Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 17. edizinoak 300 jarduera baino gehiago eskeiniko ditu urri bigarrenean zehar Bizkaiko 78 udalerritan, herritarrai ondare kulturala hurreratzeko helburuagaz. Aurtengo gaia "Paisaia bizia" da, eta ondarea lurraldearen ikuspuntutik jorratuko da. Holan, Areatzak, Arteak, Igorrek, Ubidek eta Zeanurik euren paisajeak ezetuten emoteko aprobetxauko dabe.
Areatzan, Euskal Jaia eta antzezlan formatoko bisitaldi gidatua egongo da; Artean organo kontzertua; Igorren Aramotzeko magaletatik Igorreko haranera ibilbidea egin dabe; Ubidetik Zeanurira, Larre mankomunidadeen zeharkaldia eta Zeanurin beste bost bisitaldi gidatu programau dabez: San Justora, Ibarguen eta Altzustara, Undurragako urtegira, Eleizondoko monumentu moltsora eta Barazarko zentral elektrikora.
Urri bigarrenaren lehenengo egunean izan zan Igorreko bisitaldi gidatua eta hilaren lehenengo hamabostaldian, beste bisitaldi bi antolatu ditue Zeanurin: San Justora, harestia, karobia eta baseleizea ikusteko bisitea, hilaren 7an, eta Ibarguen eta Altzusta ikustekoa 14an.
Zeanuriko lehenengo bisitaldiak
San Justo Otzerinmendi kofradian dago, Gorbeia mendiaren itzalpean. Haresti ederra, iturria, baselizea eta karobia dagoz bertan. Paisaje hori gizaldiz gizaldi joan da moldatzen Otzerinmendiko biztanleen beharraren ondorioz. Jon Urutxurtu historialariak azalduko dauz paisaje horrek izan dituan aldaketak. Urtekerea 10:00etan izango da Zeanuriko plazatik.
Hurrengo zitea hilaren 14an izango da, eta Zeanuriko kofradia bi ondo ezetuteko aukerea emoten dau. Ibilbidean azaltzen diran etxebizitza mota desbardinak aztertuko dira. Ibarguen kofradian, plazako etxe esanguratsuenak: XVII. mendetik gaur egunera artekoak, eta estilo eta funtzino desbardinetakoak: Emaldi baserria, udaletxea, Arregiako etxeak... Altzustan barriz, Kallarte auzoko etxebizitza moltsoa aztertuko da: hemen, baserriak kale luze bat osatuz azaltzen dira. Altzustako hau egurrezko itxidura eta egitura bakartuko baserri moltso aberatsenetarikoa da Bizkaia mailan.
Ibarguen eta Altzustako kofradietan zeharreko ibilbideak hiru ordu iraungo dau eta gidari lanak Jon Urutxurtu historialariak egingo dauz.
Hilaren 21ean hainbat jarduera
Hilaren 21ean barriz, Areatzan, Artean eta Zeanurin egongo da nondik ibili. Zeanurin, 10:00etan, plazan alkartu eta Eleizondoko gune monumentalari bisita gidatua egongo da. Areatzan, 11:00etatik aurrera Euskal Jaia, eta 12:30ean, antzezlan formako bisitaldi gidatua Areatzako gune historikotik zehar. Iluntzean, 19:00etan, Arteako parrokia-eleizan, Noël Hazebroucq-ek organo kontzertua eskeiniko dau.
Barazarko zentral elektrikora bisitea hilaren 25ean izango da, eta Ubide eta Zeanuri arteko Larre Mankomunidadeen Zeharkaldia hilaren 28an.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|