Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Kirol eta kultur ekintzak bertan behera geratu dira COVID-19ari aurre egiteko

COVID-19 koronabirusa ez zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak agindutako neurriak dirala-eta, hamabostaldi honetako kultura eta kirol jardun guztiak bertan behera itxi dira. Udalak be ez dabe jentearen aurrez aurreko arretarik emongo, internet edo telefono bidez atendiduko dabez herritarrak.


COVID-19 birusa zabaltzen ez jarraitzeko alarma egoerea ezarri zan estaduan martiaren 15ean eta gitxienez hilaren 29ra arte manteniduko da. Martiaren 23an ebatziko dau Espainiako gobernuak ia egoera hau luzatuko dan ala ez. Lehendik be hartuta egozan neurri batzuk baina alarma egoereagaz hainbat eskubide eta zerbitzu eten egin dira behin-behinean.
Holan, martiaren 16an, zarratuta dagoz ikastetxeak eta ikasleak online izango ditue eskolak. Erakundeak, ez dabe jentearen aurreko arretarik emoten, online edo telefonoz baino. Kubulu Euskaltegiak be online baino ez ditu emoten eskolak.
Komertzio gehienak zarratuta dagoz, preminazkoak izan ezik: janari dendak, farmaziak, estankoa eta papel dendak, berbarako.
Kultur Etxeak, liburutegiak, kiroldegiak... udal instalazino guztiak zarratuta dagoz. Tabernak, zinea, frontoia, umeen parkeak... be bai. Izan be, egoera honetan debekatuta dagoz kultur, kirol eta aisialdi jarduera guztiak. Baita, Ilgoran Arratiako Andran Jabekuntza Eskola eta martiaren 8ko kanpainako ekintza guztiak be. Paseoan ibiltea edo mendira joatea be debekatuta dagoz.
Lemoako medikuarenera joateko Medikauto zerbitzua be eten egin dabe. Baita Dimako Dimnasio eta Areatzako Auzokar zerbitzuak be. Jubiladuen etxeak zarratu egin dira eta egoitzetan bisitak debekatu edo murriztu egin ditue.
Garraio publikoa murriztuta dago eta Barik txartelagaz pagau behar da, ezin da dirurik erabili.
Grebak eta kaleko protestak debekatuta dagoz, epaiketak atzeratu egin dira. Ertzaintza Espainiako Barne Ministerioaren esanetara geratu da eta Osakidetza Osasun Ministerioaren aginduetara. Aprilaren 5eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak be atzeratu egin dira.
Egoera ez-ohiko honen aurrean, herrietan, Areatzan, Igorren eta Diman berbarako, boluntarioak hasi dira antolatzen, jente zaurgarrienari lagunduteko erosketak egiten eta abar. Lemoan barriz, udalak eskaintzen dauz zerbitzu honeek oingoz.


Jarduerak
Areatzan bertan behera geratu ziran, martiaren 13an Bixer tabernan Funktree taldearen kontzertua, Lamino Kirol Klubak 15 eta 29rako antolatutako mendi urtekerak, hilaren 18rako programauta egoan Kike Mora hirukotearen kontzertua Hagina tabernan, martiaren 27ko Laburbira, 28ko Musik & Beer jaialdiaren aurkezpena eta hurrengo eguneko Laminoren urtekerea eta Andran Mendi Martxea Upo mendira.
Artean, bertan behera geratu zan jubiladuen alkarteko Bizitzarako tresnak ikastaroa eta martiaren 18rako programauta egoan Kontatu ez dizkidaten istorioak narrazino saioa Mireia Delgadoren eskutik. Baita Ekozimenaldia hilaren 26 eta 27an egitekoa zana be. 28rako aurreikusita egoan ogi tailerra be ez da egingo. Harresi morea eta hizki zopa jokoa be bertan behera gelditu ziran hilaren 13an.
Bedian geratu dira bertan behera, hilaren 17ko Juan Kruz Igerabideren liburuaren gaineko Iluneko Argi Umeen Irakurle Klubaren saioa, Julen Gabiriaren eskutik; martiaren 21ean, VI. Kolazinoko Mendi Eguna; 28an, Bingo-kafea, Bediako 13-22 urte bitarteko gazte eta jubiladuentzako eta aprilaren 1eko Liburu-maleta ibiltaria.
Diman, martiaren 13an zan Laburbira; hurrengo eguneko txirrindularitzako II. Master Saria, Zamakola Elkarteak antolatutako Koipetsu Eguna eta 15eko Andra sortzaile eta ekintzaileen azokea.
Igorren, Felix Anauten erakusketea eta zapatu-domeketako zinea bertan behera geratu ziran. Hilaren 14an, Azken balea umeentzako antzerkia eta Parasitos filma egoan programauta; hurrengo egunean, umeentzako Lur eta Amets pelikulea eta nagusientzako Parasitos. Hurrengo astegoieneko filmak Jojo Rabbit eta Sonic, la película ziran eta hurrengokoak Judy eta Volando juntos. Martiaren 19ko, San Josetako Bertso saioa be bertan behera geratu da; baita, martiaren 26ko Fabricando mujeres dokumentalaren emonaldia eta hurrengo eguneko Zinegoak-eko saioa. Hilaren 28rako, jubiladuak Ipar Martxea eukien programauta, Arantzartek Dantzari Txiki Eguna eta Arratiako Musika Eskoleak Udaberriaren etorrera, ipuin musikatua.
Lemoan, martiaren 13an bertan behera geratu zan Euskaraldiaren aurkezpena eta edadekoentzako jausteak saihesteko tailerra.
Zeanurin, bertan behera geratutako jarduerak, hilaren 17an, Eguzkiolako lokalean Nire azala dokumentala eta andra migranteen testigantzak; hilaren 23an, AUMk antolatutako Nerabezaroa: gurasoen erronkarik handiena ikastaroa Zulaibarren eta 28an Joko-Alaik antolatutako sagardotegira urtekerea dira.
Zeberion Austarri Mendi Taldeak 15erako programauta eukan mendi urtekerea eta hilaren 12ko Irantzu Varelaren berbaldia be bertan behera geratu ziran.
Honeezaz gain, beste hainbat ekintza be bertan behera gelditu dira.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD