Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Manifestazinoa Igorren indarkeria matxistearen aurkako nazinoarteko egunean

Zemendiaren 25a Andrakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Eguna da, eta Arratiako andra taldeak, talde feministak, Arratiako Udalen Mankomunitateak (AUM) eta udalak ekintzak antolatu ditue gizartea indarkeria honen kontra sensibilizau eta mobilizau daiten. Izan be, ezin da aiztu, andren kontrako indarkeria, bardintasun ezaren adierazpen larriena, mundu osoan egiten dan Giza Eskubideen urraketea dala. Urtero lez, taldeak eta erakundeak kartel bateratua prestatu dabe.


Karteleko ekintza nagusia, hilaren 25eko Arratia mailako manifestazino zaratatsua izango da. Manifestazinoa, Igorreko Kultur Etxean hasiko da 12:30ean, "Androk martxan, matxismoari planto!" lelopean.
Zeberioko andrak Bilboko manifestazinoan azalduko dabe indarkeria matxisteagaz amaituteko beharra "Danok zu! Nahikoa da!" lelopean. Bilboko manifestazinoa Bihotz Sakratutik urtengo da 12:00etan. Euskal Herrian, 2018an, 6 andra kontabilizau dira indarkeria matxisteak erailda.

Ikastaroak, berbaldiak eta dokumentalak
Arratiako karteleko lehenengo ekintza zemendiaren 9an izan zan, Arantzazuko Kultur Gunean. Egun horretan, Toti Martinez de Lezea idazleak, La mujer vasca a través de la historia berbaldia egin eban. Martinez de Lezeak bere idazle ibilbide luzean eta andrazkoen historia ezkutuaren gaineko pasadizu, gertaera eta datu ugari ditu, bere liburuetako personajeak sortzeako dokumentazino lan handia egin dau-eta.
Hurrengo zitea Bedian izango da. Arratiako Andren Jabekuntza Eskolako programazinoaren barruan dagoan Activa tu voz ikastaroa, hain zuzen be. Zahira Montalvo Herrerok emongo dauan ikastaroak hiru saio izango ditu. Lehenengoa barikuan, hilak 16 izango da 17:00etatik 20:00etara; bigarrena hurrengo egunean, 10:00etatik 13:00etara eta atzena domekan, zapatuko ordutegi bardinagaz. Bediako eskoletan izango da eta partaideak ahotsa erabilteko moduaren jakitun egingo dira eta modu osasuntsuan proiektetan ikasiko dabe.
Lemoako Gaztetxean, andren salerosketearen gaineko Blessy dokumentala ikusteko aukerea egongo da zemendiaren 16an 20:30ean. Dokumentala lan kolektiboa da eta bertan, egoera hori sufridu daben lau andrazkok emoten dabe euren bizipenen barri. Hau da, biktimai eurai emoten deutse ahotsa dokumentalak.
Zemendiaren 22an, Zeanuriko Kultur Etxean, 19:00etan, Bertha Gaztelumendik zuzendutako Volar dokumentala ikusteko aukerea izango da. Hemen, tratu txarrak bizi izandako andrazkoak euren esperientziak eta egindako bizi ibilbidea kontetan dabe. Pelikulearen ostean, solasaldia egongo da.
Hurrengo egunean, antzerkia egongo da Dimako Eskolako Aretoan. Isilduen museoa antzezlana izango da taularatuko daben antzezlana 19:30ean. Areatzan be antzerkia dago programauta hurrengo egunerako, hau da Andrakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Egunaren bezperarako. Atx Teatroak Tomiris. Mendeku zilegi baten istorioa antzeztuko dau 20:00etan. Antzezlanaren ardatza indarkeria matxistea da eta errealidadea eta fikzinoa nahasten ditu. Kontakizuna, "gordin bezain sensuala, erreal bezain fantastikoa, zorrotz bezain zolia" da.
Hilaren 29an, liburuforuma egingo dabe Artean. Kultur Etxean dagoan Andran Gelan izango da arrastiko 18:00etan. Eta hurrengo egunean, hilak 30, Kankaneo Teatrok Pa ti pa mi antzerki inprobisazino ikuskizuna ekarriko dau Igorreko Kultur Etxera 20:00etan. Ikuskizuna, Zahira Montalvo eta Elba Ruiz Moralesen eskutik izango da.
Beste ekintza batzuk be antolatu ditue herrietan. Ekintzok "indarkeria matxistearen aurkako burrukan konzientziak biztutea eta sensibilizetea daukie helburu" dino Oihane Zulet AUMeko Bardintasun Teknikariak.
Zeberion be, hainbat ekintza antolatu ditue. Hilaren 15ean, aniztasun afektibo-sexualaren gaineko tailerra, berbarako. Tailerra, Zubialde eskolako 5. eta 6. mailako ikasleentzat da. Zemendiaren 19 eta 25 arteko astean barriz, Amaia Atorrasagasti margolariak eta herriko andrak hormairudi kolektiboa margotuko dabe kaminoan, igazko martiaren 8ko grebarako hormairudia egin eben leku berean. Mezua aldatuko dabe, oingoan, "Danok zu! Nahikoa da!" manifestazinoko leloa adierazotea gura dabe-eta.

Gazteak Beldur Barik
Aurten be, Arratiako gazteak euren bideoak aurkeztu eta Beldur Barik Lehiaketa orokorrean eta Arratiakoan parte hartzeako aukerea izan dabe. Arratia mailako sari banaketea hilaren 23an izango da Arteako Kultur Etxean, 18:00etatik aurrera. Photocall-a egongo da eta txapak egiteko eta kamisetak serigrafietako tailerrak. Hurrengo egunean, Gasteizen, Beldur Barik topaketea izango da.
Indarkeria matxistearen kontrako burrukan gazteen inplikazinoa lortzeako eta Beldur Barik-en harira, ikastaro bi antolatu ditue Arratian. Zemendiaren 9 eta 10eko neskentzako autodefensa feminista ikastaroa egoan programauta baina bertan behera geratu zan gitxik emon ebelako izena.
Beste ikastaroa mistoa da, neska eta mutilai zuzendutako grafiti ikastaroa, hain zuzen. Gitxieneko kopuru batek izena emon ezkero, saio bi izango ditu, hilaren 17an bat eta 23an bestea. Diseinua eta pintaketa lanak Eva Mena grafiti egileagaz egingo dabe. Diseinua egin aurretiko hausnarketea bultzatzeko, Gaizka Tobar maskulinidade barrietan aditu eta Bardintasun Teknikaria egongo da.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD