Ganzabal Mendi Taldeak antolatutako Mendi Amesgarriak zikloan, Bilbao Mendi Film Festivalen parte hartutako hainbat film egongo dira. Igorreko Kultur Etxean, hilaren 19an eta 26an, 20:00etan izango dira saiook. Saio bakotxean, Bilbao Mendi Film Festivalen izandako lau film labur ikusteko aukerea izango da.
Mendi Amesgarrien lehenengo saioan, zezeilaren 19an, Mikel Urrestiren Piztu, Josh Lowell-en A Line across the Sky, Anthony Bonelloren Eclipse eta Jon Herranz-en Panorama proiektauko dira.
Piztu filmak 2015eko Bilbao Mendi Film Festival-eko Mendi Short izeneko film labur amateur onenari saria irabazi eban. Irudiaren kalidadea, edizinoa jagoteko gaitasuna eta gidoia hartu ebazan kontuan epaimahaiak saria emoteko.
Lowell-en A Line across the Sky filmak Tommy Caldwell eta Alex Honnold-en abenturak Fitz Roy-ren zeharbidean kontetan dauz. Fitz Roy ibilbidean, zazpi tontor eta 4.000 metroko eskalada bertikala dagoz. Biaje honengaitik Caldwellek eta Honnoldek Urrezko Pioleta lortu eben. Filmak 40 minutuko iraupena dauka.
Hurrengo filman, Eclipsen, Zirkulu Polar Artikoan dagoan Svalbarderako biajea kontetan dau Bonellok. Biajea eguzki eklipse baten aurrean, eskiatzaileen argazkiak egiteko egin eben talde batek eta argazkilariak. Klimatologia eta aldaketa klimatikoaren gainean be egiten dau berba 30 minutuko film honek.
Lehenengo saioko azken filma Jon Herranz zuzendariaren Panorama filma izango da. Edu Marin eta bere aita Francisco Marin, 62 urtekoa, Dolomitasen dagoan Panorama mendia eskalatzen saiatu ziran eta euren artekoa eta mendigazko hartu-emona kontetan dau filmak.
Bigarren saioa hurrengo barikuan
Hurrengo saioan, Ben Sturgulewskiren The Warmth of Winter, Joey Schuslery eta Karl Thompson-en 55 Hours in Mexico, Nick Rosen-en High and Mighty eta Pawel Wysoczanski-ren Jurek filmen txandea izango da.
The Warmth of Winter (neguko epeltasuna) 5 minutuko bideo musikala da. Japoniako iparraldeko irlan dagoan edur berezia eta egun eguzkitsuetan bertan egiten diran eski jardunaldiak ditu ardatz.
Astegoien berezi bat kontetan dau 55 Hours in Mexico 9 minutuko film laburrak. Protagonistak bariku baten Veracruz-era abioiz joan ostean, Iparramerikako hirugarren mendirik altuena igo, eskietan bajatu eta astelehenean beharrera bueltauko dira.
Rosen-en High and Mighty filma be nahiko laburra da, 18 minutukoa. Bertan, Daniel Woods-ek The Process pareta eskalatzen dau.
Eta saioari eta zikloari amaierea emoteko, Jurek Kukuzkaren bizitza kontetan dauan Jurek, Pawel Wysoczanski zuzendari poloniarraren dokumentala izango da Igorren. Kukuzka oinetako garbitzaile izatetik aberatsa izatera pasau zan, behargin sozialista izatetik hedabideetako izarra izatera. Eta "Himalaiako koroa" lortzeako lehian egon zan. Dokumentalak 72 minutuko iraupena dauka.
Argazki erakusketea
Igorreko Kultur Etxeko erakusketa aretoan, Ganzabal Mendi Taldeak antolatutako Mendirik Mendi argazki erakusketea dago ikusgai. Bertan, Ganzabaleko bazkideak igazko urtean zehar ateratako argazkirik ederrenak erakusten dira hilaren 29ra arte.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|