Abuztuan, kutsatuen gorakada handia izan dala eta koronabirusaren hedapena gelditzeko asmoz, Eusko Jaurlaritza bizitza soziala gehiago murrizten dituan neurriak hartzean dabil. Abuztuaren 18tik, gehienez hamar lagun batu daitekez kalean, tabernan zein aisialdi edo-eta naturako jardueretan, eta goizaldeko aisialdia galazota dago, berbarako. Baita kalean erretea be personen artean gitxienez metro biko distantzia gordetzerik ez badago. Distantzia gorde ezkero, erretea baimenduta dago baina maskareagaz: kea arnastu eta botateko bakarrik kendu daiteke maskarea.
Gorakada hori be gertatu da Arratian. Hori dala-eta, Areatzako Udalak ugerlekuak abuztuaren 24an zarratu ebazan, hasikera baten 30ean zarratutekoak ziran arren. Gainera, herritarrai mezu bat heldu arazo eutsen "osasun gomendioak zorrotz eta arduraz jarraitzeko" esanez, eta hurrengo egunetako kutsatu kopuruen arabera, "neurri bereziak" hartu eikezala jakinarazoz.
Edadekoak bisitak murriztuta
Edadekoen zentroetan bisitak murriztu egin dabez Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Foru Aldundiak. Bisitak persona bakar batekoak izan behar dira, gehienez ordubetekoak eta egunean behin. Eta egoiliarren urtekerak "ahalik eta gehien mugatzea" gomendatu eben abuztuaren 18an. Holan, eta COVID-19aren egoerea ikusita, abuztuaren 20an, Dimako Arratia Egoitzan, egoiliarrak kanpora ez urtetea ebatzi eben, "egoereak hobera egin arte". Bisitai jagokienean, barriz, ordura arteko moduan jarraitutea ebatzi eben: hau da, astean ordu erdiko bisita bi, beti be persona bera.
Eskolara bueltea
Abuztuaren 28an emon ebazan jakitera Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak eskolara itzulerarako neurriak. Hezkuntza presentziala izango da eta, geletan ikasle gehien daukiezan ikastetxeetarako 1.000 irakasle gehiago kontratetea aurreikusten dabela esan eban.
Hezkuntzak agindutakoaren arabera, eskoletan, ikasgeletara bueltea urri lehenengoaren 7an izango da, Institutuan, DBH1 eta DBH2koak be hilaren 7an hasi behar dira, baina hortik gorakoak hilaren 15ean. Lanbide Heziketan, hilaren 14tik aurrera hastekoak dira ziklo eta mailaren arabera.
Maskarearen erabilerea derrigorrezkoa izango da LH1etik aurrera, baita 1,5 metroko distantzia gordetzen dabenean be. Haur Hezkuntzan ez da derrigorrezkoa izango, baina erabiltea gomendatzen dau Sailburuak.
Ikasgeletan positiboak agertzen diranerako jarraibideak be emon ebazan. Ikasleai ikastetxeetan dagozanean COVID-19aren sintomak agertu ezkero, aparteko gela batera eroango dabez eta familiak osasun zentroagaz ipini beharko dira hartu-emonetan. Umea bizikidetza talde egonkorrekoa danean, kontaktu estutzat hartuko ditue taldeko persona guztiak eta berrogeialdian egon beharko dira. Bizikidetza talde egonkor batekoa ez danean, ikastetxeko hartu-emon estuak identifikauko ditue.
Begitu | ||||
Herriak Kulturea Kirolak Begitandu Begitu eta Zertu Geure produktuak Argazki eta bideoak Zerbitzuak |
Estekak Begitulagunen txokoa Hartu-emonetarako Harpidetzak Agendea Iragarki laburrak Inkesta |
|||
|