1995eko udan, Dimako sei lagun batu ziran herrian kultur alkarte bat sortzeako gogoz.
Helburua zan alkarte baten babesa emotea egiten ziran ekintza kulturalai. Izan be, Diman egin, egiten ziran kultura ekintzak, baina ekimena norbanakoen izenean izaten zan eta horrek babes faltea ekarten eban. Babes hori emoteko eta erantzukizuna modu kolektiboan hartzeako sortu zan Txumuluxueta Kultur Alkartea.
Mende laurena ospatuteko, abenduaren 30ean, ekitaldia egingo dabe herriko eskolako kamaran 19:00etan. Ekitaldiak alderdi bi izango ditu: lehenengo alkartearen historia labur edo ibilbide historikoaren laburpen bat aurkeztuko da eta ostean mahai-inguru bat egingo da herriko alkarteakaz. Horretarako herriko alkarte guztiak dagoz konbidauta parte hartzera. Herrian kultureak bizi dauan egoerearen gaineko hausnarketea egingo da bertan eta alkarte bakotxak bere ikusmoldea erakusteko aukerea izango dau.
Historia
Lehenengo urteetan gogor hasi zan Txumuluxueta, ekimen asko eta era desbardinetakoak bideratuz: berbaldiak, ikastaroak, mendi urtekerak, herriko bazterrak ezetuteko ekintzak, txapelketa eta lehiaketak helduakaz eta umeakaz... Txumuluxueta alkarteak modu zabalean ulertzen dau kulturea eta beraren alde diferenteak landu izan dauz bere historian zehar. Sarri pasatzen da loraldiaren ostean zelan edo halango "loaldia"k be ezetutea; Txumuluxueta alkarteak be ezetu dau holangorik.
Azken urteotan barriro hasi da bizkortuten eta berrindartuten. Ekimen bitan ipini dabez indarrak: Jentilak Diman ekimenean eta Dimako Memoria Historikoa landuten. Jentilak Diman, mitologia herritarren eskura ipinteko ekimena, 2015ean sortu zan eta huts egin barik urtero-urtero antolatu dabe, aurtengo urtean izan ezik, COVID-19aren inguruko neurriak ezinezko bihurtu dabelako. Memoria Historikoa 1936ko gerrak herrian sortutako kalteak eta bizitako egoerea aztertu eta herritarrai erakusteko ekimena da. "Bide horretan berbaldiak, gerreak kaltetuai egindako omenaldiak egin dira eta bidean da Dimako Udala eta EHUren arteko hitzarmen bat artearen bidez memoriaren lanketeari beste arpegi bat ipinteko, danon ekarpenak osotzeko eta aberasteko".
Herrian beste alkarte batzuk be joan dira sortuten eta oin aukera gehiago dago kulturan ekiteko eta sortuteko lehen baino. Horreetako batzuk helburu konkretuago edo espezifikoagoakaz, beharrizan zehatz batzuk eraginda, jaio dira, halan holan andrazkoen eta gizonezkoen arteko bardintasuna lortuteko Andraizea edo euskal jantzak erakusteko Gazte Barri alkartea, kasu bi aitatutearren. Txumuluxueta alkartetik banandu dan Txumuluxueta Pelota Klub-a da horreetako beste bat, herrian pelotearen garapenaz arduratzen dana.
Hausnarketea
Txumuluxueta alkartekoak urteurrena aprobetxau gura dabe Dimako beste alkarteakaz batera kultura lokalaren gainean hausnarketea egiteko. Hori dala-eta, eratu dabe mahai-ingurua. Mahai-inguru horretara herriko gainerako kultura alkarte guztiak konbidau dabez eta 10 bat alkarte eta taldek parte hartuko dabe. "Egiten diran ekintza zehatzen gaineko irakurketea eginaz, zein kultura mota landuten gabilzan aztertzea da kontua. Mahai-inguru hau lehen urrats modura ulertzen dogu, gurako geunke kultura lokalari dimensino zabalagoa emotea, hor daukagu apustua" dinoe Txumuluxuetakoak.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|