Ez da ohikoa gure inguruan 22 urteko gazte batek garraiolari beharretik ateratea bizimodua. Eta ohikoa be ez da garraiolari batek prosa poetikako liburua argitaratzea. Baina Imanol Salvador dimoztarrari estereotipoak apurtzea gustetan jako eta Pastillas para crecer como persona bere lehenengo liburuaren aurkezpena egingo dau hilaren 5ean, 19:00etan, Abaroa Aretoan.
Liburua Bartzelonako Carena argitaletxeak argitaratu dau. "Bost argitaletxetara bialdu neban liburua eta prest egon zan lehenengoari emon neutsan baiezkoa. Gero beste batzuetatik be deitu eusten, baina nik ahalik eta lasterren kaleratu gura neban. Pozik nago" dino egileak.
Pastillas para crecer como persona saiakera moduan dago katalogauta, baina Salvadorrek ez dau saiakeratzat joten bere liburua; "zeozer desbardina da" bere ustez. Idazleak, maitasuna, gerrea, eguneroko arazo sozialak eta beste gai askoren gaineko bere ikuspegia emoten dau liburuan, bizimodu modernoari "kritika antzeko bat" eginaz.
Liburua gaztelaniaz dago. Imanol Salvadorrek euskeraz zein gaztelaniaz idazten dauan arren, liburua aterateko beste gaztelaniaz eukan dimoztarrak. Pastillas oin urtebete amaitu eban. Harrezkeroztik beste hainbat literatur lan idazten dago, batzuk euskeraz eta beste batzuk gaztelaniaz.
Trenean libreta bategaz
Sukaldaritzako ikasketak ditu Salvadorrek eta gitarrea be joten dau. Arlo desbardinetan jarduten dau sormen gosea asetzeko. Aurkeztuko dauan liburua Portugalera trenez joian baten sortu zala dino. "Hamabi ordu ziran eta eroan nebazan libreta bat eta bolígrafo bat. Hasi nintzan idazten eta idazten, eta esan neban: ez dago txarto". Segidu egin eban eta urtebete t'erdi ingururen ostean jaio zan liburu hau.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|