Paperezkoak - Azken Alea
Barriak >> Kulturea

Interesetan jatzun gaia aukeratu eta gai horren gaineko barriak irakurri ahal izango dozuz.

 
Danerik
2017/11/14
Rockupa Fest Kiņu Gaztetxean

Zemendiaren 18an, Igorreko Kiñu Gaztetxean, IV. Rockupa Fest izango da, Gaztetxea okupau ebela lau urte dirala ospatuteko. Horretarako bertso bazkaria egingo dabe gaztetxean Oihana Bartra eta Izar Mendigurenegaz eta gauean, Igorreko hiru tabernetan kontzertuak egongo dira. Kontzertu honeetan, rock munduan andrak daukien papela aldarrikatu gura dabe antolatzaileak eta horregaitik joko daben talde guztietan, gitxienez andra bat dago.

Rockupa Fest
Bertso bazkariagaz hasiko dira ospakizunak 14:30ean Kiñu Gaztetxean eta bazkalostean jokoak egongo dira. Txartelak Herrikoan eta Kukuman erosi leitekez eta menu desbardinak dagoz aukeran. Lehenengo kontzertua 21:00etan izango da, Axular Herriko Tabernan. Han Perlak taldeak joko dau. Perlak 2013an Zarautzen sortutako taldea da eta hiru disko ditu kalean, Perlak (2014), Bandera moreak (2015) eta Itzaletatik (Gaua Records, 2016).
Ondoren Storm taldearen txandea izango da. Honek 22:30ean joko dau Kukuman. Durangoko taldeak Over the Bridge (Lorentzo Records, 2017) izeneko bere lehenengo diskoa kaleratu eban zezeilan.
Gauerdian, 24:00etan, AZ Rugby tabernan, Ksus Belly taldearen txandea izango da. Galdakaoko taldeak punk rock musikeagaz animauko dau gaua. Taldearen izena daukan maketa bat dauka kalean, Youtuben be entzun daitekena.

0
Antzerkia
2017/11/14
Maitea ez dagoaneko abesti triste ederra eskeiniko dau Markeliņek

Markeliñe antzerki konpainiak, ikuskizun onenaren 2017ko Feten Saria jasotako Euria antzezlana taularatuko dau zemendiaren 17an, arrastiko 18:00etan, Igorreko Lasarte Aretoan.


Sei urtetik gorakoentzako ikuskizuna da Euria. Antzezlan honek, maite dogun baten bat ez dagoanean gertatzen jakunaren gainean egiten dau berba. Baita, zeozer aldatu behar dogula ulertuteko eta onartuteko behar dogun denporearen gainean be eta altxatzeko eta aurrera egiteko daukagun gaitasunaren metaforea be badago antzezlanean.

Markeliñe
Markeliñek sano estilo personalagaz sortzean ditu bere ikuskizunak. Bizi garan mundu eta sasoiagazko konpromisoa erakusten daben istorioak sortzean ditu, momentuari eta oroimenari begirada kritikoa emonaz.
Taldea Zugan Ni, gazteen artean arte eszenikoen zaletasuna bul- tzatzeko esgitasmoaz arduratzen da. Zugan Ni, ikasturtean zehar, Arratia eta Durangaldeko 13 eta 18 urte bitarteko gazteai eskeintzen jakien antzerkirako gunea da.

0
Musikea
2017/11/7
Zeanuriko Kanta Eguna hilaren 11n

Irati Urien


Zeanuriko Txistulari taldea sortu zaneko 50. urteurrena beteko da datorren urtean. Ordurako kontzertu berezia prestatzen hasita dagoz gogotsu, eta hara orduko be animau dira beste ekitaldi berezi bat antolatzen ospakizunai hasikerea emoteko, Zeanuriko Kanta Eguna, zemendiaren 11n, San Martin egunean egingo dana.
Egun osoko egitarau honetan parte hartzera konbidau dabez mendebaldeko kantazale guztiak. Bitxikeria moduan, barriz, Baigorriko taldetxo batek be onartu dau konbitea. 11:30ean kantariai ondo etorri eginda, 12:00etan kantu-jirea hasiko da gero. 14:30ean bazkaldu eta arrastiko 17:00etan, kantuari eta jantzeari ekingo deutsie euskal giroko jantzaldiagaz egunari amaierea emoteko. Bazkarirako txartelak herriko tabernetan dagoz salgai hilaren 5era arte.

0
Musikea
2017/11/7
Azaro Musikalak ipiniko deutso musikea udagoienari Artean

Zemendia musika hilea izatea ebatzi eben 2013an Arteako hainbat alkartek eta harrezkeroztik, estilo desbardinetako musikea batzean dauan egitaraua prestatzen dabe alkarlanean, Arteako Azaro Musikala izenpean.
Ludotekan musika tresna tailerrak, mozorroak eta kalejirak egongo dira. Eta Kultur Etxean, tabernetan, eskolan, eta eleizan, mota guztietako kontzertuak zemendiko bariku eta zapatuetan.
Herriko jenteak parte hartzeako ekintza bateratua egitea zan Arteako Azaro Musikalaren helburua eta musikea, horretarako atxakia. Gaur egun, helburua lortuta, musikeak atxakia izateari itxi deutso. Herritar askoren zaletasuna da eta kontzertuz beteteko errazoi nahikoa.

Zemendiak 10, barikua
19:00etan, Ipuin Musikala Kultur Etxeko Areto Nagusian.

Zemendiak 11, zapatua
19:00etan, Bilbo Musika Eskolako Konboak, jazz, blues eta soul kontzertua eskeiniko dau Kultur Etxean.
21:00etan, Lorenzo Mena bakarlariaren kontzertua Herriko Bentan.

Zemendiak 17, barikua
15:00etan, "Arteako eskolan musika ere bai" jardunaldi irekiak eskolan.
19:30ean, Luis Iruarrizaga Abesbatza, Arratiako Musika Eskolea, Arteako eskolako umeak eta Arteako umeen kontzertua eleizan.
21:30ean, Sonic Station taldearen kontzertua Batzokian.

Zemendiak 18, zapatua
19:00etan, Serigrafia tailerra Torontileren eskutik Mataderoan.
21:00etan, kontzertua Mataderoan.

Zemendiak 24, barikua
18:00etan, Arratiako Musika Eskolearen eskutik kalejirea, kontzertua eta txokolatea Musika Eskolan.

Zemendiak 25, zapatua
21:30ean, Tucson taldearen kontzertua Ekomuseoan.

0
Bertsolaritzea
2017/11/7
Onintza Enbeita eta Sustrai Colina Arantzazun

Zemendiaren 10ean, 21:00etan, Arantzazuko San Martinetako VII. Bertso-afaria antolatu dau Arantzazuko EH Bilduko kultur batzordeak. Bertsoak kantetan, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina egongo dira.
Ibilbide oparo eta izen handiko bertsolariak dira biak eta biak hartzean dabe parte 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Onintza Enbeita (Muxika, 1979), 2006an heldu zan lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera. Eskualdeko txapela irabazi eban urte haretan eta harrezkero izan diran final guztietan sailkatu da Bizkaian. 2005 eta 2009ko Euskal Herriko Txapelketan parte hartu eban. Bertsolaria izateaz gainera kazetaria da Enbeita, eta diputadua be izan zan 2012tik 2016ra.
Sustrai Colina (Urruña, 1982) 2001eko, 2005eko, 2009ko eta 2013ko Txapelketa Nagusietan finalista izan da eta 2014ko eta 2016ko Xilabako txapelak jantzi ditu. Bertsogintzaz gainera, kazetari beharretan be badihardu eta 2016an Rikardo Arregi kazetaritza saria irabazi eban.

Sarrerak tabernetan salgai
Zemendiaren 8ra arte erosi daitekez sarrerak Arantzazuko Herriko Tabernan eta Monteron, eta Igorreko Rugby tabernan eta Axular Herriko Tabernan.

0
Kontzertuak
2017/11/7
Larregi eta Hesian taldeko Zuriņe eta Franen kontzertu akustikoa Igorren

Hamazortzi urte bete barri ditu Udagoieneko Osterak, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako euskerazko kultur zirkuituak. Berriz, Igorre, Bilbo, Arrigorriaga eta Leioan izango dira emonaldiak.


Igorren, zemendiaren 10ean, 21:00etan, Larregi Lemoako rock taldeak eta Hesian taldeko Zuriñek eta Franek kontzertua eskeiniko dabe, Udagoieneko Ostera zirkuituaren barruan. "Osterak euskerazko pilulak ekarriko deuskuz, euskeraz gozatuteko aukera bereziak, alkarregaz disfrutetako edo, zergaitik ez, nork bere buruari opari bat egiteko!" adierazo dabe Euskaltzaleen Topaguneatik.

Larregi
Larregi Lemoako taldea, Arratiako talderik ezagunenetakoa da. Taldeak lan luze bi argitaratu ditu Bidea dugu helmuga (2012) eta Pantomima (2014), eta Lemoako Euskera Planagaz alkarlanean "Harro bizi euskeraz" abestia sortu eta grabau be egin eban.
Lemoakoak hainbat sari jaso ditue. 2010ean Gaztea irrati emisoreak Euskal Herri mailan antolatuten dauan Maketa Lehiaketako Entzuleen Saria irabazi eban, eta 2014an Azkue Fundazioak antolatuten dauan Banden Lehia.
Igorren euren punk-rock melodikoa entzuteko aukerea eskeiniko dau Larregik.

Hesian taldeko Zuriñe eta Fran
Kontzertu akustikoa eskeiniko dabe Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo eta Fran Urias musikariak. Kontzertu akustikoetan erritmo lasaiagoak landuten dabez, gitarrea eta abotsaz bakarrik.

0
Kontzertuak
2017/11/4
Blues bakarlaria Corner-ean hilaren 4an

The Reverend Richard John, blues bakarlari britaniarra da. Hainbat musika tresna joten ditu, gizon orkestraren modura, eta kantuen berbak be berak idazten ditu gehienetan.
Hamarkada baten Erresuma Batuko blues zirkuitutik ibili zan (Colne Blues Festival, Castelbar Blues Festival...) eta gero Espainiako zirkuituan (Festival de Blues de Cazorla, Almeriako Blues Festival, eta abar).
Disko bi ditu kalean, Love in the Blues eta From the Inside out.

0
Zinea
2017/10/29
Iranen girotutako banpiro film bat Igorreko Zineklubean

Zemendiaren 2an, Igorreko Zineklubak, Ana Lily Amirpour zuzendariaren Una chica vuelve a casa sola de noche (AEB, 2014) film "ganberroa" pantailaratuko dau, 20:00etan, Lasarte Aretoan. Filmak, zinema independientea, banpiroak, western-a eta maitasun istorioa nahasten ditu.
Una chica vuelve a casa sola de noche Amirpouren lehenengo filma da. Sitges-eko jaialdiko 2014ko saria eta zuzendari barri onenari Gotham saria be jaso ebazan estreinau zan urtean. Aktore lanak, beste batzuen artean, Sheila Vand-ek, Arash Marandi-k eta Dominic Rains-ek egin ebezan.

0
Danerik
2017/10/22
Karabie Gaztetxea nagusi egin da

Lemoako Karabie Gaztetxeak 18 urte bete ditu aurten. Urri bigarrenaren 28an urteurren jaia ospatuko dabe, bazkari, jolas eta kontzertuakaz. Calling The Riot Zornotzako rock taldeak kontzertua eskeiniko dau eta Brutality Sound System Bilboko DJak ipiniko dau musikea gauean.
Jaia goizean hasiko da Gaztetxean bertan. "Giro onean, ondo pasau eta disfrutetako eguna izango da. Sortu, barre egin, jolastu... Karabieko esentzia" dinoe antolatzaileak.
Bazkalostean, jolas "dibertigarri eta gogorrak" eta ondoren goitiberak egongo dira. Sorpresak be egongo dirala dinoe.

0
Erakusketea
2017/10/14
Prozesu sortzaile kontzienteak, hamahiru artista plastikoren erakusketea ikusgai

Igorreko Kultur Etxean Ines Medinaren mintegian parte hartzean daben artista plastikoen erakusketa kolektiboa ikusi ahal izango da urri bigarrenaren 20tik zemendiaren 25era. Inaugurazinoa hilaren 20an, 18:00etan, izango da eta bertan Borja Estankona musikari arteaztarrak emonalditxoa egingo dau. Goizeko 10:00etatik gaueko 20:45era bisitau ahal izango da erakusketea.
Erakusketearen komisarioa Ines Medina mintegiko irakaslea da. Aurten, Ainhoa Pazosek, Ana Rosa Arroyok, Ane Undurragak, Arantza Pinedak, Edorta Bilbaok, Elena Solatxik, Feli Agirrek, Loli Undagoitiak, Marian Daubagnak, Marisol Calzadak, Maritere Bilbaok, Miren Bilbaok eta Tere Uribe-Etxebarriak erakutsiko dabez euren lanak erakusketa honetan.

0
Danerik
2017/10/9
Astebete hartuko dau aurten Jentilak Diman jaialdiak

Aurten hirugarren Jentilak Diman izango da eta egun batera baino aste osora zabaldu dabez mitologia ezetuten emoteko ikuskizun eta jarduerak. Ekintza nagusia, urri bigarrenaren 14an egingo dan mendi ibilbidea izango da.
Dimako Udalak eta Txumuluxueta Elkarteak, lau orduko ibilbidea antolatu dabe zapaturako. Izan be, mitologia ezetuten emoteko helburuagaz, antzerkia eta mendi ibilbidea txandakatuten dabe Jentilak Diman izeneko ikuskizunean, eta aurten mendi ibilbidea egingo dabe. Ibilaldia egiten animetan diranak, jentilak, laminak eta beste izaki mitologikoak ezetuteko aukerea izango dabe Baltzola koben inguruetan.
Partaideak arrastiko lauretan abiatuko dira Zamakolatik (Indusi). "Orain negurantza goazenez gautu egiten da arinago, eta arrastiko lauretatik zortzi edo zortzi t'erdietarako mendi ibilbidea egingo dogu" azaldu deutso BEGITUri Gotzon Aurrekoetxea antolakuntzakoak. Bidean zehar geldialdi batzuk egingo ditue, ipuin mitologikoak entzuteko eta herritarrak egingo daben antzerkitxoa ikusteko: laminak agertuko dira, jentilak eta kristinauen arteko antzerkitxo bat egongo da, izaki mitologikoen aurkezpenak egingo dira, Dimako koruak kantauko dau eta atzenean herriko jantza taldeak jantzan egingo dau.
Bueltan, plazan, jentil poteoa musikeagaz 20:30ean eta 21:00etan txitxi-burruntzia frontoi txikian.

Astebete mitologia landuten
Jenteak mitologiaren ezagutzan sakondutea gura dabe antolatzaileak eta sakonduteko denpora eta espazio gehiago, eta edade bakotxeko jenteari modu desbardinean zuzendu behar jakola eretxita, antolatzaileak herriko alkarteakaz batera, urri bigarrenaren 9tik 14ra, hainbat espaziotan, hainbat jarduera prestatu ditue.
Astelehen eta martitzenean, hilak 9 eta 10, eskolako umeak aktibidadeak izango ditue jentilak eta beste personaje mitologikoak ezetuteko. Hurrengo egunean, eguaztenean, liburutegian, "ipuin esatari profesional batek" ipuin mitologikoen kontaketea egingo dau. Dimesten taldeak umeakaz mitologiaren lanketea egingo dau aste osoan zehar.
Urri bigarrenaren 12an, dimoztarrak herria girotu egingo dabe, "jentildu". "Eguena jai da eta eguerdian egingo dogu. Badaukaguz aurreko urteetan ateratako argazki batzuk eta horreek herrian ipinten joango gara" dino Aurrekoetxeak. Dimako artista batzuk egindako olio handiak be ipiniko ditue, herriko artistak pintautako irudi mitologiko oso handiak.
Barikuan berbaldia egongo da, 19:00etan Jubiladuen lokalean. Jon Aizpurua Barandiaranek "Ataungo jentilak" berbaldia emongo dau.

Argazki Lehiaketea
Urri bigarrenaren 14ko mendi ibilbide mitologikoan, jenteak argazki eder asko aterako daualakoan, Txumuluxueta alkarteak eta Udalak Argazki Lehiaketea antolatu dabe. Argazkiak egun horretako ospakizunagaz loturea euki behar dabe eta egileak zenbatgura argazki bialdu leikie txumuluxueta@gmail.com helbidera hilaren 17a baino lehen jpg formatoan. Mezuan egilearen izen-abizenak, telefonoa eta helbidea ipini behar dira.
Sari bi egongo dira, argazki onenari eta dimoztarren argazki onenari. Sariak, 2017an Diman gastetako 150 euroko bonoak izango dira. Sari banaketea zemendiaren 3an izango da.

0
Danerik
2017/10/3
Arte Plastiko feministearen harrobia egiteko ikastaroa Lemoan

Nagore Txintxurreta Isasi ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoak ikastaroa emongo dau Lemoako Kultur Gunean, urri bigarrenaren 6 eta 7an. Lemoako Udalak antolatuta Arratiako Andren Jabekuntza Eskolako 2017-2018 ikasturteko lehenengo ikastaroa da eta Feminismoa marrazten izena dauka. Bariku arrasti eta zapatu goizean izango da. Jabekuntza Eskolako beste ikastaroak lez, doban da.
Partaideak jentartean andrak bizi daben egoerearen gaineko gogoetea egingo dabe bitarteko plastikoak erabilita (collagea, tenperak, testurak...). Inspirazino iturriak beste andra sortzaile feministen lanak eta norberaren bizipenak izango dira. Ikastaroaren helburua ez da partaideak "ondo" marraztea, sortzaile dirala sentidutea eta prozesuaz gozatutea baino.

0
Ondarea
2017/10/3
Arratiako ondarea ezetuteko aukera ugari egongo da hileon

Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 17. edizinoak 300 jarduera baino gehiago eskeiniko ditu urri bigarrenean zehar Bizkaiko 78 udalerritan, herritarrai ondare kulturala hurreratzeko helburuagaz. Aurtengo gaia "Paisaia bizia" da, eta ondarea lurraldearen ikuspuntutik jorratuko da. Holan, Areatzak, Arteak, Igorrek, Ubidek eta Zeanurik euren paisajeak ezetuten emoteko aprobetxauko dabe.


Areatzan, Euskal Jaia eta antzezlan formatoko bisitaldi gidatua egongo da; Artean organo kontzertua; Igorren Aramotzeko magaletatik Igorreko haranera ibilbidea egin dabe; Ubidetik Zeanurira, Larre mankomunidadeen zeharkaldia eta Zeanurin beste bost bisitaldi gidatu programau dabez: San Justora, Ibarguen eta Altzustara, Undurragako urtegira, Eleizondoko monumentu moltsora eta Barazarko zentral elektrikora.
Urri bigarrenaren lehenengo egunean izan zan Igorreko bisitaldi gidatua eta hilaren lehenengo hamabostaldian, beste bisitaldi bi antolatu ditue Zeanurin: San Justora, harestia, karobia eta baseleizea ikusteko bisitea, hilaren 7an, eta Ibarguen eta Altzusta ikustekoa 14an.

Zeanuriko lehenengo bisitaldiak
San Justo Otzerinmendi kofradian dago, Gorbeia mendiaren itzalpean. Haresti ederra, iturria, baselizea eta karobia dagoz bertan. Paisaje hori gizaldiz gizaldi joan da moldatzen Otzerinmendiko biztanleen beharraren ondorioz. Jon Urutxurtu historialariak azalduko dauz paisaje horrek izan dituan aldaketak. Urtekerea 10:00etan izango da Zeanuriko plazatik.
Hurrengo zitea hilaren 14an izango da, eta Zeanuriko kofradia bi ondo ezetuteko aukerea emoten dau. Ibilbidean azaltzen diran etxebizitza mota desbardinak aztertuko dira. Ibarguen kofradian, plazako etxe esanguratsuenak: XVII. mendetik gaur egunera artekoak, eta estilo eta funtzino desbardinetakoak: Emaldi baserria, udaletxea, Arregiako etxeak... Altzustan barriz, Kallarte auzoko etxebizitza moltsoa aztertuko da: hemen, baserriak kale luze bat osatuz azaltzen dira. Altzustako hau egurrezko itxidura eta egitura bakartuko baserri moltso aberatsenetarikoa da Bizkaia mailan.
Ibarguen eta Altzustako kofradietan zeharreko ibilbideak hiru ordu iraungo dau eta gidari lanak Jon Urutxurtu historialariak egingo dauz.

Hilaren 21ean hainbat jarduera
Hilaren 21ean barriz, Areatzan, Artean eta Zeanurin egongo da nondik ibili. Zeanurin, 10:00etan, plazan alkartu eta Eleizondoko gune monumentalari bisita gidatua egongo da. Areatzan, 11:00etatik aurrera Euskal Jaia, eta 12:30ean, antzezlan formako bisitaldi gidatua Areatzako gune historikotik zehar. Iluntzean, 19:00etan, Arteako parrokia-eleizan, Noël Hazebroucq-ek organo kontzertua eskeiniko dau.
Barazarko zentral elektrikora bisitea hilaren 25ean izango da, eta Ubide eta Zeanuri arteko Larre Mankomunidadeen Zeharkaldia hilaren 28an.

0
Zinea
2017/10/2
Blade Runner Igorreko Zineklubean

Udako oporren ostean hasiko da barriro Igorreko Zinekluba hilean behin zirkuitu komertzialetatik kanpo dagoan pelikularen bat eskeintzen. Urri bigarrenaren 5ean, Ridley Scott-ek zuzendutako Blade Runner zientzia fikzinoaren klasikoa ikusteko aukerea egongo da. Betiko lez, 20:00etan emongo dabe Lasarte Aretoan.
Pelikulea 1982 urtean estrenau zan. Harrison Ford, Rutger Hauer, Sean Young, Daryl Hannah eta Edward James Olmos dira pelikula honetan parte hartzean daben aktoreetako batzuk.
Istorioa etorkizun hur baten girotuta dago. Gizateriak androideak erabilten ditu espazioko kolonietan lan egiteko, baina honeetako bostek iges egingo dabe, eta Lur planetara itzuli euren egilea aurkitzeko asmoz. Agintariak Rick Deckard (Harrison Ford) polizia ohia bialduko dabe androideak "erretiretan".
Film klasiko honek, zinema baltza eta zientzia fikzinoa buztartu, eta persona egiten gaituanaz eta hilkortasunaz gogoeta egiten dau. Oingoan, gainera, zuzendariaren montajea ikusteko aukerea izango dogula dinoe zineklubekoak, 1982an produktoreak zeharo aldatutako montajea pantailaratu zan-eta.

0
Ondarea
2017/9/23
Igorreko paisaje bizia ezetuteko aukerea Angel Larrearen eskutik

Urri bigarrenaren 1ean, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Igorreko paisajea ezetuteko ibilbide gidatua antolatu dau Udalak. Aramotz magaletik Igorreko Ibarretara izango da ibilbidea. Angel Larrea Beobide historialariak azalduko dauz paisajean eragina izan daben gertakizun garrantzitsuenak. Urtekerea Igorreko Kultur Etxetik 09:30ean izango da.
Aurten, Ondarearen Europako Jardunaldien gaia, "Paisaje bizia, Bizkaiko paisajeen eraikuntza" da. Hori dala eta, Igorren antolatutako ibilbidean, bisitariak aukerea izango dabe Igorreko paisajea sakon ezetuteko; hau da, non egin diran aldaketak eta non egon diran populazinoaren guneak Historian zehar. "Aramotz magaletan hasita, Arratia ibaiaren inguruan dagozan ibarretan amaituko da, hau da, gunerik zaharrenetatik abiatuta, gaur egun herriko gunea dana erakutsiko da. Bertan, herriko paisajean eragina izan daben gertakizun historiko garrantzitsuetan eta egin diran aktibidade ekonomiko nagusietan arreta berezia jarriko dogu" dinoe udaletik.
Ondarearen Europako Jardunaldiak urri bigarren osoan zehar izango dira.

0
Bertsolaritzea
2017/9/17
Hiru bertsolari, hiru zientzialari eta Kike Amonarriz Lasarte Aretoan

Urri lehenengoaren 23an, 20:00etan, Jakinduriek mundue erreko dau! bertsoa eta zientzia batuten dauan emonaldia egongo da Igorreko Lasarte Aretoan.


Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio izango dira bertsolariak; Jon Larruskain, Elena Lazkano eta Bittor Rodriguez zientzialariak. Saioa Kike Amonarrizek gidatuko dau.
Bizkaia Zientzia Plazaren ekimenaren helburua zientziagazko interesa biztutea da eta horretarako komunikazinoa "ezinbesteko tresna". Bertsolaritzea eta zientzia buztartuz, sortu da Jakinduriek mundue erreko dau! ikuskizuna. Ondarroan, Getxon, Igorren eta Bilbon egongo da ikusgai. Beste batzuen artean, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Igorreko Udalaren laguntzea dauka.
Sarrerea dobakoa eta librea da eserlekuak bete arte.

Jakinduriak Igorre erre
Igorreko saioan, genetikea, robotikea eta elikagaien teknologiaren gainean jardungo dabe. Zientzialariak 10 minutuko berbaldiak emongo dabez eguneroko gaiak buztartuz eta bertsolariak errima eta doinua ipiniko deutseez gaiai. "Dopin genetikoa, superkirolariak diseinatzeko gai?", "Robotak zure lagun min onenak" eta "Hala ere, jango zaitut" dira Igorreko gaiak.

0
Ikastaroa
2017/9/14
Jarduera fisikoko ikastaroak nagusi dira Arratian

Hipopresiboak, Mantenimentuko gimnasia, Pilates, Yoga, Zunba... ariketa fisikoan oinarritzen diran ikastaroak daukie arraskatarik handiena Arratian.
BEGITUren aurreko zenbakian, Bedia, Dima eta Lemoak eskein-tzen dituen ikastaroen barri emon genduan. Hona, Arantzazun, Areatzan, Igorren, Zeanurin eta Zeberion eskeintzen dituenak dakarguz. Izena emoteko epea zabalik dago gehienetan.

Arantzazu
Arantzazun ikasturte osokoak dira ikastaroak, hilaren 18an hasi eta bagilaren 15era artekoak, eta ariketa fisikoa egiteko aukerak erreztu gura deutseez arantzuztarrai. Mantenimentuko gimnasia, Zunba, Pilates eta Gimnasia funtzionala dira Udalak eskeinitako ikastaroak. Ikasturte osoa, 70 eta 110 euro bitarteko prezioan dago. Izena emoteko epea zabalik dago, baina ikasturte osoan emon daiteke izena lekua egon ezkero.

Areatza
Areatzak Zunba, Zunba txiki 12 eta 16 urte bitartekoentzat, Gimnasia, Eskulanak, Crossfit, Pilates, Euskal jantzak, Jubiladuentzako paseoak eta GAP ikastaroak eskeintzen ditu. Ikastaroak aurrera aterateko gitxienez 10 personako taldeak osotu beharko dira. Prezioai jagokienean, Euskal jantzak eta Jubiladuentzat paseoa ikastaroak debaldekoa dira, Yogak 80 euroko prezioa dauka eta gainontzekoak 110 eurokoa.
Izena hilaren 26ra arte emon behar da udaletxean.

Igorre
Igorren, Literatura tailerra eskeiniko dabe hilean behin, Lutxo Egiak gidatuta. Jantza afrikarrak, hilean 3 zapatutan. Sei zapatu iraungo dau Ines Medinaren Autoestimuaren garapena arte plastikoen bitartez ikastaroak eta zemendiaren 4tik abenduaren 9ra arte, edo, urtailaren 13tik zezeilaren 17ra egin daiteke. Yoga, Hipopresiboak eta Zirkua ikastaroetan parte hartzeako hiruna talde aurreikusten dira eta beraz, hiru ordutegi dagoz aukeran. Oindino konfirmau barik egon arren, baleiteke Txi kung talderen bat sortzea.
Izen emotea Igorreko Kultur Etxean egin behar da.

Zeanuri
Zeanuriko Udalak eskeintza zabala egin dau aurten be: jarduera fisikoko zazpi ikastaro, arteari lotutako hiru eta edadekoai zuzendutako beste hiru, hain zuzen be. Urri lehenengoaren 25era arte emon daiteke izena Pilates, TRX, GAP aerobic, Entrenamentu funtzionala, Txi kung, Gimnasia eta Hipopresibo ikastaroetan; baita, Sukaldaritza, Pintura edo Josteko ikastaroetan edo-eta Adinekoentzako gimnasian, Adinekoentzako estimulazio kognitiboan edo Adinekoentzako eskulanetan be. Adinekoentzako ikastaroetan taxi zerbitzua eskeiniko da.

Zeberio
Zeberiok debaldeko oinarrizko informatika ikastaroak eskeiniko ditu informatika ezagutzarik ez daukienentzat, urri bigarrenaren 2tik 17ra. Izena udaletxean emon behar da urri lehenengoaren 25a baino lehen.
Helduentzako Gorputz heziketa ikastaroa eta Hipopresiboak be egongo dira Zeberion. Helduak sasoian egoteko eta ondo egoteko ikastaroa egiteko aukerea egongo da astelehen eta eguaztenetan Eskola Zaharrean. Izena emoteko epea zabalik dago udaletxean.
Hipopresibo ikastarorako be emon daiteke izena udaletxean. Urri bigarrenean hasiko dira eskolak eta hilean 20 euro pagau behar dira.

0
Danerik
2017/9/12
Arantzazuko hiru auzunetako historia Isaak Atutxak kaleratutako liburuan

Arantzazu: nor/zer... non. Historia baterako materialak (I) izenburuko liburua kaleratu dau Isaak Atutxa-Kaudalategi Etxebarria arantzazuztarrak. Bertan, 1500etik 1900 arteko Albitzu, Argiñao eta Zalbide auzoen historia jasoten da. Liburuaren aurkezpena urri lehenengoaren 15ean, 19:30ean, izango da Arantzazuko Udal lokaletan.
Isaak Atutxak, 1996an, Arantzazu zaharra orainaldi liburua argitaratu eban. Han, 1900 ingurutik 1996ra Arantzazuko etxe eta personak aurkezten ebazan, "eta orduan bururatu jatan, posiblea zala ikerketa horretan atzerantza egitea" azaldu deutso begituri. Holan, oraingo abuztuan kaleratutako liburuan, aurkitutako daturik zaharrenetatik hasita, XX. mendera artekoak jaso ditu. Horretarako, beste batzuen artean, Bizkaiko Foru Aldundiko Artxibo Historikoa, Derioko Bizkaiko Eleiz Agiritegia edo Artxiboa, Arantzazuko Udaleko datuak, Bizkaiko Artxibo Historiko Probintziala eta Jabego Erregistroa arakatu ditu egileak.

Albitzu, Argiñao eta Zalbide
Lehenengo dokumentuak 1500 urtearen ingurukoak dira eta liburu bakar baten dana ezin zala jaso eretxita, herria lau aldetan zatitutea ebatzi eban: Arantzazugoiti, Zelaia, Olarra eta Zalbide deitu ebazan aldeetan, hain zuzen be. Lehenengo tomo honek Zalbide dauka aztergai eta Albitzu, Argiñao eta Zalbide auzuneak biltzean ditu. "Albitzu 2004ra arte Arantzazu izan da. Gaur Zeberio da, baina ez neban Albitzu alde batera eta aiztuta itxi gura. Albitzu ondoan Argiñao dago eta Argiñao ondoan Zalbide. Hor ikusi neban aztertzeko eremu bat izan eitekela. Eta hortik hastea ebatzi neban. Beranduago etorriko dira besteak" azaldu dau Atutxak.
Auzune bakotxeko baserriak, lurrak, albiste historikoa eta genealogia jasoten ditu liburuak. Toponimia be landuten dau zerrenda eta mapen bitartez, eta eranskinetan, interes berezia daukien hainbat dokumenturen transkribapenak biltzean ditu.

0
Kontzertuak
2017/9/11
Dimetal Fest jaialdia sendotzeko apustua egin dau antolakuntzak

Urri lehenengoaren 16an, Dimetal Fest metal jaiaialdiaren hirugarren edizinoa izango da. Barriztu ezean jaialdiak "hil" egiten dirala eretxita, Dimetaleroak, jaialdiaren antolakuntzakoak, "arriskatzea" eta izen handiko talde bat ekartea ebatzi dabe. Hori dala eta, aurten, Su ta Gar egongo da Diman. Ebatzi honek aurrekontua %40 inguru handitzea ekarri dau eta dirua aterateko, txosna bat ipiniko dabe.


Jaialdia, irabazi asmo bakoa eta autogestionaua da. Eta kontzertu guztiak doban dira. Horregaitik, aurreko urteetan herriaren aldetik laguntza handia izan daben arren, oindino laguntza handiagoa behar izango da hirugarren edizino hau aurrera aterateko "Igazko balantze ekonomikoa 11.000 euro ingurukoa izan zan. Aurten 16.000 ingurukoa izango da. Apustu handia da" dino Ruben Socorro antolakuntzakoak.

Zortzi kontzertu
Arrastiko 18:15etik goizaldeko 02:00ak arte zortzi kontzertu egongo dira agerleku bitan: plazako eszenaleku nagusian eta Abaro Areton (Gaztetxea). Heavy metal klasikoa egiten dauan Bilboko Evil Seed bandea izango da lehenengoa Abaro Aretoan. Last Days of Eden asturiarren rock sinfonikoaren txandea 19:05ean izango da. Ondoren, Bermeoko Ost talde beteranoagaz heavya euskeraz entzuteko aukerea egongo da. Hurrengo taldea, aspaldi honetan gero eta ezagunagoa dan Gasteizko The Faithless hard rock taldea izango da.
Kontzertua amaitutakoan, eszenaleku nagusian zozketea egingo da eta ondoren, 22:00etan, Su ta Gar Eibarko taldeak joko dau. Su ta Gar heavy metala euskeraz egin eban lehenengoetako taldea izan zan. Lehenengo kontzertua jo ebanetik 29 urte pasau dira eta 13 disko argitaratu ditu, baina erreferente bat izaten jarraituten dau euskerazko heavy metalean.
Raven’s Gate valentziarrak power metal estiloko musikea eskeiniko dabe gero, eta amaitzeko Bartzelonako Drakum bandearen metal bikingoak zarratuko dau jaialdia.

Goizean mahai-ingurua
Iluntze-gauean izango dira kontzertuak, baina Dimetal Fest jaia goizeko 11:00etan hasiko da, Dani Alvarez EITBko kazetariak gidatuko dauan mahai-inguruagaz. Han, Euskal Metalheads-eko Xarles Braden; Izaskun Forcada, gaur egun musika proiektu askotan parte hartu eta desagertuta dagoan 2 Kate taldekoa, eta Drakum eta Faithless taldeetako partaide bana egongo dira. Mahai-inguruan, beste gai batzuen artan, Hheavy musikako kantuen letrak izango ditue eztabaidagai. Bitartean, umeentzako jarduerak egongo dira herriko plazan.
Mahai-inguruaren ostean metal poteoak girotuko dau herria eta Harriti giza proba taldeak erakustaldia egingo dau frontoi txikian. Bazkaria 15:00etan izango da eta bazkalostean, kuadrillak neurtuko dira Herri Metal Olinpiadetan. "Dibertigarria eta koloretsua izango da", dino Socorrok.
18:15etik 20:00etara, iluntzeko kontzertuakaz batera, umeentzako magoa egongo da herriko plazan.

Autobusak Bilbo eta Gasteizetik
Jaialdira ahalik eta jente gehien hurreratu daiten, autobusak ipiniko ditu antolakuntzak. Bilbotik Dimara 14:00etan eta Dimatik Bilbora 05:00etan. Joan-etorria autobusean 13 euro izango da, autobusa gehi bazkaria 25 euro eta Dimatik Bilbora bueltea bakarrik, 8 euro. Gainera garraio publikoa be badago eta taxia be egongo da.
Dimako Udalak akanpetako eta atsedena hartzeako lekua ipiniko dau.

0
Ikastaroa
2017/9/2
Izena emon daiteke udalak antolatutako 2017-2018 ikasturterako ikastaroetan

Urtero lez, ikastaro eta tailer eskeintza zabala egin dabe Arratiako udalak 2017-2018 ikasturterako. Hona, Bedia, Dima eta Lemoako ikastaroak dakarguz. Guztira ia 30 ikastaro.

Bedia
Urri bigarrenetik maiatzaren amaierea edo bagilera arte, Egurra lantzen, Yoga, Pilates, Zunba, Korru jantzak, Umeentzako euskal jantzak, Ingelesaren mintza praktika, Euskerea, Jantza modernoa, Running eta Taldean oinez ibilteko aukerea dago. Eskulan eta Xake ikastaroak abendura arte izango dira.
Izena urri lehenengoaren 4tik 21era emon daikie Bedian erroldatutakoak Liburutegian 16:30etik 19:30era. Bedian erroldatuta ez dagozanak, urri lehenengoaren 22tik aurrera apuntau ahal izango dira lekua geratu ezkero.
Taldean ibilteko aukerea debaldekoa da eta prezioak, ikasturte osoko ikastaroetan, 10 eurotik (Running, Bedian erroldatuak) 180 euro arte (Egurra lantzen, Bedian ez erroldatuak) artekoak dira.

Dima
Diman Udalak antolatutako ikastaroak abendura artekoak dira. Yoga, Eskulanak, Pilates, Txi kung, Entrenamentu funtzionala, Gimnasia hipopresiboa, Zunba1 eta Zunba 2 ikastaroetan izena emon daiteke urri lehenengoaren 1era arte, udaletxean. Taldeak aurrera eroateko gitxienez 8 persona apuntau behar dira eta gehienez 12. Leku kopurua baino persona gehiagok emoten badabe izena, zozketea egingo da eskatzaile guztien artean.
Prezioak, 70 eta 100 euro bitartean dagoz Diman erroldatuentzat eta 90 eta 140 bitartean ez erroldatuentzat.

Lemoa
Lemoan be, ikasturte osorako zein zati baterako ikastaro eta tailerrak antolatu ditue. Ikasturte osorako, Eskulan, Informatika, eta Euskera ikastaroak dagoz. Eskulan eta Informatika ikastaroetan izena urri lehenengoaren 4tik 15era emon behar da Udaleko Kultura Zerbitzuan. Euskera ikastaroetarako hilaren 22ra arte luzatuko da epea. Prezioai jagokienean, Lemoan erroldatuak eta langabetu eta ikasleak merkeago daukiez ikastaro eta tailerrok.
Sukaldaritza ikastaroa, josketa ikastaroa eta arteterapaia be eskeintzen ditu Lemoako Udalak. "Janari azkar osasuntsua", "Moda zuk zeuk egin" eta gorputzaren adierazpena eta osasuna jagoten ikasiko dabe bertan partaideak. Izena emoteko epea urri lehenengoaren 27ra arte izango da.
Aprilean, Landare aromatikoen laborantza eta Argazkigintza ikastaroak be egongo dira. Horreetan izena emoteko epea martian zabalduko da.

0
Danerik
2017/8/1
Jaiak han eta hemen

Dimako Artaun auzuneko San Bizente jaiak, Zeberioko San Adrian Argiñao auzunean eta Zeanuriko Otzerimendiko sanjustoak dira oraingo hileko lehenengo jaiak. Atzen urteotan, Otzerinmendiko San Justo jaietan, ermitearen inguruan dagoan karobia biztu izan da abuztuko lehenengo zapatu-domekan. Aurten barriz, Txorokil alkarteak ezin izan dau ekintza hori antolatu.
Hilaren 10ean, San Lorentzo jaiak edo sanlontxoak, Bediako Murtatzan, Lemoako Azurrekan eta Zeberioko Elizondon ospatuko dabez. Hilaren erdian, andramariak Igorren eta Zeberioganen. Hurrengo eguna be, San Roke hain zuzen be, jai eguna da leku askotan: Dimako Olazabalen eta Bediako San Roke ermitan, berbarako. Han, 12:00etako mezearen ostean, barauskarria, trikitixea eta jantzak egongo dira. Hilaren 24an, sanbartolomeak, ospatuko ditue Igorreko Urkizun eta Zeberioko Urizarren.

Otzerinmendi (Zeanuri)
San Justo jaiak
Abuztuak 5, zapatua
12:00etan, mezea. Ostean barauskarria.
14:00etan, Paella eta Tortilla Lehiaketetako sari banaketea.
14:30ean, auzo bazkaria
17:30ean, Mus Txapelketea eta Bola Jokoa.

Artaun (Dima)
Abuztuak 5, zapatua
18:30ean, Bola Txapleketea XX. Lourdes Soraluze Saria.
19:00etan, txupinazoa.
20:00etan, txitxi-burruntzia eta EinGO taldeagaz erromeria.

Abuztuak 6, domekea
12:00etan, mezea eta ostean barauskarria.
13:30ean, trikipoteoa eta Herri Kirolak. Harriti taldea, azkolariak: Aitzol Atutxa eta Irati Astondoa; lasto altxatzea: Jon Loiola eta Jon Lapazaran.
22:30ean, trikitilariak. Bitartean, mozorro erakusketea eta zozketea.

Abuztuak 7, astelehena
12:00etan, mezea; umeen jolasak eta umeen herri kirolak.
12:30ean, Mus Txapelketea.
17:00etan, Briska Txapelketea.
19:00etan, Tortilla Txapelketea.
19:30ean, Igel Txapelketea.
20:00etan, zunba.
21:00etan, jaien amaierea eta txokolatea.

Murtatza (Bedia)
Abuztuak 10, eguena
12:00etan, mezea Murtatzan. Ondoren barauskarria eta trikitixea eta Mus Txapelketea.
17:00etan, Briska Txapelketea.

Azurreka (Lemoa)
Abuztuak 10, eguena
12:00etan, meza nagusia San Lorentzo ermitan. Ondoren barauskarria trikitilariakaz.
18:00etan, umeentzako jokoak eta Igel Txapelketea.

Igorre. Udako jaiak
Abuztuak 15,
10:30ean, XXIX. Andra Mari Saria. Gazte Mailako Txirrindulari Txapelketea.
12:30ean, mezea.
13:15ean, barauskarria Goiko Plazan.
16:00etan, Briska, Mus eta Tute Txapelketak Beheko Plazan. Izen emotea 15:30ean. Sariak: euskal produktuen otzarak.
17:30ean, Igel Txapelketea Beheko Plazan. Izen emotea 17:00etan. Sariak: euskal produktuen otzarak.
18:00etan, DJ Ismagaz jantzaldia Beheko Plazan. Bitartean txokolatadea.

Olazabal (Dima)
Abuztuak 15, martitzena
Andra Mari Eguna
12:30ean, Txakolin Eguna.
19:00etan, Angel Larrearen berbaldia "Izan ziralako gara".

Abuztuak 16, egueztena
San Roke Eguna
08:00retan, Ilunbera ibilbidea.
12:00etan, meza nagusia eta umeentzako jolasak.
13:30ean, Nagusien Bola Txapelketea.
17:00etan, Umeen Bola Txapelketea (6-9 urte eta 10-12 urte).
18:00etan, HerriSport.
19:30ean, umeentzako baloiak eta txokolatea.
20:00etan, zozketea.

Abuztuak 17, eguena
12:00etan, mezea.
14:00etan, auzo bazkaria. Bazkalostean erromeria.

0
Kontzertuak
2017/8/1
Unai Ormaetxea eta Mikel Inunziaga "Inun"-en kontzertua Herriko Bentan

Ormaetxearen Bille liburuan oinarritutako kontzertua eskeiniko dabe abuztuaren 4an, 19:30ean, Arteako Herriko Bentan.
Unai Ormaetxea Zornotzako bertsolari eta idazlea ezaguna da Arratian. Igazko Dimako Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketan bigarren saria jaso eban "Woodstock" lanagaitik eta Eskualdeetako Bertsolari Txapelketan, Arratia taldeko partaide be izan da. Exkixu taldeko kidea izan zan eta hainbat kantu ezagunen egilea da. Bertsolaritzea eta rocka buztartzen ditu eta Bille argitaratu dauan bigarren liburua da.
Ormaetxea ezaguna bada Arratian, Inun beste horrenbeste. Igorreko Bihotz Gorospegaz kantetan dau askotan eta emonaldi asko egin ditu eskualdean. Disko bi kaleratu ditu: Berreginez (2014) eta Da nola (2016). Bere lanak, euskal literatura eta musikea buztartzen ditue.
Musikazale zein literaturzaleenzat galdu ezinezko hitzordua, beraz.

0
Danerik
2017/7/16
Polonia eta Uruguayko jantza taldeak Areatzan

Folklore Bizian Jaialdiaren barruan, Poloniako Wisla jantza taldea, Uruguayko Canelones-Danza Independiente eta Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak Areatzako frontoian izango dira garagarrilaren 24an, 20:30ean. Igaz ekarri eben lehenengoz Areatzara jaialdia, Galdakaoko jantza taldearen eta Areatzako Udalaren ekimenez eta emoitza onak izan ziran. Izan be, jaialdia, jantza ikuskizuna baino gehiago, jantza taldeen artean kultura bideak egiteko modua be badala uste dau Udalak.
Andra Mari Eusko Dantzari Taldea 1955ean sortu zan eta 1970ko hamarkadan, Euskal Herriko musika eta jantza zaharren ikerketa, ikasketa eta berreskuratze lanari ekin eutsan.

Poloniako Wisla
Hasikera baten Armeniako Bardiner taldea zan egoteakoa, baina taldeak arazoak izan ditu bisaduakaz eta atzenean ez dira Areatzan izango. Talde horren ordez, Poloniako Wisla jantza taldea izango da, hortaz, Folklore Bizian jaialdian. Wisla taldearen lana Poloniako folklorean oinarritzen da, tradizinozko doinu eta kantuakaz; horretarako, musikari talde bategaz helduko da.

Uruguayko Canelones-Danza Independiente
Canelones-Danza Independiente taldea, 25 jantzari, kantari eta musikari baino gehiagok osotuten dabe. Taldeak izen handia dauka Uruguayn, eta Brasilen, Argentinan, Paraguayn eta Europan egin ditu jantzaldiak. Uruguayko musikeak europar, afrikar eta amerikar jatorrizko doinuak nahastuten dauz eta Canelones-Danza Independientek horreek guztiak jasoten ditu bere ikuskizunean.

0
Danerik
2017/7/10
Gazteak Lemoatxeko lubakiak errekuperetan jarraituko dabe

Igaz nazinoarteko gazteak egin eben beharrari jarraipena emoteko, eta Lemoatxeko trintxera guneko beste 80-90 metro berreskuratzeko helburuagaz, aurtengo udan be, Eusko Jaurlaritzaren auzolandegien artean dago Lemoatxekoa.
Urtero lez, txanda bi egongo dira. Bata, garagarrilaren 17tik 31ra izango da, eta bestea, garagarrilaren 31tik abuztuaren 14ra. Txanda bakotxean, Euskal Herritik, Europatik eta mundu zabaletik etorritako 20 bat gaztek egiten dabe behar.
2013an, sartu zan Lemoako Udala programa honetan eta harrezkero urtero-urtero, 1937ko Lemoatxeko batailaren lekuan, Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikarien gidaritzapean, gazteak ondarea eta memoria historikoa berreskuratzeko egiten dabe behar, trintxera sarea lehengoratu guran.

0
Musikea
2017/7/9
Lehenengoz zeanuriztar bi Euskadiko Trikitilari Gazteen Txapelketan

Abuztuaren 15ean, arrastiko 18:00etan, Euskadiko Trikitilari Gazteen Txapelketearen XXXVII. edizinoaren finala jokatuko da Zeanuriko plazan. Bertan, Batirtze Mendia panderojole eta Iker Ibarrondo trikitilari zeanuriztarrak hartuko dabe parte.
Finalean 6 bikotek hartuko dabe parte eta partaideak 26 urte baino gitxiagokoak izan behar dira. Lau pieza jo behar dabez: jotea, porrusaldea, fandangoa eta arin-arina. Bikote irabazleak, 400 euro eta trofeoa eroango dauz; bigarrenak 310 euro eta trofeoa eta hirugarrenak 275 euro eta trofeoa. Bikote bizkaitar onenak 150 euro eta trofeoa jasoko dauz.

0
Antzerkia
2017/7/5
Kale antzerkia Areatzan

2017an zehar bost antzerki ikuskizun ikusi ahal izango dira Areatzako kaleetan. Igaz hasi ziran ikuskizunok ekarten eta kale antzerkian, Areatza "erreferente" izatea gura dau Asier Garcia alkateak.
Daborduko ikuskizun bi eskeini ditue. Lehenengoa, aprilean, Shakti Olaizolaren Baldin bada lanaren aurrestrenaildia izan zan. San Juan bezperan barriz, Zo-Zongó taldearen Psycho-Clown ikuskizuna. Garagarrileko ikuskizun bik eta abuztukoak aurtengo kale antzerkiko jaialdiaren egitaraua osotuko dabe. Hilaren 7an, 20:15ean, Zirkozaurre taldeak Vademekun antzeztuko dau, eta 21ean, Pez Limbok, Lana 20:15ean. Amaitzeko, abuztuaren 26an, Deabru Beltzak taldekoak Su a Feu ikuskizuna ekarriko dabe Areatzako kaleetara.

0
Danerik
2017/6/30
Zeanuriko Jaietako Kartel Lehiaketea

Garagarrilaren 10era arte aurkeztu daitekez Zeanuriko udaletxeko erregistroan Jaietako Kartel Lehiaketarako proiektuak, papelean zein euskarri informatikoan. Proiektu guztietan, derrigorrez testu hau agertu behar da: Zeanuriko jaiek 2017, abuztuaren 12tik 16ra.
Lehiaketan parte hartzeako Zeanurikoa izan behar da eta sail bi egongo dira, 14 urte artekoa eta 14 urtetik gorakoa. Umeen proiektu irabazleak tablet bat izango dau saritzat eta nagusienak 200 euro. Proiektu irabazlea jaietako kartelean eta jai-egitaruaren azalean agertuko da eta lan irabazlearen egile-eskubideak Udalaren esku geratuko dira.
Lehiaketan parte hartutako kartel guztiak ikusgai egongo dira jaietan.

0
Danerik
2017/6/25
Sexu Askatasunerako Nazinoarteko Eguneko banderea Lemoako zebrabide baten

Bagilaren 28an, Sexu Askatasunaren aldeko Nazinoarteko Eguna ospatuten da eta Lemoako Udalak sexualidadea askatasunez biziteko eskubidea aldarrikatu gura izan dau tren geralekuko zebrabidea ustruku banderearen koloreagaz margotuz.
Arratiako Udalen Mankomunitateak (AUM) adierazpen instituzionala onartu dau. Bertan, sexualidadea askatasun osoz biziteak "giza eskubideetan oinarritutako jentartea sustatzen" dauala dino eta konprometiduten da, bardintasun politiketan askatasun sexuala txertatzera eta sexu askatasunaren alde behar egiten daben alkarteai lagundu eta babesa eskeintzera.

0
Danerik
2017/6/14
Areatzako Jaietako Kartel Lehiaketea

Areatzako Jai Batzordeak Jaietako Kartel Lehiaketea antolatu dau. Proiektuak garagarrilaren 14ra arte aurkeztu daitekez. Kartel irabazleak iragarriko dauz Areatzako jaiak eta jai egitarauaren liburuxkan be argitaratuko da. Saria 150 eurokoa da. Kartelak 60/40 cm formatuan aurkeztu behar dira. Edozein teknika erabili daiteke baina derrigorrez agertu behar da hurrengo testua: Areatzako jaiak 2017 Abuztuaren 23tik 30era. Kartelak formatu digitalean eta A4 papelean aurkeztuko dira.
Ebatzia hilaren 17an emongo dau jakitera Jai Batzordeak.

0
Danerik
2017/6/14
Zeberioko Jaietako Kartel Lehiaketea

Zeberioko Jai Batzordeak eta Udalak 2017ko sandoniak eta umeen ekintzak iragartzeko Kartel Lehiaketa bi antolatu dabez. Bagilaren 26ra arte aurkeztu daitekez kartelak udaletxean.
Sandoniak iragartzeko kartel Lehiaketea "Berdintasunerantz bideratuz" programearen barruan dago eta andren eta gizonen artean bazterkeria alboratzen eta bardintasuna bultzatzen dituan egoerak adierazo behar ditu. Egile bakotxak gehienez lan bi aurkeztu leikez. Kartelaren testua honako hau izango da: "Zeberioko Sandoniak 2017. Abuztuaren 26tik irailaren 4ra".
Sari bi egongo dira; irabazleak 70 euro eroango ditu eta bigarrenak 30.

Umeen ekintzak iragarteko kartela
Umeen ekintzak iragarteko beste kartel lehiaketa bat antolatu dabe Jai Batzordeak eta Udalak. Hamalau urte artekoak hartu daikie parte.
Kartela A3 tamainakoa, bertikalean izango da eta hutsune bat itxi behar da umeen ekintzak ipinteko. Parte hartzaileak opari bana jasoko dabe.

0
Danerik
2017/6/13
Basker dokumentala Artean

Argibel Euba antropologoa eta Basker dokumentalaren gaineko ikerketearen egilea Artean egongo da bagilaren 17an, 12:00etan, Herriko Bentan. Dokumentala ikusteko eta ikertzaileagaz berba egiteko aukerea egongo da.
SVT Suediako Telebistak 1960ko hamarkadan Euskal Herriko hainbat lekutan grabautakoagaz egindako dokumental etnografikoa da Basker. Grenholm eta Olson kazetariak Basker eta Bonde i Baskerland dokumentalak egin ebezan orduko euskal kulturaren inguruan, batez be baserri ingurukoa, eta bertan gaur egun galduta dagozan hainbat ohitura ikusi daitekez.

0
Antzerkia
2017/6/5
Hilaren 11n Gezurretan/Contando mentiras antzezlanaren estreinaldia Igorren

Igorren antzerkiaren bitartez feminismoa eta jabekuntza landuten dauan andra taldeak Gezurretan/Contando mentiras antzezlana estrenauko dau Lasarte Aretoan, bagilaren 11n, 19:30ean. Bederatzi aktorek, gizarte utopiko bateko albistegia ekarriko dabe eszenalekura hiru hizkuntza erabiliz: euskerea, gaztelania eta arabiera. Taldearen hirugarren lana da hau.
Igorreko Emakumeen arteko topaketa interkulturaletatik sortu zan taldea orain dala urte bi eta errealidade plural horren errefleju dira komedia honetan erabilten diran hiru hizkuntzak. "Gurako geunke hizkuntza gehiago egotea, Igorreko errealidadea ondino pluralagoa dalako, baina jentea etorri ahala, gaineratuko doguz hizkuntzak" dino Soraya Lizundia taldekoak. Izan be, talde zabala da, eta zabalik dago parte hartu gura daben andra guztiai.
Astean behin, bederatzi andra batzean dira Kultur Etxean, antzezlan bat sortuteko Miriam Herbon-en laguntzeagaz. Prozesu guztia landuten dabe: antzezlanaren idea nagusia ebatzi, antzezlana sortu, antzeztu, eszenografia, jantziak egin... Eta holan urte bitan hiru lan sortu dabez.

Hirugarren lana
Aste batzuk baino ez dirala falta eta orain astean hirutan batzean dira; izan be, esperientzia izan arren, bildur eszenikoa beti hor dagoala dinoe.
Gezurretan/Contando mentiras, taldearen hirugarren lana da. Lehenengoa, Mujeres saliendo del cuento 2016ko urtailean estrenau eben Lasarte Aretoan, arrakasta handiz. Bigarrena, Arratiako Andren Jabekuntza Eskolako aurkezpenerako enkarguz sortutako kale antzerkia izan zan.

0
Danerik
2017/5/30
Open Torontile jaia Mataderoan

Bagilaren 3an, Open Torontile izeneko jaia ospatuko dabe Arteako Mataderoan. Egun osoko jaia izango da, proiektua jakitera emon eta bultzatzeko. Musikea zuzenean eta tailerra egongo dira besteak beste. Sormenari lotutako proiektua da Torontile eta Arratiako sor- tzaileen lanak ikusgai egongo dira.
Diseinu eta serigrafia proiektuak, ateak zabalduko ditu espazio hau herrira hurreratzeko asmoz. Emma Aguilar eta Maitane Iruarrizaga diseinatzaileak osotuten dabe. Torontilek Igorreko Kiñu Gaztetxean emon ebazan bere lehen pausuak; gaur egun Arteako Mataderoan daukie finkatuta tailerra.

Sormen jaia
Open Torontile egun osoko ekimena da. Goizeko 11:00etan, Gaztetxeko paretak margoztuko dabez eta erakusketea be egongo da. Arrastian, 17:00etan, serigrafia ezetu eta praktiketako aukerea izango dabe tailerrera hurreratzen diranak. Jana eta edana ez dira faltauko eta musikea zuzenean egongo da Arratiako Inagarien eskutik.
Torontile sormenari lotutako proiektua danez, eta sormena bultzatu, agertu arazo eta aldarrikatu gura dauanez, Arratiako "ezkutuko" artisten marrazkien erakusketea be egongo da Arteako Gaztetxean.

Maiatzaren 27an Kiñu Gaztetxean
Maiatzaren 27an ostera Kiñu Gaztetxean horma bat margoztu eben Hibernando Studioko artistak eta hurreratutako jenteak, horren ostean bazkaria egin eben Gaztetxean bertan.

0
Danerik
2017/5/30
Lemoako Euskal Jaia hilaren 3an

Seigarren aldiz, herriko kuadrillakaz adostuta, bagileko lehenengo zapatuan, Euskal Jaia antolatu dau Lemoako Jai Batzordeak. Jaiaren helburua, "euskal ohiturak aldarrikatzea eta baserri munduari babesa adierazotea" da.
Lehian taldeak joko dau Elizondon bagileko lehenengo zapatuan, 19:30ean. Taldeak euskal kantu herrikoien bersinoak eskeintzen ditu, sano kantu ezagunak, danak dakiezan kantuak; taldearen helburua jenteak eurekaz batera kantetea da eta.
Horren aurretik be egongo da nondik nora ibili jai giroan Lemoan zapatu horretan. Izan be, eguerdi partean hasiko da jaia, 13:00etan, Jubiladuen tabernatik abiatuko dan poteo musikatuagaz. Poteoaren ostean, herri bazkaria egongo da Arraibin,15:30ean.

0
Bertsolaritzea
2017/5/30
Jon Maia eta Jokin Uranga Diman

Kultura Astearen barruan, Dimako Bertso Eskoleak eta Udalak bertso bazkaria antolatu dabe. Bagilaren 3an, 14:00etan, izango da frontoi txikian. Hamabosgarren edizino honetan, Jon Maia eta Jokin Uranga izango dira bertsolariak.
Jon Maia (Urretxu, 1972) bertsolaria izateaz gainera, abeslaria, idazlea, itzultzailea eta gidoigilea be bada. 1997tik 2009 bitarteko lau Txapelketa Nagusietan izan zan finalista.
Jokin Urangak (Azpeitia, 1980) be hainbat txapelketatan hartu dau parte eta bertso eskoletako irakaslea da. Saiorako sarrerak Dimako tabernetan dagoz salgai, 10 euroko prezioan helduentzat eta 6 eurokoan ume eta langabetuentzat.

0
Danerik
2017/5/29
AZKEN ORDUKOA Irrien Lagunak-en ikuskizuna Igorren hilaren 3an izango da

Pupu eta Lore Haizearen herrira ikuskizuna ikusteko aukerea egongo da bagilaren 3an 17:00etan Igorreko Kultur Etxean (2rako egoan iragarrita).
Pupu eta Lore protagonistak poz-pozik dagoz aitona Manolo etorri jakielako bisitan bere gitarra eta guzti. Kantu, jantza eta jolas interaktiboen bidez, parte hartzera konbidauko ditue umeak eta nagusiak ordubetez.
Asier Sotaren zuzendaritzapean, Iraitz Lizarragak (Pupu), Ekain Ibargurenek (Lore) eta Inaxio Tolosak (aitona Manolo) Imanol Urbietaren kantuetan oinarritutako kantu, jantzaz eta jolasez betetako ikuskizuna taularatuko dabe Igorren. Musika moldaerak Xabier Zabalarenak dira eta Ainere Tolosak eta Elene Kortaxarenak kolaborazinoak egingo ditue Katxiporreta Kooperatibearen produkzino honetan.

0
Kontzertuak
2017/5/29
Lion Heart izango da aurten be Zeberioko Metal Jaian

Bagilaren 2rako, barikua, heavy metal musikearen jaia antolatu dabe Zeberion. Lion Heart, Niketz eta Sabotaje taldeak eskeiniko dabez kontzertuak Zeberioko plazan. Jaia, 19:00etan hasiko da bertso-merienda bategaz, eta 00:30etik aurrera Batzokian egingo dan Jebi Jaiagaz amaituko da.
Bertsomeriendan, Arrigorriaga eta Zeberioko bertsolariak buztartuko dabez bertsoak eta musika heavya, kontzertuen aurretik. Kontzertuok iluntzeko 20:00etan hasiko dira, Lion Heart metal klasikoa egiten dauan taldeagaz; 21:30ean, Niketz, Etxebarriko taldearen txandea izango da eta, 23:00etan, Sabotaje taldearena. Gauari amaierea emoteko barriz, Jebi Jaia ospatuko dabe Batzokian.

0
Danerik
2017/5/21
Karabie Fest lehengo Gaztetxe zaharrean

Lemoako Harriketarrak Gazte Asanbladak, maiatzaren 27rako Karabie Fest izeneko jaia antolatu dau Karabie zaharrean. Jolasak, jana eta musikea ez dira faltauko.
Arrastiko 17:00etan Karabie Gaztetxean batuko dira Karabie zaharrerako ibilaldia alkarregaz egiteko. Jaia "Galolinpiada" izeneko jolasakaz hasiko da. Jolasen ondoren, Karabiganera bisita gidatua egingo dabe. Afalduteko txitxi-burruntzia egingo dabe eta Gaztetxeko patxarana dastatzeko aukerea egongo da. Gauean, BATbitaMAN Dj-ak ipiniko dau musikea eta Bideorma egongo da. Jaira hurreratzen dan jenteari, jateko zeozer eroateko eskatuten deutsie antolatzaileak, gero afalorduan danon artean konpartiduteko.

Karabie zaharra
Lemoako Gazte Asanbladak 1999 urtean sortu eban Karabie Gaztetxea. Harrobian egoan txabola bat hartu eben horretarako eta horregaitik ipini eutsen Karabie izena. Urtebete beranduago erre egin zan eta harrezkeroztik eskolak izandako Udalaren eraikinera aldatu ziran.

0
Danerik
2017/5/20
Etxebarriaren Gorbeia inguruko Etno-Ipuin eta Esaundak liburuaren aurkezpena

Labayru Ikastegiak, 1995ean argitaratutako Juan Manuel Etxebarria Ayestaren Gorbeia inguruko Etno-Ipuin eta Esaundak berrargitaratu dau eta egileak berak eta Labayru Fundazinoko Zuzendariordeak, Igone Etxebarriak egingo dabe liburuaren aurkezpena maiatzaren 25ean, arrastiko 19:00etan, Igorreko Kultur Etxean.
Gorbeia inguruko Etno-Ipuin eta Esaundak agortuta egoan, eta Juan Manuel Etxebarriak 2016ko zemendian 1995ekoaren jarraipeneko bigarren tomoa argitaratu ebanean, bigarrena eskuratu eben askok, lehenengoa be eskuratzea gura izan eben. Eskaera horreri erantzuteko, Labayru Ikastegiak berrargitaratu egin dau lehenengo tomoa, eta orain liburu biak dagoz eskuragai.
Liburu bi honeetan Gorbeia inguruan egin dan bilketa etnografikorik luze, zehatz eta sakonena dago. "Etorkizunean be eskuartean izan daigun Gorbeialdeako herriaren bizi-jakintza euskera ederrean jasota. Herritik jasoa barriro doa herrira liburuon bidez" egilearen esanetan.

0
Antzerkia
2017/5/13
La zanja antzezlana Igorren hilaren 19an

Caminamos para crecer antzerki taldeak, La zanja antzezlana, gazteleraz, eskeiniko dau maiatzaren 19an, 20:00etan, Igorreko Kultur Etxean. Errefujiaduaren Laguntzarako Batzordea Euskadin, CEAR-eko boluntario eta erabiltzaileak sortutako antzerki taldea da Caminamos para crecer, eta euren esperientzietan oinarritzen da La zanja antzezlana, "egia deserosoak" kontauz. Foreren zuzendaritzapean 10 aktorek "egiaz betetako istorioak" taularatuko ditue Lasarte Aretoan.

Sinopsia:
Maria eta Ousmanne bikote bitxi, arraroa da. Maria, akaso, desorekatu samarra. Ousmanne, etsituta seguruenik. Alkarregaz esnatutako gauaren sakontasunean ontziratuko gaitue. Errealidade, esperientzia, testigantzen programa bat. Benetako personakaz egingo dogu biajea, euren benetako istorioakaz. Egiaz betetako personak, euren egia kontauko deuskuenak. Munduari enbarazu egiten deutsan egia.

0
Antzerkia
2017/5/7
Zugan Ni proiektuko hiru antzezlan ikusgai Igorren

Maiatzaren 12an, 19:00etan, Igorreko Lasarte Aretoan, Igorreko talde bik eta Zornotzako batek ikasturtean zehar prestatutako antzezlan bana taularatuko dabe. Igorreko taldeen lanak Azterketa eta 10 urte dira. Bigarren honek Zugan Ni proiektuaren 10 urteai egiten deutso erreferentzia eta urteotako lan onenen zatiak batzean ditu. Zornotzakoak Gero arte Mari Carmen izeneko lana antzeztuko dabe.
Orain dala 10 urte, nerabeak antzerki mundura hurreratzeko Markeliñe Konpainiak Zugan Ni proiektua sortu eban. Ekimen honetan 13 eta 18 urte bitarteko gazteak hartzean dabe parte eta Arratia Institutuko ikasleak osotutako talde bi sortzean dira ia urtero. Ikasturte amaieran, sari banaketea eta proiektuan parte hartu dabenak jaia egiten dabe. Aurtengo ikasturte amaierako jaia Zornotzan izango da maiatzaren 14an.

0
Danerik
2017/5/1
Kiņu Gaztetxeak hirugarren urteurrena ospatuko dau

Igorreko Kiñu Gaztetxeak hiru urte beteko ditu eta hau ospatuteko jaia antolatu dabe maiatzaren 6rako.
Eguraldi ona bada, Gaztetxe osteko lorategian egingo daben kopautxoagaz hasiko da jaia arrastiko 19:30ean. Gero, gaubean, 22:30etik aurrera, hiru kontzertu egongo dira. Hasteko Eraso! metal rock talde zarauztarrak, Kaiolatik ihes, bere azken diskoa aurkeztuko dau. Ondoren, Guda Dantza Bilboko ska talde gaztearen txandea izango da. Honeek be, euren atzen lana, Labarraren ertzean joko dabe Gaztetxean. Amaitzeko, DJ Lorok animauko dau gaua. DJ Lorok Kodigo Norte, Green Valley, Rapsusklei eta beste hainbat taldegaz egin dau behar eta astero entzun geinke Radio Vitoriako Aldapeko saioan. Reggae, Dancehall, Hip Hop eta Jungle doinuakaz mobidu arazoko ditu bertaratutakoak.

0
Danerik
2017/5/1
Jaietako Kartel Lehiaketarako lanak bialtzeko epea zabalik

Lemoako jaietako Kartel Lehiaketarako lanak aurkeztu daitekez udaletxean bagilaren 9ra arte. Lehiaketan herrikoak bakarrik hartu daikie parte. "Lemoako Jaiak 2017" esaldia agertu behar da kartelean. Sari bi egongo dira 175 eurokoak. Eskuz zein ordenagailuz egindako kartelak onartuko dira, A4 neurrian. Kartelak egilearen sinadura barik aurkeztu behar dira.

0
Danerik
2017/5/1
Zeberioko Udaleko Berdintasun Sailak ikastaroa antolatu dau

Zeberioko Udaleko Berdintasun Sailak, Ugao eta Arrigorriagakoakaz batera, hilekoaren zikloaren gaineko ikastaroa antolatu dau, 14 eta 50 urte bitarteko andrantzat. Estibaliz Urresolak eta Ane Uriartek dinamizauko dabe. Ikastaroa Ugaoko Jane Jauregian izango da maiatzaren 6an, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era, Ilargiak J izenpean. Bertan, hilerokoaren zikloaren faseak personearengan daukien eragina landuko da. Udaletxean emon behar da izena maiatzaren 3ra arte.

0
Zinea
2017/5/1
Bonnie and Clyde filma Igorreko zine klubean

Maiatzaren 4ean, 20:00etan, Arthur Penn-en zuzendaritzapean 1967 urtean filmautako Bonnie and Clyde pelikulea ikusteko aukerea egongo da Igorreko Kultur Etxean, Igorreko zine klubaren eskutik.
Sasoi haretako Hollywood-eko aktore ezagunenetarikoak egin eben lan Bonnie and Clyde pelikulan: Warren Beatty-k, Faye Dunaway-k, Michael J. Pollard-ek, Gene Hackman-ek eta Stelle Parsons-ek beste batzuen artean. Gidoia Robert Benton eta David Newman-ek egin eben eta Oscar bi eta beste sari asko jaso ebazan filmak.
Filmak kontetan dau Bonnie Parker eta Clyde Barrow bikote delitugilearen istorioa. Depresino Handiaren sasoian, Bonnie eta Clyde bikote gaztea Ameriketako Estadu Batuetatik zehar bankuak lapurtu, jente apalari lagundu eta agintariak barregarri ixten ibili zan.

0
Zinea
2017/5/1
Motxilaren umea filma Arratian ikusteko aukerea

Kurkuluxetan Kultur Elkartearen Motxilaren umea film laburraren zati bat Diman grabau zan, Dimako eskolan, hain zuzen, eta ume protagonistea Maider Latatu dimoztarra da. Filma Bilbon estrenau zan martiaren 29an eta orain Arratiako herri bitan ikusteko aukerea egongo da; Diman, maiatzaren 5ean, 19:00etan Abaro lokalean, eta Zeanurin 20an, 19:00etan, Kultur Etxean.
Rita Naveiraren zuzendaritzapean, Jose Angel Aramendi, Maider Latatu eta Itziar Ituñok, ama espetxean 700 km.tara daukan ume baten istorioa kontetan dabe. Film pedagogikoa da, istorioa benetako historia eta datuetan oinarrituta dago eta umeen afektibidaderako eskubidea eta amak hazita izateko eskubidea aldarrikatzen dau.
Maider 11 urteko umea da eta bere bizimodua besteen aldean desbardina da sarri motxila hartu eta ama bisitetako biaje luzea egin behar daualako. "Pelikulan, motxileari emon gura izan deutsagu protagonismoa. Motxilaren umea da eta ez motxiladun umea. Izan be, motxileak umearen bizimodua bideratu, mugatu eta markau egiten dau" azaldu deutso BEGITUri Rita Naveira zuzendariak.
Pelikulan Dimako 25 ume inguru agertzen dira. Dimako eskolako 6. mailakoak eta "txikitxo batzuk".

Kurkuluxetan alkartearen hirugarren filma
Bilboko Kurkuluxetan alkarteak 17 urte daroaz, "ekarpen artistikoak euskeraz egiten, giza balioak bultzatzeko" Koldo Zelestino kidearen berbetan. Orain arte hiru film labur grabau dabez. Lehenengoa, Keinuka mugaz gaindi Kubagaz alkarlanean; bigarrena, Dena ez da futbola, hau be Arratian grabauta, eta hirugarrena Motxilaren umea, Dimako eskolan, Bilbon eta Segoviako espetxe zaharrean grabautakoa.
Motxilaren umea pelikulaz gainera, Interneterako bideo bat be prestatu dabe egileak, nagusiai zuzendutakoa. Han, marrazkien bidez eta off abots bategaz, hainbat datu emoten ditue. "Hor azaltzen dogu zenbat ume dagozan egoera horretan, egoera horrek zelango ondorioak dituan umearen garapenean eta gero irakasle batek eta psikologo batek azaltzen deuskue zer egin daikegun eskolan eta gizartean problematika horren aurrean" dino Naveirak. Gaia umeakaz landuteko unidade didaktikoa prestatu dabe.
Orain, filma aurkeztu eta berbaldiak eta mahai-inguruak emoten dabilz. "Hemen Arratian, Diman eta Zeanurin daukagu data zehaztuta. Beste lekuetan oindino ez. Igorren eta Lemoan be egingo da seguru asko. Euskal Herriko uriburuetan be proiektauko da; gitxienez Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan. Beste herri batzuetan be bai, Arrankudiagan eta Laudion esate baterako" dino Zelestinok.
Hilaren 15ean, Youtubera igo eta munduko 100 zine jaialdi baino gehiagotara bialduko dabe filma. Baita Euskal Etxe guztietara be. Pelikuleak bost hizkuntzatan izango ditu azpituluak: ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, portugesez eta katalaneraz, hain zuzen.

Lan boluntarioa
Kurkuluxetan alkarteak "bere boltsikotik" finantziau dau filma. 22 minutuko pelikula hau egiten 4.500 euro inguru gastau dabela, lan guztia boluntarioa izan dala eta inork ez dauala ezer kobrau dino Zelestinok. Ezta Itziar Ituño aktore profesionalak be.

0
Antzerkia
2017/5/1
Olgetan egiteko garrantzia erakusten dau Kaleko musikariak ikuskizunak

Maiatzaren 6an, Txantxariak taldeak Kaleko musikariak ikuskizuna eskeiniko dau arrastiko bostetan, Igorreko Kultur Etxean. Lan honetan, olgetan hasteko proposatzen deutsee txantxariak ume, guraso eta irakasleai.
Istorioaren protagonista diran Mari Txipik, Arantxa Zabaletek, Antxon eta Txantxibiri Kaminok eta Braulio astoak, ia aiztuta egozan jolasak eta jolas barriak ikasteko aukerea eskeiniko dabe. Izan be, euren ustez, jolasa biziten ikasteko modu bat da. Jolasen bidez geure buruari helburuak ipinten ikasten dogu eta personen arteko hartu-emonak errezteko modua da, taldeak osotu eta trinkotzeko. Jolasa, ume eta gurasoen arteko loturak estutzeko bidea be bada; umeak eta gurasoak bizitzaren alderdirik atseginenenez alkarregaz gozatuteko bitartekoa.

0
Kontzertuak
2017/5/1
Akordeoi Orkestra Sinfonikoaren kontzertua Igorren

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, Bizkaia Hauspoka kontzertua eskeiniko dau Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak maiatzaren 5ean, 20:00etan, Igorreko Kultur Etxean. Sarrerak Igorreko Jubiladuen bulegoan bananduko dira eta hartzaileak joateko konpromisoa hartu behar dau.
Kontzertua, Bizkaiko jubiladu eta pensinodunen alkarteko kideentzat da, doban. Bilboko Akordeoi Orkestrak, Amagoia Loroñoren zuzendaritzapean, pieza herrikoi klasikoak joko ditu, tartean euskal musikakoak, "bersino eguneratu, arin eta parte hartzailean".

0
Danerik
2017/4/21
Arratiako jantza taldeak Nazinoarteko Jantza Eguna ospatuko dabe Zeanurin

Aprilaren 29an, Arrikibar Dantza Elkarteak antolatuta, Nazinoarteko Jantza Egunaren inguruan, Arratiako Jantzari Eguna ospatuko dabe Zeanurin.


Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Usansolo eta Zeanuriko taldeak batuko dira. Igaz ospatu eben lehenengoz eta 300 jantzari eta 450 ikusle batu ziran.
Arratiako Jantzari Egunagaz, Arratiako kulturea sustatu eta herrien artean batu, ezetu eta bateratutako proiektuak aurrera eroateko momentuak sortu gura dabez antolatzaileak. Baita, euskal jantzan dagozan beste errealidadeak hurreratu eta euskal jantzarien topaleku izatea be.
Aurten, barrikuntza moduan, Makeako (Lapurdi) jantzari, kantari eta musikariak egongo dira, "Kabalkadako" jantzak erakusten. Makea Zeanurigaz aspaldi senidetuta dagoan herria da. Bertsolaritzeak be izango dau bere lekutxoa, ze Galiza eta Arratia Institutuko bertsolaritzearen inguruko alkartrukea, Regueibertso, egun horreetan izango da.

Egitaraua
11:30ean, desfilea plazatik eskolara.
12:00etan, jantza emonaldia eskolan.
14:30ean, bazkaria.
16:00etan, bertso-saioa, galegoz eta euskeraz.
18:00etan, erromeria Bilboko Musika Eskolako Bandaren eskutik.
20:00etan, Kantu Topaketea Iparralde eta Hegoaldeko kantak batuz. Arratia Dantzan ekimenaren barruan.
21:00etan, herri afaria Zeanuri-Makea (Txartelak tabernetan dagoz salgai). Gaure Eskuetan alkartegaz batera antolatuta.

0
Bertsolaritzea
2017/4/20
Aurten be Regueibertso jaia

Igaz hasitako bideari jarraipena emonaz, aurten be, Regeuibertso ekimena egingo da Arratian. "Hizkuntzak egiten gaitu. No camino da lingua" lelopean, galiziera eta euskerea indartzeko helburua dauka proiektu honek. Horretarako, Galiza eta Arratiako hainbat gazteren arteko alkartrukea egingo da, bertsolaritzea eta regueifa buztartuz. Alkartruke horrek, regueifa eta bertsolaritzearen arteko antzekotasunak eta berezitasunak igarteko, herri bietako ikasleen arteko hartu-emonak sortzeako eta alkarren ezagutzea bultzatzeko balioko dau, besteak beste.
Gazteak kultur ondarean murgiltzeko bidea izan daiteke bertsoa, zein regueifa, eta inprobisazinoaren mundua. Ikasleai bizirik dagoan kultura bat erakutsi gura jakie, zentzua daben bizipen, ohitura, sentimentu, trebetasun, olgeta, memoria eta erreflejuak berrinterpretatzeko abagunea eskeini.
Esan lez, Regueibertso ekimenaren oinarria Galiza (Baio eta Vila de Cruzes) eta Arratiako (Arratiako BHI) hiru ikastetxetako ikasleen arteko trukea da, regueifa (Galizako koplak) eta bertsoa oinarri.
Aprilaren 27tik 30era Euskal Herrian alkartuko dira taldeak, eta maiatzaren 11tik 14ra Galizan. Alkartruke honetan bata bestearen proiektua ezagutzeko aukerea eukiko dabe ikasleak eta irakasleak. Horrez gain, hainbat kultur jarduera egingo dira, herriak ezetuko dabez... eta beti, inprobisazinoa eta hizkuntzea (euskerea eta galizierea) izango dira ardatzak.
Aprileko egun horreetan gurean izango diran ekitaldiai jagokienez, Galizako ikasleen etorrerea aprilaren 27an espero da. Aprilaren 28an, goizean, ondo etorria emongo jakie Igorreko Institutuan, eta egun horretan bertan, arrastiko 17:30ean Angel Larrea irakasleagaz bisita gidatua egingo dabe Areatzan zehar. Ondoren, 18:30ean Oilar Lehia kaleetan eta 21:00etan jaia Gaztetxean. Biharamunean, aprilaren 29an, Dantzari Eguna izango da Zeanurin. Goizean jantzariak jardungo dabe, eta arrastian regueibertso saioa egingo da. Aprilaren 30ean Galizako ikasleak Ondarrura joko dabe, bertan beste bisitaldi gidatu bat zain daukie eta Arratiako Bertso Eskolakoakaz batera beste saio bat egingo dabe arrasti partean.

0
Danerik
2017/4/13
Jaietarako Kartel Lehiaketarako lanak bialtzeko epea zabalik

Dimako Jaietarako Kartel Lehiaketarako lanak aurkeztu daitekez udaletxean maiatzaren 5era arte. Karteleko irudirako gaia "andrak jaietan" izango da eta "Dimeko Jaiak 2017. Bagilaren 29tik garagarrilaren 2ra" testua agertu behar da kartelean.
Saria herriko taberna baten afari "zoragarria" izango da. Irabazlearen izena maiatzaren 12an emongo dabe jakitera udaletxeko tabloian eta webgunean.

0
Zinea
2017/4/2
Elemakarrak Igorre, Paris, Londres eta New York-en

Laburbira euskerazko film laburren zirkuituak aurten aukeratu dituan zortzi filmak aprilaren 7an, 20:00etan Igorreko Kultur Etxean ikusi ahal izango dira. Arratian ikusteko bigarren aukerea eta azkena izango da, martiaren 24an Areatzan proiektau ziran-eta. Filmen artean, Diman egindako Elemakarrak dago.
Filmak, Oier Fuentesen Azken saskia; Ibon Izaren, Elemakarrak; Eki Pagoagaren Jalgi; Kepa Sojoren Hileta; Alejandro Diaz Castañoren Ihesa; Begoña Vicariok koordinautako Ageda kopla taldearen Beti bezperako koplak, Uda films-en 280º eta iragarki selekzino bat izango dira.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatuten dauan Laburbira zirkuituak 32 herrik osotuten dabe, Euskal Herrikoak eta Euskal Herritik kanpokoak. Holan, New York, Londres edo Parisen, be ikusi ahal izango dira euskal sortzaileen lanak.
Arratian, Zertu Kultur Elkarteak antolatuten dau Laburbira, Areatzako eta Igorreko Udalen laguntzeagaz. Izan be, Zertu (BEGITU argitaratzen dauana) euskera alkarteen federazinoa dan Euskaltzaleen Topaguneako partaide da.

Zozketea
Aurten, nobedade moduan, ikusleak, ikusitako filmen gaineko eretxia emon ahal izango dabe. Eretxia emoten dabenen artean, Euskal Herriko nekazal turismo baten egonaldia zozketatuko da. Horretarako, parte hartu gura dabenak www.kameratoi.eus webgunean dagoan galdetegia bete behar dabe.

0
Danerik
2017/4/2
Zaztaparrak Asti Taldearen udalekuetan izen emotea hilaren 6 eta 7an

Zaztaparrak-ek antolatutako udalekuetarako matrikulea egiteko aukerea egongo da aprilaren 6an eta 7an Igorreko Kultur Etxeko parkean 18:00etatik 20:00etara.
Udalekuak Ondarroan izango dira abuztuaren 1etik 12ra bitartean, 6 eta 17 urte bitartekoentzat.
Prezioa 205 eurokoa da, neba-arrebak 306 euro eta umearen izen-abizenak, jaiotze data eta kontaktorako telefeno eta helbide elektroniko bat emon behar dira.
Zaztaparrak Asti taldeak igaz 20 urte bete ebazan Arratiako umeai udalekuak eta aisialdirako ekintzak eskeintzen.

0
Erakusketea
2017/3/30
Institutuko ikasleen arte lanen erakusketea Igorreko Kultur Etxean

Arratia Institutuko DBH2, DBH3 eta DBH4ko ikasleak ikasturte honetan zehar egindako 200 ikasle ingururen lanak ikusgai dagoz Igorreko Kultur Etxeko Erakusketa Aretoan, martiaren 27tik aprilaren 10era arte. Erakusketea aste kulturalaren programazinoaren barruan dago.
Erakusketa egitea Igorreko Institutuko Izaskun Mariñelarena eta Borja Estankona marrazketa irakasleen idea izan zan, eta ikasturtean landutako lan multzo handi bat ikusi daiteke bertan. Ikasle bakotxak gitxienez lan bat dauka erakusketan, beraz 200 lan baino gehiago dira ikusgai dagozan lanak.
Landutako disziplinak, marrazketa, pintura eta eskultura dira; beste korronte batzuen artean, post-inpresionismoa eta expresionismo abstraktua landu ditue pinturan, eta konstruktibismoa eskulturan. "Espazioa beteteko joera etenbakoa daukagu gure gizartean. Holan ulertzen dogu espresino artistikoa be ezinbestez askotan. Aldiz, ekialdeko kulturako zenbait ereduri arreta jarriz, hutsunearen balioaz ohartu izan gara eta berau jarri dogu lehen mailan. Zen kulturea edo Lao Tse-ren pentsamentuak ikasleen interesa biztu dau. Musika egokia jarriz batzuetan, gure buruai etenaldi bat eskeini gura izan deutsegu, arnasa sakon hartu eta pintzela papelean zelan mobiduten dan arreta jarriz egin dabe lan, hutsuneari balio handiena emonaz" azaldu deutso BEGITUri Borja Estankona irakasleak.

0
Danerik
2017/3/30
"begitu be" besoko islatzailea

Ez da lehenengoa BEGITU Aldizkariaren irudia jentartean agertzearren Zertu alkarteak holango marketing materiala plazaratzen dauana. Orain arte boltsak eta elastikoak izan dira, gehien bat, begituren irudia eroan izan dabenak. Oingoan, baina, besoko islatzaileak dira, "begitu be" leloa eroango dabenak. Igaztik, Zertu alkartearen zuzendaritza barriztu zanetik, behar-beharrezko ikusi da material barria plazaratzen hastea (argitalpenak eta beste), eta, halakoez gain, begituren aldeko propagandea zabaltzen lagunduko daben ekintzak be egitea. Beraz, hemendik gitxira Begitu-lagun eta aldizkariko ohiko kolaboratzaileak hasiko dira etxean bertan besokoa jasoten. Harpidedun ez diranentzat, salgai ipiniko dira euro bitan. Besokoa, argi islatzailea dan lez, beren-beregikoa da kaminoetan kirola egin, edo beste barik, oinez eta ibilten dan edozein adinetako jentearentzat, txirrindulari, korrikalari, ibiltari eta mendizaleentzat. begituren aldeko marketing erabilgarria inondik be. Eta leloan berba jokoa "be begitu" ingelesa izan leitekena, eta "begitu be" euskerea, nor bere gustura, baina beti BEGITU.

0
Antzerkia
2017/3/30
Onintza Enbeitaren Gure etxe bakarra antzezlana Zeanurin

Muxikako andrak osotutako antzerki talde amateurrak, Gure etxe bakarra antzeztuko dau aprilaren 1ean, iluntzeko 20:00etan Zeanuriko frontoian. Testuaren egilea eta antzezlanaren zuzendaria Onintza Enbeita bertsolari, kazetari eta politikaria da.
Antzezlanaren gidoia be Enbeitarena da eta andrak atzen 80 urteotan izan daben bizimodua kontetan dau. Istorioa hiru neskatxik abiarazoko dabe argazki zahar batzuk topau, eta amamari itaunak egiten deutsienean.

0
Danerik
2017/3/29
Dima eta Igorre, Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainara atxikitu dira

Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren 11. edizinoa, martiaren 20an hasi zan eta maiatzaren 31 bitartean gauzatuko da 52 herritan, Dima eta Igorre tartean, Euskaltzaleen Topaguneako alkarteak (Abizarie), Dima eta Igorreko Udalak, liburutegiak eta liburu dendak alkarlanean antolatuta. Aurten 52 herritan ipiniko da martxan, inozko kopururik handiena, eta lehenengo aldiz egingo da uriburu bitan, Iruñea eta Gasteizen. Holan, eskeintzea aurreko urteetan baino 450.000 persona gehiagorengana helduko da.
Egitasmoak liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emoten ditu, eta liburua opari bihurtzera konbidatzen dau. Herritarrak euskerazko liburuak irakurtera animau gura ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilerea sustatuz.

Hiru pausu
Izenak berak adierazoten dauan moduan hiru pausu emon behar dira kanpainan parte hartzeako. Lehenengo pausua irakurtea da, euskeraz irakurtea. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskerazko edozein liburu maileguan eskatu behar da. Bigarrena, gozatu; hau da, liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa errez bat bete behar da: zein izan dan irakurritako liburua eta eretxia emonaz. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emongo deutso irakurleari Igorreko Orrie eta Marrak liburudendetan beste liburu bat %35eko deskontuagaz erosteko. Eta hirugarren pausua liburua oparitzea da, beste bateri edo norbere buruari.
Gainera, aprila eta maiatza amaieran, liburutegi bakotxean 30 euroko txeke baten zozketea egingo da, hile horretan irakurle fitxa bete dabenen artean. Txeke berezi horrek, besteak legez, euskerazko liburuak erosteko aukerea emongo dau.
Ekimen honen bueltan bestelako literatur jarduerak be antolatuko dira: idazleakaz barriketaldiak, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak honako argitaletxeen laguntzea izaten dau: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.
Kanpainak eragin positiboa izaten dau liburutegien erabileran zein euskerazko liburuen salmentan.

0
Bertsolaritzea
2017/3/29
Hurrengo faserako sailkatzen saiatuko dira Arratiako talde biak

Bizkaiko Taldekakoa Bertsolari Txapelketan, Arratiako talde biak beste talde binagaz neurtuko dira aprilaren 2an, hurrengo fasera sailkatzeko. Bikotxgane taldeak etxean jokatuko dau; Bagenki-k, barriz, Larrabetzun.
Begoñe Olabarriak, Belate Olabarriak, Illart Gumuziok, Iñaki Iturriotz-ek, Juanjo Respaldizak eta Karmelo Uriartek osotuten dabe Bikotxgane taldea. Hau, Lea-Artibaiko Ipiztar eta Mungialdeko Taketa Lez taldeen kontra neurtuko da Igorren. 12:00etan, Herriko Tabernan hasiko dira; 12:37an jarraituko dabe Rugby Tabernan eta 13:22an, Gau Lora Akeitegira joango dira. Ondoren bazkaria eta errebantxea egingo dabez.
Arratiako beste taldea, Bagenki izenekoa Ibon Izak, Igor Menikak, Irati Astondoak, Jon Urik, Lur Ziarrustak eta Zefe Ziarrustak osotuten dabe. Honeek, Algortako Gora Tangora eta Larrabetzuko Itallen taldeen kontra neurtuko dira Larrabetzun, 17:30ean, Anguleri aurrean hasita.

Hiru fase
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak abiatutako txapelketa hau hiru fasetan jokatuko da. Kanporaketa bakotxean eta talde batek bakarrik egingo dau aurrera. Saio bakotxa puntuetako hiru taldeetako epaileen balorazinoa gehi publikoaren balorazinoa hartuko dira kontuan eta hiru taldeetatik, ze taldek egingo dauan aurrera ebatzi beharko dabe danen artean. Bigarren fasea aprilaren 24an hasiko da, eta bagilearen 3an jokatuko da finala.

0
Danerik
2017/3/29
Marrazki bizidunen gaineko musikala Arratiako Musika Eskolako umeak

Aprilaren 1ean, Arratiako Musika Eskolako umeak Cartoons izeneko Ipuin Musikatua antzeztuko dabe Igorreko Lasarte Aretoan. Saio bi izango dira, 17:00etan bata eta 19:00etan bestea; eta bakotxean 60 edo 70 ume inguruk hartuko dabe parte.
Lehenengoa saioan, Dima, Zeberio, Artea eta Areatzako umeak antzeztuko dabe ipuina, eta bigarrenean, Bedia, Lemoa, Igorre eta Arantzazukoak. Ipuin Musikatuaren musikea irakasleen orkestrak joko dau Jesus Mari Bilbaoren zuzendaritzapean eta koru biren laguntasuna eukiko dabe: Arratiako Musika Eskolako Kirikinusi eta Amorebieta-Etxanoko Kantalai umeen koruena, hain zuzen be. Ipuina Ibon Izak sortu dau eta narratzailea June Iruarrizaga izango da.

Marrazki bizidunen musikea
Urrietan hasten dira Musika Eskolako irakasleak Ipuin Musikatua antolatuten. Behin ipuina eskuratuta, lehenengo lana letrak eta partiturak moldatzea da. Cartoons ikuskizunerako marrazki bizidunetako 13 kantu atera ditue: "Dorremiren magia", "Dragoi bola" eta "Harriketarrak", tartean.

0
Antzerkia
2017/3/25
Euskal Herriko imajinario musikalari errepasoa egiten deutsan lana Igorren

Martiaren 31n, 20:00etan, Tartean Antzerki Konpainiak Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa umorezko lana eskeiniko dau Igorreko Lasarte Aretoan. Ikuskizun hau Korrika kulturalaren barruan dago.
Ez dok hiru bikotearen lan honek euskal musikearen imajinarioaren errepaso ironiko, absurdo eta dibertigarria egiten dau. Euren aurreko lanetan ez bezala, oraingoan Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek hiru musikari-aktoregaz partekatuko dabe eszenalekua.
Ez dok hiru, Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak osotuten dabe. Urteak daroez bikote artistiko moduan antzerkia obrak, sortu, ekoiztu eta antzezten, Kontenedore baten istorioak, Lezio berri bat ostrukari buruz, Euskara sencilloaren manifiestoa, Larru Haizetara, Euskarazetamol eta Lingua Nabajorum, besteak beste.
Euren lanak, aktore bien alkarrizketetan oinarritzen dira; oraingo honetan musikearen laguntzea izango dabe.

0
Kontzertuak
2017/3/21
Peio Ospitalek bere lehen bakarkako lana aurkeztuko dau Igorren

Peio Ospital (1948, Itsasu) abeslari lapurtarrak Igorren abestuko dau martiaren 24an, barikuan. Kantaldia, Arratiako parrokiak martian zehar antolatu daben egitarauaren barruko ekitaldietako bat da eta Igorreko parrokian izango da arrastiko 19:30ean.
Emonaldi horretan Peio Ospitalek bere lehen bakarkako lana aurkeztuko dau, Arnasa... Hatsa... Bizia izenburua daroana. Berrogeta bost urtez Euskal Herri osoan plazaz plaza ibili dan Pantxoa eta Peio bikote ospetsuaren buztarritik askatzeak lan personalagoa egiteko aukerea eskeintzen deutsala dino Ospitalek.
Ospital, kantu konprometiduen bidez, 60. hamarkadearen amaieran euskal kulturaren bizkundean parte hartu eben kantari eta intelektualen artekoa da. Hainbatek erresistentzia edota kontra-podereaz berba egiten dau 60ko hamarkadearen amaierako eta 70eko hamarkadearen hasikerako sasoi hareri buruz berba egiterakoan.
Sasoi ha, berrogeta bost urteko ibilbidea eta hamalau disko atzean itxiz, bere lehen bakarkako lanagaz dator orain Ospital, "disko hau bihurgune bat da, aldaketa sakon bat. Norabide barri bat, bare-aldiaren beharrak eta hausnarketa irrikak sustaturik, azkenean funtsezkoenera itzultzeko: bizia".
"Arnasa... Hatsa... Bizia..." dira hamalau sorkuntzen hari nagusia, baita diskoaren izenburua. "Hau da bizidun guztiak batez be akuilatzen dituan indarra", dino kantari lapurtarrak, eta segiduten dau, "ez bilatu hemen galderai erantzunik. Soilik entzun Mañex Erdozaintzik aitatzen eban "Biziaren mugimendu dardara", edota Iratzeder-ek "Lurren pil pil gozoa", zuen barruan kantetan!".
 Lan hau bideratzeko, laguntzaile parebakoak izan ditu, "bederatzi testu Andoni Salamero zumarragar olerkariarenak dira, berbakaz jolasteko daukan trebetasun magikoa agertuz; testu bat Itxaro Bordarena, beste bat Joxe Arregirena. "Baxurko" (1890-1957) hondarrabiarrak 1937an jarritako bertso batzuk biltzean dira eta beste testu bat dago Martine Larroque xiberutarrarena, berak eta Pitzgarriko beste sei kidek izenpetuta. Azkenik, nik neuk egindako bertso batzuk".
Musikeari jagokonez, "Mixel Ducau izan dot laguntzaile estimau parebakoa; berak konposatu ditu zazpi doinu; Anton Valverdek hiru; Andoni Salamerok bere bi testu musikatu ditu. Xabier Leteren doinu bat be erabili dot, eta azkena herrikoia da. Gauzak soil eta sotil egin gura izan doguz, oinarri hirukotxa erabiliz: abotsa, gitarrea eta pianoa. Moldaketak Mixel Ducau eta Paul Smet flandiar adiskidearenak dira. Benetako alkarlan honek emoten deutso disko osoari ezusteko kolorea, sorpresa goxo bat. Gonzalo Tejadak jarri dau kontrabajua, eta Iñaki Ospital nire semeak, egin ditu grabazino eta nahasketa lanak".
Igorreko kantaldia izango da Hego Euskal Herrian Ospitalek egiten dauan bere diskoaren bigarren aurkezpena, aurretik Donostian egingo dau eta. Sarrerak Igorreko Gau-Lora kafetegian eta Zeanuriko Jubiladuen Tabernan dagoz salgai 10 eurotan aurretik erosten badira, eta 12 eurotan egun berean erosita.

0
Zinea
2017/3/19
Ekozinemaldia Artean

Ekozinemaldiko lau film ikusi ahal izango dira Artean, pelikula biko saio bitan. Martiaren 21ean, No acapares la energía eta Guardiana de los ríos dokumentalak ikusteko aukerea egongo da eta 23an, Mni Wiconi: Altxamendua Standing Rocken eta Ni Urumea. Saiook arrastiko zazpiretan izango dira Herriko Bentan.
Ekozinemaldia Ekologistak Martxanek antolatuten dauan ekologiaren gaineko zine erakustaldia da. Hamaikagarren edizinoa ura eta energian dago oinarrituta, eta ingurumenaz gainera, giza eskubideen urraketak be hartu ditu gaitzat, "Ura eta energia bizitzarako, ez heriotzerako" lemapean.

Ingurumena eta giza eskubideak
Lehenengo saioko No acapares energía film laburrak, gure eredu energetikoa, honen ondorioak eta eredu honetatik etekina ateratzen dabezanak salatuten dauz. Ondorengo dokumentala, Guardiana de los ríos, orain urtebete hil eben Berta Caceres-en gainekoa da eta erreken aldeko Honduraseko sei komunidaderen burrukak kontetan ditu.
Bigarren saioan, Mni Wiconi: Altxamendua Standing Rocken egongo da ikusgai. Zortzi minutuko film honetan, Dakotako oliobidea gelditzeko Standing Rock-eko lakoten (sioux) burrukea kontetan da. Ni Urumea dokumentalean barriz, erreka ondoko herrietako jentea eta Urumea ibaiaren arteko hartu-emonak kontauko ditu errekeak lehenengo personan.

0
Zinea
2017/3/19
Diman egindako Elemakarrak filma eta beste euskerazko 7 film labur Areatzan

Laburbira, euskerazko film laburren zirkuitua Euskal Herriko 32 herritan izango da eta 8 film ikusi ahal izango dira.


Horreen artean, Diman egindako Elemakarrak izango da. Hitzordua, martiaren 24an, 19:00etan Areatzako udaletxean edo-eta aprilaren 7an, 20:00etan Igorreko Kultur Etxean da. Zertu Kultur Elkarteak antolatuten dauz emonaldiak Arratian eta Areatzako eta Igorreko Udalak babesten ditu.
Euskaltzaleen Togaguneak antolatuten dauan film laburren zirkuitua, martiaren 3an hasi zan Azpeitian eta Igorren amaituko da aprilaren 7an. Zazpi film labur eta Euspot Lehiaketako iragarki onenak osotuten dabe eskeintzea. Antolakuntzak 22 film jaso ebazan eta horreetatik zortzi aukeratu dabez proiektetako.

2017ko filmak
Honeek dira ikusi ahal izango diran filmak: Azken saskia (Oier Fuentes, 2016); Beti bezperako koplak (Ageda kopla taldea, 2016); Ihesa (Alejandro Diaz Castaño, 2016); Hileta (Kepa Sojo, 2016); 280º (Uda Films, 2016); Elemakarrak (Ibon Iza Totorika, 2016); Jalgi (Eki Pagoaga, 2015) eta 2016ko Euspot Lehiaketako onenak.

0
Danerik
2017/3/19
Kantuan eta jantzan Igorren

Martiaren 25ean, goizetik hasi eta gauera arte, kantuak eta jantzak hartuko dabez Igorreko kaleak "Udabarrie koloretuten" izenpean antolatutako jaiari esker. Euskal jantza taldeak, eta Arratiako kantuzale eta jantzazaleak Igorren batuko dira, egun osoko jaian.
Goizean, Igorreko Arantzarte eta Beasaingo Aurtzaka jantza taldeak, kalejirea egingo dabe 11:15etik aurrera. Gero, 12:00etan, jantza saioa eskeiniko dabe udaletxeko plazan. Eguraldi txarra egin ezkero, Lasarte Aretoan. Arrastiko seiretan, Arratia Dantzan, eta jantzan egin gura daben guztiak jantzaldia izango dabe Erdizka Lauetan taldearen musikeagaz, Kultur Etxeko plazan eguraldi ona egiten badau eta Kiñu Gaztetxean txarra egin ezkero.
Ondoren, iluntzeko 20:00etan, kantuzaleen txandea izango da. Arratia Kantuz-eko kantazaleak eta animetan diran guztiak kantuan ibiliko dira herritik zehar Eingo kantan eta dantzan taldearen musikearen laguntzeagaz.
Jai hau, Arantzartek eta jantza eta kantuaren inguruan dabilen Igorreko jenteak antolatu dau, Kiñu Gaztetxea, Igorreko Udala, Arratia Kantuz eta Arratia Dantzaz taldeen laguntzeagaz.

0
Danerik
2017/3/15
Lemoako VI. Narrazino Lehiaketea

Aprilaren 23ra arte bialdu daitekez lanak Lemoako VI. Narrazino Lehiaketan parte hartzeako. Egileak hamazortzi urtetik gora euki behar dabe eta gaia librea da.
Partaide bakotxak narrazino bakarra aurkeztu ahal izango dau eta gehieneko luzeerea sei foliotakoa izango da. Lanak Lemoako udaletxean aurkeztu behar dira edo helbide honetara bialdu kultura@lemoa.net. Idazlanak izenburua edo izengoitia bakarrik euki behar dabe, egilea identifikau leiken ezelango zehaztasun barik, datuok kartazal zarratu baten ipini behar dira.

Sariak
Lau sari egongo dira. Lehenengo saria 250 eurokoa da; bigarrena 150ekoa; hirugarrena 100ekoa eta Lemoako lanik onenak be 100 euroko saria jasoko dau. Saridun guztiak diplomea be jasoko dabe eta sariak maiatzean egingo dan aste kulturalean bananduko dira. Saritutako lanak Udalaren webgunean argitaratuko dira.

0
Antzerkia
2017/3/13
Francoren bilobari gutuna antzezlana Igorreko Kultur Etxean

Ximun Fuchs-en zuzendaritzapean, Euskal Herriko hiru lurraldetako hiru antzerki taldek taularatuko dabe Francoren bilobari gutuna antzezlana martiaren 18an, 20:00etan, Igorreko Lasarte Aretoan.


Testuaren egileak Unai Iturriaga eta Igor Elortza dira eta antzezleak, Ander Lipus, Patricia Urrutia, Pako Revueltas, Erika Olaizola, Manex Fuchs, Zoila Berastegi eta Urko Redondo.
Bizkaiko Artedrama, Lapurdiko Le Petit Theatre de Pain eta Gipuzkoako Dejabu Panpin Laborategiak alkarlanean, drama gogorra antzetuko dabe, "iraun beharraren gaitzak jotako komunidade baten hazurren eta guzurren erradiografia traumatologikoa". Etorkizun bideragarririk ez daukan ospitaleko istorioak kontetan dauz Francoren bilobari gutuna antzezlanak. Iñakik hamar urte eta leuzemia ditu. Joxanek berrogeta sei urte eta gerra zibileko obus baten txatala buruan, iragana eta oraina kateatzen dira Migel eta Kristina medikuen ametsetan. Itxarongeletan sekula agertzen ez diran pazienteen izen zerrendak entzuten dira ordena alfabetikoan eta Carmen Martinez-Bordiuk beteten dau bihotzeko aldizkari baten azala.

0
Bertsolaritzea
2017/3/13
Amuriza, Colina, Iturriaga eta Lujanbio Igorren

San Jose egunean, martiaren 19an, San Josetako bertso saioa izango da Igorreko Kultur Etxean, arrastiko zazpiretan. Miren Amuriza, Sustrai Colina, Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbiok osotuten dabe aurtengo kartela. Saio hau Korrika Kulturalaren barruan dago.
San Jose egunekoa, Arratian plazarik zaharrenetakoa da eta beti lehenengo mailako bertsolariak izaten dira bertan publikoaren gozamenerako. Aurten be lau bertsolari handi egongo dira Igorren.
Miren Amuriza, guraso bertsolari biren alabea, ezaguna da Bertsolari Txapelketa Nagusian eta Bizkaiko Txapelketetan parte hartu izanagaitik; baina baita, Berrian, eta beste aldizkarietan egiten dituan kolaborazinoakaitik; edota musika taldeentzako egindako kantakaitik be.
Sustrai Colina, 2001, 2005eko, 2009ko eta 2013ko Txapelketa Nagusietan finalista izan da eta 2016ko Iparraldeko Bertsolarien Txapelketan irabazlea, besteak beste.
Unai Iturriaga durangarrak be ibilbide garrantzitsua egin dau bai bertsolaritzan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketetan eta Bertsolari Txapelketa Nagusietan parte hartu izanda; baita idazle moduan be. Esate baterako, bezperan Igorren ikusi ahal izango dan Francoren bilobari gutuna antzezlanaren testuaren egilea da Iturriaga, Igor Elortzagaz batera.
Azkenik, Maialen Lujanbiok be jarraitzaile asko ditu Arratian. 2009an Txapelketa Nagusia irabazi eban eta 2013an txapeldunorde izan zan. Areatzan, martiaren 24an eta Igorren aprilaren 7an, Lujanbioren koplak ikusi ahal izango dira pantailan Laburbirako Beti bezperako koplak film laburrean.

0
Danerik
2017/3/13
Kolonbiako bake prozesuaren gaineko dokumentalak Lemoan

Lemoako Udalak eta Mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundeak Kolonbiako Bake Prozesua azalduteko dokumental eta barriketaldi ziklo bat antolatu dau. Hiru saio izango dira jubiladuen etxe gaineko aretoan, 19:00etan, martiko azkenengo hiru astelehenetan.
Martiaren 20an, Mujeres al frente, la ley de las más nobles izeneko dokumentala egongo da ikusgai. Lula Gomezek zuzendutako film honek erakusten dau zenbait andra kolonbiarrek, gerraz eta indartsuenen legeaz nazkatuta, bakea eta mundu solidario, anitzago eta justuagoa lortzeako egindako apustua. Barriketaldirako, Betty Puerto egongo da; andra deserriratu, errefujiadu eta migraduen Barrera Colectiva taldeko partaidea.
Hurrengo astelehenean, hilak 27, Unai Aranzadiren La paz insurrecta ikusteko aukerea egongo da. Lan honetan, Unai Aranzadik jasoten dau dokumentu ofizialetan jasoten ez dana eta ia 60 urteko gerra eta azken gertaerak, akordioak eta estaduaren, FARC-EPren eta ELNren arteko topaketak ezetutea ahalbidetzen dau. Madrilgo Unibersidade Autonomoko Hugo Paternina izango da barriketaldia gidatzen.
Lehenengo saioa martiaren 13an izan zan. Orduan, Unai Aranzadi eta Mundubaten Colombia invisible ikusi eben bertaratutakoak.

0
Danerik
2017/3/6
Erradikalak gara ikuskizuna Lemoako Karabie Gaztetxean

Ane Labaka eta Beatriz Egizabal lasartearrak (Gipuzkoa) bertsoak eta bakarrizketak batzean dituan ikuskizuna eskeiniko dabe martiaren 10ean, 19:00etan, Lemoako Karabie Gaztetxean. Erradikalak gara titulupean, umorez, "erraietatik" egingo dabe bertsotan eta "berritsuketan", "erroetara" heldu guran. Ondoren kopautxoa egongo da.
Ekintza hau Korrika Kulturalaren eta Andren Nazinoarteko Egunaren inguruko programazinoan dago eta Lemoako Udalak, Arratiako Udalen Mankomunitateak eta Karabie Gaztetxeak antolatu dabe.
Labakak eta Egizabalek, bertsoa oinarri daukien emonaldi barriak sortzeako lehenengo Lanku Bekea irabazi eben Erradikalak gara proiektua garatuteko eta martian hasiko dira taularatzen ikuskizuna. Ane Labaka bertsolaria da eta Beatriz Egizabal ipuin kontalaria eta klown-a.

0
Zinea
2017/2/27
Identidadea landuten dauan filma Igorren

Hilaren lehenengo eguenetan Igorreko Zineklubak aukeratutako film bat eskeintzen dau Lasarte Aretoan, iluntzeko 20:00etan. Martiaren 2an, 2013an Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra jaso eban Mariana Rondon-en Pelo malo filma ikusteko aukerea egongo da.
Pelikula honetan Junior protagonisteak bere ule kixkurra lisatu gura dau eskolako argazki baten kantari baten itxurea izateko. "Pelo malo", konnotazino errazistak dituan Venezuelako esakereak ule kixkurrari egiten deutso erreferentzia. Pelikuleak gai asko jorratzen ditu: errazismoa, jentartearen desbardinagazko tolerantzia eza, identidadearen eraikuntzea, sexualidadea eta beste asko, irakurketa desbardinak ahalbidetuz.
Mariana Rondon zuzendaria izateaz gainera filmaren gidoigilea be bada. Venezuela, Peru, Argentina eta Alemaniaren arteko koproduzinoa da.

0
Zinea
2017/2/27
Zinegoak jaialdiko sei film labur Igorren

Zinegoak Bilboko gaylesbotrans nazinoarteko zinema eta arte eszenikoen hamalaugarren edizinoko sei film labur ikusteko aukerea egongo da Igorren martiaren 6an. Ez da ezer! (Jose A. Cortes Amunarriz, 2015), Gabber maitalea (Anne Cazenave-Cambet, 2016), Ana bueltan da (Ruxandra Ghitescu, 2016), Not Guilty! (Maxim Kuphal-Potapenko, 2016), Gravido (Alejandro Duran, 2017) eta Oh-alaia-izan (Susan Jacobson, 2015).

Sinopsiak
Cortesen filmak gaurkotasun handiko gai bat tratetan dau. Ama bat konturatuko da bere semeari, gay izateagaitik institutuan eraso egiten deutsiela eta semeagaz egoereari aurre egiteko moduaz berba egitea ebatziko dau. Ustekabean, patuak aurreikusita ez egoan egoera bat ekarriko dau.
Gabber maitalea filmak gaztetxo biren istorioa kontetan dau. Hamahiru urteko Laurie eta Mila basoan jantzan dabilz. Mila Lauriegaz maiteminduta dago eta esan gura deutso.
Ana bueltan da film errumaniarrean, Laurak bere lagun Anaren bisitea izango dau. Ana, Errumaniatik, bere jaioterritik etorriko da Ines neska-lagunagaz eta gau baten, lurperatuta egozan sentimentuak azaleratuko dira.
Not Guilty! Alemanian egindako dokumentala da. 1961ean, Heinz urte biko baldintzapeko askatasunera eta adin-txikiko zentro baten hiru asteko zigorra betetera kondenatua izan zan beste gizon baten belauna laztantzeagaitik; epaia indarrean dago ondino. Alemaniako zigor kodearen 175. artikuluaren arabera, 50.000tik gora gizon kondenau ziran homosexualak izateagaitik.
Alejandro Duranen Gravido filmak Tomasen istorioa kontetan dau. Tomas, jaioterrira bueltau da eta aurre egin beharko deutso iraganeko mamuai eta tolerantzia ezari.
Amaitzeko Susan Jacobson-en filmak Rita hiltzeko prozesuan dagoan andrea dauka protagonistatzat. Ritak beste mundura joan aurretik gauza bat egin gura dau: biloba armairutik ateratzera bultzatu.
Emonaldia iluntzeko zortziretan izango da Lasarte Aretoan.

0
Antzerkia
2017/2/27
Pintto Pintto Igorren

Anita Maravillas antzerki taldeak Pintto Pintto 3 urtetik gorako umeentzako antzezlana antzeztuko dau martiaren 3an, 17:00etan, Igorreko Kultur Etxean.
Javi Renovales eta Ivan Alonsoren zuzendaritzapean, Miren Larrea eta Valentina Raposo aktoreak emongo deutsie bizitza testu bako umorezko istorio samur honeri. Fran Lasuenek egin dau ikuskizun honetarako musikea.
Istorioak gure ingurukoakaz hartu-emonak izateko moduaren gaineko hausnarketea eragin gura dau. Garbitegi baten behar egiten daben behargin biren arteko hartu-emona kontetan dau. Erropa garbitegi baten, txukuna, ordenaua eta umore txarrekoa dan langile bat, bere lankideagaz adiskidetu behar da. Azken hau, despistaua, desordenaua eta oso alaia da, eta ez ditu arauak gustuko. Bat-batean galdutako txakurkume bat agertuko da garbitegian, eta agerpen honek munduagazko daukien ikuspegia eraldatuko deutse.

0
Danerik
2017/2/19
Batukadeak animauko dau Areatzan AKKB Eguna

Areatzako Kirol eta Kultura Batzordeko (AKKB) bazkideak ohitura bihurtzen dabilz alkartearen eguna ospatzea zezeileko atzen astegoinean. Aurten, Aratusteetan, hain zuzen be. Horregaitik, bazkaria mozorrotuta egingo dabe. Musikea AKKBren batukada taldeak ipiniko dau.
Egun osoko jaia izango da, goizean mendi ibilaldiagaz hasi eta gaubean erromeriagaz amaituko dana.



Zezeilak 24, barikua
19:00etan, V. Frontenis Txapelketako finalak.

Zezeilak 25, zapatua
09:00etan, mendi ibilaldia Lamino Mendi Taldeagaz. PR BI 9 (Areatzako PR barriztaua). Areatza-Pagomakurre-Areatza. 12 kilometro. 15:00etan, bazkaria Hotelean. Babajana. Mozorrotuta. 18:30ean, BatucAKKB. 20:00etan, erromeria Laminetxe Gaztetxean.

0
Danerik
2017/2/15
Aratuste jaiak, Kanporamartxo eta Etxeramartxo hileon

Mozorro lehiaketa ugari egongo dira gurean Aratusteetan. Aratusteak, eguen lodian hasi, zezeilaren 23an aurten, eta hilaren 28ra arte, Aratuste-martitzenera arte iraungo dabe neguko jairik inportanteenak.


 


Barikuan, eskola guztietako umeak desfileak egingo dabez eskolan egindako edo etxetik eroandako mozorroakaz, eta guraso alkarteak jaiak antolatu dabez desfileen ondoren zerbaist jan eta ondo pasetako.
Astegoiena aprobetxauz, ahalik eta jente gehienak parte hartu dagian barikuan, hilak 24 eta zapatuan, 25, ospatuko ditue karnabalak, Bedian izan ezik. Bedian, tradizinoari eutsiz, Aratuste-martitzenean egiten dabez desfile eta ospakizunak.
Aratusteakaz lotuta, Kanporamartxok eta Etxeramartxok be bizirik diraue Arratian. Kanporamartxo Aratusteen aurreko domekan egiten da. Lagunakaz basotik ibilalditxo baten ostean, zorroztutako makilen puntan txorizoa edo pernila sartu eta sutan erreten da, ogitartean jateko. Etxeramartxo barriz, etxean bertan edo etxe inguruan egiten dan ospakizuna da. Normalean Aratuste-martitzenaren aurreko domekan izaten da. Antxina, baserrietako bizilagunak biltzean ziran, hildako txarriagaz egindako txarrikiak jateko. Izan be, ostean Garizumea hastean zan; hau da, okelea jan barik egoteko denporaldi luzea.

Areatza
Areatzako eskolako umeak, barikuan hilak 24, hainbat ekintza egingo ditue eskolan bertan, baita herrirainoko kalejirea. 16:30ean, gurasoak txokolatea bananduko dabe eskolan eta 17:30ean, ludotekan, tailerrak egongo dira. Ordu berean Aretoan Hodei Magoak Ordu magikoa ikuskizuna eskeiniko dau. 19:00etan, V. Frontenis Txapelketako finalak izango dira.
AKKB kirol eta kultura batzordeak be bere eguna ospatuko dau hilaren 25ean, eta bazkideak mendi ibilaldia, babajana mozorrotuta hotelean, batukadea eta Gaztetxean erromeria antolatu dabe.
Billaroztarrak Kanporamartxo egingo dabe zezeilaren 19an Guraso Elkarteak antolatuta Lamindaon. 10:00etan urtengo dabe plazatik parte hartzaileak. Eguraldi txarra egiten badau plazan egingo dabe txitxi-burruntzia.

Artea
Artean, zezeilaren 24an ospatuko ditue Aratusteak, batez be umeak. Eskola umeak eskolan mozorrotuko dira eta 15:00etan emonaldia egingo dabe bertan. Arrastian, 16:00etatik 19:00etara jaia ospatuko dabe Ludotekan. Bertan maskarak egin eta arpegia pintetako aukerea izango dabe. Zazpiretan, ipuin kontalaria egongo da ludotekan. Ordu berean, Arteako plazan Arratia Kantuz egongo da eta eurakaz batera kantetako aukerea izango dabe hurreratzen diran guztiak.
Bederatziretan, Igitie Arratiako Baserritar Agroekologikoak antolatuta, bertso-afaria egingo da Herriko Bentan, Arkaitz Estiballesek eta Etxahun Lekuek botako dabez bertsoak eta Igor Menikak jardungo dau gai-jartzaile.
Domekan, hilak 26, Kanporamartxo egingo dabe arteaztarrak. Txitxi-burruntzia 13:00etan izango da Eleixabeiti auzoko San Migel eleizan.

Bedia
Esandako moduan Bedian, tradizinoari eutsiz, herri mailako mozorro desfilea martitzenean izango da, hilak 28, arrastiko seiretan. Ordubete lehenago hasiko da jaia; izan be, izen emoteagaz batera, photocall-a eta karaokea egongo dira. Desfilearen ostean ikuskizuna egingo dabe partaideak eta txokolate beroa bananduko da hurreratzen diranen artean.
Desfilerako jantziak prestatzeko bezperan umeentzako mozorro eta makilaje tailerrak egongo dira ludotekan.

Dima
Dimako eskolako umeak, munduko herrialdeak eta andrak lotutako gaiaren inguruko mozorroak jantziko dabez barikuan. Hurrengo egunean, hilak 25, guraso alkarteak jaia antolatu dau frontoi txikian. 18:15ean batu eta 18:30ean hasiko da umeen mozorro desfilea. Nagusiena barriz, bertaratu ahala izango da. 19:00etan txokolatea eta ondoren disko festa Keimaren animazinoagaz. 20:00etatik 22:00etara pintxo potea egongo da.
Baltzola jatetxean, Lion Heart rock taldeak kontzertua emongo dau 22:00etatik aurrera.

Igorre
Barikuan, umeak eskola barruko ospakizuna egingo dabe frontoian. Ziklo bakotxak antzezpen bat egingo dau. Aurten mozorroa librea da. Ondoren, jaia egongo da eskoletako aterpean 16:45etik aurrera. Ismael Pereiraren eskutik jantza saioa eta txokolatea egongo dira. 20:00etan, talo jana egongo da erdigunean.
Hurrengo egunean jaia goizeko 11:30ean hasiko da Igorren, Kultur Etxeko parkean egongo diran umeentzako jolasakaz. 12:30ean, poteo musikatua, AZ tabernan hasita. Herri bazkaria be egongo da, baba jana, 15:00etan. Arrastiko seiretan erromeria eskoletako aterpean Jokaldi taldeagaz. Erromeria bitartean Mozorro Lehiaketea jokatuko da. Bazkarirako txartelak AZ tabernan erosi leitekez. Igorreko Udalak, Zaztaparrak-ek, Inazio Zubizarreta Guraso Elkarteak, errugbi taldeak eta Gure Esku Dagok antolatu dabez ekintzok.
Hurrengo egunean, hilak 26, 18:30ean, Etxeramartxo egingo dabe Igorreko jubiladuak, Jubiladuen txokoan.

Lemoa
Eguen lodian, hilak 23, hasiko dira Lemoan Aratusteak ospatuten. Izan be, egun horretan 10:00etan, txitxi-burruntzia egingo dabe eskolan, guraso eta ikasleak.
Barikuan, eskolako mozorro festa egingo dabe kiroldegian 11:30etik aurrera. Festaren gaia musikea izango da.
Zapatuan, hilak 25, Inauteri jaia herrian izango da. Txikerrenentzat, 17:00etatik 20:00etara kiroldegian, puzgarriak, jokoak, photomatoi gunea, txokolatea, musikea eta jantza egiteko aukerea egongo da beste ekintza askoren artean. Nagusien txandea zazpiretatik aurrera izango da; Jai Batzordeak antolatuta, poteo musikatua egongo da-eta, Eingo Kantan eta Dantzan taldeagaz, 19:00etan Alkartetxetik abiatuta. Atzenik, Harriketarrak Gazte Asanbladeak antolatuta, Zirkinik bez taldeagaz erromeria egongo da Karabie Gaztetxean gaueko 23:00etatik aurrera.


 
Zeanuri
Zeanuriko eskoleak, guraso alkarteak eta ludotekeak, zirkua gaitzat hartutako jaia antolatu dabe, zirkuetako animalien egoerea salatuteko eta animaliak libre izan behar dirala aldarrikatzeko. Barikuan, hilak 24, eskolatik frontoira joango dira "kale-zirkua" eginez. Umeak zirkuaren atzean dagozan lanbideak antzeztuko dabez: malabaristak, sarrerea kobretan dabezanak zein garbitzaileak, berbarako. Gurasoak be hartuko dabe parte eta guraso alkarteak txokolatea, bizkotxoak eta frutea ipiniko dau. 16:30etik aurrera jaia guraso alkartearen eskutik izango da, eta 18:00etatik aurrera ludotekeak antolatutakoa.
Hurrengo egunerako, Tor Magoagaz, magiaz betetako poteoa antolatu dabe Zeanurin 19:00etan. Ondoren, 21:30etik aurrera, dj-a edo karaokea egongo da frontoiko tabernan.
Kanporamartxo be ospatuko dabe Zeanurin, hilaren 19an, Joko Alaik antolatuta. Ibilaldia, plazatik 10:00etan urten, eta Ortuzar, Azkarra eta San Justotik San Juanera izango da. Han egingo dabe txitxi-burruntzia. Horretarako egurra eta edabea antolakuntzak ipiniko dau.

Zeberio
Zubialde Eskolako umeak be barikuan ospatuko dabe jaia. Gurasoentzako ipuin musikala antzeztuko dabe eskolako gimnasioan eta gero, guraso alkarteak jaia antolatu dau.
Zeberion, Gaztelekuan izango da Inauteri Festa. Bezperan, festarako prestaketa lanak egingo ditue eta zapatuan, hilak 25, jaia. Arrastiko 17:00etatik aurrera, musikea, ekintzak tailerrak eta gazteak antolatutako kopautxoa egongo da.

0
Danerik
2017/2/7
San Banlendin zaharbarrituaren aurrean neurtuko dabe artea Eleizondon

Zezeilaren 12an, San Balendin egunaren aurreko domekan, ospatuko da jaia.


Jon Urutxurtu


Aurten be San Balendin jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezetuten dan ermitearen inguruan. San Balendin egunaren aurreko domekan, zezeilaren 12an, ospatuko dabe jaia. Gainera, Eleizondora hurreratzen diranak San Balendinen irudi zaharbarritua ikusteko aukerea izango dabe.
Udan eroan eben eleizondotarrak San Balendinen irudia Bilboko Eleiz Museora eta urtailaren 24an ekarri eben bere ermitara guztiz barriztuta. Juan Manuel Cembellin, Museoko zuzendariak eta Aitor Bilbao, zahabarritze lanen arduradunaren arabera, "irudia egurrezkoa da eta XVIII. gizaldiaren amaierakoa izan daiteke; horregaitik, zaharbarritze beharrak mende horretako irudien eredua jarraituz egin dira; batez be lan sakona egin behar izan da irudiaren aurpegian eta eskuetan. Irudi osoa polikromau behar izan dogu".
Urtero legez, egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrak: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen akta sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, datorren urtekoari agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsaz. Ostean, barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— bananduko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien eta bertsolarien kantuen artean burutuko dira.
Egitarau honetan aitagarria da orain dala berrogeta bederatzi urte eleizondotarrak hasi eben eta orain dala bederatzi urte berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.

Artearen neurketea
Pedro Lejarza eleizondotarraren arabera, "Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoak. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan, gonbit egunean, batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz... artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak egin eban 1999an; papeltxo baten zera idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50".
Aurrekoak hasitako ohiturea ez dabe galtzean itxi gura eleizondotarrak, eta Pedro Lejarzak dinoanez, "2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz gainera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuteko. Azken urteotan zugatzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta aurduratzen zan, 2015ean hil zan arte. Igaz Gregorioren lekukoa Igor Intxaurragak hartu eban eta bera izango da aurrerantzean neurtzailea".
Igaz hartutako neurria honako hau izan zan: 188 cm.ko perimetroa 150 cm.ko altueran, 2015ean baino 3 cm. gehiago. Zein neurri emongo dau aurten?

0
Danerik
2017/2/6
Nagare jantza ikuskizuna Igorreko Kultur Etxean

Jordi Vilasecaren zuzendaritzapean, The Circle of Trust & Logela taldeko sei jantzariak Nagare jantza ikuskizuna eskeiniko dabe zezeilaren 11n, 20:00etan, Igorreko Lasarte Aretoan.
Ikuskizuna, jaiotzetik inguruko guztiaren eraginen eta egiten doguzan hautaketen gaineko hausnarketea da. Nagarek eraginak esploretan ditu, sorbur eta zergaitietan sakonduteko eta erakusteko, horren jakitun izan barik, norbanakook zelan aldatuten doguzan prozesuok.
Ignacio fernandez, David Ventosa, Alberto Pardo, Marcos Pardo, Juan Manuel Aragon eta Victor Lazaro dira jantzariak.

0
Danerik
2017/1/31
Zaztaparrak Asti Taldeak udalekuen inguruko asanbladea deitu dau

Aurtengo udan be udaleku itxiak antolatuko dauz Zaztaparrak Asti Taldeak, 22. urtez. Azken urteetan, izena emondako ume eta gazte guztiak ezin izan dira udalekuetara joan leku faltaz. Horreri aurre egiteko, udalekuen inguruan aldaketak proposatu dabez ahalik eta jente gehienak udalekuetara joan ahal izateko eta metodologia parte hartzaileagoak erabilteko.
Hau danau plazaratuteko asmoz, Zaztaparrak taldeak Igorreko Lasarte Aretoan asanblada irekia antolatu dau zezeilaren 8an, 19:00etan, proposamena azaldu eta jentearen eretxiak jasoteko. Taldeak asanbladan parte hartzeako konbitea egin gura deutse erabiltzaileai, gurasoai, eta batez be, udalekuetan parte hartzeako gogoa daukien 12 urtetik gorako gaztetxoai.

0
Danerik
2017/1/31
Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoak Igorren

Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoak, Patxistein Doktorea ikuskizuna ekarriko dabe Igorreko Lasarte Aretora zezeilaren 4an, arrastiko 17:00etan. Ikuskizun hau, pailazoak orain dala 25 urte estreinautako obran oinarrituta dago, moldaketa barriak eginda.
Txirri, Mirri eta Txiribitonek Patxistein Doktorea izeneko personajeagaz egingo dabe topo eta "zientzilari zoro honen maltzurkeriak" saihesten, hamaika abentura biziko dabez. Abesti ezagunak be kantauko ditue.

0
Danerik
2017/1/21
Judith Mendesek Mas alla de los sueņos nobelea aurkeztuko dau

Liburuaren aurkezpena urtailaren 27an, barikuan, izango da, arrastiko seiretan Lemoako liburutegian. Bertan, Judith Mendes lemoaztarrak, bere Mas alla de los sueños nobela erromantikoa aurkeztuko dau.
Judith Mendes brasildar jatorrizkoa izan arren, gaztelaniaz idatzi dau bere lehenengo eleberria. Izan be, 20 urte dira Lemoan bizi dala eta gaztelania aukeratu dau maitasun kontakizun erromantiko honetarako.
Seleer argitaletxeak argitaratu dau nobelea.

0
Kontzertuak
2017/1/21
Uckaiak bere lehenengo diskoa aurkeztuko dau Kiņu Gaztetxean

Uckaia eta Zeinke talde arratiarrak kontzertua eskeiniko dabe urtailaren 27an, iluntzeko 20:30ean Igorreko Kiñu Gaztetxean. Bertan Uckaia taldeak, urtailaren 5ean kaleratutako bere lehen diskoa aurkeztuko dau.
Sei kanta batzean dauz Zer? izeneko diskoak. Taldea 2014an sortu zan Areatzan. Hainbat lagun taldetik pasau ostean, lau dira egungo partaideak: Aitor Ipiña, bajua eta abotsa; Lander Txabarri, gitarrea eta koruak; Lander Elorriaga, gitarrea eta Ager Barragan, bateria. Taldeak Hardcore melodikoa egiten dau.
Zeinke taldea be 2014an sortu eben Zornotza, Bedia eta Lemoako hiru lagunek. Taldeak disko bat kaleratu eban 2016an, Sormena, kemena titulupean. Kolazinoko Mendi Eguneko abestia be eurak sortutakoa da. Zeinke, Jon Uriartek (gitarrea eta abotsa), Pablo Ruizek (bajua) eta Mikel Muesasek (bateria) osotuten dabe.

0
Kontzertuak
2017/1/15
Los Cinco Bilbainos seikotea Igorren

Los Cinco Bilbainos taldeak emonaldia eskeiniko dau urtailaren 20an, iluntzeko 20:00etan Igorreko Lasarte Aretoan.
Los Cinco Bilbainos jardunean dagoan Iberiar penintsulako musikari bokal talde zaharrena eta tradizionalena da. 65 urte daroez Europa eta Ameriketan kantetan. Barriztatutako formazinoak sei kide ditu.
Jose Luis Fernandez, baritono eta bajua; Jose Antonio Gonzalez de Bizkaia, lehen tenorra; Eduardo Robles bigarren tenorra eta bateria; Jacinto Oñate gitarrea, Moises Arberas, pianoa eta Josune Barroeta akordeoia joten, dira Los Cinco Bilbainos taldeko kideak.
Moises Arberasek tarte baten taldea itxi behar ebala eta 2003an casting-a egin eben ordezkoa bilatzeko. Josune Barroeta hartu eta 2005era arte egon zan taldean, ikasketak zirala eta kanpora joan behar izan eban arte. Arberas bueltau zan eta 2008an Josune Barroeta bueltau zanean, seirak geratzea ebatzi eben, musikea "aberatsagoa" izateko.

0
Danerik
2017/1/6
Elena Fernandez idazleak liburuak sinatuko ditu Igorreko Orrie liburudendan

Elena Fernandez urtailaren 13an egongo da, 19:00etan, Igorreko Orrie liburudendan, Cerezas amargas liburua sinatuten. Eleberria intriga nobelea da XVIII. mendeko eta gaur egungo Barakaldon dago girotuta.
Cerezas amargas Fernandezen lehenengo nobelea da. Aurretik, narrazinoak eta poema liburu bat Triste invierno ditu argitaratuta barakaldarrak. Euskeraz eta gaztelaniaz idazten dau eta hainbat sari jaso ditu. Bat aitatzearren, Bizkaidatz Bizkaiko Foru Liburutegiko Lehiaketako lehenengo saria. Euskeraz finalista izan da Gora Gasteiz 2015 errazismoaren kontrako narrazino lehiaketan eta Otxarkoagako Mugarik Gabeko XIV. Haur Ipuin Lehiaketan.

Sinopsia
Eraso sexual zantzuak dituan hilketa batek, Barakaldoko San Bizente auzoa astinduko dau. Edurnek inplikautako bigaz hartu-emona dauka eta sentimentuen bidezko barruko biajea hasiko dau eta egia topatzen saiatuko da. Hilketeak 1712an gertatutako beste hilketa baten antza dauka. Istorioa XVIII. mendeko eta gaur egungo Barakaldon girotuta dago.

0
Ikastaroa
2017/1/6
Feminismoaren historia ezetuteko ikastaroa

Andren Jabekuntza Eskolearen programearen barruan, Feminismoaren historiaren gaineko ikastaroa egongo da urtailaren 12, 19 eta 26an Lemoako Kultur Etxean, 18:00etatik 20:00etara. Ikastaroa Miren Arangurenek emongo dau.


Feminismoa mendeetako burrukea izan arren, eskolako liburuetan ez da apenas agertzen eta bere historia nahiko ezezaguna da. Munduko herrialde guztietan andrak egindako burruka eta ekarpenak garatuten dabe gaur egungo feminismoa. Izan be, munduan eta Euskal Herrian mobimentuak izandako bailakaerea eta aldarrikapenak ezetutea etorkizuneko erronkai aurre egiteko tresna ezin hobea dala uste dabe Arratiako Andren Jabekuntza Eskolakoak.

Autodefensa tailerra
Urtailaren 28an, Autodefensa feminista tailerra egongo da. Hasikera baten indarkeria sexistea jasan daben andrazkoentzako zan, baina inork ez dau izenik emon eta andra guztiai zabaldutea ebatzi dabela azaldu deutso begituri Xabier Pastor Arratiako Udalen Mankomunidadeko Bardintasun Teknikariak.
Ikastaroa, beraz, andra guztientzat izango da, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Bediako Kultur Etxean izango da, Maitena Monroyren eskutik.

Gizonen Gunea
Gizonen Gunea urtailaren 19an batuko da Dimako Elexalde Gelan, tratu onak eta komunikazino ez bortitza landuteko. Urri bigarrenaren 20an egoan aurreikusita saio hau, baina atzeratu egin behar izan eben.

0
Antzerkia
2017/1/3
Mari Kixkur eta hiru hartzak umeentzako Lasarte Aretoan

Urtailaren 7an, Mari Kixkur eta hiru hartzak XIX. mendeko ipuin klasikoa taularatuko dau GluGlu Produkzioak konpainiak Lasarte Aretoan. Emonaldi bi egongo dira, bata 17:00etan eta bestea 19:00etan.
Musikea, jantza eta komediaren bitartez kontauko dau ipuina antzerki taldeak. Antzezlan honegaz, umeak eta familia osoak norbanako bakotxak intimidaderako daukan eskubide eta alkarregazko errespetuaren gaineko hausnarketea egingo dabe.

0
Danerik
2017/1/1
Lasarte Aretoko bazkide izatea merkeago hilaren 5era arte

Igorreko Kultur Etxeko Lasarte Aretoko bazkide txartela merkeago egin edo barriztu daiteke urtailaren 5era arte.
Txartelagaz urteko ikuskizun guztietan %25eko deskontua izaten da, eta zuzeneko ikuskizun bat eta lau pelikula debalde dira. Ikastaroak be %15eko deskontua daukie txartela erakutsita. Gainera, Euskal Antzoki Sareako antzoki guztietan, deskontuak egiten ditue Lasarte Aretoko bazkide txartelagaz.

0
Kontzertuak
2017/1/1
New Orleans-eko soinua Areatzan

The Loozzies taldeak New Orleans-eko Rithm and Blues-a ekarriko dau Areatzara, urtailaren 4an arrastiko 19:00etan udaletxeko Areto Nagusian emongo dauan kontzertuan.
Paul San Martin pianojole eta abeslariagaz batera, Nando Neira (bajua) eta Carlos Sagi (bateria) egongo dira. Ibilbide handiko musikari honeek, besteak beste, Kim Weston, Measha Brueggergosman, Billy Boy Arnold, William Prince, Nico Wayne Toussaint edo Ruper Ordorikagaz jo dabe. Euren errepertorioa, pasa dan mendeko musika afroamerikar dibertigarri eta sustraituenean oinarrituta dago.

0
Danerik
2016/12/14
Ines Medinaren mintegirako izena emon daiteke Igorreko Kultur Etxean

Arte plastikoen bidezko norberaren prozesu sortzailearen garapenerako mintegian lekua dago talde baten eta interesa daukienak izena emon leikie Igorreko Kultur Etxean. Eskolak urtailaren 7, 14, 21 eta 28an eta zezeilaren 4 eta 11n izango dira.
Mintegiaren helburua norberaren sormen prozesuaren kontzientzia hartzea da eta ezagupen plastiko teoriko eta teknikoak ikastea. Bertan parte hartzeako, aldez aurretik mintegi honetan izandakoak zein inoz izan ez diranak emon leikie izena. Izan be, norberari egokitutako metodologia erabilten dau Medinak.
Ikasturte amaieran mintegiko partaideak erakusketea egingo dabe Igorreko Kultur Etxean.

Ines Medina
Ines Medina 2009an hasi zan Igorren mintegiak emoten. Euskal Herrian eta New York-en batez be ibilbide artistiko handidun margolaria da Medina, eta Arratiako artista plastiko askok izan dabe bera irakasle.
Oraingo ikasturtean talde bi dagoz Igorren arte plastikoen bidez prozesu sortzailea garatuten eta lekua dago parte hartzeako.

0
Danerik
2016/12/14
Nerabeen parte hartzea sustatzeko formazino tailerra antolatu dabe Diman

Begirale eta Gazte teknikarientzako formazino saioa antolatu dabe Dimako Udalak, Arratiako Udalen Mankomunidadeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gaztedi Bizkaiak.
Ikastaroa urtailaren 14an izango da, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara Dimako Elexalde Gelan. Izena, norberaren herriko udaletxean emon behar da abenduaren 16a baino lehen.

0
Kontzertuak
2016/12/13
Benito Lertxundi Zeanurin

Benito Lertxundik kontzertua eskeiniko dau abenduaren 30ean, 19:30ean, Zeanuriko frontoian, Gure Bazterrak musika promotoreak eta Zeanuriko Kultur Batzordeak antolatuta. Bertan, 40 urteko errepertorio zabal eta ezaguneko kantuak entzun eta kantetako aukerea egongo da. Sarrerak salgai dagoz udaletxean 08:30etik 14:30era, hilaren 28ra arte eta hurrengo lekuetan hilaren 22ra arte: Areatzan, The Quiet Corner-en; Artean, Herriko Bentan; Igorren, Gau Loran; Dimako udaletxean; Ubideko Herriko Tabernan; Lemoako udaletxean eta Zeanurin, Txoko Sagarnan, Jubiladuen tabernan, frontoiko tabernan eta Batzokian.
Benito Lertxundi (Orio, 1942) euskal kantaririk ezagunenetakoa da. 1965ean, beste batzuen artean, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Lourdes Iriondogaz batera Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zan. Proiektu kolektiboetan zein bakarkako lanean jarraituten dau, gitarra hartuta, bere kantetako estilo personala zabaltzen.
Hamazazpi disko ditu kalean. Azkena Oroimenaren oraina 2012an argitaratu zan.

0
Musikea
2016/12/12
Kantuzaleen lehenengo bira

Arratia Kantuz, Arratiako kantuzaleen ekimena martxan da. Lehenengo kantu bira Areatzan izango da abenduaren 16an. Kantuzaleak hilean behin, Arratiako herri baten batuko dira, alkarregaz kantetako.
Lehenengoa hilaren 16an izango da, barikuan. Kantuzaleak iluntzeko 20:00etan batuko dira Areatzako plazan. Han kantu liburua bananduko jakie bira hasi aurretik.
Arratia Kantuz egitasmoak, kantetako ohiturea berreskuratu, euskerea bultzatu eta ondo pasetako helburuagaz sortu zan. Bertan, Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa eta Zeanuriko kantuzaleak hartzean dabe parte.
Arratia Kantuz-en ahalik eta herritar gehienak parte hartzea gura dabe antolatzaileak.

0
Danerik
2016/12/12
Literaturearen gaineko hausnarketa feministea, Diman

Arratiako Andren Jabekuntza Eskolearen barruan, Irakurbide feministak literaturan ikastaroa emongo dau Iratxe Retolazak, abenduaren 16an, 17:00etatik 20:00etara eta 17an, 10:00etatik 13:00etara Dimako Batzar Gelan.
Ikastaroak literaturara hurreratzeko irakurbide feministez hausnarketea egitea izango dau helburu. Bide horretan, hezkuntza literarioak, testuetara hurreratzeko garatu izan dauzan eredu matxistak gainditzeko saioak egingo dira.
Ikastaroaren metodologia praktikoa eta parte hartzailea izango da; beti be ikuspegi feministea abiapuntutzat hartuz.

0
Danerik
2016/12/4
Urtea amaituteko hiru jarduera

Areatzako Kirol Kultur Batzordeak hiru jarduera prestatu ditu urteari amaierea emoteko. Mendi urtekera bi, bata abenduaren 11n eta bestea 31n, eta Bilboko Euskalduna jauregira urtekerea hilaren 19an, musika zikloa zarratuteko.
Lamino Mendi Klubak eta Guraso Elkarteak Urkiolatik mendi ibilaldia antolatu dabe hilaren 11rako. "Familian egiteko plan ederra da" dinoe antolatzaileak. Goizeko 09:00etan urtenda, ibilbide bi egiteko aukerea izango dabe partaideak. Ibilbide laburra aukeratuten dabenak Urkiolamendira igongo dira eta luzea egin gura dabenak handik Larrano puntara be igongo dira. "Hamaiketakoa danak batera egingo dabe Pol Polen".
Beste urtekerea urteko azken egunean izango da. 08:00retan Ubidera joan eta Siskiño eta Oketa mendietara igongo dira. Laminok, saldea, langostinoak eta txanpaina ipiniko dauz.

Euskalduna Jauregira
2016ko musika zikloa, Bilboko Euskalduna Jauregian zarratuko dabe hilaren 19an Bilboko Udal Musikaren kontzertuagaz. Kontzertua 20:00etan izango da eta bertara joateko autobusa, 18:30ean urtengo da Areatzatik.

0
Danerik
2016/12/4
Txatxamurke abenduaren 10ean

Lemoako Karabie Gaztetxean Txatxamurke Eguna ospatuko dabe hilaren 10ean. Horretarako egun osoko egitaraua prestatu dabe.
Bola Txapelketeagaz hasiko dabe eguna 11:00etan San Inazioko bolalekuan. Ordu bi t'erdietan, bazkaria; 20:30ean kalejira "erreibindikatiboa" gaztetxetik hasita, eta 22:00etan, Bonistrack Zornotzako taldearen kontzertua Gaztetxean.
Txatxamurkeren helburua ondo pasetea besterik ez da. "Lehen Lemoa Tudai zana, gaur Txatxamurke da, gaztetxean dagoan talde bat. Helburua ondo pasetea da, gauza diferenteak egitea" azaldu deutso begituri Gaztetxeko kide batek.

0
Kontzertuak
2016/12/4
Kontzertu interesgarri bi oraingo hilean Corner-ean

Betiko musika komertzial bardinatik harago, mundu oso bat dagoala erakusten jarraituten dau The Quiet Corner-ek, proposamen interesgarri eta bereziak eginaz. Abenduan, kontzertu bi dagoz iragarrita zein baino zein interesanteago.
Hilaren 10ean, Juan Iñaki abeslari eta perkusionista argentinarra egongo da Areatzan. Kepa Junkeragaz jiran dago eta Cornerrera hurreratuko da bere musikea eskeintzera.
Juan Iñakik bost disko ditu kalean eta "bere belaunaldiko abots interesgarrienetakotzat" joten dabe Argentinan.

Marcos Salcines Quartet
Hilaren 17an, Marcos Salcines Quartet da etortekoa. Marcos Salcines pianojoleagaz, Elsa Lizundia saxo jotzailea, Gorka Iraundegi bateriajolea eta Carla Sevilla kantuan jazz soinuak ekarriko ditue Areatzako baztarrik lasaienera.
Emonaldi biak arrastiko 20:00etan izango dira.

0
Antzerkia
2016/11/29
Ohoreari, aberri sentimentuai, ausardiari eta matxismoari kritikea Yllana Producciones-en antzerkian

 


Yllana konpainiak ¡Muu! 2 antzeztuko dau abenduaren 4an, 20:00etan, Igorreko Lasarte Aretoan.
¡Muu! 2 tauromakiari egindako satirea da. Zezenketa munduan dagoan ohoreari, ausardiari, aberri sentimentuai, matxismoari eta festa nazionalari kritikea egiten deutsee Yllanakoak ¡Muu! antzezlanetan. Lehenengoa orain dala 20 urte egin eben, baina tauromakia munduan gauzak gitxi aldatu dirala ikusita, bigarrena sortu eta gaia barriz landutea ebatzi dabe. Ez da lehenengo aldia umorezko antzerkia egiten dauan konpainia hau Igorrera datorrena. Chefs lana aurkeztu eben aurrekoan eta arrakasta handia lortu.

0
Danerik
2016/11/29
Xabier Lizaso eta Andoni Egaņa Lasarte Aretoan

Xabier Lizasok eta Andoni Egañak Chopinen musikea eta Xenpelarren bertsoak batzean dituan ikuskizuna eskeiniko dabe Igorreko Lasarte Aretoan, abenduaren 2an, arrastiko 17:00etan.
Xabier Lizaso pianojolea Chopinzalea da eta Andoni Egaña bertsolariak Xenpelarren bertsoak ditu gustuko. Chopin eta Xenpelar sasoi berekoak ziran, biak ziran barritzaileak, katolikoak, estadu bako nazinoetakoak, biak bizi izan ebezan sasoi gatazkatsuak, gazte hil ziran eta heriotzako momentuan biak izan eben ondoan arrebea.
Hori dala eta, Lizasok eta Egañak mundu bi, obra bi, kultura bi eta arreba bi ezetuten emoteko Bi arreba ikuskizuna eskeiniko dabe.

0
Zinea
2016/11/28
Arraun the World Igorreko Zineklubean

Igorreko Zinekluba urrietan hasi zan pelikulak hilero emoten, salbuespenak salbu, hileko lehenengo eguenean, arrastiko zortziretan, proiekzino bat egongo da. Pelikulak bersino originalean eskeintzen dira.
Ez da barrikuntza bakarra izan hori eta proiekzino batzuakaz batera, pelikula edo dokumentalen inguruko berbalditxoa egongo da, edo protagonistak eurak bertaratuko dira. Holan, abenduaren 1ean 20:00etan Iñigo Iraultzaren Arraun the World dokumentala eskeiniko da eta bertan izango da bera. Iñigo Iraultza "Iru" Olentzeroren iloba da filmean. "Gabonak heltzean diranean misino sano garrantzitsu bat dauka: opariak eta bideomezuak leku hurrunetan banatzea. Emigranteen ordezkari egiten dau, hareen jatorrizko herrialdeak bisitau eta hareen etxekoakaz zein persona kutunakaz hartu-emonetan ipinita" sinopsiaren arabera.
Gainera, gaiari lotuta dagoanez, emonaldi hau Arratiako Ongi Etorri Errefuxiatuak kolektiboagaz alkarlanean prestatu dabe zine klubekoak.

0
Kontzertuak
2016/11/15
Pablo Fernandez gitarrajoleak jazz kontzertua eskeiniko dau Zeanurin

Zemendiaren 18an, frontoiko tabernan jazz kontzertua emongo dau Pablo Fernandez Arrieta gitarrajoleak. Beragaz, Arturo Valero kontrabajoa joten eta Cesar Frias bateriajolea egongo dira. Urte asko Euskal Herritik kanpo bizi izan ostean, gaur egun Markinan bizi da eta Zeanurin emoten dauz gitarra eskolak Fernandezek.
Gitarrajole, moldatzaile eta musikagilea da Pablo Fernandez. Bostongo Berklee College of Music-ean graduau zan eta New York-eko Queens Collegen jazz masterra egin eban. Hori dala eta, euskal kantuak jazzera moldatzen ditu. "Jazz musikaria naz baina umetatik bihotzean daroadan musikea Ez dok Amairu, Mikel Laboa eta hori da. Horreri buelta bat emotea gura deutsat" azaldu deutso Fernandezek BEGITUri. Igelaren Bandako partaide dan Asier Oleagagaz be jo izan dau Fernandez Arrietak.
Hiru disko ditu kalean, D'aqui para la Nana Vasconcelos perkusionisteagaz batera, O amor eta Standards.

Esperimentazino zalea
Euskal kantak ez bakarrik jazz-agaz, flamenkoagaz be nahastuten dauz musikariak. "Flamenkoa asko gustetan jata eta nire flamenko irakaslea izan zanagaz proiektu bat daukat. Gauza bera egiten dogu. Gitarra elektrikoa eta flamenkoa nahastu".

0
Danerik
2016/11/14
Rokupa hilaren 19an Igorren

Kiñu Gaztetxeak III. Rokupa Fest jaialdia antolatu dau, Gaztetxea okupau ebela hiru urte beteten dira-eta. Bertso bazkaria 14:30ean izango da Gaztetxean; paellea eta eskalopea, begetariano, alergiko eta abarrek eizukinu@gmail.com-era mezua bialdu behar dabe. Bazkari ostean Karrojira eta Tremebunda serigrafia egongo dira. Gauean, 22:00etatik aurrera kontzertuak lau tabernatan. Herrikoan, Moonshakers; Kukuman, Holynus; Errugbin, Nx eta Trokan AK dj-a.

0
Danerik
2016/11/14
Kontzertuak eta kalejirak gurean

Zemendiaren 22an, Santa Zezilia edo Zezili Deuna, musikearen patroiaren eguna ospatuten da eta egun horren inguruan Arratiako Musika Eskolak, abesbatzak, bandak eta musikariak kontzertuak eskeini eta musikea aterako dabe kalera.
Arteak zemendi osorako antolatu dauz kontzertuak eta musika ekitaldiak. Zemendiaren 18an izango da Luis Iruarrizaga Abesbatza, Arratiako Musika Eskolako Kirikinusi Korua eta Arteako eskolako umeen kontzertua San Migel eleizan, arrastiko 19:30ean. Horren aurretik, 15:15ean, eskolan, musika jardunaldi irekiak egingo ditue, eskolearen bitartez herritarrai musikarako grina biztuteko asmoz. Hurrengo Egunean, Mikel Inuntziaga "Inun" kantautorearen kontzertua egongo da Herriko Bentan. Zemendiaren 25ean kontzertu bi egongo dira. Zortziretan, Bilboko Musika Eskolako Abots Konboak San Migel eleizan, eta 21:00etan, Sonic Free Station, soul, blues eta rock taldeak Batzokian, kontzertua emongo dabe.
Igorren be Luis Iruarrizaga Abesbatzak, Arratiako Musika Eskolako ikasleak eta Igorreko ludotekako umeak Santa Zeziliako kontzertua eskeiniko dabe hilaren 19an, arrastiko zazpiretan Lasarte Aretoan.



Areatzan Bandea eta Zeanurin kalejirak
Areatzako Udalak, Kultur Kirol Batzordeak, Bandak eta Hala Dzipo Herri Musika eskoleak hiru kontzertu antolatu ditue. Lehenengo biak Udal Aretoan. SolyDo biola laukoteak hilaren 20an 18:30ean joko dau, eta 25ean, "Herriaren purrusaldea" ikuskizuna egongo da 19:00etan. Hurrengo egunean, hilak 26, Areatzako Bandeak kontzertua eskeiniko dau eleizan.
Zeanurin be, hiru musika ekitaldi egongo dira. Lehenengoa, Pablo Fernandezen jazz kontzertua izango da, hilaren 18an, 20:30ean, frontoiko tabernan. 22an, barriz, 18:00etan, herriko hiru zubietatik kalejiran ibiliko dira herriko trikitilari, txistulari eta abeslariak. Hilaren 19an, Santa Zezilia eguneko kantak abestuko dabez.

0
Danerik
2016/11/14
Juan Manuel Etxebarriaren liburuaren aurkezpena

Lehenengo Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak liburuan jaso barik geratu ziranak, eta harrezkeroztik jaso dituanak batzean dauz Juan Manuel Etxebarria filologo zeberioztarrak bigarren liburu honetan. Liburu mardula 788 orrialdekoa.
Irakasleak, Deustuko Unibersidadean aurkeztuko dau liburua zemendiaren 14an goizeko 10:30ean, eta hilaren 17an, arrastiko 19:00etan, Zeberioko udaletxean.

0
Antzerkia
2016/11/8
Ahizta bi, abusuak eta tratu txar psikologikoak Ahizpak antzezlanan

Zemendiaren 12an, 20:00etan, Igorreko Lasarte Aretoan, Moon Produkzioak-ek Ahizpak antzezlana taularatuko dau gaztelaniaz. Fer Montoyaren zuzendaritzapean, Maite Agirrek, Justi Larrinagak eta Olatz Gorrotxategik ahizta bi eta erizain baten papelak jokatuko ditue Robert Aldrich-ek zuzendutako Qué fue de Baby Jane pelikulearen itzala daukan misteriozko istorioa kontetako.
Antzezlan honetan, Marta etxean zarratuta bizi da, vodka edaten eta Qué fue de Baby Jane pelikulea etenbarik ikusten. Musikal bat egiteko asmoa jabilko buruan. Pelikulan legez, bere ardurapean ahizta elbarri bat dauka, eta bien arteko hartu-emona sano konplikaua da. Astean behin Olivia erizaina joakie eta ahizten arteko hartu-emona zelan doan hondatzen ikusten dau.

0
Danerik
2016/11/7
Doluaren gaineko tailerra Zeanuriko eskolan

Zeanuriko Guraso Eskoleak, Albakoa Guraso Elkartea eta Foru Aldundiaren laguntzeagaz, doluaren gaineko tailerra antolatu dau zemendiaren 12 eta 13rako. Ikastaroa, doluan aditua dan Kepa Kamiñak emongo dau Zeanuriko eskolan. Saio bi izango ditu. Lehenengoa zapatuan izango da 09:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta bigarrena domekan, 09:30etik 14:00etara.
Ikastaroan parte hartzean dabenak alkarregaz bazkalduko dabe zapatuan. Izen emotea, gurasoelkartea@zeanurikoeskola.com helbidean egin daiteke, 65 euroko prezioan, bazkaria barne. Ordainketea kontu zenbaki honetan egin behar da: ES39 2095 0335 21 1009286709.
Ikastaroa batez be gaztelaniaz izango da.

0
Bertsolaritzea
2016/11/7
Aitor Sarriegi eta Jone Uria sanmartinetako Arantzazuko bertso afarian

Arantzazuko EH Bilduk sanmartinetako bertso afaria antolatu dau, aurten seigarrenez, zemendiaren 11rako, Arantzazuko Montero jatetxean. Aitor Sarriegi eta Jone Uria izango dira bertsolariak. Ekitaldia 21:00etan hasiko da.
Sarrerak 18 eurotan egongo dira eskuragarri Arantzazuko Herriko Tabernan eta Montero jatetxean eta Igorreko Rugby tabernan, Gau Loran eta Axular Herriko Tabernan.

Bertsolariak
Aitor Sarriegi gipuzkoarrak eta Jone Uria bizkaitarrak botako dabez bertsoak aurtengo sanmartinetako bertso afarian. Biak hartu dabe parte Bertsolari Txapelketa Nagusian.
Aitor Sarriegi (Beasain, 1976) Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken bi finaletan, 2009an eta 2013an, egon da. Jone Uria (Algorta, 1990), 2010ean, 2012an eta 2014an Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera heldu zan.

0
Danerik
2016/11/7
"Hauxe da gure kantua" jaialdia

Lemoako Udalak eta gazteak, memoria historikoaren inguruan "Hauxe da gure kantua" jaialdia antolatu dabe zemendiaren 11rako. Jaialdia 19:30ean hasiko da Gaztetxean eta bertan, beste artista batzuen artean, Estankona anaiak, Arkaitz Estiballes, Nora Gaintza eta diskoa egiten parte hartu eben Lemoako gazteak egongo dira.
Hauxe da gura kantua Lemoako Udalak sustatuta, memoria historikoaren gaineko herriko gazteak garagarrilean kaleratutako diskoaren izena da. Diskoa, zortzi abestik, poesia bik eta bertso batek osotuten dabe Arratia inguruko artistak sortu eta kantautakoak. Estankona anaiak, Igor Menika, Eskean Kristö, Unai Santos, Rafa Ugalde eta Arkaitz Estiballes dira artista horreetako batzuk.
Jaialdiagaz Lemoako Udalak Egia, Justizia eta Erreparazinoaren alde beharrean jarraituteko konpromisoa berretsi gura dau.

0
Danerik
2016/11/1
Zeberioko Udalak 2017ko egutegia egingo dau herriko argazkiakaz

Zeberioko Udalak 2017ko egutegia egingo dau herriko argazkiakaz eta horretarako herritarrai argazkiak bialtzeko eskatzen deutse.
2017ko egutegia herritarrak bialdutako argazkirik esanguratsuenakaz egingo da. Udalak urte amaieran herriko etxe guztietan bananduko dau.
Argazkiak, digitalak edo digitalizatuak izan behar dira eta montxi.zeberio@bizkaia.org helbide elektronikora bialdu behar dira zemendiaren 30a baino lehen. Udaletxean bertan be itxi daitekez papelezko formatuan eta Udalak, argazkiak digitalizau ostean, itzuliko deutsez jaubeai.

0
Danerik
2016/10/31
Kantu eta jantza tradizionalen aldeko ekimen bi Arratian

Arratiako hainbat jantzazale batuta, Arratia Dantzan izeneko ekimena abiatu dabe. Honen helburua da erromeriak egitea Arratiako herri guztietan, eta zaleak batzea jantzan egin eta ondo pasetako. Ekimen horretara Usansolo be batu da. Lehenengo Topaketea Areatzako Euskal Jaian egin eben eta hurrengo hitzordua zemendiaren 19an daukie Usansolon.
Kantuzaleak be, Arratia Kantuz izeneko egitasmoa martxan ipinten dabiz, kantetako ohiturea berreskuratu, euskerearen erabilerea bultzatu eta ondo pasetako helburuagaz.

Arratia Dantzan
Areatza, Igorre eta Zeanuriko erromeria zaleen ekimenez ipini da martxan proiektu hau eta zabaltzen doa. Asmoa hilean behin, Arratiako herriren baten erromeria bat egitea da eta bertara Arratiako herri guztietako jantzazaleak joatea jantzan egiteko. Egutegia osotuen dabiz, herri bakotxeko eta inguruko herrietako ekintzak kontuan hartuta.

Arratia Kantuz
Arratia Kantuz egitasmoa martxan ipinteko, Arratiako kantuzaleak batzarra egin eben Igorren urri bigarrenaren 27an. Bertan, Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa eta Zeanuriko 16 lagun bildu ziran. "Bertaratukoak gogotsu agertu ziran arratiarrak abestuten alkartuteko ideagaz, eta zemendian zehar bakotxak bere herrian egitasmoari buruzko informazinoa zabaltzeko geratu gara. Arratia Kantuz-en ahalik eta herritar gehienik parte hartzea gura dogu" dino Sara Gutierrez Arratia Kantuz egitasmokoak.
Hilean behin, herri baten, topaketea antolatu gura dabe eta 2017ko egutegia egiten dabiz.
Arratia Kantuz-en lehenengo topaketea, Areatzan izango da abenduaren 16an, arrastiko 20:00etan plazatik hasita. Bertan, kantu liburua bananduko dabe.

Kantuak era ez formalean
Egitasmoaren helburu nagusia abestutea eta ondo pasetea da. Baina beste helburu batzuk be baditu: euskaldunen kantetako ohiturea berreskuratzea eta Arratiako herrietako jenteak alkartuteko eta zaletasun hau konpartiduteko aukerea izatea.
Izan be, Arratian kanturako zaletasun handia egon arren, kaleetan eta modu informalean kantetako ohiturarik ez dago. Hainbat koru egon arren, Santa Agedakoa, Luis Iruarrizaga, Lemoako Korala eta Zeanurikoa beste batzuen artean, kantu ez formalean; hau da, modu herrikoian, kantu biretan eta abar, jentea ez dala asko animetan uste dabe kantuzaleak. Eta hori aldatzeko ipini dabe martxan ekimen hau.

0
Bertsolaritzea
2016/10/31
Arantzazuko Igor Menikaren txandea, zemendiaren 5ean

Arratiar bi dagoz parte hartzean Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketetan, Igorreko Iñaki Iturriotz eta Arantzazuko Igor Menika. Iturriotzek hirugarren kanporaketan hartu eban parte, hirugarren eginez. Igor Menika hilaren 5ean egongo da Zaldibarren, finalaurrekorako lehian.
Urri bigarrenaren 23an jokatu zan hirugaren kanporaketea eta bertan Iñaki Iturriotz egon zan. Saioa, Beñat Ugartetxeak irabazi eban, finalaurrerako pase zuzena lortuz. Puntuazinoaren arabera pasetako be gatx dauka Igorrekoak. Izan be, Iturriotzek 385 puntu lortu ebazan, Igorren bigarren egin eban Julen Erezumak barriz, 444 puntu.

Menikaren txandea
Zemendiaren 5ean, Igor Menika saiatuko da finalaurrekora zuzenean pasetan. Horretarako, Beñat Romero, Beñat Vidal, Eneko Arrate, Nerea Ibarzabal, eta Peio Ormazabaleri irabazi beharko deutse. Kanporaketea Zaldibargo Olazar frontoian izango da 17:30ean.

0
Antzerkia
2016/10/31
Tomaxen Abenturak pailazoak Igorren

Tomaxen Abenturak pailazoak Igorreko Lasarte Aretoan izango dira zemendiaren 5ean, 17:00etan, Hiru ipuin izeneko ikuskizuna eskeintzeko. Hau antzezlan familiarra da 4 urtetik gorako umeentzako aproposa eta "Txanogorritxo", "Hiru txarritxoak" eta "Hamelingo txirularia"ren kontakizunak batzean ditu.
Muxugorrik, Tomaxen lagunak, Tomax liburutegira joateko konbenziduko dau, han, ipuinakaz antzerkia sortzeako. Ez dakienez irakurten, ume bat aukeratuko dabe honek euren gustuko ipuinak kontetako eta holan, "Txanogorritxo", "Hiru txarritxoak" eta "Hamelingo txirularia" euren erara antzeztuko dabez. Barre egin, ondo pasau, kantau, jantzan egin eta majia egingo dabe Tomaxek, Muxugorrik eta bertaratzen diranak.

0
Musikea
2016/10/31
Musika estilo guztiak Artean

Santa Zezilia edo Xixili deuna zemendian ospatuten dala eta Arteako Udalak, eskoleak, tabernak, Musika Eskoleak, guraso alkarteak, Andra Mari parrokiak eta AKKTk zemendi musikala antolatu dabe, aurten hirugarrenez. Eskolan, tabernetan eta kalean ume, gazte zein helduentzako estilo guztietako kontzertuak egongo dira.
Arteako III. Azaro Musikala, hilaren 4an abiatuko da, 19:00etan, txotxongilo ikuskizun bategaz. Rosa Martinezek Hala bazan eskeiniko dau ludotekan.
Hurrengo egunean, Four Friends taldeak kontzertua joko dau Artea tabernan, iluntzeko 21:30ean. Batez be jazz, blues eta swing estiloko musikea egiten dau taldeak.
Hilaren 11n ume eta gazteentzako joko korala egongo da musika eskolan, arrastiko seiretan, hurrengo egunean, hilak 12, Moonshine Wagon taldearen txandea izango da Ekomuseoan 21:30ean. Gasteizko hirukoteak, Estadu Batuetako musikea egiten dau, country eta bluegrass estilokoa, gitarrea, bibolina, kontrabajua, mandolina, banjoa eta aho-soinua joaz.
Zemendiaren 18an, Arteako eskolan jardunaldi irekiak egingo dabez 15:15ean. Eguen berean, arrastiko 19:30ean, San Migeleko eleizan, Luis Iruarrizaga Abesbatzak, Arratiako Musika Eskoleak eta Arteako umeak emonaldia eskeiniko dabe. Hurrengo egunean, Herriko Bentan, Mikel Inuntziaga "Inun" kantautorea egongo da 21:30etik aurrera.
Santa Zezilia egunean, hilak 22, 18:00etan, kalejirea egingo dabe Musika Eskolakoak: Batzokitik, plazara eta handik Ekomuseora. Ostean txokolatea egongo da.
Eta amaitzeko, hilaren 25ean kontzertu bi aukeran. Bilbo Musika Eskolako Ahots Konboak, jazz, blues eta soul kontzertua eskeiniko dau San Migel eleizan, arrastiko 20:00etan; eta Batzokian, 21:00etan, rock kontzertua egongo da Sonic Free Station taldearen eskutik.

0
Kontzertuak
2016/10/23
Igelaren Bandaren kontzertua Igorreko Kultur Etxean

Urri bigarrenaren 28an, arrastiko 20:00etan, Igelaren Bandak kontzertua eskeiniko dau Igorreko Kultur Etxeko Lasarte Aretoan.
Igelaren Banda ibilbide handiko musikariez osotuta dago. Gitarra jotzailea Bixente Martinez da, lehenago Oskorri eta Hiru Trukun jo izan dauana; baju eta kontrabaju jotzailea Amaiur Cajaraville. Honek Benito Lertxundigaz, Aiko eta Mikel Markezegaz jo dau; Hasier Oleaga bateria joleak barriz, Ruper Ordorika eta Iñaki Salvadorregaz.
Taldeak euskal musika tradizionala hartzean dau abiapuntutzat, baina jazz inprobisazinoaren eremura eroaten dau. Atzen diskoan, Debaldeko festa, bertsolariak erabilten dituen doinuak hartu ditue ardatz, historiak garatzeko aukerea emoten dabelako. Donostiako Jazzaldian, Bilboko Loraldian eta beste hainbat jaialditan egon eta gero, Igorreko Lasarte Aretoan aurkeztuko dabe lana.

0
Kultur astea
2016/10/15
Lehengo bizimodua gomutauko dabe Arteako Jubiladuen astean

Urri bigarrenaren 17tik 23ra arte, Arteako Udalak Jubiladuen astea antolatu dau. Artea zelangoa zan orain dala 70 urte erakusten dauan dokumentala, antxinako argazkiak eta bizimodu aldaketearen gaineko hausnarketea egiten dauan film bat ikusi ahal izango dira beste gauza batzuen artean. Baina batez be, erakusketan, zinean, belaunaldien arteko topaketetan, txangoan eta bazkarian ondo pasetako aukerea izango dabe 65 urtetik gorakoak.
Arteako eraikuntza publikoetan Arratiako Tranbiaren argazkiak eta antxinakoak egongo dira ikusgai aste osoan. BEGITU argitaratzen dauan Zertu Kultur Elkarteak antolatutako eta igaz Arratiako hainbat herritan egon zan Arratiako Tranbiaren gaineko erakusketan egondako panelak be ikusi ahal izango dira.
Zineari jagokonean, zita bi dagoz. Lehenengoa, eguaztenean, hilak 19, izango da. Arrastiko 19:00etan ludotekan, Amama filma ikusteko aukerea dago. Asier Altunaren filmak sari asko jaso ditu, tartean Euskal Zinemaren Irizar saria 2015eko Donostiako Zinemaldian. Pelikuleak belaunaldiak, uri eta herriko bizimodua eta iragana eta oraina bateratzeko zailtasunez egiten dau berba.
Hurrengo egunean, Artearen iragana eta oraina erakusten dauan dokumentala eskeiniko dabe ludotekan, 19:00etan. Artea atzo eta gaur izeneko dokumentalean, Arteako zazpi herritarrek orain dala 70 urte Artea zelangoa zan kontetan dabe. Egun horretan bertan, hau da hilaren 20an, baina goizez, edadeko arteaztarrak eskolatik pasauko dira umeai euren esperientzia eta bizipenak kontetan. Barikuan barriz, hilak 21, herriko jubiladuen alkarteak Errioxako Briones herrira egingo dau txangoa.
Domekan, hilak 23, Jubiladuen Eguna ospatuko da: eguerdiko 12:30ean, bertsolariak egongo dira plazan; 14:30ean, herri bazkaria frontoian jubiladuen omenez eta bazkalostean, 17:00etatik aurrera, kantuak. Bazkarirako apuntetako udaletxean emon behar da izena hilaren 18a baino lehen.

0
Ondarea
2016/10/15
Migrazinoak itxitako ondarea aztertuten jarraituko dabe Arratian

"Etxetik kanpo, migrazinoak eta kultur ondarea" Ondarearen Europako Jardunaldietako gaiari lotuta, hiru ekitaldi eratu ziran gurean aurreko hamabostaldian. Bi Areatzan izan ziran, herriaren historia ezetuteko bisitaldi gidatuak eta Euskal Jaia; eta Zeanurin bat, San Justoko karobiari bisitea. Bigarren hamabostaldi honetan, barriz, lau jarduera egongo dira. Igorren izango da bat, Igorreko historian, jentearen mobimentuen garrantzia azalduko dau Angel Larreak. Besteak, barriz, Zeanurin. Holan, Barazarko zentral hidroelektrikoa bisitetako aukerea egongo da eta Zeanuriko gune monumentala eta Ekuadorreko Los Rios misinora joandako abade zeanuriztarren barri jakitekoa be bai. Atzenik, Zeanuri eta Ubideren arteko Larreen zeharkaldiak, Erdi Aroko bidetik ibilteko aukerea emongo dau.

Igorre
Igorreko historian murgilduko ditu Angel Larreak jarduera honetara hurreratzen diranak. Biztanleen mobimentuak udalerriaren sorreran eta toponimian izan daben eragina erakutsiko dau Historia irakasleak: Ameriketara eta Filipinetara joandako indianoak, Gerra Zibileko errefujiadu eta frankismoan erbesteratutakoak, eta industrializazinoak erakarritako etorkinen barri emongo dau. Igorrera etorritako kanpo migrazinoaren eta migratzaile gazteen errealidadeak be aitatuko dira. Urri bigarrenaren 26an, 19:30ean izango da Kultur Etxean.

Zeanuri
Zeanuriko udalerriak lurpean ezkutatzen dauan zentral hidroelektrikoa ezetutera emongo dabe hilaren 19an. Hitzordua goizeko 10:00etan herriko plazan da. Barazarko zentrala, Altos Hornos de Vizcaya enpreseari zerbitzua emoteko sortu zan. 1948 eta 1950 bitartean eregi eben. Eraikuntza lanetarako estaduko hainbat lekutatik etorri ziran beharginak eta euren familiak. Bisitaldian, 12,5 km.ko tunela ikusteko aukerea egongo da.
Urri bigarrenaren 22an, 10:00etan herriko plazan batzean diranak, Ekuadorreko Los Rios misinoari buruzko gorabeherak ikasiko dabez. Misinora zortzi misinolari joan ziran 1948an eta hareetako bi Zeanurikoak ziran: Gisasola eta Ozerinjauregi. Misino horren iragana eta oraina azaltzeko, orain dala urte batzuk egin zan erakusketan erabilitako argibideak emoteko panelak erabiliko dira. Eta, han 7 urtez lan egin eban Jose Mari Kortazarrek, azalpenak emon eta gidari lanak egingo ditu. Jon Urutxurtu historialaria be egongo da gidari lanetan, Elizondoko gune monumentala ezetuten emoten, hain zuzen: Andra Mari parrokia eta erretaula, Piedade baseleizea eta Nestor Basterretxearen kurutzea.

Zeanuri-Ubide
Urri bigarrenaren 29an, zapatuan, egingo da Zeanuri-Ubide Larreen Mankomunitatearen X. Zeharkaldia. Ibilaldi hau Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauaren barruan dago. Aurtengo Jardunaldiak "Etxetik kanpo" izenburupean antolatu dira; ibilbideak jardunaldien izenburuagaz lotura zuzena dauka, tarte batzutan, Bilbo eta Gasteiz lotzen ebazan errege bidea jarraitzen daualako, eta bidarri horretatik gora eta behera igarotzen ziran persona eta merkantzia ugari.
Zeharkaldi honen jatorria, orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalak egiten daben batzarrean dago: urte baten udaletxe batean eta hurrengoan bestean biltzean dira, udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Urtero errepikatzen dan ohitura eta betebeharra da. Atzen bederatzi urteetan zeharkaldia amaitu ondoren, jarraian egiten izan dabe batzarra udal bietako zinegotziak. Aurten, Ubideko Udalak batzarra urri bigarrenaren 14ra aurreratzea ebatzi dau.
Ibilaldiak 12 km. ditu. Urtekerea Zeanuriko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan. Plazatik abiatuz, partaideak Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe Ipiñabururantza zuzentzeko; hemendik Saldropora igo beharko dabe. Jadanik Saldropoko zelaikadan, Lapursasitik Otzarretako pagadiaren ondotik igaro eta Ubiderantza joko dabe; azken txanpa honetan galtzadearen aztarnak argi eta garbi azaltzen diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe parte hartzaileak, azkenik Ubideko plazara heltzeako.

0
Bertsolaritzea
2016/10/15
Arratiar bi Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udagoieneko fasean

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udagoieneko fasea martxan da. Lehenengo saioa Mungian izan zan urri bigarrenaren 15ean. Hirugarren kanporaketea Igorren izango da, hilaren 23an. Txapelketako fase honetan, udabarriko fasean sailkatutako bertsolariak neurtuko dira, tartean arratiar bi: Iñaki Iturriotz eta Igor Menika.
Udagoieneko fasea, 5 kanporaketak, hiru finalaurrekok eta finalak osotuten dabe. Kanporaketa eta finalaurrekoetan 6 bertsolari egongo dira saio bakotxean; finalean, barriz, zortzi.
Iñaki Iturriotzen txandea Igorreko Lasarte Aretoan izango da hilaren 23an, arrastiko 17:30ean. Beragaz, Arkaitz Zipitria, Beñat Ugartetxea, Julen Erezuma, Malen Amenabar eta Paule Ixiar Loizaga neurtuko dira.
Igor Menika Arantzazukoak bosgarren kanporaketan hartuko dau parte. Hau Zaldibarko Olazar frontoian jokatuko da. Beñat Romero, Beñat Vidal, Eneko Arrate, Nerea Ibarzabal eta Peio Ormazabal izango dira Igor Menikaren aurkariak.
Bost kanporaketa osotuteko beste saio bi dagoz. Bigarren kanporaketea hilaren 22an jokatuko da Sestaoko Musika Aretoan, eta laugarrena hilaren 29an Leioako Kultur Auditoriumean.
Finalaurrekoak, zemendiaren 19an, 27an eta abenduaren 3an izango dira. Finala, barriz, Bilboko Bilbao Arenan jokatuko da abenduaren 17an.

Antolakuntzan be arratiarrak
Txapelketearen antolakuntzan jente askok parte hartzean dau. Talde antolatzailean, esate baterako, Illart Gumuzio Igorrekoa dago eta komunikazino taldean, Iñaki Iturriotz.

0
Danerik
2016/10/9
2017ko egutegia egiteko Argazki Lehiaketea

Lemoako Udaleko 2017ko egutegia egiteko helburuagaz, Lemoako V. Argazki Lehiaketea abiatu dau udalak. Hamabi argazki sarituko dira egutegia osotuteko. Argazkiak urri bigarrenaren 30era arte bialdu daitekez udaleko kultura zerbitzura.
Gaia Lemoa da eta edonork hartu daike parte. Argazkiak formatu horizontalean baino ez dira onartuko eta partaide bakotxak argazki bakarra aurkeztu ahal izango dau. Zuri-baltzean, koloreetan edo mugikorragaz egindako argazkiak aurkeztu daitekez. Gitxienezko tamaina 30 cm. x 20 cm.koa da. Egilearen datuakaz batera, eta argazkia noz eta non aterata dagoan esanda, kultura@lemoa.net helbidera bialdu behar da erretratua. Argazki sarituak egutegian argitaratuko dira eta 30 euroko saria be izango dabe.

0
Ondarea
2016/10/9
Migrazinoak izandako eragina aztertuko dabe Ondarearen Jardunaldietan

"Etxetik kanpo: migrazinoak eta kultur ondarea" da jardunaldiotako aurtengo ardatza.


Europako Kontseiluaren ekimenagaz bat eginez, Foru Aldundiak hamasei urte daroaz programea koordinetan. Aurten 63 udalek, 17 alkarte eta erakunde ofizialek, 17 museok eta 50 kultur alkarte inguruk hartuko dabe parte. Tartean, Areatza, Igorre, Zeanuri eta Ubideko Udalak, Joko Alai, Amexier Mendi Elkartea eta Ortuzar Ubideko Gazte Asanbladea.
Zazpi dira gure eskualdean antolatuko diran jarduerak. Areatzan bi. Lehenengoa, urri bigarrenaren 8an eta 9an, bisitaldi gidatuak eta erakusketa dinamikoa antolatu ditue "Migrazino eta salgaien mobimentuak sortu eta sustatutako uribildua" izenpean. Urri bigarrenaren 15ean, barriz, Euskal Jaia. Igorren, hilaren 26an, Angel Larreak migrazinoak Igorreko kultura ondarean izan daben eragina azalduko dau Kultur Etxean emongo dauan berbaldian. Eta Zeanurin lau jarduera antolatu ditue. Lehenengoa, hilaren 15ean izango da, San Justoko karobitik ibilbide gidatua; hurrengoa 19an, Barazarko zentral hidroelek- trikoari bisitea; 22an, Zeanuriko gune monumentalera bisitea Ekuadorreko Los Rios eleizbarrutiko misinoen barri jasoaz, eta urri bigarreneko 29an, Ubideko Udala eta alkarteakaz alkarlanean, Zeanuritik Ubidera, Erdi Aroko galtzadatik Larreen zeharkaldia antolatu dabe.
Beraz, lehenengo hamabostaldi honetan, ondarea ezetuteko hiru zita dagoz. Hurrengo hamabostaldian, beste lauak.

Areatza
Bisitaldiaren eskutik, Areatza ulertuteko gertaera nagusien barri jakingo dabez partaideak. Areatza Juan Nuñezek eta Maria Diaz de Harok eratu eben XIV. gizaldian, Arratia errekearen ibilgutik kostaldera joiazan salgaiak kontroletako; urrunetik eta ingurutik etorten ziran artisauak; XVI. Mendeko zabalguneak, XIX: mendeko Errege Bide barria edo Arratiako tranbiaren gaineko informazinoa emongo dabe bisitaldi gidatuak eta erakustaldi dinamikoak.
Jarduerea zapatu eta domekan izango da, euskeraz eta gaztelaniaz, ordutegi desbardinetan: 11:30ean eta 16:00etan euskeraz, eta 13:00etan eta 17:30ean gaztelaniaz.
Hilaren 15ean, 11:00etatik aurrera Euskal Jaia ospatuko da. Antxinatik etorri da jentea Areatzara. Bilboko eta Aiara aldeko burgesiak udaldia emoten eben Areatzan, eta Undurraga urtegia eregiteko etorritako beharginen familien harrera lekua izan zan. Uribilduaren sei gizaldiko historian, etorri diran persona guztiak lagundu dabe bertako ondare etnografikoa osotuten. Euskal Jaiak hori guztia berreskuratu eta zabaldu gura dau, besteak beste, azoka, artisauen tailer, jantzi eta abestien bidez.

Zeanuri
San Justoko karobia bisitetako hitzordua hilaren 15ean, 10:00etan da herriko plazan. Karobian antxina etxetik kanpo egiten ziran lanetako bat azalduko da: karea egitea. Kareak erabilera ugari ebazan: eraikuntzan, baserriak zuritzeko; nekazaritzan ongarri moduan eta abeltzaintzan kortak desinfektetako.
Gidari lanak egiteaz eta azalpenak emoteaz Jon Urutxurtu historialaria arduratuko da.

0
Zinea
2016/10/9
Hileko lehenengo eguenean pelikula bat eskeiniko dau Igorreko Zineklubak

Planteamentu barria dakar Igorreko Zineklubak 2016-2017 ikasturterako.


Orain arte, hiruhilabeterik behin ziklo bat eskeini izan da; hau da, hilabete baten hiru pelikula, baina hemendik aurrera hilero eskeiniko dira pelikulak: salbuespenak salbu, hileko lehenengo eguenean, arrastiko zortziretan, proiekzino bat egongo da. Betiko moduan, pelikulak bersino originalean eskeiniko dira.
Ez da barrikuntza bakarra izango. Proiekzino batzuakaz batera, pelikula edo dokumentalen inguruko berbalditxoa egongo da, edo protagonistak eurak bertaratuko dira. Holan, adibidez, abenduaren 1ean Iñigo Iraultzaren Arraun the World dokumentala eskeiniko da eta bertan izango da Iñigo Iraultza bera. Gainera, gaiari lotuta dagoanez, zine kluba Arratiako Ongi Etorri Errefuxiatuak kolektiboagaz alkarlanean dabil.
Lehenengo hiru pelikulak, honeek izango dira: urri bigarrenaren 13an, Thelma & Louise (Ridley Scott, 1991); zemendiaren 3an, Timbuktu (Abderrahmane Sissako, 2014) eta abenduaren 1ean, Arraun the World (Iñigo Iraultza, 2015).

Thelma eta Louise
Aurten 25 urte beteko dira pelikula hau estrenau zala eta gitxi izango dira Thelma & Louise pelikulea ikusi ez dabenak. Izan be, arrakasta handia izan eban gertaera gogoangarria bilakatuz. Pelikuleak, biaje baten izandako andra biren jabekuntza prozesua kontetan dau.
Hauxe da pelikulearen argudioa: Thelma Dickinson bizimodu aspergarria daroan andra bat da. Bere gizon nazkagarri eta matxisteagaz bizi da eta honek neskametzat hartzean dau. Louise Sawyer barriz, kafetegi baten zerbitzaria da. Jimmy mutil-lagunagaz ezkontzea amesten dau. Thelma eta Louise asteburu pasa joango dira, baina biajean hainbat gauza gertatuko dira, eta asteburua euren bizitzetako inflexino puntu bilakatuko da.

0
Antzerkia
2016/10/9
Elikagaien jatorria erakusten dauan umeentzako antzerkia

Eidabe konpainiak, 3 eta 6 urte bitarteko umeentzat Baserrian Amets antzezlana antzeztuko dau Igorreko Lasarte Aretoan hilaren 15ean, arrastiko bostetan.
Galder Perezen zuzendaritzapean, Aiora Sedano aktoreak, Amets neska gaztearen papela jokatuko dau. Ametsek patatak eta arrautzak dendatik datozala uste dau, baina astegoiena baserrian amamagaz pasau eta gero, elikagiak nondik datozan ikasiko dau. Ametsek sasoian sasoikoa eta bertakoa jan egin behar dala be ikasiko dau.
Elikagaien jatorria erakusten dauan ume eta amamaren istorio honetan, musikea eta antzerki jolasa nahastuko dira. Musikea, programazinoa eta trikitixea Asier Ercillaren eskutik datoz. Gitarrea Imanol Goikoetxeak joko dau. Enara eta Amets Ercillak egingo deutseez koruak Eider Zenarruzabeitia eta Aiora Sodanori.
Sarrerak 5 euro balio dabe baina ume bazkideak, Aretoko umeen lagun txartelagaz debalde sartuko dira.

0
Antzerkia
2016/10/2
Antzerki estreinaldia Igorren

Hika Teatroak, Koadernoa zuri lanaren estreinaldia egingo dau Igorreko Lasarte Aretoan. Urri bigarrenaren 8an, arrastiko zortziretan izango da.
Arantza Iturbe eta Agurtzane Intxaurragak idatzitako lan hau, Itziar Ituñok, Miren Gojenolak eta Agurtzane Intxaurragak antzeztuko dabe. Zuzendari lanak be Agurtzane Intxaurragak egiten ditu Tessa Andonegiren laguntzeagaz.
Antzezlanak ahizta bi eta hil barri dan amaren istorioa kontetan dau. Begoña eta Arrate ama hildakoan eta hogei urteren ondoren jaiotetxean egingo dabe topo, ustekabean. Begoña Afrikan bizi izan da urte askoz. Amarengandik igesi joan zan. Arrate, aldiz, etxean geratu zan amaren itzalean. Lanbidez, famili medikua da eta itxura batez bizimodu zoriontsua dauka. Ezkonduta dago eta bi alaben ama da. Ahizta biak aurrez aurre alkartzeak alkarreri kontuak eskatzeko balioko deutse. Ezer gitxi dakie amak batengan eta bestearengan itxitako arrastoez.

0
Danerik
2016/10/2
Gure Aita liburuaren aurkezpena Bedian

Urri bigarrenaren 5ean, eguaztenean, arrastiko 19:30ean, Gure Aita liburua aurkeztuko da Bediako Udal Liburutegian. Idazlan hau Arratiako Eleizak kaleratzen dauan Arratia sortako hamargarren alea izango da.
Martin Valmaseda Hondurasen dagoan misinolari marianistearen testua eta testuaren itzulpena biltzean ditu liburuak. Testua euskeratzeko lantalde zabalak hartu dau parte: Aitor Etxebarriak, Jesus Mari Agirrek, Jone Ozerinjauregik eta Jose Mari Kortazarrek, danak Aitor Erdoiza itzultzaile profesional eta filologoaren zuzendaritzapean. Ezin da itxi aitatu barik Kepa Intxausti bertsolaria; berak jarri ditu euskeraz, kapitulu bakotxa laburbiltzen dabezan bertsoak-eta.
Horrez gain, jatorrizko testua aberastu egiten da hainbat autorek sortutako "Gure Aita" desbardinak gehituz: Bitoriano Gandiagak, Xabier Letek, Patxi Ezkiagak, Asiseko San Frantziskok, Patxi Loidik...
Bediako Udal Liburutegian egingo dan aurkezpen ekitaldian une musikalak be izango dira, "Gure Aita" desbardinak kantatuz eta errezitatuz.
Liburua Arratiako parrokietan erosi ahal izango da, 5 eurotan.

0
Danerik
2016/10/2
Kultur proiektuko lehenengo lan saioa urri bigarrenaren 5ean

Lemoako aisialdi eta kultura zerbitzuak berrantolatuteko, Udalak, Kultur izeneko proiektua abiatu eban bagilean. Maraka taldearen laguntzaz, herritarrak aisialdi eta kultur zerbitzuak berrantolatu eta Abadetxeari, kultur gune barriari, ze erabilera emon behar jakon eta horretarako ze espazio mota behar izango dituan aztertuko dabe.
Prozesua bagilean abiatu arren, aisi eta kultura espazioak berrantolatuteko preminea aspaldikoa da. "Orain dala lau urte hasi ginan baloretan ze espazio daukaguzan. Eta ikusi genduan, daukaguzan alkarte kantidadeagaitik eta egiten diran ekintza kantidadeagaitik, espazio faltea daukagula. Orduan espazio barri baten bila hasi ginan eta garagarrilean Bizkaiko Gotzaindegiagaz Abadetxearen zesinoa sinatu genduan. Hori izango da Kultur Etxea" azaldu deutso begituri Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak.
Aisialdi eta kultur zerbitzuen espazioak berrantolatuteko Udalak Maraka taldea kontratau eban prozesuaren teknikari eta dinamizatzaile moduan. Bagiletik urri lehenengora arte udal barruko beharra egin dabe "aisi eta kultur teknikari guztiakaz: ludoteka, liburutegi, Gazte Leku, kultura, gazte tekninikari eta kiroldegiko teknikari guztiakaz". Orain herriko jentearen txandea da. Urri lehenengoaren 22an batzar irekia egin eben eta urri bigarrenaren 5ean, ikerketea definiduteko, lehenengo lan saioa egingo dabe. Bigarren fasean, Sortu izenekoan, herritarrak zerbitzuak diseinauko dabez saio bitan; lehenengoa zemendiaren 9an izango da eta hurrengoa 16an. Atzenik, Definitu izeneko fasean, egindako lana aurkeztuko dabe. Hau abenduaren 19an izango da.

Informazinoa eskuratzeko erak
Prozesuaren gaineko informazinoa emoteko hiru eskuorri aterako dauz Udalak. Lehenengoa kalean da daborduko, eta bertan, aisialdian erabilten diran 25 espazio dagoz mapan markauta, espaziook nok eta zenbat erabilten dauan informazinoagaz. Kultur prozesuaren informazinoa be emoten da eta inkesta bat dago eretxiak jasoteko.
Ez da informazinoa jaso eta Udalari eretxia heldu arazoteko modu bakarra. Izan be, Udaleko webgunean, Kultur izeneko gunean, prozesuan sortzean dan informazino guztia ipiniko dabe: txosten, plano, marrazki... eta galdetegia be erantzun ahal izango da bertatik. Udaleko telefono aplikazinoan be Kultur izeneko laukitxoan, erantzun ahal izango da inkestea.
Lemoako alkatea sano ilusionauta agertu da proiektuagaz. "Uste dogu behar dogula. Daukagun helburua da herriak behar dauala zeozer, baina argi dago horra helduteko ibilbide bat egin behar dala. Guk ez dogu gura espazioak euki ez erabilteko, baizik eta horreek espaziook bizia eukiteko. Egunero jentea urten eta sartu daiten. Behar dauanerako erabili dagiazan. Ilusionauta eta gogotsu gagoz prozesuagaz" dino.

Eskolako aterpea
Kultur eta kirol jardueretarako beste gune estali bat izango dau laster Lemoak. Izan be eskolako aterpearen lanak, begitu kalean izan orduko amaituta egongo dirala uste dau alkateak. "Uste dot horrek joko handia emongo deutsala herriari lehenengo gune estalia kalean egongo dana izango dalako" dino Elejabarrietak.

0
Danerik
2016/9/20
Arratiako Andren Jabekuntza Eskolan dozena bat ikastaro estraineko ikasturtean

Arratiako sarea osotuten daben andra alkarte, talde feminista, udal eta mankomunidade eta banakako andrak, urtailean hasi eta bagilera arte Arratiako Jabekuntza Eskolako 2016-2017 ikasturteko egitaraua prestatzen ibili dira, "eskoleari itxurea emoten, ahal danik eta egiturarik onena prestatzeko, Arratiako eskolea, danon eskolea izan daiten" Miren Urresti Arratiako Udalen Mankomunidadeko Bardintasun Teknikariaren berbetan. Eta holan, dozena bat ikastaro, berbaldi eta tailer antolatu dabez andren jabekuntza bultzatzeko.
Ikastarook zortzi atal tematikotan sailkatu ditue: Andren identidadea, Osasuna, Kultura birdefinitzen, Feminismoa, Indarkeria matxista eta Andra migraduen topagunea izenpean. Debalde dira aurtengo guztiak, eta ikastaroa hasteko egunerarte emon daiteke izena Mankomunidadeko Bardintasun Zerbitzuan.
Urri lehenengoaren 30ean, arrastiko zazpiretan, Eskolearen aurkezpena egingo dabe Areatzako plazan. "Aurkezpen parte hartzailea, kalekoa eta ondo pasetakoa egin gura dogu, sorpresaz beteta" dino Urrestik.

Jentartea eraldatzeko prestakuntzea
Jabekuntza Eskolearen helburua, prestakuntza emotea da, andren parte hartze publikoa handitu eta sendotzeko, eta jentartea eralda- tzeko eragile aktiboak izan daitezan andrak. Arratiako Eskolearen 2016-2017 ikasturterako eskeintzea, 11 ikastaro, berbaldi edo tailerrek, eta andra migraduentzako topagune batek osotuten dabe.
Andren identidadea landuteko hiru tailer dagoz. Lehenengoa Zelan egiten gaitue andrazko? izenekoa, urri bigarrenaren 21 eta 22an izango da Arteako Kultur Etxean. Andra nagusientzako lidergo tailerra emongo dau Irantzu Varelak martiaren 22, 29 eta aprilaren 5ean, Lemoako Kultur Etxean. Atal honetako hirugarren tailerra amodio erromantikoaren gainekoa izango da, martiaren 31n eta aprilaren 1ean emongo dana Dimako Batzar Gelan.
Osasunari jagokonean, tailer bakarra prestatu dabe eskolearen lehenengo ikasturte honetarako. Menopausiaren gainean izango da, aprilaren 26 eta maiatzak 3an, Areatzako udaletxeko Kultur Aretoan, Desirak alkartearen eskutik.
Andrak kultura birdefiniduteko erremintak izan dagiazan ikastaro bi egongo dira. Abenduaren 16 eta 17an, Iratxe Retolazak Irakurbide feministak literaturan izenekoa emongo dau Dimako Batzar Gelan, eta zezeilaren 24 eta 25ean, partaideak Virginia Imazen gidaritzapean, emozino biologiko eta kulturalai buruz hausnartuko dabe, umorea eta andrazkoak lotzean dituan tailerrean, Igorreko Kultur Etxean.
Feminismoan sakonduko dabe hurrengoko hiru tailerrek. Sexu-genero sistemeak herrigintzearen eremuan zelan eragiten dauan eta feminismoaren ekarpenak landuteko aukerea egongo da zemendiaren 3, 10, 17 eta 24an. Pili Alvarezek emongo dau ikastaroa eta Zeanuriko udaletxean izango da. Urtailaren 12, 19 eta 26an Emagin alkarteak Feminismoaren historiaren barri emongo dau Lemoako Kultur Etxean, eta Tere Maldonadok Feminismoaren gaur egungo panorama teorikoan kokatzeko mapak eskeiniko ditu, zezeilaren 3 eta 4an Zeanuriko udaletxean.
Indarkeria matxisteari aurre egiten ikasteko, Maitena Monroyren laguntzea izango dabe arratiarrak. Izan be, zemendiaren 9an, Arantzazuko Erabilera Anitzeko Aretoan "Andra superbibienteak. Indarkeria matxisteari aurre egiten" izeneko berbaldia emongo dau Monroyk. Han, indarkeriatik bizirik atera diran andra batzuen aldarriak entzuteko aukerea egongo da. Urtailaren 28an, barriz, autodefensa feminista tailerra egongo da Bediako Eskolan.
Atzenik, andren sareak andra migradu guztiak, topagunean parte hartzera konbidatu gura dauz. Igorreko Kultur Etxean batuko dira urri bigarrenean, zemendian eta abenduan, hilean bitan, Miriam Herbon dinamizatzaileagaz.
Maiatzaren 27an, ikasturtearen ebaluazinoa egingo dabe Arantzazuko Kultur Gunean.

0
Kontzertuak
2016/9/19
Dimetal Fest, hazi eta hobetuteko bokazinoagaz jaiotako metal musikako jaialdia

Mahai-ingurua, txikigunea, Txan magoa, bertsolariak eta batez be, metal musikearen azpiestilo desbardinak erakusten dabezan kontzertuak izango dira Diman urri lehenengoaren 24an egun eta gaubez.
Barrikuntzak be badagoz. Aurten goizeko mahai-inguruan bandai emon gura izan deutsee protagonismoa. Horregaitik jaialdian joko daben taldeetako partaide batzuk kontauko dabez euren esperientziak. Estefania Garcia kartel buru dan In Mute taldeko abeslaria, Gorka Mena, Etorkizun Beltza, eta Sergio R. Txabarri Eraso! taldekoa izango dira mahai-inguruan euren esperientziak kontauko dabezanak, EITBko Dani Alvarez kazetariaren laguntzeagaz.
Beste barrikuntza bat umeentzako jarduerak dira. "Pentsau dogu umeak euren lekua behar dabela" dino Itxaso Petralandak. Izan be, gurasoak umeakaz etorten dira eta holan danak, umeak zein gurasoak, hobeto pasauko dabela uste dabe antolatzaileak.
Herriko tabernai protagonismoa eta etekina emoteko, metal poteoa egongo da ordu batetatik aurrera. Ondoren bazkaria frontoi handian. Bazkarian Txan Magoa egongo da. Postreagaz batera agertuko da umeak entreteniduteko. Bertsolariak be egongo dira: Fredi Paiak eta Arkaitz Estiballesek 20 minutu inguruko saioa eskeiniko dabe. Bazkarirako txartelak Dima eta Igorreko tabernetan erosi daitekez.
Egun horretan, Unai Endemaño argazkilariaren argazki erakusketea egongo da Dimako Liburutegian.

Metal estilo desbardinak
Bazkalostean kontzertuak hasiko dira. Kontzertuen aurkezpenaren aurretik joko dau Oldies of the Grave Areatzako taldeak. "Esan euskuen etorri gura ebela joten, debalde. Eta ipini doguz eszenalekutik kanpo, Barullo tabernaren aurreko plazan, libre egoan lekuan eta denpora tartean" azaldu deutso begituri Zaloa Erañak. Heavy metal klasikoko kantu ezagunen bersinoak egiten dabez.
Seiretan, kontzertu ofizialak hasiko dira frontoi txikian eta Gaztetxean, txandaka. Incurseed Bilboko taldea izango da lehenengoa. Frontoi txikian joko dau. Folk, pagan, bikingo estiloko metala joten dau taldeak. "Gazteak dira baina Ukrainan, Hungarian... leku askotan jo dabe" dino Petralandak.
Hurrengo kontzertua Gaztetxean emongo dau Chivo taldeak. Cheel Ghar taldea zan etortekoa baina arazo personal bat dala-eta, ezingo dira etorri. Chivok, stoner, metal eta rock arteko estilo "pisutsua" egiten dauala dino Petralandak.
Ondoren, Eraso! talde euskaldunaren txandea izango da. Hasikeran thrash metal egiten eben, baina orain rockeroagok dira. Zaratuzko taldeak 25 urte bete dauz aurten.
Laguntza zozketearen ostean, In Mute valentziarrak, kartel buruak, joko dabe. Taldea ezaguna egin zan 2014an, Wacken-eko The Metal Battle Lehiaketea irabazi ebenean. Steffi Garcia abeslariaren eztarriko abots berezia, harrigarria egingo jakie taldea ezetuten ez dabenai. Ondoren, Etorkizun Beltza taldeak joko dau Gaztetxean. Gernikakoak gure inguruko herrietako jaietan sano ezagunak egin dira aspaldi honetan.
Lizzies talde madrildarra izango da hurrengoa. Taldekide guztiak neskak dira. Arrakasta handiko rock gogor eta punk arrastodun heavy metal klasikoa egiten dabe eta salmenten 16. postuan egon dira. Espainia eta Euskal Herrian jo ostean, Europatik bira egingo dabe Frantzia, Alemania, Holanda eta Austrian joz.
Azkenik Gasteizko Black Seed taldeak emongo deutso amaierea aurtengo metal jaiari.

Finantziazinoa
Hazi egiten ez dana, bertan behera geratu eta hil egiten dala eretxita, Dimetaleroak apustu handiagoa egin dabe aurten. Igazko jaialdiak 8.000 euroko aurrekontua izan eban eta 70 euroko superabita euki eben. "Diru-kontuak tabernetan ipini genduzan herritarrak jakiteko zenbat kostau zan. Aurten be gauza bera egiteko asmoa daukagu" azaldu deutso begituri Ruben Socorro Dimetaleroak. Aurten 12.000 euro inguru gastetea aurreikusten dabe. "Igaz taldeai pagetako 2.000 euro inguru behar izan genduzan, aurten 3.300".
Diru iturri garrantzitsuena, frontoi txikian eta Gaztetxean ipiniko dabezan txosnak dira. Errifak eta kamisetak be egongo dira salgai.
Dimako Udalak, gitxi gorabehera % 15a ipiniko dau, soinua pagetako, eta herriko denda eta komertzioak be modu desbardinetan lagunduko dabe. Herriko ehun bat boluntariok be egingo dabe behar dana ondo urten daiten.

0
Bertsolaritzea
2016/9/4
Amaia Agirre eta Etxahun Lekue Elizondoko bertso-bazkarian

Urri lehenengoaren 10ean, 15:00etan, bertso-bazkaria egongo da Lemoako Elizondon. Bertsolariak Amaia Agirre eta Etxahun Lekue izango dira. Biak hartu eben parte 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian eta bientzat hirugarren aldia izan zan. Bazkalaurretik, poteo musikatua egongo da 13:00etan Kresala tabernatik hasita.
Etxahun Lekue (Larrabetzu, 1980) Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista izan da 2004tik 2014ra. Eta 2006an eta 2010ean Bizkaiko txapeldunorde. Bertsolaritza eskolak emoten ditu bertso-eskola eta ikastetxeetan. Amaia Agirrek (Villabona, 1977) be bertsolaritza eskolak emoten ditu. Xenpelar saria irabazi eban 1998an.

0
Mendi martxea
2016/8/31
Zeanurin ermitarik ermita

Urri lehenengoaren 4an, domekan, izango da Ermiten XXIX. Mendi Martxea.


Jon Urutxurtu


Urri lehenengoaren 4rako, domekea, antolatu dau Joko Alai alkarteak Zeanuriko XXIX. Ermiten Mendi Martxea. Guztira, hogei ermita dagoz Zeanurin, baina ibilbide osoa egiten dabenak hemeretziren ingurutik igaroko dira, Egiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpoan geratzen da eta.
Urtekerea herriko plazan izango da, eguneko lehen argiak kukurruku egiteaz batera, 07:30ean. Atera eta bost bat minutu geroago Eleizondo auzunean sartzean da ibilbidea, lehenengo, Piedadea izenaz ezagutzen dan baseleizea aurkitzeko, eta ermitearen eleizpetik igaroz, atoan, Andra Mari parrokiagaz topo egiteko.
Eleizondotik ibilbidea Asterria kofradiako lurretan sartzean da, Santi Kurutz baselizearen bila. Goranzko joereari ekinez, Ogarabeiti auzotik Ogaragoiti auzora igoz, San Andresera heltzean gara. Bideari ekinez, eta Urrekoatxa (582 m.) mendia ezkerrean itxita, Zeanuriren eta Dimaren arteko mugarako norabidea hartzean da San Blasera heltzeako. San Blasetik aurrera bideak beherantza egiten dau, Altzusta Kofradiako lurretan sartzera daroan aldapatxoari barriro heldu baino lehen. Altzustan ermita bi dagoz zain: San Migel eta Santa Lutzi.
240-N gurutzatu eta gero, Undurraga auzunerantza jarraitzen da urtegia eskoialdean itxita. Arratia ibaia zeharkatu ostean, San Pedrori kuku bat egin eta Ipiñabururantza egiten dau bideak, hemen San Adrian, Santiago eta Santa Ageda dagoz. Atxondo igaro eta Muñegi aldetik aurrera, estartarik estarta, Zanburuko (789 m.) hatxaren itzalpean jarraitzen da, Altzuako San Juanera ailegatzeko.
Altzua kofradiatik Otzerinmendira zuzentzen dan pistatik 20 bat minutu ibili ostean, San Justo azaltzen da haresdui zoragarri baten erdian. Haresduia zeharkatu eta beherantza pare bat kilometro ibili ostean, San Lontzo. Aurbeheran jarraitzen da, errekatxoagaz topau arte, eta errekatxoa zeharkatzeagaz batera Uribe kofradian sartzean gara; hiru baseleiza aurkitzen dira bertan: San Migel, San Urban eta San Pedro. Jadanik ibilbidea azken txanpan sartzean da, eta ibiltariak txiri-txiri zuzenduko dira helmugearen bila. Plazan bertan, San Isidro eta bere aurrez aurre dagoan San Antonio ermiten artetik igaro bezain laster helmuga azaltzen da.
Amaitzerakoan, hogeta hamabost kilometro eroango dabez oinetan parte-hartzaileak, baina ziur ziteari erantzuteak mereziko deutsiela, ondare erlijiosoa ezagutzeaz batera uda udazken bihurtzen dabilen sasoi honetan natureak erakusten dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukera ezin hobea eskeiniko deutsielako Zeanuriko Ermiten XXIX. Mendi Martxeak.

Izen emotea
Izena egun berean 06:45etik aurrera herriko plazan emon daiteke. Nagusiak 10 euro, Joko Alaiko bazkideak 4 euro eta 14 urtetik beherakoak 5 euro pagau behar dabez.
Lau ibilbide dagoz: luzeak 35 km. ditu, ertainak 28 km., laburrak 15 km. eta umeenak 13,5 km. Umeen urtekerea 09:00etan izango da.

0
Danerik
2016/8/8
Euskadiko Trikitilari Gazteen Txapelketearen finala Zeanurin

Abuztuaren 15ean, Euskadiko Trikitilari Gazteen XXXV. Txapelketearen finala jokatuko da Zeanurin. Arrastiko seiretan izango da eta urtero lez, kanporaketetan sailkatutako sei bikoteak hartuko dabe parte. Soinu txikia eta panderoa jo beharko dira eta jotzaileak 22 urte baino gitxiago izan behar dabez.
Finalistak lau pieza joko dabez. Jotea, porrusaldea, fandangoa eta arin-arina. Irabazleak 400 euro eta trofeoa jasoko dabe, bigarrenak 310 euro eta trofeoa eta hirugarrenak 275 euro eta trofeoa. Bizkaiko bikote onenarentzat be saria egongo da, 120 euro eta trofeoa.

Harrobia Gipuzkoan
Igaz Julen Alonso eta Eneritz Aulestia izan ziran txapeldunak, Gipuzkoatik etorritako bikotea, finalean egon ziran beste guztiak legez. Partaideak 13 eta 19 urte bitartekoak izan ziran eta kalidade aldetik "maila gorantza doala" eta badala "harrobia eta etorkizuna" esan eben kritikoak igaz.

0
Ondarea
2016/8/3
Otzerimendiko kofradiak isiotuko dau karobia San Justo egunean aurten

Zapatuan, abuztuaren 6an, 11:00etan hasiko da ketan karobia.


Aurten be, azken hogei urteetan moduan, San Justoko karobia ketan ikusteko aukerea izango da abuztuaren 6an, zapatuan. Goizeko 11:00etan isiotuko dabe karobia, eta urteetan zehar ahaztuta eta amatauta egon dan ke zurixka San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Domeka eguerdirantza, kare bizia oka egiten hasiko da labe-ahoa.
Igaz arte, Ipizki Taldea arduratzen izan da karobia martxan ipinteaz, Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean, baina 2016an Ipizkik bere hogei urteko ibilbideari amaierea emotea ebatzi dau eta Otzerinmendiko kofradia arduratuko da karobia lanean jartzeaz.
Karobia isiotu ondoren, hamaiketakoa egongo da San Justora hurreratzen diran guztientzat: urdaia, pamitxea eta ardaoa.

Mezea zapatuan
Aurten mezea zapatuan, San Justo egun berean izango da, 12:30ean. Mezearen ostean maiordomoak barauskarria —ardao zuria eta gailetak— bananduko dauz.
14:30ean, auzo-bazkaria egingo da San Justoko haretxpean. Bazkari herrikoi horretan edozeinek parte hartu daike, aurretik izena emonda. Horretarako, abuztuaren 3a baino lehenago telefonora honetara deitu beharko da: 94 673 92 50 edo 679 881 741.
Hurrengo egunean, abuztuaren 7an, domekan, jaiak jarraipena eukiko dau eta 12:30ean herriko jantzarien erakustaldia izango da ikusgai. Goizean zehar Paella eta Tortilla Txapelketak egongo dira. Eguraldia lagun eta ohiturea jarraituz, asko izango dira San Justoko haretxpean bazkaltzen geratuko diranak.
Arrastian 17:30ean Mus Txapelketea egongo da eta 18:00etatik aurrera Bola Txapelketea jokatuko da.

0
Danerik
2016/8/1
Lemoatxeko gudarien omenezko diskoa kaleratu dau Lemoak

Garagarrilaren 26an, Lemoako Udalak, Lemoako gazteak memoria historikoa gaitzat hartuta prestatu daben Hauxe da gure kantua izeneko diskoa aurkeztu eban. Bertan, zortzi abesti, poesia bi eta bertso bat jasoten dira Arratia eta inguruko artistak sortu eta kantautakoak. Diskoa gazteak eurak salduko dabe Lemoan eta udaletxean be erosi ahal izango da 12 eurotan.


Hauxe da gure kantua prestatzen eta grabetan gazteak eurak ibili dira familiakoen eta herriko jentearen laguntzeagaz. Sorkuntza lanak, Arratia eta inguruko artistak egin dabez. Holan, berbarako, diskoari izena emoten deutsan kantea Borja Estankonak sortutakoa da eta berak kantetan dau. Bere anaia Igor Estankonak be grabau dau diskorako sortutako poema bat; Eskean Kristö taldearen kantu bat dago, eta Arkaitz Estiballes, Rafa Ugalde eta Ibon Izaren lanak be jasoten dauz diskoak, beste lan interesgarri batzuen artean. Grabaketea, Taom enpresearen estudioetan egin da; Taom-eko Jagoba Ormaetxeak ekoizpena, grabaketea, konponketea eta nahasketea egin ditu eta Josu Torrealdayk diskoaren diseinua.
Lan honen izakerea, errazoia eta helburua diskoan bertan azaldu dabe: "Lemoako herriaren egungo askatasun, bizikidetza eta alkartasunaren oinarrien lekukotasuna ezagutarazo eta gogoratu arazoten jarraituteko, 1936ko Gerra Zibilean Lemoatxen egondako gudarien omenezko lana" dala dinoe, eta diskoak Lemoako Udalaren Egia, Justizia eta Erreparazinoaren alde beharrean jarraituteko konpromisoa erakusten dau. Izan be, Lemoako Udala 2012ko maiatzean hasi zan memoria historikoa landuten. Besteak beste, Auzolandegiak egin dira Lemoatxeko lubakiak errekuperetako eta hainbat gaztek hartu izan dabe parte euretan, gehienak kanpokoak. Herriko gazteentzat be gaia erakargarria izateko, memoria historikoa landuteko beste bide batzuk zabalduten hasi zan Udala eta gazteen gogoetatik sortu zan diskoaren idea.

Elkartruke programea
Orain dala bost urte, hurrengo urteetarako proiektu bat egin eban Lemoako Udalak, Memoria Historikoa, Gazteria, Alkartasuna eta Kooperazinoa abiapuntu hartuta "Hezkuntza ez formala zan proiektu guztiko oinarria. Proiektua diseinau eta gero, arlo bakotxak bere bidea jarraitu eban eta aurten proiektu horretako hanka bi lotzea ebatzi genduan: gazteen Elkartruke programea eta memoria historikoa" azaldu eban Saioa Elejabarrieta Lemoako alkateak diskoaren aurkezpenean.
Elkartruke programearen barruan Memoria Historikoa eta Giza Eskubideak landu ditue aurten 16 eta 21 bitarteko gazteak. Partaideak, Alemaniara joango dira abuztuan Berlingo eta Frankfurteko alkarteetako gazteakaz gerrakaz erlazionautako gaiak landu eta informazinoa alkarren artean banandutera. Biaje hori diskoagaz finantziau gura dabe.
Lemoako gazteak orain dala lau urte hasi ziran parte hartzean Elkartruke Programan. Lehenengo urtean Pakea eta Bizikidetza landu eta Irlandara joan ziran; bigarren urtean, Kulturaniztasuna eta Portugalera; hirugarren urtean, Parte hartzea eta Eskoziara joan ziran eta aurten Memoria Historikoa eta Giza Eskubideak eta Alemanian amaituko dabe proiektua aurtengo biajeagaz.

0
Danerik
2016/7/27
Argazki Lehiaketea martxan

Heldu da uda, eta udagaz batera begituko Argazki Lehiaketea. Eguzkia, hondartza, mendia, biajeak... oporrak geugaz konpartiduteak saria dauka: persona birentzako astegoien bat Euskal Herriko landetxe baten, oporrak amaitutakoan, momentu bereziak amaitu ez daitezan.

Oinarriak:
1-. Parte hartzaileak: BEGITU Aldizkaria jasoten dauan edonor.
2-. Gaia: argazkiak 2016 urtean egindako biajeetan edo oporretan egindakoak izango dira.
3-. Lanen ezaugarriak: Aurkezten diran argazkiak, non, nok eta noz atera diran esan behar da. Gehienez 3 argazki bialdu ahal izango dira personako.
4-. Nora bialdu: Argazkiak begitu@topagunea.com helbidera bialdu behar dira.
5-. Aurkezteko epea: 2016ko garagarrilaren 1etik urri lehenengoaren 27ra arte aurkeztu daitekez argazkiok. Abuztua eta urri lehenengoko zenbakietan argitaratuko dira batzuk. Dana dala, horrek ez dau esan gura argitaratutako horreek dirala irabazleak.
6-. Epaimahaia: BEGITU Aldizkariko erredakzino taldeak osotuko dau.
7-. Epaia: Epaimahaia urri lehenengoaren bigarren hamabostaldian batuko da epaia emoteko eta urri bigarrenean argitaratuko da.
8-. Saria: Persona birentzako astegoien bat Euskal Herriko landetxe baten.
9-. Oharra: Lehiaketa honetan parte hartzean dabenak honeek oinarriok onartuten dabezala esan gura dau.

0
Danerik
2016/7/15
Folklore Bizian Jaialdia Areatzan

Jaialdia garagarrilaren 25ean izango da herriko plazan. Han nazinoarteko jantza taldeak jantza emonaldiak egingo dabez, kultura desbardinetako jantzak ezetuten emoteko. Galdakaoko Andra Mari jantza taldea, Irlandako Ensemble Folklorique Absolutely Legless Dance Company eta Brasilgo Ensemble Folkorique Ballet de Amazonia izango dira Areatzan.
Areatza Lantzen aldizkariko informazinoaren arabera, Folklore Bizian Jaialdia Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldearen ekimenaz ipini da martxan. "Taldea Areatzako Udalagaz jarri zan harremanetan, jaialdi honen barri emoteko. Jaialdiak atzerriko jantza taldeen emonaldiak ikusteko eta ezetuteko aukerea emoten dauanez, proiektu aberasgarria eta interesgarria iruditu jakon Udalari".
Brasilgo konpainiaren jantzak, Amazonia irudikatuko dabe kolore askotako luma eta gerra jantzen bidez. Euren jantzetan, Afrikako erritmoak eta Portugalgo jantzen eragina be ikusi daiteke.
Irlandatik, barriz, doinu zeltiarrak eta klake jantzak ekarriko dabez biolin, txirula eta gitarrez lagunduta.

0
Danerik
2016/6/29
Igor Eubari omenaldia Igorreko Aurresku Txapelketan

Igorreko XV. Aurresku Txapelketea garagarrilaren 2an jokatuko da arrastiko seiretan Kultur Etxean, Igorreko Udalak antolatuta. Hamar aurreskularik hartuko dabe parte: zazpi mutil eta hiru neskak. Bizkaiko herri askotatik datoz jantzariak baina aurten ez da arratiarrik egongo txapelaren lehian.
Aurten igaz hildako Igor Eubaren omenez egingo da Igorreko Aurresku Txapelketea. Igor Euba, Leioako jantzaria, minbiziak jota hil zan 2015eko urri bigarrenean, 34 urte ebazala. Euskal Herriko Jantza Solteko Txapelketetan zein aurresku txapelketetan hartzean eban parte. Julen Bilbao Igorreko aurreskulariaren arabera, Euba sano ezaguna zan aurresku txapelketen munduan. "Erlazino ona eta polita geunkan eta omenaldia merezidu dauala ebatzi dogu" azaldu dau Bilbaok.

0
Kontzertuak
2016/6/29
Rock eta jazz gauak garagarrilean

Areatzako The Quiet Corner euskal-irish tabernan, lau taldek ipiniko ditue rock & roll eta jazz soinuak garagarrileko zapatu gauetan. Hilaren 2an, The Bilus Moon taldea; 9an RockImpas; 16an Elsa Lizundia Trio eta 23an, La Cosa Nostra egongo dira Cornerrean. Kontzertu guztiak iluntzeko 20:00etan izango dira.
RockImpas eta La Cosa Nostra taldeak rock musikea egingo dabe. RockImpas-ek betiko rock & roll klasikoa ekarriko dau Areatzara; La Cosa Nostrak, barriz, "mafia usaineko" rocka: pop, heavy metal, rock sinfonikoa eta jazza nahastuz.
Elsa Lizundia saxofoijoleak eta bere taldeak jazz, blues eta bossa nova soinuz beteko dabe gaua. Seguru asko bat-bateko saioak be eskeiniko dauz taldeak The Quiet Corner-en.

0
Danerik
2016/6/29
Areatzako jaietako Kartel Lehiaketea martxan da

Areatzako Jai Batzordeak Jaietako Kartel Lehiaketea antolatu dau. Proiektuak garagarrilaren 15era arte aurkeztu daitekez. Kartel irabazleak iragarriko dauz Areatzako jaiak eta jai egitarauaren liburuxkan be argitaratuko da. Saria 150 eurokoa da.
Kartelak 60/40 cm formatuan aurkeztu behar dira. Edozein teknika erabili daiteke baina derrigorrez agertu behar da hurrengo testua: Areatzako jaiak 2016 Abuztuaren 23tik 30era. Kartelak formatu digitalean eta A4 papelean aurkeztuko dira.
Ebatzia hilaren 18an emongo dau jakitera Jai Batzordeak.

0
Antzerkia
2016/6/19
Arratiako Kaleko Arteen I. Erakustaldia antolatu dabe Arantzazu eta Areatzan

Arantzazu eta Areatzako Udalak Arratiako I. Kaleko Arteen Erakustaldia antolatu dabe, bagilaren 23, 24 eta garagarrilaren 1 eta 3rako. Kaleko antzerkia Ganso & Cia konpainiak Walkman ikuskizuna ekarriko dau, Cia Barre taldeak Eskobien atzetik eta Ortzi Acostak Ilusioa.
Ganso & Cia, Gorka Gansoren konpainia da. Honek, konpainia eta Renato personajea sortu ebazan 2008an, klown munduaren bere ikuspegi berezia emoteko asmoz. Gansok lotura bako egoera dibertigarriak erakusten ditu arrakasta handiko Walkman  ikuskizunean. Ikuskizun hau ikusteko aukerea dago bagilaren 23an 20:00etan Areatzako plazan, eta garagarrilaren 3an 18:00etan, Arantzazukoan.
Cia Barre taldeak be Eskobien atzetik kale antzerkiaren emonaldi bi egingo ditu; bata Arantzazun eta bestea Areatzan. Ikuskizuna 1960ko hamarkadako kale garbitzaile batean oinarritzen da. Personajeak kaleak garbituten topauko dituan egoerai egingo deutse aurre, sinpatiaz eta abilezia handiz. Arantzazuko plazan bagilaren 24an 19:00etan izango da eta Areatzako plazan garagarrilaren 1ean 20:00etan.
Ortzi Acostaren Ilusioa, barriz, Areatzan baino ezin izango da ikusi. Gorputz adierazpen, akrobazia, komedia, drama eta zuzeneko musikaz kontakizun bat josten dau Ortzik Ilusioa ikuskizunean. Ikusteko aukerea garagarrilaren 1ean, 22:00etan, egongo da Areatzako plazan.

0
Danerik
2016/6/19
Austarriren Eguna 24an

Bagilaren 24an, Zeberioko Austarri Kultur Elkarteak bere eguna ospatuko dau. Egun horretan, bazkideak batzarra egingo dabe. Batzarrerako lehenengo deialdia 19:30ean da eta bigarrena 20:00etan. Batzarraren ostean, 20:30ean, txistorra jana egingo dabe eta 21:30ean, Erdizka Lauetan taldearen eskutik, plazan jantzan egiteko aukerea izango dabe hurreratzen diran guztiak.

0
Kontzertuak
2016/6/16
Andrazkoen abots konboa eta Bi poliedro diskoaren aurkezpena Areatzan

Erdu eta Musikatu izenpean, Areatzako Kirol Kultur Batzordeak (AKKB) kontzertu bi antolatu ditu bagilaren 21 eta 22rako. Kontzertuok Udal Aretoan izango dira arrastiko 19:30ean.
Martitzenean, hilak 21, Bilbaomusikako abots konboa entzuteko aukerea egongo da. Zortzi andra gaztek eta pianisteak osotuten dabe konboa. Gaur eguneko eta soul estiloko kantuak kantetan dabez.
Hurrengo egunean, Garikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarenak Bi poliedro euren azken diskoa aurkeztuko dabe. Musikari bi honeek txistua eta soinua bateratzen dabez musika klasikoa, tradizionala, zeltiarra edo antxinakoa egiteko.

0
Danerik
2016/6/13
Zeberioko jaietarako Kartel Lehiaketea

Zeberioko Jai Batzordeak eta Udalak jaietako kartela aukeratuteko, Kartel Lehiaketea ipini dabe martxan. Lanak bagilaren 24ra arte aurkeztu daitekez udaletxean.
Egile bakotxak lan bi aurkeztu daike gehienez. Kartelaren tamaina 70cm x 50cm izango da eta espazio bat gorde beharko da jaietako egitarauaren edukiarentzat. Kartelak testu hau izango dau:
ZEBERIOKO SANDONIAK 2016
Irailaren 1etik irailaren 5era
Irabazleak Zeberioko produktuen otzara bat izango dau saritzat.

0
Danerik
2016/6/13
Babajana AKKT Eguna ospatuteko

Artea Kirol Kultur eta Euskara Taldeak (AKKT) alkartearen eguna ospatuko dau bagilaren 18an. Horretarako umeentzako jolasak eta babajana egingo dabe. Umeentzako puzgarriak, Baba Gorri Lehiaketeak, bazkari herrikoiak eta ume zein nagusientzako joko kooperatiboak osotuten dabe egitaraua.
Lehiaketan parte hartzeako ez dago izena emon beharrik eta talde bakotxa gura dauan orduan hasiko da babak prestatzen, eguraldi ona bada plazan eta txarra bada frontoian. Dana dala, babak 14:00etan aurkeztu behar dira. Lehiaketea ez da profesionalentzat izango eta danon aurrean prestatu behar dira baba gorriak: etxetik zeozer prestatuta ekarri ezkero, lehiaketatik kanpo geratuko da lapikoa.
Babak egosteko, gasa, ikatza edo egurrezko sua erabili daiteke, baina Euskal Herriko baba gorria derrigor erabili behar da. Patatak, barazkiak, txorizoa, urdaia eta odolostea erabili daitekez, baina ez dira derrigorrezkoak. Aurkezteko momentuan, alde batetik baba gorri hutsen lapikoa aurkeztuko da, eta bestetik, "sakramentuak" bandeja baten.
Gozoenak aukeratu ostean, herri bazkaria hasiko da. AKKTk mahaiak, mantelak eta edaria ipiniko ditu.

0
Danerik
2016/5/31
Zu bai Zu Talentu Lehiaketako finala 12an

Bagilaren 4an 20:00etan izango da Zu bai Zu Arratiako Talentu Lehiaketako finalaurrekoa eta hilaren 12an 22:00etan, finala. Umeen kategorian, lau norbanako edo talde sailkatu dira finalaurrerako; gazteen kategorian hiru eta nagusienean lau.
Zu bai Zu Talentu Lehiaketea izateaz gainera, ikuskizuna da, show-a. "Publikoarentzat gagoz, publikoak sentimentu desbardinak sentidu dagiazan; poza, haserrea, negarra, barregurea..." dino Ismael Pereira aurkezleak. Horregaitik, lehiaketearen izakera bikotx honegaitik, epaimahaikideak ezin dabez emonaldiak balorau beste lehiaketetan legez. Epaimahaikideak espezializauta dagoz, antzerkian, musikan, euskeran, estetikan eta abar.
Finalaurreko galan artista konbidauak egongo dira eta euren imitazinoa egingo dau aurkezleak.

Finalistak
Honeek dira finalera pasetako lehiatuko diranak:

Umeak
Magali (tela akrobaziak).
Aimar Bereziartua (tronpea).
Izaro, Paule eta Nikole (lurreko akrobaziak).
Elsa Trueba (kantua).

Gazteak
Unax Zabala (kantua).
Jone (Clown).
June Muñecas eta June Iruarrizaga (tela akrobaziak).

Nagusiak
Illart, Zoro, Iraitz eta Irati (kantua).
Esti eta Olatz (kantua).
Arratiakada (musikea).
Patikao (jantzea).
Jorge eta Deiene (jantzea).

0
Danerik
2016/5/30
Euskal Jaia Lemoan bagilaren 4an

Tolosako Zesuma erromeria taldeak girotuko dau aurten Lemoako Euskal Jaia. Zesumakoak herriko festak, erromeriak eta jai ugari animetan ditue euren triki/funk, rock eta estilo ugaritako musikea joaz. Arrastian izango da hori, baina jaia eguerdi aldean hasiko da poteo musikatua eta bazkariagaz.
Poteo musikatua 13:00etan hasiko da Alkartetxetik; bazkaria Arraibin izango da 15:00etan. Zesuma taldeak 19:30ean joko dau Elizondon.

"Bass-herritar bat Madrilen"
Umorea ez da faltauko Zesuma taldearen emonaldian. "Englishman in New York" abestiaren bersino dibertigarria egiten dau taldeak, baserritar bat Madrilen edo, hobe esanda, Bass-herritar bat Madrilen ingurukoa.
Fandangoak, arin-arinak, kantu mexikarrak eta publikoari egokitutako abestiak be joten dabez Zesuma taldekoak.

0
Kontzertuak
2016/5/30
Zeinke taldea Karabie Gaztetxean

Bagilaren 4an, 23:00etan, Zeinke taldeak zuzenean aurkeztuko dau Sormena, kemena bere azken diskoa Lemoako Karabie Gaztetxean. Talde konbidau moduan, Galdakaoko Otuz taldeak be joko dau.
Zeinke taldearen bigarren estudioko lana da Sormena, kemena eta emoitzeagaz sano pozik geratu dirala dinoe Zeinkekoak euren Facebookean.

0
Antzerkia
2016/5/30
Tomaxen abenturak-en Festara! umeentzako ikuskizuna Igorren

Bagilaren 3an, barikua, arrastiko 17:30ean Igorreko Lasarte Aretoan Tomaxen abenturak-en Festara! umeentzako antzerkia egongo da. Tomax eta Muxugorriren herrian, hau da Igorren, jaiak ospatzen dira eta abentura honetan herriko jaietarako egitarau aproposa antolatu dabe, aikomen prestatu daben egitaraua: 17:00etan, pregoia, txupinazoa eta txarangea; 17:05ean entzierroa; 17:10ean Muxugorri magoa; 17:15ean buruhandiak; 17:20ean batukadea; 17:25ean harrijasotzaileak; 17:30ean euskal jantzak; 17:35ean karaokea; 17:40ean Txiste Txarren Lehiaketea; 17:45ean haur jolasak (Gameluen jokoa); 17:50ean barraketatik bueltea (Auto-txoke, montaña rusa, tonbolea; tio-vivoa...) eta amaituteko su artifizialak.
4 urtetik aurrerakoentzat da antzezlana eta gurasoak eta aitita-amamak be konbidauta dagoz.

0
Musikea
2016/5/22
Metal jaialdia Zeberion

Maiatzaren 27rako, barikua, eta bagilaren 4rako, zapatua, musika heavy metalaren jaialdia antolatu dabe Zeberion. Lehenengo egunean, iluntzeko zortziretan hasita, aurkezpen jaia, kontzertuak eta "jebi jaia" izango dira Batzokian. Hurrengo asteko zapatuan, barriz, eguerdian hasiko da jaia "jebipoteoagaz", bertso-bazkaria egongo da ondoren eta iluntzean kontzertuak Eskola Zaharrean.
Alex & Co. eta Lion Heart taldeak joko dabe maiatzaren 27an. Alex & Co taldea, Bilboaldetik dator (Bilbo, Santurtzi, Portugalete eta Getxo) eta hard rock melodikoa egiten dau. Lion Heart taldeak, rock klasikoa eta metala.

Egunik "jebiena"
Baina Metal jaiaren egunik "jebiena" bagilaren 4a izango da. Izan be, egun horretan ordubietan hartuko dau musika heavyak Zeberio "jebipoteoagaz", eta gaueko ordu txikiak arte rockaz gozatuteko aukerea egongo da.  Bertsobazkarian, Arriagorriaga eta Zeberioko bertsolariak bertsoak eta musika heavya buztartuko ditue eta iluntze eta gaubean hiru taldek eskeiniko dabe kontzertua eskola zaharrean.
Lehenengo taldea, Arrigorriagako Disaster Now izango da. Arrigorriakoak Thrash metala egiten dabe eta euren lehenengo diskoa kaleratu barri dabe. Ondoren, Gernikako Etorkizun beltza taldearen txandea izango da, eta azkenik thrash eta death metal egiten dauan Ferosz taldeak joko dau. 
Zeberioko Jebi Batzordeak, Zeberio Sarean eta Zeberioko Udalak antolatu dabe Zeberio Metal jaialdia.

0
Antzerkia
2016/5/22
Mauriziaren omenezko koreografia eskeiniko dau Aukeran Konpainiak Igorren

Aukeran Jantza Konpainiak, Bilboko Loraldia jaialdian aurkeztu eban Maurizia lana eta Igorreko Kultur Etxera ekarriko dau maiatzaren 27an, 20:00etan. Maurizia Aldeiturriaga Zeberioko pandero jotzaile mitikoari eskeinitako koreografia da.
Aukeran Dantza Konpainia Donostian sortu zan 1997an, Edu Muruamendiaraz jantzari eta koreografoaren ekimenez. Harrezkeroztik ibilbide luze eta aberatsa egin dau, jantza tradizionala eta garaikidearen mestizajean. Aprilean estrenau dabe Maurizia, konpainiaren atzen lana. Ikuskizunaren helburua, gure zuztarrak abiapuntu hartuta jantza garaikidea sortzea da.
Mauriziaren kantetako modua indartsua zan. "Halako batean barne lurrikarak eztanda egin eta Mauriziaren ahotsean entzun ditut beste hainbat ahots. Emakume askoren ahotsak dira, bizi-poza, harrotasuna, indarra, pasioa, alaitasuna erakusten dutenak. Baita beldurra, amorrazioa, askatasun nahia, mina. Emakume haien guztien irrintziak aldi berean direlako algara eta aienean, aldi berean salaketa eta ospakizuna" idatzi eban Karmele Jaiok.

Maurizia
Maurizia Aldeiturriaga Zabala, Zeberioko Egia auzoan jaio zan, eta txikitatik panderoa joten eta koplak inprobisetan ikasi eban. Bederatzi urtegaz neskame joan zan Basurtura, ganadu tratante baten etxera. Han hiru urte inguru emon ondoren, Zeberiora bueltau eta Ugaoko fabrika baten hasi zan beharrean. Hamabi urte baino ez eukanean hasi zan Maurizia jaiegun eta festetan herriko plazetan joten. Plazarik plaza ibiliz ezagun egin zan, eta Arteako Leon Bilbao albokariagaz eta Igorreko Fasio Arandia trikitilariagaz batera hainbat grabaketatan parte hartu eban. 1988ko maiatzaren 19an hil zan, Zeberion, eta ia hil arte jo izan eban panderoa.

0
Musikea
2016/5/16
Umeentzako joko koralak antolatu ditu Musika Eskoleak

Arratiako Musika Eskoleak umeai kantu korala hurreratu gura deutse. Hori dala eta, Joko koralak antolatu ebezan maiatzaren 14an. Holan, jolas musikalen bitartez, Arratiako umeak kanteteaz disfrutau ahal izan eben.
Arratiako Musika Eskolearen barruan, Kirikinusi izeneko umeen korua dago. Beatriz Zurimendi irakaslearen zuzendaritzapean, barikuetan batzean dira, arrastiko seiretan Igorreko Inazio Zubizarreta Haurreskolan entseguak egiteko. "Koruan, inguruko herrietako umeak dagoz: Igorre, Lemoa, Areatza... Aurten, Iparraldeko umeen koruetako topaketetan parte hartu dogu eta datorren ikasturterako proiektu gehiago daukaguz martxan. Kantetea gustetan jakien ume gehiago hurreratzea gurako geunke" azaldu deutso BEGITUri Beatriz Zurimendi irakasleak.

Tailerrak eta emonaldia
Ondino Kirikinusi koruan parte hartzean daben umeak, bertan parte hartzeako animetako helburuagaz, koru tailer bi antolatu ditu Arratiako Musika Eskoleak. Lehengoa maiatzaren 14an izan zan, baina beste bat egongo da bagilearen 3an, arrastiko 18:00etatik 19:30era arte, Inazio Zubizarreta Haurreskolan. Urri lehenengoan be beste bat antolatuteko asmoa daukie Musika Eskolakoak.
Maiatzaren 20an, barriz, Kirikinusi koruak Arratia eta Zornotzako beste koru batzukaz batera, kontzertua eskeiniko dau Igorreko Kultur Etxean arrastiko zazpiretan. Euskeraz, ingelesez eta Afrikako hizkuntzaren baten be, koreografiak edota pianoak lagunduta, kantauko dabe Kirikinusi koruko umeak.

0
Danerik
2016/5/16
Zu bai Zu Talentu Lehiaketako hirugarren saioa maiatzaren 21ean

Zu bai Zu Arratiako Talentu Lehiaketako gala bi egin dira aprilean arrakasta handiz eta beste bi geratuten dira finalaren aurretik. Partaideen maila hain ona izan da, epaimahaikideak finaluarrekoetarako hiru lehiakide aukeratu beharrean, lehenengo galan lau eta bigarrenean bost sailkatu dituela finalerdietarako. Publikoak be sano ondo hartu dau lehiaketea; izan be, bigarren saioko sarrerak 30 minututan agortu ziran. Maiatzaren 21ean, 20:00etan jokatuko da hurrengo kanporaketea, bagilearen 4an finalaurrekoa eta 12an finala.
Gala bakotxean bederatzi-hamar lagun edo talde lehiatu dira, eta printzipioz, bakotxatik hiru partaide sailkatu behar ziran finalaurretarako. Baina epaimahaikideak sano maila altua egoala eretxita, lau laguneri emon eutseen hurrengo faserako pasea lehenengo galan. Honeek dira sailkatutakoak: Magali, Igorreko umea telakaz akrobaziak egiten dituana; Aimar, Igorreko umea hau be, tronpeagaz trebetasun handia erakutsi dauana; Izaro, Paule eta Nikole umeak lurreko akrobaziak, eta Illart Gumuzio, Aimar Fernandez "Zoro", Iraitz Sagarna eta Irati Bernaola helduak kantau egiten dabenak.
Bigarren galatik bost sailatu ziran: Unax Zabala, Igorreko gaztea, kantuan; Arratiakada izeneko Arratiako batukadea; Esti eta Olatz Zeanuriko abeslariak eta Igorreko Jone bere clown ikuskizunagaz.
Zeanuriko Leire Trueba gaztea zuzenean sailkatu zan finalerako, epaimahaiko batek Inizitu botoia sakatu ebalako. "Jantzan egiten dau. Flipantea izan zan: areto guztia zutunik. Eta epaimahaia aho zabalik gelditu zan berak etxean ikasitako jantza bat dala esan ebanean" azaldu deutso BEGITUri Ismael Pereira lehiaketako aurkezleak.
Bihotz Gorospek, Nuria Kortak, Olaia Larruzeak eta Olatz Gorrotxategik osotuten dabe epaimahaia.

Freddie Mercury hirugarren galan
Partaideak eurak emoten dabezan sorpresaz gainera, beste sorpresa batzuk be egoten dira ikuskizunean. Holan, hirugarren galan, aurkezleak Freddi Mercuryren imitazinoa egingo dau. Nor imitau, publikoak aukeratu eban facebook-en bitartez botoa emonez. "Sorpresa asko daukaguz finalaurreko eta finalerako" dino Ismael Pereirak.

0
Danerik
2016/5/9
Txan Magoa Igorreko Kultur Etxean

Maiatzaren 13an, arrastiko bost et'erdietan, Txan Magoak Txinbili-txanbala ikuskizuna eskeiniko dau Igorreko Kultur Etxean.
Sano ezaguna da Txan Magoa, askotan agertu da telebistan, antzerkian eta jaietan, eta bere "artxila mortxila" ospetsu egin da Euskal Herri osoan.
Txan Magoak orain dala 15 urte egin eban bere lehenengo magia ekitaldia. Santi Antero, Txan Magoa, Gipuzkoako Ilusionisten Elkartekoa, Areto Magian aditua da. Bere ekitaldietan zapiak, pelotak, kartak eta sokak erabilten ditu. Ikuskizuna egokia da ume, guraso zein aitita-amamentzat.

0
Danerik
2016/5/9
Abuztuko Sopelako udalekuetarako izena emon daiteke

Zaztaparrak Asti taldeak Sopelan antolatutako udalekuetara umeak bialtzeko, maiatzaren 13 eta 14an emon daiteke izena Igorreko Kultur Etxean.
Sopelan abuztuaren 2tik 13ra egongo dira eta prezioa 202 euro umeko da. Neba-arrebak deskontua daukie, 357 euro. Izen emotea, hilaren 13an, barikuz, arrastiko 18:00etatik 20:00etara, eta zapatuan 11:00etatik 13:00etara egin daiteke.
Udaleku gehiago be eskeiniko dabez Zaztaparretakoak, uda Arratian zein Arratiatik kanpo pasetako.

0
Danerik
2016/5/9
Memoria eta Kultura Astea Lemoan maiatzaren 9tik 15era

Memoria eta Kultura astean Memoria Historikoaren gaineko berbaldi bi egongo dira Lemoan. Lehenengoa hilaren 9an izango da, arrastiko 19:30ean udaletxean. Bigarrena, hilaren 11n izango da leku eta ordu berean. Han, Belen Solek eta Beatriz Diazek Bilbo Handian andrazkoak frankismoan bizi izandako errepresinoaren gainean egingo dabe berba. Hilaren 15ean, goizeko bederatzietan, Lemoatxeko lubakiak txukuntzeko auzolana deitu dabe. Izan be, aurreko urteetan Auzolandegietan berreskuratutako lubakiak nahiko txarto dagoz eta mantenimentu lana behar dabe. Hurrengo astean, hilaren 20, 21 eta 22an, Lemoatxako bataila antzeztuko dabe.
Astean zehar, ekitaldi asko egongo dira eskolan. Beste batzuen artean, ikasleen lanen erakusketak, zeramika lanen erakusketea, Harro Bizi Euskeraz abestiaren jantza, kultur jolas ginkana eta dramatizazino saioa.
Arratiako Musika Eskolako ikasleak kontzertua eskeiniko dabe hilaren 12an arrastiko zazpiretan eleizan. Hurrengo egunean musikeak kaleak eta tabernak hartuko ditu, Taberna Ibiltariaren eskutik, Herradura Tabernatik hasita, 20:00etan.
Ikasleen emonaldiak, Joko koralak eta azoka solidarioa be ez dira faltauko kultura eta memoria batzean dauzan astean.

0
Danerik
2016/5/2
Jaietako Kartel Lehiaketarako lanak bialtzeko epea zabalik

Lemoako jaietako Kartel Lehiaketarako lanak aurkeztu daitekez udaletxean bagilaren 17ra arte. Lehiaketan herrikoak hartu daikie parte. Lemoako Jaiak 2016 esaldia agertu behar da kartelean. Sari bi egongo dira 175 eurokoak.
Eskuz zein ordenagailuz egindako kartelak onartuko dira, A4 neurrian. Kartelak egilearen sinadura barik aurkeztu behar dira.

0
Musikea
2016/5/1
Areatzan eta Igorren Musika Eskolen Europako jaia maiatzaren 6 eta 7an

Emusik, Musika Eskolen Europako jaialdiaren hamabigarren edizinoa da aurtengoa. Bertan, milaka gazte europarrek 120 kontzertu baino gehiago emongo ditue 59 herritan, maiatzaren 4 eta 7a bitartean, tartean Areatzan eta Igorren. Areatzan, maiatzaren 6an izango da kontzertua herriko plazan 18:30ean eta Igorren, hurrengo egunean Kultur Etxean 11:30ean. Musika Eskolen Europako Elkarteak (EMU) antolatu dau jaialdia.
Kontzertu biak Europaren ereserkiagaz hasiko dira. Arratiako Musika Eskolako ikasleak be joko dabe ereserkia, aurreneko taldeagaz batera. Hau da, Areatzan Suitzako gitarra orkestragaz eta Igorren Esplugues de Llobregateko banda sinfonikoagaz. Gero, Areatzan Musikschule Brugg-eko hogei gitarrak osotutako orkestreak joko dau, Reinach (Alemania) eskolako 16 eta 18 urte bitarteko sei gazteren comboak gero, eta Torroella de Montgriko orkestra eta abesba- tzaren txandea izango da ondoren. Areatzako kontzertua amaitzeko, eurakaz batera, Arratia Musikako ikasleak, "Musikatu bizitza" Emusik festibaleko abestia joko dabe.
Igorren, ereserkiaren ondoren Esplugues de Llobregateko Banda sinfonikoak joko dau. Gero, Alemaniako Sttädtische Musikschule Esslingeneko 12 eta 55 bitarteko 32 musikarik osotutako Big Band eta orkestrak emonaldia eskeiniko dau. Amaitzeko, Arratia Musika Eskolako ikasleak eta Alemaniako Big Band eta orkestrak batera "Musikatu bizitza" jo eta kantauko dabe.

Donostia 2016
Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuaren proiektua da EMUSIK, eta egoitzak EAEn, Nafarroan, Iparralden eta Errioxan izango ditu. Herrietan joko daben parte-hartzaileak Europako hurrengo herrialdeetatik etorriko dira: Espainia, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Letonia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Austria, Polonia, Eslovakia, Suedia, Suitza eta Herbehereak.

0
Danerik
2016/4/24
Pirritx, Porrotx eta Marimotots Diman

Dimako Udalak eta Guraso alkarteak antolatuta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Amalur ikuskizuna eskeiniko dabe maiatzaren 13an, arrastiko seiretan, frontoian. Sarrerak erosteko, hilaren 26an Diman erroldatutakoak, eta 27an interesa daukien beste guztiak informazino bulegora jo beharko dabe 17:30etik 19:30era bitartean.

0
Danerik
2016/4/20
Zeberioko Untzueta mendian Nafarroaren Eguna ospatuko da

Untzueta Nafar Gaztelua lantaldeak antolatuta, Nafarroaren Eguna ospatuko dabe aprilaren 24an Untzueta mendian. Hori dala eta, ekitaldia egingo dabe antolatzaileak. Aurretik, mendira igon ostean, hamaiketako herrikoia izango da Untzuetan bertan, txalaparta eta albokeagaz lagunduta. Ondoren, aurreskua eta bertsolarien txandea, ekitaldia eta, amaitzeko, herri bazkaria Ugaon.
Untzueta mendian gaztelu nafar baten aztarnak dagoz. Lantaldekoen arabera, orain dala mila urte inguru, XI. mendean, Nafarroako Erresuma indartsua zan sasoian, gaztelu bat eregi zan Untzueta mendiaren tontorrean. Ondorengo mendeetan, betekizun garrantzitsua izan eban gazteluak eta bertan izandako gertaerak eragin handia izan eben Euskal Herriaren historian, eta inguruko herrietan: Orozko, Arakaldo, Arrankudiaga, Zollo, Ugao eta Zeberion, hain zuzen be.
Hamar mende geroago horren barri jente gitxik daukala ikusita, orain dala lau urte, lantaldea sortu zan. "Untzueta Nafar Gaztelua lantalde guztiz zabal eta parte-hartzailea sortu eta Untzueta mendiaren inguruko herri guztietako lagunak bildu ginan bertan. Nafarroa Bizirik taldeagaz hartu-emonetan ipini ginan eta alkarlan emonkorra burutu dogu eurekaz" azaldu dabe taldekoak ohar batez.

Egitasmoa
Taldeak informazinoa biltzeari ekin deutso, landu eta herritarrai bideratzeko; berbaldiak be emon dabez Nafarroako Erresuma eta Untzuetako gazteluaren gainean. Gazteluaren eta bertan erabilitako guda tresnen erakusketak be egin dabez Untzueta Nafar Gaztelua taldekoak. Horretarako, maketak, panelak eta abar prestatu dabez.
2014ko aprilaren 6an, nafar gaztelua bertan izan zala adierazoten dauan ikurra ipini zan Untzuetako tontorrean. Egun horretan Untzuetara igoerak antolatu ziran inguruko herrietatik urtenda eta ekitaldia eta ospakizuna egin ziran bertan.  

0
Danerik
2016/4/19
Helduentzako ipuin kontaketea Igorren

Aprilaren 22an, iluntzeko zortziretan, Ines Bengoa ipuin kontalariak helduentzako ipuin kontaketea eskeiniko dau Igorreko Kultur Etxean. Izan be, Escalofrio izeneko ikuskizunean, ipuin erotikoak biltzean ditu Bengoak. Iosu Lizarragaren musikeak lagunduko dau narrazinoa.
Escalofriok plazer erotikoaren historioa kontetan dau, hasikera-hasikeratik kontau be, munduaren sorreratik eta sasoi desbardinetako egoerak ekarriko dabez gogora Ines Bengoaren narrazinoak eta Iosu Lizarragaren musikeak. Holan, publikoak biaje moduko bat egingo dau "umore, eromen, zentzutasun eta pasinoaren bidez; eta sexuaren plazerrera errendiduten garanean sentiduten dogun hotzikara hori sentiduteko aukerea izango dau".

0
Danerik
2016/4/17
Urteurrena ospatuten jarraituko dabe Kiņu Gaztetxean

Kiñu Gaztetxeak urte bi bete ditu aprilean eta ospatuteko hainbat ekitaldi antolatu dabez hile osoan zehar. Urteurren jaia aprilaren 23an, zapatuan, izango da eta egun osoko egitaraua prestatu dabe. Bezperan, Gure kabuz ala hil dokumentala eskeiniko dabe eta hilaren 29an, MobyDick abeslariaren kontzertu akustikoa izango da.
Hilaren 23an, goizean puzgarriak egongo dira umeentzat Gaztetxeko atzeko bedartzan. 15:00etan bazkaria egongo da Gaztetxean. Eguneko ekitaldi nagusia, dana dala, gaubeko kontzertuak izango dira. Desore, Ze esatek eta Patrol Destroyers egongo dira hamarretatik aurrera Kiñun. Desore taldea Banden Lehiako finalera heldu zan igaz. Kontzertuak bost euroko prezioa dauka. Kontzertuen aurretik, sieretan, poteoa egongo da herrian zehar Fave de fuca Elektrotxarangeagaz.

Dokumentala eta kontzertua
Hilaren 22an, 19:30ean, Gure kabuz ala hil dokumentala emongo dabe eta ondoren gaia eztabaidatuko dabe bertaratutakoak. Dokumentalak lanaren prekarizazinoa hartzean dau abiapuntutzat, "kapitalismo logikatik kanpo" Euskal Herrian egin diran autogestinoan oinarritutako esperientziak erakusteko. Egileak gazte mobimentuaren alternatiben inguruko eztabaidea sortu gura dabe.
Urteurreneko azken ekitaldia, MobyDick abeslariaren kontzertua izango da hilaren 29an iluntzeko 20:30ean. Abeslari algortarrak, Cotard Delusion izeneko iraupen luzeko diskoa kaleratu eban 2013an, sano kritika onak jasoz.

0
Danerik
2016/4/11
Umeentzako kontzertua txotxongiloakaz Igorren

La Enana Naranja taldeak, aprilaren 15ean arrastiko bostetan, Kontukantari izeneko ikuskizuna eskeiniko dau Igorreko Kultur Etxean. Euskerazko hamar haur-kantuen kontzertua txotxongiloakaz izango da. Roberto Castro "Boti"k joko dau musikea eta Sandra Fernandez Agirrek Txiki Txikia, Txakur bat, Sorgina Pirulina, Baga Biga, Ixil-ixilik eta beste kantu ezagun batzuk kantauko ditu. Txotxongiloak Itziar Fragua, Iñgo Eibar eta Marta Alvarezek egin ditue.
Kontukantarik oroimenean daukaguzan abestiak biltzean ditu, reaggea, rap-a edo blues-a lango erritmoetara eroanez. Txotxongiloen laguntzeagaz, musikariak betiko abestiak berrikusiko ditue, nagusiak ahaztu ez dagiezan eta txikiak ikasi dagiezan. Eta holan ikusiko doguz, Arratoitxoak itsasontzi batera igoten, beharrera joan gura ez daben Txonbo eta Ziku, edo Nana eta Granu azokan txakur bat erosten.

Ipuin kontalaria
Egun berean, seiretan, Ines Bengoa ipuin kontalariak saio bi emongo ditu Igorreko liburutegian. Lehenengoa, seiretan, 3 eta 5 urte bitarteko umeentzat izango da, eta bigarrena, sei t'erdietan, sei urtetik gorakoentzat.

0
Danerik
2016/4/10
Arratiako Talentu Lehiaketako kanporaketak martxan

Arratiako Zu bai Zu Talentu Lehiaketako castingera, 30 lagun edo-eta talde aurkeztu ziran. Epaimahaiak, danak be maila ona eukiela eretxita, guztiak aurrera egitea ebatzi eban eta publiko aurrean erakutsiko dabe euren talentua lau ikuskizun edo galatan. Aprilaren 16an, 30ean, maiatzaren 21ean eta bagilaren 4an izango dira kanporaketa ikuskizunak Igorreko Kultur Etxean 20:00etan. Finala Igorreko jaietan izango da, bagilaren 12an.
Kanporaketak, kabaret ikuskizun moduan aurkeztuko dira, jantzak, kantuak eta beste trebetasun asko bilduz. Igorreko Udalak eta AMEk antolatu dabe Zu bai Zu Talentu Lehiaketea. Irabazleak 1.000 euro eskudirutan eta 500 euro bonoetan izango dabe saritzat.
Arratiakoa, Euskal Herriko lehenengo euskerazko talentu lehiaketea dala dino Ismael Pereira epaimahaikoak eta castingetako epaimahaia harrituta geratu zala partaideen talentua ikustean. "Danetik egin genduan, negar, barre, ago zabalik geratu, jantzan egin...", baina politena, Arratiako jentea eszenaleku gainean ikustea izan zala dino.

0
Danerik
2016/4/10
Aprilean urteurrena ospatuko dau Igorreko Kiņu Gaztetxeak

Igorreko Kiñu Gaztetxeak urte bi beteko ditu aprilean eta ospatuteko hainbat ekitaldi antolatuten dabiz. Dokumentala, kontzertua eta umeentzako jaia dira ekitaldi horreetako batzuk.
Egitaraua ez dago zarratuta, baina aldaketarik ez badago, domekan, aprilak 10, Eizu Change azokea egongo da eta 13:00etatik aurrera, egun horretarako beren beregi sortutako The J.F.'s taldeak, blues, soul eta funk estiloetako kantuen bersinoak eskeiniko dauz bermutaren ordua alaitzeko.
Hurrengo barikuan, hilak 15, umeen eguna izango da eta Kiñu Urteurren Txiki Jaian Txuski eta Purruski pailazoak egongo dira 18:30ean Gaztetxean.
Hilaren 22an, Gure kabuz ala hil dokumentala ikusteko aukerea egongo da arrastiko 19:30ean. Dokumentala, eurak euren burua definidutako berbakaz "sei gazte prekariok" egin eben, Euskal Herrian "kapitalismoaren logikatik kanpo eta autogestinoan oinarrituz bide propioak" egiten dabizen proiektuak ezetu eta ezetuten emoteko. Izan be, gazte mobimentuan alternatiben inguruko eztabaidea sortzeako helburuagaz egin dabe dokumentala.
Aprilaren 23an eta 29an be egingo dira ekintzak urteurrena ospatuteko, baina oindino ez dagoz zarratuta eta aurrerago emongo dabela horreen barri jakinarazo dabe Gaztetxetik.

0
Danerik
2016/4/10
Zentsurautako hiru pelikula Igorreko zine klubean

Salt of the Earth (Herbert J. Biberman, 1954), Viridiana (Luis Buñuel, 1961) eta Taxi Teheran (Jafar Panahi, 2015) filmak ikusi ahal izango dira Igorreko Kultur Etxean, aprilaren 14an, 21ean eta 28an hurrengoz hurrengo. Hiru filmok zentsurauta egon ziran euren herrialde eta momentu historikoan. Saio guztiak 20:00etan izango dira.
Salt of the Earth filma, 1951n Nuevo Mexicon kokatutako Empire Zinc Company-ren benetako gertaeran oinarrituta dago. Michael Wilsonek idatzi eban, Paul Jarricok ekoiztu eta Bibermanek zuzendu eta hirurak egon ziran Hollywoodeko zerrenda baltzean, komunismoaren alde egitea egotzita. Feminismoaren ikuspuntu sozial eta politikoa agertzen dauan lehenengoetako filma da Salt of the Earth.
Bertan kontetan da jatorri mexikar-estadubatuarreko beharginak, anglosajoi jatorrikoak baino soldata eskasagoa kobretan ebela lan bardinagaitik. Diskriminazino hau zala-eta, greba luze eta zaila egin eben Empire Zinc Company-ko beharginak eta greba horretan andrak papel garrantzitsua jokatu eben.
Hurrengo eguenean, hilak 21, Luis Buñuelek zuzendutako Viridiana pelikula ezaguna eskeiniko dabe Igorren. Filma galarazota egon zan Espainian Francoren garaian, 17 urte luzez. Pelikulea, Benito Perez Galdosen nobela baten dago oinarrituta. Pelikuleak kontetan dauana da Jaime jauna bakarrik bizi dala, emaztea ezkontza egunean hil zanetik. Komentuan bizi dan Viridiana lobea, bisitan joako eta Jaime harrituta geratuko da lobeak andrea zanagaz daukan antza ikusita.

2015eko pelikula bat
Zentsurea ez dala bakarrik beste sasoi bateko kontua erakusteko zine klubekoak 2015ean egindako pelikula bat aukeratu dabe zikloa zarratuteko. Jafar Panahi irandarrak zuzendutako Taxi Teheran da hori pelikuliori. Pelikulan, taxi batek Teheraneko kale koloretsuak zeharkatzen ditu. Gidariak bidaiariak alkarrizketatuten ditu, eta honeek euren eretxiak emoten dabez. Gidaria filmaren zuzendaria bera da, eta kotxeko aginte-mahian kokatuta dagoan kamera batez filmatzen ditu ezkutuan iraniarren bizitzak.

0
Danerik
2016/4/1
Igorrek eta Lemoak, Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoan hartuko dabe parte

Aprilaren 1etik, maiatzaren 31ra arte, Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren hamargarren edizinoa izango da, euskaltzale alkarte, liburutegi publiko eta liburudendak alkarlanean antolatuta. Edizino honetako barrikuntzarik iportanteena, Patxi Zubizarreta idazleari eskatutako 50 liburu gomendatuen zerrendea da, bost adin tartetan aurkeztuko dana.
Euskal Herriko 50 herritan ipiniko da martxan. Arratian, Igorre eta Lemoan. Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen alkarteen, udalen, liburutegien eta liburu denden alkarlanari esker gauzatzen da. Arratian, Euskaltzaleen Topagunea eta Igorre eta Lemoako Udalak antolatu dabe. Igorreko Euskera Zerbitzuak, Lemoako Euskera Zerbitzuak, Lemoako Udal Liburutegiak, Igorreko Udal Liburutegiak, Marra paper dendak, Orrie liburudendak eta Elkar liburudendak hartzean dabe parte.
Egitasmoaren helburuak dira herritarrak irakurten animetea, irakurtearen alde atsegina azpimarratuz, eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilerea sustatutea. Parte hartzea sarituten dau ekimenak, liburuak erosteko bentaja ekonomikoak emonaz.

Irakurri, gozatu, oparitu
Kanpainearen izenak berak erakusten dauanez, hiru pausu emon behar dira parte hartzeako. Lehenengo pausua irakurtea da, euskeraz irakurtea. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskerazko edozein liburu maileguan eskatu daiteke. Liburua irakurri ondoren, liburutegira itzuli, eta fitxa bat bete beharko da, zein izan dan irakurritako liburua esanez eta eretxia emonaz. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emongo deutso irakurleari, hitzartutako liburu dendan erabilteko. Azken pausua liburua oparitzea da, lagun bateri, senide bateri edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskerazko beste edozein libururen prezioaren % 35 ordaintzeko aukerea emoten dau.

Literatur jarduerak
Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak be antolatuko ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Beste batzuen artean, solasaldiak idazleakaz, liburu azokak eta irakurketa musikatuak egingo dira. Egitasmoak honako argitaletxeen laguntzea izaten dau: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.
Euskaltzaleen Topagunea  1997an sortu zan, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 Euskara Elkartek osotuten dabe, BEGITU argitaratuten dauan Zertu Kultur Elkartea, barne. Alkarteon zein mobimentuaren beraren helburua euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru landuten dabez: haur eta gazteen aisialdia, kulturgintzea, tokiko hedabideak, mintzapraktika eta entidadeak euskalduntzea eta sentiberatzea.

0
Danerik
2016/4/1
Argazkilaritza jaialdia Areatzan aprilean zehar

Areatza Photo Fest jaialdia antolatu dabe udalak eta Bostok Photok. Beste gauza batzuen artean, argazkilaritzearen gaineko berbaldiak, mahai-ingurua, erakusketak eta tailerrak egongo dira aprilean zehar.
Andrak eta argazkilaritzea gaiaren gaineko mahai-inguru batek emongo deutso hasikerea Photo Fest jaialdiari. Eva Parey kazetaritzako argazkilariak, Gema Arrugaeta natura eta biajeetan espezializautakoak eta Josune Martinez de Albeniz Marca egunkariko argazkilariak landuko dabe gaia aprilaren 7an, udal aretoan. Hurrengo egunean, 8 eta 12 urte bitarteko umeentzako tailerra egongo da ludotekan 17:00etatik aurrera. 19:30ean, Ilargi kalean Photocall-a egongo da; hau da, eszenaleku moduko bat ipiniko da jenteak bertan argazkiak egin dagiazan.
Argazkilaritza jaialdian, hiru berbaldi egongo dira, hilaren 14, 21 eta 29an autore argazkilaritza, giza eskubideak eta Euskal Herriko gatazkaren ingurukoak, hurrengoz hurrengo. Lehenengoa, Jon Urbe kazetari argazkilariak egingo dau Areatzako Udaletxean 19:30ean. Hurrengoan, Javi Juliok, Nervio Photoko kideak, Ukrainan, Jordanian eta Grezian bizitakoa kontau eta erakutsiko dau 19:30ean. Azkenik, 29an, Ander Gilleneak Euskal Herriko gatazkan zentrautako bere 20 urteko ibilbide profesionala azalduko dau berbaldia eta erakusketearen bitartez 17:00etan Ilargi kalean.
Gura dauanak hartu daike parte aprilaren 16an egingo dan fotomaratoian. Hitzordua, plazan da goizeko hamaiketan.

Erakusketak taberna eta kaleetan
Hile osoan argazki erakusketak egongo dira hainbat taberna eta kaletan. Holan, Hagina tabernan Bostok Photoko Josu Trueba Leivaren Al son del punk bildumea egongo da ikusgai; Hotel Balnearioan, Stuart MacDonald-en Music Snnaper; Bixer tabernan eta The Quiet Corner-en Mikel Alonsoren erotismo eta gastronomiaren gaineko argazkiak, eta herriko kaleetan, 2013-2014 ikasturteko ikasleen lanak erakutsiko dira.
Photo Fest jaialdiari amaierea emoteko, hilaren 30ean, proiekzinoak egongo dira kalean eta Vomitando desperdicios taldeak kontzertua eskeiniko dau Gaztetxean.

0
Kontzertuak
2016/3/16
Hesian taldeak kontzertua eskeiniko dau Igorreko Kultur Etxean

Martiaren 18an, barikuz, iluntzeko 21:00etan, Hesian taldeak Hegalak astinduz izeneko kontzertua eskeiniko dau Igorreko Kultur Etxeko Lasarte Aretoan.
Taldeak musika indartsua eta bizia egiten dau, haizeko tresna eta neska-mutil abotsakaz hornidutako pop-rock eta punk-rock melodikoa, hain zuzen. "Berba sakonak eta konprometiduak, burrukalariak, esanguraz beteak eta itxaropentsuak, iluntasunean argia bilatzen dabenak. Horixe da Hesian" dinoe taldekoak.
Taldeak 2006ko udabarrian hasi eban bere ibilbidea Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Ordutik hona, 400 kontzertu baino gehiago emon dauz Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo eta estudioko bost disko kaleratu dabez. (Maite dugu, 2007; Herriaren oihua, 2008; Borrokatu eta irabazi, 2010; Hitzetik, 2011; Hegalak Astinduz, 2014) eta zuzeneko CD/DVD bat (Hemen eta orain, 2013).

0
Bertsolaritzea
2016/3/15
Arzallus, Enbeita, Gaztelumendi eta Lujanbio Igorreko Kultur Etxean

San Jose egunean bertan, martiaren 19an, izango da San Josetako bertso saioa Igorreko Kultur Etxean arrastiko zazpiretan. Amets Arzallus, Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbiok osotuten dabe aurtengo kartela.
Igorrekoa Arratian plazarik zaharrenetakoa da eta beti lehenengo mailako bertsolariak ekarten dabez publikoari bertsorik ederrenak entzuteko aukerea emoteko. Aurtengoan be, lau bertsolari handi izango dira Igorren.
Amets Arzallusek 2013ko Txapelketa Nagusia irabazi eban eta aurrekoan, 2009koan, txapeldunorde izan zan. 2009ko haretan, Maialen Lujanbio izan zan txapelduna eta 2013an, barriz, txapeldunorde. Biak egongo dira San Josetako bertso saioan.
Eurekaz batera, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi egongo dira. Gaztelumendi 2013an egon zan Txapelketa Nagusiko finalean eta 2015ean bera izan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazlea; Enbeita Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean egon da hainbat bider.

0
Zinea
2016/3/13
Ekozinemaldia Artean

Ekozinemaldiko pelikula bi ikusi ahal izango dira Artean, martiaren 15ean, martitzenean, eta 17an, eguenean; Piztu aldaketa! Energia transizioak eta Honek dena aldatzen du filmak, hain zuzen. Saioak eskolan izango dira arrastiko zortziretan.
Ekozinemaldia, Ekologistak Martxanek antolatuten dauan ekologiaren gaineko zine erakustaldia da. Aurten 10 urte beteten ditu eta edizino honetan 17 udalerrik hartzean dabe parte. Eredu energetikoa eta honen ondorio dan aldaketa klimatikoa da aurtengo gaia.

Eredu energetikoa aldatzeko sasoia
Piztu aldaketa! Trantsizio energetikoa Ekologistak Martxanek berak ekoiztutako dokumentala da. Egungo energia eredua ekologia aldetik jasangaitza, eta sozialki bidegabea da. Baina badira munduan zehar honen kontra burrukatzen eta alternatibak martxan ipinten dabizan personak eta taldeak. Dokumental honetan, Euskal Herritik abiatuta, Ipar eta Hegoaldeko hainbat esperientziatara hurreratzen dira egileak, bizitza proiektuak, erresistentziak eta proposamen politiko eta kooperatiboak ulertzeko asmoz. Biaje honek beharrezkoa jakun energia eraldaketearen gakora doazen ikasketak eta erronkak erakusten ditu.
Naomi Klein eta Avi Lewisek Honek dena aldatzen du filman, klima aldaketeari buruz hausnartzen dabe. Pelikulan zehar, Kleinek klima aldaketearen krisia aprobetxau behar dogula dino, egun nagusi dan porrot egindako eredu ekonomikoa, hobea izan daiteken beste zerbaistegaz ordezkatzeko.
Ekologistak Martxanek euskeratu dau filma.

0
Danerik
2016/3/13
Areatzako Literatura Astea

Liburu aurkezpena, Areatzako I. Ipuin Lehiaketako sari banaketea, berbaldia eta liburuak trukatzea edo bookcrossingak osotuten dabe martiaren 15etik 18ra ospatuko dan udalak antolatutako Areatzako Literatura Astea.
Liburuak trukatzeko, aurretik batu egin behar dira. Horregaitik martiaren 7tik 15era, etxean dagozan ume edo gazteen liburuak, ludotekan itxi ahal izan dira, hilaren 18an, 18:00etatik aurrera plazan gura daben liburua hartzeako aukerea izateko. AKKBk, eta Suspertuk be lagundu dabe antolakuntzan.
Hilaren 15ean, Miren Agur Meabek Gorpuztasuna Meaberen poetikan izeneko berbaldia emongo dau. Barikuan, hilak 18, Mikel Alvirak La novela de Rebeca liburua aurkeztuko dau. Aurkezpena eta berbaldia udaletxeko areto nagusian izango dira, arrastiko zazpi t’erdietan eta zazpiretan, hurrengoz hurrengo.
Areatzako I. Ipuin Lehiaketako sariak, hilaren 16an arrastiko seiretan bananduko ditue liburutegian.

0
Danerik
2016/3/7
Arratiako Musika Eskolearen ikuskizuna Igorreko Lasarte Aretoan martiaren 12an

Hilaren 12an, Arratiako Musika Eskolako 130 ikaslek, irakasleen orkestrak lagunduta, 1960 eta 1970eko hamarkadetako abesti ezagunetan oinarrituko ikuskizuna eskeiniko dabe Igorreko Lasarte Aretoan.
Saio bi egongo dira. Arrastiko bostetan bata eta zazpiretan bestea. Bostetako saioan, Dima, Artea, Areatza eta Zeberioko ikasleak hartuko dabe parte. Zazpiretakoan, barriz, Bedia, Lemoa eta Igorrekoak. Saio bietan, Arratiako Musika Eskolako Kirikinausi eta Zornotzako Kantalai koruak egongo dira.
Aurtengoa, hamazazpigarren "Ipuin musikatua" izango da. Arratiako Musika Eskoleak urtean-urtean egiten dau ekintza hau eta Lasarte Aretoa bete egiten da saio bietan.

0
Zinea
2016/3/6
Euskerazko zortzi film labur ikusteko aukerea Areatzan eta Igorren

Euskaltzaleen Topaguneak Laburbira film laburren hamahirugarren edizinoa abiatu dau. Zezeilaren 25etik martiaren 20ra bitartean, 27 herri bisitauko ditu zirkuituak. Areatzan eta Igorren proiektauko dira film laburrak, martiaren 11n, 20:00etan Lasarte Aretoan Igorren (hasikera baten 18rako egoan iragarrita), eta 12an, 19:00etan Areatzan, Udal Aretoan, Zertu Kultur Elkartearen eskutik eta Areatza eta Igorreko Udalen laguntzeagaz.
Saio bakotxean zortzi ikusentzunezko labur eskeiniko dira, ordu eta laurden inguruko emonaldietan. Ane Urkiolaren Zea Bingo, Iñigo Gaitonen Erreplika, Uda Films-en Jorrai, Yago Mateoren Fishura, Aitor Gametxoren Berebizitzetako bat, Eriz Alberdiren Brunilda, "The Arlotes" Uraitz Soubies-en Hartz txiki eta Iker Azkoitiaren Semeak dira aurtengoak. Honeek aukeratzerakoan, Topagunekoak kontuan hartu dabezan erispide nagusiak "kalidadea, sortzaile barriai lekua egitea, genero eta gai aniztasuna, lurraldetasuna eta hainbat arlogazko sensibilizazinoa sustatzen daben lanak hedatzea" izan dira.

Topagunea eta Zertu
Laburbira, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuten dau herriz herriko euskaltzaleen alkarteakaz alkarlanean; Arratian, Zertu Kultur Elkarteagaz. Zirkuituak euskerazko ikus-entzunezko produkzinoa ezetu arazo eta herrietako kultur eskeintza aberasteko helburua dauka.

0
Danerik
2016/3/3
Lemoako V. Narrazino Lehiaketea

Aprilaren 23ra arte bialdu daitekez lanak Lemoako V. Narrazino Lehiaketan parte hartzeako. Hamazortzi urtetik gorakoak hartu leikie parte eta gaia librea da.
Partaide bakotxak narrazino bakarra aurkeztu ahal izango dau eta gehieneko luzeerea sei foliokoa izango da. Lanak Lemoako Udaletxean aurkeztu behar dira edo helbide honetara bialdu kultura@lemoa.net. Idazlanak izenburua edo izengoitia bakarrik euki behar dabe, egilea idenfikau leiken ezelango zeheztasun barik, datuok kartazal zarratu baten ipini behar dira.

Sariak
Lau sari egongo dira. Lehenengo saria 250 eurokoa da; bigarrena, 150 eurokoa; hirugarrena, 100 eurokoa eta Lemoako lanik onenari 100 euroko saria. Saridun guztiak diplomea jasoko dabe eta maiatzean egingo dan aste kulturalean bananduko dira. Saritutako lanak udaleko webgunean argitaratuko dira.

0
Danerik
2016/3/1
Umeentzako I. Ipuin Lehiaketea

Areatzako Udalak I. Ipuin Lehiaketea antolatu dau. Gaia librea da, ipuinak euskeraz egon behar dira eta martiaren 11ra arte entregau daitekez lanak ludotekan edo Gaztelekuan. Sariak, kategoriaren arabera, liburu sortak, MP4a eta liburu elektronikoa izango dira. Sari banaketea martiaren 16an izango da arrastian Udal Aretoan.
Ipuinak, batuaz zein bizkaieraz egon behar dira eta 100 berba euki behar dabez gitxienez. Bost kategoria dagoz, lehenengo kategorian 3. eta 4. mailakoak hartuko dabe parte, bigarrenean 5 eta 6. mailakoak, hirugarrenean DBH1 eta DBH2koak, laugarrenean DBH3 eta DBH4koak eta bosgarren kategorian atzenik Batxilergo 1. maila eta bigarrenekoak.
Egileak hiru kopia aurkeztu behar ditu eta lanak ordenagailuz idatzita egongo dira. Idazlearen izena aldez aurretik ez jakiteko, ipuinean ez da ez izen-abizenik ez eta egilea identifiketako ezer idatzi behar. Idazlana gutunazal txiki bateri erantsita entregauko da. Gutunazalaren barruan parte hartzailearen izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, jaioteguna eta ikasmaila agertuko dira. Kanpoan, barriz, jagokon kategoria baino ez da idatzi behar.
Ipuinak ludotekan entregauko dira, astelehenetik barikura 16:30etik 19:30era, edo Gaztelekuan, bariku eta zapatuetan 19:00etatik 22:00etara. Lan guztiak Areatzako Udaleko webgunean eta liburuxka baten argitaratuko dira.

Sariak
Lehenengo kategoriako irabazleak eta bigarrenekoak liburu sorta bat eroango dabe, 3. eta 4. kategoriakoak MP4a eta bosgarrenekoak E-Book-a.

0
Zinea
2016/3/1
Zinegoak jaialdiko emonaldi bi Igorren

Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans 13. Nazinoarteko Zine eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, jaialdira aurkeztutako lanak herrietara zabaltzeko asmoz, Hedapenak izeneko ekimena ipini dau martxan. Igorrek parte hartzean dau horretan eta aurten emonaldi bi egongo dira, martiaren 3an bata eta 10ean bestea. Emonaldiak 20:00etan Igorreko Lasarte Aretoan izango dira. Hilaren 3an sei film labur proiektauko dira; hurrengo eguenean, barriz, Sangailes Vasara film luzea.
Hilaren 3an ikusi ahal izango diran film laburrak honeek dira: Usue Egiaren Garelako, Kepa Errastiren Aitona mantangorria, Anne-Claire Jaulin-en A qui la faute?, Jake Graf-en Chance, Carolina de Azevedo-ren De que lado me olhas? eta Kristina Kello-ren Betty.
Garelako eta Aitona mantangorria euskeraz dira. Gainontzekoak jatorrizko bersinoetan emongo dira euskerazko azpitituluakaz.

Sangailé-ren uda
Martiaren 10ean, Sangailes Vasara (Sangaile-ren uda) drama erromantikoa egongo da Lasarte Aretoan. Alanté Kavaité zuzendariaren lan hau aukeratu dabe Lituania ordezkatzeko Oscar sarietan. Zuzendari onenaren saria be jaso eban 2015eko Sundanceko zinemaldian.

0
Erakusketea
2016/3/1
Andren ikuspegia jasoten dauan erakusketa kolektiboa Igorren

Hamalau artista plastikoren lanak batzean dira Ikuspegi femeninoak etorkizuna eraikitzen izeneko erakusketan. Egileak, Ana Rosa Arroyo, Ana Marin, Ane Undurraga, Arantza Pineda, Encarna Cepeda, Feli Agirre, Maite Artabe, Marian Daubagna, Marisol Calzada, Maritere Bilbao, Maritere Goti, Maxima Kerr, Miren Bilbao eta Tere Uribe-Etxebarria dira Ines Medinaren mintegian parte hartu dabenak. Erakusketea martiaren 5etik 31ra arte egongo da Igorreko Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
Martiaren 5ean, izango da inaugurazino ekitaldia. Ane Undurraga artista eta kazetariak jardungo dau aurkezle lanetan eta Frida Kahloren Broken Column izeneko koadroan oinarritutako preformance bategaz hasiko da. Ondoren, igaz hildako Rosa Calzada taldekidearen omenezko poema bat irakurriko dau Maite Artabek. Gero, Ines Medina mintegiko irakasle eta erakusketearen komisarioak hartuko dau berbea, aurtengo erakusketearen espiritua komentetako. Azkenik, kopautxoa egongo da hurreratzen diranentzat.

Rosa Calzada gogoan
Aurtengoa Ines Medinak Igorren emondako zortzigarren mintegia eta bosgarren erakusketea izango da. Taldean, partaide barriak dagoz urtero, baina beste batzuek hasikeratik parte hartu dabe mintegi honeetan eta Arratiako andra artisten alkarte bat be osotu dabe. Hasikeratik egon dan horreetako bat Rosa Calzada zan, igaz hil zana.
Rosa Calzadaren lanbidea pinturea zan, Getxo antzezaleak alkartearen fundatzaileetakoa izan zan eta bertan 30 urtez egon zan eskolak emoten. Erakusketa asko egin ebazan Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Arratian be, Igorreko Kultur Etxean eta Areatzako Hotel Bainuetxean erakutsi ebazan bere lanak.

0
Danerik
2016/2/23
Zertu Kultur Elkarteko Batzar Orokor berezia aurtengoa

Zertu Kultur Elkarteko Batzar Orokorra zezeilaren 26an Igorreko Kultur Etxean izango da arrastiko 19:00etan.


Orain arte, Zertuko kideak bakarrik egon dira begitu argitaratzen dauan Zertu Kultur Elkarteko Batzar Orokorrean. Zertuko kideak alkartea sortu ebenak eta ordutik alkarteko zuzendaritzako kide izan diranak osotuten dabe. Alkartean Zertukideez gainera, Begitu-lagunak be badagoz, aldizkaria diruz lagunduz alkartearen ezinbesteko zutabe diranak. Igazko batzarrean eztabaida sortu zan Begitu-lagunak alkartean izan behar eben papelaren inguruan. Bertan ebatzi zan Begitu-lagunak Zertuko proiektuakaz daukien konpromisoa balorau egin behar dala eta Batzar Orokorrean parte hartzeako eskubidea emon behar jakiela. Horregaitik aurten 42 Zertukideez gainera, 340 Begitu-lagun inguruk izango dabe Batzar Orokorrean eretxia emoteko eta alkartearen bidea marketako ebatziak hartzeako aukerea.

0
Bertsolaritzea
2016/2/15
Arratia Busturialdearen kontra BBK Sariketako lehenengo kanporaketan

Zezeilaren 17an, Bertsolari Gazteen 24. Sariketako lehenengo kanporaketea jokatuko da Igorren. Bertan Arratiako taldea eta Busturialdekoa neurtuko dira. Finala Bilboko Kafe Antzokian izango da martiaren 18an.
Aurten zortzi eskualdek hartuko dabe parte lehian: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta. Talde bakotxean sei bertsolari egongo dira, edadearen araberako multzo bitan. A multzoa 18 urte artekoak osotuko dabe, eta 18 eta 24 urte bitarteko bertsolariak B multzoa.
Kanporaketa bakotxean talde bi egongo dira bata bestearen kontra; halandaze, lau kanporaketa saio izango dira guztira. Hortik lau taldek egingo dabe aurrera. Finalaurre saio bi egongo dira, eta hortik urtengo dabe finalistak; talde bi finalerako.
Sarietan be aldaketak dagoz 24. edizino honetan. Izan be, dietak danontzako bardinak izango dira saioetan, eta sari kolektibo bat be egongo da.
Epaimahaia hiru bertsolarik osotuko dabe, tartean Juanjo Respaldiza Orozkokoa seguru askoan, eta gai-jartzaileak Bertsozale Elkartearen gai-jartzaile taldetik bideratuko dira.

0
Danerik
2016/2/15
AKKBren Bazkide Eguna

AKKBk (Areatzako Kirol eta Kultur Batzordea) Bazkide Eguna ospatuko dau zezeilaren 27an. Horretarako egun osoko jaia prestatzen dabilz. Bazkidetza prozesua be zabaldu dabe. Igaz 326 bazkide lortu ebezan eta aurten zenbaki hori hobetutea espero dabe. Bazkideen artean, herriko 41 negozio dagoz AKKBri lagunduten. Bazkideak bazkaria izango dabe Areatzako Hotelean eta bazkalostean, III. AKKB Frontenis Txapelketearen finala jokatuko da. Hilaren 15, 17 eta 22an, Areatzako Udaletxeko hirugarren solairuko gelan, AKKB bazkide egin eta bazkarirako izena emon daiteke, 19:30etik 20:30era bitartean.



0
Danerik
2016/2/15
Bizikletearen mantenimenturako ikastaroa Artean hilaren 19 eta 26an

Bizikletearen oinarrizko mantenimentu eta konponketetako ikastaroa antolatu dau AKKTk (Arteako Kirol, Kultura eta Euskera Taldeak) Kultur Etxean. Ikastaroak saio bi izango ditu arrastiko seiretan; lehenengoa zezeilaren 19an izango da eta hurrengoa hurrengo  barikuan, hilak 26.
Lehenengo saioan, pinoiak erreguletan, katea konponduten eta bizikletea behar dan moduan garbituten ikasiko dabe partaideak. Hurrengo saioan, bakotxak bere bizikletea eroan eta ikasitakoa modu praktikoan erabili, zalantzak argitu edo-eta egin behar diran konponketa txikiak egiteko aukerea izango dau.

0
Musikea
2016/2/15
Enkore Kiņu Gaztetxean

Zezeilaren 19an, Enkore taldeak kontzertua eskeiniko dau Igorreko Kiñun. 20:30ean izango da hitzordua, baina Gaztetxeak ordu erdi lehenago zabalduko ditu ateak. Hiru euroko prezioa izango dau sarrereak.
Enkore rock taldea Bilboko Errekalde auzoan sortu zan 2009an. Harrezkeroztik hiru disko kaleratu ditu, Faktore komunak (Baga-biga, 2012), Kanala (Elkar/Oihuka, 2014) eta E (Baga-biga, 2015). Sano kantu ezagunak ditu "Beti gazte" "Dantzan, dantzan", "Gure ereserkia" edo "Bihotz ezkutua", beste batzuen artean. Enkore taldearen kantu askok Gaztea irratiko Top Gaztea zerrendako lehen postuak lortu dabez.

0
Danerik
2016/2/9
Beti oporretan liburuaren aurkezpena

Harkaitz Canoren Beti oporretan ipuin bildumearen aurkezpena izango da zezeilaren 15ean, 18:30ean Igorreko Kultur Etxean. Liburu honetan hamalau kontakizun dagoz, eta batzuk uda eta itsaso ondoan girotzen badira be, badagoz ohiko opor egoeretatik harago doazen kontakizunak be.
Harkaitz Canok birritan irabazi dau Euskadi Literatura Saria eta beste bitan Espainiako Kritikaren Saria. Twist nobeleagaz Beterriko Liburua aitamena jaso eban. Neerlanderaz, galegoz, grezieraz, ingelesez, gaztelaniaz, errusieraz, alemanez eta italieraz irakurri daitekez bere liburuak.

0
Kontzertuak
2016/2/8
"Musika Bakarrean" zikloko atzen kontzertua Areatzan

Zezeilaren 13an, 19:30ean, AKKBk antolatutako "Musika bakarrean" zikloko azken kontzertua izango da Areatzako Udal Aretoan. Mikel Albistur oboe jotzailea eta Xabier Calzada flauta jotzailea entzuteko aukerea izango da oraingoan.
Mikel Albistur oboe irakaslea da Bilbao Musikan. Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoan joten dau eta musika garaikideko Krater Ensemble taldeko kidea da.
Xabier Calzadak be Euskadiko Orkestra Sinfonikoan eta Bilboko Orkestra Sinfonikoan joten dau eta musika garaikideko Kuraia Ensemble taldeko kidea da.
Biak alkarregaz Sonar ganbara musikako haizezko boskotean joten dabe.

0
Antzerkia
2016/2/8
Martina eta paperezko basoa Igorreko Kultur Etxean

Zezeilaren 12an, 18:00etan, L´Horta Teatre konpainiak Martina eta paperezko basoa obra antzeztuko dau Igorreko Lasarte Aretoan. Eszenalekuan, apurka-apurka papelez eta kartoiz egindako uniberso bat eregiten dabe aktoreak obra poetiko honetan.
Martina kartoizko etxe baten bizi dan papelezko neskatxia da. Beti ibilten da berandu eskolako autobusa hartzeako dana ahaztuten daualako: liburuak, motxila... Egun baten, bere etxean koloretako txilipotoia agertzen da airean jantzan. Haregaz olgetan, etxetik urrundu eta basoan galtzean da. Orduan basoko biztanleai laguntza eskatzea ebazten dau Martinak.
Martinagaz batera ikusleak naturea eta askatasuna ezetuko dabe.

0
Danerik
2016/1/31
Zine italiarrari eskeiniko deutso hurrengo zikloa Igorreko Zine-klubak

Zuzendari italiarren hiru pelikula eskeiniko ditu Igorreko Zine-klubeko 2016ko lehenengo zikloak. Zezeileko lehenengo hiru eguenetan izango da, arrastiko zortziretan. Federico Felliniren Amacord, Nanni Morettiren Caro diario eta Gianni Amelioren Lamerica filmak ikusteko aukerea egongo da Igorreko Lasarte Aretoan.
Zezeilaren 4an, Federico Fellinik (Rimini 1920-Roma1993) 1973 urtean zuzendutako Amacord filmak hasiko dau zikloa. Pelikuleak, Felliniren jatorrizko urian oinarritutako fikzinozko Borgoko personajeen inguruan egiten dau berba. Hasikera baten pelikula kostunbrista bat badirudi be, ironiak, fantasiak eta esperpentuak beste dimensino bat emongo deutso filmari.
Hurrengo eguenean, hilak 11, Giovanni Morettik (Brunico 1953) 1993an zuzendutako Caro diario pelikulea proiektauko dabe. Film hau autobiografikoa da eta hiru pasartetan Moretik bere bizimodua islatzen dau. Pelikula honetako aktorea be Moretti bera da. Pelikula honegaz, 1994ko Cannes-eko zinemaldian, zuzendari onenaren saria lortu eban Morettik.
Hilaren 18an, Gianni Amelio (San Pietro Magisano, 1945) zuzendariaren Lamerica (1994) filmaren txandea izango da. Pelikula honetan, 1990eko hamarkadaren erdikaldera Albaniak bizi izan eban gatazka sozial eta ekonomiko larriaren istorioa kontetan dau. Filmak, beste sari batzuen artean, lau sari lortu ebazan 1994n Venezian, tartean, zuzendari onenaren saria.

0
Danerik
2016/1/31
Auzoak koruz beteko dira Santa Ageda bezperan

Aurtengo udagoien eta negu epela dala eta, lurrak ez badau neguko loaldirik egin be, urtero lez, arratiarrak makilak hartuko dabez lurra esnatuteko santa eskean. Izan be, zezeilaren 4an, Agate Deunaren bezperan Arratia, Ubide eta Zeberiko kaleak koruz beteko dira santearen koplak kantetan.
Jose Ramon Galarza zuzendari barriagaz, Arratiako Koruak bere ohiko ibilbidea egingo dau Arratia, Zornotza eta Bilbotik. Koru hau Arratiako zaharrenetakoa eta jente gehien biltzean dauana da. Aurten 65 urte beteko ditu eta bertan 40 kantari inguru batzean dira. Goizeko zortzirak inguruan hasita, iluntzeko bederatzi t’erdiak aldera arte jardungo dabe kantuan. Jasotako dirua Caritasentzat izango da.

Hauxe da Arratiako Koruak egingo dauan ibilbidea:
08:45ean, Arantzazu. 09:00etan, Dima. 09:25ean, Igorre. 09:45ean, Lemoa. 10:00etan, Zornotza. 11:15ean, Begoñako basilikea. 12:00etan, San Anton, Erribera merkadua, Plaza Barria, Ipar Kutxa, Udaletxea, BBVA, El Corte Ingles eta BBK. 13:30ean, Bizkaiko Foru Aldundia. 13:55ean, Guggenheim museoa. 14:30ean, bazkaria Piperrak Txokoan. 17:00etan, Kale Nagusia, Arenala... 18:30ean, San Nikolas, metroa, Donibane santuen plazatxoa... 19:00etan, Santiago katedrala, Zazpi kaleak. 20:00etan, Arriaga aurrean agurra. 20:30ean, Bedia. 20:45ean, Artea. 21:00etan, Zeanuri. 21:15ean, Areatza.

Beste koruak
Zezeilaren 4an, Arratia, Ubide eta Zeberioko kaleak santearen omenezko koplak kantetan dabezan talde txiki zein handiz beteko dira. Eskola umeak, parrokietako koruak, abesbatzak, lagun taldeak eta kultur alkarteetakoak kopla errepertorio aberatsa eskeiniko dabe auzunez auzune.
Santa Ageda egunaren hurrengo domekan be, zezeilak 7 aurten, Zeanuriko Santa Ageda ermitan, koru txiki batek santearen martirioa kontetan daben koplak kantauko dauz.

0
Antzerkia
2016/1/26
Igorreko andra talde batek sortutako komedia antzeztuko da Lasarte Aretoan

Urtailaren 29an Miriam Herbonen zuzendaritzapean, Igorreko andra talde batek Mujeres saliendo del cuento antzezlana estrenauko dau Lasarte Aretoan. Antzezlanak amodio erromantikoari kritika egiten deutso umorez.
Taldea, Igorreko Emakumeen arteko topaketa interkulturaletatik sortu zan. "Herrian, hartu-emonak izan ahal izateko andren arteko sare bat behar zala pentsau neban zinegotzi nintzanean. Eta horretarako, modu desbardinak diseinau nebazan, ondorioa zein izango zan ondo jakin barik" azaldu deutso begituri Soraya Lizundia taldekoak. Holan, eta andrak alkartzeko helburuagaz, hilean behin batzean hasi ziran Igorreko hainbat andra. Hasikera baten, topaketa horreetan gai bat jorratzen eben, baina jente gehiago bertara batzeako helburuagaz, zerbaist ludikoagoa egitea pentsau eben eta holan, igaz, antzerkia egitea ebatzi eben. Testua idatzi eta ensaioak egin ostean, urtailean taularatuko dabe lana.

Ipuinetatik urtendako personajeak
Mujeres saliendo del cuento komedian, ipuin tradizionaletatik urtendako personajeak (Txanogorritxu eta bere amamak, Edurne Zurik, Loti Ederrak eta Errauskiñek hain zuzen be) matxismoa irudikatuten dauan ehiztariari egiten deutsie aurre. "Lehengo andren amodioa biziteko modua erakusten dau" dino Marisol Calzada taldekoak.
Taldeko partaideak, egin dabe behar guztia: antzezlana sortu, jantziak eskuratu edo josi, antzeztu, eta abar.


Egileak: Marisol Calzada, Maria Jesus Geresta, Ana Maria Grajales, Juanita Lizarralde, Soraya Lizundia eta Begoña Uriarte.
Urtea: 2015.
Generoa: komedia.
Hizkuntza: gaztelania.
Estreinaldia: urtailaren 29an, 20:00etan, Igorreko Lasarte Aretoan.
Zuzendaria: Miriam Herbon.
Aktoreak: Marisol Calzada (Errauskiñe), Maria Jesus Geresta (Edurne Zuri), Ana Maria Grajales (Txanogorritxu), Juanita Lizarralde (Txanogorritxuren amama), Soraya Lizundia (Loti Ederra) eta Begoña Uriarte (ehiztaria).

0
Kontzertuak
2016/1/25
Nik Khaos-en Eztanda diskoaren aurkezpena Kiņu Gaztetxean

Urtailaren 30ean, Nik Khaos taldeak bere bigarren diskoa, Eztanda, aurkeztuko dau Kiñu Gaztetxean, 22:30etik aurrera. Disko honetan, Dimako metal taldeak kritika gogorra egiten deutso gaur egungo gizarteari.
Ondoren Raust! rock talde barriak joko dau. Talde honetan Karmelo Usategi igorreztarra dago, taldeko abotsa da.
Arrigorriagako Boogie Riders-ek, blues rock hirukoteak osotuko dau jaialdiko programea. Ez da sarrerarik ordaindu behar.

0
Antzerkia
2016/1/24
Kreditua komedia Igorreko Lasarte Aretoan

Jordi Galceran-en Kreditua izeneko komedia taularatuko dau Ttanttaka Teatroak urtailaren 30ean, 20:00etan Igorreko Lasarte Aretoan. Fernando Bernuesen zuzendaritzapean, Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxagak antzeztuko dabe gaurkotasun handiko eta umorezko obra hau.
Joseba Apaolazak banku sukursal bateko zuzendariaren papela egiten dau obra honetan eta Zuhaitz Gurrutxagak bezeroarena. Zuzendariak kreditua ukatu egingo deutso bezeroari eta hortik abiatuta gauzak korapilatzen hasiko dira.
Aitziber Garmendiak euskaratu eban Jordi Galceran idazle katalaniarren Kreditua. Obra hau katalanez, galizieraz eta gaztelaniaz be antzeztu da.

0
Musikea
2016/1/18
Punk talde bi Karabien

Galdakaoko Ortuondo Gaztetxekoakaz alkarlanean, Harriketarrak Gazte Asanbladak kontzertuak antolatu ditu urtailaren 23rako. Inedituak Galdakao Punk eta Habemus Papam taldeak Karabie Gaztetxean joko dabe 22:30etik aurrera.
Inguruko punk musikeagaz gozatuteko aukerea izango da Karabie Gaztetxean hilaren 23an. Inedituak punk rock taldeak Galdakaoko punk musikea ekarriko dau Lemoara. Euren abestiak eta Rip, Reincidentes edo La Polla taldeen bersinoak egiten dabez galdakaoztarrak. Beñat Etxebarriak (bateria), Egoitz Bilbaok (bajua eta koruak) eta Iskander Morenok (gitarrea eta abotsa) osotuten dabe taldea.
Habemus Papam punk-oi taldea barriz, Amurriotik dator. Talde honek disko bi ditu dagoeneko kalean, Ekintza zuzena eta Hortzak erakutsi.

Blogak helbide barria
Harriketarrak Gazte Asanbladak bere blogaren helbidea aldatu dau. Orain http://www.harriketarrakblog.wordpress.com helbidean topau daiteke ekintzen informazinoa: egitarauak, kronikak, argazkiak eta abar.

0
Danerik
2016/1/18
Ocho apellidos catalanes filmaren saio barria hilaren 22an Igorren

Ocho apellidos catalanes filmak Igorren arrakasta handia izan eban eta Kultur Etxeko Lasarte Aretoa txiki geratu zan urtailaren 9an eta 10ean; egun horreetan aretoa bete eta jentea kanpoan geratu zan. Hori dala eta, Udalak beste saio bat egitea ebatzi dau eta urtailaren 22an, barikuz, arrastiko zortziretan, barriro be Lasarte Aretoan Ocho apellidos catalanes ikusteko aukerea egongo da.

0
Bertsolaritzea
2016/1/18
Sei bertsolari handi Zeanurin hilaren 24an

Atzenengo hamaika urteetan legez, momentuko bertsolaririk handienetakoak batuko ditu urtailaren 24an, 18:00etan, Zeanuriko Bertso Eskoleak Udalaren laguntzeagaz antolatuten dauan Zeanuriko bertso-saioak.


Amets Arzallus, Arkaitz Estiballes, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Fredi Paia izango dira bertan. Gai jartzaile beharretan, Jabi Olibares "Orue" izango da.
Atzen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatu eben hiru bertsolari egongo dira Zeanurin: Arzallus txapelduna, Lujanbio txapeldunordea eta Mendiluze. Arkaitz Estiballes, Bizkaiko Txapelduna izan zan 2010 eta 2012an, eta horreekaz batera, Jon Maia eta Aitor Mendiluze, Txapelketa Nagusiko finalera lau bider ailegau diranak. Fredi Paiak Bizkaiko Txapela lortu eban 2014an.

0
Danerik
2016/1/18
Zu bai zu, talentua batzean

Zu bai zu Talentu Lehiaketan parte hartu gura izatekotan, izena urtailaren 30a baino lehenago emon behar da Igorreko Kultur Etxean. Hiru kategoria dagoz: umeak, gazteak eta helduak; eta irabazleen artean 500 euro bonoetan eta 1.000 euro esku dirutan bananduko dira.
Antolatzaileen ustez talentu handia dago Arratian eta talentu desbardinak dituenak eszenaleku baten batuta, sano ikuskizun ugari eta interesgaria egin daiteke. Horregaitik, jantzan, abesten, komedia, akrobaziak edo magia egiten, musika joten, graffitiak, malabareak edo monologoak egiten dakiezan arratiarrak, aukerea eukiko dabe publiko aurrean erakusteko euren abileziak, trebetasunak eta gaitasunak. Talentua, finean!

0
Kontzertuak
2016/1/7
The Memphis Belle Band taldearen ordez Come Down Blues taldea

The Quiet Corner-ek bertan behera itxi behar izan dau Memphis Belle Band taldearen kontzertua, taldeko bat gaixorik dagoalako, The Quiet Corner-en facebook-ean emondako informazinoaren arabera. Honen ordez, urtailaren 9an, 20:00etan Come Down Blues taldeak joko dau.

0
Erakusketea
2016/1/2
Arratiako tranbia Bilbon

Jon Urutxurtu


Bilboko Bizkaiko Foru Liburutegian urri bigarrenaren 30ean zabaldu zan Arratiako Tranbiari buruzko erakusketea hasikera baten abenduaren 29ra arte ikusgai egotea pentsau bazan be, jentearen aldetik izan dauan harrerea kontuan hartuta, Foru Aldundiaren Liburutegiko arduradunak urtailaren 15era arte luzatzea ebatzi dabe.
Ehun urtetik gora igaro dira, gehienbat Arratiako tranbia izenagaz ezagutzen dan Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa jaio zanetik; eta 2014ko zemendiaren 30ean bere heriotzearen 50. urteurrena bete zan. Urteurrena atxakiatzat hartuz, eta garraiobide zahar haren gorabeherak ezetutera emoteko asmoz, Zertu Kultur Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa. 50 urte Arratiako Tranbia barik erakusketa ibiltaria antolatu dau.
150 argazkik, zinema irudiak (Julian Elejoste, Felipe Manterola eta NODOren grabazinoak), prensa albisteak, grafikoak, tranbiagaz zerikusia daukien hainbat objektuk, eta bidaiarien eta merkantzien garraiorako tranbien maketak osotzen dabe erakusketea.
Bestalde, katalogoa be argitaratu da, bertan erakusketan azaltzen diran irudiak eta materialak batzeaz gain, tranbiaren historia laburra azaltzen da.
Erakusketa ibiltari honek Zeanurin hasi eban bere ibilbidea urtailaren 30ean, eta hurrengo geldialdiak Igorren, Azpeitiako Burnibidearen Euskal Museoan, Lemoan, Galdakaon eta Areatzan egin ditu. Bizkaiko Foru Liburutegia izango da bere ibilbidearen azken geltokia.

0
Kontzertuak
2015/12/8
Vicent Zaragoza perkusionisteak kontzertua eskeiniko dau Areatzan

Abenduaren 12an, Areatzako Kirol eta Kultura Batzordeak (AKKB) antolatuta, Vicent Zaragoza Bilboko Orkestra Sinfonikoko perkusino bakarlariak kontzertua eskeiniko dau 19:30ean udaletxeko Areto Nagusian. Zaragoza Areatzan bizi da orain dala urtebete baino gitxiago.
Kontzertu hau, "Musika bakarrean" zikloaren barruan dago eta hasikerea emongo deutso zikloari. Zikloan, lau kontzertu antolatu ditue momentuz AKKBkoak. Hilean behin izango dira. Bigarren kon- tzertua, Leire Moreno BOSko biola jotzaileak emongo dau; hirugarrena, Mikel Albistur oboe jotzaileak eta laugarrena, Xabier Kalzada flauta joleak.

0
Kontzertuak
2015/12/8
Anne Etchegoyen eta Biotz Alai Abesbatza Igorren

Anne Etchegoyenek eta Biotz Alai Abesbatzak, abenduaren 12an kontzertua eskeiniko dabe Igorreko Kultur Etxean, arrastiko zortziretan.
Anne Etchegoyen Donapaleu herrikoa da eta arrakasta handia lortu dau euskeraz, frantsesez eta gazteleraz kantetan. Les Voix Basques lanagaz urrezko diskoa lortu eban. Mikel Laboa, Xabier Lete eta beste klasikoen abestiak eta berak sortutakoak kantetan ditu hainbat generotako doinuakaz nahastuta. Zortzi urtegaz hasi zan bere herriko abesbatzan kantetan eta Frantzian, Argentinan edo Estadu Batuetan abestu dau arrakasta handia lortuz.

Biotz Alai Abesbatza
Biotz Alai Abesbatza 1923 urtean sortu zan Algortan. Lehenego zuzendaria Manuel Gainza izan zan eta haren ostean bere semea Juan Jose. 1966 urtean, kanpora begira jarri zan abesbatza, eta lehiaketa, emonaldi, koru-alarde eta kantu birak egiten, eta diskoak grabetan hasi zan. Sari asko jaso ditu harrezkeroztik eta 7 disko grabau ditu.
Gaur egun 40 gizonezkok osotuten dabe abesbatza Josu Soldevillaren zuzendaritzapean.

0
Ikastaroa
2015/11/29
Bertso, txalaparta eta zirku tailerrak Kiņu Gaztetxean

Igorreko Kiñu Gaztetxean, bertsotan eta txalaparta joten ikasi daiteke. Abenduaren 1ean hasiko dabe bertso eskolea, zerotik hasita, inoz bertsotan egin ez dabenentzat. Eskolak martitzenetan izango dira arrastiko zazpiretan. Txalaparta ikastaroa barriz, hamabostean behin da, eguenetan 19:30ean eta hurrengo saioa hilaren 10ean izango da. Dana dala, lekua dago eta izena emon daiteke bertan. Ikastaro honeetan parte hartzeako, aitutako egun eta orduetan bertara hurreratzea nahikoa da. Ezpabere, eizukinu@gmail.com helbidera idatzi leiteke.
Dinglizke zirku taldea be hasteko asmotan dagoala dinoe Gaztetxekoak, baina oraindino taldea sortzeako dagoala. Taldea sortu ezkero, zirku tailerra abiatuko dabe Gaztetxean. Izena helbide elektronikora mezua bidalita emon behar da.

Jiu-Jitsu erakustaldia
Umeak Jiu-Jitsu arte martzialaren erakustaldia egingo dabe abenduaren 4an Kiñu Gaztetxean 18:30ean.

0
Musikea
2015/11/22
Herriko alkarteen musika ekitaldiak batzean ditu Azaro Musikalak

Arteako eragile gehienak hartzean dabe parte Azaro Musikala antolatuten. Udalak, AKKT-k, Arratiako Musika Eskolak, Ekomuseoak, Guraso Elkarteak, Arteako Eskola Publikoak, Batzokiak, Mikel Deuna Jubiladuen alkarteak, Andra Mari Parrokiak eta Herriko Bentak indarrak batu dabez zemendian zehar musika mota desbardinetako ekitaldiak antolatuteko. Rock, jazz, abesbatz eta musika klasiko eta herrikoien kontzertuak entzuteko aukerea egongo da Artean.
Hirugarren urtea da Artean Azaro Musikala antolatuten dala. Herriko eragileen beharra gai baten inguruan batzeako helburuagaz sortu zan. "Eragile bakotxak bere kabuz egiten ebazan gauzak, ekimen desbardinak lotura barik. Eta gura izan genduan herri ikuspegia emotea, gai bat hartuta. Zemendian Santa Zezilia eguna danez eta eskolan musika ekitaldi bat eta Udalak be antolatuten ebanez eleizan koru emonaldia,  hori aprobetxau genduan eragileak batu eta herri ikuspegia emoteko" dinoe antolakuntzatik.
Artea ez da herri handia eta ez da geratzen aurtengo kartelean parte hartu ez dauan eragile askorik. Bederatzi ekimen dagoz, eta datorren urtean beste bat gehiago lortzea espero dabe antolatzaileak.

Publiko guztiarentzat
Rock-a, jazz-a, abesbatzak, musika klasikoa, herrikoia... danerik egoten da Azaro Musikalean. Aurten umorez betetako kontzertu didaktiko bategaz eta Aneika Ara rock taldearen kontzertuagaz hasi da.
Hurrengo hitzordua, hilaren 19an da Euskalduna Jauregian jazz gauaz disfrutetako. Bertara joateko autobusa, 18:00etan urtengo da Areatzatik eta gero Artea eta Igorretik pasakeran hartuko dau jentea.
Hurrengo eguneko hiru ekitaldiak Artean bertan izango dira: Arteako eskolako ekitaldia eskolan, Andra Mari Parrokian abesbatzak, eta Batzokian rock kontzertua. Hurrengo zapatuan, hilak 28, arrastian Ekomuseotik hasita, eta trikitixeak eta Imanol Ituiño magoak lagunduta, plazaz plaza ibiliko dira arteaztarrak eta segiduan, blues-soul kontzertua egongo da Ekomuseoan.
Amaitzeko, urtero legez, Arratiako Musika Eskolak ikasleen kontzertua eratu dau ludotekan. Ondoren kopaua egongo da.

0
Danerik
2015/11/19
Ume eta gazteentzako lehiaketak

Lemoako Haur eta Gazteen Ipuin Lehiaketan eta Haurrentzako X. Marrazki Lehiaketan parte hartzeako epea zabalik dago. Ipuinak urtailaren 22ra arte entregau ahal dira liburutegian; marrazkiak, barriz, abenduaren 4ra arte ludotekan.
Haurrentzako X. Marrazki Lehiaketan Lemoan bizi edo ikasten daben 12 urte baino gitxiagoko umeak hartu daikie parte. Gaia librea da, baina neguagaz lotuta. Sari banaketea abenduaren 17an izango da. Lehiaketara aurkeztutako marrazki guztiak udaleko web orrialdean argitaratuko dira.
Ipuin lehiaketan parte hartzeako, barriz, 18 urte baino gitxiago euki eta Lemoan bizi edo ikasi egin behar da.

0
Antzerkia
2015/11/18
Nagusientzako antzerkia Igorren

Hamabostaldi honetan antzezlan bi taularatuko dabez Igorreko Kultur Etxean. Zemendiaren 21ean, Martinak bere istorioa aurkitu zuenekoa Les Ressistens antzerki taldearen produkzino eta Zinegoak-en koproduzinoa izango da arrastiko 18:00etan. Antzezlan honek haur sasoiko genero nortasunaz dihardu, aktore eta txotxongiloen bitartez. Hilaren 27an, Txalo Produkzioak-ek Datorren urtean hobeto antzeztuko dau Igorren gaueko 20:00etan.

Nagusientzako komedia azidoa
Datorren urtean hobeto obra El año que viene será mejor komedia txalotuaren euskerazko bersinoa da. Azidoa eta gure errealidadearen isla inteligentea da. Kokoteraino dagozan hiru andra dira protagonistak. Bakarrizketa laburrak, pentsamentuak, alkarrizketa txikiak, istorioen zatiak eta gure errealidadearen argazkiak osotuten dabe komedia hau.
Marta Buchaca, Carol Lopez, Merce Sarrias eta Victoria Szpunberg-ek sortutako lana da. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, Itziar Urretabizkaiak, Ainhoa Garai eta Iraitz Lizarragak emoten deutsie bizitza kontakizunari.

0
Musikea
2015/11/10
Tania de Sousa Igorreko Kultur Etxean

Zemendiaren 14an, 21:00etan, Tania de Sousak, Tania Tank bere bakarkako lehen diskoko abestiak kantauko ditu Igorreko Kultur Etxean.
De Sousa The Dispositives eta Zuloak taldeetako partaidea izan zan bakarkako bideari ekin aurretik. Bere lehenengo disko hau 2014ko maiatza eta bagila bitartean grabau zan Tolosan, Bonbereneako estudioan, Karlos Osinagaren "Txap" agindupean eta Fermin Muguruzak ekoiztu dau.
Hamabi kantuetan pop melodiak nagusitzen dira. Punk-rock abestiak be badagoz; baita baladak, folka edo "disko" ikutuak dituenak. Hitzak, amodio eta desamodiozkoak dira, batez be. Zuzeneko poderetsua eta abots nabarmena dauka De Sousak, baina une lasaiak be izango dira kontzertuan, entzuleak musikea beste modu baten barneratu dagian.
Tania De Sousagaz, Fermin Bouza (gitarrak, koruak eta sintetizadoreak), Maitane Alonso (bajua) eta Ander del Sol (bateria) izango dira.

0
Zinea
2015/10/31
Sofia Coppola zuzendariari eskeinitako zikloa Igorren

Sofia Coppola (New York, 1974) zuzendariaren hiru pelikula ikusteko aukerea egongo da, zemendiaren 5, 12 eta 19an, arrastiko zortziretan, Igorreko Lasarte Aretoan. Hurrengoz hurrengo, The Virgin Suicides (1999), Lost in Translation (2003) eta The Bling Ring (2013) dira zine klubak zemendian eskeiniko dituan pelikulak. Lehenengoa, The Virgin Suicides, Jeffrey Eugenides-en izen bereko nobelan oinarritutako filma da. Sofia Coppola zuzendariaren opera prima. Bertan Lisbon familiaren istorioa kontetan da. 70. hamarkadan, uri amerikar baten bizitegi-auzune baten Lisbon familia bizi da. Mutil guztiak familia horretako bost ahizta ederrakaz egiten dabe amets. Ceciliak, gazteenak, hamabi urtegaz bere buruaz beste egiten dau. Hogei urte beranduago, gertatutako ezin ahaztuz, mutil hareek gertaerea ulertuten saiatzen dira. Arrakasta handiko filma hilaren 12an Sofia Coppolaren bigarren lanak, Lost in Translation filmak arrakasta handia izan eban kritika zein publikoaren aldetik. Personaje nagusiak Bill Murray-k eta Scarlett Johansson-ek egin eben. Bob eta Charlotte Tokyon alkar ezagutzen daben iparamerikar bi dira. Bob, gainbeheran dagoan aktorea, whisky iragarki bat egitera etorri da, eta Charlotte bere senarra laguntzera. Euren artean adiskidetasuna sortzean da edo, akaso, zerbaist gehiago.


Benetako gertaeratan oinarrituta
Zikloa amaituteko, The Bling Ring pelikulea ikusteko aukerea egongo da. Sofia Coppolak idatzi eta zuzendu eban film hau benetako gertaeretan oinarrituta eta nerabe batzuk egindako lapurretak kontetan ditu.
Los Angelesen persona ospetsuen eta marken unibersoagaz liluratuta, nerabe batzuk interneten arakatzen ditue famaduen agendak euren etxeetan lapurtzeko. 50 bat etxetara sartzean dira eta hiru miloe dolarretik gora lapurtzen dabe lujuzko objektuetan.

0
Danerik
2015/10/31
Igorreko Film Laburren Lehiaketea martxan

Igorreko Udalak, euskerazko film laburren ekoizpena sustatzeko asmoagaz, aurten laugarrenez, Luzetu Barik Lehiaketea ipini dau martxan. Lehiaketa honetan edozeinek hartu ahal dau parte eta gaia librea da, baina euskeraz egon behar da filma. Lanak bialduteko epemuga abenduaren 2a da eta lanok udaletxean edo Kultur Etxean aurkeztu behar dira.
Filmeen gehieneko iraupena 15 minutukoa izango da kredituak barne eta DVD formatoan aurkeztu behar dira. Gazteentzako eta umeentzako atalean, barriz, minutu batetik gorako grabazinoak aurkeztu daitekez, baita eskuko telefonoagaz grabautakoak be.
Filmagaz batera, egilearen edo lantaldearen datuak, izen-abizenak, eta kontakturako telefono bat; film laburraren kopia bat eta lanaren argazki bat, erresoluzino onekoa, aurkeztu behar dira.

Sariak
Lau sari egongo dira: film labur onenarentzako 1.000 euro; Arratiako egileen lanik onenarentzako 600 euro; 14 eta 25 urte bitartekoen kategoriako film onenarentzako 500 euro eta, umeen kategorian, 7 eta 14 urte bitartekoan, 200 euro. Sari guztiak legez jagokien zerga-atxikipena izango dabe.
Lan guztiak euskeraz izan beharko dabe, eta minutu bat eta 15 minutu arteko iraupena euki beharko dabe. Gazte eta umeen sailetan telefonoagaz grabautakoak be onartuko dira, holan, ekipo garestien beharrizanik barik parte hartu ahal izango dabe, baina helduen lanak DVD formatoan aurkeztu beharko dira derrigor.

0
Danerik
2015/10/26
Karabie Gaztetxeak 16 urte beteko ditu

Aurten hamasei urte beteko dira Harriketarrak Lemoako Gazte Asanbladeak karabi zaharrean lehenengo Gaztetxea egin ebanetik. Hori ospatuteko, urtero lez, jaia antolatu dabe Harriketarrak urri bigarrenaren 30 eta 31rako. Barikuan, nagusientzako kontu kontalariak eta zapatuan kontzertuak izango dabe protagonismo nagusia seguru asko, baina beste ekitaldi batzuk be ez dira faltauko: bazkaria eta poteoa, berbarako.
Cecilia Paganini argentinarraren umoreaz gozatzeko aukerea egongo da barikuan, hilak 30, 20:16an. Klown eta narratzailea da Paganini eta bere ikuskizunak "idea txar, lur jotze eta azaleko emozinoz beteta dagoz" artistearen esanetan.
Bazkaria eta kontzertuak
Harriketarrak eta batzean jakiezan lagunak 14:16an bazkalduko dabe alkarregaz zapatuan eta 18:16an poteo musikatua egingo dabe herritik.
Kontzertuak 22:16an hasiko dira. Guda Dantza eta Batek Daki taldeak animauko dabe gaua. Uribe Kostako Guda Dantza taldeak ska, reggae eta rock musikea egiten dau. Ondoren, errromeria Zornotzako Batek Daki taldeagaz.

0
Danerik
2015/10/19
Larregi taldeak Pantomima diskoa kaleratu dau

Lemoako Larregi taldeak 2014ko Banden Lehia irabazi eban eta BBK Live-n jotea eta disko bat argitaratutea izan eban saritzat. Holan, Pantomima (Baga-Biga) izeneko diskoa grabau dabe eta Bilbon aurkeztu eben Banden Lehia antolatuten dauan Azkue Fundazioko Iurdana Acasuso zuzendariagaz, Bizkaiko Foru Aldundiko Ana de Castro Euskera Zuzendariagaz eta Ritxi Aizpurua Baga-Biga disketxeko arduradunagaz batera. Urri bigarrenaren 23an, 22:00etan Karabie Gaztetxean joko dabez diskoko kantuak, Pantomima diskoa aurkezteko bireari hasikerea emoteko.
Rock eta punk arteko eremu zabalean mobiduten da Larregi eta melodiari garrantzia handia emoten deutso. Ritxi Aizpuruaren esanetan melodia itsaskorrak, pop ikutua, rock melodikoa eta hard rocka, topau daikeguz disko honetan. Letrak, guzurra eta itxurakeriaren ingurukoak dira asko, hortik pantomima izena. Usurbilgo Higain estudioan dago grabauta Haritz Arreguy teknikariagaz, Juan Hidaldok egin dau masterizazinoa eta Bea Sierrak diseinua. Eta kolaborazino asko izan ditue Larregikoak euren bigarren disko honetan, arratiarrenak batzuk. Holan, MG Bandako Ibanek tekladuak eta organoa joten dauz "Eroalea" edo "Ostruka" abestietan, eta Eskean Kristöko Pello Artaberen abotsa dago "Toxikoa" abestian. Larregi eta Eskean Kristö taldeak lokal berean egiten ditue ensaioak eta Banden Lehia talde biak irabazi dabe: 2013an Eskean Kristök eta 2014an Larregik.
Pantomima diskoan bederatzi kantu batzean dira. Letrak eta musikak taldeak berak sortutakoak dira gehienak, "57" tituluko abestia izan ezik. Hau, Biffy Clyro talde eskoziarraren kantuan oinarritutako bersinoa da. Hori bai, bersino "libre" eta "arriskatua", Larregi taldeko Unai Santosen arabera. Letra gehienak, jentartean dagoan itxurakeriaren gainean egiten dabe berba. "Eguneroko bizitzan zintzotasuna salbuespena izaten da eta danok bizi gara maskara bategaz" esan eban Santosek Bilbon.

Bartzelonako EH Sona jaialdia
Urri bigarrenaren 23an, diskoa aurkezteko bireari ekingo deutsie eta lehenengo kontzertua Karabie Gaztetxean joko dabe. Ondoren kontzertu asko etorriko dira eta zemendian, Bartzelonako EH Sona jaialdian izango da Larregi, "Banden Lehia irabazteak ekarritako beste sari bat" taldekoen arabera.
Durangoko Azokan be aurkeztuko dabe Pantomima diskoa.

2015eko Banden Lehia martxan
Azkue Fundazioko Iurdana Acasusok Banden Lehiak hiru nobedade dakarzala aurten esan eban. Alde batetik irudi barria dauka, .eus domeinuan; beste aldetik, parte hartzea sustatzeko BBK Live-erako bono bat zozketatuko dabe parte hartzaileen artean eta hirugarren nobedade moduan, zemendiaren 27ko finalean, botoak Twitterren bidez emongo dirala.
Ana de Castrok, Larregik egiten dauan moduan, euskerea aisialdian eta sentimentuak adierazoteko erabilteak garrantzia handia daukala esan eban.


Larregi
Iñigo Santos (bajua eta koruak)
Unai Santos (gitarrea eta abotsa)
Jokin Uriarte (gitarrea eta koruak)
Markel Atutxa (bateria)

Diskoak
Bidea dugu helmuga (2012)
Pantomima (Baga-Biga 2015)

Pantomima
"Zuloak"
"Ostruka"
"57"
"Gezurra ari du"
"Eroalea"
"Pantomima"
"Maskarak"
"Toxikoa"
"Ez zaitez gelditu"

0
Danerik
2015/10/18
Estankonak Ardatza diskoa aurkeztuko dau Igorreko Kultur Etxean

Estankonak Ardatza izeneko diskoa aurkeztuko dau, urri bigarrenaren 30ean Igorreko Kultur Etxean 21:00etan emongo dauan kontzertuan. Arteaztarraren bakarkako hirugarren diskoa da hau; Estankona (2011) eta Fruitua (2013) izan ziran aurreko biak. Bere anaia Igor Estankonak be hartuko dau parte kontzertuan, berak idatzitako poemak errezitatzen.
Estankonaren musikeak "baso mardul baten izaerea bilatzen dau gaur egun". Hori dala eta, disko honetako kantuak ilunagoak dira, "bihurgune eta ertz gehiagodunak". Rafa Batagliak joko dau bateria eta Iñaki Alonsok bajua. Igor Arzuagak be parte hartuko dau eskusoinuagaz. Kontzertua bizia eta intensoa izatea gura dau Estankonak.

Umeentzako antzerkia
Urri bigarrenaren 24an, arrastiko seiretan Txipli Txapla taldeak Tomaxen abenturak antzezlana eskeiniko dau Igorreko Kultur Etxean, txikerrenen gozamenerako. Abentura honetan Tomax eta Muxugorri hondartzara joango dira. Itsas hondoan, Doroteo olagarroa, Benantzio ezpata arraina eta Anttoni antxoa bizi dira eta oso haserre dagoz itsasoa plastikoz beteten gabizalako.

0
Danerik
2015/10/14
Arratiako ondarea eta zineforuma Areatzan

AKKBk antolatutako Arratia inguruko ondarearen gaineko hirugarren berbaldi eta ibilaldi teoriko-praktikoak XX. gizaldira helduko dira. Urri bigarrenaren 14an, Angel Larrea Arratia Institutuko irakasleak euki eban zitea XVII. mendetik XX. mendera arteko ondarearen gainean berbaldia egiteko. Ibilaldi praktikoa, hilaren 18an izango da, 09:00etan eleiza parean. Hau be, Larrearen eskutik.
Zineforuma be antolatu dau AKKBk urri bigarrenaren 21erako, eguaztena. John Ford-en El ultimo Hurra (1958) pelikulea ikusteko aukerea egongo da Udal Aretoan, arrastiko zazpiretan. Jose Angel Rebolledo irakaslea izango da hizlaria.
Zemendiaren 19an Bos & China Moses jazz gaua izango da Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertara joateko izena emon daiteke urri bigarrenaren 22an, 19:30ean, udaletxeko 3. solairuko AKKBren gelan.

0
Danerik
2015/9/30
Rafa Ruedaren kontzertua Kiņu Gaztetxean

Urri bigarrenaren 2an, hasiko dau kursoa Igorreko Kiñu Gaztetxeak. Egun horretan, umeentzako sukaldaritza tailerra egongo da arrastian eta Rafa Ruedaren kontzertua iluntzean.
Gaztetxeak seiretan zabalduko dauz ateak, eta handik ordu erdira, sukaldaritza ikastaroa emogo deutse gura daben ume guztiai Gaztetxeko kideren batek. Sukaldatu beharreko jatekoa Gaztetxeak berak ipiniko dau.

Rafa Rueda
Lehendik be musika munduan ibilbidea baeukan be Pi LT taldeko abeslaria zalako, Rafa Rueda sano ezaguna egin zan, Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Bingen Mendizabalegaz egindako ikuskizunakaitik: Bar Puerto eta Zaharregia, txikiegia agian.
Abeslariak Igorreko Kiñun eskeiniko dau kontzertua zortzi t’erdietan.

0
Erakusketea
2015/9/29
Arratiako lau artista plastikoren erakusketea Igorren

Urri bigarrenaren 2tik 30era, Maite Artabe Areatzakoak, Maritere Bilbao Arteakoak, Marisol Calzada Igorrekoak eta Tere Uribe-Etxebarria Dimakoak erakutsiko dabez euren azkenengo artelanak Igorreko Kultur Etxeko Erakusketa Aretoan. Lan-Meta izenpeko erakusketan, gai, teknika eta estilo ugariko lanak batzean dira.


 


Erakusketea egiteko idea Igorreko Kultur Etxetik sortu zan. Ines Medina artista plastikoaren ikastaroaren ostean, partaideak erakusketa kolektiboa egiten dabe ikasturtean zehar egindakoa erakusteko. Kultur Etxeko teknikariak, Janire Lopezek, proposatu eban banan-banan edo taldeka be erakusketak egitea. Rosa Calzadak egin eban lehenengoa, bakarka eta Lan-Meta izeneko taldekako hau da bigarrena.

Beren-beregi erakusketarako egindako proiektua
Maite Artabe Urkirik erakusketarako beren-beregi egindako proiektu berezia aurkezten dau. Kristalezko abandonuak titulupean, koadroak eta poesiak batzean ditu proiektu honek. Erabilten dauan teknikea akrilikoa eta grafitoa da, eta poesiak lientzoetan eta grabauta agertzen dira. Estilo aldetik, elementu errealistak be agertzen dira koadroetan. "Proiektu hau orain arte inongo erakusketan egon bakoa da" dino Maite Artabek. Lehenengo aldia da Areatzakoak poesiak grabauta erakusten dituala, baita teknika aldetik grafitoa eta estilo "errealistea" erabilten dauala be.

Barruko eta kanpoko paisajeak
Barruko paisaje eta kanpoko paisajeak bat egiteko burrukatik sortzean da Maritere Bilbao Amurizaren lana. "Kanpoko paisajeetan oinarritu naz eta nahiz eta paisajea kanpokoa izan, argi dago barrukoagaz batera ateraten dala. Hor ibili naz burrukan" dino. Hasikera baten, barruko paisajeak egiten hasi zan eta hor bat etozen kolorea eta artistea bera. "Barruko paisajeak txikiak eta gorriak ziran. Kolore gorria indartsu ateraten zan". Kanpoko paisajeak pintetan barriz, "burrukea izan dot sentidu izan dodana eta kolereetan agertu izan danaren artean". Burruka horren emoitzea da Arteakoak erakusten dauana Igorren.



Naturaren oparotasuna
Marisol Calzada Arrietak Naturea hartu dau gaitzat eta bertan dauan guztia jaso gura izan dau bere lientzoetan: lorak, arbolak... danerik. Igorreztarraren gaiak beti dagoz lotuta Natureagaz, edertasun handiko gai ugari eskeintzen ditualako. Dibersidade eta oparotasun hori jasoten dauz Calzadak bere koadroetan.
Teknikari jagokonean, akrilikoak, oleoak, marmol-hautsa... horretan be ugaria da Calzadaren lana.

Hur-hurretik abiatuta
Tere Uribe-Etxabarria Gotik, irudi txikien bilduma zabala dakar erakusketara. Baita akrilikoz egindako koadroren bat eta grisaila. Zuria ez dan euskarri bat erabilita zuriak eta baltzak landutea da grisaila.
Aurrean ikusten dauana pintetan dau Dimakoak, "koadroetan asko ikusiko dira eskuak, hankak edo irudi bat egiten nagoala hanken gainean... juxtu-juxtu aurrean daukadana. Batzuetan, joan naz apurtxo bat urrunago eta hasi naz gorputzak margozten eta baten baten iritsi naz paisaje bat margoztera. Ikusten dodana".
Beste lan batzuetan, artistak sentiduten dauana pintetan dau. Begiak itxi eta sentimentu horreek papelera bota ditu Uribe-Etxebarriak. Beti be errealidadetik urruntzen dan ikutu bategaz.

0
Ikastaroa
2015/9/14
Udal ikastaro eta tailerretan matrikula epea zabalik

2015-2016 ikasturteko udal ikastaro eta tailerrak urrietan hasiko dira. Ikastaro batzuk urtean-urtean egiten dira eta ikasle fidelak ditue: yoga, pilates eta euskal jantzak esate baterako, eta honeek osotuten dabe eskeintzearen parterik handiena. Gehienak gorputza eta burua sasoian manteniduteko dira. Dana dala, badagoz barriak denporak eta ohiturak aldatu eta eten barik sortuten diralako gauza barriak eta eurak ikasteko preminea.
Aurreko zenbakian Lemoako ikastaroak aitatu genduzan, oraingoan, Artea, Bedia, Dima eta Igorrekoak. Areatzan apur bat atzeratu egingo da barrikuntzak sartzeako asmoz dagoz eta. Beste herrietan be lanean dabiz ikastaroak prestatzen. Jente guztiak matrikulea egin arte aldaketak gertatu daitekez, talde bat sor-tzeako jente nahikorik ez daualako izena emon ala talde barriren bat sortu dalako.

Artea
Artean ikastaroak sortzeako epean dagoz. Izan be, herritarrai itauntzeko zeintzuk diran gura dabezan ikastaroak galdeketea egiten dabiz. Horren arabera ebatziko da, ikastaro barririk egongo dan ala ez, eta egotekotan, ze ikastaro sortu. Dana dala, Yoga, Pilates, Aerobic, 3. adineko gimnasia, Umeen euskal jantzak, Eskulanak eta Arte aplikaduak mantenidu egingo dira seguru asko.
Izena emoteko epea hilaren 25era arte izango da Artean erroldatuentzat eta ez erroldatuentzat hilaren 25etik 29ra. Taldeak aurrera aterateko, gitxienez 8 lagunek emon beharko dabe izena.

Bedia
Bedian ibilbide luzea egindako ikastaroak dagoz, arrakasta izan dabenak. Egurra lantzen, Yoga, Pilates, Zumba, Korru jantzak, Umeentzako euskal jantzak, Ingelesa, Euskera eta Argazkigintzea... egin daitekez bertan urrietan hasita.
Liburutegian egin behar da matrikulea arrastiko bostetatik zortzirak arte, urri lehenengoaren 7tik 25era bitartean.

Dima
Diman hilaren 25era arte emon daiteke izena, honako ikastarootan: Yoga, Pilates, Eskulanak eta Gimnasia hipopresiboa. Taldeak aurrera eroateko gitxienez zortzi lagun apuntau behar izango dira.

Igorre
Eskeintza zabala aurten be Igorrekoa, kultura zein kirolari jagokonean. Tai chi, Jantza afrikarrak, Antzerkigintzea umeentzat eta familientzat, Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, Literatur txokoa, Argazkigintzea (hasiera eta sakontze maila), Zirko ikastaroa (akrobaziak eta malabareak) eta umeentzako Funky ikastaroa egongo dira Igorren.
Kiroldegian, barriz, Spinning, Areto jantzak, Aerobic, Pilates, Zumba, 3. adineko gimnasia, Giharketea eta Igeriketea. Igazko aprilean hasi zan Gu be bai runners, andren galapan egiteko taldea egongo da martxan ikasturte honetan be Iraia Garcia atletaren eskutik.

0
Erakusketea
2015/9/14
Arratiako Tranbiaren erakusketea Areatzan

Zertu Kultur Elkarteak antolatutako Arratiako tranbiaren gaineko erakusketeak bere ibilbidea egiten jarraituten dau. Urri lehenengoaren 18tik 27ra Areatzako ludotekan egongo da. Erakusketearen inaugurazinoa 19:30ean izango da. Ondoren, Jon Urutxurtu erakusketako komisarioak eta Juanjo Olaizola Burdinbidearen Museoko zuzendariak berbaldia egingo dabe.
Bilbotik Durango eta Arratiarako tranbia elektrikoa. 50 urte Arratiako tranbia barik izeneko erakusketeak, 140 argazki, prensan agertutako hainbat artikulu, zine irudiak, billeteak, maketak eta abar biltzean ditu, tranbiaren historia gogora ekarteko. Tranbiak XIX. mendearen amaieran egin eban lehenengo biajea eta 1964an azkena, Arratia, Durango eta Bilbo lotuz.
Urtailean egon zan erakusketa hau ikusteko lehenengo aukerea Zeanurin. Ondoren, Igorren, Lemoan eta Galdakaon egon zan. Erakusketea ikusteko atzen aukerea da Aretzakoa Arratian, urri bigarrenetik abendura arte Bizkaiko Foru Aldundiko Bilboko Foru Liburutegian egongo da-eta.

0
Bertsolaritzea
2015/9/6
Paia eta Bartra Lemoan

Fredi Paia, 2014ko Bizkaiko Bertsolari txapelduna, eta Oihana Bartra, laugarren egin ebana, Lemoan egongo dira urri lehenengoaren 12an Elizondoko bertso bazkarian. Bazkalaurretik eta bazkalostean, poteo musikatua egongo da Arratiako Musika Eskolearen eskutik.
Maila handiko bertsolariak izaten dira urtero Elizondoko bertso bazkarian, eta aurten be lujozko zitea daukie bertan bertsozaleak. Fredi Paia (Algorta, 1981) bertsolaria, musikaria eta etnografoa da eta bertsolaritzeagaz lotutako ekimen barritzaile askotan parte hartu dau. 2013ko Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara sailkatu zan eta 2014an Bizkaiko Txapela lortu eban. Oihana Bartra (Bilbo, 1984) irakaslea eta itzultzailea da lanbidez eta bitan hartu dau parte Bertsolari Txapelketa Nagusian. Bertso bazkaria plazan izango da. Tiketak udaletxean erosi daitekez hilaren 4ra arte.

Arratiako  Musika Eskolea
Arratiako Musika Eskolak alaituko dau poteoa. Eguerdikoa 13:00etan hasiko da Kodigoa tabernatik. Arrastian, 18:30ean izango da Elizondotik zehar.

0
Danerik
2015/7/27
San Justoko karobia barriro ketan abuztuaren 1ean, 11:00etatik aurrera

Jon Urutxurtu


Jarraian martxan jartzen dan 20. aldia izango da aurtengoa.


Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean isiotuko dabe San Justoko karobia abuztuaren 1ean, zapatuan, goizeko 11:00etan, eta  urteetan zehar ahaztuta eta amatatuta egon dan ke zurixkea San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Domeka eguerdirantza, kare bizia oka egiten hasiko da labe-agoa.


Orain dala hogei urte berreskuratu eban Ipizki Taldeak, Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean, 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan San Justoko karobia, eta ordutik hona, hutsik egin barik, urtero, abuztuaren lehenengo astegoienean martxan ipinten dabe.
Isiotuteko ekitaldia 11:00etatik aurrera izango da eta ondoren, hamaiketakoa egongo da San Justora hurreratzen diran guztientzat: urdaia, pamitxea eta ardaoa.
Bestalde, 14:30ean, auzo-bazkaria egingo da San Justoko harexpean. Bazkari herrikoi horretan edozeinek parte hartu daike, aurretik izena emonda.

Mezea, Paella Txapelketea eta bolea
Hurrengo egunean, abuztuaren 2an, domekan, San Justoko erromeria ospatuko da. 12:00etan mezea izango da. Mezearen ostean maiordomoak barauskarria -ardao zuria eta gailetak- banatuko dauz jentearen artean eta jarraian Paella Txapelketea izango da.
Eguraldia lagun eta ohiturea jarraituz, asko izango dira da San Justoko harexpean bazkaltzen geratuko diranak, eta arrastian 17:30etik aurrera, Bola eta Mus Txapelketetan parte hartzeako aukerea izango dabe.

0
Danerik
2015/7/14
Oinez eta bizikletaz egiteko barnetegiak antolatu ditu AEK-k

Barnetegiak deitzean diran arren, aire zabalean egingo dabe euren jarduna AEK-ko barnetegi ibiltarietan parte hartzean dabenak. Barnetegi bi dira, bata oinez eta bestea bizikletaz, mintzapraktika egiteko aproposak. Oinezkoa garagarrilaren 18tik abuztuaren 1era arte izango da eta bizikletazkoa abuztuaren 1etik 15era.
Hamabost egunez jarraian oinez edo bizikletaz egin behar bada be, ez dala aparteko exijentziarik behar dino Gorka Barrenetxea antolatzaileetakoak. "Baldintza bakarra hamabost egunez jarraian euskeraz bizitea da; hartara, mintzamena landuz mendiak, herriak, euskalkiak, ohiturak, jentea... ezetuteko aukerea parebakoa da".
Talde bakotxean 15-30 ikasle inguruk hartzean dabe parte, eurekaz hiru antolatzailek talde bakotxeko. Motxilak eta logistika guztia garraiatzeko furgoneta bat egongo da.

Euskal Herria ezetuten
Barnetegia oinez egin gura dabenak hilaren 18an abiatuko dira Pagomakurretik. Gorbeia izango da lehenengo tontorra eta Hiru Erregeen Mahaian helmuga. Orixol, Aizkorri eta Aralar mendiak eta Irati eta Belagua lango parajeak zeharkatuko dabez ibilbidean.
Partaideak Bilbon alkartuko dira. Areatzara autobusez etorriko dira eta herrian bisita gidatua egingo dabe. Ondoren, Pagomakurrera igoko dira, hona be autobusez, eta han hasiko dira oinez.
Barnetegia bizikletaz egin gura dabenak Urduñatik abiatuko dira abuztuaren 1ean eta Zarautzen daukie helmuga eta, besteak beste, Otxandio, Bardeak, Orreaga, eta Aralar topauko dabez bidean.
Izan be, Euskal Herriko ibilbide zapalduenetatik aparte geratzen diran txoko eta bazterrak ezetuteko aukerea be emoten dabe AEK-ko barnetegiak.

0
Danerik
2015/7/14
Lubakien artean bidea egingo dabe Lemoatxan

Auzolandegiak 2015 programearen barruan, 1937ko Lemoatxako lubakiak errekuperetan jarraituko dabe mundo osotik etorritako gazteak. Lubakiok errekuperau eta oinezkoentzako ibilbide bat egitea dira aurten egingo diran beharrak.
Aurreko urteetan lez, hamabost eguneko txanda bi egongo dira Auzolandegietan. Garagarrilaren 16an hasi eta abuztuaren 14an amaituko dira eta bertan, 40 bat gaztek hartuko dabe parte.
Aurreko urteetan hasitako lubakiak berreskuratzeko beharra jarraituko dabe, oraingoan, tontorrerantza eginaz. Gainera, tontorra inguratzen dauan bide bat zabaldu gura dabe ibilbidea egiteko asmoz. Ibilbide honetan, 1937ko batailearen gaineko informazinoa emoteko panelak ipiniko dira.
Ibilbidea Gaintzabal tontor inguruan izango da. Orain arte berreskuratutako lubakietatik hasi eta tontorra inguratuko dau. "Lemoatxan 1937ko maiatza eta bagilaren bitartean gertatutakoa komentetea dogu helburu. Gainera, orain arte agertutako gorpuak inguru horretan bilatu dira eta horren inguruko informazinoa be ipini gura dogu panelen baten" azaldu deutso begituri Mikel Garcia Lemoako Gazte Teknikariak.

Frente Euzkadi eta Aranzadiren laguntzaz
Lemoatx 1937 Memoria Historikoa errekuperetako Batzordearen ekimenez, 2013an, Lemoako Udalak Eusko Jaurlaritzaren Auzolandegiak programan sartu ebazan Lemoatxako lubakiak errekuperetako beharrak. Harrezkeroztik, 2.000 m2 inguru berreskuratu dira; hau da, ehunekotan esatea gatxa dan arren, eramuraren % 15 inguru Mikel Garciaren ustetan.
Lubakiak topatzeko, Lemoatx 1937 Batzordekoak Frente Euzkadi eta Aranzadiren laguntzea daukie eta eurekaz ikertzen dabe ingurua, lubakien kokapenaren inguruan dagoan dokumentazinoa kontuan izanda. "Dokumentazino bakarra, Jaime Urquijoren memorietan dagoan Planificación de Peñas de Lemona del Comandante Sabino Zubiaga da. Bertan  mendia inguratzen dauan lubakien krokis bat dago, defensarako diseinauta dagozanak" dino Garciak.

0
Danerik
2015/6/29
Igorreko Aurresku Txapelketak 14 urte egingo ditu aurten

Garagarrilaren 4an, arrastiko seiretan, Igorreko XIV. Aurresku Txapelketea jokatuko da Kultur Etxeko Lasarte Aretoan. Hamahiru neska-mutil izango dira aurten lehian eta horreen artean, arazorik ezean, Asier Etxezarraga Igorrekoa be egongo da. Igaz Josu Marcos leioaztarrak irabazi eban txapelketea.
Aurtengo edizinoan parte hartuko daben aurreskulariak Igorre, Orozko, Leioa, Santurtzi, Portugalete, San Inazio, Barakaldo, Loiu eta Sestaotik datoz. Partaiderik gazteenak 9 urte ditu eta zaharrenak 35 inguru.
Irabazlea nor dan Igorreko aurreskulari bik eta Bilboko batek ebatziko dabe. Izan be, epaimahaia Joseito Casasek, Iratxe Salcedok eta Juan Pedro Bilbaok osotuten dabe. Joseito Casas Bilbokoa aurreskularia izan zan gaztetan, eta lehiaketa askotan hartu dau parte. Iratxe Salcedo, barriz, igorreztarra da, Arantzarte jantza taldeko jantzaria berau. Beste igorreztarra Juan Pedro Bilbao da. Hau Basauriko Edurre eta Igorreko Beti Bizkor jantza talde gogoangarrian ibili zan bere gaztezaroan.

0
Danerik
2015/6/16
Umeak oporretan dagozanean familiai lagunduteko, udalekuak antolatu dabez

Arratian eta Zeberion, udalak udako programazino zabala eskeintzen dabe. Haur eta Lehen Hezkuntzako umeentzat herri udaleku edo udaleku irekietan, olgetan ibilteko eta astean behin urtekera bat egiteko aukerea daukie 12 urtera artekoak. Gazte udalekuak be antolatuten dira hainbat herritan, irekiak eta itxiak, eta Nafarroan, Katalunian edo Belgikan egin daikiez egonaldiak gazteak aurtengo udan.
Arantzazu
Arantzazuko 6 eta 14 urte bitarteko ume eta gazteak bagilaren 28tik garagarrilaren 5era Bertiz-era joateko aukerea daukie multiabentura eta kirola egiten. Bagilaren 28tik 1era kirola egingo dabe goiz eta arrastiz eta garagarrilaren 2tik 5era lasaiago egongo dira Erratzuko kanpinean. Hiru talde egingo ditue edadearen arabera.
Areatza
Areatzan, Udalak 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako antolatu dauz udalekuak. Bagilaren 29tik garagarrilaren 10era izango dira eta lehenengo asterako bakarrik edo hamabostaldi osorako emon daiteke izena. Suspergintza alkartearen eskutik, umeak ariketa fisikoa eta trebakuntza jarduerak egingo dabez herrian eta inguruetarako urtekeretan.
Artea
Artean be, txanda bi egongo dira eta 40 umerentzako plaza dago txanda bakotxean. Bagilaren 23tik garagarrilaren 4ra eta garagarrilaren 7tik 17ra izango dira txandok. 4 eta 12 urte bitarteko umeentzat dira udalekuok.
Bedia
Bedian, Txiki Txoko, udaleku irekiak eta Uda Gaztea programak ipiniko ditu martxan udalak. Bagilaren 29tik garagarrilaren 10era izango dira Txiki Txoko eta udaleku irekiak eta garagarrilaren 20tik 26ra Uda Gazteako biajea.
Dima
Diman, garagarrilaren 6tik 17ra izango dira udaleku irekiak, goizeko 09:30etik eguerdiko 13:30ak arte eta 5 eta 12 urte bitartekoak hartu daikie parte.
Igorre
Igorreko udako programazinoa Zaztaparrak taldearen eskutik dator. Herri udalekuetan egongo dira 5 astez: bagilaren 24tik garagarrilaren 24rarte. Urtekera bat egingo dabe astero eta beste egunetan Igorreko landan egongo dira. Sendabedar tailerrak, akrobaziak, lupetzeko pistinak, tirolinak, lasaitasuna, jantzaleku eta karaokea, antzerkigintzea... egingo dabe umeak udalekuetan espezialista baten laguntzeagaz. Herri udalekuen baitan 3 urtekoak be euren txokoa izango dabe Kultur Etxeko erakusketa gelan. Arrastietarako, Parkean Jolasean dinamikea antolatu dabe. Astean baten parketik atera eta urtekera bat egingo dabe. Ez da aurrez apuntau behar, soilik aste horretan egingo dan urtekerara astelehenean bertan parkean emon beharko da izena. Gazteentzako udaleku irekiak be egongo dira garagarrilaren 6tik 10era eta garagarrilaren 17tik 22ra Kataluniara joango dira 14 eta 16 urte bitarteko gazteak. Hamasei urtetik gorakoak, barriz, Belgikara garagarrilaren 24tik 29ra.
Lemoa
Lemoan udaleku irekiak bagilaren 23tik garagarrilaren 10era izango dira. Honeek be Zaztaparrak Asti Taldearen eskutik. Udalekuak 10:00etatik14:00etara izango dira, eta astean urtekera bat egongo da. Basajaunen ibilbidea egin, Bilboko kale antzerkia bisitau, itsas museoa ikusi eta Gamarrako ugerlekuetara urtekerea egingo dabe. Lemoan gelditzen diran egunetan kiroldegiko aterpean eta herrian zehar ibiliko dira.
Gazte udalekuak bagilaren 24tik 27ra bitartean izango dira. Eta bagilaren 29tik 3ra udaleku itxiak. Bizikleta udalekuak izango dira honeek, Laidara eta Lekeitiora joango dira eta bertan surf, ur jolasak, gaubelak... egingo dabez gaztetxoak.
Garagarrilaren 13tik 24ra ludoteka ibiltaria egongo da eta liburutegia be ugerlekuetara eroango dabe.
Zeanuri
Zeanurin bagilaren 22tik garagarrilaren 17ra izango dira udaleku irekiak eta 6 eta 12 urte bitarteko umeak astebete, bi, hiru edo lau aste egin leikiez bertan, beti be, taldea sortzean bada; hau da, gitxienez 15 umek emoten badabe izena.
Zeberio
Zeberiok be udaleku irekiak eskeiniko ditu 3 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Bagilaren 22tik garagarrilaren 3ra izango dira astelehenetik barikura. Aurten, nobedade moduan eta taldea sortu ezkero, bagilaren 29tik eta garagarrilaren 3ra arte, 12 eta 16 urte bitartekoentzat gazte udalekuak antolatuko ditue Tertangan.

0
Danerik
2015/6/12
Tradegin, jantza ikastaroa

Bagilaren 26, 27 eta 28an, barriz, tradizinozko jantza garaikide ikastaroa izango da Areatzako plazan. Ikastaroa Aiko taldeak UPV/EHUgaz alkarlanean antolatu dau eta UPV/EHUko uda ikastaroen barne dago. Jantza tradizionalen egungo ikuspegia ikasteko aukerea dago bertan.

0
Danerik
2015/6/12
UEUko ikastaroetan izena emoteko epea zabalik

Hogeta hamalau ikastaro eta sei jardunaldi eskeiniko ditu aurten Udako Euskal Unibertsitateak (UEU). Ikastaroak bagilaren 29tik garagarrilaren 22ra bitartean eta jardunaldiak bagilaren 6tik garagarrilaren 3ra arte izango dira. Bizkaiko unibersidade ikasle eta unibersidade ikasle ohi langabetuai zuzendutako diru laguntza bat dago, kasu batzuetan matrikulearen % 100 kubriduten dauana. Diru laguntzea Bizkaiko Foru Aldundiak emon eta UEUk kudeatuten dau eta hau jasoteko eskaerea UEUn bertan egin behar da.
Artea eta Musika, Giza Zientziak, Gizarte Zientziak, Ingeniaritza eta Teknologia arlotako ikastaroak osotuten dabe aurtengo eskeintzea. Ikastaroak Eibar, Iruñea eta Baionan izango dira.

0
Danerik
2015/6/12
Arratiako akrobata gazteak Igorreko Lasarte Aretoan

Bagilaren 18an, arrastiko 18:30ean, zirku ikuskizuna eskeiniko dabe Arratiako 24 bat umek eta lau gaztek. Igorreko zirku tailerrean, 6 urtetik 12 urtera arteko umeak eta 15 urtetik 30 urtera arteko gazteak akrobaziak egiten ikasten dabe. Egun horretan, ikasturtean ikasitakoa erakutsiko dabe publikoaren aurrean. Numero aereoak, oihalak, sokak, lurreko akrobaziak eta jantzak osotuko dabe ikuskizun hau.

0
Danerik
2015/6/4
Deiadar Mendien Eguna bagilaren 7an ospatuko da Gorbeiako tontorrean

Bizkaiko Batzar Nagusiak antolatuta, Gernikan egiten ziran batzarretarako adar hotsa entzungo da bagilaren 7an. Egun honetan ospatuko da Deiadar Mendien Eguna Gorbeian.
Igoerea Pagomakurretik abiatuko da 09:00etan eta deiadarra 12:00etan joko dabe tontorrean. Gero, mendizaleak Arrabako aterpearen ondoan prestautako jai ingurura jeitsiko dira, musika, bertsolari, euskal jantza eta jan-edateko zerbaitez gozatzeko. Aurten Ganzabal Mendi Taldeak euki dau antolaketearen ardurea. Datorren urtean Kolitzan ospatuko da egun hau.

Deiadar Mendiak
Deiadar Mendiak Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza, Sollube eta Oiz dira. Antxina mendi honeen tontorretatik adar hotsagaz egiten zan Gernikako Batzar Nagusirako deia. Batzar Nagusiak berreskuratu izanaren 25. urteurrena zala-eta 2004. urtean hasi ziran barriro Deiadar Mendietara igoerak antolatuten Bizkaiko Batzar Nagusiak bost mendi talderen laguntzeagaz. Lemoako Ganzabal Mendi Taldea da horreetako bat.
Deiadar Mendien ekitaldia ibilbide klasikoa bihurtu da Biz-kaiko mendizale eta euskal tradizinoen zaleentzat. Igaz ehundaka persona batu ziran Ganekogortan,  Batzar Nagusien deiari erantzunez, antxina Gernikara joaten ziran bizkaitarren ordezkariai egiten jakien deikerea gogoratzeko.

0
Euskal Jaia
2015/6/2
Andrak herri kirol erakustaldia egingo dabe

Bagilaren 6an izango da aurtengo Lemoako Euskal Jaia eta herri kirolak hartuko dau gaitzat. Jaia eguerdiko 13:00etan hasiko da poteoagaz. Hau trikitixearen musikeagaz eta herri kirol erakustaldiakaz girotuko da. Arrastian, andren herri kirol erakusketea izango da Badaiotz Sokatira Taldearen eskutik.
Pozik hartu eben Badaiotz taldekoak Udalaren konbitea herri kirol erakustaldiak egiteko eta jentea herri kirolak egiten animetako. Herri kirola, azkorea eta harria baino gehiago dala erakutsi gura dabe Badaiotz taldekoak, Ruth Linaza partaidearen esanetan. Andrak be badabizela plazetan dino -herri kiroletan eta sokatiran-, eta aurtengo Euskal Jaiak hori adierazoteko aukerea emongo dau.
Arrastiko erakusketan, Badaiotz Sokatira taldeko zortzi tiralarik egingo dabez dinamizatzaile lanak. Lehenengotik kirol baten erakustaldia egin eta gero kirol hori egitera konbidauko dabez ikusleak. Probau daitekezan herri kirolak, trontzea, txorokilak batu, ingudea, zaku karrerea, txingak eroatea eta sokatirea dira. "Normalean asko gustetan jako jenteari eta batez be umeai" dino Ruth Linazak.

Herri kirol poteoa
Goizean egingo dan poteoan Badaiotzek ez dau parte hartuko, baina ekintza honek be herri kirolak ezetuteko aukerea eskeiniko dau. Tabernaz tabernako ibilbidean lau gune egongo dira eta bakotxean herri kirol desbardin bat erakutsiko dabe.

0
Danerik
2015/6/2
Dimako ermitak ezetuteko ibilaldia hilaren 6an

Bagilaren 6an izango da aurten Dimako Udalak antolatuten dauan Dimako Ermiten Ibilaldia. Parte hartzean dabenak hamasei ermitatik pasauko dira eta 31 km. egingo ditue.
Ibiltariak goizeko 07:00retan batuko dira Dimako plazan. Ibilbidean ermita honeek topauko ditue: San Roke, Olazabalen; San Migel Txiki; Madalena, Lamindaon; San Inazio; San Blas; San Fresku, Indusin; San Lontzo, Baltzolan; Santa Apolonia, Bargondian; Santa Mañe; San Antolin, Oban; San Bizente, Artaunen; Santa Ageda, Bikarregin; San Millan, Biteriñon; Santiago; San Balendin eta Piedadean amaituko dabe ibilbidea.

0
Danerik
2015/6/1
Zeberioko Udalak DBHkoentzako udalekuak antolatuko ditu

Zeberioko Udalak eskolako umeentzako eta DBHko gaztetxoentzako udalekuak antolatuteko asmoa dauka. Izena bagilaren 12ra arte emon daiteke udaletxean. Lehenengoz antolatuko dira DBHko gaztetxoentzako udalekuak aurtengo udan, gitxieneko kopuru batek izena emon ezkero.
Eskolako umeentzako udalekuak, 2003tik 2012ra bitartean jaiotako umeentzat dira eta bagilaren 22tik garagarrilaren 3ra izango dira. Urtean-urtean 50 ume inguruk hartzean dabe parte udalekuotan eta Udalak, honeek bideratzeko, Eskola Zaharra eta pelotalekua ixten dauz. Goizeko 10:00etatik 14:00etara izaten dira, baina programazinoaren arabera aldatu daiteke ordutegia eta egun osoko ekintzak be antolatuten ditue egun batzuetan.

Etxetik kanpo
Aurten, DBHko gaztetxoak, bost egun etxetik kanpo pasetako aukerea eukiko dabe Udalak antolatutako udalekuetan. Bagilaren 29tik garagarrilaren 3ra arte izango dira gaztetxoentzako udalekuok eta bertan 1999tik 2002ra bitartean jaiotakoak hartu leikie parte.

0
Danerik
2015/6/1
Umeak magia egingo dabe Tor magoagaz

Bagilaren 4an, arrastiko seiretan Tor magoak Hator magiara ikuskizuna eskeiniko dau Igorreko Lasarte Aretoan. Umeak ikusi gura daben magia dala dino magoak, eurengan pentsauta sortutako emonaldia. Umeak "barre egingo dabe, harrituko dira, magia ikusi eta garrantzitsuena, magia egingo dabe". Gainera, Lasarte Aretoko ume bazkideak debalde daukie sarrerea.
Umeak modu aktiboan hartuko dabe parte magia eginaz eta emonaldiaren nondik norakoa eurek kontrolauko dabe. Ordubeteko saioa da gitxi gorabehera, batez be 4 eta 10 urte bitarteko umeai zuzendutakoa.

0
Danerik
2015/5/24
Saharako egoerearen gaineko berbaldia Igorreko Kultur Etxean

Maiatzaren 27an, arrastiko zazpiretan, Ahmed Ettanjik, "Giza Eskubideen aldeko burruka Saharako lurralde okupatuetan" izeneko berbaldia egingo dau.
Ahmed Ettanji kazetaria lurralde okupatuetan bizi da eta Equipe Median egiten dau behar. Talde honetako kazetariak Saharako lurralde okupatuetako giza eskubideen urraketea salatuten dabe internet eta sare sozialak erabiliz. Munduari testigantza hau emoteko euren bizitzak arriskuan ipinita.

0
Danerik
2015/5/20
Zaztaparrak-en begirale eguna

Zaztaparrak Aisialdi Taldeak 20 urte beteten dauz aurten eta ospatuteko, taldean hain garrantzia handiko papela jokatuten daben begiraleen eguna antolatu dabe.
Maiatzaren 23an, talde honetako begiraleak eta begirale izandakoak batuko dira Igorreko Kultur Etxeko parkean arrastia alkarregaz pasetako. "Begiraleak hezitzaile bihurtu eta errespetuan eta askatasunean oinarritutako komunidadea eregi dabe. Asko daukie ospatuteko eta aspaldian alkarregaz egoteko tarterik ez dabenez hartu, 20 urte betetea atxakia ederra da" dino June Egileor Zaztaparrak taldekoak.
Begiraleak lauretan batuko dira  alkarregaz ondo pasetako asmoz. Hauxe da egitarau.

Egitaraua
Maiatzak 23, zapatua
16:00etan, elkartopaketak.
16:30ean, Zaztaolinpiadak.
19:00etan, Zaztadokumentala.
19:30ean, mokadutxoa.
20:00etan, Zaztapoteo musikatua.

0
Kontzertuak
2015/5/20
Gontzal Mendibilen kontzertua Igorren

Gontzal Mendibil kantari zeanuriztarrak, Zure bihotzak nire begiak ditu bere azken diskoaren kantuak eskeiniko ditu zuzenean Igorreko Lasarte Aretoan, hilaren 23an, iluntzeko bederatzietan. Disko hau Areatzako plazan estreinau eban igaz egileak, hedabideetara aurkeztu eta Euskal Herriko beste plaza eta aretoetara eroan aurretik.
Zeanurikoaren lanik personalena da disko hau. Izan be, 11 kantu ditu eta horreetatik 8 kanturen hitzak bereak dira. Sentimentu handiko kantuak dira "norberak bizi eta sentidu izandako gaiak". Bizi eta sentiduteko guraria eta herri izatekoa dira kantu honeek landuten dabezan gaietako batzuk. "Nola liteke" kantua istrupuz hil zan Alex Angulo aktoreari dedikau eutsan.

Berrogei urteko ibilbidea
Nire bihotzak zure begiak ditu musika munduan 40 urte bete dituala ospatzeko sortu eban Gontzal Mendibilek.
Zeanuriztarrak 1975 urtean kaleratu eban bere lehenengo diskoa Zaurietatik dario titulupean. Gero etorri ziran Egunsentiari agur (IZ, 1978), Hasperen itun (Elkar, 1983), Egunen batean (IZ, 1988), Zu zeu (IZ, 1990), Iparragirre hegalaria (Keinu, 1992),  Olentzaro (Keinu, 1993), Memorian (Keinu, 2001), Elorri loratua (Keinu, 2003), Lágrimas al viento (Keinu, 2004), Zuri so (2004), 30 urte (Keinu, 2005), Arrupe (Keinu 2007), Neure txiki polita (Elkar, 2011) eta Nire bihotzak zure begiak ditu (2014).

0
Danerik
2015/5/18
Lau mendetako Zeberioko bizilagunak jaso ditu Perez Urrazak liburu bitan

Maiatzaren 7an, Kepa Perez Urrazak Olabarrietako elizateko eta Zeberio Haraneko Auzokideen zerrendak eta Zeberio Haraneko sendien kokapena auzoka eta baserrika liburuak aurkeztu ebazan. Liburuok atzen lauzpabost mendeetan zeharreko Zeberioko populazinoaren gaineko ikerketa baten emoitzea dira.


Bertan, Zeberio haraneko personak identifiketan dira, auzo eta baserrietan lekutu eta euren arteko familia erlazinoak ezartzen dira. Lehenengo liburuan artxibo historikoetan dagozan auzokide zerrenda eta erroldak agertzen dira; bigarrenean, lehen liburuan agertutako auzokide horreek, 40 urte inguruko tarte-guneetan bananduta auzoka eta baserrika kokatu egiten ditu egileak, bakotxa berean.
Liburuok egiteko erabilitako dokumentuak eta dokumentuon transkripzinoakaz erakusketa bat be egon zan udaletxeko bigarren solairuan maiatzaren 7tik 9ra.
Ikerketa hau proiektu luzeago baten barruan sortu zan. Orain dala 15 urte Zeberioko Udalak  mapa bat atera eban, Zeberioko baserri historikoen irudiakaz eta baserri batzuen datuak emonaz. Azken urteotan, 2012tik 2015era udalak  argitaratutako egutegietan, eskola-umeak eta Zeberioko familien argazkiak berreskuratu dabez. "Filosofia bera da, sakonean asmo bera dago, eta da anonimatutik askatzea, ekartzea hor ezkutuan dagozan persona batzuk, argitara atera eta identidadea emotea" azaldu deutso BEGITUri Kepa Perez Urrazak.
Lan honetan 1458tik 1960ra arteko dokumentuen aitamenak jasoten dira. Dokumentuok hamar artxibo historikotan dagoz: Madrileko Artxibo Nazionala, Simancaseko Artxibo Historikoa, Bilboko Jabetza Errolda, Bizkaiko Korrejimenduaren Artxiboa, Derioko Eleiz Artxiboa eta Zeberioko Udal Artxiboa dira artxibo horreetako batzuk.

Baserri bakotxean bizi izan diranak
Dokumentu batzuetan ia larogei auzo bereiztu arren, egileak 25 auzunetan banandu dau Zeberio harana, erabilgarri egiteko. Eta auzuneak hiru eremutan batu ditu; Helbarren, Herrigunea eta Hergoien eremuetan, hain zuzen be.
Baserri bakotxean bizi ziran senar-emazteak eta seme-alabak agertzen dira. Baita aitita-amamak, zerbitzariak, jaube, errentadore, eskaleak... erroldetan agertzen diran guztiak. Baserri batzuetan 1630 urtean bizi ziranen ondorengoak bizi dira gaur egun be.
Lan honetan ia 400 baserri agertzen dira. Horreetatik 190 historikoak dira; batzuk XVI. mendekoak.

Non dago Maurizia?
Denpora tarteak 40 urte ingurukoak dira eta denpora horretan persona bat jaio eta beste nonora joan leiteke biziten. Adibide moduan, Maurizia Aldeiturriaga panderojolea ipini dau egileak. Baten bat haren datu bila hasi ezkero, lehenengo joko dau 1900eko erroldara, "hor jaio barik egoan eta gero badator 1930ekora, hor be ez da agertzen Arteara ezkonduta egoalako. Baina 1924ko erroldan agertzen dira bere gurasoak eta hemen, Mauricia Aldeiturriaga Zabala 1904an jaioa agertzen da. Horregaitik begiratu behar da liburu bietan, bai kokapen liburuan, baina baita errolda orokorretan be".
Lehenengo liburuan 374. orrialdean agertzen jaku Maurizia.

1
Musikea
2015/5/12
Organizing jazz taldea Cornerrean

Organizing jazz taldeak kontzertua emongo dau Areatzako The Quiet Corner-en hilaren 16an arrastiko 20:00etan. Taldea osotuten dabe Zeberion bizi dan Elsa Lizundiak (saxo-tenorra), Raul Sainz de Rozasek (gitarrea), Gorka Iradundegik (hammond organoa), eta Juan Luis Castañok (bateria).
Elsa Lizundia saxofoijole eta musika irakaslea da eta 1980ko hamarkadan arrakasta handia izan eban Dinamita pa los pollos taldean, edo Papa blues band taldean jo dau, beste batzuen artean. Aprilaren 17 eta 18an Girls in Band taldeagaz 1930eko hamarkadako andra instrumentistai egin eutsen omenaldia, 365 Jazz Bilbao-ren egitarauaren barruan.
Raul Sainz de Rozas gitarrajoleak eta Gorka Iraundegi teklisteak be, hainbat jazz taldetan joten dabe, tartean Kukubarre Jazz Quartet-en, Organizing taldeko beste partaideakaz batera. Jose Luis Castaño Bilboko Muzzik Eskolako bateria irakaslea da eta ibilbide luzea dauka musika eta batez be, jazz munduan.

0
Zinea
2015/5/11
The Who, Sex Pistols eta Nick Cave-n musikea pantaila handian

Zine musikala ikusteko aukerea ekarriko dau Igorrera oraingoan zine klubak. Tommy The Who taldearen musikala, 24 Hour Party People eta 20.000 days on earth filmak musikaz blaituko dabe Lasarte Aretoa. Hilaren 14ean, 21ean eta 28an, arrastiko zortziretan izango dira saioak.
Zine musikalari eskeinitako ziklo honetan, Tommy  (Ken Russell, 1975) filma ikusteko aukerea izango da Igorren. Film honek The Who taldearen izen bereko rock opera pantailaratuten dau. Aktore ezagunak eta musikari handiak egiten dabe behar bertan: Roger Daltrey, Oliver Reed, Anne Margret, Tina Turner, Eric Clapton eta Elton John beste batzuen artean. Filmak Tommyren istorioa kontetan dau. Tommyk umetan amaren maitalea bere aita hilten ikusiko dau eta traumak jota, itsu, gor eta mutu geratuko da. Urte batzuk geroago, pinball-ean jokatzen hasi eta izar bilakatuko da.
Sano kritika ona izan eban bere sasoian eta klasiko bihurtu da.

0
Kultur astea
2015/5/11
Arratiako tranbiaren erakusketea Lemoako Kultura Astean 11tik 17ra

Lemoako Udalak, herriko alkarteakaz batera Aste Kulturala antolatu dau maiatzaren 11 eta 17 bitartean. Kontzertuak, berbaldiak, antzerkia, mendi urtekerak eta beste ekintza batzuk antolatu ditue, tartean Arratiako tranbia. 50 urte Arratiako tranbia barik erakusketea. Erakusketa hau aste osoan egongo da ikusgai Elizondoko Kultur Gunean.
Arratiako tranbiaren erakusketearen inaugurazinoak emongo deutso hasikerea aste kulturalari. Erakusketea, aste egunetan 18:00etatik 20:30era eta zapatu-domekan 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da ikusgai eta inagurazinoa hilaren 11n izango da,  Juanjo Olaizola Euskal Trenbidearen Museoko Zuzendariaren berbaldiagaz. Hau, arrastiko 19:00etan izango da.
Mendira joateko hiru aukera egongo dira aste horretan Ganzabal Mendi Taldeagaz batera. Lehenengoan, eskola-umeak Zugatz Eguna ospatuko dabe eskolatik 09:30ean urten, San Antolinera igon eta han zugatzak landatuz. Bigarren urtekerea zapatu goizean izango da. Lemoatxan (363m.), Ganzabalek Mendien Lehiaketako sari banaketea egingo dau han. Eta hirugarren zitea, domekan da. Orduan, Mazo (1.083m.), Mota (1.319m.) eta Cueto (1.362m.) tontorrak zapalduko dabez Ganzabaleko mendizaleak.
Eguaztenean, "Aniztasunaren alde, homofobiari ez" berbaldia egongo da Jubiladuen Etxeko goiko aretoan 19:00etan. Maiatzaren 17a homofobia, lesbofobia eta transfobiaren kontrako eguna izaten da eta horren harira antolatu dau udaleko Bardintasun Zerbitzuak berbaldi hau.

Kontzertuak, antzerkia eta herri ginkanea
Aste kulturalaren barruan kontzertu bi egongo dira. Lehenengoa, Arratiako Musika Eskolako ikasleak eskeiniko dabe eguenean, hilak 14, eleizan arrastiko 19:00etan. Bigarrena, barriz, Estankonatarrak, musikea eta poesia buztartuko ditu ikuskizun honek. Barikuan izango da Jubiladuen Etxeko goiko aretoan arrastiko zazpiretan.
Domekan, barriz, antzerkia ikusteko aukerea egongo da. Arrastiko zazpiretan Lingua Nabajorum euskerearen inguruko umorezko antzezlana ekarriko dabe kiroldegira arrastiko zazpiretan. Baina ez da hau izango euskereagaz ondo pasetako aukera bakarra. Izan be, Euskera Zerbitzuak herri ginkana bat antolatu dau zapatu arrastirako. Gaztetxe azpian izango da, arrastiko bostetan hasita eta bertan parte hartzeako udaletxean emon behar da izena maiatzaren 7a baino lehenago.

Eskolan ekitaldi gehiago
Aste kulturalak presentzia berezia izango dau Lemoako eskolan. Liburutegiak liburuak eroango dauz hara, ikasleak literatur solasaldiak izango dabez idazleakaz, kulturartekotasuna lantzeako Munduko Jolasak eta tailerrak egongo dira, cup song, erakusketak, ikasleen emonaldiak eta abar.

0
Antzerkia
2015/5/6
Umeentzako antzerki jantzagarria Igorren

Maiatzaren 9an, arrastiko bost t’erdietan, Ene Kantak proiektuko kideak Oneka marrazoa izeneko antzerkia taularatuko dabe Igorreko Lasarte Aretoan. Eurek sortutako kantu barriak eta freskoak, herri kantu moldatu eta gaurkotuak abesten dabez lan honetan, umeak errez imitetako koreografiak erabiliz.
Protagonistak Eneko eta Nere dira. Eneko eta Nere kezkatuta dagoz Lur planetea sufriduten dagoalako: euririk ez dau egiten, ur eskasia dago, kotxe lar... eta eurak ezin dabezalako putzuak saltau, gehien gustetan jakien olgetea. Liburu majikoa hartuta ur bila joango dira eta Oneka marrazoa ezetuko dabe.

0
Erakusketea
2015/5/6
Artearen leihoak Igorreko Erakusketa Aretoan

"Bakoitza bere leihotik begira, horizonte bera dakusagu aurrean. Arnasa hartzen dugu artearen leihotik; bertatik begiratzen diogu bizitzari batzuetan, ihes egiten besteetan. Zabaldu zigun zirrikitua Ines Medinak eta bakoitza bere tresnekin eta bere berezko erritmoarekin leihoa zizelkatzen dihardugu. Erakusketa honetan gure kolpeen printzak aurkituko dituzu eta gure erritmo desberdinen oihartzuna entzungo" berba honeekaz aurkezten dau Maite Artabek maiatzaren 9tik hilaren amaierara arte Igorreko Erakusketa Aretoan egongo dan erakusketea.
Arantza Pineda, Encarna Cepedal, Elena Solatxi, Maite Artabe Urkiri, Marian Daubagna, Marisol Calzada, Maritere Bilbao Amuriza, Maxima Kerr, Miren Bilbao, Rosa Calzada eta Tere Uribe-Etxebarria artisten lanak dagoz ikusgai, Ezaguera kontzientea bakoitzaren berezko sortze prozesuan izeneko erakusketa honetan. Artista honeek guztiak Ines Medina artista eta ikerlari plastikoak Igorren gidatutako ikastaroetan hartu dabe parte eta ikastaro horreen emaitza dira erakusten diran lan artistikoak.

Berezko sortze prozesua
Ikastaro horreetan, marrazketea, margoa eta eskulturearen teknika eta kontzeptu plastikoez gainera, ikasle bakotxak berezko sormenerako behar dauan metodo berezia deskubridu eta erabilten dau. Hori dala eta, erakusketa hau oso ugaria da teknika, kontzeptu eta estiloai jagokienean.

0
Antzerkia
2015/5/4
Gazteen antzerkia Lasarte Aretoan

Markeliñe Konpainiaren Zugan Ni antzerki jaialdiaren 8. edizinoa izango da aurtengoa. Ekimen honetan Durango, Iurreta, Elorrio, Amorebieta eta Igorreko 13 eta 18 urte bitarteko gazteak hartzean dabe parte.
Markeliñe Konpainiaren programan parte hartu daben Arratia Institutuko talde bik, ikasturtean zehar landutako antzezlanak antzeztuko dabez herrietako eszenalekuetan. Antzezlanok, Gutun izkutuak eta Cabaret we can dira. Maiatzaren 8an, 20:00etan taularatuko dabez antzezlanok gazteak Lasarte Aretoan.

0
Danerik
2015/5/2
Aiko taldeak interneten ipini dau Fasioren mendea disko-liburua

Aiko taldearen webgunean, Fasioren mendea disko-liburua osotuten daben idatzizko materialak, bideoak, grabazinoak eta partiturak dagoz. Disko-liburua interneten ipinteaz gainera, Dantzan Fasiogaz izeneko ikastaroa eskeiniko dabe Aikok eta Kulturbasque UPV-EHUk, maiatzaren 9an Bilbon.
Bonifazio Arandia Uriarte "Fasio" (Igorre, 1909-1987), joan dan mendean Arratian jaiotako musikari herrikoirik ezagunenetakoa da.  Fasioren mendea disko-liburua 2009an argitaratu zan, Igorreko soinulariaren mendeurrenean Igorreko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeagaz. Disko-liburu honek, testuak, argazkiak, audioko CD bat eta partiturak eta hainbat filmaketa eukazan DVD bat biltzean ditu Bonifazio Arandiaren bizitzari eta lanari errepaso sakona eginaz. "Material horrek ezin hobeto islatzen ditu Fasioren bizitzearen eta musika-ibilbidearen nondik norakoak. Baina aldi berean, sakonean aztertzen ditu eskusoinuaren eta euskal musika tradizionalaren arteko hartu-emonak, baita Arratia bailararen berezko ezaugarri kultural eta musikalak be" dinoe Aiko taldekoak.

Argitaratu bako irudiak
Webgunearen bitartez, testuak eta partiturak pdf formatuan eskuratu daitekez, eta ikusentzunezko materiala doban deskargau. Diskografia atalean, Jon Iturbek Fasiori hil baino urte bi lehenago egin eutsan grabazinoa be entzun daiteke. Bildutako doinu guztiak partitura eta guzti argitaratu dira, Adolfo Jainagak transkribiduta.
Material bideografikoari jagokonez, Fasiok 1982an eta 1986an egindako ekitaldi bitan interpretau ebazan 29 doinu bildu dira. Atal honen osagarri moduan, 1988ko zemendian, Fasio hil eta urtebete geroago, jaioterrian egin eutsien omenaldiaren irudiak sartu dira.
Liburuak 81 orrialde ditu eta Fasioren hainbat irudiz horniduta dago. Testuak Aingeru Berguicesek idatzi eta Arantza Etxebarriak euskeratu ditu, Igorreko alkatearen hitzaurre bategaz.

Dantzan Fasiogaz ikastaroa
Igorreko musikariari omenaldia be egin gura izan deutso Aiko taldeak eta horretarako, UPV/EHUk Abandoibarran (Bilbo) daukan Bizkaia Aretoan, Dantzan Fasiogaz ikastaroa antolatu dau. Ikastaroak musika eta jantzearen arteko hartu-emona aztertuko dau erritmoaren ikuspegitik, pasodoblea, balsa, txotisa, polka, boleroa, mazurka, foxa, tangoa eta habanera lango jantza herrikoi klasikoai errepasoa egingo deutse. Horrezaz gainera, trikitixegaz eta panderoagaz alaitutako jantzaldiai buruzko atal berezi bat eskeiniko da. Joteak, fandangoak, arin-arinak eta porrusaldeak be protagonismoa izango dabe. Ikastaroa arrastiko bostetatik zortziretara izango da.
Ekimena UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko kultur-sareak eratutako Kulturbasque izeneko topaketa eta jarduera programazinoaren barruan antolatu da.

0
Danerik
2015/5/1
Labarkara uda honetan

Irati Urien


Zaztaparrak taldea udalekuak antolatuten dabil daborduko. Labarka aukeratu dabe, asti taldearen hogeigarren urteurrena dala eta, lehenengoz Arabar Errioxa. Abuztuaren 3tik 14ra joango dira Arratiako ume eta gazteak udalekuetara.
Igorreko Kultur Etxeko atean apuntau ahal izango da maiatzaren 15ean, 18:00etatik 20:00etara; eta maiatzaren 16an, 11:00etatik 13:00etara. Izen abizenak, jaiotza data, herria, e-maila eta telefono zenbakia beharrezkoak izango dira matrikulea egiteko. Zaztaparrak Asti Taldekoak "udaleku mundial" honetara animetako deialdia egiten dabe.
Maiatzaren 23rako ostera Arratiako begiraleen topaketak antolatu dabez Kiñu Gaztetxean.

Igorreko herri udalekuetako matrikulazinoa zabalik
Zaztaparrak-ek herri udalekuak antolatu ditu Igorren. Bagilearen 22an hasi eta garagarrilaren 24ra arte dagozan 5 asteetan Igorreko umeak aukerea izango dabe herrian bertan udalekuetaz gozatzeko. Matrikulazinoa astekakoa izango da eta umeko eta asteko 20 euro ordaindu beharko dira, neba-arrebak izan ezkero 15 euro bakotxak. Izena emon gura dauanak maiatzaren 22a baino lehenago egin beharko dau Kultur Etxeko harreran. Gurasoakaz batzarra bagilearen 4an, 19:00etan izango da.

0
Erakusketea
2015/4/25
Vicente Hermosoren Erakusketea Igorreko Kultur Etxean

Vicente Hermosoren erakusketa "Artearen energia norbere obraren originaltasunera bideratu" titulupekoa ikusgai dago maiatzaren 4ra arte Igorreko Kultur Etxean. Inaugurazinoa hilaren 17an 20:00etan izango da.
"Arteak, eroaleak bideratutako energia bezala ulertuta, norbera eta lanaren arteko alkarrizketea eragiten dau, eta lanaren gauzatze agerikoari bidea emoten deutso, identidadea bere unidadean eta lanen batasun finalean hartuz, eta subkontzienteari eta kasualidadeari bidea emonaz, lanari berari identidadea emongo deutsee" dino artisteak.

0
Danerik
2015/4/21
Herriz herri Zaztatitiriteroakaz

Irati Urien


Atzenean aprilaren 25 eta 26an ibiliko dira Zaztatitiriteroak Arratiako herrietatik zehar. Asti taldearen hogeigarren urteurrena atxaki, mozorrotuta, antzezten, olgetan zein jantzan ikusiko doguz herriz herri. Aprilaren 25ean Zeanurin hasiko dabe ibilbidea 11:00etan eta 12:30ak arte egongo dira bertan. 12:30etik 14:00etara Areatzan, 16:30etik 18:00tara Zeberion eta 18:00etatik 19:30era Artean. Hurrengo egunean Arantzazun ekingo deutsie bideari, 11:00etatik 12:30era. 12:30etik 14:00etara Igorren, 16:30etik 18:00etara Lemoan eta amaituteko 18:00etatik 19:30era Diman. Euria bada ibilbidea maiatzaren 2 eta 3ra atzeratuko dala jakinarazo dabe Zaztaparretako kideak.

0
Antzerkia
2015/4/21
Antzerki inprobisazino lehia Lasarte Aretoan

Aprilaren 24an, iluntzeko 21:00etan, Bizkaiko Antzerki Ikastegiko (BAI) ikasleak Igorreko Lasarte Aretora ekarriko dabe Fer Montayak zuzendutako Match Impro ikuskizuna. Match Impro inprobisazino laburren lehia da eta jokalari talde bi aurrez aurre neurtuko dira antzerki jokoan. Holan, BAI Ikastegiko ikasleak taula gainera igoko dira, ikusleak jarritako gaien inguruan inprobisatzera. Aktoreak euren trebezia frogatu beharko dabe lan eszeniko laburrak di-da baten sortuz, eta ikusleen botoa lor- tzeako gaitasun guztiak baliatuko dira. Ikuskizunean publikoaren partaidetzea beharrezkoa da eta emoitzeagaz pozik urteten dira ikusleak.

Ismael Pereira
Taula gainean inprobisazino lanetan Ismael Pereira igorreztarra egongo da. Pereira, telebistan, antzerkian edo Zumba irakasten ikusi ahal izan dogu. "Energia larregi daukat eta beti beharrean nabil irribarre bategaz" dino aktoreak.

0
Danerik
2015/4/14
Urteurren jaia Kiņun

Irati Urien


Aprilaren 17an Marx Attacks antzezlana ikusteko aukerea egongo da Kiñun Galdakaoko antzerki taldearen eskutik. Gaztetxe baten aterrizetan dauan estralurtar bat ei da Marx, eta gaztetxeko egunerokotasuneko sketch batzuk ikusi ahal izango dira lan honetan. Arrastiko 19:30ean izango da ikuskizuna.
Aprilaren 25ean ostera Kiñu Gaztetxearen lehenengo urteurrena ospatuko da. Horretarako egun osoko egitaraua prestau dabe gazteak. 15:00etan bazkaria egingo da Gaztetxean bertan, sei euroren truke. Begetarianoentzat be egongo da jatekoa; eta tiketak, Kukuma, Herriko, Gau Lora zein Txaparronean erosi ahal izango dira. 18:00etan rallypoteo musikatua egongo da Igorretik zehar, jokoakaz poteo bitartean. Eguna amaituteko bi musika talde ezagun: Arkada Social eta Iheskide. Kontzertuok 22:30ean hasiko dira eta bost euro balio dauz sarrereak.

0
Danerik
2015/4/8
Esti eta Olatzen kontzertua eta beste ekintza batzuk Igorreko Gaztetxean

Irati Urien


Aprilaren 10ean, barikua, Esti eta Olatz abeslariak izango dira Igorreko Kiñu Gaztetxean; Zeanuriko bikoteak 20:30ean eskeiniko dau kontzertua. Aprilaren 12an, barriz, bosgarren Eizu Change egingo da Kiñun. Betiko lez 11:00etatik 19:00etara egongo da zabalik azokea. Hilaren bigarren hamabostaldirako hitzordu berezia prestatuko dabe Kiñukoak; izan be, Igorreko Gaztetxea zabaldu ebeneko lehenengo urteurrena ospatuko da. Egun guztiko egitaraua antolatu dabe, Iheskide eta Arkada Social musika talde ezagunak kontzertua emongo dabe berbarako.

0
Danerik
2015/3/31
Timoteo Atutxaren gaineko liburua argitaratu dau Igorreko Udalak

Heriotza zigorrera kondenau eta 1937ko urri bigarrenaren 29an ejekutau eben Timoteo Atutxa Petralanda igorreztarra. Memoria historikoa errekuperau guran, Igorreko Udalak beka bat emon eban igorreztarraren bizitza eta heriotzea ikertzeko. Beka horren emoitzea Timoteo Atutxa Petralanda (1894-1937) Idatziak eta gutunak liburua izan da.
Martiaren 30ean izan zan liburuaren aurkezpena Lasarte Aretoan. Bertan, Txema Uriarte eta Oiane Valero egileak eta Nerea Atutxa, Timoteo Atutxaren lobeagaz batera, Beinat Anzola Igorreko alkatea eta Karmele Aurrekoetxea kultura zinegotzia egon ziran.
Alkateak erakundeen erantzukizuna memoria historikoa errekuperetako orduan azpimarratu eban eta behar hori egiten jarraituteko konpromisoa adierazo eban. "Badakigu hasi baino ez garana egin. Material asko dago aztertzeko" esan eban.

Sasoiko bilakaera historikoa
Oiane Valero liburuaren egileak hartu eban berbea gero. Timoteo Atutxaren sasoiko bilakaera historikoaren barri emon baino lehen, eskerrak emon eutsazan laguntza emon eben guztiai baina batez be Nerea Atutxa eta Timoteo Atutxaren familiari, euren "inplikazino sakonagaitik".
Timoteo Atutxa eta bere emazte Juliana Solatxiren sasoia ulertuteko, XIX. mendean gertatu ziran aldaketa batzuk euki behar dirala kontuan esan eban historialariak. Baserriaren krisia, Arratiako tranbia, Foruen munduaren gainbehera, desamortizazinoa eta honek ekarri eban gizarte mailako desbardintasuna... Hori dala eta, Timoteo Bilbon hasi zan beharrean eta holan ideologia barriak ezetu ebazan, batez be, Sabino Aranaren ideologia.
Errepublika garaian zabaldu zan lehenengo batzokia Igorren. EAJ-PNVko Anselmo Totorika izan zan Igorreko alkatea eta Timoteo Atutxak kargu inportanteak izan ebazan alderdi jeltzalean.

Gerra eta heriotza zigorra
Gerra denporan Bilbon egon zan Atutxa-Solatxi familia, baina bagilaren 19an frankistak Bilbo hartzean dabenean Igorrera bueltetea erabagi eben. Garagarrilaren 28an, Timoteo Atuxa atxilotu eta urri bigarrenaren 19an hil egin eben. Juliana, errepresinoaren erdian geratu zan sei seme-alaba aurrera aterateko. 55 urtegaz hil zan.
Timoteo Atutxak abuztuaren 5ean jakin eban Queipo de Llanok heriotza zigorra eskatu ebala beretzat. Atzenengo momentura arte saiatu ziran errebisinoa eskatzen baina ez eben lortu.
Txema Uriarte liburuaren beste egileak ejekuzinoaren hurrengo egunean datautako Atutxak idatzitako hiru gutun irakurri ebazan. Familiari, lagunai eta EAJ-PNVko kideai idatzitakoak ejekuzinoa baino ordu batzuk lehenago.

Ikerketea ez da amaitu
Timoteo Atutxa zelan hil eben ez dago argi. Nerea Atutxa senitartekoak esan eban Aranzadiri eskatu eutseela hau ikertutea, baina atzenean familiako batzuk ez ziran ados egon eta momentuz argitu barik geratu da.

0
Antzerkia
2015/3/23
Alkartasuna, super poderea da Izar eta Zenaida antzezlanean

Eidabe produkzinoak-ek Galder Perez-en Izar eta Zenaida: indar magikoa antzezlana ekarriko dau Igorreko Kultur Etxera, hilaren 27an, arrastiko 17:30ean. Aktoreak software interaktibo eta musikearen laguntzeagaz, alkartasunaren balioa erakutsi gura dauan obra hau taularatuko dabe. Ikuskizunak Iparra eta Hegoaren arteko laguntasuna eta ulermena ezinbestekoa dala azpimarratuten dau.
Izar eta Zenaida neska bi dira: bata euskalduna eta bestea kubatarra eta egun baten ikusten dabe mundua zati bitan apurtzen dagoala. Keatorrek personen kontrako mendeku hau ipini dau martxan gure planetako baliabide guztiak agortzear dagozalako. Baina Izar eta Zenaida konturatuko dira alkerreri eskua emonda super podereak daukiezala. Eskua alkarreri emoten deutsienean, munduaren suntsitzea geratzeko gai dira, munduari kolorea itzultzeko, laitasunez biziteko...
Umeentzako antzerkia da, bere estetika eta musikearen bitartez ondo pasetako aukerea emoten dauana.

0
Zinea
2015/3/16
Laburbirako filmak aprilaren 17an izango dira Areatzan

Topaguneak antolatuten dauan Laburbira zirkuituko filmak ikusi ahal izango dira aprilaren 17an, arrastiko 19:30ean Udal Aretoan, BEGITU argitaratuten dauan Zertu Kultur Elkartearen eskutik.
Zortzi ikus-entzunezko labur eskeiniko dira Areatzan, 2013an eta 2014an sortutakoak, ordu eta lauren inguruko emonaldian. Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia, Igone Arreitunandiaren Ein land, Kepa Errastiren Aitona Mantangorria, Asier Altunaren Zela Trovke, Asier Urbietaren Arconada, Kote Camachoren Don Miguel, Ixone Aroma, Aritz Lasarguren eta Asier Veraren Zaunk! eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen dira filmok. Hamabigarren urtea da Laburbira Arratiara datorrena.


Topagunea eta Zertu
Laburbira, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuten dau herriz herriko euskaltzaleen alkarteakaz alkarlanean, Arratian Zertu Kultur Elkarteagaz, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien babesa dauka. Zirkuituak euskerazko ikus-entzunezko produkzinoa ezetu arazo eta herrietako kultur eskeintza aberasteko helburua dauka.

0
Danerik
2015/3/16
Lau hitzordu Kiņun

Irati Urien


Martiko bigarren hamabostaldirako ekintzak prest dagoz Igorreko Kiñu Gaztetxean. Korrika Kulturalaren barruan Amets zirkoa salgai antzerkia egongo da martiaren 20an, izatez danetariko publikoarentzako, baina hamahiru urtetik gorakoentzako gomendatua. 21ean, Brutal Arratia Fest, lau kontzertu, lau euroren truke: Madrilgo Second Silence eta Become Wrath, bertako Shrapnelmeat eta Gernikako Bullets Of Misery taldeakaz. Zaztaparrak-ek antolatuta Arratiako Hezitzaileen Topaketak izango dira 27 eta 28an. Hilea amaituteko, eta 28an be, bertso bazkaria egongo da Igorreko Maratu Gazteria Zerbitzuko gazteak antolatuta. 8 euro balio dau tiketak, Kiñu, Herriko, Errubgi eta Kukuman dagoz txartelak salgai 25era arte, eta modu horretan gazteai alkartrukean Belgikara egingo daben biajea ordaintzen lagunduko jakie, autogetisnoaren bidez kostuak txikiagoak izan daitezan.

0
Korrika
2015/3/16
Korrika 19, Urepeletik Bilbora, Arratiatik!

Tipi-tapa... tipi-tapa... laster da Arratian Korrika 19. Horretarako, ordea, abiatu egin behar. Aste honetan, martiaren 19an, eguenean, hasiko da Korrika 19 Urepelen, arrastiko 17:00etan.
Dana dago prest Urepelen Korrikari hasikerea emoteko, argi dago egitaraua begiratuta.


Hauxe da Urepeleko egitaraua:
11:00etan, ikusgarria.
11:00etatik aurrera, kaleko animazinoak: Gaiteroak, Ziganteak, Zabaleta anaiak, Ostatu ibiltaria.
13:00etatik 16:00etara, tailerrak Oreka zirkuagaz.
Eguerdian, ezker paretan (frontoian) Bazkari herrikoia, Nat eta Watson, Ibarreko bertsolariak: Battitt Crouspeyre, Jean Louis Laka eta Mixel Aire. Kantariak: Xendarineko ahizpak, Menditarrak.
16:00etan, kantaldia plazan, Ibarreko kantariak, Aire ahizpak eta Korrika 19 kantua.
16:40ean ekitaldia: Urepeleko Korrika batzordearen berbaldia. Bertsolariak: Mixel Aire Xalbador, Maddalen Arzallus eta Aimar Karrika. AEKren hitzaldia.
17:00etan, Korrikaren hasikerea.
22:00etan, kontzertuak Baigorrin: Aguxtin Alkhat eta Zezenaren taldea.
Arratiako AEK-k hasikerara, Urepelera, autobusa antolatu dau. Zeanuritik urtengo dau goizeko 09:00etan eta herrietan jentea batuko dau, eta bueltea, ostera, gaueko 21:00etan egingo da. Izena emon gura dauanak Kubulu Euskaltegira deitu behar dau (94 631 56 57).
Hasi eta hamaika egunen buruan Bilbon amaituko da eta Bizkaiko uriburura bidean Arratia zeharkatuko dau euskerearen aldeko lasterketa erraldoiak. Martiaren 28ko arrasti eta iluntzean, zapatuan, beraz, gehiena, Ubide, Zeanuri, Areatza, Artea, Arantzazu, Igorre, Artea, Zeberio; eta zapatutik domekarako gauean, zati baten, Bediatik eta Lemoatik, hain zuzen be. Hauxe da 19. Korrikak Arratian egingo dauan ibilbidea.
Herrietan eguna alaitzeko eta girotzeko hainbat ekintza egingo dira egun horreetan.
Arratiako AEKtik, Gorka Barrenetxea, Igor Elordui eta Joseba Irazabal joango dira Korrikara, hamaika egunez, hasi eta amaitu, antolakuntzan parte hartzean: lekukoa, lekuko eroaleak eta korrikalari guztiak zaintzean. Gainera, Korrikaren ohiko gunez gainera, Arratiako twitter kontutik Arratiako AEK-ko hiru kide honeen ibiliak segidu ahal izango dira Korrikaren furgonetatik bertatik: @ArratiakoAEK.
http://www.korrika.eus
www.facebook.com/aek.euskalakari
twitter.com/EuskalakariAEK
eta Arratian:
www.facebook.com/korrikaarratian.euskalakari
twitter.com/ArratiakoAEK

0
Danerik
2015/3/16
Martiko bigarren hamabostaldi honetan, kulturak hartuko dau protagonismoa

Igorreko Udalak eta Institutuak, hilaren 16 eta 30aren artean, Kultura Hamabostaldirako 30 ekintza baino gehiago antolatu dabez: batzuek Institutuko ikasleentzat eta beste batzuek publiko zabalarentzat. Ignazio Zubizarreta eskoleak be, bere aste kulturala antolatuko dau hilaren 23tik 27ra.


Institutuan Irati Astondoak Herri Kirolen eta bertsolaritzearen gaineko berbaldia emongo dau; Aitor Bergarak Fisikaren gainekoa, eta Jasone Osoro idazleak, Ruth Linaza sokatiralariak eta sare sozialen gainean Jon Gomezek, egingo dabe berba ikasleakaz. Hamabostaldian, musikeak be bere lekutxoa izango dau, Gaizka Insunzaren berbaldi musikalagaz eta institutuko ikasleen musika emonaldiagaz. Biajeak eta kirola ez dira faltauko.
Eskolakoak, barriz, kantagintzea, antzerkigintzea eta bertsogintzea landuko dabez Lasarte Aretoan martitzenean. Hurrengo eguna matematika eguna izango da eta barikuan, beste gauza batzuen artean, Korrikarako antolaketea egingo dabe.
Bertsoak, filmak eta liburu aurkezpena publiko zabalarentzat 
Institutu eta eskolako ekitaldi batzuk Lasarte Aretoan izango dira, baina hemen publiko orokorrari zuzendutako beste ekintza asko egongo dira. Publiko osoari zabalik dauan egitarau honetan, aitatu behar da San Josetako bertso saioa; Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolari handiak kantauko dabe eta.
Korrika, 28an pasauko da, eta egun horretarako programazino berezia antolatuko dabe Igorren. Eta hilaren 30ean Timoteo Atutxaren gainean ateratako liburuaren aurkezpena egingo da. Hauxe da egitaraua:

Martiak 19, eguena
19:00etan, San Josetako bertso saioa. Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Amets Arzallus eta Jon Maia.

Martiak 20, barikua
20:00etan, Laburbira. Film laburrak euskeraz.

Martiak 21, zapatua
22:00etan, zinea Las ovejas no pierden el tren.

Martiak 22, domekea
17:00etan zinea, Annie. 19:30ean, zinea Las ovejas no pierden el tren.

Martiak 26, eguena
Kalesareak dokumentala.

Martiak 27, barikua
17:30ean, antzerkia Izar eta Zenaida.

Martiak 28, zapatua
Korrika Igorretik.

Martiak 29, domekea
17:00etan, zinea Into the Woods. 19:30ean zinea Whiplash.

Martiak 30, astelehena
19:30ean Timoteo Atutxaren gaineko liburuaren aurkezpena.

0
Musikea
2015/3/8
Arratiako Musika Eskolak ipuin musikatua eskeiniko dau Lasarte Aretoan

Martiaren 15ean, Arratiako Musika Eskolako ikasleen koruak, irakasleen orkestrak eta tailerra eta prestakuntzako umeak prestatutako Orkestraren bila ipuin musikala aurkeztuko dabe Igorreko Lasarte Aretoan. Saio bi egongo dira; bata, goizeko 11:00etan, eta eguerdiko 13:00etan bestea.
Arratiako Musika Eskolak aurten 16. ipuin musikatua aurkeztuko dau. "Urtean-urtean egiten dogu ekintza hau eta gure ekintzarik potoloenetakoa da. Aretoa bete egiten da eta horregaitik egiten doguz saio bi" azaldu deutso BEGITUri Garazi Olabarrieta Musika Eskolako irakasleak.
Beste batzuen artean, Louis Armstrong-en What a wonderful world, The Turtles-en Happy together, Amelie pelikulearen soinu bandea eta beste pelikula batzuetako piezak lagunduko dabe ipuina kontetan. Ipuinaren helburua instrumentuak aurkeztea da. "Talde bakotxak instrumentu bi irudikatzen dauz" dino Izaskun Arriaga Musika Eskolakoak. "Gitarrea eta bateria talde bat da, saxoa eta klarinetea beste bat, tronpeta eta flautea beste bat, trikitixea eta txalapartea beste bat, biolin eta biolontxeloa beste bat eta piano eta akordeoia bestea" zehaztu dau Olabarrietak.

0
Danerik
2015/3/8
Ana Berrizbetitia teologoaren berbaldia

Arratiako Eleizak antolatuta, Ana Berrizbeitia Bilboko Teologia Institutuko irakasleak "Jesus eta emakumea" izeneko berbaldia egingo dau martiaren 13an, barikua, arrastiko zazpiretan Igorreko Kultur Etxean. Jesusen jarkerak abiapuntu hartuta, andren eskubide eta zereginen gainean egingo dau berba Berrizbeitiak.
Arratiako Eleizak gai honen gainean sakontzeko premina ikusten dau. "Frantzisko aita santuak be andrearen zeregina eta duintasuna sustatzera deitu izan dau. Aspaldi dabilz andra fededun eta teologoak ahalegin horretan. Arantzazuko parrokiko arduradun izan zan Mari Jose Arana horren eredu garbia dogu. Arratiako parrokietan be andren beharra nahi eta nahiezkoa izanik gogoeta honetan sakontzeko aukerea izango dogu" dinoe eleizako iturriak.

0
Danerik
2015/3/3
Laugarren Eizu Change Igorreko Kiņu Gaztetxean

Irati Urien


Eizu Change aurrera doa apurka-apurka, gero eta ezagunago eginaz. Laugarren azokea izango da martikoa, hileko bigarren domekan egiten dana. Dinamikeari jagokenean azoka alternatibo bat da. Bertan edozelangoak dira produktuak: ekologikoak, bigarren eskukoak zein profesionalagoak; beti be konsumo jasangarri baten alde. Momentuz hogeta bat dira postuak. Ibone Madariaga Kiñuko kideak adierazo dauanez sano erantzun ona eukiten dabiz stand-ak. Bilbotik, Zumaiatik... hainbeste jente hurreratu da Gaztetxera bakotxa bere produktuakaz. Zelan ez Igitie taldekoak bi mahai daukiez beti, bertakoa bultzatuteko asmoagaz. Espazioa dagoala eta, Arratiako beste bi personak be badaukie euren lekutxoa. Mahai bakotxa bost euro ordainduten da, beste bost euroko fiantzeagaz. Ordutegia eta abarrekoak errespetau ezkero fiantza hori bueltau egiten da. Apuntetako interesa daukanak eizu.change@gmail.com helbidera baino ez dau idatzi behar eta lekua egon ezkero, barrura. Goizeko hamaiketatik iluntzeko zazpiretara bitartean domeka desbardin bat pasetako aukerea sortuten da Kiñun. "Aurrekoan umeen jokoak egon ziran, gurasoen erantzuna sano ona izan zan eta tabernea be zabalik egoten da. Giro itzela atzenean", dino Madariagak.

Ekintzak
Egutegia be elikatuaz doa Igorreko Gaztetxea. Hainbat dira bertako gazteak prestatu dabezan ekintzak. Besteak beste bi dira hile honetako zitak. Batetik, martiaren 1ean feminismoaren ganeko kafe-tertulia egin zan Arratiako Ernairen eskutik. Martiaren 6an ostera Inedituak eta Txokorrak musika taldeak joko dabe 21:00etatik aurrera.

0
Danerik
2015/3/3
Azken Barik Diman

Irati Urien


Dimako Gaztetxeak Azken Barik eguna antolatu dau martiaren 7an, zapatua. 13:00etan poteoa egingo da herriko tabernetatik zehar eta 15:00etan bazkaria egongo da Gaztetxean. 19:30ean esataridun aparteko pelota partiduagaz gozatu ahal izango da: Mikel Goñi-Ajuria vs Etxebarria-Varela. Kontzertuak egongo dira gaubean Gaztxean 23:00etatik aurrera; Neke Politikoa, AZ/DZ eta dj Bull. "Azken barik ibilteko asmoa ei dau, egunak argitu arte behintzat".

0
Antzerkia
2015/3/2
Konpota eta Erdibana antzezlanak Igorreko Kultur Etxean hileon

Martiaren lehenengo zapatu bietan, antzerkia egongo da Igorreko Kultur Etxeko Lasarte Aretoan. Hilaren 7an, 20:00etan, Philippe Gaulier-en Konpota antzelana antzeztuko dau Eneritz Artetxek. Hurrengo zapatuan, hilak 14, Txalo Produkzioak-en Erdibana lana egongo da ikusgai arrastiko zortziretan.
Antton Lukuk euskeratu eban eta Eneritz Artetxek egokitu, Gaulier-en Konpota antzezlana. Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean, Eneritz Artetxek andra mitiko baten agotik egingo dau berba, andrak historian zehar euki daben papelaren gainean. Errebelau egingo da, ironia, umorea eta amorrua erakutsiz. Martiaren 8aren inguruko programazino barruan dago antzezlan hau.

Barre algarak egiteko komedia
Txalo produkzioak Erdibana taularatuko dau hurrengo zapatuan. Jose Ramon Soroiz eta Iker Galartzak seme biren personajeak antzeztuko dabez. Ama, jada urteetan sartuta, enbolia eta gripeagaz dago, baina ez dauka hilteko gogorik. 45 urteko semea dauka, hondatzen dagoan enpresa baten jaubea, eta bera zaintzen dauan 38 urteko beste bat. Gauerdian kontau ezin daitekezan sekretuak azaleratuko dira. Barre algarak egiteko komedia da Erdibana.

0
Korrika
2015/3/2
Korrika 19, Urepeletik Bilbora... Arratiatik

Badakigu, honezkero, hile honen 19an hasiko dala Korrika Urepelen (Nafarroa Beherea), eta hamaika egun eta gauen buruan amaituko dala Bilbon, martiaren 29an. Martiaren 19an Urepelen hasiko da Korrika 19, beraz. Arrastiko 17:00etan, hasi be.


Hegoaldean jai eguna izango danez, giro ederra eta parte hartze izugarria espero da. Horregaitik, Arratiako AEK-k autobusa antolatuko dau gura dauanak Urepelen egun pasa egin eta Korrikaren hasikeran parte hartzeako. Informazinoa gura dauanak Igorreko euskaltegian (94 631 56 57) izango dau.
Hasi eta hamargarren egunean sartuko da Korrika Arratian, martiaren 28an, hortaz, zapatu arrastian. Bitan sartuko da, gainera; halanda ze, gehiena zapatu arrasti eta gau partean egingo dau baina Bedian eta Lemoan goizaldean sartuko da. Hauxe da Korrika 19ren ibilbidea Arratian:
Martiaren 28an, Ubide (18:26) Zeanuri (19:40), Areatza (20:08), Artea (20:14), Arantzazu (20:43), Igorre (20:57), eta Zeberio (21:52). Zeberiotik Ugaora joango da; Arrigorriaga, Basauri eta Galdakao zeharkatu eta gero, ostera be Arratian sartuko da Usansolotik. Martiaren 29an, goizaldean, Bedia (02:59), eta Lemoa (03:15) zeharkatuko ditu. Hemendik Zornotzara egingo dau Korrikak, eta handik Txorierrira, Bilbon goizean lehenengo orduan sartuta (07:23) eta eguerdian amaitzeko (12:30).
Berrogei kilometro izango dira gitxi gorabehera. Gogoratu edozeinek erosi leikeala kilometroa, bakarrik zein beste inogaz; bardin deutso erakunde, alkarte, familia, edo lagun kuadrilea izan. Modu horretara, jagokon kilometroaren petoa jantzi eta lekukoa eroan ahal izango dau erosleak. Kilometroa erosteko edo beste edozertarako, jo Kubulu Euskaltegira (Lehendakari Agirre 4. Telefonoa, 94 631 56 57) goizeko hamaiketatik ordu batera; eta arrastiko bostetatik zazpiretara.

Zuberoako Maskaradea eta Niko Etxart Korrika Kulturalaren barruan
Korrika hasi aurretik, baina, badago zegaz gozatu Korrika Kulturalaren ingurumarian. Esaterako, martiaren 7an, Areatzan, gaueko 21:00etan, The Quiet Corner tabernan, Seiren taldearen kontzertua egongo da. Eta hurrengo astean, martiaren 13an Diman arrastiko bostetatik aurrera Zaztaparrak taldearen eskutik tailerrak eta jokoak egongo dira frontoi txikian. Martiaren 14an ostera, alde batetik, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik aurrera Diman Zuberoako Maskaradea egongo da Gaztedi taldearen eskutik. Bestetik, egun berean, Area- tzako Gaztetxeak antolatuta, Niko Etxartek emongo dau kontzertua gaueko 23:00etan hasita, Laminetxe Gaztetxean. Kontzertu honetarako sarerra mugatuak atera ditue, eta martiaren 6an zezeilaren 27an saldu ez ziran atzenengo sarerrak ipiniko dira salgai Laminetxe Gaztetxean.
Hilaren 15ean, domekea, jai herrikoia egingo dabe Lemoan, Lemoako Harriketarrak Gazte Asanbladeak antolatuta. Goizean flashmoba eta, ostean, mokadua egingo dabe herriko hainbat eragilegaz batera.
Joxean's hil eben filma emongo dabe Areatzan domeka arrastiz, Euskera Batzordeak antolatuta arrastiko 18:30ean. Ataun of the dead trilogiaren bigarren zatia da film hau. Zonbiai buruzko pelikulen trilogia honetan, zonbi eta banpiroak karlista eta jeltzaleakaz burrukan agertzen dira. 700 euroko aurrekontuagaz egindako B serieko lana da hau.
Animau zaiteze eta Korrika Kulturalean parte hartu!
Informazino gehiago:
http://www.korrika.eus
www.facebook.com/aek.euskalakari
twitter.com/EuskalakariAEK
eta Arratian:
www.facebook.com/korrikaarratian.euskalakari.

0
Danerik
2015/2/26
Lemoako IV. Narrazino Lehiaketea zabalik

Lemoako IV. Narrazino Lehiaketan parte hartzeako lanak bialdu daitekez aprilaren 23ra arte. Bertan 18 urtetik gorakoak hartu leikie parte. Gaia librea da.
Partaide bakotxak narrazino bakarra aurkeztu ahal izango dau eta gehieneko luzeerea sei foliokoa izango da. Lanak Lemoako udaletxean aurkeztu behar dira edo helbide honetara bialdu kultura@lemoa.net.
Idazlanak izenburua edo izengoitia bakarrik euki behar dabe, egilea idenfikau leiken ezelango zeheztasun barik, datuok kartazal zarratu baten ipinita.

Sariak
Lau sari egongo dira. Lehenengo saria 250 eurokoa da; bigarrena, 150 eurokoa; hirugarrena, 100 eurokoa eta Lemoako bertako lehenengo saria beste 100 eurokoa. Saridun guztiak diplomea jasoko dabe eta sari banaketea maiatzeko Aste Kulturalaren barruan izango da.

0
Danerik
2015/2/26
Zugan Ni jaialdiaren V. kartel Lehiaketea martxan dago

Nerabeak antzerki mundura hurreratzeko, Markeliñe Konpainiak Zugan Ni proiektua sortu eban. Ikasturte amaierako jaialdian, ikasturtean zehar 13 eta 18 urte bitarteko gaztetxoak sortu eta ensaiatutako antzezlanak taularatzen ditue. Jaialdi hau iragarteko eta gazteen artean sormena gehiago bultzatzeko, jaialdiaren kartela egiteko lehiaketea antolatu dabe Markeliñekoak, aurten bosgarrenez.
Lehiaketa honetan 12 eta 18 urte bitarteko gazteak parte hartu leikie. Kartelak markeline@markeline.com edo zuganni@markeline.com helbidera bialdu behar dira aprilaren 1a baino lehen. Oinarriak eta informazino gehiago www.markeline.com helbidean. Irabazleak tablet bat izango dau saritzat.

0
Danerik
2015/2/22
Sun Magoa Lasarte Aretoan

Sun Magoak aXistera magikoa magia ikuskizuna eskeiniko dau zezeilaren 28an arrastiko 17:30ean, Igorreko Kultur Etxean. Ikuskizun honetan, mago klasikoen modura jantzita, Sun Magoak ilusionismoan zeharreko ibilbide magikoa egingo dau: magia komikoa, manipulazinoa, magia orokorra eta abar. Funtzinoa hiru urtetik gorakoentzat da. Umeak modu aktiboan hartzean dabe parte eta batzuk magoak izango dira une batez. Sun Magoak 2011ko Magia Sari Nazionala irabazi eban.

0
Danerik
2015/2/19
AKKB, 2014ko balantze ona

Irati Urien


Areatzako Kultur Kirol Batzordea topera dabil. Urtailaren 30ean egin eben memoriaren aurkezpena eta zapore benetan gozoagaz gelditu ziran taldekoak 2014 urteari errepasoa emon ostean. 250 bazkide eta 36 babesle dira igazko datuak, eta honeek danak diru sarrera garrantzitsuenak izatea suposatu dabe. Hirurogei ekintzatik gora antolatu ditu AKKB-k, asteko bat baino gehiago, eta ekintzotan, euskerearen erabilerea % 80 baino gehiagokoa izan da. Batzordekoen esanetan, gero eta gehiago dira eurengan konfiantzea ipinten dabenak, Areatzan kirol eta kultur ekintzak antolatuteko erreferente txiki bat bihurtu dirala dinoe. Pozik dagoz antolatuten dabezan ekintzak jarraipena izatea zalako euren helburuetako bat eta bete egin dabelako. Noizbehinkako ekintzak baino, jenteak kultur eta kirol ekintzak "konsumiduteko" ohiturea hartutea be gure dabe eta lortuten dabiz. Idoia Ruiz AKKB-ko kideak adierazo dauanez, "Kontutan hartu, urtebetean 60 ekintzatik gora antolatu doguzala eta hori 1000 biztanle inguruko herri baten; ez da ez erreza, ez ohikoa. Nahiz eta guk normaltzat hartu, jenteak bere herrian kirol eta kultur ekintzak egiteko aportazino edo ekarpen ekonomikoak egitea be ez da ohikoa eta guri, AKKB-tik eskertutea baino ez jaku geratzen, gure babesle eta bazkideen esfortzu, konpromiso eta interesa".

Lau zita, Bazkide Eguna tartean
Zezeilaren 21erako Korrika Kulturalaren barruan San Migel Txikira mendi urtekerea egingo da. 10:00etan Arteako plazan da zitea. Hurrengo egunean beste urtekera bat Gainzorrotz eta Urtemondora Artaunetik, honetarako eleiz aurrean 08:00retan egon behar da. 28an AKKB bazkide eguna ospatuko dabe, egun handia eurentzat. Batzordeakoen esanetan, "bazkide eta babesle guztiak konbidatutea gustauko jakun, oso egun ederra izango da eta gainera AKKB lagun sariak bananduko doguz". 13:00etan poteoan hasi eta 15:00etan bazkaria egongo da hotelean: babak, sakramentuak eta arrozesnea. Bazkal ostean jantzaldia hotelean bertan. 19:30ean nesken pala partiduak eta andrazko eta gizonezkoen frontenis finalak. Laminetxe Gaztetxeagaz batera kontzertuak antolatu dabez gaztetxean 23:00etan The JA & The Melody Breaker eta The Pushermen (bokatak egongo dira). Bazkarirako izena emoteko zezeilaren 19 eta 24an udaletxeko 3. solairuan, 19:00etatik 20:00etara egongo da aukerea. Euskalduna Jauregira urtekerea egingo da martiaren 1ean, Bilboko Banda eta Serafin Zubiri "Nino Bravo oroituz" kontzertua ikusteko. Martiaren 7an Valdezcaray- ra eski urtekerea eta San Lorenzo mendi urtekerea egingo dira.
Ondino data barik baina makina bat ekintza dira aurreragoan AKKB-k eskeiniko dituanak: Anjel Larrearen "Arratiako ondarea ezagutuz" trilojiaren 2. eta 3. atalak, UPO-RAID, II. Folk Jardunaldiak, III. Erdu eta Musikatu, Esku Pelota Txapelketea, II. Mendi Astea, III. Herri Kirol Desafioa, Euskaldunara BOS ikustera eta abar.

0
Danerik
2015/2/17
Kolorez bete ziran Arratiako kaleak

Martitzenera arte, hilak 17, Inauteriak ospatuten jarraituko dabe arratiarrak, Bedian eta Areatzan batez be. Dana dala, orain artekoan, eguen loditik hasi eta domekara arte, sano ondo pasau dabe arratiarrak eta euriagaitik ez da jentea etxean geratu. Asko eta asko mozorroak jantzita ibili dira kantuan, jantzan edo antolatutako ekintzetan parte hartzean.
Giro horren testigantzea irakurleak bialdutako argazkiak doguz. Hona, Igorreko Mozorro Lehiaketan nagusien kategorian irabazle izan zan taldearen argazkia. Beste irakurleakaz argazkiok konpartidu gura ezkero, begitu@topagunea.com helbidera bialdu eta gure webgunean aterako doguz.

0
Zinea
2015/2/16
Zinegoak Igorren hilaren 20an

Hegoak, gay, lesbiana, transexualen eta bisexualen alkarteak antolatuten dauan Zinegoak nazinoarteko zine eta arte eszenikoen jaialdiak 12 urte bete ditu aurten. Harrezkeroztik asko hazi da. Aurten, mundu zabaleko 28 herrialdetatik ekarritako pelikulak ikusteko aukerea egon da Bilbon.
Baina filmok Bilbon bakarrik ez, Hedapenak Saila dalakoan, eta ikusle gehiengana hurreratzeko helburuagaz, Bizkaiko 10 herritan eta Gipuzkoako beste lautan be ikusi daitekez. Igorre da herri horreetako bat. Hemen, zortzi film labur ikusteko aukerea egongo da, hilaren 20an, zortziretan. Honeek dira filmok: Pepper (Gay tematikea), Prinsesa (ume eta gazteentzako), Whtat’s your sign? (L, tematika lesbikoa), Tomorrow (Ume eta gazteentzako), 1 mes y 2 días (L), Pelucas (L), Trunk (G) eta Lucky Fares (G).

0
Danerik
2015/2/16
Gazteen errealidadea erakusten dauan dokumentala Karabie Gaztetxean

Zezeilaren 20an, barikua, arrastiko 19:15ean Lemoako Udaleko Euskara Zerbitzuak Karabie Gaztetxeagaz lankidetzan Kalesareak proiekzinoa emongo dau. Kalesareak Bizkaiko gazteen egunerokotasuneko errealidadea eta bizimodua erakusten dauan road movie dokumentala da.
Dokumentalean, gazteak zelangoak diran plazaratzeko asmoagaz kalera abiatzen dira. Sare bidez alkartu, komunidadea sortu eta errealidade, desio, proposamen, ikuspuntu, erreflexino... ugariak partekatu eta transmitiduteko ekimenak garatzen ditue. Ondoren solasaldia egongo da eta hurreratzen diran gazteak zelan ikusten daben euren errealidadea eta zer aldatuko leukien azaltzeko aukerea izango dabe.
Dokumentala K Proiektuaren sintesia da.

0
Korrika
2015/2/15
Laguntzaile kanpainea, kulturala, kilometroak... badatorrela Korrika 19!

Igartzen da hilabete bat falta dala bakarrik Korrikaren edizino barria Urepelen hasteko. Izan be, hasikera egunera hurreratu ahala, gero eta gehiago dira Korrikaren bueltan aurkezten eta antolatzen diran gauzak. Korrika martiaren 19an Urepelen hasi arteko egunak bete-beterik jatorkuz. Baita, zer esanik ez, Arratian be.
Halanda, ze, gitxienez kantu-poteo bat, mendi urtekera bat eta Goseren kontzertu bategaz gozatu ahal izango dogu, hurrengoz hurrengo, zezeilean gure eskualdean.
Holan, kantu-poteoa hilaren 20an izango da Igorren, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Baina kontuz, dana ez da jaia eta! Hurrengo egunean, hilak 21, mendi urtekerea egingo da, bezperako parrandearen ostea kentzeako zein, beste barik, mendiaz gozatzeko. Goizeko 10:00etan Arteako plazatik eta goizeko 09:30ean Dimako plazatik, bi adarretan abiatuta, San Migel Txiki tontorrera arte eroango dogu KORRIKA. Menditik bueltan, mokadutxoa jateko aukerea izango da Igorren.
Baina, duda barik, Korrika Kulturalaren egitarauan aparteko lekua dauka Gosariak lanak. Hasi be, kontzertu honegaz hasi zan Korrika Kulturala Bilboko Guggenheimenen urtailaren 22an. Ba, Igorren be gozatu ahal izango dogu ekitaldiagaz zezeilaren 27an; 20:00etan hasita, Lasarte Aretoan.
Sarrionaindiak sortutako testuak bilakatu dabez kantu Gosek eta irudi Iñigo Arregik eta Juan Luis Goikoleak. Nortasun, elementu eta espazio ugari eta desbardinak bat egiten dabe 5 zentzumenak elikatzen dituan obran. Ikusgarria eta entzungarria, bene-benetan.

Arratian 40 kilometro
Berrogei bat kilometro egingo ditu Korrikak Arratian, amaitu aurreko zapatu iluntzean gehienak
Honezkero, erosi leike kilometroa, bakarrik edo beste inogaz, Korrikan Arratian lekukoa eroan gura dauan erakunde, alkarte edo norbanakoak.
Era berean, Korrikaren erropea erosteko edo Korrika laguntzaile egiteko aukerea be badago.
Baterako zein besterako, kilometroa erosteko, Korrika laguntzaile egiteko, erropea erosteko... Kubulu euskaltegira deitzea eta joatea da onena (Agirre Lehendakaria 4. Telefonoa: 94 631 56 57), astelehenetik eguenera goizeko hamaiketatik ordu batera; eta arrastiko bostetatik zazpiretara.
Korrikaren barri jakiteko sareko helbideak:
http://www.korrika.eus
www.facebook.com/aek.euskalakari
twitter.com/EuskalakariAEK
eta Arratian:
www.facebook.com/korrikaarratian.euskalakari.

0
Danerik
2015/2/10
San Balendin Eleizondon: Piedadeko artea zenbat hazi dan neurtuteko eguna

Urtero lez, aurten be San Balendin jaiak ospatuko dira Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen inguruan, zezeilaren 14an, zapatuan, San Balendin egun berean.
Egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondoztarrak: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen akta sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, Diniosia Zuluagari jagoko, baina bere semeak ordezkatuko dau, datorren urtekoari agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasatuko deutsaz. Ostean, barauskarria, urdaia, pamitxea eta ardaoa, bananduko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien eta bertsolarien kantuen artean egingo dira.
Egitarau honetan aitagarria da orain dala 56 urte eleizondoztarrak hasi eben eta orain dala zazpi urte, aldi batean bertan behera itxita egon ondoren, berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.

Artearen neurketea
Pedro Lejarzaren, elizondoztarra eta antolatzaileetariko bat, arabera, "Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoak. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan, gonbit egunean, batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz... artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren koadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak aurkitu doguz; lehenengo neurketea 1959koa da, eta zera irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18.
Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta atzen neurketea, Kandido Intxaurragak egin eban 1999an; papertxo baten zera idatzi eban: "Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50".
Aurrekoak hasitako ohiturea ez dabe galtzean itxi gura eleizondoztarrak, eta maiordomoak dinoanez, "2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz gainera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. Orain dala bost urte, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honeri, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Gainera, zugatzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta aurduratu zan eta bera izango da aurten be zeregin hori beteko dauana". Zenbat hazi ete da igaztik Piedadeko artea?

0
Irakurle Kluba
2015/2/8
Itxaro Borda Bediako Irakurle Klubean

Zezeilaren 12an, eguenez, egongo da Itxaro Borda Bediako Irakurle Klubean arrastiko 19:00etan. Irakurleakaz komentauko dau bere atzen poema liburua Zure hatzaren ez galtzeko (Elkar, 2014).
Bere atzen liburu honen poema batzuen irakurrialdia egin eban idazleak Durangoko Azokan, txalo zaparrada handia jasoz. Izan be, bizi-indar handiko poema ezinederragoak osotuten dabe poemario hau.

Itxaro Borda
Itxaro Bordak (Baiona, 1959) ibilbide luzea egin dau literaturan. 1984an argitaratu eban bere lehenengo poema liburua Bizitza nola badoan eta harrezkeroztik jarraitu dau poema liburuak argitaratuten. Eleberriak be idatzi dauz Itxaro Bordak. Ezin dira aitatu barik itxi, Amaia Ezpeldoi detektibea protagonista daukienak.
2002an Euskadi Saria irabazi eban, % 100 basque nobeleagaitik eta 2010ean Galiziako PEN Clubak Rosalía de Castro poesia saria emon eutsan.

0
Antzerkia
2015/2/3
Belaunaldien arteko loturearen gaineko hausnarketea egiten dau Arrastoak-ek

Dejabu Konpainiak Arrastoak antzezlana taularatuko dau hilaren 7an, Igorreko Kultur Etxean, arrastiko zortziretan. Antzezlan honen testua, antzezle taldeak berak eta Oier Gillanek sortu dabe.
Antzezlanak belaunaldien arteko lotura ikustezinai buruzko gogoetea egin gura dau, generazinoz generazinoko herentziaz eta askatu bako moronpilez berba egin. Planteamentu estetiko sakona eta errealidadea eta fantasiaren munduak nahasten ditu. Kontaera narratiboa dauka antzezlan honek eta personajeen eta objektuen trataera poetikoari garrantzia handia emoten jako.
Arrastoak sortu eta antzeztuko daben antzezleak, Miren Alkala, Urko Redondo, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga dira.

0
Zinea
2015/2/2
Barre egiteko zikloa Igorreko Zine Klubean

Igorreko Zine Klubak, lurralde, zuzendari edo gai bateri eskeintzen deutsaz zikloak eta 2015eko lehenengoa umorezko pelikulai eskeini gura izan deutso. "Barrez lehertzen, kar, kar kar" titulupean hiru pelikula proiektauko dabez zezeil honetan, arrastiko zortziretan Lasarte Aretoan. Lehenengoa, hilaren 5ean Miranda July estadubatuarraren Me and you and everyone we know izango da; hilaren 12an, Erresuma Batuko Ben Wheatley-ren Sigthtseers ikusteko aukerea egongo da eta 19an, Paco Leon espainiarraren Carmina y amen.
Me and you and everyone we know komediako zuzendari, gidoigile eta protagonistea Miranda July da. Julyk egiten dauan personajeak, Christine Jespersonek persona nagusientzako egiten dau behar taxiak gidatzen, baina bere benetako pasinoa bideo artistikoak egitea da. Christinek Richard Swersey, seme biren aita banandu barria ezetuko dau eta hartu-emon erromantiko bat sortuko da bien artean. Hortik aurrera, gauzak konplikau egingo dira.
Hurrengo eguenean, maitasunagazko mesfidantzea, miseria eta moral faltea erakusten dauan film bategaz egingo dabe barre Sigthtseers ikusten joaten diranak. 2012ko pelikula honetan Ben Wheatleyk ezagutu barri dan bikote baten biajea kontetan deusku. Chrisek (Steve Oram) karabanea hartu eta britaniar irlak bisitetako proposamena egiten deutso Tina (Alice Lowe) andregaiari. Baina bere psikopatia eta tendentzia makabroak azaleratzen doazen heinean, hasikeran opor lasaiak ziranak, laster kontu ilunagoa bihurtuko dira.

Paco León-en filma
Zikloa barrez lehertzen amaituteko, Paco León zuzendari ezagunaren 2014ko Carmina y amen ikusteko aukerea egongo da Igorren. Carmina o revienta pelikulearen arrakastearen ostean, Paco Leónek "Carmina esperimentuan" sakontzeko egin eban film hau. Istorioa, Carminaren senarraren ezusteko heriotzearen ondoren hasten da. Orduan, kobretako eukan aparteko ordainsaria eskuratzeko asmoagaz, Carminak eta bere alaba Mariak, inori ezer ez esatea ebazten dabe egun bi pasau arte. Egun bi horreetan, gorpua eta dolua ezkutatuko dabez.

0
Kontzertuak
2015/1/28
Su Ta Gar eta Tutan Come On Kiņun

Urtailaren 31n, Igorreko Kiñu Gaztetxean Su Ta Gar eta Tutan Come On taldeen kontzertuak egongo dira. Jaialdia, gaueko 21:30ean hasiko da. Zortzi euro balio dau sarrereak eta aurresalmenta puntuak Igorreko Axular Herriko Tabernea, Kukuma tabernea, Gau Lora eta Txaparro jatetxea dira.
Ez dau aurkezpenik behar Su Ta Gar talde eibartarrak. Izan be, 1987an sortu zan eta harrezkeroztik heavy metala euskeraz landu dabe, eta honetan aurrendariak izan ziran. Hamasei disko ditue kalean, atzena, Bizirik gaude izenekoa, 2013an argitaratu eben. Nazinoarteko mailan errekonozimentua daukie eta mundu zabalean zehar jo dabez euren kontzertuak.
Tutan Come On, gasteiztarrak, barriz, punk rock musikea egiten dabe eta talde barria da, 2013ko maiatzean sortu zan eta. Gitarrea eta abotsa ipinten dau Condek eta bateria eta abotsa Salterainek.

0
Antzerkia
2015/1/28
Neil Simon-en antzezlana Lasarte Aretoan

Neil Simon estadu batuarrak 1965ean idatzitako La extraña pareja  antzezlanaren euren interpretazinoa dakarre Txintxaun Kolektibokoak Igorrera, hilaren 31n, 20:00etan. Rosa Martinez-Alcocerren zuzendaritzapean, Aitor Arestik eta Aitor Berriok antzezten dabez zineman Jack Lemmon-ek eta Walter Matthauk ezagun egin ebezan personajeak.
La extraña pareja, bizitzaren gorabeherak alkarregaz bizitera bideratuten dituan aspaldiko lagun biren istorioa da. Komedia honetan, bikote hartu-emon gatazkatsuak eta bakardadea, gai unibersalak landuten dira. Gainerako aktoreak Aroa Blanco, Iban Mestraitua, Aitor Pareja, Jose Manuel Perez, Raul Perez eta Lourdes Sanchez dira.

0
Erakusketea
2015/1/28
Arratiako tranbiaren irudiak eta maketak ikusgai Igorren

2014ko zemendian Arratiako tranbia desagertu zanetik 50 urte bete ziran. Hori dala eta, Bilbotik Durango eta Arratiarako tranbia elektrikoa. 50 urte Arratiako Tranbia barik izeneko erakusketea izango da urtean zehar Arratiako hainbat herritan. Zeanuritik abiatuko da erakusketa hori eta geralekuak, Igorren, Lemoan, Galdakaon eta Areatzan izango ditu. Artean akaso be bai, baina hau zehaztuteko dago ondino.


Zeanurin, urtailaren 30etik zezeilaren 10era, Manterolatarren Erakusketa Aretoan egon da Arratiako tranbiaren erakusketea. Jon Urutxurtu erakusketearen komisarioak, eta Juanjo Olaizolak, Burdinbidearen Museoko Zuzendaria eta Arratiako tranbiari buruzko liburuaren egileak egin eben aurkezpena Erakusketa Aretoaren parean dagoan Zeanuriko Kultur Etxean, arrastiko 19:30ean. Ondoren Olaizolak Arratiako tranbiaren historia eta garrantziaren gaineko berbaldia egin eban.
Zeanuritik Igorrera pasauko da erakusketea eta hango Kultur Etxean egongo da zezeilaren 13tik 27ra. Inaugurazino ekitaldia 19:00etan izango da eta Juanjo Olaizolak Igorren be emongo dau Zeanurin egindako berbaldi bera. Lemoan, Galdakaon eta Areatzan be egongo da geroago erakusketea eta urritik abendura Bilboko Foru Liburutegian.

Tranbiaren maketak eta 200 argazki inguru
Erakusketearen ardatza 21 panelek osotuten dabe eta panel horreetan gai honeek azalduten dira: Tranbiaren hastapenak munduan eta Euskal Herrian; Arratiako tranbiaren jatorria; Tranbiaren ibilbidea herriz herri: Bilbotik Durangora eta Bilbotik Zeanurira; Lemoa: tranbiaren bihotza; Tranbiabidea eta material mobikorra; Tranbiaren tailerrak eta kotxetegiak; Merkantzien garraioa; Bidaiarien garraioa; Tranbiaren hilzoria; Tranbiaren agurra; Tranbiaren azken aztarna: Garbe auzoan (Igorre); eta Kronologia.
Panelotan argazkiak daukie protagonismo berezia, 200 inguru dagoz, baina baita be hemeroteka dokumentuak, grafikoak, bileteak edo txartelak eta abar.
Tranbien maketak eta zinema irudiak be egongo dira ikusgai: Felipe Manterolak hartutako irudi batzuk, Julian Elejostek egindako beste batzuk eta Nodoaren irudiak. Txomin Artetxe tranbiako kobratzaileari orain dala 10 urte egindako alkarrizketea be entzun ahal izango da.

Arratiako ikurra
Tranbiak bere atzen biajea egin ebanetik 50 urte pasau diranean, zelanbaist Arratiako ikur bat izaten jarraituten dau eta erakusketa hau antolatuteko jente askoren parte hartzea eta laguntzea izan da: batzuek argazkiak itxi dabez, beste batzuek informazinoa emon, beste batzuek diruz lagundu...
Dana dala, idea Jon Urutxurturena izan zan. "Orain dala 10 urte beste erakusketa apalago bat egin genduan Lauaxeta Ikastolan ikasleakaz batera, eta ordutik hona materialak batzean joan naz. Zertu Kultur Elkartekoai komentau neutsen desagerpenaren 50. urtea betetzen danean zeozer egin ahal dan, Arratiako tranbia ezetu eben arratiarrentzat benetako ikur bat izan zalako. Eta hortik sortu zan erakusketa hau egiteko idea" azaldu deutso BEGITUri Jon Urutxurtu erakusketako komisarioak.
Zertu Kultur Elkarteak antolatzen dau erakusketea, eta erakusketa hau gauzatu daiten beste batzuen laguntzea be jaso dau: Foru Aldundia eta erakusketea egingo dan Arratiako Udal eta enpresa batzuena (Ilunbe, Gorosti, Elorrin, Atutxa Aseguroak...), hain zuzen be.

Tranbien loraldi modernoa
Urutxurturen arabera, "erakusketa honek gogoeta egitera lagunduten deusku. Aurkezpeneko diptikoan esaten dan moduan, orain dala berrogeta hamar urte entzun baziran Bilbon, tranbiaren abiapuntu eta helmuga, tranbiaren atzen kirrinkak, gaur egun Bilboko kaleak tranbia moderno eta ikusgarriak zeharkatzen dabez. Orain dala ez urte asko, toki askotan tranbiak kendu egin ziran automobilentzako enbarazu egiten ebelako eta gaur egun barriro tranbiak ipinten dabiz. Hurren daukaguzan adibide bi Bilbo eta Gasteiz dira".


 

0
Erakusketea
2015/1/23
Zarauzko argazkiak Igorren

Urtailaren 29ra arte Igorreko Kultur Etxeko Erakusketa Aretoan, Ramon Serrasek Zarauzko hondartzan zehar egindako paseo bat ekarten dau gogora erakusten dituan argazkiakaz.
Ramon Serras (Zarautz, 1943) Zarauzko Fotografia Elkarteko fundatzailea eta Zarauzko Zine eta Fotografia Museoko, Photomuseum-aren fundatzaile eta zuzendaria izan da. Italia, Austria edo Estadu Batuetan egin ditu erakusketak eta nazinoarteko sariak be jaso ditu: Ingalaterrako Birkeneak saria, Belgikako Europicamera saria, Poloniako Cracoviako Venus saria eta Camera Luxembourg saria, beste batzuen artean.

0
Bertsolaritzea
2015/1/16
Zeanuriko bertso saioa hilaren 18an izango da

2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean izandako bertsolari bi, Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita, beste lau bertsolari handigaz batera egongo dira hilaren 18an Zeanuriko frontoian. Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Sustrai Colina izango dira beste lau bertsolariak. Egaña, Elortza eta Iturriaga egon ziran igaz be Zeanuriko frontoian. Gai jartzaile beharretan Jabi Olibares "Orue" ibiliko da. Hitzordua arrastiko seiretan da.
Arratiako Bertso Eskolak Zeanuriko Udalaren laguntzeagaz antolatuten dau bertso saio hau urtean urtean eta puntako bertsolariak etorten dira Zeanurira. Publikoak be ez dau kale egingo. Izan be, Arkaitz Estiballesek begituri esan eutsan moduan "Arratian bertsozaletasuna egon badago, eta Zeanurin bereziki handia".

0
Kontzertuak
2015/1/11
Musika keltikoa The Quiet Corner-ean

Hilaren 16an, iluntzeko 21:30ean, Areatzako The Quiet Corner tabernan Kate Gass Project taldearen lehenengo kontzertua izango da. Kate Gassek eta Edu Anderezek osotutako bikotea igazko urrietan sortu zan eta Areatzan emongo dau bere lehenengo kontzertua.
Musika keltikoa, tradizionala eta modernoa joten dau bikoteak. Kate Gassek kantuan egiten dau eta bibolina, whistles-ak, konzertinea eta klarinetea joten dauz eta Edu Anderezek gitarrea.

0
Kontzertuak
2015/1/6
Anje Duhalderen kontzertua urtailaren 9an Igorren

Anje Duhalde, urtailaren 9an egongo da arrastiko 20:00etan Lasarte Aretoan, sano kantu ezagunak joten. Arteako jaietan be egon zan Lapurdiko kantaria 2012an, eta arratiarrak orduan be zuzenean entzuteko aukerea euki eben.
Anje Duhalde (Lapurdi, 1950) Errobi talde mitikoa sortu eban 1970eko hamarkadan eta harrezkeroztik gaur arte, hor ibili da oholtza gainean, gitarrea hartuta, euskeraz kantetan. Errobi taldea desegin zanean, bakarlari moduan jarraitu eban eta beste talde batzuekaz kolaborazinoak be egin ebazan. Akelarre taldeagaz lau urtez ibili zan berbenetan joten eta Akelarreren disko bitan hartu eban parte. Bakarka beste disko bi atera eta 1991ean Xabier Amuriza bertsolariagaz egindako diskoa be atera eban. Ondoren, Bakezaleak (1992) argitaratu eban, oso kritika onak jasoz, eta 1993an Zuzenean disko bikotxa. Han, bere kantuen bilduma egiten da. Harrezkero Azkarate, Pinpirin eta Florian eta George Brassens kantari diskoak plazaratu ditu.

0
Danerik
2015/1/5
Kantu bat sortu eta bideoklipa egingo dabe zeberioztarrak

Ekintza hau ludotekako arduradunen ekimenez sortu zan, baina ez dago umeai bakarrik zuzenduta, nagusiak be hartuko dabe parte. Kantuaren letrea Kepa Perez Urrazak idatzi dau eta musikea proiektuan parte hartzean dabenen artean egiten dabiz. Honegaz lotuta hip-hop tailer bat antolatu eben abenduaren 30ean eta bertan grabauko daben kantuaren zatitxo bat prestatu eben. Hilaren 22an eta 29an entsegu orokorrak izango dira eta hilaren 31n, Arantzazuko estudioan grabaketea egitea aurreikusten dabe.
Kepa Perez Urrazaren hitzetik abiatuta, umeak emongo deutsee zentzua kantu eta berbai, eurek osotuko dabe kantua eta. Umeak kantua ikasi dagien eta grabaketea zelan izango dan jakiteko tailerrak antolatu dira, hip-hop tailerra tartean. Hau egitea 9 urtetik gorakoentzat derrigorrezkoa da kantuaren grabaketan parte hartzeako. Abenduaren 30ean izan zan hip-hop tailerra baina berau egiteko beste aukera bat ipinteko asmoa adierazo dabe antolatzaileak.

Entseguak
Parte hartzeako baldintza desbardinak bete behar dabez 4 eta 9 urte bitarteko umeak, zein 9 urtetik gorakoak. 4 eta 9 urte bitartekoak entsegu arrunt baten eta orokor baten hartu behar dabe parte; 9 urtetik gorakoak, barriz, horrezaz gainera, hip-hop tailerra egin behar dabe.
Kantuaren entseguak, 4 eta 9 urte bitartekoentzat, hilaren 5ean 11:30ean eta hilaren 12an 17:30ean izango dira ludotekan. Entsegu orokorrak, barriz, hilaren 22an eta 29an arrastiko 17:30ean.

0
Antzerkia
2015/1/2
Ipuin tradizionalen bersino modernoa

Glu-glu produkzinoak-ek, Hiru txerritxoak eta otsoa umeentzako antzerkia antzeztuko dau hilaren 4an, arrastiko seiretan, Igorreko Lasarte Aretoan. "Hiru txarritxoak" ipuin klasikoari gaur egungo edukiak gehitu deutsiez Glu-glu taldekoak. Holan, komedia, jolasa, musikea eta jantzearen bitartez, herrietan bizimodu jasangarria eta dibertigarria bizi daitekela erakusten dabe txarrikumeak. Ikuskizuna, 3 eta 9 urte bitarteko umeentzat da.
Antzezlan honetan, hiru txarritxoak urira biziten joatea ebatzi dabe. Hango giroa gatxa eta arrotza egiten jakie hasikeran: zaratea, kutsadurea, argiak, semaforoak... Eta zailtasunai neurria hartu deutseela uste dabenean, arriskurik handiena ezetuten dabe: otso maltzurra. Otsoa, edozertarako prest dago hiru txarritxoak jateko. Putz eginez txarritxo biren etxea botatzea lortuko dau, lastozkoa eta egurrezkoa. Harrizko etxean, barriz, hiru txarritxoen alkartasun, buruargitasun eta ausardiagaz egingo dau topo.

0
Danerik
2014/12/30
Lasarte Aretoko lagun izatea merkeago hilaren 9ra arte

Igorreko Lasarte Aretoko lagun txartela merkeago izaten da Gabonetako sasoian. Urtailaren 9ra arte, 25 euro balioko dau txartela egin edo barriztatzeak, ohi baino 5 euro gitxiago. Kultur Etxeko harreran egin edota barriztuten dabez txartelok.
Lasarte Aretoko lagunak % 25eko deskontua dauka ikuskizun guztietan, urtean ikuskizun bat debalde, lau pelikula ikusteko sarrerak be debalde eta % 15eko deskontua Udalak antolatutako ikastaroetan.
Gainera, Lasarte Aretoko lagunak Euskal Antzoki Sareako antzoki guztietan deskontuak ditue txartel honegaz.

0
Bertsolaritzea
2014/12/16
Arkaitz Estiballes Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Miribillako finalera

Zeanuriko Arkaitz Estiballesek irabazi eban hilaren 7an Amorebieta-Etxanoko frontoian jokatutako atzen finalaurrekoa eta abenduaren 20an Bilboko Bilbao Arenan jokatuko dan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean izango da Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue, Jone Uria, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Fredi Paia eta Xabat Galletebeitiagaz batera.
Amorebieta-Etxanoko frontoian 700 lagun inguru alkartu ziran atzen finalaurreko hau ikusteko eta finalistak zeintzuk izango ziran jakiteko. Eta saio honetan kantetan ibili ziran hiru bertsolari izango dira finalean. Izan be, Arkaitz Estiballes irabazleaz gainera, bertsolari bi sailkatu ziran finalerako puntuazinoa dala eta, Jone Uria eta Oihana Bartra, hain zuzen be.
Gai emoile beharretan, Maite Berriozabal ibili zan eta epaimahaia, Ander Txakartegik, Iñaki Aurrekoetxeak, Jon Jaiok, Joseba Santxok, Jurgi Fuentesek eta Mirari Azulak osotu eben, eta idazkari beharretan Itziar Basterretxea ibili zan.
Finala, hilaren 20an, 17:30ean jokatuko da Bilbon, Bilbao Arenan (Miribilla) eta sarrerak erosteko, hurrengo bideak dagoz: www.bertsosarrerak.eu orria, Txappelketa aplikazinoa eta finalaren egunean, eguerditik aurrera, Bilbao Arenako txarteldegian.

0
Danerik
2014/12/10
Azokea Kiņun bigarren domeketan

Kiñu Gaztetxean Eizu Change dinamikea hasiko dabe. Azoka hau "bertako edo inguruetako gazte alternatiboetatik hasita persona heldu edo nagusienetara arte, hau da, herritar guztiai zuzenduta dago" dinoe antolatzaileak. Bakotxak bere kamaran ahaztuta daukazan objektuak eta norbanakoak sortutako eskulan, diseinuzko produktu edo marka propioak erakutsi, saldu edo alkarbanatu leitekez. Lehen azoka eguna abenduaren 14an izango da eta postua ipinteko interesa euki ezkero, eizu.change@gmail.com helbidera idatzi edo Kiñu Gaztetxeko barran galdetu behar da barikuetan 18:00etatik aurrera.

0
Danerik
2014/12/9
Jainko txiki eta jostalari hura Lasarte Aretoan

Kirmen Uribek, Mikel Urdangarinek, Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek eta Mikel Valverdek, New York-eko Poisson Rouge aretoan estreinau eben ikuskizuna ekarriko dabe Lasarte Aretora abenduaren 12an, arrastiko zortziretan. Emonaldian, abestiak, musikearen laguntzea daukien poema irakurrialdiak eta proiekzinoak tartekatzen dira.
Zaharregia, txikiegia agian izeneko haretatik hamar urte pasau diranean, alkartu dira barriro Kirmen Uribe idazlea, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariak eta Mikel Valverde artista plastikoa, Jainko txiki eta jostalari hura deritxan lanerako. Arte mota honeek konbinauz, ikuskizun indartsu, eder eta liluragarria sortu dabela dinoe kritikoak.

CDa eta dokumentala
Zuzeneko emonaldiaz gainera, CDa eta dokumentala egin dabe egileak. Dokumentalak ordubete irauten dau eta New York-en egindako bira dauka oinarri.


0
Musikea
2014/12/9
Heavy metala Zeberion

Heavy metal jaialdi bat antolatu dabe Zeberion, hilaren 12rako. Bertan, talde bik hartuko dabe parte: Zein da zein? eta Fear Crowd taldeak. Horrezaz gainera musika eta bideo heavy ugari egongo dira. Jaialdia 21:00etan hasiko da eta  udaletxe aurrean izango da, Zubialden.
Roberto Callejak antolatu dau Zeberiometal, aurten bigarrenez. Zein da zein? eskarmentu handiko taldea egongo da bertan. Diskoa be badauka talde honek eta estiloaren aldetik metal eta rap doinuak bikain nahasten dituela dino antolatzaileak. Zuzenean, gogorrak bezain beroak dira eta igaz be jo eben jaialdi honetan. Joko dauan beste taldea Fear Crowd talde bilbotarra da, momentu honetako talderik garrantsitzuenetakoa heavy klasiko estiloan eta zuzeneko bikaina daukie, Leire Garcia abeslariaren gidaritzapean.
Jaialdiaren helburua ondo paseteaz gainera, musika estilo hau zabaldutea eta "musika taldeai lehiotxo bat zabaltzea" da. Igaz ehun lagun inguru bildu ziran Zein da zein? eta Solte taldeak entzuteko. "Urtean behin egiten da eta udagoiena aukeratu neban ikusten nebalako Gabonak heldu baino lehenago jentea urteteko gogoz ebilela eta jaialdi batez gozatuteko, neguko lazturak arindu nahian edo. Dana dala, izan leiteke aukera bat udan be holangoko zerbaist antolatutea, zelango erantzuna daukan ikusteko" dino Callejak.

Udalaren laguntzeagaz
Aurten Zeberioko Udalak diruz lagundu dau Zeberiometal jaia eta lokala eta materiala be ipini dau. Festibalaren beste diru iturriak, txosna eta kamiseten salmentea dira. "Lortuko dan diru guzti-guztia artista eta soinu teknikariarentzat izango da, hau da, irabazi asmo bako ekintzea da hau".
Sarrerea debaldekoa da.

0
Danerik
2014/12/4
Jon Kortazar Julio Cortazarren gainean Areatzan

Areatzako Kirol eta Kultur Batzordeak antolatuta, abenduaren 11n, Jon Kortazar idazleak berba egingo dau Julio Cortazar (1914-1984) Argentinako idazlearen gainean, bere jaiotzearen 100 urte beteten diranean. Hori dala eta, Cortazarren liburu bi Rayuela eta Los Relatos 1, Ritos zozketatu ebazan AKKB-k zemendian. Abenduko gaia literaturea izango da.
Julio Cortazarren aitita Ea herritik joan zan Ameriketara. Haren nondik norakoak Jon Kortazarrek aurkitu ebazan eta Julio Cortazarren barri emongo dau berbaldian. Cortazarren aititaren bizitza guztiz ezezaguna zala bere biografoentzat azaldu dabe AKKB-koak.

Liburu trukea
Hilean behin, bookcrossing-a egiteko asmoa daukie. Liburuak edadearen araberako guneetan egongo dira. "Umeena eskoleagaz koordinauko dogu, ahal daben umeak ipuin bat sikeran eroan eta aldatuteko. Nagusienak, tabernetan itxiko doguz, honetarako tabernariakaz berba egingo dogu" dino Asier Garcia AKKB-koak. Irakurritako liburu bat txoko baten ixtea beste batek hartu dagian, eta norberak beste batek itxitako liburua hartzea da bookcrossing-a. Hilaren 12an egingo da.

0
Bertsolaritzea
2014/12/3
Finalerako pasea lortzean saiatuko da Estiballes Amorebieta-Etxanon

Abenduaren 7an, 17:30ean jokatuko da Amorebieta-Etxanoko Zelaieta zentroko frontoian, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren finalaurrekoa. Zeanurin bizi dan Arkaitz Estiballes egongo da bertan. Estiballesek ez dau kanporaketetan kantau, finalaurrekoetara sailkatu da zuzenean, Bizkaiko txapelduna dalako.
Garikoitz Sarriugarte, Ibon Ajuriagojeaskoa, Imanol Uria, Jone Uria eta Oihana Bartraren kontra neurtuko da. Irabazleak finalerako pasea lortuko dau eta besteak, puntuazinoaren arabera eukiko dabe finalera pasetako aukerea. Etxebarri eta Urdulizen jokatu diran lehenengo bi finaulaurrekoetan Iratxe Ibarra eta Etxahun Lekue izan ziran garaile hurrengoz hurrengo.
Bertsolariak finalaurrekoetan egin behar daben beharra hauxe da: zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertso, zortziko txikian ofiziotan be hiruna bertso, hamarreko txikian ofiziotan beste hiruna eta kartzelako lana: puntua emonda bertso bi zortziko txikian eta gai baten gainean bertso bi doinu eta neurri librean.
Finala Bilbao Arenan izango da hilaren 20an. Sarrerak www.bertsozale.eus webgunean erosi daitekez.

0
Antzerkia
2014/11/24
Patxo Telleriaren Pankreas umorezko antzezlana Igorreko Lasarte Aretoan

Zemendiaren 29an, zortziretan, Tartean Teatro konpainiak Patxo Telleriaren Pankreas "gaur egungo tragikomedia bertsoz paratua" taularatuko dau. Udagoieneko Ostera, Bizkaiko Kultur Zirkuituaren XV. Edizinoa antolatu dau Euskaltzaleen Topaguneak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz. Zirkuitu horretan dago Igorre, eta Zertu Kultur Elkartea, Euskaltzaleen Topagunearen partaide da.
Udagoieneko Osterak euskerazko kultur produkzinoa ekarten dau Bizkaiko antzokietara, euskaltzaleai aisialdian euskeraz gozatzeko aukerea eskeiniz. Aurten lehen aldiz, zirkuituan izango diran sortzaileakaz solasaldiak egongo dira. Holan, zemendiaren 27an, goizeko 10:00etan Patxo Telleria antzezlanaren egilea, Batxillergoko ikasleakaz egongo da Igorren Pankreas antzezlana eurekaz komentetan. Irati Urien eta Mateo Pagazaurtunduak gidatuko dabe berbaldia.

Ezusteko gertaerak
Jokin Oregiren zuzendaritzapean, Joseba Apaolaza, Mikel Martinez eta Patxo Telleria bera dira komedia honen protagonistak. Personaje batek pankreas transplante bat behar dau bizirik irauteko eta bere lagun batek, hurrengo urtean bere buruaz beste egiteko asmoa dauka herentziazko gaisotasun bat ez pairatzeko. Orduan agertzen da hirugarren lagun bat, suizidari eskatuko deutsana heriotzeagaz daukan hitzordua aurreratzeko, honen pankrea lagun gaixoari emon ahal izateko. Gau zoro baten, ezuzteko gertaerak bata bestearen ondoren etorriko dira, fisika modernoaren axioma bateri men eginez: gertatu daiteken guztia gertatu egiten da nozonoz.

0
Danerik
2014/11/24
Asterriako jaiak

Irati Urien


"San Andres nieve en los pies" esaten dau gaztelerazko esakereak. Edurra egin edo ez, hurreratuten danarentzat berotan eta gustura egoteko jaiak prestatu dabez Zeanuriko Asterriakoak. Jan edana ez da faltauko, apustua eta jantzea be ez.
Hilaren 28an, 20:00etan jaien hasikera ofiziala izango da eta txistulariak ibiliko dira baserri artetik. Gauerako auzo-afaria prestatu dabe. 29an, 18:00etan herri kirolak egongo dira eta ostean probak; idi parea astoaren kontra. 20:00etan euskal erromeria Adolfo eta Unaigaz. 20:30ean odoloste jana auzotar eta inguratzen diranantzat eta 21:30ean jantzaldia. Domekan ostera 12:30ean mezea egongo da eta ostean Zeanuriko Abesbatzaren kontzertua.18:00etan amaierea emongo jakie jaiai.

0
Bertsolaritzea
2014/11/23
Areatzako II. Errefrau Poteoa

Areatzako II. Errefrau Poteoa antolatu dau Euskera Planak. Ekintza hau lehiaketa moduan planteetan da ondo pasatuz euskerea bultzatzeko eta sariak be egongo dira errefrau gehien asmatuten dauan taldearentzat. Hiru lagunek osotu behar dabez taldeak eta euren esaera zaharren jakintza eta irudimena erabili beharko dabe saria lortuteko. Areatzako tabernak kolaborau dabe eta amaieran berakatz zopea dastatuteko aukerea egongo da plazan.
Hilaren 29an, arrastiko 19:15ean, Eguzki tabernan ekingo deutsie Errefrau poteoari. Arkaitz Estiballes eta Fredi Paiak esaera zahar baten parodia eginez bertso bana botako dabe. Taldeak, ze esaera dabizen parodietan asmatu behar dabe. Antolatzaileen arabera, lehiaketa honen helburua, ume, gazte zein nagusiak, kantu eta errefrauen bidez, arrastipasa dibertigarri bat egitea da.
Gaua ondo amaituteko kon- tzertua egongo da Gaztetxean.

0
Irakurle Kluba
2014/11/23
Asier Serrano Bedian

Asier Serrano idazle eta kantariak, Abisalia liburua komentauko dau irakurleakaz Bediako Irakule Klubean, hilaren 26an. Hile birik behin, irakurleak eta idazleak batzean dira Bediako liburutegian, Julen Gabiriaren eskutik, libururen bat komentetako.
Asier Serranok poesia, nobelea, narrazinoak eta haur eta gazte literaturea idatzi dau. Musika mundutik be ezaguna da Serrano.
Testu poetikoak osotuten dabe Abisalia (Txalaparta, 2014) puzzle baten modura narrazinoa sortuz. Abisalia uri gorria da. Beste mundu bat. Istorioak personajetik personajera eta denporan saltoka, puntu desbardinetatik lotuten dira.
 
Asier Serrano
Asier Serrano (Eibar, 1975). 1997an Bada hiri gorri bat argitaratu ebanetik, hainbat poema liburu argitaratu ditu: Picassoren zaldia, Hiri gorritik eta Desterratuen piztiarioa. Hoteleko kontuak narrazio bilduma eta Mari Basajaunaren eremuan haurrentzako liburua be argitaratu ebazan 2001ean. Horrezaz gainera, eleberri bi argitaratu ditu: Eskuetan mapak (2007) eta Erlojugilea (2009).
Musika munduan be hainbat lan egindakoa da eibartarra. Lorelei taldeko abeslaria eta letragilea da eta bakarka Ez esan inori, Hoteleko kantuak eta Gerrari bai diskoak atera ditu.

0
Danerik
2014/11/18
Luzetu Barik III. Igorreko Film Laburren Lehiaketea

Igorreko Udalak, euskerazko film laburren ekoizpena sustatzeko asmoagaz, 2014 honetan, barriro ipini dau martxan Luzetu Barik Lehiaketea. Aurtengoa, 3. edizinoa izango da, eta lau sari mamitsu bananduko ditu: film labur onenarentzako 1000 euro; Arratiako egile onenarentzako 600 euro; 14 eta 25 urte bitartekoen gazteen kategorian 500 euro, eta umeenean (7 eta 14 urte bitartekoak) 200 euro. Sariok zeineri emon, profesionalakaz osotutako epaimahai batek ebatziko dau.
Lan guztiak euskeraz izan beharko dabe, eta minutu bat eta 15 minutu arteko iraupena euki beharko dabe. Gazte eta umeen sailetan telefonoagaz grabatutakoak be onartuko dira, holan, ekipo garestien beharrizanik barik parte hartu ahal izango dabe, baina helduen lanak DVD formatuan aurkeztu beharko dira derrigor. Film guztiak Igorreko Kultur Etxean aurkeztu behar dira abenduaren 12a baino lehen. Filmagaz batera, egilearen edo lantaldearen datuak; izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia, izango dituan fitxa bat aurkeztu beharko da, eta baita lanaren argazki bat be. Informazino gehiago gura izan ezkero, oinarriak Igorreko Udalaren webgunean (www.igorre.net) eskegita dagoz "Albisteak" sailean. Sari banaketearen data zehazteko dago, baina egun horretan lehiaketan parte hartu daben film guztiak ikusteko aukerea egongo da.

0
Musikea
2014/11/17
Kontzertu ugari Santa Zezilia egunaren inguruan

Zezili Deuna musikarien zaindariaren eguna ospatuteko Areatzako Bandak, Luis Iruarrizaga Abesbatzak eta Arratiako Musika Eskoleak emonaldiak antolatu ditue. Arteako Kirol, Kultur eta Euskera Taldeak be (AKKT), Arteako II. Azaro Musikalaren barruan hainbat ekitaldi antolatu ditu, blues-rock-a tartean.
Santa Zeziliaren eguna ospatuteko programauta egoan lehenengo kontzertua, Areatzako Bandarena zan, Paula Perez Buenoren zuzendaritzapean, zemendiaren 15ean. Hurengo egunean, Igorreko Lasarte Aretoan Kantika Koralaren txandea zan, bere ikuskizun originaletako bat eskeintzeko. Abesbatzan kanteteak etorkizuna daukala eta gaztetxoentzat erakargarria izan daitekela erakutsi dabe Kantika Koralekoak.

Arratiako Musika Eskolea eta Luis Iruarrizaga Abesbatzak emonaldi ugari
Zemendiaren 20an Igorreko Olabarri auzoan zehar kalejirea egingo dabe Arratiako Musika Eskolako ikasleak. Txoko batzuk zehaztu eta leku bakotxean ume txikerrak zerbaist abestuko eta jantzatuko dabe, batetik bestera kalejiran joanda eta amaieran txokoloatea egongo da partaideentzat. Eguraldi txarra egiten badau, eskolako aterpean izango litzateke ekintza hau.
Hurrengo ekitaldia, AKKTk bere zemendia musikalaren barruan antolatutakoa da. Zezili deunaren bezperan, hilak 21, seiretatik aurrera Arteako umeak musikeagaz gozatuko dabe herriko plazan. Hurrengo egunean, arrastiko 20:00etan, Arteako eskolako umeak, kontzertua eskeiniko dabe Arteako Andra Mari eleizan, Arratiako Musika Eskolako umeakaz eta Luis Iruarrizaga Abesbatzagaz batera.
Arratiako Musika Eskolakoak beste hainbat emonaldi izango dabe egunotan. Hilaren 29an, 18:00etan, Arteako San Migel ermitan joko dabe Musika Eskolakoak. Pianojoleak, kamara taldeak eta tailerreko ume txikerrrak egingo dabe emonaldi hau. Hilaren 30ean, Igorreko ludotekako umeakaz eta Luis Iruarrizaga Abesbatzagaz batera, Musika Eskolako korua egongo da Igorreko Lasarte Aretoan, arrastiko 19:30etik aurrera. Eta Musika Eskolako trikitilariak Zeberioko Azokan ipiniko dabe jaigiroa egun horretantxe.
Hilaren 28an, 22:30ean, AKKT-k antolatuta Electors taldea egongo da  Herriko Benta tabernan, euren blues-rock estiloko musikea joten.

0
Erakusketea
2014/11/17
Gorbeia Igorren erakusketea Kultur Etxean

Bizkaiko Foru Liburutegian Gorbeia Bilbon erakusketa arrakastatsuaren ondoren, Gorbeia Igorren izenekoa dago Igorreko Kultur Etxeko erakusketa gelan zemendiaren 17tik abenduaren 29ra arte. Bertan, Igorre eta Gorbeiaren arteko hartu-emonari eta ehun urte baino gehiago daukiezan bertako kurutzearen gaineko materiala jasoten da. Iñaki Garcia Uribe da erakusketa honen egilea. Garcia Uribek berak eta Juan Manuel Etxebarriak Gorbeiagaz lotutako berbaldiak emongo ditue zemendiaren 27 eta 28an hurrengoz hurrengo.
Kantu eta kontu, inaugurazinoa zemendiaren 14an izan zan. Kantua Gontzal Mendibilen eta kontua Garcia Uriberen eskutik. Erakusketan, panelak, era askotako gauzak erakusmahaietan, koadroak, argazki zahar eta modernoak, Gorbeiako kurutzearen errepliken bilduma bitxia, mendizaleen sasoi bateko materiala eta beste gauza asko.

Gorbeia historia eta mitoa
Hilaren 27an, 19:30ean, Iñaki Garcia Uribe mendizale eta idazleak "Historias e historia de Gorbeia" berbaldia emongo dau Lasarte Aretoan. Hurrengo egunean, leku eta ordu berean, Juan Manuel Etxebarria etnohizkuntzalari zeberioztarrak "Gorbeia, mitoak eta euskera" titulupeko berbaldia emongo dau.

0
Musikea
2014/11/10
Arratia Kantari II, hilaren 15ean

Saioa eta Bihotz; Estankona eta Ander Gorospe; Mikel Inunziaga "Inun"; Juanma Labandibar; Autzin eta Eskean Kristö egongo dira hilaren 15ean, arrastiko 20:00etatik aurrera Igorreko Kultur Etxean.
Saioa Gonzalezek eta Bihotz Gorospek zabalduko dabe saioa. Atzen zuzeneko emonaldia bikote moduan 1997an emon baeben be, barriro be alkarregaz kantauko dabe Igorren. Aspaldi honetan Bihotz Gorospe Harrobi taldean, Kupela taldean, Ibon Koteronegaz edo "Euskal Kanturik Onena" ETBko saioan ikusi dogu.
Ondoren Borja Estankona arteaztarra eta Ander Gorospe igorreztararen txandea izango da. Borja Estankonak disko bi ditu kalean Estankona eta Fruitua, hain zuzen be. Ander Gorospek bizitza osoa dihardu kantugintzan Kemen taldean hasi zanetik eta Arratia kantari ekimenaren bultzatzaileetako bat da. Estankona eta Gorospe batera entzutea bitxia izango da duda barik.
Hurrengoa Mikel Inunziaga "Inun"-en txandea izango da. Zornotzarra izan arren Igorren ditu zuztarrak. Pop estiloa da berea eta Berreginez bere lehenengo diskoa aurkeztu eban maiatzean. Juanma Labandibar Arteakoak be ibilbide luzea dauka musika munduan. Eten bat egin eban Akelarre erromeria talde mitikoa itxi eta gero, baina indartsu bueltau da atzen urteotan eszenariora Babel Covers taldeagaz.
Eta amaitzeko euskal musikak Arratian badaukala erreleborik erakutsiko dabe hurrengo talde biak, Autzin taldeak eta Eskean Kristök. Autzin taldeak bigarren egin eban 2008ko Euskal Kantu Txapelketan. Arratia kantari, rock banda batek zarratuko dau, Eskean Kristök bere rock&roll estiloko musikeagaz. Taldeak Azote Kaldüz! izeneko diskoa atera barri dau. Niko Etxarten kolaborazinoa euki dabe "Latigo!" kantuan.

0
Danerik
2014/11/10
I. Rokupa Fest Kiņu Gaztetxean

Irati Urien


Zemendiaren 15erako I. Rokupa Fest antolatu dau Igorreko Kiñu Gaztetxeak. Zemendiaren 16an urte bete beteko da gazteak eraikina okupau ebenetik, hortik jaialdiaren izena. "Rock" eta "okupatu" berbakaz olgauta "Rokupa" sortu dabe. Bazkariagaz hasiko dabe jaia gaztetxean bertan, eguerdiko 14:30ean. Poteo musikatua egongo da 18:00etan herritik zehar eta 22:00etan kontzertuak tabernetan. Hementxe talde bakotxak non eta ze ordutan joko dauan: 22:00etan, MG Banda Axular herriko tabernan; 23:15ean, Zeinke Arratiko Zekorrak Rugby Tabernan; 24:30ean, Larregi KKMn eta 01:45ean, The Jari Flowers Trokan.
Gaztetxea ostera barikuetan 18:00etatik aurrera zabalik egongo dala jakinarazo dabe Kiñukoak.

0
Bertsolaritzea
2014/11/10
Sanmartinetako IV. bertso afaria

Arantzazuko Bildu Kultur Batzordeak, Sanmartinetako IV. bertso afaria antolatu dau zemendiaren 14rako Arantzazuko Montero tabernan. Aurten, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia ibiliko dira bertsotan.
Aurretik, iluntzeko 20:00etan, trikipoteoa hasiko da herritik zehar eta 21:00etan, harrerea egingo jakie bertsolariai. Afarian, otzara bat zozketatuko da.
Sarrerak, Igorreko Herrikoan, Gau Lora Tabernan eta Arratiko Zekorrak tabernan erosi daitekez. Arantzazun, Herriko tabernan eta Monteronean.

0
Bertsolaritzea
2014/11/5
Arratiako txapeldunaren txandea Bizkaiko Bertsolari Txapelketan

Igor Menika, Arratiako txapeldunaren txandea, zemendian 9an izango da. Zeanuriko frontoiaren oholtzara igoko da finalaurrekoetarako pasea lortu guran. Ander Elortegi, Beñat Vidal, Imanol Uria, Joseba Barandiaran eta Xabat Galletebeitia izango ditu aurkari. Saioko irabazleak ziurtatuta dauka finalaurrekoetarako pasea; gainontzekoak puntuazinoaren arabera eukiko dabe sailkatzeko aukerea.
Kanporaketa horretan egin beharko daben beharra hauxe da: zortziko nagusian ofizioetan hiruna bertso, zortziko txikian ofizioetan hiruna bertso, puntua emonda bertso bi zortziko txikian eta kartzelako lana: gai bateri buruz bertso bi doinu eta neurri librean.

Estiballes finalaurrekoetan
Hiru dira Bizkaiko Txapelketan parte hartuten daben Arratiako bertsolariak. Iñaki Iturriotz izan zan lehenengoa oholtzara igoten eta 337,5eko puntuazinoa lortu eban. Hurrengoa Igor Menika izango da, zemendiaren 9an arrastiko 17:30ean kantauko dau Zeanuriko frontoian. Hirugarrena barriz, Zeanurin bizi dan Arkaitz Estiballes finalurrekoetan sartuko da zuzenean. Berak daukan Bizkaiko Txapela denfendiduten ahaleginduko da. Hau abenduaren 7an izango da Amorebieta-Etxanoko frontoian.

0
Danerik
2014/11/4
Kabareta eta korala Igorreko Kultur Etxean

Cabaret Chiuaua, Pabellon 6-ren atzen produkzinoagaz barre egiteko aukerea egongo da Igorreko Kultur Etxean hilaren 8an arrastiko zortziretan. Hurrengo domekan, hilak 16, arrastiko zazpiretan, Leioako Kantika Korala izango da Igorren.
Cabaret Chiuauan ironiaz aztertzen da atzen hamarkadako gizartearen egoera animikoa. Felipe Lozak eta Iñaki Marurik zuzendutako komedia musikal honetan, Liza Minnelly, Marilyn Monroe, Amy Winehouse, Cantinflas edo Sabino Aranaren imitazinoak eskeintzen dira. Gure gizartearen bilakaeraz barre egiten da bertan, zelan igaro garan konsumismo alai eta ardurabakotik krisi ekonomikoak eragindako amorrurantza.

Kantika, abesbatz desbardina
Beste ikuskizun musikal bat, guztiz desbardina, egongo da kabaretaren hurrengoko domekan. Kantika Korala Leioako Musika Eskolan sortu zan 2001ean Basilio Astulez zuzendariaren ekimenez. Bertan 45 neska-mutil dagoz 10 eta 17 urte bitartekoak. Abesbatz hau, egungo panorama koralean erreferentea da, programazino ausartak ditualako, eszenaratzea asko zaintzean daualako eta haurren abesbatzentzat idatzitako musikea enkargau eta estrenetako konpromisoa daukalako.
Kantikak nazinoarteko sari garrantzitsuak lortu ditu.

0
Zinea
2014/10/27
Orson Welles zuzendariari eskeinitako zikloa Igorren

Orson Welles aktore eta zuzendari estadubatuarrari eskeiniko deutsaz Igorreko zine klubak hiru saio. Urri bigarrenaren atzen eguenean, hilak 30, izango da lehenengo saioa eta zemendiaren lehenengo eguen bietan beste biak. Pelikula honeek Lasarte Aretoan, 20:00etan proiektauko dira.
Orson Wellesek sasoiko konbenzino zinematografikoak apurtu ebazan eta atzenean Hollywwood-entzako "zinemagile madarikatua" izan zan. Bere pelikularik ezagunenak, Citizen Kane (1941) pelikuleak, zabalduko dau Igorreko zine kluba. Film hau inflexino puntua da zinemaren historian: alde batetik, lehenago egin zan zinea laburbiltzen dau eta bestetik, hurrengo hamarkadetan egingo danarentzat oinarriak ipiniko ditu. Hilzorian dan prensaren handiki baten istorioa kontetan dau. Charles Fosterrek hil aurretik berba misteriotsu bat esaten dau "Rosebud". Kazetari batek ikerketea hasiko dau berba horren esangurea ezetuteko, holan personajearen barrenera helduko dala pentsatuz.

Zemendian hurrengo biak
Touch of evil (1958)  filmak, Sed de mal izenburua izan eban itzulpenak, polizia mexikar eta estadubatuar baten arteko alkarlana kontetan deusku. Miguel Vargas polizia mexikarrak hilketa bat ikertu beharko dau bape be fidagarria ez dan Quinlan polizia estadubatuarragaz batera. Komertziala eta asmo artistiko bako pelikulea izan behar zana, maisulan bihurtu zan eta gaur egun oraindino aztertzen da zinema eskoletan hasikerako sekuentzia planoa. Zemendiaren 6an, egongo da Igorren.
Amaitzeko, Chimes at midnight (1965), Campanadas a medianoche legez ezagutzen doguna, zemendiaren 11n proiektauko dabe Lasarte Aretoan. Film honetan, Orson Welles-ek Falstaff mozkortiaren papela antzezten dau. Shakespeare-en bost antzezlanen zatiak hartuta eginda dago film hau. Falstaff personajearen antzezpena, Welles-en karrerako zirraragarrienetakotzat joten dabe zinemazaleak.

0
Musikea
2014/10/26
II. Azaro Musikalean musika estilo ugari

Zemendia musikaz betetzeko egitaraua prestatu dabe Artean. Hilea hasteaz batera izan zan lehenengo ekitaldia, Begi Argiak korala kalez kale abesten ibili zan, eta atzena hilaren 29an izango da: Arratiako Musika Eskolako ikasleak kontzertua eskeiniko dabe San Migel eleizan. Tartean beste sei ekitaldi hilean zehar. Hau danau prestatzeko alkarte eta herritar askok egin dabe behar, AKKTk (Arteako Kirol eta Kultur Taldea), Arratiako Musika Eskolak, Arteako Udalak, Ekomuseoak, Mikel Deuna jubiladuen alkarteak, Herriko Tabernak, Guraso alkarteak eta Arteako eskoleak, hain zuzen be.
Hilaren 6rako, Areatzako AKKB-koagaz batera antolatu dabe Jazz Gaua Bilboko Euskalduna Jauregian. Holan, Kurt Elling eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa entzutera joateko autobusa ipiniko dabe Arratiatik.
Arteako II. Azaro Musikaleko hurrengo ekitaldia, The Jari Flowers-en kontzertua izango da, hilaren 8an Ekomuseoan.
Beste ekitaldiak hilaren bigarren hamabostaldian izango dira, hurrengo hirurak Santa Zezilia egunaren inguruan. Santa Zezilia eguneko protagonistak, hilaren 21ean,  umeak eta musikea izango dira. Izan be, Arteako eskoleak "Musika ere bai!" jardunaldi edegiak izango ditu arrastiko 15:00etan. Ondoren, 18:00etan, umeakaz musikea gozatzen emongo dabe arrastia Arteakoak herriko plazan.
Hurrengo egunean, hilak 22, abesbatzen txandea izango da. Luis Iruarrizaga Abesbatza, Arratiako Musika Eskolea eta Arteako Eskoleak kontzertua eskeiniko dabe, iluntzeko zortziretan Andra Mari parrokian.
Amaituteko, hilaren 28an, Blues-rock-a gozatzeko aukerea egongo da Electors taldeagaz Herriko Tabernan; eta 29an, 18:00etan, Arratiako Musika Eskolako ikasleak emongo dabe kontzertua Andra Mari eleizan.

0
Antzerkia
2014/10/26
Zirko ikuskizuna Lasarte Aretoan

Tiritirantes taldeak Hankaz gora zirko ikuskizuna eskeiniko dau hilaren 30ean Igorreko Lasarte Aretoan arrastiko 17:30ean. Zirkoa, malabareak eta sua (hau, kalean) erabilten dabez Tiritirantes taldekoak euren ikuskizuna osotuteko. Holan, zirko teknikak, antzerki mutua eta umorea erabiliz, hankaz gora dagoana, mundua bera ala geu ete garan ipinten dabe kolokan. Eduardo Galeanoren testuak be dagoz ikuskizun honetan.
Lau elementu naturalak -lurra, ura, sua eta airea- erakusten ditu Hankaz gora lanak beste modu baten eta munduaren beste ikuspegi bat emonaz.

0
Musikea
2014/10/22
Nire bihotzak zure begiak ditu Gontzal Mendibilen disko barria

Berak sortutako hamaika kantu barri dagoz diskoan eta Areatzako plazan hilaren 24an, 20:00etan, eskeiniko dauan kontzertuan be entzun ahal izango dira kantuok.


Gontzal Mendibil kantari zeanuriztarrak 40 urte musikan beteten ditu aurten, eta horregaitik gura izan dau hain disko personala ateratea.
Diskoa hedabideetara hilaren 30ean aurkeztuko dan arren, lehenago entzun ahal izango ditue kantu barriak kontzertura joaten diranak. Hamaika kantu barri honeek egitea hiru urtetako beharra izan da. "Oso gustura gelditu nazan lana dot berau. Zuzena eta indartsua" dino Mendibilek.

Sentipen sakonak eta mezu zuzenak
Bederatzi kanturen hitzak egin ditu Gontzal Mendibilek; tartean, "Nola liteke!" aspaldi ez dala istripuz hildako laguna zan Alex Angulori dedikautakoa. Joseba Sarrionaindiaren berbak be musikau ditu "Badakizu zer den gure herria?" kantuan. "Ez dakit dakizun baina..." Euskadiko Orkestra Gazteagaz grabauta dago. "Edan itzazu egunak, horditu zaitez bizitzaz, jabe zaitez zeu zarenaz" dino beste kantu baten.
Ezin ukatu sakon bizi eta sentidutako gaiak adierazoten dituala zeanuriztarrak atzen disko honetan.

0
Euskal Jaia
2014/10/21
Euskal musikea, jantzea eta kantu tradizionalak Areatzako Euskal Jaian

Musikea, jantzea eta kantu tradizionalak izango ditu ardatz aurtengo Areatzako Euskal Jaiak. Hilaren 25 eta 26an izango da, zapatu-domekaz, eta Arratia eta kanpoko jantza taldeak kalejirea eta jantza ikuskizuna egingo dabe. Areatzako Euskal Jaiak herritarren partaidetza izaten dau eta jantzi tradizionalak soinean urteten dira billaroztarrak jaia girotzeko.
Zapatuan, hilak 25, euskal musika tresnen feria eta Gorbeialdeko ekoizleen azokea egongo dira. Gorbeialde inguruko ekoizleen azokan, gaztaiak, eztia, ogia, pastelak, ortuariak, txakolina eta taloak egongo dira salgai. Artisauak be, egurra, keramikea eta narruzko produktuak salduko dabez. Plazan, euskal musika tresna tradizionalak egiten dabezen artisauak egongo dira.
Azoka honeek egin bitartean, Arratiako Musika Eskoleak kalejirea egingo dau eta Bizkaiko Kantuzaleen topaketea egongo da. "Musika eskolea hasikeratik inplikau zan antolakuntzan, eta kalejira erraldoia egiteko eskeini eban bere burua. Kalejireari lagunduten, Maurizia, Leon eta Fasio musikarien txotxongilo erraldoiak be izango dira" azaldu dau Sara Gutierrez zinegotziak.

Kantuzaleen topaketea
Bizkaiko Kantuzaleen topaketea zapatu goizeko ekintza nagusia izango da. Bizkaia mailan dagozan kantu-guneetako taldeak konbidau ditue Areatzakoak eta Gernika, Plentzia, Erandio eta Santutxukoak izango dira Euskal Jaian. "Euskal Herrian gero eta indar gehiago hartuten dago kantu birak antolatutea, eta ohitura hori berreskuratu gura dogu Areatzan". Ekitaldi hau plazan hasiko da eta Josu Zarate Bizkaiko kanta guneen koordinatzaileak zuzenduko dau Areatzako herritik egingo dan kantu bira.
Berrehun euskal abesti inguru daukan kantu liburu bat argitaratu dau Udalak, eta egun horretan plazan salgai egongo da. Bost euroren truke, kantu liburua, hasikerako brindisa eta 13:00etan zerbitzatuko diran pintxoak eta edariak erosi daitekez.
Ondoren herri bazkaria izango da frontoian, eta bazkalostean, Areatzako txistularien kalejirea, jantza plaza Erdizka Lauetan taldeagaz eta berakatz zopea egunari amaierea emoteko.

Domekan, jantza alardea
Jantza alardeagaz beste sasoi bateko euskal jaia gogora ekarri gura dabe Areatzakoak. "Jantza alardearen proposamena batzarretan atera zan eta gogora ekarri gura izan doguz orain 30 urte inguru Areatzan egiten ziran jantza alardeak. Orduan, kanpotik hainbat jantza talde etorten ziran herrira jantzan egitera, eta gero jantzariak herriko familien etxeetan geratzen ziran bazkaltzen. Oso esperientzia polita izaten zan".
Eguerdiko 12:00etan, parketik urtengo dira kalejiran jantza taldeak eta jantzan joango dira plazaraino. Eurekaz, Areatzan sortu barri diran Bartolo eta Madalen txotxongilo erraldoiak be izango dira.
Plazan jantza bina eskeiniko dauz jantza talde bakotxak. Igorreko Arantzarte jantza taldea, Galdakaoko Andra Mari, Erandioko Goialde eta Zeanuriko, Dima eta Areatzako jantza taldeak hartuko dabe parte ikuskizun horretan. Ondoren, jantza taldeak eta herriko jenteak batera, jauziak, jotak eta Larrain jantzea egingo dabez.

0
Ondarea
2014/10/21
Intereseko eraikinak ezetuteko berbaldi eta bisita gidatuak

Etxea hartu dabe gaitzat Europako Ondarearen inguruko jardunaldiak aurten. Hilaren lehenengo hamabostaldian Zeanurin eta Areatzan inguruko intereseko etxe eta eraikinak ezetuteko aukerea egon zan eta, bigarren honetan, Igorreko eraikinen ezaugarriak eta historia jakiteko txandea da.
Igorren, Ekain Pujanak emongo dau jakitera zeintzuk diran Igorreko intereseko eraikinak, hilaren 22an emongo dauan berbaldian. Lasarte Aretoan izango da, 19:30ean.
Hurrengo zapatuan, Angel Larrea historialariak gidatuko dau erdigunetik bisitea. Honeek dira partaideak ezetuko dabezan eraikinak: Yurregoicoa izeneko jauregia, Beheko Plaza 14-16 helbideko etxeak, Torrea baserria, Zubizarreta txaleta, Arratiako Udalen Mankomunidadeko etxetzarra eta bere sasoian Artzain Etxea izandakoa, gaur egun Olabarri Jauregia izenez ezetuten dana.

Areatzan lau bisita gidatu egunean egin eben
Urri bigarrenaren 11n eta 12an, Mikel Urrizek gidatuta, egunean lau bisita egin ebezan interesatuak Areatzako etxe eta eraikinen ondarea ezetuteko. Aztertutako etxe eta eraikinak XV. mendetik hasita XIX. mendera artekoak izan ziran: Bekokalea, Erdi Arokoa; Gortazar jauregia, Errukineko jauregiak eta Igeltsoen etxea, Errenazimentukoak eta Batzokia, Kristo eta Askatasun etxeak, XIX. mendekoak, hain zuzen be.

0
Ondarea
2014/10/12
Intereseko eraikinak ezetuteko berbaldi eta bisita gidatuak

Etxea hartu dabe gaitzat Europako Ondarearen inguruko jardunaldiak aurten. Hilaren lehenengo hamabostaldian Zeanurin eta Areatzan inguruko intereseko etxe eta eraikinak ezetuteko aukerea egon zan eta, bigarren honetan, Igorreko eraikinen ezaugarriak eta historia jakiteko txandea da.
Igorren, Ekain Pujanak emongo dau jakitera zeintzuk diran Igorreko intereseko eraikinak, hilaren 22an emongo dauan berbaldian. Lasarte Aretoan izango da, 19:30ean.
Hurrengo zapatuan, Angel Larrea historialariak gidatuko dau erdigunetik bisitea. Honeek dira partaideak ezetuko dabezan eraikinak: Yurregoicoa izeneko jauregia, Beheko Plaza 14-16 helbideko etxeak, Torrea baserria, Zubizarreta txaleta, Arratiako Udalen Mankomunidadeko etxetzarra eta bere sasoian Artzain Etxea izandakoa, gaur egun Olabarri Jauregia izenez ezetuten dana.

Areatzan lau bisita gidatu egunean egin eben
Urri bigarrenaren 11n eta 12an, Mikel Urrizek gidatuta, egunean lau bisita egin ebezan interesatuak Areatzako etxe eta eraikinen ondarea ezetuteko. Aztertutako etxe eta eraikinak XV. mendetik hasita XIX. mendera artekoak izan ziran: Bekokalea, Erdi Arokoa; Gortazar jauregia, Errukineko jauregiak eta Igeltsoen etxea, Errenazimentukoak eta Batzokia, Kristo eta Askatasun etxeak, XIX. mendekoak, hain zuzen be.

0
Musikea
2014/10/12
Seiren eta Behind taldeak The Quiet Corner-en

Hamabostaldi honetan, Areatzako The Quiet Corner tabernan, musika zuzenean entzuteko aukerea egongo da bariku bitan, 17an eta 31n, hain zuzen be. Lehenengo hitzordua Zornotzako Seiren taldeagaz izango da, eta bigarrena, Behind bikoteagaz.
Pop-folk musikea egiten dau Seiren taldeak eta hiru disko ditu kalean. Pertsona baten bila (2009), Marraren beste aldean zu (2010) eta Udazkena (2012). Seiren taldeko buru diran Jokin Lacalle eta Onintze Garcia egongo dira Areatzan.
Hilaren 31n, beste bikote bat, Behind taldeko musikariak barriro be Areatzan egongo dira. Zezeilan be egon zan The Quiet Corner tabernan Javier Irigoien eta Gerardo Sagastik osotuten daben taldea. Eric Clapton, Beatles, Neil Young, David Bowie eta beste "klasiko" batzuen musikea joten dabe. Aurreko emonaldia hainbeste gustau jakien Corner-ekoai, ze barriro taldea ekartea ebatzi daben.

0
Ikastaroa
2014/10/10
Bertoko euskerea landuteko ikastaroa

Bediako Udalak Arratiera ikastaroa antolatu dau, herri hizkerea ezetuten dabenak sakondu eta idatziz be erabili ahal izateko, eta Arratiako euskerea ez dakienak ezagutza batzuk jasoteko. Izena hilaren 13a eta 24a bitartean emon behar da Bediako liburutegian.
Ikastaroa urri bigarrenean hasiko da eta abenduan amaituko. Guztira sei saio izango dira. Eskolak martitzenetan izango dira 19:00etatik 20:30era arte. Hiru gai landuko dira eta bakotxari saio bi eskeiniko jakoz. Gaiak honeexek dira: Arratiako lexikoa, Bizkaieraz idazteko gomendioak eta Arratiako etno-ipuin eta esaundak.

Irakasleak
Arratiako lexikoaren gaineko eskolak Juantxu Rekaldek eta Angel Larreak emongo ditue. Arratia Institutuko irakasle bi honeek Arratia Inguruko Hiztegiaren egileak dira.
Bizkaieraz idazteko gomendioak Aitor Erdoziaren eskutik jasoko dabez ikasleak. Erdozia zeanurikoa itzultzailea da. Labayru ikastegian egin eban behar urte askotan eta orain HAEE-IVAPen dago beharrean. begitu Aldizkaria argitaratzen dauan Zertu alkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea be bada Erdozia.
Arratiako etno-ipuin eta esaunden barri Juan Manuel Etxebarriak emongo dau. Irakasle eta etnolinguista zeberioztarrak, bertoko mitologiaz gainera, Zeberioko euskerea be aztertu dau bere lanetan.

0
Erakusketea
2014/10/5
Karmelo Undurragaren pintura figuratiboa Igorreko Lasarten

Hilaren 3an hasita eta urri bigarrenaren 31ra arte, Karmelo Undurraga Ibarrondo igorreztarraren lanak egongo dira ikusgai Igorreko Kultur Etxeko erakusketa gelan.
Egilea 1920ean jaio zan Igorren eta bertan bizi izan zan 1943ra arte. Gaur egun Burgosen bizi da. Erakusketa honetan atzen hamarkadetan egindako lanak erakusten dira.
Karmelo Undurraga margolari figuratiboa da, paisajeak, bodegoiak eta erretratuak pintetan ditu. Erakusten dan obrarik zaharrena "Nire amama" izenekoa da, 1978koa.

0
Ondarea
2014/9/30
Zeanuriko kofradietatik bisitak ondarea ezetuteko

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako 2014ko Ondarearen Europako Jardunaldien gaia "Etxea" da. Zeanurin, Jon Urutxurtu historialariak gidatutako bisita bi antolatu ditue. Lehenengoa, Ibarguen eta Altzusta kofradietatik izango da hilaren 4an; bigarrena, hurrengo domekan, hilak 12, Ibarguen, Uribe eta Asterriatik zehar. Partaideak goizeko 10:00etan batuko dira Zeanuriko plazan. Zeanuriko udalerria zazpi kofradiak osotuten dabe.
Ibilbidean azaltzen diran etxebizitza mota desbardinak aztertuko ditu Urutxurtuk. "Ibarguen kofradian, plazako etxe esanguratsuenak XVII. mendetik gaur egunera artekoak, eta estilo eta funtzino desbardinetakoak, adibidez Emaldi baserria, Udala, Arregiako etxeak". Gero, plazatik Altzustarantza zuzenduko da ibilbidea, gune bi honeek lotzean dituan galtzada zaharretik ibiliz. Bide erdian Agarre Behekoa eta Agarre Goikoa baserriak aztertuko dira, lehena zaharra eta bigarrena oraintsu barriztatuta.
Altzustan, Kallarte auzoko etxebizitza multzoaren azterketea egingo dau gidariak. "Hemen, baserriak kale luze bat osotuz azaltzen dira. Atzustako hau egurrezko itxidura eta egitura bakartuko baserri multzo aberatsenetarikoa da Bizkaia mailan. Hemen be era desbardinetako baserriak ikusiko doguz: batzuk jatorriz XVI. mendekoak diranak, beste batzuk arratiar tipologiakoak eta besteren bat neoklasikoa" dino Urutxurtuk.

Ibarguen, Uribe eta Asterria
Hurrengo domekan, hiru kofradietatik egingo dabe ibilbidea eta partaideak Ibarguen, Uribe eta Asterria ezetuko dabez. Ibarguen kofradian, plazako etxe esanguratsuenak aztertuko dabez, estilo, funtzino eta sasoi desbardinetakoak. Uriben, atentzino berezia ipiniko deutsie Zulaibar-Beasko baserriari. Asterria kofradian ibilbidea lau errotaren ondotik igaroko da eta Akauri torretxea eta Emaldi Garai baserriaren gaineko zehaztasunak emongo ditu Urutxurtuk. "Atzen hau jatorriz XVI. mendearen erdialdekoa da, eta bertan tximiniarik bako sukaldeko sua ikusteko aukerea izango dogu".

0
Kontzertuak
2014/9/30
Jabier Muguruza eta Gari Lasarte Aretoan

Jabier Muguruza eta Gari bakarlariak Igorren egongo dira urri bigarrenaren 4an, 21:30ean, euren atzenengo diskoetako kantuak zuzenean abesten.
Muguruzak 20 urte bete ditu bakarlari gisa, eta ospatuteko Beste hogei diskoa kaleratu dau, Mikel Azpiroz musikari eta ekoizlearen laguntzeagaz. Diskoko kantuetan, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Iñaki Irazu, Jose Luis Padrón, Lourdes Oñederra, Jose Mari Iturralde eta Xabier Leteren testuak musikatu ditu. Jabier Muguruzak beti jaso izan ditu kritika onak eta sariak be irabazi egin ditu.
Gari (Iñaki Garitaonaindia) Hertzainak taldean sartu zan 1983an eta taldeko abots nagusia izan zan ia hamarkada oso baten. Zazpi disko argitaratu ebazan Hertzainak taldeagaz. 1993 urtean bakarkako bideari ekin eutsan Garik, eta harrezkeroztik, beste 7 disko kaleratu ditu. Bere atzen diskoan, Ez da amaiera abangoardiako rock gordina eskeintzen dau. Austin-eko (Texas) South by Southwest jaialdian aurkeztu eban disko hau eta kritikoen esanetan, inoiz baino hobeto abesten dau Garik, inoiz baino ausartago dabil, eta kantu bakotxean bere barrenak husten ditu. Atzenaldi honetan, "Zeruari begira" kantua egin dau Hodei Egiluzen bilaketan lagunduteko.

0
Zinea
2014/9/29
Indarkeria baten kronikak Areatzan

Areatzako Udalak antolatuta, Echevarrriatik Etxeberriara. Oiartzun: indarkeriarekin bizi izan den herri baten kronikak pelikulea ikusi ahal izango da, urri bigarrenaren 2an, arrastiko 19:00etan, Udal Aretoan. Ondoren solasaldia egongo da.
Ander Iriarte Oiartzungoak (Gipuzkoa) zuzendu dau Echevarriatik Etxeberriara luzemetraje dokumentala. Bertan, indarkeria eta ezker abertzalearen arteko hartu-emona aztertzen da, ezker abertzalearen ikuspuntutik. Preso egon dan Ixiar Galardi edo Rufi Etxeberria ezker abertzaleko politikariaren testigantzak, beste batzuenen artean, jasoten dira bertan.
Zuzendariak bere jaioterrian bizi izan dan indarkeria bat aztertzen dau ikuspuntu desbardinetatik: ETAren indarkeria, poliziarena, indarkeria politikoa, estaduarena, psikologikoa, eta abar. Oreka TX taldeak ipini deutso musikea Iriarteren dokumentalari.
Film honen eta ondorengo eztabaidaren helburuak, euskal gizartea islatzea eta bakea eta alkarbizitzarako bide barriak landutea da.

0
Irakurle Kluba
2014/9/23
Danele Sarriugarteren Erraiak lanagaz hasiko dabe ikasturtea Bedian

Hilaren 24an hasiko dau ikasturtea Bediako Irakurle Klubak, oraingoan Danele Sarriugarte (Elgoibar, 1989) egongo da bertan bere lehenengo nobelea Erraiak (Elkar, 2014) irakurleakaz komentetako.


 


Sarriugarteren nobeleak bikote haustura mingarri bat dauka abiapuntutzat eta bertan umore eta ironiaz hainbat gai ikutzen ditu; jentearen arteko hartu-emonak, andren egoerea gaur eta hemen, alkoholaren konsumoa Euskal Herrian eta gazteen bizimodua, kasurako. Bakarrizketa bat da eta andrazkoaren ikuspuntutik kontauta dago.
Danele Sarriugartek irabazi eban Igartza literatura sorkuntzarako bekea 2012an eta horren emoitzea da liburu hau.

Irakurle Kluba
Bediako Irakurle Kluba bi hilerik behin batzean da eguaztenetan Bediako liburutegian. Bertan, gaur egungo euskal panorama literarioko lanen bat irakurri ostean, liburu hori komentau eta egileagaz berba egiteko hainbat arratiar batzean dira. Klubaren dinamizatzailea Julen Gabiria idazlea da.
Julen Gabiriaren lanik ezagunenak, Connemara gure bihotzetan eta Han goitik itsasoa ikusten da dira. Atzenengo hau nederlanderara itzuli dabe Van da arboven zie je de zee izenburuagaz. Itzulpen honen aurkezpenera, Gabiria bizikletaz joan zan Gernikatik Amsterdam-eraino, Irakurle Klubeko dinamizatzailea txirrindularitza zalea be bada eta.

0
Ikastaroa
2014/9/13
Burua eta gorputza sasoian eukiteko ikastaroak abian

Ikastaro batzuek 2014-2015 ikasturte osoa hartuten dabe, beste batzuek hiruhileko bat, eta beste batzuek saio bakar batzuk. Badagoz, ibilbide luzea egin dabenak daborduko, arrakasta handia izaten dabelako, eta badagoz barriak, herritarren eskakizun bateri erantzuteko eskeintzen diranak. Aukerea handia da. Aurreko zenbakian Arantzazun, Bedian eta Lemoan egin daitekezan ikastaroen barri emon genduan. Honetan, beste herrietako eskeintzea.
Urri bigarrenean hasten diran ikastaroak egin ahal izateko, oraingo hilean egin behar da matrikulea.

Areatzan, gorputza mobidutekoak
Yoga ikastaroa, 3. adinekoentzako gimnasia, Aerobic, Pilates, eta Euskal jantzak ikastaroak egin daitekez Areatzan ikasturte honetan. Ikastarook urri bigarrenean hasi eta maiatzean amaituten dira eta eskolak astean behin edo bitan izango dira ikastaroaren arabera.
Debaldeko ikastaroak be badagoz. Holan, 3. adinentzakoen- tzako gimnasia doban da jubiladu eta pensionistentzat. Eta Euskal jantzak be praktikau daitekez doban, hori bai, irakasle barik, udaletxeko espilu gelan. "Aurreko urteetan Areatzan jantza ikastaroak antolatu izan dira, eta ikastaro honeetan parte hartu dauan jenteari praktiketan jarraituteko aukerea emon gura jako. Ez dago irakaslerik eta horregaitik ez da ezer ordaintzen, baina Arantzarten dagozan neska bi dagoz, eta honeek asko lagunduten dabe pausu barriak ikasten, Arratiako jotea, esaterako" azaldu deutso BEGITUri Sara Gutierrez zinegotziak.
Gainontzeko ikastaroak zati bitan ordaindu daitekez: zati bat orain eta bestea urtailan.

Artean, gimnasia eta artearen ingurukoak
Artean, gitxienez 8 ikaslek emoten badabe izena, Aerobic, Pilates, Yoga, 3. adinekoentzako gimnasia, Arte aplikauak, Pintura eta Eskulanak egiteko aukerea egongo da. Urtean-urtean antolatuten dira ikastaro honeek. Izan be, Artea herri txikerra izan arren, parte hartzea handia izaten da, gimnasia eta arteagaz lotutako ikastaroetan.

Igorren zirkoa eta jantza afrikarrak
Igorre dogu gure eremuan herritar gehien daukazan herria eta eskeintza zabala egoten da bertan, edade guztietako jentearentzat. Tai Chi, Jantza afrikarrak, Irakurketa tailerra, Zirkoa, Argazkigintzea, Zoru pelbikoa indartzea, Diseinu grafikoa eta Ines Medinaren Plastikaren bidezko autoestimuaren garapena (gaztelaniaz) ikastaroa egingo dira ikasturte honetan. "Aurretik eskeinitakoak dira gehienak, Diseinu grafikoa izan ezik. Hau Eider Aldapek emongo dau. Zoru Pelbikoa indartzeko ikastaroa be barria da" dino Janire Lopez Igorreko Kultura Tekinikariak.
Kiroldegian be eskeintza zabala dago, hemen be ikastaro gehienak aurretik eskeinitakoak dira, Pilates edo Aerobic berbarako.

Zeanurin zemendian
Zeanurin zemendian hasiko dira Pilates eta Aerobic ikastaroak eta matrikulazinoa urrietan zehar izango da. 3. adinekoentzako gimnasia, barriz, urrietan martxan ipintea espero dabe, udal iturrien arabera.

Zeberion, antzerkigintzea
Zeberioko Udalak lau ikastaro eskeini ditu, gitxieneko kopuru batek izena emon ezkero martxan ipinteko. Ikastarook, Antzerkigintzea, Edadekoentzako ariketa fisikoa, Eskulanak eta Zaharbarritzea dira.
Honetaz gainera, Ongizate Sailetik tailer bi be eskeiniko ditue, edadekoak memoria entrenetako tailerra eta etxean menpekotasuna daukien personai zuzendutako tailerra.

0
Bertsolaritzea
2014/9/8
Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio Lemoan urri lehenengoaren 13an

Euskal Herriko bertsolari txapelduna eta txapeldunordea izango dira Lemoan, urri lehenengoaren 13an Elizondoko bertso bazkarian. Gai jartzaile lanetan Igor Menika izango da. Tiketak udaletxean erosi daitekez urri lehenengoaren 4a arte.
Amets Arzallusek 2013an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi eban eta Maialen Lujanbiok egin eban bigarren. Biak daukie Euskal Herriko txapela, 2009an Lujanbio izan zan txapelduna eta Arzallus txapeldunordea. Lujozko zitea beraz Lemoan, bertsozale guztientzat.
Bertso bazkaria Elizondoko plazan izango da eguraldia ona bada, eta kiroldegian txarra egin ezkero.

Arratiako Musika Eskolea eta batukada taldea
Bazkalaurretik eta bazkalondoan musikaz alaitutako poteoa egongo da Lemoan. Eguerdian, 13:00etan, Herradura tabernatik abiatuko dira eta Arratiako Musika Eskoleak ipiniko dau musikea; arrastian, barriz, 18:30ean izango da poteoa Zaparrada Batukada Taldeagaz.

0
Erakusketea
2014/8/8
Antonio Aldamaren margolanak Zeanurin

"Zeanuri" izenburupean, Antonio Aldama margolari ezagunaren lanak egongo dira ikusgai abuztuaren 8tik 17ra bitartean, Materolatarren erakustokian, Zeanuriko Arregia auzunean, Kultur Etxearen parean.
Lanok herrialdearen irudi bizia eskeintzen dabe bertan sartu barik; biztanleria zelangoa dan be inguruak erakusten dau. 40 piezak osotuten dabe erakusketea eta hilaren 8an, arrastiko 20:00etan zabalduko ditu ateak.
Felipe Manterola argazkilariaren sendiak artisteari baimen osoa emon deutso bere argazki artxibora sartzeako. Aldamak artxiboko argazki honeek erabili ditu erakusketa honetan erakutsiko dituan hainbat margolan egiteko. Felipe Manterola "berbiztu" egin dala esan daiteke, Aldamaren inspirazinoa izan da eta.

0
Danerik
2014/7/31
San Justoko karobia barriro ketan ipiniko dabe zapatuan, abuztuaren 2an

Juan eta Julian Aranagaz batera, Mallorca eta Madriletik etorritako FICAL alkartearen ordezkariak isiotuko dabe.



Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean, Forum Ibérico de la Cal (FICAL) alkarteko ordezkariak —Mallorca eta Madriletik etorritakoak— isiotuko dabe San Justoko karobia abuztuaren 2an, zapatuan, goizeko 11:00etan, eta urteetan zehar ahaztuta eta amatauta egon dan ke zurixkea San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Domeka eguerdirantza, kare bizia oka egiten hasiko da labe-agoa.
Orain dala hameretzi urte berreskuratu eban Ipizki Taldeak, Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean, 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan San Justoko karobia, eta ordurik hona, hutsik egin barik, urtero, abuztuaren lehenengo  astegoienean martxan ipinten dabe. Igaz, Moron de la Fronterako (Sevilla) Karearen Museotik etorritako  ordezkaritzeak isiotu baeban kare-labea, aurten Mallorcatik eta Madrildik Zeanurira etorriko dan Forum Ibérico de la Cal (FICAL) alkarteko sei bat lagunek ospotutako ordezkaritzeak izango dau protagonismo berezia karobia sutan ipinteko ekitaldian, Juan eta Julian Aranagaz batera. FICAL alkarteak kareagaz zerikusia daben profesional desbardinak —ekoizleak, zaharbarritzaileak, eraikitzaileak, unibersidadeko irakasleak...— batzean dauz, material honen inguruko ezagutzak parteka- tzeko. Bere helburu nagusia honako hau da: karearen ekoizpenaren eta erabilerearen ikerketea, formakun- tzea eta hedapena bultzatzea.
Karobia isiotu ostean, hamaiketakoa egongo da San Justora hurreratzen diran guztientzat: urdaia, pamitxea eta ardaua. Bestalde, 14:30ean, auzo-bazkaria egingo da San Justuko harexpean. Baz- kari herrikoi horretan edozeinek parte hartu daike, aurretik izena emonda.



Mezea, Paella Txapelketea eta bola jokoa
Hurrengo egunean, abuztuaren 3an, domekan, San Justoko erromeria ospatuko da. 12:00etan mezea izango da. Mezearen ostean maiordomoak barauskarria —ardau zuria eta gailetak— bananduko dauz jentearen artean eta jarraian Paella Txapelketea izango da.
Eguraldia lagun eta ohiturea jarraituz, asko izango dira da San Justoko harexpean bazkaltzen geratuko diranak, eta arrastian 17:30etik aurrera, Bola eta Mus Txapelketetan parte hartzeako aukerea izango dabe.

San Justokoa, karobi frantsesa
San Justokoa karobi frantsesa deritxana da, hau da, kontraterrenoa aprobetxauz eregitakoa. Apurka-apurka estutzen dan zulo bat da, 4 metroko sakonerea daukana, eta 150 zentimetroko zabalerea goiko aldean eta 40koa behekoan.
Kare labe frantsesak era honetan egiten dabe behar: erregai funtzinoa jokatzen dauan egurrez beteten dira, gero, gainean, kareharria ipinten da eta sua emoten jakie. Harria errez kare bihurtzen da eta karea egin ahala, egurrez eta kareharriz kargetan da karobia. Lan horrek hainbat lagunen beharra eskatzen eban, horregaitik hiru-lau etxe alkartuz edo auzolanean egiten zan.

0
Danerik
2014/7/15
Lubakiak errekuperetan jarraituko dabe gazteak

Igazko moduan, Auzolandegiak 2014 programearen barruan, 1937ko Lemoatxeko lubakiak errekuperetako beharrean ibiliko dira hur eta urrineko gazteak. Lemoatx 1937 Memoria Historikoa errekuperetako Batzordearen ekimenez, Lemoako Udalak Eusko Jaurlaritzaren Auzolandegiak programan sartu ebazan Lemoatxeko lanok igaz. Aurten be, txanda bi egongo dira: garagarrilaren 16tik 30era lehenengoa; eta abuztuaren 1etik 15era bigarrena.
Helburua igazkoa amaitutea dala azaldu deutso BEGITUri Mikel Garciak, Lemoako Udaleko Gazte teknikari eta auzolandegi honeetako arduradunak. Horretarako, txanda bakotxean 20 gazte inguruk egingo dabe behar, Aranzadi alkarteko Asier Izagirreren zuzendaritzapean. Igaz 120 m2 inguru errekuperau ziran baina hori baino gehiago falta dala ondino dino Garciak.

Lemoatxeko bataila
1936ko gerran, Burdinazko Gerrikoaren defensarako Lemoatx leku estrategikoa izan zan bere kokapen eta ezaugarri geografikoakaitik eta 1937ko maiatzaren 28 eta eta bagilaren 15aren bitartean bataila garrantzitsua egon zan bertan. Horren lekuko, igaz bertan topautako bala zorroak, granada zatiak eta obusa berbarako.
Trintxerok errekupereteaz gainera, Lemoatxeko baseleiza barriztu eta beste erabilera bat emoteko proiektua be badago, baina, Garciak esandakoaren arabera, momentuz "geldi dago ez dalako finkatu zer egingo dan".

0
Danerik
2014/7/7
Mendibilek Bittor Kapanagaren omenez kantauko dau

Hilaren 12an, 20:00etan Otxandioko eleizan, Bittor Kapanagaren heriotzaren 3. urteurrenean, kantaldi-bertsoaldia antolatu dabe euskal kulturan erreferente bat izandakoaren omenez. Kapanagak sortutako letrak famadu egin ziran Gontzal Mendibil kantariaren eta beste batzuen abotsetan eta egun horretan Kapanagaren omenezko ekitaldian egongo dira.
Kapanagak idatzitako letrai musika ipini eutsien kantariak egongo dira bertan. Gontzal Mendibilegaz batera, Niko Etxart, Josu Zabala, Patxi Villamor, Txomin Bengoa eta Xeberri, hain zuzen. Xabier Amuriza, Unai Iturriaga eta Igor Elortza, Kapanaga ezagutu eben bertsolariak, be egongo dira bertan, eta Otxandioko Abesbatzak be hartuko dau parte ekitaldian. Eguerdian bazkari-solasaldia egongo da.
Kapanaga oso kanta ezagunen letren sortzailea izateaz gainera, teoria berezia sortu eban euskerearen jatorriaren inguruan, euskal kosmogoniaren alderdi garrantzitsuak landu ebazan, eta kooperatibagintzan egin eban behar, beste gauza batzuen artean.

0
Danerik
2014/6/30
Ibabe Beristain, igazko txapelduna, aurten be Igorreko Aurresku Txapelketan

Igorreko XIII. Aurresku Txapelketea hilaren 5ean izango da Igorreko Kultur Etxean. Bertan Bizkaiko hamaika aurreskularik hartuko dabe parte, tartean Asier Etxezarraga Igorrekoa. Atzen urte biotan garaile izan dan Ibabe Beristainek be emon dau izena. Ikuskizuna arrastiko seiretan hasiko da.
Igorrera lehenengoz datorren aurreskulari barri batek hartuko dau parte, Josu Marcos 9 urteko deustuarrak, hain zuzen. Gazte-gazteak dira atzen urteotan hasi diranak, Ibaibe Beristainek berak be 15 urtegaz irabazi eban 2012an, XI. Igorreko Aurresku Txapelketea. Nesken partaidetzea be finkatuz joan da aspaldi honetan, eta aurten lau neska eta zazpi mutil lehiatuko dira Igorreko txapela lortzeako.

Jota eta porru erakustaldia
Partaide guztiak jantzan egin ostean eta epaimahaiak ebatzia hartu bitartean, jota eta porru erakustaldia egingo dabe Santurtziko Lander Campos eta Leioako Haizea Ormaetxeak. Bikoteak hainbat txapelketa irabazi ditu jantza sueltoan.

0
Danerik
2014/6/24
Pailazoak Bizipoza kutsatuko deutsee ume eta nagusiai

Bagilaren 26an, Pirritx Porrotx eta Marimotots pailazoak, Bizipoza ikuskizunaren emonaldi bi egingo ditue Igorreko kiroldegian: lehenengoa 17:00etan eta bigarrena 19:30ean.


Pirritx, Porrotx eta Marimototsez gainera, beste personaje batzuk be badagoz Bizipoza ikuskizunean, Panpoxa furgonetea, kasurako. Izan be, ikuskizunaren argumentuak kantuan eta jantzan, bizipozez eta auzolanean, mundu barri bat dagoala aurrean kontetan dau.
Sarrerak 7 eurotan dagoz salgai. Lasarte Aretoko lagun txartela izan ezkero 5 euro ordaindu behar da, (ikuskizunean erakutsi beharko da txartel hori). Kutxabankeko oroetarako kutxazainetan eta interneten www.bbk.es helbidean dagoz salgai. Sarrerak agortzen ez badira egunean berean erosi daitekez Kultur Etxean.

Bizipoza
Ikuskizunaren argumentuaren arabera, pailazoak irripidean zehar abiatzera doaz Panpoxa furgonetan, Txernobyldik jatorkien laguna aireportuan jasoteko. Baina Marimotots Panpoxa martxan jartzen saiatuten danean, ezin dau: motorra puzkerka hasi da, ke artean eztulka. Matxuratuta dago plazaren erdian. Hori dala eta, arduratuta dagoz gure lagunak, aireportura zelan joan ez dakiela. Baina plazan dagozala, laguntasuna ez jakie faltauko.

0
Danerik
2014/6/22
Hamabi mila euro bananduko ditu Kmovie-k saritan

Kmovie euskerearen erabilerea ezagutzera emon gura dauan gazteai zuzendutako ikus-entzunezkoen lehiaketeak, hamabi mila euro bananduko dauz saritan. Lehenengo saria 6.000 eurokoa, bigarrena 4.000koa eta hirugarrena 2.000koa izango dira. 18 eta 30 urte arteko gazteak hartu daikie parte, modu indibidualean edo taldean. Inskripzinoa egiteko eta piezak bialtzeko epea urri lehenengoaren 1era arte da. Inskripzinoa www.bizkaia.net webgunean egingo da.
Kmovie, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko Kirol eta Gazteria Zuzendaritzeak, Azkue Fundazinoagaz lankidetzan, antolatuten dauan lehiaketea da.

0
Danerik
2014/6/20
Dimako kalenturak I. Ipuin Erotikoen Lehiaketea

Basaurin Euskarabila alkarteak antolatuten eban ipuin erotikoen lehiaketearen hutsunea beteteko asmoz, Dimako Udalak eta liburutegiak "Dimako kalenturak. I. Ipuin Erotikoen Lehiaketa" antolatu dabe. Bertan 16 urtetik gorakoak hartu ahal izango dabe parte eta hiru sari emongo ditue.
Lanok urri lehenengoaren 1etik 22ra aurkeztu daitekez. Originala, hiru kopia eta egilearen datuak dituan gutunazala, beste handiago baten sartuta udaletxera bialdu behar da, edo posta elektronikoz kultura.dima@bizkaia.org-era. Kasu honetan, ipuina fitxategi baten bialduko da "ipuina" izenagaz eta beste baten egilearen datuak "egilea" izenagaz. Ipuin bakarra bialdu ahal dau persona bakotxak.

Sariak
Hiru sari emongo ditue antolatzaileak. Irabazleak 600 euro jasoko ditu, bigarrenak 400 euro eta Arratiako lanik onenarentzako be 250 euroko saria dago. Sari emotea urri bigarrenaren 24an izango da.

0
Danerik
2014/6/19
Jaietako kartel lehiaketea antolatu dabe Zeberion ume eta nagusientzat

Zeberioko Jai Batzordeak eta Udalak Sandoniak 2014 iragarteko jaietako kartela aukeratuteko lehiaketea antolatu dabe. Lehiaketak, egia esan, bi dira: batean nagusiak hartu daikie parte eta bestean umeak. Nagusien kartel irabazlean Sandoni jaietako egitaraua iragarriko da eta umeen kartelean, umeentzat prestatutako ekitaldiak.
Nagusien kartel lehiaketako karteletan testu hau agertu behar da "ZEBERIOKO SANDONIAK 2014. Abuztuaren 28tik irailaren 2ra". Irabazleak Zeberioko produktuen otzara bat izango dau saritzat.
Hamalau urte arteko umeak aurkeztu daikiez euren lanak, umeai zuzendutako lehiaketan. Kartelaren testua hauxe da: "SANDONIAK 2014. UMEEN EKINTZAK". Parte hartzaile bakotxak oparitxo bat jasoko dau.
Lehiaketa bietako lanak, bagilaren 25era arte entregau ahal dira Zeberioko udaletxean.

0
Danerik
2014/6/18
Herri kirolak, musikea eta pelotea Areatzan AKKB Eguna ospatuteko

Areatzako Kirol eta Kultur Batzordeak bere eguna ospatuko dau hilaren 21ean. Horretarako, herri kirol desafioa eta herri bazkaria antolatu dabe batzordekoak, beste gauza batzuen artean. Udabarri Txapelketako esku pelota finala be jokatuko da Areatzan.
Herri kirolak 10:30ean hasiko dira plazatik frontoirako kalejira bategaz. Lehian bost talde izango dira honako froga honeetan: ingudea, zakua, gizon-andra probak, txingak, sokatira eta trontzan. 14:30ean, Areatzako zulatzaile taldeak jardungo dau. Horren ostean bazkaria izango dabe AKKB-koak.
Arrastiko 18:00etatik aurrera poteo musikatua egingo dabe herriko tabernetatik zehar eta 20:00etan umeak esku pelota partiduak jokatuko dabez frontoian. Horreen ostean, Udabarriko esku pelota finala jokatuko da.
Jaia amiatuteko, 23:30etn Zirkinik Bez taldeagaz erromeria egongo da Gaztetxean.

Mendi urtekerea eta txistu kontzertua
AKKB Eguna ospatuteaz gainera, beste ekintza batzuk be antolatu dabez hamabostaldi honetarako. Holan, bagilaren 28 eta 29an, Dulaura mendi urtekerea daukie. Mendia baino musikea gurago dabenentzat, hilaren 28an be bai, Bilboko Euskaldunara urtekerea antolatu dabe, Bilboko Txistu Bandaren X. urteurrena ospatuteko kontzertu berezia ikusteko. Kontzertu honetan, Bilboko Txistu Bandeagaz batera, Kepa Junkera, Niko Etxart, Gozategi, Enaut Elorrieta, Sorotan Bele eta Los Cinco Bilbainos izango dira.

0
Musikea
2014/6/18
Musikeak eta suak bat egingo dabe Areatzan

Areatzan, hilaren 20an, Europako Musika Eguna ospatuteko, Musikasua piroteknia eta musikea buztartzen dituan kontzertu-ikuskizuna eskeiniko dabe. Udalak, Areatzako Bandak eta Astondoa Pirotekniak antolatuta, Areatzako Sakramentinoen parkean izango da, gaueko 22:30ean.
Bandakoak, Paula Perez Buenoren zuzendaritzapean, pelikulen soinu bandak joko ditue. Musika egitarauan, beste batzuen artean, John Williamsek, Darrol Barryk eta Ennio Morriconek zinemarako konposatutako obra ezagunak dagoz. Piroteknia efektuak beste edozein "bakarlariren" moduan izango dira kontzertuaren barruan, beste instrumentu guztiakaz harmonia betean. Aukeratutako beharren erritmoak eta sonoridadeak finkatuko dabe efektu bakotxaren estiloa: "konposizinoen inpaktua indartuko dogu: kasu batzuetan, fase erritmikoak markauko doguz; beste batzuetan, pintzelkada leunak emongo doguz, ikutu magikoak eskeiniz eta emozinoagaz eta sorpresa faktoreagaz jokatuz", azaldu dau Izaskun Astondoak.
Ikuskizun honek, maisutasun handia eskatzen dau musikarien aldetik eta ez dira asko, horretara ausartzen diran musika bandak. Areatzakoa da gitxi horreetako bat. Berrogei musikari inguruk joko dabe Bandan.
Josu Basozabal Areatzako alkateak ekimen honen "izaera barritzailea eta jai girokoa" nabarmendu dau. "Barriz be, Musikasuaren aldeko apustua egin dogu. Musikearen eguna ospatuteko modu bikaina iruditzen jaku. Bertan, entzumena eta ikusmena batera joango dira, eta datozen guztiai gustauko jakie ekimena", azaldu dau Basozabalek.

0
Musikea
2014/6/13
Orkestra musikea Areatzan

"Erdu eta musikatu" izenpean, Areatzako Kirol Kultur Batzordeak (AKKB) berbaldi bat eta hiru kontzertu antolatu ditu, hilaren 16, 17 eta 18rako. Berbaldia hilaren 12an izango da eta han Tomas Bernardok jardungo dau Erdi Aroko musikearen gainean.
Kontzertuai jagokienean, hilaren 16an, perkusino, klarinete eta piano kontzertua egongo da Vicent Trio taldearen eskutik. Hirukotea, Vicent Zaragoza Llorcak perkusinoan, Javier Roldan Gamarrak klarinetea joten eta Patricia Miñana Esparza pianojoleak osotuten dabe. Joko dabezan piezen artean, perkusino eta klarineteko duo klasikoak, Piazzolaren tangoak eta gaur egungo piezak dagoz. Ibilbide profesional handia daukie hiru musikari honeek eta orkestra eta kamara talde askogaz jo dabe.
Hurrengo egunean, Bilboko Orkestra Sinfonikoko perkusionistak eskeiniko dabe kontzertua. Narciso Gomez, Joaquin Carrascosa, Elur Arrieta eta Vicent Zaragoza egongo dira. Igaz be egon ziran Areatzan perkusionista honeek eta "igazko arrakastea errepikatu guran" etorriko dirala aurten, dino Asier Garcia AKKBkoak.
Hilaren 18an, barriz, Enrike Solinis & Euskal Barrokensemble-k gitarra barrokoa, kontrabajoa eta perkusinoa joko dabe Areatzako Udal Aretoan. Solinisek disko barria atera dau eta berau aurkeztuko dau kontzertu honetan.

0
Danerik
2014/6/3
Mitologia gaia hartuko dau Lemoako Euskal Jaiak

Hilaren 7an ospatuko dabe Euskal Jaia Lemoan. Aurtengo ekitaldi nagusia kalejirea izango da. Arrastiko seiretan izango da eta joaldun eta personaje mitologikoakaz batera ibiliko dira lemoaztarrak herrian zehar. Kale animazinoa Irurtzungo Orritz Gazte Elkarteak egingo dau, euskal mitologiako personajeak antzezten.
Lemoako Euskal Jaia, eguerdian hasiko da triki poteo bategaz eta ondorengo herri bazkariagaz. Triki poteoa 13:00etan hasiko da Kodigo tabernan eta bazkaria Arraibin izango da 15:00etan.
Aurtengoa, Lemoako Euskal Jaiaren hirugarren edizinoa da. Igaz akelarrea hartu eben gaitzat, eta aurten, joaldunak eta mitologia. Joaldunak edo zanpantzarrak Nafarroako iparraldeko herri inauterietako personajeak, euskal mitologiako beste personaje batzuekaz hartzean dabe parte Orritz alkartearen ikuskizunetan. Mari, Akerbeltz, Gizotso, Tartalo, Basajaun, Herensuge, Mikolatsak (iratxo bihurriak), Galtzagorriak (iratxo langileak) eta jentilak dira irudikatzen dituen personajeak. Personaje mitologiko honeek eskuz egindakoak dira eta adierazkortasun handia daukie, alkartekoen arabera. Gainera, "personaje honeek ikusleakaz alkar eragiten dabe, euren jolas eta bihurrikerietan partaide egiten ditue, momentu dibertigarriak sortuz. Haur eta gazteakaz oraindino gehiago lortzean da alkar eragina, benetako pertsonajeak dirala sinistera heltzean dira eta" dinoe Orritz-ekoak.
Kalejirea Arraibitik Elizondora joango da.

0
Kontzertuak
2014/5/20
Kherau taldeak Aukhera diskoa aurkeztuko dau

Boskote bizkaitarrak bere bigarren diskoa Aukhera (Gaua Records, 2014) aurkeztuko dau Lasarte Aretoan maiatzaren 23an, 20:00etan. Kheraukideak kontzertu berezia eskeini gura dabe. Izan be, hainbat kanta barri joko dabez lehenengoz jentaurrean.
Folk talde barritzaileak ez dau bakarrik etorri gura geurera. Horretarako, diskoaren grabaketan  parte hartu eben hainbat kolaboratzaile oholtza gainera izango dira konbidatuak; besteak beste, Arratiako AK-37ko neskak eta Lander Zabala Lemoako panderojolea.
Diskoaren 14 kantak konposatzean ez da egon muga kreatiborik ezarri dauan estilorik. Horregaitik, Aukhera ez da publiko zehatz bateri bideratutako proposamena, edozein entzulek gozatu daikena baino. Gainera, artisau-produkzinoa izan da Aukhera, guztiz esperimentala. Alde batetik soinu erakargarria lortu gura izan dabe, baina bestetik, egiazkoa, organikoa eta zintzoa.
Egileen arabera, Aukhera disko barria "erditze kolektiboa da. Odoltsua, mingorra, luzea. Hesteetatik idatzitako akordeak, ekiaren egusentiari begirako hausnarrak, eta taberna-zulo giroko alkarrizketa-pasarteak. Esku-hartzea behar izan dauana eta arrakalak sortu dituana. Alea jaso orduko, entzule, jakin zornea garbitu deutsegula gure zauriai, baina orbanak lekuko, ez gara lehengo berberak".

0
Danerik
2014/5/20
Gure inguruko sendabedarren katalagoa kaleratu dau Gorka Menendezek

Gorbeialdeko sendabelar tradizionalak titulupeko liburua kaleratu dau Gorka Menendezek Ediciones Beta argitaletxeagaz. Liburu honetan, 118 landare jasoten dira euren herri medikuntzako erabilereaz. Liburuaren aurkezpena hilaren 23an izango da Igorreko Kultur Etxean.
Liburua sendabedarren gida edo katalogo antzeko bat da. Egilearen doktoretza-tesian oinarrituta dago, baina adituak ez diranak ulertuteko moduan idatzita. Gaia sendabedarrak eta jakituria tradizionala izanda, Menendezeri garrantzitsua iruditu jakon, akademiarako bakarrik ez, kaleko jentearentzat be liburua egitea eta hauxe izan da emoitzea.
Liburuaren sarreran etnobotanika kontzeptua zer dan azaldu eta ikerketearen metodologia aurkezten da. Gero herri medikuntzaren inguruko atal bat dakar. Bertan, herri medikuntzaren hainbat ezaugarri aitatzen dira, liburu hau irakurri eta ulertuteko interesgarriak diranak. Eta ondoren katalogoa bera. "118 landare dagoz erabilerearen arabera ordenauta. Hau da, landarerik erabilienak lehenengo agertzen dira. Mantzanilla da lehenengoa" azaldu deutso BEGITUri egileak. Landare garrantzitsuenen fitxa bat dago eta amaitukeran errezeta batzuk, ukenduak, enplastuak eta abar egiteko.

Illintiak lagunduta
Idoia Biurrun botanika irakasleak lagundu deutso egileari landareen deskribapenak egiten, eta Josu Larrañagak eta Angel Larrea zeanuriztarrak zuzenketak egiten. Eusko Jaurlaritzak eta Arratiako Illintia alkarteak lagundu dabe diruz Gorbeialdeko sendabedarren gida hau.

0
Danerik
2014/5/13
Munduari bira familian

Isabel Aliagak, Roberto Salazarrek eta euren alabak Uxue eta Aliziak 2012an munduari bueltea egin eutsien eta euren esperientziak liburu baten jaso dabez. Hilaren 16an, arrastiko 19:30ean, Igorreko Kultur Etxean egongo dira berbaldi eta proiekzino baten bitartez esperientzia hori kontetako.
Igorreko familia hau bost kontinenteetatik zehar ibili zan ia urtebetez. Izan be, Isabel Aliagak eta Roberto Salazarrek herrialde, ohitura eta jente desbardinak ezagutu eta naturaz gozatzeko pasinoa euki dabe beti, eta horrek ahal izan daben guztietan biajatzera bultzatu ditu.

0
Zinea
2014/5/13
Afrikako zinea Igorren

Afrikan egindako lau film ikusteko aukerea izango da Igorreko Lasarte Aretoan maiatzaren atzenengo hiru eguenetan, zine klubeko emonaldiotan. Hilaren 15ean, Senegalen egindako erdimetraje bi egongo dira ikusgai, eta Senegal eta Maliko filmak pantailaratuko dira hilaren 22an eta 29an, hurrengoz hurrengo. Saiook arrastiko zortziretan izango dira.
Emonaldi bikotxa antolatu dabe zine klub-ekoak hilaren 15erako. Bertan Djibril Diop Mambety zuzendari senegaldarren Le Franc (1994) eta La petite vendeuse du soleil (1999) lanak proiektauko dira. Film honeekaz, Mambéty-k jente xeheari eskeinitako trilogia bat hasi eban, amaitu ezin izan ebana, 1998an hil zan eta. Le Franc filman, zorrez josita bizi dan Marigo musikariak loterian ipiniko ditu bere itxaropen guztiak; La petite vendeuse du soleil izenekoan, Sili neskatoak egunkariak saltzeako asmoa eukiko dau, lanbide hori Dakarren mutilentzat baino ez dan arren.
Zine afrikarrari eskeinitako bigarren saioan, Madame Brouette (Moussa Sene Absa, 2003) filmaren txandea da. Film honek musika onenaren saria irabazi eban 2003ko Berlinalen eta hilketa baten istorioa kontetan dau. Tiro batzuk entzuten dira eta Naago zaurituta eta balantzaka agertzen da. Haren andreak, Danielle-k gizona hil dauala onartuten dau. Auzuneko andra guztiak bere alde ipinten dira; gizonezkoak, barriz, ez.
Malitik jatorku zine klubaren hirugarren saioan ikusi ahal izango dogun pelikulea. Abderrahmane Sissakok zuzendu eban 2006an Bamako izeneko filma. Bamako uriaren auzune pobre bateko patio baten, epaimahai bat ipini dabe. Bertan, afrikar gizarte zibilaren ordezkariak Nazinoarteko Moneta Funtsa, Munduko Bankua eta beste hainbat eragile ekonomiko salatzen ditue, Afrikak bizi dauan egoerea dala eta. Patio horretako biztanle dira Mele abeslaria eta Chaka bere gizona.

0
Danerik
2014/5/5
Udalekua Zaztaparrakaz

Aurten hemeretzigarrenez, Zaztaparrak Asti Taldeak udalekua antolatu dau Abuztuaren 4tik 15era. Baratze, Bizkaiko herri txiki bat, izan da Arratiako umeen gozamenerako Zaztaparrak-ek aukeratutako lekua. Matrikulazinoa maiatzaren 9 eta 10ean egingo da Igorreko Lasarte Parkean. Maiatzaren 9an arrastiko 18:00etatik 20:00etara, eta 10ean goizeko 11:00etatik 13:00etara. Umea apuntetako beharrezkoak dira datu honeek: izen abizenak, jaiotza data, helbide elektronikoa eta kontakturako telefonoa. Prezioa umeko 202 eurokoa da, neba-arreba bik 357 euro eta 535 euro ordaindu beharko dabe hiru neba-arrebak izena emon ezkero.

0
Danerik
2014/5/4
Folk, jazz eta musika klasikoa AKKBren eskutik

Datorren hiruhilabeteko AKKBren (Areatzako Kirol eta Kultur Batzordea) programazino musikalak hiru atal ditu. Maiatzako lehen hamabostaldia euskal folk musikeari eskeiniko deutsie, bigarren hamabostaldia bateria eta jazzari eta bagileko lehen hamabostaldia, barriz, musika klasikoari.
Maiatzako lehen hamabostaldi honetarako  antolatutako musika eskeintzearen helburua, Euskal Herriko instrumentuak ezagutzea eta bere inguruan talde desbardinak egiten dabizen atzen lanak aurkeztutea dala dino Asier Garcia AKKBkoak. Honetarako ziklo bi programau dabez, bata umeentzat, Hala Dzipo musika eskolaren laguntzaz, eta bestea nagusientzat. Ziklo bi honeek hilaren 17 eta 18an eukiko dabe amaierea, Aiko taldeagaz batera antolatutako Erromeri Egunean eta jantza astegoienaz.

Kontzertu didaktikoak
Umeentzat, Hala Dzipo musika eskolak emonda, kontzertu didaktiko bi prestatu dabez Areatzan. Lehenengoa, Maddi eta txalaparta, 2 eta 5 urte arteko umeentzat. Idoia Kareaga txistulariaren bigarren liburua da Maddi eta txalaparta. Lehenengo liburuaren, Maddi eta txistua, arrakastearen ostean, orain bigarren liburua aurkeztera dator. Hau maiatzaren 7an izango da Udal Aretoan goizeko 10:30ean.
Beste kontzertu didaktikoa Abeltxuriak taldearen Euskal Herriko instrumentuen ingurukoa izango da hilaren 14an. 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat da hau, Hala Dzipo musika eskolako irakasleak sortutakoa.
Nagusientzat beste kontzertu bi eratu dabez batzordekoak. Lehenengoa, Arozenatarrak emongo dabe hilaren 7an, arrastiko zortziretan Udal Aretoan izango da. Xanet, Urko eta Aitor Arozena anaiak eta Oiartzungo txistulariak, txistu mundua aurkezten dabe umorez betetako saio baten. Kitarra, perkusino eta txistu formatoan, Gorosarri edo Ansorenaren piezak edota Europe edo AC/DC-en piezak eskeiniz.
Nagusientzako bigarrena, Bilboko txistu bandak eskeiniko dau. Hilaren 14an izatekoa zan baina 21ean izango da arrastiko zortziretan Udal Aretoan. "Txistuaren errepertoriotik biaje bat egingo dogu betiko piezetatik hasi eta Xabi Zabalak beren beregi Bilboko txistu bandarentzat idatzitako obrakaz amaituz" dino Garciak. Txistuak, jantzariak, abeslariak, pianoa... eukiko dabez lagun kontzertu honetan.

Folk jardunaldiak
Ziklo hau maiatzaren 17 eta18an egingo diran folk jardunaldiakaz amaituko da. Egun horreetan, euskal folk-a landuko da tailerretan. Arantzartek, Hala Dzipok, Bizkaiko gaiteruak, Aiko taldeak, Hala Dziporen fanfarreak, Areatzako txistulariak, eta Sestao, Deusto eta Areatzako erraldoiak eta Baztango mutil jantzak emongo dabez ikuskizunak.

0
Danerik
2014/5/1
Ingurumenaren aldeko argazki lehiaketea Igorren

Igorren "Ingurugiroaren parte izan" izeneko argazki lehiaketea antolatu dabe, herritarrengandik ingurumena hobetuteko proposamenak jasoteko. Lehiaketan edozeinek parte hartu ahal dau, igorreztarra ez izan arren, baina argazkiak Igorren ateratakoak izan behar dira. Lanak maiatzaren 30era arte aurkeztu daitekez.
Argazkiok testu txiker bategaz bialduko dira, edozein formato literariotan eta gehienez 80 berbetan, argazkian agertzen dana salatu eta hobetuteko proposamenak egiteko. Partaide bakotxak 5 argazki aurkeztu ahal ditu gehienez, formatu digitalean, Igorreko Udaleko Erregistroan edo Igorreko Kultur Etxean.

Hiru sari
Sariak hiru kategoriatan sailkatuko dira eta bakotxean sari bakarra egongo da. Umeak kategorian, 7 eta 12 urte bitartekoan, saria 150 euro izango dira; gazteen kategorian, 13 eta 20 urte bitartekoan 330 euro eta helduentzako 600 euroko saria egongo da. Sari guztiak jagokien zerga atxikipena izango dabe.
Sarien banaketea bagilaren 15ean iragarriko da udaleko webgunean.

0
Bertsolaritzea
2014/5/1
Arratiako finala hilaren 4an Igorren

Martxan dagoz Bizkaiko Eskualdeetako Bertsolari Txapelketak.


Abendurainoko ibilbidea eukiko dau, baina daborduko hasi da martxan Bizkaiko Bertsolari Txapelketea 2014.
Lehenengo fasean, Eskualdeetako Bertsolari Txapelketak jokatuko dira, eskualdez eskualde, bakotxean txapeldun bana izentau arte. Danera zortzi eskualdek osotzen dabe Bizkaiko mapea. Maiatzean jokatuko dira final guztiak.
Arratiari jagokonean finala maiatzaren 4an izango da Igorreko Lasarte Aretoan arrastiko 17:30ean. Parte hartuko daben bertsolariak honeek izango dira: Irati Astondoa Zuluaga, Aitor Asua Basterra, Irati Bernaola Sagardui, Illart Gumuzio Larrazabal, Iñaki Iturriotz Zuluaga "Iturri" eta Igor Menika Bengoetxea. Arratiako txapeldunak udagoieneko kanporaketetan parte hartuko dau zuzenean. Aitor Asuak ez daukaz 18 urte. Horregaitik, puntuau barik kantauko dau txapelketan. Beste bostak lehiatuko dira Arratiako txapela janzteko.
"Oraindino ez dakigu aurretik inoz finalista izan diranetatik zenbatek emongo daben izena. Horreek bagilaren hasikeran eukiko dabe aukerea txapelketan izena emoteko. Hor izena emoten dabenak kontuan hartu, eta 30era arte geratzen diran postuak eskualdeetako finaletako puntuazinoaren arabera beteko dira" dino Maddi Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Alkarteko komunikazino arduradunak.
Orain urte bi, Iñaki Iturriotzek jantzi eban Arratiako txapela.

0
Danerik
2014/5/1
Zeanurin zehar errotarik errota

Maiatzaren 4rako prestatu dabe Joko Alai eta Ipizki Taldeak 2014ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten bederatzigarren edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileak adierazo dabenez helburuak hasikerako berberak dira: "alde batetik, herritarrai zein kanpotik hurreratzen diran bisitariai Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; eta bestetik, Zeanuriren historian errotak izan daben garrantzia ezagutarazotea". Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan —Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.

Ibilbide bi: luzea eta laburra
Ibilbide bi prestatu dabez antolatzaileak, bata luzea, 18 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 12 kilometrokoa, jan-edana bananduko dan tokitik helmugara zuzentzen dana.
Urtekerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileak. Urtegia atzean itxi bezain laster Barrengoerrota aurkituko dabe, Beretxikora errekatxoaren ertzean. Agarre izeneko baserrien ingurutik aurrera eginaz, Undurraga auzunera jaitsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeako; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenak kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutsie bideari —oraingoan beste aldetik—; presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana bananduko dau Gastronomia Cantabricak. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, atzen kilometroa betetzen hasiko dira; helmuga baino 300 bat metro lehenago ibilbideko atzen errotea azalduko da, Olabarrikoa —Pujana familiak zaharbarritua—, eta bisitetako aukerea izango da, ate batetik sartuz eta bestetik atereaz, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.
Ibilbidea burutzerakoan, 18 kilometro eroango dabez oinetan ibiltariak, baina ziur ziteari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gain, udabarrian naturak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukerea izango dabe eta.

0
Bertsolaritzea
2014/4/30
Bertso saioa Diman

Dimako Udaleko Bardintasun Mahaiak saioa antolatu dau Gaztetxean eta bertan Rosi Lazkano, Onintza Enbeita, Uxue Alberdi eta Nerea Ibarzabal ibiliko dira kantuan maiatzaren 2an arrastiko 20:00etan, gai jartzaile beharrak Ainhoa Aranburuk egingo ditu. "Goxotasunean eta belaunaldi desbardinetako andrak eukiko doguz kantuan. Betiko formatotik urtetea da helburua, gaiak eta giro berezia espero dogu. Gure ustean orain arte bertsolaritzeak gizonen mundua bakarrik islatu dau, gizonen umorea, izatea, sentimentuak... Horregaitik Maialen Lujanbio heldu arte gure erreferente bakarrak gizonezkoak izan dira, Egaña, Lopategi, Lizaso..." dinoe antolatzaileak. Horregaitik mundu bat galdu dabela uste dabe, "50, 60, 70 urteko andra gitxi entzun doguz kantuan, horreri buelta bat emon guran mundu hori ekarri gura dogu gure mundu eredu bakarrera!" dinoe.

0
Danerik
2014/4/24
Gabriel Arestiren arrastoaz hausnartzeko ikuskizuna Igorreko Kultur Etxean

Hilaren 27an, Gabriel Aresti Kultura Elkartearen ekimenez, Gabrielen lekua izeneko ikuskizuna ikusteko aukerea izango da Igorreko Kultur Etxean arrastiko 19:30ean. Gabriel Aresti jaio zanetik 80 urte bete ziran 2013an eta bere personea, pentsamentua eta lana gaur egunera ekarteko Gabrielen lekua ikuskizuna sortu eben hainbat sortzailek. Horreetako batzuk, Andoni Egaña bertsolaria, Oier Guillan poetea eta antzerkigilea, Rafa Rueda musikaria, Alain Urrutia irudigilea eta Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreak dira.
Arestik gugan ze arrasto itxi dauan  ikusteko, ikuskizuna sortzeako orduan, Arestiren gustuko lekuak hartu ditue ardatz. Leku horreek, bere izakerea eta obrearen alderdirik garrantzitsuenakaz lotzean ditu montaje honek.

0
Erakusketea
2014/4/21
Miguel Sanz lemoaztarraren erakusketea Igorren

Maiatzaren 2tik 31ra, Miguel Sanz Etxebarria pinturazale lemoaztarraren lanak egongo dira ikusgai Kultur Etxeko erakusketa aretoan. Erakusketa hau boligrafoz egindako marrazkiez eta papel gaineko olio lanez osotuta dago.
Lanok ez daukie ardatz zuzentzaile bat, erakusketan bodegoiak, erretratuak eta paisajeak nahastuten dira. Zinema, Errusia eta edertasuna dira lemoaztarrak landuten dituan gai batzuk.

0
Danerik
2014/4/7
Arratiako ondarea ezagutuz berbaldi eta urtekera zikloa

Areatzako Kultur Kirol Batzordeak Arratiako ondarea ezagutzeko hiru berbaldi beste horrenbeste urtekeragaz antolatu ditu.


Angel Larrea historialariak eskualdearen historiaren gaineko hiru berbaldi emongo dauz eta berbaldi bakotxak, txango praktiko bategaz loturea izango dau.
Lehenengo berbaldia aprilaren 10ean izango da eta berbaldi honetan Arratiako aztarnarik zaharrenak aztertuko dauz historialariak: Axlor, Baltzola inguruak, San Kristobal... eta bertan topautako aztarnen barri emongo dau Larreak. Historiaurre eta Erdi Aroaren lehenengo partetik heldutako ondarea, hain zuzen. Berbaldian aitatzen diran lekuak ezagutzeko txango didaktikoa, hilaren 13an, domekaz izango da. Interesatuak goizeko bederatzi t’erdietan batuko dira Areatzako eleizaren portikuan eta autobusa egongo da lekuotara joateko.
Urtean zehar beste berbaldi bi eta hareekaz lotutako txangoak be egongo dira. "Bigarrenean, Erdi Aroa eta Aro Modernoa landuko doguz eta hirugarrenean, barrokotik XX. mendera arte" azaldu deutso begituri Angel Larrea irakasleak.


 

0
Zinea
2014/4/1
Zazpi film labur hilaren 11n Igorren

Zazpi film labur eskeiniko dira aurten hamaikagarren urtez Laburbira film laburren zirkuituan. Urtero legez, Euskaltzaleen Topaguneak herriz herriko euskaltzaleen alkarteakaz alkarlanean antolatzen dauan zirkuitua da, eta 2013 urtean euskeraz sortutako hainbat film labur azpimarragarri ezagutzeko aukerea emongo dau.
Hile honetan Igorren egongo da filmok ikusteko aukerea aprilaren 11n arrastiko 20:00etan Lasarte Aretoan. Zertu Kultur Elkarteak antolatu eta Udalak lagundu ditu proiekzinook.
Laburbiraren bidez Euskaltzaleen Topaguneak euskal sortzaileak egiten daben ikus-entzunezkoen ekoizpena Euskal Herrian bertan ezagutarazo gura dau eta horretarako herrietako aretoetara gerturatzen ditu, bestela ikusteko gatx izaten diran formatu txikiko beharrak emonaldi baten batuz.
   
Zazpi film labur, aniztasuna
Emonaldiak ordu eta laurdeneko iraupena izango dau. Filmen aukeraketea egiterakoan, aintzat hartu dira beharren kalidadea eta gai zein generoen aniztasuna. Holan emonaldiak bildu ditu oso sarituak izan diran lanak, euskaltzaleen alkarte baten babesean sortutako film bat, jaialdi eta zinemaldi desbardinetan estrenautako lanak edo ikus-entzunezkoen Kameratoia rallyan irabazle izandako lana, besteak beste. Ondorengoak dira proiektauko diran film laburrak: Abuztua (Pello Gutierrez), Aio (Asier Sustaeta), Euskaldun berriaren esketxa (Kepa Errasti), Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa (Aitor Gametxo, Maider Fernandez, Maria Elorza), Marylin (Iñaki Beraetxe), Plaza bakarra (Mediaworks 3.0), Sormenaren bide ezkutuak (Lara Izagirre).

0
Zinea
2014/3/25
Film laburren Areatzako emonaldia atzeratuta

Zazpi film labur eskeiniko dira aurten hamaikagarren urtez Laburbira film laburren zirkuituan. Urtero legez, Euskaltzaleen Topaguneak herriz herriko euskaltzaleen alkarteakaz alkarlanean antolatzen dauan zirkuitua da, eta 2013 urtean euskeraz sortutako hainbat film labur azpimarragarri ezagutzeko aukerea emongo dau.
Zertu Kultur Elkarteak antolatu eta Udalak lagundu ditu proiekzinook. Areatzan martiaren 28an egitekoa zan emonaldia aprilaren 4ra atzeratu da. Emonaldia 19:00etan izango da Udal Aretoan.

0
Musikea
2014/3/24
Arantzazukoak kontzertua antolatu dabe Karabie Gaztetxean

Arantzazuko Eleizportaleko Gazte Asanbladak, kontzertua antolatu dau Lemoako Karabie Gaztetxean, hilaren 28rako, gaubeko hamarretan. Bertan, The Jari Flowers, Enkore eta Iseka Rock taldeak egongo dira.
The Jari Flowers bersinoak egiten dauan Arratiako taldeak kantu ezagunak joko ditu, publikoak kantuan eta jantzan egin dagian. Enkore taldeak, barriz, bere disko barria, Kanala, aurkeztuko dau eta Iseka Rock Zumaiako taldeak bere rock melodikoa eskeiniko dau. Rock gaua, beraz, Lemoako Karabie Gaztetxean.

0
Bertsolaritzea
2014/3/23
Arratia finalaurrekoan BBK Sariketan

Martxan da XXII. BBK Bertsolari Gazteen Sariketea eta martiaren 28an jokatuko da finala Bilboko Kafe Antzokian 19:00etan.


Aurtengoan, zazpi eskualdek parte hartuko dabe BBK Sariketan. Eskualdeak Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Lea-Artibai, Ipar Uribe (Eskumaldea), Enkarterriak eta Durangaldea dira. Holan, 50 bertsolari inguruk kantauko dabe aurtengo sariketan.
Eskualde bakotxeko sei bertsolariak adin maila bitakoak izango dira: A mailakoak hiru, 18 urtera artekoak; eta B mailakoak beste hirurak, 19-24 urte artekoak.
Sariketea Bilboko BBK salan aurkeztu zan eta bertan egon ziran Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduraduna, eta Arkaitz Estiballes, Bizkaiko Bertsolari Txapelduna. "Taldeak osotzea erreza da, Bizkaian bertsolari gazteak badaki BBK Sariketea sasoi honetan badatorrela, sendotuta dago sariketea trasmisinoaren orokortasun horretan" esan eban Respaldizak aurkezpenean.
Hiru sailkapen saio dagoz, eta bi jokatu dira honezkero, martiaren 11n Lea-Artibai eta Bilbo artekoa egin zan Markinan, Lea-Artibai subertatu zan garaile lehenengo kanporaketa horretan, eta hurrengo egunean Zallan jokatu zan Enkarterriak eta Arratia arteko kanporaketea, hemen arratiarrak izan ziran garaile. Atzenengo kanporaketea hilaren 18an da Ipar Uribe eta Busturia artean.
Arratia neurtuko da Ipar Uribe eta Busturiaren arteko sailkapen saioko irabazlearen kontra hilaren 25ean, 11:45ean Igorreko Lasarte Aretoan egingo dan finalaurrekoan. Lehenengo finalaurrekoa Lea-Artibaik eta Durangok jokatuko dabe hilaren 19an Durangon.

Arratia garaile
Zallan jokatu zan bigarren kanporaketan Arratiak eta Enkarterrik jardun eben aurrez aurre. Arratiako taldeak irabazi eban saioa. Holan, Igorreko finalaurrekoan kantetako txartela eskuratu eben arratiarrak.
Gaztetxoen mailan Enkarterriko Ekhiotz Mancisidor, Eneko Alda eta Ander Uzelai aritu ziran kantuan; Arratikoak, ostera, Aitor Asua, Lur Ziarrusta eta Leire Amenabar.
Gazteen taldean, barriz, Asier Alcedok, Beñat Amezagak eta Nuria Cortadak osatu eben Enkarterriko hirukotea; eta Malen Amenabarrek, Irati Astondoak eta Illart Gumuziok Arratiakoa.
Danera, Arratiako taldeak 376,5 puntu lortu zituan; Enkarterrikoak, ostera, 332.

0
Danerik
2014/3/23
Munich 1962: Isildu egia dokumentala

Orreaga alkarteak antolatuta, hilaren 27an Igorreko Kultur Etxean Munich 1962: Isildu egia dokumentala eskeiniko dabe. Proiekzinoaren ostean, dokumentalean bere testigantzea emoten dauan Joseba Ariznabarretak egingo dau berba.
Europar mobimentuaren edo gerora Europar Batasuna izango danaren hastapeneko mobimentuaren IV kongresua izango da Munichen 1962. urtean. Espainiako ordezkaritzeak kongresua baino egun bi lehenago bere ekitaldi propioa izango dau, Francoren sistemeari alternatiba bat emoteko asmotan, Espainian demokrazia jartzeko helburuagaz. Ordezkaritza horretan, euskaldunak be badagoz; erbesteratuta dagozanak, eta baita Euskal Herritik harantza joandakoak be.

0
Bertsolaritzea
2014/3/19
Sei bertsolari handi Igorren

Uxue Alberdi, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga, Alaia Martin eta Xabier Silveira izango dira aurtengo Igorreko Sanjosetako Bertso Saioan bertsotan jardungo daben puntako sei bertsolariak. Bertsozaleak, hilaren 22an, arrastiko zazpiretan daukie zitea Igorreko Kultur Etxean.
Igorreko Udalak eta Arratiako Bertso Eskoleak antolatuten dabe udabarriaren ateetan ospatuten dan jaialdi hau. Aurten lehenengo aldiz, parekidea izango da saioa, hau da, gizon beste andra egongo dira taula gainean. Helburu horregaz, gai-jartzaileak be bi izango dira. Parekidetasunaren aldeko apostua egin dabe "iruditu jakulako andren abotsa entzun behar dala hemen" dino Iñaki Iturriotz Arratiako Bertso Eskolakoak.

Puntako bertsolariak
Batzuk barriak dira eta beste batzuk urtero-urtero etorten dira jaialdi honetara. Unai Iturriaga eta Igor Elortzaren kasua da hau. Euren mailaz gainera, Alaia Martinek 2013ko Bertsolari Txapelketan egindako lan "ezin hobea" eta Uxue Alberdik bertsolaritza munduan egin dauan genero ikerketa eta ekarpenak azpimarratu gura izan dau Iturriotzek. Silveirak "toke modernoa" ipiniko deutso saioari eta Onintza Enbeita bizkaitarraren bertsoak be entzungo dira Sanjosetako Bertso Saioan.

0
Danerik
2014/3/18
Break Dance Arantzazuko frontoian

Martiaren 22an, 18:00etatik aurrera, hasibarrientzako Break Dance Master Class bat izango da Arantzazuko frontoian. Irakaslea, Bboy Malaka, Crazy Hospital break dance taldeko Alex Barrenetxea izango da. Plaza mugatuak dira, eta, izena emoteko 94 631 56 89 telefono zenbakira deitu behar da. Saioa ordu bete eta erdikoa izango da.
14 eta 29 urte bitarteko gazteentzako ekitaldi hau, Bizkaiko Foru Aldundiko Gaztebizz-ek antolatu dau Mankomunidadearen laguntzeagaz.

0
Antzerkia
2014/3/12
Hamlet Euskal Herrian

Artedrama konpainiak, Xabier Mendigurenek egokitutako Hamlet bat ekarriko dau Lasarte Aretora martiaren 16an, arrastiko 20:00etan. Hamlet hau XXI. mendean eta Euskal Herrian bizi izango da. Honeri be, berea zala uste ebana esku artetik kendu deutsiela eta traizionauta sentiduko da; mendekua hartu gura dau, baina ekintzara joterakoan zalantzaz beteko da.
Lan honen zuzendaria Ximun Fuchs da eta aktoreak, Ander Lipus, Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs, Maika Etxekopart, Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu.

0
Musikea
2014/3/11
III. Poxpolu Rock Diman

Martiaren 15ean III. Poxpolu Rock ospatuko da Diman. Alkartasuna lagun, preso eta igeslarien aldeko jaialdia bueltan da barriro be urte bi geldirik egon ostean. Sugoi Gazte Asanbladea da aurtengo jaiaren antolatzailea.
Egun osoko egitaraua prestatu dabe Dimako gazteak. Goizeko 11:30ean umeen jolasak egongo dira plazan; 15:00etan LIBRE ekimeneko bazkaria hamar eurotan; 17:30ean gazteen arteko herri-olinpiadak; 20:30ean triki-txarangea; gaubeko 22:00etan preso eta igeslarian aldeko manifestazinoa; 22:30ean kontzertuak: Nik Khaos, Governors, The Impresentables, eta Mandoilek. Honeek frontoi handian joko dabe, eta sarrerai jagokienean, bost euro aurrez eta zazpi bertan dira prezioak. Ostean, gaupasea egongo da Gaztxean Dj CD, Kaset I Munipas-egaz.
Edizino honek seguru asko espektazino handia eragingo dau, tartean The Impresentables taldea egongo dalako. Badira hogei urte inguru itzelezko juergak sortuten ebazan talde honek joteari itxi eutsala, eta Poxpolu Rock egunean agertuko da David Ibarra "Houston" bere lagunakaz. Antolatzaileetako baten esanetan, nahiz eta inguruan eskeintza desbardinak egon Arratiako jentea Dimara hurreratutea espero dabe, adin guztietako publikoa gainera.

0
Zinea
2014/3/9
Sexu eta identidade dibergenteen gaineko zine kluba Igorren

Transexualidade, transgenero eta intersexualidadearen gaineko hiru pelikula eroango ditue oraingoan Igorreko zine klubera, sexu eta genero identidade dibergenteak izeneko saio honeetan. Martiaren 13an, 20 eta 27an, arrastiko zortziretan ikusi ahal izango dira pelikulok Lasarte Aretoan.
Hedwig and the Inch (John Cameron Mitchell, 2001), Amerikako Estadu Batuetako filma izango da lehena. Hedwig-en istorioa kontetan da bertan. Hedwigek sexuz aldatzeko ebakuntzea egingo dau AEBko soldadu bategaz ezkondu eta Ekialdeko Alemaniatik iges egiteko. Ezkondu eta urtebetera, bere bikoteak abandonau eta punk-rock talde bat osotuko dau: The Angry Inch taldea.
Hurrengo eguenean, Tomboy (Celine Solamma, 2011) film frantsesa ikusteko aukerea egongo da. Laure, 10 urteko umea, beste auzo batera joango da bere guraso eta ahizteagaz batera. Bertan lagun barriak egingo ditu eta bere burua Michael legez aurkeztuko dau. Baina, zenbat denpora ezkutatu ahal izango dau besteen aurrean, etxean Laure dala?
Zine kluba zarratuko dauan filma, Lucia Puenzo argentinarraren XXY (2007) izango da. Bertan, Alex-en historia kontetan da. Alex 15 urteko nerabea da. Bera jaio eta gitxira gurasoak Buenos Aires itxi eta mundutik aparte dagoan itsasbazterreko etxetxo batera doaz bizitera. Gurasoen helburua alabea aske heztea da, babestuta eta zoriontsu, zein bide aukeratu gura dauan ebatzi ahal izateko.

0
Musikea
2014/3/5
Ska-reggae gaua Lemoako Karabie Gaztetxean

Martiaren 7an, Lemoako Karabie Gaztetxean, Potato eta MG taldeak kontzertua eskeini eta hurreratzen diran guztiak jantzan ipiniko dabez. Kontzertuok 22:00etan hasiko dira.
Potato Gasteizko talde beteranoak, 1984an sortu zanak, arrakasta handia izan eban 1980ko hamarkadan bere ska eta reggae estiloko musikeagaz. Bost disko atera eta gero, 2007an taldea desegin zan.
Materia Gris edo MG bandea barriz, Arratiakoa eta askoz barriagoa da. Igorren sortu zan 2006 urtean eta hiru disko kaleratu ditu. MG bandeak be ska-reggae musikea egiten dau eta Karabie Gaztetxean egongo dira gauari giro tropikala emoten.

0
Bertsolaritzea
2014/2/25
Bertso-afaria Artean

Arteako Preso Politikoen Aldeko taldeak bertso-afaria antolatu dau zezeilaren 28rako. Ekitaldia Arteako ludotekan izango da eta bertan Ekaitz Larrazabal "Katxo" eta Fredi Paia bertsolariak egongo dira bertsoak botaten. Aratusteetan sartuta egonda, jentea mozorrotuta joan daitela gura dabe antolatzaileak.
Bertso-afari honen bigarren edizinoa izango da hau. Igazkoan, 67 lagun batu ziran. Afaltzera joan aurretik, 20:30ean poteoa egingo dabe herritik. Txartelak Arteako Herriko Bentan eta Igorreko Herriko Tabernan dagoz salgai hilaren 26ra arte.
Gaiak ipinten Irati Astondoa ber- tsolari zeanuriztarra ibiliko da.

0
Danerik
2014/2/24
Kalejirak eta mozorro desfileak Aratusteetan

Bizkaiko beste lekuetan legez, Arratiako herrietan modu desbardinetan bizi dira jai honeek. Herri batzuetan, antxinako ohitura batzuk gordetzen dira, batez be, Aratusteak ziklo moduan hartuta, Aratuste aurreko jaiak. Arratian, bizi-bizirik diraue Aratuste domekearen aurreko txitxi-burruntziak. Kuadrilak, mendi taldeak, eskola-umeak eta gurasoak auzune inguruko mendi edo zelai baten txorizoa erreko dabe lagunartean jateko. Leku batzuetan, basora urten beharrean, eskolan egiten dabe txitxi-burruntzia, Lemoan, berbarako. Han hilaren 27an, Eguen Zurian, goizeko 10:00etan txitxi-burruntzia egingo dabe guraso eta umeentzako eta hurrengo egunean eskola gehienak egingo ditue mozorro desfileak eta eskolako festak.
Aratusteak, zentzu zabalean ziklo bat osotuten dabela dinoe Labayrukoak Aratusteak Bizkaian liburuan, baina zentzurik estuenean hartuta, "inauteriak hiru egun baino ez dira: domekea, astelehena eta martitzena". Arratian, Bedian martitzenean egingo da jairik handiena; beste herrietan, barriz, bariku eta zapatuan.

Mozorro festak
"Gizonezkoak andra jantzita, andrazkoak gizon jantzita... eta edozelan be soineko barregarriakaz kalera urtetea da Aratusteetako ezaugarri agirienetarikoa". Ba Mozorroa jantzita edo soineko barregarriakaz kalera urteteko aukerarik ez da faltauko Arratian. Hilaren 28an, Areatzako Gaztetxekoak antolatuta 19:00etan hasi eta pintxo poteagaz batera mozorro lehiaketa egongo da herriko tabernetatik, gero 22:30ean, mozorro lehiaketako emoitza eta irabazleen sari banaketea izango da Laminetxe Gaztetxean eta amaituteko 23:00etan 3gabe2 taldeagaz berbenea Gaztetxean.
Diman, zapatuan izango da jaia. Kalejirea egingo dabe arrastian eta iluntzean, mozorro erakusketea eta sari banaketea egongo dira. Igorren kalejirea goizean izango da, baina goiz eta arrastiz egongo dira igorreztarrak mozorroak jantzita. Eguerdian eskolako aterpean bazkaria egongo da eta arrastian taloak eta jantzaldia Jokaldi taldeagaz. Arrastian zehar ume eta helduen mozorro lehiaketea egongo da aterpean bertan. Igorreko hainbat alkartek antolatu dabe jaia.
Lemoan be, domekan izango dabe umeak kiroldegian Inauteri Festa, arrastiko 17:00etatik, 20:00etara. Kuadrilak be ibiliko dira mozorrotuta tabernaz taberna eta eguna amaituteko, Karabie Gaztetxean erromeria egingo dabe.
Bedian, barriz, martitzenean ospatuko dabez bete-betean Aratusteak. Arrastiko 17:30ean mozorro desfilea egingo da herri mailan, eta gero musikea eta txokolatea egongo dira jaiak amaituteko.

0
Danerik
2014/2/19
Txotxongilo erraldoi bi gehiago egingo dabez Areatzan

Areatzako Udalak, Maurizia, Leon eta Fasio marioneta erraldoiak egiteko tailerrean, igaz parte hartu eban jenteagaz balorazinoa egin ondoren, personaje barriak sortzeako proposamena egin dau.


Oraingoan Arratiako neska eta mutil jantzari bikote bat irudika- tzen daben txotxongiloak izango dira. Aurreko tailerrean parte hartu ebenak zuzenduko dabe tailer hau eta bertan gura daben guztiak hartu ahal dabe parte. "Baldintza bakarra, gogoa eta idea apur bat izatea da" dinoe udaletik.
Txotxongilo bi honeek egiteko tailerra, hile bakotxeko azken zapatuan izango da goizeko 10:00etatik arrastiko 20:00ak arte, Areatzako Gazte Lekuko lokaletan. Lehenengo saioa zezeilaren 22an izango da eta atzena bagilaren 28an.

Manipulazino tailerra martxan
Hiru musikarien marionetak manejetan ikasteko manipulazino tailer bat ipini da martxan Areatzan. "Kontuan izan behar da, txotxongilo erraldoi honeek mobiduteko teknika berezi bat dagoala. Bizitasun handia daukie, besoak, eskuak, burua, gorputza... dana mobiduten ikasi behar da" dino Sara Gutierrez Areatzako kultura zinegotziak.
Bederatzi lagun dabiz ikastaro hau egiten, gero marioneta erraldoiak Euskal Herriko hainbat herri, jai eta ekitalditatik erakusteko. Manejetan dabizenak lehenengo entsegua martiaren 4an egingo dabe, 16:30ean, frontoian edo parkean eguraldiaren arabera.

Auzolanean
2013ko zemendian 30 lagun ingururen eskuetatik sortu ziran, Maurizia, Leon eta Fasioren marioneta erraldoiak. Tailerra auzolanean egin zan Frantziako Grandes Personnes txotxongiloginen zuzendaritzapean. Oreka Tx, Lekeitioko Kale Antzerki Nazinoarteko Jaialdia eta Kukubiltxok sustatu eben "Gure musikari handiak" proiektua eta bertan Areatza, Artea eta Igorreko Udalak hartu eben parte.

0
Danerik
2014/2/15
Igaztik artea zenbat hazi dan neurtuko dabe Eleizondon

Aurtengo San Balendin jaietan, Piedadeko artearen neurketearen 55. urteurrena ospatuko dabe Zeanuriko Eleizondoko auzunean, hilaren 16an. Hori dala eta, mezea izango da 11:30ean Andra Mari parrokian, eta meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan. Gero, ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen aktea sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, Maria Luisa Emaldik datorren urtekoari, Dionisia Zuluagari agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsaz. Ondoren, barauskarria; urdaia, pamitxea eta ardaoa, bananduko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien doinuen eta  bertsolarien kantuen artean burutuko dira.
Igaz hartutako neurria honako hau izan zan: 182cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran.

0
Bertsolaritzea
2014/2/13
Bertsoak Diman

Beñat Ugartetxea (Mallabia, 1979) eta Agin Laburu (Astigarraga 1985)  bertsolariak girotuko dabe hilaren 15ean, Sugoi Gazte Asanbladak antolatutako bertso-afaria. Dimako gaztetxean izango da 21:00etan. Sarrerak Dimako Herriko Tabernan dagoz salgai 12 eurotan. Bertsolari bi honeek 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu dabe.

The Impresentables bueltan
The Impresentables taldea desegin zan disko bi atera ondoren, The Impresentables 1991ean eta Inpresentableak aitaren etxean 1996an. Orain, Dimako talde honek barriro be eszenalekura igoteko asmoa dauka. begituk jakin dauaneren arabera Diman agertuko dira baina "ez dogu esan gura noz, ezustea izatea gura dogu eta" dinoe antolatzaileak. Zaleak kartelai adi egon beharko dira, beraz.

0
Danerik
2014/2/13
The Pushermen jazz taldea Areatzako Hagina tabernan

Kontzertu interesgarria antolatu dabe Areatzako Hagina tabernan hilaren 14rako, barikua. Eriz Perez (gitarrea), Kike Mora (bajua) eta Xixo Yantanik (bateria) osotuten dabe The Pushermen taldea eta eurekaz Kike Guzman saxojolea egongo da. Taldeak, Bilboko Iman Pub-ean jam-sessiona egin izan dau eguenero. Funtsean jazz-a jo arren, funk, rock, pop eta reggae doinuak be baditu euren musikeak.
Taldea barria da, baina esperientzia handikoak dira bertan joten daben musikariak. Hareetako ba- tzuk, Korrontzi, The Cherry Boppers, Trikizio, Hutsa edo Kepa Junkeragaz jo dabe.

0
Danerik
2014/2/6
Amets Arzallus "Harro bizi euskeraz Lemoan" bideoklipean agertuko da

Euskerearen Egunean aurkeztutako "Harro bizi euskeraz Lemoan" kantuaren bideoklipa grabetan hasi da Lemoako Udala.  Lemoako Euskera Planaren barruan eta udalagaz alkarlanean, sortu eban Larregi Lemoako rock taldeak kantu hau. Orain bideokliparen grabaketeari ekin deutsie Lemoakoak eta grabaketa hori Amets Arzallusen kolaborazinoagaz abiatu zan urtailaren 24an. "Herria hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen" dino bertan bertsolariak. Euskera Zerbitzutik bideratu da guztia eta ez dago zuzendaririk ezta gidoigilerik. Bakotxak bideoklipean bere ekarpena egingo dau, eta gero, bideoaren montajea egingo daben adituak buztartuko dabe guztia.

Herritarrak protagonista
Amets Arzallus Euskal Herriko bertsolari txapelduna izan da lehenengoa bideokliperako bere ekarpena egiten, baina orain lemoaztarrak izango dira protagonista. Hilaren 8, 9 eta 15ean, herriko kuadrila, alkarte eta erakundeak euren ekarpenak egingo dabez: koreografiak, mozorroak edo kirol erakustaldiak, berbarako. "Hiru egun posible ipini doguz eta euren disponibilidadearen arabera, noz eta zein ordutan ahal daben galdetu deutsegu. Bakotxagaz ordu eta leku desbardinean geratu gara grabaketea egiteko; beti be, dana ondo koordinau ahal izateko eta jentea itxaroten ez egoteko" dinoe Euskera Zerbitzutik. Herri guztia batera be grabau gura dabe eta horretarako deialdi zabala egin dabe, hilaren 16rako.
Bideokliparen aurkezpena, martiaren 1ean egingo da, Aratusteetan.

0
Erakusketea
2014/2/5
Adierazpen dibersidadea Igorreko erakusketa gelan

Hilaren 8tik martiaren 8ra arte, Igorreko Kultur Etxeko erakusketa aretoan, Ines Medinaren Berezko sormen-prozesuaren garapena esperimentazino plastikoaren bidez mintegietan parte hartu daben artistak euren lanak erakutsiko dabez.


Hamabost artista dira, sano mundu eta estilo desbardinetakoak eta originaltasun handikoak. Batzuk Igorren sortu dira artista moduan, Medinaren mintegietan, eta gaur egun, Euskal Herritik kanpo be erakusten ditue Arratian sortutako artelan honeek.
"Erakusketearen tituluagaz, Berezko adierazpenaren bizi dibersidadea, Igorre 2014, atzen 4 urteotan Igorreko Kultur Etxean emondako mintegien emoitzen errealidadea azaldu gura dot. Oraingoan, Igorre, Artea, Dima, Areatza, Mungia, Leioa, Algorta, Areeta, Bilbo eta Deustuko 15 andra artistak erakusten dabez euren lanak. Erakusketea originaltasunaren eta berezko sortzearen aitorpen bat da, kontzeptu plastiko eta sano teknika landuakaz adierazota" azaldu deutso BEGITUri Ines Medina erakusketearen koordinatzaileak.
Artista honeen lanak, arreta lortu dabela eta aukeratuak izan dirala erakusketak egiteko gure eremuan eta Euskal Herritik kanpo dino Medinak. Leonen eta Granadan berbarako. "Eta badaukadaz arrazoiak esateko laster baten nazinoarte mailan be erakutsiko dituela".

0
Danerik
2014/1/30
Santiago katedralean kontzertua eskeiniko dau Arratiako koruak

Kataniako martiri Deuna
gurtutzen alkartu gara,
bere laguntzaz eskatu daigun
danontzat anaitasuna.

Arratiako koruak lau kopla desbardin daukaz bere errepertorioan, batzuk ezagunagoak, beste batzuk ez hainbeste. Urtero lez, koruak Arratian eta Bilbon kantauko ditu santearen omenezko klopak, tradizinoari eutsi eta alkartasuna adierazoteko. Batutako dirua Caritasentzat izango da, igazko moduan, Caritasek dirua behar dabenen artean banandu daian. Aurten, koruak kontzertua eskeiniko dau Bilboko Santiago katedralean, arrastiko seiretan.
Berezia da Arratiako korua, egun honetako santaeskerako beren-beregi sortutakoa da eta. Aurten be, 65 lagun batu dira, tartean hiru gaztetxo hasibarri. Berrogeta hamar bat lagunek kantetan dabe, beste hamar bat dirua batzean ibilten dira eta bost txistularik ipinten dabe musikea.

Ibilbide eta ordutegia:
09:00etan, Arantzazun.
09:15ean, Diman. Eskolako umeakaz.
09:30ean, Igorren.
09:45ean, Lemoan. Eskolako umeakaz.
10:00etan, Zornotzan.
11:15ean, Begoñako basilikan.
12:00etan, San Anton, Erriberako merkadua, plaza barria, Laboral Kutxa, udaletxea, BBVA, El Corte Ingles eta BBKn.
13:45ean, Bizkaiko Foru Aldundian.
14:30ean, bazkaria (Piperrak Txokoan).
17:00etan, Guggenheim museoan.
17:30ean, San Nikolasen, metroan, Donibane santuen plazatxoan...
18:00etan, Santiago katedralean kontzertua. Zazpikaleak.
20:30ean, Bedian Musika Eskolako umeakaz.
20:45ean, Artean. Musika Eskolako umeakaz.
21:00etan, Zeanurin. Musika Eskolako umeakaz.
21:15ean, Areatzan. Musika Eskolako umeakaz.

Beste koruak
Ez da hau Agate Deunaren koplak kantauko dituan koru bakarra. Izan be, asko dira Arratian tradizinoari eusten deutsienak. Holan, eskola-umeak, parrokietako koruak, abesbatzak eta lagun taldeak, makila hartuta edo makila barik, ibiliko dira Arratian zehar kantuan. (Barri osoa BEGITUn)

0
Irakurle Kluba
2014/1/29
Bernardo Atxaga Bediako Irakurle Klubean hilaren 5ean

Atzeratu egin zan Bernardo Atxagaren Nevadako egunak liburuaren inguruko Bediako Irakurle Klubaren saioa eta hilaren 5ean izango da, arrastiko 19:00etan. Genero literarioetan sailkatzea gatx dan liburu hau komentateko aukerea izango dabe irakurleak saio honetan
Nevadako egunak liburuan, egileak Renon (AEB) bizi izandako esperientzia jasoten da. 2007an Renoko unibersidadean egon zan Atxaga beharrean. Familia osoa joan zan bertara eta lekuak sortutako sentimentu eta pentsamentuetatik abiatuta, 150 testu jasoten ditu liburuak.

Atxaga nazinoartean ezaguna
Bernardo Atxaga (Jose Irazu Garmendia, Asteasu, Gipuzkoa, 1951) euskal idazlerik ezagunenetakoa da, Obabakoak (1989) publikau ebanetik. Nobela hau hizkuntza askotara itzuli da eta mundu mailan ezaguna egin eban egilea. Espainiako Narratiba Sari Nazionala jaso eban Atxagak lan honegaitik.
Atxagaren beste lan ezagun batzuk, Behi euskaldun baten memoriak, Gizona bere bakardadean, Soinujolearen semea eta Zazpi etxe Frantzian dira beste askoren artean.

0
Danerik
2014/1/21
Zinegoak zinemaldiko film bat Igorren

Hilaren 31n, barikuz, Zinegoak zinemaldiko film bat ikusteko aukerea egongo da Igorren. Zinegoak Bilboko gay-lesbo-trans zinema eta arte eszenikoen jaialdia da. Aurtengoa XI. edizinoa izango da. "Zinegoak ekimen zinematografikoa, artistikoa eta kulturala da baina baita soziala eta aldarrikatzailea be eta edizino honetan azken alderdi hau sustatu egin gura dogu" dinoe antolatzaileak.

0
Ikastaroa
2014/1/15
Urte barrian ikastaro barriak ipini dira martxan

Ikasturtearen bigarren hiruhilekoan, Igorreko Kultur Etxean Tai Chi, Jantza afrikarrak, Literatura txokoa, Akrobazia aerekoak, Patchwork, Argazkigintza eta Photoshop ikastaroetan emon daiteke izena. Prezioak 30 eurotik 80 euro artekoak dira. Lasarte Aretoko lagun txartelagaz, % 15eko deskontua daukie bazkideak. Ikastaroa aurrera aterateko gitxienez sei personak emon behar dabe izena taldean.
Diman, Yoga, Pilates edo Eskulanak egiteko hilaren 20tik 31ra emon daiteke izena. Ikastarook lau hilabeterako antolatu dauz Udalak, maiatzera arte beraz, eta prezioak 80 eta 140 euro bitartean dagoz. Yoga ikastaroa eguen goizetan izango da, Pilates martitzen eta eguen arrastietan eta Eskulanak martitzen goizetan.

Lemoan autodefentsa ikastaroa
Zezeilaren 8tik 22ra arte, Autodefensa ikastaroa egiteko aukerea dago Lemoan. Ikastaroak hiru saio izango ditu, zapatuetan, 10:00etatik 14:00ak arte. Izena emoteko epea zabalik da hilaren 24ra arte eta gehienez 25 lagunek hartu ahal izango dabe parte. Izena 25 baino gehiagok emon ezkero, zozketea egingo da.

0
Bertsolaritzea
2014/1/13
Handienak Zeanurin

Amets Arzallus, Euskal Herriko txapelduna; Maialen Lujanbio, txapeldunordea; Igor Elortza, Andoni Egaña, Jon Maia eta Unai Iturriaga izango dira Zeanuriko bertso saioan hilaren 19an. Arratiako bertso eskolak antolatu dau saioa, udalaren laguntzaz, eta zitea arrastiko seiretan izango da Zeanuriko frontoian, gai jartzaile beharretan Eñaut Intxaurraga ibiliko da.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala zortzi bertsolarik jokatu eben eta horreetako lau, -Arzallus, Lujanbio, Elortza eta Iturriaga- Zeanurin izango dira. Horreekaz batera, Andoni Egaña, Euskal Herriko Txapelketa Nagusia lau aldiz irabazi dauana, 1993, 1997, 2001 eta 2005ean, eta Jon Maia, Txapelketa Nagusiko finalera lau aldiz heldu dana egongo dira. Onenak izango dira Zeanurin.
Publikoaren aldetik be, bertsozaletasun eta bertso kultura handia dagoz Arratian. Urtero-urtero Arratiako Bertso Eskolak antolatuten dau Zeanuriko bertso saioa Udalaren laguntzagaz eta punta-puntako bertsolariak ekarten dauz bertara. Frontoia bete egingo da duda barik.

0
Antzerkia
2013/12/17
Zeanuriko ermitarik ermitena herri antzerki musikala aurkeztuko dabe 60 zeanuriztarrek

Zeani Antzerki Taldeko kideak abenduaren 19an, eguenez, Zeanuriko ermitarik ermitena izeneko antzezlana estrenauko dabe Andra Mari parrokian. Hirurogei bat zeanuriztar ibili dira herri antzerki musikal hau preparetan. Kantuak, dultzainea, bertsoak, koruak eta antzerkia eskeintzen dira ordu bete inguruko antzezpen honetan.
Antzezpenean, parrokia telebistako estudio bihurtuko da lehiaketa baten finala zuzenean emoteko. Saioaren aurkezleak behar gatxa daukie: Zeanuriko ermitarik ermitena aukeratu behar dabe eta. Ermita txapeldunak Zeanuri ordezkatuko dau Euskal Herri mailan egingo dan lehiaketa nagusian. Herri guztia endredauko dabe, ikusleai be botoa eskatuko deutsee zuzenean, ermita bakotxeko ordezkariak alkarrizketatuko dabez...
"Ikusleak, kantu eta barre, konturatu orduko, Zeanuriko ermita guztiak errepasauko dabez, antxinako leiendak ikasi eta une gozo batzuk biziko dabez" dinoe Arratiako Eleizatik.
Saria be zozketatuko dabe bertara hurreratzen diran guztien artean.

0
Musikea
2013/12/12
Run to Fest jaialdia Karabien

Run Together Lemoako fanzineak eta Karabie Gaztetxekoak Run to Fest jaialdiaren III. edizinoa antolatu dabe hilaren 13rako. Reggae eta ska gaua izango da, bertan Akatz eta Bilbomatiks taldeak joko dabe eta.
Run Together aldizkariko Pablo Rodriguezen esanetan, jamaikar doinuak entzun, jantzatu eta disfrutetako gaua izango da.
Akatz taldeak hogei urte daroaz ska-reggae-a jorratuten, jamaikar doinuetan profesionalak dira, antolatzaileen eretxian. Bilbomatiks-ek, barriz, ska egiten dau. "Gazte eta gorri, bizi kaskagorri" Kaskagorri konparsaren abestia Bilbomatiks-ek sortu eban.

0
Musikea
2013/12/11
Bebek kantaldia eskeiniko dau Igorren

Bebe gatxizenez ezagutzen dan artistak kantaldia emongo dau Igorren abenduaren 14ean, 21:30ean Lasarte Aretoan. Bebe ezaguna egin zan 2004an bere lehenengo diskoa Pafuera telarañas kaleratu ebanean. Lehenengo disko honetan indarkeria matxistearen kontrako "Malo" izeneko kantua dago. Bere kanten letrak andren zapalkuntzearen kontra agertzen dira.
Pafuera telarañas diskoak 500.000 ale baino gehiago saldu zituan eta sari ugari irabazi: Grammy latinoa, Ondas saria eta Musikaren lau sari, hain zuzen be. Gero, beste disko bi kaleratu ditu Bebek, Y (2009) eta Un pokito de rocanrol (2012). Honeek be arrakasta handia izan dabe.
Zinean aktore lanak egin ditu kantariak, Jose Luis Cuerdaren La educacion de las hadas eta Julio Medemen Caotica Ana pelikuletan parte hartuz.

0
Danerik
2013/12/3
Ipuin Lehiaketea zabalik Zeanurin

Abenduaren 17ra arte dago zabalik lanak aurkezteko epea. Hirugarren edizino honetako gaia "Natura gustokoa dot" da eta Zeanurin bizi diranak hartu daikie parte. Hiru kategoria dagoz: 6-7 urte bitartekoak, 8 eta 11 urte bitartekoak eta 11 urtetik gorakoak. Ipuinak euskera batuan zein bizkai euskeran aurkeztu ahal dira eta sariak urtailaren 2an, 19:00etan bananduko dira Kultur Etxean.
Ipuinak gitxienez orrialde 2 eta gehienez 6 euki behar dabez. Kategoria bakotxeko irabazleak diploma eta oparia jasoko dabe eta parte hartzaile guztiak izentagarritxo bat.

0
Danerik
2013/12/1
"Harro bizi euskeraz" kantua aurkeztuko dabe Lemoan

"Harro bizi euskeraz" Lemoako euskerearen aldeko abestia da, beren beregi Planerako sortutakoa. "Harro bizi euskeraz Lemoan" izan zan aprilean Planerako logo eta lelo lehiaketan irabazle izan zana eta lelo horretan oinarrituta egin dabe kantua. Larregi taldeak sortu eta herriko eragile, kuadrila eta alkarteetako ordezkariak kantau eta grabau dabez. Abestiaren aurkezpena abenduaren 3an izango da, Euskerearen Nazinoarteko Egunean.
"2013ko Euskara Planeko erronka nagusienetako bat herria planaren parte-hartzaile zuzena izatea izan da. Hori dala eta, herritarrakaz batera sortu gura izan dogu Euskera Planaren irudia eta abestia izango diran erreferenteak" azaldu deutso BEGITUri Miren Madariaga Lemoako Euskera Teknikariak.
Euskera Eguneko aurkezpenaren ondoren, abestiaren bideokliparen grabaketeari ekingo deu- tsie, eta hor be herritarrak izango dira protagonista.

Berbalagun
Herrian euskerea jagon eta indartu guran Lemoan Berbalagun programea ipini dabe martxan hile honetan. Egitasmoaren helburua euskeraz berba egiteko ohiturea daukien personak ez daukinakaz kontaktuan ipintea da. Horregaitik Berbalagunen parte hartu ahal dabe euskeraz bizi eta euskerea praktikau gura daben guztiak.
Lemoan sano harrera ona izaten dabil eta Euskerearen Egunean aurkeztuko dabe egitasmoa herrian egingo dan festan.

0
Irakurle Kluba
2013/11/19
Uxue Alberdi Bediako Irakurle Klubean

Uxue Alberdi izango da Bediako Irakurle Klubean hilaren 20an, Euli-Giro bere azken liburuaren gainean irakurleakaz eta bertara hurreratzen diranakaz berba egiteko.
Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) idazlea eta bertsolaria da eta hiru narrazino liburu kaleratu ditu: Igartza saria jaso eban Aulki bat elurretan (2007, Elkar), Aulki jokoa (2009, Elkar) eta Euli-giro (2013, Susa). Haur eta gazte literaturako beste liburu bat be kaleratu dau aurten, Txikitzen zaretenean (Pamiela).
Euli-giro liburuan bederatzi kontakizun batzean dira. Sano ipuin diferenteak dira, baina guztietan atmosferak pisu handia dauka eta hortik liburuaren izenburua. Sensazinoetatik abiatuta idatzitako ipuinak dirala azaldu dau egileak behin baino gehiagotan. Ipuinok irakurtean ia sensazino horreek sentidu dabezan Arratiako irakurleak komentauko dabe Irakurle Klubeko hurrengo saio honetan.

0
Danerik
2013/11/14
Areatzako I. Errefrau Poteoa

Areatzako Euskera Batzordekoak erronkea planteau dabe. "Badakigu Areatzako herritarrak ez garala bat be bertsozaleak, areatzaztarrak euskeraz berba egiteko be ez dogu zaletasun handirik, eta hori aldatzea da, hain zuzen be, gure erronkea. Jentearen konzientzia faltan eragin eta gaztelerarako joera hori aldatzen saiatzen gara" dinoe batzordekoak. Euskereagaz ondo pasau eta gozatu ahal dala ikusarazo gura dabe, eta hori lortu guran antolatu dabe Areatzako I. Errefrau Poteoa hilaren 16an arrastiko 18:00etan. Areatzako Hesperia bainuetxean hasiko da lehiaketea.
Izen bitxia daukan lehiaketa honen helburua ume, gazte, heldu zein nagusiak bertso, kanta eta errefrauak bidelagun dabela arrasti pasa dibertigarri bat egitea da. Taldeen arteko lehiaketa bat izango da, talde bakotxak, 3 lagun. Taldeak aurretiaz jaso dauan esaera zahar zerrenda bat ikasi ondoren, partaideak tabernaz taberna joango dira euskal kantuz lagunduta. Taberna bakotxean, geldiune bat egingo dabe eta bertan, Arkaitz Estiballes eta Ibon Ajuria bertsolariak bertso bana botako dabe esaera zahar baten parodia eginaz. Talde bakotxaren lana izango da bertsolariak botatako bertsoak zein esaera zaharreri egiten deutsan erreferentzia asmatzea. Beraz, taberna bakotxean bertso bi entzungo dabez eta entzundakoaren arabera, zein esaera erabiliko leukien egoera horretan asmatu beharko dabe. Amaituteko, "zelan ez, jatekoa egongo da", txorizoak eta urdaia burduntzietan jarri eta erre bitartean, euskal kantuak abestu eta jantzatzeko aukera izango dabe Taberna Ibiltarikoen eskutik.
Zemendiako zapatu arrasti baterako plan interesgarria antolatu dabelakoan ahalik eta jente gehienera heldu gura dabe. "Aitita-amamak barra-barra erabilten zituen esaera zaharrak gogoratu, bertsoai bildurra kendu, eta, batez be, euskereagaz eta euskeraz jolastu gura dogu". Zapatukoaren ostetik etorriko diran beste ekintza askoren lehenengoa izango da.

0
Musikea
2013/11/14
Zemendia musikala antolatu dabe Artean

Arteako hainbat alkarteren artean zemendia musikaz blaitzea ebatzi eben eta aurten lehenengoz Arteako Azaro Musikala antolatu dabe. "Herriko jenteak parte hartzeako ekintza bateratua egin gura genduan eta musikea izan zan atxakia" azaldu deutso begituri Iñigo Ramos AKKT-ko partaideak. Arratiako Musika Eskola, Arteako Udala, AKKT, Arteako Eskola Publikoa, Gure Borda Elkartea eta Arteako Guraso Elkartea dira ekitaldi honeek antolatu dabezanak.
Zemendia hasteaz batera izan zan lehenengo ekitaldia eta Arteakoak kalez kale ibili ziran Begi Argiak abesbatzakoakaz batera kantuan. Oraindino ekitaldi asko geratzen dira: Fermin Muguruzak zuzendutako Zuloak fikzinozko dokumentala, rock kontzertua Four Friends taldeagaz, jantza ikastaroa herriko plazan eta Arteako umeen kantaldiak, berbarako.

Zemendiak 15, barikua
19:00etan, ludotekan Zuloak Fermin Muguruzak zuzendutako fikzinozko dokumentala.
21:00etan, herriko plazan edo ludotekan kontzertua: Four Friends.


Zemendiak 16, zapatua
20:00etan, Andra Mari parrokian, Luis Iruarrizaga Abesbatza, Musika Eskolako abesbatza eta Arteako umeen kontzertua.


Zemendiak 22, barikua
15:00etan, Musika Arteako eskolan ere bai! Hurbildu zaitez! Izeneko ikuskizuna. Eskolan.
19:00etan, ume eta gazteentzat jantza ikastaroa plazan.
20:00etan, Izarren hautsa dokumentala, Arteako argazkiak "Artea eta Arteako biztanleak 50. hamarkadan" ludotekan.


Zemendiak 30, zapatua
18:00etan, kalez kale musikea joten Musika Eskolako ikasleakaz.

0
Antzerkia
2013/11/13
Baso sorgindua umeentzako antzerkia Igorren

Patata Tropikala antzerki taldeak Igorreko Lasarte Aretora taularatuko dau Baso sorgindua 3 urtetik gorako umeentzako antzezlana hilaren 15ean. Baso sorginduak Nino gaztearen biaje fantastikoa kontetan dau. Antzerki lan hau, Fernando Trias eta Alex Rovirak 2004an idatzitako La Buena Suerte liburuan oinarrituta dago.
Sorgin gaizto batek gobernautako erresuma baten gertatzen da kontakizuna. Sorginak ugel bihurtzen ditu neskak eta sekulako gaiztakeriak egiten ditu. Egun baten Merlin Aztiak eginkizun bat agintzen deutso Ninori: mugabako zortearen hirusta topetea. Eginkizun hori dala eta, Nino abentura handitan sartuko da eta personaje fantastiko eta maitagarriak ezagutuko ditu.

0
Musikea
2013/11/6
Igorre Kantari hilaren 8an eta Arratia Kantari hilaren 9an Igorren

Zemendiaren 9an, Arratiako sei bakarlari, bikote eta taldek, Arratia Kantari izeneko ikuskizuna eskeiniko dabe Igorreko Kultur Etxean, arrastiko 20:00etan. Parte hartzean dauan talde bakotxak hiruna euskal abesti tradizional abestuko ditu.
Zeanuriko Esti eta Olatz bikote ezagunak emongo deutso hasikerea jaialdiari. Ander Gorospe Arratia Kantari ekimen honetako bultzatzaileetako baten txandea izango da gero eta bera entzuteko aukerea egongo da. Izan be, igorreztarrak kantugintzan dihardu Kemen taldean hasi zanetik. Arratiako koruko tenore bakarlaria dan Patxo Iturrate dimoztarraren txandea izango da hurrengo. Bediako Esti Asuak be hartuko dau parte ikuskizun honetan eta gero, Josu Garigorta, "Praktikantea" izango da oholtzan. Ekitaldia amaituteko Nik Khaos metal rock taldeak euskal abesti tradizional biren bersinoak joko ditu.

Kantu-pote
Zemendiaren 8an ostera kantu-pote ekimena ipiniko dabe martxan Euskera Planeko kideak, abestiz alaitu gura dabe herria, belaunaldiz belaunaldi euskerea maitatua izan dan modu berean: taldean abestuz. Igorreko kaleetan euskal kantak taldean abesteko tradizinoa berreskuratu eta sustatuteko aprobetxau gura dabe.
Igorreko tabernak guneetan banandu dabez, izan be, nekez egin ahal izango dira kantu-pote bakar baten taberna guztiak. Hilean baten, hortaz, bigarren barikuetan, 20:00etan hasita Igorre Kantari kantu-potean parte hartzeko aukerea egongo da. 
Hilaren 8an, Jubilatuen txokoa, Axular Herriko Taberna, Kukuma, Eguzki eta AZ Rugby Tabernan ibiliko dira kantuan igorreztarrak.

0
Zinea
2013/11/5
Wes Anderson-eri eskeiniko deutso zikloa Igorreko zine klubak

Zemendiako lehenengo hiru eguenetan Wes Anderson film zuzendariaren beste horrenbeste pelikula ikusteko aukerea egongo da Igorren. Royal Tennenbaums (2001), Fantastic Mr. Fox (2009) eta Life Acuatic (2004) dira filmok. Andersonek Los Angeles eta Torontoko kritikari alkarteak emondako bere zuzendari eta gidoigile lanai sariak jaso ditu, beste errekonozimentu batzuen artean.
Wesley Wales "Wes" Anderson (Houston, 1969) zinemagile estadubatuarra Owen Wilson-egaz batera gidoigile onenai oscar sarirako hautagaia izan zan 2002an Igorren zemendiaren 7an ikusi ahal izango dan pelikulearen gidoiagaitik. Gene Hackman, Anjelica Huston, Ben Stiller, Luke Wilson, Gwyneth Paltrow, Owen Wilson, Danny Glover eta Bill Murray dira pelikula honetako antzezleak.

Animazino filma bigarren saioan
Hurrengo eguenean, zemendiak 14, Roal Dahlen umeentzako liburu baten oinarritutako animazinozko pelikula bat ekarriko dabe Igorreko zine klubera. Pelikula honen zuzendariak Wes Anderson eta Noah Baumbach izan ziran.
Zikloa zarratuko dauan hirugarren filma, Life acuatic, zemendiaren 21ean eskeiniko dabe. Wes Andersonek ia beti antzezle berberakaz egiten dau behar eta pelikula honetan be Bill Murray, Owen Wilson, Cate Blanchett, Anjelica Huston eta Willen Dafoe dira protagonistak.

0
Danerik
2013/11/4
Marionetak egiteko tailerra martxan da

Maurizia, Leon eta Fasio herri musikariak txotxongilo erraldoi bihurtzeko tailerra martxan da hilaren 1etik 10era. 16 urtetik gorako eskulanak gustuko dituan edonork hartu daike parte, baita umeak be gurasoakaz joan ezkero. Tailerra Areatzako Gazte Lekuko geletan da, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arrastiko 16:00etatik 20:00etara. Ordutegi horren barruan bakotxak ebazten dau noz parte hartu gura dauan. Dana dala, taldeetako persona kopurua ondo antolatu ahal izateko udaletxean izena emotea komenidu da.
Txotxongiloak amaitutakoan, zemendiaren 10ean kalejira bat egingo da Areatzatik zehar, tailerrean egindako txotxongilo honeek erakusteko.

0
Bertsolaritzea
2013/11/4
Maia eta Paya Arantzazun

Hirugarren urtez jarraian, Arantzazuko Bildu kultur batzordeak San Martinetako bertso-afaria antolatuko dau. Aurten, Fredi Paya eta Jon Maia izango dira bertsotan. Zitea, Arantzazuko Montero tabernan izango da zemendiaren 8an.
Ekitaldia 20:00etan hasiko da Montero tabernan, bertatik hasi eta herritik egingo dan triki-poteoagaz. Ostean, bederatziretan, afaria, bertsoak eta euskal giroa. Sarrerak, 18 eurotan dagoz salgai Igorreko Gau Loran, AZ Rugby Tabernan eta Axular Herriko Tabernan, eta Arantzazun Montero eta herriko tabernan.

0
Danerik
2013/10/31
Halloween eta Domu Santu Eguna

Heriotzea
Gaurko euskaldunen artean era desbardinetan ulertzen da heriotzea. Gizarte tradizionalean, ostera, tragedia izaten zan familiarentzat, batez be hildako personea zaharra ez bazan. Gainera, erlijino kristinauaren eragina handia zanez, eleizeak inposatu egiten eban urteetako dolu edo lutua mantentzea (kasurako, 1936ko gerraostean hiru urte luze izaten zan) eta horrek ekarren zamea astuna zan: mezatara joan beharra, "olata" deituriko ogia eroatea astelehenero parrokiara eta eleizearen barruan familiaren hilobia edo sepulturea patxadaz mantenidutea.
Hildakoak gogoratzea, hildakoen memoria edo hildakoai eginiko kultua -hildakoen eguna- oso garrantzitsua izan da gizarte askotan: japoniar kulturan adibidez, shinto erlijino nazionalaren oinarria horixe da.
Antropologiak emoten deuskun ikuspegitik begiratuta, ezinbestekoa da, gizarte laikoetan be bai, hildakoak gogoratzeko ospakizunak egitea eta egotea. Hildakoak gizartearen erreferentzia, gure memoria, gure aurrekoak izan diralako.

Halloween
Zer da Halloween? Eskoziako gaeliko hizkuntzan, Domu Santu Egunaren bezperea da; Sorginen Gaua eta Difuntuen Gaua izenakaz be ezagutzen dana. Halloween jaiaren zuztarrak zeltarren kalendario edo egutegi tradizionalean oinarrituta dagoz.
Halloween gero eta ezagunagoa da gure gizarte globalizauan. Baina Halloween azalekoa da: jaiaren estetikea eta ezaugarri entretenigarriak kopietan dira bakarrik. Ospatuten dan jaiak ez dau esan gura heriotzearen gaineko hausnarketarik egiten danik. Erakargarria da gazteentzat, asko gainera, zineman eta telebistan agertzen dalako. Moda hori iparramerikarra da gehienbat, oso zabalduta dagoalako iparramerikarren kulturan, jatorriz Irlandako kultura zeltarra oinarria izan eban arren.
Halloween jaiaren zaleak mozorrotu egiten dira (buruan kalabazak erabiliz), suteak egiten dabez, etxe sorginduak bisitetan dabez, bildurrezko istorioak irakurten dabez, film bildurgarriak ikusten dabez... Eta galdetzen badogu zertarako diran, esate baterako, mozorroak? Mamuak eta izaki gaizkileak uxatuteko! -esango deuskue barreka. Gaur egun jai dibertigarria baino ez da. Euskal Herrian be Halloween antzeko jaia ospatu izan da, nabo eta kalabazen mozorroakaz.
Hasikera baten, Halloween beste gauza bat zan. Bezperea zala esan dogu. Zerena? Zeltar egutegian, zemendiaren 1a Samhain zan, hau da, difuntuen jaieguna; orduan, beste munduaren ateak, lurrazpiko munduarenak eta zeltar urte barriarenak be zabaltzen ziran; bezperan, gauean ospatzen zan Halloween, urte zaharraren azken unetan. Ospakizunak arbola sakratu baten inguruan egiten ziran, eta arbola hori hagina zan. Halloween edo "bezperea", beraz, haginaren eguna zan.

Hagina
Hagina "arimen garraioa" da: lurrazpiko mundura sartzeako, baita gure arbasoen lurralde mitikora be. Haginak gaueko iluna, negua, infernua, inkonzientea eta loa sinbolizatzen ditu. Bere misterioa hauxe da: heriotzara pasetako ateak zabaltzen deuskuz. Hagina da kanposantu askotako -hilerri zaharretan ikusten da sarri- arbola totemikoa, eta zelan ez, heriotzearen arbolea.
Egutegi zeltarra zirkulu baten erara irudikatzen da, heriotzeari bizitzak jarraituz. Eta bizidunen eta hildakoen mundu bien arteko bidekurutzean bizi da hagina. Bere lekua errespetuzko lekua izaten da, bertan bizitzarako eta heriotzarako errito sakratuak ospatzen dira-eta.

Domu Santu Eguna
Zergaitik ospatzen da Domu Santu Eguna zemendiaren 1ean? Erdi Aroko aldi baten, VIII. eta IX. mendeetan hain zuzen be, paganismoa oso indartsua zan. Orduko garaiko Aita Santuak zera erabagi eben: Domu Santu Eguna jai kristinau handia pasetea maiatzaren 13tik  zemendiaren 1era, jai paganoen ordez. Eleiza Ortodoxoak, barriz, oraindino konserbetan dau Domu Santu Eguna udabarriko jaiegun lez.
Domu Santu Egunagaz nahastetxoa dago, eta argitu behar da: Zemendiaren 1ean Eleiza Katolikoak ospatzen dauan jaia Santu guztien ohorez da, egun gozoa eta pozgarria. Horrexegaitik, liturgian erabilten dan kolorea zuria da. Domu Santu bigarren Difuntuen Arimen Eguna izaten da, otoitz egiteko eta serio egoteko eguna. Beraz, zemendiaren 2a izan behar da difuntuen memoria gogora ekarteko edo kanposantuak bisitetako eguna, baina halanda be Domu Santu jaieguna aprobetxetan da ortusantuetara joateko.
Zergaitik ospatzen da Arimen Eguna zemendiaren 2an? Udagoieneko solstizioa urri lehenengoaren 22an izaten da, berrogei egun beranduago zemendiaren 2a da. Gure arbasoen usteai jarraituz, orduan, natura lotan edo hilda lez gelditzen da. Sasoi iluna, une ezin egokiagoa hildakoentzako eguna jartzeko.
Gure artean tradizinoa da zemendiaren 2an hildakoen arimen aldeko mezea egotea kanposantuko kaperan; baita be, egun berean edo Domu Santu Egunean kanposantuak bisitetea, eta loreak eroatea hilobietara. Loreen artean, gehien ikusten dira krabelinak, larrosak, hilen lorak edo angeru lorak be deitzean diranak eta kanposantuko lorak (krisantemo edo urreliliak be deituak). Domu Santu jaiegunaren inguruan kanposantuak txukundu egiten dira, familien hilobiak, nitxoak, panteoiak edo hildakoen hazurrak ixteko hobiak apaintzen dira.
Lehenago Arratian, Urkiolako Santutegira joaten zan, antxinako kopla zahar batek esaten dauan moduan:
"Urkiolara joan,
Domu Santuruz...".
Domu Santuen izeneko ermitea egoan lehenago Diman, gaur egun Santuru izeneko baserria da.
Europan zehar oso zabal egon dan eta dagoan sinismena zera da: arimak deslai mobiduten ei dira, eta Domu Santu Egunean difuntuak bizidunen mundura bueltatzen dira. Ondorioz, praktika edo ohitura batzuk sortu dira familiarteko difuntu hareei laguntzeko: itxi etxeko ateak zabalik gauean, tximiniaren ondoan edo behesuan txingarrak amatau barik itxi difuntu bisitariak berotu daitezan, edo zeozer jateko itxi.

0
Antzerkia
2013/10/24
Far west Igorreko Kultur Etxean

Hilaren 27an arrastiko 20:00etan izango da Far west. Yllanaren lehen lana da Western generoan. Konpainia madrildarra 1991tik dabil ikusleen barre-algarak eragiten keinu-bidezko antzerkia erabiliz. Geroztik Muu!, Brokers eta 666 bezalako harribitxiak sortu ditu, generoaren adierazle onenetakoak. Far west lanean, mendebaldeko urrunerako biaje dibertigarria proposatzen dau.
Yllana konpainiak pantaila handiko western klasikoen osagai guztiak bildu ditu istorio zoro baten. Ikuskizuna generoari eskeinitako omenaldia da, baina antzokietan ikus daitekean umorerik onenaz gozatzeko aukerea emoten dau era berean. "Zinema antzerkira ekarri gura genduan. Ez da generoaren parodia, baizik eta kode zinematografikoak dituan umorezko istorio bat". Sarrerak 8 eurotan izango dira, Lasarte Aretoko lagunentzat 6tan.

0
Ondarea
2013/10/2
Eleizak eta galtzadak ezagutzeko aukerea hilaren atzen astegoienetan

Hilaren 19an, Zeanuriko Udalak antolatuta eta Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Eleizondoko Andra Mari Parrokia, Nestor Basterretxearen kurutzea eta Piedadea ezagutzeko aukerea egongo da arrastiko seiretan. Hurrengo zapatuan, 26an, Igorreko Andra Mari eleizea bisitau edo Ubide-Zeanuri Larreen Mankomunidadearen zeharkaldia egin daitekez.
Zeanuriko Elizondoko Andra Mari parrokia 1702 eta 1751 urteen artean dago eregita eta 1994. eta 2000. urteen artean, zaharbarritu eben. Bertan, "Bizkaiko erretaularik ederrenetako bat ikusi daiteke". Nestor Basterretxeak Gorbeiako kurutzearen mendeurrena ospatuteko altxautako kurutzea eta Pidade errendegi baseleizeak osotuten dabe multzoa. Hitzordua Zeanuriko plazan da eta hau ikusteko ordubete eta erdi inguru kalkuletan dabe antolatzaileak.

Igorreko Andra Mari eleizea ala mendi martxea
Hurrengo zapatuan be, beste erlijino ondare bat ezagutzeko aukerea dago, Igorreko Udalak antolatuta, Andra Mari eleizeari bisitaldia, goizeko 11:00etan izango da Angel Larrea historialariaren eskutik.
Larreen Mankomunidadearen zeharkaldia aukeratzen dabenak, barriz, 10:00etan batuko dira Ubideko plazan, ordu bi eta erdiko mendi ibilbide bat egiteko. Ibilaldi hau Zeanuriko eta Ubideko Udalak, Ipizki Taldeak, Joko Alai Alkarteak, Amexier Mendi Alkarteak eta Ortuzar Ubideko Gazte Asanbladak antolatuten dabe.

0
Irakurle Kluba
2013/9/23
Jon Alonso Bediako Irakurle Klubean

Hilaren 25ean, Jon Alonsoren Zintzoen saldoan (2012, Txalaparta) eleberria egileagaz komentauko dabe hurreratzen diranak. Helduen txandea da oraingoan, baina Bediako Irakurle Klubak Umeen Kluba be dauka martxan igaztik.
Zintzoen saldoan nobelearen protagonistea Enekoitz Ramirez da, "Lanbas", ETAkidea izandakoa, presoa izandakoa eta arte saleroslea izandakoa eta gaur egun, lapurra dana. Holango baten, euskal sukaldaritzearen etorkizuna dan Kepa Pedrotegi hil egiten dabe eta Enekoitzeri leporatzen deutsie hilketea, gau haretan bertan egoalako afaltzen. Salaketa horretaz libretako abogadu, sukaldaritza kritiko, polizia eta beste batzuekaz nahastuko da Enekoitz Ramirez. Oraingoan, baina, "zintzoen" aldean.

Kritika Saria
Jon Alonso (Iruñea, 1958) idazlea eta itzultzailea da. 2006an, Erretzaileen eremua lanagaitik Espainiako Kritika Saria jaso eban. 2007an Argia aldizkarian "Euskadi Sariak" artikulua idatzi eban, Utikan Euskadi Sariak agiriaren pizgarria izan zana.
Bere beste lan batzuk, Katebegi galdua (1995), Hodei berdeak (2003) eta Erretzaileen eremua (2006) dira.

0
Danerik
2013/9/3
Zeanurin, oinez, ermitarik ermita

Urri lehenengoaren 7an, zapatuan, izango da Ermiten XXVI. Mendi Martxea.


Urri lehenengoaren 7an, zapatuan, izango da Zeanuriko Ermiten Mendi Martxea. Aurtengoagaz hogeta seigarren urtea beteko dau 1988an jaio zan eta klasiko bihurtu dan oinezko martxa honek. Orduan antolatu eban lehenengo aldiz Joko Alai Elkarteko mendi sailak eta, urtero, hutsik egin barik eutsi deutsie zeanuriztarrak urteroko ziteari. Igaz arte ibilaldia domekan izaten bazan be, igaz zapatura pasetea ebatzi eben antolatzaileak eta holan egingo da aurten be.
Helburuak hasikerako berberak dira: zapatu goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez igarotea, eta herritarrai zein kanpotarrai Zeanuriko inguru zabalak eta ermiten ondarea ezagutzera emotea. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan sakabanaturik dagozan ermita edota eleizak, guztira hogei.
Urtekerea Ibarretako frontoian izango da, goizeko 07:30ean; aurten ibilbideak igazkoaren kontrako norabidea jarraituko dau, hau da, urtekeratik Eleizondo parrokiara zuzendu beharrean, plazako San Antonio eta San Isidro ermiten aurretik igaro ostean, Uriberantza zuzenduko dira. Amaierarako geratuko dira igaz hasikeran egozan Andra Mari parrokia eta Piedadea ermitea. Ibilbide osoa egiten dabenak 35 bat kilometro beteko dabez eta hemeretzi ermita edota eleizaren ondotik igaroko dira, aurten be Egiriñaoko (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpo geratuko da eta. Beste ibilbide bi be badagoz aukeran: bata, ibilbide ertaina, 23 kilometrokoa eta bestea, laburra, 13 kilometrokoa.
Amaitzerakoan, ibilbide luzea zein ertaina zein laburra bete eta gero, ziur ziteari erantzuteak merezi izango deutsiela ibiltariai, Zeanuriko ondare erlijiosoa ezagutzeaz gain, uda udagoien bihurtzear dagoan sasoi honetan natureak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukera ezin hobea eskeiniko deutselako Zeanuriko Ermiten XXVI. Mendiko Martxeak.

Izena emotea: Urri lehenengoaren  4a aurretik: 7€ sartuz BBK-ko kontu-zenbaki honetan: 2095 0335 29 3830586275. Egun berean:  06:45etik aurrera, herriko plazan: 10 €. Joko-Alaiko bazkideak: 3€. 14 urtetik beherakoak: 3€.

Ibilbideak: Luzea: 35 kilometro. Ertaina: 23 kilometro. Laburra: 13 kilometro.

Urtekerea: 07:30ean, Ibarreta frontoian.
Osasun-zaintzea, jan-edana eta kontrol puntuak egongo dira ibilbidean zehar. Pelotalekuko dutxak zabalik egongo dira.

Laguntzaileak: Zeanuriko Udala, Lori-Leire dendea, Txoko Sagarna dendea-tabernea, Jubiladuen tabernea, Zeanuriko Batzokia, Norbega-Coca-Cola, Arratiako Gurutze Gorria.

Informazinoa: Gorka 634 430 543, Edorta 645 739 982 eta www.mendimartxak.creatuforo.com.


 

0
Danerik
2013/8/1
Abuztuaren 3an isiotuko dabe San Justoko karobia

Lemoako nazinoarteko auzolandegiko gazteak be hurreratuko dira San Justora.


Jon Urutxurtu


San Justoko karobia abuztuaren 3an, zapatuan, goizeko 11:00etan isiotuko da, eta urteetan zehar ahaztuta eta amatatuta egon dan ke zurixka San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Domeka eguerdirantza, kare bizia oka egiten hasiko da labe-agoa.
Moron de la Fronterako (Sevilla) Karearen Museotik Zeanurira etorriko dan ordezkaritzak protagonismo berezia eukiko dau aurten karobia isiotuteko ekitaldian. Kare Museo hau 2011 urtean Gizateriaren Kultur Ondare Inmateriala izentau eban UNESCOk, eta bertako arduradunak jadanik igaztik hartu-emonetan egon dira Ipizki taldeagaz aurten San Justora etorteko eta karea egiteko prozesua bertatik bertara ikusteko.
Bestalde, Lemoan dagozan nazinoarteko auzolandegiko gazteak be hurreratuko dira Zeanurira kare-labea martxan ipinteko ekitaldira.
Orain dala hamazortzi urte berreskuratu eban Ipizki Taldeak, Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean, 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan karobia, eta ordutik hona abuztuaren lehenengo astegoienean martxan ipinten dabe.
Kare-labea isiotu ostean, hamaiketakoa egongo da San Justora hurreratzen diran guztientzat, Iñaki Arraindegiak emonda.
Bestalde, 14:30ean, auzo-bazkaria egingo da San Justoko haretxpean. Bazkari herrikoi horretan edozeinek parte hartu daike, aurretik izena emonda.

Mezea, sukalki txapelketak eta bola botaldia
Hurrengo egunean, abuztuaren 4an, domekan, erromeria ospatuko da. 12:30ean mezea izango da. Mezearen ostean maiordomoak barauskarria —ardao zuria eta gailetak— bananduko dauz jentearen artean eta jarraian paella txapelketea izango da.
Eguraldia lagun eta ohiturea jarraituz, asko izango dira da San Justoko haretxpean bazkaltzen geratuko diranak, eta arrastian 17:30etik aurrera, bola eta mus txapelketetan parte hartzeako aukerea izango dabe.

0
Danerik
2013/7/10
Lemoatxeko lubakiak errekuperauko dabez munduko gazteak

"Auzolandegietan leku askotako gazteak biltzean dira, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso barik, alkarregaz bizi eta gizarte osoagaz zerikusia daukan proiektu baten parte hartzeako asmotan", Gazteaukera, Euskadiko Gazteen atariaren definizinoaren arabera. Lemoatx 1937 memoria historikoa errekuperetako herri batzordeak antolatuta, auzolandegi bi egongo dira uda honetan Lemoatxen, bata trintxerak eta bestea ermitea errekuperetako. Taiwan, Japonia, Errusia eta Alemaniatik etorritako gazteak, besteak beste, egingo ditue lanok.
Hamabost egunetako txanda bi izango dira. Lehenengoa, hilaren 16tik 30era eta bigarrena abuztuaren 1etik 15era. Txanda bakotxean 20 gazte inguru, 3 begirale eta lan teknikoaz arduratzen diranak egongo dira. "Alde teknikoa udalaren menpe dago eta bestea Eusko Jaurlaritzaren menpe. Hau da, begiraleak Eusko Jaurlaritzak ipiniko ditu eta Lemoako Udalak, aparejadoreak eta Lemoatx 1937ko batzordeko batzuk" azaldu deutso BEGITUri Mikel Garcia Gazte teknikaria eta Lemoatx 1937 taldeko partaideak.
Gazteak eskoletan hartuko dabe ostatu eta urtekera bat egingo dabe hamabostaldi bakotxean. "Gernikara egingo dogu urtekera bat goizean, eta Bilbora arrastian seguru asko. Bilbon turismo apurtxo bat egingo dogu bizikleta gainean" dino Garciak. Bigarren txandakoak Zeanurira be joango dira eta antolatzaileak holan eskatuta, San Justoko karobiari emongo deutsie su abuztuaren 3an.

Lemoatx 1937 batzordearen ekimena
Auzolandegiok Lemoako Udala eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena izan dira memoria historikoa errekuperetako.
Memoria historikoa errekuperetako lanok "apurka-apurka" aurrera doazala dino Garciak. "Orain, nire ustez beharrik erakargarriena izan daitekena egiten gabiz, guda garai hori bizi izan eben personai alkarrizketak egiten". Lemoan 1937an gertatutakoa kontetako gogoz dagozala lekukoak dino Mikel Garciak.

0
Danerik
2013/7/4
Bederatzi aurreskulari hilaren 6an Igorreko Aurresku Txapelketan

Udalak antolatuta, Igorreko Aurresku Txapelketea 12. edizinora heltzean da aurten. Txapelketea Igorreko Kultur Etxean izango da garagarrilaren 6an, arrastiko seiretan. Bederatzi aurreskularik emon dabe izena, tartean igorreztar batek, Asier Etxezarragak. Jantza tradizionalak osasuntsu egon arren Arratian, aurreskuak ez dauka horenbesteko segimenturik. Publiko gitxi izan da aurresku lehiaketearen azken edizinoetan, eta aurten partaidetzeak behera egin dau: izan be, bederatzi aurreskularik baino ez dabe izena emon. Aurreko urteetan be askotan bederatzi aurreskularik baino parte hartu izan ez arren, izena 13 inguruk emoten eben.
Txistua joten Julen Bilbao igorreztarra izango da, IX. edizinoa irabazi ebana eta epaimahaian beste igorreztar bat: Iratxe Salcedo. Aurreskulari askorik ez izan arren, lan gatxa izango dabe epaimahaikoak, Igorren beti sano maila oneko jantzariak aurkezten dira eta.

Bizkaiko jantzariak
Aurtengo bederatzi aurreskulari horreen artean, lau neska dagoz, inoz baino gehiago. Aspaldi ez dala, aurreskua mutil eta gizonak baino ez eben jantzatzen eta holan zan  Igorreko lehiaketan, hasikera baten. Neskak 2007an, seigarren edizinoan, hartu eben parte lehenengo aldiz. Orain, gero eta jantzari gitixiagok izena emoten daben honetan, erdia inguru neskak izango dira.
Aitatutako Portugalete, Leioa eta Igorretik aparte, Durango, Santurtzi, Barakaldo eta Bilbotik etorriko dira jantzariak. Danak Bizkaitik.

0
Erakusketea
2013/6/30
Eulalia Abaituaren argazkiak ikusgai Areatzan

Irati Urien


Arratiako bailarari lotutako irudiak hartu ebazan berbagai Maite Jimenez Euskal Museoko teknikariak bagilaren 27an, Areatzako ludotekan emondako berbaldian. "Eulalia Abaituaren bizitza eta lana" izan zan gaia, eta argazkilariaren alderdi biografikoak aitatuaz hasi zan berbaldia. Egilearen lanen edukiari errepaso bat emon jakon ostean, eta Bilboko Euskal Museoan gordetzen dan ondasunaren inguruan be egin eban berba Jimenezek. Areatzako zein inguruetako herrietako jentea hurreratu zan proiekzinora, eta interes handiagaz begiratu eben Abaituaren argazkien erakusketea, agertuten ziran persona zein parajeak ezagunak ziran askorentzat eta.  Erakusketa hau hilaren 31ra arte ikusi daiteke Areatzako Ludotekan.
Eulalia Abaituaren leku kutunetako bat Arratiako bailara zan. Bertatik, azpimarratutekoak dira gizon zaharren argazkiak. Andrak, barriz, euskal usadioetako bizidun ordezkariak zirala eta, angelu posible guztietatik erretratau ebazan. Gaur egunean bakarra eta errepetidu ezin leiteken balioa daukie irudi horreek.
Fondo moduan izara baltz bat ipinten eban argazkilariak. Beharragazko sen eta maitasun emozionala erakusten ditu argazkietan eta pertsona apal, umil eta ia beti anonimoak erakarten eutsien begiradea.
1990ean Eulalia Abaituaren irudien lehenengo aurkezpen publikoa egin zan Bilboko Euskal Museoan. Alberto Schommer argazkilaria egon zan bertan. "Begi sentikor bat da, bere herria maite dauana eta benetako reporter bat lez jardun dauana. Bere obra morfologia eta etnografia puru handikoa da; bere artea ostera, sekulako naturalidadeagaz konposatzea da" esan eban Schommerrek. Hiru dira museoan desbardindu leitekezan gaiak: bizimodu pribadua, mundu tradizional eta urbanoak, eta biajeak.

Bere gizartearen lekuko
Eulalia Abaitua familia burges baten jaio zan Bilbon eta inguratzen eutsan gizartea adierazoteko erabilten eban argazkilaritzea. Euskal Herriko lehenengo andra argazkilaria da. Bere lehenengo argazkien data zehatzik ez badago be, 1900. urtean teknika itzel kontroletan ebaneko seguridadea osoa dago. Abaituak ondo ekian zer gura eban arte honetatik. Bere materialik gustukoenak kristalezko plaka estereoskopikoak ziran eta urtekera fotografikoetara neska gazte bat eroaten eban laguntzaile moduan, oraindino anonimoa dana.

0
Musikea
2013/6/13
Musika Astea Areatzan

Hilaren 17tik 21era Areatzan Musikearen Astea antolatu dabe, perkusinoaren ingurukoa, batez be. Aste horretarako Areatzako Kirol eta Kultur Batzordeak bost kontzertu antolatu ditu, horreen artean kontzertu pedagogiko bi. Atzenengo egunean, Udalak antolatuta Arratiako Musika Eskolea ibiliko da txokoz txokoz, emonaldiak eskeintzen.
"Aste musikalaren idea, Europako Musikearen Eguna oinarritzatzat hartuz, musikea, adin eta esparru guztietara helduteko atxakia da. Kontzertu guztiak perkusinoa eukiko dabe oinarritzat" azaldu deutso begituri Asier Garcia AKKBkoak.
Perkusino biajea izango da lehenengo ekitaldia. Bagilaren 17an, goizean, Arantza Etxebarriak idatzitako istorio baten oinarritutako ipuina erabiliz, sentimentuak isladatu eta biajatzera bultzatuten dauan ipuin musikatua ikusteko aukerea egongo da, Asier Garcia eta bere perkusino instrumentuen laguntzeagaz.
Perkusino eta biola kontzertuak izango dira Mus2ka taldearen eskutik iluntzeko zortziretan hurrengo egunean, 18an. "Formato txikiko kontzertua" eskeiniko dabe "giro goxo eta intimo bat sortzeako amoz" Mus2kakoen esanetan.
Eguazten goizean, "Maddi eta Txistua" liburuaren aurkezpen musikatua ikusteko aukerea egongo da. Idoia Kareagaren liburua atxakia moduan hartuta txistuaren inguruko kontzertu pedagogikoa eskeiniko dabe Areatzan.
Arrastiko zortziretan, barriz, "urtean zehar jorratutako zineforum zikloari amaierea emoteko, Buster 4tet jazz laukoteak Buster Keatonen The cameraman pelikuleari musika zuzenean ipiniko deutso, beren beregi Areatzarako konposaturiko musikea. Honegaz lehen pelikulak zelan ikusi eta entzuten ziran irudikatu gura dogu" Garciak azaldutakoaren arabera. Eta arrastiko zortziretan Bilboko Orkestra Sinfonikoko perkusionistak etorriko dira kontzertua emotera. Udal aretoan izango da kontzertua.
Musikearen Asteari amaierea emoteko, Arratiako Musika Eskoleak, herriko txoko desbardinetan emonaldiak eskeiniko ditu 19:00etatik aurrera.

0
Danerik
2013/6/5
Dimako hamasei ermitatik pasauko dira ibiltariak

Hilaren 8an, Dimako Udalak antolatutako Ermiten Ibilaldian parte hartzean daben ibiltariak hamasei ermitatik pasauko dira. Sasoi betean egon behar da ibilbide hau egiteko, ibilbide bakarra dago eta, 31 km.koa.
Ibiltariak goizeko 07:00etan batuko dira Dimako plazan eta ibilbidean topauko diran ermitak honeexek dira: San Roke, Olazabalen; San Migel Txiki; Madalena, Lamindaon; San Inazio; San Blas; San Fresku, Indusin; San Lontzo, Baltzolan; Santa Apolonia, Bargondian; Santa Mañe; San Antolin, Oban; San Bizente, Artaunen; Santa Ageda, Bikarregin; San Millan, Biteriñon; Santiago; San Balendin eta Piedadean amaituko da ibilbidea.

0
Bertsolaritzea
2013/5/27
Urteroko zitea Iturriaga eta Maiagaz Diman

Hamar urte inguru daroez Luis Prieto Lagun Taldekoak bertso bazkaria antolatzen.


Hamar urteotan bertso bazkaria ezezik hamaika ekintza egon dira, pelota partiduak, herri kirolak, umeentzako jolasak, kontzertuak... "mila ekintza eta mila amets" dinoe Lagun Taldekoak.
"Lehenengo bazkariaren helburua herriko kultur ekintzak berbiztea izan zan, horren gogoz genbizan bai bertso eskolakoak bai Luis Prieto Lagun Taldeko kideak, hori dala eta bertso bazkaria alkarregaz antolatutea ebatzi genduan" dino Ibon Izak.
"Hasikerako urteetan jente piloa batu ginan, baina oraindino be 170 persona inguru batzean gara eta hori Dima moduko herri batentzat ikaragarria da, ia etorkizunean be holantxe izaten dan!" dino Izak.
Saioa bagilaren 1ean izango da. Goizean umeentzat puzgarriak egongo dira, eta beste hainbeste sorpresa. 14:00etan bertso-bazkaria egongo da. Dimako Udala, guraso alkartea, eskolea, Luis Prieto Lagun Taldea eta bertso eskolakoen artean antolatu dabe, talde ugari helburu bardin baten atzean "guk, guretik eta guretzat".
Sarrerak 12 eurotan erosi ahal izango dira, bazkideak 10 eta umeak 5 euro, Dimako Jentilzubi Herriko Tabernan eta Igorreko Gau Lora tabernan.
Bertso bazkariko bertsolariak hamar urtean hiru izan dira. Aurten Jon Maia eta Unai Iturriaga izango dira, baina urte batzutan Amets Arzallus be etorri da. Azken honek urte baten esku pelotako desafioan be parte hartu eban.

0
Danerik
2013/5/21
Erakusketea eta antzezlana

"Ilusio-aleak" erakusketearen aurkezpena maiatzaren 4an izan zan. Bertan jokoak, musikea, te dastaketea eta abar egon ziran. Euskal Herriko Saharar Gazteen Alkarteak antolatu dau eta Sahara eta Euskal Herriaren arteko hartu-emona indartzea eta Saharako kanpamentuetan dagozanen egoerea erakustea dauka helburu. Erakusketea maiatzaren 29ra arte zabalik egongo da Igorreko Kultur Etxeko Lasarte Aretoan.
Maiatzaren 31n ostera Etxean goxo umeentzako txotxongilo ikuskizuna egongo da arrastiko 17:30ean Kultur Etxean.

0
Danerik
2013/5/19
Palestinaztarren exodoaren gorazarre egingo da

Arabierazko nakba berbeak hondamendi esan gura dau eta 1948ko arabiar eta israeldarren arteko gerrearen ondorioz, etxea galdu eta exodoan iges egin behar izan eben errefujiadu palestinarrai egiten deutso erreferentzia. Lemoako Karabie Gaztetxean, Nakbaren oroimen ekitaldia antolatu dabe maiatzaren 23rako. Egun horretan, bandera igoerea eta bideo emonaldia egingo dabe. Cinco cámaras rotas pelikulea ikusi ahal izango da eta "brigadista baten parte hartzea" egongo da ondorengo berbaldian.
Cinco cámaras rotas (Emad Burnat eta Guy Davidi, 2011) filmak arabiar eta israeldarren arteko gatazkea kontetan dauan saritutako filma da. 2012ko IDFA festibaleko epaimahaiaren sari berezia eta publikoaren saria jaso zituan, baita Sundance-ko festibalean zuzendari onenari saria.
Bere laugarren umea jaiotakoan Emad-ek kamara bat erosten dau eta bost urtez, gatazka hau grabetan dau: erresistzentziaren burrukea, armada israeldarraren errepresinoa, eta abar.

0
Danerik
2013/5/15
Zinea, jantzea eta kirola Areatzan

Kultura eta kirol eskeintza oparoa prestatu dabe maiatzerako Area- tzan, Udalak, bertako alkarteak eta herritarrak. Holan, eskeintza kulturalari jagokonean, Areatzako Kirol eta Kultur Batzordeak, esaterako, xake ikastaroa dauka martxan eta maiatzeko eguen guztietan daukie eskolea Udal Aretoan. Alkarte honek hilaren 16rako, zineforuma antolatu dau. Cantando bajo la lluvia izango da aukeratutako filma, honen gaineko berbaldia Jose Angel Rebolledo, EHUko irakasleak bideratuko dau.
Beste film bat be ikusteko aukerea egongo da Areatzan, Emakume Foroak Historia de un secreto, haurdunaldi etetearen gaia jorra- tzen dauan filma ekarriko dau eta. Emonaldia, hilaren 21ean, arrastiko zazpiretan izango da Udal Aretoan.
Jantzazaleak Euskal jantzak praktikau ahal izango dabez eguazten guztietan, zortziretan, udaletxeko ispilu gelan. Gura dauanak hartu ahal dau parte, bere maila edozein izanda be. "Ez da irakasle profesionalik egongo, ez da dirua ordaindu behar, ezta izena emon be. Bakarrik bertara joan eta jan- tzan egin" dinoe antolatzaileak.

Patinaje ikastaroa
Kirol eskeintzari jagokonean, AKKBk patinaje ikastaroa antolatu dau hilaren 22rako. Herriko frontoian izango da eta arrastiko seiretan daukie zitea umeak, eta zazpiretan nagusiak.
Lamino Mendi taldeak Orisolera urtekerea prestatu dau hilaren 19rako. Umeakaz egiteko aproposa dala dinoe. Urtekerea 09:30ean eleiz portikutik izango da.

0
Danerik
2013/5/8
Black&Baltz jaialdia Lemoako Karabie Gaztetxean

Lemoako Gazte Asanbladeak, Igorreko Astrapalea Musika Elkarteak lagunduta, musika baltzaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu. Honegaz lotuta, Mandauli Irrati Librea izenpean, Arratian aspaldi jaiotako ekimena gogora ekarri eta irrati barri eta libre bat sortuko da, "behintzat, egun batez".
Jardunaldi honeek helburu bi daukiez. "Bata, gaur egungo musika estiloak Amerikan izandako kulturen nahastean daukiela jatorria ezagutarazotea, eta bestea, parte-hartze herrikoia bultzatuko dituen ekintzak aurkeztea" antolatzaileen esanetan.
Programazinoa maiatzaren 10ean, barikuan, hasiko da. EuskalHerriko irrati libre desbardinen kideak izango dira hizlari, euren esperientzia azaltzeko irrati sortze tailer baten bitartez. Gau aldera, musika baltzaren istorioa kontauko dauan kontzertu berezia izango da: musikariak, jantzariak zein hizlariak nahastuko dituan ikuskizuna, hain zuzen be. Gero Arratiako musikariak bildu gura dituan jam-sessiona egingo da. Zapaturako, barriz, egun osoko jaialdia antolatu dabe Gaztetxekoak. Goizean zehar Igitieko baserritarren merkadu agroekologikoa izango da, Arratiako eragile sozialak egindako zuzeneko irratsaioagaz batera. Hau, gazte asanbladearen blogaren bitartez zuzenean entzun ahal izango da. Eguerdian bazkari herrikoia, perkusino afrikarraz girotuta. Arrastian, herriko kaleak New Orleans-eko doinuakaz beteko dira, Broken Brothers Brass Bandaren eskutik. Festak musika baltza joten daben Bizkaiko taldeakaz segiduko dau: Materia Gris, Priscilla Band eta The Cisco Kids.

0
Danerik
2013/5/2
Errotarik errota, naturea eta kulturea buztartuz

Jon Urutxurtu


Maiatzaren 5erako prestatu dabe Joko Alai eta Ipizki Taldeak 2013ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten zortzigarren edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileak adierazo dabenez helburuak hasikerako berberak dira: "alde batetik, herritarrai zein kanpotik hurreratzen diran bisitariai Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; eta bestetik, Zeanuriren historian errotak izan daben garrantzia ezagutarazotea". Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan —Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea eukiko dabe.

Ibilbide bi: luzea eta laburra
Ibilbide bi prestatu dabez, bata luzea, 18 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 12 kilometrokoa.
Urtekerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan (izen emotea 08:30ean, 3 euro); plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileak. Urtegia atzean itxi bezain laster Barrengoerrota topauko dabe, Beretxikorta errekatxoaren ertzean. Agarre izeneko baserrien ingurutik aurrera eginaz, Undurraga auzunera jaitsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeako; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenak kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutsie bideari, oraingoan beste aldetik. Presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana bananduko dau Gastronomia Cantabricak. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik  igaro ostean, azken kilometroa betetzen hasiko dira; helmuga baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa —Pujana familiak zaharberritua—, eta bisitetako aukerea izango da, ate batetik sartuz eta bestetik atereaz, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.
Ibilbidea amaitzerakoan, 18 kilometro eroango dabez oinetan ibiltariak, baina ziur ziteari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gain, udabarrian naturak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukerea izango dabe eta.
Informazino gehiago www.ipizki.com helbidean edo telefono honeetan 653 016 117 eta 94 673 92 87.

0
Antzerkia
2013/4/30
Antzezlan bi Igorren

Huts Teatro Konpainiaren Publikoari gorroto antzezlana ikusteko aukerea egongo da maiatzaren 11n 20:00etan. Bazkideentzat doban izango da, besteak 6 euro ordaindu beharko dabez.
Xabier Mendiguren Elizegik 1985ean idatzi eban testua. Antzezlan ezohiko bezain ausart honek XIII. Donostia Antzerki Saria irabazi dau eta antzerkiari buruzko hausnarketearen funtsa izatea azpimarratu dau epaimahaiak. "Antzerkiaren gaineko hainbat kontu aztertzen dauz, besteak beste, ikuslearen eta aktorearen rolen analisia eta antzerkiak gizartean daukan zeregina". Manex Fuchsek zuzenduta, aktore amorratu baten rola beteko dau Lipusek eta antzezlana ikustera joan diran ikusle biak (Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu) eszenalekura igon eta torturatu egingo dauz.
Maiatzaren 3an ostera, Txalo Produkzioak-en eskutik Jon beldurgabea umeentzako antzezlana egongo da arrastiko 18:00etan. "Jon gazteak ez daki bildurra zer dan, beraz, bere aitak aholku zentzuduna emon deutso, behin eta barriro zer ote dan azaltzen saiatu ostean: goxo-goxo bizi dan etxea itxita, bildurraren bila abiatzea" dino sipnosiak.

0
Musikea
2013/4/28
Diskoa barria atera dau Eskean Kristö taldeak

Eskean Kristö taldeak maketa barria atera dau. Sei kanta daukaz: Zaztamar, Iguana, Kontrolik, Dead man, Kolkoa bete diru, eta Arratietik rock&rolla. Abesti danak 70. hamarkadako rock&roll sasoia ekarten dabe gogora. Ezelango lotsa barik eta modu gordinean, dana emoten dabe bai diskoan eta bai zuzenekoetan. Maketak salgai dagoz betiko tabernetan eta kontzertuetan be erosi ahal izango dira. Maiatzak 3an Laudioko Drumgorri aretoan, 11n Dimako Gaztetxean, eta 25ean Gopegin joko dabe.

Gaztea Maketa Lehiaketea
XXII. Maketa Lehiaketan parte hartu dau taldeak. Orain dala gitxira arte boto eske ibili ziran; izan be, lehenengoakandik boto gitxira egozan. Bigarren postu horregaz aprilaren 26an Bilborock-en egin zan finalera pasau ziran baina han ez eben irabazterik lortu. Garailea Zarautzeko Skasti taldea izan zan.

0
Danerik
2013/4/25
Eric Bertran, Fenix 1123 filmaren protagonistea Areatzan

2004an, Eric Bertran 14 urteko mutikoak Harry Potter eta Fenixaren ordena istorioan oinarritutako webgunea sortu eban katalanerea defendatzeko eta supermerkadu kate handi bateri etiketak katalaneraz ipinteko eskaerea bidali eutsan. Gau baten,  Terrorismoaren aurkako Madrilgo brigadaren hogeta hamar bat guardia zibil familiako etxean sartu, eta informatikako terrorismo delitua leporatu eutsien Eric Bertraneri. Benetako gertakari hau kontetan dau Fenix 1123 filmak eta aprilaren 26an, arrastiko 19:30ean ikusteko aukerea dago Areatzako Udal Aretoan. Historia honen protagonistea, Eric Bertran bera be egongo da bertan eta filma hasi aurretik eta amaitutakoan beragaz berba egiteko aukerea izango dabe hurreratzen diranak. Areatzako Udalak antolatu dau ekitaldi hau.

0
Antzerkia
2013/4/17
The Full Monty eta Gauerdian antzezlanak Lasarte Aretoan

Hilaren 20an eta 27an antzezlan bi taularatuko dabez Igorreko Kultur Etxean. Arrastiko 20:00etan izango dira antzezlanok.


Berrizko Txintxaun Kolektiboaren eskutik ikusi ahal izango da The Full Monty (gazteleraz) film ingelesaren adaptazinoa. Komedia dramatiko honetan, langabeziaren arazoa eta egoera ekonomiko larrian dagozanen arazoak islatzen dira. "Antzezlanaren protagonistak langabezian dagozan 6 langile dira, duintasuna berreskuratzeko ibilbidean dagozan 6 langile. Andoni Ruizek hartuko dau protagonistearen rola, Gasparrena. Gasparrek semea ikusteko eskubidea galduko dau pensinoa ordaintzeko lana lortzean ez dauan bitartean. Honen aurrean, strip-tease ikuskizun bat sortzea otuko jako, egoera berean dagozan 5 lagunegaz batera" dino sinopsiak. Andoni Ruizegaz batera, Joseba Romero, Aitor Aresti, Fore Pérez, Aitor Berrio, Aitor Pareja, Sardo Irisarri, Alicia Otxoa, Izar Narbaiza eta Maite López aktoreak ibiliko dira. Koreografiak Nerea Osésenak dira.


Tanttaka Teatroaren Gauerdian antzezlana 27an
Aurreko asteko The Full Monty antzezlanaren hurrengo astegoienean helduko da Gauerdian antzezlana. "Bikotekideak itxi ostean hartuemon egonkor bat izateko amorratzen dagoan abogadu gaztea da Helena. Bob topauko dau, negozio susmagarrietatik bizi dan artista frustraua. Sekulako mozkorraldia proposatuko deutso Helenak, eta ohean amaituko dabe. Hurrengo egunean, zein bere zereginetara bueltauko da, baina sanjuanetako magiak barriro alkartuko ditu, eta, astegoien surrealista, atsegina eta poetikoa biziko dabe" dino sinopsiak.
Iker Galartza eta Itziar Atienza aktoreak dira komedia "samur eta dibertigarri" honetako protagonistak.
Bazkideak sei euro ordaindu beharko dabez ikuskizunok ikusteko, besteok zortzi euro.

0
Danerik
2013/4/16
Edurne Brouard Areatzan izango da

Areatzako Emakume Foroak antolatuta Edurne Brouard eta Mariposas en el hierro, Bertha Gaztelumendik zuzendutako dokumentaleko beste protagonista batzuk izango dira Areatzan hilaren 19an, arrastiko zazpiretan Udal Aretoan. Dokumentala ikusteko eta protagonistakaz berba egiteko aukerea izango dabe bertaratzen diranak.
Dokumental honetan Euskal Herriko andra batzuek bizi izandako biolentziaren testigantzea emoten dabe. Indarkeria matxistearen biktimak, ETAren biktimak, GALen biktimak, emakume etorkinak, etxe-kaleratzea jasan dabenak, biolentzia ekonomikoaren biktimak... agertzen dira dokumentalean.

0
Danerik
2013/4/16
Autodeterminazino eskubidearen inguruko dokumentala Arantzazun

Hilaren 19an arrastiko 19:00etan Arantzazuko Bilduren eskutik Gazta zati bat dokumentalaren emonaldia izango da Arantzazuko erabilera anitzeko lokaletan, autobus geralekuaren ostean. Dokumental hau, Nazioen Mundua proiektuaren barruan dago.
Nazioen Mundua "autodeterminazino eskubidearen aldeko Goierriko ekimena da". Gazta zati bat dokumentalak mobimentu hau ezagutzera emon gura dau.
"Jon Maiaren gidaritzapean, ebazteko eskubidearen inguruan aurrera atera eta euskal gatazkearen gaia modu barritzailean aurkezten dauan filma da hau. Angel Oiarbide, ekimen honetako kidea be egongo da Arantzazun. Honek, Nazioen Mundua proiektua eta dokumentalaren gora-beherak azalduko ditu" Arantzazuko Bilduk jakitera emon dauanaren arabera.
Dokumentalaren ostean, gaiaren gaineko mahai-ingurua egongo da.

0
Antzerkia
2013/4/9
Zertarako Hegoak Berria egunkariaren 10. urteurrenean

Igorreko Kultur Etxean, aprilaren 13aren arrastiko 20:00etan, Zertarako hegoak antzezlana antzeztuko dau Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Persona bakotxak bere inguruan eragiteko daukan podereaz egiten dau berba antzezlan honek. Sarrerak eskuratzeko Berria egunkariko webgunera, Gau Lora tabernara edo Igorreko Kultur Etxera jo daiteke. Sarreren prezioa 10 eurokoa da, Berrialagunentzat edo harpidedunentzat, barriz, 5 eurokoa.
Bagilaren 21ean Berria egunkariak hamar urte betetzen ditu eta honen harira Euskal Herri osotik hainbat ikuskizun antolatu ditu, tartean Igorren ikusteko aukerea izango dogun antzezlana. Urteurrena dala eta, "Hamarnaka kontatzekoak gara" leloa aukeratu dabe. "Urteak kontau egiten diralako eta gertatuak be kontau egiten diralako".

0
Danerik
2013/4/5
Euskera Planerako logo lehiaketea Lemoan

Lemoako Udalak Euskararen Plan Estrategikoa 2013-2017 prozesuaren irudia diseinetako eta prozesuari izena emoteko lehiaketea antolatu dau. Partaideak gehienez diseinu bi aurkeztu ahal izango ditue hilaren 30era arte, Udal Arreta Zerbitzuan (gutun-azal baten sartutako CD baten) edo posta elektronikoz euskera@lemoa.net-era, mezuaren gaian "logotipo lehiaketa" ipinita.
Diseinua originala izango da eta prozesuaren izaerea islatuko dau. Izena edo leloak Lemoa berbea izan behar dau, eta izena eta irudia, biak batera aurkeztuko dira dokumentu berean, bata bestearen osagarri izanda, euskarri digitalean.
Epaimahaiaren ebatzia herriko webgunean eta aldizkarian zabalduko da maiatzean.

0
Danerik
2013/4/2
Imanol Atutxak Historias de Patxi Poteo komikia kaleratu dau

Iman Olatu ezizenagaz sinatzen dauan Imanol Atutxa zeanuriztarra ezaguna da begituren irakurleentzat. Izan be, agerkari honetan agertzen diran denpora-pasak berak sortutakoak dira. Txitean-pitean baita komikiak be. Orain komiki-liburu bat kaleratu dau.

Personajeak eskeletoak dira
Patxi eta Pantxi dira personaje nagusiak. "Hil ostean be lehengo ohiturakaz jarraituten dabe. Ardaoa gustetan jako asko Patxiri. Gaztelaniaz dago baina euskaldun batek egingo leuken gaztelanian. Umorezkoa da" kontau deutso begituri egileak.
Liburu honetan agertzen diran tira guztiak libururako eginda dagoz. "Personaje bat etorri jatan burura eta istorioak marrazten hasi nintzan. Pentsau neban 100 inguru egindakoan argitaratuko nebazala".
Edizinoa egilearena da. Historias de Patxi poteo www.pasionporloslibros.es webgunean eta Arratiako hainbat establezimentutan erosi daiteke.

0
Ikastaroa
2013/3/30
Ikastaroak Igorren

Ikasturteko atzenengo hiruhilabetekoan Kultur Etxeko ikastaroetan parte hartzeako aukerea zabalik dago. Apriletik bagilera izango dira gitxienez sei personak izena emon ezkero. Ikastarook, Tai Chi, Jantza afrikarrak, Literatura txokoa, Akrobazia aereoak, Gazteentzako laburmetraje ikastaroa, Zeramika, Argazkigintza eta Photoshop dira. Gazteentzako laburmetraje ikastaroa doban da eta besteak 30 eta 79,50 euro arteko prezioak daukiez. Kultur Etxeko bazkideak deskontuak daukiez.
Kirol eskeintza be egiten dau Igorreko Udalak eta interesdunak izena emon daikie kiroldegian Aerobic, 3. adineko gimnasia, Areto jantzak, Patinak, Jantza garaikidea, Igeriketa, Pilates edo Spinning praktiketako.

0
Danerik
2013/3/25
II. Narrazino lehiaketea Lemoan

Igaz abiatutako 18 urtetik gorakoentzako euskerazko narrazino lehiaketa honen edizinoan parte hartzeako epea zabalik dago aprilaren 23ra arte. Gaia librea da eta partaideak narrazino bakarra aurkeztu ahal dabe.
Lanen gehieneko luzeerea sei foliokoa da eta Lemoako udaletxean aurkeztu edo kultura@lemoa.net helbidera bialdu behar dira narrazinoak.


Sariak
Lau sari emongo ditu Lemoako Udalak. Lehenengo saria 250 eurokoa da, bigarrena 150ekoa eta hirugarrena 100 eurokoa. Beste bat be egongo da Lemoako bertako lanik onena sarituteko. Diploma bana be jasoko dabe irabazleak. Sariak maiatzean bananduko dira.

0
Berbalagun
2013/3/25
Berbalagunak Zeberion

Aprilean Berbalagun proiektua martxan ipiniko dabe Zeberion. Izena aprilaren 7ra arte emon daiteke udaletxean. Euskerea praktikau gura dabenak euskeraz ondo dakian bategaz ipinten ditu kontaktuan egitasmo honek, astean behin, talde txikerretan euskeraz egin daien.
Orain dala hogei bat urte, Berbalagun programea martxan hasi zan Donostiako urian. Geroztik egitasmoa hazten eta zabaltzen joan da eta Arratian be, hainbat talde dagoz.
"Ikasitakoa praktikan ipintea beharrezkoa dala ardatz hartuta, egitasmoak euskerea ikasi eta praktikau gura dauan jentea euskeraz dakien beste personakaz alkartzen ditu asteroko hitzordu baten. Antzeko zaletasunak eta interesak dituen personakaz talde txikerrak osotuko dira partaideak aukeratutako egun, ordu eta lekuan. Hori bestelako ekintzez osotuteko aukerea egongo da: ikastaroak, txangoak, emonaldiak eta abar" dino Anjela Ricok, Aiaraldeko Berbalagun dinamizatzaileak.
Proiektu hau AEK-k kudeatzen dau eta zerbitzua dobakoa da. Baldintza bakarra oinarrizko euskera maila izatea da.

0
Danerik
2013/3/18
Kultura hamabostaldiaren bigarren astean, Korrika protagonistea

Igorreko kultura hamabostaldi honetako bigarren astean Korrikak hartuko dau protagonismoa; izan be, Korrikaren inguruan hainbat ekimen kultural antolatuten dira. Holan publiko zabalari egingo diran ekintza gehienak zelan edo halango loturea daukie Korrikagaz.
Ekitaldiok Korrika bera, Ahatetxo Itsusia antzezlana eta San Josetako bertso saioa izango dira. Honeetaz gainera, Institutuko ikasleak sexualidadeari buruzko zineforuma eta kontzertuak izango ditue.
Birritan pasauko da Korrika Igorretik eta Institutuko ikasleak eta beste herritar askok parte hartuko dabe geure hizkuntza eta kulturearen aldarria dan lasterketa honetan. Eskolako Guraso alkarteak, umeentzako eskulan tailerrak eta jokoak be antolatuko ditu.


San Josetako bertsoak
Korrika kulturalaren barruan sartu dabe aurten Igorreko San Josetako bertso saioa. Martiaren 23an izango da 19:00etan eta Andoni Egaña, Miren Amuriza, Jon Maia eta Iker Zubeldiak kantauko dabez bertsoak Lasarte Aretoan.

0
Antzerkia
2013/3/13
Itxurearen gaineko antzezlana Igorren

Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, Txalo Produkzioak Pottola antzezlana eskeiniko dau Igorreko Kultur Etxean martiaren 17an, 20:00etan. Lur Kortak, Aitor Fernandinok, Joseba Usabiagak edo Egoitz Sanchezek eta Ainhoa Garaik emongo deutsee bizia personajeai. Antzezlan hau, martiaren 8aren programazinoaren barruan sartzean da.
"Gorka gizon arrakastatsua da. Elenagaz maitemindu da guztiz, andra adimentsu, atsegina eta sensuala da eta; gainera dibertigarria da eta behar baino 30 bat kilo gehiago ditu. Elenagaz harremanetan hasi dala jakitean, bere lagunak Alex eta Blanca zirika hasi jakoz, Elenaren gaineko eretxi krudelak tarteko. Esandako horreek eragin itzela daukie Gorkarengan" dino sinopsiak.

0
Danerik
2013/3/12
Zortzi film labur Areatzan

Laburbira film laburren zirkuitua Areatzara helduko da, martiaren 15ean, 20:00etan, Udaleko Aretora. Martiaren 29ra arte, Euskal Herriko 20 herritan izango da Laburbira. Gurean, Igorrera be ailegauko da martiaren 29an Laburbiraren hamargarren edizinoa eta Ganoraz Euskera Taldeak Areatzako Udaleko Euskera Batzordea eta Igorreko Udalaren laguntzeagaz antolatu ditu emonaldiok. Londresen eta Parisen be antolatu dira.
Laburbira Topagunea Euskera Elkarteen Federazioak ipini dau martxan euskera alkarteekaz alkarlanean, "Euskerazko ikus-entzunezko produkzinoa ezagutarazo eta herrietako kultur eskeintzea aberastea" da ekimenaren helburua, Topagunekoak adierazo dabeneran arabera.
2011 eta 2012an sortutako zortzi film labur eskeiniko dira, eta ordu eta laurden inguruko emonaldia izango da. "Sormena, dokumentala, fikzinoa zein animazinoa buztartzen dituen ikus-entzunezkoak eukiko doguz", dinoe antolatzaileak. Pelikulen zuzendariai jagokienez, ibilbide luzeko egileen eta sortzaile barrien lanak tartekatu ditu Laburbirak.
Zortzi film honeek proiektauko dira: Beerbug (Ander Mendia), Berriro igo nauzu (Carlos Rodriguez), Desentxufatuak (Bernues anaiak), Deus et machina (Koldo Almandoz), Elkartea (Kote Camacho), Hamaiketakoa (Telmo Esnal), Oinaze egoitzak (Oihan Amezua, Karlos Ibarbia, Netzer Bereziartua, Asier Sustaeta) eta Tortila (Iñigo Lopez).

0
Erakusketea
2013/3/1
Argazki erakusketea Igorren

Zuri-baltza nagusi izango da Igorreko Kultur Etxean martiaren 1etik 26ra arte egongo dan argazki erakusketan. "Emakumea eta kirola" izeneko erakusketa honetan, andrak 1975. urte inguruan egindako kirolaren erretratuak jasoten dira. Gizartean, andrak gogor lan eginda lortu dabe euren espazioa, eta kirolean be holantxe izan da. Antolatzaileen arabera, "erakusketa honek iraganaren isla gozoa izan gura dau, topaleku atsegina oroitzapenak bizteko".

0
Antzerkia
2013/2/27
Bertsolaritzea eta antzerkia buztartzen dituan lana Igorren

Korrika Kulturalaren programazinoaren barruan, Balitzen hioa izeneko ikuskizuna ikusteko aukerea dago martiaren 2an arrastiko 20:00etan.


Antzerkia eta bertsolaritzea nahasten ditu lan honek. "Gai bardin baten inguruan lau bertsolari idazten ipini doguz. Bakotxa bere aldetik. Guk testu horreek hartu eta Balitzen hioa osotu dogu. Hitzen balioa topau gura genduan... eta hizkiak lekuz mobidu jakuz" azaldu dabe Begirada taldekoak.
Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi dira testuak egin dabezan bertsolariak, librean, baina ardatz bakarraren bueltan: hitzen balioa. Eta idazki horreek dira Balitzen hioa izeneko antzezlanaren oinarria.
Eszenalekuan Esti Curiel, Leire Ugarte eta Hodei Unzueta izango dira, Ainhoa Alberdiren zuzendaritzapean.



Euskerazko arte eszenikoak bultzatzen
Euskal kultura bultzatzea eta euskerea gizartearen esparru guztietara eroatea beti izan dirala euren helburuak dinoe AEK-koak. "AEKren konpromisoa hamaika egitasmo eta ekitalditan gauzatu da orain arte eta horreetako bat da Korrika Kulturala be". Izan be, AEKren ustez, "egokia eta bidezkoa da Korrikari esker lortzean diran diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez dakarren baina gizarte-onura bilatzen daben ekimenetan inbertidutea. Ondorioz, euskerazko arte eszenikoak bultzatu, euskal sortzaile barriai bidea egin eta Korrika Kulturalean zein bestelako kultur ekimenetan jentaurrean aurkeztu daitekezan lanak sortuten lagundutea dauka helburu Korrika Kulturalak".

1
Danerik
2013/2/26
Areatzako gazteak txotx!

Areatzako Laminetxe Gaztetxekoak Hernaniko Altzueta sagardotegira urtekerea antolatu dabe martiaren 2rako. Izena emoteko azken eguna zezeilaren 28a da.
Beti oso ondo pasetan dabenez, urtero antolatuten dabe sagardotegirako urtekerea sasoi honetan "Gaztetxea 2007an sortu zan eta harrezkerotik utero joaten gara. Baita sortu aurretik be. Izan be, orduan, koadrila batzuk alkartuta joaten ginan sagardotegira" azaldu deutsie BEGITUri Laminetxekoak.
Bazkaria bakarrik ez dabe egingo Areatzakoak Hernanin. Bazkalostean, herritik bueltatxo bat egiteko aukerea be izango dabe.

0
Irakurle Kluba
2013/2/25
Karlos Linazasoro, "Bertan goxo" Bedian

Bediako Irakurle Klubak Karlos Linazasoro idazlea konbidau dau zezeileko sesinora, idatzi dauan atzenengo liburuaren gainean berba egiteko. Hilaren 27an izango da topaketea, arrastiko 19:00etan, liburutegian.
Linazasoro (Tolosa, 1962) karrera luzeko euskal idazlea da; hainbat eta hainbat liburu argitaratu dauz genero guztietan: poema-liburuak, haurrentzako ipuinak, narrazinoak edota nobelak. Sari ugari jasotakoa be bada: Ignacio Aldekoa Saria, Donostia Hiria edota 2001eko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria.
Azken lana, Bertan goxo (Elkar, 2012), ipuin luze edo nobela labur lez klasifikau lei, bertan umore absurdoa nagusitzen da, bere obra gehienetan lez. Liburuak ume baten ikuspegitik kontetan dauz aitaren enterradore-negozioaren gorabeherak.
Irakurle Klubak hile birik baten antolatzen dau euskal literaturako idazle bategaz saioa. Dobaneko ekitaldiak dira eta irakurzaleak aukera daukie idazleagaz berba egiteko eta aurkezten dauan liburuaren gaineko itaunak egiteko. Saioak Julen Gabiria herriko idazleak bideratzen dauz.

0
Bertsolaritzea
2013/2/25
Herrirak bertso-afaria Artean

Arteako Herrirak presoen aldeko bertso-afaria antolatu dau martiaren 1erako. Afaria gaueko 21:00etan izango da ludotekan. Horren aurretik arrastiko 19:00etatik aurrera trikitilari eta pandero joleakaz herritik triki-poteoa egingo da. Bertsolariak, Ekaitz Larrazabal "Katxo", Fredi Paia eta Gorka Ostolaza "Potxis" izango dira eta gai jartzaile beharretan Irati Astondoa ibiliko da.
Afaria "herriko eta inguruko benetako produktu ekologikoakaz egindakoa izango da, ardaua naparra izango da, baina hau be ekologikoa" dinoe antolakuntzakoak. Langabetuak 15 eta besteak 20 euroan erosi ahal izango dabez txartelak Igorreko Axular Herriko Tabernan eta Artea Herriko Bentan. "Arratiarrak saio honetara animau gura doguz" dinoe.

0
Danerik
2013/2/13
Zen filosofiaren gaineko berbaldia eta ikastaroak

Hilaren 16an, Areatzako udaletxean "Nutrizinoa eta elikadurearen zergaitia" titulupeko berbaldi bat emongo dau Zen filosofia lantzean dauan mediku batek. Ostean, Zen meditazinoa, hau da erlajazinoa, egiten irakatsiko dabe antolatzaileak. Zen meditazino taldeak hiru eguneko ikastaroak egingo ditu martian Areatzan.
Hamabost urte dira 30-40 persona inguruko Zen meditazino talde bat batzean dala Lamindaon. Lamindao Ama Birjina Alkartea izenagaz erregistrauta dagozala dino Juantxu Zabala partaideak. "Leku lasai baten bila gengozan eta inguru hau zoragarria iruditu jakun" dino Zabalak.

Zen filosofia
Zen "bizitzaren konzientzia da, meditazinoan oinarrituten da eta arnasketa konszientea erabilten dau nerbio-sistemea hobetuteko. Ikastaroetan, 7 "txakra" edo energia puntuetan oinarritutako teknika bat irakasten da nork bere buruari lagunduteko" dinoe taldekoak.
Zabalaren arabera, teknika hau sano lagungarria da gaixotasun larri edo eta bizitzako momentu latzenai aurre egiteko. "Meditazinoak nerbio-sistemearen oreka dakar eta elikadura sano inportantea da minbizi kasuetan, organismoa berregituratzeko".
"Horrek ez dau esan gura, medikuntzaren ordezkoa danik. Botikak beharrezkoak dira, baina meditazinoak sendatzen lagunduten dau" dino Begoña Etxebarria taldekoak.
Gaixoak eskatzen dauanean, ospitaleetatik be ibilten dira taldekoak energia puntuak akitbetan.

0
Danerik
2013/2/12
Igaztik artea zenbat hazi dan neurtuko dabe Zeanurin, Eleizondon

Piedadeko artearen neurketearen 54. urteurrena betetzen da aurten.


Aurten be San Balendin jaiak ospatuko dira Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen iguruan, zezeilaren 17an, domekan.
Egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondoztarrak: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen aktea sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, Sebastian Gortazarrek, datorren urtekoari, Mª Luisa Emaldiri, agiri-liburua eta ermitearen gil- tzea pasauko deutsaz. Ondoren, barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— bananduko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien doinuen eta bertsolarien kantuen artean burutuko dira.
Egitarau honetan aitagarria da orain dala 54 urte eleizondoztarrak hasi eben ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.


Artearen neurketea
Sebastian Gortazar, aurtengo maiordomoaren —emitearen eta jaiaren gorabeherak antola- tzeaz arduratzen dana— arabera, "Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoak. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —gonbit egunean— batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz... artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Eta neurtu ostean,  jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren kuadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak aurkitu doguz; lehenengo neurketea 1959koa da, eta zera irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18. Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak egin eban 1999an; papeltxo baten zera idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50".
Aurrekoak hasitako ohiturea ez dabe galtzean itxi gura eleizondoztarrak, eta maiordomoak dinoanez, "2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz gainera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idaz- kariak sinatuz".
Igaz hartutako neurria honako hau izan zan: 180 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran.

0
Zinea
2013/2/10
Hal Hartley, zezeileko zine klubean

Igorreko zine klubak Hal Hartley zinema zuzendariaren gaineko zikloa antolatu dau zezeilerako. Hilaren hiru eguenetan (14, 21 eta 28), egile iparramerikarraren lanak ikusteko aukerea eskeiniko da. Emonaldiak Kultur Etxean izango dira arrastiko 20:00etan hasita.
"Zinema independientea" etiketapean sartzean da New York-eko egile hau, kritikearen eretxiz. Hartleyren lanak zirkuitu komertzialetan ezagunak ez badira be, sari eta aitamen ugari jaso dabez, besteak beste, Sundance edota Cannes-eko zinemaldietan. Aitatutekoa da zuzendari izateaz aparte, gidoilaria, produktorea eta soinu banden konpositorea be badala berak sinatutako pelikula gehienetan.
Lehenengo egunean emongo dan lana Flirt (1995) izango da. Abiapuntu bera hartuta, New York, Berlin eta Tokion girotutako hiru istorio laburren barri emoten deusku bertan.
Bigarren saioko Henry Fool (1997) filmak sormena eta personon ezkutuko bizitza moduko gaiak lantzean dauz. Film honegaz Cannes-eko gidoi onenaren saria irabazi eban.
Zine klubeko azken saioan, The Girl from Monday (2005) emongo da. Lan horregaz zientzia-fikzinoaren generora egindako hurbilketa berezi bat osotu dau Hartleyk.

0
Erakusketea
2013/2/3
Hemisferioak erakusketea Igorreko Kultur Etxean

Zezeilaren 5etik 27ra, Ines Medinaren Hemisferioak erakusketea egongo da Igorreko Kultur Etxeko Erakusketa Aretoan. Ines Medina sano ezaguna da Arratian, Igorren emoten dituan Prozesu Sortzaile Plastikoen gaineko mintegiak dirala eta, baina bere obrea ez da hain ezaguna, nahiz eta hau ez izan Igorren egindako bere lehenengo erakusketea. Izan be, 2009an Panpin Erreak erakusketea egon zan.
Oraingo Hemisferios erakusketan, Ines Medinak ohi baino formato txikiagoko lanak erakusten ditu. Oso jarrera intimoa erakusten daben lan preziaduak dira eta eduki indartsua daukie. Erakusketa honen helburua Medina momentu horretantxe biziten, sentiduten edo errealidadearen parteren batetik sumatzen dauana adierazotea da.

0
Ikastaroa
2013/1/17
Ikasteko aukera barriak urte barrian

Udal ikastaroen programazinoa ikasturtera begira egiten bada be, badagoz ikastaro batzuk urte osoa hartzean ez dabenak, eta hileon edo hurrengo hileetan hasiko diranak. Holan, Lemoako Udalak hiru ikastaro eskeintzen ditu: Sukaldaritza sakontzen, Photoshop eta Zoru pelbikoa indartzea. Bediak Risoterapia, Defentsa personala, Patinajea eta Elikagai manipulatzailea. Igorren, be aukerea dago hainbat ikastaro egiteko urtailetik martira. Areatzan biojantza, eta Zeanurin sabel jantza eta Diman bizikleta tailerra, beste batzuen artean. Gustu guztiak asebetetzeko moduko aukerea, duda barik.


Aukera zabala Igorren
Gazteentzako laburmetraje ikastaroa doban da eta Literatur txokoa doban daukie Lasarte Aretoko bazkideak. Beste ikastaroen prezioak 30 eurotik 105 bitartera doaz eta bazkideak % 15a gitxiago ordainduko dabe. Tai Chi, Jantza afrikarrak, Literatura txokoa, Akrobazia aereoak umeentzat, Gazteentzako laburmetraje ikastaroa, Prozesu sortzaile plastikoak, Zeramika, Argazkigintza eta Photoshop egin daitekez Igorren urtailetik aurrera.
Argazkigintzan maila biko ikastaroak eskeintzen ditu Udalak: hasikera maila eta sakontzen. Umeentzako akrobazia aereoak ikastaroan be, talde bi dagoz; batek eskolak martitzenetan izango ditu eta besteak eguenetan. Prozesu sortzaile plastikoen bigarren taldea, barriz, hilaren 12an hasi zan. Lehenengo taldearen lanen erakusketea Igorreko Erakusketa Aretoan dago ikusgai zezeilaren 2ra arte.


Bedian martian hasiko dira ikastarook
Lau ikastaro eskeintzen ditu Bediako Udalak baina honeek egiteko apur bat etxon beharko da, martian hasiko dira eta. Prezioak 15 eta 100 euro bitartean dagoz. Risoterapia ikastaroa martiaren 4tik maiatzaren 27ra arte izango da astelehenetan 19:30etik 20:30era eskoletan. Defensa personala be eskoletan izango da eguaztenetan 19:00etatik 20:00etara, martiaren 6tik maiatzaren 29ra. Rollers patinajea, martiaren 2tik maiatzaren 25era, zapatuetan izango da frontoian. Azkenik, Elikagai manipulatzaile ikastaroak zapatu bi hartuko ditu, martiaren 16a eta 23a, hain zuzen be eta liburutegian izango da.


Sukaldaritza sakontzen eta Photoshop Lemoan
Lemoan, Sukaldaritza sakontzen eta Photoshop ikastaroak zezeiletik aprilera egiteko aukerea egongo da eta izena emoteko epea hilaren 18ra arte da. Prezioak 30 euro eta 80 euro bitartean dagoz.
Sukaldaritza ikastaroa eguenetan izango da 19:00etatik 22:00etara eskolako jantokiko sukaldean. Photoshop, martitzenetan 19:00etatik 21:30era Jubiladuen Etxean.
Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, martian hasi eta maiatzean amaituko da. Hau kiroldegian izango da astelehenetan 19:00etatik 20:30era eta izena zezeilaren 4tik 15era emon daiteke.


Diman Eskulanak eta Pilates
Urtailean hasi dira Eskulanak, Pilates eta Yoga ikastaro barriak Diman, baina lekua badagoala eta jentea apuntau daitekela oraindino emon dabe jakitera Udal iturriak. Eskulan ikastaroa martitzenetan izaten da goizez. Pilates, barrriz, astelehen eta egueztenetan 19:00etatik 20:00etara eta Yoga eguenetan goizeko 10:45etik 11:30era.
Urtailaren 19an eta 26an, frutuarbolen inausketea eta elikadura tailerra izango da. Gai honeen alde teorikoa 19an eta praktikoa 26an landuko dira.
Hilaren 26an be, Ciclofficina, bizikleta tailerra goizeko 10:00etan hasi eta gaueko 21:00etan amaituko da. Goizean bizikletearen mantenimentua eta arrastian tailerra izango dira.


Biojantza Areatzan eta sabel jantza Zeanurin
Aurreko biojantza ikastaroan parte hartu eben andrak hala eskatuta, beste ikastaro bat antolatu dabe Areatzan urtailetik aprilera arte. Udaleko bardintasun arloak diruz lagundu dau eta martitzenetan izango da 18:30etik 20:30era.
Zeanurin urtailaren 9an hasi zan sabel jantza ikastaroa Kultur Etxean. Eguaztenetan izaten da ikastaro hau.

0
Danerik
2013/1/5
"Zaindu gure lurra. Marroia erabili" lehiaketea

Hondakin organikoak jasoteko, edukiontzi marroia erabilten jentea animetako eta "gazteen parte hartzea bultzatzeko" Arratiako Udalen Mankomunitateak lehiaketa bat ipini dau abian. Lehen Hezkuntzakoak marrazketa eta idazlan lehiaketak izango ditue, Bigarren Hezkuntzakoak, barriz, argazki eta tweet lehiaketetan hartu ahal dabe parte. Irabazleak, guztira, 12 tablet jasoko ditue.
Lehen Hezkuntzako kategorian marrazketa zein idazlana aurkeztu leitekez. Gure eskualdeko ingurumena hartuko dabe gai nagusitzat eta hondakinen gaia edo bosgarren edukiontziagaz hartu-emon zuzena daukienak modu positiboan balorauko dira. Idazlanai jagokienean, edozein generotakoak izan daitekez: poesia, narrazinoa, ipuina, artikulua, eta abar.
Lanok arratia21.arratia@bizkaia.org helbidera bialdu behar dira.

Argazkiak eta tweet-ak
Hamabi eta hamazazpi urte bitartekoak argazki edo tweet lehiaketetan hartu ahal dabe parte. Aurkeztutako argazkiak bosgarren edukiontziagaz harreman zuzena euki behar dabe eta arratia21.arratia@bizkaia.org helbidera bialdu behar dira.
Tweet lehiaketak hondakin organikoak birzikletearen abantailak azpimarratzen dituan eta herritarrak bere erabilerara bultzatuko dituan leloa sortutea dauka helburu. Tweeta @Arratiatruke helbidera bidali behar da, #5ontzia hastag-a ipinita.

0
Kontzertuak
2012/12/28
Bandearen kontzertua Areatzan urtea amaituteko

Abenduaren 30ean, Areatzako Bandak urteari amaierea emongo deutso 19:30ean Areatzako Eleizan emongo dauan kontzertuagaz. Urtero lez, ezuste dibertigarriak, umorea eta solidaridadeak beren lekua izango dabe musikea baino gehiago eskeintzen dauan kontzertu honetan. Edade guztietako billaroztarrak batzean dira egun honetan, erroparik onenak jantzita, urte zaharrarari agur esateko, Vienan urte barriari egiten jakon legez.

0
Danerik
2012/12/24
Zeanurik Sabin Intxaurraga gogoratuko dau

Sabin Intxaurragaren heriotzearen bigarren urteurrenerako hainbat ekitaldi prestatu dabez Zeanurin bere oroimenez. Abenduaren 27an, izango da omenaldia eta goizean mendian, eguerdian jubiladuen tabernan eta arrastian Kultur Etxean izango dira ekitaldiok.
Goizeko 11:00etan, Algortan, Gorbeian, txistulariak eta txalapartariak jo eta agurra egin ostean, Intxaurraga zanaren lagunak pasadizoak kontauko dabez eta kopautxoa egongo da bertaratuten diranentzat. Gero, herri bazkaria jubiladuen tabernan eta arrastian "Memoria eraikiz" izenpeko ekitalditxoa. Lehenengotik literatur lehiaketearen sari banaketea egongo da eta ondoren, Zamorako apaiz kartzela liburuaren aurkezpena eta kokapen historikoa. Horretan, Martin Orbe, Joseba Zabala eta Julen Kaltzada lekukoak lagunduko dabe.

0
Danerik
2012/12/17
Gazteen intereseko ekitaldi eta topaketak

Gazte Topaketak 2012 izenagaz Igorreko Udalak gazteen intereseko ikastaroak, mintegiak, lehiaketea, zineforuma eta jaiak antolatu ditu. Lokal Egunagaz hasi ziran topaketok eta hilaren 29an Igorre Urban jaia, kaleko kulturen festibala izango da. Ekintza guztiak doban dira eta izena Igorreko Kultur Etxean emon behar da. Hiru ekintza baino gehiagotan parte hartzean dabenen artean ipad bat zozketatuko da.
Zirku ikastaroak, etxebizitza eta enplegu prestakuntzearen gaineko mintegiak, gidatze arduratsu eta film laburren ikastaroak, sexualidadearen gaineko zineforumak, film laburren lehiaketeak eta Urban jaiak osotuten dabe topaketa honeek.


Kaleko kulturen festibala
Abenduaren 29an izango da egun osoko jai hau. Bertan, skate tailerrak eta semiprofesionalen lehiaketea, graffity tailerrak eta profesionalen erakustaldia eta breakdance erakustaldiak egongo dira. Kontzertuak be ez dira faltauko eta Igorren Pablo Hasel, Norte Apache eta Fenomenos de la Naturaleza egongo dira beste batzuen artean.

0
Danerik
2012/12/17
Caritasen tonbolea Igorren

Kongo eta Perun dagozan Igorreko misinolariai laguntza emoteko Gabonetako tonbolea antolatu dau Arratiako Caritasek Andra Mari liburudenda zan lokalean, Agirre Lehendakaria kalean. Goizez eta arrastiz egon da zabalik hilaren 14tik 16ra eta 21etik 23ra be zabalik egongo da goiz eta arrastiz. Arrastiz bakarrik egongo da hilaren 17tik 20ra. Goizeko ordutegia 10:30etik 13:30era da eta arrastikoa 16:30etik 20:00etara.

0
Kontzertuak
2012/12/13
Al amanecer seguir Soņando Doctor Deseoren eskutik

Hilaren 15ean, gaueko 21:30ean egongo da Doctor Deseo talde bilboztarra Igorreko Kultur Etxean. Ez dau aurkezpenik behar pop-rock talde honek. Hogei urte baino gehiagoko ibilbidea eta 13 disko eta ehunka kontzertu eskeini ditue Bilbokoak. Euren kantuakaz hunkitu dira jarraitzaileak, gazteak maitemindu, punkiak jantza lotuan ibili... Francis Diezen poesiaz kargautako berbak entzuteko aukera parebakoa.

0
Danerik
2012/12/11
Edade guztietako andrak egingo dabe kirola BEGITUren eskutik

BEGITUren hamar urte, hamar herri, hamaika ekintza kanpainearen barruan, abenduaren 15ean, andrazkoentzat bazkaria, ezagutza jolasak eta kirol rally-a antolatu dau begituk Bediako Udalaren laguntzeagaz frontoian. Kirolak sokatirea, txokor batzea eta ugela izango dira.
"Deialdia andrazkoai luzatu deutsegu, baina gizonezkoai ez deutseguz ateak zarratuten" dino Cristina Ruiz antolatzaileetakoak. Izan be, Zeanurin Emakumea eta Kirola mahai-inguruaren arrakasta ikusita eta gaiagaz segiduteko, Bedian kirol proba batzuk antolatutea pentsau eben Zertukoak. "Protagonismoa andrak izatea gura genduan, horregaitik luzatu jakie eurei deialdia. Andrak alkar ezagutzea eta giro onean ondo pasetea dauka helburu ekintza honek". Jokoak edade guztietako jenteak egiteko modukoak dira eta parte hartzeako Bediako liburutegian emon behar da izena hilaren 10a baino lehenago.

0
Danerik
2012/12/10
Berbalagun martxan

Abenduaren 14an abiarazoko da Arratiako Berbalaguna. Zemenditik bagilera bitartean euskaldun barriak eta euskaldun zaharrak alkartuko dituan proiektua aurkeztuko da Dimako gaztetxean. Arrastiko 19:00etan izango da eta antolatzaileak esan dabenez sorpresa bat edo beste egongo da. 2009an sortu zan Arratiako Berbalagun proiektua "euskerearen erabilera soziala bultzatzeko eta euskaldunen sarea indartu eta sendotzeko helburuagaz" dinoe arduradunak.
Berbalagun, astean gitxienez ordubete talde txikietan euskeraz berba egiteko aukerea emoten dauan proiektua da. Berba-talde txikietan bananduten dira parte hartzaileak eta taldeak berak ebazten dau zein egunetan, non eta ze ordutan alkartu. Edadea, zaletasunak eta ordutegia izaten dira taldeak osotuteko erispide nagusiak. Euskerea modu sortzaile eta dinamikoan erabilteko aukerea emoten dau eta "modu horretan euskalduntze prozesua, prozesu aspergarri eta nekeza ez izatea lortzean da".
Herri bakotxak bere Berbalaguna kudeatzen badau be, urtean zehar ekintza bateratuak egiten dira Arratiako Berbalagunakaz. Izena emoteko edo informazinoa jasoteko, Udaleko Euskera Zerbitzura deitu behar da.

0
Danerik
2012/12/3
Sabin Intxaurragari gutunak

Sabin Intxaurraga gutun lehiaketea antolatu dau Zeanuri Bizi Kultur eta Garapen Elkarteak politikari abertzalearen heriotzearen bigarren urteurrenean. Urteurrena abenduaren 27an beteten da.
Gutunon gaia Sabin Intxaurragaren bizitzagaz lotutakoak izan behar dira: abertzaletasuna, Gorbeia edo ekologia, esate baterako. Euskeraz idatzita egongo dira eta gehienezko luzeerea 2.500 karakterekoa da. Lanok zeanuribizi@gmail.com helbide elektronikora bialdu behar dira hilaren 20a baino lehenago.
Hiru kategoria egongo dira: 14 urtera arte; 15 eta 17 urte bitartekoa eta 18tik aurrerakoa.
Saria liburu elektroniko bat izango da kategoria bakotxean eta sari banaketea abenduaren 27an, arrastiko sei t’erdietan Zeanuriko Kultur Etxean.

0
Kontzertuak
2012/12/3
Urtailaren 5ean, zapatua, Karabie Gaztetxean Stankeik

Stankeik, Lemoa eta inguruko musikariak osotutako bandea da, jenteari bere kanta kutun bat kantetako aukerea emoten deutsana zuzenean. Asko dira urtean zehar Lemoako Gaztetxera joten joaten diran musika taldeak, baina bat bera be ez holangoa, hau "guk guretzat egindakoa da eta!" dinoe Karabiekoak. Autogestinoa eta irudimena oinarritzat hartuta, kantea aukeratu, musikariai pasau, ensaioak... eta oholtzara!!
Aurten indarbarrituta datoz "gure artistak" eta danetariko kantak entzuteko aukerea izango da, kanta lasaiak, akustikoak, ska ikutu bategaz jentea jantzan ipiniko dabezanak, rock gogorra... sorpresaz beteta egongo dan gaua izango da!

0
Danerik
2012/12/2
Gabonetan lehiaketa ugari

Udalak herritarrren kolaborazinoa erabilten dabe Gabonak zorionduteko postalak edo egutegiak egiteko.


Hori dala eta, marrazki, argazki eta beste lehiaketa asko antolatuten dira. Holan, Bediako Udalak herritarren postalen bitartez zorionduko ditu Gabonak eta Areatzakoak argazki lehiaketa bat antolatu dau 2013 urteko egutegia egiteko.

Areatzako Argazki Lehiaketea
Areatzako lehiaketan Arratiako edozein adinetako herritarrak hartu daikie parte. Argazkien gaia Areatzako arkitekturea izango da eta gehienez hiru argazki bialdu ahal dira personako abenduaren 17a baino lehen areatzakoudala.areatza@bizkaia.org helbide elektronikora. Argazkirik onenakaz 2013ko egutegia egin eta salgai ipiniko da. Argazkirik onenak izango dauan saria, Aldamin jatetxean persona birentzako bazkaria izango da. Sari banaketea abenduaren 28an izango da Areatzako plazan


Bedian aukeratu ditue postalak
Iraia Lekue, Maialen Gil eta Marije Etxebarriaren marrazkiakaz ilustrautako postalen bitartez zorionduko dauz Gabonak eta Urte Barria Bediako Udalak. Izan be, eurak irabazi dabe Udal Liburutegiak antolatutako Gabonetako Postalen Lehiaketea.
Lehiaketara aurkeztutako marrazkien erakusketea ikusgai dago liburutegian abenduaren 12ra arte.


Lemoako Gabonetako Marrazki lehiaketea
Lemoako umeak Haurrentzako Gabonetako VII. Marrazki Lehiaketan hartu ahal dabe parte. Lanak "Gabonak" gaia izango dabe eta abenduaren 5a arte entregau daitekez ludotekan. Sari banaketea abenduaren 13an, 18:30ean ludotekan izango da.


Lemoako Gabonetako Haur eta Gazteen Ipuin lehiaketea zabalik
Lemoako haur eta gazteen Gabonetako ipuin lehiaketa hamabigarren edizinora heldu da aurten. Lemoan bizi edo ikasten daben 18 urte baino gitxiagokoak hartu daikie parte eta lanak urtailaren 25era arte entregau daitekez Udal Liburutegian.
Sari banaketea 2013ko zezeilaren 21ean izango da, arrastiko 18:30ean, ludotekan. Saria material didaktikoa izango da eta parte-hartzaile guztiak diploma bana jasoko dabe. Saritutako ipuinak liburu baten eta Udaleko webgunean argitaratuko dira.


 

0