Abenduaren 14an, zapatua, hardcore eta metal soinuak astinduko dabe gaua Kiñu Gaztetxean 21:00etatik aurrera. Uckaia, hardcore melodikoa egiten dauan taldeak, Gernikako Bullets of Misery thrash metal, death metal eta hardcore estiloko taldeak eta Bilboko The Eleventh Plague deathcore taldeak joko dabe. Borondatea izango da sarrerearen prezioa.
Uckaia
Aitor Ipiña (bajua) eta Ager Barragan (bateria) billaroztarrak, Lander Txabarri (ahotsa), Lander Elorriaga (gitarrea) eta Edu Fernandez (gitarrea) Arratia eta Galdakaoko kide gazteak osotzen dabe. Euren bigarren lana aurkeztuko dabe Arratian lehenengoz. Oin dala urte eta erdi lehen lan luzea atera eben My Mind, My Universe izenekoa. "Hainbat kontzertu jo doguz eta Euskal Herritik kanpora be heldu gara, Galiza, Madril, Valentzia, Asturias, Gaztela eta Leon..." dino Ipiñak. Oingoan autoekoitzitako hiru abestiko EP bategaz datoz, Introspection izenekoa. "Uste dogu gure musikea beste limite batera eroan dogula eta sano pozik gagoz emaitzeagaz!" azaldu dabe.
Bullets of Misery eta The Eleventh Plague
Gernikako bost musikarik 2008 urtean eratutako taldea da. Beti metal gogorraren bidetik old school eta aro barriko estiloa nahasten dabe "100% Original Rural Death" deritxaten estilo personala sortuz. Euskeraz abestutearen aldeko aldarria egiten dabe, (We growl in Basque!) dinoe. Summum Post Mortem atera eben 2015ean harrera sano onagaz eta 2018ko zemendian kaleratutako Linguae Vasconum Primitiae azken EPak, kritika ezin hobeak jaso ditu. "Kristautasun aurreko euskal kultura jentil iluna lantzean da bertan, inoz baino era bortitz eta oinarrizkoagoan". Taldearen indarra euren zuzeneko emonaldietan adierazoten dabe ondoen.
The Eleventh Plague Bilboko slamming deathcore taldeak ostera Cataclysm lehen 4 abestidun EPa argitaratu eban udan. Bost musikari gaztek osotzen dabe bandea. Bestalde, aurtengo Dimetal Fest jaialdian parte hartu eben. "Urte honetan hainbat oztopo topau doguz taldea aurrera eroateko bidean" dinoe, baina oin, gogo guztiagaz, euren musikea zabalduko dabe hainbat kontzertutan. Tartean abesti barriak sortzean dagoz.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|