COVID-19ak eragindako egoerea dala-eta, Bizkaiko Bertsolari Txapelketea atzeratu egin da, baina txapelketako saioak egiteko baldintzarik egon ez arren, guztion osasuna bermatuz bestelako saio mota asko antolatu daitekezala uste dau Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.
Horregaitik, txapelketea atzeratzeak parte hartzaileengan daukan eragina arintzearren, eta momentu guztiak kulturaz gozatuteko onak dirala eretxita, formatu desbardinetako lau saioz osotutako zirkuitua ipini dau martxan.
Bertso saio musikatua, bertso tramea, sariketea eta jaialdia izango dira zirkuitua osotuko daben saioak. Bertso trama formatukoa, Igorreko Lasarte Aretoan izango da zemendiaren 14an, 19:00etan.
Igorreko saioan, Eneko Abasolo "Abarkas", Txaber Altube, Miren Amuriza, Julen Arzanegi, Unai Mendiburu eta Jone Uria izango dira bertsoak kantetan. Tramagileak Lilibertso bertso-eskolako kideak izango dira.
Bertso saio musikatuak emon eutsan hasikerea zirkuituari urri bigarrenaren 24an, Mungian.
Estiballes abenduan Getxon
Igorrekoaren hurrengoko hitzordua, Durangoko Plateruena antzokian izango da zemendiaren 28an. Han, sariketea jokatuko da. Oihana Bartra, Irune Basagoiti, Ander Elortegi, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia eta Imanol Uria izango dira saioko bertsolariak.
Zirkuituari amaierea emoteko, abenduaren 20an, Bizkaiko zortzi txapeldun batuko dira Getxoko Muxikebarri antzokian. Han izango dira, Arkaitz Estiballes, Igor Elortza, Jon Enbeita, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Xabi Paya eta Unai Iturriaga.
Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean dagoz salgai.
BFA eta udalen laguntzeagaz
Zirkuituak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka, baita saioak egingo diran udalen laguntzea be. Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, Xabier Arauzo BFAko Euskara zuzendariak eta Joseba Etxebarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Talde Antolatzaileko kideak aurkeztu eben zirkuitua urri bigarrenaren 20an.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|