Maiatzaren 12an jokatuko dan Emakumeen I. Klasikoa Zeberio-Ugao-Arrigorriaga, Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izango da. Lehenengo edizino honetan, Zeberiotik urten eta Zeberion izango dau amaierea lasterketeak. 2018, 2019 eta 2020 urteetan egiteko konpromisoa hartuko dabe hiru herri honeek eta Ugao Txirrindularitza Elkarteak antolatuko dau. Amaia Estiballes, Zeberioko Udalaren Berdintasun saileko teknikaria izan da probearen sustatzailea eta bera izango da lasterketako zuzendaria.
Kategoria desbardineko proba bi egingo dira. Kadeteak, 09:00etan urtengo dira 40 kilometro egiteko. Elite eta Juniorren txandea 11:30ean izango da eta Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izango da. Ibilbideak 92 kilometro ditu.
Lasterketa aurreko astean, Zeberio, Ugao eta Arrigorriagako udalak hitzarmena sinatuko dabe hasikerako 3 urte honeetan konpromisoa beteko dabela bermatuteko.
Ibilbideak
Proba nagusia, Elite eta Junior lasterketea, Ermitabarritik urten eta Elizondon amaituko da. Txirrindurlariak Ermitabarritik urten eta Ugao-Miraballeserantza joango dira. Ugaotik, Arrigorriagara. Han, Lonbotik sartu eta zirkuitu bat egingo dabe herriko kaleetatik zehar. Ondoren barriro be Ugao-Miraballesera joango dira eta handik Zeberiorantza joko dabe Sarasolako gainetik igaroz Artearantza. Arteatik Areatzara joango dira eta Karpoko zubian N-240ra urtengo dira Arrigorriagarantzako bueltako bidea egiteko. Zirkuitu hau birritan egingo dabe. Helmugea Zeberioko Elizondoko gainean egongo da.
Kadeteak, Ermitabarri gainetik urtengo dira, Ugao-Miraballesera joango dira eta handik Arrigorriagarantza. Arrigorriagan Lonbotik sartu eta zirkuitua egingo dabe herriko kaleetatik zehar. Barriro Ugao-Miraballesera eta handik Zeberiorantza joko dabe, helmuga egongo dan Elizondoko gainera helduz.
Zeberioko Berdintasun sailak bultzatuta
Kirola eta jarduera fisikoa jendartearen aldaketearen eragileak dira eta andren eta gizonen arteko bardintasuna sustatzen dabe Amaia Estiballes Zeberioko Bardintasun Teknikariaren ustez, baina kirolean, gizon eta andren artean, desoreka handia dago. Emakumeen I. Klasikoaren helburuak, beste batzuen artean, kirolaren sustapen ekitatiboan parte hartzea eta andrazko kirolari erreferenteak izatea dira.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|