Zezeilaren 14an, San Balendin eguna aprobetxau eban Ainara G. Goitiandiak, sare sozialetan Bedarlari izenagaz ezaguna danak, maitasun erromantikoaren mitoaren gaineko berbaldia egin eta Cómeme la flor bere liburua aurkezteko Lemoako Udal Liburutegian. Liburuan, 25 narrazino feminista batzean dira eta Igorren be aurkeztuko dau martiaren 6an, 19:30ean, liburutegian.
Dokumentazino lan handia egin dau egileak eta datu asko, zein andren testigantzak dagoz Cómeme la flor liburuko narrazinoetan. Sexu hezkuntza, andran kontrako indarkeria eta amodio erromantikoa dira narrazinoon gaietako batzuk.
Andren Nazinoarteko Eguna ospatuteko antolatu dau Igorreko Liburutegiak liburuaren aurkezpena, "andren eskubideak eta benetako bardintasuna" aldarrikatzeko, Irune Elexpe liburuzainaren arabera.
Maitasun erromantikoaren mitoa
"Matxismo instituzionala da oinarria eta beste matxismoen sorburu" esan eban Garcia Goitiandiak Lemoan. "Nik matxismoa populazinoaren kontrol moduan ulertuten dot. Populazinoaren erdiak beste erdia kontroletan daualako". Eta horretarako tresna bat maitasun erromantikoaren mitoa da. Maitasun erromantikoa "hartu-emon sentimentala gizon eta andren artekoa (gizon eta andren artekoa bakarrik), heteropatriarkal eta kapitalistea" da.
Bere esanetan mito hau zazpi guzurretan oinarritzen da eta guzurrok andrai zuzenduta dagoz. Honeek dira mitoaren oinarriak: maitasuna betiko da; kontrola eta zeloak normalak dira maitasuna dagoanean; maitasunak dana gaindituten dau; amodio erromantikoak familia eredu patriarkala planteetan dau; gauza zoroak egitea maitasunagaitik oso erromantikotzat hartzean da, (baina andrakanako eraso eta indarkeria estaltzen ditu); beste erdiaren bila dabizan naranja erdiak gara, eta bat-bateko maitemina. Desira eta maitasuna nahastu egiten dira maitasun erromantikoan, "bat-batekoa ez da maitasuna, desira sexuala da. Maitasuna, denporea, ardurea eta enpatia da" azaldu eban Garcia Goitiandiak.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|