Lanak ia amaituta dagoz, erremate eta zehetasun txiki batzuen faltan. Baina lehengo Abadetxea, Kotxepin Kultur Etxe bihurtzea proiektu luzea eta karua izan da. Izan be, aurrekontuari jagokonean, hasikerako aurrekontua %15,5 hazi da.
Udalak kultur eskaintza oso eta oparoa emoteko eukazan espazioak 2012an hasi zan aztertzen. 2016ko bagilean, Bizkaiko Gotzaindegiagaz Abedetxearen 40 urtetarako zesinoa sinatu eban, espazio hori kultur etxe bihurtuteko. Aurrekontua 1.099.445,32 eurokoa zan eta dirua diruzaintzako gerakinetik hartzea onartu zan aho batez osoko bilkuran 2018ko aprilaren 11n.
Baina guztira, 1.269.598,28 euro gastauko ditu Udalak egokitze lanetan, hasikeran aurreikusitakoa baino %15,5 gehiago. Garagarrilaren 1eko osoko bilkuran onartu zan kontratu aldaketea, EH Bilduko botoakaz. Udaleko EAJ-PNV taldearen eretxian, inbersinoaren gehikuntza horrek kudeaketa txarra adierazoten dau eta "sentiduten dau azpiegitura propio baten inbersinoa egiteko aukerea galdu izana".
Birgaitze lanak
Kultur etxe moduan erabiliko dan eraikinak urte asko ditu eta lanak egin ahala arazo eta gabeziak agertu izan dira. "Ez dogu eraikin barri bat egin, existiduten zan eraikin baten birgaitze lanak baino. Eta lan honeek askotan aurretiaz ikusi ezin diran arazo eta gabeziak dakarz, birgaitze lanakaz batera agertzen dira eta momentu horretan emon behar jakie erantzuna. Adibidez, saneamentu eza, zimenduetan arazoak… Horreek guztiak konpondu behar izan dira eraikina teknikoki egoki eta erabilgarri egoteko" azaldu deutso BEGITUri Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak.
Bere esanetan, agertu diran arazo eta gabeziak zehatz mehatz aztertu dira eta erantzun egokiena emon jakie, "beti obra partida guztiak ondo aztertuta bai arkitekto, arkitekto tekniko, segurtasun tekniko eta enpresa eraikitzailearen aldetik, honeek guztiak txosten tekniko zehatzetan azalduz, udaleko udalbatzari kontu emoteko".
Kotxepin Kultur Etxea
Kultur etxeak espazio desbardinak ditu: liburutegia, umeen liburutegia, ikasgela, talde lanetarako espazioa, herriko alkarteentzako lan espazioak, egunerokotasunerako plaza, eta kultur ekintzak eskaintzeko espazioak.
Instalazinoak prest egongo dira COVID-19a dala-eta hartutako neurriak kultureari emondako golpe latzaren ostean, eta lehengo kultura bizitza inoz berreskuratuko dan ziurbakotasun denpora honeetan. "Egoera latza bizi dogu, baina administrazinoak be ahaleginak egin behar ditu kultura sustatzeko. Eta nahiz eta egoera barri honetara moldatu behar, gure lana izango da kulturea ez baztertzea" dino alkateak.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|