Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Mozorroak eta umorea Aratusteetan

Martiaren lehenengo egunetan ospatuko dira Aratusteak. Herri gehienetan, hilaren 1 eta 2an; Bedian barriz, martitzen karnabal eguna ospatuten dabe. Egun horreetan, kolorez eta mozorroz beteko dira kaleak, eta desfileak, eskoletako mozorro jaiak, bazkariak eta musika emonaldiak hartuko dabe protagonismoa. Kultura eta kirol emonaldi askotan, mozorrotuta joatera konbidatzen ditue antolatzaileak, Arteako kontzertura edo Areatzako AKKBren bazkarira, berbarako.


Martiak 1 eta 2, bariku-zapatuan ospatuko dira Aratusteak herri gehienetan. Egun biko egitaraua antolatu dabe Igorren eta Lemoan. Artean, Diman eta Zeberion barriz, barikuan ospatuko dabe jaia eta Areatzan 2an. Bedian, hilaren 5ean, martitzen karnabal ospatuko dabe. Bezperan umeak inauterietako tailerrak izango ditue ludotekan.
Martiaren 1ean, barikuan, Arteako eskolan Inauterietako ikuskizuna egingo dabe, 15:00etan. Gaubean, 20:30ean, Zazkel taldea egongo da Herriko Bentan eta jentea mozorrotuta joatera animetan dabe antolatzaileak.
Diman be, barikuan izango dira Herri Inauteriak. Arrastiko 19:00etan hasiko dira desfile bategaz eskolatik urtenda. Ondoren, 20:00etan, herri afaria egongo da eskolan, eta 21:00etan, bingoa. Erromeria bategaz amaituko dabe eguna, 22:00etatik aurrera izango da. Mozorroen aurtengo gaia: K letrea izango da.
Zeberion be martiko lehenengo egunean ospatuko dabez Aratusteak. Austarri Kultur Elkarteak antolatuta, 20:15ean diskofesta hasiko da Xaiborren eskutik, plazako aterpean.
Areatzan, martiaren 2an, AKKB Areatzako Kultur eta Kirol Batzordearen eguna be ospatuten dabe. Egun horretan, 09:00etan, Lamino Kirol Klubak Upo inguruetatik hamar kilometroko mendi ibilaldia antolatu dau. Ondoren, mozorroak soinean, 15:00etan, babajana egingo dabe hotelean. Musika barik ez dagoanez jairik, 17:00etan, Dominguez mariatxiak egongo dira eta 18:30ean, Rober eta Idoiaren trikitixak lagundutako poteoa egingo dabe.
Arantzazun, domekan ospatuko dabez karnabalak, Arrastiko 17:30ean, kalejirea egongo da frontoian hasita. Gero, 18:00etan, Herriko Tabernan Ogi Tostada Lehiaketea eta 18:30ean, txokolatea eta bizkotxoak hurreratzen diran guztientzat.

Egun biko egitarauak
Igorren eta Lemoan, jaialdiak egongo dira bariku eta zapatuan. Igorren, barikuan, 17:00etatik aurrera, Guraso Elkartearen eskutik jaialdia egongo da; bertan Ismael Pereira "Isma" izango da DJ lanetan, eta txokolatea bananduko deutsee gurasoak bertaratutakoai.
Barikuko jaia batez be txikerrenai zuzenduta badago be, hurrengo egunekoan edade guztietako igorreztarrak hartuko dabe parte. Jaia, 12:00etan hasiko da, 105eko aparkalekutik kalejireagaz. Herri bazkaria be egongo da ondoren, Arratiko Zekorrak Rugby Elkarteak antolatuta, eta 17:00etan, mozorro desfilea. Bertan kuadrillak, familiak eta norbanakoak hartuko dabe parte eta mozorrorik onenak saria izango dau. Arrastiko 18:00etan, hasiko da erromeria Jokaldi taldeagaz eta mozorro sari banaketea.
Lemoan be, barikuan eskolaumeak ospatuko dabe batez be eta zapatuan herri osoak. Barikuan, 10:00etan, gurasoak txokolatea bananduko dabe eskolan eta 11:30ean, JB Eguzkitza Meabe Ikastetxeak antolatutako eskolako mozorro festari ekingo deutsie kiroldegian. Gaia, emozinoak izango da.
Hurrengo egunean, 17:00etatik 20:00etara, Udalak antolatutako Haurrentzako Inauteri Festa egongo da kiroldegian. Bitartean herrian, Lemoako Jaietako Garsu Elkarteak antolatuta, 19:00etan, Inauterietako poteo musikatua eta kopaua izango dabe Herradura tabernatik hasita. Partaideak mozorrotuta joatera konbidatzen diute antolatzaileak, mozorro originalenak saria izango dau eta. Gainera, parte-hartzaileentzat kopaua egongo da anbulatorioko aterpean. Jaiari amaierea emoteko, 23:00etan, erromeria egongo da Zirkinik bez taldeagaz Karabie Gaztetxean.

Martitzen karnabal ospatuko dabe Bedian
Martiaren 5ean da martitzen karnabal eta egun horretan ospatuko ditue Aratusteak Bedian. Arrastiko 17:30ean izango da gura daben herritar guztien mozorro desfilea. Bertan parte hartzeako izen emotea 17:00etatik 17:30era izango da eta photocall-a be egongo da, mozorroakaz argazki dibertigarriak egiteko. Desfilearen ostean, 18:00etan, Kili Kili Punk taldeak musika zuzenean eskainiko dau eta 19:30ean, txokolatea bananduko da.
Bezperan, 17:00etan, Inauterietako tailerrak egongo dira ludotekan.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD