Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Euskerea indartuteko hainbat ekintza Euskerearen Eguna dala-eta

Abenduaren 3a Euskerearen Nazinoarteko Eguna da eta urtero legez, Arratian jaigiroan aldarrikatuko dabe euskerearen erabilerea, euskeraz bizi ahal izateko. Aurten, bizitzako arlo guztietan euskeraz egitearen garrantzia agerian ixten dabe antolatutako ekintzak.


Holan, Lemoan, indarkeria matxisteaz berba egiteko berbodromoa antolatu dabe; Igorren, esaera zaharren eguneroko erabilerea erakusten daben Bideo Lehiaketearen sari banaketea egongo da eta Bedian, datorren urteko Euskaraldiari begirako lanari ekingo deutsie. Zeanurin, Lapurdiko Baigura Ikastolari lagunduteko egitaraua prestatu dabe, besteak beste.
Euskerearen Eguna ospatuten goiztiarrenak lemoaztarrak izango dira, zemendiaren 29an, hain zuzen be. "Aske maite, aske bizi" lelopean berbodromoa antolatu dabe Kulturgunean, 18:30ean. Han, Euskerearen Eguneko aldarriak eta zemendiaren 25eko inguruko indarkeria matxisteagaz amaituteko aldarriak bat egingo dabe. "Generoagaz lotutako gaiak euskeraz mahai gaineratzeko tartea izango dogu bertan. Euskeraz ez dakienak be euren lekua izango dabe, beren-beregi talde bat erderaz egiteko prestatuko dogu-eta" azaldu deutso BEGITUri Miren Madariaga Lemoako Euskera Teknikariak. Ondoren, 20:00etan, poteo girotua egongo da Atxetatik hasita eta 20:30ean zozketea.
Hurrengo egunerako, hilak 30, hainbat ekintza antolatu ditu bere lokalean Zeanuriko Eguzkiola Kultur Alkarteak, Lekorneko (Lapurdi) Baigura Ikastola aurrera ateraten daben lagun talde bategaz. Egunaren helburuak, Lapurdiko ikastola txiki horren egoerea ezetuten emotea, baita, euskerearen egoerea Iparraldean be, eta ikastolarako dirua lortzea dira. "Baigura Ikastola, Lekorne, Makea, Heleta eta Lekuineko guraso batzuen beharragaz sortu zan. Euskerea eta euskal kulturea zabaltzea, haurrak euskeraz gogoetatzea eta komunikatzea, baita be bizitea, amestea, jolastea eta handitzea. Baina Iparraldean euskeraz ikasteko zailtasunak ez dira gitxi, beste batzuen artean finantziazino eta irakasleen faltea" azaldu deutsie BEGITUri Eguzkiolatik. Egun horretan, goizeko 11:30ean, erronkarieraren gaineko berbaldia egongo da, Alberto Angos aditua eta atzen hiztunaren eskutik, Iguzkialteko uskara izenekoa. 14:30ean, bertso bazkaria. Bertsolariak Ortzi Idoate eta Arkaitz Estiballes izango dira eta bazkalostean, 17:30ean, kantaldia egongo da Kantu Bat Gara taldeagaz.
Ez dira Zeanurin egingo diran Euskerearen Egunaren inguruko jarduera bakarrak. Izan be, zeanuriztarrak aurretik, egunean bertan eta ostean ospatuteko ekintzak prestatu ditue. Euskerearen Egunean bertan eskolan, kantu batzuk kantauko ditue umeak eskolatik urtetean eta ostean txokolate jana izango dabe. Eta 17:30etik 19:30era udaletxean, abenduaren 15erako programauta dagoan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako sarrerak salduko ditue.
 
2020ko Euskaraldiari begira
Euskerearen Egunean, abenduak 3, Igorrekoak, Euskaraldiagaz lotutako bizipen eta desioak idatzi eta eskegi ahal izango dabez 18:00etatik 19:00etara horretarako Kultur Etxeko plazan prestatuko dan sare baten. 19:00etan, ekitaldi bat egongo da Kultur Etxean. Bertan, Inbiu 2019 iruditan, esaera zaharren bideo emonaldia eta sari banaketea egingo da eta Euskaraldia 2020ren aurkezpena egingo da.
Inbiu Eguna, urri lehenengoaren 21ean egin zan "Euskeraz gara" lelopean. Orduan agertu ziran Igorreko zebrabideetan Arratian asko erabilten diran 14 esaera zahar eta horreen erabilerearen gaineko Bideo Lehiaketea antolatu da. Zemendiaren 29ra arte, lehiaketan parte hartzeako lanak bialtzeko epea zabalik dago. Minutu bateko bideoa grabau eta esaerazaharrak@igorre.net helbidera bialdu behar dabe parte hartu gura dabenak. Gero Euskaraldiaren aurkezpena egingo da.
Baina Euskaraldiaren aurkezpena ez da bakarrik Igorren egingo. Bedian be, abenduaren 9an, Euskaraldiaren antolatzaileak liburutegian egongo dira arrastiko seiretan, azalduten 2020ko Euskaraldirako zeintzuk diran emon beharreko pausuak eta egin beharreko ekintzak. Baita batzorde bakotxak zer egin ahal dauan.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD