Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
"Normalidade" barrirantzako prozesua hasi da

Bagilaren amaierara edo garagarrilaren erdikaldera arte luzatuko da "normalidade barrira" helduteko prozesua.


Aprilaren 28an, Espainiako gobernuko presidenteak, Pedro Sanchezek, azaldu eban zelan izango dan itxialdia ixteko prozesua. Gitxienez, bagilearen amaierara arte iraungo dau eta lau fase izango ditu. Fase batetik bestera pasetako, probintzia bakotxak ezarriko dituen adierazle batzuk bete behar izango ditu. Balizko normalidadera buelteteari begira jarri da gizartea. Ha-ta guzti be, hainbat gauza bertan behera geratu dirala jakin dogu pasa dan hamabostaldian. Aurtengo uda, ezta udagoiena be ez dirala aurreko urteetako modukoak izango argi dago.
Aprilaren 26an umeak hasi ziran kalera urteten, itxialdia ixteko bide luze horretako lehenengo pausuak emonez. Oindino parkeetara joan ezin diran arren, umeak hasi dira urteten etxeko nagusi bategaz, ordubete eta etxe inguruetan. Hilaren 2tik helduak be urten daitekez paseoan, edo kirola egiten bakarka.
Konfinamentua arintzeagaz batera, populazino gehienak maskarak behar izango dauz. Maskarak, garraio publikoan erabiltea gomendatzen da eta kalera urteteko be erabilten dabez askok. Hori dala-eta, Arratiako udal batzuk maskarak etxeetara bananduten dabiz. Areatzan umeai herriko joskileak egindako maskarak banatu eutsazan Udalak aprilaren 26an. Artean be maskarak banandu ditue etxeetan eta Zeanurin, maskarak eta hidrogela. Igorren, Walter Pack enpreseagaz izandako hartu-emonaren ondorioz enpreseak emondako biserak banandu dauz Udalak zabalik dagozan herriko komertzio eta establezimentuetan.
Herriko komertzioak eta establezimentuai jagokienean, herri bizi baten adierazle dirala eretxita, Igorre eta Lemoako Udalak herritarrak bertoko komertzioetan erosten animetako kanpainak abiatu dabez. "Herritar osasuntsu eta herri bizi baterako... Igorren erosi. Babestu ditzagun herriko merkatariak" da Igorreko kanpainearen leloa.
Lemoan, herriko komertzioai lagunduteko 10, 20 edo 50 euroko bonoak erosi daitekez www.lemoaureztatzen.com webgunean. Bono horregaz establezimentuak diru laguntzea jasoko dau momentuan fakturai aurre egin ahal izateko eta erosleak, establezimentua zabalik dagoanetik abenduaren 31ra arte erabili ahal izango dau.
Udal zergen egutegia be atzeratu egin dabe hainbat herritan, adibidez, trakzino mekanikoko ibilgailuen zerga, Bedian eta Lemoan.
Edadekoai segimentua egiten jarraituten deutsee udalak telefono deien bitartez. Artean, berbarako, 60 urtetik gorakoai deitu eta 8 personagaz astean-astean berba egiten dabe, ezer behar daben jakiteko.

Umeen itxialdia
Itxialdia gogorra bada persona guztientzat, umeak bizi izan dabe konfinamenturik gogorrenetako bat. Alde batetik, euren garapenerako beharrezkoak diran aire libre, mobimentu fisiko eta beste umeakaz sozializazino barik egon diralako, eta neurri baten oindino be badagozalako; eta beste alde batetik, eskola barik geratu diralako eta online hezkuntza ez dalako ume guztietara heltzean. Horrezaz jabetuta, eskoleagaz alkarlanean, Arteako Udalak eskolako materiala eta ordenagailuak banandu dauz etxeetan, ikasleak etxetik ikasten jarraitu ahal izateko.
Zeanuriko Udalak be gura izan dau txikerrenen itxialdia arindu. Horregaitik, eskolak zarratu ziranetik urteak bete dituen umeai opariak egiten deutsez: margoak, liburuak...
Eskolak zarratuta egongo dirala ikasturtea amaitu arte esan eban Sanchezek, baina salbuespenak be egongo dirala eta zabalik egongo dirala gelak errefortzua behar daben umeentzat edo-eta gurasoen konziliazino eskubideak holan eskatu ezkero.
Udari begira, Arratian, umeentzako udalekuak, zerbitzua eskaintzeko asmoari eusten deutsie eta programa alternatiboak dagoz prestatzen, COVID-19aren aurretik prestatutakoa aurrera atera ezin bada, neurri barriai egokitutako eskaintzea egiteko.

Jaiak eta jaialdiak
Jaiak, jaialdiak eta jente asko batzean dituen ekitaldiak kolokan dagoz. Herriko lehenengo jaiak, Igorrekoak, urri bigarrenaren 23tik zemendiaren 1era pasetea ebatzi eban Igorreko Jai Batzordeak. Arratian, bagilean, sanjuanak Bedian eta Ubiden, eta sanpedroak Diman eta Arantzazun ospatuten dira. begitu inprentara joan zanean, Bedian eta Ubiden, konfinamentua arintzeko planaren zain egozan, sanjuanak bertan behera itxi edo agintariak esandakoai egokituta aurrera egiteko.
Dimako Jai Batzordeak jaiak fetxa barik atzeratu ditu eta Arantzazun, Udalak etxeetara buzoneautako orrian jakinarazo dau sanpedroak ez dirala ospatuko osasun egoereagaitik, eta egoerea egokia izan ezkero, sanfaustoak ospatuko dirala.
Auzuneetako jaiakaz be bardina gertatzen da. Areatzako Karpoko jaiak, maiatzaren lehenengo astegoienean ospatzekoak ziran, zapatuan jaia eta domekan azokea hain zuzen be, baina bertan behera geratu dira eta aurten ez dira egingo. Lemoako Arantxe auzoan barriz, jaiak balkoietan ospatuko ditue.
Bertan behera be geratu dira maiatzean egitekoak ziran beste hainbat jaialdi eta ganadu azoka be: LemoaKustikFest berbarako, edota Dimako Ganadu, Artisau eta Nekazaritza Azokea eta Zeanuriko San Isidroko ganadu azokea.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako, Udabarria Bertsotan sailkapen fasea be maiatzean zan jokatzekoa, baina, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, printzipioz, urri lehenengora atzeratzea ebatzi dau.
Uda eta udagoieneko ekitaldiai jagokienean, batzuk bertan behera geratuko dira eta besteak oindino ez dakiguzan segurtasun neurrietara egokitzen saiatuko dira. Holan, Dimetalfest heavy metal musikearen jaialdia bertan behera geratuko da "aurreko urteetako izaera bardinean" ezin bada ospatu; hau da, "aforo mugaketa eta antzeko segurtasun neurriak" ezarri ezkero, bere izakerea galtzeaz gainera, ekonomia aldetik be ezin izango dala aurrera eroan jakinarazo dabe antolatzaileak. Holan balitz, seigarren edizinoa 2021ean izango litzateke. Halanda be antolakuntza lanean dabil aurten egin ahal izateko.

Bagilearen amaiera edo garagarril erdikaldera arteko prozesua
Kasurik onenean, bagilearen amaieran amaituko litzateke "normaltasun barrirako" prozesua; ezpabere, garagarril erdikaldera arte luzatutea aurreikusten dau Sanchezek. Prozesuak lau fase ditu. Oingo fasean, paseoan urten daiteke eta maiatzaren 4tik aurrera, lokalak zabaldu ahal izango dira, ule-apaindegiak, berbarako, banakako jarduerakaz eta aurretiko hitzorduagaz. Kirolari profesionalak eta federauak be banakako entrenamentua egin ahal izango dabe.
Maiatzaren 11tik aurrera, saltoki txikiak eta tabernetako eta jatetxeetako terrazak edukierearen %30ean zabaldu ahal izango dira Bizkaiak hurrengo faserako pasea lortu ezkero.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD