Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Pedro San Millan milizianoa etxera itzuli da

Laurogei urte desagertuta emon ostean Euzko Gudarosteko milizianoa zan Pedro San Millan Beitiaren gorpuzkinak etxera itzuli dira.


Joan dan zemendiaren 18an Zeanuriko Altungana mendian Pedro San Millan eta beste lau gudari gehiago egozan hilobia zabaldu zan. Holan, euren gorpuzkinak eta gerrako hainbat aztarna jaso ahal izan ziran. Egun horretan, goizeko hamaikak aldean, jentetzea batu zan Barazarretik gora dagoan Altungana mendiaren inguruan. Besteak beste, Aranzadi eta Euskal Prospekzioak alkarteetako kideak, EHU-ko ikasleak, kazetariak, Pedro San Millanen senideak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Zeanuriko alkatea, zinegotziak eta auzokideak bertaratu ziran.
Hilobia bertan egon eitekelako lehenengo arrastoa Euskal Prospekzioak alkarteko kideak topau eben urri lehenengoaren 15ean. Orduan Zumeltza eta Barazar mendateen artean zabaltzen dan fronte-lerroko lubaki sistema zaharrean arakatuz Gerra Zibilaren sasoiko hainbat material topau ebezan: kaskoak, balazorroak, munizinoa, platerak... Bai eta gudari baten identifikazino plakea be, 21967 zenbakiagaz. Zenbaki horreri esker jakin zan plakea Pedro San Millan Beitia gudariari egokiala, eta bera gerrako desagertuen zerrendan egonda, hilobia inguru horretan bertan egon eitekela. Hori da Aranzadiko teknikariak berehala egiaztatu ebena, Pedroren gorpua hil zan lubakian bertan lurperatu eben, baina ez bakarrik, hasikeran uste zan moduan, bertan beste lau milizianoren gorpuzkinak agertu ziralako. Oindino beste miliziano horreek identifikau barik segiduten dabe. Pedro San Millan hil zan egunean konpainia bereko beste hiru burkide gehiago desagertutzat emon ebezan.
San Millan elantxobeztarra zan jaiotzez, baina Bilbon bizi ei zan. Perezagua batailoi komunistearen milizianoa zan, Eusko Gudarostean 10 zenbakia eroan bataloikoa, hain zuzen. Aranzadiko kidea dan Kepa Ganuzak testuinguru historikoaren xehetasunak eskeini zituan. Bere esanetan 1937ko martiaren 20an, frankistak ofensibara jo ebenean, Perezagua batailoia Altunaga mendiko posizinoan egoan. Matxino faxistak artilleriaz eta gerra-hegazkinen laguntzaz ha posizinoa atoan jota txikitu eben. Beraz, baleiteke San Millan egun hareetako erasoaldietan hil izana.
Bestalde, gorpuzkinak lurpetik aterateko beharrak Aranzadiko kidea dan Paco Etxeberria antropologo-forense ezagunak zuzendu zituan. Ez eban aukerea galdu bertaratu ziran autoridadeen aurrean gerra sasoiko desagertuak topetako Aranzaditik egiten daben behar handia bultzatzen segiduteko, ez eta laguntzaile egozan EHU-ko ikasleai eskolea emoteko be.
Unerik hunkigarriena Pedro San Millanen senideak berbea hartu ebenean ailegau zan. Ilobak eskerrak emon zituan familiaren izenean, hainbeste urte pasata Pedro osabea familiara itzultzearren. Ondoren Jon Hernadezek, Podemos-Ahal Dugu alderdiko kideak, eta Aintzane Ezenarrok, Gogora Institutuaren izenean, familia eta biktimen duintasunaren alde egindako beharra goraipatu eta eskertu eben komunikabideen aurrean.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD