Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Aratuste jaiak, Kanporamartxo eta Etxeramartxo hileon

Mozorro lehiaketa ugari egongo dira gurean Aratusteetan. Aratusteak, eguen lodian hasi, zezeilaren 23an aurten, eta hilaren 28ra arte, Aratuste-martitzenera arte iraungo dabe neguko jairik inportanteenak.


 


Barikuan, eskola guztietako umeak desfileak egingo dabez eskolan egindako edo etxetik eroandako mozorroakaz, eta guraso alkarteak jaiak antolatu dabez desfileen ondoren zerbaist jan eta ondo pasetako.
Astegoiena aprobetxauz, ahalik eta jente gehienak parte hartu dagian barikuan, hilak 24 eta zapatuan, 25, ospatuko ditue karnabalak, Bedian izan ezik. Bedian, tradizinoari eutsiz, Aratuste-martitzenean egiten dabez desfile eta ospakizunak.
Aratusteakaz lotuta, Kanporamartxok eta Etxeramartxok be bizirik diraue Arratian. Kanporamartxo Aratusteen aurreko domekan egiten da. Lagunakaz basotik ibilalditxo baten ostean, zorroztutako makilen puntan txorizoa edo pernila sartu eta sutan erreten da, ogitartean jateko. Etxeramartxo barriz, etxean bertan edo etxe inguruan egiten dan ospakizuna da. Normalean Aratuste-martitzenaren aurreko domekan izaten da. Antxina, baserrietako bizilagunak biltzean ziran, hildako txarriagaz egindako txarrikiak jateko. Izan be, ostean Garizumea hastean zan; hau da, okelea jan barik egoteko denporaldi luzea.

Areatza
Areatzako eskolako umeak, barikuan hilak 24, hainbat ekintza egingo ditue eskolan bertan, baita herrirainoko kalejirea. 16:30ean, gurasoak txokolatea bananduko dabe eskolan eta 17:30ean, ludotekan, tailerrak egongo dira. Ordu berean Aretoan Hodei Magoak Ordu magikoa ikuskizuna eskeiniko dau. 19:00etan, V. Frontenis Txapelketako finalak izango dira.
AKKB kirol eta kultura batzordeak be bere eguna ospatuko dau hilaren 25ean, eta bazkideak mendi ibilaldia, babajana mozorrotuta hotelean, batukadea eta Gaztetxean erromeria antolatu dabe.
Billaroztarrak Kanporamartxo egingo dabe zezeilaren 19an Guraso Elkarteak antolatuta Lamindaon. 10:00etan urtengo dabe plazatik parte hartzaileak. Eguraldi txarra egiten badau plazan egingo dabe txitxi-burruntzia.

Artea
Artean, zezeilaren 24an ospatuko ditue Aratusteak, batez be umeak. Eskola umeak eskolan mozorrotuko dira eta 15:00etan emonaldia egingo dabe bertan. Arrastian, 16:00etatik 19:00etara jaia ospatuko dabe Ludotekan. Bertan maskarak egin eta arpegia pintetako aukerea izango dabe. Zazpiretan, ipuin kontalaria egongo da ludotekan. Ordu berean, Arteako plazan Arratia Kantuz egongo da eta eurakaz batera kantetako aukerea izango dabe hurreratzen diran guztiak.
Bederatziretan, Igitie Arratiako Baserritar Agroekologikoak antolatuta, bertso-afaria egingo da Herriko Bentan, Arkaitz Estiballesek eta Etxahun Lekuek botako dabez bertsoak eta Igor Menikak jardungo dau gai-jartzaile.
Domekan, hilak 26, Kanporamartxo egingo dabe arteaztarrak. Txitxi-burruntzia 13:00etan izango da Eleixabeiti auzoko San Migel eleizan.

Bedia
Esandako moduan Bedian, tradizinoari eutsiz, herri mailako mozorro desfilea martitzenean izango da, hilak 28, arrastiko seiretan. Ordubete lehenago hasiko da jaia; izan be, izen emoteagaz batera, photocall-a eta karaokea egongo dira. Desfilearen ostean ikuskizuna egingo dabe partaideak eta txokolate beroa bananduko da hurreratzen diranen artean.
Desfilerako jantziak prestatzeko bezperan umeentzako mozorro eta makilaje tailerrak egongo dira ludotekan.

Dima
Dimako eskolako umeak, munduko herrialdeak eta andrak lotutako gaiaren inguruko mozorroak jantziko dabez barikuan. Hurrengo egunean, hilak 25, guraso alkarteak jaia antolatu dau frontoi txikian. 18:15ean batu eta 18:30ean hasiko da umeen mozorro desfilea. Nagusiena barriz, bertaratu ahala izango da. 19:00etan txokolatea eta ondoren disko festa Keimaren animazinoagaz. 20:00etatik 22:00etara pintxo potea egongo da.
Baltzola jatetxean, Lion Heart rock taldeak kontzertua emongo dau 22:00etatik aurrera.

Igorre
Barikuan, umeak eskola barruko ospakizuna egingo dabe frontoian. Ziklo bakotxak antzezpen bat egingo dau. Aurten mozorroa librea da. Ondoren, jaia egongo da eskoletako aterpean 16:45etik aurrera. Ismael Pereiraren eskutik jantza saioa eta txokolatea egongo dira. 20:00etan, talo jana egongo da erdigunean.
Hurrengo egunean jaia goizeko 11:30ean hasiko da Igorren, Kultur Etxeko parkean egongo diran umeentzako jolasakaz. 12:30ean, poteo musikatua, AZ tabernan hasita. Herri bazkaria be egongo da, baba jana, 15:00etan. Arrastiko seiretan erromeria eskoletako aterpean Jokaldi taldeagaz. Erromeria bitartean Mozorro Lehiaketea jokatuko da. Bazkarirako txartelak AZ tabernan erosi leitekez. Igorreko Udalak, Zaztaparrak-ek, Inazio Zubizarreta Guraso Elkarteak, errugbi taldeak eta Gure Esku Dagok antolatu dabez ekintzok.
Hurrengo egunean, hilak 26, 18:30ean, Etxeramartxo egingo dabe Igorreko jubiladuak, Jubiladuen txokoan.

Lemoa
Eguen lodian, hilak 23, hasiko dira Lemoan Aratusteak ospatuten. Izan be, egun horretan 10:00etan, txitxi-burruntzia egingo dabe eskolan, guraso eta ikasleak.
Barikuan, eskolako mozorro festa egingo dabe kiroldegian 11:30etik aurrera. Festaren gaia musikea izango da.
Zapatuan, hilak 25, Inauteri jaia herrian izango da. Txikerrenentzat, 17:00etatik 20:00etara kiroldegian, puzgarriak, jokoak, photomatoi gunea, txokolatea, musikea eta jantza egiteko aukerea egongo da beste ekintza askoren artean. Nagusien txandea zazpiretatik aurrera izango da; Jai Batzordeak antolatuta, poteo musikatua egongo da-eta, Eingo Kantan eta Dantzan taldeagaz, 19:00etan Alkartetxetik abiatuta. Atzenik, Harriketarrak Gazte Asanbladeak antolatuta, Zirkinik bez taldeagaz erromeria egongo da Karabie Gaztetxean gaueko 23:00etatik aurrera.


 
Zeanuri
Zeanuriko eskoleak, guraso alkarteak eta ludotekeak, zirkua gaitzat hartutako jaia antolatu dabe, zirkuetako animalien egoerea salatuteko eta animaliak libre izan behar dirala aldarrikatzeko. Barikuan, hilak 24, eskolatik frontoira joango dira "kale-zirkua" eginez. Umeak zirkuaren atzean dagozan lanbideak antzeztuko dabez: malabaristak, sarrerea kobretan dabezanak zein garbitzaileak, berbarako. Gurasoak be hartuko dabe parte eta guraso alkarteak txokolatea, bizkotxoak eta frutea ipiniko dau. 16:30etik aurrera jaia guraso alkartearen eskutik izango da, eta 18:00etatik aurrera ludotekeak antolatutakoa.
Hurrengo egunerako, Tor Magoagaz, magiaz betetako poteoa antolatu dabe Zeanurin 19:00etan. Ondoren, 21:30etik aurrera, dj-a edo karaokea egongo da frontoiko tabernan.
Kanporamartxo be ospatuko dabe Zeanurin, hilaren 19an, Joko Alaik antolatuta. Ibilaldia, plazatik 10:00etan urten, eta Ortuzar, Azkarra eta San Justotik San Juanera izango da. Han egingo dabe txitxi-burruntzia. Horretarako egurra eta edabea antolakuntzak ipiniko dau.

Zeberio
Zubialde Eskolako umeak be barikuan ospatuko dabe jaia. Gurasoentzako ipuin musikala antzeztuko dabe eskolako gimnasioan eta gero, guraso alkarteak jaia antolatu dau.
Zeberion, Gaztelekuan izango da Inauteri Festa. Bezperan, festarako prestaketa lanak egingo ditue eta zapatuan, hilak 25, jaia. Arrastiko 17:00etatik aurrera, musikea, ekintzak tailerrak eta gazteak antolatutako kopautxoa egongo da.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD