Igorreko Udalak, Timoteo Atutxa Petralandaren bizitza eta heriotzea ikertzeko beka bat emongo dau. Timoteo Atutxa, frankistak fusilau eben Derion 1937an.
Igorreko Memoriaren Bankuak hainbat dokumentu batu ditu eta honetan sakondu guran, dokumentu eta idazkiak berreskuratzeko, eta historian kokatzeko, laguntza deialdia egin dau Udalak. Beka honetarako eskabideak aurkezteko epea hilaren 28ra arte da.
Timoteo Atutxa Igorreko EAJ-PNVko idazkaria izan zan. Derion fusilau eta bertan lurperatu eben 1937ko urri bigarrenaren 29an. Igazko zemendian, Igorreko Udalak omenaldia egin eutsan Atutxari eta plaka bat ipini eban Goiko Plazan, gorazarretan.
Ikerketarako bekea
Ikerketa honetarako, sei mila eurokoa izango da diru laguntzea eta bost hilabeteren buruan aurkeztu beharko da lana. Igorreko Udalak, Timoteo Atutxaren fusilamentuaran urteurrenean, urri bigarrenean, argitaratu eta bananduko dau lana.
Lanak argitaratzeko helburua dauka beraz, eta euskeraz izan behar da. Historia, soziologia, antropologia, zientzia politikak, kazetaritza, edo giza zientzietan lizentziatuak aurkeztu daikie eskabidea. Igorreko Udalak, daukan dokumentazinoa aukeratutako personearen eskura ipiniko dau.
Memoriaren bankua
Herriaren memoria jaso eta memoriaren bankua ipini eben martxan igaz. Jenteak ondo erantzun dau eta Timoteo Atutxaren gaineko informazino asko jaso dabe Igorreko Memoriaren Bankuan. "Informatzailearen erantzuna positiboa, ona izan da. Agozko material interesgarria batu dalako. Dokumentazinoaren aldetik, barriz, gitxiago, Timoteko Atutxarena izan ezik" dino Angel Larrea memoria taldekoak.
Igorre dan modukoa izatera zelan heldu dan azalduko dauan alkarrizketa bilduma bat egiten dabiz Igorren. Behar hau egiteko, lau ikertzaile hasi ziran beharrean 2013 urte hasikeran eta 1936tik 1976ra Igorren bizi izandakoen testigantzak bideoz jasoko dabez. Angel Larrea historialaria eta Ilintia alkarteko presidentea, Aritz Arrizabalaga Euskal Filologian eta Antropologia sozialean lizentziaduna, Ainara Pujana kazetaritzan lizentziaduna eta Ibai Pujana ikusentzunezko teknikaria eta zine zuzendaria dira memoriaren bankua egiteko enkargua jaso ebenak.
Taldeak hileon amaituko dau alkarrizketak egiten, hau da, ikerlanaren lehenengo fasea. Amaitutakoan bigarren faseari ekingo deutsie, DVDa prestatzeari egindako alkarrizketen materialakaz. Izan be, martiaren amaierarako amaituta euki gura dabe DVDa.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|