Jon Urutxurtu
Aurten be San Balendin jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezetuten dan ermitearen inguruan. San Balendin egunaren osteko domekan, zezeilaren 18an. Gainera, aurten artea neurtzen daben 60. urtea izango da.
Jaia ospatzeko egitarau apala, baina, era berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen akta sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, Ainara Ipiñazarrek, datorren urtekoari, Julen Llanoseri, agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsaz. Ostean, barauskarrian, urdaia, pamitxea eta ardaoa banatuko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien eta bertsolarien kantuen artean egingo dira.
Egitarau honetan aitagarria da oin dala hirurogei urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala hamabi urte, aldi batean bertan behera itxita egon ostean, berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.
Artearen neurketea
Ainar Ipiñazar, aurtengo maiordomoaren arabera, "Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —konbit egunean— batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta (+) arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren koadernuetan lehen urteetako neurketen zehetasunak topau doguz; lehenengo neurketea 1959koa da, eta zera irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18.
Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak (+) egin eban 1999an; papertxo batean zera idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50.
Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzean itxi gura eleizondotarrek, eta Ainara Ipiñazarrek dinoanez, "2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz gainera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. 2008an, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honeri, aurrerantzean be jarraipena izan dagian. Gainera, zugatzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta (+) aurduratu izan da 2105era arte. Gregorio 2015ean hil egin zan eta 2016an Gregorioren lekukoa Igor Intxaurraga eleizondotarrak hartu eban. Aurrerantzean bera izango da neurtzailea".
Igaz arteari hartutako neurria honako hau izan zan: 189 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran, 2016an baino zentimetro 1 gehiago. Zein izango ete da aurtengo neurria?
Egitaraua
San Balendin jaiak
Zezeilak 18
11:30ean, mezea parrokian. Ostean San Balendinen irudia parrokiatik Piedadeko ermitara prozesinoan eroango da.
Barauskarrian jango diran pamitxen bedeinkazinoa.
12:30ean, Piedadeko artearen neurketea (ohitura honen 60. urtea beteko da aurten).
Datorren urteko maiordomoari agiri-liburua eta ermitako giltzak pasatzea.
12:45ean, barauskarria: urdaia, ardaoa eta pamitxea.
Herriko txistulariek eta bertsolariek alaituko dabe giroa.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|