Igaz hasitako bideari jarraipena emonaz, aurten be, Regeuibertso ekimena egingo da Arratian. "Hizkuntzak egiten gaitu. No camino da lingua" lelopean, galiziera eta euskerea indartzeko helburua dauka proiektu honek. Horretarako, Galiza eta Arratiako hainbat gazteren arteko alkartrukea egingo da, bertsolaritzea eta regueifa buztartuz. Alkartruke horrek, regueifa eta bertsolaritzearen arteko antzekotasunak eta berezitasunak igarteko, herri bietako ikasleen arteko hartu-emonak sortzeako eta alkarren ezagutzea bultzatzeko balioko dau, besteak beste.
Gazteak kultur ondarean murgiltzeko bidea izan daiteke bertsoa, zein regueifa, eta inprobisazinoaren mundua. Ikasleai bizirik dagoan kultura bat erakutsi gura jakie, zentzua daben bizipen, ohitura, sentimentu, trebetasun, olgeta, memoria eta erreflejuak berrinterpretatzeko abagunea eskeini.
Esan lez, Regueibertso ekimenaren oinarria Galiza (Baio eta Vila de Cruzes) eta Arratiako (Arratiako BHI) hiru ikastetxetako ikasleen arteko trukea da, regueifa (Galizako koplak) eta bertsoa oinarri.
Aprilaren 27tik 30era Euskal Herrian alkartuko dira taldeak, eta maiatzaren 11tik 14ra Galizan. Alkartruke honetan bata bestearen proiektua ezagutzeko aukerea eukiko dabe ikasleak eta irakasleak. Horrez gain, hainbat kultur jarduera egingo dira, herriak ezetuko dabez... eta beti, inprobisazinoa eta hizkuntzea (euskerea eta galizierea) izango dira ardatzak.
Aprileko egun horreetan gurean izango diran ekitaldiai jagokienez, Galizako ikasleen etorrerea aprilaren 27an espero da. Aprilaren 28an, goizean, ondo etorria emongo jakie Igorreko Institutuan, eta egun horretan bertan, arrastiko 17:30ean Angel Larrea irakasleagaz bisita gidatua egingo dabe Areatzan zehar. Ondoren, 18:30ean Oilar Lehia kaleetan eta 21:00etan jaia Gaztetxean. Biharamunean, aprilaren 29an, Dantzari Eguna izango da Zeanurin. Goizean jantzariak jardungo dabe, eta arrastian regueibertso saioa egingo da. Aprilaren 30ean Galizako ikasleak Ondarrura joko dabe, bertan beste bisitaldi gidatu bat zain daukie eta Arratiako Bertso Eskolakoakaz batera beste saio bat egingo dabe arrasti partean.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|