Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Arkeologo talde bat Dimako Axlor koban dabil neandertalak ikertzen

Bizkaian topautako gizaki hazur antxinakoenak Axlorren topau dira.


Iberiar peninsulea da munduan neandertalen arrasto gehien dituan eremua. Bertan, 30 bat aztarnategi dagoz, eta Axlor, munduan neandertalen hazur eta hagin gehien dituenen 5. edo 6. lekuan egongo litzateke Jesus Gonzalez-Urquijo arkeologoaren arabera.
Axlorreko aztarnategia Barandiaranek topau eban 1932an. Baltzolara joiala, musteriense sasoiko materialak topau ebazan eta aurkikuntza publikau eban. 1936an erbesteratu zan eta bueltan beste aztarnategi batzuetan egin eban lan. 1967an Axlorrera bueltau zan eta 1974ra arte egin eban behar han. Orduan 84 urte ebazan. Bere atzen landa lana izan zan hau.
2000 urtean hasi ziran barriro indusketak Axlorren. "Hori egiten da ikerlari talde batek galdera historikoren bat zabalik daukanean. Eta 1999an polemika bat egon zan neandertalen gaitasunen gainekoa" azaldu deutso BEGITUri Jesus Gonzalez-Urquijo indusketako zuzendariak. "Neandertal basatien ereduak ez ebala funtzionetan ikusi genduan. Ebidentzia arkeologikoak erakusten eben portaera sozial konplejuak ebezala. Orduan 2000. urtean kontu honeri eran- tzuna emoteko proiektuari ekin geuntsan".
Holan, 2000tik 2008ra arte, udan arkeologoak egon ziran Axlorren landa lana egiten. 2009tik 2017ra ez da landa lanik egin, baina bai beste lan batzuk: materialak sailkatu eta abar. 2018an laginak hartu ebezan, datazinoak, karbono 14agaz barik, beste metodo batzukaz egiteko, karbono 14ak 40.000 urtetara bakarrik ailegetan da eta. Axlorren, eremu bi dagoz aztertzen: bata oin dala 100.000 urte ingurukoa, eta beste oin dala 40.000 urtekoa.
Aurten, oin dala 100.000 urtekoan dabilz lanean. "Orduko klima Diman zelangoa zan jakin gura dogu. Badakigu epela zala, kazan hartutako animalia gehienak oreinak ziran eta. Geroago, bisonteak ehizatu ebezan eta horrek esan gura dau geroago klima hotza zala. Baina oin dala 100.000 urte klima beroa zan".

Taldea
Kantabriako unibersidadeko Jesus Gonzalez-Urquijo eta Bordeleko unibersidadeko Talia Lazuen irakasleen zuzendaritzapean, Euskal Herri, Espainia eta Australiako aditu talde bat dago lanean. Pedro Castaños, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeozoologoak ugaztunak ikertzen ditu, ehizatutako animaliak, berbarako. Xabier Murelagak, UPV-EHUkoak, mikrougaztunak aztertzen ditu; hau da, bertan bizi ziran animalia txikiak, klimaren gaineko informazino asko emoten dabe eta. CSICeko Sebastian Perez palinologoak, polenak ikertzen ditu Historiaurreko landaredia berregiteko. La Laguna unibersidadeko Carolina Mallol mikromorfologoa da eta bere eginkizuna sedimentuak eta sua ikertzea da, zelan erabilten zan sua, hain zuzen be. Unibersidade bereko Marga Jambrina geologoak, landare paisajearen barri emoten daben biomarkatzaileak aztertzen ditu. Paisajeak eta ingurua berregiteko, Kantabriako unibersidadeko Manuel Frochoso geologoa dago. Eta OSL eta ESR metodoak erabiliz datazinoak egiteko Australiako unibersidadeko hiru ikertzailek ikertzen dabe Axlorreko materiala. Adelaidako unibersidadeko Lee Arnold eta Martina Delmuro geokronologoak OSL metodoa erabilten dabe datazinoak egiteko eta Grifitheko unibersidadeko Mathieu Duvalek ESR metodoa erabilten dau sedimentuen datazinorako.
Koban jasotako sedimentuak eta materialak Dimako eskolara eroaten dabez, han ipini dabe laborategia eta. Laupabost aste irauten dau kanpaina bakotxak.

Neandertalak
Beste poblazino batzuen aztarna gitxi batzuk egon arren, Axlorren garrantzitsuena neandertal populazinoen aztarnak dira. Neandertalak oin dala 40.000 urte inguru desagertu ziran. Ehiztari-biltzaileak ziran; izan be, nekazaritza oin dala 10.000 urte inguru sortu zan. "Asmakizun barria da" dino Gonzalez-Urquijok.
Ehiztari-biltzaile populazino guztiak legez, nomadak ziran, baina nomadismoan be graduak dagoz eta Axlorren denporaldi luzeak pasetan ebezan eta gauza landuak egiten ebezan. "Ondo ordenautako suak dagoz eta horrek erakusten dau denpora luzea egoten zirala bertan, baina baita be egitura sozial konplejua eukiela". Horrek bat egiten dau neandertalen irudi barriagaz, portaera sozial konplejuak euki ebezala esaten dauanagaz.
Neandertalak, gaixoak eta zaharrak zaintzen ebezan eta hildakoak lurperatzen hasi ziran lehenengo gizakiak dira. Sapiens-en aldean, umeen hilobiratzeak arduratsuagoak ziran. Umeak hobeto zainduta egozan eta gizartean leku hobea eukien.
Ehiztari-biltzaile gizarteetan, alkartasun estrategiak erdigunean dagozala dino arkeologoak eta gizarte horreetan desbardintasunak ez zirala hain handiak. Ezin zan eszedenterik gorde eta aberastasun kontzeptua egotekotan, guk daukagunatik desbardina izan behar zan derrigorrez.
Baina aldaketak dagoz denporan zehar. Neandertalak be historia daukie eta hori erakusten dau Axlorrek. "Ikusi dogu oin dala 100.000 urteko neandertalak egiten ebena eta oin dala 80.000 urtekoak edo 50.000 urtekoak egiten ebena desbardina zala. Aldagarritasun historiko handia dagoala ikusi dogu" dino Gonzalez-Urquijok.
Axlorren ikusi dan beste gauza bat da garaikide ziran Europako neandertalak eta Afrikako sapiensak antzeko portaera sozial konplejuak euki ebezala.
Axlorren landutako harri asko, hau da, tresna asko topau ditue. Eta harrizko tresnak informazino asko emoten dabe, ikusten dalako nondik eta zelan ekarri dituen, zelan landu dabezan, zertarako erabili diran, eta abar.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD