Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Alkateak dedikazino osoa eta soldatea izango dauz aurrenekoz Zeberion

Zeberioko 2016ko aurrekontuak aprilean onartu ziran EAJ-PNVko zinegotzien aldeko 5 boto eta EH Bilduko zinegotzien kontrako 4 botoakaz. Diru sarreretan zein gastuetan 1.340.885,57 euro aurreikusten dira aurtengorako. Diru partida barri bi dagoz aurrekontuetan, bata Bardintasun arlorako eta bestea Oinarrizko Gizarte Zerbitzua osotuteko. Baina barrikuntzarik handiena, alkateak lanaldi osoa eskeiniko deutsala karguari eta soldatea kobrauko dauala izango da.
Bardintasunerako eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzua osotuteko diru partida barriak, eta kulturaren eta kirolaren sustapenerako diru partiden zenbatekoa handitu egin dala nabarmendu gura dau Karlos Idirin Zeberioko alkateak. Eta inbersinoai jagokienean, "konektibidade zerbitzuaren kalidadea hobetzeari lehentasuna emongo jakola, Saldariango auzorako bidea konponduko dala, hondakinen edukiontzi-multzoak edo honeek batzeako guneak egokitu egingo dirala, Ugarte eta santa Kurtz auzoetarako ur-hornidura sarea hobetu egingo dala eta Akiñao, Olatxu eta Egia auzoetan eta Gezalako bidean argiteria publikoa hobetuko dala" azpimarratu gura dau alkateak.
EH Bilduren ustez, ostera, Banda Zabalaren proiektua garestia da eta ez dago argi zeberioztarrak onurarik aterako daben hortik. "Gastua 98.000 eurotakoa izango da. Banda zabalaren proiektua egoala jakin genduan EAJ-PNVk, pasa dan urteko aurrekontuetan, aldaketa bat egin ebalako. EH Bilduren galderai erantzunez, herri osora internet banda zabalaren bitartez helduko zala esan euskuen, udalak gehienez 60.000 euro ordainduko ebazala, dirulaguntzak egongo zirala... Orain inbersinoa askoz be handiagoa da, diru-laguntzarik ez dago, eta udal eraikinetara baino ez da helduko" dinoe EH Bildukoak euren maiatzeko agerkarian.

Alkatearen soldatea
Aurekontuetan desadostasuna sortu dauan beste diru partida bat alkatearen soldatearena izan da. Orain arte Zeberion ez alkateak ez zinegotziak ez dabe soldatarik kobrau. Legeak alkateak soldatea kobratzea baimendu arren, hau kobretea ez da derrigorrezkoa eta alkateari soldatea pagetako, EH Bilduren arabera, Udalak 61.000 euro zuzendu beharko ditu: 44.000 euro alkatearen soldatarako eta 17.604 euro soldata horreri jagokon Gizarte Segurantza pagetako. Orain arteko aurrekontuetan, barriz, alkate eta zinegotzi guztientzako dietak pagetako kantidade bat aurreikusen zan. 2015eko aurrekontuetan, 10.080 eurotakoa izan zan diru partida hori.
Baina alkatearen ustez, dedikazino osoa behar dau Zeberioko alkate izateak. Izan be, Zeberiok 1100 biztanle inguru, 11 landagunetan eta udalerri osoan zehar sakabanatutako ehundaka baserri daukaz. "Eta hau guztia 46 kilometro daukazan auzo-bide sare baten bidez lotuta. Holango ezaugarriak izanda, hainbat eta hainbat zerbitzu zein beharrizan bete beharrean gagoz, gaur egungoak izango diranak eta modu duin baten bete beharrekoak. Eta hau udalaren eta berton gagozan ordezkarion ardura da. Baina hau guztia ezin da behar bezala egin dedikazino osoa izan barik; gure ustez gure herriak merezi dau herritarrak hartzeako eta honeek daukiezan arazoak konponduteko lanean egun guztietan udaletxean egongo dan alkatea izatea. Arduraz eta dedikazinoz egindako lan bat izan daitela, ez kanpoko beste lan batzuekaz partekatutako lanaldi partziala. Handiagoak diran beste herri batzuek daukiezan antzeko beharrizanak daukaguz geuk be, eta hori holan, eskubide bardinak be euki behar doguz" azaldu deutso BEGITUri alkateak.
EH Bilduk, EAJ-PNVk hauteskunde kanpainan honen barri ez emon izana be kritikau dau.

Egoera finantziarioa
Egoera finantziarioari jagokonean, Zeberio mailegu bat ordaintzen dabil eta, alkatearen arabera, "20.000 euro inguru geratzen dira ordaintzeko". Bere ustez, "onbidean" eta ekonomia aldetik "saneauta" dagoan herria da Zeberio.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD