Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Keko Alonso: "Prozesu naturalen aldeko basogintzea errentagarria izan daiteke"

Keko Alonso biologoaren ustez, pinuak emon ditu bere urterik onenak eta zerrenda marroiaren gaisotasunak eredua aldatzeko momentua heldu dala pentsau arazo deutso pinudi jaube askori. Pinua, eukaliptoaren monolaborantzeagaz ordezkatu beharrean, lurrarentzako hain kaltegarriak ez diran eta ingurumen eta personentzat hain arriskutsuak ez diran beste alternatiba errentagarriak badagozala uste dau Alonsok. Izan be, basoaren prozesu naturalen alde, eta ez kontra, lan eginda eta imajinazinoa erabilita, errentagarritasuna atera ahal jakola basoari esan eban Basogintza Bizkaian. Eta orain zer? izenpean Artean emondako berbaldian.


Bizkaiko azalerearen %40 herriak, kaminoak eta abar osotuten dabe; hau da, "azalera humanizaua" deitu ahal dana da; beste %60a barriz, mendia da, "arbolduna". Baina mendietan baso gitxi dagoz, plantazinoak dira nagusi, %75 hain zuzen be. Kostaldean, Armintzan, Lemoizen, Bakion... eukaliptoa dago eta hegoaldean, Arratian, berbarako, radiata edo insignis pinua batez be; Monterreyko (Kalifornia) pinua, hain zuzen be. Eukaliptoak 20.000 hektarea inguru hartzean ditu honezkero; horreetako, 3.000 hektarea lursail publikoetan. Bertako basoak, arboldun lurraren %25 hartzean dabe: Gorbeia inguruko basoak, eta Lekeitio eta Urdaibaiko arteagak dira horreetako batzuk.
Baina "basoen gainean egiten dogunean berba, kontuan izan behar da nor dan lurraren jaubea. Hemen %75 lur partikularrak dira" esan eban Alonsok.

Radiata pinuaren gainbehera
Radiata pinuaren krisia ez da aurtengo udan hasi zerrenda marroiagaz. "2005 edo 2006an egurraren prezioak jeisten hasi ziran eta gaur egun, tonak edo metro kubikoak 2000 urtean balio eban erdia balio dau. Gainera, lur sailak ez dabe produziduten hainbeste egur hektareako eta urteko. Eta produktibidadea eta prezioak txikiagoak izanda, kontuak ez dira urteten". Krisi hau berau, Europan be gertatu zan oin dala urte batzuk, beste espezie batzukaz, izeiagaz, esate baterako.
Plantazinoak ez dira basoak. Basoa, arbol egiturazko ekosistemea da. Basoan, arbolak espezie, edade eta forma desbardinetakoak dira. Plantazinoetan, danak dira edade berekoak, ez dago basoperik eta hil be arbol guztiak batera hilten dira. "Ikusten dogunean pagadi baten pago guztiak adin berekoak dirala eta sasoi berean moztu deutseezala adarrak, orduan zugazti baten aurrean gagoz, hori ez da basoa".
Basoan, hildako egurra be egon behar da, etzanda eta zutunik eta zugaskak, garoa, bedarra, likenak eta onddo mikorritikoak be bai. Ondoren, ekosistemearen beste organismoak garatuko dira: hegaztiak, orkatzak, hartzak...
Biodibersidaderako arbol zaharrak eta onddo mikorritikoak garrantzi handia daukiela esan eban adituak.

Izan leiteken basoa, baso kaduzifolioa
Izan leiteken basoaren kontzeptuak, ehun urtez gizakirik ez balego egongo litzateken basoari egiten deutso erreferentzia. Keko Alonsoren arabera, hemen, harestiaren eremua bederatzi aldiz handiagoa izango litzateke; harestiaren %90 deuseztauta dagoalako eta %10 baino ez daukagulako. Haltzaga be, antzeko egoeran dago.
Bizi garan lekuan, zugatzen estrategia nagusia hostoak galtzearena da. Euria egiten dau, ez da lehorte luzerik izaten eta ez dau hotz handirik egiten. Zugatzak handiak izaten dira, 20 metroko altuerara erraz heltzean dira, eta horregaitik, haizea izaten da arazoa. Hori dala-eta "belauntzi baten antzera, tenporala dagoanean arbolak hosto tonak botaten dabez ez apurtuteko. Urtero, belak modukoak diran hostoak jaurtitzen dabez lurrera". Eta hosto horreek bakterio eta onddoen lanari esker desegiten dira eta zizareak hori jaten hasten dira. Zizareak zuloak egiten dabez eta zizareak jaten dituen satorrak be bai. Prozesu honeri esker, lurrean airea sartzean da eta ur asko dagoanean ez dira putzuak egiten, lurra esponja baten modukoa dalako. Baina plantazinoetan, "makineria sartzean dogunean lur sail baten, airea sartzea eta ura urtetea bermatzen dauan egitura osoa sun- tsitzen dogu". Eta 2017ko neguan moduan, hiru hilabetetan 900 litro euri egiten baditu, mendi hegala jausi egiten da, Larrabetzu eta Fika artean gertatu zan moduan.
Hori gitxi balitz, baso kaduzifolioetan humus-buztina sortzean dala eta honek klima manteniduten zelan lagunduten dauan azaldu eban Alonsok.

Sartutako zugaztiak, mediterraneokoak
Atzen hamarkadetan sartu doguzan zugatzak mediterraneoko klimakoak dira. "Hiru urterik behin botaten dabez hostoak eta bota aurretik nutriente guztiak hartzean ditue. Kaduzifolioak sortutako lurretan sartu doguz mediterraneoko klimako zugaztiak", lur emonkorretan beraz eta hasikera baten etekin handia emoten dabe. Baina zugatzok nutrienteak hartzean ditue baina ez ditue lurrera bueltetan eta arbola mozterakoan, nutrienteen prozesu zirkularra eten egiten da. Gainera pinuaren hostoak, lurra azidifiketan dabezan substantzia batzukaz babestuta dagoz.
Beraz, arbol honeek materia organiko gitxi eta kalidade txarragokoa emoten deutsie lurrari eta azkar hazten diranez, ur eta nutriente asko behar dabez. Lurra agortu egiten da. Horregaitik, hasikera baten, pinuak etekin handia emoten baeban be, lur emonkorretan sartu zalako, gaur egun, lurrak antzutu egin diranean, ez da hain errentagarri urteten. Hau da, pinudiak produktibo izan dira lehenengo belaunaldian, hostogalkorren lurretan sartu diranean, bigarren belaunaldiak mantenidu egin dau produktibidadea, baina ezin izan dau luzaroan mantenidu errentagarritasuna.
Oindino okerragoa da eukaliptoaren kasua, kaltea handiagoa dalako. Eukaliptoaren hostoak sustantzia toxikoak ditu eta lurra gehiago azidifiketan dau. Materia organiko bako eta esponja baten moduan funtzionetan ez daben lur horreetan, putzuak sortzean dira udan eta eukaliptoaren hostoak bertan jausten diranean, toxinak sortzean dira uretan. Eta oso azkar hazten diranez, 12 edo 15 urterik behin, moztu egiten dira arbol guztiak, mendi hegal osoa galtzeako arriskua handituz.
Hori gitxi balitz, sute handiak eta eukaliptoa lotuta dagozala dino Alonsok. "Zer gertatzen da eukalipto sail handiak daukaguzanean etxetik hur? Zer gertatu da Portugalen eta Galizan? Zenbat jente hil da suteetatik iges egin guran?" Eukaliptoak sutatik babesteko sustantziak dituala eta sua zabaltzen lagunduten dauala dino.
Atzenik, eukaliptoa ipini ezkero, sano gatxa da kentzea, ze moztutakoan barriro hazten da.

Berezko baso errentagarriak
Europako herrialde batzuetan hasi dira bertako espeziekaz lanean eta arbolak danak batera ez mozten. Zenbat eta gehiago hurreratu "izan leiteken basora" orduan eta egonkorragoa izango da. Zenbat eta gehiago aldendu, arriskutsuagoa.
Baina zelan atera errentagarritasuna baso honeei? Ondo pagetan dan egurra sartuz eta beste bide batzuetatik errentagarritasuna ateraten. Bide alternatibo horreetako batzuk aitatu ebazan Alonsok. Esate baterako, Sorian, perretxikoetan joateko lizentziak kobretan dabez eta Asturiasen shiitake onddoak produziduten dabez; Japonian, basoan egotearen balio terapeutikoari ateratzen deutsie etekina; Alemanian, saiatzen dira basoai errentagarritasuna ateraten basoak hilerri bihurtuz; eta hemendik sano gertu, arbol gainean txabolak ipini ditu Kataluniako enpresa batek eta jenteak 120 euro pagetan ditu gau bat bertan emotearrean. "Emon denporea zure lursailari, ikusi zer gertatzen dan eta gero hartu ebatzia. Gizarteak gero eta balio handiagoa emoten deutso naturara buelteteari, basoan pasealdi bat emoteko, perretxikotan joateko edo hildakoak gogora ekarteko".
Izan leiteken basoetatik ateratako egurra be askoz karuago saldu daitekela dino Alonsok. Eta egurraren prezioak oso aldakorrak izan arren, "egur merkea eta kalidade handiko egurraren arteko prezioaren aldea mantenidu" egiten dala esan eban.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD