Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Arratiako Andren Jabekuntza Eskolan dozena bat ikastaro estraineko ikasturtean

Arratiako sarea osotuten daben andra alkarte, talde feminista, udal eta mankomunidade eta banakako andrak, urtailean hasi eta bagilera arte Arratiako Jabekuntza Eskolako 2016-2017 ikasturteko egitaraua prestatzen ibili dira, "eskoleari itxurea emoten, ahal danik eta egiturarik onena prestatzeko, Arratiako eskolea, danon eskolea izan daiten" Miren Urresti Arratiako Udalen Mankomunidadeko Bardintasun Teknikariaren berbetan. Eta holan, dozena bat ikastaro, berbaldi eta tailer antolatu dabez andren jabekuntza bultzatzeko.
Ikastarook zortzi atal tematikotan sailkatu ditue: Andren identidadea, Osasuna, Kultura birdefinitzen, Feminismoa, Indarkeria matxista eta Andra migraduen topagunea izenpean. Debalde dira aurtengo guztiak, eta ikastaroa hasteko egunerarte emon daiteke izena Mankomunidadeko Bardintasun Zerbitzuan.
Urri lehenengoaren 30ean, arrastiko zazpiretan, Eskolearen aurkezpena egingo dabe Areatzako plazan. "Aurkezpen parte hartzailea, kalekoa eta ondo pasetakoa egin gura dogu, sorpresaz beteta" dino Urrestik.

Jentartea eraldatzeko prestakuntzea
Jabekuntza Eskolearen helburua, prestakuntza emotea da, andren parte hartze publikoa handitu eta sendotzeko, eta jentartea eralda- tzeko eragile aktiboak izan daitezan andrak. Arratiako Eskolearen 2016-2017 ikasturterako eskeintzea, 11 ikastaro, berbaldi edo tailerrek, eta andra migraduentzako topagune batek osotuten dabe.
Andren identidadea landuteko hiru tailer dagoz. Lehenengoa Zelan egiten gaitue andrazko? izenekoa, urri bigarrenaren 21 eta 22an izango da Arteako Kultur Etxean. Andra nagusientzako lidergo tailerra emongo dau Irantzu Varelak martiaren 22, 29 eta aprilaren 5ean, Lemoako Kultur Etxean. Atal honetako hirugarren tailerra amodio erromantikoaren gainekoa izango da, martiaren 31n eta aprilaren 1ean emongo dana Dimako Batzar Gelan.
Osasunari jagokonean, tailer bakarra prestatu dabe eskolearen lehenengo ikasturte honetarako. Menopausiaren gainean izango da, aprilaren 26 eta maiatzak 3an, Areatzako udaletxeko Kultur Aretoan, Desirak alkartearen eskutik.
Andrak kultura birdefiniduteko erremintak izan dagiazan ikastaro bi egongo dira. Abenduaren 16 eta 17an, Iratxe Retolazak Irakurbide feministak literaturan izenekoa emongo dau Dimako Batzar Gelan, eta zezeilaren 24 eta 25ean, partaideak Virginia Imazen gidaritzapean, emozino biologiko eta kulturalai buruz hausnartuko dabe, umorea eta andrazkoak lotzean dituan tailerrean, Igorreko Kultur Etxean.
Feminismoan sakonduko dabe hurrengoko hiru tailerrek. Sexu-genero sistemeak herrigintzearen eremuan zelan eragiten dauan eta feminismoaren ekarpenak landuteko aukerea egongo da zemendiaren 3, 10, 17 eta 24an. Pili Alvarezek emongo dau ikastaroa eta Zeanuriko udaletxean izango da. Urtailaren 12, 19 eta 26an Emagin alkarteak Feminismoaren historiaren barri emongo dau Lemoako Kultur Etxean, eta Tere Maldonadok Feminismoaren gaur egungo panorama teorikoan kokatzeko mapak eskeiniko ditu, zezeilaren 3 eta 4an Zeanuriko udaletxean.
Indarkeria matxisteari aurre egiten ikasteko, Maitena Monroyren laguntzea izango dabe arratiarrak. Izan be, zemendiaren 9an, Arantzazuko Erabilera Anitzeko Aretoan "Andra superbibienteak. Indarkeria matxisteari aurre egiten" izeneko berbaldia emongo dau Monroyk. Han, indarkeriatik bizirik atera diran andra batzuen aldarriak entzuteko aukerea egongo da. Urtailaren 28an, barriz, autodefensa feminista tailerra egongo da Bediako Eskolan.
Atzenik, andren sareak andra migradu guztiak, topagunean parte hartzera konbidatu gura dauz. Igorreko Kultur Etxean batuko dira urri bigarrenean, zemendian eta abenduan, hilean bitan, Miriam Herbon dinamizatzaileagaz.
Maiatzaren 27an, ikasturtearen ebaluazinoa egingo dabe Arantzazuko Kultur Gunean.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD