Igorreko Gure Esku Dago taldeak "Igorren ebatzi" izena hartu eta hasi da beharrean 2018an herri galdeketea egiteko helburuagaz. Igorreztarrak horren garrantziaren jaube izan daitezan eta prozesuan inpliketako, "Ebazteak egiten gaituelako herri" izeneko berbaldia antolatu dabe maiatzaren 25erako, arrastiko 19:30ean, Kultur Etxean. Hizlariak, Iñaki Zarraoa EAJ-PNVkoa, Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko magistradua eta Ibon Arbulu Sortukoa izango dira. Iratxe Etxebarria kazetari igorreztarrak jardungo dau aurkezle lanetan.
Berbaldian hizlari bakotxak 20 bat minutuz egingo dau berba eta gero jentearen itaunak erantzungo dabez. Hilaren 31n, Igorreko Gure Esku Dagoko taldeak batzar zabala egingo dau bideorria zehaztuteko eta jentea prozesura batzeako. Prozesu honetan, alkartea sortu, sinadura bilketea egin eta 1979tik hona herrian izandako alkate eta zinegotzi guztiak batzean dituan ekitaldia egingo dabez, besteak beste. Taldekoak ekimen bakotxeko datak eta galdeketarako itauna ebatzi beharko dabe, baita hau guztia finantzietako modua be.
Taldea sendotzen
Igorreko Gure Esku taldea, Arratiako beste herrietako talde gehienak legez, 2014ko giza katearen inguruan sortu zan. Talde txikia izan dala orain arte, baina aspaldi honetan jente barria eta ideologikoki diferentea batu dala dinoe taldeko partaideak. Dana dala, hurrengo ekintzetan taldea sendotzea eta Erabakitzeko Eskubidearen gainean eztabaidatzen hastea espero dabe Igorrekoak.
Erabakitzeko prest
"Erabakitzeko prest" izenagaz, Gure Esku Dagok mobilizazino nazionala eta herritarren itaunaren aurkezpena antolatu dauz bagilaren 10ean Bilbon. Hitzordua, 17:30ean da, Euskadi plazatik Eliptika plazara. Arratiako Gure Esku Dagoko taldeak parte hartuko dabe bertan.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|