Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea martxan

Aurton Zertu Kultur Elkarteak, Igorreko Udalaren laguntzeagaz Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea martxan ipiniko dau. Lehiaketeak Basauri eta Dimako ipuin erotikoen lehiaketen oinorde eta segidea izan gura dau. Lanak zemendiaren 15era arte bialdu ahal izango dira.


 


Alvaro Rabelli


 


Zergaitik Arratian
Aurreko beste baten esaten genduan lez, kasualidadea izan ala ez, begi kolpe baten konturatzen gara asko izan dirala ipuin erotikoen lehiaketetatik pasa izan diran arratiarrak edo-eta oin diran Arratiako bizilagunak. Holan, Igor Estankona, Julen Gabiria, Alvaro Rabelli, Rafa Ugalde, Janire Lopez, Zefe Ziarrusta eta Maite Arrizabalaga lan erotikoen egileak doguz. Horreetako batzuk aspaldi pasa ziran Basauriko Euskarabila alkarteak 1996. urtetik 2012ra arte antolatutako Ipuin Erotikoen Lehiaketatik.
Urte horreetan, hain zuzen be, Igor Estakona, Julen Gabiria, Alvaro Rabelli, Rafa Ugalde eta Janire Lopezen ipuinak sariak jaso ebezan aitatutako lehiaketan. Gaur Txalaparta argitaletxeak eginiko hainbat bildumatan topau geinkez euren ipuinak, Bero hezeak (2001), Basa gurina (2006) eta Esku hori! (2012) bildumetan hain zuzen be. Rafa Ugalderen Relax (2007) bildumea be ezin dogu aiztu. Beste batzuk, Zefe Ziarrusta eta Maite Arrizabalagaren lanak, oindino argitaratubakoak, atzen urteetan Diman antolatutako Dimako Kalenturak Lehiaketeari jagokoz.

Nabarmentzekoa Rafa Ugalde dimoztarrak egindako zubilana
Ipuin erotikoak idazle honeetako batzuen ibilbidean anekdotikoak izan arren, batzuentzat lehenengo lanak izan dira, horreekaz urten dabe euskal literaturearen plazara; eta ez honeek bakarrik, ugari dira gaur ezagunak diran euskal idazle gazteak horreetatik pasa izan diranak, lehiaketok euki daben arrakastea eta eraginaren seinale. Halanda be, bai Basauriko lehiaketeak, bai Dimakoak euren onenak emon ebezan aspaldi.

Atzen urteotan ez da Euskal Herri osoan genero hau kontuan hartu dauan lehiaketarik egon
Horregaitik, Zertu Kultur Elkarteak beste ahalegin bat egin gura dau ipuin erotikoen lehiaketeari eusteko, aurton, esan lez, Igorreko Udalaren laguntzeagaz; eta aurrerantzean, aukerea egon ezkero, Arratiako beste udal batzuakaz batera auzolanean.

Zergaitik erotikoak?
Belaunaldi bakotxak bere sexualidadearen irudia deskubriduteko jarkerea eukiten dau. Izan be, literatura erotikoak helburu estetikoa eukiteaz gainera -literatura guztiak daukan lez- sexu irakaspena be emon gura izan dau. Jendartearen sexu portaera eta fantasien erakuslea da. Areago, jendarteak sexuagaz zer hartu-emon daukan behin eta barriro erakusten deusku.
Literatura erotikoa literatura bera bezain zaharra da. Beti euki izan dogu sensualidadea, amodioa eta barruko sentimentu guztiak islatzeko beharrizana.
Zertu seguru dago antolatu izan diran ipuin lehiaketa guztiak, generoaren garapena ez eze, irakurle eta idazle barriak be ekarri dabezala gure euskal literaturara. Euskal literatureari ekarpen handia egin izan deutsie. Generoaren bilakaera be agerikoa da. Gaur erotismoaren agerpen hutsetik harago, nagusi da sexu-generoaren gaineko ikuspuntua emotea. Literatura erotikoaren mugak gaindituz erotismoa bera bestelango lanetara be zabaldu da, nabarmen-nabarmen gaur egungo idazle andrazkoen literaturan ikusi daikegun moduan.

Zelango lehiaketea
Arratiako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketea ez dogu bakarrik gure eskualdean lotu daiten gura, berenberegi bertoko literaturazaleak parte hartzean animetan badoguz be, Euskal Herri osorako lehiaketea izatea gura dogu. Horretarako, batetik, ezinbestekoa da sari dezentekoak emotea eta, bestetik, prestigioa emongo deutsan literatura munduko lagun ezagunak osotutako epaimahaia izatea, eta beharbada garrantzitsuena, ondoren, saridun suertautako ipuinakaz argitalpenak egiteko ahalegin berezia egitea.

Arratiako Kalenturak izena Diman egin zan lehiaketeari gorazarre eginez hartuta
Zertu Kultur Elkartearentzat be erronka garrantzitsua izango da lehiaketa hau antolatzea, beste aurrerapausu bat. Lehiaketa honen bidez argi dago zer lortu gura dogun: Euskal Herria osoan eta Arratian literatura zaletasuna bultzatzeko beste tresna bat gehiago eskaintzea; egile gazteai edota hasibarriai hasteko plazea eskaintzea; gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzea; berbakera erotiko-afektiboa euskeraz lantzea, eta atzenez, genero erotikoaren inguruko ikuspegi zabalak emotea.
Lanak bialtzeko epea zabalik dago, zemendiaren 15era arte, eta sari banaketea aurtengo Gabon inguruan izango da ekitaldi bategaz batera Igorreko Kultur Etxean.


 


Arratiako Kalenturak
Ipuin Erotikoen Lehiaketea
Zertu Kultur Elkartea. Oinarriak

1- Lehiaketa honetan hamasei urtetik gorako edozein personak hartu leike parte.

2- Lan guztiak argitaratu bakoak eta euskeraz idatziak izan beharko dira.

3- Lanak ipuin erotikoak izan behar dira eta DIN A4 orrietan makinaz tarte bikotxean idatzita aurkeztu beharko dira. Lanen luzeerea lau eta zortzi orrialde artekoa izan beharko da.

4- Lanean ez da egilearen daturik ipiniko, izenburua bakarrik. Egilearen datuak (Izen-abizenak, adina, telefonoa, helbidea eta lanaren izenburua) gutunazal zarratu baten sartuko dira eta gutunazal horren azalean lanean ipini dan izenburu bera ipini beharko da.

5- Lan orijinala, hiru kopia, eta egilearen datuak dituan gutunazala beste gutunazal handiago baten sartuta, honako helbide honetara bialdu beharko da: Zertu Kultur Elkartea, Herriko Plaza 24, 48142 Artea (Bizkaia). Posta elektronikoz bialdu ezkero, gehitu artxibo bi, bat lanerako, bestea datuetarako, eta bialdu helbide honetara: begitu@topagunea.com.

6- Hiru sari emongo dira: lehena 600 eurokoa, bigarrena 400 eurokoa eta Arratiako onenari, 250 eurokoa.

7- Lanak bialduteko azken eguna 2019ko zemendiaren 15a da.

8- Zertu alkarteak izentauko dau epaimahaia literatura munduko kideakaz.

9- Sari emotea irabazleak bertan dirala egingo da. Non eta noz izango dan aurrez iragarriko da.

10- Lan saridunak Zertu alkartearen esku lotuko dira eta osorik zein zatika argitaratzeko aukerea eukiko dau, beti egilea nor dan garbi adierazoz.

11- Zertu alkarteak oinarri honeei edozein aldaketa egiteko aukerea eukiko dau, beti publikoki adierazoz.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD