Arratiako Musika Eskolak "ilusinoz" hasi dau 2020-2021 ikasturteko prestaketea. Gelen egoereari erreparatu eta espazioak egokitzen dabiz, musika eskolak segurtasun neurriak bermatuta martxan ipinteko. Eskolak, martiaren 13an eten ziran eta urri lehenengoaren 14an hasiko dira barriro modu presentzialean. Ikasle barrien matrikulazinoa bagilaren 18tik 28ra bitartean izango da.
Oingo ikasturtea bagilaren 30ean amaituko dabe eta irakasle batzuk ikasturteari behar dan moduko amaierea emoteko kontzertuak antolatu ditue plataforma digitalen bitartez.
Itxialdian musikea etxean eta balkoietan
Martiatik hona, Arratiako Musika Eskoleak modu desbardinak erabili ditu bere ia 600 ikasleai musikea hurreratzeko. Ikasleak, irakasleak legez, euren ezagutza teknologikoak eguneratu behar izan ditue ikasketa musikala eta instrumentala ez eteteko. Bideo-dei, audio grabaketa, tutorial eta plataforma digitalen bidez emon ditue eskolak. Helburu nagusia praktika musikalakaz eta ikasle eta irakasleen arteko hartu-emonak jarraitutea izan da. "Lan eta esfortzu handia izan da alde bien partetik, partitura barriak egin eta berauek lantzean. Beste batzuek konfinamentu garaiko tarteak bete eta disfrutetako erabili dabe materiala. Horren erakusgarri, gure webgunean dagozan ikasleen bideo sorta guztiak dira" azaldu deutse BEGITUri Arratiako Musika Eskolatik. Bideoak www.arratiakomusikaeskola.eu helbidean ikusi daitekez.
Hori gitxi balitz, balkoietatik be kontzertuak eskaini izan dira, auzoko eta herritarrakaz musikea partekatzeko. "Ikasle txikienakaz hartu-emona desbardina izan da, ez dira online klaseak eskaini, saio honeek taldean bizi behar diralako. Jantzan egin, abestu, musika tresnak jo... ordezkaezinak dira aurrez-aurreko saio honeek. Horregaitik, familia giroan edo bakarka lantzeako proposamenak eskaini dira, baina bitarteko bardinak erabiliz".
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|