Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Zeanurin, errotarik errota

Jon Urutxurtu


Maiatzaren 6rako prestatu dau Joko Alai Alkarteak 2018ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten hamahirugarren edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileak adierazoten dabenez helburuak hasikerako berberak dira. "Alde batetik, herritarrai zein kanpotik hurreratzen diran bisitariai Zeanuri eta bere auzoak ezetuten emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotak izan daben garrantzia ezetu arazotea, eta atzenik, domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez pasetako aukerea eskeintzea".
Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezetuten diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik pasauko dira ibiltariak eta bitan, Errotabarrin eta Ibargutxin, sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe. Aurten Olabarrikora ezin izango da sartu obratan dagozalako.

Ibilbide bi: luzea eta laburra
Ibilbide bi prestatu dabez antolatzaileak, bata luzea, 18 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 12 kilometrokoa, jan-edana bananduko dan lekutik helmugara zuzentzen dana.
Urtekerea herriko plazan izango da goizeko 09:00etan. Udaletxearen aurretik abiatuta, Altziber eta Errotabarrik pasauko dira. Errotabarri 2015ean zaharbarritu eben Manterolatarrek eta sartu-urtena egin ahal izango da. Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileak eta urtegia atzean itxi bezain laster, Barrengoerrota aurkituko dabe, Beretxikorta errekatxoaren ertzean. Agarre izeneko baserrien ingurutik aurrera eginaz, Undurraga auzunera jaitsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeako. Hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenak kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutsie bideari, oingoan beste aldetik. Presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana bananduko dau Gastronomia Cantabricak. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik pasau ostean, atzen kilometroa beteten hasiko dira. Helmuga baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik. Aurten ezin izango da bertara sartu obratan dagoalako.
Ibilbidea burutzerakoan, 18 kilometro eroango dabez oinetan ibiltariak, baina ziur ziteari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezetuteaz gainera, udabarrian naturak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukerea izango dabe eta.

Errotabarri eta Ibargutxiko errotak
Ibiltariak errota bitan, Errotabarrin eta Ibargutxin sartu-urtena egin eta errotea lanean ikusteko eta osotuten daben atalak bertatik bertara ezetuteko aukerea izango dabe.
Errotabarriko errotea Otzerinmendiko kofradian dago. 1785ean eregi eben. Zeanuriko errotarik barriena da eta hiru harri ditu. Errota honetan, presa eta antepara lotuta dagoz konporta baten bidez, kaltze barik. Zeanuriko gainontzeko errotetatik bereiztuz, Errotabarrin errotapetik kaltze bat ateraten da, urak errekara bideratzeko. 1975eko aprilean itxi eutsan lan egiteari eta atzen errotaria Andres Aldekoa "Ane" izan zan. 2015ean guztiz zaharbarritu eban Errotabarri Manterola familiak.
Ibargutxiko errotea Ipiñaburuko kofradian dago. XIX. gizaldian burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi badaukaz be, hiru harrigaz egin eban behar. Hirugarren harriak 1950erantza itxi eutsan lan egiteari. 1945ean errotearen azpiko aldean turbina bat eta generadore bat jarriz argindarra ekoizten hasi ziran Ibargutxin, eta 1978ra arte gitxi gorabehera Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzean eben elektrizidadea. Ibargutxiko errotearen instalazinoak guztiz zaharbarrituta dagoz, eta oindino, lantzean behin etxerako garia edo artoa eihotzen dabe jaubeak; horrez gainera, generadorearen bitartez etxerako argindarra be ekoizten dabe. Atzen errotaria Gabriel Larrazabal izan zan. Gaur egun Bitoriano, Satur eta Mª Jesus bere seme-alabak dira jaubeak, eta errotea zaharbarritzeaz eta ingurua txukun-txukun manteniduteaz arduratzen diranak.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD