Maiatzaren 8an izango da Zeanuriko Erroten XI. Ibilaldia.
Jon Urutxurtu
Maiatzaren 8rako prestatu dau Joko Alai Alkarteak 2016ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten hamaikagarren edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileak adierazoten dabenez helburuak hasikerako berberak dira: "alde batetik, herritarrai zein kanpotik hurreratzen diran bisitariai Zeanuri eta bere auzoak ezetuten emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotak izan daben garrantzia ezagutarazotea eta azkenik, domeka goiza natureagaz harremantean eta kirola eginez pasetako aukerea eskeintzea". Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan —Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.
Bi ibilbide: luzea eta laburra
Bi ibilbide prestatu dabez antolatzaileak, bata luzea, 18 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 12 kilometrokoa, jan-edana bananduko dan lekutik helmugara zuzentzen dana.
Urtekerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileak. Urtegia atzean itxi bezain laster Barrengoerrota aurkituko dabe, Beretxikorta errekatxoaren ertzean. Agarre izeneko baserrien ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera jaitsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeako; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenak kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutsie bideari —oraingoan beste aldetik—; presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko dau Gastronomia Cantabricak. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroa beteten hasiko dira; helmuga baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa, eta bisitetako aukerea izango da, ate batetik sartuz eta bestetik atereaz, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.
Ibilbidea amaitutakoan, 18 kilometro eroango dabez oinetan ibiltariak, baina ziur ziteari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gainera, udabarrian naturak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukerea izango dabe eta.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|