Egunean berean ehundik gora persona egoten dira beharrean, lagunduten.
Datorren urtean be ziklo-krosa antolatu ezkero, egutegiak halan aginduta Santa Lutzi egunean izango leiteke, lasterketa hau San Kristobalen antolatuten hasi zan egunean hain zuzen be. Atzen urteotan lez, bardintasuna presente dago kartelean, eta halan izango da lehian zein sarietan be.
Abenduaren 8an izango da, domekan, 43. ziklo-kros lasterketea. Goizeko 10:00etan hasiko dira Kadeteak, neska eta mutilak; 10:45ean, Gazteak (gizonak); 11:30ean, Kadete eta Gazteen sari banaketea egingo da. Andrazkoen txandea 12:00etan izango da, Gazteak, Sub23 eta Elite. Gizonak ostera, 13:00etan lehiatuko dira, Elite eta Sub23 kategoriakoak. Egitaraua 14:00etako sari banaketeagaz amaituko da. Oindino kontratu batzuk zarratuteko badagoz be, maila handiko ziklistak ikusteko aukerea egongo dala adierazo dabe Juan Mari Zurinaga eta Ander Gorospe AZEko presidente eta kideak. Euskal Herriko eta Espainiakoez gainera, Frantzia, Belgika eta Italiako txirrindulariak be egongo dira gurean aurten.
Senderos Rojos izeneko webguneak zuzenean emitiduko dau lasterketea, streaming bidez. Eta, podiuma eta abarrak ipinteaz arduratuten dan SportPublic-ek be bardin egingo dau. Urte honetan ETBk laburpena baino ez dau eskainiko; hainbeste urtetan ordaindu badabe be, oingoan ezin deutseela telebistaren gastuai aurre egin esan dabe Zurinaga eta Gorospek.
43 urtean bi izan dira nazinoartekoak izan ez diran lasterketak: lehenengoa, eta igazkoa. "Atsedentxoa" hartuta, ahalegin handia egin dabela kontau dabe antolatzaileak aurtengoa nazinoartekoa izan daiten. Horrenbeste edizino egin ostean, kontetan be kostau egiten dala dino Zurinagak. Eta, urteak esperientzia dakarren arren, presidenteak dino zeozer faltauko dan bildurra, dana ondo urteteko gogoa, atzen baten urduritasuna eta ezinegona ez dirala sekula faltetan. Horren harira Gorospek adierazo dau, gero eta baldintza zorrotzagoak bete behar izaten dirala eta horrek, eurak be prestatutea ekarri dauala. Baina, biak be aitortuten dabe gero eta gatxago egiten jakiela dana aurrera eroatea.
Laguntzaile txiki zein handiakaz sano eskertuta dagozala dinoe AZEkoak, herri osoagaz eta Udalagaz batez be. Ez dogula daukaguna aprezietan pentsetan dabe bi igorreztarrak; izan be, euren ustean estadu mailan ez dago ez Igorrekoalako zirkuiturik, ezta egunean berean egoten dan laguntzaile kopurua baino handiagorik.
Beste alde batetik baina, arduraz dagoz Zurinaga eta Gorospe. Arratian, eta batez be Igorren ostatu faltea dagoala dinoe. Atzen urteotan lo lekurik topau ezinik ibilten ei dira ziklista, mekaniko, zuzendari, eta arbitroentzat. Hori dala eta, eskualdean zein herrian bertan hutsune hori beteteko zeozer egin beharko leitekela pentsetan dabe, dagozanak itxita edo beti beteta egoten dirala argudiatuz. Alderdi hori konpondutea ziklo-kros egunerako bakarrik ez, urtean zehar Igorren dagozan enpresa zein taberna eta komertzioentzako be mesedegarria izango zala dinoe AZEkoak.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|