Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Tabernen erdiak baino gitxiagok zabaldu dabez terrazak

Maiatzaren 11n, konfinamentua arintzeko lehen fasera pasau zan EAE. Baina lehen fase murriztu batera. Izan be, Urkullu Lehendakariak Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteagaz kogobernantzea adostu eban, eta lehen fasean egin daitekezan gauzak, murriztu. Holan, berbarako, Espainiako Gobernuak lehen fasean probintzia barruko mobimentuak baimendu ebazan arren, gurean, behin fase barria hasita, hilaren 18tik aurrera dagoz baimenduta.


Fase barrian dana dala, lehen itxita egozan establezimentu batzuk zabaltzen hasi dira; tabernak, berbarako. Terrazak bakarrik daukiezan tabernak zabaldu leikie, aforoaren %50agaz eta mahaien artean metro biko tartea itxita. Ostalari batzuek neurri horreekaz ez deutsela zabaldutea merezidu eta ez dabez baimendutako lehenengo egunetan zabaldu. Horixe izan da Lemoan askori gertatu jakiena: lau tabernak zabaldu dabez ateak (%36), baina beste zazpik ez. "Egoerea eskasa da, kezkatuta gagoz" dino Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak.
Igorren 8 tabernak zabaldu dabez terrazak eta beste bi eroateko janaria prestatzen dabiz. Hogei bat taberna dagozanez herrian, erdiak zabaldu dabez ateak modu batean zein bestean. Kontuan izanda taberna barrura ezin daitekela sartu eta terrazetan lehengo bezeroen erdia baino ez dagoala baimenduta, ostalari asko baldintzak noz hobetuko zain dagoz tabernak zabaldu ahal izateko. "Askok 25ean zabaldutea espero dabe. Egoerea ez da ona eta ahalik eta ondoen zabaldu gura dabe" azaldu deutso BEGITUri Illart Gumuzio Igorreko alkateak.
Areatzan, 9 taberna egozan zabalik martia hasikeran, eta horreetatik sei zarratuta eta hiru zabalik maiatzaren 16an: beste batek etxera eroateko janaria egiten dau astegoienetan. Diman, plaza inguruan, 6 taberna dagoz. Euretako bat, barrikuntza lanak zirala eta, zarratuta egoan martiaren 14an alarma egoerea ezarri zanean. Oingo fasean, bik zabaldu ebezan ateak baimendutako lehen egunetan.
Artean, lau taberna dagoz eta bik zabaldu dabez terrazak. Zeanurin, hiru tabernetatik batek. Egoerea "oso larria" dala dino Eider Ajuriagerra Zeanuriko alkateak. "Zeanurin berez be ez da egoten mobimentu handirik eta egoera honetan oso larri. Hilabete pare bat diru sarrera barik, zarratuta, gastuak ordaindu behar...". Beste hiru taberna dagoz Ubiden eta bik terrazak zabaldu dabez. Zeberion be hirutik bik.
Taberna bina daukiez Arantzazuk eta Bediak. Arantzazun batek zabaldu dauz ateak eta Bediakoak ez ebezan ateak zabaldu maiatzaren 13an.
Dana dala, denporea aurrera joan ahala eta baldintzak hobetu ezkero, taberna gehiagok zabaldu ahal izatea espero da.

Herriko komertzioak eta azokak
Dendai jagokienean, Arratiako herri gehienetan, txikiak diranez, jatekoa edo-eta oinarrizko produktuak saltzean dabezan eta aurreko fasean be zabalik egon diran komertzioak baino ez dagoz. Lemoan, Igorren eta Areatzan barriz, beste komertzio batzuk be badagoz, ule-apaindegiak, estetika zentroak, burdindegiak eta erropa dendak, berbarako. Orokorrean, danak zabaldu dabez ateak, segurtasun neurriak hartuta.
Azokai jagokienean be, badoaz euren aktibidadea errekuperetan. Maiatzaren 24an, 10:30etik 14:00etara, Igitie Arratiako Baserritar Agroekologikoen alkartekoak Dimako frontoi txikian egingo dabe azokea, euren produktuak saltzeako. Bertan, Arratian egindako konserbak, barazkiak, gozoak, txarrikiak, artisautzea eta gaztaia erosi ahal izango da.

Ikasle gehienak ez dira eskolara itzuliko
Maiatzaren 7an, Cristina Uriarte Hezkuntzako Sailburuak esan eban, maiatzaren 18an Batxilergoko azken mailetako ikasleak eta Lanbide Heziketako gehienak, eta maiatzaren 25ean 4. DBHkoak, eskolara itzuliko zirala. Egun ba- tzuk beranduago barriz, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeak "autonomia" izango dabela ikasleak itzuli ala ez ebazteko emon eban jakitera. Ondoren, hilaren 25era arte azeratu eban itzulerea Jaurlaritzak.
Ikastetxeak ebatziko ebala jakitera emon ebenean, Igorreko Arratia Institutuan, galdeketa bat banandu jakien irakasle, ikasle eta gurasoai eta horko emaitzagaz, Eskola Kontseiluan bagilaren 1era arte behintzat ez itzultzea ebatzi eben. Orduan, beti be, segurtasun baldintzak bete eta baliabideak euki ezkero, Batxilergo bigarrenekoak bueltauko litzatekez selektibidadea prestatzeko.
Lemoako IPIn barriz, maiatzaren 25ean hasiko diran ala ez maiatzaren 18ko asteko klaustroan ebatziko dabe.
Zulaibar Arratiako Lanbide Heziketako Ikastegian bueltatzekotan praktiketara baino ez dirala bueltako dinoe. "Bueltatzekotan, ez dira ikasle guztiak bueltauko, tailerrak bakarrik. Gehienez 3 talde egongo dira eta ez egun guztietan. Hori irakasleak ebatziko dabe" azaldu deutso BEGITUri Xabier Aldama Zulaibarreko zuzendariak. Dana dala, kursoa zelan amaitu baino, euren kezka nagusia datorren ikasturtea dala dino. "Lanbide Heziketan, praktika da garrantzitsuena eta gure zentroaren alderik sendoena horixe da". Ezin dira etxetik egin tailerreko praktikak eta modulu batzuetan, ikasketen erdia tailerrean egiten da.

Kultura online
Kulturari eta kirolari jagokienean be, udabarriko ekintza guztiak bertan behera geratu dira eta udakoak zalantzan dagoz.
Areatza Musik and Beer jaialdia maiatzaren 29 eta 30ean zan egitekoa baina, "COVID-19aren krisiaren eta hartu beharreko neurrien ondorioz, antolakuntzeak Areatza Musik and Beer 2020 bertan behera" ixtea ebatzi dau. Aurreko astean egitekoa zan Arratiako 41. Maratoi Txikia be bertan behera geratu da.
Egoereari moldatuta baina sanisidroak ospatutea ebatzi eben Zeanurin. Ganadu azokea egon ez zan arren, txistularien hiru zubietatik zeharreko kalejirea ez zan faltau. Balkoietatik, txalo, kantu eta irrintziakaz lagundu eutseezan herritarrak. Egun biko jaia prestatu eben. San Isidro bezperan, San Isidro eleizako kanpai hotsagaz emon eutseen hasikerea jaiai. Ondoren, herriko txistulariak hiru zubietatik kalejirea egin eben. Hurrengo egunean, 10:00etan, bideo bat jaso eben zeanuriztarrak etxeetan. Eguerdian, San Isidro eleizako kanpai hotsa entzun zan barriro eta hiru zubiak egin eben herriko txistulariak. Arrastiko 19:00etan, Jakoba Rekondoren berbaldira konektau ziran hainbat Jitsi plataformearen bitartez. Eguzkiolak be hilaren 15ean berbaldia egin eban bere Youtubeko kanalean elikadura burujabetzaren inguruan. Argazki Txapelketako irabazlearen barri be emon zan. San Isidro jaien inguruko argazki txapelketea antolatu eban Udalak eta irabazleak herriko dendetako produktuakaz egindako otzarea izan dau saritzat.
Lemoako Udalak plataforma digital bat ipini dau martxan, lemoakoudala.nirestream.com, hain zuzen be. Ikuskizunak, dokumentalak, musika saioak eta udaleko eskaintza kulturala etxeetara helduko da holan. Horretarako, jentea data eta ordu jakin baten konektau beharko da eta ekintzaren arabera, aukerea egon daiteke gero be ikusteko, astebetez edo, plataforman. Lehenengo ekintza maiatzaren 15ean izan zan, magia tailerra eta ikuskizuna.
Arratiako eleizak be hasi dira ateak zabaltzen. Lehenengo mezak hilaren 31n izango dira.
Astelehenetik hasita ostera, hilak 18, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak euren probintzian zehar mobidu ahal dira, Eusko Jaurlaritzak dekretu bat argitaratu eban hilaren 16an eta 18an sartu da indarrean.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD