Red Electric Española (REE) enpresea Gueñes-Itsaso goi-tensinoko linea egiteko hainbat torre eregiten hasi da.
Igorreko Udala proiektu honen kontra agertu da hasikeratik, "ez da bidezkoa, ez da legala eta ez dau kontuan hartzean sai zuria" dino Illart Gumuzio alkateak. Horregaitik, hau geldituteko bitarte administratibo guztiak agortu ostean, bide judizialera jo eban Udalak, kautelaz obra guztia geratuteko eskatuz. Justu "alarma egoerearen aurretik", bere eskakizuna ez zala onartu jakin eban Igorreko Udalak.
REEk 2018ko zemendian jaso eban Espainiako Ministro Kontseiluaren baimena, 400 kV-ko energia garraiatzeko zirkuitu bikotxeko Gueñes-Itsaso linea proiektua "interes orokorrekoa" dala argudiauta. Igorreko Udalak, lan horreek, Bizkaiko Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko 422/2020 Foru Agindua aintzat hartu barik egiten dabilzala salatu dau.
Izan be, goi-tensinoko lineak, ingurumena babesteko baldintzak bete behar ditu. Eskumena Foru Aldundiaren da eta azterketea egin ondoren, ondorioztatu eban, Igorre eta Lemoa arteko sai zuriaren habiagintza eremuari kalte egiten deutsala goi-tensinoko lineak, eta ebatzi eban baimenik ez emotea REEri horretarako. Aprilaren 30ean, REEk Agindu Foralaren kontrako errekursoa sartu eban.
Igorrebasoko inguruan "sai zuriak habia barri bat egin dauala emoten dau. Eta, urtero lez, geugaz izango dogu urrietararte" dino alkateak.
Obrak hasita
Gueñestik Zollora ia guztia eginda dago. Gurean urte hasikeran hasi ziran torreak egiten, Igorrebason (Igorre) eta Artandan (Zeberio). Konfinamentuan, erritmo arinean ibili dirala dino Gumuziok. "Igorren Igorrebason egin dabe torrea. Sai zuriaren habia beste aldean dago: Urkuzu, Garamendi, Arlanpe... inguru horretan. Torrea egun batetik bestera egin eben. Oso prisa handiagaz dabiz egiten".
Goi-tensinoko lineak herritarren desadostasuna izan dau hasikeratik. REEk 2009an aurkeztu eban aurreproiektua eta 2011n, hainbat udalek, Igorreko Udala tartean, alegazinoak eta alternatibak aurkeztu ebezan: ingurumenari jagokozan alegazinoak, etxebizitzai distantziak, urigintza aldetiko eraginak... Ingurumenaren gaineko txostenak egin ebezan erakundeak eta herritarrak, eta proiektua geldirik egon zan 2017ra arte. Gero, "onura publikoko" lan moduan izentau eban Espainiako Gobernuak eta obrak egiten hasteko baimena emon. Goi-tensinoko linea ez egiteko bide administratiboak agortu ostean, Igorreko Udalak bide judizialera jo eban.
Urtaileko Foru Aginduak sai zuriaren habiagintza eremuan ezin dala goi-tensinoko linearik egin dino. Arrankudiagako alkate dekretu batek lortu dau hango obrak geratutea. Igorrekoak, Foru Aginduak obrak guztiz gelditutea lortzean ez badau, espero dau prozesu judizialak gelditutea.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|