Bagilaren 18 eta 19an, Red Electrica Españolakoak (REE) Igorren egon ziran Gueñes-Itsaso goi-tensino lineako proiektuan dagozan lurren desjaubetza aktak sinatzeko. Aktak sinatuteko, onuradunak, kasu honetan REEkoak eta alkatea edo udal ordezkariren bat egon behar dira derrigor. Igorreko Udala proiektu honen kontra dagoanez, alkatea ez zan agertu eta aktak ezin izan ziran sinatu.
Izan be, maiatzaren 20ko plenoan, ez sinatzea eskatzen eban herritar baten mozinoa aurkeztu eta aho batez onartu zan, EH Bilduren 6 boto eta EAJ-PNVren 5 botoakaz. Holan, Udalbatzaren ebatzia betez, alkateak ez eban ezer sinatu.
Garakoi, Garai eta San Kristobaletik pasetan dan goi-tensinoko linearen proiektua epaitegietan dago, bide horrek ez daualako beteten sai zuriaren babeserako Foru Dekretua. Beste bide batetik doan proiektu bat be badago, iparralderagotik pasetan dana, Lemoako lurretatik, baina bagilaren 18an eta 19an sinatu beharreko aktak, epaiaren zain dagoan bideari jagokozan lurretako desjaubetzak ziran.
Hurrengoa derrigorra
Oin, aktok sinatzeko Gobernuaren Ordezkariordetzatik deituko dabela azaldu deutso begituri Illart Gumuzio Igorreko alkateak. "Eta horra derrigorrez joan beharko naz, ezpabere funtzinoak bete ez izana-edo leporatuko deuste eta" dino.
Desjaubetzak egin ostean, epaiak, goi-tensinoko linea hortik ezin dala pasau ebatzi ezkero, desjaubetzok efektu barik geratuko litzatekez seguruenik.
Goi-tensinoko linea
Gueñes eta Itsaso arteko goi-tensinoko lineak 4.000 voltako tensinoa izango dau eta Bizkaiko 17 herritatik pasauko da; tartean, Zeberio, Bedia, Lemoa eta Igorretik. 2011n, hainbat udalek proiektu honen kontrako herritarren alegazinoak aurkeztu ebezan. Igorrek proiektua geldituteko edo behintzat, Igorretik pasau ez daiten, aukera guztiak erabili ditu, 50 ekintzatik gora.
2011n aurreproiektuari alegazinoak eta alternatibak aurkeztu ziran. Ingurumenari jagokozan alegazinoak, etxebizitzai, distantziak, urigintza aldetiko eraginak... Eta eskatu jakon Aldundiari sai zuriaren inguruan txosten bat egiteko. Izan be, inguru horretan sai zuriaren hainbat habia dagoz eta hegazti hori babestuta dago. Sai zuriaren babesaren legea izan da Udalak erabili dauan proiektuaren kontrako tresna nagusia.
Alegazinoen erantzuna 2016an heldu zan Udalera.
REEk bide alternatibo bat proposatu eban gero baina Igorreko Udalak jakin eban beste habia bat egoala hasikerako puntuan eta hau be txostenean sartu zan bide alternatibo horren kontra egiteko.
2017an heldu zan Gueñes-Itsaso linearen Baimen Administratiboa eta 2018an, Udalak gora joteko errekursoa aurkeztu eban Baimen Administratiboaren kontra.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|