Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Indarkeria matxistea dala-eta, igaz baino 10 andra gitxiago atendidu ditu AUMk

Arratiako Udalen Mankomunitateko (AUM) Gizartekintza Sailak emondako datuen arabera, zemendiaren 15era arte, 13 andrazko atendidu ditu zerbitzuak genero indarkeria dala-eta. 2016an, 23 izan ziran.


Dana dala, datu honetatik ezin da ondorioztatu genero indarkeriak behera egin dauala 2017an Arratian. Gizarte Zerbitzuetara andrazko gitxiago joan arren euren egoerea planteetara, beherakada horren zergaitia ez dago jakiterik. "Askotan, nahiz eta propaganda egin edo-eta propaganda etxeetara bialdu, ez da nahikoa izaten andrak informazinoa euki eta laguntza eske etorteko" dino AUMko Gizartekinza Zerbitzuko Olaia Urkizak.
Jatorri, edade eta egoera zibil guztietako gizonak erabilten dabe genero indarkeria eta jatorri, edade eta egoera zibil guztietako andrak sufriduten dabe indarkeria hori. Aurten Mankomunidadeak atendidutakoen artean, gehienak 40 urtetik gorakoak izan dira. Moltsorik handiena 41 eta 50 urte artekoa izan da (%38,5); 51 eta 65 urte artekoak, %30,8 izan dira; 17 eta 30 urte artean %15,3 eta 31 eta 40 urte artean beste %15,3.
Jatorriari jagokonean, Bizkaiko 7 andra, estaduko 3 eta atzerrian jaiotako beste 3 atendidu ditu AUMk genero indarkeria dala-eta. Andra honeen ia %85ek seme-alabak ditue; gehienak adin txikikoak (%69) eta adin nagusia dituen erdiak be andrearen kargu dagoz.

Zortzik salaketea ipini dabe
Genero indarkeria sufridu daben andrai arreta hobea emoteko, esku hartzean daben erakundeen arteko Protokoloa dauka Arratiako Udalen Mankomunitateak. Ertzaintzak eta Osakidetzak be hartzean dabe parte protokolo horretan eta genero indarkeria antzeman ezkero, Mankomunidadera bideratzen ditue biolentzia jasan daben andrak.
Sarbideari jagokonean, aldaketak egon dira eta gehiago izan dira Ertzaintzak bideratutakoak, zuzenean Gizarte Zerbitzuetara jo dabenak baino. Izan be, aurten erdiak baino gehiagok (%53,8) Ertzaintzak bideratuta jo dau Gizarte Zerbitzuetara; igaz, %30,7 izan ziran. Gizarte Zerbitzuetatik %38,5 sartu dira 2017an, eta andrazko bat Osakidetzaren bidez.
AUMko Gizarte Zerbitzuak atendidutako 13 andrazkoetatik 8k salaketea ipini dabe 2017an; hau da, %61,5ek, aurreko urtean baino 5 puntu gehiagok.

Laguntza psikologikoa eta juridikoa
Gizarte Zerbitzuetan, arreta eta laguntza emoteaz gainera, baliabide espezializaduetara (laguntza psikologikoa, juridikoa...) bideratu eta koordinazinoa eta kasuaren jarraipena egiten da.
Aurten atendidutako guztiak batek izan ezik, laguntza psikologikoa jaso dabe. Bik laguntza psikologikoaz gainera, laguntza juridikoa be jaso dabe, eta beste bik, ekonomikoa. Gizarte Hezkuntzan Esku Hartzeko laguntzea be jaso eben andrazko bik. AUMen, momentu honetan, 3 gizarte hezitzaile dagoz zerbitzua emoten.
Arratian neska edo andra batek indarkeria matxistea bizi badau edo bizi dauanik ezetuten badau, telefono honeetara deitu leike laguntzea jasoteko: 112 Larrialdiak; 900 840 111 hogetalau ordukoa, debaldekoa eta konfidentziala, eta 94 631 17 17 AUMko telefonora. Gizarte Zerbitzuak eta Bardintasun Zerbitzuak 08:00retatik 15:00etara atendiduten dabe.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD