Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Zeanurin, errotarik errota

Maiatzaren 7an izango da Zeanuriko Erroten XII. Ibilaldia.


Maiatzaren 7rako prestatu dau Joko Alai alkarteak 2017ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten hamabigarren edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileak adierazoten dabenez helburuak hasikerako berberak dira: "alde batetik, herritarrai zein kanpotik hurreratzen diran bisitariai Zeanuri eta bere auzoak ezetutera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotak izan daben garrantzia ezetu arazotea eta atzenik, domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez pasetako aukerea eskeintzea". Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.

Ibilbide bi: luzea eta laburra
Ibilbide bi prestatu dabez antolatzaileak, bata luzea, 18 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 12 kilometrokoa, jan-edana bananduko dan lekutik helmugara zuzentzen dana.
Urtekerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri —2015ean zaharbarritu eben Manterolatarrak eta sartu-urtena egin ahal izango da— ondotik pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileak. Urtegia atzean itxi bezain laster Barrengoerrota aurkituko dabe, Beretxikora errekatxoaren ertzean. Agarre izeneko baserrien ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera jeitsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeako; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenak kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutsie bideari —oraingoan beste aldetik—; presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana bananduko dau Gastronomia Cantabricak. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, atzen kilometroa beteten hasiko dira; helmuga baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa, eta bisitetako aukerea izango da, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.
Ibilbidea burutzerakoan, 18 kilometro eroango dabez oinetan ibiltariak, baina ziur ziteari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gain, udabarrian naturak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukerea izango dabe eta.


Bisitetan diran errotak: Errotabarri, Ibargutxi eta Olabarri
Ibilbidean zehar bederatzi errotaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko, errotea lanean ikusteko eta osotzen daben atalak bertatik bertara ezetuteko aukerea izango dabe.

Errotabarriko errotea
Otzerinmendiko kofradian dago. 1785ean eregi eben. Zeanuriko errotarik barriena da. Hiru harri ditu. Errota honetan, presa eta antepara lotuta dagoz konporta baten bidez, kaltze barik. Zeanuriko gainontzeko errotetatik bereiztuz, Errotabarrin errotapetik kaltze bat ateraten da, urak errekara bideratzeko. 1975eko aprilean itxi eutsan lan egiteari eta azken errotaria Andres Aldekoa "Ane" izan zan. 2015ean guztiz zaharbarritu eban Errotabarri Manterola familiak.

Ibargutxiko errotea
Ipiñaburuko kofradian dago. XIX. gizaldian burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi badaukaz be, hiru harrigaz egin eban behar. Hirugarren harriak 1950erantza itxi eutsan lan egiteari.
1945ean errotearen azpiko aldean turbina bat eta generadore bat jarriz argindarra ekoizten hasi ziran Ibargutxin, eta 1978ra arte gitxi gorabehera Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzean eben elektrizidadea.
Ibargutxiko errotearen instalazinoak guztiz zaharbarrituta dagoz, eta oindino, noizean behin etxerako garia edo artoa eihotzen dabe jaubeak; horrez gainera, generadorearen bitartez etxerako argindarra be ekoizten dabe.
Azken errotaria Gabriel Larrazabal izan zan. Gaur egun Bitoriano, Satur eta Mª Jesus bere seme-alabak dira jaubeak, eta errotea zaharbarritzeaz eta ingurua txukun-txukun mantentzeaz arduratzen diranak.

Olabarriko errotea
Ibarguen kofradian dago. Jatorriz burdinolea izan zan eta Zeanuriko patronoa zan Arriola familiaren jabetzea. Pujanatarren aurretik Manterola familiak ustiatu eban, 1898ko zemendiaren 30ean, San Andres egunean, Isidro Pujana, errentari moduan, errotearen kargu egin zan arte. XX. gizaldiaren erdirantza Benigno Pujanak —Isidroren semeak— errotea erosi egin eutsen Arriolatarrai. Benignok errotari lanetan jardun eban 1995eko urri bigarrenaren 11n hil zan arte. Aitaren heriotzearen ostean, Fermin semeak errotearen zaharbarritze lanai heldu eutsen eta hor darrai gaur egun be jo eta ke apurka-apurka txukunduz.
Olabarriko erroteak hiru harri daukaz eta, gehienbat errazoi sentimentalakaitik bada be, betiko bezeroen eskariai erantzuteko lanean darraien Zeanuriko errota bakarra da. Benigno Pujana —herriko azken errotari profesionala— hildakoan, bere alaba Ana Mari izan da lekukoa hartu dauana, azken ehun eta hamaika urteetan familiaren ogibidea izan dan ofizioa bizirik manteniduteko.
Errotearen ondoan burdinolearen arrastoak azaltzen dira eta gaur egun, hormak zaharbarritzen dabilz. Burdinolean erabilitako balantzea be errotan gordetzen da.
Errotagintzari buruzko gorabeherak ezetu gura dabezanak Olabarrira hurreratzea baino ez daukie, Pujana familiak bisita gidatuak antolatzen ditu eta.

Zehetasunak
Izena emotea: 08:30etik aurrera, herriko plazan. 5 €.
Urtekerea: 09:00etan.
Errotak lanean: ibilaldiaren hasikeran Errotabarriko errotan, erdibidean Ibargutxiko errotan eta amaieran Olabarrikoan sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe ibiltariak.
Antolatzailea: Joko Alai alkartea.
Laguntzaileak: Gastronomia Cantabrica, Lankidego Lantalde, Zeanuriko Udala, Gorbeialde, Sagarna Txokoa, Zeanuriko Jubiladuen Tabernea eta Arratiako Gurutze Gorria.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD