Paperezkoak - Azken Alea
KOMENTARIOAK
Alarma egoerea ezarri dabe barriro

COVID-19aren hedapena gelditzeko, Eusko Jaurlaritzak urri bigarrenaren 17an, neurri mugatzaile barriak proposatu ebazan. Ostalaritzan eukierea erdira jaitsi, gaueko ordutegia murriztu, ekitaldi kultural eta erlijiosoen aforoa ezarri, eta txoko eta alkarteetan jardutea galarazotea proposatzen eban, besteak beste.


Gainera, leku publiko eta pribaduetan sei persona baino gehiago batzea galarazotea be egoan neurrien artean. Baina urri bigarrenaren 22an, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota eban neurri horreetako bat; hau da, ez eban baimendu gizarte topaketak sei personara mugatzea, "oinarrizko eskubideak urratzen ditualako".
Hori dala-eta, neurria legearen barruan hartu ahal izateko, hurrengo egunean Urkulluk, Espainiako presidenteari alarma egoerea ezartzeko eskatu eutsan. Pedro Sanchezek alarma egoerea ezarri eban Espainia osoan 25ean, eta urri bigarrenaren 26an, Lehendakariaren 36/2020 Dekretua argitaratu zan. Bertan, beste neurri batzuen artean, espazio publiko eta pribaduetan gehienez 6 persona egotera mugatu eta norbera bizi dan herritik urten ezin izatea lango neurriak ezartzen dira.

Herritik ezin urten
Gaubeko 23:00etatik 06:00retara urtetea debekatuta dago. Ordu tarte horretan ezin da ibili espazio publikoan ez bada ezinbesteko kausaren batengaitik, eta hori egiaztatu behar da. Zirkulazinoa murrizten dituen beste neurri batzuk be badira dekretuan. Izan be, bizileku dan herritik ezin da urten, lana, ikasketak, osasuna, zaintza edo beste preminazko jardueretarako izan ezik; beti be, egiaztatuta. Ha-ta guzti be, muga egiten dabenen herri batetik bestera joan ahal da zenbait kasutan.
Arratian, eskualde mailan, bizitza sozioekonomiko eta kultural handia egiten da eta praktikan, eragin handia dauka herrietatik ezin urteteak edo-eta horren salbuespenak. Hori da, berbarako, Ilgoran Arratiako Andren Jabekuntza Eskolako kasua, "Arratiako andra guztien parte hartzea ezin danez bermatu ekintza honeetan", dekretua indarrean dagoan bitartean, ez ditu programautako ekintzak aurrera aterako. Holan bertan behera, edo behintzat "atzeratuta" geratu ziran, Morea eta Griseko Cloudburst film emonaldia eta Feminismoa eta euskera ikastaroa.
Kultur etxeetan, kirol eskoletan eta abar egiten diran ekintzak egin daitekez, baina bakarrik herrikoak edo ondoko herrikoak joan daitekez bertara. Muga egiten dabenen herrien arteko mobikortasuna baimentzen da errazoi sozioekonomikoakaitik edo aire zabaleko kirol jardueretarako, herri mugakideen artean bidea badago.
Zaintzarako ez bada, beste herri baten bizi diran familiakoak bisitau ezin diran arren, salbuespen dira zahar etxeetan bizi diranak. Egoitzak baimendu daikez bisitak, egoiliarren ondo izatean funtsezkoak dirala ikusi zan-eta, aurreko konfinamentuan.
Kartzelan dagozanak bisitetako, Espetxe Agintaritzak emondako baimenagaz, EAEtik kanpora joateko baimena be emongo da, helmugako erkidegoak horretarako aukerea emon ezkero.

Hilerrietan jente gitxiago
Neurri honeekaz heldu da aurten Domusantu eguna. Gurean hilerrira joateko ohiturea dago, baina aurten, bizi diran herriko ortusantuan edo ondoko herrikoan difuntuak daukiezanak bakarrik egin ahal izan deutsee hildakoai bisitea. Gainera, jente pilaketak ebitetako Eusko Jaurlaritzak bisitok aurreratzeko be aholkatu eban.

Positibo tasea
Azken hamalau egunetan izandako positibo tasea da egoerea neurtzeko erabilten dan datuetako bat. Hiru tramu bereizten dira 0 eta 249 positibo 100.000 biztanleko; 250 eta 499 artean eta 500 baino gehiago. Zemendiaren 1era arteko datuen arabera, Bedia (2), Ubide (0) eta Zeberio (2) egozan semaforoaren beheko aldean; Arantzazu (1), Artea (3) eta Dima (5), erdikoan. Areatzak (7), Igorrek (22) Lemoak (30) eta Zeanurik (7) argi gorria biztuta eukien.

   

Idatzi zure KOMENTARIOA

 

1. Euskaraz idatzitako testuak bakarrik onartuko dira.

 

2. Ez dira onartuko berba txarrak, debaldeko salaketak eta difamazinoak. BEGITU ez da erantzulea izango.

 

3. Aurreko arauak ez badozuz beteten, BEGITUk neurriak hartuko ditu; besteak beste, komentarioa ezabatzea.

 

4. BEGITUk beretzat gordetzen dau zuk idatzitakoa argitaratzeko eskubidea, beti be iturria ondo nabarmenduta.

 

Izena
E_posta
Gaia
Komentarioa
       

 

Begitu  
Herriak
Kulturea
Kirolak
Begitandu
Begitu eta Zertu
Geure produktuak
Argazki eta bideoak
Zerbitzuak
Estekak
Begitulagunen txokoa
Hartu-emonetarako
Harpidetzak
Agendea
Iragarki laburrak
Inkesta
ZERTU Kultur Elkartea
Herriko Plaza 24, 48142 Artea
Telefonoa: 946 317 314

begitu@topagunea.com
Diseinua eta programazinoa: AIKOX INFORMÁTICA Y PUBLICIDAD