Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Igor Estankona: "Sirian dagoz oin, Yemenen, Gazan... Blasida Pujanak"

Igorreko 1937ko bonbardaketan hil zan Blasida Pujana. Igorreko memoria historikoa berreskuratzeko lanen barruan, Maite Yurrebaso Igorreko irudigileak eta Igor Estankona Arteako idazleak bere historian oinarritutako komiki edo nobela grafikoa egiteko enkargua jaso eben. Emaitza sano ederra izan da.
Igor Estankonak azaldu deutsaz BEGITUri liburuaren sorkuntzaren nondik norakoak.

Maite Yurrebaso marrazkigileagaz batera egindako Nork hil zuen egiazki Blasida Pujana? liburua kaleratu dozu ointsu. Liburu dendetan dago?
Ez, ez dago liburu dendetan. Igorreko Udalak herriari eta herriaren memoriari egindako opari bat izan da eta, bide batez, Maitek eta nik jaso dogu oparirik handiena: lan bat garatzea 1937an Igorren –eta Arratia osoan– egin zan sarraskia salatzeko, hilak gogoratzeko, burrukatu ziranak ohoratzeko.
Zelan definiduko zeunke? Komikia, nobela grafikoa...? Poesia ez dan zure lehenengo liburua da hau?
Maiterentzat zein niretzat lehenengo komikia edo nobela grafikoa izan da, eta ia-ia modu instintiboan jokatu dogu. Maite doguzan komikien antza eukiko eban lan bat egin dogu, marrazkilari handien trazak jarraitu doguz. Gurea opera prima da, baina anbizinoagaz egindakoa.
Zelan sortu zan liburu hau egiteko idea?
Beinat Anzola Igorreko alkateak deitu eustan, 1936ko gerrako memoriaren lanketak hanketako bat euki behar ebala hauxe esanez, eta ea gidoia egingo neban. Yurrebasoren eskua eta nire tramea! Ezinezkoa ezetza emotea!
Zu Tolosaldean bizi zara eta Maite Yurrebaso Madrilen. Zelan izan da alkarregaz lan egitea?
Maite Yurrebasoren koadro bat daukagu etxeko salan, Tolosan. Nire seme-alabai asko gustetan jakie, euria da botalean andamio batzuetatik behera. Iratzeen esporak poemategiaren azala be berak egin eustan. Maitegaz behar egitea erraza da ze entzuten daki. Nik emaila botaten neutsan: "Maite, hegazkin italiarrak izan behar dira halakoak eta halakoak... eta personajea imajinetan dot buruzuria... eta hau pintauko neuke baltzez..." eta gero Maitek, diplomatikoki, dana aldatuten eban. Eskerrak. Komiki itzela urten da, bakotxa berera dedikauta.
Nor izan zan Blasida Pujana? Zergaitik da berezia bere historia?
Blasida Pujana ez da berezia. Horregaitik hautatu neban bera. 15 urtegaz hil eben, faxistak. Bargondiakoa zan, Igorren krida egoan, metrailau egin eben airetik. Korrienteagoa ezin lei izan: Sirian dagoz oin, Yemenen, Gazan... Blasida Pujanak.
Igorreko memoria historikoari lotutako beste materialik argitaratu da?
Erakusketa itzel bat egin zan Igorren. Angel Larreak, Ibai Pujanak eta Ekain Pujanak bildu eben informazino guztia. Hori betiko geratuko da, sakondu gura dauanarentzat.
Literaturari lotutako zeintzuk dira zure hurrengo lanak?
Poema liburu bat akabetan-akabetan nabil azken zortzi urteokaz. Ez ete dira beste zortzi pasauko zuk galdera bera egin orduko!

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD