Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Lehenengo folk jaialdia sortu da "Dima Folkean 12" izenagaz

Bertoko musika tradizionala entzun eta joteko aukerea egongo da Diman zemendiaren 9tik 11ra izango dan Folkean 12 jaialdian. Urruneko soinuak be entzun ahal izango dira.


Australiako aborigenen didjeridoo-a edo country musikea, ekarriko dabe Iban Nikolai gipuzkoarrak eta Dead Bronco talde bizkaitarrak. Bertako musikeari jagokonean be aukera zabala: txalaparta monografikoa, luthier azokea eta instrumentu tailerrak, kontzertuak eta antxinako erromeria Guardia Zibil eta abade eta guzti egongo dira, beste gauza batzuen artean. Gainera, antolatzaileak instrumentu bat joten dauan jentea "instrumentuagaz etortera eta hemen jotera konbidau" gura dabe.
Jaialdia Dimako Jai Batzordeak antolatu dau, Dimako Udala, Dimako Gaztetxea eta BEGITUren laguntzeagaz eta, euren esanetan, Arratian, folk jaialdi bat egiten dan lehenengo aldia izango da hau. Sano diru gitxigaz, apenas gasturik egin barik, prestatu dabe hiru eguneko jai egitaraua. "Jaietan diru bat atera genduan errifakaz eta herri bazkariagaz eta batzuk aspalditik geunkan folk jaialdi bat egiteko gogoa. Aprobetxau gura izan dogu Igorrera instrumentu tradizionalak ekarriko dituela erakusketarako eta, holan, azokea eta instrumentu tailerrak eratu doguz. Bertako jentea ekarri dogu eta arratiarren parte hartzea ezinbestekoa izango da" azaldu deutso begituri Jon Loiola Jai Batzordekoak. "Udalak ez dau dirurik ipini, materiala baino. Udalak daukan egoera ekonomikoagaz ezin geuntsan dirurik eskatu" gehitu dau Beñat Artabe antolakuntzakoak.
Hori dala eta, musika ikasleai eta instrumentu bat joten daben arratiarrai deialdia egiten deutsee antolatzaileak Dimako kaleetan emonaldiak egiteko.

Antxinako musikea eta antxinako jantziak
Jaialdi honetan ez dira bakarrik kontzertu eta musika emonaldiak egongo. Esandako moduan, azokea eta tailerrak be egongo dira eta girotzeko, herri bazkaria eta "Lehenagoko erromeria". "Pasa dan mendearen hasieran Urkiolan-eta egiten zan moduan egingo dogu, antzerki modukoa izango da. Jentea orduko erropakaz etortera animau gura dogu eta horretarako saria izango dau antxinako jantzirik dotoreenak. Abadea eta Guardia Zibila be ez dira faltauko, jentea mozkortu ez daiten edo haragiaren pekaturik egin ez daian" dinoe Jon Loiola eta Beñat Artabek.

Urruneko doinuak
Baina jaialdian zehar ez dira bakarrik bertako doinu tradizionalak entzungo. Iban Nikolai donostiarrak Australiako aborigenen didjeridoo-a ekarriko dau eta instrumentu honegaz kontzertua emongo dau gaztetxean. Nikolai Europa mailan instrumentu honetan adituenetakoa da eta bost disko ditu merkaduan Youlunggur (2001), Didjeridu Hotsak (2003), Samar (2006), Hamar (2007) eta  Alla Yidaki (2010).
Kontrabajoa eta banjoa entzuteko aukerea be egongo da Diman. Izan be, country musikea joten dauan Mungiako Dead Bronco taldearen kontzertua egongo da zapatu gauean. Talde honek Hank Williams, Johnny Clash, Dylan eta beste batzuen bersinoak egiten ditu.

Folkean 12. Dima
Egitaraua
Zemendiak 9, barikua
19:00etan, Folkean 12, aurkezpena.
19:15ean, txalaparta monografikoa.
22:00etan, Iban Nikolairen kontzertua: Didjeridoo hotsak. Gaztetxean.

Zemendiak 10, zapatua
11:00etan, Luthier azokea eta instrumentu tailerrak.
13:00etan, kalejirea zanpantzar, albokari eta trikitilariakaz.
15:00etan, herri bazkaria frontoi txikian. Bazkalostean Oinarin jan- tza taldeagaz jantza tailerra.
19:00etan, 13 doinu, gaixotasun larriak daukien presoentzat.
21:00etan, kontzertuak Kherau taldea eta Korrontzi + Oinkari jantza taldeagaz frontoian; Dead Bronco gaztetxean.

Zemendiak 11, domekea
13:00etan, kalejirea gaiteru, gigante eta buruhandiakaz. Talo tailerra eta dastaketea herriko plazan.
17:00etan, lehenagoko erromeria Argi eta Iker taldeagaz. Lehenagoko jantzirik dotoreenari saria emongo jako.
Erromeria bitartean, zozketea.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD