Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Andra Mariko sutea (1919) gogoratuko dau Zeanurik mendeurrena ospatuz

Hamaika tirabira eta ailego eragin zituan parrokiaren konponketeak.


Jon Urutxurtu


Joan dan aprilaren 15ean Paris albiste iturri izan zan Notre Dame katedralean izandako suteagaitik. Albisteak paristarrak eta arte mundua astindu ebazan. Beste maila baten izan bazan be, antzeko zeozer gertatu zan Zeanurin 1919ko urri bigarrenaren 28an, Andra Mari parrokiaren barrukaldea sute batek kiskaldu ebanean. Gertaera harek zeanuriztarrak astindu ebazan, eta aldi berean, dilema bat eragin eban herrian: parrokia zaharbarritu ala plaza inguruan eleiza barria eregi? Dilema horrek lehenagotik etozan hamaika haserre eta ailego berbiztu zituan herrian.
Gertaera haren 100. urtea beteten dala eta, egitarau berezi bat prestatu da Zeanurin, helburu nagusi biren inguruan: alde batetik oin dala gizaldi bat jazo zan sutearen gorabeherak gogoratzea eta ezetuten emotea; eta bestetik, antolatzen diran ekintzez gozatzeko aukerea emotea zeanuriztarrai adiskidetasun giro baten erdian, oin dala 100 urte emon zan tirabira eta ailego giroa alde batera itxiz. Bestalde, gura daben guztiai, zeanuriztar zein beste herri batzuetako bisitariai konbitea luzatzen jakie antolatu dan egitarauan parte hartzera.

Eleizondoko gune monumentala
Zeanuriko Andra Mari parrokia Eleizondo auzoan kokatuta dago, eta Piedadeko ermiteagaz eta Nestor Basterretxearen Kurutzeagaz batera gune monumental interesgarria osatzen dau.
Parrokia gaur egun guztiz zaharbarrituta dago eta bere barruan Bizkaiko erretaularik interesgarrienetarikoa gordetzen dau; baina Andra Mari eleizeak hainbat gorabehera bizi izan ditu bere historian zehar; batez be oinarrien finkapen arazoengaitik, baten baino gehiagotan zarratu egin behar izan da: holan, Lorenzo Francisco de Muñoz arkitektoak 1865ean egin eban txostenean esaten danez, "eleizeak arazo larriak" zituan eta ondorioz gotzainak ateak ixtea agindu eban. Ointsuago, 1994ko maiatzean barriro itxi behar izan zan eta zaharbarritze lan sakonak egin ostean, 2000. urteko abuztuaren 15ean zabaldu zituan ateak.

Antxinatik etorren eztabaidea
Eleiza honen historia luzean, gaur egun oso ezaguna ez dan beste gertaera bat 1919ko urri bigarrenaren 28an jazo zan sutearena da. Barrukaldea erre egin zan eta horren ondorioz dilema bat sortu zan: parrokia konpondu edo plaza inguruan eleiza barria eregi. Dilema horrek antxinatik —gitxienez 1866tik— etozen eztabaidak eta liskarrak berbiztu zituan herritarren artean: alde batetik, plazatarrak edo matxinoak eleizea plazan eregitea gura izan eben; bestalde, baserritarrak edo jepoak eleizea zaharbarritzearen alde azaldu ziran. 1921ean plazan eregiko zan eleiza barriaren aurreproiektu bat be diseinau eban Inazio Rotaetxe ingeniari ospetsuak, baina azkenik, bigarren aukerea izan zan aurrera atera zana: Eleizondoko Andra Mari zaharbarritzearena.
Gertaera hori gogoratzeko eta bide batez, Eleizondoko gune monumentala balioesteko eta ezagutzera emoteko, egitarau berezi bat antolatu da. Egitarau horretan azpimarragarriak dira, urri bigarrenaren 26rako, zapaturako, antolatu dan Kandelen gaua ekitaldia —Ondarearen Europako Jardunaldien ekintza bat da— eta hurrengo egunean ospatuko dan meza nagusia. Bertan Joseba Segura Bilboko gotzain laguntzaileak parte hartuko dau.

Eleizeari buruz 1919an idatzitako bertsoak
Andra Mari parrokiaren barrukaldea kiskaldu eban suteak eztabaida latzak agertu arazo ebazan zeanuriztarren artean: eleiza barri bat egin ala zaharra barriztatu? Eztabaida horren inguruan bertsoak be idatzi ziran. Bertso horreek Eulogio Gorostiagak Sociedad de Estudios Vascosen Laboratorio de Etnologia y Eusko-Folkloreko 1925eko alean bildu zituan. Hona hemen bertso horreetako batzuk:

Atxine ibili zirean
dirue batzean
konpondu behar zala
uda maiatzean.
Bueltak eman dituzte
bien bitartean
elixa hori daukogu
estadu txarrean.

Gero pentsatu dute
eitia barria
baldin konforme balitz
Zeanuriko herria.
Berrogeita hamar metro
luzia naurria
haraxe bajetako
Birijina Maria.

Atxakie franku
badago hoien artean
plazan on gure daure
guztiek nahastean.
Foltsan dirue balauke
bien bitartean
pozik ongo litzatekez
barrie ein artean.

Orazinoko etxeak
atxinako legean
plazatikan aparte
egiten zirean.
Orain egin gura dabez
plaza bazterrean
konpormisoa franku
dagoen aldean.

Asteburu bitan garatuko dan egitaraua
Andra Mari parrokiaren suteari buruzko egitaraua asteburu bitan garatuko da. Holan, urri bigarrenaren 19rako, zapaturako, ibilbide gidatua antolatu da "Eleizondoko gune monumentala" izenburupean. Hitzordua Eleizondon bertan izango da, goizeko 10:00etan. Ibilbide honetan, Piedadea ermiteari, Nestor Basterretxeak eregitako kurutzeari eta Andra Mari parrokiari buruzko gorabeherak azalduko dira; aditasun berezia jarriko da parrokiak gordetzen dauan erretaulan, Bizkaiko aberatsenetarikoa da eta. Kanpantorrera igoteko aukerea be izango da.
Hurrengo astegoienean, hilaren 25ean, 26an eta 27an, barikuan, zapatuan eta domekan jarraipena emongo jako egitarauari. Barikuan Sute baten historia bizia izenburua daroan berbaldia emongo dau Ander Manterolak Kultur Etxean, arrastiko 19:00etatik aurrera.
Zapaturako prestatu da egitarauaren ekitaldi nagusia: Kandelen gaua. Ekitaldi honegaz oin dala 100 urte gertatu zan sutea gogoratuko da eta iluntzeko 20:00etatik aurrera plazatik Eleizondora oinezko bidea egingo da txistulariak aurretik doazela argi publikoa amatauta, parte-hartzaile guztiak banatuko jakiezan kandelak isiotuta eskuetan eroanez. Antolatzaileak ekitaldi honetan parte hartzeako deia egiten deutsee zeanuriztarrai zein inguruko herrietako jenteari. Eleizondora heltzean kanpantorrean egongo diran Iker eta Aitziber txalapartarien soinuak harrerea egingo deutsee ibiltariai. Ondoren, eleiza barruan musika emonaldia entzuteko aukerea izango da: Gontzal Mendibilek, Olatz eta Estik, Zeanuriko Abesbatzak... parte hartuko dabe. Herriko bertsolariak 1919an idatzi ziran bertsoak abestuko dabez: bertan azaltzen da sasoi haretan zeanuriztarren artean bizi izan zan giro tirabiratsua.
Urri bigarrenaren 27an, domekan, goizeko 11:30eko meza nagusiagaz emongo jako amaierea egitarauari.


Iñaki Lejarza, Andra Mariko azken kanpai-jolea

Urri bigarrenaren 26an, iluntzeko 20:00etan Kandelen gaua ekintzeari hasikerea emoteko ordua heldu dala adierazoko dabe kanpai-hotsak. Eta kanpaiak martxan ipiniko dituana 86 urteko Iñaki Lejarza (1933-5-20) izango da, Andra Mari parrokiako azken eskuzko kanpai-jolea. Eskuz eraginda ipinten ebazan dilin-dalanean kanpaiak Iñakik, baina oingoan botoi bat sakatuta jarriko ditu martxan.
Bere aita Andres Lejarza izan zan familiako lehen kanpai-jolea eta Iñakik umetatik aitari laguntzen eutsan zeregin horretan. Aita hil zanean berak hartu eban lekukoa eta holan jarraitu eban 1994an, arazoak zirala eta Andra Mari parrokia zaharbarritze beharrak egiteko zarratu zan arte.
Iñakiren arabera, "egunero-egunero hiru joaldi egiten genduzan: goizaldeko 06:30ean, arimena; 12:00etan, angelusa eta ilunkeran, abemariak. Hiru joaldi horreek kanpantorrera igon barik joten genduzan, kanpantorretik eleizako sarrerara etorren sokea tiratuz. Baina mezatara deitzeako, kanpantorrera igoten nintzan eta eskuz eragiten nebazan kanpaiak. Kanpantorreko hiru kanpaiak —handi bat eta txiki bi— aldi berean jo behar baziran, aitari nik eta Jose Antonio anaiak laguntzen geuntsan. Gero, ni kargu egin nintzanean, nire seme biak, Pedrok eta Jose Antoniok, laguntzen eusten. Eguneroko hiru joaldiak kanpantorrera igo barik joten ziranez, nire andrea, Benedikta Ibarrando (1933-6-29) be sarritan arduratzen zan zeregin horretaz".
Baina eguneroko hiru joaldiez gainera, beste batzuk be baegozan eta badagoz, bakotxa bere berezitasunagaz: "adibidez hil-kanpaiak baten bat hilten zanean joten ziran: gizonezkoa bazan hasikeran hiru joaldi egiten ziran; andrazkoa bazan, bi. Sute bat baegoan su-kanpaiak joten ziran; ekaitz gogorren bat etorrela ikusten bazan harri-kanpaiak...".
Iñakik gogokoen daukazan joaldiak jaietakoak eta Gabonetakoak dira, "joaldi luzeak, baina aldi berean poztasuna adierazoten dabenak. Gainera, hemen Zeanurin, oindino be zapatuetan eta jai-bezperetan arrastiko hiruretan beti joten dira kanpaiak".
Gaur egun Iñaki jubilauta dago, Andra Mari parrokiaren ondoko etxean bizi da eta egunero begiratzen dau kanpantorrera. Hilaren 26an, ez ditu igo beharko hamaikatxo aldiz igo zituan kanpantorreko ehundik gora eskailerak; botoi bat sakatuta jarriko ditu martxan hiru kanpaiak, eta holan oin dala 100 urte gertatu zan sutea gogoratzeko plazatik Eleizondora kandelakaz egingo dan ibilaldiari urteteko abisua emongo deutso.
Hurrengo egunean, Joseba Segura Bilboko gotzain buru izango dauan meza nagusira deitzeako, Iñakiren semeak, Pedro eta Jose Antonio, kanpantorrera igoko dira kanpaiak eskuz eragiteko.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD