Lemoa lehen izenpean, bagilaren 7tik abuztuaren 9ra, herria zertan aldatu dan eta zertan ez erakusten dabe antxinako 9 erretratuk. Argazkirik zaharrena 1911koa da eta barriena 1953koa. Argazkiok, banderola euskarrian, atera ziran lekutik ahalik eta hurbilen ipini ditu Iker Vazquez Artetxe egileak, herriko historiako hainbat gertakizun kontetan daben ibilbide bat eginaz. Udal informazinorako herriko paneletan, ibilbidearen mapak dagoz eta mapa horreetan agertzen dira non dagozan banderatxo guztiak. Mapako puntu bakotxean QR kode bat dago eta kode hori eskuko telefonoaz jaso ezkero, hor dagoan argazkiaren fitxea irakurri daiteke: nok egin eban argazkia, ze urtetan, eta abar.
Vazquez 2017an hasi zan artxiboak arakatzen eta Lemoako antxinako 200 argazki inguru batu ditu. Gehienak Eusko Ikaskuntza eta Cementos Lemonako artxiboetatik. "Beste lan bat egiten nenbilala Lemoako argazki oso zahar bat topau neban, eta kuriosidadeak jota, hasi nintzan argazki bila" dino. Hurrengo urtean, 2018an, Eusko Jaurlaritzako Ikertu programako laguntza eskatu eban proiektua gauzatzeko. Udalaren laguntza osoa euki dauala be adierazo dau Vazquezek.
Lemoa lehen lab
Proiektua erakusketa horretan ez geratzea gura dau egileak eta proiektuari jarraipena emoteko edo, Lemoa lehen lab izenpeko idea azaldu eutsen erakusketearen aurkezpenera bildu ziran herritarrai. "Herri laborategi moduko bat izango litzateke. Herriko jentea nik hasitako lanaz jaubetzea. Hau da, herriko jentearengana joan eta album zaharrak eskatu eta eskaneatzea". Helburua, argazki zaharrak ez galtzea litzateke, herriko memoria jasoteko. Hortik abiatuta, baita, jenteak herrian egiteko proiektu kultural edo artistikoak planteetea be.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|