Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak N-240 errepidean trafikoa hobetzeko garraio berezietarako bazterbideak sortzea adostu dabe.
Proiektuak, Zeanuri eta Bedia artean Bilborako norabidean, geldialdi teknikoko hamaika gune egokitzeko helburua dauka. Gune honeetan, trailer luzeetako gidariak gelditu egin beharko dira kotxeai pasetan ixteko trafikoa handia danean. Aurrekontua 2,3 miloe euro ingurukoa da.
Geldialdi teknikoko eremu bakotxaren ezaugarriak eta neurriak orografiara eta lursailaren erabilgarritasunera egokituta egongo dira. Zabalerak 5,5 metro izango dira gitxienez eta 13 gehienez, eta luzeerak, barriz, laburrenarenak 107 metro izango ditu eta luzeenak 243 metro.
Bizkaiko Foru Aldundia arduratuko da eraikuntza proiektuaz, beharrezko lurzoruak ipinteaz eta ibilgailu berezientzako hamaika bazterlekuak gauzatzeko kontratua lizitatzeaz. Portu Agintaritza, barriz, finanziatzeaz.
Obrak esleitzeko aurreikusitako fetxea 2020ko zemendia da. 2021eko zezeilean hasiko lirateke obrak, eta 19 hilabeteko epea izango dabe lanak egiteko.
N-240 Arratiatik
Kargan espezializautako portua da Bilbokoa eta N-240 errepidea, Tarragona-Bilbo Barazarretik, mesetatik garraio terminal handietara iristeko bide nagusietako bat. Portuak 2019an, 4.099 pieza berezi jaso ebazan. Pisurik handiena euki ebana 500 tonakoa izan zan; luzeena, 70 metrokoa; zabalena, 7,5 metrokoa; eta altuena, 8 metrokoa. N-240 errepidetik garraio bereziak ez bakarrik Bilboko Portura, baita aireportura eta salgaien garraiorako gune logistikoetara be joten dabe. Hori dala-eta, kamioien trafikoa handia izaten da. Errepide zatiaren arabera, egunean 2.100 eta 3.500 kamioi artean pasetan dira.
Proiektu honen helburua, portuan jatorria edo helmuga daukien salgaien trafikoak errepidean daukazan ondorioak arintzea da.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|