Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Anestesia taldea izango da kartelburu Dimetal Fest-en

Urri lehenengoaren 28 eta 29an izango da metalaren jaia Diman. Jaialdia handi egin da aurten eta egun bitan, 30 bandak joko dabe lau eszenalekutan; euretako 27 Euskal Herrikoak. Bost taldek bariku gaubean joko dabe eta beste 25ak zapatuan. Aurrekontua aurreko urtekoa halako hiru dala dinoe antolatzaileak, baina 1.500 eta 2.000 lagun inguru jaialdira hurreratzea espero dabe, eta herrian inpaktu ekonomiko handia izatea.


Zapatu gaubean, eszenaleku nagusian, The Faithless, Auritz, Crisix, Anestesia eta Angelus Apatrida izango dira. Anestesia talde historikoak, Gorrotoaren ahotsa albumaren 25 urteak ospatuko dauz eta jenteak ondo ezetuten dituan kantuak eskainiko ditu. Crisix-ek eta Angelus Apatrida-k barriz, euren azken diskoak aurkeztuko ditue: Against the odds Crisix-ek eta Cabaret de la guillotine Angelus Apatridak, hain zuzen be. Whäldemar taldeak be diskoa aurkeztuko dau Against all kings izenekoa, Infernu eszenalekuan zapatuan 22:55ean.
Barikuan, Koba eszenalekuan, 20:00etan hasita, Sönambula, Perrobala, Alma Culter, Kartzarot eta Dominium izango dira. Death metal egiten dauan Sönambula taldeko bateriajoleak, Maider Narbaizak, eskolak emoten ditu Igorreko Institutuan eta publikoaren artean egongo da bere ikaslerik, duda barik.
Eszenaleku horretan bertan, hurrengo egunean, After Life, Extinction, Bloody Brotherhood, Aposento eta A.D. bandak death eta metal ilunena eskainiko dabe. Infernu eszenalekuan barriz, Meltdown, Niketz, The Wizards, Whäldemar eta Overloud taldeak hard rock eta metal klasikoena joko dabe.
EH Matxete eszenalekua talde barrientzat izango da. Han, hamar talde egongo dira metalaren joera barrienak ezetuten emoten.

Musikea eta gehiago
Dimetal Fest ez da musika jaialdia bakarrik eta kultura ekitaldi eta ondo pasetako jardueraz betetako egitaraua dakar. Holan, zapatuan, goizeko 11:00etan, Dani Alvarez EITBko kazetariak gidatutako eztabaida-barriketaldia egongo da Abaroa Aretoan eta jaialdian joko daben taldeetako partaide batzuek be hartuko dabe parte bertan.
Bitartean, plazan, umeentzako jolasak egongo dira. Han, Santutxuko Clandestine-ko tatuatzailea izango da, umeai "tatuajeak" margozten. Gero, herri metal kirolak izeneko jardueran, bost herri kirolari arratiarrek erakustaldia egingo dabe Whäldemar taldeko Pedro J. Mongek gitarra jo bitartean.
Bazkaria egongo da gero eta bazkalostean, metal olinpiadak. Arrakasta handia izaten dabe olinpiadok. Bertan, lau personako taldeak, bost proba xelebretan neurtzen dira.
Kontzertuen ostean, egun bakotxean dj bat egongo da. Barikuan, DJ Achtung, Koldo Gilen Munitxa izango da musikea ipinten ibiliko dana, eta zapatuan DJ Jarros, Dani Alvarez.
Zapatuan gainera, erromeria be egongo da Ezten Giro taldeagaz. "Erromeria bat ipini dogu, Dimako esentzia ez dogulako galdu gura eta herriko jenteak beti ondo pasetan daualako erromeriakaz" dinoe antolakuntzatik.
Hau danau aurrera ateraten lagunduteko, leku askotatik etorritako jenteak egingo dau borondatezko beharra. "Jente asko behar dogu txosnetan txandak egiteko, parkinetan, backstagean egoteko, segurtasun neurriak beteteko, dana koordinetako... Dimako jenteaz aparte kanpotik etortea be eskatu dogu eta erantzuna sano positiboa izan da. Jente asko dator Bilbotik, Bermeotik eta Portugaletetik. Igorretik be jente asko animau da guri lagunduten". Lagundu gura izan ezkero, webgunean emon daiteke izena edo antolakuntzakoakaz kontaktuan ipinita.

Pasinoa, konpromisoa eta alkartasuna
Dimetal Fest jaialdia, dimoztar batzuek metal musikeari deutsien pasinoagaitik sortu zan, baina pasino horrezaz gainera, konpromisoa be bada jaialdiaren beste ezaugarrietako bat. Konpromisoa, Euskal Herriko musikeagaz, eta hau bertoko banden kopuruan islatzen da. Konpromisoa etorkizunagaz, banda barriai eskainitako eszenalekuan erakusten dana. Baita genero bardintasunagaz be. Izan be, metal musikan andrak daukien lekua ikusgai egin gura dabe Dimetaleroak. Horregaitik, Andraizea Dimako andra taldearen laguntzeagaz, Unai Endemañoren Rock and Roses argazki erakusketea antolatu dabe urri lehenengoaren 17tik aurrera Infomazino Bulegoan. Akaso metal banden mundua sano maskulinizauta dagoalako, andren presentzia txikia da jaialdian: joko daben taldeen artean ez dago andrak bakarrik osotutako talderik eta andrazkoen presentzia daukien taldeak %14ra ez dira heltzean. Lau dira: After Life, Alma Culter, Sönambula eta Song of Anubis, hain zuzen be.
Pasinoa, konpromisoa eta alkartasuna. Alkartasunerako stand bat egongo da jaialdian eta AEN, Autismoaren Espektroko Nahasmenduaren informazinoa emoteko mahaitxo bat egongo da. Lemmy eszenaleku nagusian joko dauan Auritz taldea, sindrome horren gainean konzienzietako sortu zan. Dimetal Fest-ek be, lekutxoa egingo deutso horreri.
Dimako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Pepsi Max Zeroren babesa dauka jaialdiak.

Dimatik mundura eta mundutik Dimara
Hasikeran herrian sortu eta herrirako bazan be, aurten egin daben saltoagaz, Dimako herria metal musikearen erreferente izatea gura dabe, Euskal Herri osoan ezaguna. Duda barik jente asko etorriko da hainbat lekutatik, metal munduak ezetuten daualako daborduko Dimetal Fest. Belgika, Eslovenia, Alemania eta Espainiatik jentea etorriko dala dinoe antolakuntzakoak. Bilbo, Bermeo, Gasteiz eta Donostiatik autobusak ipiniko ditue Dimara joan-etorria egiteko.
Kotxez datozanak barriz, Igorreko Industrialdean, Dimako aldean aparkau behar dabe eta handik herrira hurreratzeko autobusa ipiniko dau antolakuntzak.
Non akanpau be egongo da.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD