Paperezkoak - Azken Alea
Laster baten

Jose Migel Bustinzaren heriotzaren inguruko erakusketea Igorren

Igorreztar talde batek eta Egiari Zor Fundazinoak ekitaldi bi antolatu ditue Jose Migel Bustinzaren heriotzaren 20. urteurrenean.
Urri lehenengoaren 21etik urri bigarrenaren 6ra arte, Atara daigun egia gerizpetatik argira. Jose Migel Bustinza eta Gaizka Gaztelumendiren heriotzaren inguruko egia osoa jakin nahi dugu izeneko erakusketea egongo da Igorreko Kultur Etxean. Bertan, hemerotekako materialak eta familiak emondako argazkiak egongo dira ikusgai.
Urri lehenengoaren 22an, 19:00etan, mahai-ingurua egingo dabe Kultur Etxean. Egiari Zor Fundazinokoak, kasua eroan eban Jone Goirizelaia abogadua eta familikoak egongo dira han.

Beldur Barik Lehiaketarako lanak bialdu daitekez daborduko

Urri lehenengoaren 11n ipiniko da martxan Beldur Barik programearen edizino barria. Programa hau urtero egiten da gazteakaz indarkeria matxistea prebeniduteko. Beldur Barik Ikus-entzunezko Lehiaketea 12 eta 26 urte bitarteko gazteai dago zuzenduta eta lanak, lehiaketa orokorrean eta tokiko Lehiaketan hartzean dabe parte. Arratia mailako sariak Igorren bananduko dira zemendiaren 24an. Lehiaketa orokorraren topaketea barriz, Eibarren izango da abenduaren 2an.
Lehiaketea Beldur Barik programearen ekintza nagusietako bat da eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lanak erakutsi behar dabe zelan neska eta mutilak egiten deutseen aurre desbardintasun egoerai Beldur Barik jarkereagaz; hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, alkarkidetza eta indarkeria sexistearen bazterketa irmoa adierazoten dabezan jarkerakaz. Lanak aurkezteko epea urri lehenengoaren 11an zabaldu eta zemendiaren 13an zarratuko da. Parte-hartzeko kategoria bi dagoz: 12-17 urte bitartekoak, eta, 18-26 bitartekoak. Igazko edizinoan EAE mailan, 363 lan eta 2.348 gazte aurkeztu ziran.

Sariak
Tokiko Lehiaketan, hau da Arratia mailan, kategoria bakotxean 300 euroko saria egongo da. Aurten, saritutako lanak zemendiaren 24an ezagutuko dira, Igorren ospatuko dan Beldur Barik Arratia Topaketan. Urtero antolatzen dan topaketa honetan, ikus-entzunezko lanak jai giroan ikusi, sariak banandu eta kopautxoa egoten da. Arratiako epai-mahaia, Arratiako Udalen Mankomunitateko ordezkariak, talde feminista eta andra alkarteetako ordezkariak eta Hezkuntza sistemako ordezkari batek osotuko dabe.
Lehiaketa orokorrean, kategoria bakotxeko 500 euroko lehen sari eta 300 euroko aipamen berezi bana bananduko dira. Horrezaz gainera, 300 euroko herri bozkaketaren bitartez parte-hartze saria eta, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloretako 300 euroko saria.
Beldur Barik Emakundek antolatuten dau, Foru Aldundi eta Eudelen babesa eta beste erakunde batzuen laguntzeagaz.

Andren Jabekuntza Eskolako ikastaroetan izena emoteko epea zabalik

Andrentzako prestakuntza eta parte hartze publikoa handitu eta sendotzeko helburuagaz, 2016ko urtailean Arratiako Andren Jabekuntza Eskolea sortu zan Arratiako udal, mankomunidade, andra alkarte, talde feminista eta banakako andren artean.

2017-2018ko ikasturtea, Jabekuntza Eskolea martxan dauan bigarrena izango da eta daborduko bost lan ildotan batzean diran hamaika ikastarotan emon daiteke izena urri lehenengoaren 4tik aurrera. Ikastaroak doban dira.
Jabekuntza Eskoleak lan ildo barria zabaldu dau ikasturte honetarako; komunikazinoa, hain zuzen be. Lan ildo horretako ikastaroak soinutik biaje bat proposatzen dau abotsaren bitartez sormen kolektiboa landuteko. Ikastaro hau zezeilan izango da Igorren.
Beste lan ildoak, andren identidadea, osasuna, kultura birdefiniduten, feminismoa eta munduko andrak alkartasunean eta alkarlanean dira.

Hamaika ikastaro
Feminismo lan ildoaren barruan, lau ikastaro dagoz. Lehenengoa, Feminismoa marrazten, urri bigarrenaren 6 eta 7an izango da Lemoan; Autodefensa ikastaroa 12-17 urte bitarteko neskentzat barriz, zemendiaren 3 eta 4an Igorren; Mikromatxismoak identifikatzen, Diman zemendiaren 16, 23 eta 30ean; eta Autodefensa Feministea, Arantzazun maiatzaren 11 eta 12an.
Osasun arloko ikastaro bi dagoz. Orokorra bata, gorputza ezetu eta osasuna jagoteko. Hau, Artean izango da urri bigarrenaren 20 eta 21ean. Eta sexualidadearen ingurukoa bestea: Tupper sex feministea, hain zuzen be. Bedian, izango da hau abenduaren 15 eta 16an.
Beste bi ikastarok osotuten dabe kultura berdefinidutea helburu daukan lan ildoak. Sexualidadea Euskal Literaturan zelan tratau dan aztertuko dabe partaideak Zeanurin zezeilaren 23 eta 24ean. Eta andrak eta umorearen arteko erlazinoa izango dabe aztergai Lemoan aprilaren 12, 19 eta 26an.
Andren identidadeari jagokonean, ikastaro bakarra egongo da, maitasunaren ingurukoa. Maitasun erromantikoa vs. maitasun askea dauka izena eta Areatzan izango da martiaren 9 eta 10ean.
Urri bigarrenetik maiatzera arte, hilean bitan, Andra migraduen topaguneak jarraituko dau Igorren munduko andren arteko alkartasuna eta alkarlana bultzatzen.

Izen emotea
Arratiako Mankomunitatearen webgunean, udaletxeetan eta AUMeko egoitzan emon daiteke izena ikastaroa hasi baino astebete lehenagora arte. Plazak mugatuak dira eta partaideen zerrendak izen emote dataren arabera egingo dira.

Dimako ermitak ikusteko ibilaldia hilaren 23an

Urri lehenengoaren 23rako antolatu dau Dimako Udalak, Ermiten Ibilaldia. Partaideak goizeko 07:00retan urtengo dira herriko plazatik, 32 km. egin eta 18 ermitaren ingurutik pasetako. Ibilbide osoa egin beharrean, zati bat be egin daiteke; hau da, bakotxak gura dauan lekuan hasi eta gura dauan lekuan amaitu. Amaitu ostean, kopautxoa egongo da ibiltarientzat.

Ibilbidea
Ibiltariak hurrengo leku eta ermita honeetatik pasauko dira. Herriko plazea, Piedadea, San Pedro parrokia, Artzubi, Munetxa, San Migel Txiki, Iraurgi, Olazabal, Roke Deuna, Untzurdin, Arostegieta, San Inazio, Lamindao, Magdalena, Petralanda, Goikogana, San Blas urriko, Elgabide, Urzabaleta, Kortabarria, Zamakola, Olalde, San Fresku, Gibiltar, Jentilzubi, Abaro, Baltzola, Lontzo Deuna, Bargondia, Santa Mañe, Santa Apolonia, Bargaun, Egiraun, Zubero, Oba goikoa, San Antolin, San Martin, Ugariotz, Artaun, Bizente Deuna, Bikarregi, Santa Ageda, Bizkorna, Biteriño, San Millan, Santiago, San Balentin eta herriko plazea.

Hiru bertsolari, hiru zientzialari eta Kike Amonarriz Lasarte Aretoan

Urri lehenengoaren 23an, 20:00etan, Jakinduriek mundue erreko dau! bertsoa eta zientzia batuten dauan emonaldia egongo da Igorreko Lasarte Aretoan.

Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio izango dira bertsolariak; Jon Larruskain, Elena Lazkano eta Bittor Rodriguez zientzialariak. Saioa Kike Amonarrizek gidatuko dau.
Bizkaia Zientzia Plazaren ekimenaren helburua zientziagazko interesa biztutea da eta horretarako komunikazinoa "ezinbesteko tresna". Bertsolaritzea eta zientzia buztartuz, sortu da Jakinduriek mundue erreko dau! ikuskizuna. Ondarroan, Getxon, Igorren eta Bilbon egongo da ikusgai. Beste batzuen artean, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Igorreko Udalaren laguntzea dauka.
Sarrerea dobakoa eta librea da eserlekuak bete arte.

Jakinduriak Igorre erre
Igorreko saioan, genetikea, robotikea eta elikagaien teknologiaren gainean jardungo dabe. Zientzialariak 10 minutuko berbaldiak emongo dabez eguneroko gaiak buztartuz eta bertsolariak errima eta doinua ipiniko deutseez gaiai. "Dopin genetikoa, superkirolariak diseinatzeko gai?", "Robotak zure lagun min onenak" eta "Hala ere, jango zaitut" dira Igorreko gaiak.

Jarduera fisikoko ikastaroak nagusi dira Arratian

Hipopresiboak, Mantenimentuko gimnasia, Pilates, Yoga, Zunba... ariketa fisikoan oinarritzen diran ikastaroak daukie arraskatarik handiena Arratian.
BEGITUren aurreko zenbakian, Bedia, Dima eta Lemoak eskein-tzen dituen ikastaroen barri emon genduan. Hona, Arantzazun, Areatzan, Igorren, Zeanurin eta Zeberion eskeintzen dituenak dakarguz. Izena emoteko epea zabalik dago gehienetan.

Arantzazu
Arantzazun ikasturte osokoak dira ikastaroak, hilaren 18an hasi eta bagilaren 15era artekoak, eta ariketa fisikoa egiteko aukerak erreztu gura deutseez arantzuztarrai. Mantenimentuko gimnasia, Zunba, Pilates eta Gimnasia funtzionala dira Udalak eskeinitako ikastaroak. Ikasturte osoa, 70 eta 110 euro bitarteko prezioan dago. Izena emoteko epea zabalik dago, baina ikasturte osoan emon daiteke izena lekua egon ezkero.

Areatza
Areatzak Zunba, Zunba txiki 12 eta 16 urte bitartekoentzat, Gimnasia, Eskulanak, Crossfit, Pilates, Euskal jantzak, Jubiladuentzako paseoak eta GAP ikastaroak eskeintzen ditu. Ikastaroak aurrera aterateko gitxienez 10 personako taldeak osotu beharko dira. Prezioai jagokienean, Euskal jantzak eta Jubiladuentzat paseoa ikastaroak debaldekoa dira, Yogak 80 euroko prezioa dauka eta gainontzekoak 110 eurokoa.
Izena hilaren 26ra arte emon behar da udaletxean.

Igorre
Igorren, Literatura tailerra eskeiniko dabe hilean behin, Lutxo Egiak gidatuta. Jantza afrikarrak, hilean 3 zapatutan. Sei zapatu iraungo dau Ines Medinaren Autoestimuaren garapena arte plastikoen bitartez ikastaroak eta zemendiaren 4tik abenduaren 9ra arte, edo, urtailaren 13tik zezeilaren 17ra egin daiteke. Yoga, Hipopresiboak eta Zirkua ikastaroetan parte hartzeako hiruna talde aurreikusten dira eta beraz, hiru ordutegi dagoz aukeran. Oindino konfirmau barik egon arren, baleiteke Txi kung talderen bat sortzea.
Izen emotea Igorreko Kultur Etxean egin behar da.

Zeanuri
Zeanuriko Udalak eskeintza zabala egin dau aurten be: jarduera fisikoko zazpi ikastaro, arteari lotutako hiru eta edadekoai zuzendutako beste hiru, hain zuzen be. Urri lehenengoaren 25era arte emon daiteke izena Pilates, TRX, GAP aerobic, Entrenamentu funtzionala, Txi kung, Gimnasia eta Hipopresibo ikastaroetan; baita, Sukaldaritza, Pintura edo Josteko ikastaroetan edo-eta Adinekoentzako gimnasian, Adinekoentzako estimulazio kognitiboan edo Adinekoentzako eskulanetan be. Adinekoentzako ikastaroetan taxi zerbitzua eskeiniko da.

Zeberio
Zeberiok debaldeko oinarrizko informatika ikastaroak eskeiniko ditu informatika ezagutzarik ez daukienentzat, urri bigarrenaren 2tik 17ra. Izena udaletxean emon behar da urri lehenengoaren 25a baino lehen.
Helduentzako Gorputz heziketa ikastaroa eta Hipopresiboak be egongo dira Zeberion. Helduak sasoian egoteko eta ondo egoteko ikastaroa egiteko aukerea egongo da astelehen eta eguaztenetan Eskola Zaharrean. Izena emoteko epea zabalik dago udaletxean.
Hipopresibo ikastarorako be emon daiteke izena udaletxean. Urri bigarrenean hasiko dira eskolak eta hilean 20 euro pagau behar dira.

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD