera, bizkaieraz egonda persona nagusientzat be ez dakit, gure etxean adibidez amak inoz ez dau euskeraz irakurri eta BEGITU sikeran ikusi egiten dau. Jente gehienak gogoagaz hartuten daualakoan nago. Euskeraz ez dakienak be titularra eta argazkiak begituten ditu. Pentsetan dot baietz, mesede egin deutsala Arratiari euskera aldetik besteak beste.

 

Korrika berezia izan da aurtengoa zuretzat. Lekukoa eroan eta beharleku dozun Batzen aurrean semearengandik jaso.
Dana. Dana nahastuta. Egun guztia saltoka ibili nintzan, sano nerbiosa. Berez Korrikak asko emozionetan nau. Aurten lekukoa eroatea eta gainera semeak emotea itzela izan da, oso-oso polita. Sano emozionantea izan zan, argazkian be ikusten da. Hainbeste jente... itzela. Gordeta daukadaz BEGITU, petoa eta danak. Kuriosidade lez orain dala hamalau urte be lekukoa eroan neban, Batzekoa, eta aurtengo leku bardinean hartu neban. Kasualidade asko.

2015/5/1

USTIAPEN ONENAI SARIA Ustiapen onenari sariak jaso dabez Zeanuriko baserri bik

Okelatarako behiak hazten ditu Joseba Rekaldek Altzusta auzuneko Zubizabal baserrian eta Euskadiko okelatarako behien ustiapen onenari saria jaso eban Arkauten aprilaren 25ean. Ekitaldi berean, Jon Etxebarria eta Puy Arrietaren Ipiñaburuko gaztaitegiak be Bizkaiko ardien esplotazinorik onenari saria jaso eban. Sariak emoteko orduan, gestinoa, salmenta datuak, inbersinoak eta abar hartzean ditue kontuan. Beraz, Zeanuriko baserri bik jaso dabe aurtengo ondo egindako lanari sariak.

 

Ustiapena errentagarria izatea da gehien baloretan dan gauza bat. Eta errentagarria izateko, behar handia egiteaz gainera, zuzenean saldu behar dala dinoe Rekaldek eta Etxebarriak; hau da, ahal dan neurrian bitarterkariak kendu. Holan, Ipiñaburuko gaztaia gaztaitegian bertan saltzean dabe batez be, eta Zubizabalako okelea, Fernando Rekalde, Josebaren anaiaren harategian. "Anaiak harategi bat dauka Igorren. Salmenta berak egiten dau. Familia negozioa da. Berak harategia ipini eban eta nik animaliak jagon egiten dodaz" dino Joseba Rekaldek.
Izan be, gaur egun, produktu ona egin arren, gatxa da baserritik bizimodua ateratea. Baserritik bertatik bizi diranak Arratian kontetako eskuetako hatzamarrak nahikoak dira Jon Etxebarriaren esanetan.

Okelatarako behiak Euskadiko Saria
Josebak negozioari 2002an ekin eutsan, gurasoai jubiletako sasoia heldu jakienean. Rekaldetarrak zortzi anai-arreba dira eta baserriak danen ikasketetarako emon dauan arren, baserrian geratzea ez da izaten ebatzi erreza. Gurasoak jubiletako sasoian 20 bat behi eukien Zubizabalan eta ganadua kendu behar zan edo baten batek ha aurrera eroateko ardurea hartu behar eban. "Anaiak egin eban orduan aposturik handiena" dino Joseba Rekaldek. Momentu haretan Joseba Batz-en egoan beharrean sei hilabetetako kontratuakaz, baina anaiak behar fijoa eukan. Fernandok harategia ipini eban eta ha martxan zanean hasi zan Joseba ganadua gobernatzen lanaldi osoan.
Hainbat barrikuntza eta inbersino egin ebazan orduan eta Pirenaika errazako 120 behi inguru ditu gaur egun. Txahalak be zenbatu ezkero berrehun bat. "Guretzat inportantea da ameak produkzino oneko behiak izatea. Urtero-urtero txahala egitea. Ondoen jaio diranak eta arazorik ez daukienak hazi egiten doguz eta besteak, produzinorako ez doguzanak gura, sartzean doguz zebaderoan, hilteko katean".
Produzinorako behiak neguak kortan eta uda Gorbeiako larretan emoten dabe. Ia 1.500 m.ko altueratik baserri ondora arte, lau taldetan bananduta dagoz behi honeek beste horrenbeste larretan; Gorbeiako Parkeak, zabalera handia euki arren, larre gitxi daukazalako. Horregaitik, herriko ganadu guztiak jana eukiteko, holan egin behar zala ikusi eban Joseba Rekaldek.
Talde bakotxean zezen bat, 25-30 behi eta batzuetan idisko bat egoten dira. "Zezen gazteak beti eroaten dodaz zezen zahar bategaz ikasi dagien. Eta gero bere aita edo zaharra kentzean danean, berak hartzean dau lur ha, eta badaki hango barri". Behi taldeak beti larre batera eroaten ditu, lur ha ezetuten dabelako, ura non dagoan dakielako eta hango bedarra jatera ohitu diralako.
Horreek gauza guztiak kontuan hartuta bakarrik lortu daiteke Euskadiko okelatarako behien esplotazinorik onena.

Ipiñaburuko ardiak Bizkaiko Saria
Gorbeiako larretan be bazkatzen dira Ipiñaburuko ardiak. Etxebarriak 400 bat ardi daukaz eta Gorbeiako larreetara botaten dituanean, ardiak talde bitan bananduten ditu. Holan, antzuak edo arkumeak galdu dabezanak maiatzean joango dira Gorbeiara, besteak, baserri inguruan egongo dira garagarrilera arte.
Ardiak zemendian hasten dira bildotsak egiten Gabonak arte. Gero batzuek jarraituten dabe eta beste batzuek ez. Orain, garagarrilera arte, ardi esneagaz gaztaia egiteko sasoia da eta Jon Etxebarriak eta Puy Arrietak gaztaia egin bitartean, Ipiñaburuko landetan egoten dira esnedun ardiak. Gorbeiara joateko irrikitan dagozala dino Etxebarriak "han libreago sentiduten dira" eta.
Ardi honeen esnea eta gaztaginen jakinagaz, hainbeste sari jaso dituan Ipiñaburuko gaztai ketua egiten da udabarriro.

Udabarria ganadu azoken sasoia
Udabarrian ganadu azoka asko dagoz Arratian. Dimako Abeltzainen Elkarteak eta Udalak aprilaren 26an Artisau eta Ganadu Azokea antolatu eben Diman. Azoka honetan herriko ganaduak erakusten dira eta jente asko hurreratzen da ganaduok ikusi eta moxal pintxoak dastatzera.
Hurrengo ganadu azokea Areatzakoa izan da. Hau aspaldian egiten zan eta aurten errekuperau gura izan dabe Upokolupetza Abeltzain Elkartekoak. Azokan, gaztaia zelan egiten dan erakutsi, ardi ule-mozte lehiaketa egin eta artzai txakur erakustaldia egon zan.
Arratiako hurrengo Ganadu Azokea Zeanurin izango da maiatzaren 9an. Hau Gorbeia Parkeak antolatuten dau. Gorbeiako larretan ganadua daukiezan abeltzainak erakusten dabez ganaduok azoka honetan, txandaka. Igaz Zigoitian izan zan eta bertan egon zan Rekalde. Horregaitik ez da izango aurten Zeanurikoan.
Eta hurrengoa, bailara osoan izenik handiena daukana da: San Isidrokoa, Zeanurin. Aurrekoetara ez, baina honetara eroango dauz gaztaiak Jon Etxebarriak eta ganaduak Joseba Rekaldek, "herriko feria dalako eta herrira bajatuteko". Ferietan gitxi saldu arren, feriak jenteari ganadua erakusteko eta "publizidade" apur bat egiteko balio dabe. "Eta baserria bizirik dagoala erakusteko" dino Jon Etxebarriak.

2015/4/15

JENTILAK DIMAN IKUSKIZUNEKO LANTALDEA Gotzon Aurrekoetxea:

Diman prestatzen dabizan Jentilak Diman Ikuskizunak besteak beste herri antzerki bat daukala ikustean eurengana hurreratu gara era honetako ekimen batek daukan konplejutasuna erakusteko. Talde eratzaileko kideakaz alkarrizketa bat izan dogu, ikuskizunaren alderdi desbardinai buruz.

 

Edurne, jantzien arduraduna zara, zer izan da gatxena zuretzat?
Edurne Atutxa: Ni erropak neurtuten eta josten ohituta nago eta ez daukat arazorik, baina kasu honetan ez da erropea egitea bakarrik izan, erropak diseinau egin behar izan dira eta gero gatxena karakterizazinoa izan da niretzat, personaje bakotxaren karakterizazinoa. Esate baterako Basajaun personajeak ardi-narrua dauka erropa moduan, baina pelukea, bizarra, oinetakoak, eskuak moldatu behar izan jakoz eta horrek buruhauste batzuk ekarri deustaz.


Narruak zelan lortu dozuez?
E.A.: Narruena historia luzea da. Batzuk itxi egin deuskuez, Nafarroako herri baten erabilten dabezan narruak dira; onak eta ondo jamondakoak dira, kurtidutakoak. Beste batzuk ardiak hil eta segiduan ekarritakoak: komeriak egin doguz narruok garbitu eta patxadaztuteko; behar handia egin behar izan dogu soinean janzteko moduan ipinteko, baina lortu dogu azkenean.


Amaia, zu dekorazinoaren arduraduna zara, zein izan da zure motibazinoa ekimen honetan parte hartzeako?
Amaia Goti: Egia esan, Gotzonek proposatu eustanean ilusinoa sortu jatan. Asmo hau ez da oraingoa, orain dala 20 urte (Dima Txumuluxueta Kultur eta Kirol Alkartea sortu genduanean) ja gure buruetan baegoan idea hau, ikuskizunaren aurkezpenean esan genduan legez. Nik etxean gordeten dodaz oraindino orduko bozeto batzuk. Urte askotan geldi egon da, eta Gotzonek deitu ninduanean, lehen esan legez, ilusionau egin nintzan eta oso pozik hartu neban berak proposatu eustan beharra. Nire beharra dekorazinoaz arduratutea izan da, eskenatokia eta kartelak diseinatzea eta ahal danik eta patxada onenean egiten ahalegindu naz.

 

Zer da jentilen irudian deigarriena zure ustez?
A.G.: Tamainua eta basati itxurea, zalantza barik. Jentila beti amestu dogu izate handi legez eta aldi berean basati itxura guztiagaz. Mitoak bizirauteko behar dan irudia da hau eta erakargarri bihurtu behar dogu etorkizunean be ezagutua izan daiten.


Nagore Bernaola eta Arantxa Petralanda organizazino parte garrantzitsua dira, zein izan da zuen zeregina?
N.B.: Batzarretan hartzean izan diran ebatziak ejekutatea izan da gure zeregina, baimenak, jentearen parte hartzea bultzatzea, laguntzak lortzea, gestinoak egitea... holango ekimen batek gauza asko izaten ditu lotu beharrekoak. Hori izan da gure zeregina.


Zein izan da buruhausterik handiena?
Arantxa Petralanda: Jente kopuru handiagaz gauza askotarako hartu-emonak izatea. Batzuetan diru-laguntza eske, besteetan parte hartzeako konbiteagaz, hurrengoan laguntza-bonoak bananduten, deiak egiten... behar diferente asko, eta batzuk egun berean. Holango montaje handietako ejekuzinoa gatxa izaten da, eskarmentu handia hartu dogu, nahiz aurretik be ohituta egon garan gauzak organizetan.


Maitane, zuk jantzen ardurea daukazu, zelan sortu da jantza sartzea ikuskizunean?
Maitane Iza: Gotzonen idea izan zan. Ikuskizuna ez zan herri-antzerkira mugatu behar, herri guztia ipini behar zan "jantzan", eta lortu da. Antzerkiaren aktoen artean jantzak sartzea proposatu eban, eta nik gure jantza taldean idea hori aurkeztu nebanean mundu guztia ados egoan parte hartzeako. Jantza motak be proposamenean etorri ziran; hiru jantza behar ziran, bakotxa molde desbardinetakoa. Eta halan gabiz jo eta ke entrenetan, ensaioak eta ensaioak egiten.


Zer ekarri dau jantza taldera ikuskizunean parte hartzeako konbiteak?
M.I.: Ekarpen garrantzitsuena motibazinoa da, zalantza barik. Afizino handia dago gure artean jantzak ikasteko, baina proposamena plazaratu genduanean pilak ipini genduzan, giroa asko berotu zan eta motibatuago sentidu ginan.


Jon, zu akustika eta elektronikearen arduraduna zara, zein izan da zure parte hartzea ikuskizunean?
Jon Loiola: Alde batetik esan behar dot, holango ikuskizunak behar-beharrezkoak dirala herri txikiak izan arren. Badakit asko kostetan dirana, bai diruz eta bai esfortzuz, baina herri txikiai bizitasuna emotea gura badogu, herriaren partizipazinoa bultzatu behar da eta oingoan lortu dogu. Egia esan ausardia behar da, atzen baten abentura kultural bat dalako. Proposamena jaso nebanean guztiz identifikau nintzan eta ilusinoz beterik nabil organizazinoan. Nire zeregina ikuskizunaren kalidade akustiko eta elektrikoa bermatzea da.


Zelan lortu kalidade hori?
J.L.: Ez da erreza, frontoiak gehienetan akustikoki arazo asko ekarten dabezalako. Baina esperientzia onak be badaukaguz eta horreetatik edanez lortuko dogula etxoten dot.


Azkenik Gotzon, danen koordinatzailea, zer dala eta Jentilai buruzko ikuskizuna?
Gotzon Aurrekoetxea: Amaiak esan dauan legez, idea aspaldikoa da. Hor daukagu Jentilzubi paisaje ezin ederrago bat, alboan Baltzolako kobak ipuin mitologiko ugariren gunea, sorgin-lekuak... guganaino heldu diran kontu mitologiko guztiak zergaitik ez erabili eta ikuskizun bat prestatu, ostekoentzat be ikasbide izan daiten? Gure kultura aberastasunak modu erakargarrian plazaratzea da ikuskizunaren helburua. Gure historia, gure pentsamentu tradizionala, gure kultura tradizionala plazaratzea.


Ideatik proiektura bide luzea dago, ezta?
G.A.: Oso luzea, baina erakargarria. Hasikera-hasikeran taldea sortu zanean behin eta barriro errepikatzen genduan idea "disfrutatzea" zan. Disfrutau behar genduan ideatik proiektura eta ikuskizunerako ibilbide guztian be bai. Nik lortu dot eta antolatzaileen artean ikusten dodanez ilusinoa dago, dana ondo urtengo dauala konbentziduta nago.

2015/4/14

AUZO ESKOLAK

Arratian hamaika eta Zeberion auzo eskola bi zabaldu ziran 1921etik 1933ra.


Jon Urutxurtu


Martiaren 17an zabaldu zan Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegian, Bizkaiko auzo-ikastolak 1919-37. Hezkuntzaren eta kulturaren aldeko jarduketa erabakigarria izenburua daroan erakusketea, eta bertan egongo da ikusgai bagilaren 30era arte. Auzo eskolak urruneko umeai hezkuntzarako sarbidea emoteko asmoz sortu zituan Bizkaiko Foru Aldundiak 1919tik aurrera eta 1937ra arte martxan egon ziran. Gerra ostean be jarraitu eben, baina Eskola Nazionala zalakoen barruan, hau da, helburuak eta funtzionamentua aldatuta. Arratian guztiz hamaika auzo eskola aurkitu daitekez Zeanurin, Diman, Igorren, Lemoan eta Bedian sakabanatuta eta Zeberion bi. 
Educación y Escuelas de Barriada de Bizkaia ikerlanean Gregorio Arrien historialari pasinotarrak dinoanez, "Estaduaren hezkuntza-eskeintza ez nahikoa osotzeko gogoaz, 1919ko zemendiaren 26ko Gallanoren Mozinoan oinarrituz, Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako ikastetxeak dira auzo eskolak. Ikastetxe honeekaz landa eremuan eta meategi guneetan emoten zan kultura arloko atzerakuntzea zuzentzea bilatzen zan".
Holango eskola bat eukiteko honako baldintza honeek bete behar ziran: hamar familia baino gehiago bizitea auzunean, bertako etxeak hurren egoan eskolatik kilometro batera egotea, eta, azkenik, Udalak edota auzokideak lokala eskeintzea. Foru Aldundia, ordea, eskolearen eraikuntzarako planoak egiteaz, eta maisu-maistrez eta ikasteko materialez arduratzen zan.
Auzo eskola gehienak Udalak eregi baebezan be, batzuek auzokideen lanaren frutua izan ziran edota eraikuntzan parte hartu eben, dirua, eskubeharra, basoetako egurra, harrobietako harria, idiak eta burdiak jarriz. Beraz, herritarrak eskola honeei emondako laguntzea miresgarria izan zan.
Azpimarragarria da auzo eskolen arkitektura bitxia, ingurunera oso ondo egokitua eta baserrien estiloa jarraitzen ebana. Eraikinen diseinuaz Diego de Basterra arkitektoa arduratu zan, Euskal Herriko XX. gizaldiaren lehenengo erdialdeko arkitekturaren figura handienetako bat. Oro har, eskolea honako gune honeek osatzen eben: ikasgelea, komuna, materialen gelea eta sukalde-jangelea. Aitagarria da kanpoaldean eukien azuleju urdin eta zuriez osatutako errotulua: bertan Bizkaiko armarria, Escuelas de Barrio de Vizcaya/Bizkaya’ren Auzo-Ikastolak inskripzinoa eta ikastetxeari esleitutako zenbakia azaltzen ziran.

Gorabeherak Ipiñaburuko auzo eskolan   
Dana dala, arantzarik bako larrosarik ez dagoan lez, auzo eskolen sorreran be ez ziran falta izan tira-birak, istiluak eta haserreak. Eraikuntza udalen kontura izaten zanean ez zan arazorik sortzean, baina auzokideak dirua edo lana ipini behar ebenean, orduan euren arteko gorabeherak —sarritan beste kontu batzuetatik etozanak— azalera ateratzen ziran, eta tensinoak nagusi izaten ziran. Holango adibide bat izango litzateke Zeanuriko Ipiñaburu auzoan jazoa.
Fabian Angoitia abadeak Ipiña ta Ipiña´tarren barri izenburupean 1958an argitaratu eban liburuxkan dinoanaren arabera, "Uribe’n eta Asterrie´n be baserrri-eskolak egin zireala-ta, 1922’garren urtean Ipiñeburu´tarrak be batzar andi bat egin euden Santiago’ko elexpean euren auzotegien be eskolarik egingo zan ala ez ebazteko. Batzar orretan etxe-yaunek, zazpik ez besteak, ezetzera yo eudien, da etzan ezer ebatzi. Azken baten, zazpi etze-yaunok besteen aldean gitxi ixean-arren, maister edo arrentadoreakaz alkartu zirean: oneik euren lanagaz laguntzen ba´eudien, etxagunek iminiko eudien dirue eskolagintzarako. Bitzuek emon euden ontzat erabagi au, euren neskatomutikoak eskolea auzotegien bertan eukitearren. Zazpi etzeyaun ta euren errentadoreak gogatsu goatu eutsien, ba, eskolagiñen, ba beingoan amaitu zen lana. 1924’garreneko martien auzotegiko andi ta txikientzako egun pozgarri baten asi zan bertan eskolea, Mari-Kurutz Gesta ta Mari-Carmen Gogeaskoetxea lelengo irakaslari zireala.
(...) Baye etzagunik geyenen umeak, gurasoak eskolea egiteko lagundu ez eudielako, ez eukien bertara ibilteko eskubiderik. Au be etzan tayu ona auzotegientzako; etzan ori auzoko guztien artean alkartasune yagoteko era ederra ¿Zelan atondu gauzek? Bizkai’ko Diputaziñoak, auzotegian bakea ta alkartasun obea iminterarren, etzeguneri diruten an irazirikoa ordeaztuaz, eskolea erosi egin oan, eta guztientzako imini. Bai etzagunek eta bai errentadoreak, bakearen alderako ta auzo guztien onerako gogoti opetsi ta parkatu eudiezan eskolagiñen eurek egiñiko bearrrak. Alan lengo eskolea, batzuentzakoa bakarrik zana, guztientzako eskola biurtu zan".

11 auzo eskola Arratian eta 2 Zeberion
Lehenengo eskolak 1920-1921 ikasturtean jarri ziran martxan, 1925. urtea bete baino lehenago 77 eskola eta 114 ikasgela abian ziran eta beste horrenbeste irakasle lanean; 1930erako 100 eskola eregita egozan, 1936an, Gerra Zibilak eztanda egiten dauanean, 125 eskola zenbatu daitekez eta ikasle kopurua 6.321ekoa eta irakasleena 162koa zan. Arratia aldean guztira hamaika altxau ziran: Diman hiru: Obakoa, 1921ean, Indusikoa, 1923an, eta Artaungoa, 1927an; Zeanurin lau: Uribekoa 1921ean, Asterriakoa, 1923an, Ipiñaburukoa, 1924an eta Altzustakoa, 1927an; Igorren bat: Santa Luziakoa (San Kristobal), 1922an; Lemoan bi: La Campakoa, 1925ean eta Arrañokoa, 1933an; eta Bedian bat: Ugartekoa,1926an. Zeberion bi eskola zabaldu ziran: Santi Kurutzekoa, 1925ean eta Ermitabarrikoa, 1926an.

Ikasmaterialak, ikasleak eta irakasleak
Ikasteko material ugaria eta modernoa bialtzen eban Diputazinoak, eta aitagarriak dira eskoletarako prestatu ziran euskerazko testuak, oinarrizko hezkuntzearen ikasgai desbardinak tratetan ebezanak. Ildo horretan zera esan behar da: hasikera baten benetako euskal eskolak izan zirala, eta toki batzuetan material guztia euskerazkoa zan, baina handik gitxira aldakuntza garrantzitsuak izan ziran ikastetxe honeen orientazinoan, Diputazinoak ezarri eta abiatu arazotako hezkuntza politikearen ondorioz, horretan eragina eukan agintean egozanen joera politikoak.
Bestalde, heziketa helburuagaz antolatutako paseo eta urtekerak praktika arrunta ziran, batez be lehenengo urteetan. Gainera, nekazal gaiak lantzeako be aukera ezin hobea eskeintzen eben, eta eskolearen inguruan ortuak jartzen ziran.
Eskola adina 5 urtetik 14 urtera bitartekoa zan; beraz, umeak eskolan gitxienez 8 urte egin behar izaten ebezan, urte bi honako maila honeetako bakotxean: prestakuntzan, oinarrizkoan, maila ertainean eta goi-mailan. Eskola hutsegiteen inguruan esan daiteke asistentzia, oro har nahiko polita izaten bazan be, neguko eguraldi txarren eta baserriko lanetan parte hartu beharraren eragina nabaria izan zan.
Irakasleai jagokienez, aukeraketa zorrotz baten ondoren ziran hautatuak. Eremu euskaldunetan irakasleak euskeraz jakin behar eben, irakasle tresna moduan erabili ahal izateko. Irakaslegoaren artean eskola zereginetan ez ezik bestelako eginkizunetan be jarduten ebenak egozan: prensan idazten ebenak edo beste gizarte eta kultura jarduera batzuetan, horreen artean ezagunena Julene de Azpeitia izan daiteke.
Gregorio Arrien historialariaren arabera, "auzo eskolak garrantzi izugarria izan eben; eurei esker analfabetismoa gitxitu egin zan; hezkuntza elebiduna ezartzean be oinarrizko papela jokatu eben, eta auzoak giza, gizarte eta kultura arloko hartu-emonen mundura zabaldu ziran. Oro har, eskola honeek kultura eta zibismoa sustatu eta bultzatu eben. Horretan guztian auzokideak, Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak zeresan handia euki eben, azken erakunde honek 1920 eta 1936 urteen artean bederatzi miloe pezeta erabili ebazan, gehienak eskolen mantenimentura eta maisu-maistren ordainketara zuzenduz".

Izaera aldaketea
Gerra Zibilean, 1937an nazionalak Bizkaia hartu ebenean, auzo eskolak lanean jarraitu eben, baina laster galdu eben jatorriz-ko nortasuna, 1938ko aprilaren Ordenaren ondorioz "Escuelas Nacionales de Barriada" bihurtu ziran Francok jarritako erregimen politikoaren kontrolpean geratuz. XX. mendeko hirurogeiko hamarkadatik aurrerantza, landa eremuko populazinoaren beherakadeagaz batera, auzo eskolak ateak zarratuz joan ziran.
Auzo eskola hareek eskola funtzinoa galdu badabe be, gehienak gaur egun beste funtzino sozial garrantzitsu bat jokatzeko eraldatuak izan dira: auzokideen bilgune izateko.

 

2015/3/31

IBON IZA Diman grabautako filmak zinea eta bertsolaritzea buztartzen dauz

Igorreko Luzetu Barik Film Laburren Lehiaketan, saria izan eban Txakile Diman grabautako filmak. Txakile Ibon Iza zuzendariaren orain arteko produkzinorik handiena izan arren, ez da bere lehengo lana zinean. Zine zuzendari, aktore, bertsolari, irakasle... gizon polifazetikoa da Iza eta bere sormen prozesu, behar egiteko modu eta proiektuen inguruaren gainean egin dau berba alkarrizketa honetan.

 

Makina bat gauza egin arren, bizimodua irakasle izatetik ateraten dozu, ezta?
Bai, Igorreko eskolan egiten dot behar gaur egun. Lanbide Heziketan Irudi eta Soinu irakasle ibili nintzan zortzi bat urtez, eta gero oposaketak egon ziran, plazea atera neban eta Lehen Hezkuntzan hasi nintzan.
Bertsolaritza irakaslea be izan nintzan orain dala urte asko. Gero  Dimako Bertso Eskolea sortu genduan eta gaur egunean hor gabiz bertso eskolea berreskuratu guran.


Zine zuzendari, bertsolari, irakasle... danerik egiten dozu!
Bai, danerik. Antzerkia be egin dot. Arte Ederrak egiten hasi nintzan, nire helburua zan Irudia eta Soinua egitea. Baina gero pinturea be gustau jatan, eskulturea be bai, eta musikea. Dana gustau jatan. Egun baten han etorri jakuzan antzerki talde batekoak ea antzerkia egin gura genduan esanez. Nik malabareak egiten nekian, eta malabarista hasi nintzan. Gero testu bat sartu eta apurka-apurka hobetuten. Antzerkia asko gustetan jata.
Zineagaz be beti euki dot loturea. Irudia eta Soinua ikasketak egin nebazan eta orduan hasi nintzan metraje laburrak egiten.
Bertsolaritzan umetan hasi nintzan. Lehenengo Karmele andereñogaz eskolan eta gero bat-batekoa Lopategigaz hasi ginan egiten 6. maila inguruan. Eskolarik eskolara ibilten ginan kantetan. Askotan, Lopategi eskolara etorten zan gure bila eta gero andereñoak esan behar eutsen gurasoai Gipuzkoan, Gernikan edo Ondarrun gengozala. Lopategigaz plazea, bertsolaritzea eta bizitza zer diran ikasi genduan.


Txakile filmaren zuzendaria zara baina ez da zure lehenengo lana zinean.
Ez. Metraje laburrak karreran egiten hasi nintzan. Egin neban lehenengoa Los licenciados izan zan, galdu egin dana. Lehiaketa batera aurkeztu genduan eta galdu egin zan. Gero Joseba Rodriguez koinatuagaz egin dodaz hainbat lan. Josebak ondo kontroletan dau irudia eta soinua. Bera da aditua. Nik ideak botaten dodaz. Orain dala urte batzuk, Joseba Rodriguezen Kanteik filman be parte hartu neban, aktore lanetan.
Eskolan be egiten doguz bideotxo batzuk eta bertso-antzerkia. Institutuko ikasleakaz Makarroiak labur metrajea egin dot. Nik aitaren papela egin neban han. Aktore lanak be egiten dodaz. Danerik.
Baina Txakile izan da produkzinorik handiena. Hamar minutu daukaz eta super produzinoa izan da.


Txakilen jente askok hartu dau parte. Zelan sortu zan idea eta zelan joan zan grabazinoa?
Bola jokoan ibili nintzan denporaldi baten sortu zan idea. Gure lagun Urtzi Uriarteren etxera joan ginan pelikula bat ikusten eta El gran Lebovsky ikusi genduan. Coen anaien fans handiak gara. Eta han John Turturrok egiten dauan personajea bolera baten dago eta hori Arratiara ekartea pentsau genduan. Bola jokoen gorabeheran sortu dan istorioa da Txakile.
Bola jokoa oso errotuta dago Euskal Herrian, edadeko jenteak jokatuten dau eta aholkuak emoten dauz, giroa sano maskulinoa da. Eta handik etorri jatan idea, zelan arrotz bat, kanpoztar bat sartzean dan hor munduan.
Orduan, hori istorioori sortu neban, bertsolaritzeagaz lotuta, ze Bertsomoviedan aurkezteko asmoagaz egin neban. Aurten aurkeztuko dogu Bertsomoviedan, bertsoa eta zinea buztartzen dauan lehiaketan.


Diman grabauta dago, Dimako bizimodua erakusten dau?
Dimagaz lotura handia daukien gauza asko dagoz filman. Esate baterako, Dimako "aita"ren papela Zefe Ziarrustak egiten dau; zenbakiak Mikel Iriondok eroaten dauz, sano ekonomista ona da Mikel Iriondo... Eta badagoz beste erreferentzia ba-tzuk herriagaz oso lotuta dagozanak.
Egun baten grabau genduan. Eta bata mezara joan behar zala, bestea amamarenera bazkaiten...


Zelako mobida herrian, ezta?
Bai. Ehun persona inguru mobidu genduzan eta hori mobidutea gatxa da. Bakotxak bere txikitasuna ikusten dau "nik zer egin behar dot?" "nire papela zein da?". Eta klaro, jenteak ez eban ikusten zelan geratuko zan. Egia esan, guk be idea lauso bat geunkan. Pentsauta daukazuna eta  urteten dana mundu bi dira. Baina txukun geratu da eta pozik gagoz egin genduan beharragaz.


Noz aurkeztuko dozue Bertsomovieda lehiaketan?
Ontxe zabaldu da epea. Gipuzkoan oso errotuta dago lehiaketa hau eta orain arte Bizkaitik apenas aurkeztu da ezer. Horregaitik gura esan genduan, gurea eta geure euskalkian aurkeztea, Euskal Herrian aniztasun handia dagoalako.
Joseba Rodriguezek esan eustan gidoia egiten badozu, grabauko dogu eta halaxe egin genduan.
Youtuben ez dago.
Ontxe igoteko gara. Bertsomoviedan botoa emoteko klik egin behar jako gustetan bajatzu. Jenteak ikusi eta botoa emon dagian etxon egin dogu. Marketing kontua.


Zeintzuk dira zure hurrengo proiektuak?
Gauza bi daukadaz buruan. Bata, Borja Estankonaren bideoklipa da. Igorreko Kiñu Gaztetxean grabauko doguz irudi batzuk, eta beste batzuk Diman, kobazuloen inguruan. Bestea film labur bat da, baina ondino ezin dot gauza handirik esan.
Eta eskolan bertso antzerkia antolatu dogu. Antzezlana Zenbaki zen bati deitzean da eta irakasleai kritikatxoa egiten jakie hor. Askotan umeak zenbakiak lez tratetan doguz, eta ez persona moduan. Lan honetan, umeak eurak zenbaki lez agertzen dira. Hor dagoz batuketa eta kenketa, 4,83a bostera heltzean ez dana eta triste bizi dana...

2015/3/31

KORRIKA 19 Arratia euskahaldunez bete zan,

Honezkero beharrean dabiz AEK-koak 20. Korrika prestatzen. Hemeritzagarrena, martiaren 29an amaitu zan Bilbon amaiera jai sano jentetsuagaz. Bezperan pasau zan Arratiatik eta eskualdeko herri guztietan, arratiar piloak lagundu eutsan lekukoari galapan, karran, korrika, emozinoz beteta. Mezuak inoan moduan, orain ekiteko denporea da, euskeraz egiteko sasoia. Korrika gure eskualdetik pasau zaneko hareek momentuak gogoan eukiteko, argazkiak dira lekuko paperezko BEGITUn.

2015/3/16

Korrika biziteko beste modu bat

Arratiako AEK-ko Gorka Barrenetxea eta Igor Elorduik Korrika 19ko furgonetatik biziko dabe Korrika. Ze, Igorren esanetan, furgonetan bizi egiten da Korrika. Bigarren aldia da bientzat eta Kubulu Euskaltegiko Joseba Irazabal be furgonetan joango da.
Igor Elorduik hogetaka urte daroaz AEKn. Bertan egin dau bere ibilbide profesional guztia. Atzen hamabi urteetan AEK-ko komunikazino arduraduna izan da, eta orain hasikeran legez, eskolak emotera bueltau da. Jatorriz Erromokoa da eta Larrabetzun bizi da baina Igorreko Kubulu Euskaltegian emoten dauz eskolok.
Gorka Barrenetxea Igorrekoa da eta bertan hasi zan klaseak emoten, Igorren eta Diman, orain dala 6 urte inguru. Orain Ahize izeneko sailean dabil beharrean, AEK-ren hizkuntza aholkularitzan, Lemoan eta Portugaleten, hain zuzen.

 

Zenbat furgoneta dagoz Korrikan?
Gorka Barrenetxea: Furgoneta bi dagoz. Bat atzean, "ordezkoa" eta beste bat aurrean "titularra". Aurrekoa ez da geldituten; atzekoa badaezpada dago. Edozein arazo egon ezkero, atzeko furgonetea aurreko furgonetearen lekuan ipinten da. Logistika aldetik zortzi lagun doaz bananduta furgonetan bietan. Zortziko talde horrek eroan behar dauz furgoneta biak. Furgoneta bien artean joaten da jentea eta pankartea. Atzean bigarren furgonetea eta AEK-ko komunikazino taldetxo bat.
Igor Elordui: Talde bi antolatuten dira horretarako, zortziko talde bi eta talde bakotxak 14 orduko txanda bi egiten ditu. Gogorra izaten da sarritan, ordu asko diralako eta loa be aldatzen dalako.
Orduan zortzikote horren eginkizuna da, pankartak ipini eta kendu, lekukoa beti bistan euki, korrikalariak apur bat jagon, ze trafikoa egoten da leku askotan eta gainera leku batzuetan arriskutsua izaten da. Mikrofonoagaz be jentea animau, musikea ipini, zeozer pasetan bada anbulantziara eroan, umeak beti galtzean dira eta umeen kontua hartu... Furgoneta horren aurretik lurraldeko kotxea joaten da norabidea marketan. Bizkaian Bizkaikoa, Gipuzkoan, Gipuzkoakoa...
Prensa taldea atzean joaten da. Prensa taldeak beste kotxe bi ditu eta kotxe horreetan joaten da AEK-k propio jartzen dauan prensa taldea, normalean hiru lagun, eta gugaz batera datozen kazetariak: Garako kazetaria, Berriako kazetaria, Deiako kazetaria, Correokoa, Euskadi Irratia, Noticias taldekoa, EITB eta Hamaika Telebistako kazetariak. Horreek fijo izaten dira.
Horreetako batzuk be inoz furgonetan joaten dira, ekipoetan sartuta, gaua be kubridu gura dabelako. Prensako jarduna egunekoa izaten da, baina Hamaika Telebistak, esaterako, gura izaten dau gaueko irudiak be hartu.


Hamalau ordu jarraian egiten dabe furgonetan doazenak?
G. B.: Bai, hamalau dira baina egokituten doa. Hamalau, hamahiru, hamabi, hamalau... horregaz jolastuten da logistika aldetik aldaketak egiteko eta gero egun aldaketea bermatzeko talde biai. Eguna eta gaua ikusteko.
I.E.: Eta hor kontutan hartu behar da, atzen orduetan, lo egingo dozun lekura joan behar dala. Eta gero non hartuko dozun Korrika be hartu behar da kontuan. Bitxia izaten da, ze Korrika ez danez gelditzen, talde aldaketea galapan egiten da. Puntu kilometriko baten geratu eta batzuk aurreko furgonetatik atzeko furgonetara pasetan dira arrapaladan; batzuk bajatu, besteak igo...


Zelan antolatuten dira furgonetako taldeak?
I.E.: Zortzi lagun ofizial dira. Eta zortzi laguneko talde horretan arduradun bat dago. Taldea osotuteko ardurea berea da. Taldean hainbat jente dago AEKn behar egiten dauana eta beste batzuk sasoi baten AEKn ibili ziranak. Guk esaten dogu ez deutsela AEK-ko izateari ixten, nahiz eta gero beste esparruetan ibili.
Zortzikote horretan argazkilari bat egoten da AEK-k ipinten dauana, eta gero horreezaz aparte, Hamaika Telebistako lagunak etorri leitekez. Korrika eskualde baten sartzean danean, Arratian berbarako, akaso, begituko kazetaria sartuko da. Mikrofonoan eskualdea ezagutzen dauan baten bat egotea be komenidu da. Atzenean, suertau leiteke furgonetan hainbat lagun egotea.
G.B.: Uriburuetan, batez be Gasteizen, furgonetea pasau aurretik eta bigarren furgonetearen ostean be, uriko bidegurutzeak zainduteko herriko bizikleteroak edo egoten dira. Hor aparteko lana egoten da, batez be Gasteizen, handiena dalako.
I.E.: Iparraldean motorzaleak egoten dira bidekurutzeak zaintzean. Parte hartze handia egoten da. Ez bakarrik aurretiko antolaketan, baita karreran bertan be.


AEK-ko ia irakasle guztiak hartuko dabe parte Korrika antolatuten, ezta?
I.E.: Bai. Bakotxak bere ardurea dauka. Korrika Batzorde Nazional bat dago eta Korrika bat amaituten danerako beste Korrika bat antolatuten hasten gara. Esaterako, lema, mezua, omendua, non hasi eta non amaitu, hori pasa dan urtetik dakigu. Korrika Batzordeak gauza horreek egiten ditu. AEKide guztion lana da Korrikalagunak egitea, kuestazinoak, errepidea margoztea, kilometro zenbagailuak ipintea...
G.B.: Korrika Batzordeaz gainera, badagoz herri eta eskualde mailako batzordeak. Eta honeen lana be itzela da. Arratia mailako batzordeak, berbarako, hainbat kontutan lagunduten dau: Korrika Kulturaleko ekintzak antolatuten, Korrika pasetan dan eguneko bezperan egiten dan apainketan, lagunduten dau Korrika laguntzaileak egiten eta beste gauza askotan.
I.E.: Eta hori egiten dabe euskaltzale eta Korrikazale diralako. Eurak barik ezingo geunke Korrika antolatu. Korrika AEK-k antolatzen dau, baina ez da AEKrena, herriarena da.


Talde berean joango zarie furgonetan?
G.B.: Bai, biok talde berean. Nire bigarren urtea da furgonetan.
I.E.: Nirea be bai. Furgonetan lehenengoz 14. Korrikan hartu neban parte, 2001ean. Harrezkero, komunikazino arduraduna izan nazana lez, Korrika 13, 14, 15, eta 17 prensan egin nebazan. Beti euki dot buruan komunikazino arduradun izateari ixten neutsanean, beste behin behintzat, furgonetan egin behar nebala. Oso oroitzapen onak daukadaz. Prensan zagozanean kontetan zoaz, ez biziten. Furgonetan bizi egiten da Korrika.


Zein zati tokau jatzue?
G.B.: uste dogu Arratia gure taldeari tokau jakola, baina ustea da, ez dakigu. Ez dakigu geugaz hasiko dan Urepelen, ezta geugaz amaituko dan ala ez.
I.E.: Korrikan zer pasetan dan jakiteko furgonetan egon behar da. Furgonetan ikusten dozu nork hartzean dauan lekukoa eta bizipen guztiak furgonetatik ikusten dira. Hor egon behar da.
G.B.: Niri deigarriena egiten jatana, da edadeko jentearen poza. Edadeko persona batek petoa aldean ipini, bere osasun arazoak alde batera itxi eta badoala galapan ikustea berezia da. Ardura osoz, petoa ipini eta galapan egiteko daukan indar hori ikustea.
I.E.: Nik aitatuko neuke, harrigarria dala Korrika bera. Hamabi-hamaika egun eta gau, lekukoa pasetan. Eta beti dago baten bat lekukoa hartzeako. Bardin da, goizeko hirurak, ez dakit nongo mendi puntan eta euritan. Beti dago jentea. Eta jentea gura daualako egoten da, ez obligazinoz. Harrigarria da.
Harrigarria be bada zelan hartzean gaituen Korrikaren antolakuntzan gagozanok. Jenteak pastak ekarten deuskuz edo kafesne beroa. Asko estimatzen da.

2015/3/16

XABIER LARRAZABAL Herri berdeak eta uri gorriak

Xabi Larrazabalek dino bilboztarra eta zeanuriztarra dala bera, bien nahastea. Familia Zeanurikoa da eta askotan egoten da Arratian, bera Bilbon beti bizi izan dan arren. Euskadi Irratian egiten dau behar, Maider Segurolagaz batera "Hiri Gorrian" saioa aurkezten. Martiaren amaieran ETBko "Soinu ehiztaria" saio barria aurkezten ikusteko aukerea izango dogu.

 

Zeanurikoa zara, ezta?
Gurasoak Zeanurikoak dira. Ni Bilbon bizi izan naz beti, baina Zeanurin denpora asko pasau dot.


Noz hasi zinan "Hiri Gorrian" programeagaz?
2013 urteko urrietan hasi ginan. Hau da gure bigarren denporaldia. Honetan hasi aurretik "Faktoria" programan egon nintzan. Leioan, EHUn Kazetaritza ikasketak amaitu eta segiduan hasi nintzan Euskadi Irratian, "Faktoria" saioan, goizetako magazinean, eta han bost urte egon nintzan.
Nik Bilbon egiten dot behar. Baina orain "Hiri Gorrian" saiorako Donostiara sarri joaten naz, astean behin edo.


Hiri Gorria zein da? Zeanuri be herri gorria izango litzateke? Ze adjetibo ipiniko zeunskio Zeanuriri?
Berdea. Gorria baino, berdea da Zeanuri.
Gogoan uri konkretu bat euki barik ipini jakon "Hiri Gorria" izena programeari. Jokoa egitearren, baina ez da uri bat. Bilbori asko begiratu arren, ez deutsagu bakarrik Bilbori begiratuten. Bilbo Euskal Herri mailan izan leiteke "uriena". Baina ez Bilbo bakarrik, uria edozein izan leiteke, baina batez be gurea; ez ez-dakit-nongo puntako uri bat. Eta herriai be begiratuten deutsegu. Baina jolasa da gehiago, kontzeptua baino.


ETBn programa bat aurkeztuko dozu. Ze motatakoa?
Bai. Orain telebistarako saio bat grabetan gabiz, alkarrizketa saioa da eta "Soinu ehiztaria" deituten da. Euskal Herriko jente ezagunari egiten deutsaguz alkarrizketak. Eta deitzean da "Soinu ehiztaria" erabilten doguzalako euren bizitzako soinuak alkarrizketea egiteko. Baina atzenean atxakia baino ez dira soinuok, alkarrizketa personalak dira. Guk esaten deutsegu esateko zeintzuk diran euren bizitzako soinuak, barruan sartuta daukiezanak, eta jokoa egiten dogu horregaz. Baina alkarrizketa saio bat da eta soinuak alkarrizketea janzteko modu bat.


Noz hasiko da?
Martiaren 22an.


Arrebea be kazetaria da (Ainhoa Larrazabal, Bizkaia Irratian egiten dau behar). Nondik jatortzue afizinoa?
Ez dakit. Geneetan ez behintzat. Irratia asko entzun izan da gurean beti, baina ez dot pentsetan aparteko afizinorik egon danik. Nik ez neukan pentsauta txikitatik irratian behar egin gura nebala. Kazetaritza ikasi neban eta irratian hasi nintzan. Kasualidadea seguramente.


Errez konbinau ahal dozuz irratia eta telebista? "Hiri Gorria" eta "Soinu ehiztaria"?
Bai. Eta ETBko programea zortzi saio baino ez dira. Ni "Hiri Gorrian" nago, horixe da nire saioa. Telebistakoa orain urten dan gauza bat da, baina ez dot ikusten aparteko ezer moduan.


Amaituta daukazu "Soinu ehiztari" saioko alkarrizketen grabazinoa?
Ez. Pare bat falta dira (martiaren 12an). Alkarrizketatutako personajeak oso diferenteak dira euren artean. Hor dagoz kirolari pare bat, kazetariren bat, aktoreak... Aurreko egun baten Maddalen Iriartegaz egon ginan.
Uste dot emitiduko dan lehenengo alkarrizketea Jagoba Arrasateri egindakoa izango dala.


Edade bateko jenteak antzeko soinuakaz daukie loturea?
Ez pentsau. Baina edade diferenteetako jentea dago, jente gaztea, helduagoa... Bariedade handia dago. Adibidez, batek esaten deusku, "nik sano sartuta daukat itsasoaren soinua" eta guk orduan jokoa egiten dogu horregaz. Eta beste batek, "ba nik daukat trenaren soinua, ze gure etxe ondotik pasetan zan trena" eta hortik joten dogu. Musikeari baino gehiago soinuai erreparetan deutsegu.

2015/3/2

TXEMA SALEGI URBIETA Azkoitiar bat Ubiden

Txema Salegi azkoitiarra da sortzez baina gaztetatik hara-hona ibili izan da ia bizitza osoan, halabeharrez. Beti be sukalde barruan sartuta. Tartean Iparraldean egoala, ubideztar batzuk ezetu eta bertara etortera animau eben. Egun, Ubideko Herriko Tabernea daroa. Maite dau ostalaritzea, maite dau natura eta maite dauz abereak. Barra barruan bera, beste aldean BEGITU, Ubideren erradiografia bat atera guran ibili gara. 

 

Irati Urien

 

Zelan heldu zan azkoitiar bat Ubidera?
Mexikon hamar urtez izan nintzan eta ostalaritza munduan egin neban behar. Asko gustau izan jata beti ostalaritzea. Iparraldean be urte asko emon nebazan eta Euskalduna Hotelean sukaldari ibili nintzan. Ubideko batzuk ezetu nebazan Iparraldean eta eurak esan eusten Ubidera joaten animetako, han baegoala Herriko Taberna bat eta han gustura egongo nintzala. Natura be hainbeste maite izan dot beti ze! eta Ubidek hori be eskeini eikidala adierazo eusten. Atzenean ikustera etorri eta sano inpresino ona atera neban. Orain dala zortzi urte etorri nintzan lehenengoz Ubidera. Hona etorrita urtebete egon nintzan Herriko Tabernan baina azkoitiar zein familiakoak herritik kanpora hogeta hamabost urte egon nintzala eta bueltetera animau ninduen. Azkoitiko Laja erretegikoak orduan, ostalaritza lanean Iparraldean urte asko emon nebazala ekien eta nik bertan behar egitea eskatu eustan bertako jaubeak. Sei urte barru gauzak aldatu egin ziran ostera, krisia bete-betean sartu zan eta gastu fijoak oso handiak ziran. Hilero 6000 euro atera behar ziran libre, gastu fijoak bakarrik ordaintzeko. Behar pilo bat egin behar zan gastuak pagetako. Ubideko kuadrila bat urtero etorten zan bisitea egiten eta barriro be Bizkaira bueltetea gura izaten eben, Herriko Tabernan egoazanak ez ebela tabernea ondo zertzean eta barriro animetako. Baietz ebatzi neban, eta hemen nago.


Zelangoa da Ubideko bizimodua?
Dana naturagaz erlazionauta dago, bizi kalidadea dagoala esango neuke. Uriburuakaz konparau ezkero aldea itzela da lasaitasun aldetik besteak beste.


Zenbat jente bizi da Ubiden?
185 inguru biziko gara. Kopuru hori astegoienetan bikoiztu egiten da. Hemen herriko jenteak kanpoan egiten dau behar, Bilbon, Durangon, Gasteizen... eta astegoienetan herrira etorten dira gehienak. Orduantxe igarten da mobimentua. Adinari jagokonean danetik dago. Orain dala zortzi urte hemen nengoanean ez zan umerik ikusten eta orain ume pilo bat dago. Sarritan afari zein baz- kariak antolatuten doguz eta afarian bertan 27 zein 60 urtekoak batera ikusteak poza emoten dau, giroa itzela da, naturala.


Eta zelangoak dira ubideztarrak? Badaukie izakeran berezitasunik?
Gatxa da definidutea, bakotxa mundu bat gara eta. Esan behar dot baina apur bat tristea egiten jatana euskerearen kontua dala. Herri guztiak ezetuten dau euskerea baina danak erderaz berba egiten dabela ikusten dot.


Zer egin leike Ubiden? Zer eskeintzen dau herriak?
Ingurua eskeintzen dau nire ustez, natura. Herri oso trankila da. Mendi bueltak egin, hamarretakoa egin...  Niretzako herria oso ondo dago. Futbol zelaia dauka, frontoi ederra dauka, Gaztetxea be badago... infraestruktura aldetik herriak ez dauala ezer falta esango neuke.


Nekazaritzeak eta abeltzaintzeak badaukie presentziarik?
Bai, badagoz artzain batzuk, baina gitxi. Lehen herri dana abeltzaintzatik eta ikatzetik bizi ei zan eta orain hori galdu egin da.


Badago Gorbeiara Ubidetik joateko ohiturarik?
Bai, baina gitxi. Ni Gorbeiara lehenengo aldiz igo nintzanean gogoratuten naz Pagomakurretik izan zala, Ubide egoanik be ez bertakoak ezetu arte. Edozein mapa hartu edo turismo bulego batera joan eta Ubide ez da inon agertuten. Zeanuri, Otxandio, Areatza... agertuten dira. Hutsune hori dauka, eta hemetik be igoerea sano polita dala esan behar da.


Bizkaiko atzenengo herria da Ubide. Herritarrak ‘gora’ edo ‘behera’ joten dabe?
Nik pentsau gehienak Gasteizera, hurbilen dagoana da eta. Bizkaitarrak gara baina Gasteizera joten dogu.


Eta Arratiarrak, joten dabe Ubiderantza?
Gitxi, nahiko gitxi. Egia be bada Zeanuriko kuadrilaren batek beti euki dauala etorteko ohiturea. Bestela jentea perretxikotarako atxakiagaz ez bada, ez. Kazariak be bai, akaso.


Zelan ikusten dozu Ubideren etorkizuna?
Zaharrakaz berba egiten dozunean nahiko baltz. Izan be, eurek mila lagunetik gorako biztanleriagaz ikusi dabe Ubide. Lehenago esan dodana lez ikatza egiten zan, artzainak egoazan... eta hori dana galdu egin da ia-ia; orduan maila horretan txarto. Jente guztia uriburuetara joan da. Lehenago lana hemen egoan eta kanpotik etorten zan jentea beharrean, eta orain, zelan lan hori galdu dan... barriro be txondorrak egiten hasi beharko gara (barre egiten dau). Herria lo egiteko baino ez bihurtuten dabilen sensazinoa daukat eta pena handia emoten deusta. Egin behar dana da jentea hemen geldituteko zeozer, arlo hori esplotau.


Eta zeure burua? Ubiden ikusten dozu aurrerantzean?
Bizimodua nonon egin behar da. Hona etorri nintzan, gustau egiten jataz ingurua eta giroa, orduan momentuz behintzat hemen geratuko naz. Apur bat falta jatan zer hori euskerearena da. Lan egin behar dogu danok gai honen gainean.


Zein da zure espezialidadea sukaldean?
Iparraldeko Euskalduna Hotelean kaza-jana asko prestetan genduan: basurdea, oilagorrak, usoak... Orduan horixe esango neuke adibidez, gustuko dot kazakoak kozinetea. Halanda be danerik dago taberna honetan; menua egunero, menu berezia, plater konbinauak... Akordetan naz lehen egunero hogeta hamar lagun etorten zirala jaten, eta astegoinetan bete egiten zala. Orain bajutxoago dago kontua, baina nahiz eta kostako dan, bagoaz.


Tabernan behar egitetik aparte bestelako zeozer egingo dau ba Txemak.
Lagunai ahuntzakaz eta lagunduten ibilten naz, sano gustetan jata. Mendi bueltea egin eta animaliarik ez dagoala ikustean tristetu egiten naz. Ganadu pilo bat ikusten dodanean ostera, gustura etorten naz, beste umore bategaz. Bedarra ondu behar danean edo dana dalakoa be, ingurukoai lagunduteko beti pozik eta prest egoten naz.

2015/3/1

AITOR IGLESIAS Igorreko euskerearen gaineko doktore tesia aurkeztu dau Aitor Iglesiasek

Igorreko herri berbakerea aztertuten dauan doktorego tesia aurkeztu eban Aitor Iglesiasek urtailan eta bikain notea atera. Egilearen arabera, sano gitxi aztertu dira Arratiako herri berbakerak eta horregaitik aztertu dau berak Igorrekoa "Igorreko hizkeraren azterketa dialektologikoa" izeneko bere tesian. Zeberioko euskerea, barriz, Juan Manuel Etxebarriak aztertu eban 1988an "Zeberio haraneko euskararen azterketa etnolinguistikoa" izenekoan.

 

Aitor Iglesias Basauriko filologoak hamar urte baino gehiago egin ditu Igorreko euskerea aztertzen. Edadeko jentearen agozko berbetea jaso dau horretarako eta dialektologian egin diran sailkapen orokorretan agertzen diran ezaugarriak agertzen dirala Igorreko herri berbakeran ondorioztatu dau bertan.


Zergaitik Igorreko euskerea?
Basaurikoa eginda egoan, eta Arratiari buruz ez egoan ezer. Ez egoan lan monografikorik. Artikuluak eta gauza solteak bai, baina lan bat oso-osorik herri berbaera baten gainean ez egoan Arratian. Lehenengoa da. Gero jakin dot beste batzuk ibili zirala baina ez eben ezer argitaratu.
Dialektologian hutsune handi-handi bat egoan Arratian. Eta Igorre Arratia erdian dagoanez, nik uste egokiena zala aztertzeko.


Zeintzuk dira herri berbakera honen mugak?
Nire erispidea Igorre geografikoki hartzea izan da. Horren barruan ez dot auzotik auzora desbardintasunik topau. Baina bai bariazino intrapersonalak.
Batzuetan, persona batek gauza bat esaten dau eta handik minutu batera beste modu baten esaten dau. Adibidez, "dabe" esateko persona batzuek esaten dabe "deure" eta persona berak  minutu batera esan leike "deurie". Hautazkoak dira, aleatorioak. Personea ez da konzientea hori aldatzen dauala, eta aurrean dagoana, ingurukoa bada, be ez da konturatzen. Bardin deutso, gainera.
Bestelako bariazinorik ez dot topau.


Desbardina da Igorreko euskerea eta Lemoa, Dima, Arantzazu eta inguruko herrietako euskerea? Ze alde dago?
Hori aztertzeko dago, nik azterketa honetan Zeberioko euskereagaz konparau dot. Eta hor desbardintasun batzuk badagoz.


Zeberioko euskerea Arratiako bariedadearen barruan dago?
Hori landu dot tesian. Dialektologian, Bonapartek esaten eban Zeberioko euskerea Arrigorriagako bariedadean kokatu behar zala. Gerora, Manu Etxebarriak bere tesian esaten eban nonbait kokatzekotan Arratiakoagaz batera kokatu behar zala. Gero beste autore batzuk, Zuazok edo Gamindek gauza bera esan dabe, baina  apur bat zintzilik geratu da.
Nik azterketa bi egin dodaz: bata kontrastiboa. Han, ezaugarriak agertu dira eta esaten da zeintzuk diran Zeberio Arratiagaz batzean daben ezaugarriak eta zeintzuk Arrigorriagako bariedadeagaz batzean dabenak. Eta oso argi dago Zeberio Arratiakoagaz batera kokatzen dala. Sano desbardintasun gitxi dagoz Zeberiotik Igorrera edo Zeanurira.
Analisi dialektometriko bat be egin dot, hau da, herri berbeten artean dagoan distantzia zenbakiakaz neurtu dot, formula matematiko baten bidez. Analisi horrek be esaten dau Zeberio kokatu behar dala Arratiakoagaz, sano hurrean dagoala.
Manu Etxebarriak be horixe esan eban bere sasoian.


Zeintzuk dira Igorreko euskerearen ezaugarririk aitagarrienak?
Horretarako, tesi osoa irakurri beharko neuke, kar, kar. Ez dago ezer beste inon topatzen ez danik. Adibidez, Igorren agertzen diran ezaugarri guztiak, Arratian  eta Arratiatik kanpo be topauko dira. Esan gura dot ez daukala ezer berezirik esateko "hau Igorrekoa da honegaitik". Ez. Ezaugarri batzuk topautakoan esan leiteke  "hau Igorrekoa da". Baina beharbada, Lemoakoa dala be esan leiteke. Hori aztertu barik dago.


Zeintzuk dira tesiaren atalak?
Lehenengo kapituluan fonologia aztertu dot, bokalak, konsonanteak eta abar. Eta azentua be aztertu dot. Bueno, hori aspaldi aztertu neban. Badago artikulu bat hor Euskalinguan Igorreko azentuaren gainean. Eta oso polita da azentuaren gaia, ze desbardina da gauza baten Zeberiokoagaz: a bokalagaz amaituten diran berbetan desbardindu egiten da azentua.
Hurrengo atalean izen morfologia aztertu dot, deklinabidea eta hori guztia.
Gero aditza. Beste herri batzuetan aditz taulak osorik agertzen dira. Nik hutsune pilo bat itxi dot, aditz forma batzuk ez diralako erabilten. Jenteak erreztu eta sinplifikau egiten dau. Eta jenteak ez badau erabilten, nik ez dot ipini. Ezin dot asmatu. Aditza oso sinplea da. Adibidez aditz trinkoak iraganean oso gitxi erabilten dira. Perifrastikoak erabilten dira.
Sintaxian esaldiak aztertu dodaz eta gero hurrengo kapituluan berben alkarketea eta eratorpena; hau da, berbak zelan sor-tzean diran. Atzenik, emoitzak eta ondorioak.


Ze ondorio atera dozuz?
Konprobau dot Igorreko berbakerea aztertuta, dialektologian egin diran sailkapen orokorretan agerzen diran ezaugarriak agertu behar zirala Igorrerako. Gehienetan agertu dira. Batzuetan zehaztasun batzuk egin behar ziran.
Nire ustez, ondoriorik nagusiena eta inportanteena zera izan da: nahiz eta Igorre geografikoki txikia izan, bariazino intrapersonal asko agertu dirala. Beharbada, uste genduan uniformeagoa zala berbakera hau, baina ez.


Igorreko azentua aztertu dozu sakon. Azaldu apurtxo bat azentuaren garrantzia.
Azentua oso garrantzitsua da. Arratiakoa guztiz desbardina da; eta horrek bai esaten dauala Arratiakoa nor dan. Azentua Ugaldek eta Gamindek aztertu dabe eta sailkapenean beti bereziki agertzen da mendebaldeko azentuetan Arratiakoa. Arratiakoa eta Zeberiokoa.
Azentua ipinteko berben neurria euki behar da kontuan. Hau da, berbea silaba bikoa bada ala silaba bi baino gehiagokoa. Eta pluralean, atzerago, ezkerretarago joaten dala azentua.
Lau azentu mota dagoz mendebaldean eta horreetako bat Arratiakoa da. Beste bat da kostaldean egiten dana, beste bat Basauri ingurukoa... Baina berezia da mendebaldeko euskeran Arratia eta Zeberioko azentua, oso desbardina dalako.


Sintaxia be agozkoa aztertu dozu?
Bai, agozko berbetea aztertu dot nik. Hogei bat informante euki dodaz. Jente helduagaz ibili naz. Persona horreek izan behar ziran Igorrekoak bertakoak eta gurasoak be Igorrekoak. 70 urte ingurukoak izan behar ziran. Nik euren berbetea jaso dot. Persona horreen berbaerea da, eta beharbada ez da gaur egun Igorren egiten dan berbaerea. Izan be, persona horreek Igorren % 10 edo 15 izango dira asko jota. Ez dira asko.


Hitanorik erabilten da?
Aditzaren barruan sartu dot hitanoaren azterketea eta hor be galera izugarria dago. Gizonezkoak erabilten dabe nahiko normal, baina andrazkoak ez. Itzelezko autodebekua edo debekua dago. Oso txarto ikusita dago andren artean hitanoa erabiltea. Gehienak esaten dabe ez dabela erabilten. Lagun baten bitartez lortu neban andrazko biren arteko hitanoa grabetea, oso ezagunak ziralako, bere auzokoak eta, klaro, niri ez eusten egingo... Esan neike guztiz galduta dagoala eta berorikeagaz antzekoa gertatzen da. Aurreko abadeak esan eustan andra batzuk berorika egiten deutsiela, baina ia galduta dago.


Arratiako euskerearen ezaugarririk inportanteenak zeintzuk izango litzatekez?
Nabarmenena azentua da. Sintaxian, moduzko perpausetan "-na lez" agertzen da. Hori be  Arratiakoa da. Beste guztia beste inon be topau daiteke.


Ze osasun dauka Igorreko eta Arratiako euskereak?
Egia esan, ez dakitsut erantzuten, nik hori ez dot aztertu. Hori soziolinguistikearen arloa da. Nik Igorren bertako jente gehiago edo errezago topatzea espero neban. Agirre Lehendakaria kalea nahiko barria da eta lehen ez zan existiduten. Igorreko jentea auzoetan topau behar izan da. Basauriko euskerearen aldean, osasun ona dauka Arratiako euskereak, kar, kar.


Behar honek beste gauza batzuk aztertzeko gogoa sortu deutsu?
Niri gustauko litxakit generazinoen arteko bariazinoa aztertzea. Honeek dira 70 edo 80 urtekoak eta gustauko litxakit hartzea 40-50 ingurukoak eta gazteak hogetapiku urtekoak eta alderatzea, bariazinoa zein izan dan ikusteko. Hori izango litzateke lanik politena. Aztertu barik geratu da. Eta intonazinoa lantzea be bai. Ez dot landu intonazinoa lan honetan.
Sano polita izango litzateke orain Institutuan dagozan neska-mutilak zelan egiten daben eta euren aitita-amamak zelan egiten eben ikustea.


2015/2/16

ARRATIA FUTBOL TALDEA Beilegi urdinen familia liburua

"Jokalari bat, edozein, talde bateko osagai erabilgarria izan daiteke, baina jokalari batek bakarrik ezin dau talde bat egin". Hauxe da Arratia taldeak kategoria guztientzako oinarritzat hartzean dauan lemea.

 

Irati Urien

 

Arratia Futbol Taldeak bere kromo-albuma atera dau. Urtailaren 17an egin zan beronen aurkezpena. Bertan, albuma eta kromo pakete bana oparitu jakien taldeko guztiai. Ez dira Lionel Messi, Iraia Iturregi, Gaizka Toquero edo Eli Ibarra; Beñat Duandikoetxea, Elene Astondoa, Agate Landajo, Markel Petralanda eta beste 337 neska-mutil dira eta ilusinoan zein afizinoan ez deutsie inok irabazten.
Albumaren helburu nagusia oroigarri bihurtutea izan da. Atzen baten sekula be ez da egin holakorik Arratian eta betirako geldituko da. Xabi Garcia futbol baseko koordinatzaile eta jubenilen entrenadoreak azaldu dauanez, "boom" bat sortu gura izan da eta horrek mobimentua ekarri dau, txispa apur bat emon deutso Arratiari. Jokalariak zein entrenatzaileak euren artean ezetutea be bazan asmoa, danak parte hartutea.
450 kromo. Badago nondik ibili album osoa beteteko. Neska zein mutil, bost urtetik nagusietara arte, 341 dira jokalariak Arratia Futbol Taldean. Bilduman taldeko argazkiak zein entrenatzaileenak be euren kromoa daukie. Banan-banan aterateak beharra denporeagaz egitea suposatu dau. Urri bigarrenean atera ebezan argazkiok, egun haretan dan-danak agertu ziran taldeko erropea janztea aiztu barik. Nostalgiak be badauka bere lekutxoa bilduman; izan be, hainbat dira bertan ikusi leikezan antxinako erretratuak.
"Beti lehenengo dibisinokoak izaten dira albumetakoak eta orain, norbera kromoan ikusteak kolek- zinoa egiteko gehiago motibetan gaitu danok", dino Garciak. Badago albuma amaitu dauanik, beste asko ezinean dabiz errepeakaz gora eta behera. Asier Etxezarraga klubeko lehendakariak adierazo dauanez, jentea sano pozik dabil bilduma osotu guran. Entrenamentua, eskolako errekreoa, asteburua... edozein momentu da ona. Etxezarragak dinoanez, trukerako momentu horreek sortuten daben giro ona itzela da.
Ezagun da albuma oihartzuna eukiten dabilela eskualdean. Emoitzak ikusita balorazino sano ona egiten dau lehendakariak. Bestalde, helburu ekonomiko bako idea dala jakinarazo gura dau Asier Etxezarragak, Arratia Futbol Taldeak ez dauala dirurik irabazten. Cromogal kirol argitalpenen enpresea arduratu da antolakuntzeagaz eta berau geldituten da diruagaz.

 

Arratia Futbol Taldea

Laburra baina bizia izan da Arratiako Futbol Taldearen bizitza Asier Etxezarragaren berbetan. Holantxe adierazoten dau klubeko lehendakariak albumaren sarrerako post-datan.

Arratiako Futbol Taldea 1958an sortu zan ofizialki, SD Amorebietaren aurkako partidu baten. Izen hori barik baina lehenago be jokatuten eben futbolean Jose Mari Ormazabal, Sabino Arana (Igorreko alkate ohia) eta Rufo Asuak (Dimako antxinako albaitaria) sortutako taldean. Hasikera haretan klubaren egoitzea Pedro Etxebarriaren Txato tabernea zan.

Espazio desbardinetatik pasau da Arratiako Futbol Taldea. Lehenengotan Zigurdiko zelaian ibilten ziran, Ugarte Bekoan gero eta Ormazabal lantegi ondoan dagoan landan gerotxoago. 1998tik bai futbol zelaia eta bai klubaren egoitzea Urbietan kokatuten dira.

Andrazkoen taldeak Arratiako klubaren zati garrantzitsua suposatuten dau. 70. hamarkadaren hasikeran "Soberano" izeneko neska taldea egoan, Bizkaiko Txapelketea irabazi eban honek. Gaur egun, kategoria desbardinetako bost talde dagoz andrazkoetan gurean; tartean, Euskal Ligan jokatuten dauan nagusien taldea. 2014-2015 denporaldian kategoria guztietan neska taldeak egotea lortu da lehenengoz, Bizkaiko klub askok ezin dabe bardina esan.

Gaur egun lehen mailako entrenatzaile dan Jose Luis Mendilibarren eskutik lortu dau arrakastarik handiena Arratia taldeak, hirugarren mailan bi urtez jardutea alegia. Momentu honetan hiru dira klubak hartuten dituan esparruak; Arratiako Futbol Eskola, Futbol eskolarra eta Futbol federaua. Futbol-eskola be badaukie bost eta zazpi urte bitarteko neska-mutikoak kirol mundura bideratuteko asmoagaz. Gazteak heziteko gogoagaz hainbat dira urtean zehar antolatuten dabezan jarduerak: Txapelketen antolakuntzea, eguneroko entrenamentuak, San Antonio eta Andra Mari Txapelketen antolakuntzea, Arratiatik kanpo hainbat kirol ekitalditan parte hartzea, udako campusa...

2015/2/16

ARANTZA ALDEKOA ETA IDOIA LEGARRETA Ikusleak eta zaleak osotuten dabe Igorreko Zine Klubeko taldea

Igorreko Zine Klubak karteldegian ez dagozan pelikulak ikusteko aukerea emoten dau: zine klasikoa, alternatiboa, komertziala... Pentsau arazo, barrea eragin, edo munduaren beste ikuskera bat eskeintzen daben pelikulak ikusi daitekez, hiru hilerik behin, hiru pelikulez osotutako zikloetan. Aukera hau posible egiten dauan taldeko partaide bigaz egon da BEGITU: Arantza Aldekoa eta Idoia Legarretagaz.

 

Noz sortu zan Igorreko Zine Kluba?
I.L.: Orain dala zazpi-zortzi urte sortu zala uste dot. Aritz Arrizabalaga, Urtzi Barrenetxea eta Ibai Pujanak sortu eben. Gu zine klubera joaten ginan pelikulak ikusten eta atzenean, sartu egin gara honetan Igorren zine kluba egotea gura dogulako.
A.A.: Bai, aurrera egin ahala, jentea aldatuten joan da. Batzuk joan diran heinean, barri batzuk sartu gara.

 

Zuek noz sartu zinien?
A.A.: Ni igaz sartu nintzan, denpora gitxi daroat. Horixe izan da prozesua: hasikeran ikusle moduan joaten nintzan eta ikusita beharra egoala, edo gogoak emonda-edo, sartu nintzan.
I.L.: Ni orain dala hiru edo lau urte.


Igorreko Zine Kluba nortzuk osotuten dabe?
I.L.: Taldea ikusleak osotuten dabe. Zabala da.
A.A.: Ez dago talde finko bat. Ziklo bat prestatzeko hiru edo lau persona egon leitekez interes berezia daukielako ziklo horretan, edo momentu horretan denpora gehiago daukielako. Eta igual hurrengo ziklorako beste batzuk egongo dira.


Zeintzuk dira zikloak prestatzeko erispideak. Orain umorezko pelikulak osotu dabe zikloa, zelan ebatzi zan hori?
I.L.: Hiru erispide daukaguz, pelikulak aukeratzen lagunduteko. Erispide horreetako bat autore bat izan leiteke: zine zuzendaria edo aktorea. Beste erispide bat gaia da; gai bat hartu eta horren inguruko pelikulak bilatzen doguz. Eta hirugarren erispidea lurraldea da. Hiru erispide honeek zineak emoten deuskuzan aukerak esploretako balio deuskue.

 

Lurraldeari jagokonean, modu zabalean hartzean dozue, ezta? Orain dala gitxi, zine afrikarra izan zan, eta Afrika kontinente oso bat da.
A.A.: Bai, atzenean erispide horreek Idoiak esan dauan moduan guri zikloak antolatuten lagunduteko baino ez dira: ez errepetiduteko edo zabalagoak izateko... Ez daukie garrantzia handirik.
I.L.: Afrikakoa ipini genduanean, gu oso konsziente ginan Afrika oso anitza dala eta uste dot mugatu genduala herrialde batera, atzenean. Senegal izan zan?
A.A.: Ez dakit. Baina bai ikusi genduan Afrika oso zabala zala eta zine industria desbardinak dagozala. Adibidez, Afrikako iparraldean Tunezen edo Egipton badagoala industria zinematografikoa ezagunagoa eta atzenean esan genduan, bueno ba, igual benetan interesetan jakuna da beste zine mota bat erakustea, eta Sahara azpiko herrialdeetara jo genduan.


Zelan jakiten dozue pelikulen barri?
I.L.: Pelikula batzuk proposatuten diranean, persona bateri gustau jakozalako izaten da; pelikulea ikusi daualako edo entzun daualako edo gaia hur toketan jakolako. Askotan, ikusleren batek proposatuten dau pelikularen bat eta hortik definiduten dogu zikloa. Interneten topatzen doguz pelikulok eta Kultura Teknikariari komentau eta berak egiten dau gestinoa: autore eskubideak lortu eta abar. Diru asko da eta apustu bat da zine ez komertziala bultzatzeko.
A.A.: Izan daiteke zine ez hain komertziala bultzatzeko modu bat, baina atzen baten danerik egoten da. Pelikula ez hain komertzialak topetako joten dogu zinemaldietara, sariak daukiezan pelikuletara be bai batzuetan...
I.L.: Eta askotan zine klasikoa aukeratuten dogu.


Inoz gertatu jatzue, pelikula bat aukeratzea pentsatuz gauza bat zala eta ipinterakoan ikusi ez zala inondik inora espero zenduen ha?
I.L.: Askotan. Hain subjektiboa da, gustu kontua! Eta gainera hain jente dibersoa gara ze, askotan ez dakizula nori gustauko jakon. Baina nire ustez duda horretan be badago xarma. Taldea zabala da eta hori askotan gertatzen jaku. Zine alternatibora joteko joerea be badago, eta askotan aspergarriak izaten dira. Eta egon badago baita be zine komertzial ona.
A.A.: Bai, nik pentsetan dot ona dala sorpresak egotea; batzuetan onerako eta beste batzuetan txarrerako. Baina ikasi be, asko ikasten da. Igual beste jente batek erakutsi ahal deutsuz pelikula batzuk, zuri printzipioz ez jatzuzanak gustauko. Aukera bat da eta beti ikasten da zeozer.
I.L.: Bai guretzat aberasgarriena horixe da, piloa ikasten dogula alkarrengandik. Gu ez gara adituak, zinea gustetan jaku eta denpora apurtxo bat eskeintzen deutsagu talde honeri.


Bete egiten da aretoa?
I.L.: Ez, jente gitxi joaten da 20 persona inguru.

 

Eta hori zergaitik izan daiteke? Akaso, jenteak ez daukalako ohiturarik astebarruan zinera joateko?
I.L.: Astegoienetan jente piloa joaten da zinera Igorren. Astebarruan igual denpora falteagaitik ez da joango, baina uste dot ohitura kontua dala. Igorren hasikeran, zinea ipini zanean jenteari asko kostau jakon aretoa betetea. Holango herri txikerretan zinera joateko ohiturea falta da.
A.A.: Ez dakit errazoiak zeintzuk diran. Guk uste dogu aukera erakargarria dala: eguen baten zortziretan eta prezio oso onean pelikula bat ikustea. Gainera jatorrizko hizkuntzan.


Atzenengo zikloan umorezko pelikulak ikusi ahal izan dira Igorren. Gaiak eragina euki dau eta jente gehiago hurreratu da? Barre egitea beti da erakargarria eta.
A.A.: Jente barria etorri da, baina ez da izan ziklo honegaitik. Aurreko zikloetan beste mobimentu bat somatzen hasi gara, arpegi barriak agertu dira eta hori oso ona da.


Zeren gainekoak izango dira hurrengo zikloak?
I.L.: Hurrengo zikloa, printzipioz, herrialde bateri eskeinitakoa izango da, baina oraindino ez dogu herrialdea aukeratu.


Zeintzuk dira zuen erronkak?
I.L.: Aretoa betetea oso erronka polita izango litzateke. Gure erronkea: jentearengana heltzea eta zabalak izatea eta jenteak euren eskakizunak heldu arazotea guri. Gero eta jente gehiago erakartea, noski. Holango herri txiki baten zine desbardina ikusteko aukerea izatea oso ondo dago.
A.A.: Eta sortzean dan giroa nahiko hurbilekoa da. Ikusle moduan joan arren, edozein momentutan proposatu ahal da pelikularen bat edo ekarpenak egin leitekez.


Zineforumik egiten dozue?
I.L.: Pelikulea aurkezten dogu eta inoz saiatzen gara baten bat ekarten berbaldi bat emoteko. Igazko zezeilean identidadearen inguruko ziklo bat egin genduan eta horren gainean berba egiten jentea ekarri genduan. Bai, txitean-pitean baten bat ekarten saiatuten gara.

2015/2/1

AINHOA BERNAOLA ITURBE ETA NAIARA REMENTERIA ITURRIOZ Amarauna jaialdia: Jolasaz hezi kalea bizi

Ainhoa Bernaola eta Naiara Rementeria Zaztaparkideakaz batu da BEGITU. Asti taldeko parte izateaz gainera, momentu honetan Zaztaparrak eta Amarauna sarearen arteko zubi be badira. Amaraunak "Jolasaz hezi kalea bizi" jaialdia antolatu dau zezeilaren 21erako Zarautzen. Sare honen nondik norakoak zein Zaztaparretakoak kontau deuskuez.


Irati Urien


Zer da Amarauna?
Naiara Rementeria: Labur esanda, Euskal Herrian hezkuntza ez formalean diharduen aisialdi talde, eragile eta alkarteen arteko sarea da. Ardatz lez ume eta gaztean aisialdia, euskerea eta euskal kulturea daukaz, beti be balioen hezkuntzan oinarrituta. Aisialdi talde horreetako bat Zaztaparrak da.


Ze helburu daukaz Amaraunak?
Ainhoa Bernaola: Hainbat dira. Hezkuntza ez formalari daukan garrantzia emotea, aisialdi taldeen arteko hartu-emonak eregitea, aisialdi hezitzailea bultzatutea, euskerearen aldeko apustua egitea, euskal kulturea ezetu eta ezagutarazotea zein babestutea... eta zelan ez sano ondo pasetea.


Zegaitik sortu zan?
A.B.: Aurretik aitatutako helburuotan sinistuten eta lan egiten eben alkarte eta eragile desbardinen arteko ezagutza eta koordinazinoa beharrezko ikusten zalako.


Lehenengo jaialdia martxan dago.
N.R.: Jaialdia egiteko errazoi nagusiak gure arteko sarea indartutea, eta Amarauna proiektua bera zabaldutea dira. Berez proiektua 2010ean biribildu zan, lehenengo urteak gure arteko koordinazinorako eta alkar ezetuteko erabili doguz eta orain kalera urtetako prest gagoz.


"Jolasaz hezi kalea bizi" leloa erabili dozue. Zer adierazo gura izan da beronegaz?
N.R.: Jolasa ikasketa prozesuaren motorra da eta ahalduntze prozesurako ezinbesteko tresna dogu, jolasa bera txiki txikitarik erabilten dogu mundua behatu eta harremanak sortuteko. Hezi berbeari jagokenean, heziketa formaletik harago dagoan heziketa baten sinistuten dogulako. Eta kalean bizi, kale hori gu garalako eta asko aberastuten gaituan espazio bat dalako; kalea bizirik badago herria bizirik dago. Leloa osotuten daben lau berba honeek mamia daukie bai banan banan eta bai alkar josi ezkero.


Zarautzen da zitea, zezeilaren 21ean. Zer topauko dogu bertan?
A.B.: Beste eragile batzukaz batera aurrera eroango dogun jaialdi bat izango da, Irrien Lagunak tartean. Eguna eta gaua buztartuko dituan ospakizuna izango da, guneka antolatuta. Jolas gunea, azoka gunea, puzgarriena, tailerrena, eta jolas librearena izango dira. Jolas librea esaten dogunean, irudimena erabilita modu aske baten olgetako txokoa esan gura da. 12:00etan txupinazoagaz hasiko dogu gure eguna eta hortik aurrera: Irrien Lagunak ikuskizuna, bazkaria, bertso-showa, umeentzako ipuin kontalaria, erromeria, kalejirea... Gaubean kontzertuak egongo dira Putzuzulo gaztetxean; Uluka, Pixontxis, Bidelapurrak, Atxurre, eta ostean karaokea.
N.R.: Deialdi zabala da, animetan dan edonor etorri leiteke. Gura dauanak zaztaparrak@gmail.com helbidera idaztea baino ez dauka, bazkarirako sarrerea lortu ahal izateko.


Amarauna kontu barria da, Zaztaparrak ez ostera. Urte asko daroazuez Arratiako ume eta gazteai balio batzuk oinarri hartuta gozatu arazoten.
N.R.: Bai, aurten hogei urte beteko doguz. Errez esaten da baina urte asko dira, behar eta ilusino amaibakodun urteak. Urte honeek betetea ez zan posible izango Zaztaparretatik pasau diran ume, gazte, ez hain gazte, behargin, herritar eta bolondresakaitik izango ez balitz. Danon artean Arratian sare polit bat sortuteak eroan gaitu hogei urte betetara, eta beste horrenbeste izan daitezala! Dan-danai eskerrak emoteko, badaukagu eta zer eskertu, sorpresatxo bat daukagu esku artean. 


Ze proiektu eroaten ditu aurrera Zaztaparrak Asti Taldeak?
A.B.: Arratiako aisia koloraztuteko hainbat ekimen egiten doguz. Egia da eskualdeko herri danetan ez daukagula indar bardina, baina holan izatea gustauko litxakigu, erronka lez daukagu. Ludotekea, gaztelekua eta gazteria zerbitzua, zein eskolaz kanpoko koordinazinoa daroagu. Honeekaz batera familia transmisinoa, Euskerea Agoan, udaleku irekiak... eta danetan ezagunena eta arrakastatsuena dan udako udaleku itxia.

2015/2/1

MURIAS TXIRRINDULARI TALDEA Murias Taldeak hasi dau bere ibilbidea

Mallorca Challenge-a da Murias txirrindulari talde profesionalaren lehenengo lasterketea. Urtailaren 29an hasi eta zezeilaren 1ean amaitu zan. Aurreko zapatuan eta aurkezpen moduan, taldeak Gasteizetik Igorreko San Kristobalerainoko ibilbidea egin eban. Hemen, Arratiako Ziklista Elkartearen sorlekuan, auzoko abadeak bedenkazinoa emon eutsan taldeari.

Murias Gipuzkoako eraikuntza enpreseak eta Arratiako Ziklista Elkarteak sortu eben talde hau igazko urrietan, AZEk talde profesional bat eukiteko eta euskal selekzinoa izateko asmoagaz. "Nik uste dot talde hau euskal selekzinoa izan behar dala, bai, hori da helburua. Azken finean napar, arabar, gipuzkoar eta bizkaitarrakaz osotutako talde bat da, euskaldun talde bat da, eta euskal selekzinoa izan behar da. Gura doguna da  danok honegaz identifiketea eta hau aurrera eroatea" dino Jon Odriozola Murias taldeko kirol zuzendariak.
Horregaitik, urtailaren 24an, ibilbidea Gasteizen hasi eben, Araban. Gero, Gipuzkoatik joan ziran, Arrasatetik, eta Oñatitik, Odriozolaren etxe ondotik. Azkenik, Bizkaira etorri ziran, Arratiara, Igorreko San Kristobal auzoan, "talde honen bihotzean" amaituteko.
San Kristobal auzoan jaio zan Igorreko ziklo-krosa, orain dala 38 urte. Hiru urte beranduago antolatzaileak AZE sortu eben. "Aurten 35 urte dira ziklista alkartea jaio zala. Urte horretan hasi ginan eskolak emoten, kadete eta gazte mailan, afizionau mailan, eta orain Muriaseri esker, talde profesionala daukagu, guretzako gure lanaren azken erregalua izan dana, handiena gure historian" esan eban Ander Gorospe AZEko fundatzaileetakoak.

Talde lana
Jon Odriozolak taldea aurrea ateratako jente askoren lana behar dala eta talde lana inportantea dala azpimarratu gura dau. AZEko presidentea, Muriaseko enpresaria, mekanikoa, txirrindulariak, kirol zuzendaria... "talde lana da eta hemen ez dago inor bata bestearen aurretik, danok daukaguz gure beharrak eta gure eginbeharrak. Ondo egiteko dana ondo planifikauta egon behar da eta bakotxak berari zer toketan jakon jakin behar dau. Holan, danok alkarregaz behar eginda, nik uste dot proiektu hau aurrera aterateko kapazak izango garala".

Ekipoa
Hamabi txirrindularik osotuten dabe Murias Taldea. Horreetatik hiru Arratiako Opel Ibaigane taldean ibilitakoak: Ander Barrenetxea, Mikel Bizkarra eta Adrian Gonzalez.


Aritz Bagües Kalparsoro
(Errenteria 1989)
Amateur/Gipuzkoa

Ander Barrenetxea Uriarte
(Galdakao, 1992)
Amateur/Opel Ibaigane

Mikel Bizkarra Etxegibel
(Mañaria, 1989)
Gomur

Garikoitz Bravo Oiarbide
(Lazkao, 1989)
Epafel/Galssdriv

Imanol Estevez Salas
(Gasteiz, 1993)
Amateur/Zirauna

Egoitz Garcia Etxegibel
(Atxondo, 1986)
Cofidis

Adrian Gonzalez Velasco
(Burgos, 1992)
Amateur/Opel Ibaigane

Jon Ander Insausti Irastorza
(Mutiloa, 1992)
Amateur/Gipuzkoa

Unai Intziarte Muñoz
(Donostia, 1991)
Amateur/Gipuzkoa

Eneko Lizarralde Delgado
(Bergara, 1993)
Amateur/Gipuzkoa

Haritz Orbe Urrutia
(Gernika, 1991)
Euskadi

Beñat Txoperena Matxikote
(Igantzi, 1991)
Euskadi

Taldeko zuzendaria, Jon Odriozola Mugarza (Oñati, 1970) txirrindulari profesionala izandakoa da. Gewiss taldean hasi eban bere ibilbidea 1995ean, eta 1998an Banesto taldeak fitxau eban. Urte haretan, Espainiako Itzulia irabazi eban taldeko partaidea izan zan Odriozola: Abraham Olanok lortu eban lehenengo postua eta berak hamabigarrena. 2004ra arte ibili zan lehian, garaipen asko lortuz. Atzen urtea Kelmen egin eban. Lehiatzeari itxita, Orbea taldeko kirol-zuzendari izan zan eta Euskaltel-Euskadikoa ondoren.

2015/1/15

ARGAZKI ERREPORTAJEA Industriaren memoria

Arratia eta Zeberio landa eremuak izan arren, industrian behar egiten daben arratiar eta zeberioztarrak baserritik bizimodua ateratzen dabenak baino gehiago dira. Aspalditik gertatzen da hori, eta ekonomia arlo honen gorabeherak aztarnak itxi ditu geure paisajean. Behin martxan egon ziran eta orain transizino fase baten dagozanak, edo aktibidadea aspaldian bertan behera itxita eta paisajeagaz bat egin daben eraikuntza batzuk dakarguz orriotara.

2015/1/12

PILI ALVAREZ MOLÉS "Harremanak izateko modua aldatu ezkero, libreago, alaiago eta osasuntsuago biziko ginateke"

Pili Alvarez Molés, Bartzelonan jaio zan eta zazpi urte dira Euskal Herrian bizi dala. Soziologia ikasketak EHUn amaitzera etorri zan eta atzenengo hiru urteetan Igorreko Ibarrondo auzuneko baserri baten bizi da beste lagun bigaz. Zezeilan, neska gazteai zuzendutako Autodefensa feminista ikastaroa emongo dau Igorren.

 

Bartzelonakoa izanda, zergaitik aukeratu zenduan Igorre biziteko? Ze antzekotasun eta ze desbardintasun dagoz Bartzelona eta Igorreren artean?
Bilbora etorri nintzan lehenengo eta han nengoan "okupa" legez. Etxea noz itxi arazoko euskuen zain bizi ginan, batzuetan argi eta ur barik. Emakundeko beka bat neukan, genero harremanak, kultura eta gaztetxeen inguruan ikerketa bat egiteko. Ikerketa hori amaituteko lasaitasuna behar neban eta heldu jatan e-mail bat esanez lagun baten lagunaren baserrian logela bat egoala hutsik. Joan nintzan ikustera eta lekua eta jentea gustau jatazan eta Igorren geratzea ebatzi neban.
Bartzelonatik Bilbora joan nintzanean aldaketea izugarria izan zan. Euskal Herriko uriburua da Bilbo, baina niretzat txikia zan. Gustau jatan auzoka mobiduten zala jentea eta batetik bestera oinez joateko modua baegoala. Bilbotik Igorreko auzo batera etorri nintzan gero eta hemen be sano gustora. Igorre mendian dago baina herriak mobimentua dauka, bizitza. Bilbotik hur dago... Ontxe ez neuke aldatuko Igorre ez Bartzelonan biziteko, ezta Bilbon biziteko be. Handitasunetik txikitasunerako bidea egin dot. Gainera kuadrilea be egin dot hemen. Kuadrilan, gehienak kanpoztarrak edo trenak ekarriak gara, kar, kar.


Euskeraz oso ondo egiten dozu. Noz eta zergaitik ikasi zenduan?
Beka bategaz Norvegiara joan nintzan eta joan aurretik norvegierea ikasten egon nintzan. Norvegian, norvegierearen ordez euskerea ikasten hasi nintzan, katalanak eta euskaldunak alkartu ginalako eta Bartzelonara itzultzean, Bartzelonako Euskal Etxean emon neban izena euskerea ikasteko. Hurrengo urtean etorri nintzan Euskal Herrira eta euskaltegian jarraitu neban euskerea ikasten. EGAren baliokidea daukat eta Laugarren Hizkuntza Eskakizuna nago egiten.
Inportantea iruditzen jatan euskerea ikastea hemengo bizimodua euskeraz egin ahal izateko eta ulertzeko. Horretarako historia, esamoldeak, ohiturak, eta abar ezetu behar dira.


Zezeilean Igorren Autodefensa  ikastaroa emongo dozu. Noz hasi zinan autodefensa irakasten? Nortzuk dira zure erreferenteak?
Autodefensan igaz hasi nintzan kasualidadez. Ikastaro bat jasoten nengoan eta komentau neban formau gura nebala neure burua ikastaroak emoteko. Bizkaian oso formatzaile gitxi dagoz autodefensa feministea euskeraz emoten dabenak.
Erreferentetzat Maitena Monroy daukat eta orain Emagin-egaz (Bilgune Feminista) alkarlanean nabil. Hainbat ikastaro eta ikerketa egiten dauan kolektiboa da Emagin. Baina nahiko autodidaktea be banaz, beste aukerarik ez dago eta.
Autodefensa feminista ikastaroa egiten nenbilela, dinamizatzaileak Bilbon hasi behar zala 50 orduko ikastaro bat emoten aitatu eban eta hurrengo egunean euki neban dei bat esanez berak ezin ebala ikastaro hori emon eta ea neuk emon gura neban. Holan hasi nintzan eta harrezkeroztik pilo bat egin dodaz edo hitzartuta daukadaz.


Zer da autodefensa feministea? Zer eta zelan ikasiko dabe ikastaroan parte hartzean dabenak?
Autodefensa feministea, "auto", "defensa" eta "feministea" da. "Auto" hasteko norberaren buruagaz egin behar dalako behar, autoezagutza bat da, eta gero konpartiduten bada taldean ba askoz aberatsagoa izaten da, asko ikasten dalako beste andrakandik. "Defensa", bizi garan jentarte matxista honetan, alua izategaitik hainbat arazo sufriduten dogulako egunerokotasunean, eta horregaitik defendidu beharra daukagulako. Eta "feministea", feminismoak emoten daualako gakoa ze jentartetan bizi garan ulertuteko. Arazo estrukturala da eta sistema patriarkal baten menpe bizi gara.
Etorten diranak, lehenengotik parte psikologikoa izango dabe. Hainbat mito desmitifiketan doguz eta horren harira eztabaidatuten dogu, autoestimea landuten dogu, bildurra, kalea eta gaua... Maitasun erromantikoaren gainean be egiten dogu hausnarketa bat bere mito eta ondorio larrien gainekoa. Horreri danari aurre egiteko badagoz erabili geinkezan tresna batzuk: abotsa, gorputzaren eta begiradearen jarkerea... Amaituteko teknika fisikoak landuko doguz.
Ahalduntze prozesu bat da. Sinergia handia sortzean da taldean, eta partaideak ateraten dira autoestimu handiagoagaz eta ikusten dabe hainbat gauza aldatu behar dirala, norberaren buruari jagokonean, zein gizartean.


Ikastaroa neska gazteentzat da. Zergaitik gazteentzat bakarrik?
Ikastaro hau neska gazteai dago zuzenduta Udalak ikusi daualako orain arte antolatutako Autodefensa feminista ikastaroetara gazte gitxi hurreratzen zirala. Horregaitik, Soraya Lizundia Igorreko zinegotziagaz batera, pentsau genduan eurai zuzendutako ikastaroa antolatutea euren parte hartzea erreztuteko. Dana dala, gaztea modu zabalean ulertuko dogu, adin tarterik ipini barik.


Zein da autodefensearen helburua?
Helburua baino gehiago helburuak esango neuke. Lehenengo eta behin, norberaren burua ezagutzea eta maitatzea. Bigarren helburua, ze eraso mota bizi doguzan identifikau eta erasooi aurre egiteko baliabideak emotea, bakotxak bere modura egin ahal izateko aurre modu ugari ezetu behar dira. Hirugarren helburua andrak bildu eta sinergia bat sortutea da, gero beste gauza batzuk egiteko aukerea emongo dauana.
Androk aurrerapausu inportanteak egiten gabiz, baina jentartea eta horren barruan gizonak ez badira aldatzen, beti egongo gara defendidu beharrean. Ideala izango litzateke autodefensa feministearen preminarik ez egotea, jentarte feminista baten bizitea, hau da, edozein personak indarkeriarik sufridu ez, eta aukera bardinak daukan jentarte baten bizitea.


Autodefensearen txanponaren beste aldea, gizonezkoak eraso egiteari ixtea izango litzateke. Bide horretan, zeintzuk dira emon diran pausuak? Ze egoeratan gagoz?
Edozein andrak erasoa sufridu leikeala ulertzen dogun moduan, gizonak ulertu behar dabe edozein gizon izan leitekeala erasotzailea, euren sozializazinoaren erruz. Orduan, guk batu eta berba egiten dogun moduan ikasitakoa deseregiteko, gizonak be batu eta berba egin beharko leukie ikasitakoa desikasteko.
Egoerea txarto dago, gizonak ez dabelako honen beharra ikusten edo ez deutselako lehentasuna emoten andron giza eskubideai, euren bizimodua asko aldatu beharko litzatekelako hori egin ezkero.


Zelan ikusten dozu Arratia andren eskubideen arloan? Zeure eretxian, zeintzuk dira bere alde sendoak eta alde makalak?
Herrietan andra taldeak edota talde feministak egon arren euren ekarpen xumeak egiten, taldeotan andra gehiago batzeako premina dago. Ez neuke esango Arratia beste lekuetatik diferentea danik, eta hemen be, burrukan jarraituten dogu andrazkoen giza eskubideak defendiduteko.
Orokorrean, alde sendo moduan esango neuke gero eta andra gehiago konturatzen dala holan ezin garala bizi, ez garalako ez askeak ez alaiak. Gero eta gehiagok, begiak zabaltzen doguz, betaurreko moreak janzten doguz eta beste andra batzukaz konpartiduten dogu hori alaitasunaren bila.
Alde makalak, barriz, egunerokotasunean leku eta personakandik jasotako mesprezuak, erasoak, irainak... Askotan oso sotilak izaten dira eta gizarteak ez ditu eraso moduan hartzean eta beraz ez dau erantzuten.


Piropo moduan be hartzean dira batzuetan irainak...
Emagin taldeagaz batera maitasun erromantikoa eta hartu-emonen inguruko ikastaro bat prestatzen nago. Nik uste dot maitasunaren izenean, androk geure buruari kalte handia egiten deutsagula eta egiten deuskuela. Harremanak izateko moduak zalantzan ipini eta aldatu ezkero, alaiago, askeago eta osasuntsuago biziko ginateke.

2015/1/1

IGORREKO GAZTE PLANA Euren premina eta nahietatik abiatuko dabe gazteak Igorreko Gazte Plana

Zaztaparrak alkarteak hainbat proiektu ditu martxan, horreetako bat Igorreko gazteai zuzendutakoa. Apriletik uda arte, 12 eta 18 urte bitarteko gazteakaz Igorreko Gazte Proiektua diseinetan ibili dira. Ehun gazte inguruk hartu dabe parte proiektu horren diseinuan. Maratu izena ipini deutsie proiektuari eta aisialdian zentretan da. Urtailatik aurrera, 30 urte arteko Gazte Plan integralagoa egiteko parte hartze prozesua ipiniko da martxan.

 

Zaztaparrak-ek 10 urte daroaz Igorreko ludotekea kudeatzen eta ikusi eben zerbitzu hau erabilteari ixten deutsienean, 12-14 urteko gaztetxoak, "umezurtz" geratuten dirala, nora joan izan barik. Eretxi hori gazteak eurak konfirmetan dabe "ez daukagu ezer, beti egiten dogu bardina" dinoe.
Premina hori beteteko baliabideak eskeintzeko asmoagaz, Udala Zaztaparrak-egaz ipini zan kontaktuan eta Gazte Plan bat egiteko aurreproiektu moduko bat egin dabe Maratu izenekoa. Holan, gazteriaren egoereari buruzko diagnostiko bat egin eta 12 eta 18 urte bitarteko gazteak eurak diseinau dabela Gazte proiektua dino Laura Ruiz Zaztaparrak taldeko eta Maratuko partaideak.

Gazteak Gaztelekua behar dabe
Diagnostikoa egiterakoan, Maratukoak ikusi dabe euren aisialdia Igorren emoten daben gazteak ez dirala Igorrekoak bakarrik, beste herri batzuetakoak be Igorrera etorten dirala. Izan be, kuadrilak Institutuko lagunak osotuten dabez, ez dira herrika sortzean. Dana dala, kuadrilok nahiko berezituta dagoz, eta ez daukie alkarregazko hartu-emonik. Saretu, maratu, beharra ikusten dabe proiektuko partaideak.
"Sareak egitea sano inportantea da. Gazteriak saretzea behar dau, kohesino bat behar dau, kudarilen arteko hartu-emonak..." dinoe Maratukoak. Prozesu horretan Zaztaparrak-ekoak bitartekari izan dira, Udala eta gazteen artean eta baita kuadrilen artean. "Kuadrilak Maraturen bitartez batzean gara eta hori gustetan jaku" dinoe parte hartu daben gazteak.
Euren aisialdia kudeatzeako espazio baten premina be ikusten dabe. Batez be, 12 eta 15 urte artekoak. 15 eta 18 urte arteko batzuk -ez asko- lokaletan alkartuten dira, edo Gaztetxean, baina honeek be aisialdia kudeatuteko baliabideak eskatzen dabez.
Gazteenakaz kontaktuan ipinteko, Zaztaparrak-ekoak kale erabiltzaile bihurtu ziran. "Kalean slackline egiten hasi ginan eta eurak hurreratu ziran gugana. Gero komentau geuntsen zelan Udalak emon euskuzan baliabide batzuk eta Udalak jakin gura ebala zelan egin gazte proiektu bat. Geugaz horretan parte hartzea proposatu geuntsen eta kuadrilaka egin genduzan parte-hartze dinamikak". Proiektuan parte hartu daben gazteak Maratuk beste gauza batzuk egiteko baliabideak eta aukerak emon deutseezala dinoe. "Orain ez gara aspertuten".
Gazteak, gazteenak batez be, Gaztelekua behar dabela dinoe "bertan egoteko, danok alkartuteko leku bat eukiteko eta ez aspertuteko". Izan be, Gaztelekua aisialdian alkar bizitza antolatuteko derrigorrezkotzat joten dabe. Hori zelan kudeatu, ordutegiak, eta abar asanbladetan ebatzi dabe.

Urtailean Gazte Plana
Maratu, 12 eta 18 urte artekoen aisialdiaren gaineko Gazteria Proiektu hau, abuztuaren amaieran amaitu eben. Hau egin bitartean, sano giro ona sortu zan eta kuadrilen arteko hartu-emonak garatu egin ziran. Abuztutik urtailera giro hau manteniduteko egiten dabe behar Maratukoak. Udatik abendura 60 gaztek hartu dabe parte ekintza diferenteetan.
Urtailean hasiko dira Gazte Plan integralago bat egiten. Gazte Plan honetan ez bakarrik aisialdia, seguru asko, etxea, enplegua, mobikortasuna, konsumoak... eta abar landuko dira. Jakin, ez dago jakiterik, gazteak eurak markau behar dabez-eta eurei interesetan jakiezan arloak.
Plan hori egiteko, diseinuan parte hartu dabenaz gainera, Igorreko 18 eta 30 urte arteko jentearen partaidetzea behar da. "Jente horrek esan beharko dau Udalak ze zerbitzu ipintea gura dauan. Ezin dana egin da asmatuten ibili. Guk baliabideak ipini eta bitartekari beharra egingo dogu" dino Laura Ruizek. Horretarako eragileakaz kontaktuan ipinten hasi dira. Kiñu Gaztetxea da eragile horreetako bat.
Holango proiektu batek danean eragiten dau. "Gazteria ez da gazteria bakarrik, eragiten dau danean: urigintzan, bardintasunean, kulturan, kirolean... eta uste dogu modu integralean landu behar dala. Eragile desbardinakaz ba- tzeako asmoa hortik dator" azaldu dau Illart Gumuziok. Horregaitik, herriko eragileakaz koordinau eta hartu-emonetan ipinten hasi dira. Eragileakaz batera, udal batzordeakaz be koordinauko dira. Gizarte eragile eta udal batzordeen artean, Plana ondo txertazea gura dabe gazteak.

Arratiako Gazteria Plan eta zerbitzuak
Ez bakarrik Igorrekoa Zaztaparrak alkarteak Lemoako Gazteria zerbitzua be kudeatzen dau. Honezkero, ibilbide bat eginda dauka Lemoako zerbitzu honek; izan be, orain urte bi inguru ipini zan martxan eta behar handia egin dau. Lemoan Gaztelekua  badago eta Gazte Teknikari bat be bai. Enplegua, etxebizitza, mobikortasuna eta memoria historikoa dira Lemoako Gazte Zerbitzuan landutako arlo batzuk. Memoria historikoa dala-eta, Auzolandegiak eroan dauz Gazteria Zerbitzuak Lemoara eta mundu zabaleko gazteen lanari esker Lemoatxako trintxerak errekuperetan dabiz.
Arratia mailakoak ziran, orain urte batzuk, Gazte Planak. Illart Gumuziok eta Laura Ruizek ondo ikusten dabe herri bakotxean herri horreri egokitutako gazteri proiektu bat egotea, baina proiektu guztien arteko koordinazinoa egon behar dala uste dabe. Koordinazino honen helburua, plan eta zerbitzuai osotasuna emotea eta dagozan baliabideai atarramendurik onena ateratea izango litzateke.

2015/1/1

ARKAITZ ESTIBALLES

Oraindino gaztea bada be urte piloa daroaz Arkaitz Estiballesek bertsotan. Hamaika urtegaz hasi zan, Galdakaoko ikastolan ikasten ebala. Aurtengo Bizkaiko Bertso finalean bigarren postuan gelditu bada be, oso erlajauta eta inoz baino trankilen kantau ebala adierazo deutso begituri. Printzipioz Zeanuriko bertso saioan ikusiko dogu hilaren 18an.
Arratiara etorri da Estiballes, Bilbon hamahiru urtez bizi ostean. Bere aita josten hasi zanari moronpila emoteko, zuztarrak Zeanuriko lurretara lotuz.

 

Irati Urien

 

Aurretik birritan Bizkaiko txapelduna izan ostean, aurtengoan Fredigaz buruz burukora heldu eta ezin txapela jantzi.
Balorazino bat egitekotan gustura gelditu nintzan egindako lanagaz, uste dot final nahiko txukuna egin genduala. Beti ezin da irabazi. Fredik oso momentu onak euki ebazan, eta berak jantzi eban txapela. Urte asko dira alkarregaz entrenetan dogula Fredik, Etxahunek eta hirurok orduan norberak jantzi ezean beste edozein lagunek jantzi ezkero be poza. Egia esan egunean bertan penatxoa hartzean dozu, apur bat, baina orain egun batzuetara ikusita lasaitasunez hartu dot. Ia-ia gainetik pisu bat kendu dodaneko sentsazinoa daukat, beti da ardura bat txapelduna izatea eta.


Bestela, zelan ikusi dozu txapelketea?
Osasunetik kili-kolo ibili naz gorabehera batzukaz eta ez dot askorik jarraitu, egia esan saio bakar bat be ez dot ikusi. Sekula be ez jata pasau baina atzeneko finalerdian kantetea tokau jata, orduan oso berandu sartu naz txapelketan. Finala bera nahiko final polita ikusi neban, umoretik asko egon zan eta uste dot entzuleak hori eskertu egiten dauala.


Askok galdetuko eutsun zelan etorri zaran Arratiara biziten. Igarri dozu Bilbotik Zeanurirako aldaketea?
Orain dala hiru urte nonok galdetu izan baeustan hori neuk be ez neban erantzunik eukiko, orain dala urte bete be ez seguruenik baina bizimoduak holakoxe bueltak emoten dauz. Igaz gure aita zana baserria konponduten ibili zan etorkizun baten berarentzako. Istripuan hil zan eta bueno, pena handia emoten euskun holan ixtea aitak hasitako behar bat. Familian berba egin genduan horren inguruan eta umeak be ointxe geunkazan adin egoki baten etorteko. Holantxe ebatzi genduan etortea. Aldaketeari jagokenean jente askok galdetuten deusta. Kanbioa bada, eta bizimodu desbardin bi dira baina ez deusta holako esfortzu handirik suposatu.


Eskualdean Zeanurikoa eta Igorrekoa dira bertso saio potenteenak. Ze erantzun dauka bertsoak gurean?
Uste dot igaz San Josetakoa apur bat kili-kolo joan zala. Bere garaian Hitzetik Hortzera programa punturik gorenenean egoanean sortu zan saio bat da San Josetakoa. Orduan bertsolaritzeak boom izugarria bizi eban eta Arratian bertan bertsozaletasuna asko igon zan zentzu horretan, eta klaro, orduko zifretara heltzea gatxa da. Saio handiai jagokienez horreekaz biekaz nahikoa dala pentsetan dot, beste saio mota batzuk be bultzatuko neukez. Herrian bertan egiten diranak herriari bizitasuna emoten deutsie. Adibidez orain dala gitxi Areatzan esaera zaharren lehiaketa poteo bat egin genduan. Areatza ez da oso bertsozalea izan egundo be, baina girotxoa sortuten dabiz. Uste dot formatu horreetatik bultzatu behar dala gehiago, askoz hurrekoagoa da eta. Arantzazun egin genduan bertso afarian be Fredi eta biok egon ginan eta giro izugarria sortu zan. Gero Arratian bertsozaletasuna egon badago, eta Zeanurin bereziki handia. Jakin dakit, izan be Galdakaon urte asko daroadaz gabonetan bertso saio bat antolatuten eta beti ipinten doguz Arratian kartelak, bertatik jentea etorten dalako.


Ogibidez Bizkaiko Bertsozale Elkarteko irakaslea zara. Gaur egungo Euskal Herriko gazteen artean badauka lekurik bertsoak?
Bai, duda barik. Bertsoak esparru asko eta desbardinak daukaz. Bertsoa ez da txapelketan islatzen dan hori bakarrik. Ikasleari beti esaten deutset ni be holan hasi nintzala, jolas moduan hartu behar dabela bertsoa, ondo pasau behar dabela eta sano aukera ona dala hizkuntzeagaz olgetatik aparte Euskal Herriko beste antzeko afizino edo kezkak daukiezan gazte batzuk ezetuteko. Oso lagun sare harreman zabala egiten da Euskal Herrian zehar, eta hori etorkizun batera begira sano polita da.


Badago erreleborik?
Esango neuke atzetik badatorrela taldetxo bat: Miren Amuriza, Jone Uria eta bere neba Imanol Uria, Xabat Galletebeitia aurten finalera heldu da, orain dala lau urte Peio Ormazabal nire ikaslea be heldu zan...


"Bikotekidea oholtza bardinean, zer sentidu zenduan bere izena esakeran eta berau negarrez ikustean?" galderea bota jakon aurreko alean zure bikotekideari. Eta zuk? Zer sentidu zenduan?
2000. urtetik final guztietan egon naz eta Zuriñek be final asko aurkeztu dauz. Ohituta gagoz. Ez dau gai jartzaile egiten ni kantetan nagoanean baina ni kantetan nagoanean protokoloa egitea toketan jako, orduan protokoloa egiterakoan berari toketan jakon izena esatea. Momentu horretan poza, baina poza norberarena. Ez dozu pentsetan bikotea hor dagoala, atzenean beharrean gagoz. Bakotxak bere funtzinoa dauka hor eta behin hori guztia amaituten danean, hortik bajatuten garanean eta lehenengo garagardoa edaten hasten garanean orduan egiten dogu berba. Egia be bada gure etxean bertsoetaz ez dala berba askorik egiten. Beste interes batzuk, beste afizino batzuk daukaguz eta nik, egia esan, gurago dot holan. Etxean ume bigaz beste gauza batzuk dagoz berba egiteko, ia biharko ze erosketa behar doguzan eta abar. Deseetan egoten gara umeak lokartuteko biok tarte bat eukiteko geure artean berba egiteko. Orduan gaubean daukagun ordu horretan ez gara bertsotan hasten kar, kar, kar.


Seguruenik Bizkaiko finalean barriro ez dogula ikusiko esan euskun Zuriñek. Espero dogu zu baietz!
Izan leiteke txapelketa atzenekoa izatea. Zeanurira biziten etorteak badauka bere arrazoia, Zeanurin holako lasaitasun bat topau dot. Nire burua zaindu beharra be ikusten dot, beti besteak zainduten ibili ostean apurtxo bat neure osasuna zaintzekoa. Txapelketea apurtxo bat kanpotik ikusteko gogoa be badaukat aspalditik, distantzia batetik disfrutetako. Orduan ez dot ziurtatuko, baina aspaldian bueltaka darabilten asuntoa da. Bertsolarien artean be askotan komentetan dogu Bizkaiko erritmoa oso-oso itogarria dala. Iratxe Ibarrak be aurten ebatzi hori hartu dau, atzenengo txapelketea hau izango zala, eta bere logikea dauka. Gu behintzat, finaletan ibili garanok, lau urterik behin gagoz txapelketa barik.


Zein da Arkaitzen etorkizuna?
Zeanurin ikusten dot, lasai. Eta noizbeinka geitzean deustenean bertsotara joaten. Jenteak errez ikusten dau, pentsetan dau ber- tsolaria izatea gauza erreza dala. Atzenengo urteetan, urtean ehun saio inguruko bueltan ibili naz, atera kontuak. Horrek oso astegoien gitxi librau dodazala esan gura dau. Bere alde gozoa dauka jenteagaz zagozalako eta gustetan jatzuna egiten zabizelako, baina gazia be badauka eta da zuretzako ez daukazula astirik. Guk astebarruan beste leku batzuetan egiten dogu behar, barikua helduten da, eta astelehenagaz batuten jaku astegoiena. Geituten badeuste gatx egiten jata ezetz esatea, ez dakigu ezetzik esaten eta, baina apurtxo bat gustura bajatuko neuke pistoi hori.

2014/12/13

ARRATIA MARKEA "Arratia markea" lantzen

Urtearen amaierea heldu da eta "Arratia markea"ren gaineko hausnarketea gura dot egin, Arratiako kulturea eta ondarearen arloak jorratuz. 2000. urtea abiapuntu lez hartuta -aurrekoak egin eben lana ahaztu barik-, hainbat izan dira atzen hamalau urteetan egin izan diran gauzak, eta hainbat arratiar eta arratiarrak ez diranak izan dira protagonista edo egile.

 

Angel Larrea

 

Zer da "Arratia markea"? Arratia sentidutea, hau da, Arratiako historia, tradizinoak (ohiturak, folklorea, musikea...), euskerea (bertako azpieuskalkia, bertsolaritzea, ipuinak...) edo inguru naturala (ondare etnografikoa, arkitektonikoa, arkeologikoa, biologikoa, landa-eremuko paisajea eta basogintzea, mendigozaleak...), besteak beste, zaindutea eta maitatutea. Beraz, ondare materiala eta inmateriala. 
Zeintzuk dira "Arratia markea"ren sinboloak? Sinbolo tradizionalak, zekorra, albokea eta tranbia izan dira, beste batzuen artean. Egun baina mundu tradizionala joan jaku ia-ia. Globalizazinoaren mundu barri honetan, identidade kulturalak bere lekua hartu beharko dau gizartearen imaginarioan, nortasuna indartuteko, sinbolo barriak sortuz,  edota sinbolo barrien artean tradizionalak eta barriak buztartuz. Hara hemen bi: bata, ondare inmateriala eta tradizionokoa, euskalgintzea da; eta bestea, ondare materiala, Dimako Baltzolako koben ingurua.
Era kolektiboan edo indibidualean bagabiz Arratian lanean. Egin daigun errepasotxoa. Arratiako kultur-alkarteakaz hasiko naz. Herrietan eta Arratia mailan musikea, folklorea, euskerea edo ingurune naturala babestearen aldeko alkarteak sortu dira. Bi aitatuko dodaz, dagozanen artean: bata, herri mailakoa, AKKB (Areatzako Kultura eta Kirol Batzordea); bestea, Arratia mailakoa, Zertu Kultura Elkartea. Taldekideen lana edo konpromisoa eta herritarren parte-hartzea alkarteen ekintzetan izaten dira hareen aktiborik handiena. Kultura eta ondarearen zabalkundean ezinbestekoa da komunikabideen presentzia. BEGITU aldizkaria eta Gorbeialde Irratia dira.
Kultura eta ondarearen zabal- kundean ekimen instituzionala be aitatu egin behar da: Mankomunidadea (AUM), "Arratia. Bidean gagoz" bere aldizkariaren bidez, eta Udal guztiak, euren presentzia eta laguntzagaitik. Hemen zera aitatu gura dot, Areatza, Igorre eta Zeanuriko Udalen parte-hartzea urtero udagoienean antolatzen diran Ondare Jardunaldietan, eta Dimako Udalaren ahalegina Baltzolako ingurunearen babesean.
Era indibidualean jardunean dabizanak, persona edo talde txikiak izan dira. Danak gogoratutea eta aitatutea ez da behar erreza. Halanda be, ahaleginduko naz hurrengo izen-abizenak esaten, holantxe banandurik:  

1) Arratiako herriakaz edo arratiarrakaz lotutako lanak edo ikerlanak, publikauta: 
- Jasone Aldekoak, bere doktoretza-tesia "Euskararen normalizazioa hezkuntzan (2000-2014)", online argitaratua. Arratia eta inguruko euskerearen egoerea aztertu dau.
- Abel Ariznabarretak, Enrike Ibabek, Kepa Velascok eta Zefe Ziarrustak (Laratzu Taldea), "Lino-beharrak eta Dimako emakumeak" ikerlan etnografikoa egin dabe.
- Miren Atutxak Ipolito Larrakoetxea "Legoaldi" idazlearen ipuinen gaineko lan filologikoa egin dau.
- Gotzon Aurrekoetxea irakasleak Arratiako euskerea ikertu dau.
- Gotzon Aurrekoetxeak eta Jaione Ibarrak "Dimako leku-izenak" edo toponimia ikertu dabe.
- Koldo Azkuek "Bedia XX. mendean" liburua egin dau.
- Josu Bilbao Fullaondok "Felipe Manterola" argazkilariaren liburua egin dau.
- Dimako Udalak "Baltzola, Ama Lurraren altzoa" izentatutako lana emon dau argitara.
- Iñaki Elexpe eta Galder Olibares irakasleak Álvaro Alcalá-Galiano margolariaren gaineko "Arratiara begira" ikerlana egin dabe.  
- Iñaki Espartak, Dimako irakasleak, "Garapen iraunkorraren eragina baso sektorean. Funtzio ekologikoak Bizkaiko baso politikan" doktoretza-tesia online argitaratu dau, beste lan batzuen artean.
- Iñaki Esparza eta Angel Larrea irakasleak "Arratiako euskal idazle aitzindariak" ikerlana idatzi dabe. Honeek irakasle biek, Gotzon Aurrekoetxeagaz batera "Arratiako euskal idazleen Antologia" koordinau dabe.
- Juan Manuel Etxebarria irakasleak Gorbeialdeko euskerea eta etno-ipuinak landu dauz hainbat argitalpenetan sakabanatuta; azkenetarikoa "Gorbeialdea: Mito, ipuin eta esaundak" izenburuko argitalpena da.
- Igone Etxebarriak eta Ainhoa Etxazarrak Bediako etnografia ikertu dabe "Bedia. Bizimodua eta ohiturak" liburuan.
- Manu Gojenola "Albokaren alde batzuk" liburuaren egilea da.
- Enrike Ibabe etnografoak "Geure Gorbeiari" liburu mardula idatzi dau.
- Aitor Iglesias irakasleak Igorreko euskerea ikertu dau.
- Haritza Iturbek, Jose Luis Atutxak eta Garikoitz Bernaolak "Arratiako Basogintza" ikerlana egin dabe.
- Angel Larrea irakasleak "Errementariak, sorginak eta jainkosak. Mitoak eta magia Arratian" eta "Arratia inguruko ipuinak" liburuak egin dauz.
- Angel Larrea eta Juantxu Rekalde irakasleak "Arratia inguruko Hiztegia" eta eskuko hiztegi bat ("Berbategitxoa") idatzi dabez. 
- Ruper Lekuek "Arratia aldeko kanta eta bertso zaharrak" izeneko bilduma egin dau, Arratiako Musika Eskolearen 25. urteurrenagaz batera.
- Ander Manterolak "Atlas Etnográfico de Vasconia" bilduma handia zuzendu dau.
- Gorka Menendez ikerlariak "Gorbeialdeko sendabelar tradizionalak" deitutako lan etno-botanikoa egin dau.
- Juanjo Olaizolak "El tranvía de Arratia (1902-1964)" lana idatzi dau.
- Karmele Perez Urraza irakasleak "Zientzia, teknologia eta lanbideen agerpena Euskal Herriko testuliburuetan" liburua argitarau dau, beste lan batzuen artean.
- Kepa Perez Urraza irakasleak Zeberioko etnografia ikertu dau. Gainera, bere doktoretza-tesia "Ingurune hurbileko curriculum soziohistorikoa. Zeberio Harana" be argitara emon dau.
- Arantza Saratxaga historialariak "Areatza/Villaro. Azterketa historiko-artistikoa" ikerlana egin dau.
- Blanka Urgell irakasleak Añibarroren "Gueroko Gero", Areatzako idazle euskaldunaren gaineko ikerlan filologikoa egin dau. 
- Jon Urutxurtu irakasleak "Arratia posta txartelean" liburu-bilduma egin dau.
- Gabriel Vazquez ikerlari botanikoak "La magia de las hierbas", "Cosmética natural" eta "Árboles sanadores" idatzi dauz, beste liburu batzuen artean.
- Argitaratzeko dago (inprentan) Txema Uriarte eta Oiane Valero ikerlariak Igorreko Timoteo Atutxa Petralanda, gerra-denporan fusilautakoaren gaineko lana. 

2) Arratiarren sormenezko lanak (idazlan, artelan, dokumental edo musika-lanak), publikauta: 
- Gaizka Amondarain gazteak "Ortozik" poesiazko liburua idatzi dau.
- Aritz Arrizabalaga irakasleak "Paradisu zinemak" nobelea idatzi dau.  
- Arratiako Eleizeak "Arratiako errogatibak Urkiolara" liburutxoa egin dau.
- Benjamin Aurrekoetxeak "Bukar est hi", "1812. Isilpeko mezua", "Arrats gorri ostean" nobelak idatzi dauz, eta "Arratiako bihotzetik" lana, beste kolaboratzaile batzukaz batera.
- Igor Estankona idazleak "Tundra", "Ehiza eta nekea", "Iratzeen esporak"... liburuak idatzi dauz. 
- Juan Manuel Etxebarria irakasleak "Biziak bizilan" nobelea, eta "Euskitz" eta "Astoa", ipuin-liburuak idatzi dauz.
- Jürgen Lange irakasleak eta Jurek Ziemkiewiczek "Peru Tximaluze" ipuin liburua itzuli eta atera dabe.
- Angel Larreak "Magiaz blai" poesiazko liburua idatzi dau.
- Gontzal Mendibil abeslariak "Gorbeiako haizea" liburua idatzi dau.
- Fredi eta Xabier Paya anaiak "Aupa Maurizia!" lana idatzi dabe.
- Alvaro Rabelli irakasleak "Saguzarren profhezia" ipuin-liburua idatzi dau. 
- Rafa Ugalde irakasleak "Gorria" eta beste ipuin batzuk idatzi dauz. 
- Iker Yurrebasok "Ametz" eta "Haizea aurpegian" narrazinozko liburuak idatzi dauz.
- Zefe Ziarrusta irakasleak "Barrutik sentsazioen koloreak taupadaka" izeneko poesiazko liburua egin dau.
- AK-37, Arratia Institutuan sortutako musika-talde gazteak, "Arratiako kanta galduak", "Hurreko hurrean" eta "Kanta galduen bila" hiru disko argitara emon dauz.
- Arratiako aitak eta amak abestutako bertako ume-kantak "Umeen zentzune, etxean entzune" izeneko diskoa atera dabe.
- Eskean Kristö musika-taldeak izen bereko "Eskean Kristö" eta "Azote kaldüz!" diskoak atera ditu.
- Borja Estankona abeslariak Arean taldeagaz "Arean" eta "Higakorra" diskoak eta bakarrik beste bi disko "Estankona" eta "Fruitua" argitara emon dauz.
- Esti eta Olatz bikoteak lau kantakaz osatutako maketea argitara emon dau.
- Luis Iruarrizaga Abesbatzak "XXV. urteurrena (1981-2006)" diskoa argitara emon dau.
- Ibon Koteron eta Xabier Valle albokariak "Alboka 2.1 Bizialdi berria Upgrade" izeneko diskoa publikau dabe. Kanta batzuk Arratiako albokarien abestietan oinarrituta.
- Juanma Labandibar musikariak "Akelarre" taldean egindako lana.
- Larregi musika-taldeak "Larregi" eta "Bidea dugu helmuga" diskoak atera dauz.
- The Alan Lomax Collection. "The Spanish Recordings: Basque Country: Biscay and Guipuzcoa",  Zeanuriko kanta tradizionalak (Arantza eta Andoni Goikoetxea, eta Sotero Erauzkin). 
- Gontzal Mendibil kantariak hainbat disko argitara emon dauz, besteak beste "Hogeita hamar urte kantuan 1975-2005" izeneko kanten bilduma handia eta "Neure txiki polita", atzen hau Gorbeialdeko kantakaz.
- MG Banda musika-taldekoak "Arratia bailarako musikea!", "Materia gris" eta "MG II" disko eta maketak atera dabez.
- Nik Khaos musika-taldeak "Argiak lekurik ez duenean..." album digitala atera dau.
- Antonio Aldama margolariak, Felipe Manterolaren argazkietan oinarrituta, Zeanuriko inguruak margotu dauz.
- Koldo Etxebarriak, Lemoako margolariak, "Arte eta Teknologia" lana egin dau.
- Karmelo Undurragak, Igorreko margolariak egindako lana.
- Jose Angel Mintegik, Igorreko argazkilariak egindako lana.
- Iker Yurrebasok, Ibai Pujanak eta Eider Aldapek "Baso Ahaztuak" izeneko dokumentala egin dabe. Ibai Pujanak, gainera, "Egunon Printzesa!" laburmetrajea egin dau.
- Denpora gitxi barru argitaratuko da Ilintia Elkartearen ardurapean Aritz Arrizabalagak, Ainara Pujanak eta Ibai Pujanak egin daben "Igorreko Memoriaren Bankua" proiektuaren dokumentala.


3) Badagoz Arratian beste hainbat persona eta talde plazara urteten dabenak:  
A) Kulturgileak: Zeanuriko Antzerki Taldea, Iñaki Lasa moduko ipuin kontalariak, Arratiako Bertsolari Taldeko partaideak, Arratiako Antzerki Gaztea, Aran- tzarte Dantza Taldea, Arratiako Koroa, Areatzako Musika Taldea, Arratiako Pastorala, Gaztetxeak (esaterako, Lemoako "Karabie"), Ipizki, Bedia edo Igorreko liburu-irakurle taldeak...
B) Kolaboratzaileak komunikabideetan, artikuluak edo erreportajeak egiten: Xabier Aierdi, Nagore Amondarain, Jon Urutxurtu, Julen Gabiria... Beste batzuk, atzerrian be (Ingalaterran edo Argentinan, adibidez), gure kulturearen iragarleak bihurtu dira: Maite Yurrebaso, Matgosia Ziemkiewicz, Olatz Elejabarrieta, Helena Lazaro...
Honaino heldu gara. Etorkizunari begira, finkatu gura badogu "Arratia markea", orain arte egin dan lanari ekin beharko deutsagu. 

2014/12/13

ZURIŅE IARRITU AZPITARTE Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean gai jartzaile lanetan ibiliko da Iarritu

Bertso mundua gai jartzaile eta aurkezle lanetan ibilten dan andra baten antiojuetatik errepasauko dogu. Horretarako, oraintsu Zeanurira biziten etorri dan Zuriñe Iarritu bilboztarragaz egon da BEGITU. Hainbeste urtetako beharrak erakusten dau maite dauala bertsoa. Abenduan 20an Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da Bilbao Arenan eta bertan ikusi ahal izango dogu, atzenengoz seguruenik. Argi dauka eta daukagu nor dauan faborito, Arkaitz Estiballes bere bikotekidea.

 

Irati Urien

 

Euskera irakaslea izatetik aparte, gai jartzaile eta aurkezlea zara. Zer dala eta zaletasun hori?
Ikastolan bertsotan ibili ginan eta gustau egin jatan, orduan Santutxuko bertso eskolara hurreratu nintzan. Bertsotan egiten neban baina lagun artean. Plazan bertsotan egitea ez jatan lar gustetan baina gaiak ipinteko jentea behar izaten zan eta holantxe hasi zan dana, bertso eskolakoai gaiak ipiniaz. Gero Bizkaian eskualdeka egiten dan BBK Sariketarako jentea behar ebela esan euskuen Leire Aurrekoetxea eta biori. Hamasei urtegaz hasi ginan biok BBK Sariketan, eta ordutik segiduten dogu. Bizkaikoan ez naz akordetan lehenengoz noz izan zan, 98koan edo 2000koan.


Gaiak zeuk pentsetan dozuz edo taldean?
Desbardina izaten da plazan edo txapelketetan. Plazarako normalean bakarrik pentsetan dodaz, bertsolariak nortzuk diran kontuan hartu eta saioa nondik joango dan nahiko marketan dozu. Txapelketetarako taldea egoten gara, gainera jente barria etorri da. Aurten zazpi gagoz Bizkaikoan.


Kosta egingo da ba gaiok pentsetea.
Bai. Niri egia esan momentu honetan asko, batez be txapelketan. Plazan ez horrenbeste. Igaz Euskal Herrikoa izan zan, aurretik Bizkaikoa, eta tartean BBK eta eskolartekoa. Dana batera, behar handia.


Euki dabe eboluzinorik gaiak?
Bai. Aspaldian ez dot egin baina orain dala urte batzuk akordetan naz antxinako txapelketaren baten zer egin genduan topau, gaiak irakurri, eta ia ha zelan ipini genduan pentsau, eskas eretxi momentu honetan. Baina egia da gaia sano testuinguruan doala. Orain gai on bat dana urte bi barru sano txarra izan leitekela esan gura dot, eta hori sarritan pasetan da. Aktualidadeak asko marketan dau. Egia be bada papel biak sano kontrakoak ipinten zirala lehen, ofizio danak zu alde eta zu kontra izaten ziran. Atzen urteetan ostera gai bat planteetako joera handia dago, eta ez bertsolariaren papela hainbeste zehaztuteko, batez be zortziko nagusietan. Beste alde batetik, gaiagaz esatekoa baino iradokitzekoa zabaldu da gehiago.


Zelangoa da bertsolaritzearen osasuna?
Ona. Ondo ikusten dot. Bertsozale asko dagoz, atzen urteetan asko aurreratu da, txapelketa danean jente asko hurreratuten da eta ez txapelketetara bakarrik, jenteak badauka plazako saioetara joateko ohiturea be. Baina beste alde batetik bildurra, batez be aurtengo txapelketan. Buruari bueltak emoten ibili naz horren gainean eta ikusten dot neurri baten bertsolarien artean betikoak dagozala. Gazteenetatik be Imanol Uria, ezaguna da, urte asko daroaz daborduko eta nire dudea da ia horreen ostean jentea badagoan. Sasoi baten sano talde handia etorrela ikusten neban: Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes, Eñaut Intxaurraga... danak batera tropelean. BBKn ikusten dot batzuk badagozala baina ez horrenbeste. Bestela osasuntsu, urteetarako egongo dala pentsetan dot. Euskaldun guztiongana helduten dan kontu bat da, igaz BEC bete zan eta orain Bizkaikorako be sarrera kontua sano ondo doa.


Lau andra eta lau gizon, parekide dator aurtengo Bizkaiko finala.
Aurreko finalean be holan izan zan, ez naz harritu aurten holan izateagaitik. Poztu egiten naz, orain dala urte askotako txapelketa bat begiratu ezkero datu esanguratsu bat da eta. Aurrerapausu bat ikusten da. Uste dot inok ez dauala dudarik euki neskok be gai garala bertsotan egiteko edo jentaurrean egoteko. Baina egia da gauza bat pentsetea dala eta beste bat horra heltzea, hor dago meritua. Kopuruen osotasunari erreparau ezkero nesken presentzia askoz txikiagoa da Bizkaiko Txapelketan zein orokorrean. Horrek zer pentsau emoten deusta. Atzenean neskok jentaurrean bertsotan egiteko daukagun irudia ondo egin beharra edo ondo egitearena da. Ez dakit zenbat neska izan diran Bizkaiko Txapelketan baina mutilak baino dezente gitxiago esango neuke, eta erdi eta erdi heldu dira, kuriosoa da.


Badaukazu anekdotarik kontetako?
2005eko finalean aurkeztu egin behar izan neban. Saioa hasteko zala komunera joan nintzan Saroi Jauregigaz. Ez naz akordetan zelan izan zan baina kontua da ezin nebala komuneko atea zabaldu, eta ni barruan. Han ibili zan Saroi tiraka. Lasai egoteko esan neutsan, neure ordez berak berba egiteko. Pentsetan dot bera ni baino urduriago egoala. Hango behargin batek zabaldu eban atea atzenean. Urten eta gora joan nintzan segiduan, arnasa hartuteko asti barik.
Orain dala urte bi Arkaitz Estiballesek irabazi eban Bizkaiko finala.

 

Bikotekidea oholtza bardinean, zer sentidu zenduan bere izena esakeran eta berau negarrez ikustean?
Poztasuna. Askotan gauzak momentuan bizi dodaz. Barrutik bizi dodaz, gaitasuna daukat non nagoan jakiteko, "hau egiteko nago ni hemen". Pasau ostean, irudia ikusten dodanean gehiago emozionetan naz. Igual arraroa da baina nik momentu horretan ardurea daukat. Arkaitz dago bai, baina beste zazpi bertsolari be bai. Iker Casillas eta Sara Carbonerok mosua emon ebeneko zer famoso haretatik denpora gitxira izan zan finala eta jenteak esaten eustan Arkaitz eta bion artean bardina pasauko zala pentsetan ebala. Ba ez. Ez da jentaurrean mosurik ez emotearren, horretarako ez daukat pegarik. Pentsetan dot gai jartzaile zein aurkezleen lanetako bat zortzi bertsolariai bardin egitea dala. Arkaitz dago eta beste asko nire lagun handiak dira, baina horregaitik ez deutsat bateri besteari baino hobeto esango. Emozionau arren, aurrera segidu behar neban.


Etxean entrenetan dozue alkarregaz?
Normalean ez, eta txapelketa sasoian gitxiago. Orain dala urte batzuk Larrabetzun entrenetan dabe eta aurten eguazten askotan hona etorten dira Etxahun Lekue, Fredi Paia eta konpainia. Nik normalean eguaztenetan batzarra eukiten dot Durangon eta bueltan sutean egoten dira entrenetan. Sekula be ez naz sartuten, ez dodaz gaiak jakin gura.


Honetan segiduteko asmoa daukazu?
Ezetz planteetan nabil. Seguruenik plazan bai, pega barik egingo dot. Baina Bizkaiko hau atzena izango dalakoan nago, nahiz eta ezin dan esan inoz ez. Idea hori daukat. Aurreko Euskal Herrikoan sano kantsauta amaitu neban. Batzar asko dira, saio asko... Bizkaikoan amaitu gura nebalako egongo naz bertan, ez neban Euskal Herrikoa nire atzen txapelketea izaterik gura.

2014/11/30

JULENE RAMOS "Ostalaritzea eta nekazaritzea behin-behineko enplegu gehien sortzean daben sektoreak dira"

Arratia eskualdeko lehenengo zentroa zabaldu dau Lanbidek Arratian. Barikuetan dago zabalik eta jentetxoa pasau da bertatik. Artean, langabeak orientazinoa eta arreta personalizaua jasoten hasi dira Areatzako Julene Ramos orientatzailearen eskutik. Hori dala eta, Arratiako enpleguaren errealidadearen zenbakiak ezetuteaz gainera, egoera hori bizi daben personak ezetuten hasi da.

 

Zabaldu dozuenetik jente asko pasau da Arteako zentrotik? Ze perfiletakoa da erabiltzailea eta zelan lagundu deutsazue?
Enplegu zentroa zemendiaren 14ean zabaldu genduan, beraz hiru astetxo bakarrik daroa zabalik. Ha ta guztiz be, jentea etorten hasi da, momentuz gehienak enplegu zentroari buruzko informazinoa eskatzen (zer dan, eskeintzen diran zerbitzuak...) Bestetik, beste persona batzuk Zornotzako enplegu zentroa ezetuten ebenez, honen funtzionamentua ezetuten dabe eta zuzenean zerbitzu konkretuak eskatzera etorri dira, esaterako; kurrikuluma egitera, enplegu bilaketea, formakuntzazko kursoen eta DBE, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko informazino bila, orentazino bila...  Orain arte etorri diran personak 30 eta 50 urte bitartekoak izan dira, bai bertakoak eta bai atzerritarrak.


Arteako enplegu zentroa barikuetan bakarrik dago zabalik. Pentsetan dot zeure enplegua be ordukakoa eta behin behinekoa izango dala. Jornada osoko lanik geratzen da Arratian?
Danok dakigunez gaur egun bizi dogun errealidadea oso latza da, langabezia tasak inoz baino altuagoak dira eta lana bilatzea oso gatxa bilakatu da. Gaur egun enplegua eskeintzen ehuneko garrantzitsu bat behin-behineko lanak beteten dabela egia da, baina gaur egun bizi dogun egoerara egokitzea tokatzen jaku. Gazteriari jagokonez, behin-behineko edo ordukako beharrak izateak, lan munduan sartzean garan bitartean formakuntzeagaz jarraitutea ahalbidetzen deusku. Bestalde, langabezian denpora luze batez egon diran personen lan munduratzea apurka-apurka egin ahal izatea be errezten dauala esan beharra dago.


Zein arlotan dago enplegu gehien? Eta kalidadeko enplegurik?
Ostalaritza eta nekazaritzak behin behineko enplegu gehien sortzean daben sektoreak dira gaur egun. Lan merkaduari buruzko atzen datuak dinoenez, Euskal Herriko enpresa aktiboen artean % 75a zerbitzuen sektoreak beteten dau, % 15a eraikuntzak eta % 8a industriak. Kontratazinoai erreparatuz, % 80 inguru zerbitzuen sektorean gauzatu dira, % 8 industrian, % 4 eraikuntzan eta % 2 laborantzan. Industria sektoreen barruan, produktu metalikoen fabrikazinoa, elikagaigintzea eta metalurgia nabarmentzen dira. Eraikuntzan ostera, eraikuntza jarduera espezializauak eta eraikuntzen eraikuntzak. Eta lehen sektorean nabarmentzen diranak nekazaritza, ehiza eta honeekaz erlazionautako jarduerak dira.


Gaur egun gazteak eta andrak formazino handia daukie, (unibersidadeko ikasketak, pare bat master, lau edo bost hizkuntza...) eta ezinezkoa jakie beharra topetea. Zelan bideratzen dozuez horreek? Zer egin behar dabe?
Gazte eta andra bakotxak egoera propio bat dauka eta errealidade honetatik abiatu behar dogu. Orientazino pertsonalizau bat eskeini behar jakie eta horretarako beste aspektu askoren artean, bakotxaren alderdi indartsuenak aztertu behar doguz, norbere ibilbidea analizau, enpleguaren bilaketan eragina daukien faktoreak identifikau... eta oinarri honeetatik abiatuz helburu zehatzak ezarri. Beraz, norbere egoera partikularraren azterketatik abiatu behar gara lehenik eta behin.


Ze eragin izango dau Arteako zentroak enplegu tasetan? Aurkezpenean esan eben eraginkorra izatea dala zentro honen helburua. Neurtu egingo dira emoitzak? Eta lortu ezean, indartu egingo da zerbitzua zelan edo halan?
Zerbitzuaren helburuetako bat erabiltzaileai zerbitzu indibidualizau bat eskeintzea da. Lana bilatze prozesuan dagozan personai baliabide desbardinak eskura ipinten jakiez; besteak beste, eguneroko prensa, inguruko lan eskeintzak, tresna informatikoak... Eta honeen erabilera libre baten bidez, bilaketa aktibo bat egitea. Momentuz enplegu zentroak urteko deialdia dauka eta urte honetan lortzean diran emoitzen arabera jokatu beharko da. Horretarako, Lanbidek enplegu zentroaren eraginkortasuna neurtzeko dituan adierazleen arabera aztertuko ditu emoitzak eta orduan ebatziak hartu.


Enpleguari jagokonean zelan baloretan dozu Arratiako egoerea?
Lanbideren estadistiken arabera, Arratian langabezian dagozan gehienak 30-45 urte bitarteko personak dira % 80 inguru, eta gazteen artean, langabezi tasak oso bajuak dira. Beste datu garrantzitsuetako bat sexuen arteko diferentziarena da, andren artean langabezi tasa altuagoa dala nabarmentzen da.

2014/11/30

ARANTZARTE 40 urte ta gazte

Bizirik dirau Franco hil baino lehen sortutako Arantzarte jantza taldeak. Bizirik eta osasuntsu, sasoiari egokitzen jakin dau taldeak eta jantzari gazteak dagoz bertan.
Orain 15 bat urte, jantzak beste modu baten aurkezten hasi ziran Arantzarten: kontakizun baten harian, ikuskizun baten barruan jantza zatiak sartzean, emondako musika bateri koreografia ipinten, eta abar. Hori dala-eta, publiko handia erakarten dau gaur egun eta Arratian zein Arratiatik kanpo erakusten dabez euren jantza eta montajeak.

 

Abenduaren 13an urteurren jaia ospatuko dau Igorreko jantza talde honek. 40 urte beteten ditu. Egun osoko jaia izango da eta bazkaria Kiñu Gaztetxean egingo dabe taldekoak, taldean ibilitakoak eta eurekaz bazkaldu gura daben guztiak. Bazkarirako txartelak hilaren 5era arte dagoz salgai Gau Loran eta Herriko Tabernan. Abenduaren 21ean Bilboko Txistilarien Banda egongo da Kultur Etxean eta abenduaren 27an, barriz, jantza saioa eskeiniko dabe Arantzartekoak frontoian.


Hasikerako urteak, gatxak
Arantzarte jantza taldea 1974an sortu zan Arantzazun, maiatzean. Jantzen irakaskuntzan hutsune bat ikusten eben Juanti Menika eta beste jantzari gazte batzuk, sasoi haretan Arratian. Igorren Beti Bizkor taldea egoan, baina apur bat makal. Konponbidearen bila, batzar bat egin eben Artea eta Arantzazuko gazte batzuk eta talde bat sortzea ebatzi. Jente gehiena Arantzazukoa eta Arteako zan eta hortik Arantzarte izena. Sasoi latza zan: taldea sortu eta urte eta erdigarrenera hil zan Franco. Arantzarte –arantza artean- esangureak emoten deutso zentzua izenari, Juanti Menika taldearen sortzaileak BEGITUri aspaldi azaldu eutsanaren arabera.
Taldea sortu eta ikastetxe baten hasi zan ensaioak egiten, Artean. Lehenengo urteetan ikastetxez ikastetxe ibili ziran leku egoki baten bila, Igorreko Kultur Etxea egin eben arte. Harrezkeroztik hor egiten dabez ensaioak astelehen eta barikuetan. Umeak be beste ensaio egun bi daukiez eta herritar guztiai zabalik dagozan ikastaroak be eskeintzen dabez Arantzartekoak Igorren.
Hasikeran ondo hasi arren, beherakada bat be bizi izan eban Arantzartek hainbat urtetan: publikoa urrundu egin zan eta jan- tzariak gitxitu. Baina 25. urtean, hausnarketea egin eta aldaketa batzuk egin ebezan taldekoak.
Gaur egun, ia 40 personako talde bat osotuten dabe taldeko jantzari eta musikariak. Eta asko dira euren ikastaroetan jantzan egiten ikasten daben herritarrak.

Errepertorio ugaria eta nazinoarteko hartu-emonak
Euskal Herri osoko errepertoria dauka Arantzartek. "Juanti Menikak transmitiduten deusku errepertorio hori. Bizitza osoan eta leku askotan ibili da jantzan eta berak erakusten deusku" dino Andoni Ariznabarreta Arantzarteko jantzari gazteak. Dana dala, errepertorioa aldatu egin dabe atzenenego urteetan, jentearen interesa berreskuratuteko. Errepertorioa aldatu bakarrik ez, modu desbardinean aurkezten dabez betiko jantza tradizionalak.
Jantzok tradizionalak izan arren, taldea ez dala bape be tradizionala pentsetan dau Iraia Inuntziaga jantzariak. "Mutilen jantzak mutilak, eta neskak nesken jantzak ez doguz egiten. Esate baterako, urrietan Durangon egon gara eta Kaxarranka jantzea egin dogu. Normalean mutil batek egiten dau jantza hau, ba guk aldatu egin dogu eta neska batek egin dau".
Koreografia barriak be sortzean dabez Arantzartekoak. Aspaldi ez dala, Durangotik deitu eutseen txistu bandak egindako pieza bateri koreografia bat ipinteko. Ipuinen edo beste edozein kontakizun edo ikuskizunetako jantza barriak be sortuten dabez. Baina beti be "gure esentzia manteniduta" dino Inuntziagak.
Munduko jantza taldeakaz kontaktuan ipini eta euren herrietara joaten dira jantzara Arratiakoak: Poloniara, Frantziara, Portugalera... Urtero-urtero biaje bat. Atzena Italiara izan da. Eta topaketak be antolatu izan dabez Igorren, beste herrialde batzuetako jantza taldeak bertara ekarrita.
Taldearentzat aberasgarria da eta taldekideentzat beste leku batzuk, beste kultura batzuk eta jentea ezetuteko aukerea.

Mutil gitxi jantza taldeetan
Arantzartek 40 urte bete ditu aurten eta jente barria erakarten jarraituten dau. Aurten kasurako sartu dira Iraia Inuntziaga eta Andoni Ariznabarreta, kasurako. Ikastaroetan ibilita eta euskal jantzai gustua hartuta sartzean dira asko taldean. Ikastaroetan edade guztietako jentea egoten da eta horreetako batzuk taldean sartzeako pausua emoten dabe. Holan egin eban Iraia Inuntziagak be. "Txikitan euskal jantzak ikasten ibili nintzan eta orain dala urte batzuk hasi nintzan ikastaro baten eta taldean sartzera animau nintzan".
Ume taldeak be baditu Arantzartek. Izan be, umeak zaletu ezkero, taldearen harrobia egon daiteke hor. Baina taldeak ikusita arazo bat aurreikusten dabe jantza taldekoak, sano mutil gitxi dagozalako umeen taldeetan.
Sasoi baten, Euskal herrian mutilak egiten eben jantzan neskak baino gehiago. Gaur egun, mutikoak jantzan hasten diranean, eskolan jantzan egitea "neskena" dala esaten deutsee eta batzuek itxi be egiten dabe. Mutil gitxi animetan dira gaur egun. Taldea dana dala, nahiko modernoa da horretan eta danak egiten dabela jantzan holango bereizketa barik dinoe. Ez dagoz nesken jantzak eta mutilen jantzak. "Jantzak ez dauka sexuen arteko mugarik. Zergaitik mutilak ala neskak? Danok egiten dogu jantzan eta hori da politena" dino Inuntziagak.

Bilboko Udal Txistularien Banda
Arantzartek bere 40. urteurrena ospatuko dau herritarrakaz batera abenduaren 13an urteurren jaian eta hilaren 27an jantza saioa eskeiniko dabe frontoian. Urteurren hau Bilboko Udal Txistularien Bandak be ospatu gura dau eta Plazan CDa aurkeztuko dau hilaren 21ean Kultur Etxean.
Txistua betidanik izan da plazarako musikea ipini dauana. Zorionez errepertorio zabala daukagu: fandangoa, arin-arina, tangoa, pasodoblea, polka, baltsa... eta Plazan CD honetan, hau ikusi egiten da, dino Asier Garcia Bilboko Udal Txistularien Bandako areatzaztarrak.
Arkaitz Pascuas, Nagore de las Heras, Cristina Ruiz de Gopegi eta Patxi Labordak egingo dabe jantzan.

2014/11/16

AITZOL BELASKO ERREKAGORRI "Ni lotsatia naz eta norberaren burua telebisinoan ikustea kosta egiten da"

Etb 1 Gu ta Gutarrak programa barria emitiduten dabil. Bertako partaide dogu Aitzol Belasko lemoaztar saltseroa. Realitya hasita egoala sartu bazan be arazo barik egin dau bertan bere lekutxoa. Barre zein hasarre, argi itxi dau egurra emoten badakiala eta emongo dauala.

 

Irati Urien

 

Zer egiten dau Aitzol Belaskok Gu ta Gutarrak saioan?
Esperientzia barri bat biziteko aurkeztu nintzan, reality bat barrutik zelan doan ikusteko. Ez naz joan neska bila ez holako ezertan be ez. Orain arte ez dot holako esperientziarik bizi izan, aukera hau suertau jata eta aprobetxau egin dot.


Zein da programearen helburua?
Kuadrila jatorrena topau gura dabe. Sei personako kuadrila bi gagoz, eta kuadrila bien arteko pikea egiten da. Bata jatorra da, bestea satorra. Adibidez sokatiran bi tiraldi irabazten dauan taldea jatorra bihurtuten da. Irabazle horreek Morgara doaz orduan astegoiena pasetan.


Jentea eliminetan doa...
Bai. Danon artetik jatorrena nor dan aukeratuten dogu. Hori ezin da nominau, besteen artean nominetan da etxera bueltauko dana.


Programea hasita egoala sartu zinan. Zelangoa izan zan sartukerea?
Bai, hirugarren astegoienean. Ustekabean harrapatu ninduan danak, goizean casting-a egin eta arrastian sartu nintzan. Casting-ean denpora librean zer egiten dozun eta holango gauzak galdetuten dabez. Ia programea ikusten dozun be bai. Nik ordura arte ez nebala ikusten baina reality bat egoala enterau eta sartu gura nebala esan neban. "Txurru"ganako aurreretxia neukan eta casting-ean aitatu egin neban. Horrek be bere eragina euki eban. Gero lehenengo egunean aurkezleak "Txurru, hemen dator Biz- kaitar bat zure kontra gauzak esan dauzana...".


Zelan hartu zaitue? Ondo integrau zara?
Irantzugaz pikea euki neban baina hori normala be bada, danakaz ez zara ondo konponduko! Txokeak eukiten dozuz, baina momentuko gauzea izaten da. Esperientzia ona orain arte, gustura sentiduten naz.


Badakigu El Conquistador Lehiaketarako casting-era be joanda zagozala...
Bai, birritan egin dot. Atzena "Antuan" sartu ebenean. Esperientzia fisiko zein mental bat bizi gure neban. Gainera denporea zan arratiar batek ez ebala parte hartuten eta horregaitik be animau nintzan. Orain, Gu ta Gutarrak-en egon ostean, sartuteko aukera handiagoa eukiko neukela esan deuste. Ikusiko da.


Bardin deutsu Patagonia zein Miramon, sano formatu desbardinak izanda be esperientzia bila zelan edo halan?
Bardin bardin... Ointxe badakit zer dagoan kameran aurrean. Baina bai, ez jata ardura atzen baten zeuk gura dozulako zoaz eta, zelango esperientzia dan ezetu gura dozulako. Sano desbardinak dira duda barik, ez daukie zerikusirik. Patagonian zure gorputza neurtuten dozu, Gu ta Gutarrak-en ez. Baina hau be beste leku bat da zeure burua proban ipinteko.


Zein da Gu ta Gutarrak-en dinamikea?
Aste bete lehenago grabetan da. Eguen eta bariku guztietan Miramonera joaten gara. Eguenetan astelehenekoa eta martitzenekoa grabetan dozuz, barikuetan eguazten eta eguenetakoa. Gero astegoien birik behin Morgara, bariku arrastitik domeka arrastira arte. Han ez daukaguz kamarak 24 orduan gugaz.


Ikusten dozu programea? Zelan ikusten dozu zeure burua?
Bai. Ni berez lotsatia naz eta norberaren burua telebisinoan ikustea kosta egiten da. Baina holan zer egiten dozun txarto, zer ondo... konturatuten zara. Orain dala aste pare bat takoiakaz ibili behar izan nintzan, sano barregarria egin jatan ikustea. Bestela nazen modukoa naz. Barre egin behar danean barre egiten dot, eta kontestazino txar bat daukadanean momentuagaitik izaten da, nahiz eta gero parkamena eskatu.


Badakizu zure "Egurre!" famosotuten dabilela?
Bai. Barria izan naz, orduan txori hilak lez barik, kaina apur bat emonez sartu gura izan dot. Platoan musikea ipinten dauan Tirapuk be badauka honezkero "egurre, egurre!" dinoan audioa, nik berba egin ezkero, zein adibidez takoian gainean ibili nintzanean, ipini egiten deuste.


Euskal Herrian ezaguna izateko prest?
Arratian ezaguna naz betikoa nazelako, eta danok ezetuten garalako. Baina bai, hemetik kanpora programea ikusten dauanak behintzat ezetuko nau eta izan leiteke baten bat argazki eske etortea be. Ez dot ezelango arazorik eukiko jenteagaz erlazionetako.


Zuretzako zer behar da kuadrila bat jatorra izan daiten?
Giro ona egon behar da, guzur eta faltsukeriarik bakoa. Alaitasun apur bat, ahal dala umorez egotea, feeling hori egotea. Apur bat danerik baina faltsu eta guzurteru barik.


Nogaz lortu dozu feeling onena programa barruan?
Oier Sopelako jantzariagaz. Furgoan batera joaten gara, batera gagoz... nire botoa jatorrenari berak hartu dau. Igual berak gero beste gauza bat esaten dau baina nik bat aukeratu behar baneu, bera izango litzateke.


Noiz arte jarraituko zaitugu ikusten?
Ez dakit. Nik amaierara arte egon eta zer dagoan ikusi gura dot. Badakit gatxa izango dana barria nazalako eta orain arte ikusi dan moduan barriari emoten deutsie nominauen boto errez kaleratuteko. Nigaz be bardina pasauko da seguruenik. Momentura arte ez dakizu zer pasauko dan. Halan da be oraindik zati baterako barruan nagoala esan neike.

2014/11/16

ARRATIAKO TRANBIA 50 urte Arratiako tranbia barik

1964ko zemendiaren 29an egin eban atzen biajea. Ehun urtetik gora igaro dira, gehienbat Arratiako tranbia izenaz ezetuten dan Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa jaio zanetik, eta 2014ko zemendiaren 29an bere heriotzearen 50. urteurrena beteko da. Tranbia ekologikoa eta isila zan, baina batez be ezinbesteko erreferentea erabili behar izaten eben lagunentzat. Urteak aurrera joan ahala eztanda-motorea, gasolina eta petrolioaren beste deribadu batzuen sasoia heldu zan. Eta orduan, 1964ko zemediaren 29an, Arratiako tranbiaren heriotzea gertatu zan.

 

Jon Urutxurtu

 

Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren —TBDA— historia arakatzeak XIX. gizaldiaren amaierara salto egitea suposatzan dau, 1898an Sustapen Ministeritzak lurrun-tranbiaren kontzesinoa Angel Iturralderi emon eutsan unera hain zuzen be. Dana dala, tranbia hareek inoz be ez ziran ibili lurrun-makinak mobiduta, eta 1899ko urri lehenengoaren 2an, Lemoa-Artea tartearen behin-behineko inaugurazinoa burutu zanean, lehen tranbiak animalia-trakzinoaren bidez ebilzan. Inaugurazinoagaz batera, "Automóvil Vitoriana" konpainiak, Barazar mendatetik igaroz, Areatza eta Gasteiz lotzean ebazan autobus zerbitzua jarri eban martxan.
1902ko garagarrilaren 5ean, probak egiteko lehenengo tranbia elektrikoa Durangora heldu zan; aste batzuk beranduago Lemoa-Zeanuri tartean trakzino elektrikoa eukan zerbitzua hasi zanez, animalia-trakzinodun tranbiak kendu egin ziran. Atzenik, egun handia heldu zan, eta 1902ko abenduaren 7an, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren behin betiko inaugurazinoa burutu zan.
Amorebieta-Etxano, Durango eta Arratiako herriak euren artean eta Bilbogaz lotuten ebazan garraiobide ha, Arriaga Antzokiko plazatik ateratan zan Lemoara zuzentzeko, eta hemen linea bitan bananduten zan: Durangorantza edo Zeanurirantza. Tranbiabidearen luzerea, guztira 49,21 kilometrokoa zan; horreetatik 20 Bilbo (Arriaga) eta Lemoako tarteari egokozan; Lemoatik Durangorako lineak 14,6 kilometro eukazan, eta antzerako luzerea eukan Lemoatik Zeanurirako tarteak.

Bidaiarien eta merkantzien garraioa
Bere bizitzako lehenengo urteetan lehia zorrotza izan eban Bilbotik Durangorako trenbide estua ustiatzen eban Konpainia Zentralagaz, baina 1911ko bagilearen 12an, Ferrocarriles Vascongadosek Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren akzino guztiak erosi ebazanean, amaierea emon jakon bi enpresen arteko burrukeari. Hurrengo urteetan zerbitzuaren hobetzeari ekin eutsien jaube barriak: azpiegiturak barriztatu ebezan eta bidaiarentzako bagoien kanpoko itxurea —ordura arte egur barnizautakoa zan— aldatu eta beilegiz margotu ebezan.
Urte horreetan bidaiarien eta merkantzien trafikoak gora egin eban, adibidez 1929an, 4.196.460 persona eta 89.287 tonelada merkantzia garraiatu ebazan. Kontuan izan behar da linean hainbat lantegitara sartzeako bazterbideak egozala: Barbier-era, Abusun; Santa Anara, Boluetan; Basconiara, Basaurin; Firestonera, Urbin; Elpidio Bartolomera, Cementos Lemonara, eta La Flechara, Lemoan, eta abar.

Ebaketak tranbiabidean
Bere 60 urtetik gorako historian tranbiabidearen errailak tarte baten baino gehiagotan ebaketak jasan ebezan. Holan, gerra zibilagaz Amorebieta-Durango tarteko zerbitzua eten egin zan, eta gerra amaitu ostean, kalteak ez ziran konpondu; alde batetik, konponketen gastuak handiak ziralako eta bestetik, Ferrocarriles Vascongados konpainiak zati horreri eusteko interesik ez eukalako, trenbidearen zerbitzuagaz nahikoa zala uste eben eta. Gainera, aldi berean Bilboko terminala Arriagako plazatik, antzokiaren atzeko aldera lekualdatu zan. Sasoi honetan, trafikoa, batez be bidaiariena, etenbarik hazi zan; hazkunde horren zergaitien artean, estraperloa eta Ariz-Urbi-Galdakao aldean gero eta handiagoa zan industrializazinoa azpimarratu behar dira.
1950eko martiaren 27an, Lemoa eta Amorebieta lotzean ebazan tartea itxi bazan be, 1952an Arratiako tranbiak diru-sarrerai zein bidaiarien trafikoari jagokienez, bere gorengo emoitzak lortu ebazan, eta guztira 6.749.914 persona garraiatzera heldu zan. Merkantziak, ostera, kaminotik garraiatzeko zerbitzuak ugaritzen ziran neurrian, beherantzako joerea erakusten eben. Hasikeran, 1953ko zenbakiak aurreko urteko joerea azaltzan baeben be, urri bigarrenaren 15eko uriolak Urbin, Nerbioi ibaiaren gaineko zubi metalikoa aurrean eroan eben eta 1954ko zezeilaren 24ra arte zerbitzua ez zan berrezarri. Gainera, Bilboko Barandiaran eta Urazurrutiako kaietan ibaiertzeko hormaren zati handia hondatu egin zan eta, egoera hau aprobetxauz, uriburuko udalak Arriagako plazarako sarbidea kendu egin eban; aurrerantzean tranbiak Barandiarango kaietan hasi behar izan eban zerbitzua.

Iragarritako heriotzea
Hemendik atxina, Arratiako tranbia hil zorian sartu zan. Alde batetik, bidaiariak etenbarik galduz joian eta bestetik, bere egoera ekonomikoa gero eta larriago zan. Horrezaz gainera, lineak zeharkatzan ebazan errepideetan zirkulazinoa apurka-apurka gehitu egin zan, eta tranbia eta automobilen arteko bizikidetzak txarrera egin eban, tranbia oztopotzat joten hasi ziran eta. Testuinguru horretan, 1956ko abuztuaren 1ean Galdakao (Plazakoetxe)-Lemoa kentzeagaz, ibilbideak anputazino larria jasan eban; ondorioz, linea euren artean lotura bako bi tartetan zatituta geratu zan: Bilbao (Barandiaran)-Galdakao, 10 kilometrokoa, eta Lemoa-Zeanuri, 15 kilometrokoa. Urte bi beranduago, 1958ko urri bigarrenaren 1ean Urbi (Firestone)-Galdakoa (Plazakoetxe) tartea eta Zeanuriko erdigunerako sarbidea kendu ebezan. Itxiera horreek merkantzien garraioa ia guztiz desagertzea eta bidaiariena etenbarik jaistea ekarri eban.
Argi egoan, 1962ko abenduaren 5ean, Arratiako tranbiarako administrazinoaren kontzesinoak balioa galdu eban egunean, zerbitzua bertan behera itxiko ebela. Ha eta guztiz be, ordezko autobus-lineak ezartzeko administrazinoaren baimenak ez ziran heldu, eta tranbia zaharrak 1964ko zemendira arte beharrean jarraitu eban. Atzen hilabeteetan Zeanuriko geltokia be lekuz aldatu behar izan eben: 1964ko udabarrian, 240-N errepideko obrak zirala eta herrigunean egoan geltokia kendu eta 500 metro aurreragora, Olabarrira, eroan eben.

Atzen biajea
1964ko zemediaren 29an, domekan, egin eban bere atzen biajea Arratiako tranbiak. Egun euritsua izan zan, baina ospakizun eta jai giroan agur esan jakon tranbiari, batez be mendigoizaleen aldetik. Honeek, tranbia omendu gurean, tranbia bi alokatu ebezan; goizeko bederatzietan Lemoatik abiatuz, Igorre eta Areatzan gelditu ostean, hamabi eta erdiak inguruan Zeanurira heldu ziran. Hemen bazkaldu eta txistu eta danbolinaren soinuaz jantzan egin eta gero, barriro Bilborantza itzuli ziran, Lemoan trena hartuz.
Zemendiaren 30ean, tranbiaren biajeak amaitu ziran. Aurrerantzean, Bilbotik joan-etorria egiteko arratiarrak izan eben garraio publiko bakarra autobusa izan zan.
José Félix Garairen —Arratiako tranbiaren zale amorratua— arabera Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa enpresa itxi zanean, 74 langilek egiten eben behar bertan, eta euren etorkizuna holan geratu zan: 9 langilek enpresa berean jarraitu eben; 34ri krisi espedientea deklarau eutseen; 21 Ferrocarriles Vascongadosera, beste 9 Autobuses de Arratiara igaro ziran, eta batek dimisino boluntarioa aurkeztu eban.

Atzen errastua
1965ean, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa enpresan geratzen zan materialaren enkantea agindu eben. Dana dala, 1964ko abenduaren 1ean, El Correo egunkarian Juan Buxens kazetariak idazten ebanaren arabera, bi tranbia ataltzetik libretako asmoak egozan: "Sí. Algunos irán al desguace. Pero no todos. Es casi seguro que dos de ellos continuarán viviendo (...). Si se llega a un acuerdo, y esto parece que será fácil de conseguir, dos de los tranvías podrán ser admirados durante muchos años.
(...) Si ese acuerdo del que hablábamos se lleva a efecto, uno se instalará en el Bolinchu (La Peña). Va a ser adquirido por el conocido Elicio para instalar sobre él un merendero público(...).
El otro tranvía será comprado, probablemente, por don José Aguilar para instalarlo en su jardín de Vildósola".
Kontuak kontu, atzenean ataltzetik salbau zan tranbia bakarra Migel Atutxak erosi eban, eta Igorren, Garbe auzunean eukan Hostal Aranzazu ostatuaren ondoan jarri eban. Hamar zenbakidun tranbia zan, alde baten Ceanuri eta bestean Bilbao inoazan karteltxoak eukazana. Gomazko gurpilen gainean eta lau mandok tiraturik egin eban Lemoatik Garberainoko bidea, txistulari, trikitilari eta albokarien doinu eta jentearen txalo eta oihuen artean. Garberainoko biaje hori garai haretan hain ospetsua zan ze Nodo albistegirako filmau eben, eta irudiak Estadu osoko zinematan ikusi ziran.

2014/11/2

IKER YURREBASO "Basozain, politikari, baso jaube eta teknikari adoretsuak eskatuten doguz"

Zemendirako II. Basogintza Jardunaldiak antolatu ditu Igorre Bizirik-ek. Yurrebaso igorreztarra, taldearen izenean BEGITUgaz batu da.


Irati Urien

 

Zein da jardunaldion helburua?
Apurka-apurka basogintza eredu desbardinen inguruko eztabaidea sustatutea da gura doguna, alternatibak ezagutuarazotea eta gaur egungo eredua eztabaidan ipintea. Jardunaldiak hiru helburu daukiez: Lehenengoa baso jaubeak, instituzinoak eta herritarrak informetea; bigarrena, basogintza eredu desbardinak landuten dabezan esperientziak ezagutuarazotea, eta hirugarrena baso jaube, instituzino eta herritarren artean zubiak egitea.


Zein da Arratiako basogintzearen egoerea?
Ez da Arratiari bakarrik ikututen deutsan gaia. Bizkaia eta Gipuzkoako ereduak oso antzekoak dira, salbuespen batzuk kenduta. Atzenengo hamarkadetan herrialde biotan landu diran ereduak kezkatuten gaitue arrazoi desbardinakaitik. Martxan dagozan eta funtzionetan daben beste esperientzia batzuk ezagutuarazo gura doguz, Alemania zein Frantziakoak adibidez. Gainera krisi testuinguru baten gagoz, non egurraren prezioa asko bajatu dan, mantenurako laguntza gitxiago dagozan... Baso jaube askok gaur egun ez dakie oso ondo zer egin. Baso asko itxita be badagoz, askotan basoak daukazan jenteak jakin be ez daki non daukan basoa bera. Egurra basotik aterateko orduan erabili diran teknikak lurragazko sano erasokorrak izan dira. Higadura handia dago hemen, lurzoru emonkor asko galduten da maldakaitik, lurrak mobiduteagaitik makina pisutxuak sartu diralako, eta euri asko egiten dauanez euriak lur busti hori eroan egiten dau. Kalte handia egin da.


Baso Ahaztuak dokumentala aurkeztu zenduen igaz. Zer erakutsi guran?
Apur bat gure ardura guzti honeek espliketan dauzan dokumentala da. Taldean badago landare haztegi baten lan egiten dauan kide bat, nekazal injinieru bat... Jakintza tekniko minimo bat badaukagu, gainera Europan egiten diran beste esperientzia batzuk ezetuten doguz, eta orokorrean sano sensibilizauta gagoz naturaren konserbazinoagaz. Adibidez monolaborantzaren kontua be hor dago. Guk agroekologia eta biodibersidadearen alde egiten dogu apustu. Basoa ustiatu behar dala onartuten dogu, hori argi dago. Itzelezko baliabide naturala da. Baina modu iraunkorrean erabili behar da. Ez gagoz produktibidadearen kontra, eta hori argi itxi gurako geunken gauza bat da. Argi daukagu produziduteko egokiak diran guneetan produzidu behar dala, baliabide bat dalako. Materiala behar dogulako bai eregiteko, bai energiarako, bai jateko, eta abar.


Kontua "zelan" izango litzateke, ezta?
Orain arte sano modu intensiboan produzidu da. Basogintzeak hiru hanka daukaz: ekologikoa, ekonomikoa eta soziala. Batez be ekonomikoa landu da. Soziala nahiko lotuta doa ekonomikora baina ekologikoa ia ia derrigortasun moduko bat izan da. Guk hirugarren hanka horreri pisu gehiago emoteko beharrizana ikusten dogu.


Zelan lortuten da konzienziazinoa?
Ez da erreza. Konbenziduteko modu onena instituzinoen inplikazinoa da; hau da, epe luzeko estrategia bat, eta diru laguntzak argi eta garbi. Baso jaubeak administrazino publikoak egiten dauana egiten dau. Diputazinoak pinuak ipinten badauz jenteak pinuak ipinten dauz, edo eukaliptuak. Orduan, alde batetik administrazinoak diru laguntza gehiago emon beharko leukez beste arbola espezie batzuk landatuteko, kalidade hobeagokoak. Beste alde batetik jardunaldi honeek konzienziazino eta komunikazino edo informazino papel hori daukie. Holan mahai baten inguruan hausnartu behar da basoa zer dan edo zer izan ahal dan, eta ulertu basoaren ulerkerea ez dala lineala, bakotxak basoaren ulerkera bat dauka. Orduan kudeaketa horrek ulerkera guzti horreek batu beharko leukez. Beste modu bat martxan dagozan esperientziak ezetuarazotea da. Beste eredu batzuk be badagoz, eta gainera errentagarriak dira. Produktoreari, normala dan moduan, errentagarritasunak asko ardura deutso.
Baso jaubeak falta ezin diran konbidauak izango dira.


Jardunaldiak baso jaubeak erakarteko bideratu eta planteau doguz. Halanda be, nekazal eskoletako jentea, teknikariak, basozainak, instituzinoak, herritarrak... be hurreratutea gurako geunke. Eredua aldatu ezean, zer pasauko litzateke?
Batek daki. Txarrenean, karta batera jokatuten badozu dana galduteko arriskua euki zeinke. Monolaborantza bat dan heinean, benetako gaixotasun edo izurrite bat heldu ezkero, Bizkaiko basoen % 65-70a desagertu egingo litzateke. Honegaz zerikusi handia dauka lurraren tratamentuak, nik nekazari moduan be asko alderatuten dot ortuagaz. Ortu baten errotazinoa sano inportantea da, barazkiak edo barazki familia errotetea. Plagak leku baten espezie bardina landatuten dozunean erasoten dabe. Espeziea aldatuz bazoaz plagearen zikloa akatu zeinke. Horregaitik lurraren emonkortasuna eta aberastasuna galduten bazabiz, zugatza ez badago indartsu, izurrite bateri aurre egiteko arriskua gero eta handiagoa da.


Eta aldaketea emon ezkero?
Bide hau landuteko berrehun urterako plangintza estrategiko bat egin beharko litzateke. Hori gatxa da. Gaur egun politikea eta gizartea sano arin doaz eta, epe laburreko plangintzak egiten dira. Nik hainbeste onura ekarriko leukezala ikusten dot. Hasteko biodibersidadea. Sano garrantzitsua da, gizakientzat be bai. Flora mailan, fauna mailan... biodibersidadea irabaziko geunke. Gainera, basogintza horretara bideratu ezkero kalidadezko egurra be lortuko geunke, eta horrek balore handiago daukan egurra esan gura dau, merkaduan urtekera gehiago daukan egurra, ondorioz errentagarritasun ona. Kalidadezko paisaje bat be lortuko geunke, hezkuntza eta aisiari lotutako ekonomia, abeltzaintzari, elikadureari lotutakoa... Atzen baten, basogintzeari lotutako ekonomia dibersifiketea inportantea da. Lortuko geunke be basoagaz hartu-emona berreskuratutea. Gizartearen eta basoaren edo naturearen arteko hartu-emon hori, apur bat galduta dagoalakoan nago eta. Badago linea moduko bat non gizartea dagoan eta gero, linearen ostean, naturea. Dibersifikazino hori emoten bada erakargarritasuna be handitu egingo da eta jentea gehiago hurbilduko da basora. Eta hezkuntza landuten badozu hartu-emon hori indartu egiten da, eta orduan hobeto zainduko da.


Antzina pinua landatutea aberastasun iturri zan. Arratian inguruok pinuz josita daukaguz. Orain arbola honek ez dau bape be balio. Zer pasauko da dagozan pinudiakaz?
Galdera ona. Onartuten dogu pinuak diru asko emon eutsala momentu baten baserritarrari, eta horregaz jenteak bere bizi baldintzak hobetu ebazala. Hogeigarren mende hasikeran hemengo basoen deforestazinoa itzela zan eta derrigorrez hazkuntza arineko espezie bat behar zan orduan, egurra produziduko ebana. Esperimentau egin zan eta pinuak nahiko ondo funtzionau eban. Lurra finkatuten be lagundu eban. Baina globalizazinoagaz Txiletik edo Bielorrusiatik egurra merkeago sartuten hasi zan. Horregaitik baso jaubeari ez jakie errentagarri egiten. Hori nahiko presente dago bai teknikarien, diputazinokoen, baso jaubeen zein naturzaleen aurrean. Orain biomasearen kontua landu guran dabiz. Halanda be, guk uste dogu energiarena zerbitzu publiko bat izan behar dala eta ez negozio pribadu bat.

2014/11/2

HILETAK Heriotzearen alde soziala sinplifiketako joerea dago gure eskualdean

Sasoi hobeak bizi izan dabez ortusantuak. Paseatzeko leku aproposak dira, herri horren historia hilarrietan irakurri eta bertako seme-alaben bizitza eta heriotzak gogora ekarri edo imajinau bitartean. Baina heriotzearen inguruko ohiturak, araudia, prezioak, erlijino ugaritasuna eta ideologia aldaketak, euren erabilerea gitxitzea ekarri dabe. Ekarri dau baita be errituak ugaritzea gorpuaren atzen egoitzari eta agur zeremoniai jagokienean.

 

Apurka-apurka hildakoai agur zibilak egiten hasi dira Arratian, eta egon be badagoz katolikoa ez dan beste erlijino batzuk daukiezan herritarrak. Hori dala eta, Lemoako Udalak hileta zibilak egiteko, heriotzeagaitik agurrak opatzeko araudia ipini eban indarrean zezeilean. Honen helburua hildakoak bizitza ulertzen eban moduagaz bat eginda, erlijino barik bizitea hautatu daben personai zeremonia duin eta personala eskeintzea da. Ondino inork ez dau erabili. "Ez dogu kasurik izan, ez dogu eskaerarik euki eta orduan ez dakigu arautegia martxan ipinten dogunean zelan funtzionauko dauan. Uste dot nahiko zabala egin dogula ordutegiaren aldetik eta malgua, familiak berak gura dauan ordutegian egin ahal izateko" dino Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak. Aukerea hor dago, beraz, jenteak aukeratu dagian zelango agurra egin gura deutsan hil danari.
Arautegi horretan udalak zeremoniak egiteko lekuak zehaztu ebazan. Ez dira bakarrik barruko gelak, plazak be erabili ahal dira Lemoan. Kiroldegia, Pleno Aretoa, Arraibiko plazea eta Elizondoko plazea dira horretarako dagozan espazioak. Ordutegiaren aldetik, astelehenetik domekara egun guztietan egin ahal izango dira hileta zibilak, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara aste barruan, eta zapatu eta domeketan 10:00etatik 13:00etara. Eskabidea egin behar da aurretik eta ez da tasarik ordaindu behar.
Galarza ehorztetxeko Dimako beilatokian, barriz, egin izan dabez hileta zibil batzuk. "Gero eta hileta zibil gehiago egiten dira baina ehunekoa ez da handia ondino. Hurreko batek zerbaist irakurten dau, hildakoa dagoan gelan zein sarreran" azaldu deutso BEGITUri Tomas Zamakona Galarza Funerariako gerenteak.

Erraustutea gehienen aukerea
Arreta psikologikoa familiari, dokumentazinoaren tramitazinoa, gorpua jaso eta txukundu, beilatokira edo zeremonia egingo dan lekura eroan, erraustu edo lurperatzea izaten dira hileta zerbitzurik erabilienak. Balsamatzeak egin behar izaten dira gorpua atzerrira bialdu behar bada eta gorpuaren errekonstruzinoa oso kasu bakanetan egiten da gurean.
Atzen urteotan, hiletetan egiten dan tramite erlijioso eta soziala asko sinplifikau da, bai mentalidade aldaketeagaitik, bai arrazoi ekonomikoakaitik. Arratian hildakoen % 65 inguru erraustu egiten da. "Familiak ez dabe prozesua luzatu gura. Zenbat eta lehenago erraustu edo lurperatu, hobe; zenbat eta lehenago amaitu tramite soziala, hobe. Handikeria ez da nagusituko gurean. Gorpua gelan eukiteak jenteak ikusteko, diru bat balio dau. Lorak be ipinten dira. Jenteak ez dauka dirua sobran eta mentalidadea be aldatu egin da. Gaur egungo gastua, orain zapi urtekoaren % 25 edo %30 da" dino gerenteak. Bizkaian, legeak eskatzen dauan gitxiena betetzeak mila eta berrehun euro inguru balio dau. Fakturea asko igo da aspaldi honetan BEZa dala eta. Izan be, % 8 izatetik % 21 izatera pasau da; hau da, % 13 igo da.
Gaur egun, gehiago dira gorpua erraustea aukeratzen dabenak. Arrazoi bat, baina ez bakarra, merkeagoa dala da. 300 edo 400 euroren truke gorpua erre eta hautsak errauts-kutxa baten jaso daitekez. Dana dala, 2019an indarrean sartuko dan legeak panorama hau aldatu daike. Gas kutsagarrien isurketearen inguruko araudiak inbersino handiak eskatuko ditu gorpu-erraustegietan. "2019rako labe guztiak filtro barri batzuk euki beharko dabez. Honek suposatzen dau 400.000 euroko inbersinoa labe bakotxeko. Eta honek esan gura izango dau erraustearen prezioak gora egingo dauala eta oraingoaren bikotxa ala hirukotxa izango dala. Orduan jenteak kontuak egingo ditu barriro. Akaso, nitxo bat alokatzea merkeago izango da. Baina nik uste joerea errausketearen aldekoa izan behar dauala" dino Zamakonak.

Kanposantuak, hildakoagaz loturea manteniduteko
Ortusantuen erabilerea gero eta txikiagoa izan arren, desagertu ez dirala desagertuko uste dau Zamakonak. Etorkizunean zer gertatuko dan ez dago jakiterik, baina argi dago errausteak bentaja batzuk badituala. Dana dala, familiak jaubetzaren bat badauka kanposantuan, lurperatzea be izan daiteke aukera ona. Holan, hildakoagaz ez da loturea bat-batean eta guztiz eteten, hilobira bisitak egiten jarraituten dabe-eta seniartekoak. Lurperatzea ebatzi ezkero, gastuak handiagoak izaten dira, udalak tasa batzuk kobretan ditu lurperatzeagaitik, horretarako egin behar diran beharrakaitik, hain zuzen be.
Gainera lekua normalean ez da familiarena izaten, emakida luzeak izaten dira, 99 urterako, berbarako. Edo bestela nitxo bat alokatu behar da. Nitxoak, normalean 10 edo 15 urterako alokatzen dira eta urte horreek pasetan diranean, gorpuzkinakaz zer egin ebatzi behar da barriro. Izan be, ortusantu batzuk hazurtokiak izan arren, danak ez daukie hazurtokirik. Normalean, familiak hazurrak erretea ebazten dau.
Baina kanposantuak hildakoak lurperatzeko leku bat baino gehiago dira. Memoria lekuak izaten dira, herri baten historia kontetan dabenak eta Arratiakoak be bertoko memoriaren zati bat gordetzen dabe. Herriak bizi izandako dramak gogora ekarri, eta herri horren seme-alaba maiteenak edo personaje historikoak bisitau daitekez ortusantuetan. Ortusantu batzuk ezagunak dira bertan batzean dan arteagaitik, beste batzuk pasealeku ederrak izaten dabez. Turismoa erakarten dabenak be badagoz, Erromako Katakunbak, Parisko Père Lachaise edo Berlingo juduen hilerria, berbarako.

Gitxiago eskatzen diran zerbitzuak
Beste herrialde batzuetan, Frantzian esaterako, ohikoa da astebete edo hamar egun pasetea personea hil danetik erre edo lurperatu arte. Holan astia emoten dau urrinekoak hurreratzeko edo ekitaldiak egiteko. Kasu honeetan balsamau egin behar izaten da gorpua.
Atzerrira bialdu behar danean balsamatzen da gurean gorpua. Tramiteak luzeak izaten dira eta dokumentazino guztiak egin bitartean, astebete edo 10 egun pasau daitekez.
Balsamatze legala mediku forenseak egin behar dau. Formola sartzea da. Odola kendu eta formola sartu, beste gauza batzuen artean. Hileta zerbitzuko enpresak tramitetan dabe hori eta forensea euren instalazinoetara joaten da. Osasun sailak baimendutako konserbazino eta balsamatzerako gela bat dago Dimako Galarza Funerariako beilategian.
Istripu bat egon danean eta gorpua txarto geratu danean, berregite beharrak egiten dabezan taldeak egoten dira. "Guk ahal doguna egiten dogu, baina badagoz horretan espezialduta dagozan taldeak. Arpegia berregiten, batez be, behar ikusgarriak egiten dabez. Kobrau be holan kobretan dabe. Normalean ez da holangorik eskatuten. Hemen berregite bakarra egin dogu. Bankari baten semeari egin eutsen eta Frantziatik etorri zan ha berregiteko taldea" dino Zamakonak.

Hilerriko tasak
Herri guztietan pagau behar dira tasak hildakoa kanposantuan ehorzteko, baina tasak desbardinak dira udalerriaren arabera. Gure eskualdean, Lemoak, Bediak eta Zeanurik bertan erroldatuentzat daukie tasarik bajuenak. Garestiago urteten jako familiari senidea Artea edo Zeberioko ortusantuetan lurperatzea.
Hilobien emakida merkeenetakoak Lemoan (435,35€), Bedian (450,75€) eta Igorren udalerrian erroldatutakoentzat  (518,51€) dagoz. Areatzan, barriz, hilobia 10 urterako hartu ezkero 1.000 euro pagau behar dira eta 2.500 euro 50 urterako bada. Zeberion, 1.200 euro herrian erroldatuak eta 1.800 euro ez erroldatuak.
Gorpua lurrean, panteoian edo nitxoan sartu daiteke eta hemen be pagau beharrekoa desbardina da herriaren arabera. Lurrean sartzea, bataz beste, ehun euro inguru izaten da. Lemoan 73,10 euro dira, Zeberion 262,50 euro eta Artean 250 + BEZa. Panteoian bada, Zeanurin erroldatuak 89,70 euro pagauko dabe eta Igorrekoak 178,51euro. Nitxoan sar- tzeak barriz, 66 euroko prezioa dauka Bedian, eta 150 euro + BEZa, Artean.
Baina hor ez dira amaituten gastuak, alokairua edo emakida agortutakoan, hazurrak atera egin behar izaten dira eta. Herri ba- tzuetan prezio bardina izaten dau sartzeak eta aterateak; Zeanurin eta Zeberion, berbarako, eta beste lekuetan aldea ez da handia izaten. Holan, Artean, lurrean sartzea 250 + BEZ a bada, ateratea 240 + BEZa da. Igorren tasa desbardinak dagoz gorpuak ehortzirik pasau dauan denporearen arabera. Hau da, urte bi baino gitxiago igaro badira eta baimen judiziala izan ezkero, 195,52 euro pagau behar dira; 2tik 5 urtera pasau badira, 148,77 euro eta 5 urtetik gora pasau bada, 97,76 euro.

2014/10/14

IRUNE GURTUBAI "Ausartu egin behar zara, hemen etxoten geldituten bazara ez dator inor"

Irune Gurtubaik 27 urte daukaz eta produktorea da. Elorrion bizi izan da baina Igorren daukaz familia eta baserria. Orain tartekatu egiten ditu Edinburgo eta Arratia, hile pare bat han, beste bat hemen. Kamara aurrean egotea ez jako gustetan, atzean gogor dabil beharrean ostera. Esku artean Picadero pelikuleagaz dabil momentu honetan. Casting-a egin eben Igorren, besteak beste pelikulea Arratian grabauko dalako. Denpora gitxian bizi dauzan esperientziak partekatu dauz BEGITUgaz, Euskal Zinemagintzeari be errepaso txiki bat emonaz.

 

Irati Urien


Ze ikasketa egin dozuz?
Ikus-entzunezko Komunikazinoa ikasi neban Eskoriatzako Mondragon Unibertsitatean. Behin amaituta Edinburgora joan nintzan zineko master bat ikasten. Urte betekoa zan. Ostean Dubaira joan nintzan biziten, eta produktora baten ibili nintzan beharrean. Gero barriro be Edinburgora joateko beka bat lortu neban, MFA bat egiteko. Doktoretza bat egitea lez da, bekea lortuten dozu eta ez daukazu klaserik baina unibersidadera zoaz eta aukeratu dozunaren inguruan egiten dozu behar, teoria barik praktika atzenean.


Produktorea zara. Zer egiten dau produktoreak?
Hasikeran gidoia idazteko prozesuan zuzendariagaz eta gidoilariagaz lanean hasten zara, feedback-a. Irakurri egiten dozu eta zure eretxia modu objektibo baten emoten dozu gero eurak pentsau eta aldaketak egiteko. Izan be, gidoi bat idazten danean lehenengo zirriborroa idazten dozu baina gero aldaketak egiten dira eta atzenean grabetan dozuna seigarren zirriborroa da. Asko aldatuten da. Behin gidoia eukita hurrengo pausuak pelikulea egiteko dirua lortutea, taldea lotutea, aktoreak... dana organizetea da. Lan pilo bat da. Behin grabauta dagoanean post-produkzinoa hasten da, eta dana eginda dagoanean distribuzinora pasetan zara...


Zer dakargu Picaderok?
Krisiari buruzko pelikula bat dala esan leiteke, baina bikote baten zentretan da, urtetan hasi barri dan pareja baten. Orduan gai serio bat da baina bikote honen bitartez kontauta umore ikutu bat dauka. 27 eta 28 urte daukez. Mutila praktiketan dago baina ez dau kobretan, bere denporan ikasi eban eta orain lantegi baten dabil beharrean baina ez deutsie pagetan. Neskea ostera bigarren masterra egiten dabil, Arte Ederrak ikasi eban, irakasle izateko masterra be egin eban baina ezin dau beharrik topau, orduan bigarren master bat egiten dabil. Biak euren gurasoakaz bizi dira. Egoereak euren erlazinoan zelan eragiten dauan ikusten da.
Bikoteak erlazino sexualak euki gura dauz baina ezin dabe, beti dago baten bat etxean, kotxerik be ez daukie... hori dala eta pikadero bat topetan dabiz, bakarrik egoteko momentu bat.


Aktore/aktoresa ezagunik agertuko da?
Bai. Joseba Usabiaga, Goenkaleko "Tximista" da mutila. Eta Barbara Goenaga neskea. Eurak dira protagonista nagusiak, bikotea.


Nozko pantailan?
Pare bat aste barru teaser-a grabauko dogu. Teaser-a trailerraren antzekoa da, baina laburragoa. Publiko egin zeinke eta jenteari erakutsi, zer datorren probetako. Baina inbersoreai erakusteko be izaten da, dirua ipinten dauan jenteari. Izan be dirua ipinten dabenari zer izango dan ikustea gustetan jakie. Pelikulea martian grabauko dogu. Pelikulea bera datorren udarako egongo da prest. Lehenengo festibaletara eta bilduten ahaleginduko gara, eta horren arabera datak zehaztuko dira.


Casting-a egin zenduen Igorren. Espero zenduen etorri zan jente kopurua?
Gitxiago agertuko zirala pentsau genduan. Kultur Etxeko langilea berandurarte euki genduan bertan, jente asko etorri zan.


Aukeratu dozuez casting-ekoak?
Ez. Bat aukeratu dogu, urrietako teaser horretan agertuko dalako baina hori atzenean pelikulako eszena bat baino ez da, orduan horretarako persona bat bakarrik behar genduan. Martiarako gehiago beharko doguz. Teaser-a grabau ostean, zemendia inguruan, libretxoago egongo garanez orduan hasiko gara estrak aukeratuten.


Sariren bat irabazitakoa zara Lekeition, ezta?
Bai. Orain dala urte pare bat laburmetraje bat egin genduan zuzendari honegaz, Igorreko Luzetu Barik lehiaketan be aurkeztu genduana. Lekeition, Lekeitioko Zine eta Bideo eta Bileran aurkeztu eta narratibako lan onena irabazi egin genduan The Zealot lanagaz. Behar hori Indiako festibal baten egon zan, Ameriketako Los Angeleseko festibal baten be finalistak izan ginan...


Ezagun da mundu honek zaletasun dozun biajetako aukerea emoten deutsula...
Bai, hori egia da. Atzenean apur bat libreago zara mobiduteko. Dubain urte bete egon nintzan, Saharara be joan nintzan, Irlandan praktikak egin nebazan... Urten egin behar dozu, hemen etxoten geldituten bazara ez dator inor.


Zelan ikusten dozu Euskal Zinemagintzea?
Euskal zinearen industria nahiko txikerra da baina atzenean Euskal Herria be ez da hain handia. Nik pentsetan dot polito dabilela. Aurten Zinemaldian egon naz eta sekzino danetan euskal pelikula bat egoala komentetan ibili ziran. Hori oso ondo dago. Torontoko Zinemaldian egon nintzan orain dala hile bat eta han ikusi neban lehenengoz Loreak-en posterra, Kanadaraino heldu ziran.


Loreak zinemaldiko sail ofizialean guztiz euskeraz dan lehenengo pelikulea da. Ikusi dozu? Holan bada, ze kritika egiten deutsazu?
Ikusteko aukerea euki neban eta asko gustau jatan. Sano ondo egindako pelikulea dala uste dot, teknikoki maila altua dauka. Polita da ikusteko, bai planoak, bai irudiak, bai istorioa.


Nora gustauko litxakizu heldutea, non ikusten dozu zeure burura etorkizunean?
Pelikulak eginda bizi ahal izatea gustauko litxakit. Hortik irabaztea.


Zuzendari edo produktore bat?
Beti gustau izan jata zinea, pelikula asko ikusi dodaz. Orduan gatxa da aukeratutea.


Eta pelikula bat?
Beste horrenbeste. Halan da be asko gustau jatan ¡Olvídate de mi!, Kate Winslet eta Jim Carrey-ena. Denporeagaz asko olgetan dau.


2014/10/13

ARGAZKI LEHIAKETEA "Castellet" izeneko argazkiak irabazi dau Oporretako BEGITUren Argazki Lehiaketea

Areatzako Miren Urutxurtuk BEGITUra bialdutako "Castellet" izeneko argazkia izan da aurtengo Oporretako Argazki Lehiaketako irabazlea. Irabazleak gau bat landetxe baten izango dau saritzat. Bigarren, Kattalin Astondoak bialdutako "Oinatzak Urdaibain" izeneko argazkiak egin dau. Honek be saria izango dau: AMEk emondako 50 euroko bonoa, Igorreko dendetan gastetako.
Guztira 55 argazki jaso doguz. Hogetabost arratiarrek konpartidu dabe BEGITUren irakurleakaz eurentzat berezia izan dana. Momentu eder horreetako batzuk dakarguz hona.

2014/9/30

MAITANE OLATZ BILBAO ETA XABIER SAGARNA "Ebitau daitekezan gaisotasunez hilten diran umeen izenak eta arpegiak ezetu doguz Nigerian"

 

Maitane Bilbao eta Xabier Sagarna Areatzakoak Nigeriako ume bat adoptau dabe. Martian joan ziran Lagos-era ume bila, baina asignautako umea ezin izan eben adoptau eta hiru hile eta astebete egin behar izan eben bertan beste ume bat esleitu arte.
Denpora horretan Nigeriako umezurtzen egoerearen barri euki eben hur-hurretik. Nigeriako umezurtzentzat egunerokoa burruka latza da, eta asko dira hilten diranak goseak, beherantzakoak edo malariak jota. Errealidade gordin honen gainean egin dabe berba BEGITUgaz.

 

Adopzino prozesua noz hasi zan eta zergaitik aukeratu zenduen Nigeria?
X.S.: 2012an hasi ginan adopzionoko ikastaro eta beharrezko prestakuntzeagaz Bizkaiko Diputazinoan. Kurtsoak egin bitartean Nigeria aukeratu genduan, bertan adopzinoa beharrezko garantia eta gardentasunagaz egiten dalako.
M.B.: Urte biko prozesua izan da. Laburra, adopzino munduan dabizenentzat.

 

Baina gero, han Lagosen, gauzea uste baino gehiago luzatu zan, ezta?
M.B.: Bai. Martian joan ginan hemetik. Printzipioz lau asteko egonaldi bat egiteko: gure umea izango zana hartu, atzenengo papelak egin eta bueltetako asmoz, baina hainbat konplikazino suertau jakuzan, danak batera, eta luzatu jakun egonaldia hiru hile eta astebetera arte.


Lagosen egon zinien bitartean non hartu zenduen ostatu?
X:S.: Familia baten etxean.
M.B.: Familia horrek adoptanteak  hartzean ditu adopzino agentziaren bitartez. Eurak dirutxo bat jasoten dabe holan. Danimarkako beste bikote bategaz eta Frantziako beste bategaz egon ginan. Polita izan zan alkar ezagutzea.


Zergaitik luzatu zan hainbeste egonaldia?
M.B.: Asignazino bategaz joan ginan, baina asignazino horrek fallau egin eban, umea ezin izan genduan adoptau eta han gengozala beste proposamen bat egin euskuen. Prozesua zerotik hasi behar izan genduan eta horreri Espainiako konsuladuagaz euki genduzan problemak gehitu behar jakoz.
Han gengozala lege barri bat aprobau zan. Lege horren arabera adoptau behar ziran ume guztien ikerketa bat egin behar zan adopzinoa legala zala bermatuteko. Espainiko Kontsuladuak gure dokumentuak ikertuteko hiru hilabete eskatuten ebazan, artean umea umezurztegian itxiteko esanez. Hori izan zan batez be, egonaldia luzatu euskuna.


Lege aldaketa hau onerako ala txarrerako izango da?
M.B.: Ona da bermatutea legala dala, bai gurasoentzako, baita umeentzako be. Ezin dana da inbestigazino honeek ipintearren, umeak hiru edo lau hile gehiago egotea umezurztegietan, han dagoan egoerea oso txarra dalako. Eta batzuetan pasetan da,  hiru hile horreetan umea gaisotu edo hil egiten dala.


Zelango egoeratan dagoz adopzinoan emoteko dagozan umeak?
M.B.: beharrizan handia dago. Nigerian umezurztegi asko dagoz, bazter bakotxean bat, baina kalean be ume asko dagoz. Oso oso egoera gogorra da umeentzako. Babes falta handia eta umezurztegi baten izateak ez deutse bizi iraupena bermatzen.
X.S.: Familiak be ikusi doguz eta han ikusi dogu umearoa dala arin pasau behar dan sasoia. Kaleko ume asko dagoz, 6 urtetik aurrera neba-arreba lepora estututa, merkantzia buruan kaminoan saltzean dabizanak. Horreetako gehienak etorkizun baltza daukie: mutilak armak eta neskak prostituzinoa.
M.B.: Umezurztegiak nongura, umeak hainbat gura. Bertako hiru hilabeteak askorako emon dabe eta gogorrena errealidade horregaz bizitea izan da, jakinda ezin dogula egindakoa baino gehiago egin. Ondino grabauta daukat 6 urteko neskatxi batek zelan opatu eban bere burua gure umea jagongo ebala eta geugaz eroateko esanez. Sukaldatuko ebala eta etxea garbituko, baina eroateko. Edo zelan zerbitzari batek bere mutikoa gure alabeagaz ezkontzea opatu euskun, Europan txarto bada be bertan baino hobeto biziko zalakoan.


Malaria euki ahal da kontrolpean eta goseagaz amaitu ahal da, baina borondate politikorik ez dago. Ez Nigerian, ez mundu mailan, ezta?
M.B.: Nigeriako errealidadea kontraste handikoa da eta jente gehiena egunean, euro bategaz baino gitxiagogaz bizi da, petroliotik ateraten dabizen diruagaz gitxi batzuk aberastuten diran bitartean. Eta sei-bederatzi ume daukiezan familietan gosea ikusten da.
Hain urrin ikusten genduan hori, hiru minuturo ume bat hilten dala malariak jota, lau minuturo goseak... hori bete egiten da.


Hain esperientzia gogorrak markau egin zaitue?
M.B.: Argi daukagu traba burokratikoen gainetik umeakaitik merezidu dauala eta han bizi izandakoa bizitza osorako grabauta geratuko jakula. Atzen baten medioetan entzuten diran datuai arpegia eta izena ipini deutseguzalako eta hori ezin dalako hain errez ahaztu. Politika mailan ikusita herrialdeak daukan garapen maila eta korrupzinoa eta abar nik esperantzea galduta daukat eta ez dot pentsetan konponbide bat dagoanik epe labur batera. Baina beti segidu egin behar da burrukan eta pentsetan, zeozer hobea lortu ahal dala.

2014/9/30

HARRIKETARRAK GAZTE ASANBLADEA "Gura dozun bizia eregiten ikasteko espazio bat da Karabie, beti kolektiboan"

Hamabost urtean barikuro batuta "bizitza zoriontsuen fabrika" eregitea lortu dabe Lemoako hainbat gaztek. Euretako hirugaz egon da BEGITU Asier Iturrate, Laura Ruiz eta Begoña Barroeta Karabie Gaztetxeko parte dira. Harriketarrak 15. urteurrena ospatuteko jaialdi berezia prestatu dabe hilaren 24, 25 eta 26rako.

 

Irati urien

 

"15 urte bizitza zoriontsuen fabrikan" da aurtengo leloa. Nondik dator?
Laura Ruiz: Urteak daroaguz herrigintzan, herri gris bat koloreztatuten. Aldaketa bat emoten dabil herri mailan, tartean udala be aldatu dalako. Hemetik aurrera Gaztetxean papela berkokatu egin behar izan dogu, eta bizitza zoriontsuen fabrika berkokatze horretako ibilbidea da. Kolektiboan zoriontsu biziteko alternatibea eta espazioa hau dala, Gaztetxea bera dala.
Asier Iturrate: Honeetan hamabost urteoneetan pilo bat gauza eregi dira hemen, baina dana bizimodu on baterako, kolektiboan zoriontsu biziteko.


Zer dakizue hasikerearen inguruan, zer kontau deutsue?
Begoña Barroeta: Badakit lehenengo Gaztetxea han goian egoala. Lehenengo asanbladea eskoletan izan zan eta gero handik Karabira joan ziran, hortik dator izena. Herrian ez ei egoan ia ezer, orduan gazte talde bat batu eta antolatuten hasi zan bai eurei begira eta bai herriari begira.
L.R.: Urtebete egon ziran goian, erre egin zan arte. Gero lanketa bat  egin zan, Gaztetxe barik baina gazte asanbladea martxan egoan. Herrian lanean ibili ziran, eta urtebete pasau orduko hainbeste sinadura lortu ebezan. Gazteak merezidutako espazio bat irabazi ebela demostrau eben.
A.I.: Udalak ezin izan eban ezetzik esan. Firma lanketea atez ate egin zan, egundoko beharra egin eben.
L.R.: Sarritan dinoe zelan gaztetxe hau ez dan okupautakoa, udalak emondakoa baino. Baina niretzat ez da udalak emondako espazio bat. Gazteak eta herriak lortutako espazioa da. Ez okupazinoz, baina bai gazte eta herri indarragaz lortutakoa.


Hasikerako filosofiak segiduten dau?
A.I.: Nik aldaketa txiker bat igarri dot. Atzen finean belaunaldiak aldatu egin dira, beharrizanak aldatu egin dira eta izakerak be aldatu egin dira. Herria mobiduten hasi da, orduan beharrizan eta izakereagaz batera filosofia be garatuten joan da. Eta garapen horretan filosofia be aldatu egin da.
L.R.: Momentu baten kultur eskeintzea inertziaz emoten ibili ginan, dinamika bat sortu zalako eta Gaztetxea sano potente ibili zalako. Baina gauzak zelan egiten gabizen pentsetan parau gara, garrantzia zeri emoten gabizan. Horregaitik apur bat barrura begira gabiz, gure arteko hartu-emonak, hemen bizi doguzan bizi esperientzien barri zelan emon. Ideologia aldaketa edo momentuak eskatuten dauan aldaketea da. Ez hobea ez txarragoa, garapena.

 

Harriketarrak Gazte Asanblada barik Karabirik ez...
B.B.: Nik urte bete daroat asanbladetara etorten baina orain dala hamabost urtetik hona barikuro egin ei dira batzarrok, eta hori gauza handia da. Gaztetxean hazi diranak duda barik badakie barikuetan asanblada dauala, inertziaz ikasten dan gauza bat da.
L.R.: Asanblada da hemeko erabagite gunea, eta hor ebazten da dan-dana.


Babestuta sentidu zarie?
A.I.: Hau herriaren babesagaz lortu zan, orduan parte horretatik bai.
L.R.: Udalaren babesa falta izan jakun bere momentuan. Mehatxuak eukitakoak be bagara. Negu oso bat kalefazino barik euki ginduezan ia hemetik joaten ginan, herrian pintadak agertu ziran eta Gaztetxekoak izan ginala esan eben eta Gaztetxeak pagauko ebala...

 

Bide honen ze balorazino egingo zeunkie?
L.R.: Bizitza zoriontsuen fabrikea. Atzenean bizia benetan emoten deutsuna. Emoten dau zoriontasuna itzelezko kotxe bat eukitea dala, baina guretzako ez da hori. Bizitza zoriontsu baterako kolektiboan bizitea, sortutea, ahalik eta modurik justuenean bizitea, danok ondo egotea... topau behar dozu, eta guk hori hemen topau dogu.
A.I.: Beti burruka bategaz, beti hausnarketa bategaz. Ez da ahaztu behar.


Zelako etorkizuna aurreikusten dozue? Badago erreleborik?
B.B.: Ez da errelebo kontua, baina ikusten da belaunaldi bat pasau dala. Askok euren eguneroko bizimodua hemen egiten segiduten dabe baina ardurak beste batzuei ixten hasi dira.
L.R.: Halanda be, ekintzak danonak dira, danok segiduten dogu ekarpenak egiten. Lehenagoko Karabiera sartu ziranak ekarpenak egiten segiduten dabe hemen, eurak barik ez ginan ezer izango eta orain be behar doguz. Erreleboa inportantea da eta emon egin behar da, baina hau gure etxea da eta gure etxea izaten segiduko dau.

 

Zuek gaztetxea egonda hazi zarie. Imaginauko zeunkie berau bako bizimodu bat?
L.R.: Ez dakigu zer egingo geunken hau eukiko ez bagendu. Guretzat hau da eguna pasetako era bakarra. Eskualdeko herrietan errealidade desbardinak dagoz. Ohiturak beste batzuk dira eta badakigu zenbat kostetan dan ohiturak aldatutea. Gureak hemen zentretan dira, Gaztetxean. Amaierarte egingo dogu burrukan, ez dakigu beste era batera egoten eta. Pentsetan dot orain gazteen artean asko pasetan dala "ez daukat denporarik" entzutea. Sistemeak sartu deusku erretolika hori atzenean, ezertarako denporarik ez izatearena, ikasteko eta beharrerako baino ez, indibidualismo hori.
A.I.: Eta guk justu kolektibidade zentzu hori daukagu, egunero pasau behar gara Gaztetxetik. Bakotxak era batera bizi dau, eta era guztiak dira politak.
L.R.: Gaztetxea aldatuko da, hemeko jenteak gura dauana izango da. Momenturen baten aste barruan zabalik egon behar ez bada, ez da egongo.


Zer esango zeunskie herrian gaztetxe bat euki ez dabenai?
A.I.: Pena bat dala, sano aberasgarria dalako. Asko gozatuten dozu. Bizi esperientzian nortasunean, bizi ereduan... danean eragiten dau.

 

Pasadizo latz zein ederren bat?
L.R.: Gure txosnea uda guztian hortik zehar ibilten zan. Arantzazura heldu zan, atzenengo jaiak ziran, sanfaustoak. Udalak itxitako lokal baten itxi eben. Hainbeste denporan egon zan bertan, eta egun baten etxe hori bota egin eben. Gure txosnea txatarra bat zan baina geunkana zan eta digustua hartu genduan. Matrakan Arantzazukoakaz, gu geure artean, eurak euren artean... burukomin batzuk emon ebazan. Bestela hamargarren urteurrena itzela izan zan, negar egitekoa. Hirurehun persona baino gehiago egon ziran herri afarian.
A.I.: Onak mila. Stankeik, kortoak, Korrikarako lipduba...


15. urteurreneko ospakizun jaialdirako zer prestatu dozue?
B.B.: Hilaren 24, 25 eta 26an izango da. Barikuan poteoa, afaria, emonaldia eta Stankeik. Zapatuan kalejira koloretsua, afaria eta kontzertuak: Eskean Kristo, sorpresa bat, Willis Drummond eta Izerdi Gorria. Domekan batuteko auzolan girotua, eta txokolatea.


Zer da zuontzat Karabie?
L.R.: "Bizitzarako unibersidadea". Gura dozun bizia eregiten ikasteko espazio bat da Karabie, beti modu kolektiboan.

2014/9/14

Soka bategaz trailer bat mobiduko dabe igorreztarrak Inbiu Egunean

Hilaren 20an, "Inbiu" Igorreko Euskera Eguna ospatuko da. Egun horretan, igorreztarrak soka batetik tiraka trailer handi bat mobiduko dabe Agirre Lehendakaria kaletik zehar, Gau Lora tabernaren paretik Kultur Etxe pareraino. Euskerearen normalizazinoaren metafora da kamioia eta aurrera egin daian, danen ahalegina beharrezkoa dala irudikatu gura dabe holan.

 

Ekintza ikusgarri hau arrastian izango da. Goizean alkarteen azoka bat egongo da eta han Arratiako hainbat alkartek emongo dabe egiten daben beharraren barri. Bertan egongo da Zertu Kultur Elkartea, BEGITU hamabostekari hau argitaratzen dauan alkartea, edo Beinke!, Merkatarien Euskera Taldea. Arratia Bizirik-ek, Igitiek, Astrapaleak, Nokak, Motxoganek, AMEk eta beste askok be eukiko dabe euren mahaitxoa inofrmazinoa emoteko.
Azokearen inguruan, barriz, ekintza dinamikoak egongo dira, honeek be alkarteak egindakoak. Luis Iruarrizaga Abesbatzak hasikerea emongo deutso azokeari kanta bat abestuz, eta gero jantza taldekoak jantza batzuk erakutsiko deutseez interesatuta dagozanai.
Inbiu Eguna, "herritarrai akordau arazoteko ondino behar handia dagoala euskerearen normalizazinorako" sortu zan orain 14 urte Amaia Arauzo Igorreko Euskera Teknikariak jakinarazo dauanaren arabera, eta urri lehenengoan egitea ebatzi zan, ikasturte hasikeran, Euskera Planaren barri emoteko. Planaren barri modu ludikoan emoten saiatzen dira Igorreko Euskera Zerbitzukoak, eta lortu be, lortzean dabe. Alde horretatik, ezin ahaztu Lip dub-a, edo Mihiluze Txapelketea, esate baterako.
Herritarrentzat Inbiu Eguna jai bat izan arren antolatzaileen helburua harago doa, "beti ahalegintzen gara zelan edo halan mezuak bialtzen, sensibilizatzen, Planaren barri emoten..." dino teknikariak.
Horretarako panelak egongo dira aurten, bai Inbiu Eguneko azokan, bai egun batzuk lehenago Kultur Etxeko Erakusketa gelan. Parte hartze batzarretatik ateratako informazinoa egongo da panel honeetan, eta herritarrak ekarpenak egin ahal izango dabez pegatinen bidez.

Plan Barria egiten
Igorreko Euskera Plan barria hasi dira egiten. Lehenengo Euskera Plana, 2003-2006. urte bitarteko Plana izan zan. Han, helburu nagusi moduan, herrian euskerearen erabilerea handitutea eta euskeraz biziteko aukerea posible egitea zehaztu ziran. Planaren ebaluazinoa egin eta beste bi urtez luzatu zan Plana, 2007-2008 urteetan hain zuzen; eta 2009an EBPN onartu zan, 2009-2012 indarraldia ebana. Gero, Planaren ebaluazinoa egin ostean, 2013-2014 urteetarako Plan barria onartu zan.
Orain, hurrengo bost urteetan indarrean egongo dan Plana egiten dabiz igorreztarrak. Horretarako, Euskera Planeko Batzorde eragilea hilean behin batzean da, eguaztenetan 19:00etan, Kultur Etxean. Bertan Teknikariak bideratuta, herritarren parte-hartzeagaz, Plana diseinau, garatu eta ebaluau egiten da.
Aldaketa batzuk egon dira lehenengo Plan haretatik gaurkora. Lehen EBPN (Euskera Biziberritzeko Plan Nagusia) zan, eta orain  ESEP (Euskera Sustatzeko Ekintza Plana) da, eta horretara egokitu behar dira Euskera Planak, Igorrekoa be bai. Aldaketarik nagusiena, ESEP erabilereari begira dagoala da.
Dana dala, Igorreren kasuan, Euskera Teknikariaren kezka nagusia da, herrian jenteak ez dauala euskerearen inguruan ezelango kezka edo tensinorik somatzen. Izan be, Igorre euskalduna dala eta danak dagozala euskerearen alde pentsetan dabe askok eta euskerea bultzatzeko beharrizanik ez dabe ikusten. Euskera Planeko Batzorde eragilean horreri buelta batzuk emoten ibili ziran, eta landu beharreko hiru lehentasun esparru markau ebezan. Eta atzenengo urteotan horreetara bideratu dabez indarrak eta baliabideak.
Lehentasuna daukan lehenengo esparrua, hizkuntzearen transmisinoa edo sozializazinoa da. Gaur egun, transmisino kontzeptua apur bat krisian dago eta hizkuntzearen sozializazinoa esaten dala azaldu dau Arauzok, "hizkuntza ez dalako familiatik bakarrik jasoten, eskolatik eta bardinkideakaitik be jasoten dalako. Kontestua aldatzen dago eta hizkuntzearen transmisinoa bera be bai".
Lehentasunezko bigarren esparruak gazteak hartuten dauz jomuga. Atzenenengo kale erabilerearen neurketeak, Igorren euskerearen erabilereak behera egin dauala gazteen artean erakutsi eban. Euskal Herrian orokorrean, barriz, kontrakoa gertatzen da.
Hirugarren lehentasun esparrua euskalduntzearena da. Hemen Igorreko joereak Euskal Herrikoagaz bat egiten dau: hau da, euskaldunen porzentajeak zertxobait behera egin dau.
Horregaitik, parte-hartze prozesua antolatzerakoan, deialdi zabal bat egin beharrean, lehentasun esparru horreetako eragileakaz batu dira batzordekoak, hizkuntzearen transmisinoan agente diranakaz batez be: guraso, aitita-amama, alkarte eta irakasleakaz, hain zuzen be. Gazteakaz eta politikariakaz be batu dira. Eta parte hartze saio horreetan jasotakoa ikusgai egongo da Inbiu Eguneko alkarte azokan, "Geurea erakutsi, igorreztarron azoka" lemapean. Parte hartze saio horreetatik, Euskera Planeko batzordekoak, euskereari lotutako beharrizanak, arazoak, nondik jo eta zertan inbertidu jakingo dabe.
Planak, bai EBPNk eta bai ESEPek bidea finkatzen dabe, esparruak eta esparruon helburuak zehaztu, eta zeharlerroetan zer landu behar dan agertzen dabe: sensibilizazinoa, motibazinoa, euskerearen prestigioa, lidergoa, eredugarritasuna eta jarkera aktiboak, besteak beste. Horreri guztiorreri formea emon behar deutsie Plana egitean, baina Igorrekoak ez dira zerotik hasten eta hainbat esparrutan ibilbidea hasita dago, merkataritzan edo alkarteakaz, kasurako.
Plan barriaren aurkezpena herri mailan abenduaren 3an egiteko asmoa daukie Euskera Zerbitzukoak.

Euskerearen erabilerea Igorren
Lehentasunezko esparruak ebazteko eta Plana bera egiteko, Soziolinguistika Klusterrak egiten dituan Kale Erabilerearen Neurketearen emoitzak erabilten dira. Lehenengo neurketea 2001 urtean egin zan, bigarrena 2006an eta hirugarrena 2011n.
Hamar urte horreetan, 10 puntu egin eban gora euskerearen kale erabilereak Igorren. Datuak ez dira txarrak eta aurrerapausuak emon dirala erakusten dabe. Baina edade taldeka aztertzean, kezkea eragiten dauan joerea agertzen da. Izan be, Igorren, Euskal Herrian ez bezela, gazteen arteko euskerearen kale erabilereak behera egin dau: 2006an % 43,5etik 2011ko % 35era pasau zan, Klusterraren datuen arabera.
Atzenengo Planean, eta gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzeko, beste udalerri batzuetan be egiten dan "Kuadrillategia" ekimena ipini dabe martxan Igorren. Ekimen honen helburua kuadrilla barruko hizkuntza ohituretan eragitea da. Kuadrillak izena emon, eta gazteak eskatutako ekintza ludiko bat egiten da, hilean bitan, barikuetan: barreterapia, eskalada edo tupper sex, esate baterako. "Oso arrakastatsua izan da, 20 gazte ibili dira proiektu horretan. Hiru kuadrillagaz, 14-16 urte bitarteko gazteakaz, lan egin dogu. Orain, Gazte Plana dagoanez, Gazte Planak hartu dau Kuadrillategia ekimena" dino teknikariak.
Ez da hori izan, euskerea sustatzeko gazteakaz egindako ekintza bakarra. Holan, Institutuan, DBHko 3. kursoan lagunarteko hizkera informala landuteko ikastarotxo bat emongo dabe, aurreko ikasturtean egin eben moduan. "Erregistro informalean baliabide falta izaten dabe gazte askok eta orduan baziletako, ligetako edo haserrea adierazoteko gaztelaniara joten dabe" dino Euskera Teknikariak.

2014/9/13

JON LOIOLA "Sarritan jausten zara, baina altzau eta aurrera segidu behar dozu"

Esan leiteke gurean ohikoa ez dan kirol bategaz etorri jakola Unai Loiola BEGITUri. Bost errudako lineadun patinak jantzi eta inertziaren laguntasunagaz aldatz beheran ibilten da. Lehenengo egunean, eperdiz frenetan ei eban, bigarrenean be bai, frakak apurtuteaz kantsau zan arte. Ekinagaz frenetan ikasi eban, berez zutunik bajatu behar da eta. Pare bat hile baino ez badaroaz be bigarren  gelditu zan Espainiako Txapelketan. 


Irati Urien

 

Praktiketan dozun kirolaren aurkezpen bat.
Patinetan jaitsierea izango leitike. 2005ean Espainiako Inertziadun kirolen Federazinoa (FDI) sortu zan, orduan lasterketak seguruagaz, anbulantziakaz... kondizinoetan egiten hasi ziran. Geroago Euskal Herrikoa be sortu zan. Patinena inertziadun kirol horreen barruko modalidade bat da. Kontua da mendiko portuak inertziaren laguntzeagaz bakarrik bajatutea, eta zelan ez arinena izatea.


Noz eta zergaitik egin zenduan kirol honetarako apustua?
Garagarriletik daroat Downhill egiten. Berez, patinetan urte bi inguru daroadaz. Frenetan ikasi neban, geroago paretan be bai eta behin aldatzak bajatuten hasi nintzanean asko gustau jatan. Ez neban jakin federauta dauan kirola danik ez ezer. Neska-laguna Kirol Zientzietan lizentziatua da eta asko lagundu deusta. Berak federau eta pilotu lizentzia egin eustan, lasterketakaz enterau zan... Egia esan bera barik ez neban jakingo zelan sartu honetan. Entrenadore personal edo sponsor moduan jokatuten dau. Tania Fernandez fisioterapeuteak be asko lagundu nau; gorputzak golpea hartu orduko asimiletan, prest egoten lagundu deusta kirol hau aurrera eroan ahal izateko. Fisikoki bakarrik ez, psikologikoki be bai. Izan be arriskua dauka, berez istripua eukitea arraroa da baina jausi ezkero golpeak sano handiak dira. Horregaitik da garrantzitsua Taniaren laguntasuna.


Ze proba dagoz?
Euskal Herriko Ligea, Espainiako Txapelketea, Asturiaseko Ligea, Leongo Kopea, Federazinoko Kopea, Euskal Downhill, Europako Txapelketea, Mundukoa... Nire debuta aurten izan da, Federazinoko Kopako karrerea egin neban. Bost lasterketa dira eta hirutan derrigor puntuau behar dozu. Nik hiru puntuauta daukadaz eta orain, hil honen 27an, finala daukat Puente de San Miguelen (Kantabria).


Zenbateko distantzia eukiten dabe lasterketak?
Normalean 2-3 kilometrotakoak izaten dira baina suertau daiteke kilometro batekoa izatea.


Distantzia horretan zein da bataz beste egiten dan denporea?
Bi edo hiru kilometro 1´40´´ edo asko jota 2 minututan egiten dira.


Hasi barria izan arren, zelan ikusten dozu zeure burua?
Hasteko ondo. Ez dodaz denpora txarrak egin, ez da egon karrera bat atzenengo gelditu nazanik.


Gogorra eta arriskutsua dala aitatu dozu. Estualdiren bat eukiko zenduan ba.
Bildur gehien etxeko lasterketetan pasau dot. Gernikakoa pasada bat izan zan, golpe ederra hartu neban, kaskoa be apurtu zan. Sarritan jausten zara, baina altzau eta aurrera segidu behar dozu. Pasetan dana da fidatuten bazara, sano arin bazoaz eta ibilbideak ondo egiten ez badozuz jausi egiten zarala. Abiadura nahiko handia da gainera, eta gorputzak lurraren edo zeozerren kontra jo leike.


Alde onik?
Duda barik. Berau praktiketeak dakarren adrenalinea, inertzia, munduko jentea ezetutea (mundialak dira!), sortuten dan giro ona, lekuak ezetutea...


Zenbatekoa da hartu zeinkien gehienezko abiadurea?
Ez dakit nik zenbatekoa hartu dodan gehienez, baina badakit ehun kilometro orduko hartu leitekezala. 50-60 sikeran sano erreza da hartutea. Hortik aurrera bildurra emoten dau.


Aldatz beheran abiadura handian zoazela zer daukazu buruan? Zer pentsetan dozu?
Hurrengo trazaua edo bidea. Kurba bat hartuten zabizen orduan hurrengoa zelan hartu pentsetan zabiz. Ezin da gauza lar pentsetan joan, segunduko milesimak dira eta.


Zelan prestetan zara?
Entrenamentuak? Laguntza profesional asko behar da. Konplikaua da, lasterketetara joan behar zara, eta hantxe entrenetan dozu. Bestela debekatuta dago, ezin da ibilgailuentzako bideetatik ibili. Zeozergaitik da, eta errespetau egin behar da.


Zelango ekipazinoa daroazu?
Norberaren gorputza. Ondo preparauta egon behar da, eta bestela babesgarriak. Buzo berezi batzuk dagoz. Nik motorreko fraka batzuk janzten dodaz, belaunetako ortopedikoakaz; goitik ezkutu bat daroat, osoko babesduna. Kasko integrala derrigorrezkoa da. Guztiz tapauta joan behar zara, asfaltoak erre egiten dau eta.


Zein da zure helburua?
Datorren urtean Frantziara joateko asmoa daukat. Lehenengo eta behin Pirinioetara. Hangoak lasterketa luzeak izaten dira, 6-9-12 kilometroko mendate nahiko garrantzitsuak. Momentu honetan entrenetan eta ikasten nabil bertara joateko. Bestalde, Arratian jaitsiera bat egiteko asmoa daukat.


Eskualdean bakarra zarala esan geinke?
Nik dakidala bai. Badago Basaurin Litus izeneko gizon bat, fenomeno bat. Hemen ez da asko praktiketan, gehien Frantzian eta Estadu Batuetan. Baina orain modan ipinten dabiz patinak. Jenteari animetako esango neuskio, ni lagunduteko prest nago. Facebook kontuan argazkiak eta bideoak daukadaz baten batek ikusi gura badauz. Ahaztu barik eskerrak emon gurako neuskie Mapi, Nekane eta bere familiari, Julen Agirreburualderi, Calixto Garciari, trizikloan bajatuten diran kamikazeai, beste pilotu askori, nire familiari, The Mocker’s Rock bandeari... euren babesagaitik; eta zuri, BEGITUri, interesagaitik. Egoitz Aranari be bai, berari esker baleiteke Zeanurin lasterketa bat eukitea eta, Azarieleri argazkiakaitik, eta zelan ez hasikeran aitatu dodazan Itxaso Elias eta Tania Fernandezeri, eurak barik ezin izango nintzalako bajatu.


2014/9/1

BEGOŅA PEDROSA Begoņa Pedrosak hartu dau HUHEZIko gestinoa hileon

Begoña Pedrosa Areatzakoa, Mondragon Unibertsitateko (MU) Humanidade eta Hezkuntza Zientzietako (HUHEZI) Fakultadeko dekanoa da. Zezeilan izentau eben eta lehenengo hilabete honeetan Nekane Arratibelegaz alkarlanean ibili da.
HUHEZIko dekanoak, Mondragon Unibertsitatearen ezaugarrien barri emon eta hezitzaile eta komunikatzaile profesionalen garrantziaz egin dau berba begitugaz.

 

HUHEZI Mondragon UnibeRtsitateko Fakultade bat da. Zerk bereizten dau Mondragon Unibertsitatea eta zerk HUHEZI bera?
Mondragon Unibertsitateak ekimen sozial batetik abiatzen dan proiektua dauka martxan eta lau fakultadek osotuten dabe: Goi Eskola Politeknikoa (Ingenieritza Fakultadea), Enpresa Fakultadea, HUHEZI eta Basque Culinary Centre. Proiektua, berez, Goi Eskola Politeknikoagaz abiatu zan 1940 hamarkadan. Arizmendiarrieta abadeak ipini eban martxan, gizarte eragile batzuen partaidetzeagaz. Ondoren, 1960ko hamarkadan, Enpresa Fakultadea ipini zan martxan. Gure fakultadea, HUHEZI Fakultadea, Eskoriatzako Irakasle Eskolearen lekukoa jasota sortu zan. Irakasle Eskolea 1976 urtean jaio zan, momentu haretan beharrizan jakin bat egoalako: irakasleak euskalduntzea. Eta 1997 urtean Mondragon Unibertsitatea sortu zan. Gastronomia Zientzietako Fakultadea, barriz, 2011n sortu zan, Donostian dagoan Basque Culinary Center izenagaz ezagutzen dana. Izen handia hartu dau fakultade honek. Proiektu potentea da eta nazinoarteko ikasle asko dagoz laugarren fakultade barri honetan. 
HUHEZIri jagokonez, hiru dira gure egitekoak, unibersidadearen ikuspegitik gizartearen humanizazinoan eragiteko jakintza garatzea eta aldi berean, hezkuntzan, komunikazinoan eta kooperatibagintzan profesionalak heztea kooperazino balioetan. Bereizten gaituana da euskerea eta barrikuntza hartzean dauala ardatz baina mundu eleanitz eta kulturanitz bateri begira; hau da, gaur egun daukaguzan erronkak eta kanpo eskakizunak kontuan hartuta. Irakasle eskola zanetik, gaur egunera arte itzelezko hazkuntzea izan dau. Mondragon Unibertsitatearen barruan fakultade moduan sartu zanetik.
Fakultadeak izan dauan bultzakadea eta iraultza ikaragarria izan da, batez be atzenengo 6-7 urteotan. Prozesu honetan murgilduta gagoz eta gure erronkea da, gure proiektu lokal horretatik eta euskal gizartean errotuta dagozan grinak manteniduz, bultzatuz eta sendotuz, kanpora begira eta kanpotik datozen eskakizunai be aurre egitea. Horixe da gure erronkarik handiena momentu honetan.
HUHEZIk campus bi daukaz. Hezkuntza karrerak Eskoriatzan dagoz eta Ikusentzunezko Komunikazinoa, Aretxabaletan. Komunikatzaileak be prestatzen doguz. Erronka handia da: batetik hezitzaileak izango diranak formatzen doguz, eta bestetik, komunikatzaileak izango diranak. Gizarte baten zutabe diran profesionalak hain zuzen be.

 

Esan dozu iraultza handi bat egon dala unibersidadean, azaldu apur bat hori.
Bai, Bologna prozesua martxan jarri zan orain dala urte batzuk; helburua izan da Goi-mailako Hezkuntza esparrua sortzea Europa mailan eta horrek ekarri eban, adibidez, Diplomaturak eta Lizenziaturak Gradu bihurtutea. Orain ikasketak lau urteko iraupena daukie eta gero urte biko masterra egiteko aukerea dago.
Gu aurrendariak izan gara Hezkuntza Graduai jagokienez, ze lehenengo Gradua Hezkuntzan, Euskal Herri mailan, gure fakultadean abiatu zan. Momentu honetan, proiektua mamitzen hasi gara, gorpuzten eta hobekuntzak sartzean eta aldaketak etorri daitekez barriro. Lau urtetako ikasketak 3 urtetara pasauko ei dira, gehi urte biko derrigorrezko masterra. Ez dakigu zer gertatuko dan baina prest egon behar gara horretarako be.
Hau Europako eredua da. Espainian egin ziran aldaketak Bologna prozesuagaz ez datoz bat Europako beste estaduetan hartu ziran ebatziakaz kasu guztietan.


Zezeilan izentau zinduezan dekano eta ordutik hona Nekane Arratibelegaz konpartidu dozu kargua. Zelangoa izan da esperientzia hori?
Intensoa eta aldi berean emonkorra. Arratibel eta biok lankideak gara, alkarregaz ibili izan gara materia batzuk irakasten eta gestinoan be, ikekerta arloan. Guk taldeka egiten dogu behar HUHEZIn, parte-hartzea eta talde lana gure proiektuaren beste zutabeak dira eta. Dekano moduan, Nekanek 8 urtetan jardun dau gure fakultadean. Lehenengo andra dekanoa izan da eta orain nik hartzean dot testigua. Bere begiradea, bere laguntzea funtsezkoa izan da prestakuntza honetan. Atzenengo lau hilabeteotako prestakuntzea trinko-trinkoa izan da. Orain, jarraituko dot ikerketan, hari hori ez mozteko, baina batez be gestinoan murgilduko naz eta horretarako lau hilabete honeek Arratibelegaz oso inportanteak izan dira.


Zein da HUHEZIko dekanoaren funtzinoa?
Dekanoaren funtzinoa da fakultadearen gestino eredua antolatzea, indartzea eta HUHEZIren egitasmoa aurrera eroatea, beti be HUHEZI osatzen daben persona guztien parte-hartzea eta motibazinoa bultzatuz.
MUk bere berezitasuna dauka. Normalean unibersidadeetan errektoreak eta errektoreordeak egoten dira eta gero, fakultade bakotxak bere dekanoa eta dekanordea daukaz. Guk sinplifikauta daukagu egitura hori. Errektore bat daukagu, errektoreorde akademiko bat eta fakultade bakotxak bere dekanoa eta zuzendaritza talde propioa. Holan, lau dekano gagoz zuzendaritzan, gehi errektoreordea, eremu akademiko guztia kudeatzen dauana, eta errektorea. Beraz, dekanoaren funtzinoa, batetik, fakultadean dagoan proiektua bideratzea da, eta bestetik, MU proiektuan eta zuzendaritzan parte hartzea.
Fakultade bakotxa enpresa bat da, kooperatiba bat. Mondragon taldean gagoz baina juridikoki fakultadeak autonomoak dira. Dekanoaren figurak fakultadea ordezkatzen dau alderdi instituzional edo akademikoan, baina gerentzia be eroaten dau. Hau da, alderdi ekonomikoa eta enpresariala be kudeatzen dauz. Fakultade bakotxean, dekanoa gerentea da.


Zenbat ikasle daukazuez?
Gure fakultadean momentu honetan 1.200 ikasle inguru daukaguz, graduak, graduondoak eta doktorego programea kontuan hartuta. MUn guztira, 5.000 ikaslera hurbilduko gara, gradu eta graduondoen artean. Horrez gain, MU mailan 5000 profesional inguru daukaguz etenbako formazinoko moduluak eta ikastaroak jasoten. Etenbako formazinoa proiektuaren beste zutabe bat da.
Bologna etorri zanean gu hasita gengozan gure proiektu propioa eregiten, konpetentzietan oinarritzen dan proiektua, orain bolo-bolo dabilena. 2001 urtean, Mendeberri deitzean zana. Fakultade guztiak alkartu egin ziran, eredu propioa eregiteko eta unibersidade konprometidu eta barritzaile bat egiteko. Eredu horrek beharginak eta ikasleak inpliketan ditu hainbat prozesutan: ebatziak hartzean, esaterako. Kurrikulumak iraultza handia izan eban. Izan be, materiak moduluka antolatuten dira, eta 5-6 irakasle-tutorek parte hartzean dabe koordinatzaile bategaz. Holan egiten dira proiektuak. Eta ikasleak be parte hartzean dabe hor. Ikasturte honetan beste proiektu barritzaile baten murgilduko gara lau fakultadeen artean, Mendeberri 2020. Ilusinoz eta konpromiso handiagaz helduko deutsagu.


Orduan, hilda dagoz klase magistralak?
Teorian bai, nahiz eta askotan beharrezkoak diran hainbat alderdi osotuteko. Bolognak eskatu dau aldaketa handiak ezartea: mintegi formatoak, tailer formatoak, ebaluazino sistema osoa barriztutea... Guk hori Bologna etorri baino lehen egiten genduan. Guretzat barrikuntzea da ardatza, barrikuntza barik ez dago aldaketarik eta. MU unibersidade euskalduna da, karrera guztiak euskeraz emoten dira; dana dala, atzen urteotan aldaketa asko sartu dira eleaniztasuna bultzatzeko, beti be, euskal hizkuntza eta kultura ardatz dala onartuta. Horrez gain, hainbat karrera online be eskeintzen dira, eta horretarako iraultza pedagogikoa eta barrikuntzea sustatu behar dira irakasle zein ikasleen artean.

 
Ze egoeratan dagoz humanidadeak eta hezkuntza zientziak?
Guk Humanidadeak karrerea ez daukagu. Bere sasoian Irakasle Eskola izatetik fakultade izatera pasau zanean, eskeitzen genduan karrera bat Humanidadeak eta Enpresa deitzean zana, ospe handia izan ebana eta bere bidea egin ebana bere momentuko erronkai eran- tzuten.
Orain, Giza Zientzietako karrerak  daukaguz eta Giza Zientzien esparruan hainbat espezialista daukagu fakultadean. Lankidetza ikertalde bat be badaukagu, nahiko potentea, kooperatibismoan lan egiten dauana. Nire ustez, humanidadeak, modu orokorrean ulertuta, unibersidadean funtsezkoak dira. Ez bakarrik hezkuntza fakultade baten, edozein karreratan minimo batzuk egon behar dira. Humanidadeak garrantzia eta pisua euki beharko leuke hasikerako formazinotik etenbako formazinoraino. Eta eskola munduan be dagozan erronkak, andren kontrako indarkeria, arrazakeria... hortik heldu behar dira. Guk ikertaldeak daukaguz horretan. Momentu honetan, aldaketa batzuk datoz, baina uste dot saiatu behar garala gizartearen beharrai erantzuteko proiektuak bultzatzen: eskola munduan, unibersidade munduan, gizartean... eta hor daukaguz humanidadeak, baloreak eta alkarbizikidetzea.


Esan dozu daukazuela talde bat ikertzen dauana andrazkoen kontrako indarkeria?
Indarkeria ez, baina badaukaguz ikerlari batzuk generoaren inguruan izena daukienak, Amelia Barquin, esaterako. Batez be kultura aniztasunean, bai eskola munduan eta bai gizarte mailan. Ikertalderen izena ELEA da.
Horrez gain, guk sortutako materiak daukaguz, baloreetan oinarritzen diranak: generoaren rola eta zelan transmitidu hori eskolan... Hor hutsunea dago. Ez gara ohartuten zelan egiten dogun berba, zelan mobiduten garan, ze esaten dogun, ze hizkuntza erabilten dogun...  Ikertaldeak batez be kultur aniztasuna, aniztasuna eta bizikidetzea ikertuten dauz eta hor sartzean da generoaren lanketea. Eta hori kurrikulumean sartu dogu guk gura izan dogulako, beharrezkoa dalako hezitzaileen formazinoan.


Hezkuntzako karrerak hazkunde handia izan dabela dinozu. Zergaitik hau? Gurean ez da jaiotza-tasa handirik.
Ez dakit. Nik uste gazte euskaldunak badaukiela grin hori, hezkuntzan eragiteko grina, inguru lokalean parte hartzeako. Eta gure eskeintzea ez da mugatzen irakasle izateko konpententzietara, hau da, konpetentzia espezifikoetara. Profesionalak ekintzaletasunera eta barrikuntzara bideratzea da gure helburua. Askoz be globalagoa da. Indar handia ipinten dogu zeharkako konpetentzietan: alkarregaz biziten ikastean, autonomia eta proaktibidadea sustatzeko erremintak lantzean doguz... eta gaur egun, zabaldu egin behar dira hezitzaileen lan egiteko esparruak: inguruan hainbat behar dagoz eta horreei erantzun behar jakie.
Badaukagu beste karrera bat be, Ikusentzunezko Komunikazinoa da. Honek be atzenengo 3 urteotan itzelezko hazkundea izan dau gure fakultadean. Ikusentzunezko Komunikazinoa Euskal Herriko Unibertsitateak eta geuk eskeintzen dogu Erkidegoan. Proiektu propioa daukagu, hedabide euskaldunak eta profesional integralagoak sortzeako. Orain dala urte bi campus barria egin genduan eta urtean-urtean ikasle gehiago daukaguz.


Gaur egungo erronken artean eleaniztasuna aitatu dozu.
Bai. Hori da momentu honetan daukagun beste gai potente bat hezkuntza munduan eta gizartean, eleaniztasunari zelan heldu.
Ni atzerriko hizkuntzan espezialistea izan naz urteetan. Ingelesa ikasteko ea ordu gehiago emon behar dan egon da eztabaidagai. Ingelesa ez da edozein modutan emon behar. Oso ondo aztertu behar da eskola bakotxa, eta ez eskola bakotxa bakarrik, komunidade bakotxa ze momentutan dagoan. Areatza bat hartu ahal dot, adibidez, erreferente moduan. Gure umeak ingelesa ikasi behar dabe, jakina, baina goazen aztertzera zein dan euskerearen egoerea, eskolatik hasita eta plazaraino. Gai hori patxadaz hartu behar dogu. Komunidade osoa bildu eta berba egin patxadaz: udala, gurasoak, eskola, irakasleak... Ez da ingeles ordu gehiago ala gitxiago, pentsau behar dogu zer behar dogun, non gagozan. Hor dago gakoa. Ze pedagogia mota egin gura dogun aztertu behar da. Eta ingelesa esaten dodanean, euskerea be esaten dot, ze hizkuntzea leku guztietan dago. Edozein jakintza arlo landuten danean hizkuntzea emoten da, jakintza arlo bakotxak bere hizkuntza propioa dauka eta. Hizkuntza irakatsi egin beharko li- tzateke modu integral eta funtzional batean, jakintza arloakaz batera. Proiektu integralak eta kokatuak bultzatu behar doguz eskoletan, zentzu honetan. 


Humanidadeak ikasi ezkero, topau leike beharra klaseko onena izan barik?
Gure kasuan, Gizarte Zientzietako karrerak daukaguz,  eta atzen urteotan kolokazino ratio nahiko altua daukagu.
Orain lan gitxiago egon daiteke krisialdiagaz, aldaketa handiak egon dira eta. Baina uste dot humanidadeak leku inportantea daukala gizartean momentu honetan. Bai euskal gizarteari begira, bai kanpora begira. Gertatutakoak gertatuta, preminea dago enpresa mundua beste modu batean ulertzeko, eta hausnarketa bat egiteko zer garan eta nora joan behar dogun eta nola egingo dogun hori. Enpresa munduan igarri da aldaketak dagozala. Gure kasuan, Lanki Ikertegiaren funtzinoa, adibidez, da kooperatibismoaren inguruko azterketea enpresa mundura eroatea eta gizarte solidarioaren alde egitea. Baina horretarako paradigma aldaketa bat behar da eta hori ez da egiten egun batetik bestera.


MUk kanpo eskakizun handia dauka. Zelan moldatzen dira kanpotik etorritako ikasleak ikasketak euskeraz izanda?
Gure fakultadearen kasuan, adibidez, kanpotik datozen ikasle gehienak Erasmus programeagaz etorten dira eta guk nazinoarteko programa bi daukaguz, batez be ingelesez eskeintzen doguzanak. Horreetan, txertatzen doguz hainbat modulu euskal kulturari eta euskal identidadeari buruz eta euskal hedabideen inguruan, ikus-entzunezkoentzat. Eta ikasleak praktikak egiten dabez eskoletan eta komunikabideetan. Gainera, gure karreretan ingelesez be eskeintzen doguz materia batzuk, ze mundu honetan profesionalak ingeleseko maila bat behar dabe eta Erasmus ikasleak bertan parte hartzean dabe. Esperientzia oso polita da gure ikasleentzat.
Bestetik, gure ikasleak be urteten dabe kanpora, praktikak egitera adibidez. Atzenengo ikasturtean 50 inguru joan ziran Latinoamerikara eta Erresuma Batura. Eta Erasmus programeagaz Danimarkara, Herbereetara eta Islandiara adibidez.

2014/9/1

JON BARRENETXEA

Urri lehenengoa hasteagaz batera ikasturteari be hasikerea emoten deutsie askok. Karrerako atzenengo urtea litzateke aurtengoa Jon Barrenetxearentzat, baina atzen urte horrek etxon egin beharko dau. Autobusa barik hegazkina hartuko dau Lemoakoak laster. Gazte honek ez dauka mareorako pastilarik hartuko dauan itxura handirik. Hegazkineko laguntzaile izateko kurso baterako baiezkoa emon, eta aukeratua izan da. Uda osoa daroa ikasketokaz, baina gogotsu igarri dau begituk, hartutako erabagiagaz seguru. Kontuz, baleiteke laster oporretan joan eta biajea lemoaztar honegaz egitea.


Irati Urien


Izatez kazetaritza ikaslea zara...
Bai. Batxilerra amaitu eta nire asmoa egia esan SHEE-IVEF egitea zan, kirola asko gustetan jatalako. Baina selektibidadeko noteagaz batera bataz bestekoak ez eustan emon bertara sartzeako, eta hurrengo aukerea kazetaritzea zan. Hasikera baten ez zan nire debozinoa kazetaritza ikastea baina urteak aurrera joan ahala gustura sentidu naz eta bertan segiduten dot.


Zelan hasi zan hegazkinetako laguntzaile izateko kontu hau?
Lehengusinari Sustapen Ministeriotik (Ministerio de Fomento) deitu eutsien, maiatzetik urrietara bitartean hegazkineko laguntzaile izateko kurso bat egongo zala eta ia interesauta egoan galdetzeko. Ezetz erantzun eban. Ia gurako leuken nonor ezagututen eban galdetu eutsien orduan, eta honek nire zenbakia emon.


Gatx egin jatzun baiezko erabagia hartutea?
Pentsauta euki neban kurso hori egitea, baina behin karrerea amaituta. Deitu eustanak galdu ezin neban aukerea zala esaten eustan, hogei ikasleko kurso mugatua zala. Handik bi egunetara baietza emon eta alkarrizketea egin behar izan neban.


Zelan joan zan lehenengo kontaktu hori?
Alkarrizketa personal bat egin eusten. Hiru ordu laurdeneko kontua izan zan eta ondo urten jatan, sano gustura urten nintzan handik. Atera orduko jakin neban gauzak ondo joan zirala. Presino apur bat be euki neban egia esan; izan be, amagaz batera egin neban alkarrizketea eta amok badakizu zelangoak diran, kar, kar, kar. Egun berean barruan nengoala esan eusten.


Momentu honetan kursoagaz segiduten dozu. Zelan doa?
Kursoa maiatzean hasi neban, eta urri lehenengoan amaituko dot. Ondino ez deuskue azterketa eguna zehaztu baina hile amaieran izango ei da. Klaseak astelehenetik barikura daukadaz, 14:30etik 20:30era. Lehenengo ordu eta erdian inglesa emoten dogu, garrantzi handia emoten deutsie hizkuntzeari eta. Beste lau ordu eta erdiak ikasgai desbardinetan bananduten doguz: abiazinoaren oinarrizko ezagutzak, giza-faktoreak, aire-nabigazinoko medikuntzea eta lehen sorospenak, araudia, operazino normal eta larrialdizkoa, segurtasunezkoa eta biziraupenezkoa...


Ze zentrotan zabiz?
Bilbon dagoan CESA zentroan, Centro de Estudios Superiores Aueronauticos esan gura dau izenak.


Behin kursoa aterata, ze konpainiagaz egingo zeunke edo gustauko jatzun behar egitea?
CESAk konpainien % 95agaz behar egiteko probabilidadea dauka. Vueling, Air Europa... gaur egunean izen handiena daukienakaz gurako neuke. Gero, Fly Emirates airelineagaz behar egitea gustauko litxakit, baina hori larregi litzateke, perfekzinoa topetan dabe eta.


Hegazkinean ibilitakoa zara?
Bai. Gurasoai biajetea asko gustetan jakie eta ni txikitatik abioian ibilitakoa naz. Nahikotxo biaje egin dodaz munduan zehar, baina batzuk aitatu behar izatekotan, Punta Cana, Miami, Mexiko, Tunez, Kanariar Uharteak... aitatuko neukez. Asko gustetan jataz biajeak, leku barriak ezagututea. Pentsetan dot garrantzitsua dala beste kultura batzuen barri eukitea, kultura barri baten sartuteak gauza asko erakutsi ahal deuskulako eguneroko bizimodurako.


Kazetaritzako karrerea denporaldi baterako "itxi" egin dozu. Zer dinotsue ingurukoak?
Aukera hau ez dodala pasetan itxi behar pentsetan dot, eta horregaitik garrantzi gehiago emon neutsan honeri karrereari baino. Familiagaz berba egin ostean erabagi genduan karrerea zati baterako aparkauta ixtea. Jakinda gainera gitxi falta jatala karrerea amaituteko argi daukat berrartuko dodala, hori bai, ez dakit noz.


Asko dira hegazkinari bildurra eukiten deutsienak. Zuk?
Atzenaldian pasau diran istripuakaz normala da txarto pentsetea, baina egia esan nik ez deutsat bildurrik. Txikitatik gura izan dodan gauza bat da, ez deutsat buruari bueltarik emoten. Horretarako apur bat burugogorra naz.


Trajea janzteko prest?
Bai. Orain Maritxu Kajoi eguna ez da izango trajea jantziko dodan urteko egun bakarra. Hasikeran arraro egingo jata trajeagaz ibiltea, baina ohituko naz.

2014/8/1

ITSASO ETXEBARRIA SANTAMARIA "Areatzako igerilekuetan ez da inoz ezer larririk gertatu"

Ale honetako alkarrizketatuari ezagun jako eguzkipean ordu askoan egondakoa dala. Ez gora begira ostera, beharrean baino. Itsaso Etxebarria Areatzako igerilekuetako soroslea da Iker Atutxagaz batera. Tensinoan batzuetan, aspertuta besteetan; denporea lez gaur euri eta bihar eguzki, baina Areatzako gaztea gustura dago ur ondoan.


Irati Urien


Noz hasi zinan sorosle lanetan?
Bigarren urtea daroat Areatzako igerilekuetan sorosle moduan behar egiten. Titulua orain dala hiru urte atera neban.


Zelan doa 2014ko uda?
Apur bat aspergarria izaten dabil. Eguraldi lar ona be ez dau egiten. Bagilean eguraldi ona egin eban eta nahikoa lan euki genduan. Garagarrila hasi zanean ostera, eguraldi eskasagaz batera behar gitxi. Eguraldi ona egiten dauanean, igerilekuetan beharrean egoten naz eta ez naz aspertuten. Pentsetan dot eguraldi ona egiten dauanean jenteak hondartzara joateko aprobetxetan dauala igerilekuetara etorri beharrean.


Zelan antolatuten zarie Iker eta zu?
Bi egun t’erdi egiten doguz. Adibidez ni astelehenean hasten naz behar egiten, orduan astelehen guztia, martitzen guztia eta 15:30ak arte eguazten egun erdia egiten dot. Iker ordu horretan sartuten da eta ez da urtetan barikura arte. Astelehenean beharrean hasi danak asteburua be egiten dau. Holan antolatuten gara, bestela sano gogorra egiten da.


Zer behar da sorosle izateko?
Lehen Sorospenak titulua Gurutze Gorrian atera neban. Gero Erandion Uretako Soroslea izateko titulua atera neban. Lehenengotik Lehen Sorospenak egin behar da beti, oinarri bat  euki behar da. Behin hori eginda, Uretako Soroslearen titulua ateraten zoazenean ezagutza guzti horreek garatuten dira, eta igerilekuan kasu errealak egiten erreskateak praktikan ipinten dira.


Gogor egin jatzun titulu hori ateratea?
Ni kirolaria naz, galapan egiten dot, orduan, egia esan, ez asko. Gainera prestatu be egin nintzan. Gimnasioan egunero hiru ordu laurden egiten nebazan; kardioa, besoak gogortuteko ariketak, gehi hankak landutekoak. Amaitu ostean igerilekura joaten nintzan ordu erdi edo gehiagoan uger egitera.


Bero handia egiten dauanean eukiko dozu bustiteko gogoa. Sartu daiteke soroslea uretan?
Danak etorten jataz esanez "Itsaso zegaitik ez zara sartuten?" Nik zeozer pasetan ez bada ezin nazala sartu esaten deutset. Adibidez lehengo baten sartu behar izan nintzan, baina sartu-urten bat. Kamisetea kendu, frakak kendu, bota eta urten. Hori jente asko ez dagoanean egiten dot, 14:30-15:00ak inguruan. Dutxau zeintekez, baina ez da bardina.


Anekdota txarrik akorduan?
Ez. Niri pasetan jata ume bat igerileku erditik kantsauta ikusten dodanean beti ertzetik bere erritmora joaten nazala. Gertaera txarrak ekiditen dodaz. Igaz ia-ia ume bat aterateko bota egin behar izan nintzan baina eskua luzatu neutsan eta hartu egin eustan. Areatzan ez da pasau ezer larririk inoz.


Baten bat itoten dan jagoten ibiltetik aparte zer egin behar dau sorosle batek?
Nik konfiantzea eduki ezkero, umeai galdetuten deutset ia kremea emon daben. Digestinoa be asko zainduten dot eta ume guztiai esaten deutset. Batzuek tripea kokotea eta eskumuturrak bustiten dabez eta segiduan sartuten dira. Lehenengo sartukerea apurka-apurkakoa izan behar da. Digestinoa moztearena ez da bazkal ostean bakarrik pasetan. "Digestinoa moztu" esaten dogu, baina ez da hori pasetan dana. Gorputz beroa ur hotzetan sartzean danean, horrek eragiten dauan kontrastea zaindu behar da beti. Astiro-astiro sartu behar da ez mareetako. Uretan jaramon egin behar jako kontu honeri, ito egin zeinteke eta. Nik pentsetan dot gurasoak adi egon behar dirala denpora guztian. Umea ume, ura ikusten dauanean zoratu egiten da.


Beti egon da jan ostean digestinoa egin arte sartu ezin daneko mitoa...
Zuhur ibili behar da astiro sartuteko esanez, eta ez bazkalostean ordu t’erdi itxaron behar dala. Ume askok "Itsaso izozki bat jan dot ointxe bertan, sartu naiteke?" Eta beti gauza bardina erantzuten deutset. Inportanteena kontraste hori ekiditea da, apurka-apurka sartutea.


Arratian, Lemoan eta Areatzan baino ez dagoz aire zabaleko igerilekuak. Nongo jentea joaten da Areatzara?
Orain dala gitxi ibili gara komentetan kanpotik jente gehiago datorrela Areatzatik baino. Zeanuritik etorten da jentea. Arteakoak be beti etorten dira, gainera euren lekua daukie baztar baten. Igorretik be jente asko etorten da. Badago Arratian Areatzako igerilekuetara etorteko ohiturea, izan be oso ondo dagozala pentsetan dot.


Gustora igarten jatzu behar honetan.
Bai, sano. Pasetan dana da batzuetan kokoteraino amaituten dozula jentea errez hasarratuten dalako. Pentsetan dot guk, bai Ikerrek eta bai nik, oso ondo egiten dogula gure beharra. Pozik gagoz, sano gustura, pare bat kenduta, jentea be gustura dago gugaz, baina leku guztietan dago personaren bat ez dagoana ados egiten dozun beharragaz. Horren aurrean egin behar dana da beharra ahal danik eta ondoen egin, behar hori egiteko konpetentea zarala erakutsi, persona egokiena zarala. Atzenean sokorrista bat ondo konpondu behar da bertara doan jenteagaz.


Datorren urtean leku berean egoteko asmoa daukazu?
Bai. Pilo bat gustetan jata sorosle beharra. Jente askok pentsetan dau sokorrista izatea eguzkia hartuten egotea dala eta ez da holan. Erantzukizun bat daukagu. Edozein personak ez dau balio sorosle izateko. Pazientzia asko euki behar da, gauzak esaten jakin behar da, eta, gauza bat argi euki behar da: zeu zara igerilekuan aginduten dauan personea, zeu zara jefea, jenteak zuri egin behar deutsu jaramon. Hori da soroslearen lana, personak jagotea, danok gustura egotea eta istripurik ez egotea.


Noz daukazuz udako oporrak?
Ez daukat. Hori bai, urri lehenengoan mutilagaz joaten naz eta itzelezko biajea egiten dot. Bestela udan hondartzara joatea asko gustetan jata, eta denpora ona egin ezkero, libretan dodazan egunak aprobetxetan dodaz hondartzara joateko.

2014/8/1

BEDIAKO TRENA Bediako tren errailbakarra. Sasoi bateko industrializazino prozesuaren lekukoa

XIX. gizaldiaren akaberan Arratiako txoko batzuetan be jazotako industria iraultzeak jarduera, bizimodu eta garraio barri eta modernoak ekarri ebazan; besteak beste Bediako trenbide errailbakar industriala. 

 

Alvaro Ravelli


Ez ziran urte asko pasau behar izan, Bilbo inguruan batez be, XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera biztutako industria iraultzea ia Bizkaiko bazter guztietara zabaldu eitean. Arratia be ez zan horretan salbuespena izan eta ordura arte nagusi nekazaritza eta abeltzaintzari lotuta bizi izan zan gizarte tradizionala goitik behera aldatzen hasi zan. Holan bada, industria modernoagaz zerikusia eukien jarduerak, baserri tradizionaletik urruntzen ziran bizimodu barriak eta garraiobideetan izandako aurrerapena dira iraultza horrek ekarritako ondorioetako batzuk. Atzen arlo horretan, garraioetan hain zuzen be, upeletako iraultzea jazo zan eta Arratiak sasoi haretako garraio-sistemarik modernoenak euki ebazan, baita, Bediako trenbide errailbakarraren kasuan lez, bitxienetakoak be. Sano ezagunak jakuz Arratiako tranbia elektrikoa, XIX. mendearen akabutik 1964ra arte ibili zana, edota hamarkadaren bat lehenago arratiarrak ezagutu ahal izan eben trena, orduan "Ferrocarril Central de Vizcaya" eta gaur egun Eusko Tren. Bediako trenbide errailbakarra, ordea, ezezagunagoa da, ahiztutako industria ondare galdua, bitxikeria bat, beharbada tren industriala baino ez zalako izan. Baina, gogora ekarteak badauka, euki be, garrantzia, eta ez edozelangoa gainera. Izan be, Bediako trenbide errailbakarrak badaukaz berezi-berezi bihurtzen daben ezaugarri bi: alde batetik, estadu osoan egon zan "Lartigue" deritxan garraio-sistema bakarra izan zan, eta bestetik, gasolinaz ebilen lehen trena izan genduan. Bediako trenbide errailbakarra XX. gizaldiaren hasikerako urteetan eregi eben Bediako burdin-meategietatik mea Eroso auzuneko kargalekura eroateko. Horixe zan bere eginkizuna.

Bediako "gamelua"
1905eko abuztuaren amaierako goiz baten tren bitxi bat trikili-trakolo abiatu zan Bediako mendietako burdin-meategietatik Eroso-Ugarte auzuneko tren-geltokiko apartaderoraino. Agurtzen hurreratu ziran auzokideai "gamelu" antzekoa begitanduko jakien. Lehentxoago, meategietatik urten baino lehen, meategietako zuzendaria eta ingeniaria zan Martin Gaitan de Ayala jaunak tren horren lokomotora txikerra martxan ipini eban, maratila bateri gogor eraginda gasolinaz ebilen motorraren pistoiak biztu ebazan eta ke baltz baten bufadea bota ondoren konboiak Erosorako bidea arin hartu eban. Inagurazino ekitaldia zan. Egun horretan bakarrik tren honek bidaiariak eroan ebazan, harrezkero "Sociedad Minera de Yurre" dalako enpreseak ustiatzen ebazan piritak garraiatu ebazan.
Garraiobide horren gauzatzailea Martin Gaitan de Ayala bera izan zan. Meategietako garraio beharrizanak betetearren, enpresako arduradunak Charles Lartigue (1834-1907) ingeniari frantzesak XIX. mendean asmatu eban garraio-sistemeari berehala erreparau eutsien. Izan be, garraiobide honek baeukazan hainbat abantaila sasoi haretako enparauko garraiobideen aldean, batez be bere instalakuntza eta mantenimentuaren kostuari jagokonez. Funtsean, "Lartigue" sistemea errail bakarra daukan trenbide batetik doan trena da. Errail hori, haga luze baten antzekoa, lurretik, zutabe batzuek eutsita, altzetan da. Halanda be, "Lartigue" sistemearen berezitasuna, bestelako tren errailbakarretatik bereizten dauana, bagoiak eroateko posizinoan datza. Berauek, errailaren alde banatan zintzilikatzen dira, zamari batek daroazan otzaran handi bi legez; horregaitik gameluaren trazea. Bagoiak eroateko posizino hori, hain zuzen be, atzenean arazo larria bihurtu zan sistema honetarako, beti orekan egon behar ebelako, zameagaz alkarri kontrapisua eraginez, ezpabere, albo batera jausteko arriskua egoan, batez be bagoietako bat hutsik joianean.
Bediako tren errailbakarrak ez ei eban arazo hori euki, beti zamatuta behar egiten ebalako. Lau kilometroko trenbidea euki eban eta Karrpad etxe donostiarrak egindako bagoitxoetan berrogeta hamar tona mea eroan eikezan. Kostu gitxiko garraiobidea zan, inbersino handirik eskatzen ez ebana, orografiaren oztopoak errez gainditzen ebazana eta batez be arina, sano arina, tren errailbakar guztiak lez. Bediakoa, esaterako, probetan 180 kilometro orduko abiadurea lortzeako gai ei zan.  
Bediako trenbide errailbakarra "Lartigue" izeneko garraio-sistemea zan.

"Sociedad Minera de Yurre" eta meagintzako aristokrazia
Gurean, meagintzea burdinaren langintzeari lotutako ezinbesteko jarduerea izan da aspalditik. Bediako Utxirain inguruan bertan topautako mendiko haizeolak burdinaren langintza zahar-zaharra erakusten dabe. Gerora erreka bazterretan kokatu ziran burdinolak etorri ziran, Arratia osoan zehar zabaldu ziranak. Ola horreek guztiak, ikatzaz gain, burdin-mea behar eben. Hasikera baten, gure arbasoak hurren eukien burdinaren bila joko eben, gure inguruko mendietan egoan burdinaren bila, hain zuzen. Toponimiak berak ondotxo erakusten deusku non egon ziran meategi horreetako batzuk: Meagorri eta Minazuloeta (Zeanuri), Meatzeta eta Minazuloak (Artea)... Baina Arratiako meategi horeek ez ziran oso aberatsak eta mea gehiena Somorrostro aldetik ekarten zan. Salbuespena Bediako meategietan topetan dogu. Horreek, Usansolo eta Arkotxakoakaz batera, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasikeran zelanbaiteko garrantzia eukan meatze ingurunea osotu eben. Horreek meategiok burdin-mearen ustiapen kapitalista modernoa ahalbidetu eben, kanpoko inbersinoak erakarri eta industria-iraultzearen oinarriak finkau ebezan.
Bediako meategiak ustiatzeko "Sociedad Minera de Yurre" konpainia 1902an eratu zan Donostian, monarkiaren epelean, Espainia eta Frantziako kapitalagaz. 300.000 pezetako hasikerako kapitala euki eban eta bere presidentea Alvaro de Figueroa y Torres izan zan. Berau Tovarreko markesa zan eta berehala Espainiako politikan hain eragin handia euki eban Romanones etxeko lehenengo konde bihurtu zan. Bere aita, Ignacio Figueroa Mendieta, extremadurarra jatorriz, Jaen eta Murtziako berun meategiakaz aberastu eta, familia aberatsetan ohikoa zan lez, Espainiako nobleziagaz ezkondu zan, Alfonso XIII.ak Tovar markesadoko titulua emonaz.
Bediako pirita meategiak "Sociedad Minera de Yurre" konpainiak ustiatu ebazan.

Bediako trenbide errailbakarraren anaia irlandarra
Goian aitatu dogun arrazoiagaitik ez dira asko izan "Lartigue" sistemeaz eraigitako trenbideak. Frantzian, Aljerian eta Australian be ibili ziran, ibili be, horreetako batzuk. Baina gure Bediako trenak euki eban anaiarik ospetsuena Irlandan, 1888. urtean sortu zan. Urte horretan, Listowel eta Ballybunion herrien arteko trenbide errailbakarra zabaldu zan bai bidaiariak, bai ganadua eroateko asmoz. Gainera, tren honek, Listowel- Ballybunion Railway deritxanak, gaur arte iraun dau, munduan iraun dauan sistema horretako tren bakarra. Gaur egun, oso-osorik ez, baina erabarrituta dago bertara hurreratzen diran bisitari eta turisten gozamenerako, eta, dudarik ez, garraiobideen historiaren zati bitxi eta preziadua dala esan geinke.
Bediakoak ez eban zorte hori euki, urte gitxitan meategiak agortu ziranean, bere onenak emon ebazalako, betiko galdu zan. Baina, ondo baino hobeto frogatu eban tren errailbakarrak etorkizuna eukiko ebela, garraiobide merke, arin eta eraginkorrak izan daitekezala; gaur egun, hain justu, behar doguna.

2014/6/28

OIHANE GOIOAGA

Oihane Goioaga igorreztarrak argazki ederrak bialtzen ditu BEGITUren argazki lehiaketara. 2010ean irabazi eban eta beti heldu dira finalera bere argazkiak. Sekretua jakin guran, beragana jo dogu. Boluntario beharrak egiten dituala kontau deusku eta argazki bakotxak historia bat kontetan dauala. Hortik bere indarra.

 

Boluntario beharrak egiten dozuz, Afrikan batez be? Ze erakundegaz zagoz beharrean?
Ez dogu erakunde konkretu bategaz beharrik egiten, destinoaren arabera, herrialde horretan beharrean dagozan GKEakaz (gobernuz kanpoko erakundeak) kontaktua egin eta haren bitartez joaten gara lagun bat eta biok. Erakunde txikiakaz mobidutea gustetan jaku. Egia da gehienetan Afrikara jo izan dogula baina Indian be egon gara, esaterako.


Nozdik eta zein lekutan ibili zara? Zein da gehien inpaktau zaituan herrialdea? Zergaitik?
Senegal eta Rumania moduko herrialdeetan motxilero eran udak pasau eta gero, zeozer gehiago egiteko gogoa sartu jakun eta 2010ean  Indiara joan ginan lehenengo bolondres beharrak egiten. Indiaren ostean, Ghana, Maroko eta Ganbian egin doguz behartxoak.
Gehien inpaktau nauan herrialdea India izan da. Lehenengo esperientzia zan bolondres beharretan, eta hain hurretik bizitea herrialdeko egoerea oso gogorra izan zan. Gaur egunean ikusitakoak ikusi eta gero be, Indian besteko pobreziarik eta muturreko egoerarik, ez dogu ikusi oindino.


Ganbiako Jirongen 5 astetan egon zinan udan eta aurtengo aste santuan be beste 3 aste. Kontaiguzu esperientzia hori.
25-30 biztanleko herri bat da. Ganbiako ekialdean dauan herritxo honetan atzenengo 30 urteetan ez da inor bizi izan eta "baso" bihurtuta, dana bedartzaz tapauta egon da. Bertan jaiotako gizon bat barriro herrira bueltau eta martxan ipini dau dana, bedartzak garbitu eta etxeak ereigiten hasi dira herritarrak.
Larrabetzuko lagun bat eta biok joaten gara udan alkarregaz atzenengo zortzi urteotan. Baina aurtengo aste santuan udan han ezetutako Sodupeko neska bat be etorri zan.
Normalean, proiektu zehatza eukiten dabe GKEak, baina oraingoan ez genduan behar konkretu bat eroan. Bedar txarrak kentzean ibili gara, etxeetako hormak pintetan, ortuan beharrean, errekan arrantzan, herriko umeakaz olgetan...
Herriko etxe baten egon ginan, bertakoen moduan, lastozko ohean egiten genduan lo, lurrean ezarri eta erdian ipinitako plater bakarretik jan, nahiz eta guri koilarak ekarten euskuezan eta eurek eskuakaz jan.


Zelan bizi da jentea han? Ze premina daukie?
Beharrizan handiak daukiez, hiru-lau hilabete ingurukoa izaten da eurite sasoia, ortuetan landatu eta uzta jasotekoa, eta denpora horretan egindakoagaz bizi behar izaten dira urte guztian. Ortuetan behar egiteko be material handirik ez dabe eukiten, kasurik onenean traktor bat herri guztiarentzat eta traktorearentzako gasolinarik ez askotan... Dendetan jakiak erostea oso garestia da eurentzat. Etxean produzidutakoagaz edota arrantzatutakogaz egiten dabez jatordu gehienak.
Gazte asko Europara begira bizi dira. Telebisinoa herri gehienetan egoten da eta ez badago, kilometro bi edo gehiago egiten dabez telebisino aurrean ezarteko. Harrigarria da zelan batzean diran telebisinoaren aurrean eta penagarria telebisinoak transmitiduten deutsena. Herrialdea bertatik landu eta aurrera atera beharrean, askok eta askok kanpora urtetako gogoa erakusten dabe.


Behi bi erosteko proiektua martxan ipini zenduen. Norentzat ziran behi bi horreek?
Udan bost aste herri berean egon eta gero, oso lagun handiak egin genduzan, harreman estua sortuten da. Normalean maletan eroaten doguzan erropak eta medikamentuak toketan dan lekuan ixten doguz, baina bigarren buelta honetan zeozer gehiago egin gura genduan. Bertakoak ezetuta, eta bertako beharrizanak zeintzuk diran ondo jakinda, beharrerako balioko leukien behi bi erostea akordau jakun, hemen lehenago idiakaz egiten zan beharra egiteko. Herri guztiaren onurarako dalako.


Zein zan proiektua? Lortu zenduen behiok erostea?
Lehenengo, Ganbian behi bi erosteak zenbat kostauko leuken enterau eta gero dirua batzean hasi ginan, Facebokeen orri bat sortu genduan eta paypal bidez ordainketa bide bat zabaldu, bakotxak ahal dauan neurrian lagunduteko. Gero inguruetako herrietako tabernetan itsulapikoak ipintea pentsau genduan. Beste diru iturri batzuetan pentsetan gengozala, Facebookeko orriak arrakasta itzela euki eban eta hamabost egunean behar genduan dirua batuta geunkan. Holan ba, ez genduan ahalegin gehiago egin informazinoaren zabalkundean. Oindino be lagun askok esaten deuste ezer ez dabela jakin eta bronkatxoa botaten deuste. Esan beharra daukat Euskal Herriko txoko askotatik heldu jakula laguntzea baina zatirik handiena Enkarterrietatik jaso dogula.
Behin Ganbian egonda, astebete behar izan genduan behiak erosteko. Lehenengo eskuan eroan genduan diru guztia banku baten sartu genduan, diru kantidade handi horregaz ez ibilteko. Uriburutik gure herrira ia egun bateko bidea dago eta diru asko zan aldean eroateko. Bertako dirura kanbiau beharra, behien tratanteagaz harremanak egin, behiak ikusten joan... astebete! Baina asteagarrenean Jirongen egoazan behiak. Hobeto esanda, behia eta zekorra.


Zelan eroan zenduezan behiok?
Gure herrian pick up bat dago danerako balio dauana, personak garraiatuteko, herriko errekaduak egiteko, anbulantzi beharrak egiteko eta behiak ekarteko be bai!
Herrira heldu ginanean behiakaz oso pozik gengozan danok, gu eta herritar guztiak baina behiak kotxetik bajatu ziranean... zekorra eskapau egin jakun! Iluntzea zan eta ahalegindu ginan zekorra topetan baina ez genduan lortu. Inguruko herri guztietan zer pasau jakun esplikau genduan eta hurrengo egunean itzartu ginanerako han geunkan zekorra arbolari lotuta! Inguruetako herri bateko tipo batek ekarrita!


Hurrengo egunetan beste beharren bat egin zenduen?
Proiektu nagusia behiak erostea zan baina pentsau baino diru gehiago lortu genduanez, guztira 1.536,10€, gauza gehiago egin genduzan.
Laburrean kontetako, Jasobon, errekan bestaldeko herri txiki baten, herriarena zan traktorea konponduteko dirua itxi genduan. Iliasako ospitalean, zonalde handi bat atendituten dauan ospitale txiki baten, 100€ itxi genduzan medikamentuetan, aurretik ospitaleko zuzendariagaz berba egin, zer behar eben galdetu eta zerrenda horregaz joan ginan farmaziara medikamentuak erosten. Farafeniko ospitalean, inguruko urian, 150€ medikamentuetan, Iliasako modu bardinean kudeatuta. Alkalikunda herrian, ikasturte amaierararteko eskola ordaindu geuntsen umezurtzai. Jumansari Koto herrian, zortzi familia behartsu bizi dira eta familia bakotxari arroz saku bat eta orio garrafoi bi eroan geuntsezan.


Zer da gogorrena eta zer ederrena?
Gogorrenak lehenengo egun biak eta atzenengo biak izaten dira. Lehenengoak, herrialdera egokitutea kostetan dalako, ordu aldaketea, klima aldaketea, hizkuntza aldaketea, kulturea, erlijinoa... bizimodua atzen finean. Eta atzenengo egun biak hasikerakoak baino gogorragoak izaten dira. Bertako jentea, lagunak, familia agurtu beharra eta atzera inoz ikusiko ez dozuzala pentsetea...
Ederrena, ostera, bertako jentea. Asko daukagu ikasteko... egon garan leku guztietan etxeko egin gaitue, etxeko sentiduarazo, familiako. Daukiena daukiela gehienetan gitxi gainera, dana emoteko prest egoten dira. Adibidez, baten baino gehiagotan pasau jaku, lagun batek bere ohea itxi eta bera auzokoarenera joatea gaua pasetan gu ondo egoteko.


Esperientzia honeek jasota daukazuz argazkietan eta urtero hartzean dozu parte gure lehiaketan. 2010ean irabazi egin zenduan. Aurten be parte hartzeako asmorik?
Argazki piloa daukagu aterata bai. Gustetan jata egon garan lekuai erretratuak ateratea, asko lagunduten dau! Paisajeak alde batetik, oso desbardinak diralako eta personak, irribarreak, erropa koloretsuak, jakiak... oso argazki politak urtetan dabe ahalegin handiegirik egin barik be!
2010ean iribazi neban Indian ateratako argazki bategaz eta hurrengo urtean bigarren egin neban Ghanako argazki bategaz. Parte hartzean segiduko dot bai! sariakaitik baino gehiago ateratako argazki guztien artean argazki espeziala topetan lagunduten deustalako eta zeozelan bizitako momentu bat zuokaz konpartiduteko.

2014/6/27

GURE ESKU DAGO Erabakiteko eskubidearen alde jarraituko dau Gure Esku Dagok

Mila eta seirehun arratiar kontabilizau ebezan Arratiako lan taldekoak Durango eta Iruñea arteko giza katean, "Euskal Herrian inoz egin izan dan mobilizazinorik handienean, edo behintzat handienetako baten" lan taldekoen esanetan.

 

Ekimen honen sano balorazino ona egiten dabe Arratiakoak. Holango gauza bat antolatuten dan lehenengo aldia izan zanez, zer hobetu be egon daiteke, baina giza katea sano ondo urten zala dinoe. Aitatzekoa da, guztira 900 autobus ipini zirala, Euskal Herriko edozein txokotatik egokitutako km.ra joateko eta ez zala istripurik gertatu. Bizkaiko antolakuntza ona be nabarmendu dau Arratiako Gure Esku Dagok eta giza katean egon zan giro ona sano ondo balorau dabe. Hobetu beharrekoen artean, akaso, guneen mapen faltea edo ekitaldietara ailegetako denpora gitxiegi egoala.

Erabakiteko eskubidearen alde
Erabakiteko eskubidearen alde behar egiten jarraituko dau Gure Esku Dago dinamikeak. "Pausuak emon beharko dira" dino Ainara Fernandez Lemoako lan taldekoak. Pausu horreek hurrengo kursoan zehatuko dirala dino eta "Eskozia eta Kataluniako prozesu independentisten lanketea" egin.
Arratiako lan taldeak be jarraituko dau beharrean eta herritarren ekimen honetan parte hartzeako ateak zabalik dagozala gogoratu arazo gura dau Fernandezek "parte hartzea sustatu behar da, zenbat eta kolore gehiagoko jenteak parte hartu, hobeto" dino.

Giza katearen argazkiak
Arratiarren partaidetzearen lekuko, 99. km.ko (Arratia eta Ubide) eta 41. Km.ko laurogei argazki inguru dagoz webgune honetan ikusgai. Dana dala, eta irakurleak holan eskatuta, papelera be eroan doguz batzuk.

 

2014/6/16

UDA Abentura barriak biziteko eskeintza handia

Bizitzako sasoi baten, denporea orokorrean, baina batez be udea, luze-luzea izaten da, baina ez horregaitik aspergarria. Izan be, udan umeak egunerokotasunetik kanpoko esperientzia barriak izaten dabez: itsasoan ibili, mendian gaubean suaren ondoan gitarra bategaz kantuan orduak emon edota lagun min-minak egin. Oroitzapen horreek gogoan geratzen dira betiko. Arratiako eskeintzea ugaria da eta abentura barriak biziteko aukerea emoten deutse ume eta gaztetxoai.

 

Umeak oporraldi luzeak izaten dabez, baina gurasoak ez hain luzeak eta familia askori gatxa egiten jakie uda partean beharrean joan eta umeen aisialdi luzeak atendidutea. Horregaitik, umeak ondo pasetako baina baita familiai lagunduteko asmoz Arratiako ia herri guztietan udaleku irekiak deritxanetan, goizetan, egon daitekez umeak olgetan, kirola egiten edo egiten diran txangoetan leku barriak ezagutzen.

Udal udaleku irekiak
Arantzazun herriko begiraleakaz antolatu dabez udalekuok. Bi eta bost urte bitarteko umeak bagilaren 30ean hasi eta garagarrilaren 11ra arteko goizetan egongo dira herrian bertan olgetan. Nagusitxoagoak, barriz, Lizarrara joateko aukerea izango dabe, bagilaren 30etik garagarrilaren 5era, espeleologia, piraguismo, eskalada, uger egin eta mendian ibiltera, beste jarduera batzuen artean. Talde bi egingo dabez, umeen edadearen araberakoak: 6 urtetik 12 urte bitartekoentzat talde bat, eta bestea 12 eta 16 urte bitartekoentzat.
Areatzan, garagarrilaren 1etik 11ra arte izango dira udalekuok, 5 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Umeak lehenengo asterako bakarrik ala hamabostaldi osorako apuntau daitekez. Zerbitzua Suspergintza Elkarteak garatuko dau eta umeak, ariketa fisikoa, trebakuntzea, lankidetzea, alkarbizitza jarduerak eta partaidetzea landuko dabez olgetan.
Artean be txanda bi dagoz. Lehenengoa bagilaren 23tik garagarrilaren 4ra arte eta bigarrena garagarrilaren 7tik 18ra arte. Bertan parte hartu ahal dabe 2002 eta 2010 urte bitartean jaiotakoak.
Txiki Txoko, Udalekuak, Uda Gaztea eta Ingelesa mintza praktika dira Bediako Udalak ume eta gaztetxoentzat antolatutakoa. Bagilaren 30etik garagarrilaren 11ra izango dira egonaldiak.
Diman, begiraleak kontratetako lan-boltsa bat zabaldu eban udalak eta udalekuak garagarrilaren 7tik 18ra izango dira.
Igorreko udako programazinoa Zaztaparrak taldearen eskutik dator. "Eskuekin ekin" lemapean, udaleku irekiak eskeintzen dabez 4 eta 12 urte bitarteko umeentzat, garagarrilaren 14tik 25era. Udako ludotekea bagilaren 23tik garagarrilaren 25era izango da; astebete edade bakotxeko umeentzat.  Parkean endredetan izeneko programan, kale animazinoa egongo da bagilaren 23tik garagarrilaren 11ra.
Gainera udaleku ibiltariak be eskeintzen dabez garagarrilaren 8tik 12ra Donostiatik Lekeitiora. Parte hartzaileak, paddle, surf eta jolasak egingo dabez eta atzen egunean, Lekeitiko kale antzerki topaketetan egongo dira. Garagarrilaren 14 eta 15ean, Laidako kanpinean surf ikastaroa eta garagarrilaren 16tik 18ra arrastiko 19:00etatik 22:00etara, tailer eta jolasak herritik zehar.
Sano programazino zabala eskeintzen dau udarako Lemoak. Udaleku irekiez gainera, ludoteka ibiltaria, Uda Gaztea, Bizikletaz zazpi eguneko urtekerea, egonaldiak Europan eta Auzolandegietan txanda bi eskeintzen ditu. Beste herrietakoak ez bezala, arrastietan izango dira udalekuok, Lemoan 16:30etik, 19:30era.
Uda Gaztea, 12 eta 14 urte artekoentzat, bost eguneko urtekerea izango da, Hondarribian hasi eta Gipuzkoako kostaldean zehar. Iparraldera joateko aukerea be izango dabe Lemoako gazteak eta Done Jakue bidean zazpi egunetako urtekerea bizikletaz eskeintzen da. Izan be, Lemoako herria mobikortasun plan barri baten murgiltzen hasiko da eta honeri hasikerea emoteko antolatu dabe. "Herrian mugikortasuna lantzeko biziklelaz mugitu" izeneko ekintza hau garagarrilaren 7tik 12ra izango da eta bertan 14 eta 30 urte bitarteko gazteak hartu daikie parte. Bestalde, txikerrenentzat, ludotekea udal igerilekuetan izango da eta 3 eta 12 urte bitarteko umeai emongo deutse zerbitzua.
Europan zeharreko biajea abuztuan izango da, 20tik 28ra bitartean, eta 16 eta 20 urte bitartekoak joan daitekez. Atzenik, Lemoako Memoria Historikoa berreskuratze beharrak jarraituko dabe, Eusko Jaurlaritzaren "Auzolandegiak 2014" programeagaz.
Zeanuriko haur eta lehen hezkuntzako umeak udaleku irekiak izango dabez herrian. Bagilaren 23tik garagarrilaren 11ra arte izango dira eta astero apuntetako aukerea dago. Holan astebete, aste bi edo hiru asterako emon ahal dabe izena. Taldeak gitxienez 15 umek izena emoten badabe aterako dira aurrera. "Tituludun monitoreak, programazino zabala eta adin bakotxari egokitutakoa" izango dabe Zeanuriko umeak.
Zeberioko Udalak be, 3 eta 14 urte bitartekoentzat udaleku irekiak antolatu ditu. Zerbitzua Zaztaparrak Aisialdirako taldeak emongo dau, edade bakotxarentzako egokitutako programazinoa eskeiniz. Bagilaren 23tik garagarrilaren 4ra izango dira udalekuok, 10:00etatik 14:00etara eta txango bat edo urtekerea dagoan egunetan 18:00ak arte.

Beste eskeintza batzuk
Udalak eskeintzen dabenaz gainera, ume eta gaztetxoak udan ondo pasetako aukerea emoten daben beste eskeintza asko dagoz Arratian. Aurten hemeretzigarrenez, Zaztaparrak Asti Taldeak udalekua antolatu dau Abuztuaren 4tik 15era. Baratze, Bizkaiko herri txiki bat, izan da Arratiako umeen gozamenerako Zaztaparrak-ek aukeratutako lekua.
Aitagarrienen artean dago Arratia Futbol Taldeak antolatutako kanpusa. Kirola euskal giroan bizi eta nesken futbola bultzatzeko helburua ditue udaleku honeek. Bagilaren 30etik garagarrilaren 4ra eta garagarrilaren 7tik 11ra, aste bakarra edo aste bitan izango da kanpus hau Urbieta zelaian. Talde bi egongo dira, bata 6 urtetik gorako umeentzat, mistoa, eta bestea, 12 urtetik gorakoentzat neskentzat.
Kirolagaz batera, hizkuntzak praktikau gura izaten dabe gaztetxoak (edo euren gurasoak) udako oporretan. AEK-k be egin dau bere udako eskeintzea. "Euskal Herritik muturretik muturrera" izenpean abuztuaren 2tik 16ra Gorbeiatik hasi eta Hiru Erregeen Mahaira, 16 egunez oinez zeharkatuko dabe Euskal Herria partaideak, Areatzatik abiatuta. Helburua, hamasei egunez euskeraz berba egitea, Euskal Herria hobeto ezagututea eta mendiz mendi ibiltea da. Egunean 20 bat km. egingo ditue eta "Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Aralar eta bestelako mendigune ederretatik" pasauko dira.
Itsasoan edo mendian, herrian bertan edo atzerrian, hizkuntzak ikasten, kirola praktiketan eta beti lagun barriak egiten, udagiro ederrean, abenturak biziteko sasoia heldu da.

2014/6/13