Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Agate Deuna aintzalduteko koplarik bai Arratian

Aurten be tradizinoak agindutako moduan, Arratia, Ubide eta Zeberioko auzune eta herrietako kaleak, koruz beteko dira zezeilaren 4an, makilak eskuan, santeari koplak kantetako.


Arratiako Koruak, Arratian bakarrik ez, Arratiatik kanpo be kantauko dau Garazi Navasen zuzendaritzapean. Lehenengo urtea da Navas Arratiako Koruko zuzendari dala, baina hirugarren urtea Koruan dagoala koplak kantatzeaz gainera, akordeoia joten. Arratiako Koruaren errepertorioa lau koplak osotuten dabe: Zaharra, Salaberrirena, Intxaustirena eta hiru abotsetara akordeoiagaz kantetan dabena. Koplez gainera, Madinaren Aita gurea eta beste kantu batzuek be kantetan dabez. Aurten, bederatzi eta 69 arteko berrogeta hamabost lagun inguru ibiliko dira Arratian, Zornotzan eta Bilbon abestuten. Arratiako Koruak, urrian Vaticanoko Kapera Sixtinan abestuteko konbidapena jaso dau.

Arratiako Koruaren ibilbidea
Aurreikusitako ibilbidearen arabera, partaideak 07:45ean hartuko dabe autobusa Igorren Areatzara joateko. 08:00retan mezea entzungo dabe Areatzako parrokian. 08:30ean, izango da urtekerea; 08:45ean, Zeanurin kantauko dabe; 09:15ean, Diman; 09:30ean, Igorren; 09:45ean, Lemoan; 10:00etan, Zornotzan. Barriro be autobusa hartu eta Bilborantza abiatuko dira. Han, 11:15ean, kantauko dabe Begoñako Basilikan; 12:00etan, San Anton, Erribera merkaduan, Euskal Museoan, udaletxean, Laboral Kutxan, BBVAn, El Corte Inglesen eta Kutxabanken; 13:45ean, Bizkaiko Foru Aldundian eta Moyua Plazan eta 14:30ean, Guggenheim museoan. Ondoren bazkaria eta 17:00etan ekingo deutsie barriro ibilbideari, Albia lorategian, Zabalgunean, Egilor Plazan, La Viña jatetxean, Kale Nagusian, Areatzan... 18:30ean, San Nikolasen, metroan eta Donibane santuen plazatxoan. 19:20an, Santiagoko katedralean eta 19:45ean, agur esango deutsie Bilbori Arriaga aurrean. Azken txanpa: 20:15ean, Galdakao; 20:40ean, Bedia; 21:00etan, Arantzazu; 21:15ean, Artea eta egunari amaierea emongo deu- tsie Areatzan 21:30ean.


Zeanurin ondo errotutako tradizinoa
Zeanurin, tradizino handiko koruak eta barriagoak be ibiliko dira herriko erdigunean eta aparteko auzuneetan, makilak eskuan, tradizinoari eusten deutsan kopla errepertorio aberatsa kantetan. Santa Agedaren hurrengo domekan Santa Ageda ermitan kantetan dauan koruak berbarako, Agedaren bizitza osoa eta martirioa kontetan dauzan koplak kantetan dauz mezan, dultzaina eta panderoaren laguntzeagaz.
Koru hori ez bakarrik hurrengo domekan ermitan, Agate Deunaren egunaren bezperan be urteten da santaeskean. Arrastiko 15:00etan batzean dira korukoak Jubiladuen tabernan, eta euren ibilbidean, auzuneez gainera, etxe bakar askotara be joaten dirala azaldu deutso BEGITUri partaideetako batek. Izan be, normalean beste koruen ibilbidetik kanpo geratzen diran etxe eta auzuneetara joan gura izaten dabe, koplak herritar guztiakana heldu daitezan. Gaubeko 10:00ak aldera amaituten dabe jarduna. Askotan, egun horretan batutako diruagaz egin dira konponketak ermitan.
Undurragako korua be tradizino handiko korua da. Partaideak, 17:00etan batu eta Undurraga, Altzuaga, Ipiñaburu, Undurraga eta Eleizondotik ibiliko dira, plazan amaituteko.
Asterriakoak be ez dira faltauko urteroko zitara eta plazan eta auzunean ibiliko dira santaeskean.

Beste koru eta talde batzuk
Zezeilaren 4an, abesbatzak, eskola umeak, parrokietako koruak, lagun taldeak edo-eta kultur alkartetakoak urtengo dira Arratia, Ubide eta Zeberioko auzune eta kaleetara, santa eskean, gurean ondo gordetako ohitura zaharrak bizirik dirauala erakutsiz.
Bedian, arrastiko 17:00etan batuko dira herritarrak, gero auzorik auzo kantuan joateko. Arteako eskola-umeak 14:45ean urtengo dira herritik kantetan.
Igorren, urtero lez, parrokiako korua be, beste batzuen artean, urtengo da koplak kantetan. Kantariak futbol zelai aurrean batuko dira 15:00etan eta hiru talde osotuteko asmoa daukie Igorreko auzune guztiak bisitetako. Iluntzean, hiru taldeak bat eginda, kalez kale eta tabernaz taberna kantauko dabe herrian zehar.
Lemoan, eskola-umeak eskolan bertan abestuko dabe, gero, 09:45ean udaletxean Arratiako Koruagaz batera, eta gero herrian zehar jarraituko dabe. Ubiden be urtengo dira umeak koplak kantetan arrastiko partean. Baita Zeberion be. Eskola-umeak, edadearen arabera bananduko dira hiru taldetan eta herriko auzuneetatik zehar ibiliko dira koplak kantetan.


   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD