Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Jaiak oroitzeko sasoia

Uda sasoian, COVID-19aren aurretik, abuztua hasten zan Lemoako jaiak hasita, sei bat egun lagunartean ondo pasetako jarduerez beteak. Hilaren erdian Zeanuriko andramariak ospatuten ziran eta hilaren amaiera aldean, Areatzak ospatuten ebazan herriko jaiak. Auzuneai jagokienean, abuztuan, Dimako Artaun auzuneko San Bizente jaiak, Zeberioko San Adrian Argiñao auzunean eta Zeanuriko Otzerimendiko sanjustoak izaten ziran hileko lehenengo jaiak. Hilaren 10ean, San Lorentzo jaiak edo sanlontxoak, Bediako Murtatzan, Lemoako Azurrekan eta Zeberioko Elizondon ospatuten ziran. Hilaren erdian, Igorren eta Zeberioganen be egiten ziran jai batzuk eta hurrengo eguna be, San Roke hain zuzen be, ospatuten zan leku askotan: Dimako Olazabalen eta Bediako San Roke ermitan, berbarako. Hilaren 24an, sanbartolomeak ospatuten ziran Igorreko Urkizun eta Zeberioko Urizarren.
Aurten, COVID-19a ez hedatzeko osasun neurri moduan, jaiak bertan behera itxi dira. Ha-ta guzti be, Lemoako Udalak, "San Inazioak ez ditzagun ahaztu" lelopean, hainbat jarduera online antolatu ebazan udalaren plataforma digitalean garagarrilaren 31n eta abuztuaren 1ean.
Zeanurin, abuztuaren 13tik 16ra Andra Mari kulturalak antolatu dauz Udalak. Horreek jakitera emoteko Andra Marietako Kartel Lehiaketea be egin eban eta Mikel Intxaurbe nagusietan eta Gotzon Erkiaga umeen kategorian izan ziran irabazleak. Hilaren 13an, Gorbeiape txapelketako esku pelota partiduak, 18:45ean hasiko dira. Hurrengo egunean, 12:30ean, Piraten istorio bat, umeentzako antzerkia egongo da ikusgai; 18:30ean, Ardi Txakur Txapelketea eta 22:00etan, Korrontzi taldearen kontzertua. Zapatuan, hilak 15, pintura erakusketea egongo da goizean zehar; 11:00etan txistulariak egongo dira; 19:00etan, Rojo Telon taldearen kontzertua eta 22:00etan, Ez dok hiru antzerkia. Domekan amaituko da eskaintza kulturala, Gorbeiape Txapelketeagaz 18:45ean; umeentzako pelikula bategaz 18:30ean eta Iparragirre hegalaria antzerkiaren grabazinoaren proiekzinoagaz iluntzeko 21:00etan.
Areatzan, aurten herriko jaiak bertan behera ixtea ebatzi dau Jai Batzordeak. Jentearen parte hartze txikiaz kejetan da eta udagoienean, datorren urteko jaiak antolatzeari ekingo deutsala adierazo dau.
Zeberion, herriko jaiak, sandoniak, urri lehenengoaren 2aren bueltan izaten dira eta normalean abuztuaren amaieran hasten da jai egitaraua. Baina aurten, COVID-19aren agerraldiak dirala-eta, Udalak ez eban jai ekitaldirik aurreikusten garagarrilaren amaieran.

Mezak ermitetan
Formatu txikiko jaiak dira auzuneetakoak eta ermita ingurukoak. Askotan, mezea ermitan eta ondoren barauskarria baino ez da izaten. Batzuetan, horreri karta joko txapelketaren bat edo lehiaketa gastronomikoren bat gehitzen jako egitarau apalari. Aurten bertan behera geratu dira jaiak baina momentu bakotxean zeintzuk izango diran pandemiari aurre egiteko indarrean egongo diran neurriak jakin ez arren, leitekena da ermitetan mezak behintzat, mantenidutea. Beti be, osasun neurriakaz. Holan, esate baterako Santiago egunean, Arteako Santiago ermitaren kanpoan ospatu eben mezea, eleiztar kopurua handia zalako eta distantziak gordetzeko. Ipiñaburun barriz, eleiza barruan egin zan mezea, distantziak gordez.
San Lorentzo egunean, abuztuak 10, mezea eta ondorengo barauskarria programauta daukie Bediako Murtatzan, baita Briska Txapelketea arrastian be. Eta San Roke egunean be, adiera bereko Bediako ermitan, mezea eta barauskarria. Abuztuaren 6an ostera, San Lorentzo eta San Roke jaietarako aurreikusita egozan ekitaldiak bertan behera ixtea ebatzi ebala emon eban jakitera Bediako Udalak.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD