Urrietan Igartzan hasi, eta hegoaldeko zein iparraldeko lupetzak zapaldu ostean, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituak Zeanurin emongo deutso amaierea tenporaldiari.
Egun osoko jaia antolatu dau Joko Alaik zapatu horretarako. Goizean 11:00etan umeak egingo dabe duatloia, adin bakotxerako egokitua, hasi 3 urtetik eta hamasei urterarte. Eguerdian, 12:00-14:00ak artean herriko frontoian pasta bazkaria izango dabe bertaratuten diranak eta 15:00etan helduen duatloiak urtengo dau. Handik aurrerakoak trikipoteoa, afaria, sari banaketea, diskofesta eta gainetikoak izango dira.
Proba herrikoia antolatu dabe, "edozeinek egiteko modukoa". Zeanuriko Plazan galapan hasi eta San Juanetik San Justora igaro ostean barriro Plazara bajatuko dira kirolariak 7,32 km. egin eta gero. Han bizikletak hartu eta erruda biren gainean Soloetatik Makaztuira helduko dira eta handik buelta pare bat emonda gero Altzustatik Plazara hurreratuko dira 15,33 km. egin eta gero. Azkenengo arineketaldia, 1,22 km.koa, herri ingurutik egingo dabe.
Mendi duatloia bultzatu, kirol herrikoiai ate bat zabaldu, naturagazko lotura eta errespetua landu, auzolana indartu, gazteengan kirola sustatu eta herri "txiki" eta auzoak ezetutera emon gura dauz Joko Alaik proba honegaz. Horreek diralako, 2010ean sortu zanetik Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren helburuak. Ordutik hona Lizarra, Amurrio, Biriatu, Amasa, eta beste hamaika txoko eta bazter arakatu ditue kirolariak. "Kate horreri tiraka dator, abenduan 12an, Zeanurin egingo dan mendi duatloia" dinoe antolatzaileak. Joko Alaik antolatu dau, Zeanuriko Udalak lagundu eta "herriko merkatari zein herritarrak kate horren begi ugari lotuten lagundu dabe, auzolanean, helburu nagusietako batek dinoan legez".
Zeanuriko mendi duatloia egin gura dauanak www.mendiduatloia.com webgunean emon behar dau izena, online bidez bezperara arte egongo da horretarako aukerea.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|