Abenduaren 25ean, Lemoako alpinistea Katmandura abiatu zan, mendirik altuena neguan eta oxigeno barik igoteko asmoz. Erronka gogorra da. Izan be, -60ºC.ko tenperaturak egoten dira han eta 150 Km/h.ko haizeak. Carlos Rubio madrildarra dauka espedizinokide.
Muturreko eguraldiak gatx ipiniko deutse lemoaztarrari eta bere kideari tontorra zapaltzea. Dana dala, Txikonek esperientzia dauka neguko espedizinoetan. Izan be, igaz neguan igo zan Nanga Parbat-era. Eurakaz egongo dira, bigarren kanpalekuraino igoko diran 5 sherpa. Abentura hau filmetako Aitor Barez zine zuzendaria eta Pablo Magister kameraria izango dira bertan.
Neguko espedizinoak
Desnivel aldizkariak argitaratutakoaren arabera, orain arte hamabost alpinista igon dira neguan Everestera. Oxigeno barik, Ang Rita Sherpa nepaldarra bakarrik. Honek 1987ko abenduaren 22an zapaldu eban tontorra.
Neguko igoeratzat joteko erispide desbardinak dagoz. Mendian espezializautako aldizkari honen arabera, Nepal, Txina eta Pakistaneko gobernuentzat abenduaren 1ean hasten da negua, "beste aditu batzuentzat, espedizinoak tontorra zapaldu behar dau, negu astronomikoan; hau da, abenduaren 21 eta martiaren 21aren artean".
Espedizinoa neguan hasi eta amaitu behar dala esan eben Igorren Simone Morok eta Alex Txikonek neguko espedizinotzat joteko.
Lehenengoak Krzysztof Wielicki eta Leszek Cichy poloniarrak izan ziran, oxigenoa erabilita. Yasuo Kato 1982ko abenduaren 27an igon zan tontorrera baina jaitsikeran desagertu egin zan eta 1983ko abenduaren 16an eta 1993ko abenduaren 18an eta 20an, hiru kordada japoniar heldu ziran. Honeek, erabilitako erispidearen arabera, neguko igoeratzat jo daitekez ala ez.
1993ko abenduaren 22an, japoniar bi heldu ziran Everesteko tontorrera: Ryushi Hoshino eta Yoshio Ogata.
1987ko abenduaren 22an, Young-Ho Heo korearrak eta Ang Rita Sherpa nepaliarrak egin eben tontorra. Azkenengo honek oxigeno barik. Bera izan da bakarra momentu honetara arte neguan eta oxigeno barik igon dana.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|